Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

BIDAIAK 02. ITALIA

Jon Etxabe 2023/03/06 10:15
IPAR CALABRIA., San Jiovani in Fiore,

Maiatzaren 17a.  Ostirala.  15-I:13.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* ”zuhur joka ezazu, bidazti!”. Zuhur jokatu behar du beti bidaiariak.

* ”Zer inporta zaigu ezjakinak izatea?”. Ezjakin sentitzen du bere burua bidaiariak dabilen herriari buruz. Mingarria da hutsune horren bizipena.

 

Ihintzaz blai zegoen goiznabarrean belartza, perla ale zuriz loratuta, bitxitegi distiratsua bilakatu da eguzkia mendi ostetik agertu denean.

 

 

IPAR CALABRIA

 

La Sila mendiak. Erre egiten du eguzkiak goizeko bederatzietan, mendi inguruotarako eguraldi aukeratuena.

Paisaia ezagunetatik gabiltza; bi ke multzo zuri, lainoen ordezko edo, olibadietatik zeru urdinera abian, inausitako arramen eskaintza jainkoei uzta ona izan dadin. Gaztelua haitz puntan dela, etxe-multzo arre iluna haizpean, harri gotorrak eta horma higatuak, haitzen zati edo osagai bailira, jauntxoak beti izan direla nagusi, pobreak beti izan direla menpeko, aldarrikatuz bezala.

Bisitari, ibiltari edo igandezale ugari dator La Sila mendietara, errepide zabal zaindua baita, mendiak tunelez zeharkatuz, mendi-zuloak zubiz gaindituz. Aparkalekuak takian-potian, argazkiak ateratzeko aukera guretzat. Izugarriak dira zubiak, luzeak eta garaiak, asko, bata bestearen ostean mendi-zuloen gainetik. Herriek plastada arre-gorriz betetzen dituzte magalak, hegiak zein tontorrak. Ikuskizuna dira urrutira, tristura sentipena  uzten digute bertatik. Maldetan zintzilikatutako herriak, labainduz joan balira bezala eurite batean.

Behatokiz behatoki goaz, errepidea bera da behatoki, zubiak dira behatoki, mendiak dira ikuskizun, herriak dira ikuskizun, zubiak eurak ere dira ikuskizun. Behatoki paregabea da berriro errepidea,  itsasoa lehenik, mendiak gero, zubiak eurak ere ikuskizun urrutiko mendi-zulo gainetan, mendi-zuloak ikuskizun zubi gainetatik, inguru guztiko mendiak bata bestearen ostean eta mendiotako basoak ikuskizun; magaletan edo mendi tontorretan herriak, mendi-magal zein tontorrotan barreiatuta, ikuskizun zirraragarria. Ez da lur landurik ageri, ez da granjarik ageri, baratze txiki batzuk, olibondoa, mahasti txiki bat eta pikondoak, ia besterik ez: ze demontretik bizi izan dira herri hauek, seguruenik itsasoz bestaldera atzerriratuz gaur industrigunetara deserriratzen diren bezala.

 

Colosimi. Mendiotako herria, etxe dotoretxo ugari du, txaletxoak, atsegin dute ingurua hor beheko ondo-biziek.

 

Erabat aldatu zaigu errepidea Colosimitik gora, bukatu dira zubi eta tunelak, bukatu da herrien ikuskizuna, badirudi ondo-bizien txaletetan dutela amaiera,  magalari itsasten zaio orain errepidea, basoari eutsiz, mendi-zuloetan kiribilduz; marra kizkurtu bat da errepidea mapan ere, guretzat gozamen. Bihurgunez bihurgune, maldan gora eskaladan lez. Ipar Calabria osoa dugu mendean, inguruko mendi eta basoak begien pean, errepideak gora egiten du amore eman gabe. Gaztainadia da mendi osoa, harritu gaitu, sekula ez dut ikusi mendi osoak gaztainadi; gaztainondo meheak, gaztainondo gaztea, tarteka enbor sendokoak, baina denak tantaiak. Gereziondoa izan da ukitu ezberdina goialde hauetan. Belarrietako ziztadak esaten digu goian gabiltzala.

La Sila mendigunean gaude bete betean mapak dioenez. Guretzat utzi digute errepidea, bidezainek soilik hautsi digute bakardadea, noizbehinka auto bat izan dugu aurrez aurreko une batez gure bidaiaren testigu, ez da beste bizidun arrastorik. Bidaia lasaia eta atsegina da, gozatzekoa. Bakardade absolutuan inguruaz gozatzen. Noizbehinka agertzen da “Casa Cantoniera” bidezainen sasoi bateko etxeak, utziak edo hondatuak daude gar egun, gureetan bezala.

Gaina hartu dugunean izei trazako pinu mota batek osatzen du mendia. Goren horretan, munduaren gailurrean, bakardade absolutuan, granja bat, lau txakurrekin zaintzen dute andre gizonak hazienda; ikusi dugunez, korta barruko ardiak dira.

 

Pagadia  da nagusi isurialde berriko gainbeheran, arkupea egiten digute tarteka zuhaitzek, etorbide dira artez guneak. Ordekatxoetan lurra zabaltzen hasi zaigun arte, lautada iragarriz. Lur landu zabalak eta traktorea lur-lantze betekizunean, ez Calabrian ez Campanian ikusi ez dugun ikuskizuna. Bailara zabal batean aurkitu gara, mirariz lez: ugariak dira lursail harrotu landuak, jadanik espero ez genuen lurralde aldaketa. Paisaia zabal bat. Bada kooperatiba handi bat, patata merkaturatzen dute, iragarkiak dioenez. Bada hotel eta jatetxe den eraikin handi berri bat ere, mendizaleak, aho gozodunak edo igandezaleak datozen seinale. Berdegune den lur sail asko dago, baina ez dira larre, utzitako soroak baizik. Errepide-gurutze bat besterik ez da bailara, ez da herririk, nekazal etxeak behar duten dozena erdi etxe xume besterik ez. Paisaia zabalak dirau.

 

Lautada bukatu da, pinudi bihurtu da orain basoa lautada bertatik hasita, pinudi izanen da Cosenzara bideratzen garen arte, maldan behera. Goi lautadan diraugu, harik eta Cosenzara hartu dugun arte. Goi-bailarako osagai berdintsuekin: lur landuak eta sail utziak diren belardi zikin latzak. Ugarituz doaz nekazal etxeak, xume-xumeak, kanpotik ikusita, inguru zaindu gabearekin, bakan-bakan, baina ez elkarrengandik urruti. Bada ondo-bizien txaletxorik ere.

Elur lekua: burdinazko haga luzeak erakusten dute errepide ertzetan ezabatu egiten duela elurrak errepidea.

Behatoki bihurtzen zaigu errepidea tarteka, Ipar Calabria gure oinetan erakutsiz, erabat baso dela frogatuz.

Badabiltza bakantze lanetan, basoa argitzen, bi pagaditan ikusi dugu, erabat bakantzen zuten batean, tantai makal bakar batzuk soilik utziz. Izan da ziplo botatako pago sail bat ere.

 

Arvo lakua: hiruzpalau laku marrazten ditu mapak, guri ustekabean agertu zaigu Arvo laku hau, kilometro askotako luzea mendiarte estu bateko bailara betez. Bazen autobuskada bat ikasle gazte, hotel baten inguruan.  Joan dotorean inguratzen dugu lakua, orain begi-bistan, orain kukuka zuhaitz artean, orain gordeta baso ostean. Errekatxo ugari dator lakura, “dorrente” izendatzen dute eta bakoitzak bere izen propioa du “dorrente” horrekin batera.

 

Lorica. Aisia gune bat da, agian herritxoa ere. Hotelak, bungalowak, bi kanpin, kalesaltzaile edo kaleko kinkila-dendak, bisitaririk ez badabil ere  gaur; “Funivia”, funikularra ere badu, ez dakigu norako, seguruenik hor bertan dagoen 1928 metro garaierako Botte Donato tontorrera mendizaleak hurreratzeko. Guk pinudi diren tontor leunak ikusi ditugu soilik, garaiak izango dira goian baikaude, baina ez dugu ezagutzen gure Botte Donato morroskoa, agian horietako bat da, guk beste jite batekoa irudikatu badugu ere. Ez dira ibilbiderako mendiak, pinudietan ibiltzea gustukoa duenarentzat ez bada, dena baita pinudi.

Gain-lautada sarriak, pinudiak... alanbrezko hesia errepide eta baso bitartean, animaliak ote zeuden sasoi batean basootan?.

Ez da inon, Eskozian bezala, telefono-kabina gorririk ikusten mendiotan errepide ertzean.

Oso errepikagarria bihurtu zaigu bidaia, lainotu egin zaigu eguna ere.

 

S. Giovani in Fiore. Zintzilikatuta ikusten ditugun herriok barnean nolakoak diren ikusteko balio izan digu. Herri handia. bihurri bihurria; errepidea doa goitik behera, hegitik ia zuloraino, bihurgunez-bihurgune; errepidearen eta bertara jotzen duten goitik beherako eta trabeskako kaleen alboetan bospasei solairuko etxe tristeak. Herri osoa da tristea. Inolako graziarik gabea. Kolorgetutako kolore ezberdineko etxeak.  Ez digu geratzeko aukerarik ere ematen, ez dugu zer eginik hemen, telefonoz deitzeko txartela ere bukatua dugu, estankoak eta telefonoa ez dabiltza euroarekin. Beraz abadia bisitatzea besterik ez zaigu gelditzen. Artisau lanak saltzen omen, iragarrita daude zenbait dendetan, baina ez dira gu bezalako oinezkoentzako kaleak, beraiek bai lasai dabiltza gainera datorkien autoei kasurik egin gabe.

Abadia Florense. Ia mendi-zuloan, herriko barrenenean. Cister ordenakoa. Austeroa erabat, erabat kendu diete zarpeatua hormei, baina ez dira inola ere erakargarriak, harri ezberdin zatarra baita; masa, aldiz latza. Arku gotiko berezi batzuk ditu eskuinean, beste eraikin batekoak segurenik. Urre kolore iluneko aldare nagusia, eta erretaula lez santu-irudiarentzat lekua. Erretaula ostean aulkiteria, aspaldikoa nonbait zeren bertan eserita erretaula atzealde ezin traketsagoa du pare bat metrotara santuarengana igotzeko mailadi xelebre batekin. Santu-iruditeria albo bateko gela eta kaperetan, etzaniko Kristo eder bat, aurpegiera sarkorrekoa. Aldare azpi inguruan lehengo komentua izanen zen gela edo areto, agian kripta besterik ez da, baina oso zabala eta sailkatu edo banatua, fraideak austeroak zirenean beraien komentua izan zitekeena, mailadi harrizko piko batez jaisten da bertara.

Herri giroa komentu inguruan, kamioikada enbor hustu dute kale erdian monasteriora doan kalea luzarorako itxiaz, gizenkote bat hasi baita motozerraz trokote luzeak mozten, puska baterako lana.

Bisitari ugari doakio nonbait, jubilatu koadrila eta eskolaume koadrila atera da gu heltzean, eta ume koadrila sartu da gu atera garenean. Lau gida ere atean daude bere zerbitzua eta jakinduria saltzeko prest, ez zaio gustatu bati guk inor alokatu ez izana, baina guk ordaindu egingo genuke beraien hitz-jario guztia ez entzutegatik. Datu guti eta funtsezkoak behar ditugu soilik. Ze aspertu aurpegi umeek ere!. Baita irakasleek eurek ere!.

 

Erdi landu, erdi utzitako goilautadetatik egin dugu etxerantz. Ez du graziarik paisaiak. Ez da inolako ikuskizunik. Berde-berdea, bizia eta deigarria dute teilatua bi etxek, inguruarekin konbinatuz agian. Pinuak  darrai basoan nagusi. Dozena erdi behi larrean izan da osagai berri harrigarria. Ez da inola ere lautada edo bailara erakargarria, etortzera deitzen zaituena. Uralitazko teilatua du zenbait etxek, herdoildu kolorekoa.

Natura-gune bat iragartzen digute, agian Cecita lakua da.

Alde honetatik ere ez zaigu nabarmendu Botte Donato mendia.

 

Camigliatello. Udaldi eta negualdi herria, kale bakarra du, dena denda eta ostatu, eski eremuak eta elurrerako arrasteak ere iragartzen dituzte. Telefono txartela eta kabina ere gauzatu ahal izan ditugu bertan. Horretarako soilik geratu gara, herri erabat hila baizen.

Perretxiko saltzen ikusi dugu gizonezko bat, ale handiko bi kaxakada zituen.

 

Hortik aurrera dena izan da tunela eta zubia, dena behatoki, dena herri magaletako herrien ikuskizuna lehenengo, Cosenza bailara azkenik. Pagadietan, beranzko errepidea. Atzo aurrez-aurre izan genuen mendi-magal eta herrietatik goaz, atzo beherantz etorri ginen magala eta bertako herri piloa maldetan sakabanatuak aurrean ditugula. Ikuskizun paregabea berriro ere. Zubien ikuskizuna tarteko, zeharkatuko ditugun zubiak ikusten ditugu aurrez mendi-zuloko alde bietako pagaditik pagadira, pagadiak elkar lotuz, barnea kilikatuz. Ezaguna arren, zirraragarria. Duela gutxi arte errepidea zulorik zulo joango zen, herrietara aldapa pikoetan igoz.

 

Cosensa bere zabalera osoan ikusi ahal izan dugu. Etxetzarrezko zabal-zabala.

 

Gaur ere 30 graduko hozberoa hirian.

 

Kale-gurutze batean, eskuinera jotzeko zain egon arren, bide erdi-erdian jarri zaizkigu autoak hainbat aldiz, geraraziz. Nahi dutena egiten dute. 

Dozena erdi ardi: herenegungo berberak seguru aski.

Miren zoriondu dugu. Euskal Herriko noizbehinkako lotura. Deskonexioa da lasaitasunerako bidea. Etorriko dira kezka egunak.

Ez da kanpinik tren-hotsik gabe. Hemen ere heltzen zaigu traka-traka errailen soinua, kamiotzarren baten burrunbarekin nahastuta.

 

216 kilometro, mendiko ibilbideetan, oinezko ibilbide gozagarririk gabe. Itsasoa eta hondartza genuen zain.

 

Kilometrotako itsasertza utzi digute guretzako bakarrik, hondar beltza izan dugu oinpean zoru eta izara urdinaren ertz kizkurtua masaje-emaile zuri. Zimurtuta dago itsasoa, kirrutu gabe

Muskerra aurkitu du M- Luisak zerbitzuguneko sarreran, nire igelaren bila agian.

Zerura begiratu eta Josebaren “izetu ezinik txinpartak ateratzen dituzten pospolo bustiak lez” gogoratu dut, deika ari zaizkidan argi-keinu indartsuak dira  gauotan izarrak.

 

“Lagun izoztua”. Joseba sarrionandia:

*“Ikastera zetozten, jakin, gehienez ere apur bat besterik jakin ezin den arren”. Herriak ezagutzera ateratzen gara bidaiara, ezagutu oso azaleko ezagutza, arina soilik, egin badaiteke ere.

* “Esaiozu Ednari oinazerik gabeko bizitza lotsagabekeria dela”. Lotsagabekeria da arazorik gabeko bidaia ere.

* “Badira bide batzuk derrigorrez ibili behar ditugunak, inora ez doazela jakiteko”. Zenbat alferrikako ibili bide egokia edo zuzena zein den ikasteko. Ikusi ondoren, denok jakitun.

 

 

Maiatzaren 18a. Larunbata.  16- I:14.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Ez dit inork argitu zertarako etorri naizen, eta zergatik etorri naizen edo zergatik joango naizen”. Bizitzari buruzko galdera betikoak.  Bidaietara badakigu  zertarako, zergatik, baita noiz eta nora joango garen ere. Bada zerbait.

* “Zoriontasunetik izena baino ez dazagu(¿)”. Izpi batzuk ere bai, bidaiatzearena adibidez.

* “Ez ezazu borroka  egin zoriontasun bila”. Zeren bila orduan?. ZORIONA ala zoriona, hori beste arazo bat da.

* “Zelako misterioa espazioan biraka dabiltzan astro horiena”. Misterio horrekin dut zita gauero, zohardi garbiotan, oherako baregarri.

 

Susmaberak gara atzerritarrak, edozertan iruzurra sartuko diguten kezkaz, bertakoek barre egiten dutenean gutaz ari ote diren, auto tutuak edo edozer denean gutaz ote den, zerbait gaizki egiten ari ote garen... Inoren etxean dabilenaren arazoak.

 

S. Eufemia Golkotik Squilace Golkora dugu gaur ibilia, Tirrenotik Itsaso Jonikora, mendiz harantzakoan, autobide azkarrean honanzkoan.

 

Pikoan egin dugu gorantz, egunerokoa dugun baina aspertzen ez gaituen ikuspegia dugula begien aurrean. Itsasoa, mendiak, herriak eta herrietako kalabriarrak. Olibadi da mendi osoa. Olibadi zainduak, aspaldikoak, azpiak garbiak, olibondo inausi eta zainduak; olibondo sendoak dira, adar ebakiek nano utzi badute ere lerdenak ziren zuhaitzok. Pikondoak eta intxaurrondoak herri inguruetan, mahastitxoak eta piku txungoak ere, errimea da  intxusa bazterrotan. Bakoitzak bere etxerako egiten duela dirudi. Herrietan ez dira falta, nekazal etxe inguruan, gereziondo, pikondo, intxaurrondo, piku txungoak... Hainbat herri zeharkatu dugu, magalean behera doazen herriok; erditik zeharka zeharkatzen ditu kale nagusiak, gora eta behera doaz kalexka, pasabide eta mailadiak. Izan da herri bat erreka-zuloaren alde bietara zabaltzen edo luzatzen zena. Beltzez janzten dira emakume nagusiak, baina izan da bat errepidean azpiko gona gorri-gorria erakusten zuena; kapelua daramate gizon nagusiek, lurralde beroa izaki, ez dute behar paraje hotzeko euskaldunon txapelik: italiar pelikuletako gizakume petoak dira. Ez dute ezer asmatzen pelikulok. Lasai hartzen dute bizimodua herrietan, egonaldia egin dute autoko gidariak eta oinezko emakume batek kale erdian, alde batean zein bestean dozena erdiko ilara sortu den arren. Herri batean merkatu txikia zegoen, itsasorainoko ikuspegia zabaltzen duen behatoki edo plazatxoan. Bizi-biziak daude zenbait herri, hilak besteak, koskortuak dira batzuk, errepide ertzeko etxe ilara besterik ez beste batzuk. Merkatu txikian ohizko salgaiak, baina bertako gaztaien formak izan zaizkigu deigarri: sokaz loturiko gaztak, madari erraldoi formakoak, soka barreneraino sartuta, zintzilika eduki eta koipea botatzen joan bailitzan. Beste herri batean On Pio, santu egin nahi duten fraidea, dago brontze gorrizka bihurtuta  plazan, Napoliko eliza batean ezagutu genuen fraidetxo potolo bizarduna. Aguazila bera ere ez zen bertan beherakoa, gorro plato zuriarekin eta uniforme urdin ez nolabaitekoarekin. Galdetu behar izan dugu bidea pare bat aldiz,  erantzule argi bizi eta adeitsuak aurkitu ditugu. Morroikeriarik gabe. Umoretsu ere bai: eskua jasoz esan diot bati “bon jorno” eta “ave” izan da bere lehen erantzun irribarretsua. Etxetxo txukunak dira, sakabanatuta daude, xume-xumeak baina ahalegintxoak egin dietenak:  nekazal etxeak, lurra lantzeko darabilten zantzu argiekin, olibondo azpiak eta baratzak lantzeko  edo;  herrietako etxeak, aldiz, ohizko kolorgetu tristeak dira. Sarriak izan dira traktore txikitxoak; errepidean, baina. Emakume nagusi bat atarian ari zen itxuraz bazkarirako osagaiak prestatzen.

Errepide onak ditu Calabriak, mendi galduetara ere, onak dira baita mapan marra zuriz, azken kategoriako bezala, agertzen diren errepideak eurak ere.

Mendiari helduta doa errepidea, erreka-zulotik tarteka, magal zabaletik hurrengo. Mendi goitik zenbaitetan, itsas gain beti: ibilbide paregabea. Ugaria da artea, haritza ere. Gurekin daramagu S. Eufemia golkoa, beti gure azpian, begien gozamen, bere osotasunean biltzen dute begiek, hegazkin batetik bezala.

Iruzurra sartu digu mapak: goi-mendietatik egiteko asmoa genuen, baina itsasertzera eraman gaitu, gaurkoan halabeharrez, ez gure hanka-sartzez. Autobidetik egitea erabaki dugu Catanzarora.

Industria pabiloiak lautadan, bakanduak;  lursailak, berriz, utziak, malda barrenetan ezik, non olibondoak nagusitzen diren; zuhaitz bakanak beheko mendi-muinoetan. Azkar joan behar da, ez dago alboetara begiratzeko astirik. Paisaia tristea inguruko mendiek berdetu eta gozatzen badute ere, pobre itxurakoa, degradatuz joan dena erabili ezaren poderioz, agian  industrigune izateko itxaropenez,.

(Begiratu zer esan nahi dure “lido” hitzak)

Aurrez-aurre izan dugu Itsaso Joniar  lautadako joan bizkorraren ondoren.

 

Catanzaro. Joniar itsasoaren barnealdean. Bi zubi ikaragarriek lotzen dute hiriko mendia albokoarekin, autoei sarrera ahalbideratuz, ikaragarri zabala bataren arkua, garaia aldi berean erreka-zulo zabalaren barrenetan oinarrituz izugarri gora igoz; zubi garai luzeen labirinto batek ematen die autoei sarrera lido edo itsasertz aldetik. Mendi koskor bat da Catanzaroren oinarria. Tontorrenean Duomo eliza zuria, Italiako eliza hainbaten ohiko dorre eta kupularekin; kaleak eta etxeak maldan behera. Goitik sartu gara baina behera eraman gaitu alde batetik kaleen norabideak, berriro gora eramateko. Inolako apartekotasunik gabeko kaleetan zehar. Autoz lepo dago kale oro, geldi zein dabiltzanez; berea egiten du bakoitzak, hemen argi eta bizkor ez dabilenak ezin du kale-gurutzean inora egin, turuten sinfonia entzun beharko du beti. Ikasia dugu zirt  edo zart egiten. Izan dugu non aparkatu bi ordurako txartelak erosiz taberna batean. Zer kontatu handirik ez digu eskaini, baina atera ahal izan dugu dirua, erosketak egin, M. Luisak inon aurkitu ez duen laka ere, eta  Mariari telefonoz egin; izozki gozoa zurgatzeko aukera ere eskaini digu. Hortik kanpo ezer guti azpimarratzekorik. Baditu pare bat plazatxo, horietako bateko eskultura edo delakoa azpimarratuko nuke: gora doan mailadi zabal bat belartzan, gazteak gorantz egin eta bertan eserita daude kontu-kontari. Badira xarma erakusten duten txoko eta inguruak. Eliza pila, bi ikusi ditugu:  Kontseziokoa, Sortze Garbikoa: barroko loratua, apaindua, Austriako haien tankerakoa nahiz apalagoa;  pulpitua ziruditen bi irtentxotan, xarma erakusten duten organo nano xarmanta bakoitzean; Duomoa, kanpotik zuria, barrutik marmolez apaindua; hutsa eta hotzegia, ateak ditu brontzezko artelan paregabeak. Duomoko plazan, mutiko koadrila futbol jolas zaratatsuan, Milan ekipoaren kamisetekin. Kale-artean sartu gara, kaledi estu eta nahiko bihurria da tarteka, nondik motorrak eta autoak agertzen diren oinezkoak portaletara bidaliz: ate ederrak aipatu behar, izanaren ispilu lausotuak; aitatzekoak patio zabalak, bizitza oparoa izan zutela aldarrikatuz. Herri patxadatsua dirudi, lasaia, plazan eserita irakurtzen dute egunkaria adineko gizonek, kontu-kontari dago jendea plazan. Italiar pelikuletan  ikusi daiteken ikuskizuna eskaini digu gaur errealitateak: kalerik kale, espaloiz-espaloiz, etorri dira poliziak egoitzara, hainbat eta hainbat zutoihal eta bandera zut zituztela aurrean eta beraiei jarraiki, polizia jantzitako eta gorbatadun gizaseme pila, emakumeak ere; ospakizunen bat zuten nonbait polizia egoitzan. Muntaia bat du talde batek plaza nagusian, toldope batetik bozgorailuen bidez etengabeko erretolika botatzen dute, ikaskuntza arazoaz ari direla dirudi.

Hiri bizia eta beroa, 30 graduko hozberoarekin ibili gara bi orduz kaleotan. Baina itomenik gabe.

 

Kanpoko argitasunetik sartuz, berez ilunak diren tunelok iluntasun absolutua dirudite autoen argira begiak jarri arte. Senez edo berezkoz gidatzen duzu lehen zatian, aurretik datorrenaren baino eskumarago eginez.

Goizean utzitako ibilbidetik itzultzea erabaki dugu. Mendian gorakoari heldu diogu beraz.

 

Tiriolo. Zirraragarria, zementu ilundu zahar koloreko etxeteria mendi magaleko pendizean behera, gerrak hondatu edo erretako herri baten zantzua eskainiz. Erditik zeharkatzen du errepideak zeharretara, eskailerak eta kale pikoak erakusten ditu betatik, baita erloju dotore bat ere elizako horma dirudien batean.

 

Ikuskizun berebizikoa eskaintzen digu berriro errepideak, anfiteatro  erraldoi berde batean baikenbiltza,  sumendi baten aho berdearen barruan goazela dirudi, borobilean. Mendirik mendi gabiltza egunotan baina ez gaitu aspertzen ikuskizunak. Herriak magal pikootan, zipriztin gorri eta argiz etenez anfiteatro osoko berdegunea.

Ez dago askorik agirian, baina tarteka agertzen da bela beltzen  bat errepidean. Gaur bigarren musker berde-berdeak zeharkatu du errepidea, auskalo ze egutera edo maitale bila.

Arratsaldez, goizean pare, guretzat utzi digute errepidea. Gaur ez da bidezainik ere. “Cantoneira” bidezainen  etxeek hor diraute, utzik eta hilak, gorri ilun sarkor, ia lila, pintatuta.

 

S. Pietro Apostolo. Dozena bat etxe xume errepide ertzean, herriaren ertzean, aldiz, arrosa deigarri pintatutako eliza pospolina Amabirjinaren fresko batez apainduta ateburuko horma.

 

Hortik behera,  goiotatik ia barreneraino, mendi osoa da gaztainadi. Ezki sendo ederrik ere bada. Gaztainondo gaztea, hiruzpalau enbor mehe luzatzen da oin beretik; badira tortoan hasten den gaztaina-adar sastrakatsurik, oraindik bakandu gabe, zein adarrek iraungo erabakitzeke.

 

Sumendiaren ahoa utzi dugu, baina mendiz mendi jarraitzen dugu, goiak utzi gabe, gorenak ez badira ere, magalez magal, basoak bilduta tarteka, hurrengo urrutira arteko mendietan herrien ikuskizunaz gozatuz. Tarteka zeharkatzen dugu herriren bat. Hilak daude, bazkari edo siesta ordua da nonbait.

Kapera edo santu-irudi zulorik ez da, bi gordelekutxo ikusi ditugu errepide bazterrean, nahiko utziak biak.

 

Soveira Mannelli.  “territorio desnuclearizato” dio kartelak: hemen goiotan ez diete zentral nuklearrik eginen, baina biztanleen postura zintzoaren ezaugarria da aldarrikapena. Dottoretu nahi duen herria da, zuhaitzak sartu dituzte etorbide itxura emanez errepidea den kale nagusiari.  Herri ertzean dozena erditik gora makal enbor ikaragarri sendoak, diganteak, erraldoiak, erabat inausiak: enborrak soilik utzi dizkiote, zirrara sartzen dute, fantasmak dirudite, zerbait irreal, ezohizkoa; kimu berriak erne nahian dituzte, eta bada bat aspaldi inausita nonbait, milaka kimuz biziberritzen hasia.

 

Iturri bat errepide ertzean noizbehinka, iturri arruntak, kanil eta aska arruntekin, baina ura dute, iturriaren funtsa eta esentzia. Apaindura hutsa nahi  ez badu ura izan behintzat.

Goitik behera pikoan ekin diogu itsasertzera. Gaztainadi izaten jarraitzen du basoak.

Gogo Jardunen etxea iragartzen dute errepidean basoranzko hesi batez, Leku baketsua izanen da norberak bakerik badu barnean, ez badu, inguruak lagunduko dio barnea orekatzen, borondaterik badu.

 

Plantania. Irudi bitxi berezi deigarria eskaini digun herria mendiaren nahiko barrenean: teilateria gorriak erabat estaltzen du mendi magaletik ateratzen den apendizea dirudien mendixka luzearen hegia, marra zabal gorria luzatzen da mendi-zulo gainetik, muturrean behera etxeak barreiatzen zaizkiola. Ikuskizun dotore berezia.

 

Barreneraino egin dugu. Marina zabala agertu zaigu, S. Eufemia golko gaineko ordeka zabala, ordeka berde ilun tristea, padura itxura gehiago duena.

 

Nicastro. Malda barreneko herria. Lamezia Terme izenez agertzen da errepidean. Eskerrak bere bila hasi ez garela goizez, erotuko baikinen, ernegatu behintzat, bere bila. Gidaliburuak aipatzen ditu geldiunetxoa merezi duen zenbait artelan. Gaztelu baten hondakinak erpin-erpinean, herri zaharra azpian, ia zintzilik,  eta gero luze eta zabal herri berria, guztiak bezala kolorgetu tristea.

 

186 kilometro, Tirrenotik Joniarrera, mendiak zeharkatuz.

 

Miraritxo teknikoa gertatu da kanpinean, gure auzo berri holandarrak teleaginte batez kokatu du etxatoia era orotako mugimenduz. Merkaturatu ote den, eta zenbat balioko dun jakin-min utzi nau.

Olatu meheen soinuarekin nahastuak entzun ditut nire hondar gaineko oin hotsak, gero enbor zerratu berri piloari zerion usaina hartu dut, pixa parrastadatxoa egin dut itsaso handian, atzo arratseko nire oin lorratzak zirauten oraindik hondarrean... asebeteta sentitu naiz unibertsoaren zati naizela jabetzeko gutxienez jaio nintzelako.

Bezero ugari sartu da arratsean kanpalekura, ez bertako igande-pasakoak, kanpotarra baizik, alemaniar, holandar, belgikarrak...

“Arrats gorri ....”, gorria da bidaiariaren hurrengo egunerako itxaropena, baina lainoek lausotu digute urrezko bola itsas gainean erraldoi borobildu baino lehen.

Kakalardo erraldoia izan dut gaur gauean zerbitzuguneko sarreran, argi-azpiko hormaren kontra danbaka temati, hilda edo zauritua

Gora laurdenera ia heldu den ilargiak apaintzen du gaueko ibiliko ganga izarratua.

 

Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “... udazkenak hiru zentzumen esnarazten dituela: ikusmena, entzumena eta usaimena”. Udaberriak bizipoza esnarazten du, bidaiara aterarazten.

* “... udazkenak duela urtarpetan antz gehien ametsarekin”. Guk neguan egiten dugu amets bidaia prestatzen, udazkenean erabakitzen baitugu hurrengo udaberrian nora joan.

* “Ahanzteko almena galtzea oroitzeko ahalmena galtzea baino latzagoa da”. Biak ere latzak, bidaietako  argazki eta egunkaria ditut ahalmen horiei eusteko amarruetariko bat.

* “Amets egiten nuela amets egin dut. Amets egiten duela amets egiten duena berehala esnatzen dela...”. Irten aurrean da ametsa bidaia, gero lo seko egiten dudan errealitate lasaigarria.

* “Baina bai ez garela beti izan orain garen gorputza. Luzaroan emigratutako  partikula eta gugan bat egindako partikulez osatzen gara. Heriotzarekin, gu garen elementu guztiek lokarriak askatuko dituzte eta izatearen ozeanora itzuliko dira”. Eta bitartean unibertso eta izadi honen kontziente gabiltza bidaietan.

* “Ez da egia  bizitza amaitzean hasten dela heriotza, bizitza amaitzean heriotza ere akabatzen da...”.  Bidaia amaitzean oraindik ere darrai oroimen, bizipen, argazki eta izkribuetan.

BIDAIAK. ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/02/27 09:50
CALABRIA. Sta. Eufemia golkoa.

Maiatzaren 15a.  Asteazkena. 13-I:11.a

 

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam.

* “Zabiltzan feria honetan ez zaitez saia adiskiderik aurkitzen. Ezta gordeleku irmorik ere”. Bidaia feria honetan definizioz  bidaiariak ez du gordeleku irmorik, gordelekuz aldatzea baita bere ibiltari izaeraren zati. Adiskideak ere ezin izan luzarorako, ez baita adiskidetasun sakonik aurkitzeko aproposa  bidaiariaren izaera hegalaria. Baina beharrezkoa du gordelekuren bat eta sekula ez zaigu falta izan estualdietan laguntasuna eskainiko digunik. Ezta adiskidetasun balekoagorik.

* “Ezinezkoa zerua behatzea... Paradisua, niretzat bake-une bat besterik ez da”. Bidaiak baditu zorion zatitxo diren une asko.

* “Amets dagit...”. Amets bat da bidaia. Egi bihurtzen den ametsa.

* ”Hego-haizeak lehortu zuen  urretxindorrak bere laudorioetan  kantatzen zuen arrosa”. Ibiliak ahitzen du gidaliburuak ernarazitako ametsa, oroitzapen eta bizipen bihurtuz.

 

Aldaketa egunak berarekin dakarren  abentura punttuak ziztatzen gaitu. Egun zoragarriak agurtu gaitu, ez da hasera txarra.

Napoliko badian badira oraindik bazter tentagarriak: behatoki zabalak, abestiagatik Marechia sonatua, Ciceronen etxe bat, erromatarren ur biltegi erraldoi bat, etab… tentagarria. Baina oso nahastua da ibilbide hori,  Napoli zeharkatu behar baita bertara joateko, edo ingurubide luzea egin.

 

Hasieran izan dugu zailtasunen bat aldats pikean gurpilak laprast egin digulako, baina onik eta erraz egin dugu autobidera artekoa, umoretsu barre eginez gidari eta oinezkoen araurik gabeko jokabideari, ertzak  ongi zainduz.

 

Erabat aldatu zaigu giroa eta paisaia, itsas girotik nekazari girora. Bidaia paregabea bere luzera osoan. Mendiartea izan da ibilbidea, mendi-magalez mendi-magal gehienetan, mendiarteko bailararen batean tarteka, nahiko goitik sarri. Behatoki izan da errepide osoa; mendi-zulo sakonak, bailara zabalak zein estuak, herriak mendimagaletan zein sakonean, zubi gainetatik zein mendi-magaletako joanetik ikuskizun. Dotore ageri dira herriak urrutira, eguzkitan argi, hegiak estaliz, malda berdean argigune bizigarri, edo behetan teila koloreko xafla zabal. Herri hitsak dira bertaratuz, harrizko arreak, edo adreiluzko zarpeatu tristeak, berriak ere erabat xumeak. Harritzen gaitu zenbait herrik: etxetzar berri pila industriarik ageri ez den parajeetan. Menditzarrak, zuhaitzez berde gaina,  amildegi ikaragarriak beherantz.

 

Campania: bertatik bizi izan dugu itsasertzetik barrurantz asmatzen genuen mendiarte hura. Mendiartean sartu gara itsasgainetik egin ondoren Salermon. Tamaina eta itxura guztietako mendiak, mendi-muino leunak, mendixka zorrotzagoak, eta menditzarrak, haitzak Sarriok esango luken bezala eta harkaitz tzarrak, bere osotasunean berde edo laino multzo zuriek lepokoa eta txano zuria jartzen ziela, dotore.

 

BASILICATE probintziako kilometroak, mendi mendiko zeharkaldia, tontor eta basoz inguratuta, behatoki paregabea ordeka gainean.

 

 

CALABRIA

Probintzia bera gerta zaigu ezuste gozagarria, menditsu jori aparta azaldu zaigu: lehorra eta gogorra espero genuen. Tontorreria paregabeak, bailara zabal berde joriak. Fruta arbola-sail ikaragarri zabalak, harrigarri zabalak, urrutiko mendietarainoko ordeka osatuz. Izan da gari-sailik,  nola ez olibondorik ere. Izan dira mendi soilak ere, baina aurpegi goxoa jartzen die berdetasunak. Artea, pinua, intxaurrondoak, gaztainondoak... Natura-gune baten baitan gaude, Parco Nazionale dio mapak. Mendi ederrak dira gureak, baina bada mendi ederrik erbestetan ere. Nahitaez izan behar du mendizaletasuna hemen. Pollino mendi tontorra: 2248 metroko altuera du, hor bertan  izan dugu, baina ez dugu jakin izan hiru tontorretatik zein zen garaiena. Artea eta haritza, eta pinu zoztorrak goiotan marduldu ezinik edo...: berde mota ezberdinen erakusleiho aparta. Paraje paregabeak, zirraragarriak, mendira erakartzen zaituztenak. Berotegi beltzak, erabat makurrak halako berdegune ederrean. Burdinazko kriston zubitzar urdina zementuzkoarekin lehian mendi-zulotzarra zeharkatuz: erabat zirraragarria izan zaigu. Badira mahastiak, oso txikiak, bere sailtxoa du inguruan etxe bakoitzak. Zenbait ote-gune, loratuta hori. Toranora irteeran izan da artalde bat, larrean ikusi ditugun animalia bakarrak; ez dugu granjarik ikusi.

