Burutapenak 2
Gogoetak 2
I
Gizakia
Izan eta ukan
* Elkartuzaila dira instintua eta logika, logika instintua justifikatzen ahalegintzen bada ere.
* Eromena omen erabakia, askatasuna bezala.
* Joandakoa baino datorkiguna estimatu beharko genuke gehien, nostalgiaren ordez, itxaropena.
* Ez irabaztearekin konformatzen gara sarri, eta hori galtzea da.
*Seinale txarra da denek maitatua izatea, kontraesanean gauzatutako gizarte honetan ezin baitateke denekin ondo etorri.
* Nekagarriagoa da kontziente bizitzea.
* Geu etorri gara ala bizitzak ekarri gaitu gauden tokira edo garenera: erantzunik ez dago hitzen harago.
* Noizbehinka atzerritar sentimenduak hartzen du gure barnea gure herrian bertan.
* Egunerokoari begiratzen omen dio jendeak, egunerokoaren esklabo, egunerokoan plazera hartzen duenik ere bada, artista ere izan daiteke, sentipenez behintzat.
* Hilko garela pentsamenduak zintzoagoak izatera bultzatzen gaitu, ala abaguneak biziago probestera.
* Izaera edo aldartea, zein da erabakigarriagoa hautuetan.
* Gure barneak esaten diguna daukagu, besterik ez.
* Ezin da galdu ez daukagunik, horregatik ez dugu ezer galtzen amestuz.
* Inork ez du nahi adina, besterik dionak ere.
* Ezer ez sentitzea da sentimendurik bortitzena.
* Berez elikatzen den sentimendua da amorrua.
* Norberaren nahi pertsonalak asetzeko aitzakia da arrazoia.
* “Txepelak baino ez dira gustura egoten erdipurdian”.
* Izaeraren historiako alfabeto sekretuko hizkiak dira aurpegiko orbainak.
* Garaile harroa beti da gizajo.
* Beti ari gara autobiografia egiten, elkarrizketa arruntenean ere.
* Bere miseriak ezkutatze ahaleginean hitz egiten duenak, ahaleginaren heinen uzten ditu ageriago miseriok.
* Ez da helmugarik ez duen pertsonarik, helmugarik gabekotzat uste direnak heldu ez ziren helmuga dute buruan.
* Herriak egiten gaitu, neurri handi batean garen bezalakoak, baina geuk egiten dugu herria den bezalakoa.
* Badakit nongoa naizen, nahiz aldizka ez dakidan nongoa naizen, egon naizen leku guztietakoa naizela ere badakit.
* Badirudi gizakia ez dela inongoa, atzerri batean bizi dela beti, lurraldez baino jarreraz, zerbait ezberdin berriren baten bila baitabil beti, errari, pasoko uneko egoeran, atseden edo geltokirik gabeko ibiltaria, beti aldaketa batera joan irrikan.
* Gorputza gurea den bezainbat gara gu gorputzarena.
* Norbere buruaz segur denak ez du kezka gaindiezinik.
Zertzeladak
* Oroitzapenak espazioari eta denborari lotuago daude?, non kokatzen ditugu errazago, tokietan ala denboran?.
* Nomadak dira sentimenduak.
* Geltoki bat baino gehiago ditu bizitzan kasualitateak.
* Fikzio hutsak dira bizipenak.
* Jolas erakargarria da ahotsetik soilik ezezagunaren aurpegia eta gorpuzkera irudikatzea, irudi bat osatzen baitugu entzunez ahotsetik abiatuta.
* Beti dago norbait, edonon, edozertarako, edonolakoa… aurkitzen jakin behar.
* Gure gatza da eguna, eta gu gara egunaren gatza.
* Norbaiti begietara begira, berarekin soilik zaude.
* Sekula ez da berandu berriro gizon osoa izaten hasteko.
* Pertsona batzuk ez dute ezer uzten bere ondoren; ubera uzten dute beste batzuk: aldi baterakoa horietako gehienek, luzarorako bakar batzuk.
* Une urduri eta sarri mingarriak izaten dira, tarteka arimaren zirrikitu sakonenak, azaleratzen diren horiek.
