Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak 2

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/06/08 11:05
Gogoetak II: Denbora, aurkariak

II

Denbora

Zer den

* Istant neurtezin neurtua, hori da denbora.

* Erlojuk ez gaitu denboraren jabe egiten, denboraz jabetzen ikasi ez dionari alferrikakoa zaio erlojua.

* Leundu, eta, harago, hondatu egiten du edertasuna denborak.

* Denborak, higatu ordez, badaki lehena berpizten.

* Ezer ez da betiko, batez ere betikoa bihurtzen denean.

* Badira eternitatea balio duten liparra besterik ez diren uneak.

* Eternitatea balio dezake istant batek, eta istant bat izan daiteke eternitatea.

* Eternitatea zaizkigu zenbait istant eta bizipen, et hala gogoratzen ditugu ere,  zorionezkoa dira batzuk, oinazezkoak besteak.

* Eszena edo pasadizo labur batek bil dezake bizitza osoa.

* Gelditu bezala egiten da denbora zenbait barne egoeratan, trinkotu egiten den zerbait bezala, borobil eta geldi, heldulekurik gabe.

* Aldatu egiten ditu iraganeko oroitzapenak denborak, eskasak leunduz eta onak hobetuz.

 

Oraina

* Etorkizun dagoenaren eraginpean bizitzea da oraina.

* Iragan bihurtzen da oraina agortuz doan heinean: bizitzaren huskeria.

* Etorkizunari dagokio oraina, ez iraganari.

* Iragana da oraina, zati batean bederen, eta oraina izanen geroa.

* Une oro da gazte sortzen denean, horregatik une bakoitza bizi behar da, luza gabe iraultzen baita, eta gero beranduegi da. Uneak bizi.

 

Iragana

* Beti datorkigu aldatuta iragana.

* Inoiz ez gara, berez, lehengora itzultzen.

* Joana joana, baina denbora joanek ere jotzen dute gerora hor barruko gizakiaren erlojuren batetan.

* Oroitzapena uzten du aurreko orduak, ez besterik, eta eginaren arrastoa.

* Joan oro da erreala, izan zitekeena, aldiz, utopia eta ametsa.

* Iragana hobea izan zela  faltsukeriarekin gabiltza bueltaka, oraina dela daukagun errealitate hoberena eta bakarra, eta geroa hobetu behar dugula ahaztuta.

 

Geroa

* Amets batek bezala eragin behar du  geroak.

* Gero planifikatuena ere beti izanen da sekretu, ia zer gertatuko.

* Hutsala da orainean soilik bizi denaren bizitza, geroak ematen dio zentzua eta bizipoza bizitzari, geroan du zentzua orainak.

* Bizitzen jarraitzeari uko egiten dio etorkizunari  uko egiten dionak.

 

Neurria

* Denari eman behar zaio bere denbora, zazpikiak bihurtzen gara bestela, denak behar du bere erritmoa.

* Berenez ez du neurririk, erlatiboa da, luzea edo laburra, norberak ematen dio neurria denborari.

* Sekula hartzen ote diogu neurria denborari  eta espazioari, ordulariak eta metroak ez baitu bere osotasunean beraien neurria ematen.

* Taxuz neurtu beharra dago joandako denbora datorrenari ere aurre egiteko.

* Betiko eta betirako bihur daiteke ukitu laburrena.

* Erlatiboa da denbora, eternoa izan daiteke une labur bat, eta une ezin laburragoa eternitatea izan behar zuena.

* Barnea huts dagoenean zentzua galtzen du denborak.

* Denborak ez du neurri jakinik, une bakoitzak du berea.

* Sekula ez da berandu ezer egitekorik ez daukanarentzat.

* Bizitza hozka jaten duenari hortzak kamusten zaizkio azkenik. Bizitzari bere erritmoa hartzean datza bizitzeko gaitasuna

*Geldik zaudenean, zeurekin egonean, argiago bizi eta neurtzen duzu denbora, irrealtasun batean bezala, intenporalitatean.

* Arau edo neurri ezberdinak daude denbora neurtzeko, egunkaria edo erlojua dira bi, asko daude, pertsonen egoera eta bizipenena da beste bat.

