Burutapenak 2
II
Gatazkak
Bakea
* Gezurra eta egiaz dago antolatuta gizartea, bien arteko oreka da bakea.
* Gerra berezkoa dela esan omen zuen Napoleonek; agintea eta diru zaletasuna duela berezkoa gizakiak esango nuke nik, ondorioa besterik ez dela gerra.
* Errebolta batean errua ez da altxatuena, gobernatzen duenarena baizik.
* Jaio diren guztiek ikusi dute gerraren bat.
* Iraganak baino etorkizunak banatzen du gehiago gizartea.
* Mugarik eza da bakea eta batasuna. Mugak jartzen dizkiogunean gure buruari edo bizitzari sortzen dira elkarbizitzarako arazoak.
* Besteen iritziak erasotzat hartzetik dator biolentzia, datoz mota guztietako konponezinak.
Gerra
* Gatazka batean alde bakoitzekoak justifikatzen du indarra, besteak hitzei kasurik egiten ez diola aitzakian.
* Sufrimenduaren monopolioa judutarrei transferitu zaie, holokaustoa alegia, baina antisemitismoak hor darrai, agian zabalduago, Israelgo estatua medio.
* Zer orokor bat da gerra, baita gerraren premia ere, bizitza barne.
* Sufrimenduaren sinonimoa da gerra. Baita botere egarria eta bakar batzuen aberastasun iturria ere. Gerra egiten ez dutenek eragindako hilketa eta hondamendien iturria da gerra. Bakar batzuen onerako herritarren bizia erabiltzea, baliatzea. Herria bera arma bilakatzen duen jarduera da gerra.
* Gerra edo indarkeria ez da bataila edo ekintza batean bukatzen, ideiak deuseztatzen direnean bukatzen dira gerrak.
* Izan da gerra “artea” dela esan duenik; bera, baina, ez zen bala batek jota frentean hilko.
* Gerrak ez zaitu sekula bakean uzten, zeuk bakean utzi nahi baduzu ere.
Zertzeladak
* Egindakoagatik baino ez egindakoagatik behar genuke damutu eta barkamena eskatu.
* Beti dagoela norbait norbera baino inteligenteagoa onartzen duenak beti izanen du lekua gizartean, hori ez onartzea da katramila askoren iturria.
* Ez dago gauza gehiegi jakitea baino gauza txarragorik.
* Zenbat min egiten diogun gizakiok elkarri bakoitza berarenarekin gelditzearren, edozein arlo eta edozein mailako boterean. Ikaragarria da besteari min egiteko dugun gaitasuna.
* Sentipen asko apaltzen ditu goseak, eta beste asko harrotzen.
* Beti daude nahastuak, elkar indartuz, gaizkia eta ongia; kontraesana da bizitza, eta kontraesanak gaindituz egiten du aurrera gizarteak.
* Aspaldiko urek ez omen dute gaurko errotarik mugitzen, baina nik baietz uste, errotarri asko mugitzen duela iraganak askoren bizitzan.
* Indartsua ahulari kalte egiteko ahulegia denean, ahulena bihurtzen da indartsu eta horretaz baliatu behar da gutxienez indarrak orekatzeko. Bestela indartsua berrindartzean ahula erasoko du. Borrokaren funtsa.
* Erroak sekula santan ihartzen ez zaizkion belar txarra da gorrotoa. Barkamena, aldiz, menderatzaileak menderatutakoari eskatzen dion porrotaren ordainetako bat.Tarteka barkamena izan daiteke gaizkilearen terapia bat, edo gatazkaren konponketarako pausoa ere.
Boterea
Dirua
* Dirua beti dabil patrika berdinetan batetik bestera; kapital handiak dira dirua; ibai handietan bukatzen diren errekatxoetako txanponak dira herri zehearen dirua.
* Berarekin dakar miseria aberastasunak, proportzio biderkatzailean, aberats gehiago pobrezia hareago.
* Dirua kaka da, baina denek nahi dute kaka horrekin zikindu.
* Gizaki-bereizgarria da dirua.
* Dirua hego bat bezala da askorentzat, edo gehienentzat, bizitzan hegan eta amets egiteko baliabidea
* Diruak agintzen du, arlo guztietan bezala, etxegintzan ere, herri bateko kale egituraketan. Ahalmen ekonomikoaren arabera egituratzen dira herria eta auzoak.
