Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/28 17:46
Sena

Sena

 

“Sapiens sapiens izakia, ibiltari handia izan zen, planeta osoa kolonizatu zuen”

 

 

Sortzez 

“Denok dugu barruan uhola dakarren ibai estali bat”.

 

Halabeharrez

“Zergatik bidaiatu, horren beharrik ez badugu”.

 

* Zerk bultzatzen du bidaiaria bidera?.

* Bidaiak ez dauka sarri zergatirik.

* Zer da bidaiatzea, zertan datzan galdetzen dut; ez nuke jakingo erantzuten, bidaiatzen dudala da dakidana, eta bidaiatzean tematzeak ematen diola zigilua bidaiari senari.

*  Denok dugu bidaiari sen ezkutu bat.

* Beti da abiatzeko garaia bidaiariarentzat.

* Bidaiatzeko sena eta grina, hori da bidaiatzeko funtsa, ez dirua.

* Sena da bidaiariaren dohainetako bat, bitxikeriak, altxor bat edo ezuste atsegin bat usaindu eta aurkitzeko, planoaren, gidaliburuaren edo bidaia-agentziaren esklabo izan nahi ez badu.

* Zerk darama gizakia herriak ezagutzera, zein da ikusmin horren muina?, zerk bultzatzen ote bidaiaria bidera?: berezko senak, besterik ez.

* Hurrengo urratsak zer ekarriko irrikak bultzatzen du bidaiaria aurrera; datorrenaren misterio aurrean espero erosoan gelditzen dena ez da bidaiaria, beste zerbait izanen da, baina ez bidaiaria; gandua urratzean datza bidaiariaren sena, hodei berria, hodeiertz berriak, izar berriak aurkitzea, hori da bidaiariari barnea erretzen diona; eta hodei, horizonte eta izar berriotan bizitzaren zatitxoa zintzilikatzeak.

* Zerk bultzatzen du bidaiaria?, zer bultzatzen gaitu gu geu?. Ez dakit. Baina bidaia baten ondoren beste batetara aterako naizela dakit.

* Beti dago harantzago bat bidaiariarentzat, batez ere bidaia bukatutzat eman eta etxera bidea hartzen duenean

* Berezkoa du gizakiak lur berri baten bila abiatzea, Cromaiñon gizona baino aurretik.

* Argazkiak ikusteko gogo minagoa izan ohi dute lagunek bidaiariak berak erakusteko baino; gaur egun zenbait bidaiari teknika modernoz baliatzen da bere bidaien azalpenak emateko, aretoak bete egiten dira; bada bere bidaia eta bidaien berri ematetik bizi denik ere; tarte asko dute bidaien erreportajeek telebista, irratietako programazioetan; bidaiari sena gizakiaren toles-gune sakonenean ereinda dago, bidaiari-sen zapuztu asko da gizartean; tamalez eserita besteei entzunez irudimenez bidaiatzea da errazena gizarte kontsumitzaile honetan.

* Bidaiatzeko grinak dirauen bitartean, bizirik diraugu.

 

Ezinbestean

“Badakit anitzi gustatzen zaiela leku arrotzen berri ukatzea eta ere hara joateko bideen berri jakitea”

 

* Azken urratsak erbestean ahitu ondoren, hurrengo bidaiaren esperantza ernetzen zaio beti bidaiariari, bidaia bat bukatzean hurrengo zeru berriak amesten eta hausnartzen hasia da bidaiaria,  bukatu da bidaia, beste berri bat erne zaio ikusminean bidaiariari.

* Adio esaten dio bidaiariak bidaia bakoitza amaitzean  atzerriko lurralde-gizartean gauzatutako amets bakoitzari, Rheinfall pasabidean Rhin ibaiaren urak bezain apartsu joan diren egunei,  baina bidaiari senak amestu du itsaso-mugan urrats berrientzako lurralde berri bat, oraindik izenik jarri ez badio ere.

* Joanean beti, etorriko dela jakinean, berriro nora etorriko den oraindik ez badaki ere, beti da nora  etorriko den herri bat bidaiariarentzat, horregatik joan behar du, etortzeko, herri bat amorante bihurtu zaiolako ezagupen minetik ernetako maitasunez.

* Eta deus bidaiatuko ez bagenu, zer?...; baina bidaiariak badaki bere bidaiatzeko senak beti eramango duela norabait, gorputzaren ezinean irudimenez gutxienez, beti dugu hurbil oren hori bidaiari  hegalariok, arrangurez gaindi ditugu beti gogo-gorputzak.

* Harrigarria da, zoazen zoko bazterren eta ezdeusera zoazela   ere,  nola aurkituko duzun beti begiluze eta jakin-min kanpotarren bat.

* Bidaiatzeko senak eta irrikak soilik balio du zenbait bidaiako une korapilatsuetan.

* Badu senarekin zerikusia bidaiari izateak, badu berezkoaren osagaia; senik ez duena, turista da.

*  Toles-gune gordeenean kilimatzen duen lur berrien ametsak, irudimenaren begiak liluratzen dituen atzerriko edertasunak, barnea goxoki biltzen dion musika misteriotsu batek jauzi arazten du bidaiaria munduan barrena.

* “Ez naiz geldituko / Faroak nagiak ateratzen hasi arte / Ez dut baimenik behar portu itzuli hau ahazteko / ... / Itzuli noa”, hori da bidaiariaren sena, existentzia eta izaera.

*  “Erromesek agurra ukatuko dizute, baina serafin-koru batek abestuko du zure barruan”: barne abesti hori da bidaiariaren sena.

 

Patua bailitz

“Portu hau litzake nire aberria”

* Bidaiariaren tentazioetako bat da maitagarri zaion toki batetan geratzea, baina estatxa lotu duen moila atseginenean ere badaki, estatxa askatuko duela, aingura astunena ere jasoko.

* Bidaiatzea berezko barne harra da, tximeleta eder gauzatzen dena, dela bidaia luze motz zail edo errazean.

* Patua aldaezina da, bestelakorik badirudi ere; bidaiari-sena, patua antzeko zerbait delakoan nago, baina inola ere ez tragikoa, are gutxiago alferrekoa; gozoki bizi dugun patua, garen patu gozoa.

* Biribilak ohi dira ibilbideak, borobilak osteko egunak; zinez, baina ibilbide borobil berri baten amesgile da beti bidaiaria, ibilbide borobil bakoitzaren oste guztietan, bidaia biharamun orotan.

* Batean gora, bestean behera, bizitzaren mareak eramaten du, patuak bailitza, bidaiaria, estatxa jaso eta dagoen kaitik  beti haratago; bidaiariak ez du atzerrian aingurarik botatzen, estatxa askaerraza du aingura baino nahiago.

* Bidaiariak jakin daki lehorreratuko dela, bidaiariak jakin daki berriro itsasora eginen duela, munduan itsasorik  den bitartean, ontziak ur gainean dirauen  bitartean.

* Bidaia bat bukatzean hurrengoaz asmatzen hasten naiz, naizen eta izango naizen seinale.

* Ikusminaren akuiluak edo jakin-minaren irrikak zirikatzen ez dituenak,   herri edo etxeko babesean soilik seguru sentitzen direnak, abenturaren lilurak barnea kilikatzen ez dietenak, horiek  dira bidaiariok zoruak garela uste dutenak.

* Galtzen du bidaiariak lehen bidaiako itsutasun argi hura; bidaia-senak ere adin ezberdinak ditu.

* Bidaiatzeko senak eta irrikak soilik balio du zenbait bidaiako une korapilatsuetan.

 

 

Grina

“Utz diezaiogun biharko bidaiariari berriari lur berrien deskubritzeko sua eta gero haien kondatzeko gustua”.

 

* Bidaiariak nolabait presoak dira, bidaiak  harrapatu eta lotu egiten zaitu-eta: kartzela gozoa da bidaiatzeko grina.

* " Bide berriz aurrera begiratzen dut, / biderik oraino ez den hartarantz, / eta etortzekoak ditut iruditzen, / bere begien aurreko / munduari begira": horrela begiratzen du bidaiariak bidaia bakoitzaren hasieran zein bukaeran.

* Bidaiariak ez dio bidaiatzea eskatzen bizitzari, bizitzak eskatzen dio bidaiatzea bidaiariari.

* Bizitza maite duelako doa herrialdez herrialde bidaiaria

* Bidaiatzeko grina errealitateari egindako iruzurrez ere bizi da, hainbat une txar ahaztuz; hoberako aldatzen baitu bidaietako esperientzia oro oroimenak.

* Dena da kimika, sentipen erromantikoena ere, kimika besterik ez gizaki harroputza, bidaiari irrika ere kimika besterik ez da agian, baina ze kimika atsegina!

* Bidera darama bidaiaria bidera-beharrak “euriaren mingainak / aurpegia miazkatzen” dion arren.

* Bidaia bat bukatu orduko, jadanik hurrengo bidaia hasia da gorpuzten garunetako toles-gunetan.

* Bidaia bakoitzak irekitzen dio beste bidaia bati atea; hurrengo bidaiarako harra barnean ernalduta itzuli ohi da bidaiaria etxera.

* Bidaiaria ez da, inola ere, konformaerraza; berak ere ez daki sarri zergatik hedatzen den lau haizetara, zergatik dagien beti aurrera.

* Deus bidaiatuko ez bagenu, zer?...: baina bidaiariak badaki bere bidaiatzeko senak beti eramango duela norabait, gorputzaren ezinean ere, irudimenez gutxienez.

* Letra asko ikas ohi du bidaiariak branka arrotzetan, hanketako munduraminak eramaten du izen gazien haizetan.

* Herriak dira bidaiariaren faroak, sirenen kantuak bezain goxoki deitzen diotenak

* Eguzkiak urtzen du Eiger tontorrean elurra, negura arteko agurra: bidaiariak ez du betirako agurrik, badaki itzuliko dela, zer axola nora.

* Beti da lur ederren bat erromes baten zain, maitasun istorio bat nahi luke hasi.

* Adio esaten dio bidaiariak bidaia bakoitza amaitzean  atzerriko lurralde-gizartean gauzatutako amets bakoitzari, Rhin ibaiaren urak bezain apartsu joan diren egunei,  baina bidaiari senak amestu du itsas mugan urrats berrientzako lurralde berri bat, oraindik izenik jarri ez badio ere.

* Maite ditu bidaiariak ikuspegi zabalak, gogoko ditu mendi tontorrak,  gazteluko harresiak, dorreko zabaltza, behatoki eta balkonada diren errepideak, … inguruaren ederra bere osotasunean biltzeko.

* Barneko astindua da bidaiatzeko grina, bizimin erretzailea, hainbat lokarri hausteko indarra sortarazten duena.

* Bidaiatzea ere eskarmentu bat da; porrot askoren ondorengo zientzia; gizartea, natura, artea, … ezagutu eta maitatzeko  zientzia; ikasi egin behar da bidaiatzen. Grina da bidaiatzearen berezko bakarra; sarri esnatu egin behar den grina berezkoa. Hortik aurrerakoa, zientzia bihurtzen den eskarmentua.

*  Beti dago herrialde berri baten bila joateko sutan bidaiaria, bihar beti da bidaia berri bat beretzat, itzultzean entzulerik izanen ez badu ere.

* Bizipozik gabeko ibilia egiten du zenbait bidaiarik, baina bizitzeko grinak  bultzatzen ditu: bidaiariak sarri ez daki zerk, baina zerbaitek eramaten beti du aurrera.

* “Ez naiz geldituko / Faroak nagiak ateratzen hasi arte / Ez dut baimenik behar portu itzuli hau ahazteko”:  bidaia berri bati ekinen diogu udazkenean.

* “Badakit bidaiatzea berez dela atsegina; baina azken batean zerk eramaten zaitu halako atsegin garezti, neketsu, zenbaitetan arriskutsu, eta beti etsipenez bete horretara?. Bidaiatzeko beharrak. ... Kontua da garai honetan inontxo ere ez gaudela ongi, eta bidaia dela idealak (...) hartzen dituen irudi guztietan irribarretsuena eta engainagarriena. ... Zoriontsu denari, (...) bidaiatuz bere zorionari zerbait erantsiko diola irudituko zaio. ... bizkor ala ahul sentitu, den-denak hartzen ditu judu ibiltariaren sukarrak. ... Hitz batean esanda, bidaiatzearen berezko arrazoia gizakien arteko harreman, lotura eta elkartruke abegitsuaren beharra dela iruditzen zait ... Eta iruditzen zait gaur alderantziz gertatzen dela, gutako gehienok misterio, bakartasun bila bidaiatzen dugula, ...”: bidaiari ororen gogoetak.

* ”Kontua ez baita bidaiatzea, abiatzea baizik: ba ote da ahaztu beharreko oinazeren bat ez duen inor, edo askatu beharreko uztarriren bati lotuta ez dagoen inor?”. Bidaiatzeko kilima hori da kontua. Bidaiatzea bera, osagai guztiekin, da bidaiariaren funtsa. Ahaztu beharreko oinazeren bat edo askatu beharreko uztarriren bat, …, nork ez du sakoneko mamuren bat.

 

 

 

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/25 10:07
Bidaiari izaera IV

IV

 

Zertzeladak

“Elkarren bila ibili gabe ibiltzen ginen, baina elkarrekin topo egiteko genbiltzala jakinik”

 

Izki-

* “Bestearen modukoak gara, ..., kanpotarrak, inoren auzoan ibiltariak, mutuak. Gordelekurik gabe dabilen itzal arrotz horren modukoak”

 

* Tentua eta ausardia, bidaiako konbinaketa zaila.

* Elkarren bila, bidaia eta herrien arteko lotura.

* Kasta zaila da beti ibiltaria, gozamena da bidaiatzea, baina sakrifizio handia eskatzen du; horregatik asko dira oporretara doazenak, gutxi bidaiatzea aukeratzen dutenak.

* Pobreen durundioa ibili ohi da kanpalekuetan.

* Atseginagoa da bidaia norbait alboan dela; edonorrez, beti dago edonorrez inguratuta bidaiaria, horregatik behar du norbait.

* Informaziorik gabe antzua gerta ohi  da bidaia, asko ibili arren.

* Ez naiz sekula bidaia batetan otsoen arteko oilo sentitu. Catania esan ziguten sekulako arriskutsua zela, berdina esan ziguten Liejagatik, baina edonon bezain gustura ibili ginen bertako kale-arteetan.

* Atzerriko hizkuntzan bidaiari orok dirudi arloteago.

* Nahiko bakartua bizi ohi da bidaiaria atzerriko jendartean, beste bakartiz inguraturik gehienetan museo eta monumentuen inguruetan.

* Gutxienezko arau batzuk ezarri behar dizkio bidaiariak bere buruari, ibiltari herratua ez ezik errari izan nahi ez badu.

* Mezu giltzatuak dira gida-agirienak, hitzez hitz ulertu behar ez direnak, etsipenaren karga lehertzen zaio bestela bidaiariari, periskopiotik, letren gainetik, begiratzen ikasi behar du bidaiariak.

* “Besteen arrazoiak beti baitziren ezkutukoak norberarentzat. Elkarren ondotik igarotzen dira gizakiak, elkarri ia aurpegira begiratu ere egin gabe, eta inork ez du besteren berririk”: Elkarren auzo baina ezezagun, hori da bidaiako aurpegi tristeena; gizaki bidaiariek gauza bera miresten dute, gozagarri beraz pozten dira, elkarren ondoan doaz, baina inork ez du besteen sentipenen partaidetzarik, inork ez du zure bizipenen berririk; elkarren auzo eta erabat ezezagun dira bidaiariak, ikuskizun berari lotuak, baina ikuskizunak ez ditu elkar lotzen; nonbaiten gurutzatu diren gizaki migratzaileak besterik ez dira.

* Sarekada arrain ugariak gabiltza munduan, kontaezin ahala bidaiari, baina denok gaude fitxatuta, poliziak fitxatuta; hoteletik edo kanpalekutik ez bada, telefono mugikor eta banku-txarteletatik denon berri dakite uneoro; gizarte poliziakoan bizi da gizakia, eta bidaiariak ezin dio ihes egin bota dioten sare horri, anonimatuan mundua zeharkatzen saiatu arren: ez da bidaiaria anonimorik gure gizartean.

* Kanpalekuko bezeroak  erabat heterogeneoak dira, hizkuntzaz, jatorriz, eta bizimoldez. Diosal, keinu edo barretxo adeitsuz gauzatzen da harremana. Isileko komunikazioa da usuena kanpalekuan.

* Zenbat aldiz dago  bizipenez eta sentipenez  gainezka bidaiariaren bihotza; gutxitan du, ordea, horiez mintzatzeko aukera; lagunen bat badarama, harekin, nota- koadernoarekin, bere herrira doanean lagunekin, ... ; fama du bidaiariak bere bidaiaz asko hitz egiten duela, baina zer kontatuz beterik datorrelako da; beste turistekin ez du ia hitz egiten, ezezagunak; anonimoa da elkarrekiko,  kalean, katedral batean, jaialdi batean, museoan elkartzen den oro; anonimoez osatutako jendetza da bidaiari eta turisten aldra.

* Lasaitasunak arintzen du ibiliko unadura bidaiako bakardadean.

* Sarri da irribarrea bidaiariaren babesa.

* Bidaiatzeak badu ohitura bihurtzeko arriskua, ezin da bidaiari izan bizitzako egun oro jarraian, ofizioz eta bizimoldez bidaiari bilakatu nahi ez badu.

* Bere aurkikuntzak egin behar ditu bakoitzak bidaietan, askotan gidaliburuen gaindi edo gidaliburuen kontra.

* Bidaiatzen jakiteak bereizten ditu bidaiaria eta alderraia.

* Ikusminaz eta jakin-minaz gain, egunerokoaren nekea izan ohi da, bai, bidaia batetara bultza ohi gaituen arrazoietako bat.

 

-mizki

“Gordelekurik gabe dabilen itzal arrotz horren modukoak”

 

* Banaka eta taldetxoka ezer gutxi gara bidaiariak, baina mundu bat gara; herri sakabanatua, bidaiarien herria, herri ibiltaria; herri handia gainera, sekulako herri mugimendua, milioika diru mugiarazten dituena, industria nagusietarikoa.

* Bidaiaria izan behar du bidaiariak, ez beste ezer: beste gauza bat da zientzialari edo ikerlari bat bidaia bati lotzea bere lanean sakontzeko; bidaia zientifikoa alegia.

* Bertako paisaiaren zati bilakatzen da bidaiaria joaten den herrietako biztanleentzat, bere paisaiako osagai berri bat, aldaki berria; guk atzerriko harriak, artelanak, basoak eta gizakiak begiratzen ditugun  bezala begiratzen gaituzte atzerrian; mundura joan beharrean mundua datorkie beraiengana, bitxikeriak bilatu gabe, begien aurrean jartzen zaizkie ezohizko aldaerak, bidaiaria baita bisitalekukoen ikusgai.

* Argitan ohi dira etxatoi eta etxoletako leihoak ordu berantiarretan, osagai ohikoa da telebista-antena kanpalekuetan; gehienetan urtean egin nahi ez duena egin nahi du bidaiari-oporlariak, eguna gauez luzatu, eta gaua egunez; urteko marrazki bizigabeak, marrazki bizidun bilakatzeko ametsa; agian urteko ohitura galdu nahieza besterik ez da, marrazki bizigabeak ematen die bizitza egunari.

* Bidaiariaren osagai premiazkoa da umorea, oreka eskaintzeaz gain bidaia bera ere arinduko diolako.

* Alde, ez ihes, egiten du etxetik bidaiariak, eguneroko arazoetatik at arnas egitera, agurrari “betiko” erantsi gabe, bihotzak “berehala nator” diola.

* Gogoko du bidaiariak han-hemenka eskaintzen zain koadernoan beste hainbatenen artean  bere mezua uztea; euskaraz, inolako irakurlek ulertuko ez badu ere; mezu idatziak, norberarentzako mezuak gehienetan, barrena hustu beharrak eraginda.

* Tristeen  eta bakartien daude plazetako pertsonaiak, harri eta brontze hutsak, herritarrez inguratuta arren, usoak soilik hurreratzen zaizkie, burutik kaka egiteko; triste eta bakarti leudeke monumentuak bidaiariengatik ez balitz.

* Bere paisaiaren zati da bidaiaria herritarrentzat, bere paisaiako osagai berri bat, aldakin berria, besterik ez, guk atzerriko harriak, artea, basoak eta gizakiak begiratzen ditugun  bezala begiratzen gaituzte atzerrian, mundura joan beharrean mundua datorkie beraiengana, bitxikeriak bilatzen ibili gabe, begien aurrean jartzen zaizkie ezohizko aldaerak, bidaiaria bera baita bisita-lekuko ikuskizuna herritarrentzat.

* Oroimenak iruzur egiten dion aldi luzeok eteten ahalegintzen da bidaiaria, argazkiei, mapei edo bidaiako zirriborroei begira.

* Bidaiariak badu patuarekiko berezkoren bat.

* Bidaiak prestatzen ematen du bidaiariak orainaren  zati handi bat, eta bidaian eginiko egunak gogoratzen beste zati handi bat; ez da denbora galtzea, gelditzen den bizitzaren beste heren handi horri bizipoza ekartzea baizik.

* Bidaiak beti du abentura kutsua. Arriskurik nahi ez duen bidaiaria  gehienez bidaia agentzia baten bezero izanen da.

* “Bakoitza bere parentesiaren barruan dabil han, eta hemen ere bai”, eta edonon eta edonor, bidaiari orekatuena ere, bidaia ederrenean ere.

* Nora noan jakitea, zehatz jakitea, gustatzen zait bidaietan. Ez dut gustoko helbururik gabeko bidaia, edo helburua helbururik gabe bidaiatzea  duen bidaia. Prestatuta ere nahiko noraez pairatu behar izaten dugu.

* “Mapak objetiboak dira?. Maparen egilea subjetiboa da. Ea benetako maparik egin daiteken. Mapak objetiboak eta subjetiboak dira aldi berean, ...”. Maparen irakurlea ere subjetiboa da, beraz ohar edo sujerentziak besterik ez dira mapak. Lagungarriak besterik ez. Bidaiariak berak egin behar du bere mapa erabilgarria, paperean ez bada buruan, mapa idatzia osatuz ibiliaren premien arabera. Atzo mapan bidesare ibilerraza uste genuena, labirintoa gertatu dakiguke gaur. Behar duzun  edo eskatzen diozun informazio oro ez dizu gehienetan mapak ematen.

* Noiz izanen bidaiariak herrien arteko bake dinamizatzaile, ejertzito dinamitatzaileen ordez!.