* Denbora-neurri ezberdin bat ematen dio egoera bakoitzari uneko sentipen edo aldarteak. Eguzkia edo ordularia ez dira denboraren neurtzaile bakarrak.

* Denboraren neurria bakoitzak egokitu eta jarri behar du, mundua bera guk geuk egiten dugu, mundua gure ingurua delako, eta gure premia, baldintza eta izaerara egokitu behar ditugu, nahiz gero gure mundua beste mundu batera egokitu beharko dugun.

 

Zertzeladak

* Iraunkortasunak egiten du iraunkorra ekintza bat.

* Iragana eta etorkizuna  ederrak ohi dira, oraina da buruhaustea

* Dena berdintzen du denborak, dena iluntze ere.

* Denborak hori dauka, den-dena zimurtzen duela, zeharo ulertezin eta ezagutezin egiteraino.

* Denbora eman gauzei; denboraren perspektibaz begiratzeak ikuspuntua eta iritzia aldaraziko liguke.

* Sarri da berandu, baina beti da zerbait berria hasteko garaia.

* Presatia baino ziurrago helduko da helburura presarik ez duena.

* Denbora lasaitzen jakin: norbera lasaitzeko zientzia.

* Betoz bere garaiz gauzak, aurreratzeko irrikarik gabe, gertakizunak gauzatzen diren heinean laburtzen baita bizitza.

 

Aurkariak

Dialektika

* Iritzi, jarrera eta gertakizun kontrajarrien talkak dakar aurrerapena.

* Kontraste eta kontraesanetatik datoz aurrerapenak,  zaharrarekin kontrasteak indartzen du egoera berria.

* Ideia eta errealitatea, gizakiaren kontraste emankorra.

* Ze zaila den maltzurkeria eta ongiaren arteko jokoa.

* Zergatik ote gauza gertagaitzek astunago astintzen gaituztela posibleek baino.

* Betikoan iraun edo aldagaiak bilatu, beti erraza ez den oreka.

* Sartu beharra dago sarri galduko den jokoan.

* Egoerak, ederrenak ere, betiko luzatuz, aspertu egiten gaitu; zorionez gauzak bukatu egiten dira, hortik dator berrikuntza.

* Oroitzapen subjektibo eta errealitate objektiboaren arteko talkei aurre egiten bizi gara.

* Burutapen eta jarrera sakon ezberdin askorentzat bidea ematen dute egoera bereziek, latzek zein gozoek,.

* “Zergatik niri”k norberekeria karga du, “zergatik ez niri” sentimenduak besteekin lotzen gaitu, kidetasun ezaugarria du.

* Bizi-indarren pizgarria da amorrua.

* Inperfekzioaren perfekzioak eragiten digu sarri, eta alderantziz.

* Trebakuntza eskola dira tirabirak.

* Elkarren aurkakoek badute elkar erakartzeko joera, tarteka sarri suertatzen den karanbola.

* Ematea izan daiteke ere egotea.

* Sentimendu zintzoko bizitza bilaka daiteke asperdura.

* Etsaiari aurpegia jartzea bada izan irtenbidea, baina irtenbide izan daiteke ere iskin egitea: indarren orekan dago gakoa.

* Egunerokotasuna bultzatzen du inertziak.

* Lege bihurtzen du ohitura errepikapenak, probabilitate bezala kasualitatea maiztasunak.

* Gizakiaren eta gizarteko eragile nagusienetarikoa da derrigorra.

* Lurrak, dena estaltzen duen heinean, dena estali dezake,  baina erneko diren hazien gordailu bihurtzen da.

* Ezak ematen die balioa gauzei, eta ezinak ekintzei.

* Agurrak badaki pertsonak bere egiara eramaten, hitzetan ez bada ere, bihotzean.

* Arauak, tabuak eta inertziak, hautsiz soilik datoz aldaketak, eta aldatzean dator giza oparotasuna, itxaropen eta bizitza osatzea

* Kontrasteak areagotu egiten du kontrako sentsazioa. 

* Besteak behar dira desegokia existitzeko.