Etxe bakanak barreiatzen dira arbola artean; berdegunean gordeta daude herriak. Bertatik ez dute erakargarritasunik, deigarriak zaizkigu urrutitik. Cosensak ez du inolako apartekotasunik, zabala izatea ez bada, etxe berri arruntek osatzen dute.

Tunela eta zubiak, mendi-errepide honetako osagai ezinbestekoak: tunel luzeak sarri, baina batez ere zubi izugarri garaiak mendi-zulo sakonen gainetik.

Sarriak dira errepidean elurra denerako oharrak, itsasotik gure ustez gertu, eta ez hain goian, dauden tokietan ere.

Berde eta joria arren lurralde osoa, paraje xumearen itxura du, nekazaritza pobrea behar du izan hemengoak. Nekazaririk gelditzen bada.

Noizbehinka harrobiak, mendiari egindako zauri erraldoia, mendia biluzik utziko balu bezala, bere jantzi berdeari tarratada eginez, erraiak zaurituz.

Gaztelu gutxi, pare bat soilik ikusi dugu, tontor batean bata, magal batean bestea, tontorrekoa urrutiegi zenbateraino hondatua zegoen igartzeko, utzia eta hondatua bestea, magalean, gazteluarena baino jauregi itxura gehiago du, triste bere gainbeheran, zabaltza almenadun, leiho zein ate gotiko eta guzti.

Ez dugu animaliarik ikusi; Calabriako mendi magal batean ikusi dugu Italian bidaia honetan gogoratzen dugun artalde bakarra. Urbasa, Urbia, Aralar, Andiara... eraman ote dituzte ardi, behi, zaldi... taldeak. Zeren eta nongo esnearekin egiten dute hemengo mozzarela famatua?, nongo irinarekin Napoliko pizza eta pastak?.

Hiru argindar linea erraldoik, elkarren hur eta paralelo zeharkatzen dute mendikatea une batez, baina ez dugu zentralik ikusi, Ekialdetik datoz seguruenik eta egunen baten topo eginen dugu zentralarekin. Irakurria dut badela zentral nuklear bat Adriatiko inguru horretan.

Trakatan-trakatan, gabon kantako erregeak bezala egin dugu bidaia osoa, zubietako dilatazio tarteak, zuloguneak, adabaki koskadunak direla eta, dantza franko egin ahal izan du gaur etxatoiko gauzateriak.  Berrikuntza, konponketa edo garbitze lanak, orain bai,  lasterrera ere bai, bi bideetatik batera mugatzen ziguten ibilia, edo batera ekartzen zituzten autobideko alde biak. Hiru probintzietako bide osoan. Errukirik gabe. Lanok eta bide murrizketok noiz eta non bukatuko etorri gara, hura azkena ote, baina azken uneraino iraun dute, batzuetan luzeago ziren zati berrituak, bestetan motxago. Halaz ere bidaia gozagarria izan da, mendi paisaia eta kolore berdez ase ditugu begiak.

Garai batean hala-moduzko segurtasun neurriekin egiten zuten lan erepidean Italian, gogoan ditugu nolako kezka sartzen zigun langileak errepide bazterrean babes urriekin ikustea, gaur egun neurri ganorazkoak hartzen dituzte, errukirik gabe mozten dute bideetako bat tarte izugarri luzez aurretik.

 

Sta. Eufemia golkoa.

Nocera Marina.

Guk bila genbiltzana ez, guk uste genuen bideetatik ere ez, baina erraz eta eroso aurkitu dugu kanpalekua. Geu bakarrik gaude, itsas aurreko lautadan, hondartza eta itsas marra aurrean, mendi eta baso berdeak ostean: egun lasaien itxaropena bihotzean. Tamarindoek osatzen dute nagusiki eremuko geriza zabala.

Egin dugu hondartzako ibilaldia: hanka bat bendatuta, hiru hankaz korrika zebilen zaldi eta bere  zaldizkoa izan ditugu itsasoaren ikuskizun-osagai.

 

362 kilometro, paraje apartekoetatik lekuz aldatu gaituztenak

 

Aspaldiko partez eguzkia ikusi dugu urrezko bola baten itxuran geldi itsasbehera sartzen. Tarteka soilik suertatzen zaigu itsasbehera sartze horren gozamena.

Auto batetik ekimen baterako deia luzatzen dute bozgorailu bidez. Etxarrin leihora aterako ginen ia ze ordutan non zer.

 

Lagun izoztua” Joseba Sarrionandia:

* “”Eraikin berriak, hodeiak urratzeko moduko etxe orratzak, fantasma erraldoi zigortuen gelditasunarekin”.  Zenbat aldiz errepikatuko genukeen esaldi hori bera, itsas bazter honetan ere etxe horratzen lainoetarainokora heltzen ez badira ere itsas bazterreko eraikin handiak.

* “Gorputz partikular hau gorpu bihurtuko da, norbere kartzela norbere hilobi bihurtzen da”. Ez dut ez nire kartzela naizen sentipenik, ezta gorputza nire hilobi bihurtuko zaidan bizipenik ere. Katakien antzera batetik bestera ibiltzeko adinako aske sentitzen naiz, eta nire gorpua zerbaiten hazi edo osagai izanen dela ere badakit. Nahiko.

* “Gorputz gaixoarekin tratatzea gogorra da, baina ohiturak eta hurbiltasunak errazten dizu”. Ni ohitu nahiz nire gorputz elbarritu honetara, ni neu bainaiz elbarritua. Baina bidaiatzeko aukera ematen dit oraindik, muga fisikoen gaindi.

 

 

Maiatzaren 16a.   Osteguna     12.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Uko egiozu merezi zenuen sariari”. Bidaiok dira merezi izan dudan saria, eta ez dut uko egiteko asmorik.

* “Ardoan soilik fidatzen naiz”. Ardo ona bada!, baina nork daki gaur egun zein den ardo ona, asko ordaintzea ez baita inolako garantia, zaporea bera ere artifiziala da  sarri.

* “Edan ezazu zeure ardoa!. Bizitza eternala erdietsiko dizu”. Baina alkoholak “bixamuna”  dakar berarekin, unean uneko zorion faltsua  beraz.

* “Entzun ezazu sekretu hau: tulipa zimelduak ez dira sekula berpizten”. Ezta bidaia bera errepikatzen.

* “Aspaldi aspalditik, egunsentiak eta ilunabarrak bata bestearen atzetik doaz”. Bidaiek ematen dute egunsenti eta ilunabar horietaz gozatzeko aukera. Horregatik bata bestearen atzetik egiten ditugu bidaiak ere.

 

Determinismoak ez du eraginik bidaian. Bidaiariak du eragin nagusia nondik norakoan, sarriak badira ere ustekabeak, baina une horietan ere bere ahalmenez baliatu behar du bidaiariak. Baina beti geratuko da sakoneko eztabaida, zenbateraino bakoitzaren osagai kimikoak eta baldintzek bideratzen dute jokabide eta aukera oro.

 

Enarek zeharkatzen dute ziztu biziko hegaldi kiribilduetan hondartzatik honanzko gure aurreko belartza gaina goizeko freskurak eskainitako askari bila. Etxarrin hasi zitzaigun aurten udaberria, ez hainbat urtetan bezala bidaian, han ikusi bai genituen lehenengoz elaiok, baita kuku kantua entzun ere. Itsasertzean arren, ez dut kaiorik ikusi dugunik gogoratzen, goizaren lehen mezu pozgarria izan da gaur kaio bat guregana hegaz inguratzea, zuri zeru urdinean, Sarriok esango luken bezala “bere hegaldi ikusgarriarekin zeruaren urdina erakusteko”.

 

Lainotsua baino beroa esnatu zaigu eguna.

Itsasertza eta bertako herriak izanen ditugu batez ere gaurko ibilgune, La Sila mendikateko ertzean bukatuz.

 

Itsasertzean arren, nekazari herriak dira hauek, baratze eta sail txikiak lantzetik bizi dira. Tipulak jasotzen ari dira gaur, tipula gorri-gorriak; koadrilak dabiltza, eskuz, erabat makurtuta. Behartsuen lurraldea dirudi, lurralde erabat xumea, gutxirekin eta denaren premian bizi izan dena. Olibondo batzuk, kanaberak, pikondoak, sastrakak… lur utziaren itxura damaiote inguruari. Gaur egun turismotik zuzendu nahi dituztela dirudi bere pausoak, barne turismotik beti ere. Uderri bihurtu nahi dituzte, agian izan dira jada. Jatetxe ugari dago, han-hemenka, herrietan baino errepide ertzetan, itsasotik gertu. Mortua da itsasertza, belar latzeko berdeguneak dira bertakoak. Ugaria da kanabera, bertan behera utzitakoen planta dute bazterrek. Erreka ugari dator, mendi-zulo bakoitzetik bat, ber-bertan baitaude mendiak, errepideak, trenbideak eta lur zati mehe mortuak banatuta. Ur guti dakarte  errekok, baina ur asko dakartenerako bide zabala dute, zubiak ere sendo luzeak dira, ur korronte handiak etorri ohi dira nonbait hemen. Amildegi gainetan kokatuak daude herriak, haitzen magal bizian, edo malda beheran. Xumeak eta erabat kolorgetuak daude gehienak, baina halako xarma dute, italiar pelikuletatik ezaguna zaigun usai italiar hori darie, egituran ez ezik, herritarren giroan. Herri gehienak zabalduz joan dira beheko lautadan, erabat zabaldu ere asko, baina inolako graziarik gabeko etxe xume tristeez, kale hotz eta inola ere bizigarrietan. Ondo-bizien etxetxo dottoretxoagoak ere sarriak dira, maldetan zehar barreiatuta. Luzeak dira hondartzak, ilunak, harrizko hesiez babestuta daude, ez dakigu itsasoak zuzen jo ez dezan ala arerik eraman ez dezan; hondartza gainean ez da inolako muntaia, ibilbide, jatetxe eta ohizko kinkaileriarik.

Gurekin daramagu beti itsasoa, urdin, bare, baketsu, lasaitasuna emanez. Bela zuri bat zeruak eta urak bat egiten duten unean.

Poliziak abiadura neurtzeko metrailetaz su egiten digu errepidean goazen bakoitzari, baina solidaritateak funtzionatzen du, argiekin egiten digute keinu arriskuaz. Agerikoa da udarako esnatzen ari direla herriok, prestakuntza, garbiketa eta txukuntze lanetan ari dira. Kanpin zenbait ere oraindik zabaldu gabe daude, zabaldu berria da gurea ere, prestakuntza lanetan ari dira oraindik . Maniki koadrila jarri dute espaloian jantzi denda batean, zutik, koloretsu, zerbait deigarria egiteko seguruaski.

 

Campora S. Giovani. Portutxo berri bat egin diote. Arrantzontzi txiki bat zegoen bertan, baina belaontzi eta aisia ontzientzat egina dirudi.

 

Amantea. Mendi magalean kokatua, zintzilikatuta bezala, arrea, iluna. Zaharra, erabat xarmanta eta zaindua, uharrizko zoruarekin itxuraldatua. Gaztelua du tontorrean, kaletxo estu bati ematen dio bidea bertarako ateak. Behategia da kale nagusia, itsasoa eta beheko etxe berrien teilateria du ikuspegi zabala bertatik. XVI. gizaldiko eliza bat iragartzen dute, altxor bezala iragarrita dago, dorreak, aldiz, itxura eskasa erakusten du; ate landu txukuna erakusten du, alde zaharreko elizak mailadi luze zabal baten buruan.

 

S. Lucido. Arrea, pezo kolorekoa. Koskortua, kale-sare zabala du, jende asko dabil erdiguneko kale gurutzean; kale eta ibilbide den behatoki zabala du haitzean bertan eta kalediaren pean, zintzilikatuta erabat, itsas eta beheko teilateria gainean. Delako behatokian egiten da merkatu txikia, ez zen gauza handia, kokagunea zen bitxia; ibilbideko barandaren kontra jarrita daude saltzaileak, lurrean zabalduta salgaiak.

 

Paola. Herri oso koskortua, handia ere, antzinako erdigune zaharrak du guretzat erakargarritasuna: plazatxo txiki bat, iturri bueltan autoak buelta emateko beste lekurik ez du uzten, iturri landua erdian: lau aldetara lau buru dituen platera, urik gabe bai platera bai buruen ahoak; anfora jitea duen zutabe sendoa eta aska borobil landua nora mailadi borobilez heltzen den: honek ura du, ura dute iturri diren buruen ahoek ere. Ate handi garbia itsasora, apainduriarik gabeko santutzarra du gainean. Iturriaren aurrez-aurre, bestaldean, sarrera ederreko eliza, zabaltzatxoa du atarian, harrizko hesi tailatuarekin: harrizko karelean, aguretxo txiki argal fin bat, ezereztxoa dirudi, baina erakargarria egiten da, txukun jantzita dago, egunkaria irakurtzen du, baita plazara begiratu ere: lepoko txatal zuriak erakusten du apaiza dela; aldiz, gorbatadun gizon dotorea da barruan loreak jartzen dabilen sakristaua. Hainbat  xehetasun deigarri ditu elizak: aldarea eta organoa; aldarea, absideko zurateria ere, urre kolore ilunekoa da, xumea baina landua, aldi berean bitxia, baldakin baten estalkia litzakeen zurezko irten luze batekin. Albo batean Lourdesko kobazuloa izan nahi duen zoko bat, bere aurrean pasabide estu batean banku pare bat eta telebista bat, eta telebista zaintzen-edo begi elektronikoa alboko horman. Plaza ingurutik hasita alboetara eta mendi magalean hainbat kale estu antzinakoak. Bada  iturri berezi bezain ederra plazatxo batean: aska luzea du eskuadra eginaz, iturri diren hainbat harrizko burutzar eta buru bakoitzaren gainean fresko deigarri apartak ditu.

 

Santutegia.  Minimi Fraideen fundatzailea izan zen Paulako Frantzisko deunarena. Paraje bitxi batean kokatua, itsas gainean, eta aldi berean basoan; erreka-zulo batean, basoz inguratuta. Sekulakoa, eraikin pilo bat da, labirintoa dirudi. Erreka doa mendi-zuloan, ez du urketarik, baina presak egin dizkiote eta inguru osoan entzuten da ozenki ur-hotsa. Erromesen biltegia da eliza berria, modernoa, aberastasun itxura dario, egituraz eta osagaiez, handia eta dotorea; “charitas” hitza dago jarrita denean baino gehiago dirudi dirua biltzeko amarrua; mosaiko handi ederrak aldare osteko horman; aldarea, santuaren edukiontzia izan daiteke, zilarrezko artelana da. Eliza zaharrak ez du apartekotasunik, ikusi dugun ezkontza ez bada: santuaren erlikiak eta jantziak daude ikuskizun

Klaustroa: Santuak eginiko mirariak daude freskoez erakutsita, nahiko ahulduak, bizitasun gutxirekin: ugariak izan zirela dirudi mirariok. Klaustro-azpi inguruan santuaren garaiko monasterioa, harri bizian zulatua, erabat austeroa, bertan dago erlikia bezala santuak ukitu zuen harri bat. Horrez gain ohizko zabaltza zabala monasterio aurrean, aparkaleku pila han-hemenka basoan zehar barreiatuta, erromes asko datorkion ezaugarri. Bada ur putzu bat, bertan burruntzaliak daude ura edateko, baita inbutu bat ere botilak betetzeko. Bada azken munduko gerran erori baina lehertu ez zen bonba bat ere, ez dute esaten alemaniarrena ala amerikarrena izan zen, badaezpada. Bitxikeria: harri bat dago eliza zaharraren sarreran, zutabe baten gainean: jendeak buruaz ukitzen du, luzaro batzuk, une laburrez beste zenbaitzuk, errezatu ere egiten dute batzuek. Sekulakoa da oroigarrien, “exboto”en, denda, kinkila-denda erlijioso lotsagarria, zuk erosten duzu “exbotoa” edo oroigarria,  tamaina, jenero eta prezio guztietakoa; gainera, nahi baduzu, elizari uzten diozu; gidaliburuak harrigarritzat aitatzen du oroigarriona.

 

Guardia Piemontese. Herri zaharra, historikoa, tontor batean dago, goietan, urrun, bitxi eta nabarmen ikusten dugu, mendi koniko garai baten txapel edo txanoa dirudi, dena gotorleku itxurako. Izan ere behatoki eta gotorleku-defentsa erraza behar zuen izan. Bitxikeria bat  da herri hau. Iheslari “baldenseak” babestu ziren bertan. Jasan omen zuten, halere, sarraskirik. Hizkuntza eta etnia-irla bat omen: “oc” hizkuntzatik eratorritako hizkuntza  egiten dute, emakume zaharrek “tramontana” izeneko janzkerak eramaten zituzten oraintsu arte. Kaletxo estuak omen ditu. Ez gatzaizkio joan, ez baikenuen ezer berezirik ikusteko aukerarik espero, ez dugu mendiartean hogei kilometro egiteko adorerik.

 

Ez dago eguzki errerik, baina 24 graduko hozberoa dugu, egun beroa.

 

Eta honenbestez, Cosensarantz egin dugu, etxera itzuleran. Ur sulfurodun bainuetxeren bat dago inguruan, halako usai berezia usaintzen da, nabarmen. Behatoki izugarria da errepidea: itsasoz gain lehenengo, basoz-baso gero, mendiak tunelez eta erreka-zuloak sekulako zubiz zeharkatuz: ikuskizun zirraragarria. Ikusi ere ikusi ahal dira zubiok urrunera, kizkurtu egiten dizute bihotza, hormigoi egitura-sare luze garaia baso berdean erreka-zulo sakonetan. Cosenza eta inguruko herriei itsasora bidea emateko errepidea da nonbait, oso erosoa, zabala.

 

Bestaldeko isurialdean geunden gorengo tunel luzea zeharkatu ondoren, Cosenza hiriko bailara gainean; sekulako paisaia agertu zaigu aurrean, menditzarren magalak etxe eta herriz zipriztinduta, ikuskizun zirraragarri paregabea. Bestaldeko menditzarraren magalean, baso basoan, oso goian, zubitzarra ageri da, hemen behetik ere, urrutira arren, erraldoi. Bailara luze eta zabala menditzarren babesean. Itsasaldean utzi ditugu lainoak ere, eguzki ederra loratu zaigu alde honetara. Barnea astindu digun herri bat ere izan da, hazia, hegi bat osoki hartuz, bi eliza zituen gailenki etxeen gainetik; baina gris ia beltzak ziren etxeok, erabat utzitako itxuran, hustuak bezala nahiz balkoi batean arropak ageri ziren eskegita; herri fantasma bat, hormak zuloz beteta, zerbaitetarako zulatuak baileude. Eta mendien ikuskizun hori beti aurrean heldu gara bailarako hiriburura.

 

Cosenza. Atzo errepidetik izan genuen bizipen bera izan dugu hiri barrutik ikusita. Hiri berri modernoa, etxe garai berriak, zuhaitzez eta berdegunez inguratuak, egitura ezberdineko hiria. Badu kalerik ere, sei-zazpi pisuko etxeko kaleak. Auto nahasmen izugarria da hiri barrua, ez dago non aparkatu, izozki bat gustura gozatuko genuen katedral bila, baino etxerakoa erabaki dugu. Hemen hil zen Aragoiko Isabel, gerora Frantziara eraman bazuten ere gorpua,  edo hezurrak.

30 graduko hozberoa genuen hirian.

 

Eta horrenbestez atzotik ezagunak ditugun tunel, zubi, errepideko lan eta baso artetik egin dugu etxera. Aldaz behera eta itsasaldera heinean, erabat jaisten doaz hozbero graduak.

 

Maria, Errenteriako iloba panpoxa zoriondu nahian ibili gara: telefono bi ditugu inguruan, biak daude hondatuak; kanpalekukoa, aldiz, oraindik jarri gabe dago.

 

165 kilometro, itsasertz eta mendietan.

 

Herri berriak, Marina izenekoak, sortzen ari dira itsas kontran S. Eufemia golkoan, uderri petoak, dena hotel eta zerbitzugune hondartza gainean; txukun eta kurioso uzten ari dira.

Ordubetez egin dut hondartzan olatu mehe labur eta sarrien mihi zuriek nire orkatilak biltzen zituztela, lehertzearen soinua belarrietan, zerua itsasoarekin marra berean elkartzen diren muga  alderik aldekoa begietan. Omar Khayyam sentitu dut alboan, olatu soinuekin batera xuxurlatzen zidala olatuek hanka markak nire ondoren desagerrarazten zituzten bezala ezerez bihurtuko dela nire bizitza eta oroimena herioaren bisita ondoren, beraz uneotaz gozatzeko. Itsasoa leun, zimurrik gabe dago Josebak lioken bezala.

Inausketa ondorengo zuhaitz hondakinekin erredura egin zuten hauts beltzetan pausatzen dira batez ere enarak, mineralen baten bila seguruenik; ez dut behin ere hainbeste enara lurrean pausatzen ikusi, beti hegada bihurri bizkorrean ikusi baititut.

Auto karabana frantsesa sartu da kanpalekuan, eurak eta gure etxatoia besterik ez gara zuhaitz arte esparru zabalean, su gaineko leihoa erabat betetzen didatela jarri didate bere tramankulua, nire begien ikuspegia erabat mugatuz. Itsasaldera inor jarriko ez zaigun kokagunean gaude, eskerrak.

 

Gau kilikagarria. Gorantz doa ilargia zohardia izarratuan izarrei kulunkatzeko konbita luzatuz; ez dakit itsas ala hondartza ertzean, nolanahi olatuen muga ia beltzean arrantzaleen mundu gautarra erakusten didate bi argi bizik; zerbitzuguneko atarian, aldiz, igeltxoa nuen zain.

Ipar Poloa eta itsasoa lekuz kanpo jarri zaizkit nire eskeman, lekuz kanpo dut itsasoa mendebalean.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “”Eta orduak geroago oskorria agertuko da, iluntzea orduko, oskorri ikaragarri gorria ostertzean, egunaren eta gauaren arteko borrokan eguna odoletan hilko balitz bezala”. Marina honetako eguneroko deskribapena.

* “Ontzi barruan aurrera edo atzera ibili ahal izango zara, enbarkazioak egunak eta gauak zeharkatzen dituen artean. Baina nora zoazen?”. Nora noan jakitea, zehatz jakitea, gustatzen zait bidaietan. Ez dut gustuko helbururik gabeko bidaia, edo helburua helbururik gabe bidaiatzeko bidaia. Nahiko aldaketa behartu egin behar izaten ditugu prestatuta ere.

* “Eta erroak?. Ez duzu errorik izango, ...”. Bidaietan ez dut nire erroen kontzientziarik galtzen. Gutxiago kanpaleku bakoitzean nongoak garen galdetzen digutenean. “Español” eta erro faltsuak ematea tokatzen zaigu sarri, nahaste eta ulertezinetan ez erortzeko.

* “Mundutik alde egitea mundura etortzea baino mingarriagoa da”. Pozik abiatzen gara mundu berrietara eta pozik itzultzen gure betiko mundura. Nolanahi ez gara gure mundutxotik ateratzen, atzerrian ere.

* “Pertsonen umorea oreka bioelektrikoen ondorioa  dela esan zuen”. Kortozirkuituak egiten zaizkit niri zenbait kale edo bidegurutzetan.

BIDAIAK 2002. ITALIA

Jon Etxabe 2023/02/20 09:20
Capua, Napoli, Ponpeia,

Maiatzaren 12a.   Igandea.  10 I:8.a

 

“Rubatatak”.  Omar Khayyam:

* “Gure altxorra ardoa da”. Herri guztiek dute bere ardoa altxortzat. Sorrento aldean ere mahastiak dituzte, bere ardoa saltzen dute, eta prezioari erreparatuz, altxor garestia da.

* “Mundu honetan konforma zaitez lagun gutxikin. Norbaitek iradokitako sinpatiaren bila ez zaitez ibili”. Bidaiariak bakartia izan behar du, ia definizioz, alde egiteko libre beti, eta sortuko zaizkion arazoei branka jartzeko beti gai. Sarri beharko eta eskertuko badu ere laguntasuna.

* ”Badakizu ez duzula eraginik zure patuan. Zergatik izutu behar zaitu biharko zalantza horrek?”. Bidaietan ez da paturik; prestakuntza eta esperientzia dira bidaiariarentzat patuaren ordezko. Horrek baldintzatuko du  gerta beharrekoa gertatzen denean.

 

Lur zapaldua da kanpineko zorua, euriarekin lokazteko arriskua ekarriz, batez ere gurpilek harrotutako gunetan. Zozo pila dabil, ez hain kantari, olibondoen adajea ez zaie nonbait  trinkoegia gordetzeko, horma kontrako belar eta bigun gunetan dabiltza, zomorro eta zizare bila.

Lainotsu iluna argitu zaigu, euria egin du gauez. Patua dugu eguraldiarekin Italian nonbait. Zapata sendoak hartzera gogoratzen eta pazientzia hartzen erakutsi digute prestakuntzak eta esperientziak.

Bederatziak  eta erdietan atera gara, bestetan baino goizago, luzexka dugulako balizko programa. Eguzkiak urratu nahi ditu lainoak. Kanpoko sokan utzi ditu M. Luisak arropak.

Igandea arren, zabalik daude hainbat denda. Turista-herria izaki, pobrearentzat ez dago jaiegunik ogibideak hori eskatzen badio.

Zaldiak tiratutako bi gurditxo errepidean. Gurdi dotoretxoak dira, txirrinduen antzerako gurbildunak, antzinako gurpil babesgarriekin; txirrinduen antzerakoa egitura bera ere, tutuzkoa. Zaldiak eurak ere dotoreak, arduraz zainduak eta garbituak. Zaldi lasterketaren bat bada inguruan. Lasai doaz errepidean, ilara luzeak sortaraziz. Izan da turistak eramateko gurditxoa ere, besteen antzerakoa, baina bikote batentzat jarlekoa duena gidariaren atzean. Bidegurutzeetan ia erdiraino ateratzen dute muturra auto askok, bidetik datorenari ia lekurik utzi gabe, ia maniobratzera behartuz, geldiaraziz behintzat. Lasai geratzen dira kalean edo errepidean, edo aparkatzen dute, kaleetan batez ere, atea zabaldu eta lasai egonen zaizu atea zabalik bide osoa betez, inor ez badator aurretik erdiko marra zapalduz aurrera egiten duzu, inor badator ere datorrena bera arrimatuko da bere bazterrera. Eta ez da inor haserretzen, ez du inork protestatzen.  Ez da ia araurik errepidean. Badirudi ez dutela arriskurik ikusi ere egiten. Badirudi norbait direla autoan, ez dutela auto kulturarik, baina hori ez da horrela. Beraien izaerak behar du izan horrelakoa, beste filosofia bat dute. Horrela ohitu dira.

Kezkatuak utzi gaitu Meta herri barreneko ibilbideak, desbideratze pare batek kale-arte estu nahasira bota gaitu. Hala balitz, gutxienez etorrera bezain korapilatsuagoa izango zaigu joana alde egiten dugunean.

Atzo gelditu egin behar izan ginen Napoliko badia begiratzeko, gaur aurrez aurre dugu gure joanean.

Gaur jabetu gara zutabe gainean egiten duela errepideak kilometrotako bidea, etxetxoen gainetik, agian beheko baratze eta lurrak ez hondatzeagatik. Sarriak dira zementuzko zutabeteria gainean bailara osoa zeharkatzen duten errepide zatiak, zenbait lekutan AHTak bezala.

Vesuvio izan behar du Dorre Annunziata gainean eta Ercolano eta Ponpeia erdian dagoen mendia: gandor zabal luzeak estaltzen dio tontorra, lainoa da, ez da barnetik askatutako ke multzoa, oraindik erabat lokartuta ez omen dagoen arren. Irrikan nago batez ere Ponpeia ikusteko. 1277 metro ditu garaieran Vesiviok, asko itsasotik hain gertu egonda. Pikea behar du izan maldak.

Capua inguruan fruta arbola sail asko dago.

Capuarako autobiako irteeran poliziek auto multzoa dute geratuta, eta baztertuta. Gazteak dira autoko denak. Gure aurrean zihoan furgoneta alemaniarra ere bazterrera eraman dute. Gazteen patua.

 

Capua. Izenez eta historiaz oso ezaguna. Ez genuen, gidaliburua irakurrita, ez genuen gehiegi espero, ez digu gehiegirik eskaini ere. Baina, “baina” askoko herria da: kaleak, arkuak, elizak, jauregiak, ateak... historia... izanaren arrastoa besterik ez da “baina” bakoitza. Izana, ez dena.  Aldi berean, baina, herri bizia dirudi. Badu zer berritu. Ba ote du horretarako dirurik. Edo premiarik. Kultura jarduera eta eskakizun ikaragarria beharko du herrian, edo turismoa erruz bultzatu, premiazko berrikuntza guzti horien gastuak partzeko.

Bazen ekimen interesgarri bat hirian. Gutxienez bi ikastetxe arduratu dira bakoitza eliza batez: bakoitzak bere eliza aurrean jarri dituzte elizaren hainbat zertzelada, panel, idazki eta argazkiz azalduak, jendeari agerpenak emanez, ikasleek eurek; nabari da gai hori landu dutela ikastetxean.

Piazza dei Giudici. Ederra litzake baina kolorgetuta eta hondatu samarrak ditu biltzen duten eraikinak. Bizi bizi aurkitu dugu: antzinako edo bertako jantziekin jantzitako neska koadrila bat zegoen, dantza bat egin dute une batez, herri dantza zirudiena, nolabait antzeztua zeren bi dantzarik abestu egiten zuten ikusleei zuzenduz tarteka, pandero digante baten taupaden erritmoa zen musika nagusia.: dena zen xumea, erakargarria bere sinpletasunean. Udal poliziak darabil palazioa. Hainbat ezaugarri berezi ditu, atea eta harri zurixkako burutzar handiak hormatik irtenak. Baita S. Eligioren eliza ere, barnetik zuri argia: hondatuxea hau ere; erretaula ordez pintatua du absideko horma, organo bana du presbiterioko alde bietan, hondatuak baina  deigarriak egituraz eta kokagunez. Aldare asko, ohi denez, kolore bizikoak, marmolezkoak edo pintatuak. Paperezko arrosa gorria oparitu digute plazako gazte koadrilakoak.

Duomo. Salermoko duomoren egitura bera du: sarreran elizpe  karratu zabala, barnean 3 nabeko eliza zuria. Dorrea, elizaren gorputzetik banatuta, harrizkoa du beheko zatia, adreiluzkoa goikoa dena, halako estilo definigaitz bat du, nolanahi deigarria. Eliza ataria,  xumea da berez, biluzia;, arku garaiak ditu, marmol leunekoak, eta gainean zabaltza estali gabea, taila izugarri ederrak dira zutabeen kapitelak: erromatarren eraikinetatik ekarriak omen, zutenaz baliatu ziren, tailatze lanak baino merkeagoak gutxienez. Barnetik, bi arkuteri garai ditu, atariko zutaberia bera, kapitel antzerako ederrekin. Salermokoan antzera, hemen ere argimutila izan behar duen zutabe harrizko garaia, erabat tailatua, kolore gorriko inkrustazioz edertuak ditu sail batzuk. Absideko horma pintatua da erretaularen ordezkoa, kolore biziz eta irudi piloz argia eta bizia. Alboko kapera bat ere mosaikoz egina da: errotua dago mosaikoaren kultura Italian, Aquileia edo Ravenaren eraginez agian. Kripta: presbiterio osoa hartuz hau ere, xumea egituraz, baina honek ere kapitel zoragarriko arkuteria oparoa du, erromatarren eraikinetatik ekarriak hauek ere; kaperatxo biluzi zurian sekulako marmol zurian zizelatutako Kristo etzana dago, ederra tamainaz, eta, zurian zuriago, zuritasunagatik deigarria. Sta. Ienvane eta S. Klaudioren hezurrak izan dira erabat deigarriak, oso italiarrak: kristalezko kutxa banan dituzte. Hezurrak dotore jantzita, zulotxoa utzi diote maukan, baita oinetakoaren zoruan ere, bertatik ikusi ahal dira santuon hezurrak; agerian dute atze aldetik buru-hezurra, aurretik, aldiz, argizarizko aurpegia jarri diete. Argizarizkoak dira oinak eta eskuak ere.

Duomo aurrean bada estela luze bat, iturriak dira barreneko lehoi buruak. Dena da xumea, baina buruok seguru aski garai oparoetakoak eta estela erromatar eraikin bati lapurtuak dira.

Hainbat jauregi dago, hondatu samarrak, zeregin ofizialetarako erabiliak. Bada bat sekulako klaustroa duena, erabat hondatuak ditu korridoreko pinturak eta erdialdeko dena. Izugarrizko tristura dario.

Hainbat arku: ibaiaren bestaldean ederrena, Federikoren dorrea deiturikoa.

Capuan, hiri askotan ere, karratu sendo handikoak  dira zoruko lauza, gris  ilunak, ia beltzak.

La Annunziata Monasterioa. Zuria hau ere, freskoz eta urre kolore eta pintura argiko apaingarriz erabat dotoretua ganga, urre kolorea nagusi dela. Bi organo ditu, presbiterioko alde bakoitzean bat, zaharrak biak, bitxiak eta hondatuak; pintura bat absideko erretaularen ordezkoa; aldare pila ditu, pintatuak,  koadro handiak dituzte erretaulen ordez.  Agerian utzi diote barnean duen osagaia, harri gorriko horma eta zutabe landua: igeltsu-kapa sendo-sendo batez estalia dago dena, agian zaila edo garestia da kapatzar guzti hori kentzea, barruan zer aurkituko duten jakin gabe.

 

Itxura bitxiko, guretzat txarreko, gazte bat hurreratu zaigu aparkalekuan ia “machina” gordeko zigun. Ez gara ausartu bere itxura ikusita ezetz esaten, eta eman diogu diruzko ordaina. Aurrean tokatu gatzaizkiolako bota digu amua,  atera du bere uzta. Itzuli garenerako ondo edanda edo erreta izanen zuen gure oparia.

 

Zaila egin zaigu hortik aurrerakoa, Santa Maria Capua Vetere herriko anfiteatroa eta Cripta Mitrata nahi genituen ikusi, baina letreroek erabat nahastu gaituzte, lehenengo errepidean herria aurkitzeko, herrian bertan gero anfiteatroa aurkitzeko, itzela zen nahasmena, ez genuen galdezka hasteko umorerik.

 

Caserta. Borbondarrek eraikitako palazio tzarra da hiriko altxorra. Erraldoia benetan. Hiru gorputzekoa. Ez nuke esango ederra denik. Barrutik omen oparoa eta ikustekoa: ez gara sartu. Kanpoa erabat galdua du, aurreko esparru izugarri zabalean ez dago ezer, zementuzko zoru zabal bat eta belar-gune tristeak. Afrikar azal beltz-beltzeko gazteak zeuden palazio inguruan disko saltzen. Justiziaren aurpegi beltza.

 

Caserta Vechia-k erakartzen ninduen, kale-sare bihurria omen eta, baina ez dugu inon bertara norabiderik ikusi.

 

Eta honenbestez etxera egitea erabaki dugu. Benebenton ondoen iraun duen Trajanoren arkua eta iraun duen Teatro erromatar handiena genituen zain, baina arratsaldea zen jadanik eta nahiko ernegatuta geunden bilaketa antzuekin, bi monumentuok ez zituzten merezi laurogei kilometro ordu horretan.

 

Etxera egin dugu. Bide jadanik ezagunetatik. Ia beheraino gordea zuen lainoak Vesubioren malda. Euri tantak ere izan ditugu, baina M. Luisak nahiko lehor aurkitu ditu eskegitako arropak

 

201 kilometro, egunik kilometrotan luzeena eta ikuskizunean urriena.

 

Lurrera edo izarrei begira egin dut zerbitzugunera egunotako gaueko joan-etorria nonbait, ez bainaiz gaurko ikuskizunaz jabetu. Behatoki bat da kanpineko kokagunea, Napoli ageri da gauez, golkoaren iluntasunean marra zabal argi koloretsua, urdinxka eta horixka dir-dir. Ikuskizun gozagarria. Argia besterik ez zaigu gaur gauean, bihar mundu aberats zalapartatsu aberatsa, gozoa eta samina aurkituko dugu argi horien ostean.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “Onak berehala ziren  ezagun zinean, ezer egin baina lehenagotik, baina onak ez ziren  zinetik kanpora hain bereizgarriak”. Iritzi estereotipatuak izan ohi ditu bidaiariak herri berri batera doanean. Aurrez ezarriak diren iritziak. Ez da hain erraza zoazenean benetako argazkia egitea.

