Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak 2

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/04/20 11:35
Gizakia I: Gizakia – Emakumea - Askatasuna - Ezagupena

I

Gizakia

 

Zer den

* Antzezle bat da gizakia, beste antzezle batzuk imitatzen dituen antzezlea.

* Tokatu zaigun komediako antzezle besterik ez gara.

* Gizakia desira da, bulkada, beti erregai bila dabilen sugarra.

* Behin izandakoaren adabakia da gizakia, modu ezberdinetan josia.

* Gezur putzu bat da gizakia, ondorioz gizartea bera, politika, dena, … fikzioa egiten dugu, sarri uste onez, egi bila gezur-putzu horretan.

* Animalia da gizakia, pentsatzeko ahalmenak ez dakarkio onura handirik.

* Gizarteak, gizarteko gorabeherek, zizelkatzen gaituzte. Erabakiak guk geuk hartzen ditugunean ere. Inguruaren fruitua gara. Hutsak, faltsuak, besterik ez dira guk geuregan eragindako zizelkadak. Baina besteengan ere eragiten dugu egiten dugun guztiarekin, horrek bai du eragina. Hurkoa zizelkatzen duten zizelatzaile-kideak gara gizakiok.

 

            Nolakoa

* Gehienek egiten dute egiten dutena ahalik ondoen, gizakia berenez onbera delako.

* Bakoitzaren erabakiak erakusten du norberaren neurria.

* Oskola baino ez da sarri gizakia.

* Zein ezberdinak izan daitezkeen pertsonen neurriak, eta ez fisikoak hain zuzen.

* Komediante hutsa da gehienetan gizakia, barnean darabilena ezkutatuz bizi ohi  da.

* Zer eta nolakoa izanen zen gizartea surik gabe.

* Munduko animalietatik bera dela ankerrena, gizaldiz gizaldi joan da hori frogatzen ekintzez gizakia.

* Premiazkoak ez diren gauzetarako jaidura da gizakien arteko berezitasun bat.

* Dugunak, garenak edo egiten dugunak besteekiko konparaketan hartzen du benetako neurria eta tamaina. Zerekin konparatu, halakoak gara.

* Hautatu daiteke zintzotasunez eta filosofiaz pertsona anonimoen kategoria, edo iheslari kikildu bat bilakatu daiteke ere.

* Kulturak egiten du gizakia, baina honen barnean instintu denak diraute.

* Gorputzak badu bere anima; gorputza eta anima, bietatik zein hartzen dugun gogokoen, hor dago koska, bietatik zein elikatzen dugun nagusiki, horrek markatzen du diferentzia.

* Bururik gabeko burudun asko dago gizartean.

 

Emakumea

* Neskak mutilak baino zorrotzago hezten dira.

* “Emakumea gizakia da, noski, baina gizatasun molde apur bat ezberdinekoa”, “exotismo lurrin bat” dela irakurri dut: zentzu eta osotasun bat ematen dio emakumeak bizitzari. 

* Gizonena baino okerragoa da emakumearen infernua.

* Kolpeak dira emakumeekiko bortxakeriaren ezaugarri nabarmenenak, baina bada ezkutuko beste esplotazio modu isil eta ezkutukorik.

* Gaur egun errazago moldatzen da emakumea bakarrik gizona baino.  Horregatik ukatu diote independentzia ekonomikoa, mende edukitzeko.

 

Zertzeladak

* Piztia batekin bizi gara, eta ezin diogu ihes egin.

* Gizatasuna ez dago kanpo-itxuran eta aberastasunean, barne dotorezian baino.

* Azaleko gauzekin entretenitzen gara, sakonekoez arduratu gabe, harri gainetik irrist egiten duen ura gara, lurra ureztatu gabe.

* Bakoitzaren begirada oro dago kutsatuta edo baldintzatuta, ez dago begirada propio netorik, pentsamenduak bezala, inguratzen duenak baldintzatzen du, nolabait osatzen eta gauzatzen; gizakia gizartean bizi da eta ezin du inguruaren eragina saihestu, gizartearen zati izatea utzi.

* Zabor poltsek baino hitzen eta jokabideen zaborrak erakusten du pertsona baten izaera ezkutua.

* Edertasunak ez du erakargarria egiten pertsona bat, beste zerbait da erakargarri egiten duen dotoretasuna.

* Animalia gaiztoa da gizarte ikaratua.

 

 

            Askatasuna

            Zer  den

* Askatasuna ez da justizia, eskubidea baizik. Gizakiak ez duen eskubidea, mota ezberdineko mila katez lotutako esklaboa delako, kontaezin jauntxo ezberdinen morroi.

* Norberaren borrero eta biktima, aske izateko bide bakarra.

* Kaiola baten barruan bizi gara, bakoitza bere tamainako kartzelan, bertan aske sentitzea da irauteko gakoa.

* Lanbrozkoa da eguterazkoa behar duen askatasuna.

* Seminarioan eta apaizgoan inondik ere ez zegoen aske eta ondorenik gabe   pentsatzerik, are gutxiago sentitzerik. Ukoa, pentsamendu eta pentsaerei ere, izan da gure heziketaren arau nagusia.