* Beste norbait edo norbaitzuen bizkar egiten dira beti besteen mailatik goitikako diruak.
* Beti da gatazka dirua, eguneroko edozein arlo pozoitzen duen osagaia. Gerra ororen azpian ere dirua dago, interes ekonomikoa.
* Bihozberatasunak maila xumeko jendeengan du eragina, egoera apal hertsietan, diruak ez baitu bihotzik, eta gaurko gizartean dirua da eragile nagusia.
* Zifra zehatzekin aritzen da negozioa, baina itxurakeriak izanen du bere eragina, iruzurrak aurpegi anitz baitu.
* Gezurra da, esaldi mitiko hutsala besterik ez, “bezerok arrazoia du” esaldia, filosofia hori bera bezeroari etekin gehiago ateratzeko entelekia bat besterik ez da. Interesak lehenesten ditu beti saltzaileak edo enpresak, bezeroaren interesen gainetik.
* Bihozberatasunak maila xumeko jendeengan du eragina, egoera apal hertsietan, diruak ez baitu bihotzik, eta gaurko gizartean dirua da eragile nagusia.
* Besteen dirua eskuratzea da negozioa.
* Aberatsek ez dute diru beharrik, halaz ere diru-gose dira.
Zertzeladak
* Diru iturriak, boterea… orokorrean ekonomia: sailka eta arloka gauzatzen dira; engranajeko gurpil txikienak dira maitasuna eta bestelako sentipen eta abarrak.
* Dirua bihurtu dugu munduko eta gizarteko giltza, dirua dutenak dira herriaren pauso guztien jabe.
* Beti dute dirua aberatsek, baita negozioek porrot egiten dietenean ere.
* Zerk zehazten edo baldintzatzen du zorionaren eskala ezberdina, diruak, ospeak…?, eta pobreengan?, zeren pobreak beren estura ekonomiko eta anonimatuan zoriontsuak eta aberatsak dira. Agian oso erlatiboak dira bai dirua bai ospea eta zoriona.
* Diru dena nonahi eta edonon da beltza eta zikina. Eta daukana belztu eta zikindu egiten du, kopuruaren arabera beltzago edo zikinago.
* Edozein bilera edo elkarte bilakatzen da oso erraz botere-plaza.
* Negozioak egiteko garai txarrak direla hori, ugazaben filosofia da.
Zapalkuntza
Zapalketa
* Funtsezkoa zaio edozein sistemari pentsamenduaren polizia, eta komeni zaion egia inposatzen du.
* Otsoak ez du otsoa jaten, gizakiak bai jaten du gizakia.
* Sasiak begiak ditu eta laharrak belarriak polizia-gizartean .
* Batzuen ongizateak, esplotatuak egotea eskatzen du.
* Giza ustiapenetik bizi omen mundua, horretan oinarritzen omen, baina mundua gizakiak dira. Autofagia egiten dugu, beraz.
* Gizarte honetan gutxi batzuk monopolizatu nahi dute pentsa-ahalmena eta pentsa-jarduera, ideien monopolioa alegia, eta horren bidez gizakia bera bere osotasunean. Pentsamenduaren hedapenaren monopolioa ere bereganatu nahi dute medioen bidez.
* Gerrek milioika pertsona hiltzen dute; gure gerrarik gabeko gizarte honetan, aldiz, zaintza ezak, prebentziorik ezak, gehiegikeriek… eta horrelako abar arruntek dakarte osasunaren hondamena.
* Infinituraino zabaldu da aukera ezberdinen aukera gizarteko arlo guztietan, baina ezberdintasun ñabar kontaezin guztiokin ere erabat uniformatu gaituzte, moden morrontza ezarri digute, janzkeraren esklabo. Janzkerak ez gaitu gehiago hurbiltzen, jantziei buruz hitz egiteko ez bada.
* Boterea, justizia ere, mamu bat da; aurpegirik, zeinurik, gabeko zenbaki bat, datu zerrenda bat, ezerez bat, bihurtzen gaitu, ondoren irentsi eta menperatzeko.
* Galtzaileren baten bizkar izan ohi da ongizate oro.
* Ebidentea da biolentzia giza geneetan datorrela, biziraupen premia eta nagusitasun egarriarekin batera. Estatus soziala da biolentzia. Agian portaera unibertsalari ondorioztatutako eboluzioarengatik, lehen biziko biziaren unetik.