* Bakoitzak dugu besteak ez duen zerbait, horrek damaio bakoitzari nortasuna eta indarra; aldiz, denok dugu batzen gaituen zerbait berdina, hortik datorkio gizarte eta herri bati besteekiko parekotasuna; sinbiosi  horrek egiten du bidaiatzea zirraragarria eta erosoa.

* “Turista haiek, ... herriko etxeak eta herrikoak bederezka ontsa begiztatuz, zooan balira bezala ... Baina ez dira ohartzen ere haiek direla haiek, guretako ziminoak!”. Bidaiari begiluze presatiok,  zooko ziminoak gera, bai, atzerrian.

 

 

Sasian

“Eta noraezean dabilen marinela izanen naiz, / etxera bueltatzen ez dena, / behin lurrean egonda / berriz itsasoratuko ez dela badakiena”

 

 

Ibilian

“Gizakien arteko benetako kontaktua presentzia isilaren bitartez baizik ez dela lortzen dio Ciaranek, komunikaziorik ezaren itxurapean gauzatzen dela, barne errezoa dirudien truke misteriotsu eta hitzik gabekoaren bitartez”

 

* Bidaiarien artekoa ez da presentzia komunikatiboa, elkarrekin suertatze iheskor bat soilik; han daude zerbait ederri begira, baina ez elkarrekin, elkarren ondoan soilik, zerbait eder berdinak erakarri baditu ere leku eta une horretara.

* Bidaiariok ere  ez ote herriko bakardade eta egunerokotasunetik iheslari?.

* Bada zenbait gizaki bidaiaren aitzakiaz jendartean egotea bilatzen duena, taldeko bidaia-moldea aukeratuz, edo erromes uholdeak dabiltzan turismo-santutegietara joz; norberaren erabakikortsun ezak darama bidaiaria bakarkakoari uko egin eta taldera edo jendartera; sarri  bidaia-konpainiak baliatzen dira ahulezia horretaz bezeroak bere bidaietara erakartzeko.

* Pertsonez harago, gehienetan bainoago, hiriez ere maitemintzen da bidaiaria, herrialdeez, bazterrez, monumentuez ere.

* Turistak nahiago du jendartean galduta ibiltzea, kanpotar arrastorik utzi gabe.

* Bidaiari zonbiak ere sarriak dira, edo asko bihurtzen gara tarteka zonbi..

* Hutsik uzten du ibiltaria presak, ez dio espaloietan herriaren xilkoa aurkitzeko astirik uzten.

* Mundua herrixka bat dela dioten aroan, telebista da bidaia-eremu gutiziatuena askorentzat.

* “inondik ez dago ihes egiterik kartzela zugan bizi izanez gero”: hortik dator hainbat bidaien porrota eta hainbat bidaiarien ase ezina.

* Bidaiariak etengabe uneoro hautaketa egin beharrean dago, bere funtsa baita; hautatu beharrari beldur dionak bidaia masibo antolatutako artaldea hautatuz bukatzen du.

* Badira noraezean bezala ibili ohi direnak, ihesi lez, ibilian baina ez bidaiari.

* Kafetegi bateko mahaian edaneko kontu-kontarian bilatu ohi du zenbaitek ordu aspertuei aterabidea opor-pasako bidaietan.

* Bidaiatzea askatasuna da, eguneroko errealitatetik ihesa, bizitzaren kartzelatik aldi batez  askatzea, baina barnea aske ez duen bidaiariak ez du behin ere bidaiaz ihes eginen, eta bidaiara ihesean egin duenak, egunerokora itzuli nahiko du berandu baino lehen.

* Gauza bart da bidaiatzea, beste bat iheska ibiltzea.

 

 

Amarruz

* “… joan egin nintzen, apalki bidaiatu nuen, … Ezagutu nituen baporeetako zorabioak, hondakinetako aspertasuna, jendetza ezezagunen malenkonia eta boulevardetako desilusioak:  eta ene barreneko gaitza hazten zihoan”

 

* Den oro da bi aurpegiko txanpona; gezurrez beterik egonen dira bidaiariak ezagutzen dituen herri, pertsona, paisaia eta artelanen beste aldea ere, baina ederrak dira, merezi du ezagutzea, ez du merezi bidaiako eta bidaiaren gezurren bila hasterik.

* “Aurpegirik gabeko txorimalo”: horrelako asko ibili ohi da, gara, bidaietan.

* Bidelapur zenbaitekin topo egiten du bidaiariak, baina bera ere bidelapur izaten daki, batez ere herri pobreetan berez merke zaiona merkeago lortu ahaleginean.

* Nepaleko naturan turismoak eragiten ari den sarraskia salatzen dute liburuaren idazleek;  ur, dutxa eta oturuntza beroa behar dute uholdean datozen turistek; egurra denez bertakoek duten erregai nagusia baso osoak erabat desagertzen ari dira; gure autoaz, nire dutxa beroaz eta nire gaueko bonbilla argi-biziaz kezkati utzi nau; dena dago elkarlotua, dena nahastua, gizakia naturarekiko muin-muineko kontraesanean murgildu da, bidaiaria bera ere.

* Mesfidantzaren ezkutuaz babesturik ibili ohi gara ibiltariok, eta hori atzerriko bertakoei erdeinu iraingarria da.

* “Gure bidaia legitimatzen dute bidelagunak bost duroko hitzekin” : ez dugu guk behar bidaia legitimatzeko bost duroko hitzik, baina tarteka ondotxo bizi garen harrak zulatzen gaitu.

* Modan jarriz hondatu ditugu mila bazter eder, goazenok hondatzen ditugu; hondatu gabeko leku bila jo ohi dugu bidaiari askok, baina hori bera da hondamendirako lehen urratsa; bidaiariaren patua, barne-barneko kontraesana.

* Turistok ere badugu arrano ukitua, batez ere goazen herri pobreagoetako alde txarraz jabetzekoa, edo goazen herri aberatsagoen alde onak soilik nabarmentzekoa.

* “Egunez egun bizi beharra dago, ... ezin baita ibili gerotik gerora”. Pausoz pauso garatzen da bidaiako ibilia, baina azkenez gorrituta gelditzen da mapa ibilbideko marrez; berez etorriko da geroa, unean unekoa da  gauzatu beharrekoa; bidaia ondo trabatua badago, ibilbide orori datorkio bere ordua; hurrengoa amestuz, ipurterre, kezkati, dabilenak ez du duenaz gozatzen.

* Bidaia modubizia ordez bizimodua egiteko arriskua du  bidaiariak.

* “egun batean jakinarazten dizute / libre zauden arren ez zarela libre”: pasaportea utzi behar izaten du bidaiariak  kanpalekuko zein hoteleko harrera-lekuan.

* Jende pobreak du gaur egun bidaiatzea amets, egunerokoa eteteko.

 

 

Begilauso

“El viajero avanza, es un viajero tímido, siempre temeroso de que le vengan a pedir cuentas de intrusiones que sólo él sabe que son bienintencionadas”

 

* Bada ikusi nahi ez duen ikuslerik, sudurra betaurreko dotorez zamatuta, dena koloretsu eta dotore ikusten duela uste arren. Aurreiritzirik gabe joan behar du bidaiariak doan edozein herrira, betaurreko koloregilerik gabe. Errealitatetik haragoko edo honagoko irudia aterako du beti kamera onenarekin ere, irudi okerra seguruenik; onenean ere, irudi lausotua.

* Ze bidaiari pila gabiltzan gauza berak ikusten, askotan jakin gabe zer den ikusten duguna, edo ustez ikusten  duguna benetan  ikusi nahi  duguna den  jakin gabe.

* Ausarta, tarteka aurpegihandi edo lotsagabe samarra ereizan behar du bidaiariak; ez bada, laurdenak joango zaizkio ikusi gabe bidaiariari.

* Bidaietan ere, “ur-lasterrei burugabeki buru egiten dion txalupa” bihurtzen gara, arazoak zitaltzen zaizkigunean.

* Ohitura, sumindura edo asperdura dira sentipen gehienak gidatzen dituen legea; bidaietan ere ohitu egin ohi gara une batez hain atsegin eta erakargarriak gertatu zitzaizkigun paisaia, herri eta herritarretara; azkenez, hala behar dutela iruditzen zaigu, xarma lausotu balitzaie bezala, eta plazera mehetzen.

 

 

Harroputz

“Inuxente egunian inuxentiana itten aittu nauk inuxente guzti oien artian”

 

* Ezer guti dakigula ikasi dugu bidaietan, baina bada atzerrira nor-handiago eta harroputz joaten denik, batez ere ondasun material gutiko herrietara doanean.

* Teologia bezain dogmatikoa izan ohi da zenbait bidaiari bisitatutako herriei buruzko iritzietan.

* “jarrera aristrokratikoa: zuzen, tente, harro, burua atze alderantz”: seriotasun osoz ibili ohi dira gainera molde horretan hainbat bisitari, bere herrian ezereza baino gutxiago direnak.

* Ondamuz ohi da bidaiari zitala herri aberatsagoetan: besteen ona, zama astun.

* Gezurti fama  du bidaiariak bere bidaiez aritzean, gezurti izateko arriskua du bidaiariak atzerrian bere herriari buruz aritzean ere.

* Bidaiariak badu inuzentea den sentipena tarteka.

* "Hitz-jokoan jardun baizik ezin duten poetak": idazle askoren ezin gorria edo ahal bakarra; herriratu ondorengo lagunartekoa da bidaiatzea askorentzat.

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/22 08:52
Bidaiari izaera III

III

 

Bizipenen ingudea

“Fantasiak ez dezala errealitatea estali, baina errealitateak ez ditzala, inoiz, gure amets gozoenak ezaba”

 

Bizitza ikastaroa

“Begira, nik uste gizonak ahal duen guztia ikusi behar duela. Esperientzia da. Zenbat eta esperientzia handiagoa, orduan eta hobea gizona. Gizonak dena ikusi behar du”

 

* Uneoro hiltzen gara, instantero hiltzen zaigu iragana, baina bizirik diraugun sentipena dakarkigu ibiliak,  iragana soilik geratuko zaigun unera arte.

* Galderetako garaia da bidaia.

* Egunero ikasten da zerbait berria bidaietan.

* Egunez egun argitzen zaio arima bidaiariari begietan sartzen zaion argiarekin, gauez gau egiten dio hazka ariman biharamunerako esperantzak  eguneko gomuten epelean.

* Ez dago bidaiari bat bera ere bidaietan aurkitu eta aurkitu espero dituen ikustateek obsesionatu, liluratu, izutu edo gutxienez harrituko ez duenik.

* Begiratu eta entzun egin behar du, batez ere, lehenengo, bidaiariak, adigalkor eta fidakor izan gabe; ondoren, ikusi eta entzundakoaz  hausnartu.

* Begiratu eta entzun, ondoren, ikus-entzundakoez  hausnartu, gozamenerako bidaiariaren funtsa.

* Erlojua geratu egiten zaio batzuetan bidaiariari; hurrena, aldiz, orratz motza luze bihurtzen, fosilen aurrean ere: katedrala zer da bizi den fosil bat baizik, edo tradizioa ez al da tarteka biziberritzen den fosila?.  

* Artearen atzetik doa gehienetan bidaiaria; museoak, katedralak, eraikinak, ... dira ibilbideko pausaleku nagusiak; herri-jai bat aurkitzen badu, giroz kanpo aurkituko da, ikusle, ez antzezle, multzoan baina ez partaide.

* Ibilbide bakoitzak frogatzen dio bidaiariari malgua dela denbora, luza eta labur daitekeela.

* “Deus ez dakit dakidan oroz”, bidaia orok sortarazten duen sentipena, bisitatu dugun herri eta herritarrei buruz ezer ez dakidan sentipena.

* “Ez naiz gustura sentitu bertoko giroan eta, aspaldiko partez, estresa sentitu dut”, Bidaiariaren tartekako sentipen mikatza da hori.

* Bidaiatzeko grina errealitateari egindako iruzurrez ere bizi da, hainbat une txar ahaztuz, oroimenak hobera aldatzen baitu bidaietako esperientzia oro.

* Badaki fidaerraza izaten bidaiariak, batez ere lehen bidaietan, baita haur lez portatzen ere.

* Korapilo mota asko egiten ikasi behar du bidaiariak bere ibilietan, baita bidaiuntziko eskifaian txo bat baino gehiago dela demostratu ere.

* Aberasgarria da bidaiatzea, baina ezin da bidaiatzea totem edo zerbait magikoa bihurtu, bidaiarion artean ere denetikako jendea agertzen gara, ez dakit zenbateraino bidaiatzeak onduak.

* Dena ikusi nahi luke bidaiari hasi berriak, lehenbailehen ikusi ere, harat honat gelditu gabe, dena esperimentatu, denaren berri izan; zailduaz doan heinean, baina, bidaiatzeak ezartzen dituen barne arauak ikasten ditu, bidearen arnasa ezagutzen du, pausoa bideari egokitzen ikasten, indarrak neurtzen, ikusi eta esperimentatu beharrekoak hautatzen, zenbait aukera, nahiz ederra, baztertzen, ... bidaiatzea eta bidaia bizipen ongarria gauza dadin.

* Esperientziak esaten dio bidaiariari  bidaiaren hondarrean zein labur ikus ohi den ibiliaren luzera; horregatik ez du nahi galdu bidaiako aukera bat bera ere, horregatik ahalegintzen da aukerak, indarrak eta baliabideak taxuz bideratzen.

* Keinuka komunikatzen, isilik egoten, irakasten dizu bidaiak.

* Galtzaile izatea da bidaiariak ikasten duen ikasgaietako bat bidaietan; bidea erratu, museoak itxita aurkitu, kilometro piloa egin merezi ez dituen zerbait aurkitzeko, eguraldiak zapuztu dizun ibilbidea, … ; halaz ere, bazterrak ezagutuz eta herriez gozatuz jarraitzea da bidaiariaren zientzia.

* Porrotekin eta hutsegiteekin ikasten du bidaiariak bidaiatzen, huts egitetik eta arriskatzetik.

* Gezur zinestezinak zirela uste genituenak egia direla erakutsi digu bidegurutzeetako eskarmentuak.

* Geu ere bagarela, eta mundu honetan gaudela ikasten dugu mundura jauzietan.

* Geu ere bagarela, eta mundu honetan gaudela ikasten dugu mundura jauzietan.

* “Hiltzen gara bizitzeko”; naiz, eta kitto, bidaiatzen dugu, beraz, bizi gara.

 

 

Nortasun taxuketa

 “Eutsi beharrean gertatu izan naiz eta oldartu beharrean inoiz – eusteko modu bat baino ez dena ...”

 

* Autokupidaren aurkako antidotoa izan daiteke bidaiatzea.

* Katramila ezberdinek korapilatzen dute tarteka bidaia, baina bidaiatzeko gogoak dirauen bitartean bizipozak indartzen gaitu, ezin guztien gainetik, nahiz zalantzak eta ezinaren mehatxua gertutik bizi.

* Bidaiak hainbat aldiz pasatzen dio goldea haragi bizitik bidaiariari.

* Anaia bikiak izan ohi dira sarri ausardia eta koldarkeria;  ahul eta lotsati zenbait egokieretan, aurre eman beharreko zenbait korapiloetan kementsu, hala joan ohi da sarri bidaiariaren portaera.

* Bakoitzak bere zoroa bizi duen bezala, bidaiari bakoitzak bere antzarrak perratzen ditu.

* Han eta hemen izan izan  gara, eta han eta hemen izan izan garelako  dakigu han eta hemen izan izan garela: bizipen horrek markatzen du bidaiariaren sena

* Denaren gaindi saiatu behar du bidaiariak,  eskerrak horri  ezagutu ahal du mundua!.

* Ahulak dira, bai, ezinaren amarrak, baina ze zailak mozten, bidaietan ere.

* Behin ere ez dakizu zenbat jasotzeko gai zaren, bidaiak erakusten dizu uste baino gehiago jasotzeko gai zarela, uste baino gehiago jasotzen duzulako: bidaiak ezuste asko sortzen baitu.

* Bere hutsunea zer zuziz argituko, bakoitza  bere aldera, bere modura, bere xedera bizi du bidaia bidaiariak, zuzi ezezagun eta erakargarrien bila, ikusmina eta jakin-mina ase asmoz.

* Ez du sekula presioa gainetik kentzen bidaiariak, ezta goxoen dabilenean ere, barne presioa gehienetan. zer, nola, non, nork, noiz, ...; lurralde ezezagunean dabil beti bidaiaria, beti atezuan, lurralde neutrala edo laguna dela jakinda ere, etsairik ez duela jakinda ere.

* Erabat aseko duen zerbait bilatzea noizbehinkako miraria besterik ez da, horregatik  bidaiaria datorkionari egokitzen ikasia da.

* Bidaia, norbera ezagutzeko ikastaro eragilea da; hainbat aldiz ateratzen zaio bidaiariari barnean duen alde kobardea, une hori gainditzean datza hain zuzen, bidaian aurrera jarraitzeko gakoa.

* Mina eta ajeak, kexa eta autosufizientziak uxatzeko terapia paregabea da bidaiatzea.

* Paisaiak, -gizartearena, urbanoa nahiz naturarena- sakon eragin ohi dio bidaiariari.

* Bohemioa eta burgesa borrokan bizi dira bidaiariaren baitan, aberastu egin behar du horrek, baita oporretan asperkizun planifikatuan  urduri dabilenari ere.

* hor dago egon zure aurreko dena zure bidaietako aurkikuntzak erabat baldintzatuz; baina osatu eta zabaldu egiten dute zure mundu hori bidaiek.

* Bidaiatzen ere ikasi egiten da; gidaliburuek eta aholkuek laguntzen dute, baina esperientziak gauzatzen du bidaiatzeko sena bere osagai guztiekin.

*  “il n´y a pas de fatalité exterieure. Mais il y a une fatalité interieure: vient une minute ou l´on se decouvre vulnerable; alors les fautes vous attirent comme un vertige”. Badira halako uneak bidaietan, horiek gainditzean datza bidaiaren saltsa, horietan azaleratzen da bidaiariaren kemena.

* Ausartago izatera bultzatzen gaituzte bide-oztopoek.

“Ni naiz” diogu denok, xumeenek ere, garelakoan; huskeria, zeratxo bat besterik ez, baina izan gara; izatasun hori bermatzen du bidaiatzeak.

 

 

Labirintoan

* “ez dakidalarik, haatik, ni neu labirintoan naizen / ala galduta urkiturik nabilazun labirintoan”.

 

Bidaiako plazerak dastatzeak irrikatzen du ibiltaria, nola aterako den jakin gabe sartzen da ibilbideko abenturan.

* Hamaika segada izan ohi ditu bidaiariak, errukarria litzake gainditzeko gauza izango ez dena. Baina “hemendik ere aterako gaituk” esaten dio eskarmentuak kinka larrienean ere.

* Beldurra atzean utziz, arriskua ohiko bizimodu eta lasaitasuna ustekabearen zain egotea bihurtu behar da sarri bidaia; bidaiaria ohitu egiten da eguneroko zailtasun eta zalantzetara, ustekabea du egunaren piperra.

* Gizamortu bilakatzen zaio, tarteka, bidaiariari liluraz desiratu duen herrialdea, mementua, edo monumentoa.

* Ezina da bidaiariaren noizbehinkako  behazuna, bideak eta egoerak korapilatzen zaizkionean, baina eskarmentuak diotso aterako dela labirintotik.

* Ezusteak dira unerik ederrenak bidaian, ezusteak ere trantzerik zailenak.

* Pentsatzen  ez dituzun  gauza asko jartzen dizkizu aurrean bidaiak, jokabidez aldatzera eragiten zaituen pentsamoldeak eskaintzen dizkizu bidaiatzeak.

* Ezina nagusitzen zaio bidaiariari herri baten arimara hurbildu nahi duenean, edo/eta bizipenak hitzez bildu nahi dituenean: horiek dira bidaiako trantzerik larrienak.

* Barne-erabakiak arintzen ditu bidaiaren oinak, ausardiarik gabe ez dago bidaiarik.

* Begiratzen die bidaiariak bidean dituen herriei, herri langile zapaldu esplotatu hori gai izango ote den kateak hausteko; baina kateak eraginaren indarrez hausten dira, zapaltzaileak ez baitu giltzarrapoaren giltzarik ematen derrigortu gabe.

 

Plazer iturri

* “Izarpean ontzi irauli handi bat gaua”: irudi polita, gauean loa aurreko atsedenerako;  gaueroko pausaldi ilunean,  izarren itsasora so, nabigatuz doa bidaiariaren sen osoa bateltxoa bailitzan: barnean hartzen nauen itsaso barea da gaua, ontzi irauliko gilatik alboetara labaindu den izartxoa naiz.

* Lo aurreko lasaigunea zaio gauerdiko bakardadean atsegin bidaiariari, planetarium ederrena bezain ederra du gauero gau izarniatua.

* Gaurkoan du bidaiariak plazera, biharkoan soa eta ametsa, atzokoaz sarriago eta gehiago idazten eta hitz egiten  badu ere.

* “beste nonbait egoteko gogo absurdoa”: zergatik absurdoa?; beste edonon ez, beste nonbait zehatzean egon nahi du beti bidaiariak, eta horrek egiten du zoriontsu.

* Eman dizkidan ordu ederren eskerrona diot zor herri orori, errespetu handienarekin uzten dut bere egunerokoan, nire bidea jarraituz, egun batetan berarekin gurutzatu ginelako pozik.

* Zoriontasunaren eta amildegiaren arteko marra ikusezinak, aho bizikoak gehienetan,  inguruan ditu bidaiariak ere; sega-potoa ez da etxean ahaztu behar den laguna marrok ebakitzeko sega zorrozteko.

* Atsegina, lasaitasuna, dario bidaia orori, baina aldi berean lehia da bidaia bakoitza, borroka, uneoroko gainditu beharra: bakardadea, hizkuntza ezezaguna, ohitura ezberdinak, …

 

 

Sentipenen errota

Jaiotze bat bezala da herrialdez edo kanpalekuz aldatzea. Mundu berri batera begiak zabaltzea.

 

Sentipenak bor-bor

“Presio leun / baina egiantzekoa  / sumatzen du inguruan”,

 

* Ez du sekula presioa gainetik kentzen bidaiariak, ezta goxoen dabilenean ere; barne presioa gehienetan: zer, nola, non, nork, noiz, ...; lurralde ezezagunean dabil beti bidaiaria, beti atezuan, lurralde neutrala edo laguna dela jakinda ere, etsairik ez duela jakinda ere.