* Umea, umetatik da pertsona, horregatik bizitzaren hasieratik egin behar du hautaketa, bularreko denean bertan, zerbait hartu eta beste zerbait utzi: bularra edo biberoia esaterako, jolasa eta ikasketa… kontzienteki ez bada ere. Eta hautaketa orok du alde samina.

* Neurri batetan gizakiak eragin dezake etorkizunean eta gertaera edo ekimenetan. Ala, irudimena besterik ez da. Orokorrean, eta zerbait eragin dugula uste dugunean ere, ez al da halabeharrezkoa gertatutako edo eginiko hori?. Gizakia erabat baldintzatutako izakia denez, beti geratzen da zalantza.  Askatasunaren norainokoa dago jokoan.

* Kate motzean mugitzen da libertatea.

*  Bidegurutze bat da bizitza, gizakia bera  beti dago bidegurutze batetan, erabaki beharrean  beti, hautatu beharrean. Latza da askatasuna, erabakitzeko ahalmenak erantzukizuna baitakar berarekin.

* Konforme bizitzea ote askatasuna, ez ote esklabotasun kamuflatua.

* Kontzeptu filosofikoa da askatasuna, esklaboei axola ez zaien unibertsaltasuna, norberak nahi duen tokira joatea da askatasuna.

             

            Gizaki askea

* Gizakiak ez du inolako hautamenik. Hautaketa oro du baldintzatua.

* Libre dela uste duena ere lotuta dago, katearen luzeran dago ezberdintasuna.

* Gizakia askea dela esan ohi da, baina erabat baldintzatzen du inguruak.

* Gezurraren diktaduran bizi gara, zientzia aurrerapauso ikaragarriak eman dituen garaian.

* Arriskutsuagoa omen da loturarik gabeko gizona gizon presoa baino. Agian.

* Norbere baitako beldurrak dira gizakia preso bilakatzen dutenak.

* Gizartearen eta bere buruaren gatibua da gizakia, ezinezkoa zaio amaraunetik askatzea, amarauneko hari batetik bestera aldatzea beste  aukera eta ahalmenik ez du.

* Izadiko edozein izaki mota bezain lotuta dago gizakia, mila loturen preso, haitzak eurak adina, mugikortasunez eta askatasunez hornituak badirudigu ere.

* Atxilo bizi da gizakia,  etxean, lanean, herrian… bere baitan ere, nahiko lukeenerako ezindua, errutinan atxilo

* Egia oro erlatiboa dela jakinda ere, edonori galdetuko bagenio dionaren zergati sakonagoa ez luke jakingo erantzuten. Nahiko automata da gizakia edozein gizartean dela ere, inguruak ezartzen dion pentsaeraz bizi da, ezarritako rolaz.

* Ezer galtzeko ez duena da edozertarako aske.

* Ezin galdu ez dugunik, edukitzeak egiten gaitu esklabo sarri.

* Aulki bati lotuta bizitzeko izakiak gara: ordenagailura, tabernara, bulegora.

* Etorri egiten zaio gizakiari, herriari ere, zoriaren kinka, eta erabaki beharra du. Oso gutxitan eta maila erkinean aldatu lezake zoriaren ondorioa gizakiak, baina gutxienez leundu dezake bere eragina.

 

Zertzeladak

* Ez dakit geneetan daramagun gizakiok debekuen aurkako grina, baina debekuak gidatzen dute gure bizitza, debekuz zedarrituta dugulako ibilbidea.

* Erreprimituak izatean hezi gaituzte,  eta erreprimituak izaten jarraitzen dugu.

* Zerbait egin behar dugula sentsazioa daukagu sarri, gorputzak ezartzen duen erritmo ezezagun bat dugu denok barruan.

* Aulki bati lotuta bizitzeko izakiak gara: ordenagailura, tabernara, bulegora, bazkal-mahaira…

* Komuna, esaldi aldrebesen territorio libre bakarra.

* Nagusien eta ahaldunen neurrira eginak daude arauak.

* Naturaltasunez unean uneko erabakiak hartzeak bere xarma du.

* Parodia ote aukeramena?.

 

 

Ezagupena

 

 Ezagutza

* Erreferentzia bat behar du gizakiak, gertatzen denaz jabetzeko.

* Zenbat gauza dakigun dakigula jakin gabe.

* Zenbat gezur geure buruari; eta nolako sinetsi itxurak egiten ditugun.

* Gezurrak esaten dizkio gizakiak bere buruari errealitatearen egiatik babesteko, edo errealitatea estaltzeko.

* Benetako izaera estali nahi izaten dugu trikimailu ezberdinez, baina beti azaleratzen da norberaren berezkoa.

* Tematia da errealitatea, ezinbestean presentea bere presentzia,  geure eta besteen burua engainatzen ahalegintzen bagara ere.

* Gezurretan ohi gara geure buruarekin, beldurrak eragindako gezurretan, nahiz beldur gehienak barregarriak diren.

* Intentziorik gabeko keinuetatik erakusten da sarri norberaren izaera.