* Besteen trapu zaharra argitzea du gogoko jendeak, inor gutxiri azaltzen dizkiogu norberarenak.
* Beldurra ematen digu barneko hutsune horrek, horregatik ahalegintzen gara estaltzen edo zerbaitekin betetzen.
* Ate bakarra duzunean irteteko, ate hori zeharkatzea besterik ez duzu; aterik ere ez dagoenean zerbait asmatu beharko duzu.
* “Etxeko sua etxeko hautsaz itzali behar dela…”: trapu zikinak etxean garbitu bera direla alegia.
* Kristau bertute bat da austeritatea. Sakrifizio kutsua du, ahalegina saihestea, konformatzea, aukerak eta baliabideak ez erabiltzea, aurreztuz bizitzea… Norberak daukanarekin moldatzea, baldintzak hobetzen saiatuz, hori da austeritatea.
Hitzak eta ekintzak
Hitzak
* Hitzek bezainbeste adierazten du sarri tonuak.
* Mezu ederrenak ere, errepikagarriegiak badira, beti aspergarriagatik antzuak.
* Ez du ezer eraginik predikuak, bizimolde aldatzeak baizik.
* Behin ere ez dakigu gure hitz eta jarrerek besteengan izanen duten erreakzioa eta eragina, beraz hobe beti egiazki eta naturaltasunez jokatu, datorrena etorriko da.
* Arriskutsuak behar dute ideia onenak, berritzaileak badira.
* Ez-hitzezko komunikazioa, isilikoa, da sarri esanahikoena.
* Sakonak izan ohi dira hitzik gabeko elkarrizketak.
* Esaldi berak esanahi ezberdinak ditu, hainbat zertzeladen arabera.
* Diskurtso erradikala eta praxi koherentea, gazteak erakartzeko bidea.
* Hitza moteldu ohi du oinazeak.
* Zenbait, eta zenbat, sentipen eta ideia hondartu, zatartu, desitxuratu eta lausotzen zaizkigun hitzez azaldu nahi ditugunean.
* Mila gauza esaten dira hitzik esan gabe.
* Gehienetan entzuleak gehiago dauka esateko hizlariak baino.
* Galdetzera ohituta dagoenak erantzunak ematen ere jakin behar du.
* Baiezko tristea da sarri ezezkoa.
* Eztabaida bera izan ohi da sarri eztabaidaren ardatz edo helburu nagusi, ez ideiak.
* Gauza, gertaera, esaera edo hitz sinpleenak dira sarri esanahi zabal eta sakonena dutenak, begiratzen edo interpretatzen jakin behar.
* Zurrumurru eta esamesen artean bizi dena, zaborrez bilduta bizi da.
* Hizkuntzaren kontrolpean ematen omen estreinako bataila.
* Solasaldietako jarioan hitzetan bildutako isiltasunak soilik erantzutea da bakardaderik etsigarriena, ezer ez dioten mintzaldiak dira isiltasun horiek.
* Esaten ditugun hitzetatik laurdenak soilik egingo bagenitu hobeto legoke gizartea eta mundua. Dioguna ondo pentsatuta esateak lekarke berbaldien urritze hori, eta dioguna zentzudunagoa izatea ere.
Ekintzak
* Ez da beti hobea gogoeta lasaia erabaki etsi bat baino, zirt-zart egin behar da sarri bizitzan.
* Libertatea gauzatzea da erabakiak hartzea.
* Norbera denaren autokontzientzia erdian kokatu, lehen baldintza lan eraginkorrerako.
* Ausardia behar da tantoa bukatzeko, defendatzaile soilak ez du lehiarik irabazten, gehienez luzatu.
* Konbikzioz jokatzen duenak garaipenaren erdia du jada.
* Amildegi ertzean eroso sentitzea, abenturaren piperra eta gatza.
* Kanpora irten eta bertan segi, aurrera egiteko legea.
* Gogokoa izan behar du lan batek bi aldiz egiteko, behartua ez bada.
* Hitz-jarioa ekintzetan mamitzen ez duenak ez du sinesgarritasunik lortuko.
* Beharrezkoa da bihotza ekimenetan nagusitzeko, baina ez da nahikoa, zangoa ere beharrezkoa da, baina zangoa erabiltzeko ezinbestekoak dira burua eta zuhurtzia.