* Gozoki baten inguruan datza ume marokoar askoren unibertsoa, bidaiaria inguratzean; min eman behar lioke bidaiariari umeak belar garraioan, artzain lanetan, … ikustea, eskola orduetan batez ere; min eman beharko lioke emakumeak astoekin parekatuta ikustea;  gozoki-poltsa batekin lasaitu nahi dugu gure unibertso espoliatzailea; horrek behar luke izan bidaiako bidaiariaren arantza.

* Galtzen du bidea bidaiariak, baina beti daki aurkitzen bizipoza non bete sentipena.

* Gogo irrefrenableak bultzatzean bisitatu  ohi dira gusturen bazterrak.

* Itsasmin ohi da bidaiaria, ibaiak itsaso izandako lur-barruko egunen ostean.

* Gozoa da goizero zenbait poema nola dauden paratuta jolasean egitea, eguneko ibilira jalgi aurretik.

* Ezti eta ozpin tantaz egina dago, bidaiariaren bizitza.

* Urduritasuna eta ikusmina ditu bidaiariak,  “ibilira!” barne toles-guneko oihu bati jarraituz lur berri bati branka jartzen dionean.

* Hitz ahoskatuak zein hitz idatziak hutsal geratzen zaizkio bidaiariari sentipen biziak dituen gehienetan, barrua bor-bor duenean; ezinezkoa zaio sentipen biziok adieraztea;  ah, oh, zer da hau, ... eta antzerako hitz totelak, zerbait berezia bizi duela adierazten duten hitz mutuok besterik ez zaizkio ateratzen.

* Maitasuna eta arriskua, bidaiaren bi osagai beharrezkoak, zabiltzan tokiak maitatzeak ematen dio bidaiari poesia puntua, eta arrisku puntuak bizitasun ukitua.

* Askatasun  sentipena, konkista batera zoazen sentipena, … horiek dira  bidaia hasieran bidaiariaren sentipenetako batzuk.

* Aurrez maite ditu bidaiariak mapak marrazten dizkion herriak, liluraz amesten  mendi osteko haranak, bihozmin gozatzen izanen diosalak, …

* Sentimenak izan behar du bidaiariaren zentzumen bizienetarikoa; naturaren, artearen, batez ere gizartearen aurrean; bidaiak ez dira ezer ahazteko, ahaztu nahiko genituzkeen kezka eta bizipen horiei zentzua eman eta aurre egiteko baizik.

 

 

Talaiako ikuspegia

“Nagoen lekutik bi pausotara haste zait herri berri bat”

 

* Maite ditu bidaiariak ikuspegi zabalak, gogoko ditu mendi tontorrak,  gazteluko harresiak, dorreko zabaltza, behatoki eta balkonada diren errepideak, … inguruaren ederra bere osotasunean biltzeko.

* Herri berri bat hasten zaiola errepikatu ohi dio bere buruari inozoturik bezala, muga berri baten aurrean, herrialde berri baten aitzinean: bidaiariaren betiko sentipen kilikagarria.

* Ikusikoez goizean, ikusitakoez arratsean, giza paisaia eta natur paisaia du beti bidaiariak begietan edozein ordutan irekitzen duela ere oroitzapenen leihoa.

* Inolako errezelarik gabe eman behar dio tarteka bidaiariak begirada orokorra bidaiari, begien  aurrekoaz zuzen jabetu ahal izateko.

* Zein luzeak ibilbide motz batzuk!, zein motzak beste luze batzuk!, ibilbidearen eta ibiltariaren aldagaien arabera.

* Mugaz gaindi hega askean ibiliko da bidaiaria, hiztegiei eta gramatikei hautsa kenduz, umoreak eta osasunak irauten dioten heinean.

 

Pozarren

“ Arruta sarri huts egin ohi dut / Oker zuzenduta lema / Ahula baita bizi-faroa / Argitzen duen linterna / Halere garaiz ikusi nuen  / Barkua non bete berba”

 

* Itsasargi asko pizten zaizkio bidaiariari ibilian, bihotza lasaituz eta bidea argituz.

* Ikusminez eman ohi zaio  arribadako diosala herri berriari, tristuraz, aldiz, agurrekoa, bidaiariak baditu bidaia gaitzak, baina ez du zauri herdoildurik.

* Alpeeko tontorretan urtzen ari da elurra, ikusminak ezabatzen du bidaiatzeko beldurra.

* Ekaitzean arribadarako porturik ez duena, portuan batelari beltzaranik ez duena, bihotza inorentzat  zordun ez duena, bidaiari tristea.

* Poliziak fitxa egiten diete bidaiariari kanpaleku bakoitzean, bidaiariak ez du izenik aldatzerik, baina marea berri batekin errepideratzen denean, bandera berri bat hartu  duen pirata dela iruditzen zaio.

* Galtzen du bidea bidaiariak, baina beti daki aurkitzen bizipoza non bete sentipena.

* Erabat nano, ezgauza, kikil, ahozabal uzten gaitu noizbehinka bidaietan  natura, herri, kultura edo pertsona batek, txundidurak jota; baina hori sentipen ederra da.

* Zenbat herritxo umil, xume, baina bera baitan lasai eta bere onean zoriontsu bizi direla diruditenak: honelako ezuste ugari kontrastatu ahal ditu bidaiariak, bizimoldearen eta zoriontasunaren arteko lotura ezberdinak alderatu ahal dira bidaietan.

* Biak jantzi beltzez arren, biek ala biek, bizitza argitzea dute xede, nola apezak hala anarkistak; bidaiaria, aldiz, kolore biziz jantzia ibili ohi da, herrian jantzi ohi ez dituen jantziez, sarri; bizitza argitu nahian hau ere, norbere bizitza argitu nahian, baina.

* Erabat baztertua du bidaiariak asperdura, ez da bere bizitzan sartzen hitz hori, pipia hori sartuz gero bertan behera bukatua zaio bidaia, kilometroak korritu eta bisita asko egin arren.

* Hainbat sits mota ditu etsai bidaiak: asperdura, gehiegi ikusi nahia, herriarekin harremanik eza, harrokeria,  ...

* “beren buruari atsegin emateko dabiltzan bidaiari gehienak bezala berritsu eta zaratatsu ibiltzen ziren zubian  eta ibai ertzean”. Bere buruari atsegin emateko dabil bidaiari asko bideetan. Bere buruari atsegin ematea delako bidaietako helburuetariko bat. Kalakaria izan ohi da bidaiari, pozkorra, zaratatsua  oporraldietako atsedenean.

 

 

Durdurzati

“Eutsi beharrean gertatu izan naiz eta oldartu beharrean inoiz – eusteko modu bat baino ez dena ...”

 

* Fidagaitza izateko joera du bidaiariak, mesfidatiegia, inoren herrian, bera bere buruaren babesle, ziria sartuko dioten beldur, harremanetarako ere kezkaz.

* Elizako atean zein kale ertzean, soinujole kale-gurutzean, ...  eskaleak ikusiz durduratzen zaio anima bidaiariari, eskaleok direlako bere presentziarekin, ohiko kontsumo gai bihurtu dugun arren, bidaiatzea lujo bat dela gizarte honetan salatzen diotenak.

* Goiz orok dakarkio bidaiariari eguneko ibilbideak zein eta nolako amaia izanen duen galdera.

* Lerro tristeak idatziko lituzke zenbait unetan bidaiariak, asmaezinak eta ustekabekoak dira ibilbide baten zedarriak.

* Abentura  sentipenak, ibilbiderako irrikak, astintzen ditu bidaiariaren goizeko nagiak.

* Sarri da irribarrea bidaiariaren babesa.

* Sarri nahastu ohi da bidaiaria nahi eta ezineko sarean.

* Ez zaio ordu ilunik falta bidaiariari, baina berak badaki egunero argitzen duela eguna eguzkiak, eta gehienetan distiratsu.

* Itsasoa bezala, barea gaur, handia bihar, da bidaia,  maria gora eta lasterrera maria behera ibili ohi  da bidaiariaren barrena ere, batez ere nekeak jotzen duenean.

* Errepide zein kale labirintoan galduta bidaiaria, hurrengo herri edo kalera nondik asmatu ezinik; edo jendartean, Diogenes modernoa, gizakia nor ote.

* Beti ohi  da hurrengo egunari buruz kezkati bidaiaria, nondik norakoagatik edo eguraldiagatik.

* Bidaiaria oro geroaldia da prestakuntzetan, presentea bidaian eta iragana etxeratzean, baina apur bat subjuntiboa ere bada, bere buruari zer eginen egoten baita gehienetan

* Bidaietan, herrialde orotan, ikuskizunez gaindi, presoez eta kartzelez gogoratzen gara biziki, ez “bere bihotz barruan betirako kondenatu bat dagoelako”, atzerrian ere bidaiaria herri zapaldu baten kide delako baizik.

* “El viajero ... no poder conciliar dos opuestas voluntades: la de quedarse en todos los lugares, la de llegar a todos los lugares”: lekua aukeratu behar hori!!!; zenbat aldiz.

* Uztekabez, ezbeharrez eta poztasunez zaildutako eskarmentua ohi du bidaiariak.

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/19 08:45
Bidaiari izaera II

II

 

Joanekoa

“Se dice que el barco parado no hace el viaje”

 

Definizioz

“Batetik bestera / bidean beti bidean”

 

* Bidaia-irrikak erre egiten du, jelak bezala.

* Bidaiariak definizioz ezin du errorik bota aberritik kanpo, bidaiari izateari utziko liokeelako, abian doan ur lasterra baita.

* Berezkoa du mugalari izatea bidaiariak, izaera zor dio mugalari senari, mugak zeharkatzea baita berea.

* Hemen gara, hemen ginen, hor izanen gara, ... berenezko bidaiariaren kadentzia.

* Aurrera egin besterik ez du bidaiariak bidaiari izan nahi badu, bidaia mailadi piko luzea bilakatzen zaionean ere, aurrera egitea da bidaiariaren funtsa.

* Ibili dabilena da bidaiaria, hori da bere izaera, aurrera egiten ez badu uko egiten dio bidaiari izateari.

* Bidaiaria, beti bila ibiltzera kondenatua den izakia da izan, beti dagoelako zer berri  aurkitzeko, tarteka irudimenak edo gidaliburuak iruzur egiten badio ere.

* Ibilia, ibiltariaren funtsa eta patua, hala ez izatera ez litzateke ibiltari edo bidaiari.

* Beti aurrera egin behar duen gizakia da bidaiaria; atzera egitea bidaiariaren ukapena da; bidez aldatu soilik egiten du bidaiariak oztopo gaindiezina gertatzen zaionean.

* Helbidez aldatzen doan herritarra da bidaiaria, ikusminaren gaia, jakin-minaren irrika   aldatuz doakion heinean, herriz herri.

* Beti da berriro bidean bidaiaria.

* Geratu nahi baina joan beharra, aldaketa-eguneko bihotz sentipena, agur bakoitzeko begietako tristura, bidaiarena, kanpalekuz zein lurraldez aldatzean.

* Udatiarra bai, baita ere opor zalea, badoa eta dator, bidaiaria badoa baina ez dator, beti doa, herri berri bat du beti amets, barne iratxoek egiten diote beste herri batera dei, beti da lur ederren bat erromes baten zain, bidaiariak  maitasun istorio bat nahi luke hasi beti.

 

Bizipenez

“atzerrian izateak eransten duen halako noraeza berdina”

 

* Joanean beti, etorriko dela jakinean, berriro nora etorriko den oraindik ez badaki ere, beti da nora  etorriko den herri bat bidaiariarentzat, horregatik joan behar du, etortzeko, herri bat amorante egin zaiolako ezagutminetik ernetako maitasunez.

* Geratu nahi baina joan beharra, aldaketa-eguneko bihotz sentipena, agur bakoitzeko begietako tristura, bidaiarena, kanpalekuz zein lurraldez aldatzean.

* Izan ohi dugu egon lasaian gelditzeko irrika. Baina bidaiarena ibilia da. Geldi dagoena ez da ibiltaria, ibiltariak geldi-egonaldiak beharrezkoak baditu ere.

* Ibilietan trebatua da bidaiaria, ofizioa du, baina afizioak ez beste indarrek erakartzen du bidera.

* Hegazti migratzaile eginen gaitu udaberriak, erauntsiak zain baditugu ere.

* Bidaiariak ezin du jakin usteldu arte lo egitea zer den, nekatua arren, ainguratutako marinel lotia izan nahi ez badu deika duen itsaso zabalaren aurrean.

* Baragunean oroitzapenak, beti dago prest bidaiaria  ontzia berriro itsasoratzeko.

* Aldi berean jaistea eta igotzea lakoa da bidaiatzea: beherantz  zoaz   ibilbidea burutzen den heinean, gorantz bizipen eta oroitzapenen altxorra oparotzean.

* Edonon, edozein eta edozeren aurrean dela,  beti dago harantzago bat bidaiariarentzat, baita bidaia bukatutzat eman eta etxera bidea hartzen duenean ere.

* ibiltaria, dabil, harri gaineko ur labaina da, ezinekoa zaio bisitako herrien lur mardulak asetzea.

* Beti du uharte urrunera eramango duen ontziren bat zain bidaiariak, ez dio ezetzik esango,

* “Itzuliko nintzake” dio bidaiariak herrialde bat uztean, gehienetan herrialde horretaz maiteminduta alde egiten duelako, baina herri berri batek liluratzen du jadanik.

* Bazatoz ... bazoaz, ... bazatoz … bazoaz, ... hori da bidaiariaren erritmoa eta esentzia; dator eta doa; itzuliko den esperantzak leuntzen dio joanaren mina.

* Azken elurrak urtzen ari da eguzkia Eiger tontorrean, negura arteko agurra: bidaiariak ere berea du agurra, baina badaki itzuliko dela, zer axola nora.

* Eta doa, eta doa, eta doa, ... bidaiaria, herrialdez herrialde, herriz herri, gizartez gizarte, altxorrez altxor, ... kanpaleku edo hotel batetako erregistroan utzitako datuak dira atzean utzitako arrasto bakarrak, edo zenbait lekutan aukera ematen dizuten koadernoren batetan jarritako hausnarketa edo iritziren bat; doa eta doa, etxeko atean utzi zuen  itzultzerako “ongietorri” irribarretsuak herrimina sortarazten dion arte.

* Bidaiariak ez du ohiko dagoen herrikoekin negar egitea; herritarrena da negar egitea, bertakoena, edo bertako izatera behartuta dauden etorkinena, ez bidean doan atzerritar ikuslearena; gutxitan da herriarekiko solidario bidaiaria, begiratzen du, eta badoa, bestaldera.

* Hegazti migratzailea da bidaiaria, beti ikuskizun edo altxor berrien ikusmin, toki berrien jakin-min, zein bere odei partikularrean beti, inorekin mokoka egiteko baino bakartiago eta ikusminago.

* “Zatoz” da lurralde ororen bidaiariari deialdia, baina oso gutxitan esaten du “zoaz”; lurraldearen “zatoz” hori “zoaz” itzultzen du bidaiariaren ikusminak, “zoaz”a “zatoz” bezala entzungo du barreneko toles-gunetan.

* Izan ohi dugu egon lasaian gelditzeko irrika. Baina bidaiarena ibilia da. Geldi dagoena ez da ibiltaria, ibiltariak geldi-egonaldiak beharrezkoak baditu ere.

* Bidaiatzearen paradisuan bizi izan dena ez da etxeko zerutxoan apurren zain kikilduko,  jainkoa bera ere ez baita bidaiaria, denean omen dago ta.

 

 

Pasoko txoria

“Joan eta joan, zuhaitz / jin eta jin, txori / aldiz joan / aldiz etorri”

 

* Kanpotik etorri eta atzerrian pausatu den hegaztia da arrotza, bidaiaria, aldiz, ibilian doan pasoko txoria, pausatzeko ez asmo ez premiarik gabe; arrotza izanik, ez da arrotza, ibiliko zertzeladek uxatzen dute bidaiariaren bakardadea.

* “Pasabidean, ... / ... / Pasaeran gu, / ... / Pasadizoan / ... / Pasakor denok /... / Pasa-marrari / ... / Pasagarriok“, hori dena da bidaia,  hori dena bidaiaria; panta rei, bidaiak ere.

* Jite ezberdina du edonon bidaiariak, atzerritarrarena, kanpotarrarena, halako noraezarena,  beste galaxia batekoarena ere sarri; jite definigaitza askotan, baina nabarmena; berehala antz ematen zaio, etorkinari bezala, pasoko etorkina besterik ez baita bidaiaria.

* Polizia fitxa egiten diote bidaiariari kanpaleku bakoitzean, bidaiariak ez du izenik aldatzerik, baina marea berri batekin errepideratzen denean bandera berri bat hartu  duen pirata dela iruditzen zaio.

* Inor gutxi gogoratzen da bidaiariaz, errekatxoan irrist egiten duen uraren bezalakoa da, ur tanto bat pasa zela besterik ez daki harriak; bidaiariaren funtsa ez datza herriak aldatzean, bere ikusmina asetzean baizik, baina urak uharriak borobiltzen dituen bezala, bidaiarien oldeak badaki herri baten jitea  aldatzen ere.

* “Ez zuen kale hura ezagutzen”: kale eta errepide ezezagunetik dabil beti bidaietan ibiltaria; ezagutzen ditueneko beti datorkio leku berri batera alde egiteko ordua; toki ezezagunak dira, definizioz, bidaiariaren ibilekuak.

* Hegoaldera goaz gaur, lurralde berria ezagutu irrikaz, ez inondik ihesi; gu geu gara denboraren alaba zontzonak, desio ziren lurrok irudi erreal gauzatuak jadanik, irudiak oroitzapen bilakatuz jada: denboraren alaba zontzonok hegoaldera ihes eginen dugu.

* Ni munduko biztanle egonkorra naiz izan, hil artekoa; handik hemendik, orain bezala, nabilenean soilik naiz bidaiari mundu honetan; munduan bidaiari garela hori beste munduko edo zeru bat saldu nahi digutenen ideia, sentimendu edo jokamoldea besterik ez da, desagertuko banaiz ere.

* "Hemen ni orain, / zu hemen atzo. / .../ Bihar beste bide bat gehiago / eta beste norbait hemen, / akaso": bidaiariaren hausnarketa edozein herri eta unetan; “akaso”rik gabe, pasoko txoriak baikara bidaiariok; badakigu beste norbait egonen dela bihar gu gaur gauden lekuan, gu gaur egon garen bezala atzo beste norbait egon zen lekuan.

* Bizkorrak izan ohi dira gidariak, bizkorrak  oinezkoak bide eta kale gurutzetan, soka mehe horren bila gabiltzanean gure noraoteetan; bizkorregiak harremanetan jartzeko.

* Mila eta bi tradizio izanen dira bidaiako herrietan, mila eta bi kondaira, herriaren kulturaren zatia, ia muina, bidaiariak ezagutuko ez dituenak, ez baita herria, pasoko txoria baizik.

* Lekuz kanpoko txoriak bezala, hala geratu ohi da, hala ikusi ohi dute behintzat, sarri, bidaiaria atzerrian.

* Ume goiztu baten bizipenak dira bidaiariak sekula sentitu eta ezagutuko ez dituenak, irristan baitoa doan tokietan, bizipenok berak sentitzeko eta  besteenak ezagutzeko betarik gabe.

* Udatiarra bai, baita ere oportzalea, badoa eta badator, bidaiaria badoa baina ez dator, herri berri bat du beti amets, sutunkapadek egiten diote beste herri batera dei.

* Inor gutxi gogoratzen da bidaiariaz, errekatxoan irrist egiten duen uraren bezalakoa da, ur tanto bat pasa zela besterik ez daki uharriak; bidaiariaren funtsa ez datza herriak aldatzean, bere ikusmina asetzean baizik, baina urak uharriak borobiltzen dituen bezala, bidaiarien oldeak badaki herri baten jitea  aldatzen ere.

* Kanpotarrak gara ibiltariok atzerrian, inoren auzoan ibiltariak ere bai, mutuak gehienetan, baina inola ere ez gordelekurik gabe dabilen itzala, nahiz arrotza izan.

* Aldaketa eguna, kanpaleku berriaren bila, lotoki berria aurki ezinik,… bidaiariak itzal arrotz jitea hartzen duen unea.

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/15 07:54
Bidaiari izaera I

Bidaiari izaera

 

"Egunero gauzak / eta egunero ni / egunez eguneko / angelu berriz / gauzei adi"

 

 

I

 

Nor bidaiari

"Izenak jarriz / ibili jardun / norbere bizikizun / egunero berriei / beren izenez deituz / jarraitu / egunero estreinatzen  ditugun uneei / izen berriak asmatuz / ekin / ..."

 

 

Nora duena

“Ez du bidaiariak hirira heldu nahi, / bide amaigabeen truke / emango luke bihotza”

 

* Atzerrian erromes dabilen lurralde berriaren maitalea behar du izan bidaiariak

* Pertsona gehienak dira bidaiari, ametsez gutxienez.

* Bizitzako eguneroko erritmoari muzin egiten diona da bidaiaria, errutinaren legeak hautsiz, bizitza beste era batera ahalbideratuz; harat-honat ibiltzean argitzen zaio zorion izpi bat bidaiariari, erdi kontrabandista izan behar da horretarako, bizitzaren bidezidorretan ibiltzen ikasia.

*  "Ez dut ezagutzen" esan eta amestua gauzatzera abian jartzeko gai dena da bidaiaria.

* Bidaiaria izan behar du bidaiariak, ez besterik,  beste gauza bat da zientzialari edo ikerlari bat bidaia bati lotzea bere lanean sakontzeko, bidaia zientifikoan alegia.

* Egun oro, egun osoan joanez, so honi so hari, ikusminak denbora jaten denborari, beti bide joagoz, joanagoz, joanez, ibilbidea ahitu arte, bidaia-kideak eginez, joan eta joan, baina beti bertan, hori da bidaiaria.

* Ezein oztopok ez du bidaiaria geldiarazten, aurrera doa beti, inguruka bada ere, ezerk ez du inora lotzen, aske behar du izan jarraitzeko; nonbaiteko kantu zaharren batek geldiarazten badu, bidaiari izateari uzten dio.

* “Bizi nadin, ni barik, bidenabar / bidaiari ateo baten gisa, …”:  zer da bidaiari ateoa?, ez da bidaia aseptikorik.

* Bidaiaria:  etxatoia edo denda pribilegiotzat duena, bidaiako baldintza sarri nekosoak onartzen dituena.