* Itzultzeko modu bat besterik ez da ihesa.

* Hitz-jolasa edo engainu eraberritua izan daiteke kasualitatea.

* Dilema guztiak dira faltsuak, ezer ez da hau edo hori, bien nahastura gehienetan.

* Ito egiten dute barneko garrasiek, kanporakoek, aldiz, lasaitu.

* Ziurgabetasunak adina erretzen du sarri ziurtasunak.

* Sarri presentziak baino indar handiagoa du hutsuneak.

* Kontraesana dirudien arren, irabazi bihurtzen dira sarri galerak.

* “Porrota duintasunez onartzea askotan garaipena izaten da eta porrota garaipen moduan hartzea errebeldia suerte bakarra” : agian garaile aterako ginateke, porrotaren filosofia edo zientzia hori bagenu.

 

Kontrajarriak 

* Denok, bakoitzak bereak, ditugu geure baitan lokartutako deabru handiak, tarteka esnatze zaizkigunak.

* Sentipen kontrajarriak ote maitasuna eta sakrifizioa?; beti elkarrekin doazenak bai behintzat.

* Kontra-efektua ez ezik, orbainak ere uzten ditu debekuak.

* Norgehiago eta norkgehiago orok beti sortarazten du inbidia motaren bat.

* Beldurra eta maitasuna bi sentimendu konbina zailak dira, baina, konbinatuz, eraginkorrak.

* Zoriona eta beldurra elkarren laguna dira sarri.

* Justizia oro da norbaitentzat injustizia; are gehiago, ez dago justizia justurik.

* Geldoak dira aldaketak ahalegin handia behar dutelako, presak azaleko aldaketak dakartza soilik.

* Perfekzio bat omen da ezereza, perfekzioaren ukamena ere ez ote.

* Sena ala arrazoia, dilema sarria eta zaila.

* Irabaziak beti uzten du galeraren bat.

* Tabu bat baztertzeko bera aipatzea izan daiteke bide eraginkorra.

* Esperientziak erakusten du egia dela koldarkeriaren ondorioa direla diskrezioa eta lotsa.

* Esanezinaren irribarreak dira batzuetan paradoxak, askatu beharreko ekuazio bihurriak bestetan.

* Asko goratua izan denak izanen du noizbait beherakoa ere.

* Sen naturalaren moxala da kortesia.

* Ezjakintasunean omen dago jakinduria, egonarria egonezinean.

* Batzuetan iluna baino okerragoa da argia.

* Propio ahazten diren gauzak dira gero akordura gehien datozenak.

* Gizarte sena haustea da plazera norbere bizitza pertsonalera biltzea.

* Sentimenduak dira irudimena eta baikortasunaren alderik txarrena.

* Bakarraren bizitza bi eternitateen arteko unetxo bat besterik ez da, baina ezgai guztion osotasunak gorpuzten du milioika urteko historia.

* Hilkutxa dirudite zenbait arte koadrok.

* Baina badira pertsona perfektuak direla uste dutenak, edo balira bezala jokatzen dutenak. Harremanen pipia da giza perfekzioa.

* Zure herritik kanpo luzez ondoren, jaioterriratzean, zeure herrian sentitzen zara,  zeure herrian darraizula sentipena duzu,  aldi berean erro anitzeko etorkin zarelarena ere.

* Bakardadean eginiko aldirako lagun gehienak betirako ezagunak besterik ez ohi dira.

* Maitasuna eta gorrotoa dira bizitza ehuntzen duten hari nagusiak, eta ez ohi dira iragankorrak.

* Nahigabe ilunetan,  eguna argituko dela iritziak kontsolamendu murritza damaio uneko goibeltasunari. Gau eztiei ostera, etsipen ukitua  dakarkio argituko duen segurtasunak.

 

Ifrentzuak

* Munduarentzat hilik egotea da loa, biharamunean munduari ekiteko.

* Badira bakarrik edo lagunarte oso mugatuan ospatu beharreko urteurrenak.

* Bakardadeak arintzen daki sarri isiltasuna.

* Erotasuna eta jenialtasuna elkarren kideak ohi dira sarri.