* Aseezina da gizakiaren dena ulertzeko nahia, baina ezer ez ulertzeak ere ez dio ardurarik sortzen askori.

* Harrotasunak hondatzen du gizakia, paperezko orri fin bat bezain hauskor garela ez jabetzeak.

* Distantzia mota asko dago, geografiarenak eta ordulariarenak ez dira nagusienak, ez garrantzitsuenak, ezta  eraginkorrenak ere. Sentimenduen distantzia, barnera bidaiarena, hurkoarenganakoa... Plano ezberdinekoak, baina sakonenean daudenak dira.

* Bere hizkuntza du gorputzak: postura, ibilera… sarri ez diogu erreparatzen eta bestetan ez diogu kasu egiten.

* “Amaierarik gabeko auto-indusketa da psikoanalisia”.

* Bakoitzaren sekretua da bere leku sekretuak non dauden.

* Estasi garratza dakar edozein berriren berri jakiteak.

 

 Norberezagutza

* Zelatatu diezadakete nire gorputz fisikoa, nire ekintzak, baina nire nahiak, sentipenak, beldurrak, pozak, pentsamenduak, … neuk bakarrik ezagutzen ditut.

* Arriskutsua da biluzia, edertu zaitzake, baina baita zatartu ere.

* Zein ote da nire marka?, galdetu behako genioke tarteka gure buruari.

* Askotan ez ditugu egoa eta norbera ezagutu eta bereizten, egiatan zein garen, alegia.

* Gizakiari komeni zaio tarteka bere buruari kanpotik begiratzea.

* Egia dela uste dut denok daukagula arrasto ilun bat barren-barrenean: onartu eta berarekin bizitzen bageneki errazagoa izango litzake elkarbizitza.

* Itsua da gizakia, ez da gai bere buruan ikusteko gainerakoentzat agerikoa dena.

* Galdurik dago barneko  zurrunbilo gupidagabekoekin bizitzen ikasi ez duena.

* Zenbait gaietan ez gara egiati eta zintzoak geure buruarekin ere,  norbera engainatu nahian, dakiguna bera gu geuri ukatuz.

* Zer garen jakiteko, zein oroitzapenek iraunkor eta sokonen irauten diguten eta/edo astintzen gaituen aztertzea litzake termometro baliagarri eta sinesgarria.

* Barnera begiratzen dakienak, kanpoa ikusteko begirada eta ikuspegi sarkor sakonagoa du.

* Ematen du izartegiak gizakiaren tamaina-neurria, apalagoak ginateke gure burua izakiaren osotasunean kokatuko bagenu.

* Norberetarren artean ezezaguna izatea da bakardade beltzena, baina beltzagoa norberarentzako ezezagun izatea.

 

Elkarrezagutza

* Txikiteroen artean badago nolabaiteko anaikidetasun bat.

* Bestearen begirada saihesten duenak zerbait du ezkutatzeko.

* Besteen zure ezagutzaren zergatia, norberaren izaeraren arrastoa da.

* Pertsona guztiek dute bere aurpegia, baina ez dugu beti erakusten.

* Bestea kalifikatzeko norbera hartzen dugu erreferentziatzat, horregatik ez gara sarri justuak juzkuetan.

* Orain, lehen ere, barnera baino kanpora begira bizi da gizakia, baina orain lehen baino abiadura handiagoz. Konpartitzen duguna ere azalekoagoa da gehiago, barne bizipenak baino.

* Ikusten eta entzuten dugunaren azpian edo atzean zer dagoen antz ematean data bestearen ezagupen-sentipenaren ezagupenaren sekretua. Bestearekiko iritzi okerra dugu gehienetan, sekretu-kutxa bat baikara bakoitza.

* Perspektibak eta urruntasunak gauzen, pertsonen ere, nolakotasuna erabat aldatzen du.  Pertsonak ere hurretik, beratik, ezagutzen dira diren bezalakoak, elkarbizitzak ematen du bakoitzaren balioa.

 

Zertzeladak

* Bestei buruz hitz egitean, zeure berri ematen ari zara.

* Gizakiak ez gaude uneko adinarekin bizitzeko prestatuta, adinarekin bizitzen ikasi dugunean adinez aldatu gara.

* Ikusezin bihurtzea une batez, hori litzake bakoitzaren zintzotasunaren testa.

* Badira ulertzeko hizkuntzarik behar ez duten gauzak, denek eta edonon ulertzen dituztenak.

* Bakoitzak nahi duena ahal duen bezala adierazten dio bere buruari.

* Gizakiak jakin behar du egia dastatzen, nahiz garratza, bestela alderrai ibiliko da bizitzan.

* Begiak arimaren ispilu direla diote, irribarrearekin disimulatzen ahalegintzen bagara ere.

* Norberez kanpo bizi denak gorroto dio norbere barnera bidaiatzeari.

* Hilakiak laster desagertzen dira betirako, denborak jaten ditu jarri dizkiegun oroigarri, oroitarri eta estatuak ere.

* Sortzailearen barne arazo eta bizipenen erakusleiho bat da edozein arte mota.

* Aintzakotzat hartzea da zerbait edo norbait erasotzea.

etiketak: Burutapenak 2
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.