* Bakoitzak bere baitatik hegan egiten duenekoa da bidaia, bere baitatik hegan egiten duena da bidaiaria; kontsumismoak eraginda egindakoa zerbait ezberdina da: oporraldia edo antzerako.

* Bidaiari  dena, behin ere ez da edonora abiatzen.

* Adiskide eta gordelekurik ez duena, alderrai izanen da.

 

 

Sasitza eta txoria

“Bidaiari ona ez da helmugara lehenbailehen iristen dena, bidean amets egiten dakiena baizik”

 

* Bidaiaria eta presoa, bi egoera kontrajarriren ezaugarri: bidaiaria, kaiolarik gabeko txori hegalaria, ametsak liluraz mamituz herririk herri ibiltari; presoa, ziegako esturan ameslari egonkorra, ziegarik ziega, kartzelarik kartzela, hegan ordez, lotuta eramana.

* Sasitza eta txoria, sasitza eta lorea, alde biak batean da bidaiaria; txoriak biltzen zaizkion sasitza, loreak ernetzen zaizkion sasi-tortoa edo sastraka: elkartasuna, lagunartea, herritarren abegikortasuna, nazioartea, ... mila sentipenen iturri da bidaia, gizakiaren mila alderdi baikor ernarazten zaizkion lur ondua bidaiaria, ostatu zaion herriaren mezu etengabeak heltzen zaizkiolako; aldi berean txoria da bidaiaria, lorea aldi berean, gizarte ezberdin baten kantua, lumajea, koloretasuna, aniztasuna, ikuspegia,  daramalako doan herrira, urrutiko herri baten mezulari delako herri berrian.

* Munduaren zabalean, zabalaren zabala zabalduz, bidaiaria.

* Historiaren galbahetik erortzen den izaki nanoa, ia mikroskopikoa da bidaiaria, horregatik  ahal du munduko eta gizarte guztietako zirrikitu txikienetik ere egin.

* Sarri galdetzen diot neure buruari, kale ezezagunetan ibiltari, errepideko zurrunbiloak irentsirik edo goi-bailarako mortuotan galdurik, ze demontre naizen, ze darabildan edo zerk narabilen bizitzako bideotan; azkenik, bizitza-zirrikituetako labirintuan galtzen naiz erantzun bila; ipuinik gabeko dontzeila, apoarmatu buztinezkoa, hostotza erori bat, ezerezaren hurrengoa, .... baina hor naiz.

* Herrialdez herrialde erromesaldia arnasa hartzea bezain erosoa zaigunean gara benetan bidaiari.

* Bidaiaria ausentea da definizioz, ez du helbide jakinik, baina beti dago nonbait,  ez du nora idatzi, baina  beti du nondik idatzi.

* Ibilbidea azpimarratzeak ez nau bidaiari egiten, baina bidaiari naizelako tindatzen dut mapa marra gorriz eguneko ibilbideari jarraiki, gure kolorezko egunotan.

* Galderak egitean datza sarri bidaiariaren errua, ez galderen formulazioan; bidaiariak berak, galderak egin baino, begiak zabaltzea da egin behar duena; ondoren letozke galderak.

* Inolako begiradarik sumatzen ez duenean dabil eroso bidaiaria, jendartean galduta nahi luke, bat gehiago inguruan: utopia; jakin-min eta begiluze, ezberdinki jantzita, hizkuntza ezberdinez gehienetan, argazki tresneria bizkarrean, pausoera ere bestelakoa, rara avis izanen da erbesteko edonon, bertakoen begiraden jopuntu.

* Arrain sarekada izugarriak gabiltza munduan, kontaezin ahala bidaiari, baina denok gaude fitxatuta, poliziak fitxatuta, hotelean edo kanpalekuan ez bada, telefono mugikor eta banku-txarteletatik denon berri dakite uneoro; gizarte poliziakoan bizi da gizakia, eta bidaiariak ezin dio ihes egin bota dioten sare horri, anonimatuan mundua zeharkatzen saiatu arren ere.

* Bere herrian egin behar da bidaiari bidaiaria, umetako inguruetan eman behar ditu mundua ezagutzeko lehen pausoak, bere herrialdea ezagutuz.

 

 

Ezaugarriak

“Bide luzeak neurtzeko egindako oinak, behatzen artean / hondar latzak eta hauts umilak.

 

Sentikortasuna

“Ez dakit ze egunetan asmatu zintudan, baina seguru nago ez zarela egiazkoa, eta nire neurrira egin zintudala noizbait”

 

* Bidaiari ona ez da asko dabilena, bidaiaren magiaz biltzen dakiena da bidaiari ona

* Une-uneko gorabeherak gaindituta, egoera eta leku bakoitzak eskaintzen dituen aukeraz gozatzeko ahalmena da bidaiariaren jakituri  eta gaitasunetako bat, baina batez ere bidaia  bere osotasunean eta osagai guztiekin asmatzea da bidaiari baten bidaia bateko arrakasta.

* Bidaiaria da batez ere bidaiaria, ez beste ezer, bidaiaz idaztea gogoko badu ere, bihotzean goxoki umatu zaiona izanen da batez ere arrasto  iraunkorra.

* Une bakoitza azkena balitz bezala bizitzen ikasten duen bidaiaria da gehien gozatzen duena, arrapataka ibili ordez, une bakoitzaz gozatuz.

* Hazten den bidaia orok du bukaera, eta zer?; definizioz, bizitzari itxaropenez begiratzen diona da bidaiaria,  egunerokoari gaina hartzen dion bizipozak darama bidaiaria ibilira, bidaia bukatuko dela dakien arren.

* Baikortasuna, bidaiari gozamen punttua gehitzen dion bertutea.

 

 

Nortasuna

"edonolako neke eta edonoizko sorpresak / beratutako jendea".

 

* Baketsua, lasaia eta barea da bidaiaria;  presaka, ur lasterra bezala doana ez da bidaiaria.

* Pazientea da ezbehar denak gainditzeko baldintza nagusietako bat, pazientea behar du izan bidaiariak ere bidaiako mila gorabeheretan.

* Oinak eta bihotza, bidaiariaren zutabeak, harrotutako hautsak eta bizipenen taupadak inon inork egiaztatuko  ez baditu ere.

* Bidaiariak badaki nora doan, nora joan nahi duen behintzat; noiz joan hori izan ohi da  arazoa. Baina jakin, beti daki itsasoratuko dela.

* Gizaki askea behar du izan bidaiariak, buruz eta bihotzez.

* Nonahi behar du izan norbait bidaiariak,  norbait ez den bidaiaria txorimaloa bezala ibiliko da, errari.

* Zer pertsonalena behar du izan bidaiatzeak, taldean joanda ere.

* Noizbehinkako miraria besterik ez da erabat aseko duen ezer aurkitzea; horregatik datorkionari egokitzen ikasia da bidaiaria.

* Desordenu itxuran ere erabat zehaztua eta ordenatua behar du izan bidaiak, emankor izan dadin,  bizitzaren aberasgarri, ibilaldi hutsal bihur ez dadin; puzzle bat da bidaia, egunero, pausoz pauso, osatzen  den puzzlea, leku gutxi behar du izan kasualitateak bidaian, datorrenean, orduan egokitu behar zaio bere lekua kasualitateari.

* Zintzotasunak behar du izan bidaiariaren zerebro nagusia.

* Isilik egotea, bidaiariaren jakinduriaren ezaugarrietariko bat, zuhurtasunaren ondorio beharretarikoa.

* Gida-paperak eta herrietako turismo propagandak irakurtzen ikastea da bidaiariaren lehen beharra,  alferrikako pauso asko eman nahi ez baditu, ez baitator beti ados propagandak diona eta aurkituko duena.

* Dena esana dago gidaliburuetan, interneten, egunkarietan eta enbaxadatako propagandetan, baina bidaiari bakoitzak bere iritzi, ikuspuntu, eta sentiberatasun propioa ditu, begi orok bere antieju propioa.

* Ateria edo euria, barea behar du izan bidaiariaren ibilia, atzerria desterru  bihur ez dakion.

* Nortasuna da sekula galdu behar ez dena, atzerriko itxuraldatzea pailasokeria bihurtzen da gehienetan; bera dena izaten jarraitu behar du bidaiariak degoen tokian dagoela.

* Bitzitza erlatibizatzen dakiena behar du izan bidaiariak, bai bidaiari izateko, bai bidaiaz gozatzeko; egunerokoa absolutizatzen duena ez da bidaiari izateko gai, eguneroko erosotasuna erlatibizatzen dakiena, eta bidaiako egunerokoa absolutotzat ez hartzen dakiena, egun bakoitzeko minutu bakoitza aldagai dela sinesten duena, hori da bidaiaria; asko ez dira bidaiari egunerokoa utziezina zaielako, edo ez dira bidaiari, eguneroko nondik norakoan zurrunegiak direlako.

* Bidaiariak ez du bizitzarik ez osasunik ez ondasunik arriskatu behar, erabili egin behar ditu, besterik ez; mila arriskutan aurkituko da, egoera ezusteko ia ateraezinetan, ausarta izan behar du atakotan, egoera latzenetik ere  aterako dela ziurtasunaren ausardiarekin.

* Bidaian iraun nahi badu, bidaiari atxiki behar zaio bidaiaria; bere lege propio eta bere-bere bidaiatzera lortzen ez duen bidaiariak  laster galduko du bidaiari sena, beste zerbait izanen da, turista edo errari bat.

 

 

Sena

“Egun ederren planeatzaile profesionala”

 

* Bidaiariak bidaia du maiteago txikiteroek tabernatik tabernarakoa baino, telebista zaleak besaulkia baino, politikoek boterea baino, umeek jostailua baino, …

* Izaki zaildua da bidaiaria,

“... beti argi izanik ez dagoela funtsezko helmugarik, bidaiariaren xedea ez baita toki jakin batetik bestera iristea, bide egitea bera baizik, gogoari abagunea eskainiz harremanak eta bizipenak soseguz hausnartu eta barneratzeko”, Hala da.

* Alderaketarik gabe, unean unekoaz gozatzea da bidaiariaren doai preziatuenetarikoa; aldi beran, ikusten ari dena ikusitakoekin parez pare jarri behar du oroimeneko erakustokian, berezko ariketa behar du izan horrek bidaiariarengan, ikusten ari dena baloratu ahal izateko.

* Bizitzako eta bizitzeko filosofia ezberdin batez jabetu behar du gizakiak bidaiari heldu bat izateko.

* Jite ezberdina du edonon bidaiariak, atzerritarrarena, kanpotarrarena, beste galaxia batekoarena ere sarri, jite definigaitza, baina nabarmena; berehala antz ematen zaio, etorkinari bezala: bidaiaria pasoko etorkina besterik ez baita.

* Diziplinatua behar du izan bidaiariak orduetan, arauetan, plangintzan..., bidaia baliatu nahi badu, kontrakoa dator bestela, “ez huen, bahintz, balu, balitz” guztiez gain, “des” guztiak.

* Marinel eta Ulises izaten jakin behar du bidaiariak, Ulises errutari tinko eusteko, marinel, itsasertzetako sirenen ahotsez gozatzeko.

* Ikusbide luzea eta ikusbide motza, biak behar ditu bidaiariak, ikuspegi motza aurrean duen denaz jabetzeko, ikuspegi luzea aurrean duen hori orokortasunean kokatzeko, bere dimentsio osoa emateko.

* “/… / hautsa  bilduz benetako bidaiaren modua”.  Mendikoa izan daiteke hautsa, monumentu aratzekoa, museo lustratukoa, intsentsu usaineko eliza batekoa edo hauts urbanoa, baina oinak behar dute izan bidaiariaren garraiobide nagusia, aurrez kotxez edo hegazkinez lekuz aldatu behar badu ere.

* Aurre aurrean duana baino urrutiago begiratu eta ikusten ez dakien ibiltaria denbora galduan dabilen ibiltaria besterik ez da.

* Daraman eta demaioten oro erlatibizatzen jakitea da bidaiariaren zientzi atal premiatsuena.

 * Bidaiariak, ardotik barau.

* Ausartak hainbat bazter, gertakizun, ohitura eta pertsonaia gehiagoz aberasteko aukera du.

* Hiribildu bateko kalearte bihurriarekin ados jartzen jakitea  da bidaiariaren ezaugarrietako bat.

* Bakartia  da bidaiaria, bidaia-eskaintza “saldo” batetako saldoan sartu ez bada behintzat.

* Bakartia da turista, hori turista izaeraren muinean dago.

* Bakartia izan behar du bidaiariak, ia definizioz, alde egiteko libre beti, eta sortuko zaizkion arazoei branka jartzeko bere gaitasunaz fidakor, laguntasuna beharko eta eskertuko badu ere.

* Anonimatua, ezaugarri berezirik erakutsi gabe ibiltzeko gaitasuna,  horrek izan behar du ibiltariaren dohainetako bat.

* Pausoa, ez ezik, bizitza-erritmo osoa egokitzen ikastea da bidaiariaren lehen ikasgaia; erritmoa aldatzen ez duen bidaiaria bere herrian lez egonen da atzerrian ere, ez da bidaiaria izanen, edonora doala ere atzerriko biztanle berri bat izanen da soilik.

* Musikaria izan behar du bidaiariak zentzumenek eskainitako aieru oro melodia bihurtzeko. Musikaria eta instrumentoa, aldi berean. Kanpoko oihartzunekin afinatzen ez baditu barneko soka eta mihiak, barneak ez badu kanpoko informazioa sentsibilizatzeko fintasunik, musika gutxi entzun ahal izango du bidean, melodia monokorde aspergarria besterik ez  da izanen bere musika.

* Bidaiaria inola ere ez da noraezean dabilen gizakia, tarteka bidegurutzeren batetan galtzen bada ere; gutxitan da etsipenak jota.

 

 

Ikusmina

“Zabaldu begiak gauza onei zein txarrei / eta bereizketa horretatik kanpo dabiltzan / gaueko tximeletei”.

 

* Nolabait hila dago gibelera begira bizi dena; geroko munduaren ilusioz bizi dena ere bai; nora begiratu oraina baduen pertsona da bidaiaria.

* Bidaiaria   buru-belarri minutuka bazterren ikusmin dabilena da, kanpalekuko oporlari saldoa, aldiz, kaleetatik urrun, ordua galduta dagoena.

* Talaia zorrotzak ohi dira bidaiariaren begiak.

* Galderetan kakotua, kirruetan kiribildua, kirioak kizkurtuta, jakin eta ikusmin beti, hala ibili ohi da bidaiaria,  zer nola non nolako, harriturik, asma ezinik, galdezka beti, ... deserrian izaki.

* Entzumen handikoa behar du izan ibiltariak, aldi berean isiltasuna maite behar du, jendartean dabilelako gehienetan; ez da erraza entzumen zorrotza izatea jendarteko nahasian.

* Galdera da bidaiariaren une oroko bizitza, bilatzea, aurkitutakoari buruz galdetzea.

* Abentura zale behar du izan neurri batetan bidaiariak.

* Entzumen handikoa behar du izan ibiltariak, aldi berean isiltasuna maite behar du, jendartean dabilelako gehienetan. Ez da erraza entzumen zorrotza jendarteko nahasian.

* Sentiberatasunez  beteta eraman behar ditu begiak bidaiariak bidaiara, ez bizirik dauden begiak soilik, "begiak irekirik, adimena itxirik" ibili nahi ez badu.

* Bidaiaria beti dago jende eta paisaia berriak ezagutzen. Bidaiariaren muina da ez daukanetik edatea eta daukanetik edaten ematea.

* Hondakinak dira usu bidaiariaren helburu, hondakin horiek gordetzen duten antzinako bizitzaren oihartzuna aurkitzea da bidaiariaren irrika.

 

Ameslari jitea

“Zeren libertatea neguan baitago, baina negu bakoitzak dik bere udaberria”

 

* Bidaietan egunero berpizten gara egoera ezezagun berrietara, mundua eta bizitza  bere erara taxutzen ditu nolabait bidaiariak bidaien bidez.

* Libertatearen amets, egun ibiltarien liluraz bizi da bidaiaria aberriko egunerokoan ere.

* Ahitu ezinak dira bidaiariaren ametsak, bidaia egunak dira ahitzen zaizkionak bidaiariari, eta sosak.

* Badaki ez duela ase dezaken zerurik  aurkituko, baina aseko duen zeru baten bila bezala dabil bidaiaria.

* Hurbila etsiz doaz urruneko herrira so jarriak diren bidaiarion begiak.

* Bidaian, goizero eta gauero opa diogu gure buruari egun eder bat, bai eguraldiz bai bizipenez.

* Beti dugu bidaiaren bat asmo.

* Ameslari izan behar du bidaiariak, bestela ez da bidaiaria, dabilen bat baizik.

* Zer ikusiko amets abiatzean, dakusanaz ibilian,  ikusitakoaz itzuleran, amets bidaia aurretik doan herriaz, amets bidaiatzean, amets bidaia ondoren egon den herriaz,  definizioz da ameslaria bidaiaria.

* Itzulera-itxaropenak errazten du bidaia-ametsa.

* Irudimenak ere laguntzen du, bidaietan gutxienez.

* Bidaia sekula ez da amestutakoaren adinakoa, baina etxean geratu denaren ametsa baino oparoagoa bai.

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/12 11:05
Bidaiatzea IV

IV

 

Denbora

“Oro doa / oro dator / orain, beti”

 

 

Joanaren gurpilean

 “Eta egunak haizea bezala pasatzen ziren”

 

* Utz beza denbora bere horretan bidariak egoneko zein ibiliko begiratuan inguruaz goza nahi badu, bestela denbora neurtu, mugatu eta bideratuz bazterrak ikusi besterik ez du eginen.

* Zaila da neurtzen bidaiako denbora.

* Luzea ikusten da haseran bidaia, ia lipar bat bukaeran.

* Hasierakoak dira beti ordu luzeenak bidaietan, bidaia bideratzen duzun arte, bidaiak  bere erritmo propioa, pausoera berea, hartzen duen arte; zuk ez diozu bidaiari erritmoa jartzen, bidaiak berak ezartzen dio bere erritmo propioa bidaiariari.

* Errekaren joanaren alderantzizkoa da bidaiako bizipenen korrontea: lasterrean doa hasieran erreka, oraindik errekasto, presaka bezala itsasoa urruti dakusalako; baretu egiten da itsasora urreratu ahala; geldoa iruditzen zaio pausoa  hasieran  bidaiariari, urrutiko ikusminak irrikatzen duelako, lasterregia, aldiz, azken egunak, amaiera heldu zaiolako; antsiaz bizkortu nahi lituzke bidaiariak lehen egunak, etsipenez mantsotu azkenak.

* Hasten den orok du bukaera: bidaiek ere.

* Egunero doa, pausoka pausoka, mozten bidaia, ibilitakoaren marra luzatzen doan heinean mapan.

* Bidaiak, bat bukatu, bestea asmatu. Bukatu egin behar du bidaia batek, beste batetara hegaldatuko bagara, bidaia bakoitza beste baten metamorfosia delako.

* Haizea bezala joan ohi dira bidaia egunak, bizigarriak baitira.

* Beti irauten duten oraina dira zenbait bidaia, hain iltzatuta geratzen baitira oroimenean, ordukoa oraina balitz bezala.

* Bidaiaren hasieran inoiz ez da arazoa bakartasuna, ez da arazoa zure girotik kanpo, gizarte berri batetan, zeure burua  ezberdin eta bakarti ikustea; herrian ez bezalako erritmoa du bidaiak, orain biziagoa, hurrengo motelagoa,  bidaia motaren arabera; bidaia bakoitzak, -sarri bidaiako egun bakoitzak-, du bere erritmoa; erritmo hori hartzea da zailena; hori hartutakoan beste dena elkarlotuz doa, bakartasunari lekua kenduz.

* Bidaia bideratzen duzun arte dira luzeenak bidaiak,  bere erritmo propioa, pausoera berea, hartzen duen arte, zuk ez diozu bidaiari erritmoa jartzen, bidaiak berak ezartzen dizu bere erritmo propioa.

* Hemen gara, han ginen, hor izanen gara, ... bidaiariaren berenezko kadentzia.

* Dena ikusi nahi luke bidaiari hasi berriak, lehenbailehen ikusi ere, harat hona gelditu gabe, dena esperimentatu, denaren berri izan desioz; zailduaz doan heinean, baina, bidaiatzeak ezartzen dituen barne arauak ikasten ditu, bidearen arnasa ezagutzen du, pausoa bideari egokitzen, indarrak neurtzen, ikusi eta esperimentatu beharrekoak hautatzen, zenbait aukera, nahiz ederra, baztertzen, ... bidaiatzea eta bidaia bizipen ongarria gauza dadin.

* Orduak  berdinak arren, ezberdin neurtu eta bizitzen ditu orduok bidaiari bakoitzak.

* Gozakaitz doa luze doakion bidaiariaren arratsaldea.

* Denbora mende izatea da bidaiari izatearen baldintzetako bat, denboraren menpe harat-honat korrika, egitarauaren edo hitzorduaren esklabu dabilena ez da bidaiaria, gehienez bisitari presatia.

* Bidaiako orduek ez dute abiadura bera, are gutxiago antzua.

* Neurketa arraz ezberdinak ditu bidaiak, denborarena izan ohi da sarri, baina bidaiariaren abiadurak beste neurketa batzu ditu, bizipenekin, emozioekin, koloreekin, harremanekin … neurtzen  dena.

* Muga eta eduki ezberdin ugari ditu denbora zein denboraren konzientziaren esparruak; denboraren kontzientzia galtzea da bidaiariaren dohainetariko bat, bazterrei lasai begiratzea; hurrengoan, aldiz, aro zehatz batetan kokatu behar du ikusten ari den artelana edo naturaren bitxikeria, ulertu nahi badu; hurrengoan, aldiz, duen denbora egoki administratzen jakin behar du ahalik gehien eta ondoen bazterrak ezagutzeko; hurrengoan, aldiz, …

 

Denboraz kanpo

"Oi ene!. Non da galdu behar nuen / erlojua?"

 

* Izaneko aztarran eta oroigarrien aurrean instant bat bezala gerta eta gertutu ohi zaio denbora bidaiariari herrietako labirintoan ikusmin.

* Denboran  gelditzerik ez da, baina bizitzaren denboratik aldi baterako jaistea bezala da bidaiatzea, estazio batetan trenetik jaistea bezala, tarte baten ondoren berriro egunerokora  igotzeko.

* Erlojuaren pendulua geratzea bezala da bidaiatzea; geldiune birtuala agian, baina psikologikoki erreala.