* “Bakoitza bere parentesiaren barruan dabil han, eta hemen ere bai”. Edonon, edonor.

* “Hitza ez da gauza bakoitzaren gainean jar daiteken etiketa, hitz egitea  zerbait adierazi  eta ulertzeko asmo konpartitua da, eta ez pentsa asmo berera  ailegatzea erraza denik”. Norbere buruari zer adierazi nahi den argitzea, eta norberarekin asmo bakar batera heltzea ez da erraza bidaiaz idazten jarritakoan. Horregatik zait hain zaila zerbait egokia idaztea bidaiotaz.

* “Etnologia lanean ikasi dudana da, gehienetan ez dela erraza begiratzen duzuna ikustea”. Bidaiariaren zailtasun eta akatsetariko bat da ez dugula ikusten edo oker ikusten dugula, edo azaletik soilik. Iritzi okerrak edo gutxienez arinak atera ohi dira bidaietan.

* “... erridikulua sentitu naiz, karikatura moduan, satelite artifizialaren moduan, trapu zaharraren moduan, postal turistikoaren moduan”. Sarri ohi ditu bidaiariak horrelako zenbait sentipen.

* “Gure herri txiki urrunetik heldutako albisteak... berandu beti, pasatuaren seiluarekin, egun iraganen isla atzeratuak”. Hala dira bidaiariaren bere herriko berriak, telefono zalea ez bada behintzat. Egunkari atzeratua altxorra da lortzen denean, baina sekula santan ez dakar ezer berri edo itxaropentsurik. Berririk gabe bidaiatzea da lasaitasuna, bidaiaren xarmetariko bat. Ez egunkari, ez telebista, ez telefono. Lokarriotatik aske.

* “... plater eta liburu hauen artean disimuluan ibili zela zoriona deitzen  den animalia izu eta muker hori”. Disimuluan ibili ohi da tarteka zoriona bidaietan ere.  Atrapa egin behar agertzen denean, irristakorra baita.

* “ Egun haiek  bizitzaz eta memoriaz  bete gintuzten eta ederraren ederrez  ia gezurrezkoak iruditzen zaizkit”. Gezurrezkoak irudituko litzaizkidake bidaia gehienenak, memoria, argazkiak eta idazkiak ez banitu. Bizitzaz eta memoriaz betetzen gaituzte bidaiek, zorion xafladaz ere.

 

 

Maiatzaren 13a.   Astelehena. 11-I: 9.a

 

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Jakituriaren  zuhaitzetik hartzerik izan badu, badaki joandako egunak eta etorriko direnak ez direla inola ere bereizten  Kreazioaren lehen egun  txundigarritik”. Ez dugu jakinduriaren zuhaitzetik jan nonbait, bereizten ditugu sarri bidaiariok, atzokoa memorian,  gaurkoa bizipenean, eta biharkoa itxaropenean.

* “Zerua eta Infernua zuregan daude”. Bidaietan frogatzen da hori.

* “Hain baita  erakargarria  Orainaren fereka”. Baina badira maiuskularik gabeko orainak, ferekatu ordez bizkortzen zaituztenak.

* “Hala ere, bi egunek uzte naute berdin-berdintsu: hil zen atzokoak eta oraindik  jaio ez den biharkoak”. Nigan badute eragina bi egunok  bidaiak diseinatzerakoan, gaurkoa baldintzatzen didate sarri.

* “Horditasunean  nahi dut ahantzi gure ezjakintasunaren  samina”. Bidaiariok zerbait ahaztu nahi dugu sarri bidaietan.

 

Atabal jostari ozena izan zaigu etxatoi gaina, milaka euri tanta indartsuak zirela zotz ikusezinaren mutur borobila. Inguru guztia dago putzu ez bada, bigun eta lokaztuta. Baina egunsentiarekin atertu du,  itxaropena harrotu zaigu.

Atzo hain distiratsu zen Napoli ikusezin dago gaur badiako laino pean. Bertara joko dugu. Trenez, garraio aukera baitugu herritik.

Herri orotan geldituz doa trena, asko direnez herriak, sarriak dira geraldiak ere. Atsegina da sartu irteten diren bidaiariari erreparatuzko jokoa. Lepo doa trena. Ponpeian eta Erculanon izanen du turista hustu on bat, baina berehala beteko da herrietatik hiriburura doan herritarrekin. Mota guztietako bidaiariak, adinez, janzkeraz, hizkeraz, portaeraz, ibileraz...: bagoi osorako hitz egiten du amerikar batek, airea betetzen du hitzez Bush gogoratuz bere ingelesarekin, gazte batek lekua utzi dio adineko bati… Italiar beltzaranei urdindu egiten zaie ilea adinarekin, emakumeak aldiz hile-hori edo hile-gorri jartzen dira edozein adinetan. Graffitiz itxuraldatuta daude bagoiak kanpotik, berdin zementuzko geltoki zatar eta utzi tankerakoak ere.

Limoiondoek bere uzta oparo horiarekin betetzen dute lurzorua lurmuturreko lur malkarretan, goiak, aldiz, tontorrerainoko pagadi dira; olibondoak etorri dira lurra lautuz doan heinean; beherago, gaztainondoak, gereziondoak, mizpirondo, pikondoak... izan ditugu ikuskizun; badiako ordekan baratzak, negutegiak, etxe artean eta sarri kale-artean, Napoliren eraztun berdea bailira. Sakonak dira erreka-zuloak, zubiak, aldiz, halabeharrez garaiak; kaleak eta autoak ikusten ditugu han zuloko lautadan Sorrentora bidean. Sarriak dira tunelak ere, etxe eta herrien atzealdea erakusten du trenak, apaindurarik gabe, sarritan biltegi. Baina itsasoa eta Napoliko golkoa ere bazaizkigu tarte laburretan ikuskizun. Bertan dugu Vesuvio, baina gaur ere laino ostean gorde zaigu lotsati, bihar joango ote gatzaizkion tentatuz edo.

Batetik bestera egin du bagoian soinujole gazteak soinua joz, neskalaguna zihoan bere aurrean platertxoa eskuan sos batzuen eske. Gerora izan da soinuaren ordez besoetako umetxoa zeramana errukia beratu asmoz esku batean eta errukiaren fruitua jasoko zuen esku zabaldua bestean: hirurek Balkanak ingurukoak ziruditen: etorkinak bizimodua ahal den bezala ateriaz.

Txiroen, langileen eta besterik ezean nonbaiten bizi behar dutenen auzoak izan ohi dira hiri handien inguru gehienetan, Napoliren ingurua ez da ondo-bizien bizigunea.

Ordubete iraun du bidaiak, inola ere ez ordu aspergarria ikusmin eta begiluzeontzat.

 

Napoli. Aitortu behar dut kezkatxoak egiten zidala koska barnean. Hiriaz maiteminduta atera naiz, aldiz. Ez nuke aukeratuko bizitzeko, bai eginen nioke bigarren bisita bat beste noizbait, kaletxo eta jendartean, zurrunbilo horretan murgiltzearren, kale-arteko bizitasunak berriro harrapa eta bildu nazan.

Zahar-zaharra da, baina bizi-bizia. Ez da kafetegien eserlekurik kalean, ez dago egonerako zabaltzarik… galeria delakoetan ezik, baina kale-arte paregabea eskaintzen digu kale-artean murgiltzea gustukoa dugunoi. Dendariek hartuta dituzte alde zaharreko espaloiak, dendaren eta erakusleihoen luzapena dira espaloiak, kale erditik doa oinezkoa auto eta moto artean. Eskegitako arropek hartua dute aireko espazio osoa: balkoitik balkoirako soketan eskegita, edo kale estuetan leihoetako alde bietako sokateriak eta soketako arropak ia elkar jotzen dutela alde biak ia bat eginez; astelehena izateak, lixiba eguna, agian bazuen horrek gaur eragina arropa eskegiok kale-arte osoa betetzeko. Kaleko zorua, aldiz, motorrena da.

Berehala hartu diogu neurria pausoari eta planoari: geltokia dagoen Corso Garibalditik murgildu gara monumentu gunera bitarteko kale-sare zaharrean zehar, erakusleiho bihurtutako espaloi, auto, moto eta jende artean.  Lehen pausoekin uxatu zaizkigu kezkak, ez gara Iruñean baino desbabestuago sentitu, ez dugu inolako arrisku usainik hartu. Mila xehetasun bizi izan ditugu, luzeegiak idatziz jartzeko, ahaztuko zaizkigunak baina betirako sentipen maitagarria utziko digutenak hor barrenean. Otarretxoa hirugarren solairuko balkoitik ia lurreraino zintzilikatuta, mandatuko erosketak jasotzeko: ez da bakarra izanen gaur; kantoietan santu eta amabirjinei jarri ohi zaien horma-zuloen antzera estanpaz eta gazte baten argazkitxoz horma batean eginiko aldaretxo antzerako ezin xumeago bat; Maradonaren argazkiarekin eginiko aldaretxo antzerakoa, non ikusgai dagoen futbolariaren hile bat; emakume burua dute Merkatu Plaza deitutako plaza zabaleko obeliskoetako lehoiek... Hainbat eliza aurkitu dugu ibilbide horretan. Kontaezin ahala eliza aurkitu dugu, zorionez itxita denak eguerditik aurrera, sartzeko tentaziorik izan ez dezagun: Carmine Maiori edo Santa Maria del Carminek, gutxienez eraikin bitxiaren itxura ematen du, kapila pila alde bakoitzean hiru naberen itxura sortaraziz, zubi batek lotzen ditu alde biak presbiterio aurrean, erdian, organoa duela; bi organo berezi albo bietan arku barrenean; ganga landu dotoretua urre kolorea nagusitzen zaizkien borobiltxoz dotoretua, eta erdi erdian gangan etzanda buruz behera dagoen santu-iruditzar marmolezkoa; marmolean marmol inkrustatutako horma koloretsu biziak, konfesategi pila...; saskitxoa pasa du serorak eta sakristauak ez dit utzi kamara erabiltzen mezan zeudelako, nahiz zulotxo edo zoko baztertu  batetik ari nintzen.

Auto nahasmena izugarria da kale zein plazetan. Ikasi dugu, edozein lekutik kaleak zeharkatzen, auto artean ibiltzen, motoen ferekak bertatik keinurik egin gabe sentitzen, besteek egiten duten bezala.

S. Eligio, S.Giovani a mare dio gezidun iragarki batek kale-kantoian, gotiko biluzia  da, baina hainbat gotiko ezberdin ageri ditu, agerian utzi baitizkiote berrikuntza ezberdinetako arrastoak; oso zati bitxiak ditu, marruskatutako harrizko zutabetzarrak, arku joko bitxiak... fresko hondakinak ere badira; santu egin nahi duten frantziskotar potxolo baten irudia dute erakusgai, baita aldaretako bidean jarri nahi duten Stalin petoa den fraidea ere, bere bibote handiekin.

Izan da hirugarren eliza bat ere, nabarmentzeko ezer erakutsi ez diguna.  

Izugarria da, sinestezina da Corso Unberto kale zabaleko oinezko auto eta motoen ugaritasuna, hango abiadura, hango zarata...

 

Monumentu gunea. Gaztelu Berria: portu gaineko tontortxo batean kokatutako gaztelua, eraikuntza argi tzarra, karratua, harri ilunekoa berez, marmol zuriko sarrera jarri diote, zizel-lan apartekoz edertua; ohiko plaza karratu zabala da barnegunea,  apaindurarik gabekoa; sarrerako aterpean antzinako freskoa geratzen zaio gaztelu barnea nolakoa zen erakutsiz bezala. Errege jauregia: izugarri erraldoia, golko gainean hau ere, gaztelutik gertu: fatxadan errege-irudi erraldoiak ditu artistaren batek marmol zuri bikain bihurtuta erregeok; patioan harri ilun landutako apaingarriak. Piaza del Plebiscito: errege jauregiaren aurrean, plaza zabal-zabal horietakoa, goiko erdia erdi-zirkulu eta zutaberia leunekoa, hainbat estatua ditu, eraikin ederrak inguruan: gaur jauntxoren bat etorri da, ejertzitoak eta beste hiru polizia motak hartuta dute ingurua eta aurrea, sindikatuko talde hasi samarra bilduta dago plazaren bestaldean banderekin, poliziek gordeta. Galleria: saltegi klasiko horietakoa, gaina kristalezkoa duen pasabide antzerako zabala, honek gurutze forma du, sekulako artelana dira hormak, harri zizelatuak eta arku ilarek betetzen dute horma oro, txundigarria, zorua bera ere koloretako marmolezkoa, mosaikoz edertua erdia: izozki gozoa dastatu dugu bertan paseatuz.

Badia gainean ere egon gara, inguruari begira: Santa Lucia, abestiko portu famatua, ere bertan genuen, baina ez joatea erabaki dugu, ibilbide luzea dugu oraindik eta.

Spacca Napoli, Napoli Zaharra,  deitzen diotenera jo dugu, iturri bikainak bidean, irudiz osatutako marmol zuriko Neptunoren iturri borobila bat, obelisko tankerako monumentu ederrak, estatuak, Toledo kalea, Cervantes kalea... Zaharra deitua aberats kumeen auzoa izana dirudi, izugarrizko atetzarrak dituzten etxe garaiak, patio zabalekin. Erabat hondatuta edo zaharkitua dago dena gaur egun, baina sekulakoak dira ateak bai tamainaz bai egituraz, baita patioko ateak ere. Jarraian etorri da hain dotorea ez zen alde zaharra, kale estuekin, arropak zintzilikatuta aldetik aldera..., eliza pila hemen ere, itxiak arratseko laurak  eta erdiak arte, Duomoa tartean: eliza izandako bat, zabalik, gaur egun bere egitura galdu gabe, aldare marmolezko zati ezarriz koloretsuak erabat gordez: kontzertu-areto bihurtuta dago; patio ederra du S. Marcelinok, zabala, zutabe garaiz osaturiko korridore zabalak... gaur egun ikastetxe bihurtuta. Mila bitxikeri eta ezuste, Santuei eskainitakoen antzerako Maradonaren aldaretxoa, eta ugaritasunaren jainkoari eskainitako marmolezko irudi paregabea oholez ia estalia, ipotxak leiho zahar bat alegeratu nahian, lau gizonezko jo eta ke sutsuan kartetan portale aurreko espaloian grabatzeko inolako koplarik jartzen ez digutenak... plazak, obelisko edo monumentu dotoreak plazan... dena moto eta auto eta oinezkoen artean, dena italiar kalaka kantari ozenez bilduta.

“Morte a la chiesa” pintada, eta antzerako beste batzuk ere hor daude.

Kaleko saltzaile asko dago, erakusleihoa lurrean eseritako manta edo mahaitxoa dute, gehienak beltz-beltzak, sortaldekoren bakar bat ere.

Kaleko zarata gehitzeko,  hegazkin batek zeharkatzen du hiri gaina tarteka.

Kalean lo dagoenik ere aurkitu dugu, hiru soilik, bi bikotea ziren neska-mutil gazteak, lo seko itxuraz. Izan da mailadi batean tripaz gora etzanda zegoen gazte bat inolako tapakirik gabe, mozkortuta edo ondoezen batek jota, baina inork ez zion kasurik egiten.

Atzerritar gutxi ikusten da, ikasketa-bidaian dabilen gazte asko dabil.

Tranbia, bi kubotzarrez gotortutako irira atea zen sarrera  iluna Garibaldi kalean… izan dira azken zertzeladak trena hartu aurretik.

Oinezko bost orduez nekatuta, baina ibili eta ikusitakoez ase gabe, kontent egin dugu etxerakoa, Vesuvio bihar lainorik gabe izango dugun itxaropenez.

 

Trenezko eta oinezko kilometroak.

 

Itsasoa erretzen ari dela dirudi, suteetako marra gorrixkak betetzen du aurreko ilunpea alderik-alde: sutan bailego Napoli.

Ontziren baten tutua izan dugu lagun ozena arratsean.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

* “Bestearen modukoak gara..., kanpotarrak, inoren auzoan ibiltariak, mutuak. Gordelekurik gabe dabilen itzal arrotz horren modukoak”. Kanpotarrak gara ibiltariok gabiltzan herrietan, inoren auzoan ibiltariak ere bai, mutuak gehienetan, baina inola ere ez gordelekurik gabe dabilen itzala, nahiz arrotzak  izan.

* “Katua, jakituriaren eta isiltasunaren eskuliburu hori...”. Hemen dabilkigu isil, zirrikituen eta bazka bila jakitun den katu grisaxka kanpinean.

 

 

Maiatzaren 14a.  Asteartea.  12-I:10.a

 

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam.

* “Baina jainkoaren ahalmena ezagutu duen gizonak  ez ditu lantzen bihotzean izuaren eta erreguaren hazi kaskarrak”. Bidaiariak ezin ditu izuaren eta erreguaren haziak landu atzerrira ateratzen denean. Gainera jainkoa ez da bidaiari, denean omen dago eta.

* “Udaberrian, loretan dagoen soro bazter batera joaten naiz”. Udaberrian  ateratzen gara gu urtero bidaiatzera. Goazen herri oro aurkitzen dugu berde eta loraz apaindurik, biztanleria bizipoz. Gure herri hauekiko iritzia eta bizipenak ezin dira izan erabat errealak. Drogatuta baitago natura udaberrian.

* “Mundu zabala: hauts pikor bat hustasunean”.  Mundu zabaleko hustasunaren hauts pikor horrek azkura goxo eta bizipen maitagarriak eskaintzen dizkigu, edonora goazela ere.

* “Jakintsu eta filosofo handienak ezjakintasunaren ilunpean ibili ziren. Hala ere ez ziren bere garaiko zuziak. Baina zer egin zuten?. Esaldi batzuk esan eta lo egin”. Esaldien nolakotasunean dago koska. Nik ere botatzen ditut esaldiak nire ezjakintasunetik, inoren eta inongo zuzi izateko ametsik gabe, hutsaren hurrengoak baitira.

* ”Inork ezin du adieraztezina ulertu”. Bizitakoa bera adierazteko ere gai ez bainaiz, nor interesatuko da gure bidaiez.

 

Lepo dago kanpina egunero, egunero hainbatek alde egiten badu ere.

Zuhaitz sendo handiak dira kanpineko olibondoak, aspaldikoak, ez zahar itxurakoak, lerdenak, inausiak daude, zuhaitz sendoak diraute. Inguruko olibondo denak dira antzerakoak, ez dira Jaengo olibondo txikiak.

 

Egun argia esnatu zaigu gaur. Garbi-garbi ikus daiteke Sorrentoko itsasertza Matako errepide behatokitik.

Protesta keinuak egiten ditu gure aurreko gidariak, tutu joka ere badabil besteen maniobrei,  baina berak txakurra darama altzuan bolante eta bularraren tartean.

Sarriak dira kupula borobilak lurralde honetako, Italiako?, elizetan, gurutzaduretako gangarentzat irtenbide tekniko erabiliena.

Erakargarriak zaizkit pinu lerden buru-borobilak lautada jori honen gaindi.

 

Ponpeia. 25 mila biztanle inguru zituen Vesuvio sumendiaren sei metrotatik gorako sendoerako hautsak azpian hartu zuenean. Hain bat-batekoa izan zen, ezen herritar piloa hartu zuen hautsak azpian. Hautsak kenduz, hiria zegoen bezala agertu zen. Agerian geratu  eta museo eta abarren lapurreten ondoren geratutakoa da gaur egun ikus daiteken Ponpeia. Erromatar hondakin asko ditugu ikusiak, ez gaituzte beraz harritu. Hiriaren tamainak, kaleen ugaritasunak eta luzerak, zenbat kale eta ze zuzenak elkar gurutzatuz, eta beste zenbait bitxikeriak bai harritu gaitu. Kale luze-luzeak dira, simetrikoki trazatuak, elkar gurutzatuz. Kaleak euri egunetan gurutzatzeko (agian zikinak ere egonen ziren animalien gorotzez) harritzarrak daude tarteka kale erdian gurdien gurpilei lekua utziz harri biziko arrastoek erakusten dutenez. Komun pila dago: ez ote zen etxeetan komunik?; komunok buztinezko ontzi tripa zabal eta lepo estuagokoak dira, altuak, goian daude tabernako mostradore batetan lez; nola igotzen ziren, elkarren ondoan egiten zuten betebeharra?...: ezin izan dugu misterioa argitu. Tabernak ere ugariak dira. Putetxeak aldiz 5 gela ditu soilik, eta komuna, harrizko ohea eta burukoa ditu gela bakoitzak; goian ere bada beste solairu bat; pinturaz dotoretuta daude hormak, larru-jotze irudiekin, kamasutra liburuaren ilustrazioak bailira.  Palestra ere berria izan da guretzat, baita gladiadoreen kaserna eta entrenamendu lekua ere, aurrez inon ikusi ez ditugunak: lauki karratu zabalak biak, zutabeek lau aldetan, aterpe eta korridorea eskaintzen dietenak. Ikusi ahal izan dugu nolakoa den hormen barnea, baita hilerriko marmolezko monumentu dotoreak ere: hormak harridun masaz batez eginak eta gainetik harriz estali eta dotoretuak dira,  itxura besterik ez da beraz harri gotorrarena; teknika berdinez eginak daude harresitzarrak ere, kanpoko geruza besterik ez da harlauza. Okindegiak: bi ikusi ditugu; ia gaur egunekoak dirudite labeek. Errotak izan dira guretzat aurkikuntza berria: harrizko borobilak, mugiezina zen behea,  gainekoa zen mugitzen zutena zulo karratu batean sartutako haga batez; izan da biltegian eskuzko errotatxo xarmant ezohiko bat ere.

Hauts azpian aurkitutako pertsonena gerta zaigu bitxikeria nagusia; espero nuen entzuna nuelako, halaz ere zirraragarria egin zait: hautsetan gorpuek utzitako hutsuneak betez atera dituzte gorputzen irudiok, hezurrak ere ikusten zaizkio bati oin puntetan eta atzamarretan; asko sufritu zuten egoeran daude, besoak altxatuta hauts azpitik atera nahian bezala; bat, aldiz, alboka etzanda dago, patxadako egokeran, hautsak lo harrapatu balu lez; beste bat oso gazte behar zuen izan, hortz denak ditu; ez dugu aurkitu seminarioan hainbat aldiz aipatu ziguten soldaduarena, zut, arma utzi gabe iraun zuena: etsenplu bezala jarri ohi ziguten. Berria egin zait basilika ere: espazioa zabal-zabal bat, zutabe sendoak zituen, hiru nabe ere, eliza batek bezala: hiritarren arnas lekua omen, justizia ere bertan egiten omen zen. Nekropoliek, aldiz, ez digute ezer berririk eskaini. Ezta ateek ere. Etxeek ere ez, baina sekula ez ditugu hiri eta leku berean batera ikusi hainbeste: xumeak, dotoreak, eta oso aberatsenak, tamaina, dotoretasun eta osagai guztietakoak; gelen ugariak harritu nau, gela pila zituzten, sakonak ziren etxeak. Anfiteatro obalatuak ez du apartekotasunik, bai ordea teatroak, alboan baitu odeon eraikina: emankizun ez hain herrikoi ekimenentzako teatro txikiagoa, dantza, kontzertu eta abarren eman-leku. Deigarriak egin zaizkit pinturak ere, ez ditut hainbeste batera ikusi eta, hain motibo eta kolore ezberdinekoak: gorrixkak gehienak ohi denez; handi-mandi  aberatsenen etxeetako hormak, aldiz, ia beltz pintatuak zeuden, frisoak, ostera, motibo eta marrazki finez dotoretuak. Foruma, tenpluak, termak, dorreak, ateak, denda-salmahaiak, ikusitakoen antzerakoak gerta zaizkigu gaiaz jantzi gabetuoi,  hainbat zehaztasun eta berezitasun aurkituko badie ere jakitunek.

Bisitariz lepo dago, badirudi gaur Italiako eskolaume denak bertaratu direla, uneoro eta edozein txokotan zegoen talde zalapartatsua bere irakasleen zaindaritzapean, gidaren azalpenei ohi denez adi  batzuk, besteak niputokaso eginaz, bere munduan.

 

Vesuvio. Ponpeiaren aurrez-aurre, ez gainean baina ez urruti. Ia lainorik gabe izan dugu tarte batez. Tontor luzea espero genuen errepidetik ikusitakoagatik, baina Pompeia hiritik aho zabal ikaragarria igartzen zaio, alboko bi tontorren artean. Zirrara eragin dit, ez nuen horrelako aho zabalik espero.

 

Motz gerta zaizkigu kaleotan barrena  egin ditugun 5 ordu luzeak, jakin-min eta begiluze. Nekatu ere egin gara azkenerako. Egun osoa bota daiteke bertan, harri zaharrok ikusi,  beste kultura bat amestuz eta hemen zebilen herria irudikatuz.

Ordaindu egin daiteke gidaren erretolika ez agoantatzeagatik. Gida eramanen nuke, baina sortzen zaizkidan galderei erantzuteko soilik.

Esan beharrik ez izugarrizko muntaia dutela bisitariak nola larrutu asmatuta.

 

Herculano: ez joatea erabaki dugu; nekatuta gaudelako gaur, baina bihar ere ez joatea erabaki dugu, ez digu ezer berririk erakutsiko, nahikoa egin dugu Ponpeiarekin.

 

Vesuvio sumendia ere utzi eginen dugu. Bihurgunez bihurgune natura-gunean autoz kilometro pila egiteak ez digu partzen egun bat luzatzerik, eta mendiko ibiliak ez gaitu erakartzen, sumendiaren ahoak ezer bitxirik erakutsiko ez digulakoan. Exotikoa litzake igotzea, kontaketa-gai ere bai, baina gure adinean bizitzako hautsek hondatu dizkigute horrelako grinak.

Geure bideari jarraituko diogu.

 

66 kilometro, autobidean kilometro erdirako sartzerik merezi ez zuelako kale-artean ernegatu ditugunak tartean.

 

Ikuskizun dugu kanpinetik Napoliko badia, baina batez ere Ponpei sumendia. Lauso samar baina hor dugu gure paisaiaren ezaugarri, golkoarekin batera.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

* “... eguzkia, denboraren urrea edo, hobeto esan, denboraren ikatz suak hartua”. Ez dugu eguzkia denborarekin lotzen bidaiotan, denbora ez zaigu urre, aski  denbora baitugu jubilatuok, ikatz suak hartua desio dugu, eguraldiarekin lotzen baitugu eguzkia.

* “Gordelekurik gabe dabilen itzal arrotz horren modukoak”. Arrotzak bagara bidaiariok, agian izan nahi genukeen  itzalak ere bai, eta kanpin aldaketa egunean gordelekurik gabekoak sarri, lo-toki berria aurkitu ezinik.

BIDAIAK 2002-ITALIA

Jon Etxabe 2023/02/13 10:35
Gaeta, Montecassino, CAMPANIA. Meta, Sorrento, Massa Lubrense, Capri, Marina del Cantone, Nerano, Sant´Agata sul Due Golfi. AMALFI KOSTALDEA. Positano, Amalfi, Minori, Maiori, Ravello, Vietri sul Mare, Salermo, Scafati.

Maiatzaren 8a.   Asteazkena.   4.a-I.2.a

 

“Bisean bis berbetan”. Presoen lanak.

Arantza Eziolaza:

“Qué fuerza tienen las palabras”. Bai, eta ez. Norenak diren eta noren belarrietan erortzen diren, hor daude mugak.

 

Nekatuta geunden. Ziplo lo egin dugu, komunerako jaikitzeko ere esnatu gabe.

Dena da  zuhaitz, ozena da txori-kanta, zozo pila dabil, zuhaitzetan kantuan zein belatzean astarka. Aurrez aurre dugu itsasoa, eguraldi ona balitz hondartzara jo edo belartzan itsasora begira ordu lasaiak egiteko bezalakoa. Baina, bestalde, oso kanpin xumea da zerbitzuei dagokionez, komunak eta gainerako oinarrizko osagaiak besterik ez ditu, hain sinpleak, ze, badirudi mendi-aterpeko batekoak direla, inolako dotoretasunik gabe, inola ere ez erosoak. Garbiak bai. Jendez gainezka dagoenean izanen dira kontuak, oso gutxi baitira zerbitzuok.

Zaldi bat ere bada itxituraz bildutako esparru batean: zaldi mozoloa, zuria izan behar zuena, gehiago dirudi gurdiren bat garraiatzeko erabiltzen dutela.

 

Ibilbide motza egitea erabaki dugu, neke gehiago ez pilatzeko, eguna patxadan hartzeko. Eguerdi aldera atera gara. Ez du atertzen, Euri mardula da lasterrera ziri-ziri hazi dena. Badirudi gurekin dakargula euria Italiara.

Hona beheraino luzatzen zen erromatarren Via Apia errepidea. Antzerako arrastoak jarraitzen ditu gaur egungo errepideak, izen bera eman diote SS7 errepideari.

Zuhaitz asko dute behealdeko mendixkek, olibondoak dira gehienak, olibondoa da nagusi. Zapaldez mailakatuta dago hainbat mendixka, harrizko hormez sorturiko mailak, gaur egun utziak, dena belar edo sastraka. Dena dago berde jori, natura lehertzen dago. Baratze asko, ibilbide osoan aurkituko dugu itsasertzera arte, baratze txikiak, familia bakoitzak bere baratzetxoa du nonbait, txukunak eta prepezioz landuak.

 

Itri. Errepideak erakutsi digu han goian, etxe zintzilikatu eta pilatuak mendi hegian. Italiako etxadi betikoa, kolore ezberdinez pintatutakoak baina urteek kolorgetutako etxeak, pintatu berrian alaiak zitezkeenak, gaur egun tristeak. Baina halako nortasun bere-berea dute herriok; ezberdinak dira, herri italiarrak. Herria zeharkatzen du errepideak. Italiako herri petoa, ez dugu ezer deigarririk ikusi etxe kolorgetutako kaleotan.

 

Erromatarren galtzadako arrastorik ez dela elkarri aipatzen diogunean, hara non agertzen zaigun berreskuratzen eta garbitzen ari diren Via Apia galtzada erromatarra, erreka-zulo gainetik, harri gorrizko horma eta petrilekin. Euriak ez ezik, errepideak berak ere ez du uzten gelditzen, baina halako ezustekoa izan da: luze doa beheko bailaratik goraino, galtzada sendo eta zabala, ibilbide tentagarria izanen da garbitze eta egokitze lanak bukatzen direnean.

 

Fondi. Hiriak ez du ezer apartekorik.

 

Monte San Biagio. Hegian eta magalean pilatutako etxe multzo handia, bere eliza eta gotor gunearekin. Ohiko etxadi kolorgetua eta ohiko italiar herrion itxura;  ez dakizu zerk eraginda, baina badute halako tira berezia herriok, nortasun petoa, Europako beste herriengandik bereizten dituena. Izan da ate bat, izena izan zaiguna deigarri, berez hondatua, herrira sarrera gotortua izana, baina inola ere deigarri ez dena.

Tren-geltokian, gizonezko lodikotea, bere uniformearekin, tren-bagoi gainera igota argindar kableetako zerbait konpontzen: Italian soilik ikus daitezke holakoak, agian Espainian ere.

 

Etxeak mendiko magaletan sakabanatuta bakardade osoan.

Hemen dabiltza oraindik errepidean motogurdiak, arazo larriak sortuz tarteka, bizkor joan nahi duten autoen oztopo probokatzaile.

Itxura bitxia hartzen du inguruak Tarkinia aurrean: laku zabal-zabala, itsas kontra-kontran baina ez zaio itsasoarekin loturarik ikusten, goitikako uren biltegia nonbait. Berezitasuna ezartzen diote inguruari hainbat eta hainbat irlek. Zuhaitzez oparo diren lursailak, ura eta lurra besarkatzen dira elkar kiribilduz. Errepideak zeharkatzen du une batez, bestalde ubide antzerakoek halako itxura berezia ematen diote. Ertzean badira gaztelutxo edo behatoki gotor karratuak.

 

Terracina. Herri handia. Tarte labur batez soilik jaitsi gara autotik, ez baitu euriak atertzen eta gogaikarri dago oinez ibiltzeko, aterki zabal baten pean ere. Beheko lautadan zabaltzen da hiri berria, mendia osoki hartuz dago alde zaharra: kale estuak, aspaldiko harrizko ate eta leiho ugariekin, kalexka bihurriak, Erdi Aroko giroa eta usaina gordez, gizaldiz atzera jauzia egitea da kaleotan sartzea. Etxeak, ohi denez, hondatuta daude. Mudejar itxura du elizako dorreak, deigarria da. Behean bada eliza handi bat, zutabe borobil sendoak atarian eta zutabe borobil sendo ilarak barnean, erabat zuria eta argia, dena aldarez, santu-irudiz eta kaperaz betea.

Herriko sarreran, nabarmen, herri berriaren sail luze batean, amildegi eta harkaitz  beldurgarriek gordetzen dute hiria, higadurak forma bitxiz tailatu dituzten harkaitz bertikalak, harkaitz tantai erraldoiak barrenetan. Badu portua: moila luzexka, babesa eskainiz ontzitxoei.

 

Erakargarria da Formia arterainoko ibilbidea, kilometro askotako luzaroan. Negutegiek estaltzen dute barrualdeko lur zoroa zabaltasun osoan, kanpinek, aldiz, itsasertza, dozenaka kanpin, udatiar asko datorren seinale.

 

Sperlonga. Itsas kontrako herritxoa, haitz gainean pilatutako etxe multzo zurixka. Pobrea izan behar duen itxura du. Bisitari izanen gintzaizkion egun ateri eta argiagoarekin.

 

Gaeta. Hemen ere mendi tontor eta magaletako hiri zaharra, behe-lautadako hiri berria bereizi behar zaizkio. Eliza aparta erakusten du albo bateko goi samarrean, gotiko landua; dorre lerden bat goratzen da gazteluaren azpiko etxadia artean, adreiluzko bitxia kubo antzerakoz gotortua edo dotoretua. Gorenean gotorleku erraldoia, babestu baino gehiago herria mehatxatuz. Digante erraldoia. Badira beste hainbat eraikin antzinako hondatuxeak edo utziak. Portu zabala du, arrantzontzi asko, ontzi txikiak, arrasterako gailua buztan dutela denak; arrain saltzaileen saltegitxo ugariak portu hegalean. Belaontzi eta antzerako ugari. Agerian du herriak udaleku dela, bisitari, igandezale zein udatiar asko datorkiola.

 

Atsegina izan da kostalde osoa, ugariak dira hondartzak, baita harkaitz biziko kosta zatiak ere.

Eta besterik gabe etxeratu gara. Etxeko epelera eguraldi lardats honi irtenbide onena delako.

Eta honenbestez ohitu gara gidariekin: ez gara harritzen edonola eta edonon aurreratzen bagaituzte, elkar aurreratzen badute, edozein motako marren gainetik, polizien aurrean ere.

 

99 Kilometro, eguraldiak kolorgetu dizkigunak

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

“Euskal Herria munduko lekurik arriskutsuena  dena euskaldunentzat”. Napoli eta Sizilia aldea ere arriskutsua omen bidaiariarentzat. Onik aterako gara hortik ere.

 

 

Maiatzaren 9a.   Osteguna.  5.a-I:3

 

“Bisean bis berbetan”. Presoen lanak.

Asier Laretxea:

* “harresi guztiak suntsitu nahi eta ezina / izarrekin gauero legez bakarrizketan”. Gaueroko izarrei begiratuzko ibilitxoa zait bidaietan baregarri, egunean eraikitako hainbat harresien suntsigarri.

* ”Ez naiz heriotzaren esperoan egonen”. Esperoan ez nago, baina badakit herio edozein bidegurutzetan dudala zain, bidaia da herioari kasurik ez egiteko moduetariko bat. Ez nagokio etxean zain.

* “Handiak ttikia irentsi du, Dabidik gabeko Paradisuan”. Italian ere handiak  txikia irensten du. Kalean nabari da. Pobreak eta aberatsak daude hemen ere.

 

Eguzkitsu esnatu zaigu eguna, poza dakar bihotzera egun argitsu baten itxaropenak. Baina hara non euri zaparrada eguzki biziarekin batera: arbola arteko airea une batez perla dirdiratsuz bete da, lanpara magiko bat piztu balitz lez.

 

Montecasinoko Abadia da gaurko helburua. Hiru abadia daude inguruan, nahikoa dugu bakarrarekin, Montecasinokoa aukeratu dugu, hurren dagoelako, gerra garaiko oroimenak dakarzkidalako, gaztetako mito lez geratu zaidan seminarioan ikusitako halako pelikula batenak batik bat.

