Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak 2

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/05/11 09:20
Gizakia IV: Zoriona, Norbera non

IV

Zoriona

Zer den

* Bizitzaren helburua zoriontasuna dela esatea zer da?, hain ezberdina baita bakoitzarentzat zoriontasuna bai iritzi, bai bizipen bai sentipenez.

* Krimena iruditzen zaio ezkorrari mundu akitu batean zoriontsu izatea.

* Kosta ala kosta, bizitzera behartuta gaudenez, bizi-behar hori bizio bihurtzea da zoriona.

* Besteenganako gutxiestea adierazten du maiteago izateko zer galdetzeak.

* Noiz hasi ote zen gizakia gosea, hotza, nekea  mingarriak, okerrak, direla kontzienteki ikasten eta jabetzen, zeren ohiko eta egunerokotzat hartzen eta pairatzen baititugu guk ere.

* Ohartu zarenerako joan da zoriona, hain da iheskorra.

* Ez da nahikoa helburua hurbil dagoela uste hutsa zoriona erdiesteko, zoriona azken pausoraino landu behar da, abian egon behar da datorrenerako.

* Gauza txikietan datza zoriona, baina ez dakigu txikitasun horiek ez ikusten ez gozatzen.

*  Zorion inkontzientea ez ote zorionik zoriontsuena.

* Ez dago etenik gabeko zorionik, ez oinazerik ere. Zorionaren etetea da zigorra eta oinazea etetea zoriona.

*  Denbora bera ere biderkatu egiten du zorionak.

 

Non

* “Miseria badugu, baina dolurik ez”, kubatarren esaldia: daukagunera jartzean datza gehienetan dolurik ezaren sekretua, zer galdurik ez dugunean ere.

* Aroak aldatuz doaz naturan bezala gizartea zein gizaki bakoitzean ere.  Eramangarriagoa egiten zaio bizitzea ikuspegi zabal orokorra duenari.

* Naturaren mirarietako bat da gizakiaren bilakaera barnean pentsamenduari hitza eta hitzari idazkia ematea, horrek damaie liluragarritasuna kobazuloetako marrazkiei.

* Bakoitzak bere niaren berri egiazkoa edukitzea, eta berarekin zintzoa izatean datza zoriontasunaren koska.

* Mundua zeurea dela baino, mundua zeu zarela sentitzea da zorion unea.

* Non dago zoriontasuna?, ez beti baretasunean.

* Oinazea bezala, zoriona ere etorri egiten zaigu, baina egia da norberak jartzen diola neurria, gertakizun berak zorion maila ezberdina damaio pertsona bakoitzari.

* Zorion uneak  zein atsekabeak eten bat dakarkio bizitzaren egunerokoari, errutinari, asperdurari, monotoniari. Bai zoriona, bai atsekabea, monotonoak dira  etenik ez dutenean.

* Batzuk egon alferrean dute plazera, beste batzuk dena planifikatu eta planifikatutakoa gauzatzean dute bere segurtasuna:  plazeraren oinarria.

 

Nor zoriontsu

* Oso gutxi dira gizakiaren premiak, baina gauzez aberats nahi dugu izan, hortik dator gizakiaren zorigaitza.

* Gozoa edo biguna izan daiteke infernua, zingira bezala; asko dira zingira honetan bizi nahi dutenak.

* Oso gutxik ikasten du asebetetzen duen ikasgaia, eta egiten duen ikasketak ez du asebetetzen ofizio edo ogibide bihurtzen zaiolako.

* Bada eskuzabal jaiotzea zori-kontua baino ez dela dionik, eta hein batean hala delakoan nago; gizarte estruktura honek ertzeraino eramaten du, egoera tragikoa izatera bihurtuz gero.

* Hire buruari zenbat eta ahazteko baimen gehien eman, orduan eta xarma gehiago izanen dun.

* Haurtzaro orok uzten omen oinazeren bat, haurtzaro zoriontsua soilik gogoratzen dutenei ere.

* Bizipoz gutxi du bere burua, akats guztiekin ere, onartzen ez duenak.