* Bidaia istant  laburreko bizitza da, tarteka eternoa dirudiena.

* “He aquí la buena filosofía: todo es viaje. Es viaje lo que está a la vista y lo que se esconde, es viaje lo que se toca y lo que se adivina, es viaje el estruendo de las aguas cayendo y esa sutil modorra que envuelve los montes”; etxetik irtenez gero dena da bidaia: ibilia eta egona, gozamenak eta erneguak.

* Zita eta agurra, bidaiariaren esentzia herriarekiko eta herriekiko, binomio ekidin ezina; hala ez balitz ez litzateke bidaiaria izanen, agian etorkina, negozio bisita, ...  Bidaiariaren agurra ezkutua izan ohi da, zita ere isila ohi delako; kaixo-agurren erritmoa da aldagai bakarra.

* Presaka burututako bidaia erdizkako bidaia da. Bidaiak bere denbora eskatzen du. Presatiarraren bidaia lasterketa bat bezala da.

* Informazio on bat dago bidaiaz gozatzetik denbora galdura dagoen aldea.* Lehena, oraina eta etorkizuna elkarri deika ibili ohi dira bidaietan.

* Denbora galdu alde, bidaiaren helburuetako bat izan daiteke.

* Egunerokotasunetik atera asmoz irensten zaituen zurrunbiloa da bidaia.

* Ez da behin betiko bidaiarik, bidaia oro bukatzen da, bidaiatzea da behin betikoa, bidaia bakoitzak beste bat dakarrelako ondoren berarekin.* Bidaiak bere denbora propioa du bizitzaren erritmoan, bidaia beraren erritmoan, bidaiariaren barne erritmoan ere; bidaiariak jakin behar du noiz den bidaiara ateratzeko garaia, noiz bidaiak behar duen pausaldia, zein behar duen ibiliaren taupada, noiz den bidaia-mota aldatzeko garaia, baita bidaien garaia noiz bukatu den ere, bidaiak bere denbora duelako.

* Egunak beti doaz aurrera bidaietan ere, duela guti hain han ikusten genuen Bretainia Handia dugu gaur hemen.

* Zer asko egin beharra sartu ziguten muinetaraino gaztetan, denbora gutxian zer asko ikusi beharra da bidaiarion filosofia  ere, denbora eta sosei etekina atera beharra; denboraren neurria non, hor datza bidaiako zoriona ere.

* Zenbat aldiz luzatu zaigu ibilia kale-arteetan bide laburraren bila.

* Gehienetan du aurka denbora bidaiariak; begirada ia bakar baten bidez bildu nahi ditu  gizaldietako artelanak eta kultura, epe labur batean bereganatu herri baten gaur egungo ohitura eta jokamoldeak.

* “Mirar cien cuadros puede destruir el provecho y el placer que uno de ellos daria”: bidaiariaren arazo nagusienetarikoa: denboraz urri, asko ikusi nahi du.

* “egin beharrik gabeko nire denboraren askatasunera”: horrelako uhartetxoak bilatzen ez dakiena bazterrak ikusi beharraren beharrean itotzen da.

* Gehienetan du aurka denbora bidaiariak: begirada ia bakar baten bidez bildu nahi ditu  gizaldietako artelanak eta kultura, epe labur batean bereganatu herri baten gaur egungo ohitura eta jokamoldeak.

 

 

Bidaia-erak

“Lasaigarria, / bestalde, / karterarik gabe / lasai asko / bizi zaitezkela / jakitea” 

 

* Errekaren joanaren alderantzizkoa da bidaiako bizipenen korrontea: lasterrean doa hasieran erreka, oraindik errekasto, presaka bezala itsasoa urruti duelako; baretu egiten da itsasora hurreratu ahala. Geldoa iruditzen zaio pausoa  hasieran  bidaiariari, urrutiko ikusminak irrikatzen duelako, lasterregiak, aldiz, azken egunak, amaiera heldu zaiolako, antsiaz  bizkortu nahi lituzke lehen egunak, nostalgiaz mantsotu azkenak.

* Egunsentiarekin jaiki, ilunabarrarekin oheratu, bidaiariaren legeetako bat, baina badira gauak ezagutzeko bidaiatzen dutenak; bidaiatzeko modu bat, beste mundu bat ezagutzeko modu bat.

* Hurrengo kukua non entzungo izaten da urtero udaberriko bidaiariaren jolas bat.

* Aukera aukeratua mila aukera galduen ama da; hautapen bakoitza morroiloa da, mila aukerei atea ixten die, beste hainbesteri zabaltzen; mila aukera dituzu, zuk zeuk aukeratzen duzu bat; ez izan damurik, edozein bidaia aukeratu, bidaiatzea aukera bikaina da-eta

* Presoen gartzelarik gartzelarako traslado ankerrak eta senideen asteburu bakoitzeko gartzeletara joanetorri nekosu garesti arriskutsuak dira gizartearen inolako bulegoetan ez iragartzen ez agertzen diren bidaiak.

* Zeru goi-goian pasako dira Euskal Herritik udazkenean kanpalekuko belartzako zozo saldo antolatuak hegora bidean eskopeteroen  mehatxupean; bidaiak, aldiz, pospolo kaxan preso edo burdinazko txori erraldoiaren erraiek irentsita egiten du mugaz-mugakoa, autobide edo aireportuetako bidelapurrei zerga ordainduz.

* “paralisia eta gehiegizko mugimenduaren artean dago bizitzaren lerroa: abentura”: bidaia bakoitza da ezberdina, bidaia bakoitzeko egun bakoitza, egun bakoitzeko ibilbide bakoitza, ibilbide bakoitzeko bizipen bakoitza ere; eguneroko egun, ordu eta sentipenak baino ezberdinagoak, horregatik dira egun kitzikagarriak.

* Bidaia egunetako bakoitza bera eta ezberdina da, baina inguru berdinean luzaro jarraituz, antzerakoak izaten hasten dira.

* Bidaiatzeko era ezberdin bat da nomadena, bizibidearekin lotuta ia beti bere harat-honakoa; barne arauz lotutako bizitza gainera. Trotamundosena da beste bidaiatze  modu bat, baldintza  bereziko nomadak dira, baldintza oso gogorretako nomadak gehienetan.

* Gehienok egunezko bidaiariak gara; baina bada besterik ere; bada gaueko bidaiaririk, bidaiariari gautarra, gaueko herriak, eta herriak gauean, ezagutzea gustatzen zaienak; baina ez dira gautarrak, herri bat gauez ezagutu nahi dutenak baizik, gauekoa ere herria baita; egunekoa bezainbat; leize zuloetako bidaiariak ere badira.

* “Viajero competente es aquel que solo va por malos caminos cuando no hay otros, o una razón suficiente le manda que abandone los buenos”: zenbat bide gaizto gure bidaietan!.

* Irten eta ibili, unean uneko ibilbideari lotuz da zenbaiten bidaiatzeko era, bada bidegurutzean nora hartu zotz egiten duenik ere; zenbaitzuk bidaia agentzien esku uzten  dute nondik norakoa; beste batzuei aurrez planifikatzea gustatzen zaie pozkida inoren esku utzi gabe.

 

 

 

Kontrabidetik

“Itsutasuna, gidari txar”,

 

Zentzutasuna

“turismoa zen, ezbairik gabe, herrialde hartako euskarri ekonomiko bakarra”.

 

* Bidaiak ezin du izan ibilaldi militar bat, mandoek erabakitako, planifikatutako ibilbidea; hausnartua eta zehaztua egon behar du bidaiak, baina etorriko diren aukera guztiei irekia; bestalde bidaiaria ez doa ezer konkistatzera, irabaztera, menderatzera, bera konkistatua, irabazia, liluratua izatera, lurralde berriaren maitale bihurtzera baizik.

* Bada zenbait gizaki bidaiaren aitzakiaz jendartean egotea bilatzen duena, taldeko bidaia moldea aukeratuz, edo erromes uholdeak dabiltzan turismo-santutegietara joz; bidaia konpainiak baliatzen dira, sarri, sen horretaz bezeroak erakartzeko.

* Bide berririk ez du eskaintzen berenez bidaiak, bidaiariak berak aurkitu eta egin behar du bide berria; “gutaz eginiko tunel zahar” honen bestaldeko muturra estaltzen eta oztopatzen zaigunean bide bila abentura bat hastea, hori da zenbait bidaiariren arazoa.

* Leher eginda ibili ohi da bidaiaria egun mugatuko bidaietan, batez ere gidaren esanera dabilenean; bestelakoetan ere norberak jartzen dio sarri muga urruna bidaiari, egun, kilometro  eta ikuskizunetan luzatuz, baina gozamenerako uneak behar duen patxada murriztuz.

* Kanpinetako txabolatxo eta etxatoiak  txaletxo bihurtu ahaleginak erakusten du zapalduaren  errealitateari ihes egin nahiaren ahalegina.

* Ekarpen ekonomikoak ez ditu turismo-guneetako erraldoikeriak zuritzen.

* Bidaiatzea xede ez den bigarren helburu nagusi bat jartzen zaionean bidaiari, ez da bidaia soilik; ikerketa, merkataritza, bizibidea, abentura, …

* Nora garbirik gabe bidaia batetara abiatzeak  abentura du helburu, edo errari izanen zara.

* Toki guztietan  eta inon ez du etxea bidaiariak, baina jakin daki zain duela bere jatorri-etxea; bidaiaria ez da jira-biraka dabilen norarik gabeko nomada soila.

* Begiak zabalik lo, hori da bidaiariaren arriskuetariko bat, edertasunez bildurik turismo eskaintzetara soilik mugatzea.

* Noiz itzuliko den jakinaz joaten da bidaiaria txangora; noiz itzuliko zaren jakin gabe joatea, ihes egitea da.

* Agerian uzten dituzte bidaiek bidaiarien munstrokeriak eta bidaiari munstroak; gutxitan deskribatzen badira ere.

 

 

Itoa

“Ahantzi gabe xedea ez dela / ba dela Itakarat iristea / -iritsi, zeharo, ez baita iristen inorat- / bidaian ematea baizik”

 

* Pobreak, -behin etorriko-  dena ikusi nahi du bidaian, lanean bezala, destajoan bidaian ere: pobrea, beti nekatuta, oporretan ere.

* Bidaiariaren galbidea da ibili zoroa. Helburu zehatza, -helbururik eza izan daiteke helburua, baina beti helburua izanen da-, plangintza bat, nahiz zabala, eta diziplina gutxienezkoa beharrezkoak dira bidaietan ez galtzeko, ibilia antzu ez gertatzeko.

* Atsedenaldi bat da bidaia bizitza-lasterketan, utopiara saioan. Aldiz, bidaia bera da  utopia askorentzat.

* Bidaia ederrena ere gogaikarria da luzeegia bihurtzean. Ibilbide bakoitzak bere neurria du. Herrimina eta etxerako sena irrika bihurtzean hobe bidaia bukatu. Nomada bihurtu nahi ez bada.

* Bidaiariak badu bidaia betebehar bezala erabiltzeko arriskua, ibilia bera, edo bazterrak zein artelan edo pertsonak ezagutu beharra  helburu bezala jartzea, programa bete beharra alegia, dena ikusi nahia, azkenean bidaiaren esklabu bihurtzea, bizitzaz disfrutatzea helburu nagusi jarri ordez. Bizitzaz disfrutatzea behar du izan bisitaren helburu nagusia, herrialdeez gozatzea, bestela lana bera bezain aspergarri eta nekagarri bihurtu daiteke bidaia.

* Mugetako langak, kanpalekuko datu biltzea, banku-txartelak, … Goitik behera kontrolatzen gaituen gizartean bizi garela erakusten du bidaiatzeak, eta ezin garela aske ibili.

* Aske bizipena duen arren, mila eratara kontrolatuta dago bidaiaria, Orwelen  asmakizuna huskeria bilakatu da.

* Zenbat protokolo duen bidaia inguruko propaganda koloretsuak.

* “Maiz baina aldiko gutxi”, horrelakoa behar du bidaiariaren programaketa; egunero zertxo bat, arrapatakarik gabe, antsiarik gabe; egun osoan gelditu gabe, ikusi beharraren beharrez, gogoa aspertu, pausoa nagitu, ikusitakoa irristakor bihurtu besterik ez da lortzen; gehiegiak oka dakar berarekin, ikusmina asetzean ere.

* Erosi egiten ditugu gaur egun bidaiak ere: salgai jartzen dituztenentzako diru-iturri dira bidaiak.

 

Zertzeladak

“-Nora zoaz, bidaide? / -Nik dakita!”

 

* Kanpalekuetan ere emakumearen rola errepikatzen da; nabarmen, etxean bezala: umeekin, janariekin, gizonen rolaren kontrastearekin, ...

* Sentiberatasun gutxi erakutsi ohi dugu bidaiariok herritarrenganako, errukia edo mesprezua, sarri, beti gure argazki makinekin, besteen intimitatea urratuz.

* Aurreiritziekin doan bidaiariak xarma erdia kendu dio bidaiari.

* Bidaia bakardadea aldatu alde hasten duenak bakardadean eginen du bidaia, bakardadean itzuliko da etxera, bakartiago akaso.

* Bidaiak ez du bebarrurik; bada bidaia bebarruan egiten duenik, bebarrukoa bidaiatzea bada.

* Asko dira bidaiara atera eta oporraldian bukatu dutenak.

* “Turistak,  berriz,  ez ziren ezertaz ohartzen, botoiak sakatzeko robotak ziruditen” Bidaiatzea al da turismoa?. Izan daiteke. Baina horrelako robota bihurtzea denean, ez.

* “Nik hainbeste diru izango banu … beti hortik zehar ibiliko nindukek, munduaz gozatzen bidaian. Ez nindukek inoiz geldirik egongo, beti bidaian”: hori da jende askok bidaiatzeaz duen iritzia, horiek aspertu egiten dira gehienetan bidaietan, edo herrian geratzen dira bidaiatzeko dirua eta aukera izanda ere, herrian sustrairik bota  ez duena da beti kanpoan lebilkena.

* “Etorkin bat bota nuen lorategitik / etxeko  hesia zeharkatu zuen / zuhaitz baten pean lo egiteko”.  Mendebaleko gizarteak bota egiten du bizibide erosoago baten bila  datorren atzerritarra, turistarentzatz apaindutako lorategitik.

 

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/08 09:58
Bidaiatzea III

III

 

Ezpalak

“Bidea luzea da, bai / nahiz han-hemen batean den jorratzen / auzia bidaiari izatean datza / osorik, bete betean / arnasarik galdu gabe zalantzaren  osin beltzean / ..... / bidaia luze / laburra da / poz eta minez zeharkatua / eta joan, beti zoaz bakarrik”

 

 

Barne-giroa

“Bihotzak egiten digu zaunk / inongabeko errefuxiatu garelakoz”

 

* Ikusminez eman ohi zaio  arribadako diosala herri berriari, tristuraz, aldiz, agurrekoa; bidaiariak baditu zailtasunak bidaian, baina ez du zauri herdoildurik.

* Bidaiako lurraldea  du oraina bidaiariak, ibilbideko bizipenak dira  bizia berria.

* Heldu artean dena da ikusmin bidaietan, dena gozamena heldutakoan, dena oroitzapena itzuleran.

* Bidaiatzea ez da beti zoriona, baditu nekea, ezinaren eta amaituaren pena, … baina alde ona nagusitzen ohi zaio gehienetan, batez ere bidaia bukatu ondorengo oroitzapenetan

* Inongabeko errefuxiatuak garen sentipena garela sentipenak egiten digu zaunk bidaietan, bidaietan beti dugu tentsio puntua.

* Ustekabea bidaiariaren sentipen sarria.

* Egia berri bati jarraiki doa beti bidaiaria, herri bakoitza baita egia berri bat bidaiariarentzat, bizitzako bizialdi berri bat.

* Sarri uzten gaitu larru gorritan bidaiak!.

* Sarri nahasten zaizkio bidaiariari atzoa eta gaurra, nahaspilatzen zaizkio herriak, hiriak, herrialdeak, artelanak non zer ikusitakoa, non norekin egon zenekoa, ...; bidaia bakoitza istorio bat da, beste istorioekin gurutzatzen dena, berdin da atzo edo aspaldi gauzatu zen.

* Begietatik dator bidaiariaren uzta oparoena, barneak eho behar du ondoren elikagai ongarri bihur dadin.

* Bidaiaria, baina, ez doa bakarrik, nahiz behin behinekoa bisita herrialdean, aberri-kide sentitzen baita, behin betirakoa, bere aberrian.

* Bidaiaren plazera ezerk ez inolako tristurak lausotzea behar du izan bidaiariaren jarrera landuena.

* Eguzkiarekin idatzi guranahi luke ibibidea bidaiariak, geriza eta bere  ziluetak ikustea maite baitu bidaietan.

* “Kalean gora / kalean behera nindoan / kantuko zezena gogoan / Gipuzkoako herri bateko kaskoan”: halakoak dira bidaiariaren kalearteko ibiliak.

* Edozein bidaia eta edozein herrialdetan, beldur dio bidaiariak poliziari.

* Inguru batetik aldegitean gelditu nahi genuke, gelditzean alde egin.

* Gustura geratuko luke bidaiariak zenbait unetan erlojuaren orratz handia, edo txikia, edo biak, une goxoetan zein gorputzaldi txar batek eragitean, bidaiak badu orratzok gelditzeko aukera. egoera luzatu, ibilia patxaratu, edo egonean pausatzeko aukera.

* Kanpalekua, eta kanpalekuan kokagunea, aurkitu ezinean ibili ohi da sarri bidaiaria: urduritasuna dakar kanpalekuz aldatzeko egunak.

* Isiltasuna irtenbidea balitz zenbat erraztuko litzaioken bidaiariari hainbat ulertezin korapilatsu, baina isiltzea, ihesbidea da  gehienetan, beste gauza bat  da zuhurra izatea.

* Bidaiako lurraldea du oraina bidaiariak, bizipen berriak dira arnasa pizgarria.

* Beldurraren etxean ez dago txangorik.

* Barne erabakiak arintzen ditu bidaiaren oinak; ausardiarik gabe ez dago bidaiarik.

* Bidaiak sortzen ditu  logura hiltzen duten zein logura sortzen duten kezkak.

 

 

Baldintzak

“... gidaliburuetan ez da leizerik ez osinik ikusten baina bidaian doanak era guztietako zulo beltzak topatzen ditu”

 

* Gogoa da bidaiatzeko behar den osagai bakarra, denbora eta dirua ondorioz datoz.

* Bidezidor eta aitzineratze presatirik gabe, pausoka-pausoka, bide guztia korrituz egin behar dela bidaia; nekeak eskatutako atsedenaldiak direla onargarriak, bidaiaz gozatzeko baliagarriak; asko direla bidaiara atera eta oporraldian bukatu dutenak: hori dio esana bidaiariari eskarmentuak.

* Alboan daramazunarekin bizipenak konpartitzea da bidaietako modu bat, alboan eraman soilaz sarri, hitzik gabeko sentsazioz azpila konpartituz, konpartituak izan behar dutelako beti bidaiak; poeta izaten ikasi behar du bidaiariak, biziki, argiro eta sentikor, sentipenak eta hitzak korapilatzen dakien poeta, bizipoza  eragiten dakiena; nahiz isilean, maitea nolabait hurbil edukitzeko.

* Bidaiak badu deserriaren ukitua. Horregatik bidaiak borondatezkoa behar du izan, aldi mugatukoa eta askatzailea.

*  Gutxienezko arau batzuk ezarri behar dizkio bidaiariak bere buruari, ibiltari erratua ez ezik erraria izan nahi ez badu.

* Ez dago ezer definiturik ez bidaia aurreko galderetan ez bidaia ondorengo erantzunetan.

* “Jan ala jana izan”, bidaiariak sarri hartu behar izaten duen erabakia, batez ere etxatoia trafiko zurrunbiloak irentsi duenean edo kaledi korapilotsuetan, noraezean, sartu garenean…, “aurrera!, betor goia behera nahi badu”.

* Bidaietan ez da paturik; prestakuntza eta esperientzia dira patuaren ordezkoak, horrek baldintzatuko du  gerta beharrekoa, gertatzen denean gertatzen dela.

* Era guztietako zulo zulo beltzak topatzen ditu bidaiariak, eta gutxien usten denean!. Bidaiaria ezin da behatokitik jetxi.

* Bidaiatzearen ederrena, emaitzarik ez diogula eskatzen, ez diogula eskatu behar ere; bizipenetan datza emaitza, ibilia bera da emaitza handiena.

* Bidea egin ahal izatea soilik eskatzen du bidaiariak,  bolbora umela edo lehorra bidaiaren aldagaiak besterik ez da.

* Arina behar du bidaiariaren batelak, zorrotza largabistak, kostan utzitako kandelak uhinek itzal ez ditzaten.

* Etorkizuna gauza segurua delakoz egin behar ditu planak bidaiariak, geroak erakutsiko ditu erakutsi beharrekoak.

* Oso serio hatu behar da bidaiatzea, bidaia bakoitza ere.

*  Gutxienezko arau batzuk ezarri behar dizkio bidaiariak bere buruari, ibiltari erratua ez ezik erraria izan nahi ez badu.

* “Hire ariman etsipena duk / porrotaren lekuko isila / jakin beharko hekien / ausardia ez duenarentzat / debekatuta dagoela bidaia”. Ausardia baino erabakia behar da bidaiatzeko.

 

 

Eusgarriak

“... gidaliburuetan ez da leizerik ez osinik ikusten baina bidaian doanak era guztietako zulo beltzak topatzen ditu”

 

* Egiaren erdia saltzen dute gehienetan bidaia eskaintzek, ondorioz gezurra iruditzen zaio bidaiariari egi-erdi hori ere.

* Inguruaz gozatzea du zeregina bidaiariak edonon esertzen denean; agian, arkakusoak hiltzea besterik ez da hori ere, ezerezari begirada da hori ere, bizitzako frustrazioen ondorioa, besterik ez, agian.

* Gizakiak bere neurrira, bere hutsuneen neurrira, asmatzen dituen bizitza-aldaketak dira bidaiak, bizitzeko makuluak,  neurrira asmatuak ezin badira izan ere sarri, bizitzako asmakizun guztiak estaltzeko gai ez badira ere, min eta gorabehera guztiak azaleratzen badizkigute ere, ezinbestekoa zaion makulua dira bidaiak gizakiarentzat, ezinbestekoak ditugulako makuluak bizitzeko.

* Letra asko ikasi ohi du bidaiariak branka arrotzetan, hanketako munduraminak eramaten du izen gazien haizetan.