* Jendea laguntzen diharduten heroi txikiek, hauek aldatzen dute gizartea, eta eramangarria egiten bizitza, nahiz ia inork ez dituen ezagutzen heroi bezala.
* Zer eragileen efikazia ekintzailearen edo hartzailearen fedean datza, edo ideiak garbi izatean, ekintzaileak direlako beti ideia garbiak.
* Amorrua ez da osagai onena ekintza baterako, baina beharrezkoa da amorru dosi bat epela dena ibilarazteko. Itsua eta bihozgabea bihur daiteke amorratua, baina apalegia dena ez da sekula santa mugituko. Osagai biak dira beharrezkoa, bere neurrian.
* Ahalegintzeko borondatea duena, pasako da ekintzetara, eta ekarriko du lorpenik, txikia arren.
* Barregarri gelditzeko beldur denak gogoratzeko ezer gutxi burutuko du.
* Hurrengo zereginak jarri behar die neurria lo-orduei, biharamuneko eginkizunak eskatzen dion adina lo egin behar du gizakiak, gorputzak bere atseden neurria baitu. Lo gutxiagorekin lan gehiago egin ahalko da, baina ez lan eraginkorragorik.
* Sakrifizio oro da interesatua, nolabait egoista, zerbait lortzeko egiten baita, baina ez da, besterik gabe, masokista.
* Apetitu eta desioez gain, fedea behar da edozer gauza ganoraz egiteko. Zereginaren zailtasunak ematen du fedearen zenbatekoa.
* Begirada luzekoa izan behar da eragile izateko; hurreko haize boladak eramanen ditu epe laburrera begira aritzen direnak, eragin urrian geratuko dira bere ekintzak.
* Bizitzan ezer ez da alferrikakoa, egindako denak du geroan eragina, ekintzarik txikienak ere bere arrastoa uzten du. Jabetzen ez bagara ere. Mundua eta gizartea, osotasun bat da.
* Geu salbatzen gara besteak salbatzera eginez.
* Bada sena ekintzarako abiapuntu bat, baina ez da nahiko.
* Bide zuzena zein den jakitea da katramilatsuena, errazagoak dira hurrengo pausoak, nahiz zailak izan.
* Errazagoa da sarri gauzak egitea zergatia esplikatzea baino.
* Arrazoirik eza izan daiteke zenbait gauza egiteko arrazoia.
Zertzeladak
* Izaera edo aldartea, zein da erabakigarriagoa hautuetan.
* Hitza bezain garrantzitsua da entzuten, isiltzen ere, jakitea.
* Abilezia zaila da gizon itxiekin komunikatzen jakitea.
* Hitz egiteko konbita pozgarria da, zerbait esateko duzula seinale.
* Bidea egitea da zentzua duena askorentzat, ez inora heltzea.
* Bere bidea du helburu orok, bakoitzak egin behar duena, beste inork eginen ez diona, bidean noraezean ibili nahi ez badu. Zenbat jende galtzen den bidezidorretan eta zenbat jende itotzen den bizitzan txalupa baten zain ertzera igeri ez egiteagatik edo igeri ikasi ez duelako.
* Azken tantoak egiten du gainezka edalontzian, eta gainetikako tanto denak ondoren. Lehertze oro, gizakiarena, gizartearena zein naturarena, denak puntu gaindiezin bat gainditzetik dator. Batzuetan gizakia ez da jabetzen puntu debekatu horretaz, edo bere erokerian gainditzea eragiten du.
* Erein eta jaso ez, ereilea bera ahitzen duen lan agorra. Desertu bihurtzen da uztarik ez duen lurra.
* Gutxitan da eraginkorra eta onuragarria erdibidea.
* "Zer zentzu dauka gauzak denboraren hamarrenean egitea”?. ”La prisa mata marokoar esaldi ohia.
* Betoz bere garaiz gauzak, aurreratzeko irrikarik gabe, gertakizunak gauzatzen diren heinean laburtzen baita bizitza.
* Norbere bekatu eta pribilejioak ordaintzeko zurikeria da karitatea.
* Joaneko autuak eta eginak errepikatzea, asperduraren oinarria.
