Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak 2

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/04/27 09:38
Gizakia II: Babesgabetua - Euskarriak - Beste mundu bat

 

II

Babesgabetua

 

Ahuleziak

* Animalietan, izakietan ere, babesgabetuena da, agian, gizakia. Horregatik dabil babes bila beti.

* Noiz egin ote zuen negar lehen aldiz gizakiak!.

* Munduan toki bila ibili ohi da jende bat, baina tokatu zaion tokia onartzea beste aukerarik ez zaie gelditzen gehienei.

* Misantropiara bultzatzen du sarri gaixotasunak.

* Beti gaude norbaiten zain, zerbaiten esperoan edo beharrean.

* Ahuleziaren paradigma da gizakia.

* Animalia zalantzakorra da gizakia, beti zerbait nahian baina zer hori zein den ez dakiela. Zoroen antzera.

* Ikaskuntza programa gaietan hezten gaituzte, baina gizaki izaten ez. Bakardadean eta norbere kasa, esperientziaz, egin ohi ditu gizakiak bizitzako ikasketak, eta erdibidean geratu ohi da.

* Garatze fisikoa eta barne garatzearen arteko tartea erabateko zabala da.

* Egia da gizon gehienek ez dakitela emakume gabe bizitzen.

* Adinean aurrera, emakumeen zirtoen aurrean heldulekurik gabe aurkitzen dena, berdin sentituko zen gaztaroan ere.

* Norberaren ahulezia adierazten du turista atzerritarrei arreta gehiago jartzeak.

* Ez du merezi goibel egotea, baina goibeltasunak bere hatzaparretan hartzen zaituenean zaila da bere itzala saihestea.

* Ahaztu nahi genituzke hainbat gauza, baina hor diraute, betirako iraun ere.

* Zaila da kezkarik gabe bizitzea inguruan hainbeste gehiegikeria  dituzunean.

* Pertsona tolesgabea beti da pertsona xarmanta, baina erabilia eta menpekoa izan ohi da beti,  azpijokoa darabilen azeria izan ohi da garaile.

 

Beldurra

* Izaki bizidun oro bezala, gizakia beti izan da ezin babesgabekoagoa,  horregatik garatu zaio beldurrerako sen endemikoa.

* Beldurrak ez du ezer onik, baina beldur gara, beti zerbaiten beldur edo kezkaz.

* Norberak, gizarteak edo gizarteko eragileek sortarazten dituzte mamuak, elikatu ere. Elikatzen ditugun heinean bizi dira sortzaileok.

* Itomena da gainditzen zaigun beldurra, ahal guztien herioa.

* Beldurra, traizioen iturri nagusienetako bat.

* Zentzugabeak dira beldur gehienak, baina aldi berean, ekidinezinak.

* Oso handia eta indartsua, edo koldar hutsa, izan behar du pertsonak beldur izateko.

* Gizakiaren betiko apopiloa da beldurra.

* Pertsona orok du bere beldur partikularra.

* Denak baino izan daitekeenak beldurtzen du gizakia.

 

Patua

* Dado-jokaldi bat da patua.

* Halabeharra da zoria, ezin zaio ihes egin, aurka ere ez.

 

Gabeziak

* Atzaparrak behar dira bizitzeko, baina ahulak dira azkazalik gabeko atzamarrak.

* Asko dira azken irakurri entzun edo ikusitakoez soilik hitz egiten dutenak, bere uzta propiorik ez balute bezala.

* Zenbat menpekotasun eta zaletasun aitortu gabeko ditugun bakoitzak!.

* Ze gutxirekin, ia ezerezekin, kontsolatzen da ezer ez duena, edo apur hori ere ez duena.

* Desorekaz bizi da esperantza norberarengandik kanpo duena.

* Batzuk txikitatik bihurtzen dira ingurukoen bufoi, beste batzuk, aldiz, ikusezin.

* Inoren iritzietan babestea beti izan da tranpa egiteko modua.

* Besteek bestea buztina bezala moldatzea da gizarteko gaitzetako bat.

* Leku batean bizi eta bertako sentitu ez, gaitz usuenetarikoa, nahiz norbera jabetu ere ez.

* Jaten ez du ikasi behar gizakiak, baina jana irabazten bai ikasi behar du.

* Gizakia ezin da bere buruaz fida, hain dira hauskorrak bere bertuteak.

* Norbere ahuleziak, hutsuneak, eta ezinak ezkutatzeko joera oso berea du gizakiak.

* Ez pentsatzeko hezitako gizartea da gurea. Gainera pentsatzeak ez dakar dirurik. Pribilegiatu batzuek soilik pentsatzen dute, beraientzat edo besteentzat, eta horiek bai ateratzen die etekina pentsatzeari.