Ikasi dugu eskuin-eskuinetik joaten, ziztu bizian errepide erditik aurreratzen zaituen ipurterreak sortarazten dizkizun sustoak ekiditeko, baina aldi berean ikasi dugu ere aurrez inor ez datorrenean aurrekoa aurreratzen, nahiz erdiko etenik gabeko arraia zuria zapalduz.

Izugarri dotore dago Gaeta bai badia bai hiria, baita muturra osatzen dion etxe multzoa ere.

Paisaia ez zaigu aldatu kostaldean, menditzar mortuak dena harri, oinetan aldiz zuhaiztia, bertan gordeta etxe bakan sakabanatuak. Lur lauetan ortuak, olibondoak ugari, sail txikika, badirudi etxe bakoitzak bere sailtxoa duela, urterako olio ateratzeko edo. Baina ez da paisaia batere atsegina, narras planta du, tristura dario.

Aldatuz doa paisaia, barrurago eta berdeago, barrurago eta zabalago. Ugarituz doaz beheko mendixkak, zuhaizti ugariz estaliak, erabat berde, etxeak hausten dute berde uniformetasuna. Badu bere xarma. Baso bihurtu dira mendi-muino batzuk, nahiz ez duten Sakanako basoen joritasunik; ez dira baso trinko lerdenak, zuhaizka baxukoak baizik, zulogune eta mendi arteko ebakiduren inguruetan lurrari egarriz atxikitzen zaizkion zuhaitzak, bertan metatzen eta pilatzen da gehien nonbait lurra eta ura.

Herriak dira deigarriak, lur kolorekoak, mendiari itsatsiak, etxe multzoak mendi magal eta tontorretan.

Casino aldean lurraldea erabat lautada bihurtu da, ordeka neurri gabea, oso urrutian jartzen baitiote muga mendiek. Lurralde arbolatsua eta landua.

 

Ausonia. Ez du aitatu ere egiten gidaliburuak, baina bere nortasuna eta indarra du orokorrean begiratuta: gaztelua eta eliza zaizkio gandor, beherantz etxadia kolorgetu triste, hondatuxea; utzia dirudi eta halako zirrara sortarazten du: bere hartan zahartu eta usteltzen dagoen Erdi Aroko herriaren jitea du, bina oraindik gotorra eta sendoa izandakoaren arnasa geratzen zaio.

Bi harrobi ditu mendi-magal berean: urrutitik harrobi bat zirudien herriak berak ere, hain zen lur kolore.

 

Montecassino. Ordeka erdian kokatzen den mendixka. Abadia: tontorrean dago, tontor osoa betez. Kokagune estrategikoa, horregatik gotortu ziren bertan alemaniarrak amerikarrek Napoli hartu zutenean, horregatik eutsi zieten poloniar eta ingelesen erasoei urte erdi luzez, Erromara bidea zaindu eta oztopatuz. Oinezkoek berenez ezin, eta azkenik egun batez amerikarrek erabat suntsitu zuten bonbardaketaz, ondoren  oinezkoek, batez ere poloniarrek, egin zuten azken erasoaldia. Alde egitea beste aukerarik ez zuten eduki alemaniarrek. Afganistanenen aurten erabili duten teknika bera: bonbaz maspildu, oinezkoak bidali ondoren. Digante makal baina indartsuaren teknika. Ingelesek, amerikarrek, italiarrek, frantsesek eta poloniarrek bakoitzak dute bere hilerria, poloniarrena ikusi ahal da monasterioko balkoi-begiratokitik. “Poas” edo zerbait antzerako esan dit errespetu osoz gizon batek begiratokian, gero ikusi dut bazela poloniar autobus bat, taldekoa zen gure gizona, harro eta hunkitua zegoen bere herritarren hilerriarekin. Monasterioan ez da suntsiketaren inolako arrastorik ezta aipamenik ere. Museoan argazki sorta bat, liburu-dendan gaiaz ari den liburu bat salgai, postal bakar bat suntsitutako eta eraikitako monasterioaren bi argazki alderatuz.

Bihurgunez bihurgune egin dugu errepidean gora; urkila diren 6 bihurgune nagusi ditu errepideak beste hainbeste behatoki bihurtzen da errepidea, izugarrizko ikuspegia eskainiz bailara gainean.

Erruz datorkio bisitaria. Hogeitaka autobus baziren gaur. Eskolaumeenak gehienak, aparkaleku zabalak daude bisitarien ugaritasunaren erakusgarri. Ez dute sarrerarik kobratzen alajaina!!!.

Monasterioa: izugarrizko eraikintzarra da. Neurri guztiak gainditzen ditu, ejertzitoa bat izan behar zuten monjeak eurak ere hori dena bete eta erabiltzeko. Gehiago dirudi palazioa. Beneditar hauek ez ziren inola ere austeroak. Bi patio edo klaustro zabal arkuz inguratuak, zabalgune handia bien erdian, bertan izugarrizko ikuspegia duen balkoi-korritua, iturria eta mailadi zabal luzea elizaraino, han hemenka santu-iruditzarrak. Azpian gaur egun museo bihurtuta monasterio osoa hartzen duten bazterrak. Gainean hiru solairuko harri argiko eraikintzar karratua. Elizak behar du aipamen berezia: liluratuta uzten du. Hiru nabe, dena kolore aunitzeko marmolezkoa, gorrizka nagusitzen zaio, kolore ezberdineko marmola marmolean itsatsita, josita, marrazki eta irudi ezberdinak lortuz. Eliza osoa da horrelakoa. Taila apartak dira koruko aulkiteria, sekulakoak; ipurdiko oholak, aldiz, leunak dira. Kripta dena da mosaiko aparta, horma zein gangak. Ez dakigu zenaren berdina eraiki zuten, ala nolabait ezberdina.

Ikuspegia sekulakoa da, inguru guztira, lau haizetara begira, urrutiko mendiarterainoko ordeka zabala, berde eta joria begien bistan.

 

Mendirik mendi, gora eta behera, herritxoz herritxo, bihurgunez bihurgune egin dugu etxerakoa, mapan herri-bide hori mehea arren, zati bat ezik zaindua eta erosoa den errepidetik. Goietatik ibili gara uneoro, azken unean mendi soil mortuetara heltzean goitik behera pikean itsasertzera jaitsi garen arte. Behatoki bat da errepidea, goietatik beheko mendiarte eta bailarak erakutsiz, ikuspegi zabal eta atsegina eskainiz. Gozamena, bidaia paregabea.

Etxe inguru zainduak, nahiz ez politak, ondo-bizien etxeak dirudite, badirudi asteburu eta opor pasarako etxetxoak direla. Ez dugu elizarik ikusten, herri hasietan ez bada, ez gara jabetzen behintzat. Futbol-zelaia aldiz herritxo denetan ondo iragarrita dute nondikakoa marraztutako geziekin.

Jatetxe asko dago lurralde osoan, baina kanpotik begiratuta jatetxe xumeak dira, inola ere ez dotore edo zainduak, inola ere tentagarriak.

Motogurdiez  gain, ugaria dira auto txikiak ere, aspaldietako fiatiloak, fin eta bizkor oraindik errepideetan, lotsatu gabe.

Ahuntz-taldea eta artaldea bat. Irakurri dugu etxe aurre batean salgai zutela bertako gazta.

Olibondoa da zuhaitz ugariena, ugaria da mahastia ere, ugariak dira fruta-arbolak, etxe bakoitzak du gutxienez pikondo bat. Egiten dute etxerako adina. Zipres asko dago, Toscanan antzera. Behe alderantz, ugariak dira gerri garaiko eta buru zabaleko pinuak, ugari gorantz hazten zaizkie adarrak argimutil baten itxura hartuz.

Garigrano ibaia zeharkatu dugu, zabal eta sendo doa, bera ere berde, inguruaren ispilu.

 

Arce. Mendiari itsatsita, lur kolorekoa, mendia bera baino tristeago. Barnetik zeharkatzen du errepideak, barnealdeak ez du gozatzen sentimendua; badira harrizko ate ederrak, aspaldiko oparotasunaren usaina du hiriak, baina erabat galdua dago, tristura dario.

 

Santopadre. Izenak jartzen ere bitxiak dira italiarrak.

 

Ceprano. Zaharra eta zaharkitua, gatzik gabekoa izan da ikusi dugun aldea. Ameriketara alde egin zutenek ez ziren nonbait aberastu, ez zuten behintzat dirurik herrira bidali.

 

Pico. Mendi mendian, herri handia, txukuna eta zaindua.

 

Itri. Beste aldetik ikusi ahal izan dugu gaur, aurrez-aurre. Tontortxoan, kale eta mailadi pikoz igotzen da, etxadia ere mailaz-maila mailakatuta dago, pendizean. Gotor handia da gaztelua, berritzen ari dira, elizaren dorrea aldiz adreiluzko ukitu zuriko dorre dotorea.

 

Itsasertzetik, hondartza gaineko ibilbidetik egin dugu oinezkoa, eguzkitan, Gaetako badiaz eta arratsalde eguzkitsuaz gozatuz. Arratsalde beroa, haize eta guzti, 24 graduko hozberoa dugu.

Bi autokarabana eta denda sartu dira gaur, atzo denda bat sartu zen. Lehenengo egunean bi bezero soilik ginen, herri oso bat gara gaur.

Esparru zabal zabala da kanpin-lekua, baina gure albo-albora ekarri du autokarabana bat kanpineko arduradunak, gure leiho-zuloan jarri digu, erabat mugatu digu guretzako genuen parkea. Ze logika du?.  Konpainia jarri izan nahi ote digu?. Ba gu gusturago gaude zelai-buelta guretzat dela!.

 

151kilometro, monje austeroen monasterio dotorera, mendizko ibilaldi paregabean.

 

Leun dator gaur itsasoko olatu hotsa, lasaitasuna dakar, barne baregarria zait zerbitzugunera gauerdian noaneko isiltasun erabatekoan. Zozoen eta txorien gaueko txorrotxio isilik ere ez da entzuten. Itsas soinuz beterik belarriak, izarrez bete ditut begiak, Buru gainean dut Hartz Handia, zuhaitz arteko garbi-gunean tinko darrai Iparrizarrak  mugitu gabe.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

* “Zuhaitzak bai, errotu egiten ditun, baina gizakia jende deserrotua dun berez. Oinak ditin, ibiltzeko...”. Bidaiaria ere deserrotua da dabilen herrietan, oinak, gehienetan mekanikoak, baititu honek ere, eta ikusminak erretzen baitio ipurdia eta oinazpia.

* “Ohitura ederra, behar den moduko ogia jatea”. Ezberdina da herrialde bakoitzean aurkitzen dugun ogi molde aberastasuna. Ogia eta ogi modua bada herri baten ispilu.

* “... oraina aldakorra dela, oraina behin behinekoa dela beti”. Horregatik gozatu behar da orainaz, erabat iheskorra delako. Horregatik gabiltza bidaietan.

 

 

Maiatzaren 10a.  Ostirala.  6.a-I:4.a

 

“Bisean bis berbetan”. Presoen lanak.

Edu Zelaieta:

“Ni preso nago, / hi ... / .../ Eta konjugazioen abarretaraino ibiliko gara, / honaindian eta haraindian, / justiziarik ez den bitartean”. Eta gu bidaietan ibiliko gara umorea eta osasunak irauten digun heinean.

 

Aldaketa eguna. Penarik gabe uzten dut kanpin hau, parke paregabe berde, arbolatsu eta lasaia den arren. Bigarren egunez euria, alde batetik, baina batez ere begi oroikuslearen begiradapean sentitzen naiz. Adineko bikotea da arduradun edo jabea; etxeko, familiako, negozioa dirudi; neskato garbitzailea eta bi zaindari nagusiak, senitarte harremanak dituztela dirudi. Adeitsuak dira alde egin edo itzultzen garenean, diosala irribarretsua egiten digute, baina beti hor daude, beti so, beti arduratsu.

 

Erabat nahastu eta luzatu zaigu lasaia eta motza behar zuen aldaketa-bidaia. Hankoker hasi eta bukatu dugu goiza:

Euritsua esnatu zaigu eguna, ez zaigu atertu goizerdira arte. Napoli ingurutik aurrera eguzkia eta beroa nagusitu zaizkigu, 31 gradutik gora igotzeraino kanpinean.

Autoko atzera begiratzeko ispilu baten lot-gailua galdu zait. Izan du alderdi ona: orratza lastategian bezala, aurkitu egin dut belarretan: gaurko miraritxoa.

Okerreko bidea hartu dugu, uste ez genuen bezala dagoelako iragarrita Napolira autobidea. Atzo ikusitako bazterrak, Ausonia herria batez ere, ezagutuz jabetu gara bide luzeenetik gindoazela; agian bera da erosoena; ez zaigu baina inola ere atsegina bide berdinetik egitea bide berri bat dugunean.  Gaur beste zati bat ikasi dut: mapan jabetu naiz bide hau Bariraino, Adriatikoraino, luzatzen dela, erromatarren garaian ere ala ote?.

Labirintoa da Napoli inguruko autobide sarea, amaraun sare trinkoa: garbi genuen nondikakoa baina letrero batek erabat nahastu gaitu, gehiago azaldu ez denez, ikusi ote dudan ere dudan jartzeraino, baina han zegoen gezi erraldoia: A3. Moldatu gara amaraunean,  itzuli gara bide zuzenera.

Izugarri trinkoa da Napoli sareko trafikoa, tarte luze batean erabat geldoa, gidatzea ere halakoa; hemen ez da inor inoren zain egotekoa, sartzen dira errepidean eta kitto, izan ere zain egonez ez lirateke behin ere errepidera helduko.

Izugarri gogorra egin zait gidatzeko Napolitik aurrerako bidea, dena da bihurgune itxia, etengabekoa trafikoa, bihurgunean bertan aurkitzen zara autobus eta kamioiekin, ez dago leku gehiegizkorik, begi argiz zaindu behar dituzu etxatoiaren ertzak. Behatoki bat da izan errepidea, itsasgain- itsasgain, baina aukera gutxi izan dut ikuspegiaz gozatzeko.

Tunel luzeak daude Sorrento Penintsulara sarreran, burrunba izugarria entzuten da. Hainbatek bozina jo didate eta argi ziztadak bota, niri?, ni behintzat kezkaz gelditu naiz zerbait gaizki ote dudan, tartekako zarata gorgarri hura geuk ateratzen ote genuen.

Ez zuen balio txartelak, txanponez ordaindu behar zen bidelapurrentzako saria, batean makinari zuzenki eta bestean kobratzaileari: txanpon bila luzatu gara bietan, makina ez zaigu haserretu, atzeko gidaria ere ez, baina Napoliko kobratzailea bai, mahaia ere jo du ozen bizkorrago ibil gintezen txanpon bila.

Kirrika hasi zait erremolkearen balazta ere, gero eta ozenago. Aurreko urteetan ere atera izan dit, joango al da oraingoan ere. 

Gogorra izan da Meta herria gurutzatzea, kale estua zen bere osoan,  alde bietako norabidea zuen gainera; nahikoa ez eta autoak bigarren ilaran, nolabait gainera, zeuden kokatuak. Ez da izan gozoa eta erraza herria zeharkatzea.

Ikusi ditugu kanpinak, baina sarrera estua eta bat-batekoa zuten denek, errepidetik bertan bertatik. Kanpin zehatz baten bila gindoazen,  Meta antzera Sorrento urduri eta arreta handiz zeharkatu ondoren aurkitu dugu 50 metrotara sarrera iragarrita, gure kanpina: berrogeita hamar metrotara iragartzen dute sarrera, baina, aparkaleku batena zen iragarkia, eta ni, itsu, bertara sartu nahi izan dut. Trabatu gara atearen kontra, ia ezinekoa baitzen sarrera-gunea zeharkatzea bertan hasten zelako bihurgune ertzi bat, autoentzako sarbidea izaki ez erremolkeentzako: ez aurrera eta ez atzera trabatuta geratu gara, alde biak katigatuta: argitxoa hautsi zaigu, leihoko kristala erabat apurtzeko arriskuan harrapatuta geratu da. Agertu da jaka gorriko gizon bat, alboko hoteleko langilea, lasai egoteko esan eta joan da; agertu da alemaniar gizonezko nagusi bat ere: hasi zait lagundu nahian, eta nola edo hala lortu dugu libratzea matxura handirik gabe; ondoren agertu da jaka gorriduna bere buruarekin, agertu dira jaka gorridun gehiago ere, bildu da jendea ikusmiran: libratua genuen jada  etxatoia, baina denek lagundu digute onik bideratzen egoera: zabaldu digute aparkalekua, -hotelekoa da-, buelta eman dugu bertan, atera gara errepidera, ozta-ozta alboak jo gabe;  bestalderako norabidean atera behar zen nahitaez;  kale-artera itzuli gara beraz, aldatu dugu nolabait norabidea,   auto artean eta gidari eroen artean egin dugu operazioa, heldu gara 50 metrotara iragarria baina 200 metro hareago dagoen kanpinera; malda pikoa da kanpina, dena da bira estua kanpin barneko jaitsiera, gako batenak dira buelta osokoak, beldurrez egin dugu kanpin barneko ibilbidea; itxita dago bulegoa laurak arte,  baina mutilak lekua eman digu nahiz paperik laurak arte egingo ez. Eta azkenik kokatu gara. Onik. Gaur ere atera gara hainbat ezbeharretik. Onik gainera, matxuraren bat salbu, nekea bizkarrean eta barneak erre samar.

Izugarria izan da eman diguten laguntasuna, erakutsi diguten adeitasuna. Gora italiarrak.  Eta gora gure alemaniar jubilatua!.

Goiz zitala izan zaigu gaurkoa.

 

 

CAMPANIA

 

Probintzia aldaketak ez du ekarri paisaia aldaketa handirik. Autobidetik ez da erraza ezer ikustea ere, muna garaiek edo autobiderako ebakitako lubaki erraldoien ertzek mozten baitute ikuskizuna. Zuhaitz asko dago mendi kaskoetan, erabat zabala da Napoli aurreko lurraldea, ordeka zabala; Napolitik aurrerakoa, aldiz, erabat menditsua. Tontorreria ugaria, zuhaitzak  bakan eta baso, nahiz ez diruditen zuhaitz lerdenak, nanoxkak baizik; zuhaitzak dira gutxienez. Kanaberak eta piku-txungoak ere ugariak dira. Vesubiok ere hor behar du izan, urrean eduki behar izan dugu, tontor horietako bat da, baina ez dakigu zein. Ikasiko dugu azken egunerako.

Abiadura Handiko Trena bukatzear dago Napoli aurretxoan. Hemen ere politikoen eta enpresen pagotxa ote?. Erraldoiak altueran eta bide luzean, erraldoi luzea da zementuzko zutabe ilara: hemen, sikiera,  mendi barrenean zehar doa ez bailara erditik.

Kamioi handi asko dabil Napolira bidean.

Izugarri etxetsua da Napoli ingurua. Luze eta zabal barreiatzen dira etxeok, bakan edo kaleetan, autobidea bera, A3, etxez inguratua dago. Mendixka bat badiaren ertzean, gainbeheran itsatsitako etxeek estaltzen dute malda osoa; gaztelu bat dirudien eraikintzarrak betetzen du, aldiz, tontorra, Napoliko alde zaharra uste dugu: hori ere ziurtatuko dugu egunotan.

Itsasertzeko herriak datoz Napoli ondoren, kaos izugarria dirudien graziarik gabeko etxeteria; sarriak dira pikondoz, olibondoz batez ere, inguratutako etxeak. Ez da inola ere atsegina, itsasertza bera ederra izanen den arren. Tunel luzeek eta argitu gabekoek zulatzen dute menditzarra barren barrenetik. Bata bestearen atzetik datoz herriok. Itsasoaren eta mendi-tontorren arteko esparruan. Ez da inola ere atsegina. Nola etorri garen hona galdetzen diogu elkarri. Ondoren etorri da errepide zoragarri bat, baina gure erremolkearentzat inola ere ez erosoa.

Napoliko autobide bateko sarreran, mutil gazte koadrilatxoa, huskeriatxoak saltzen autoetakooi, gazte hile beltz, txukun jantziak, irribarretsu eta berbatsu, leihatila gainean jarrita egiten dute eskaintza: halako zirrara sartu digu, gazte galaiak horrela ikusteak alde batetik, eta Napolik duen arriskutsu ospearen ordainez beldurra ere duzulako bestetik.

Iragarrita ikusi ditugu Pompeia eta Herculano: badut Ponpeia ezagutzeko irrika, batez ere seminario garaian ikasitako eta eginiko irakurketen ondoren: ikusiko al dut hautsak edo harri goriak zutik mugitu gabe harrapatu zuen soldadua, edo putetxeetako ateko ikurrak: gogo-jardunetako etsenplu eta kontakizunak izan ziren.

Menditsua da Sorrento lurmuturra, gaur ikusi duguna behintzat. Arbolatsua gainera.

Ikasi dugu autoa bazterretik eramaten, tutua jotzen dizute haserre erditik bazoaz bahiz zure karriletik:  lekua behar dute aurreratzeko, nahiz erdiko marra zapalduz; marra bikoitza bada ere bi karrilak banatuz, hiru auto gurutzatzen gara sarri, abiadura handian; erdikoa etenik gabeko marra gaina zapalduz  aurreratzen zaituzte:  hori bera egin digu trafiko poliziak ere.

Eta hara non, Sorrentora bidean, izugarrizko trafikoaren nahasmen eta zurrunbiloan, zaldiak tiratutako gurditxo bitxi batean biseradun gizon bat, lasai. Italian soilik ikusi ahal da horrelakorik.

 

Meta. Itsaslabar perpendikular garaien gainean, herri luze-luzea, kilometrotako kaleak; nahiko buruhauste eman digu: estuak dira kaleak, ez da gidatze-araurik, ezta aparkatzekorik ere. Ez da gozoa izan. Motorra eta autoa nahasian, bakoitza berera, ausart tarte bila ilaran, sarri autoak alboetan eta motorrak erditik norabide bietan, ia elkar joz, moto batek igurtzi gaitu gu ere, baina ez da asko ikaratu gizona,

 

Metaren jarraian dator Sorrento,  herri bera bailitzan, kale gaineko letrero handi batek jakinarazten du Sorrenton sartzen zarela.

Iragarki letrero ugari dago errepide bazterretan.

 

Kanpina. Mailaz maila, zapaldetan dago. Olibadia bat da, olibondo azpian ditugu gure tramankuluak. Ez da erosoa sartu, kokatu eta antzerako maniobretarako. Itsas gainean, behatokia tokatzen zaionak ikuspegi zoragarria du, arrantzaleen portu gainean. Guk ikusi ahal dugu itsasoa, ikusi ahal ditugu hainbat arrantza-ontzi eta bidaiari-ontzi, baina ez eroso eta garbi.

Alemaniarrak dira kanpineko bezero gehienak, jubilatu edo aurre-jubilatuak. Bada holandarren bat ere.

Bero ikaragarria egiten du. Dutxatu ahal izan azkenik gara ur beroarekin. Zerbitzugune erosoa eta zaindua da, egituraz ezberdina. Praktikoak, irudimen handikoak dira italiarrok.

 

Sorrento. Meta bezala itsaslabar eta amildegi bertikal garaien gainean, badia zabal erakargarri baten hondoan; badiaren bestaldean, beste badia baten ertzean, Napoliren zati bat behar duena. Benetan da erakargarria ingurua. Uste genuenaren aurka, ez du hondartzarik. Baina bai bi portu, han beheran, nora iristeko aldapa luze eta pikoetan jaitsi behar den. Goiko kaletik ikusten dira porturako errepidea han behean zuloan,  baita portuok ere, behean kaleko begiratokitik. Portu bata arrantzaleena da, xarmanta, erakargarria, txikiak dira ontziak; sareak, aldiz, luzeak, pilo garaietan tolestuak. Hemen ere ez da falta jatetxe erakargarririk. Etxeak nahiko garaiak dira, ez batere erakargarriak, bada elizatxo bat eta itsasbazterretik gora igotzeko bide kitzikagarria, balkoia portuaren gainean, kale estu batean jarraitzen du; bi horma antzinako zerbaiten hondakin edo ezaugarri diren eta ateburu izan zitezkeen arkuak daude zoruaren maila berean. Bigarren portua  herriko erdigunearen parez-pare, bidaiarien portua da, bertatik ateratzen dira Napolira eta Caprira ateratzen diren bidaiari-ontziak. Jende pila darabilte, bada izan ere itsas-ibilbide tentagarria.

Kalexka estuak ditu Sorrentok alde zaharrean, garaiagoak egiten ditu etxe garaiak kaleen hersturak. Bisitariz mukuru dago oinezkoen kalea,  luze zuzena: denetik dago bertan, oroigarri eta artisau lanak zein jangaiak, jite eta kalitate guztietakoak. Atsegina da jendartean salgaiei begiratzea, batez ere izozki gozoa gozatuz, aukera paregabea baita izozkiena. Geratzen dira herriko ertz batean aspaldiko eraikinen hondarrak, baita itsasaldetik sarrerakoa behar zuen ate bat ere. Kaleok ez dute ezer deigarririk berenez. Autoak motoak eta oinezkoa ordenu eta jokamolde arau kaotiko batekin elkar eroso konpontzen dira nahasmen orekatu batean.

 

Ugariak dira limoiondoak eta pikondoak harkaitz gainetako mendietan, baita zuhaitzak eta fruta-arbolak ere baratzetan, lur emankorra behar du izan honek.

Bi elizatan sartu gara, baina ez dugu topo egin gidaliburuak aipatzen duenarekin. Bi elizok bazuten antzerakotasunik: kolore anitzeko biziak, aldare, horma eta ganga pintatuek ematen dieten bizitasuna, erlikia ugariak, santu-irudiak erlikientzako zulotxoarekin, denak bitrina batean lerrotuta. Santu-irudi zale dira italiarrak. Antonino Deunaren elizako kripta ikuzgarria da koloretasunez, are bitxiagoa amuleto  edo oroigarri pilarengatik: zilarrezko beso, hanka, buru, birika, barnealde osoak, gizairudiak, haurdun geratu ziren emakume zabal handiak; ehunka dira santuari eskerrak eman nahiz zilarrezko oraigarritxoa utzi diotenak; fede handia diote nekazariek ere santuari: plazako santuaren estatuan limoi txorta ugari jarri diote, uzta oparoa eskatuz seguruenik.  S.Antoninoren elizpean ere bada balearen hezur handi bat, seguruenik ehiza edo arrantzatik salbu ateratako marinelen baten emazteak oparitutakoa.

Koadro erakusketa bat ere bazen, erakusketa salmentarako aitzakia besterik ez da, baina  atsegin apur bat eman diegu begiei.

Ordubete egiten du trenak Napoliraino, ordu erditik ordu erdira ditugu, gainera autoz baino seguragoa omen da. Beraz astelehenean trenez joango gara Napolira. Lasaiago eta seguruago.

 

191 kilometro, latzak, zeinetan onik atera garen.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

* “Gogorra da eta hala ere, gerizpean eserita, bizitza, paisaia eta airea bera ere ikaragarri ederrak dira”.  Ikaragarri ederra izan da gaurko eguna, ikaragarri gogorra gerta zaigun arren.

* “Euskaldunak kulturalak gara denak”. Herri oro da kulturala. Bakoitza bere neurrian. Guri lagundu digun gizontxoak ze nolako kultura zuen!. Eta italiar hoteleko morroi adeitsuak!.

*Ez pentsa memoria ona palazio bat denik. Azkenean Ireneok arrazoia zuen, jende gehienaren memoria zarama pilo bat besterik ez da”. Seguruenik. Hala uste dut. Gure bidaiako  esperientziok zarama bihurtuko ote zaizkigu?. Nire oroitzapen idatziok loratu eta txukuntzeko gaitasunik eta astirik izango ahal dut!. Nire memoria idatzia izan nahi baitute hizki korapiloaren azpian gorde nahi dudanak.

* “Azkenean berdin, begiak zabaldu eta hormari begira ikusiko duzu zeure burua. Bizitza loezin luzea delako”. Guk horma polita gutxienez jarri nahi diogu gure buruari bidaiokin. Esna diraugun bitartean.

* “Lotan egotea ondo egotea balitz bezala”. Hurrengo egunean ondo egotea dakar berarekin loak. Loa ez da denbora galdua, ezta bidaiari ipurterrearentzat ere.

 

 

Maiatzaren 11a. Larunbata.  8-I:6.a

 

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Ez dakit Justizia eta errukirik denentz”. Ez. Bestela ez litzake hainbeste  desberdintasun eta inposaketarik herri orotan.

* “Ez dit  ardura jainkorik dagoen jakiteak”. Italian elizak ugariak dira, eliz kanpaiak ere ozenak.

* “Ez ezazu ahantz zeuk ere badituzula akatsak”. Hori da bidaiariaren lehen araua, dabilen atzerriko beste herri eta herritarrak bidegabe ez juzkatzeko.

* ”Saia zaitez zure hurkoa lotsa ez dadin zure jakituriagatik”. Bidaiariak, gehienetan, gailentasun bat erakutsi nahi ohi du dagoen herriari, alderaketa bat eginez.

* ”Biharkoak zer dizun gorderik ez dakizunez, saia zaitez gaur zoriontsu izaten”. Gure gaurkoetariko zeregin bat da bidaiatzea.

 

Egon garen bi kanpinetako komunek ez dute estalkirik. Praktikoak italiarrak, zaila, lana ematen duena baita tapok txukun eta egoki mantentzea.

Alemaniar orok ez du ikasi pixa egin ondoren urari ematen. Agian ez die inporta aurrekoaren pixa horia aurkitzea.

 

Eguraldi aparta oparitu digu egunak.

 

Sorrento Lurmuturretik egin dugu lehen zatia. Ez digu eskaini ezer erakargarri edo ezberdinik Capri irla ez bada. Itsasgainetik egin dugu, itsas gain gainean, labar gainetik ia, baina itsasorik ikusi gabe, olibondoek tartetxo bat irekitzen digutenean ikusi ahal ditugu labarrak, amildegiak, kalatxoak, bazterreko zulotxo atseginak. Errepikatu egiten da paisaia baina ez du aspertzen. Olibondoa nagusitzen da. Mendi osoa da olibadi.

Dena da bihurgune.

 

Massa Lubrense. Ez digu ezer deigarri edo ezberdinik erakutsi, are gutxiago gelditzeko gogorik, baina herritxoon xarma du, mendian behera mailakatuta eliza duela gandor, portutxoa oin, itsas gainean. Okre kolorgetuak, horixkak, dira etxeak, arre ilunak, harrizko zikinduak... baina ukitu propio berezia dute herriok, aspaldikoak, urte luzeetan inork ukiturik egin ez dienak aurpegia apaintzeko bederen, agian hor datza herrion magia.

 

Lainoak hartua zuen tontorreria dena gora egin dugunean.

 

Capri. Ustekabean agertu zaigu irla famatua. Uste genuen baino bertarago, oso gertu. Bidaiari-ontziak doazkio etengabe, uneoro dago pare bat ontzi bi norabidetan. Haitz, labar, amildegi erraldoia da itsas bazterra, menditzarra barnea dena harri, ostean berdegunek nabarmentzen dira,  eta etxeak berdeguneak bilduta, etxe multzoa itsas kontran. Irla handi bat, turista aberatsek eta artistek zein abestiek eta propagandak famatua egin duten. Hala ikusi dugu largabistaz kontinentetik.

 

Gorantz egin dugunean bukatu dira olibondoak, batez ere intxaurrondoei lekua utziz. Beherantz egin dugu ondoren, jaitsiera pikoan, gure bidea zelakoan.

 

Marina del Cantone: hemen, itsasbazterrean, bukatu zaigu errepidea. Kala erakargarria da, potentziatu nahian dabiltza, zoru bikaineko zabala moldatu diote errepidea, eraikuntza berriekin ari dira gune atsegina eta erakargarria osatuz behean.

 

Urdin eta aparrez zuri dago itsasoa, olibadiz berde mendia.

 

Nerano, marinara bidean, goratxoago dago, agian herri arrantzalea ere izan zen, kala gainean baitago, baina gaur egun nekazaria behar du izan; halako kalexka konpondu bat ikusten zaio; herri tristea da, utzita dagoela dirudi. Edozein tokitan egin daiteke herri bat, baina lurrak, agian itsasoak ere, eskaintzen zituen aukeraz baliatuz jaso zen. Herri pobrea izan behar, premia handikoa, edo itxaropen eta iniziatiba handikoa, bizimodua aurrera ateratzeko hona etorri zena, edo etorri behar izan zuena. Maldan behera kolorgetutako herritxoa hau ere. Itsasoa aurrez-aurre eta gertu duen herri nekazaria.

 

Olibadietan, bilduta eta olibondoei lotuta daude, marra gorriak marraztuz, olibak batzen dituzteneko sareak, hurrengo uztan zabaltzeko prest.

Gure Matrikulako NA, napolitarren NA bera da, tamainaz, itxuraz, ia egituraz ere, zenbakiaren aurretik dute hizkia bertakoek, guk ondoren, baina oso erraz hartuko gaituzte bertakotzat.

Gora egiten du berriro errepideak. Akazia eta gaztainondoa nagusitzen dira, mahatsondo garaiak, baratzak...

 

Sant´Agata sui Due Golfi, egon ere Sorrento aldera eta Positano aldera begiratzen du, lurmuturreko alde bietako itsasoetara, behe behean kokatua, itsasoa alde bietara duela; une batez errepidetik bertatik ikusi ahal dira alde biak, luzaro ikusi ahal izango genituzke bi aldeok lainoagatik ez balitz.

Herri handia da, etxe handikoa, zaindua, turistentzat moldatua dirudi.

 

“Resurrecturi” dio hilerriko ateburuko legendak: egokia sinesten duenarentzat. Nik uste dut ez naizela hilko, beraz ez naiz piztuko, naturaren zati izaten jarraituko dut, aldatu egingo naiz formaz, naturak auskalo zertarako erabiliko dituen nire hondakinak.

 

 

AMALFI KOSTALDEA

 

Salermoraino luzatzen da 30-40 kilometrotan Amalfi kostaldea. Harriduraz harridura egin dugu ibilbide osoa, ahozabal “Zer da hau” elkarri esanaz. Postal baterako egindako marrazkiak dirudi herri bakoitzak, errepide zati bakoitzak.

Beherantz egin dugu, Salermo alderako isurialdera. Pinu enbor sendo luzekoak nagusitzen dira,  pinu maitagarriak dira bere buru zabal trinkoarekin, sendotasuna erakusten dute, bakan daude baina ez bakarti, sendo eta desafioz bezala, iraungo dutela deiadar eginez. Paisaia izugarri ederra; ez da lainorik behealdean. Bi irlatxo xarmant lurretik ez urruti. Eta Salermoraino ez dugu itsasorik galduko begi-bistatik.  Eta hemen hasi da errepidearen, amildegien, bihurguneen, autoen eta herrien festibal zoragarria. Neurriz kanpokoa erabat. Amildegi bertikaletako hormetan tailatuta doa errepidea, edo hormen gainean jarria, zintzilikatuta lez, itsas gainean harkaitzetatik zintzilikatuta, behatoki paregabea uneoro itsasora begira edo zeharkatzen ditugun herriei so. Salermo bertaraino. 40 bat kilometrotan. Etenik gabe. Erabat ikusgarri eta deigarriak dira herriak, mendian beheran, pikoan, mailaz-maila,  haitzetan zintzilikatuta edo maldan behera labainduz; itsasotik gora edo menditik behera, non hasi ziren lehen etxeak?. Itsasoaren sartune edo badia edo golkotxo oro da herritxo berri baten kokagunea.

Herriak ikusten dira goietan ere, goiko maldetan zintzilikatuta, eliza gailentzen zaie, irristaka behera bailetoz malda pikoetan. Herri argitsuak mendi ilunean.

Herri denok dira igandezaleen bisita-gune, herri oro dago autoz josia. Zapatua denez, erruz dabil igandezalea. Bazter guztia betetzen dute autoz. Edonon gelditzen dira, autoz mukuru dago herri inguruko errepide ertz oro, ez da ia lekurik, ia ezin gara gurutzatu ere.

Bihurgunea da errepide osoa, neurri eta arku neurri guztietako bihurguneak. Bere baitan kiribiltzen da errepidea mendipean eta itsasgainean, leku bila aurrera egiteko. Zenbait bihurgunetan ezin dira autobusa eta autoa gurutzatu,  hainbat maniobra egin behar da. Edonola eta edonon uzten du autoa zenbaitek... baina ez da nonbait istripurik gertatzen. Marra zuririk ez dago, baina berdin litzake balego ere. Nolanahi zaila da aurreratzea norabide bietan dabilen autoteriarekin, baina halaz ere saiatzen dira aurreratzen. Bihurgunetan adi egin behar duzu maniobra, ez baita tarte handirik gelditzen bi autoen artean. Hormak eurak maspilduta daude, hainbatek marruskatuta.

 

Positano,  hau izan da itsas kontrako lehen herria, bete-betean hartzen zuela eguzkiak, koloretsua, argia, alaia.