* Bakardadea eta isolamendua ezberdina dira berez, baina tarteka kide ere.

* Harrokeria ez da bakarrik agertzen, emozio ezberdinekin osatu edo nahastuta baizik.

* Zein eremu da publikoa eta zein pribatua, antzua da erantzuna bilatzea.

* Justiziaren osagaia da mendekua, eta justizia mendekuaren alaba.

* Edertasun kontrolatua eta basaren edertasuna, biak ederrak.

* Atsekabea ez da melankolia  garbi bat, hiri setiatu batean bizitzea bezalakoa da.

* Uztartuta daude psikologia eta antzezpena,  pertsonaien larruan sartzen dira.

* Salbazioa den heinean da irtenbidea suizidioa.

* Patu mozorrotuak besterik ez dira plazera eta mina

* Halabeharrari dagokio beti alaitasuna.

* Ondo konpontzen diren anaia bikiak dira beldurra eta arriskua.

* Lehen lerroan egoteak ifrentzua du, ahultasunez eta sufrimenduz betetako beste aldea.

* Egoismo mota bat da mesede egitea, maitasuna bezala.

* Maitasuna eta gorrotoa dira bizitza ehuntzen duten hari nagusiak, eta ez dira iragankorrak.

* Hildakoen ifrentzua dira gerra batetan bizirik ateratakoak.

* Beti eman ohi du lasaitasuna helburua lortzeak, baina inola ere ez perfektu eta hordigarria, ez luzarorako behintzat, helburu bat lortzean beti sortzen baitzaigu besteren bat aurrean, kezka  eta ahalegina sortaraziz.

* Premia eta beharra, estura adierazten dute, baina ezberdinak dira.

*  Traizio guztiak dira leialtasun baten ifrentzua.

* Nartzisismoa eta auto-gorrrotoa txapon beraren aurre eta ifrentzua dira.

* Are bakartiago bihurtzen du gizakia beste baten pean bizitzeak.

* Inorentzako etekina den lana, beti izanen da ez-perfektua.

* Pobreak eta ibiltariak, ekipaje urria.

 

Zertzeladak

* Berdinak ezberdintasunean: esaldiak gehiago du burutapenetik errealitatetik baino.

* Joera, gustuak eta zaletasunak perbertsio bihurtzea da txarra.

*  Zoritxarrenak ere zoriontasun apal eta duin bat izan ohi du: kontraesanez betetako misterioa.

* Zoriak ez du beste aukerarik ematen, hartu beharra dago.

* Apetari amore eman nahi ez badiozu, ahoa lotu, mihia estekatu.

* Inork begiratzen ez dituen gauzak, hil egiten dira.

* Konponbiderik aurkitu ez zaizkien arazo denak ez dira konponezinak.

* Zaila da biktima eta biktimarioaren rola saihestea, biak baitira zaurituak, biak heriogile.

* Hurbiltasuna mehatxu da sarri.

* Isiltasunak beti du berarekin mezuren bat.

* Itxarotea ez da pozgarria, zalantza arantza daramalako barnean.

* Hurbilago ez du esan nahi gertuago.

* Ondoren udaberria duen hibernazioa da loa, debaldeko parentesia.

* Beti dago arbuioa eragiten duen zerbait.

* Jaki bat da objektua,  edozer izanda ere.

*  Ahaztu nahi diren gauzak baino ez dira ahazten, barne ukiturik eragin ez digutenak ohi dira.

* Bizitzeko behar beharrezkoa da jatea, baina bizitzeko filosofia edo bizimoldea bihurtzen da askorentzat.

* Askatasunak ez dakar ez barkamenik ez bakerik.

* Bi seme-alabak ez dira sekula berdin maitatzen, ez gehiago ez gutxiago, ezberdin baizik.

* Testamendu ondorengo ondasun banaketarekin oroitzapenak ere banatzen dira, dirua, aldiz, biluzik eskuratzen da.

* Mendekuak ez dakar ezer onik, mendekatzailearen barne satisfazioa gehienez.

* Amorratuaren hitzek biderkatu egiten dute amorrua. Isiltzea hobe.

 

etiketak: Burutapenak 2
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.