 

Zertzeladak

* Beti da erronka gaztaroa, baina ez beti ez subertsiboa ez heroikoa ere.

* Norbere burua da gure etsairik nagusiena

* Aberats bihurtzen da pobrea galeretan, dena galtzen denean.

* Min mota gutxi batzuk soilik ezagutu eta esperimentatu ditugu bakoitzak, gizakiak hainbat, ia infinitua baita min aukeren zerrenda.

* Hizkuntzatik alde egin duena da benetako alderrai edo atzerritarra.

* Ilun ohi da barnea negarti gaudenean, dena zabor bilakatzen zaigula bizipena nagusitzen zaigun unea da.

* Agian disfrutatzeko gaitasuna duena zaurgarriagoa da, baina, benetan zaurgarria, minez dagoena da.

* Zehatz zer izanen den ez jakitea da goitik datorrenaren desabantaila nagusia, eskuartekoa gutxienez ezagutzen dugu.

* Erbesteratuak dirudi turista askok aberria gogarazten dietenean.

 

 

Euskarriak

 

Heldulekuak

* Zenbat eta ze ezberdin totem ditugun gizakiok, zenbait irudi ezberdin zizelatzen dugun gure arimaren hormetan, salbabide izango zaizkigulakoan.

* Gizakia korazaz babesten da bizitzan: etxea, familia, lagunak, autoa, taberna, kirola… beti dago parapeto baten atzean, lubaki batetan gordeta.

* Osagaiak izan daitezke bikotearen gustu ezberdinak.

* Adorea da bizitzeko araua, beti gogor eutsi beharreko zerbait.

* Beti dabil euskarri baten bila gizakia, bere jainkotxoaren bila, maiuskulaz idatziko du fededunak, minuskulaz ateoak.

* Bakoitzak du bere txoko gordea bere baitan, ihes edo gordeleku zaiona, non aske, seguru eta gustura sentitzen den bertan biltzen denean. Beharrezkoa du gizakiak ahalmen eta aukera hori, errealitatetik erabat baztertzea ez badakar.

* Gizaki orok ohi du bere babesleku sekretua, bakoitzak berea. Besteengandik babesteko izan ohi da gehienetan, norbera seguruago sentitzeko, hor sentitzen da nolabait aske. Liburuan, ibilia, baratza…

* Denok dugu gertakizun edo bizipen bereziren bat, sarri ugari, bizitzan, eta horri heltzen diogu bai lagunarteko harremanetan, baita gure barneko jardunean ere.

* Pertsona bakoitzak baditu bere une bereziak, amarru propioak ere, zeinetan garunak ohikoan baino gardenago aritzen diren.

* Lasaitu egiten du gizakia negarrak, gizakiaren ahalmen eragileena da, negar egiteaz lotsatzen dena lasaibiderako aukera paregabea galduko du.

* Jostailuren bat behar dugu beti bizitzan zentratuta egoteko gizakiak, mila eratakoa izan daiteke jostailua, baina jostailu hori da euskarria, bera gabe noraezean ibiliko gara. Bizitza eta bizitzako arazoak serioak direla badiogu ere.

 

Ihesa

* Gizakiak banakako existentzia baten ameskeria izaten du tarteka, eta mendira ateratzen da paseatzera.

* Pentsamendu mailan nahi den guztia nahi den eran antolatzean datza ezinen eta ezinduen errealitateari ihesa.

* Iheska dabilen animalia da gizakia, eguneroko ezinei nola ihes egin, besterik ezean zerbait hobea amestu edo desiratuz.

* Alkohola da askoren ihesbidea.

*  Arruntasun mozorroaz ezkutatzen du bizi duen  estresa maltzurrak.

* Gorra izaten ikasi ez duenak gorriak ikusiko ditu.

* Elkarbizitza, edo eguneroko normaltasuna, ez da beti bikotearen iraupen froga edo bermea.

* Izaki soziala da gizakia, batez ere babesgabea eta ahula, horregatik bilatzen du lagunartean besteen kidetasuna eta anparoa.

* Zer gertatuko kezkak edo mina ekiditeak eramaten gaitu sarri bakardadera.

* Zenbat gauzari egiten diogun ihes, baina ez gara askeago sentitzen; zenbat gauzetara itzultzen garen, baina ez gara bueltan sentitzen.

* Unekoari aurre hartuz bizi dena ez da urrutira helduko ehun urte hartuta ere.

* Alferrikakoa da nora joan ez duenaren ihesaldia.

* Itzultzen gareneko lekua beti da berdina.

* Norabiderik gabeko bidea da norberarengandik ihesean ibiltzea.

* Lasterbideek ez dituzte arazoak konpontzen, itzulinguruka ibiltzeak ere ez. Arazoei, branka.