* Erabat mugatua da gizakiaren zorion eremua, bertanegi du ezintasunek eragindako zorionaren muga, oinazeak jasateko bakoitzaren ertza, aldiz, ez dugu ezagutzen, pobreziarena eta torturarena tartean.

* Ez dago zoriontsu izateko adin aproposik, une batzuk soilik.

* “... ondo bizitzearen kontzientzia areago etorri ohi baita okerrago dabiltzanak ikustetik, norbere ongizatetik baino”. Askoren gaitza, inozoen kontsolamendua.

* Zorionaren zati on bat du daukadanarekin eta denarekin ados dagoenak.

 

Zertzeladak

* Egin diren hautuen dolu izan behar omen, baina sarriagoa da egin ez diren hautuen dolu egitea.

* Beti bilatzen du gizakiak ezer ezaren aringarriren bat.

* Txundigarria eta edergarria izan behar du edertasunak, barruan egin behar du eztanda.

* Ezkortasunaren ataria da tristura

* Gutxi iraun ohi du harro sentiarazten duen zergatiak, epe laburra ohi du zorionak.

* Ez da ohitzen bat sufritzera, gozatzera bai ohitzen da, aspertu ere egiten da gizakia gozamen errepikatu luzeekin. Kontrastearengatik agian, gehiago gozatzen da sufrimenduaren ondoren.

* Ez da egunik igarotzen gorputzak une batez plazerik izan gabe.

* Ametsa izatera heltzen ez diren ideia lausoak ez dira gozagarriak.

 

 

Norbera nor

* Bere ingurunera egokitzen ez dakiena beti izanen da arlotea.

*  Norberak uste baino eragin handiagoa dute besteek bakoitzarengan.

* Ez garen irudia eman ohi dugu, baina azkenerako garena ikusten dute.

* Gehienetan ez dugu usten duguna esaten, besteek esandakoa errepikatzen dugu.

* Identitate kontzienteak egiten gaitu nor.

* Medioetan dira pertsonaia, pertsona asko; kalean eta lagunartean, diren bezalakoak, arruntak, dira gehienak.

* Bere soroa baino ez du bizi bakoitzak

* Bakoitzak bere begirada dauka, baina gehienetan ez dakigu ondo barneratzen.

* Bakoitzak bere espazioa zaindu behar du, inor sartu ez  dadin, bere nortasuna lapurtu ez diezaioten.

* Norberarekiko kritikotasunaren arabera garatzen da bakoitzaren nortasuna.

* Estualdiak erakusten du bakoitzaren izaera: izutu, kikildu, indargetu egiten dira batzuk, azkartu, bizkortu, buruargitu, nortarragotu beste batzuk.

* Ikasketak baino inguruak zizelatzen du nortasuna.

* Bakoitzak dugu geure izaera propio geurea, egunerokotasunak zizelatuta.

* Erlijioan bezala, politikan eta edozertan fededun izan behar da ziur sentitu eta jokatzeko.

 

Zertzeladak

* Bakoitzak egiten du itsaso zabala edo laku meharra bizitza.

* Tentsio sexualik ez duenak izanen du beste tentsiorik, gizakiak berea baitu tentsioz bizitzea.

* Konplexuren bat du protagonista izan nahi duenak.

* Zenbait trago txar irentsi beharra dago bizitzan, guztiz gizatiar izateko.

* Aldarte hotzean agian gauzak zuzenago eginen dira, baina egin beharrekoak berandu egin edo egin gabe uzteko arriskua du. Odol beroak badu gauzak oker egiteko arriskua, baina  baita bere bentaja ere, bete egiten direla betebeharrekoak hain perfektuki ez bada ere.

* Ia denera egokitzen gara, ahal da gaixo egon eta ongi sentitzea.

* Bere kontzientzia da bakoitza, eta bakoitza da kontzientziak sortarazten dizkion sentipenekin gizarte harremanen sorburu eta jasaile.

* Nortasuna galtzean galtzen dira ere kezka, bizipoza eta gauzekiko interesa.

etiketak: Burutapenak 2
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.