Zapalduak
* Errespetua eta miresmena dio pobreak aberatsari eta agintariari, ahaldunari alegia, menpekotasuna datorkio, ondorioz; noizbehinka errebelatzen da, baina berriz ere bere eskuetan jartzeko.
* Miresmena, errespetua eta beldurra diote pobreek aberatsei; horregatik ez dira altxatzen.
* Kartzelak laburbiltzen du sistemaren maltzurkeria eta miseria, eta ezberdinki erreakzionatzen du bakoitzak.
* Gizarteak jende pobreari eskaintzen dizkio lan eskasenak.
* Emozionalki ahulen direnentzat dira laguntza-mobilizazio asko; zenbait ekimen antzu ezinaren ahalegina den bezala.
* Gaur egun babesterik ez dago norberaren ingurua, ezta norbera ere, inoren menpe bizi gara, indar ezkutu baina errealen esku.
* Patuak emandako limosnatik bizi da jende asko.
* Makurtuta bizi garen gizartea gara, gutxi batzuk aukeratu dute txikituta hiltzea; gainera, makurtuak eurak bilakatzen dira hiltzaileenak.
* Hilketa soziala deitu beharko litzaieke bortxa eta arazo sozialek eragindako heriotzei, baita bere buruaz beste egiten dutenen heriotzei ere. Bereaz beste egitea beti da jasanezineko egoera batek eragindakoa, izugarrizko samina du atzean, eta gehienetan injustizia sozial bat.
* Goseaz, alokairuaz, maileguez… hitz egiten dugu krisialdi ekonomikoetan, baina ia ez dugu aipatzen langabetuak galdu dezakeen duintasunaz, hondatzen diren harremanez…
* Hilerria dirudite gaur egun herri askok ekonomia krisia dela-eta: bizipoza lapurtu dioten gizartea.
* Gosez hiltzen dira langileak krisi garaian, beraien esku soilik dago egoera iraultzea, bizirauteko adina soilik emango baitiote ekonomiaren ugazabek.
* Nire irudiko, zertarako ez ezkutatu talentua?. Erantzun konplexua du. Zure onerako soilik erabili?, besteen onerako?. Esplotatu eginen gaituzte batzuk eta besteek, erabili, talentu horrengatik…
* Inork ez daki zer den ona. Araudi ezarri baten esklabo baikara. Herriarenak ez diren interesek ezarriak. Ona?, norentzat?, hor dago koska.
* Erruaren eta bekatuaren sentipen eta filosofia sartu diote gizakiari gizaldiz gizaldi, erlijio eta botere mota guztien eraginez, horregatik erabiltzen dugu oroimena gaizki egindakoak gogoratzeko, bizitako ordu eder zoriontsuez gozatzeko baino.
* Obedientzia diziplinarekin nahastetik datoz menpekotasun absurdo asko.
* Bakoitzaren esparru mugatuko zenbait ekintza hurbilekotan, eragileak dira bakoitzaren ideiak, askatasun ideia faltsu bat sortuz, baina hor auskalo nongo mailetan hartutako ideiek mugitzen dute mundua, gizartea eta gu bakoitza. Txotxongiloak besterik ez gara herritar xumeak.
* Arrotz eta arrunt izatera kondenatua dago herritar soila gizarte honetan.
Zapaltzaileak
* Antzinako dinosauro asko bizi da gure artean, bizi gara.
* Etsaiak etsaitu egiten dira, ondoren exekutatzeko, moralki, demokratikoki eta, hala behar denean, fisikoki.
* Bakoitza bere gaitasunengatik egon behar du funtzio batetan, ez beste interes batzuk eraginda.
* Akusatuak eta lekukoak txiki sentitu behar ziren, beldurra izan behar zioten justiziaren botereari. Justizia zer da ba, botereak darabilen beldurraren erabilpena baino.
* Gizartea bera da gaizkilea, buruzagi eta finantza buruak nagusiki.
* Garitik, ogitik, oso gutxi ikusi zuen gerra zibilaren ondorengo garaiak, artotik gehiago, baina ez gehiegi, eta bera isilean. Ez lurra emankorra ez zelako, estatua lapur bihurtu zelako baizik.
* Egia da konde eta boteredun oro dela herriaren izain, baina egia da ere gu denok egin gaituela bestearen izain gizarteak.