 

Gero bata bestearen ostetik, sarriak, datoz herri berriak, denak itsas gainean menditik zintzilikatuak, denak tarte txikienak erabiliz jasoak, denak jendez eta autoz mukuru. Dorrea eta kupula dute eliza gehienek, deigarriak dira, herri orotan gailen. Azulejozko koloretsu distiratsuak dira zenbait kupularen teilatuak. Han goietan ere, mendi gainetan, balkoi batean zintzilikatuta lez erakusten dute bere aurpegia hainbat herrik.

 

Amalfi. Herri zuria da, zurixka gutxienez, ez da okre, horixka, edo koloretsua. Badia zabal eta sakon baten babesean, nahiko portu handia du, moila luze batez gordea. Egituraz, guztiak bezalakoa. Gidaliburuak dio espainiar kutsuko herria dela, kolore zuriagatik, izan ere herri zuria da, nahiz ez den andaluziar herri distiratsua. Errepublika izandakoa da, zerga gaietan-eta askea zelako, bere gisa moldatzen zena. Independentea, ez zegoen nonbait Aznarrik  agintean. Zabalgunetxoa du itsas kontra, aparkalekuak ere bai, baita trafikoaren kaosa zuzentzeko borobilgunea eta polizia ere. Hogeitaka autobus dago aparkatuta. Igogailu bat ere bada itsasertzetik goiko kaleetara igotzeko. Jendea, autoa, motoa, autobusa... gainezka dago herria, dena da mugimendua, inurritegia bailitzan.

 

Ia itsasertzeraino jaitsi da, ohi denez, errepidea herrian, baina berehala egiten du gorantz, beti itsas gainean eta labar horman zintzilikatua. Getariatik Zarautzera antzo, mendia zulatuaz egiten du aurrera errepideak. Tarteka kala estu-estuak, haitzarteko pitzadura edo ebakian barrurantz sartzen delarik itsasoa. Hainbat baliatu da jatetxea bertan jartzeko edo txalupatxoa itsasoratzeko babesgune bezala.

 

Minori eta Maiori, bata bestearen jarraian, ez dakit bata bestea baino handiagoa denetz, baina Maiorik ordekatxo luze eta zabala du itsas kontra, parke arbolatsu eta ibilbide erakargarri bihurtuta; herri egina da.

 

Ravello. Nire huts batengatik ikusi gabe utzi dugun herritxoa. Izugarri xarmanta omen, baina nik ez nuen bart gidaliburuko plano berezia begiratu, nekatuta nengoelako eta berandu nenbilelako.

 

Vietri sul Mare. Salermo aurretxoan, badia barruan. Itsas gainean badago egon, eta zahartxoa ere bada izan.

 

Ugariak dira jatetxeak, igandezale asko dator hona. Zabaltza tentagarriak eskaintzen dituzte itsas gainean bazkaltzeko.

Errepide osoan argia, gasa edo auskalo ze demontre sartu berri duten, sartu berri, zoru berritua bera ere berritu ondoren zulatua baitago. Zulatu zuten erretena bete zuten, galipot-nahasduraz berdindu itxura eman ere bai azalari, baina koska dezentea geratu zaio eta autoa triki-traka amaigabean doa, errepide erditik baitoa adabakiaren koskatzarra, noiznahi duzu zapaldu beharra.

Asteguna izanen zen bidaia hau patxadan egiteko sasoia, gaur, baina, ikusi ahal izan dugu nola eta zenbat igandezale ateratzen eta ibiltzen den parajeotan.

Arreta bizia eskatzen du gidaritzak. Zoragaria litzake ibilbide hau astegunez, itsasgain-itsasgain, haizpez-haizpe. Aspertu ez baina azkenerako nekatu egin gaitu bere edertasunean ere errepideak. 3  ordutik gora behar izan ditugu etxetik irten dugunetik Salernora arteko 70 kilometroak osatzeko.

Limoiondoa da herri inguruetan lantzen den fruta-arbola, batez ere Amalfitik aurrera. Zapaldetan, mailaz-maila, gizakiak sortutako maila estuetan. Errepide ertzean eskaintzen dute limoia toldotxopeetan. Limoi erraldoiak dira deigarriak.

 

Salermo. Badia zabalaren alderik-alde, erraldoi eta luze, ikusi dugu itsasertzeko errepidetik, erraldoi eta zabal autobidera jaso gaituen zubi gainetik. Portu erraldoia da badia osoa, belaontzi eta ferryentzat portua du, baita zama-ontzientzat ere, zain baitaude bizpahiru ontzi itsas aurrean; hondoratu behar duela dirudi batek edukiontzien zamapean; harrizko hesi batek babesten du urezko tarte bat utziz badia kontrako parke eta ibilbidea, tarte horietan bada arrantza egiten duenik kanaberaz, baita uretan uher eginaz jolasten den mutikorik ere.

Izugarrizko zubitzarrak ditu, errepideak ahalbideratzeko. Zutaberi izugarria.

Luzea eta zabala da delako pasealekua, erosoa eta erakargarria, zuhaitzen itzalpean, edo ur kontra eguzkitan ibiltzeko. Atzerritarrek, gehienak beltzak eta sortaldeko bakarren bat, mahaitxoak edo lurreko zapian zabalduta era guztietako kinkila-gaiak eskaintzen dituzte salgai. Eskaintza dotoreagoa dago ertz batean.

Kale-artean eta beheko pasealekuaren paralelo, oinezkoen kale zabala, baina biluzia, gaur bederen, ez bakarrik jende guti dabilelako, edo dendak itxita  daudelako, erakusleihorik ia nabarmentzen ez delako baizik.

Kale-artean sarturik, Erdi Aroko akueduktua aurkitu dugu, garaia eta estua, bastoa, leundu edo zarpeatu gabea, bi norabide ezberdinetan ia elkar trabeskatuz, garaiera ezberdinetan.

Erdi Aroko alde zaharra ere aurkitu dugu: ez du ezer berezirik; kale nahiko zabalak dira, etxeak, aldiz, garaiak. Ate zabal handi arkudun asko dago, berdintsuak dira ia ate gehienak; patio erabat zabala, baina zatarra, erakusten dute. Aurki daiteke eraikin ederrik, denak ofizialak, zerbitzu publiko edo antzerakorako egokituak.

Kaleetan aurkitu dugu soinujole bat, denda-aurrez denda-aurre soinua joz eta txanponak jasoz, gaur eguneko eskale, gizajoa.

Duomo. Alde zaharrean. Ikustekoa. Sarreran patio edo klaustro karratu zabala: behean lau aldeetan arkuteria garaia, zutabe garaiak ez ezik arkuak ere garaiak dira, arabiar jitekoak; kapitel izugarri landuak, zizel-lan apartak, eusten dien zutabeen lodieragatik deigarriak, erabat meheak baitira, arkuekin kontraste bizia eginez; bigarren galeria bat arkuteria nagusiaren gainean, berezia hau ere arkuen formagatik baino gehiago halako jite erakargarria erakusten duelako. Arkuteria nagusiaren azpian, hilobi, estatua eta antzerakoak, marmolean egineko zizel-lan apartak eta ugariak. Elizara sarrerako atea ere brontzezko ate landu sekulakoa da; iturria freskotasuna emanez erdian. Granadako lehoien patioaren kutsua hartu diogu biok sarrerako patio honi.

Barrua oso handia da, alboko nabe bakoitza da bera soilik eliza bat. Zuri zuria, argia. Erori egin zen edo bota egin zuten eliza zaharra: hormetan geratzen dira zutabe, kapitel, arku, baita mosaiko hondarrak ere. Arkuen tamaina eta kokaguneagatik garbi igartzen da askoz txikiagoa, baxuagoa zela eliza zaharra, baina bera ere ez zen bertan beherakoa. Lehenik eta behin pulpituak azpimarratu behar, bi, bakoitza alde banatan parez-pare, bakoitza artelan bikainez oparo: zutabeak, kapitel zizelatu filigranaz osatuak, baina batez ere mosaikoak azalera osoki edertuz; tamaina aipatu behar, batez ere eskumakoarena, han kalonje denak egon zitezkeen eserita, bakoitza bere txandaren zain sermoigintzarako; bada zutabe bat, luzea, dena mosaikoz estalia, harri tailatuz bukatzen dena; pulpitura igoera bera ere artelan paregabea da batez ere edertzen duen mosaikoengatik; presbiteriora sarreran bada hirugarren pulpitua, handia izanik, beste bien ondoan txikia: veneziar gotzainen batek agindua, ze zutabeen oinetako lehoiek veneziar estiloa gogarazten dute. Presbiteriora sarreran alde bakoitzean marmol berdezko zutabetzarrak, auskalo ze betekizunerako, agian dotoretasunez soilik. Presbiterioko absidea eta ganga, erdiko aldarekoarena zein albokoenak mosaiko paregabeak dira, egin berriak edo garbitu berriak, brixt egiten baitute: iruditegi bikain koloretsua. Hormetan lehengo mosaikoen hondakinak, beraz horma guztiak zeuden mosaikoz gurutzaduran. Hormetan ageri dira lehengo fresko hondakinak, bikainak batzuk. Zur sendoko ederra da gurutzadurako ganga. Eliza guztian barreiatuta hilobi, hilkutxa, gizairudi... marmolezko zizel-lan apartak batzuk. Han dago ere Kristo etzan bat, ikustekoak ditu zauritzar gorriak. Bada barrez dagoen kaskezur marmolezko bat ere.

Kripta. Presbiterio azpi osoa hartzen du, zutabe baso bat da, dena kolore, dena gorrizka eta urre-kolore, dena figura, dena argitasun, bai hormak, bai zutabeak bai gangak; bi aldare erdi erdian, bata bestearen aurka bezala, batak besteari ostea erakutsiz, bi aldare gainetan brontzezko San Pedro eta San Paulo elkarri bizkarra emanez, aldareko santu. Estukoa, marmolean marmol inkrustatua,  eta urreztatutako figura ezberdinak. Sekulakoa da. Kanpotik ere badu sarrera. Konfesategi bitxi bat ere bada bertan: taula altu bat, erdian saretxoa duela.

 

Koadrilan eta harrozko dabiltza hemen ere motorzale igandezaleak, abiadura eta zarata dutela ezaugarri, Salermoko kaleetan ere.

Erabat loratuta daude magnoliak, hiri barruko etorbidean.

Zabor piloak daude kaleetan, zaborrontzi inguruetan. Asteburuan ez dute jasotzen, edo greba daude langileak.

 

Aholkurik eman behar banio norbaiti gaurko ibilbideari buruz, hau litzake: utzi Sorrento lurmuturreko bira, Capri irlaren ikusminik ez badu behintzat, zuzenean jo Amalfiko itsasertzera, Ravello ahaztu gabe.

 

Ez da itogarria Ingalaterran bezala, baina presente dago ejertzitoa hemen ere, gerra hegazkin burrunbatsua, jeep bat, gaur garabi-kamioia eta gurutze-gorri kakia izan ditugu errepidean gurekin.

 

Autobiak berak ere zintzilikatua doan bihozkada ematen du Salermo gainetik pasatzean.

 

Scafati:  hiru solairuko lerden lerdena da herriko eliza dorrea, apaindua: aurrez-aurre, distantzia handira du gurutzadurako bobeda borobila, beraz gutxienez eliza handia da;  autobide onduan belarrezko tontortxo baten gainean eliza modernoa, formaz deigarria, nahiz zementuz erabat belztu eta zikinduta dagoen: hiru triangelu dira, ipurdian zabal, puntetan elkartzen dira, punta bakoitzak gurutzetxoa du. Zatartuta arren deigarria.

 

Napoliko golko aurrean geratu gara: golko zabala, zabalera osoa da etxe, Napoli erraldoia. Urrutira ikuskizun aparta eskaintzen du, baretu egiten du norbera ikuskizunak, nahiz Napoli bera erotzekoa omen den.

Meta aurrean ere geratu gara, itsaslabarren eta itsasbazterraz gozatzeko.

Meta sarreran ume piloa eliza aurrean bakoitza arrosa bat eskuan daramala. Larunbata izaki, Maiatza, “con flores a Maria” izanen zen. Oraindik ere!.

Lau kilometro eta erdi luzatzen da errepidea Meta herri barruan, eta hiru bat Sorrenton.  Nahiko lasai zeharkatu ditugu gaur kaleok.

 

144 kilometro, itsasgainean mendian zintzilikatuta, bihurgunez bihurgune.

 

Kanpai hotsak bete du inguruko airea arratseko 7etan.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

“Izerditan eta krematan egosirik beltzarantzen”. Oporretako aukera bat da beltzarantzea, guk nahiago dugu bidaiatu.

BIDAIA KRONIKAK - ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/02/06 10:15
FRANTZIA. Montrejeur, Karkasona, Narbona, Nimes, Niza. ITALIA: LIGURIA. TOSCANA: Carrara, Pisa, Livorno, Roseto, LAZIO: Erroma, TIRRENO ITSASOA: Formio.

Lurraldeak eta hiriak

* FRANTZIA. Montrejeur, Karkasona, Narbona, Nimes, Niza.

* ITALIA: LIGURIA. TOSCANA: Carrara, Pisa, Livorno, Roseto,  LAZIO: Erroma,  TIRRENO ITSASOA: Formio.

* Itri, Fondi, Monte San Biagio, Terracina, Sporlonga, Gaeta.

* Ausonia, Montecassino, Arce, Santopadre, Ceprano, Pico, Itri.

* CAMPANIA. Meta, Sorrento, Massa Lubrense, Capri, Marina del Cantone, Nerano, Sant´Agata sul Due Golfi.

* AMALFI KOSTALDEA. Positano, Amalfi, Minori, Maiori, Ravello, Vietri sul Mare, Salermo, Scafati.

* Capua, Caserta, Santa Maria Capua Vetere, Caserta Vechia, Benebento,  Napoli, Ponpeia, Herculano,

* CALABRIA. Torano, Sta. Eufemia golkoa, Nocera Marina, Campora, S.Giovani, Amantea, S.Lúcido, Paola, Guardia Piamontese, Cosensa.

* IPAR CALABRIA. Colosimi, Arvo lakua, Lorica, San Jiovani in Fiore, Camigliatello.

* Catanzaro, Tiriolo, S. Pietro Apostolo, Soveira Mannelli, Plantania, Nicastro.

* Monterroso / San Nikola da Crisa, Serra da Bruno,  Stilo, Monasterace.

* N. Sra. De Monserrato, S. Onofrio, Pizzo, S. Eufemia golkoa, Gioia Tauro, Rosarno, Palmi. 

* Bagnara Calabra, Scilla, Mesina itsasartea, Villa S. Giovani, Regio di Calabria.

* SICILIA: MESSINA. Santa Maria de la Scala, Acireale, Palazzo da Cita, Belvedere, Giarte.

* CATANIA.Giardini-Naxos, Taormina, Letojanez, Forza d´Argo, Aci Trezzato, Aci Castelo, Catania, Aci Catena, Aci Antonio.

* SIRACUSA. Siracusa, Linguaglosa, Nicolosi, Zaffrerana Etnea, Milo, Etna.

* Enna, Caltanisseta, Canicati, Agrigento,  Tenpluen bailara.

* Selicinte, Castellammare d. Golfe, Voto lo Capo, Segesta, Napula, Erice, Trapani, Marsala, Salemi, Vita, Trapeto, Balestrate.

* Palermo, Alcamo, Partiniko, Piopo, Monreale, Cefalli, S. Estefano de Camastra.

* BASILICATA. Sibari, PUGLIA. Tarento badia, Leporano, Manduria, Sava, S. Giorgio Ionico, Tarento,

* Massafra, Castellaneta,  BASILIKATa, Matera, Leporano. PUGLIA. Ceglie, Messapica, Ostumi, Trulli, Martina Franca, Alborobello, Fasano.

* Santa Cesarea Terme, Porto Balisco, Otranto, Porto Miggiano, Roca vechia, San Roca, Lecce, Galatina, Castro, Luca, Gallipoli, Parabita, Brindisi.

* Monopoli, S.Giorgio, Bari, Polignano a Mare, Castellana Grotte, Alberobello, Barleta, Trani, Bisceglie, Molfeta, Giovinazzo, Bitondo, Ruvo di Puglia, Cerignola.

* Mafredonia, Santa Maria de Sipondo, Lucera, Troia, Monte S. Angelo, Foresta Umbra, Peschini, Manacore, Vieste, Matinata, S. Severo.

* MOLISE. ABRUZZO. San Vito Chietino. Chieti, Campo Imperatore, Fonte Cerreto, Isola, Lanciano, Guardiagrele, Maiela Mediak, Cazoli, Maiela estrata, Forchueta, Lama di Peligni, Piano Cinquemiglia, Pesco Costanzo, Sulmonta, Vasto.

* LAZIO. Orvieto, UMBRIA. TOSCANA, Figline Valdarno, Valdarno, Firenze.

 

 

 

Maiatzaren 5a.  Igandea.  1.a

 

Goiz loratu eta berdetu da aurten udaberria. Basoak orriz oparo eta zelaiak belarrez trinko utzi ditugu. Fruta-arbolak lorez zuri ikusi ahal izan ditugu. Bi aldiz entzun dugu kukua. Ozen izan dugu belarrietan txori kanta gure ibilietan. Gure bi hilabetetako ibilbidera irten aurretik bizi izan dugu beraz aurten udaberria. Lurralde lehorretara goazenez kontrastez gordeko dugun gure herriko irudia. Halaz ere negu giroan alde egiten dugu, etengabeak dira zaparradak, sarkorra hotza, elurrez zuri daude Beriain eta Andia mendilerroaren gandorrak.

Maiatza zut uzten dugu Andiako haitz erpinean, Italian halakorik ote den galdera piztuz, Alemanian, Austrian, Txekian... aurkitu izan ditugun lez.

Aldatu berria dut taupada -neurgailua, bularrean zauria dudala noa baina segurtasunez.

Behe-lainoak hartzen du dena, eguraldi umela, ia bustia. Baina jasotzen doa, ikusgarri polita uzten dugu sakana, behe-laino geruza behean, lainopean oraindik goiak, eguraldi ederra oparituko digula aginduz. Goiz zoragarria dugu Irurtzunen, lainoak jaso du, urdin dugu zerua. Aralarrek elurtua darrai Txindoki Mailoen aldetik.

 

Landu harrotuak daude lurrak Landak lurraldean, ezer erein edo erne gabe Hegoan: zer ereiten dute sasoi guretzat hain beranduan?. Alanbre-sareko artaburu biltegiak, oraindik betea batzuk. Paraje polita Landetako inguru hauetakoa: basoz berde mendiak, lur-landu kolorekoa lautada, kontraste erakargarria. Bidaiako suspergarrietariko bat da Garona ibaia hainbat aldiz zeharkatzea. Nekazal etxeak ez dira inola ere distiratsuak, kulturaz edo ekonomiaren ezinez.

Pirinio elurtuek marrazten dute zuriz zeru-marra alderik alde.

Errepideen egoera bada bi herrien ekonomia maila zenbatzeko neurgailua, Frantziako errepideon zoruak alde handiz egiten du Frantziaren alde Euskal Herria eta bien artean, leun doa gure etxatoia bideotan.

Erregaia hartzera geratu, hots ezohikoa entzun eta jabetu gara krokadura hondatua dagoela, ia lurrean baitago erremolkearen ardatza. Garajea bilatu galdetuz, deitu dugu, garabia etorri da, berak eraman du etxatoia, atzetik joan gatzaizkio, garaje alboko plaza batean utzi gaitu, bihar goizera arte. Konponduko omen digute arazoa heldugailu berri bat jarriz.

 

Montrejeur, matxurak utzi gaituen herria, 100 bat kilometro falta zaizkigu Toulouserako.

Herria ezagutzera joan gara. Inguru erakargarrian kokatua, gaintxo batean; behean Rodano ibaia doa zabal eta eder, itzulinguruka, S erraldoia egiten du presak zubipean zubiaren branka da bihurgunearen erdigunea. Pirinioetako tontorreria elurtua urrutira, lautada berde oparoa tartean. Bada behatoki den parketxoa herriko muturrean. Hiribildua izana seguruenik, hiru kale paralelok osatzen du goiko herri zatia, badira harresiak izan zitezkeen hormatzarrak. Erdiko kalea da zainduena, kale nagusia izatez izenez, funtzionalki ere; arkupedun etxeek osatzen duten plaza bat, eta udaletxeak eta elizak mugatzen duten bigarren bat, herri muturrean hirugarrena, zementuzko kiosko erraldoiak estalita. Bigarren begiratokia aurrekoaren beste ertzean, nondik lakua ikusten den. Lakura ere jaitsi gara: inguru zaindua du, egonleku bikaina herriko jendearentzat. Eliza da herriko eraikin nagusia, dorre hexagonal sendoa du, itxura gotor eta ezberdinekoa; leiho gotikoek erakusten dute geroztikoa dela; harri biziak utzi dizkiote barrutik elizari, santu-irudi tzarrek argi erakusten dute bazela erretaula gutxienez handia; horman utzi dituzten fresko zatitxoek erakusten dute ere garai batean freskoz dotoretuak zeudela hormok. Bada taila ederrik, baita XV. gizaldiko hondakin gozagarririk ere.

Bozketa eguna gaur, Chirac edo Le Pen  eskuindar amorratuen artean aukeratu behar dute frantsesek; badoa jendea boza ematera.

Kirol zerbitzu ugari dago laku inguruko lautadan, tartean errugbi-zelaia, ingurua autoz eta harmailak jendez, mukuru bete da jolas esparrua.

 

Irakurtzeko astia geratu zaigu gaur.

 

342 kilometro, matxurak mugatutakoak.

 

“Mexikotik barrena”. Gurutz Garmendia:

“Bizia bizitzeko zegoela, eta ez bakarrik lan egiteko. Neurriz egin behar zela lan, ezinbestean baino ez, egunean lauzpabost ordu. Gelditzen ziren orduak disfrutatzeko ziela”.  Bidaiariak badu bidaia betebehar bezala erabiltzeko arriskua. Ibilia bera eta bazterrak zein artelan edo pertsonak ezagutzeko helburua jartzea, bidaiaren esklabo bihurtzea alegia, bizitzaz disfrutatzea ez izatea bidaiaren helburu nagusia. Guri gertatu izan zaigu hori, programa bete beharra, dena ikusi nahia. Bizitzaz disfrutatzea behar du izan bidaiaren helburu nagusia, bidaiaz gozatzea, bestela lana bera bezain aspergarri eta nekagarri bihurtu daiteke bidaia.

 

 

Maiatzaren 6a.  Astelehena.  2.a-F:2.a

 

“Bisean bis berbetan”. Hainbat presoren lanak:

Mikel del Hoyo:

“Kartzelak usainak hiltzen ditu, beraiekin akabatzen du”. Baita usain berriak esnatu ere. Mila xehetasunek harrotzen dizkigu presoen oroimena, beraien usaina.

“Askatasunaren usain gozoz dastatuz”: Bidaiatzea da askatasunaren usainetako bat.

Itziar Castrillo:

“zu, ni eta milaka begi, / Euskal Herri”. Ia ezinezkoa da nongoak garen galdetzean, nortzuk garen azaltzea, beste galaxia bat baita gurea, oinarrizko eskubideez ari garen arren.

Benala:

“... yerma de tanto luchar / de dar frutos al sol, / que más tarde caerán, / por llevar la esperanza de un pueblo, / en su savia escondida”. Gu gabiltzan herriotan ze itxaropen, ze izerdi gordea ote geroko uztaren itxaropen.

 

Iratzargailuarekin esnatu gara, ezin diogu huts egin garajeko ireki-orduari. 12etarako konpondu digute. Ia zuzentzen zaigun hankoker hasi dugun bidaia. Aldatu digute euskailua, ez nahi genuena, behin betirako bertan izango dugun buztantxo finkoa jarri digute, aldatu-kentzekorik ez omen biltegian. 70 mila pezetako galera izan da gure matxuraren gorabehera.

Saltoki aurreko aparkalekua den herriko plaza batean egin dugu lo, leku bakarti baketsua, garajetik bertan. Herritik ibili gara autoa bahitua izan dugun orduetan. Astelehena da eta bizi-bizi dago herria, autoz gainezka aparkaleku eta kaleak, eroslez mukuru kaleak eta plaza. Herri-giro lasaigarri eta atsegina. Inguruko baserritarrak bere salgaiekin, inguruko eta herriko jendea erosketetan, kontu-kontari, elkarrekin asteroko elkargunea dirudi askorentzat merkatu eguna. Ohizkoa da giroa, ohizkoak salgaiak ere, baina bizpahiruk xehetasun izan zaizkigu deigarri: animaliak ere saltzen dituzte baserritarrek plazan;  lehengo erara: kartoi baten gainean edo etxean eginiko kaioletan gordetako untxi, oilo, oilasko eta indioilarrak; gaztan dago aukera oparoa, bertakoek eginiko gaztak, itxura, zapore eta tamaina guztietakoak; baita etxean egositako erremolatxa gorriak ere. Ugaria zen lora eskaintza, Maiatza izaki.

Udaletxeko atarian irakurri dugu herriko gehiengoak eman zuela boza atzo, %80tik gora Chirac-i. Egunkarietan irakurri dugu antzerako emaitzak izan direla Frantzia osoan. Biak ere eskuindar biziak, baina porrokatuenak galdu du. Nolanahi eskuindar zital bat egonen da agintean.

Pipitan daude gereziondoak herri honetan. Gureetan loratuta ikusi berri ditugu-eta!.

Garona ibaia zeharkatu dugu gaur hainbat aldiz, dotore eta zabal, ibai ederra da.

Bidaiak ez digu ezer berezirik eskaini. Ezagunak zaizkigu lurraldeok. Gustukoak ditut lautada zabal berdeok. Zuziri espaziala dirudi eliza batek, dorre luze zorrotza alboko kuboekin. Askaziak eta otaloreak nabarmentzen dira denean, batez ere autobide inguruetan, zuri batzuk, hori besteak. Ahaztua genuen: mahats lurraldea da Karkasona. Xarmant liluragarria Karkasona hiribildua, lagun atseginak Narbona aurretxoko gerrariak, itsasora begira Mediterraneoa lehen aldiz ikuskatzen dugunean. Narbonako eliza ikusgarria, gotiko horixka, urrutitik begien jostailu,  bihotzaren gozamen. Nimesko etxe-bloke erraldoiak, zuriak arren zatarrak. Ahaztuak genituen Arleseko arroz sailak.

Ikusi egin dugu itsasoa Narbona aurrean, usaindu soilik egiten dugu ondoren. Soildu dira mendiak, agertu dira pinu buru-zapalak.

Caseta hondatu zaigu. Hankoker diraugu beraz, egunero matxuraren bat.

Cannes-en gelditu gara, Italiara aurretik, geldiune erosoagoak direlako Frantziako gasolindegi guneak. Kosta zaigu lekua aurkitzea, denok ere zulotxoa noiz egingo zain egon ondoren; Sevilla eta Murtziako gidariekin izan dugu solasaldi arina. Kritikak ere egiten dituzte, badira kritikoak, baina nolabait onartzen dute amerikarren bengantza Afganistanen: erroak botatzen ditu Bind Ladenen aurkako propagandak. Batek esan du, “eta zergatik ez lehenengotik bonba horietako bat bota eta kitto!”, herriaren kontrako erasoa oraindik ere latzagoa zitekeela ez da jabetu ere egiten. Oso xumea da herria, eztabaidarik eta irakurtzeko joerarik ez badu, edo ematen zaion zer ofizial hori besterik entzun eta irakurtzen ez badu.

 

633 Kilometro, Italiako mugetarainokoak

 

 

Maiatzaren 7a. Asteartea.  3.a-I:1.a

 

“Bisean bis berbetan”. Hainbat presoen lanak.

Mitxelko Uranga:

* “hemen nago, iluntasun honetan. /  Hotzak nere hezurrak pinuratzen ditu, eta beldurrak nere gorputza”. Berogailua  atera behar izan dugu egun ilun euritsu honetan.

* “Zure kateekin suntsitu nazakezu / baina ez dago / nere sentimenduak desagerraraziko duen / katerik”. Ezta bidaiarik ere.

* “Eromena / nere gorputzean bizi den paradisu bat da!”. Bidaiatzea sarri dira eromena eta paradisu, bi egoerak ohi dira batera.

 

Egun aparta argitu zaigu

Kamioi motor hotzez bildurik egin dugu lo, batez ere goizaldera, gauez nekeak ez baitigu beste ezertaz jabetzeko aukerarik eman.

Zenbait kamioilarik kamioi ostean egiten du pisa, galipotezko lur zoroan, horrela dago zikin,  eguzki orduetan kiratsu seguruenik. Komuna 10 metrotara izan arren. Bagara alperrak edo zikinak, edo besteek ardura ez digutenak.

Alpeak zuri eta eder ikusten ditugu, barrena patxadatuz.

 

Nizak, autoz lepo ditu errepideko norabide bakoitzeko hiru bideak edozein egun eta edozein ordutan, etxez lepo inguruko mendi malda eta hegiak.

 

 

ITALIA

 

LIGURIA

 300 kilometrotan, Frantziatik bertatik hasita, tunela eta zubia, berrikuntza edo konponketa lanak takian-potian autobidean  bertan, ia etenik gabe, gure norabideko bide biak bakarrera mugatuz edo bi norabideak alde berdinean bilduz. Oraingoan bai, segurtasun neurriak hartzen dituzte,  plastikozko konotxo gorriak jartzen dituzte kilometrotan. Mendiak nagusi, ohi denez, Ligurian, dena da baso, berde joriak daude udaberrian.

Malda pikeetan itsatsita daude etxeak, erabat sakabanatuta, Genoatik Savonara bitartean batez ere, baina baita beste hainbat mendiartean ere. Erlauntzi erraldoiak basoerdian bailira. Ez da lur landurik inguruan, agian baratzaren bat, zuhaitzez inguratuta, batzuk erabat urruti, goietan, errepiderik ere antzematen ez zaiela, bakardade absolutuan, mundua oinetan dutela. Olibondoak dira behe inguruetako maldak, orriek erakusten dutenez, baina txanka meheak dira, luzexkak, urritxaren bikiak bailira. Eliza-dorreak denak dira karratu luzeak.

Hainbat herri eta etxe dakusagu autobidetik, bizkor eta beraiengandik urruti goaz, isolatuta lez, hesi batek mugatuta, lotuta lez, autobidean. Hor behean, aldiz, zulootako herrietan eta goietako etxe sakabanatuetan edo hegietako herri koloretsu italiarretan mundu oso bat dago.

Haize izugarri bortitza izan dugu Ligurian zehar, Genoa pasa arte. Nolako astinduak erremolkeari, ez zen giro zubi luze garaiotan.

Carraran bukatu zaigu Liguria; La Especian, aldiz, bukatu dira bihurguneak.

 

 

TOSCANA

Zabaldu egiten da lurraldea. Lautada berdeak, urrutiko mendiek mugatzen dute zerua. Lurralde uhindua, mendi-muino leun denak dira gari-sail, dena da gorabehera leun berdea; lauan zein mendi-muino hegietan, bakan edo lerro luzeetan, zipresak, berde ilun gotiko  zerurantz luzeak paisaia leunari  goranzko bidea erakutsiz. Oso nekazal etxe gutxi, ia ez da herririk ere nabari.

Autobide berriak amaierarik gabeko zementuzko zutabe baxuko ilara gainean zeharkatzen ditu lautadak, kilometro eta kilometroetan, ez dakigu garaiera gordetzeagatik ala beheko lur landuak ez murrizteagatik, agian lautada bitan ez zatitzeagatik, baina zirraragarria da nola zementuzko ganibet grixkara erraldoiak ebakitzen duen bitan lautada berdea.

Alpe Paduarrak agertu zaizkigu Iparraldean, mendizerra garai erraldoiak, elurtuak daude tontorrak, une batez ez dakigu osteko laino zuriak tontor elurtuen luzapenak ote diren ere. Izugarri erakargarria da ikuspegia, bai lautada berdea, bai ostea ere, Anboto edo Aizkorri erraldoituak iduri. Carrara aldean harrobi zuri ugariek elurtu itxura ematen die harkaitz tzarroi; Livornotik, urrutitik, deigarriak dira maldetako zuriuneok; ortzia ebakiko bailu, paleolitoko gizonaren harrizko labana erraldoia dirudi mendizerrak. Pisako dorreak okertuta darrai, ez dute erabat zuzendu, bestela akabo negoziorako erakargarritasuna; Bataiategiaren eta Duomoren kupulak ere han dakusagu, urrutian arren erraldoi, mirakulua lautada erdian, ikuskizun paregabea.

Arno Ibaia zeharkatu dugu, Florentziatik dut gogoan, han izan genuen ezustea ibaia bera eta ibai gaineko zubi aparta. Zabal eta indartsu doa. Alboetan sare karratu erraldoi batzuk daude zintzilikatuta, erreskadan, hainbat: arrantz-sareak seguruenik, hondatzen dituzte eta arrainekin atera.

Livornoko argindar zentralen tximiniek eta burdinazko tantaitzarrek haginka egiten diote naturari, autobideko zutaberiarekin batera. Agian haginkada osatu. Baina barne astindua sentitzen duzu; zein bortizki eragin diogun naturari. Lautada amaiezinen erdian dago Livorno, itsasoa aurrean,  lur zabal amaigabearen ostean. Gari-sailak.

Atzo ere izan genuen, gaur berriro, mendiari eginiko haginkada beldurgarria, zauri gorrizka mendi berdean, harrobi izugarri handia, zauri gorri odoltsua bailitzan.

Laua da Toscana, mendi-muino leunak ditu, mendi goiak urruti. Urreratuz, basoak dira mendiok. Dena dago berde, dena da gari.

Mendiaren txapela dirudi menditxo baten tontorreko herritxoak, hain berdin eta osoki betetzen du gaina.

Rosseto: herri handia dirudi

Pinu buruzabal handiak, handitasunak eta sendotasunak egiten ditu bereziak, hain dira buruhandi.

 

LAZIO

Ez da asko aldatzen lurraldea. Itsasertzetik goaz baina ez dugu ia itsasorik ikusten. Nabari ere ez Grosseto inguruko kanpin metaketarengatik ez balitz: hainbat eta hainbat kanpin, jarraian, kilometrotan, herri osoa dira bakoitza.

Bi bide dituzte ia errepide gehienek, bi norabidean, baina zoru txarra dute tarte askotan. Betikoa eta denekoa Italian ere: zerbitzu publikoa askoz ere txarragoa da negozio pribatuena baino. Dirua egiteak bultzatzen du zerbitzu egokiak eskaintzera, baina politikariak ez ditu zirikatzen delako zerbitzu publiko erosoa esleitzearen grinak.

Horituta daude galsoroa zabalak lurralde batean.

Intxusa ere dager etxe inguruetan. Etxe bakan batzuk lautadan, mahasti batzuk... ez du aparteko erakargarritasunik.

Sarria da errepideko polizia, sarriak ere kamerak.

Izan da ijito kanpamendua ere, herri oso bat da, nahiko finkatua dirudi, baina etxatoiak dira bizitokiak, txabola edo etxetxoen ordez.

Hiribildu berezia tontor batean, amildegiak ditu babesgune berezkoa,  harresiak dira, aldiz, gizakiak eginiko babesa.

Itsasoa izan dugu ikuskizun Civitavechiatik aurrera, logurak haizatu eta bidaiari ikuskizun berria emanez.

Altuak dira mahastiak, gerria behartu gabe mahatsa jasotzeko asmatuak ote?. Praktikoak dira italiarrak.

Fiumichinoko aireportura minutu oro jaisten da hegazkin bat, aurrez-aurre izan ditugu hainbat.

Erroma inguratzen duen errepide-eraztuna ere osatu dugu, oso mantso, trinkoa baita zirkulazioa, izugarria da sartu-irtena.

Aldatu egiten da paisaia Lazio Hegorantz, mendixkak ez dira leunak, mendi-zulo sakonak dituzte, lurra ez dago landua, zuhaitzek hartzen diote lekua gariari. Artalde bakarren bat ere ikusi dugu. Nekazal etxe gehiago ageri da. Mendiak ageri dira inguru osoan, gero eta gertuago, baina ez kare-harrizko mendi eta harkaitzak, buru borobileko mendi mortuak baizik, belar latzez estaliak, zikin plantakoak.

Erle ikurra tarteka. Erle lekua ote ba hau?

Montecasinoko Abadia: erraldoi, izugarri handia dager kare-harrizko mendi tontorra osoki hartuz. Zuri,  berri itxuran. 

Casinoko irteeran kristalez blindatuta dute kobratzailearen leihatila, zirrikitu batetik pasa behar dituzu txartela eta dirua. Beldurra ere sartzen du, ze lurraldera etorri gara?. Lapurroi lapurtzea, bale, baina denok ote gara arriskua?.