* Hola edo hala, betirako arrastoa uzten du ohitura errotuak.
* Frustrazioa dakar norbere buruari ahal duena baino gehiago eskatzeak.
* Ezohikoa ez da itxaronkizuna, ezta ametsa ere, baina ametsa da bizitza.
* Ezer egin ez duenaren nekea da nekerik nekeena.
Ahalak eta ezinak
* Ausardia handia behar da norbere buruaz egiteko, horregatik ez du egiten ia inork.
* “Alkoholak mutuaren ahotsa ere esnarazten du”.
* Gauza bakoitzari bere ezina dagokio.
* Ilusioak ez dira debalde betetzen.
* Diziplina ezartzea da mugak jartzea, ez bakarrik bizitzaren kontrola norberak hartzea, bizitzak eramana ez izatea, baizik baita ere eraginkorra izateko baliabide eta baldintzak jartzea ere.
* Lortu gabe, hutsunea utzi dizuten asmo, desio eta ahalegin horiek, sexuarenak barne edo batez ere, sakonago errotuta geratzen dira oroimenean lortutako gehienak baino.
* Ohiturak eragiten digu ekintzetan, baina galga ere bada, baita aspergarria ere.
* Ikusi eta ikasi, ikasi eta goza, begiak dira gizakiaren tresna aberasgarrienak.
* Norberarekin deseroso bizi dena, beti izanen da deserrian edo etorkin, edonon egonik ere.
* Gizaki gehienak patuak edo halabeharrak eraginda, nahiz ustez erabaki kontzienteaz bizi, egiazko iparra non dagoen antzik ere eman gabe hiltzen dira.
* Une bakoitzak badu bere arazo mordoa, badaki sortzen behintzat.
* Zama baliotsuenari ere jaregiten zaio gehiago eutsi ezin zaionean.
* Munduko itxurakeriez haragoko errealitatea hobestea jenio baten hautua da, baina erotzat hartzen dugu.
* Ahanztea, suizidio txiki bat da, bizitzatik alde egitea.
* Sostengu gabe geratzen da duenarekin konformatzen ez dena.
* Gure ezinak onartzean izanen gara zerbait.
*Hotzaz gain, hutsa dagoenean da hitsa gela.
* Ez dago zigor justurik.
* Nahikoa da nahi duzun pertsona bat ez aurkitzea, hiri handiena ere hutsik sentitzeko.
* Gorputzeko zauriak orbaitzen dira, arimakorik ez, analgesikoak jarri besterik ez diegu egiten.
* Hitzik gabeko defentsa bat bai bada mututasuna, baina baita ezinen ezaugarri bat ere.
* Aterabideak inorengan soilik jartzen dituenak bere ezinean jarraituko du.
* Ahuleziaren ezaugarrietako bat izan daiteke, izan sarri da, amorrazioa; haserrea bera ere.
* Zerbaiti izena jartzea, entitatea ematea da.
Zertzeladak
* Negozioetan ez ezik bizitzako edonolako gorabeheretan ez dago bermerik.
* Bidea bera da helburua.
* Asperdurak edo nekeak eramaten du jendea leku berrietara, aldatzeko grinak alegia, baina herrimin izanen da. Agian familia da eta ez lurra gizakiaren leku baterako lotzailea.
* Sentimendurik ez balute bezala jokatzen dugu animaliekin.
* Beti zapaltzen zaitu makurkeriak, makurtzen zarenean ere.
* Onbide oro da hobekuntza ezkorrarentzat, baina tristea da jarrera hori, betegarriagoa da baikorra izan eta tarteka zer okerrak pairatzea.
* Normalean ez gara abokatuez fida, beharrak eramaten gaituelako beraiengana eta bere esku gaituztelako joaten gatzaie. Etorkizun zalantzatia dugu beti abokatuen esku jartzen garenean. Ez datoz beti bat abokatuaren interesa eta bezeroarena epaiketa eta epaitegietan.
* Berdin zaio mundua goitik behera erortzen bazaio ere norbait lur-jota dagoenean. Infinituraino heltzen zaio inpotentzia totala gizaki ezgauza edo finituenari ere.
* Asko dira bere porrota gizarteari egozten diotena bere ezdeusa ezkutatzeko.