Burutapenak 2
Egia
Zer den
* Ezinezkoa da gaurko gizartean egiaren eta gezurraren mugak ezagutzea. Gertaera makroetan ere.
* Egi bihurtzen da mila aldiz esandako gezurra.
* Harrigarria da nolako miresmen eta liluraz hitz egiten den gehienetan ezagutzen ez den zerbaitez.
* “Egia arratoi bat bezala da, errepide bazterrean hila”. Gehienetan.
* Ertz ezberdin asko ditu edozein egiak.
* Batzuetan egia izan daitezke azalpenik absurdoenak.
* Jakin behar du gizakiak, nahiz garratza, egia dastatzen, bestela errari ibiliko da bizitzan.
* Ez dago egiarik, egi netorik behintzat. Egi oro dago gezurren batekin trabeskatua, kutsatuta, baldintzatuta geratzeraino.
* Ezpata mingarria ohi da sarri egia.
* Egiak beti dira mingarri. Nahiaren kontrakoak direnean, beti. Aldeko egiak eurak ere susmagarriak dira beti, denak direlako baldintzatuak.
Gezurra
* Salatu egiten du gezurrak, eta lotsagarri uzten du gezurtia.
* Zein erraz engainatzen dugun geure burua edo ahalegintzen garan engainatzen, sasi arrazoia direla jakinez. Engainu horietan oinarritzen dira porrot gehienak.
* Ibilbide laburra du gezurrarekin egia ukatu edo zuritzeak.
* Egia ez diren gezurrek kentzen diote sinesgarritasuna pertsona bati.
Non
* Dena da deszifratu ezin dugun hieroglifiko bat, beti uzten baitugu, edo geratzen baitzaigu, tiraka jarraitzeko hari-muturren bat.
* Ageriko gauzak ikusezin bihurtzen zaizkigunean bihurtzen gara itsu, nahiz begiak sano zabalik.
* Egia beti dago norberagan, erlatiboa da.
* Distantziak ez dakar egirik, oreka bat soilik.
* Ia inoiz ez da izaten egia bilakatze bidean pentsatuz gauzatutakorik, ametsak baitira ia ideia gehienak.
* Egia ez da gezurra, baina egia ere ez. Ez dago egiarik. Egia uste dugun dena dago kutsatua, oharpen adina egia dago.
* Itxura eta egia inoiz ez datoz bat.
Nork
* Sarri izan ohi da izan gezurra gizakiaren pedagogoa.
* Ezinezkoa da noren erruz okertu diren gauzak jakitea, alde biak izaten baitute errua edo eragina.
* Bakoitzak dugu gure baitako toles ezkutuenean ukitzen ez dugun zerbait berezi.
Isilpekoak
* Pertsona baten sekretua jakitean, bahituta geratzen zaizu, bere kartzelari baitzina.
* Beti dira kaltegarriak isilpekoak, sekretuak.
Zertzeladak
* Zein gutxi fidatzekoak diren literatura gehiegi daukaten gaiak, edo tertulianoek irrati-telebista saioetan etenik gabe errepikatzen dituztenak.
* Min egin dezake zintzotasun hutsak, hor datza egiaren kontraesan bat.
* Besteak entzun nahi dutena esatea izan ohi da amarrurik ohikoena.
* Egia isiltzea gezurra bezain engainagarria izan daiteke.
* Ez da beti esan behar egin den guztia.
* Sarri ez dakigu egia jakiteak ze zama dakarren, berandu da ohartzen garenerako.
* Batzuetan gezurrak egiak baino min gehiago egiten omen du: epe laburrean agian bai, luzera ez.
* Agurrak bihotzean soilik dute egia aitortzen.
* Gorrarentzat, soinurik ez.
* Ondo etortzen da, gauden lekuan gaudenekin gaudela, tarteka, goitik begiratzen jakitea.
* Badira uneak bizitzan noiz gauzak askoz argiago ikusten direla.
Jakituria
Zer den
* Oso zientzia zaila da denbora galtzen jakitea.
* Zer da edukazioa edo gizabidea?: besteenganako errespetua.
* Armonia ez ezik, sentimendu oro da zaila kudeatzen.