Eta  honenbestez heldu gara gure gaurko azkenera. Hiru ordu egin dugu kanpina aurkitzen, luze egin zaigu. Casinokoa erraz aurkitu dugu, baina itxita zegoen. Formian bukatu dugu, ilunduta, aurkituko genuen itxaropena ere ia galduta, galdetu hemen eta galdetu han, bertan baina agertzen ez, gure tramankuluarekin kale estuetan, auto artean,  gidari ipurterreek  erasota, aurkitu dugu azkenean, baina hau ere itxita; hirugarren baten bila, lehen ere kale egina dugu oso erosoa zitekeena baina nondik jo aurkitu ez dioguna... Aurkitu dugu bat azkenik. Agureak inposatu digu non eta nola kokatu, zuhaitz artean, borondate onenarekin seguru aski, baina gure nahierara eta ohiturak behartuz, baina azkenean argia dugu, leku lasaia ere bai.

Gure kalearte eta kostaldeko bila-ibilian Napoliko badia ikusi ahal izan dugu, badia zabala, Napoliren aurrez-aurre Gaetako badiatxoa, Gaeta herria bera ere, lurmuturtxoan kokatua: itxura atsegina du. Formiak ostera ez du inolako erakargarritasunik, itsasoa eta hondartza ez bada. Inguruko lurraldea, aldiz, ezatsegina da, mendi-muino sendoak, mortuak, biluziak, gotorrak, sugandilen bizitoki, badiak eta inguruko ikuspegiak erakarriko du gehienez norbait.

 

Bidelapur modernoak aipatu behar: euro eta kontaketa luzeko kontaezin txartel piloa batu zaizkigu bidean. Eta hemen ez dago isileko kontrabiderik.

 

Formio, Tirreno Itsasoko hondartza baten kontra. Izugarri zabala da kanpalekua. Badirudi jauntxoren baten parkea izandakoa dela. Bakarrik gaude, guretzat da arboladi eta belardi osoa, baita itsasoko ikuskizuna ere. Parketxo batean eraikitako txaletxoa dirudi gure etxatoiak.

 

901 kilometro, Italiako Hegoan kokatu gaituztenak.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

“Guk denok laguntzen dugu, ze berak mundu guztia lagundu du beti”. Kanpinetan asko praktikatzen den filosofia, ze denok behar izan dugu noizbait norbaiten laguntza, horregatik gaude beti prest laguntzeko.

LIBURUAK 8

Jon Etxabe 2023/01/30 10:05
Petare. Leire Ibarguren. / Sekula ez lioke euli bati hegalik kenduko. Slavenka Draculiç / Teresaren mendekua. Xan Idiart. / Todo modo. Leonardo Sciascia. / Walt Whitman. Poema liburua. / Zer da, ba, maitasuna?. Miren Agur Meabe

Petare. Miren Egigurenen puskak. L eire Ibarguren

Petare Caracasko auzo txiroetako bat da, bertan lan egin zuen emakume euskalduna Miren.

Miren Bidaniako baserri batekoa, 3 urte egin zituen indioekin misiolari Guajiran, Kolonbia eta Venezuela arteko eremuan; 46 urte Petare, Venezuelako auzo txiroan, giro bortitzean, laguntzaile, boluntario gisa gizarteko lanetan, bere kasa. Egoera erabat okertu zitzaion auzoan, arrisku bizian aurkitu zen, osasunez larri… Gipuzkoara itzuli zen. Joan den gizaldian hasi zen istorioa, oraintsu bukatu da.

Nortasun handiko emakumea, askea, ekintzailea, hegada librekoa.

Bizimolde, egoera, erabaki eta ekintza ezberdin bitxiak, berezi deigarriak, kontatzen dira bai Guajirako bai Petareko kontakizun eta oroitzapenetan.

Bi eremuotako arazoak ezagutzeko iturri berri baten kanila zabaltzen da, herri, egoera eta ekimen ezberdinen erakusleihoa.

Guajirako gorabeherak indioen bizimolde eta bizi-baldintzak, gerrillariak… hainbat gertakizun berezi: mojak droga saltzen herrirako argindarra lortzeko…

Petare eta inguruko auzoen egoera medioetatik nahiko ezaguna arren, liburuak zehatzago ezagutzeko testigantza zuzeneko aukera eskaintzen du: bizimaila, pobrezia, bortizkeria, politikoen utzikeria, elizaren presentzia, eragina eta kontraesanak, jokabide interesatuak, Euskal Herriarekin harremana, politika: Hugo Chavez-Maduro…

Inozoak ere dirudite zenbait kontakizunek baina sekulako oinarriko lan zaila, latza, astuna, iraunkorra… dago azpian.

10 atal ditu liburuak: sarrera bat du atal bakoitzak, elkarrizketaren emaitza ondoren: 10 bisita egiten dizkio idazleak Mireni, idatzitako letraz jarriko ditu idazleak grabatutako hitzak, bere kabuz kontatzen ditu baina entzuten ari denaren giroa sortaraziz.

Errepikakor bizipena sortarazten du nahiz kapitulu bakoitzean gai ezberdinez ari, agian kontakizun estilo beti bera delako liburu osoan, pertsona batean zentratuegia dagoelako agian,  baina beti dira gordinak, zirraragarriak, kontakizunok.

Dena hain zentratuta beti pertsonaia nagusian, leundu bezala egiten dira beste arazo gordinak, ekintzok indarra galduko bailute, kontakizun pertsonalegiaren bizipena uzten du.    

Idazkera xumea du, zuzena, ez da literatura jantzian aritzeko ahaleginik nabaritzen, baditu ukitu deigarriak, ez da esaldi korapilatsuetan nahasten, hiztegi egunerokoa darabil…

Noka tartekatzen du.

Gizarte ezberdinak bertatikago ezagutzeko aukera.

 

Sekula ez lioke euli bati hegalik kenduko. Slavenka Draculiç

Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren epaiketan ikusi eta entzundakoen  oroitzapenak eta Jugoslaviako gerrari eta bertako zenbait pertsonaiei, batez ere hiru buruzagiri buruzko gogoeta eta iritzi garratzak.

Ikusle izan zen idazlea epaiketan, bertan bizitakotik abiatzen ditu kontakizunok.

Serbiarrek Jugoslaviako gerran, batez ere Bosnian, egindako gehiegikeriez ari da, musulmanen aurkako genozidioa da gai nagusia.

Ezagunak zaigun historiaren inguruan dabil, baina hurbiletik, biziki biziarazten dizkigu hainbat zertzelada ikaragarri: Sarajevo, Srevrenica... zenbait hilketa eta pertsonaion izaera.

Goitikako begirada orokor batez begiratzen du gatazka, arazo eta gertakizun zehatz krudelak zehaztuz, goragoko maila batean hausnartzera zaramatza kontaketa bakoitzak.

Gerra hartako pertsonaia militar nagusiei eskaintzen die kapitulu bana, kapitulu oso bat eskaintzen dio Milosevic-ren emazteari.

Nola bizi ziren elkarrekin armonian Europako kartzelan ez askoz lehenago elkarren aurka ezin bortitzago aritutako genozida buruzagi kondenatuak, bakoitza herrialde eta etnia ezberdinekoa.

Izugarrizko garraztasunez biltzen ditu gertakari tragikoak, sarraskiak, genozidioa…

Logikaz ateratako ondorioak dira errealtzat ematen dituen egoera edo jokaera batzuk.

Serbiarrez ari da batez ere, nagusiki behintzat, tarteka eginen du beste herrialde batzuetako buruzagi ezberdinen aipamena.

Zenbait gai: emakumeen bortxaketa herri musulmana menderatzeko tresna bat izan zen, herrialdeetako egitura politikoa, gizarte aniztasuna, egitura geografikoa,  kulturaren zenbait ezaugarri, nola sortzen da gorrotoa, herriaren erantzukizuna genozidio batean...

Ez da fikzioa, baina biziki kontatuta dago dena literatura jitean bilduta.

Gertakizunak kontatzeko era propio bat erakusten du.

Literatura-lan bezala ez du ekarpen berezirik.

Euskal Herrian bizi izan dugun eta bizi dugun hainbat egoerari buruz hausnarketa eragiten du.

 

Teresaren mendekua. Xan Idiart

14 ipuin edo kontakizun.

Egoera bereziak dira, ez beti ongi bilbatuak, irudimena du idazleak.

Eduki ezberdin asko, baina ez zaizkizu ainguratzen, labain doaz, joanak dira esanahiok ipuina bukatzean.

Idazkera jantzia egin nahi du, literatura; bere ekarpena egin nahi diola literaturari dirudi, aditz trinkoa erabiliz, hitz elkartuekin, esamolde landuekin…, agian horregatik idazkera zurruna da, hotzegia, aditz trinkoaren erabilerak ere sentipen hori sortarazten du, ez duzu sentitzen tximeletaren hegaldirik.

Batez ere azken ipuinean sexu deskribapen asko du, baina erotiko edo libidotik gutxi, aipatutako hoztasunaren ondorioz agian.

Aditz forma kiribildu asko darabil: ez jakin seriotasunez dabilen ala nolabaiteko salaketa edo karikatura egin nahi duen.

Aditz trinkoa darabil, asko, forma oso gutxi erabiliak, deigarria egiten da ohikotik harago doalako.

Umore ukitua, kritika puntua, ironia tarteka…

Ausarta da, berrikuntzak sartu nahi dituela dirudi, esperimentatu, ohiko arauak hautsi… agian Iparraldeko egiturak besterik ez dira, askorentzat ezberdinak edo ezezagunak.

Izen konposatu asko sartzen du.

Ezustean harrapatzen dute, ez dakizu idazle hasiberri ausart baten ekarpenak izan nahi duten, ala arauen barruan dabilen.

Liburuari izenburua ematen dion ipuina da agian irakurterrazena bai idazkera aldetik batua gehien lotzen delako, baita suspensea sortarazten duelako ere.

Iparraldeko hiztegia ez ezik esamolde franko ezagutu eta ikasteko bide bat, Hegoaldekoentzat Iparraldeko euskara molde eta hiztegiari ohitzeko aukera.

Gutxi erabili ohi den aditz forma asko darabil.

Asko darabil hitanoa elkarrizketetan, hika zein noka.

Bertsoak sartzen ditu usu.

Hasi berri baten lana dela sentipena uzten dizu.

 

Todo modo. Leonardo Sciascia

Elkarrizketa finak, karakterizazioak, munduko ikuskera, saiakera zantzuak, elkarrizketak, narrazio bisualak, irudi ugariak, bizipenaren zentzua, eragin-ardura soziala, konprometitua, tragikomedia, misterioa, jolasa, bizitzearen plazera… aipatzen dira hitzaurrean.

Gizarte rankinean goi-mailako talde bat biltzen da gogo-jardunak egitera elizgizon batek hotel bihurtutako ermita batean: gai ezberdinei buruz gogoeta egiteko tresna bat da kontakizuna.

Kontakizunaren erdi aldera kontakizunaren ardatza erabat aldatzen da, suspense edo thriller egitura hartzen du.

Gai ezberdin asko ukitzen ditu: eraikin erlijiosoen bilakaera, elizkizunetan latina uztea, eliza, elizgizonak, kristautasuna, politikagintza, ministroak, epaileak, polizia, industrialariak, politika, betaurrekoak…

Oso korapilatsuak dira hainbat pertsonaia, baita diotenaren mamia ere.

Gizaki mota ezberdinei begirada, goi kargudunak gehienak, beraien deskribapen gordin eta zuzena egiten du, pertsonaion barnea eta jokamoldea arakatzen. 

Elkarrizketa da iritziok emateko bide erabiliena: pertsonaia ezberdinak bere hausnarketa eginen du gai ezberdinen inguruan, egileak berak ere emanen du zuzenean bera iritzia.

Ironia zorrotza darabil, kritika errukigabea, sarkastikoa sarri, gezi pozoitsuak botatzen ditu, ziztadaka idazten du, eztenkadaka.

Zeharka bezala iradokitzen ditu iritzi asko.

Kultura zabala erakusten du edo erakutsi nahi du, kultua izatearen loria erakutsi eta eskatzen du: zita eta izen askoren aipamena.

Zehatza, aldi berean bikaina da, bai pertsonaien, tokien, bai gertaeren deskribapenetan.

Esaldi zuzenak zein irudiak darabiltza.  

Ez da irakurterraza, esaldi katramilatsuak dira asko, parentesi ugariez trabaturikoak.

 

Walt Whitman. Poema liburua

Biziari doinu bat, prosa poetikoa dela esaten da sarreran: hala da.

Gizakiari, gizarteari, herritarrei, bakoitzaren kantuei eskainitako poemak.

Gizartearen eta gizakien batasuna adierazten du.

Izadi guztiaren unibertsoa da aztertzen duena, dena dabil izar oro bezala biraka, bakoitza bere tokian, baina ez da kaos bat, batasun bat osatzen dute izadiko osagai guztiek.

Natura, gizakia, gizarteari gorapen eta abesti bat.

Zapalduei, ezinduei, egunerokotasunari, baztertuei, gutxituei… egiten die lekua, gorapena ere.

Tupusteko galderak egiteko, harago jauzia egiteko kantuak dira.

Kantu bakoitzean ukituko du zure barneko zirrikituren bat.

Gauza xumeenak xumeago esateko gaitasuna du, era ezberdin batean esatekoa.

Bere buruaz ezbaian bezala agertzen da sarri, zalantzan bezala, ulertuko ote.

Ezadostasun bat erakusten du, matxino da nolabait, anti bat, sakonetik jotzen duen kritikoa.

Poemagintza erabat ezberdina da, egitura ezberdin bat dute  egilearen adimenak, pentsaerak eta poemon egiturek.

Gizaki eta gizartearekiko begirada ezberdin bat du.

Bizitzako osagai kontaezin, ezaugarri, gertakizun, egoeren… isla

Bizitzaren aurpegi berri bat erakusten du poema orotan.

Prosa dirudi dionagatik, zuzen agertzen duenarengatik, baina irakurtzeko erraztasun eta giro ezberdin bat sortarazten du egiturak, dioena bera edertzen du egitura eta giro horrek.

Eustean harrapatzen zaitu, gutxien uste duzun bide-gurutzera eramango zaitu, irudikarazi egiten du.

Ez du ohi den bezala edo bezalako eran irudirik sartzen poemetan, errealitatea aurkezten du, baina baita irakurlearen irudimena bizkortzen ere, agerikoaren gainetik edo barnetik dagoena azaleratuz, aldi berean irudiz mukuru dago, irudi indartsu esanguratsuz, ibili badarabiltza irudiok, baina ez dira poesia egiteko baliabidea, tximeleta, grazia, ikuspegi berezi hori erakusteko bidea baizik

Kontrastez edo aurkako iritziaz kontrajarriz jokatzen du sarri, kontraesanean bezala.

Ez da ezer eder egiten ahalegintzen, baina dena egiten du eder.

Ekarpen aberatsa egiten du itzultzaileak izen osatu eta egokituekin.

Zaila behar du izan itzulpenak, giro, erritmo, forma eta egitura horiek lortzea alegia, baina lortzen du.

 

Zer da, ba, maitasuna?. Miren Agur Meabe

Neska eta mutil bikotea, bakoitzak bere aldetik kontatzen ditu bestearengana sentitzen dituen maitasun sentimendu, nahi eta ezinak.

Maitasun bat diren bi istorio xume egunerokoa.

Liburuan bertan, erdi bakoitzean bat, erabat berezituta, dago bakoitzaren kontakizuna.

Egitura bera du zati bakoitzak.

Istorioaren txatal bakoitzak poematxo labur bat du aurreko orrian sarrera gisa.

Liburua osoa dago poesiaz blai, kontaera, irudiak, giroa… gatik.

Maitasunari buruzko hausnarketa zabala, aldi berean sakona.

Gazteen maitasunaren zirrikituetan dabil.

Egilearen irudiei jarraiki, kilkerra eta kirikinoa dabiltza orriotan, sentiarazten dizu kilkerra kolkoan edo kirikinoa sabelean.

Nolanahi tximeleta dabil liburu osoan.

Hainbat hausnarketarako hari-mutur eskaintze ditu.

Orrialde bakoitzean bat, txatalka, labur kontatuz doa  bakoitzaren istorioa.

Misterio edo jakin-min ukitua du kontakizun bakoitzak.

Sakon lotzen dituen hari mehe batez josten du kontakizun osoa.

Irudi aparta egokiak.

Presarik gabe, tarteka, gozo irakurtzekoa.

LIBURUAK 8

Jon Etxabe 2023/01/23 10:55
Krakovia. Goizalde Landabaso. Luaren itzala. John Andueza. Malthusen ezinegona. Asel Luzaraga. Mina hartzeko ere. Juan Luis Zabala. Poema-liburua. 72 ordu. Kepa Iribar. Osaba Petros eta Goldbachen aierua. Apostolos Doxiadis

Krakovia. Goizalde Landabaso. Luaren itzala. John Andueza. Malthusen ezinegona. Asel Luzaraga. Mina hartzeko ere. Juan Luis Zabala. Poema-liburua. 72 ordu. Kepa Iribar. Osaba Petros eta Goldbachen aierua. Apostolos Doxiadis

 

Krakovia. Goizalde Landabaso

Krakovia, liburuaren titulua, ospitaleko kontakizun batetik dator.

Zauri batengatik ospitalera jotzen du emakume batek, erietxe horretako (Basurto) 12 eguneko egonaldi baten kronika eta odisea kontatzen du, ospitalean deserriratu bat omen.

Umorea, ironia eta kritika puntuaz kontatua.

Tarteka hausnarketa eta gogapen kitzikagarriak.  

Narrazio pizgarria: ospitaleko bizipen eta sentipenak, ospitale, osagile eta erizainen argazkia.

Mina, litzake gai ukituenetariko bat; horrez gain ospitaleko mila xehetasun: eraikinaren egitura, osagileak, erizainak, jana, bisitak, giroa…

Ospitaletan izan ditugun mila bizipen gogarazten ditu, esnarazten, gogoeta egitera laguntzen.

Ederra da azken aurreko kapitulua: gogoetengatik batez ere.

Literatura-ariketa kilikagarria, hitz-joko erakargarriak egiten ditu, kontakizuna bera dotorea da.

Modari jarraituz edo, ingeles esaldiak dakartza, abestien aipamen eta letra zatiak ere.

Irribarretxo batekin zenbait gogoeta egiteko aukera.

 

Luaren itzala. John Andueza

Neska gazte bat da Lua, hil eginen dute, hiltzailea nor eta horren ingurukoak dira kontaketaren ardatza.

Gizarteari eta gizakiari buruz hausnartzen du.

Pandemia garaian kokatua, giro hark bustitzen du historia nahiz ez den funtsezkoa.

Oso xumea da kontakizuna, kontaera, bilbea, idazkera, lexikoa, gogoetak, hiztegia…

Gaztetxo edo ikastetxetarako idatzia dirudi, irakurzaletasuna areagotzeko edo.

Ez du indarrik nahiz hiltzailea nor jakin-mina sortarazten duen azken zatian.

Beste zereginik gabeko arratsalde batean irakurtzekoa, edo etxeko gaztetxoei eskaintzekoa.

 

Malthusen ezinegona. Asel Luzaraga

Gar egungo eta XXIII.go gizarte posible baten kontrastea, edo kontrastearen irudikapena.

Gaur egungo gizartea, ondorengo bat, eta azkenik etorriko dena.

Gure gizartea ehunka urte geroagotik ikusita.

Gaur egungo gizarte hau aldatzeko gogoa, mundu berri bat sortzeko ahalegina, mundu horren nolakoa.

Gaur egungo gizartearen kolapsoa, izanen duen bilakaera, nola, ze helbururekin, ze baliabidez…  

Erabakitzeko eskubidearen zamatik askatutako gizartea marrazten da, biztanle askoz gutxiago izanen dira, urte asko biziko dira, hiri txikiagoetan, arbasoen abizenik ere ez dute ezagutzen.

Nietzsche eta bere dotrina presente dago liburu osoan.

Pertsona eta izen ezberdin asko dago, sinboloak dira, dionarena baina harago doa esan nahi duena.

Altxamendu bat izanen da, altxamendua aurreikusi eta menderatzeko gai izanen denak izanen du aldaketaren giltza.

Bi mailatan doa kontakizuna, Malthus alde batetik eta beste hainbat pertsonaia biltzen dituen kontakizuna bestetik: Malthus izanen da urteetan aldaketa bat prestatzen ariko dena klandestinoki, jite ezberdineko jendeaz baliatuz: aldaketa-egileen sinboloa litzake..

Nork izan du eta izanen du gizartearen bilakaeraren giltza, ze gizarte mota erabakia.

Guztiaren eta aldian aldiko buru, talde ahaldun edo indar erabakigarria anonimo eta ikusezina bezala agertzen da.

Lortutakoaren balorapen pobrea egiten du, etorkizun hits aurreikusten.

Zientzia, fikzioa eta gertakizunak nahastuz eta tartekatuz doa kontakizuna, gogoeta etenik gabean.

Gai asko ukitzen ditu: amatasuna, mirabeak, giza-harremanak, boterearen lilura, robotak, erakusketak, hizkuntzak, boterea dago aldaketen oinarrian, menpekotasuna, armak, haurrak, heriotza, denbora, gosea, izenez deitzea,  gizartearen bilakaera, emakumea, Simone de Beauvoir. Lezma Lima, azken idazle famatuen aipamena….

Denborak beste neurri bat du, epe luzek dira.

Literatura egin nahi du, idazkera jantzia, deskribapenak, irudiak, kontatzeko jite erabat ezberdina...: lausotu egiten du edukia ahalegin horrek, irakurketa zaildu, irakurtzearen kaltean.

 

Mina hartzeko ere. Juan Luis Zabala. Poema-liburua

Bizitzari atxikitako poemak, egunerokotasunaren bizipenen mailan, bizitzarekin nahastuak, baina gaindi, bilgarri batez edertuak bezala.

Bizitzari estu-estu itsasten zaitu, pentsarazten.

Bizitzari goi-begirada bat.

Zure eguneroko zertzeladen gogoetara eramaten zaitu.

Ez da galtzen edertasun ahaleginen farfailetan.

Beti dabil tximeleta poemotan, batzuen arre, hurrengo kolore dirdaitsuz.

Hitz-jolas erakargarriak tarteta-tarteka

Gustura irakurtzen da.

 

72 ordu. Kepa Iribar

Elkanok Munduari bira eman ondoren lurreratu zen 500. urtearen Getarian egindako ospakizuna du ardatz.

Suspense generoa da: hainbat gorabehera gurutzatuko dira kontakizunean, badu bere mataza... baina kontakizun laua da, idazkera lauan emana.

Elkanoren bidaiari buruzko hainbat datu, ospakizuna bera zehatz kontatzen du, Getaria herria deskribatzen, bertako hainbat zertzelada erakusten: txibi arrantza, surflariak…, Ertzaintza, Aiako idi probak…

Ez du ekarpenik ez literatura ikuspuntutik, ez kontakizunean, euskarazko suspense liburua dela izan ezik.

12 kapitulu labur eta paragrafo sarrietan banatuta, bizitasuna hartzen du eta erraz irakurtzen da.

Betegarri asko du.

Generoa gustuko duenak tartetxo batzuk pasa ahal ditu, besteek jo eta pasa  erraz irakurri dezakete.

Ez zaio falta azken orriko azken ezustea.

 

Osaba Petros eta Goldbachen aierua. Apostolos Doxiadis

“Goldbachen aierua” frogaezina den edo frogatu ez den matematikako ariketa bat da, Petrus, aldiz, aieru horiei irtenbidea aurkitzen bizi osoan arituko den matematikaria.

Matematika: izarren arteko mundua bezalakoa da matematikarena, galdu egiten zara zenbakiak hor dauden arren, espazio-ontzi batean sartu eta espaziora jauzia egitea bezalakoa da, erantzunik gabeko labirintua, noraezean dabilen jendea matematikaria, irteerarik gabeko bidezidorretan.

Matematika zientziaren  osagai eta atal ezberdinak, historia, matematikari ospetsuen izenak -lanak eta zertzeladak, matematikako teoria eta metodo ezberdinak, teoremak, hipotesiak, proposizioak, ekuazioak, metodo geometrikoak, metodo aritmetikoak…: enuntziatzeko errazak, frogatzeko zailak.

Batuketak, kenketak, biderketak, zenbaki osoak, lehen zenbakiak, zenbaki bikoitiak…

Matematikaren lorratzak: egia eta loria elkarrekin borrokan.

Matematikaria izatearen argitasunak, itzalak, iluntasunak, onurak eta galerak.

Matematika historiaren emanaldi bat bezala da.

Neurri ezberdin bat du denborak ikerlari matematikoarentzat.

Matematikari gazteen arteko lehia da emankorrena, gazte den garaian lortzen du matematikariak bere maila gorena.

“Egiazko matemaikaria jaio egiten da, ez da egiten”.

Irakurleak ez du matematikarik ikasiko, aldiz, jabetuko da zein nahasia,  aberatsa eta zaila den matematikaren mundua.

“irakurri” dut liburua, baina ez dut “ulertu”, istorioaz eta kontakizunaz jabetu naizen arren.

Literatura aldetik ez du askorik eskaintzen.

Itzulpena txukuna da, berrikuntza handirik gabe.

LIBURUAK 8

Jon Etxabe 2023/01/16 10:30
Faith. Lander Garro Hiri zuriaren isiltasuna. Eva G.ª Saenz de Urturi 31 ipuin. Anton Txekhov Izarak. Goizane Aizpurua Jainkoaren seme. Cormac McCarthy

Faith. Lander Garro. Hiri zuriaren isiltasuna. Eva G.ª Saenz de Urturi. 31 ipuin. Anton Txekhov. Izarak. Goizane Aizpurua. Jainkoaren seme. Cormac McCarthy

 

Faith. Lander Garro

Faith hitzak, izenburuak alegia, fedea, sinetsi nahi duenaren joan-etorriak, konfidantza… esan nahi du.

Gazte baten aldi bateko gorabeherak kontatzen ditu: atxiloketa, kartzela, ondorengo zertzeladak, Bartzelonara doa bizitzera, hango bizimoldea… eta bukaera.

Pertsonen zein gizartearen zirrikituetan sartzen da. Barne-bide batean sartzen  zaren irudipena duzu hasieran, bikoteen zein pertsonen labirintuan dabil, oso gogoeta erakargarriak, mamitsuak, egiten ditu, zeure barnea ehotzen lagunduko dizula gogoeta eta hausnarketen errota batek irentsi zaituela uste duzu, eta hala da, baina aurrera eginez lausotuz doa barne zirrikituetako ibilbide eta hausnarketen zurrunbiloa,  kontakizun dotore baten bidea hartuz, gogoeten bidea, nolanahi, ez du uzten.

Errealitatea kontatzea bera parte-hartze bat da, kontalariaren ikuspuntua agertzen da,  errealitate horri buruz nolabait  hausnarketa bat egiten da: egileak egoerari buruzko zuzeneko iritzirik ez du ematen, baina ez da inola ere aseptikoa, erdibide konprometitu batean dabil.    

Zaila de iradokitzen duen dena ehotzea, unean unekoaz gozatu, hausnartu, agian oharren bat idatzi…  

Garai bateko giro bortitza, azpibidekoena, islatu nahi du, baina ez du indarrik, nahiko laua da kontakizuna, xaloa, arrunta eta dotorea aldi berean, ezer gutxi eskainiz erakargarritik.

Esaldi borobilak, “potoloak” zizelatzeko bezalakoak botatzen ditu tarteka, indarra emateko kontakizunari.

Ironiaz baliatzen da, zeharka bezala azalduz ideiak, usteak eta pentsaera.

Istorio edo kontakizun tristea da, giro etsia, tristura dario,  pertsonaiei ere.

Erdibidetik bezala dabil, tonu anbiguoa, neutroa, idazlearen jarrera zehatzik erakutsi gabe.

“Snob bat naiz” dio protagonistak: hala dirudi egileak berak zita, autore eta ingeles aipamen ugariak irakurriz; ikasi edo eskolatu baten itxura ematen du, edo eman nahi du, liburu, egile, abeslariak aipatuz, pedante edo sasi-maisu  samarra den sentipena sortarazten du,  abestien, idazleen, liburuen, jatetxe eta tabernen,  katalogo edo zerrenda bat hartu eta tarteka landatzen doan sentipena.

Ezjakintasunaren alardea ala eruditoarena, zeinen papertxoa jokatzea ote okerragoa galdetzen du egileak:  eruditoarena jokatzen du berak liburuan, bere erudizioa neurtzen ari dela dirudi, agian satira edo parodia egin nahi du.

“Dilatantea eta autodidakta naiz” dio, egilea bere buruaz ari bailitz.

Ironia darabil 

Gai ezberdin asko ukituz doa: depresio psikologikoa, sorkuntza: argazkilaritza, zinea, literatura, mota ezberdineko harremanak, lagunartea, Polizia-Zibilak-Ertzaintza, etxe miatzeak, gorputz araketak, atxiloketak,  kartzela, presoak, Bartzelona, ETA, sasian dabiltzanen familiartekoak,  Paris, maitasuna-maitaleak-bikoteak, familia, politikoak… kontaezin artale mota ehotzen ditu.

Narratzailea bera da kontakizuneko protagonista.

Ez du literatura loratua egiten, baina bai landua, idazkera itxuraz lauan. 

Aro edo garai ezberdinetako gertakizunak, pertsonaiak eta gai ezberdinak tartekatuz doa, korapilatuz, atzera-aurrera, puzzle batean bezala, baina ez da puzzlea.

Kapitulu zenbaki eta banaketa gabe, ekinaldi bakarrean idatzita dago, tarteka lerro sailen arteko zuri-gune zabalagoz banatuz kontakizuna.

Errutina edo antzerako jardunaren tankera hartzen du kontaketak sarri, distirarik gabeko arrunt kutsua hartzen du bai burutapenetan bai esamoldeetan, baina tarteka-tarteka sarrian piztu bezala egiten da, burutapenek erakartzen zaituzte, erakargarri egiten zaitu.

 

Hiri zuriaren isiltasuna. Eva G.ª Saenz de Urturi

511 orrialdeko thriller-liburukotea.

Gasteiz da hiri zuria non kokatzen den ia gertakizun guztia.

Thriller baten egitura, film bateko antza du: istorioa harilkatuz doa, hariak txirikordatuz, baina aldi berean hari-muturrak utziz, irakurleari arrasto faltsuak emanez, zirikatuz…, 

Abila da, aberatsa, azkenera arte egoera ezberdinak korapilatu eta egoerak berriak  asmatzen.

Azken zatian, jada koordenada guztiak ditu irakurleak, literatura aldetik ez du ezer kilikagarririk eskaintzen, ezta gogoetarako aukerarik ere, beraz jo eta pasan irakurtzera eramaten zaitu, amaiera zein izango.

Gasteiz hirian zehar eramango du irakurlea, kale, plaza, parke, hilerri, denda, taberna, jantoki, hiriko gertakizun ezberdinak, jaiak, elizkizunak…. probintziako zenbait herritara ere eramango du: ezagutzen duenak mentalki eginen du ibilbidea, ez dut uste ezagutzen ez duenari ezagutzeko irrikarik sortaraziko dionik. 

Senarraren bortxakeria eta tratu txarrak, bikien zenbait zehaztasun, gasteiztarrak Kuban, Ertzaintza… ukitzen ditu baina hausnarketa edo gogoetarako aukerarik ez du eskaintzen.

Hitzen aukeraketa, osaketa edo moldaketa dela, egituren taxuera… jite ezberdina edo ezohikoaren ukitu berezia dute zenbait esamolde edo hitzek: ez dakit jatorrizko testuaren eragina ala itzultzaileren ekarpena den.

Freskura galtzen du kontakizunak, seguruenik jatorrizkoak duen naturaltasuna, zurruntasun punttua hartzen dute zenbait pasarte eta esaldik..

Esamolde eta zenbait hitz ezberdinek ematen dute aberastasuna edo pentsarazteko aukera.

Irakurleak hautsak kendu beharko dizkio hiztegiari.

Generoa gustuko duenak gustura irakurriko du.

 

31 ipuin. Anton Txekhov

Errusiar gizartea marraztuzko pintzelada da ipuin bakoitza.

Egilearen garaiko Errusiaren ikuspegi errealista.

Gizarte harremanetako zertzeladetatik ateratako ipuinak

Gizarte eta aldi ezberdin batera jauzia.

Gai ugari ezagutu ahal da: garaiko eztabaida zientifikoak, gizarteko  maila karguen eta elkarrekiko trataera ezberdina, funtzionarioen estatusa, kargu politikoenganako menpekotasuna, bizitzaren ikuspuntu ezberdinak…

Aholku moral eta etikoz beteta dago, aldarrikapena dira ipuin asko.

Poeta ukitua du deskribapenetan, bizitzari begiratzeko ikuspuntu ezberdinetan, irudi eta adjektiboen erabilian…

Tarteka ipuin bat irakurriz, barretxoa edo bihotzean zimikoa sortarazten du.

Zailtasunik gabeko euskara, ezuste baikorren bat tarteka.

 

Izarak. Goizane Aizpurua

Lagunak diren bi emakume bilduko dira ohean ustekabean, sexua medio, hotel batean, oporretan: harreman horren ondoriozko sentipenen  bilakaera da kontakizunaren mamia, giza harreman batzuen istorio zapuztu bat.

Bi pertsona horien barne kiribiletan murgiltzen da.

Atalka, dosi oso murritzetan narratzen du bilakaera gorabeheratsu hori.

Kontatu baino iradoki egiten du istorioak, nolabait pertsonaien barnean sartu ere.

Ukitu erakargarriak egiten ditu, bai gogoetetan, bai literatura mailan: arlo bietan pentsarazten du.

Ez da barneko karramarrorik sentitzen irakurtzean, ezta tximeletaren hegorik nabaritzen lerrootan, literarioegia gertatzen da.

Lau zati ditu, lau urtaroak, atal laburretan banatuta dator zati bakoitza, irakurketa erraztuz, kontakizun mantsoa arinduz.

Oso tantaka edo tartekatuta doa bilakaeraren pauso bakoitza.

Bi pertsona nagusiek lehen pertsonan hitz egiten dute atal ezberdinetan, besteetan narratzailea soilik ari da.

Esaldi laburreko perpausaz idazten du.

Mosaiko bat dirudi, tesela bat litzateke esaldi bakoitza, osotasun batean bilduak, baina ertzak agerian direla.

Literatura ariketa bailitz, edo egilearen jolas literarioa, egileak berak gozatzen duela dirudi idazte esaldiok zizelatu eta lantzen.

Errepikakorra bihurtzen da, agian bere estiloa da, edo esaldi luzeetan korapilatzeari ihes egiteko bide bat, estilo bat da, idazkera modu bat.

Zatiz zati zizelatutako lana, literatura egin nahiaren ondoriozko hoztasuna du, freskotasuna, naturaltasuna, malgutasuna falta zaio, zurrunegia da.

Letra etzanez sartzen ditu paragrafoan pertsonaiaren esaldia propioak.

Ezin izan dio sexu ukitua emateari eta ingeles ziten modari huts egin. 

Esaldien jolasa, esaldi labur eta gogoeta burutsuekin jolasteko aukera.

 

Jainkoaren seme. Cormac McCarthy

Hiru zati ditu kontakizunak, lehenengoan pertsonaia aurkezten du bere inguruko gizarte eta giroarekin, antz ematen zaio giro berezia; bigarrenean pertsonaiak pauso berriak ematen ditu bere jokabide anker eta basatian, zentzutasuna galtzen du pausoka pausoka; hirugarrenean goia jotzen du ankerkeria eta gordinkeriaren sabaiak.

Jendartean ikusiko dugu hasieran pertsonaia, bakartzen joango da erabat, bakar eta jazarria bukatuz.

Eskopeta darama berarekin, sinbolo bat  izan daiteke, ez du besterik, ez etxerik, ez lanik… ez ezer, biluzik dagoela dirudi, gizalege guztien gainetik edo at bizi da.

Berenez bezala egiten ditu gauzak, instintuz lez, burura edo gogora etorri ahala bezala, ez dago arrazoitzerik, ez gogoetarik, ez dago inolako sentimendurik, ez dago barrerik, pozik negarrik…

“iluna, apokaliptikoa eta itogarria” dela dio Anjel Lertxundik, hala da, ez dago inolako itxaropenik, ez bizipozik.

Gizakume baten izaera berezi ezohikoa marrazten du, aldi berean inguruko gizartearena, gizarte bateko giroa, izaera eta jokaera doaz pertsonai nagusiaren kontakizunarekin batera.

Ia beti kanpoan dabil protagonista, ondorioz naturaren sekulako deskribapenak ditu, urtaroak, eguraldiak, landaredia, abereak, kobak…

Kontakizun makabrok dira asko eta asko, gordinak, bortitzak, latzak, ugariak sexu gehiegikeria ia lizunak.

Kontakizun laburrak, erabat sailkatuak, eduki astunaren pisua arinduz.

Zehaztasunez deskribatzen ditu egoerak, lekuak, pertsonak, zirkin txikienei ere erreparatuz.

Elkarrizketak sartzen ditu paragrafo barruan inolako ikur edo zeinurik gabe, naturaltasun osoz, irakurleari inolako eragozpenik sortu gabe.