* Udaberri baten lehertzea izan behar du bidaia bakoitza bidaiariarentzat.

* Existitu izanaren harrotasun kontsolamendua ekarri izan ohi dit bidaiak, tarteka hala-moduzkoa izan bazait ere gizartea.

* Bizitzaren ezaugarrietariko bat da bidaiatzea, bizitzeko era bat; ez da izanen literatura baina literaturan sustraitutako biziera: literatura da herrien ezagupenaren euskarri nagusienetariko bat, eta literaturan uzten ditu bidaiari askok bere bidaiako bizipenak.

* Ziurtatu egiten dizu bidaiatzeak beste mundu bat ere badela, irakurri-entzunak baieztatu edo gezurtatuz, begiak eta gogoa herri berriz asez; egia benetakoa bihurtzen dizu bidaiak  egia besterik uste zenuena.

* Munduari leiho irekia da atlasa, arruta kaier kilikalaria gidaliburua,  amets txinparta bidaia-liburua, leiho ireki bat etxeko portuan.

* Hirietako planoak eta herrialdetako mapak dira, eguzkia ere  lainotuta ez dagoenean, bidaiariaren iparrorratza.

* Bidaia erosten duenak kendu dio pipermina bidaiari; bidaia orori utzi behar zaio ezusterako zirrikitua; agentzien esklabo izan gabe.

 

 

Bidegurutzeetan

“usteari ustekabea darraio noizbait”

 

* Hor gabiltza gu ia egunero bidegurutzeren batetan galduta, nora joan nahi dugun dakigula baina nora goazen ez.

* Altuegi dagoen zerua iruditzen zaio bidaia bakoitza hasieran, baina, abian jarriz, eskuratu duen kometa bihurtzen zaio, zeruetan jolas.

* Begiluzearenak, nekatuarenak, jakin-minarenak, elkartasunarenak, herriminarenak,... dira gure lorratzak bidaiotako karriketan, jendartean murgildurik, biziaren itxaropenez:  bizitza aurrera doakigun seinale

* Mundua haziz, zabalduz, doakio eten gabe bidaiariari, bide berriak zabaltzen zaizkio, baina ibiliaren heinean mundua murriztu ere egiten zaio.

* Mapa eskuan, nora jo zaudenean, zenbat zalantza eta urduritasun!.

* Sarri engainatzen da bidaiaria  mapa eta planoekin.

* Kalerik bihurrienak dira zuzenenak sarri bidaiariarentzat; herri-bide zuzenenak, aldiz, labirinto asmaezinenak; une ederrena bihur dezake  infernu huskeria batek, gettingouta denboraren esku utziz.

* Ederra da bidaiariarentzat bide ezagunak utziz norberak prestatzea ibilbideak, bide berriak aurkitzea, bidaiak eskaintzen dituen ezusteen bila, abenturari zirrikituak utziz; zoragarria da errepideko sarean edo kaleko labirintuan kontzienteki galtzea; inola ere ez da atsegina bide okerretik jo eta noraezean galduta ibiltzea, hori bidaiariaren amorrazioetako bat ohi da, baina horrek ere bidaiako osagaietako bat behar du izan.

* Bidaiatzeak eskaintzen duen aukeretako bat da itsasoa. Aukera ederra

* Kolore eta musika nota ugari asmatu eta nahastu  behar izaten dugu beharrak joan luzeko hegaldietan murgiltzen gaituenean, kilometro askotako lekualdaketetan, adibidez, asperduraz loak har ez gaitzan.

* Biharko bidaia, gaurko erabakia.

* Zertarako etorri naizen, zergatik etorri naizen, zergatik joango naizen, … bizitzari buruzko galdera betikoak, erantzunik gabekoak ; badakigu, baina,  bidaiaren zertarako eta zergatia, baita noiz eta nora joango garen ere: bada zerbait.

* Ez dakit zehatz  zer den abentura, baina abentura kutsua hartzen du aldizka bidaiak, bidaia bera abentura ez den arren berez, bilatu eta aurkitu behar du bidaiaren lerroa bidaiariak, egon hutsaren eta ziztuaren artean dagoen lerro hori.

* “Nondik? Norat? Noiz arte? / Zergartik? / labirintorat baino ez daramaten / itaun bideak”. Bidaiak aterabiderik ematen ez dien bizitzarekiko galderak, mapako labirintoak, baina, beti du maratilaren bat.

* Norabide asko tupustean eta batera datozenean atzerriko bidegurutze batetan, dedaloa bihurtzen da bidegurutzea; bidaiariaren oroitzapenak lausotzen dira irudiak, informazioa eta sentipenak trumilka pilatu zaizkionean.

* Gizarte bat, paisaia bat edo artelan bat ez da gauza bera gidaliburuan edo tokian bertan: bidaiariaren eskuliburuko lehenetariko ikasgaia.

* Bidaiariak beti aukeratuko du lehen orduetarako ikusi beharrekoetan interesgarriena, nekeak lausotu egiten baitu begirada, moteldu sentipena.

* Bidaiariak ez daki zer gertatuko zaion  hurrengo urratsean, kanpalekuari agur esaten dion bakoitzean.

* Zitadela iraganezina dirudi zenbait bidaiek hasi aurretik, hasiz gero, pausoz pauso bidaldi gotorrena gainditzen da.

* Itzulerarik ez dute zenbait erabakik bidaietan.

* Korapilo bat askatu eta beste bat asmatu, ez beti hari bakarrekoa gainera, hori  da bidaiariaren ibilbide bakoitza.

* Kalerik bihurrienak dira zuzenenak sarri bidaiariarentzat, herri-bide zuzenenak, aldiz, labirinto asmaezinenak; une ederrena bihur dezake  infernu huskeria batek, gettingouta denboraren esku utziz.

* Badira une latzak bidaian, noraezean geratzen zaren aldi hoiek, mila korapilotan korapilatuta, barne bidegurutzeetan batez ere.

* Bidaia bera ere ez da askotan logikoa; zorionez; horrek ematen dio piperra ibiliari; zergatik aukeratu duzu ibilbide bat beste hainbat nondik-norako tentagarri baztertuz?; zenbat erabaki ezohiko bidaian zehar, ... ezustez beteta dago beti bidaia.

* Beste marearik ez baledi bezala atera behar da itsasora, une bakoitza gozatu; itsasoa hor izanen da beti, baina barratik ateratzeko maria gorarik agian ez, eta hondarrean baratuta geratuko da marinel munduzalea: zenbait aukerak ez du aukera berririk.

* Izan ohi du bidaiariak  berantago damua ekarriko dion jokabide eta erabakirik.

 

 

Bestelakoak

* “kobazulotik ateratzen naiz mundu berri baten itzalak baino gehiago behatzeko / ezagutu baina inoiz ikusi ez ditudan beste mudubizitzak / lurralde eta jendeen artean nahastatzeko ...”

 

* Berak uste baino gehiago daki poliziak bidaiariaz; poliziarentzat paperak betetzea da hotel eta kanpaleku bakoitzeko lehen betebeharra, polizia da jainkoaren begi oroikuslea gaur egun, muga guztien gainetik ibiltari orori jarraiki.

* Zenbat alferrikako ahalegin eta indar galtzen dugun bidaietan, bertan eta erraz geneukala bila genbiltzana; baina hori gero jakiten da, ez aurrez.

* Ez dakit gezurraren koloreak diren protokoloaren atzeko dantza eta mudantzak, baina zenbat protokolo duen bidaia inguruko propaganda koloretsuak.

* Kutsadura bera ere globalizatu da, sirena hots ezberdinez, uhandre irudi ederrez, kutsadura tentagarriotatik  garbi ateratzea da bidaiariaren erronka nagusienetariko bat.

* Bizi-bizi hasten da bidaia eguna,  motel, neka, bukatzen.

* Ohera aurretik kanpalekuko zerbitzugunerako joan-jina eta lo-garaia da niretzat gaua. Hurrengo egunerako indarberritzea.

* Lasai bidaiatzen dugu munduan zehar,  galdu diogu beldurra munduari.

* Azken bolada honetan, autobideek eta hegazkinek urrutietara txangoak egitea  jarri dute modan.

* Xakea eta marraztea bezalakoa da bidaiatzea. Mapan marrazten dituzu aurrez urratsez gauzatzen eta osatzen joanen zaren ibil-asmoak, Ibiliaren arabera gorpuztuz doa ibilbide marraztua, joanak erakusten du hurrengo pausoa, xakean arerioaren mugimenduak erakusten duen bezala hurrengo jauzia, koadroak eskatzen duen pintzelada izanen da beti azken ikutu erantsia. Hilik gelditzen da bidaia azken urratsean, koadroa sinatua edo xake partidan erregina jandakoan bezala, emandako jauziak, pintzelkadak edo pausoak ez baitu itzulbiderik. Berrin-berri hastea besterik ez zaio geratzen bai marrazteari, bai xakeari,  baita bidaiari ere.

* Udaberria, bidaiatzeko urtaro gozagarria, herrialde oro berdegune eta lorategi, gizaki oro bizipoz, bizitzaz drogatuta baitago natura udaberrian.

* Ez da sekretua: tulipa zimelduak berpizten ez omen diren bezala, bidaiak ere ez dira errepikatzen.

* Edozein edertasunek ikuslearen konplizitatea behar du erreala izan dadin. Bidaiaria ohi da museo eta monumentoetako erromes, bidaiariek egiten ditu bideragarri artearen santutegiak, eta bizia ematen hilik leudeken artelanei.

* Denak du bere aurkakoa bere baitan; usu dabiltza aurkako muturrak elkarren hur bidaietan ere.

* Zailak  iruditzen zaizkigu zenbait bidaia, baina, bidera ondoren, froga ahal da edozein bidaia dela posible.

* Etxatoi eta etxauto zuriak dira gizaldi honetako karabelak, errepidetan hegaldatzen dira ikusmin hantuak bultzatuta.

* “bidea urrin gozoz bezain arantzez josia / bermementuan eder-hitsa delarik”: bidaietako bideak.

* Elizetan eman ohi du ordu asko bidaiari sinesgabetuenak ere.

* Bidaiariak begirada iheskor batez, barne astindu xume batez, bukatzen du bisita eraikitzeko ehunka urte behar izan zituen katedralean.

* “Nire ama-hizkuntza gaztelania da, / nire amaordea ingelesa, / nire maitalea euskara” amaordea litzake, beraz, bidaiariaren atzerriko hizkuntza.

* Bidaiak berak bereganatzen du, menperatzen eta harrapatzen bidaiaria, ibiliaren zirimolan sarrarazten, zurrunbiloan irensten, hobe hori inertziaz tatarrean handik hona ganoragabekotu baino.

* Bidaia-aroa gaur egungoa, atzerritarraren presentzia edonon, ezezagunaren beldurra galdu dugu: maluraz elkarrengandik urrundu eginen gaitu ala ezagutuz elkarrarazi?.

* “Jende aberatsak zera esaten omen du, ona dela bidaiatzea”: langile jendeak indarra hartu dezan beraientzat lanean jarraitzeko.

* “Patua eskolagabea izaten baita”. Bidaiariarentzat ere; okerbideak unerik ezegokienean suertatzen dira bidaian; aldiz, sorte onak ere ustekabean putz eginen dizu; indar berezia dute halako gertakizun ezustekoek bidaian.

* Patuaren esku luzeak badaki bidaiaria oratzen, onerako eta txarrerako; baina hobe du patuaz ez fidatzea, esku luze horren zain egon ez, bidaia ondo planifikatu, bitartekoak jarri; bada bidaia agentzia eta bulegoak dituena patuaren esku luzetzat; norbera da patua, norberarenak patuaren eskuak,beste dena lagungarria besterik ez da, bidaiariak sekula ez du inoren ez ezeren esku-mende egon behar, ezta bidaia erosi edo alokatu batetan doanean ere.

* Bidaiariak ia beti egiten du alde helbide jakinik gabe, anonimoa dirudi; baina Visako helbidea uzten du denean, eta pasaportearen zenbakia.

* Bidaietan ez  doa  dena beti ondo.

* Nekatua eta ahitua geratzen da bidaiaria zenbait tartetan, pausoak okertzen zaizkionean, norabiderik gabe gelditzen denean.

* Oso aldez aurretik planifikatu behar dira bidaiak, eta ibiliko ustekabeekin osatu.

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/05 10:41
Bidaiatzea II

Bidaiatzea  II

 

Bizi-puska

"Pozik eta arazoz beteta, hori da bizitzea"

 

 

Bizia

“ Beti itzultzen gara bizira, / ez da beste lurrik guretzat"

 

* Bizitzako zati bat besterik ez da bidaiatzea, bizitzako ehunaren txatal bat, baina bidaiatzea ez da bizitzako txatalik errazena, ezta gozoena ere, bidaiatzea ez delako ahulen eguneroko laztasunari ihesa.

* Zigarro kea irentsi eta erabat gozatu, edo zigarroari tiratu ahala kea irentsi gabe bota, hor datza bizitzaren gakoa, bidaiatzearena ere.

*  “Halako bidaia bat ez da egunero egiten, eta egitekotan, muturreraino iristen  saiatu behar da. Bizitzaren esperientzia laburra bezain zalantzazkoa da. Egingo dugu lo gero, hilik gaudenean”. Bizitza zaigu bidaiatzea.

* Zerbaiten itxaropenaren oihartzuna dira gure bidaiok.

* Bakoitzaren herriarekiko ikuspegia orekatzen du bidaiak, harroak eta era berean apal izaten erakusten du, ez gara onenak, baina ezta besteak baino gutxiago ere; bizitza beste molde batez hartzen ere ikasten duzu bidaietan, ikasten duzu motxilan ezer gutirekin bizi daitekeela jendartean edo herrietan; beldurra galtzen diozu gizarteari, gizateriaren zati sentitzen zara, gizakiarengatik hurrago; gizaki bezala trebatzen zaitu bidaiak.

* Biziki bizimindu gaitu izatearen bideak, herri-bidaiari izateraino, munduko bideez batuz.

* Bidaietan daude ainguraturik bidaiariaren hainbat eta hainbat tristura eta alegrantziak, izateak eta izan-nahiak; bidaia da bidaiariaren jite eta izaera laburbildu eta islatzen duena.

* bizitzaz ari gara bidaiaz ari garenean, bidaiako herrialdeko bizitzaz, bidaiariaren bizitzaz; bidaiarik gabe ez dago bidaiaririk, bidaia da bidaiariaren funtsa.

* Hurrengo bidaiaren esperantza da etxerako pozaren izar berria, bidaia ez baita ehizakia, bizi-taupada bat baizik; bidaia bat bukatzen da, baina une berean berri bat hasten da asmoan edo irudimenean,  beti dago bidaia berri bat.

* Bidaiariak jakin behar du autobide, bideberri, herribide eta bidezidor sare trinkoa dela bizitza. Hori dela bidaia nagusi bakarra. Bestelako bidaiak sare horretako zati bat besterik ez direla. Ez dago bidaia batetan ahalmen denak erre beharrik. Bidaietaz gozatzeko gorputzak atseden hartu behar du, erdizka baino ez da bestela bizitzaz zein bidaietaz gozatzen.

* Arduratu gabe ere ihes egiten digu bizitzak; bidaiak laguntzen du ardurak uxatzen, bidaiatzean badirudi bizitzari estuago atxikitzen gatzaiola.

* Bidaiatzea da askatasunaren usainetako bat, presondegia, aldiz, askatasunanen antietan antiena.

* Aberriaren gabezia du bidaiariak atzerrian: herrimina; etxean, aldiz, egin edo eginen bidaiaren gabezia: bizipozaren akuilua.

* Bidaialdia bizialdia izatean datza bidaiatzearen sekretua, bestela bidaia mozkorraldi edo parranda-gau bat besterik ez da izango.

* Bizirik diraugula erakusten du bidaiatzeak, bizi naiz eta kitto!; zergatik filosofikoek ez dute  eguneroko arazoek behar dute erantzunik.

 

 

Puska

"..., bizitza, benetako bizitza, unean uneari lotzean bizi izaten da, unean uneko gozamena hartu eta dastatuz lortzen da. Musika izan, lana izan, amodioa izan ala herioa izan, berdin da",

 

*  Une batean bizitzari lotzen zaion gozamen unea da.

* Puskak bizi ditugu baina puskok biziz puska berriak puzten ditugu geroago puskok bizitzeko; nola definitu bestela Eskozia Iparreko laino beltzeko goiz hau, bizi puskak nolabait oraindanik bizi  ditugulako ez bada?; bizitzaren nostalgia hutsak ez gaitu ekarri hona.

* Bidaiak eta bidaiariak baditu, egunerokoez gain, mundu erreal ezberdinak: beldurra, harridura, poza, urduritasuna, mila sentipen ezberdin, ... bidaiak sortarazten dituenak, bidaian soilik modu ezberdinez bizi daitezkeenak.

* Laguntza handiak dira jaungoiko guztiak, dirauten bitartean; gizaki orok du euskarri jaungoikotxoren bat, bidaia da euskarri horietako bat

* Tokian tokiko janaria dastatzea, herrialde bakoitzeko ardoaren zaporez gozatzea da askoren helburu nagusia bidaietan; helburu goxoa; bidaiatzeko aitzakia eta modu bat, beste edozein bidaia-molde bezain osasuntsu eta gozagarria.

* Batzuetan bere buruari galdetzen dio bidaiariak ia bidaiatzeko bizi den ala bidaiak  mantentzen duen bizirik.

* Bizitza ez da ezereza, bizitza errealitate ederra da, hori da galdera orori erantzuna; bidaiatzea ere ederra da, bizitzaren zatia baita.

* Bidaia oro, porrotean bukatzen dena ere, bidaia berri bati ekiteko gogoa ematen duen bizitzako atal bat da.

* Denok gara naufrago, denok bizi gara amets orokor baten bakardadean; ametsa nolako, halako hertz baten bila egiten dugu igeri; ametsak erabakitzen du naufragoaren nolakotasuna, askoren ametsa ametsik ez izatean datza, horiek dira naufrago totalak, ez dute ezeri eusteko ametsik: bidaiatzea ez ote sarri naufragoaren salbamendu-tresna.

 

Esperantza

* “Itxaropena izan da beti edozein arrantzaleren eragile”

* Bidaiatzea, bizitza bezala,  itxaropena besterik ez da.

* Enetzat dut bidaiatzean datzala bizitzaren oreka, enetzat dut bidaiatzeak badamaiola egunerokoari beharrezkoa duen eztena eta akuilua.

* “berriak zaharra hilotz”, gaurkoa dugu egunero egun berria, baina hurrengoa dugu beti amets denok, hurrengo eguna da beti  berria, geroa da beti esperantza; egun berria ordea berez etorriko da, nahitaez, nahiaren eraginetik at, baina bidaia norbere erabakiz etorri ohi da, aukeramen hori du berea bidaiak; ez da esperantzarik gabeko bizitzarik, esperantzak baina hilotzaren hazia dakar berarekin: bizitzaren kontraesana, bidaia oro, amestuena ere, bukatu egiten da.

* “El viaje no acaba nunca. Solo los viajeros acaban.  ... El fin de un viaje es solo el inicio de otro.  ... Hay que comenzar de nuevo el viaje. Siempre. El viajero vuelve al camino”: Bidaiaria beti itzultzen da bidera, bidea baita bere bizitzako puzka handi bat, bere herria, bere aberria ere.

* Gu garela esango diguten itxaropenarekin datoz egunsentiak, urratsek barnera begira jarriko gaituzten sentipenarekin, arratsean gizaki berritua izanen garela  bizipozarekin.

* Denok behar dugu tarteka bidaiatzea bizitzari oreka punttua emateko .

* Bidaiatzea dugu bizitzari barrikadara bat egiteko ametsa.

* Jitean biziberritu bat izateko asmoz  joan ohi gara bidaiara.

* Bidaiatzea da arnas beteko taupadaz bizitzaren egia aurkitzeko bideetako bat.

* Bidaia da kilkerron hotsetariko bat, oraindik bizirik gauden seinalea da bidaiatzea, gu geu goaz trenean, badakigu geltokia non den, heltzen ez bagara ere.

* Hurrengo bidaiaren bizipoza irekiz heltzen da bidaia bakoitza bere azken unera; hurrengo irteeraren ametsa da ibilaldi bakoitzaren amildegia.

* Ilunabar arre gorria da bidaiariarentzat herrialde bati agurra, une berean herrialde berri baten egunsentia iragartzen dio.

* Badakit txorakeria, txikikeria, pittinkeria, txorikeria, … keria eta bainaz beteta dagoela bidaia bat, zer egingo diogu, bidaiatzen jarraitu, txoriek hegaz jarraitzen duten bezala.

 

 

Bizipoza

“Betidanik pentsatu duzu beti hiri berean bizi den jendea, lagun berak eta ohitura molde betikoetatik irteten ez den jende txukuna hilda dagoela”,

 

 

Bizia

* “Haize herratuak kulunkatzen duen / kartel erdoilduak / “bizi al naiz oraindik” / galdetzen du”.

 

* Ze feria gozagarria bidaiatzea!, adiskide berrien topaleku, lanarteko atseden.

* Bidaia eta bizipoza bat dira.

*  “bizi gara” kartela birpintatzen du bidaia bakoitzak.

* Plangintzan amestutako zoko oro bihurtzen zaio iragana bidaiariari bisitatu ostean, ilauna bailitzan; aldi berean, hurrengo bidaian gar bihurtuko den txingarra pizten zaio barnean.

* Ikusminaren amildegian hondoratzea bezalakoa da bidaiatzea, ahalbide funtsezkoa bizitzeko, giharrak mugiarazten dizkion droga  bat bezala bihotzaren hondoan,  bizitzaren basamortuan masaje lasaigarria zaio bidaiatzea bidaiariari, bizitzaren piperminetariko bat, bizitzan murgiltzeko era bat, bizitzako basamortu aspergarriak zeharkatzen dituzten ametsen karabana pizgarria.

* Batzuk bidaiari dira, bidaietatik ateratzen dute bizitzeko ere; bete batzuk, hortik bizi ez badira ere, bidaiatzeak ematen dien bizipenez betetzen dute bizitza; besteontzat bidaiatzea lasaigarri bat besterik ez da, edo bizitzaz gozatzeko era ezberdin bat; nik ez dakit ze bidaiari mota naizen, baina badakit bidaiatzea dela bizitzan eragin didan irrika kitzikagarrienetariko bat.

* Hitz jario hutsala ere tortura da; bidaietako lagunaren presentzia kontzientea da bizitzako torturen baltsamoa.