* Ezer ez dakienarentzat dena da ikasgai; guti dakienarentzat dena zientzia.
* Bi errealitate ezberdinak dira jakitea eta jakina bizitzea; jakituria antzua da bizitzak ehoa ez denean; horrek egiten du teorikoen eta oinezkoen jakituriaren dibortzioa.
* Jakituria ez da transmititzen, ikasi egin behar da, egunerokoan hesiz eskuratu.
* Itxarotea ikasi beharreko ikasgaia eta bertutea da.
* Datorrena datorren bezala bizitzea oso gutxik duen jakituria da.
* Konprenitu ez arren zerbait onartzea jakituriaren atal bat da.
* Gorde beharrekoak zaintzen jakin, jakituriaren ataletariko bat.
* Pertsonaren senik onuragarrienak denbora behar du umotu eta fruitua emateko. Lehen unean egin behar dira zenbait gauza; beste batzuk denbora behar dute: denbora tarte horiez jabetzean datza jakituria.
* “Antza denez, fisikak senide gogaikarri batek bezala, erantzun guzti-guztiak dakizki”. “Fisikak, zientzia orok bezala, galdera berriak sortu besterik ez du egiten”.
* Espiritua atertu gabe galdetzea da kulturan mugitzea.
Nor jakintsu
* Sekula baino informazio gehiago dugu munduaz, baina inoiz bano gutxiago ezagutzen dugu.
* Edozein adinaro da desegokia zerotik hasteko; gainera ez da behin ere zerotik hasten, aurretiko bizitakoak ere hor daude, eragina dute; jaioberriengan ere gurasoen aurre-bizitzak baldintzatzen du haurraren geroa.
* Moteldu egiten omen gehiegi ikasteak; ezjakin izateak, aldiz, esklabo bihurtzen du.
* Nondik datorren baino nora joan nahi den jakitea da garrantzitsuagoa.
* Lan pila bizkarreratuko du ezetz esaten ez dakienak, ezetz esateko gaitasuna duenak, aldiz, lan pila ezarriko bestearen bizkarrean. Zientzia da ezetz bere neurrian esaten jakitea, agian berezko gaitasun bat.
* Okerretik ikasten dakiena egiten da jakintsu.
* Egia da gizon gehientsuenek dituztela hizkuntza muga batzuk harreman espiritualei buruz hitz egiteko, baino hizkuntza mugak baino barne hustasuna delakoan nago zailtasun nagusia.
* Printzipiorik ez duena ez dela ezer esan ohi da, “printzipiorik gabekoa” esan ohi da erdeinu bezala, baina ez da printzipiorik gabeko inor, denok ditugu printzipioak, bakoitzak bereak, arazoa ez da printzipiorik eza, ze printzipio dugun baino, eta adostasunik ezak ekartzen du besteari printzipiorik eza aurpegiratzea.
Zertzeladak
* Tamalgarria da norbere buruaz hitz egitea baino gai interesgarriagorik ez edukitzea.
* Okerbidekoa da literatura eta zientzia arau moralez epaitzea.
* Kritika da askoren ekarpen bakarra: ibilera herrena deritzot.
* Ikasleengandik ikastea omen irakaslearen eginbidea: hala behar luke.
* Uneko gorabeherak orokorrean kokatzeko gaitasuna duenak, zertzeladak osotasunean ikusten dakienak, akats eta hanka-sartze asko saihestuko ditu.
* Indar erakustaldia da Historia guztia, hala dira historia txikiak ere.
* Beharrezkoa da goitikako ikuspegi eta begirada, ikuspegi zabal orokor bat, bizitzaren eta gizartearen kontzeptu osatu bat izateko, baina aldi berea ikuspegi zabal horrek xehetasunera hurreratzea eskatzen du gizartearen aniztasuna eta aberastasunari buruz kontzientzia izateko.
* Isiltasuna da pentsamenduak harilkatzeko lagungarri eragileena. Nola nahi ideien argitasuna litzake beste osagai ezinbestekoa.
* Gizakiak ez du bere egunerokotik harago askorik ikasten.
* Kultura beti da azkena interesen lehentasunetan, politiko eta agintarienetan ez ezik, herriarenetan ere.