Erraz eta arretaz irakurtzen da, hain dira ezohiko, uste gabeko eta ezohiko kontakizunak, indarra du, erritmoa, harrapatu egiten zaitu.

Itzulpen itxurarik ez du, euskaraz idatzita bezala irakurtzen da, jatorrizkoa lez, testuak ezarritako hersturarik ez balu bezala.

Ikusten zaio euskarako lexikoa erabiltzeko ahalegina, gaztelaniazko hitz eratorriei alde eginez lez, hiztegiko  zenbait hitzei hautsa kenduz edo hitz egokiak moldatu edo osatuz, gutxi erabiltzen den hainbat hitz darabil.  

“trangadera” jaiotetxetik entzun eta erabili gabe nuen hitza aurkitzea izan da ezuste pozgarrietako bat.

Merezi du Anjel Lertxundiren gibelsolasa irakurtzea, argitasun asko ematen du liburuari buruz, baita izenburuaren balizko esanahiari buruz ere.

LIBURUAK 8

Jon Etxabe 2023/01/09 10:55
Austerlitz. W.G. Sebald/ / Beirazko kanpaia / Sylvia Plath / Bertute txikiak / Natalia Ginzburg / Bihurguneko nasa. Uxue Apaolaza / Eraikuntzarako materiala. Eider Rodriguez / Esan gabe doa. Asel Luzarraga

 

Austerlitz. W.G. Sebald

Austerlitz gizakume bat da, narratzaile nagusia, kontakizuneko protagonista.

Egileak eta Austerlitzek topo eginen dute Amberesen, luzaro iraungo du harremanak.

Idazlearen eta Austerlitzen arteko harremanak, bigarren honen kontakizunak dira liburuaren mamia

Austerlitz Europako hainbat lurralde eta hiritan ibiliko da, bere bizitzako gorabeherak eta lurralde zein hiriotan ikusi eta bizitakoek sortarazten dizkioten bizipenak kontatzen ditu.

Gogoeta kilikagarriak datoz tarteka.

Historiari lotuta doaz oroitzapen eta sentipen asko, historiako eta hirietako zenbait gertakizun eta deskribapen…

Gizarte mota ezberdinak marrazten ditu.

Horrez gain beste hainbat eta hainbat gairekin aurkituko da irakurlea: Amberes, Gales, Londres, Praga, Alemania, Bohemia, Marienbad, Nurenberg, Paris, Terenzin, kontzentrazio eremuak eta nazien gehiegikeriak, zenbait nazio ezberdin, Austerlitz bataila, gizakia, natura, denbora, sitsa,  idaztea, txakalaldiak, hilerriak… eta mila zoko, kale, herri, idazle, liburu, eraikin…  

Datu pila, jite ezberdineko pertsonaiak.

Ezohiko narrazio bat da, molde ezberdinez egina, literatura ariketa eta joera ezberdin bat erakusten du: pauso ezberdin bat literaturgintzan.

Narratzaileak beste narratzaile bat jartzen du protagonista, honek, aldiz, beste batzuen testigantzak dakartza: beraz hiru narratzaile daude zenbait unetan, “esan zuen Austerlitzek” edo antzerako esaldia etenik gabe errepikatzen da nolabait kontakizunari eten bat emateko.

Hiru paragrafotan idatzitako 374 orrialdeko narrazioa; paragrafo bakoitza tarte zuri motzez soilik banatuta, perpausa gehienak eurak ere lerro askoko oso luzeak dira, argazkien bidez ematen die arnasa orrialdeei.

Zehaztasun guztiak emanez kontatzen ditu uneko bizipen, oroitzapen eta zertzeladak.

Erakartzen zaituen halako distira du.

Patxada, lasaitasuna, barne eta garun bareak, barne ukitu sentikorra  behar ditu irakurleak. Bitxikeria bezala irakurri ahal da, gogoko izanez egunero tartetxo bat eskainiz, pentsaraziko du, patxadatuko ere, denboragalduan irakurtzekoa baita.

 

Beirazko kanpaia. Sylvia Plat

Beirazko kanpai batean bizi izan dela dio bukaeran protagonistak; gu bakoitza, unibertsitateko ikasleak antzo, bere beirazko kanpaian bizi garela iradokitzen du.

Neska gazte bat New Yorkera doa aldizkari batean aldi batez lan egitera, baldintza berdinean dauden talde batekin bilduko da bertan.

Lehen zatian neska gazte talde bateko portaera, beraien arteko giroa New Yorken… bidenabar hiriko gizartearen zati baten moldea ere erakusten du.

Sentipenak, harremanak, pasadizoak… kontatzen ditu, norbere  golkoan gertatzen diren joera, gogoeta, erreakzio, bizipen... ezberdin isileko edo sekretuak aurkitzen laguntzen dizu, baita besteek azaleratzen ez dituzten sentimendu, arazo, izaera… usnatzen, sakonean dagoen eta dabilen beste errealitate isilpeko hori. 

Bigarren erdian, bere herrira itzuliko da, amaren etxera, neskaren barne korapilatsu, ia neurotikoa azalduko da: izaera horren bilakaera kontatzen du, barne korapilatsua, sakoneko zirrikituak.

Psikopata edo buru ergeleko baten garunetan barna dabil burutapen eta gertakizun ezberdinak kontatuz, bere gogoetak, bizipenak eta ingurua ulertzeko: gaixo psikikoak ezagutzen laguntzen du.  

Bere buruaz beste egitea da protagonistaren ideia nagusia erdi honetan: errealitatean bere buruaz beste egin zuen idazleak 40 urte zituela.

Zoroetxeak, psikiatrak, elektroshock, psikiatrikoko gorabeherak eta jokamoldeak… ironia, kritika gordina dago pasarteen sakonean.

Ez du ari bakarreko istorio harilkatua kontatzen, pasarte ezberdinak baizik, sakonean neskaren prozesu psikologiko osoa dago egon, istorio potoloa, bizitzako mila katramila, gertakizun eta istorio irabiatu labur ezberdinez kontatua.

Gogoeta ezberdinak, laburrak gehienetan, zeharka bezala, gaia ukituz baina mami sakonagoa iradokiz.

Egoeren, pertsonen eta gertakarien deskribapen zehatzak, aparta da sentipen eta bizipenon deskribapenok egiten.

Lehen pertsonan ari da pertsonaia nagusia.

Kapituluez gain, pasarteok zurigunez sailkatuta daude, irakurketa erraztuz.

Asko darabil elkarrizketa, horien bidez pertsonaia nagusiaren eta besteen nortasuna azaltzen ditu.

Deigarriak dira zenbait adjektibo zenbait hitzetan, ezohikoak: interesgarria litzake jakitea zeintzuk diren jatorrizko hitzak, eta itzultzailearen hautaketa.

Literatura egin nahi du, adjektibooz gain, irudiak erabiliz, halako dotoretasuna erakutsiz bai irudietan, bai hitzen joskeran.

Konparaketak, irudimena…

Irakur-ulerzailak, behartuta osatutakoaren itxuraz bezala, dirudite hainbat esaldik, jatorrizkoak eraginda, agian itzultzailearen merituz, tarteka ingelesezko esaldiek behartu dutelako dirudi itzultzailea hitzak eta esaldiak moldatzera.

Esaldi zailak ditu, astiro edo bi aldiz irakurri beharrekoak, edukiagatik baino esaldien egituragatik.

Itzulpenak behartu du itzultzailea hiztegiari hautsak kentzera, hitz berriak moldatzera?  Norbere eta besteen gogoetak, sentipenak ingurua ikusteko era… ulertzeko modu baliagarri bat.

 

Bertute txikiak. Natalia Ginzburg

Bi zati ditu. Zer hau diote sarreran:

* Lehen zatia: saiakera, autobiografikoa, intimoa da, gerra osteko Italiako giro sozial-politikoa erakusten du.

* Bigarren zatia: literatura egin nahi du.

6 ipuin edo narrazio daude lehen zatian, 5  bigarrenean: denak oso laburrak.

Ukitzen dituen gaietako batzuk: kezka, arimaren gaitzak, isiltasuna, egoismoa, erantzukizuna, errua, familia, dirua, klase soziala, hizkuntza, hezkuntza, amatasuna, idaztea, emakumea, errukia…

Lehen zatia:

Badu halako xarma  ukitua, gustura irakurtzen dira deskribapenak, sentipen goxo batez.

Deskribapenak eta sentimenduen azalpenak nagusitzen dira: pertsonak, egoerak, herriak, sentimenduak, gogoetak, joerak… sakon eta zorrotz deskribatzen ditu.

Gogoeta kutsagarriak egiten ditu, hausnarketarako leiho bat irekitzen du narrazio bakoitzak.  

Ausarta, gordina ere, bada pertsona zein gizarteari buruzko deskribapen eta iritzietan. Gizarteari eta gizakiari gainbegiratu orokor batekin begiratzeko dohaina du, zehaztasunez dabilenean ere.

Deskribapen soilari, dela pertsonarena, dela inguruarena, halako lurrin gustagarri bat dario, gauza bakarra maite eta ulertzen duela munduan dio berak: poesia: agerikoa da hori liburuan.

Poesia bat bezala irakurri behar da ipuin bakoitza, ez formagatik, eduki eta girogatik baizik.

Itzultzaileak jatorrizko testuaren giro poetiko barnerakoia abilki gorde ahal izan duela dirudi.  Bigarren zatia:

Nabaria da lan literarioagoa egin nahi duela, paragrafo luzeagoz eginak dira kontakizunak.

Idazleen eta idazleari buruzko mila zertzelada, gorabehera eta zirrikituz ari da

Idaztea, gerra, isiltasuna, giza harremanak, heziketa: guraso eta seme-alaben harremanak… bizitzako gai ezberdinak ukitzen ditu, gizakiaren hurko ezberdinen arteko erlazioa, bizitzako aldi ezberdinetako harreman posibleak, haurtzarotik zahartzarora, aldi horietako harremanetan sortzen zaizkigun bizipen aldiko ezberdinak, une horietako gogoetak bakoitzaren hurko ezberdinen inguruan. 

Bizitzako zirrikituetan sartzen da, arnasten laguntzen du, gogoetara zaramatza.

Hausnarketa zorrotz kilikagarriak gai ezberdin bakoitzean.

Hotzagoa da, baina tximeleta dabil orriotan ere.

Kontakizun bat irakurri noizbehinka, eta gozatu.

 

Bihurguneko nasa. Uxue Apaolaza

9 ipuin edo narrazio labur.

Bizitzako egunerokoaren  txataltxo bat ematen du istoriotan, unean uneko sentipen, burutapen kezka… baina ez da zer den sakonean ekarpen hori  asmatzen erraza, zerbait esan nahi badu behintzat.

Kontakizun nahasiak dira, bihurriak, bakoitzaren barren puzzleko teselak lotzeko zailak.

Egiten ditu dejadak, txokoan edo zabalean, baita erreboterainoko joak ere, baina ez da arraza bere jokoa asmatzea, esan nahi duena alegia, hitz jokoon azpian dagoena.

Gai ezberdinak  ukitzen ditu: biolentzia, lantegiko arazoak, sindikatuak, haurdunaldia, amatasuna…

Iradoki besterik ez du egiten, iritzi edo sentipen izpi bat bota, ziztada bat, irakurlea ernatzeko.

Kontakizunetik kanpo uzten zaitu, ez zaitu istorioon barnean sartzen.

Literatura egin nahi du, ariketa bat besterik ez da agian, ahalegin horrek ilundu egiten du kontakizuna.

Igarri egiten zaio literatura egi nahi duela, dotorezia, edo ekarpen bat, egin nahia, horrek naturaltasuna eta freskura kentzen die istorioei.

Badu zerbait ezberdinaren ukitu bat.

Zehaztasunez kontatzen ditu gertakizunak eta egoerak, halaz ere kontakizun lausoa geratzen zaio.

Ez du gainditu ingeles zitak, egileak… aipatzeko, nolabaiteko erudizioa erakusteko, tentaldia.

Hitz berriak asmatzen ditu, izenak edo aditzak, bi hitz ezagun elkartuz: ausarta da, hitzok asmatzen eta erabiltzen, ez dira asko: ekarpen bat litzake.

Aditz sintetikoaren forma gutxi erabiliren bat agertzen da tarteka.

Irakurketa ariketa bat egiteko aukera, tarteka istorio bat irakurriz.

 

Eraikuntzarako materiala. Eider Rodriguez

Eraikuntzarako materialen denda du familia osoak: sinbolo bat da, familia osatzen duten osagaien inguruan dabil kontakizuna.

Aita mozkortia da: edanaren prozesu osoa, gorabehera ezberdinek alabarengan eta familiarengan duen eragina. kontatzen du: alaba da kontalaria.

Aita hil eginen da, azken unean, batez ere hil ondoren izanen da alabaren aitarenganako hurbiltzea: hil ondoren ekingo dio alabak kontakizunari.

Aita-ama-alabaren arteko harremana dago narrazio osoaren azpian, elkarri aitortu ezineko maitasuna, haurtzaroa, sentipen katramilatuak, harreman traumatikoak…

Maite dira baina ez dio batak besteari sentimendurik erakusten: distantzia eta hurbiltasuna nahasian, kontrajarriak, maitasunaren kiribilak,

Bigarren zatian, aita hil ondoren alabak bere maitasuna erakutsiko du, aitarengana hurbildu asmoz idatziko du istorioa.

Ama bera ere protagonista bilakatzen da tartekako parte-hartzearekin

Guraso mozkorti baten jarrerak, portaerak, gezurrak, isilpenak.

Gogoeta asko egiten du, gogoeta hotzak dira, biluziak.

Tarteka hitz baten inguruko gogoeta kilikagarriak daude.

Ukitu berezia ematen die pertsonaiei adjektiboak ezarriz, edo bai jarrera bai joera erakutsiz edo deskribatuz.

Begi zoliekin begiratzen du ingurua: pertsonak, gertaerak edo jarrerak.

Garai bateko Errenteria deskribatzen du, tarteka Euskal Herriko egoera bortitza.

Alabaren egoera berria azken zatian.

Une, egoera, eta jarrera ezberdinak, sentimendu eta bizipenak, txirikordatuz eta korapilatuz doa kontakizuna, erraz lotzen et iruten dira.

Bere estilo propioa aurkitu du: lerro batean hitz bakar bat edo lerro bakar berdina errepikatuz, halako bere ezaugarri propioa ematen dio narrazioari.

“Dio” hitz soil hori lerro bakarrean da bere estribilloa, bere inpronta edo zigilua. 

Abila da naturaltasun eta unekotasun hori kontatu edo deskribatzen, erreza eginez zaila dena.  

Esaldi laburreko lerroz arintzen du narrazioa.

Irudi bat sartuko du tarteka egoki dotoretuz esaldia

 

Esan gabe doa. Asel Luzarraga

Bizitza-puskak, egunerokoaren islak.

Gizarte berri baten aukera proposatzen du, herri eta gizarte berri batena, utopia baino pauso berri bat, iraultza edo ordenu berri bat.

Parabola bat litzake, gizarte eta herri-molde berri baten nondik norakoa: nolakoa behar lukeen herri batek, izaera, bilakaera, etsaiak…, utopia bat lortzeko zailtasun eta eragozpenak.

Egoera eta gogoeta interesgarri ugari liburu osoan zehar, zuzen esan gabeko iritzi asko ematen du, iradokiz bezala.

Gai ezberdin askoren aipamena, beraiei buruzko iritzia, azalekoagoak eta laburragoak  batzuk, sakon eta luzeagoak besteak.

Heziketa, gazteen giroa, gizon-arra izatea, erlijioa, aita izateko eskubidea, armak-biolentzia, energia, autoa…

Idazleak barnean darabiltzan kezkak azaleratzeko tresna bat da liburua.

Ez da erraza kontakizunetik harago zer esan nahi duen zehazki jakitea, irakurlearen esku geratzen da; pentsarazten du, baina nahiko lauso geratzen da azken edo sakoneko mezua, irakurlearen gogoeten arabera geratzen da;  zaildu eta astuna egiten du horrek irakurketa.

Inozo samarrak, edo axalekoak, dira, zenbait pasarte eta kontakizun. 

Ez du intrigarik, nahiz baduten nolabaiteko lotura lau zatiek

Nabarmena da idazkera jantzia egiteko ahalegina, literatura egin nahi du, dotoretasunetan sartu gabe.

Zuzen eta zehatz idazten duen iritzia edo sentipena sortarazten du, idazle ikasiarena, ziurtasun sentsazioa eskaintzen.

Irudiak ez ditu sartzen poesia giro bat sortarazteko, literatura-jantzia emateko baizik.

Pasarte batzuk azkarrago irakurri daitezke, beste zenbaitzuk gogoeta patxadatsuagora daramate, interesgune literarioak ere zirikatzen zaitu tarteka.

Patxadan irakurtzeko liburua, ez zaitu kateatu edo aztoratuko kontakizunak, ez zaituzte literatura zizel-lanek liluratuko, baina interesgunea izanen du bizitzako hainbat zirrikituetan sartu eta bertan hausnartzea gustuko duenak.

Erraz eta gogoz irakurriko du munduari, gizarteari eta gizakiari buruz filosofatzea gogoko duenak.

BIDAIAK 2001. BRETAINIA HANDIA

Jon Etxabe 2023/01/02 10:45
HARRI MEGALITIKOEN IBILALDI-SINFONIA. Long Barrow, Silbury Hill, Avebuy Circle, Wind Mil Hill, Avebury, Chichester, Windsor, Stonehenge, Salisbury.

Ekainaren 23a.   Larunbata.  53.a – I:25.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000. Juanjo Olasagarre:

* “Arrats gorri”. Gorri joan zitzaigun eguzkia atzo arratsean, aspaldi ez bezala.

* “Aspaldi ez bezala / oinaztura ikusi dut zeruan”. Ez zaigu ekaitz bakar bat ere gertatu, ekaitz-laino beltza, aldiz, lagun sarria izan dugu.

* “Aintzina doa bizitza inoiz sekula hil ez bailitzen”. Inork ez gaitu Bretainia Handian gogoratuko, gu gara Bretainia Handia gogoratuko duguna.

 

S. Juan Bezpera. San Juan suen eguna, bezpera gaua. Monumentu megalitikoak ditugu gaur bisita-gune, ibilbide eta ikusgaia aldatu asmoz, egunari dagokion errito, misterio eta arbasoen ukitua emanez.

 

Trinkoa eta nahasia da Andover inguruko bide-sarea, oso argi behar duzu izan zure nondik norakoa, inguruko herri-izenak zein errepide bakoitzaren zenbakiak, ez baitute akaburik izenek, zenbakiek eta bidegurutzeek.

Harrizko jauregi galanta deigarri parke zabal batean. Herri gehienek, askok behintzat, dute parke eder bat, zuhaitz lerdeneko ederrak. Parke inguruan bazen, oraindik agian da, jauntxoren baten jauregia. Jauntxo asko izan da lurralde honetan,

Auto uholdea errepidean, asteburua izaki, bere herrian edo bere etxean ez duen zerbaiten bila norabait bakoitza, egun edo asteburu pasa. Hala gabiltza gu re.

Lastozko teilatuak izan ditugu erakarpen nabarmenenak lehen bidaia erdian, hainbat eta hainbat bide ertzeko herriotan. Adreiluzko fatxadak, zarpeatutakoak fatxada zuriak, harrizko fatxadak... ondo zainduak denak: dutenek badakite altxorra dutela eta harro erakusten dute; antzinako etxeen ageriko museo dela dirudi zenbait herrik. Badira gaina lastozko estalkiz babestuta duten harresiak ere.

Luzeak eta ugariak izan dira gaur ere arbolapeko tunel berdeak. Atseginak.

Gerri sendo zabal korapilatsuko haritza errepide ertz-ertzean, bitxi-bitxia, arrama edo zuhaizka piloa kiribilduz gizendu bailitzan.

Motorzaleak, asteburuko errepideko lagunak.

Sarriak dira zaldizkoentzako ibilbideak.

 

Marlborough. Ezuste atsegina: erabat deigarria gertatu zaigu kale nagusi zabala, aldi berean herriko plaza: fatxada estu koloretsu pila, fatxada punta luze ilara, triangelu zorrotzak bata bestearen jarraian. Merkatua eguna izaki, ezin izan gara gelditu tentagarria bazitzaigun ere, non aparkatu ez genuelako, autoz eta jendez gainezka zegoen herria, merkatua bera ere ez zen asteroko  merkatutxo arrunta.

 

Makaldi bat: ez dugu gaur arte makaldirik ikusi. Intxusa: errepide ertzeko lora zuriko zuhaizka izan dugu lagun gaurko errepide osoan. Artalde bat: ez dugu izan besterik herenegundik, ez genuen besterik izanen gaur ere.

 

 

HARRI MEGALITIKOEN JAIALDI-SINFONIA

 

Long Barrow, “orgatxo luzea”: trikuharria: oinez joan behar zaio, errepidetik bi kilometroko bidezidor batez. Gari-sailez inguraturiko muino baten gainean kokatua, hegiaren luzera jarraituz, 117 metro luzera du, baina ezin da barrutik luzera osoan zeharkatu; lurrez estalia dena, sarrerako harritzarrak ezik, areto borobil zabala du erdian, erdiko ibilgune estutuko albo bakoitzean gordeleku itxurako bina areto edo gune  bildu txikiak; albotxotik du sarrera, ez aurrez-aurre edo zuzenean; harritzarren babestuta dago sarrera; ikusiak ditugu harri handiagoak, erabat erraldoiak; alboko aretotxoengatik egin zait ezberdina ez ezik atsegina ere.

Hippy laukote batek lo egin du gaur gauean barruko areto eta geletan, giro berezia izan zuten kandela hondakinei erreparatuz.

 

Erabat da gari-sail lautada zabala.

 

Silbury Hill. Tontor konikoa, belarrez estalia, 186 metroko diametroa du, 42 metroko altuera. Gizakiak egina da, hor du koska!, 3 mila urte Kristoren aurretik: nahiko esamesa eta iritzi eta galdera sortarazten omen adituen artean. Mendi-tontortxo bat besterik ez da begientzat.

 

Avebury circle eta Windmil Hill. Kristoren aurreko 2 edo mila bat urtekoak, bi monumentuak: ikaragarria, sinestezina, neurriz kanpokoa: duela bost mila urte gizonak halakorik egin zezakeenik ere!. Menhirtzar pila, 450 metro diametroko borobilean zut; ezin duzu igarri borobil bakarra osatzen duten ala borobil ezberdinak ziren, ez dakizu borobil bat beste handiago baten barruan dagoen ala bakarra osatzen duten, ala.... hainbeste harri hain esparru zabalean ez da erraza antz ematerik egiturari. Lubaki ikaragarri sakon zabala dena bilduz, nahitaez izugarri luzea,  sarri ez dakizu lubaki bat bakarra ala bi diren. Ehunka harritzar dira zut daudenak, baina beste asko ziren; mugarri antzerakoak jarri dituzte beraien  aztarnen tokian. Lurrean tinkatuta du mutur puntazorrotza harritzarrotatik askok, alde zabal gotorrena gorantz geratzen zaielarik; hiruzpalau metro zabalera eta beste horrenbeste altuerako harritzarrak dira asko. Joan eta ibili: nahi haina luzatu daiteken ibili-aukera eskaintzen du, menhir artean zein lubaki gainetik.

Jendetzak datozkio, etengabeko erromesaldian, gainezka dago beti aparkaleku zabala, jendez, autoz eta autobusez.

Hippyak dira bitxikeria bisitarien artean; ehunka daude, gustukoa zaie lekua edo bilkuraren bat dute egunotan. Kanpadendetan, autobus zaharretan edo furgoneta egokituetan bizi dira, txakur pila dute beraiekin M. Luisaren egonezina sortaraziz, aske dabiltza txakurrok, handiak dira gainera. Bakardadearen teoria egia balitz.

 

Avebury herria. Herri osoa da museo, erabat zaindua, turista-gune bilakatua. Harri prehistorikoez gain, etxe apartak ditu, jauregi isabelinoa eta eliza, bisitarien ikusmina asetzeko. Ez da inondik ere kinkila-herria, baina turismoari begira bizi da. Etxeak: zainduak, berrituak, lastozko teilatudunak asko, jendetzari begira berregokituak: museo, erakustoki, denda, kafetegi eta antzerako bihurtu dira. Eliza: saxoia omen jatorriz; iraun dute aztarna saxoikoak: leiho borobiltxoa horman... Txikitxoa, dena da xumea, leuna, landu gabea. Dorre karratu argia, gotikoa; sarrera bikaina; barrua ia zabalagoa da luzea baino, katedralen egitura petoa du bere nanoan ere: 3 nabe motz, XII gizaldikoa omen erdikoa eta XIII.goak alboetakoak; arku batek eta arku gaineko balkoi-korritu zoragarri batek banatzen ditu korua eta kapera: balkoiak harrizko eskailera beregain biribildua du gora igotzeko; kaperak: aukerako koadroz osatutako erretaula du batek, xarmangarria da behinik behin, koloretsu argia; ez zaio oroitarririk ere falta, xumeak oroitarriok ere; ez zaio falta zutoihalik; austeroa, burutxo zizelatu batzuk dira apaindura bakarrak; bataio-pontea: ikusgarria da, baita begi ezikasienarentzat ere, metalezko zizelatu paregabea, normandoa omen; eliza barruan daude erlojuaren harriak.

Mota guztietako jendea dabil igande-erromes: jantziz, adinez, ibileraz, portaeraz, arduraz, ikusminez, arretaz,  gureetan antzerako bilgune jendetsuetan lez.

 

Gari-sail amaigabeak,  lurra zeru-marrako begi-bistan galtzen deneino dena  da galsoro.

Autobus geltoki xarmanta, lastozko aterpe pospolina.

 

White Horse. Zaldi Zuria: mendi magalean zizelatutako zaldi zuri-zuri erraldoia. 1780. urtean auskalo ze demontre asmorekin egina. Urrutietatik ere erraldoi dager, deigarri eta harrigarri.

 

Calne. Bukatu ere egiten ez den etxe antzerakoen ilara egin zaigu deigarria, erraldoi luze errepidearen luzeran, amaitzen ez den solairu bateko etxe ilara amaigabea, tximinien  ilara bera ere nabarmengarri zaiola.

 

Chippenham. Eliza-dorre zorrotz luzeeeeeea du. Borobilen etorbidea dirudi, hainbeste dira bertan bidegurutze borobilok.

 

Copsham. Gaurko bigarren eta azkena izanen zen artalde erraldoia harrizko horma luze bukaezin batek gordetako larrean.

 

Eskozia eta Gales baino aberatsagoa dirudi Ingalaterrak: etxeak, herriak, janzkera, igandeko giroa, kanpinera joera... hobeto biziena dirudi.

 

Muinoz muino egin dugu tarte bat: kriston ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituzte gainek, berde tonu guztiak dituen bailara. Izan dugu ere mendiarteko ibar luze berde arbolatsua.

 

Bath. Bainu-herria, izenak berak ere dioenez. Etxe ilarek estaltzen dituzte mendi magalak, maldaz-malda dator etxeteria, inurritegia dirudi urrutira. Era guztietako etxeak, dotoretxoak izan nahi dutenak zein kolorgetuak, baina badira batez ere herritik kanpo edo inguruan, beti maldan hauek ere, etxe ederrak, jauregitxoak diruditenak, bakoitza bera, bakan, ugari, ikuspegi zabalarekin denak, bada izugarrizko jauregi paregabe ederrik ere: Claveston. Izen handiko hiria da, izatez ere handia, nabarmentzez zaizkio kafetegiak, ibilbideak, ugariak dira zuhaitzak ere. Bada “Bellavista” izeneko ostatu bat. Auto pilaketak harrapatu gaitu erdian  herrira sarreran, ia ordubete egin dugu, behin barruan, aldiz, berehala arindu da auto kopurua.

Ez diogu erakargarritasunik aurkitu, nekatuak ere bagaude egon, beraz aurrera egitea erabaki dugu ezagutzeko irrika bagenuen ere.

 

“Diversion” batek geuk ere ez dakigun ze bideetatik bota gaitu, bide galduetatik eraman gaitu berriro errepide nagusira. Mendi-muinoz mendi-muino jaitsi gara azkenez lautada ingelesera. Horigune ugari eskaintzen du ingeles lautada berdeak, helduz doa garia.

Marrazki ezberdinez eginiko hiru teilatu aparteko izan dira azken bitxikeria.

Stonehenge, errepidetik ikusi ditugu, gertu, hiru egun barru etorriko gatzaizkien monumentu megalitikoko zutikako harritzar lirainak, dotore, harrigarri, tentagarri deika.

 

Ejertzitoa, jeep ilara luzea, izan dugu Malborough aurrean lehenengo, bidaiako azken zatian gero, kamioi blindatu ilara oraingoan, zapiz estalita aurpegia, gerritik gorakoa kanpoan zutela tanketa gandorretan  soldaduak: hiltzeko trebatua egon behar du beti Ejertzitoak, bestea hilez ezartzen baita beti indartsuenaren bakea. Poliziaren bakea bezala. “Militar taldeak” iragartzen duen monumentua  bailitzan letrero bat errepidean.

 

203 kilometro, milaka urteko antzinatera jauzia.

 

Dotoretxoa da kanpineko jatetxea. Nire urtebetetze iragana ospatu dugu afalduz. Inguruko nekazari jendea ziruditen gaurko afaltiarrak, etxetik kanpora afaltzeko janzkeran dottore agertzeko ahalegintxoak eginda, portaeran zuten batez ere ezagun nekazari mundukoak zirela. Sartu ondoren barrara joaten dira, edaria eskatu eta mahaitxo batzuetan eseri; maitrea dator lasterrera ze afalduko eskabidea egitera; geroago zerbitzariak deituko dizu mahaira. Edaria zuk zeuk hartu behar duzu barran eta zeure mahaira eraman. Atuna afaldu dugu, haragijale ez garenez, otarraina eta antzerakoak ziren gainerako arrain motak. Barazki eta patata ugaritan bilduta dator eskatzen duzun edozein jaki. Ingelesek haragia jan dute, aberats osagaiez, urriak ziren haragi puskak. Afari garestitxoa da guretzat, gustagarritasun aldetik ere berriro frogatu dugu gustagarriagoa zaigula etxeko afaria, kanpoko afari bakoitzean gertatzen zaigun lez.

 

Sanjuan suak egin ditugu. Su txikitxoa egin dut, erritoa betetzeko adinakoa soilik, ez nuen barne girorik, nekea nuen gorputzean, ingurua ez zen erosoa. Guridiren S. Juan martxarekin egin ditut su gaineko jauziak. Aitari zenari ikasitako erritoa jarraiki, lizar arramak jarriko ditut bihar etxatoiaren ateburuan.

 

“Onan”. Aitor Arana. Nola irten asma ezinik harat-honat genbiltzala puta-leku merkera jo genuen ez dut gogoratzen non. Neska gizen, inondik ere ez erakargarriak zeuden etxoletako ateetan. Irudi oso hitsa gordetzen dut.

 

 

Ekainaren 24a.  Igandea.  54-I:26.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000:

Xabier Olaso:

* “ Eskuen atzamar artetik / isuri zaizkigu orenak, / tximista baten abiadaz”.  Hala joan zaizkigu Bretainia Handiko bi hilabeteak..

* “Eta guda gordinaren ostean, zer?”. Gure bidaia-aldi lasaiaren ondoren, hauteskunde-guda gordinaren eta osteko liskarren berri tarteka egunkarietan izan ondoren, beste hamar urte gutxienez luzatuko den gerra gordinago baten zurrunbilora goazen bizipena dugu.

Jose Luis Padron:

* “Elkarrekin mintzatuz, / Hitz bat bera ere esan gabe, ...”. Izan ohi dira horrelako orduak bidaiotan, isiltasuna maite dugun orduak. Baina bikotea alboan duzula jakinda, isiltasuna ez da bakardade bihurtzen.

* “Amets ditut diot infinitoan ametsak ditut ...”. Definizioz da bidaiaria ameslari, zer ikusiko amets abiatzean, ikusitakoaz itzuleran.

* “Nik ez diot barrerik egiten”.  Padronek poeman aitatu oro aurkitu ohi dugu bidaia orotan.

 

Ikusgarri ederra dator S. Juan eguna. Lizarrik aurkitu ez dudanez  kanpaleku inguruan, intxusa adarra jarri dut ateburuan Mispillibarko atariko intxusaren oroimenez. Udaberri giro aparta, gehiago da uda eguna gaurkoa, denean nabari da bizipoza, egonezina, irten beharra, haize berria hausnartzeko nahia. Belek hor diraute eguneroko askari bila belartzan, leiho aurrean aldiz buztanikara izan dugu bisitari.

 

Ingalaterrako kanpinetan ia ez dugu kanpadendarik ikusi, kanpaleku honetan aldiz ia denek dute toldopea aterpe, ez da ia etxatoirik. Ohizko neska-mutil bikote gazteez gain, umeekin datozen bikote gazteak dira asteburuko bezerook: ohitura, ekonomia, giroa... Bistakoa, nabarmena, da ezberdintasuna.

Munduko errepide eta trenbide guztiak pasatzen dira kanpalekuetako ingurutik, hemengotik ere.

 

Asken katedrala dugu gaur ikusgai eta eguneko ibiliaren helburu nagusi. Denak du bidaia bukatzear dagoen kutsua. Windsor genuen gaur helburu, igandetan ordea ez dute ordu bata arte zabaltzen, beraz biharko utzi dugu.

 

Lautada uhintsuan hasieran,  mendi-muinoz mendi-muino gero, hala joan da gaurko ibilia. Garitzak estaltzen dute lurra gaur ere, izan da behi aldraren bat, belardi ebakiberri horixka ere. Hainbat basotxo zeharkatu dugu gaur ere, tunel berde batean baikenbiltzan, aho-zulo beltz borobila da sarrera, begi argitsua irteera, hain da trinkoa abarraeria, hain borobil moztua dago, seguru aski kamioien marruskadurek eginiko lana.

Herri bideetatik joan da gaurko ibilia, bide txikietatik. Ikuskizuna gertatzen da mendi-muino gainetiko ikuspegia, balkoi-korritua bihurtzen da sarri errepidea. Preso eta inguruari itsu aurkitzen gara hurrengo, hesi berdearen baitan; aspergarria bilakatu zaigu joana azkenez, luze eta errepikagarria, monotonoa, beti antzerakoa, bere edertasunean ere. Badirudi lehen egunetako irudiak, bidaia osoko irudiak eurak errepika nahi dizkigula Ingalaterrak, erretinan luzarorako itsatsiak eta atxikiak gera dakizkigun.

Izan dira dozena erdi bat lastozko teilatu, ttantta deigarriak berez, ziztu bizian pasa zaizkigu, gozatzeko aukerarik gabe. Adreiluak jartzeko bere arau eta jitea du adreiluzko fatxada orok, marra eta forma ezberdinak ditu bakoitzak, auskalo arkitektoaren, igeltseroaren ala ugazabaren nahierara doan fatxadok dotoretzea, ez dirudik kostuak ezartzen duen neurrira eginak daudenik.

Plastikozko fardel erraldoi beltzetan gordetzen dute belarra hemen ere, sabaian batzuk, zelai bazterretan besteek.

Bihurgune askoko errepidea, zabalez egokia, ta zoru berdinekoa. Eltxoak dirudite gaur motorzaleek, hain dira ugariak. Erruz dabil autoa, herri-bideotan ere; lasaiak, zentzudunak, dira gidariak, presati zein geldoren bat sortzen bada ere tarteka. Beldur handiagoa diot geldo mantsoari ipurtarinari baino, geldoak sortzen ditu ipurtarinaren ezinegon eta arduragabekeriak gehienetan.

Herri gutxi izan dugu lehen zatian, ugariagoak izan dira azkenengoan, Petersfieletik aurrera. Ugariagoak ez ezik ezberdinak ere: gorriak eta oso pikoak dira teilatuak, adreiluzkoak etxe gehienak, politak. Uharri zuri txikiz eginiko etxe-hormak dira herriotako osagai berrietako bat: dottoreak, erakargarriak, ezberdinak bilakatzen dira etxeok. Zurezko kanpandorrea izan dugu asperduraren pizgarri herri batean.

Hainbat lorategi edo parke iragartzen da bisitagai errepide bazterretan, gonbidapena luzatuz. Konde asko bizi izan zen, agian bizi da oraindik, lurralde honetan ere. Aurrekoek herriaren izerdiarekin eraiki zutena, herriaren sosekin iraunarazi nahi dute ondorengoek.

 

Midhurst. Eliza modernoa du. Peterfielek ukatu digun Chichestererako bidea eskaini digu hiri honek.

Bidea gainbeheran hartu dugun une batez mendate aldapatsu berdean, itsasora gindoazen bizipenak bildu gaitu, aurreko triangelu  punta-beheranzkoan ez baita zeru urdina besterik ageri. Lautadan bukatu zaigu, baina, ilusioa.

Lehenengoz bidaia honetan, ureztatzen ari ziren zelai belar-ebaki berri bat: nekazariak ez du euriaren zain egon nahi, presa du bigarren uzta jasotzeko.