* Mesfidantzaren ondorioak dira itzulinguruak.

 

Zertzeladak

* Zaila  da gaur egun fedeari eustea, edozein dela ere fedea; norberarengan fedea da salbabide bakarra, eta hori bera gordetzea da agian zailena.

* Bakoitzak asmatu eta bilatu behar du bere fedea, aurkitu ez duena itsu izanen da bizitzan.

* Salbazioa ez ezik, egoismoa  da fedea bera ere, egoismoa karitatea, egoismoa errito oro, egoismoa elkartasuna… egoismoa da bizitzaren legamia, bere ezinei irtenbide bat bilatzea delako fedea.

* Ulertzeak ez du kargarik kentzen, karga eramaten laguntzen du gehienez.

* Ahaztea, gizakiak duen dohain mesedegarriena

* Ur-basoan itotzen denak ez du ibaia berenez zeharkatuko, txalupa-zaina  beharko du.

* Alkohola eta tabakoa herbaldurari eutsi eta munduan ibiltzeko makuluak dira.

* Gorputzak baino makulu askoz gehiago behar izaten ditu arimak.

 

 

Beste mundu bat

 

Ametsak

 * Zenbat amets, gehienak utopiak, isilean gordetzen ditugun lotsagatik.

* Beti jartzen diegu ordezko plan bat sentimendu ahituei. Ordezko planez bizi da gizakia.

* Zerbait berri ezberdina izatea amestu eta bilatu behar du gizakiak, izandakoa ahaztuz.

* Zenbat utopiara jaiotzen garen ume eta gaztaroan, baina errealitate gordinean hiltzen gara.

* Sarri egiten dugu gogait eremu ezagunez, eta lurralde ezezagunek eragiten digute.

* Ametsa da ezaguera bide bat, edo ezagutzaren ezaugarrietako bat, edozer egin ohi du gizakiak utopia lortzeko.

* Ametsen epela gozoagoa  da gehienetan lorpena bera baino.

* Utopiaren akuiluak eraginda bizi da gizakia, ametsek bultzatuta, horrek ematen dio jarraitzeko arrazoia eta ausardia.

* Ametsen epela gozoagoa  da gehienetan lorpena bera baino.

* Utopiaren akuiluak eraginda bizi da gizakia, ametsek bultzatuta, horrek ematen dio jarraitzeko arrazoia eta ausardia.

* Primum vivere, deinde filosofare gaztetan ikasi genuen esamoldea. Baina ez da beti horrela. Ideala duenak beste era batera borrokatzen du gabezien aurka ere.

* Ederra da beti esperoa, urduritasuna kontrolpean dugun heinean. Ametsa baita esperoa. Eta denboraz ez du zerikusirik. Bakoitzak bizi duen intentsitateak baizik.

* Sinetsi egin behar dira lehenengo ametsak egi bihurtzeko.

* Ametsean benetako gauzak eta desio ezkutuak eman daitezke, baina gezurrak ere bai.

* Ametsak, lilurak… errealitateak dira gauzatzen ez badira ere, eragiten digute, bizi ez baditugu ere, edo irudimenean bizi izan baditugu ere.

* Une laburreko samurtasuna dakarte ametsek, ondoren errealitateak jotzen gaitu bere mailuaz.

* Ametsak ez dira betetzen, une estuak arintzen dituzte soilik. Betetzen diren amets horiek posibilitate zailak besterik ez dira.

* Amets batek huts egitean, beste amets batekin kateatzen da, ezaguna zaigun  errealitateari ihes egin nahian. Ametsa beti da ihesa.

 

Esperantzak

* Errealitaterik gabeko itxaropen faltsuetan galtzea da arrisku nagusienetariko bat giza jardunean.

* Bertan ez balego bezala begiratzen dio askok munduari, mundua existituko ez balitz bezala biziz.

* Jainkoaren axolagabetasuna bizi du fededunak, eta Jainkoaren arretaren bila doa edozein dela erritoetara, ezbehar oro justifikatuz.

* Irudimenak ematen dio gizakiari mundu berri ezberdin bat sortzeko ahalmena, mundu berri hori ohi da esperantza eta iraupen-salbamena.

* Egoera hobetuko dela itxaropenak arintzen du ezbehar oro.

* Desioaren tamainan puzten dira itxaropenak.

* Kondenatuen heldulekua da esperantza.

 

Zertzeladak

* Berez ez datorren ilusioa hobe ez esnaraztea.

* Bakoitzak nahi duena ahal duen bezala adierazten dio bere buruari.

* Ez da inor beste norbaiten berdina denik, baina denok dugu idolo edo imitagarria den norbait, bere antzerakoa izan nahiko genukeena.

* Denbora-pasa bat besterik ez da edozein amets.

etiketak: Burutapenak 2
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.