* Giza izaera ezin daiteke izan merezi dugunaren baino gehiago nahi izatea. Nork edo zerk erabakitzen du zer edo zenbat merezi dugun, boterea duten gutxi batzuk besteei ahalik eta etekin handiena ateratzea helburu duen gizarte honetan.
* Estatua, bortxa legitimoaren monopolioa.
* Eskerrak zerurik ez dagoen, bestela sasikume guztien koto pribilegiatua izango litzake eta.
* Askori zaio lasaigarria bortxa, batez ere zenbait unetan.
* Munstro biktimak sortzen dituzte munstro borreroek, munstro bihurtzen diren biktimak, alegia.
* Beti da xarmanta tolesgabea, baina erabilia eta menpeko izan ohi da beti, azpijokoa darabilen azeria izan ohi da garaile.
Zapaltresnak
* Argi distiratsuak jarriz itsutzen dituzte gizakia eta gizartea, errealitatea ikusi ez dezan.
* Zenbat idatzi gabeko lege eta debeku!.
* Aingeru Zaintzailea zen haurtzaroan beti begira genuena, Jainko oroikuslea gero, polizia genuen atzetik geroago, orain edonork arakatu ditzake telefono deiak ere.
* Gizakia gauzaez bihurtzeko izaten da gehienetan hezkuntza.
* Ona behar du izan legeak, baina aldi berean salduko dena.
* Ditugun gauzen esklabo bizi gara.
* Ahaldunen onerako asmakizun bat besterik ez dira legeak, beraiek bere interesen onerako jarri eta berrituak.
* Goikoek bere interesak defendatzeko menpekoei jarritako hesiak, kortseak, dira, legeak hausteko jarrita daude legeak.
* Isuna edo nolabaiteko zigorra izan ohi da autoritatearen marka.
* Damua elizaren teologia izatetik politikaren filosofia bilakatu da.
* Eldarniorako erabiltzen dute zenbaitzuk gorespena.
* Debekua da, gutxieneko agintea arren, agintea duen ororen lehen tresna. Debeku eza debekua baino eraginkorragoa dela filosofia, teorilariena da, gauzatzen ez dena, puntualki ez bada.
* Autodefentsa bat da beldurra, aldi berean bestea menpe edukitzeko arma.
* Astebarrukoak ahazteko egunak dira asteburukoak, baina sakonean astebarruko sama jasateko indarrak biltzea. Esklaboen patua. Horretarako eta horregatik sortu zituzten elizak eta jauntxoek jai egunak.
* Arauak erabat erlatiboak dira, bakoitzak bere erara erabiltzeko besteen eskubideak errespetatuz, legeak ez dira zerbait fosilduak, une bakoitzari egokitu beharreko arauak baizik. Legeak hausteko dira.
* Mehatxua abere-legea denez, abere saldoa da gizartea, mehatxu-sorta besterik ez baita legedi oro, harreman arauketa baten aitzakiaz.
Zertzeladak
* Unibertsitateko irakasleak ukiezinak sentitzen direla diona ez dabil errealitatetik urruti.
* Lege politikak egiten ditugu, baina ez lege eraginkorrak, ez hezkuntzan ez hizkuntzan.
* Izua dakar babesgabetasunak, horregatik babes gabe uzten gaituzte politikoek, edo babes dosifikatua eskaintzen.
* Munduak ez du zurekiko erruki beharrik aurrera egiteko.
* Miseriak gaizto bihurtzen gaitu, baita solidaritatea sortarazten ere.
* Pobreen utopia da dirua aurreztuz aberastuko dela, ezinaren ametsa; gastu txiki batzuetarako bermea soilik lortuko du. Diru handiak lortzen du dirutza. Lapur handiak soilik lortzen dute aberastasuna. Inoren bizkar da beti diru oro.
* Borrokatu egin behar da sarri edo gehienetan, norbere burua babesteko. Berdin gertatzen da eskubideekin. Eskubideak, nolanahi, norbere burua dira.
* Ez du ezer eraginik predikuak, bizimoldea aldatzeak baizik.
* Medioak eragile, hitza nagusitzen da gaurko gizartean: errealitatea estaltzen dute. Garratz ordaintzen diren ekintza indartsuek eta eragileek soilik hautsi dezakete medioen burdinazko kate hori.
* Ohikoa izan da animalientzako errespeturik eza, kolpeka hartu izan ditugun arokoak gara.
* Herri orok du bere ergela, okerrena litzake, baina, da, baina, ahaltsuen herri ergela izatea.