*  Bidaiaria bera ez da aspertzen ez inoiz ez inon, baina agian bizitzako asperdurari ihes egiteko bidaiatzen du.

* “Pasagardera noa – Vou-me emborra pra Paságarda,  bidaiatzea da Pasagarda bidaiariarentzat etxean denean, etxea  da ostera Pasagarda bidaiatzen dagoenean

* Bidaiatzeko gogoa da bizitzaren ahitzaren neurrietariko bat. Gizakia ahituz doan heinean baitoa bidaiatzeko gogoa bera ere mehetzen eta iraungitzen. Bidaia-garra itzaltzean txingarra besterik ez zaio geratzen bizitzari.

*  Bidaian gabiltzan jubilatuok ez dugu herioa hurbil nabari, hur badabilkigu ere.

* Eta festa-aldia da bidaia eguneroko korrontetik ihes egin nahi duenarentzat.

* Ugora da beti bidaia, bizipenak hantuz.

* Bizipozez jantzitako ikusmin borobilak dira bidaiariaren gurpilak.

* Bidaiatzeko grina da bizipozaren neurtzaileetariko bat: bizipozak erakusten du bizitzaren adina.

* Bidaiatzea da desesperoaren kontraindar argienetarikoa, bidaiara ihesean edo desesperaturik doana, ez baita bidaiaria.

 

 

Poza

* “Lafelicidad tiene muchos rostros. Viajar es probablemente uno de ellos”

 

* Ibilbidea da ibiltariaren toki eta inguru naturala, eta hor aurkitzen du atseden zoriontsua.

* Herritik herriak ezagutzera ateratzeak bizipoza dakar, bizipozez jantzitako ikusmin borobilak dira bidaiarako gurpilak.

* Lasaigarria behar du bidaiak, sasi-bidaia da estresatzen duen bidaia.

* Zorionekoa bizia maite izan duena, zergatien galdera guztien gainetik, zorionekoa herri ezberdinak ezagutu ahal izan dituen bidaiaria!.

* Iraun bitarteko zerbait aukeratzea bezalakoa da bidaia: hautatzen duzu lehenik, gauzatzen gero, oroitzapenak eta bizipenak besterik ez zaizu gelditzen azkenik, baina “zauriak itxi, eta puskak jaso” beharrik ez du, alderantziz,  bizipenez gozatzea uzten dizu.

* Bidaian nagoela diodanean ez dut esan nahi paradisuan nagoenik.

* Lasaitasuna ariman ernetzen ez zaion bidaiariak bide okerretik darabiltza  pausoak; anima ernaraztea behar du izan bidaiatzeak, egunoroko ekaitzaren ostean biziberritzea.

* Aldi ona nagusitzen ez bazaio, makur doa bidaia, ongi eta on behar du usu bidaiariak.

* Hitzek dibertitzen dute ahoa, hitzek belarriak ere dibertitzen dituzte, bihotza ere dibertitzen dute, hitz idatziek begiek ere dibertitzen dituzte; paraje eta jende  berriek dibertitzen dute bidaiaria.

* Bidaia bakoitza etsipenari irabazten diogun arnasa da.

* Definizioz, ezinezkoa du triste bizi izatea bidaiariak, bizipoza baita bidaiara ateratzeko akuilua.

* Zorionekoa da bere bizitzan bidaiaria, bidaian, aldiz, zorioneko kontzienteagoa.

* Bidaiatzea bizipoza da, bidaiariak ez du goroldiorik animan.

* Bizipozak erakusten du bideak noraino ematen duen.

* Egunsenti orok esperantzari irekitako leihorik ez badu, ez da bidaiarik, ibilbide antzua eta hutsa baizik.

* Egunerokotasunetik ateratzea da bidaiatzea, bizipoza ereitea errutinaren zeruan.

* Elkarrengandik urrun daude sarri bidaiariaren ametsak eta herrialdearen errealitatea, irudimenak marraztutako gizarte, altxor, paisaia, ... eta begiek eskaintzen diotena; aldiz, zein ezuste gozoa espero ez zenuen altxorrak edo portaerak eskaintzen dizuna.

* Poza ohi dute bidaiariaren begiek, bai doanean bai datorrenean; berea du bizipoza bidaiariak; ez da bidaiari tristerik; triste dagoen bidaiaria, iheslaria da, zerbaiti ihesean dabilena; bidaiariak aldi zehatzerako utzi du bere biziera, bere herria, badaki nora doan eta noiz itzuliko den; badaki zeren bila doan, badaki nora eta zergatik doan; horregatik ez du lekurik tristurak bidaiariarengan.

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/05/01 08:38
Bidaiatzea I

Bidaiatzea

 

“Errekan behera / izan guran / erreka bera”

 

 

I

 

Zer den

“Bidaiak, ihesaldia baino hareago, bilaketa direla esan daiteke”

 

Zigilua

“Joan eta joan, jin / jin eta jin, joan / inguruka, kiribilki”

 

* Bidaiatzea: bizioa ala bertutea?, biak agian; inposatua denean zama bihurtzen da bidaia; senaren jarraipena bada, bertutea; neurriz kanpokoa bilakatzean bizio bihurtzen da.

*  Zer da bidaiatzea?, patua ala bizitza?: agian biak. Mozorro bat?,  agian bai.

*“Qué hace  en todas las poblaciones y lugares donde entra?. Mirar y pasar, pasar y mirar, ... ya declaró que viajar no es sino estar y quedar ...” -  “Hay lugares por donde se pasa, hay otros donde se va”. “Viajar deberia ser quedarse”: bidaiatzearen muina.  

*  Zer den bidaiatzea, zertan datzan: ez nuke jakingo erantzuten, bidaiatzen dudala badakit, eta bidaiatzean tematzeak ematen diola zigilua bidaiari senari.

* “Kontraesanen armonia”, bidaiatzearen definizio egokia.

* Gure bidaiok zer dira?, grina ase beharra?, ikusmina asetzeko   erosten dugun zerbait?; agian; ez dakit.

* Non egon naiz, non nago, nora noa,  lehena, oraina eta geroa, atzokoa, gaurkoa, biharkoa: hiru engranaje horiekin mugitzen da bidaiariaren gurpila; bizitzarena bezala; hiru une, hiru aldi, bidaiaren hiru ardura nagusiak, erabat sinkronizatuak; batek huts egiten badu ez da bidaiarik;  hiru gurpiltxook beti daude abian, beti aldatzen, uneoro presente, erabat eragile.

* Erlojua edozein zokotan galtzen den egunak dira bidaiatzea.

* Bidaiatzea aukeren kateatze kontzientea da.

* Uneoro da bidegurutze bidaia; mila erabakien hauta-lekua baita, mila galderako  bidegurutzea, bidegurutzetan geldituko diren galderena, erantzunik gabe geldituko direnak gehienak; mila bizipenen bidegurutzea, hurrengo bidegurutzean lausotuko diren bizipenenak.

* Artea da bidaiatzea. Ezkontezinak dira asperdura eta bidaiatzea. Asperdura dakarren bidaia ez baita bidaia. Atsegin eta zorion bihurtzen dutenean bizitza, orduan soilik dira arte lotgarriak bidaiatzea eta asperdura.

* Bidaia izan zen amodioa baino lehenago, gizakiaren lehen urratsa bidaiatzearen lehen pausoa izan zelako. Hala ez?, noiz hazi zen gizakia gizaki izaten?.

* Txantxa asko izan ohi da bidaietan, txantxa asko egin ohi du bidaiariak berak, baina gutxitan da txantxa bidaia.

* Norbere herritik kanpo dagoen mundua aurkitzean datza bidaiatzearen muina.

* Bidegurutzez eta herriz josia dago mapa, horregatik etengabeko aukeraketa da bidaiatzea, zerbait ikusi edo bizitzeak beste zerbaiten ukasioa dakar berarekin; hautaketaren ordaina beti da zerbaiten ukamena, bidaia zoragarrienean ere.

* Aukeratu beharra, bidaiariaren eguneroko ogia; aukeraketen uzta da beti ibilbidea gauzatzea.

* Ez da ezerezik, desesperatuen eta etsituen asmakizuna da ezereza; bidaia eta bidaiatzea ezerezaren antitesia dira; hau dena egia izanik ere, egia da zenbaitzuk ezerezaren beldur abiatzen direla bideetara.

* Bizitzako zati bat besterik ez da bidaiatzea, bizitzako ehunaren txatal bat, baina bidaiatzea ez da bizitzako txatalik errazena, ezta gozoena ere, bidaiatzea ez delako ahulen eguneroko laztasunari ihesa.

* Bidaiaz ari garenean bizitzaz ari gara, bidaiako herrialdeko bizitzaz, bidaiariaren bizitzaz.

* Azken arnasarekin doaz  bidaietako bizipenak, bidaiariarekin hobiratuak; hor geratzen dira argazkiak, baina hauek paperontzira botako ditu  bidaiariaren oinordekoak; bakartxo batzuen irudi, argazki eta izkribuak irauten dute, argitaratzaileen interesen ondorioz gehienetan; bidaiatzea ez da eternitaterako urratsik ematea, norberarekin ados jartzea, oreka gordetzea, bizitzarekin ados etortzea, norbere sena soilik iparrorratz izatea; barne eragin bat besterik ez da bidaiatzea, errari edo turista izan gabe, eta bizitzarekin bukatzen da.

* Gure bizitzako kontraesanak!, bizitza kontraesana da, egia bera ere;  bidaiatzea  kontraesana den bezala,  kontraesan ederra.

 

 

Utopia gauzatua

“Cuando el paisaje es bello, gusta andar sin prisa”

 

* Izanen ginatekeen utopia, garenaren astunetik iheserako nahitaezko itxaropena, garena bizi ahal izateko ilusioa, …  zerbait holako da bidaiatzea.

* Bidaiariak berak  ehundu duen amarauna da bidaia, bidaia mapa bat gauzatzea besterik ez baita, pausoen ibilbide sarea. Gehienetan bidaiariak badaki nondik norakoa, sarean zer atxiki nahi duen, baina tarteka bera geratzen da bere sarean atrapatuta, norabidea galdu duelako edo herrialde batez maitemindu delako.

* Bidaiari izatearen oharpena, eginiko bidearen harridura, datorrenaren kezka gazia, gozamen gozoen miresmena, ... hori dena da bidaiatzea, bidaiari izatearen miraria.

* Ametsak irudien argiz margotzea, hori da bidaiatzea.

* Udaberri asmatuak dirudite bidaiak, baina udaberri errealak dira, edozein urtarotan ere udaberriak,  “eskukada izar edatera” ateratzen baikara bidaia orotan.

* Bizitzaren autobidea, egunerokoaren bide-berria, ibilbideen herri-bidea, zoko bakoitzera bidezidorra, ... lau bide motak lotzen ditu elkar bidaiak.

* Bidaiatzearen erdia konparatzea da, aurretikoa dakusazunarekin alderatzea, zure estereotipoak kultura ezberdinekin  erkatzea. Ondorioz arauak erlatibizatzea dakar berarekin bidaiatzeak.

* Haluzinazio mota bat behar du izan bidaiatzeak,  bizitzari  lilura eta xarma eman diezaioken droga.

* Bidea ez da zorua soilik, inguru guztia da bidea, zentzumen guztiei eragiten dien osagai orok osatzen du bidea,  diosalak,  usainak, koloreak, hotz-beroak, edertasunak,  ...

* Paradisura zaramatzan eromena da bidaiatzea.

* Mozkorraldia lakoa da bidaiatzea, jakin-mina asetzen duen droga gogorra.

* Irreala eta erreala, imajinazioa eta gogoa, horien  nahastura da bidaiatzea.

* Jolas bat behar du izan bidaiak; kontsumo gai bihurtzen dugu sarri, askok ihesbide, zenbaitzuk ogibide.

* Altxor bilaketa da beti bidaiariaren ibilia, artelanak zein paisaia, paisaia bera altxorra baita, natura bera ere hil dugun garai honetan: giza paisaia edo giza altxorra erabat uniformatu baitira globalizazio aro honetan, kultura eta tradizioak kontsumorako folklore  bihurtu baititugu.

* Bidaiatzea ez da herri gehiagoz gauza gehiago jakitea, kaiolari zeru zabalagoetarako hegalak jartzea baino.

* Puzzlea osatzea bezalakoa da bidaiatzea.

* Zenbait une bakarrek bidaia osoa merezi du.

 

 

Amorante hegalaria

“Hemen izan gabe han ez izatea / Han izan gabe hemen ez izatea” 

 

* Hemen izan gabe, han ez izan, bidaiatzearen nolabaiteko definizioa edo muina; baina guk badakigu Galesen gaudela eta badakigu Euskadin ere bagaudela.

*“Estas tierras marginales son predilectas del turismo. El viajero no es turista, es viajero. Hay gran diferencia. Viajar es descubrir, el resto es simplemente encontrar”, baina bada aurkitzea merezi duen altxorrik ere; erdizka da egia Saramagok diona, bera ere dokumentatuta doa; itsuan, zer aurkituko joatea ez da ere bidaiatzea, bidaia-agentzia edo gidaliburuaren esklabo edo menpeko itsu  bidaiatzea litzake turista izatea.

* Gaztetxoen amodioa bezalakoa da herrietara bisita: bidaiaria badator,  herriaz enamoratu ohi da, baina berehala badoa, maitasuna oroitzapenaren ganduan bilduz.

*  “Viajar no puede ser más que confrontación entre esto y aquello” oroimenaren arabera da horrela bidaiatzea, ez baita beti aurrekoa garbi gogora ahal izaten, baina beti da honetaz eta hartaz gozatzea edo gutxienez hau eta hura miatzea.

 * Ibiltaria beti da erbestean, ibiltzean datza-eta bere sena; aldi berean erbestetik itzultzean datza bidaiariaren  muina; atzerriratu, gero aberriratzeko, aberriratu berriro erbesteratzeko; bidaiari oro itzultzen da atzerritik  nahi duenetik ihesi bailebil, eta berriro aberritik ihes egiten du nahi duenaren atzetik.

* Bidaia bakoitza munduari ate bat irekitzeko giltza da, mundu ezberdin batera gonbita irrikatsua, herri-hirietako kaleetan barrena abiatzeko leiho ireki bat.

* Bizitzaren antzerakoa da bidaia, hasi ordurako bukatuz doa, bizitza ez bezala, bidaia bat bukatuz beste bat hastea ahal duzu.

* Hurrengo bidaiaren esperantza da etxerako pozaren izar berria, bidaia ez baita ehizakia, bizi-taupada bat baizik.

* Bizitzaren autobidea, egunerokoaren bide-berria, ibilbideen herri-bidea, zoko bakoitzera bidezidorra, ... lau bide motak korapilatzen ditu bidaiak.

* Inoiz ezagutu ez dituen ezagun zaharrei, zirrara eta ikusmina eragin dioten ikusi gabeko lur eta gizarteei bisita besterik ez da bidaiatzea.

* Egunerokoaren itsumenetik ihes egiteko, paisaia berriak bilatzeko atea da bidaiatzea.

* Nobela bat da bidaia bakoitza.

* Herriaren arkanora bidaiatzea bezalakoa da gauez beste hiri batera iristea.

* Bidaiatzea arte bat da, arte fina, ikasi egin behar dena; urrats bakoitza ikasgai bihurtzeak damaio distira berezia ibiliari; hori da bidaiatzearen xarmetariko bat.

 

 

Bizi-arnasa

”Bidaia txantxa bat baino ez da”

 

* Ihesbide izan daiteke bidaia, baina baita indarberritze-bide ere.

* Bidaiok  bizitzako ostiral gauak dira.

* Bidaiatzea, errealitate beharrezkoa

* Bidaiatzea ere bizitza da, bizitzarekin topo egitea, bizitza era ezberdinetan aurkitzea, batzuetan txorakeriaz argalegia edo txoroez gizena, baina bidaia beti da haurdun eta erditzen dagoen zerbait.

* Egunero  korapilo bat askatu eta beste bat egin, hori  da bidaiariaren ibilbide bakoitza, ez beti hari bakarreko korapiloa, gainera.

* Bizitzako txingarra lama bihurtzen  duen arnasa da bidaiatzea; bukatzean, bere horretan dirau, bidaia ondoren oraindik areago erretzen.

* Egunerokoaren zurrunbilotik ihesi igeri egitea da bidaiatzea, irensten gaituen egunerokotik aldentzea.

* Herrialdean herrialdeko musikaz gozatuzko ibilia, hori izan daiteke, zenbatentzat da, bidaiatzeko modu atseginetariko bat.

* Sexua, sexu ametsa behintzat, da hainbat bidaiarien helburu nagusia bidaiatzerakoan; zenbaitek bere opor bidaiak larrua jotzeko aukera eta informazioen arabera  erabakitzen ditu, Cubara bidaiak hartu duten gorakada  da horren adierazgarri; ez Kubara soilik; hainbat autu entzun ohi diet zenbaitzuei larrutarako non zelako aukerak dauden berri elkarri emanez; ezagutzen dut bat urrutira joan ohi dena oporretan, tokian tokiko putak dastatzera; etxerakoan beti du kontakizun bitxiren bat: “Ekarriko nuke haietako bat etxera”, entzun nion sortaldera bidaietako batetan hango putekin izandako esperientzia eta zertzeladak kontatzen ari zela.

* Denok ditugu tarratadak, memorian zein bihotzean, tarratadok bordatuz leuntzea du zenbaitek ibiliaren helburu.

* Eguneroko bakardadean, zein lagunartean, bidaiak dira bidaiariaren iraupenerako arnasa.

* Bidaiatzea ez da gizakiaren ikurra, baina bai bada bizitzako osagai bat.

* Entzun ohi da hiltzeko jaio dela gizakia. Bizitzeko jaio da gizakia, jaiotzeari heriotza zor bazaio ere. Eta bizitzeko moduetariko bat bidaiatzea da. Bidaiatzea da bizitzari eusteko adineko askok duen helduleku kitzikagarriena.

* Beste kultura batzuen bilaketa, eta norbere barruko ikerketa, bizitzari galdeketa, gozatuz itzulbidea aurkitzea, hori da bidaiatzea.

* Aterpe izan ohi da bidaiatzea zenbaitentzat, sendabide eraginkorra, sendakari pozkorra.

* Bizitzaren zati bat da bidaiatzea bidaiariarentzat, arratsak eta egunsentiak jarraikian bezala datozkio bidaiak, eta bidaia bakoitza gorputz ahituari erne zaion lore bat da.

* Bidaiatzea, sentimendu berrituz askatzen zaituen katea.

* Heriotzari alde egitea da bidaiatzea, desioa betetzea den heinean, zenbaitzuk bidaian aurkitzen badute ere heriotza.

* Ikusminaren amildegian hondoratzea bezalakoa da bidaiatzea, ahalbide funtsezkoa  bizitzeko, giharrak mugiarazten dizkion droga  bat bezala bihotzaren hondoan.

* Biharko ilusioa galaraztea, itotzea, izan da herri orotako politikaren eragin nagusia, ekonomiaren intereserako, lana egin eta  irabazitakoa xahutu, agian badirudi hori dela bidaiatzearen joko nagusia ere; bidaiatzea bizitzako helburu jarri duenak, gutxi gozatuko du bizitzaz, bidaiatzea bizitzaren osagai bat besterik ez baita.

* Bidaia, bizitzari aurre egiteko gaitasunaren neurgailu egokia.

* Bidaiatzea, bidaiariaren arima.

* Kanpalekuetan txabolatxoak edo etxatoiak  txaletxo bihurtu ahaleginak erakusten dio bidaiariari zapalduen  errealitateari ihes egin nahiaren irrika.

 

 

Zer ez den

"... ihes zoroa iheslarien galbide dela"

 

* Bidaia ez da ihesa, iheslaria beti izanen da iheslari, sekula ez bidaiari, iheslaria bidaiatzera behartutako gizakia da.

“Orain pentsatzen dut ez dela ezer espero behar; gelan geratzen naiz beraz, aulkian eserita; ezer egin gabe egoten naiz. Pentsatzen dut izango dela bizitza bat hor kanpoan, baina, bizitza honetan, ez da ezer gertatzen”. Bidaiariaren antitesia.

* Bidaia distantzia besterik ez da, inola ere makurra, inola ere ez ausentzia, are gutxiago urrutiratze makurra.

* Bidaiaria ez da zarrastel bat; txango batetan dirua xahutzen dutenak beste zerbait dira, baina ez bidaiariak.

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/04/28 09:02
Bidaiatzearen ederra - II

 Bidaiatzearen ederra  II

 

Ametsa 

“… ermitauaren ametsa da. / Goiz argi batean etxetik ateratzea, / motxila bizkarrean, kantu bat bihotzean, / eta gehiago ez itzultzea”.

 

 

Amets loratuak

“Barnean gorri / bizi energian / urdin / kanpo alderako menturan”

 

* Gauzatzen doazen ametsak dira bidaiak, esnatzen joatea bezala da bidaiatzea, amestutako utopiak erreal bihurtzen joatea, uneoro esnatu, esnatuz ametsak eskuratu, gauzatutako ametsa da bidaia bakoitza, pausoz pauso gauzatzen den ametsa, bizitza bihurtzen den ametsa.

*  Egunen batean amesten duzun ia ezinezko bidaia gauzatuko duzu.

* Eginen bidaia beti da egia ederra, amets gelditzen bada ere.

* Bizi osoan iraun ohi du bidaiatzeko ametsak, amets hori hausten denean, bizitza ere haustear dago. Bizitzak berak, bidaia luzeena, bukatzera doan ametsaren sentipena uzten du amaieran.

* Amets bat da bidaia,  egi bihurtu den ametsa; ameslaria bidaztia, ametsak egi bigurtzen dituen ameslaria.

* Zorionez amesgaitz asko ametsak besterik ez dira, bidaiak, aldiz, gauzatutako amets ederrak dira.

* Gure bidaiak ametsak ziren duela ez urte asko, sinetsi egin genuen eta egi bihurtu ditugu, sinetsi genuelako.

* Amets gauzatua da bidaia oro; pertsona askok aitortzen dute  bidaiatzeko irrika, baina zein gutxik asetzen.

* Ipuin bat iruditzen zaizkit bidaiak; txangoak, ipuintxoak, aldiz, ipuin nagusiaren atal bidaia nagusiaren baitan.

* Ametsak abian jartzea da bidaiatzea, joan-etorriko txartelarekin, egunerokotasunaren itogin eroari aringarri bat dakarkiolako.

* Bidaietan dena da ikusmin heldu artean, dena gozamena heldutakoan, dena oroitzapena itzuleran.

* Errekan behera joatea bezala da berenez bidaiatzea, ametsak mamitzea delako, ametsak mailaz-maila eskuratzea, oparotzea, zeu erreka bihurtzea.

* Ez da “ez duk ikusiko”rik bidaiariarentzat; lilurak  ernarazten dion ametsa bete ohi duelako: bidaiariak bete egiten ditu ametsak, bidaiariak amets egiten du, ameskeriarik gabe.

* Zer axola nork non aurrea hartzen dion, bidaioro esnatzen da bidaiaria ametsak gauzatzen.

* Bidaiak, amets loratuak, poema batetan sartu ahal balitza  Parnasoa litzake turismo-gune oro.

* Opari-paper koloretsu erakargarrian bilduz doa, atzerriko pausoz pauso, ibilian, aberriko bidaiariaren  "nik egingo nuke" liluragarri hura.

* Baliabide oinarrizkoak nahikoa dira bidaia liluragarri bat loratzeko; sarri gauzatu gabeko bidaia amestu soilei ere lilura darie, nolabait barnean edo irudimenean loratu ditugun errealitateak direlako.

* Norberari eginiko promesa gauzatzen doan erromesa da bidaiaria.

* Gida-orriek, gida-liburuek, bidaia-liburuek eurek, edertu egiten dute errealitatea, baita bidaiarien egunkariek ere; errealitate oro aldatzen da hizkiz biltzerakoan; oso gutxitan dator bat errealitatea eta iragarritakoa edo idatzitakoa, oso gutxitan gainditzen du ikusten duzunak irudikatu edo amestu duzuna.

 

 

Amesgile

“Beharbada ez orain, / beharbada ez aurten, / behar bada zati batean ez, / baina bai: egunen batean ...”.

 

* Hurrengo bidaiariaren amets beti bidaiaria.

* Gauak altxor amestuak aurkitzen jarraitzeko norabidea argitzen du  goizalbako lehen bristadan.

* Bidaiatzea da bidaiariaren ametsa, bere zerua, bideak eta bizipenek egiten dute handi edo txiki amets hori.

* Udaberriak bizipoza esnarazten digu, bidaiara aterarazten gaitu.

* Garaje barruko gordean, isil eta geldi, hurrengo joanaldiaren zain, etxatoia; bidaiaria, aldiz, barnea oroipenez blai, txango berrien amesgile.

* Amets zapuztu gelditzen dira bidaia amestu gehienak, baina nolako poz-irri, begi argi,  eleketa bizi, bizi-gogo kutsakorra nabari zaien bisitari gehienei herrietako zirrikituetan; bidaia gauzatu batek mila amets zapuztu gainditzen ditu.

*  Amets ustel gertatu ohi da zenbait bidaia.

* Luzea, inola ere ez mengela da bidaiariaren ilusioen kandela.

* Ahituezinak dira bidaiariaren ametsak; bidaia egunak dira ahitzen zaizkionak bidaiariari; eta sosak.

* Ametsak betetzea da bidaiariaren xedea, norberari eginiko promesa gauzatzen doan erromesa da bidaiaria.

* Ez da inor zerbaitez sinesten ez duenik, ez da sinesgaberik, denok dugu jainkotxoren bat bizitzan.; eskerrak!.

* Motxila bizkarrean hartu eta bidera ateratzea da bidaiariaren ametsa, baina itzultzeko asmoz; ihesa litzake gehiago ez itzultzeko ametsa.

* Ametsa besterik ez da zenbait bidaia bizitzan, amets hutsa edo bizitza bihurturiko ametsa, egi bihurtu den bidaia hori amestu bezala ateratzen ez bada ere beti.

* Zer axola nork non aurrea hartzen dion,  gogoko duen ibilbidean kulunkatuz hartzen du  loak bidaiaria gau oro.

* Edonora doala ere amets batek darama beti bidaiaria,  ez da beti amets bera, baina beti da ametsa, ametsa eskuetara ekartzen dakiena baita bidaiaria. 

* Zein ederra bidaia aurreko garaia, prestaketako lilura; mila kolore eta argitasun dute bidera aurreko egunek!.

* Ametsak ematen dio bidaiariari mundua korritzeko haina adore, amets berak aberriko egunak bizitzeko kemena ere.

* Bukatu da bidaia beste berri bat erne da ikusminean.

* “Ezer ez litzake biziko, ezer itxaroko ez balu”, ametsik gabe ez dago bidaiarik, bidaiak berea du lilura.

 

 

Lilura

“Ezer ez litzake biziko, ezer itxaroko ez balu”,

 

Edertasun izpiak

“Oraina egunero jaiotzen den promesa bat da./ … / Oraina umezurtz jaiotzen da egunero”.

 

* “Eta edertasun hura, ezin ederrago”, Eskoziako fiordoak!.

* Ederra da bidaiatzea, baldintza, osagai  eta baliabide oroz gain bidaiariak berak bizipoza badu.

* Abentura berri baten ataka  da bidaiako goiz bakoitza; oraina, bidaia abentura bilakatzen jakin behar den unea.

* Edertasunaren izpiak agertzean datza bidaiaren lilura, bidaiariak ez daki noiz, non eta nola agertuko zaizkion dir-dir beteriko une horiek, horregatik da nekaezina bidaiaria

* Ez notiziarik, ez eskutitzik, bakardade barean datza batzuetan bidaiaren lilura.

* Kezka eta irrikia, bidaia aurreko sentipen kilikagarriak, bidaiariaren akuilu.

* Oren sakratu eta sorgindua aurkitzean datza bidaiaren xarma.

* Bizitza argitzen duten zorion-zuzia dira bidaia-asmoak.

* Ametsik gabe ez dago bidaiarik, bidaiak berea du lilura.

* Irakurtzea, bidaietako liluretako bat.

* Ilargia, bidaietako gau geldoetako lagun maitagarria.

* Bizitzak kaka hutsa dirudi tarteka; agian, baina bidaiatzea simaurreko lore liluragarria da.

* Bedi espejismoa bidaia, gozagarria dirauen bitartean !.

* Izaten dira bidaian halako une hunkigarriak, barnea paralizatuta bezala geratzen zaizuna, edo bizipenez eta emozioz gainezka, zergatik ez dakizula.

* Kilika ari da  beti ingurua bidaiariaren bihotzean, tximeletak ari zaizkio beti koloretsu inguruka, idiak aldaz gora bezain geldo dabilenean ere.

* Halako sentipen indartsuak harrapatzen du tarteka bidaiaria, natura, artelan, eraikin, hiri, herri, eta zenbait pertsona edo hiritarren aurrean; Dublineko kale batean herria uholdean futbolera joaten ikustea sekulakoa zen.

* Bidaia bakoitzak du bere usai propioa, ez da bi bidai usain berdinekorik,  ez da bi egun berdinik ibiltariarentzat, egun bakoitza da berezia bidaian, une bakoitza da bakarra; horrek denak egiten du bidaia bakoitza nortasun propiokoa, errepika-ezina, gerora denboraren geruzak kolorgetuko baditu ere.

* Bidaia prestatzea edo bide ondorengo oroitzapenak badakite bidaia bera bezain ederrak izaten.

* Mila izar dakusa bidaiariak  bere talaiatik, ipar-izar bat  oparitu dio gauak  galdu ez dadin.

* Nora zehatzean pasatu ohi du zenbait bidaiarik ibilbidea, baina bada egunero ibilbide berria bilatzen duenik, hirietan eta bidetan galtzen dakienik, nora ziurrak baztertuz; magia izan ohi dute ibili mota horiek eta  aberatsagoak ere izan ohi dira, asegarriagoak behintzat; bide eta kale gurutzeetan galtzen jakitearen lilura!.

 

 

Ziztadak

“Guzti hark esperientziaren betetasuna sentiarazten zion, emozio sakratu bat bere bizitzako beste ezertxoren antzik ez zuena”

 

* Zein luzeak ibilbide motz batzuk, zein motzak beste luze batzuk.

* Ederra da bidaiatzea baldintza, osagai  eta baliabide oroz gain bizipoza badu bidaiariak.

* “Zorioneko zorion ezin zoriontsuagoa bai hura, ditxazko ditxa eta felizitatea”: Bidaiak eman ohi ditu zorion, ditxa eta felizitateak.

* Badira estualdiak bidaietan, zeinetatik irtetzea bilakatzen den uneko premia eta zeregin bakarra.

* Bidaiatzen duzunean ez ez da akigarria bizitza, nekatzen bagara ere.

* Akabuan hain monotonoa omen guztia, bidaiak, aldiz ez du monotoniarik, bidaiako zenbait une monotonoa bada ere. Bidaiak badu  nekea, monotoniarik ez. Akabuan ere oroitzapenak, argazkiak, egunkaria, filmaketak, lagunentzako kontakizunak,...  geratzen zaizkizu. Ezuste batengatik akaba daiteke bidaia, monotoniagatik sekula ez.

* Ibilia beti doa egunak zenbatuz, labur utziz arratsalde oro.

* Toles-gune gordeenean betirako atxikita geratzen zaizkio bidaiariari ibiliko zenbait lipar errepika-ezin.

* Urte guztiak haina gozamen ekar dezake bidaia batek, pentsatu dut, ondoren  baina, antzua eta tristea litzakeela horrelako urtea iritzi diot, bidaiak bezain oparoak behar dute izan urteko egun guztiak, bidaia deserturik handiena bezain zabala baina  aldi beran lorategi ezin beteagoa izan dadin; urtea desertu zaion bidaiariari desertuaren luzapena izanen zaio bidaiatzea ere.

*  Ederragoa egiten du bizitza bidaiatzeak, eta bidaiari sena duenak arina eramaten du maleta.

* Bizitza handia dela da bidaiariak sarri izaten duen sentipena.

* Baldintza gaizto, osagai eskas eta baliabide urriz gauzatu bada ere, eder da beti burututako bidaia oro.

* Misterio baten aurrean bezala anpolai begiak jartzen zaizkio bidaiariari herri berri batetan sartzean, monumentu baten aurrean, edo artelan bati so geratzen denean.

* Atseden kolorea da berdea ordeka mortuan, palmadiaren kolorea, bizitzaren kolorea, uraren miraria.

* Lurralde zapaletako tantaiak, altuak, baina ez marjinalak, lur zapala harrotuz  paisaiako indar goranzkoak baizik.

* Bidaiaria bera ere nahiko estanpa harrigarri  da sarri.

* Baldintza gaizto, osagai eskas eta baliabide urriz gauzatuta ere, eder da burututako bidaia oro.

* Bidaian ez dago, ez du egon behar, ziurtasunik, egun eta une bakoitzak eman behar du bere ezustekoa, une horiek dira bidaiaren txinpartak.

 

 

Barne kilima

“La arquitectura, solo por sí, puede hacer feliz a un hombre”

 

* Zenbait eraikin ikustearen plazera!.

* Pozkor doa bidaiaria txangora, nora doan jakinez, zer gertatuko ezjakitearen abenturara badoa ere.

* Ezusteko aurkikuntza xaloak dira bidaiako edertasunik xarmant kilikagarrienak, gidaliburuek aipatutako edertasun famatuen atzetik gabiltzanean ere.

* Erabatekoa da isiltasuna kanpalekuan gauez, ordularia bera ere musika-kaxa ozena bilakatzen zaigu.

* Udaberriko bidaiak bidaia berdeak dira, bidaia fotografikoak agian, baina ametsak sortarazten dituztenak, amets berde bizigarriak.

* Giro berezia dute bidaia batetako azken egunek, amaieraren giroa usnatzen duzunean, begirada batez igarotako egunak biltzen dituzunean, aurrera begira ibilbiderik erabaki beharrik ez duzunean; laburpen egunak, altxorra gordailuan sartzeko tenorea; egunak arin joan diren sentipena, heldu ez gatzaion txokoaren pena, herrimina ...  kitto bidaia; aldi berean, baina, ernetzen hasten zaizkizu hurrengo bidaiaren kimuak, itxaropenen, ametsen egunak; liluragarriak dira bidaiako azken egunak, Mendebaleko ortzian doan arrats gorriagatik, Ekialdeko  zeru-marran argitzen hasten den egunsentiagatik.

* Ura irristan erreka zabalean, uharren soinua txori-kantuarekin balada berean bilduz, umeen bizibehar deiadarrak, nagusien solas aspertua, eta ni errekan zehar oroitzapenei ataka irekiz: bidaiako une goxoak.

* Ametsak bizi, bizia amestu, ibiltari  bidaiariaren gorputzean Ulises bizi da.

* Bidaia, bidaiatzea, zuek zarete bidaiariaren amoranteak.

* Abentura eta misterioa, bidaiaren xarma.

* Ezusteak dira unerik ederrenak bidaian, ezusteak ere trantzerik zailenak, bidaietan ez da inoiz jakiten eguna edo ibilia nola joanen den, are gutxiago nola bukatuko den,  “auskalo zer” hori da bidaiaren piperra eta gatza.

* Udaberriak musika du nonahi, sinfonia dario Hungaria berdeari.

* Zeintzuk eta nolako ote hurrengo bazter eta monumentuak?, bidaiariaren uneoroko lilura.

* Hasi da txori-kantua, oilarraren kukurrukua, eguzkitsua dator eguna, udaberria atejoka datorkigu, udaberriaren atzerriko esnatzea sentipen goxoen iturria da bidaiariarentzat.

 

 

Zorion lipar

“Abian, aldiz oinez, gogoz gehienetan / asekaitz, nola ez / oroitzapenetik ametserat / askatasuna, osasuna, artearen lilura / sentitu eta bizitu nahiz”

 

 

Izarnia

“Nik barrua astintzen duen zoriona maite dut, / ez kezkak baretzen dituena. / Askatasunaren ondorioa den zoriona, alegia”.

 

*  Zorionekoa bidaia zorion iturri, bizipozaren txingar,  zaion bidaiaria.

* Zorionaz izena baino ez dakigula dioen filosofiaz harago, bidaiatzearena bada zorionaren izpi bat behintzat.

* Zoriontsu sentiarazten gaituzten ibiliak dira bidaiak.

* Barnea bor-bor, kezkak, erabaki beharra, dudak, … horiek dira bidaiaren ohiko osagaiak; bidaiak zorion izpia dakarkio bidaiariari.

* Une batez zozoak eta bidaia-kide biok izan gara kanpalekuko bezero bakarrak: baina hor da ihintza, hor txori-hotsa, hor kolore berde joria, hor zeruko lainoak, ... natura osoa bizi da, zozoak bezain tirtiri agertzen ez bada ere: bidaiako bizipen goxoak.

* Badira segundo edo minutuetan neur ez daitezkeen uneak,  gune horiek dira bidaiaren legamia, azukrea, gatza eta piperra, anima, bidaiaria asetzen duen segundo edo minutua, bere barne-muinean lilura erein duen istant bat.

* Natura zein gizarte, inguruarekin elkartzen den bidaiariak biziko du zorionaren zatitxo bat.

* Oren sakratu eta sorgindua aurkitzean datza bidaiaren xarma.

* Zoriontsuak izan ohi gara bidaietan, zeruko zatitxo bati atxikiak bezala, paradisuko bidezidor galdu bat aurkitu baikenu.

* Denbora bat du bidaiak, baina denborarik ez balego lez gozatu behar du bidaiariak oren bakoitza.

* Denbora bat du bidaiak, baina denborarik ez balego lez gozatu behar du bidaiariak oren bakoitza.

* Denborarik gabeko denbora hoiek aurkitzen eta gauzatzean datza bidaiako gozamena, une hoiek ematen die bizigarritasuna bidaiari.

* Gertatzen zaio bidaiariari begi lausoegiak izatea aurrean duen edertasunerako, nekeak, bestelako ardurak, barne gaitasunik ezak, giza dotorezia ezak, hainbat gabeziak eraginda; zenbat gozamen aukerak ihes egiten digun bidaietan.

* Bidaiariak beti eta edonon aurkitu ahalko du maitatuko duen xehetasunen bat, hordituko duen edertasun izpiren bat.

* Bidaiariak beti du zerratzen ez den tabernaren bat, mapako edozein borobiltxo zaio itsasargi baten dir-dir deigarria, herri oro baita bidaiariaren maitale.

* Hainbat unetan izarniatzen zaizkio bidaiariari, kanporatzeko gai ez bada ere, sentipen zirraragarrien egunsenti sakratuak, bizitza osoan eragingo diotenak,  oroimenean galdu ondoren ere.

*  “Merezi izan dik bizitzeak une hau bizi eta ikusi ahal izateko” esaten du tarteka bidaiariak.

* Ilgora batetan kanpineko  arboladian izarrik ikusi ezin ahal eta hondartzara egin nuen izarrak begiratzera,  Iñaki gogoan: une hunkigarria izan zen.

* “Erregearen platerean etzan zen ilargia. / Doi doi lokartzen zihoalarik”, “itsasoaren urdina urre bihurtzen”, ilunabarrean, laba goria zen itsasoa.

* Bakardade sarkorra du kanpinak gauerdian zerbitzugunera bidean, ezer bizi denik ere ezin igarri, ilargiak lasaitasunez biltzen duela zuhaitz artetik.

* Ze une kitzikagarria  den bidaiariarentzat, paisaia, artelan edo giza agerpen baten aurrean, denbora gelditu bailitzan, ingurutik ere at, ahozabal, lelotuta lez, mutu, geratzen zaren une hori.

* “Este simple mirar y ver, pararse y caminar, reflexionar y decir”,  ibiltariaren zoriona.

 

 

Ostadar

 “Bidaiari lotzen zara, beraz, bidaiari / nahi eta ezinaren jomugan”

 

* Bidaiaria haizea bezain libre litzake, nahiaz harago langarik ez balu.

* Bizipozaren lorategi behar du bidaiariak, bere barne kolorez argitzen jakin behar du aurkitu eta ikusten duena, bihotzean ehortzitako poz hoiek aurkitzen.

* Bizitzan bezala, badira ordu handiak bidaietan ere!

* Plazera behar du izan bidaiak, ez masokismoa; bizipoza ez dakarren edo  bizipoza eragiten ez duen bidaia, ez da bidaia, ala behar dute abenturazko bidaiek ere.

* Bidaietako ordu ederrak mundu honetako egia argiak dira, nahiz ez bakarrak.

* Goizeko dutxan, zaparrada epelaren pean, zain duen eguneko ibilbidea  altxor  bilaketa gozagarria bilakatzen da bidaiarentzat, haur jolas bat bailekarkio urak, bilatu-aurkitutako altxorren oroitzapenez blai.

* Bidaiako une hunkigarrienak, doi eta gutxitan sortzen direnak, bidaiariak amesten dituenak, “Txilibitu hots ozena, / zorrotz, apala / bihotzean / negarra sorrarazten didana”, aingura lez bihotzean katigatzen diren sentipenak sortarazten dituzten uneak, “Bizitzari / askoz gehiago / ezin zaiola / eskatu / uste dut: / benetakoak diren / une / horiek”, negarra baino lilura sortarazten dituenak.

* Jai da kanpalekuan, belartza jolasleku, etxolak jendez beterik, oporretara ahal dugulako irribarreka, urteko hautsak astintzeko garaia.

* Udaberriko ibilaldia gozagarria izan dela esango dugu aurtengo udan ere.

* Maitasunez beteriko ordu txikiak usu ohi ditu bidaiariak, karriketan zein lur zabaletan.

*  Isilpozez doa ibiltaria ibilbide berrira, beti jakin-min eta ikusmin,   erantzunak gehienetan urriak badira ere.

* Oilarrak kukurruku egin du egunsentian: bidaiako plazer txikiak

* “Fabien eut desiré vivre ici longtemps, prendre sa part ici d´eternité, car les petites villes, ou il vivait une heure, , … lui senblaient eternels de durer en dehors de lui”. Bidaiariaren noizbehinkako sentipen lasaigarria.

* “Il errait parmi les etoiles accumulèes avec la densité d´un tresor”.  Hala ibili ohi da bidaiaria liluratzen duten edertasunen artean, edertasun horiek ezagutzeko bizi izan delako zoriontsu.

* Ikuspegi bat, bitxikeria bat, sentipen bat, harridura bat, irudi bakar bat, harreman soil bat, ... istant bakar batek justifikatzen du sarri bidaia osoa, gau bakarrak bizialdi osoa balio dezake, bizitza osoa balio du zenbait bidaiak, bidaia bateko zenbait unek ere, "Ez elkarrizketa luzerik, baina usaiako bonjour! bonsoir idor horietatik haratago, comment ca va? eta holakoak, mundu hetsi eta hotz horretan, epeltasun pittat ekartzen dutenak", ibiliko zenbait une oso labur baina bereziak: ikuskizun bat, gertakizun bat, egun osoa, bidaia osoa ere, merezi dutenak.

* “Guzti hark esperientziaren betetasuna sentiarazten zion, emozio sakratu bat bere bizitzako beste ezertxoren antzik ez zuena”, barnea paralizatuta bezala geratzen zaizun halako une hunkigarriak, bizipenez eta emozioz gainezka, zergatik ez dakizula.

* Ikusi du arratsalde argia, hamaika aldiz ikusi du bidaiariak, hamaika herritan, hamaika bider alde egiten, hamaikagarrenez, berriro, alde egiten ikusiko duen lekutarantz.

* Egoera bereziak konta ahal ditu bidaiariak, ez du ezer asmatuko, ikusitakoak jaso besterik ez du egingo: ikustekoak zeuden gaur andre-gizonak etxatoi aurrean eguzkira begira eserita biak, emaztea hankaluze; buru-alboka lo, berriz, gizona auskalo non galduta begirada, eta bien erdian aulki gainean kaiola handi batetan loroa, totema bailitzan,  hau ere eguzki epeletan gustura, eta isilik.

* “Trumoiaren zain”, S. Juan egunez Ingalaterrako  nonbaiten irakurriko dut poema hau S.Juan sutxo sinbolikoaren aurrean.

* Gogoratzen ditu bidaiariak organo-jolearen saiakerak edo koru baten kontzertua katedral bati bisitan suertatuak, harri zizelatuek eurek, artelanek eurek, hitz egingo balute bezala, dimentsio berri batez argituz barrena; gogoratzen du tartekako kontzerturen bat herri batetan egunari bukaera bikainena eskainiz; edo gogoratzen ditu kale-arteko fanfarreak zenbait herritan, oin nekatuak arinduz; edo arrats hartako kontzertua parkean, inguruko kale-artea erabat giro sorginduan bilduz: musika-oroipenak, bidaia gozagarriago egin diotenak.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.