Kontuzko triangeluek aitona-amonaren marrazkia dakarte, umeekin bezala zaharrokin ardura hartzeko eskatuz.

Kuartel erraldoia hirira sarreran,  kartel marroiz, turista-gune bailitzan harro iragarrita gainera, erabat zabala da harresiz  babestutako esparrua.

 

Chichester. Bisitariak erakarri nahi dituen herri zaindua, zabalik dago hainbat denda igandea arren, herrietako bisitarien zain. Badabil ibili bisitaria, pasieran, mokadu bat jaten edozein zoko zein katedral inguruko belartzan eguzkitan etzanda.

Glucester-en bezala Ipar Eki Mendebal Hego kaleak sortzen dira erdiguneko kale-gurutzetik, hemen ordea erromatarren kokagunea gogoratuzko plakaren ordez tenplete bat dago, ortogonal zabal sendo, landu-landua, zizel-lanez dotoretua, aterpea eskainiz zutabe sendoaren inguruan: ez dute ezer berezirik lau kaleok, are gutxiago eguerdiko eguzki galdan: inolaz ere erakargarriak ez diren zutabedun bi eraikin, merkatua eta udaletxea, eta eliza fatxada pospolina alboko fatxadari lotua. Pallant deritzan gunean, Gotzain esparrua omen, Ipar Eki Mendebal Hego Pallant izeneko beste lau kale sortzen dira, ugariak dira bertan etxe handi-mandiak, baina ez dira inola ere erakargarriak. Katedralaren alboan eliza izan behar zuen eraikin gotiko eder handia,  sarrera puntazorrotz bat, bigarren sarrera oparo zizelatua, hiru nabe, leiho luze zabal argitsuak, arkuteria garai bikaina eta zurezko sabai apartak: sekulako kafetegia da gaur egun. Uharri zurixka biribileko harresi garaiez gordetako esparru batean, hainbat eraikin gotiko eder harresiz bildutako esparru batean, elizgizonen etxebizitzak izandakoak, oraindik ere seguru asko direnak. Katedrala: Mezak harrapatu gaitu bete-betean gaur ere, horregatik azkenerako utzi dugu bisita. Dorreak aitatuz hasi behar: alboan, bereizia, bakan, dagoen dorrea aipatu behar lehenik, ez omen besterik Ingalaterran, hau omen baita elizari lotu gabeko bakarra: gaztelua dirudien karratu sendo gotorra, zabaleraz handia, burumotza, higatua jadanik; bigarren dorre bat ere badu, gurutzadura gainean, piramide luze lerdena, bi mailatan eraikia, harri zizelatuz dotoretua. Eliza bera: normandoa da gurutzadurako zatia, tailatutako arku-leihoekin; beste dena, erabat berritua, gotiko erabat austeroa, leuna; beiratea den arkutzarra sarreran; zink berdeko teilatua, harri-kolore iluna arinduz; gargola bitxiak, ahoan tututzarrak dituzten burutzar tailatuak. Barrua: deseroso bezala sentitu naiz. Austeroa, leuna, ia apainduriarik gabe; garaia; 5 nabe ditu, xumeak dira gangak, hormek aldiz 3 mailatan banatutako arkuteria dute: gotiko xumea behean, normando ederra erdian, eta harri beltzeko zutabe  meheak dituen arkuteria nahastua, arkutxo-zutabeteria, goienean; ohizko egitura du, bitan zatituta beraz: harrizko arku batek  banatzen du  erdiko nabea sarrera emanez koruari; arkuaren ganga da erakargarriena: arkuteria trinkoa, giltzarri zizelatu ederrak; koruak berak ez du ezer aipagarririk; koru osteko kaperak ere ez gaitu gehiegi erakarri: gotikoa da, giltzarri landuak erakusten ditu sabai ederrean. Horrez gain, kaperak: horietako batzuk landu bikainak, hilobiak, gizairudi etzaniko estatua apartak, oroitarri pila hormetan... xumea izanik berez, badu zeri begiratu osagairik. Letoian zizelatuta iraun nahi izan zuten 20 seme-alabako senar-emazteak, han daude horma batean, baita ez emazte ez emazterik ez seme-alabarik aitortu nahi ez zuten bi morrosko ere horman belaunikatuta. Artelan moderno ugari  ezarri diote osagai: tapiz txikiak erdiko nabean, bataio-ontzia koru aurrean, pulpitua koruan, erretaula ohi denez  koloretsua  baina erabat modernoa, koru osteko horma bera koadro moderno handia da...: denak omen  gaur egungo artista famatuenarenak: nik Shagal soilik ezagutzen nuen, baina, hain zuzen, gidaliburuak ez du aipatu ere egiten bere beiratea. Europako ez dakit zein katedraleko Shagalen beirateak ditut gogoan, biziki gogoan urdin-lila kolorea nagusi zuen beiratea. Gustatu zaizkit artelanok, uste dut egoki datozkiola katedralari. Klaustroa: erabat austeroa, hertsia eta iluna, biluzia, zurezko ganga xumeekin: pasaleku izateko egokiagoa pasealeku  izateko baino.

Geriza bila kaleotan, edo katedraleko freskura eskertuz egin dugu hiriko bisita.

 

Aurreko paisaia bera izan dugu etxera itzuleran; lehen aurkitzen jakin ez dugun errepidetik bideratzea lortu dugu: herri barrutik uste genuena, herri kanpotik joanez aurkitu behar genuen: kontrabideak erakutsi digu bide zuzena.

Uzta-makina izan dugu errepidean, hara non galsoro ebakia ere!

Hainbatetako irudia: baso erdian goratzen da eliza-dorre luzea, harrizko zuhaitza, makal, altzifre… tantai guztien gainetik nagusi.

Ez dago Ingalaterrara duela ia bi hilabete etorri ginenean bezain jori eta berdea ordeka ingelesa.

“Pati central” dio iragarki batek Andovber-en: bada espainiarren bat hemen ere.

 

Erlea bezain handia, intsektu ilun batek ziztatu nau besoan, ukalondo barrualdean, zainean bete-betean erizain batek baino maisukiago; ziztada izugarri mingarria izan zait: esku kolpe batez bota dut, auto artean eta bide estuan ez dut izan minari eustea beste aukerarik zaplada eman ahal izateko unera arte. Ezten lodia utzi dit barnean, M. Luisak atera dit pintzekin semaforo  bateko geldiunean. Bada Drakula intsektorik: odolbatua edo gorriunea utzi dit, ospitalean erizain ez hain trebeak uzten duten horietakoa.

 

180 kilometro: ez zuten merezi, ez hiriak ez katedralak.

 

Egunkaria irakurtzen ikusi dut kanpin-kide bat: herrimina sartu zait, dakidan arren egunkaria hartuaz bat ernegatuko dudala, herrian duela bi hilabeteko giro bera izanen baita. Urteroko etsipen bera.

 

“Onan”. Aitor Arana. Gizonezkoak ohi dira motorzaleak, salbuespenak sablbuespen. Sarri ikusi izan ditugu kanpalekuan, koadrilan baina bakoitza bere dendarekin gehienetan; gehienez binaka. Homosexualak ote, ba ote homosexualik euren artean, ba ote zerikusiren bat motorzale eta homosexualitatearen artean?.

 

 

Ekainaren 25a.   Astelehena     55.a - 27.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000

Asier Serrano:

* “Itzuli naiz ... / ... Esan zenidan badirela oraindik / konkistatzeko zeru berriak”. Itzulera giroak bildurik gaude jadanik... baina hurrengo zeru berriak amesten eta hausnartzen ditugu.

Castillo Suarez:

*  “... asperdurak ohar koadernotan / islarik ez eduki arren”. Hainbat asperdura, ikusgai eder eta giza zirrikituk ez dute islarik nire koadernoan, nekadurak eta ahalmen ezak ezinezko bihurtzen dutelako hizki eta idatz-moldean gauzatzea begiek ikusi, barnean sentitu eta garunek prozesatua.

* “Sarritan sinpleegiak direlako / nahi genituzke erantzun konplexuak / deskodetze prozesuarekin / zer egin ez dakigula”. Begien aurrean duguna ez dugu ikusten sarri, labain egiten digute errealitate gordinenek ere, edo ez dakigu edertasun gozoenak bizitzen.

* “ez dut sekula tangorik dantzatu”. Leningradon dantzatu behar izan nuen nik, jende pilaren aurrean, dantzari profesionalekin batera, erabat lotsak jota”.

 

S. Juan Txiki eguna, garai batean aurresku-eguna Altzolan.

 

Windsor gaztelua dugu bisita-leku

Uda giroa gaur ere. Asteburua ez arren izugarria da errepideko autoteria, lepo doaz uneoro bi norabide bakoitzeko hiru bideak. Aurrekoarekiko segurtasun tartea zintzo gordetzen da, ez da gidari astakirten edo erorik, lasaia da, beraz,  gidaritza.

Ze aitatu guti ikusitakoaz. Bi zerri-granja ikaragarri zabalek izan zaizkigu deigarri: zilindro erdi diren auskalo zenbat txabolatxo belarrez soil lur gorrian; kanpoan da zerri oro txaboletan beroak ito beharrez edo.

Dottoreak dira bide txikien inguruetako herritxoak, apaindu zaindu adreiluz gorriak.

 

Ascot. Hipodromo famatuaren ertzetik doa errepidea: langadi zuri borobil obalatua esparru zabal-zabal berdean; bada erdian sastraka itxurako hesi edo zuhaizka motzeko esparru bat. Oso bertan izan dugu lehia-ibilbidean edo nor gehiagorako prest telebistan ikusi ohi ditugun hosto-hesi erraldoietako bat: zerbait bigun zamarra iruditu izan zait telebistan, baina arramateria lehor gogortua da, hesi zabal garaia, berdin-berdin ebakia gainetik, espata edo orratz zorrotzak behar dute gainera eroriz gero.

 

Ascot eta Windsor arteko lursailak: kilometrotako zabalak, garai bateko jauntxoen jauregiko parkeak itxuraz, seguruenik Windsor gazteluko kondearen parkea bere garaian, ehiza eta mila jolaserako ezin aproposagoa; herri-parkea dirudite gaur egun; kilometrotako zabalerakoak, erabat zainduak daude, adarrei borobil zabaleko zuhaitz gizen ederrek ematen diote jauntxotasuna, bertan gelditu ibili eta etzateko irrika sortaraziz: lehortuta daude hainbat enbor, baina era berean zainduak, biluzi zurixka, zabal eder, fosilak bailitzaz, erlikia sendo erakargarri bihurtuak.

 

Windsor. Turismotik bizi den herria: milaka  bisitari doazkio egunero, uholdean; sortaldekoen ugaritasuna gerta zaigu ezustea; gaztelua bisitatu ondoren kaledian galtzen gara bisitariak, begiluze eta ikusmin, mokadu bat jan beharrez asko. Gaztelua da hiriko altxor nagusia, ia bakarra, baina herriak ere merezi du bisita, gustagarria da kaleotako ibilia, izozkia bera ere aparte gozoa gertatzen da kaleotan. Hiri txikia da, zaindua eta aratza, dottoretasun ukituz bildua, herriotako ohizko etxe mota ezberdinez osatua, adreilua da nagusi. Saltokiak, dendateria, kafetegia, jatetxeak... ohi denez. Udaletxea,  merezi du aipamen bat: Veneziako logia gogarazten du zutabe-arkuz azpialde irekiak; ederra da udalbatza-aretoa, koadroz beteak hormak, non ez den falta erregina gureetan errege mozoloa lez. Eliza, ez da luzea, halaz ere presbiterioa zurezko arku batez berezitua dago; korua balkoi-korritu zabala da hiru nabeen gainean, esparru itxia da bankuteriako ilara bakoitza; ilunegiak dira zurezko gangak nolakoak diren jabetzeko; erretaula eta ingurua, aldiz, mosaiko finak dira. Ibaia, aitatzekoa da ere, inguru atsegina delako: zisne ugari, hain harroak eurak, janari eskale eta bisitarien eskutik bazkatuz, ahateekin lehian, ahateoi nagusituz janariaz jabetzerakoan. Herritik ia kanpoan putzu bateko ponpa  erraldoia, egituraz trauskila, tamainaz deigarria.

 

Gaztelua: Aireportu bateko kontrola dirudi sarrerakoa, bertan bada gazteluaren azalpen orokor bat ere, gazteluaren azalpena baino gehiago Ingalaterrako erregetzaren propaganda dena. Timo bat, iruzurra, da bisita, bakoitzak 11 libera handi, 3 mila pezeta, ordainduz gero: St. George´s chapel besterik ez dute ikusten uzten. Beste ikusgai oro ikustea ordaindu egin behar duzu sarreran ordaindutakoaz gain.  Gazteluko barne esparrura sartzen uzten dizute soilik, dorretzarrok barnealdetik baina beti kanpotik ikusi ahal dituzu, guardia aldaketa ikustea ahal duzu une egokian heltzen bazara, ibilalditxoa egin eta kitto!. Delako San Jurgiren kaperan ez dizute ez argazkirik ateratzen ez bideoz grabatzen uzten, beraien postal eta bideo-grabaketak saldu ahal izateko. Negozio oparoa bere jauregi eta gazteluekin Ingalaterrako konde, errege eta jauntxoek egiten dutena.

Herri gainean, hegi-hegian kokatua, ikaragarri gotor eta zabala da. Luze-zabala barne esparrua. Ez du harresirik, eraikinak eurak dira babes eta hesi, dorretxo mordoa bata bestearen jarraian, elkarri lotuak, erdiko esparrua bilduz. Ikustekoak. Bi dorre nagusi ditu, gotorren artean gotorrenak, gotortasunez deigarri. Ugariak  dira estilo ezberdineko eraikinak, denak ederrak. Bada ere zabaltza luze bat nondik ahalbideratzen den ikuspegi zabala.

Jordiren kapera: Sekulakoa. Gotiko aparta. Ingalaterran ikusi ditugun egitura eta jite bera ditu, txikiagoa eta dotoretuagoa, apainduagoa. Leihoteria gotiko lerden finak; sekulako gangak, hiru nabeetan: zutabeetatik zabaltzen den abaniko edo haizemaile estiloko teknikak erabat ikusgarriak bihurtzen ditu gangok, harrizko bihurgunez loratuak, lotura bakoitzeko giltzarri zizelatu eta koloretutakoz apainduak. Beirateak, apartak dira. Aldamioz estalia dago korura sarrerako harri argiko arkua, halaz ere sekulako ganga ederra ikusten zaio, zurezko taila aparta da arkua bera; koruko aulkiteria, orain arte ikusitakoetan ederrena, irudien ugaritasun, fintasun eta nanotasunagatik: iruditeria zoragarria, filigrana hutsa, iruditxo fin nano ikusgarriak denak; guzti horrez gain bada farfaila dirudien taila lanik ere; koruko ganga nabekoaren jite berekoa da, oraindik ere ederragoa; aldareko erretaulan marmol zurian zizelatutako irudiek urreztatuta dituzte buruak; organoa, pintatua da; horrez gain taila fineko argimutil erraldoia. Koru ostean kapera eta hilobi apartak giza irudi ederrez osatuak.

Albert Memorial Chapel. Sekulako arte-lana hau ere; ganga osoa da  mosaikoa, gizairudi pila dager, urre-kolorea da nagusi, irudien jantzi gorri-zuriek ematen diote bizitasuna; mosaikoa da sarrerako horma osoa ere; bi beirate aparta hormetan; behe aldeko horma bera ere marruskatuz eginiko irudiz edertutako sekulako marmol-horma da; horrez gain hainbat apaindura, animalia iruditxo tailatuak, gizakume irudi tailatuak...

 

Sarrera-ordain txartel berria behar da beste dena ikusteko, hau da: zeremonietarako aretoa eta antzerako gazteluko esparruak. Jauregiko sala, saloi  eta antzerakoak ikusi nahi genituen guk, ez daude ikusgai.

 

Goardiaren aldaketa. Kasaka gorri eta ileorde beltzez jantzita guardia-mutilak, espataz armaturik, -soldaduak metrailetaz- amaierarik gabeko komedia antzeztu dute zaindariok. Desfile koloretsu eta zaratatsuan sartu dira gaztelura, izugarrizko jende pilaren begiradapean, ikusmin biziaz bilduak, argazki makinen flash argiek argiztatuta. Takoikada eta aupada ozenen artean egin dituzte mila joan etorri, agurtze eta komedia. Luze joan da ondoren bandaren kontzertua, bitartean soldaduak joan dira hor zehar, harat-honat barreiatu eta eraikin osteetan galduz, gerora itzuli dira, guardian egonikoak seguru aski oraingoan,  elkartu dira berriro patioan,  bukatu da kontzertua, errepikatu dira takoikada ozenak, aupada biziak, kolorea bezain iluna armen burdina hotsa, bi buruen joan-etorri aspergarri errepikakorra; joan dira  azkenik zaharrak, berriak etorri diren aldetik eta parafernalia berdinean. Komedia adarjotzaile luzea gertatu zait niri.

 

Minutu erdiro zeharkatzen dute Londresko aireportuko hegazkinek, erabat behetik, bortizki zaratatsu, herri gaina. Ikuskizuna da, baina era berean deserosoa.

 

Eguneroko militarren presentzia, 3 kamioiko konboia kontrabidean eta kamioitzar bat tanketzarra  zamatuz gure bidean izan da gaurko agerraldia.

 

188 kilometro, ziria sartu diguten sentipenez ere gustura.

 

Igerilekua du kanpalekuak, txikitxo xumea, igerialdi goxoa ahalbideratzen didana.

Beleek duten hierarkiari antz eman nahian egin dut tarte luze bat, hierarkia eta antolamendu bat badela besterik ez dut ziurtatu, nagusigoa mailaka doala: mokoka egiten dute elkarren artean, sexu harremanek ere badute bere araudia. Nahasmena dirudi osatzen duten multzoak, baina une batez denak batera alde egin dute burutxoaren ordenura edo.

Buztanikara izan dugu lagun sarria: beti bakarti.

 

“Onan”. Aitor Arana. Hanburgon ez genituen ikusi erakusleihoetan egon omen ohi diren neskok, kale famatura hurreratu ginen arren. Historia eta mito da agian jadanik neskona ere, hiriak bere garai bateko sen hura galdu eta portuko giroa aldatu denean. Amnasterdanen ere ez genuen aparteko girorik aurkitu ipurdi-erretena ozta-ozta estalia zerabilen kafetegi bateko neska ezik: agian gauez eta kale zehatzetan aurkitu behar da delako giro bitxi hori. Txekian aurkitu genituen, ezustean, hiriko sarreran eta aparkaleku aurrean, neskak, bakoitza bere erakusleiho handiaren barruan, kaiolan baileude,  dotore bere biluzian, ederrak eta tentagarriak.

 

 

Ekainaren 26a.   Asteartea.  56.a – I:28.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2002

Kirmen Uribe:

* “Ez dut gauez lorik egiten ...” Bidaiaren erakargarritasun bat niretzat da herrian ez bezala bidaian berehala eta erabat harrapatzen nauela loak. Bidaietako gozamenetariko bat.

* “Urrun izanik / begira iezu / trenbideetako mitxoleta gorriei, / euren hostoak kulunkatzen”. Abiadura da errepide ertzeko loreengandik urruntzen gaituena. Zenbat aldiz miretsi ditugun errepide ertzeko eta etxaurreko loreak, autoen abiadurak berak astinduak sarri.

* “Ainedi berriz zure ispilu, / bidaztiarena aintzira den bezala”. Ezin naiz jabetu irudiaren zergatiaz. Ze lotura dago aintzira, ispilu eta bidaiariaren artean?.

Urtzi Urrutikoetxea:

* “Xirula txiki batek jotzen du / Strratford araneko melodia, / Errari, gorputzak edozein muino txokotan / Batzen ziren sasoiez oroituz”. “Itzuliko ez garen lur garaiak, eta han gelditzen ziren izakiak gogoan, / eta tristurak harrapatzen gaitu ontziaz bestaldeko taberna zuloan”.  Dena da azkena gaur, hortzak garbitzea bera ere, bihar ferryan gosalduko baitugu. Xirula goxoa dugu musikari guk ere barnean, agur-melodia, itzuliko ez gatzaizkien lur lauoi begira, hemen gelditzen diren izaki eta gizakiak gogoratuko ditugu gureetan GB auto-popan ikustean. Baina ez gara izan errari, etxerako ferryko txartela erosia genuen sarreran bertan.

Juan Luis Zabala: “Maite dut gasolio usaineko / bakardade gaizto eta errudun hau”. Bidaia honetan falta izan zaizkit zerbitzugunera bideko gaueko bakardade bihozbera sarkor bare barne-baketzailea.

 

Egun beroa gaurkoa ere, sapa. Bi hilabetetan izan ez ditugun lagunak agertu zaizkigu, euliak.

Uhin leuneko mugarik gabeko ordeka izan dugu bere gaintxo batetik ikuskizun: ez da Ingalaterrara heltzean izan genuen lautada berde joria, erabat aldatu zaigu, hori-horixka, berde larutua, dugu oraingo paisaia. Ebakita dago belarra, helduta edo heltzear garia; zuhaitzak, ebaki gabeko zelai batzuk eta galsoro bakan batzuk dira berdegune bakarrak.

 

Stonehenge. Joan, begiratu, harritu. Izugarri erraldoi dager zutikako harrizko taketzarrak errepideko lehen ikuspegitik, nano txindurriak dirudite inguruan dabilzkien bisitariak. Duela 3 mila urtetik gora jaso zituen gizakiak harritzarrok, ordenu jakin batean, helburu finkoarekin. Gizaldietako lana, eta gizaldietan  errotutako jakinduria eta sinesmena. Milaka urtetako lana: egin, jarrai, osatu, aldatu, ez baita une edo aldi mugatu bateko lana eta egitasmoa, epe luzera asmatu eta gizaldi luzeetan gauzatzen joana baizik. Harritzen nau ze etorkizunaren ikuspegi luze zabala zuten, ze ikusmolde eta asmoz egiten zuten lan, gizaldietako lana baita; ze eskema, ze plano zuten buruan, horrelako lanak asmatu, gauzatu eta errealitate bihurtzeko. Nola transmititzen ote zituzten ideiak, asmoak, planoak: gehiago harritzen nau honek, arazo teknikoak gainditzeko abilezia eta ahalmenak baino. Katedralak jaso ziren antzera egin baitzen obra hau, katedralak baino epe luzeagoan: nola transmititu ikuspegi orokor hori, zati berri bakoitza helburu bakarraren osagai izan zedin?.

Izugarria da izan ere monumentu megalitikoa, hain harri handiko harri pila handia, nola erabili, nola lurrean inkatu duela 5 mila urteko baliabideekin. Harrigarria da harritzarron koka-moldea edo kokaera, ideia bati jarraiki, sinesmen baten arabera. Borobilean baina ideia, sinesmen edo zientzia ikerkuntza zehatzei jarraiki jasotako egitura. Eliza, astronomi gunea... Honek ere lubakia du harriteria osoa inguratuz, Avebury-koak antzera, baina lubaki hau ez da hura bezain sakon eta zabala. Misterioa omen, bai harriena bai lubakiarena, zergatik, zertarako eta nola eraiki zuten eraikin hau. Misterioa dira niretzat baita ere gizaki haien ahalmen fisiko, tekniko eta batez ere intelektual eta ikertzailea. Misterio da ere nolatan iraun duten harriok: arpilatu izan omen dute, gizaldietan izan omen da nekazarien harrobi ere.

Erromesaldian lez datorkio bisitaria, etengabeko sokan, uneoro dago inguratuta, babes sokatik haratago zirkulu zabala eginez. Autobuskadak eta autoak eten gabe datoz, amaierarik gabeko heldu eta joanean, 20tik gora autobus dago uneoro aparkalekuan. Jubilatuak, umeak, bikote gazteak, japoniarrak pila...: Ingalaterrara edo Londresera datorren orok nahi du hona etorri.

 

Heldu zen izurritea honaino ere: desinfekzio neurri zorrotzak daude sarreran zein irteeran. Ez dira agian ausartu monumentua bisitariei ixten, “closed” hitz madarikatua jartzen; ordez, prebentzio neurriak areagotu dituzte.

Gazteleraz ere bazen, hori erabili dugu guk, azalpen-entzungailua. Beraz badator gaztelaniadunik hona.

Ez dira sartu monumentu esparrura   hainbat eskolaume, ezta hainbat gazte zein nagusi ere, pila dira kanpoan gelditzen direnak, nonbait aurrekontu eta ekonomia mugatu edo murriztuekin datoz: pobreak eta pobreagoak turisten artean ere, giza kategoria madarikatuak beti, ekonomiak sortutako desberdintasunak gizarte maila orotan; errepideko sare ostetik begiratzen dituzte harriok, bertatik ateratzen harrion argazki eta “potorekuerdo”ak: nahiko hur gelditzen da errepidetik, baina sare ostetik eta ikuspuntu bakarretik ikuste dute monumentua, besteok inguratu egiten dugu, zirrikitu guztietatik begiratzen diogu, ikuspegi orotik ezagutzen, merezi du, ezberdina baita nondik begiratzen den arabera, argiak berak ezberdin biltzen du ikuspegiaren arabera..

 

Salisbury. Etxe apalek osatzen dutenez, zabala; inguruko kaledi eta auzoak etxe berdin-berdineko kalez osatuak dira, etxe koloretsu argiak batzuk, leiho-buelta zuria duten dena adreilu besteak, beha-leihotxoekin denak, denak erakargarriak, denak elkarri lotuak ilara luzeetan, bere berdintasun eta uniformetasunean politak. Hiri bikaina eta atsegina da erdigunea: ohi denez mota guztietako etxetxo xarmantak: xumeak, ederrak, bakoitza bera... denak erakargarriak. Ezberdinak. Hiri pospolina, handi-manditasunik gabe, handiputz arrastorik gabe, ez du hiri baten harropuzkeriarik; etorri eta ibili kaleetan harat-ona etxeei eta herritarrei begira. Plaza zabala, non baden zura ageriko eraikin ederrik; eraikion artean bada bat eraikin grekoen antzerakoa, ataurrea zutabe biribilez gauzatutako atariarekin; merkatu txiki edo merkatu merke eguna da gaur, bizi-bizia dago plaza: begiluze  ibili gara, saltegiei baino herritarrei so: janzkera, ibilera, portaera...: ez dago ezberdintasun handirik gureetatik hona, gaur egun globalizazioa janzkera eta portaerara ere heldu da. Biziki erakarri gaitu kapelu salmahaiak: uneoro zegoen bezeroz betea, gizonezko zein emakumezkoz, denak adinekoak, kapelok probatuz, irribarretsu. Zabala du ere saltegi erraldoien esparrua, ibaitxo oparo garbia doakio erditik, hiri ertzean baina hiritik bertan, bertatik bertara joan ahal da erdigunetik oinez.

Katedrala. Hiriko altxorra, erruz datorkio bisitaria. Zuhaitz eder eta ugariz erakargarria den belar-gune zabal baten erdian kokatua, horma xume batek inguratzen du esparru dena, zeini bi ate geratzen zaizkion, hormari ez dagozkion ate ederrak, ia gotorrak; eliza ez ezik horma barruko esparruan, belartzaren ertzean, elizgizonenak diren  edo ziren etxebizitzak, sekulako plaza osatuz. Sekulako fatxada eta sarrera, santu-irudiz, horma-zulo eta atetxoz, arku eta arkutxoz, biribil eta orratzez dotoretu apaindua; berritu berria, argi horixka sekulakoa agertzen zaie gure begi harritu asperrezinei ateburua zein fatxada osoa. Belztua dago, berriz, gainerako hormateri oro: handia behar du izan kutsadurak, belzten hasiak baitaude lehengo garbitutako zatiak. Gurutzadura erditik luzatzen zaio dorrea,  tzarra, orratz  zorrotz luze dotorea, zizelatua tarteka: Ingalaterrako luzeena, izan ez ezik itxura ere luzearena ematen du bere 123 metroko garaierak. Fatxada ikusi ondoren, etsipen sentipena izan zait barrua, hain da austeroa, hain dago biluzia; baina laster adiskidetu naiz barnealdearekin ere: izugarri luzea, 137 metro, luzeagoa dirudi oraindik ez baitu koruko arkuak mozten edo erdibitzen; tunel gotiko magikoa da, luzea, garai-garaia, estilo bera izatean eliza osoak ez du inolako mozketarik, luzera bakar berdinean ikusi ahal duzu; gorazko sentipen bizia sortarazten du, gorantz doan irudia eskaintzen du eskaini ere, hiru arkuren batasunagatik seguru aski, hiru arku ilara baitira hormetan, estilo eta jite berekoak hirurak, hirurak zutabe mehe biribil beltzekoak, kontrastea egiten dute¸ arku-buru puntazorrotzekoa da arku bakoitza, bata bestearen luzapen, arku bat bakarra bailitz. Ezustea sortarazten du koruak ere: xumea dirudi lehen begiradan, hurreratu eta begi zulo minez begiratuz zurezko taila ederrak eskaintzen ditu; pintatuta dago koruko ganga, baita osteko kaperakoa ere, gizairudi ugari ezberdinez, eta marra fin koloretsuz, polikromatuak dira arkuak, hala dira korutik aurrerako arku denak, kolore gorria nagusitzen zaie. Koru osteko kapera: ez du aldarerik baina bai antzinako zurezko Amabirjina higatu zamarra, ederra, begien gozamena; landuak ditu hormak, kapera ederra izan zela erakusten duten hondakinez oparo. Elizako besoek, kapera eta hilobi ederren kokagune izateaz aparte, ez dute ezer berezirik. Kapera asko eta ederrak, asko eta ederrak etzaniko gizairudi maisuki zizelatuak, begien opari; ugariak dira zizel-lan eta artelan paregabeak, ohizko marmolezko oroit-irudiak hormetan, harriak dirauen bitartean eternitatean dirauten jauntxoak. Harrizko hilobiak 3 nabeen arku bakoitzeko azpian. Elizako zoruan dago jarria Erdi Aroko erlojuaren makineria, soka luzeak luzatzen zaizkio ez dakit non dagoen erlojua ibil dadin. Klaustroa: Ezereztxoa iruditu zaigu hau ere lehen begiradan, hain dago biluzia, baina arku, leiho eta gangako nerbioteria bikainak ditu, nahiz denak kolorge eta desitxuratua ageri; bada kantoi batean berrikuntza lanetan bere tokitik kendu zuten kapitela: sekulakoa!!!, sendotasunez eta handiz. Kapitulu gela: klaustroan ohi denez, bikaina, aparta,  biribil, zabal garaia, erdiko zutabean oinarritua du osoki ganga; ganga bera ere ederra da, pinturaz dotoretua. Carta Magna: Karta Handia, katedraleko altxorra, bitxia eta berezia, gelditzen diren bakanetatik irakurri ahal daiteken bakarra omen da. Erregeari bere eskubideak murriztuz, inausiz, herriari eskubideak izateko ahalmena ematen zion itunaren textoa: ia noiz kentzen diogun Espainiako Erregeari Konstituzioak ematen dion ukitu-ezin hori, izan baitu zer salatu.

 

Txerri granja brist-brist eguzkitan ispiluak bailira, metalezko aterpetxoak, ikusezin bihurtzen dira txerriak, hain dira kolore bereko lurrazala eta zerrien larrua.

Lastozko teilatu bikain bat, etxetxo erakargarri petoak azken aurreko herritxo batean.

 

Andover ere ezagutu dugu, beste ertz batetik sartu baikara gaur kanpaleku bila: txaletxoek osatzen dute inguru dena, oso pospolina da erdigunea, zuhaitz eta berdegunea franko du: lorategia dirudi.

 

Kanpalekutik irten eta berehala jeepa, helikoptero militarra gero, beldar-tanketa Stonehenge aurreko borobilean, tanketa bat  Salisbur-ko kaleetan, Army Corp Museum: harrizko kilometrotako hesiz gordea eta arrisku-ikurra daramaten bandera gorriz barnera ez sartzeko oharra, Aire Armadako Museoa geroago aireportua iragartzen zuten esparruan, helikopteroa berriro arratsaldez harat-honat etengabeko tarte luzean ...: itogarria da ejertzitoaren presentzia, gaur, ez ezik bi hilabeteotako ia egun orotan.

 

81 kilometro, azkenak eta erakargarriak

 

Bi intxaur arbola ditugu kanpalekuan, Mispillibarko ataria dirudi gure etxola-urreak.

 

“Onan”. Aitor Arana. Frantziako Bretainia herrialdean izan zen, ez dut gogoan zein herritan, nahiko hegoan nolanahi. Basoa genuen kanpaleku alboan, nahiko zikin eta nahasia. Hurrean zen hiria bera ere. Goiz heldu ginenez ibilalditxoa egitea erabaki nuen. Gizonezko nahiko helduak sumatu nituen basoan, ibili lasaian; begirada bereziz begiratzen zidatela uste izan nuen, norbaitek jarraitu ere egin zidan. Gero jabetu nintzen lan bila zebiltzan homosexualak zirela, agian bere zerbitzu sexualak eskainiz, herritik at gordelekuetan zebiltzanak. Hauek ez zuten Onan liburuko pertsonaiaren aukerarik sexu arazoetan.

 

 

Ekainaren 27.a   -   Asteazkena     57.a  -  1.a

 

Etxera goaz !!!.

 

Behe-lainoak hartua du dena goizeko lehen ordutik, zirimiria ere ari da:,une batez argi nahi zuenaren keinuak izan dira ere, baina beherago eta hartuago, lainope itsu-itsuan genuen Dover Ingalaterrari azken begirada bota diogunean ferrysetik. Despedida gisa, ia egunerokoa izan dugun eguraldi berarekin agurtu nahi izan gaitu Erresuma batuak.

Despedida gisa hauek ere ia egunerokoak izan ditugulako edo, ezin huts egin, jeep militar bat izan dugu errepidean hasteko, kamioi konboia geroago, jeepa berriro, Londres inguratze bidean beste bi militar auto izan ditugu bi une ezberdinetan.

Holandar oso guti ikusi dugu aurtengo ibilian, baina hara non holandar autoa zen gure aurrekoa ontzitzarraren barrunbera sartu garenean.

Nabaria da hasiak direla erresuma batukoak oporretara ateratzen: opor-giroko jendeteri eta autoteria sartu da gurekin batera ferry berean.

 

 

FRANTZIA

 

Martxan dute Frantzian sukar izurriaren aurkako kontrola autoentzat. Baina nork eta nola kontrolatzen ditu gure oinetakoak eta arropak, aldekoak eta autoan daramatzagunak?.

Lainoak itxita dugu erabat ikuspegia, baina beherago eta  garbiago, Arrasera bide-gurutzetik aurrera  hasi da eguzkia berotzen. Aldaketa nabarmenak ditugu paisaian ere, makaldiak eta makal ilarak, teilatu gorriak, etxe-orratz erraldoiak hiri ororen inguruan; arto-sailak Frantziara sartuaz bat, Erresuma Batuan ikusi ez duguna. Horitzen hasia da lurraldea, beherago eta horiago, hortaz ez da aldaketarik.

Abiadura Handiko Trena, hiruzpalau aldiz izan dugu alboan, ziztu bizian. Nork du hainbesteko presa leku batetik bestera arrapataka joateko?. Politiko eta negoziogileek egun batean joan etorria egin ahal izateko?; diru arazorik ez dutelarik; egun batean joan eta bestean etorri  egitea besterik ez dute, hotelean lo eginda; ala beraien denborak eta dirua eginbeharrak natura hondatzeko adinako garrantzia dute?; agian amorantearekin denbora gehiago egon ahal izateko behar dute tren bizkorra eta etzanekoa, zeren itsasgizonek portu bakoitzean bezala, politiko askok  maitale bat izanen du hiri bakoitzean.

Picardia, katedralen lurraldea: Ingalaterra bai dela, katedralen herrialdea.

Ingalaterran eliza-dorreek lez, makalak dira hemen goranzko orratz zorrotzak lurralde lauan.

Harrituta naukate trailer gidariek, ze erraztasunez sartu ahal duten kamiotzarra tarte mehar batean.

Egiten dituzte autobide zabal eta bizkorrak, baina tarteka ordainketa-txaboladiek bihurtzen dute autobia pasabide estu. Ziztu bizian aurreratu gaituztenak edo ditugunak, elkartzen gara bertan.

 

Izugarri luze bihurtzen da Paris zeharkatzea. Ze kirtenkeria egin dugun hiriekin, munstroak egin ditugu, irentsi egiten gaitu munstroak, bere legea inposatzen digu, hiritzar batek ihesbiderik ez duten bere lege propioak ditu gizakiak jarritakoen gainetik. Bare eta barraskilo bihurtuta doaz orduko ehunka kilometro egiteko sortutako makina bizkorrak. Zerk eragin du Parisi ez egitea  zeharbide bat, Londresek duen bezala, ez ote die etekinik ematen politiko eta agintariei herri errepidegintzak. Kilometrotako, ia ordubeteko, butxadura izan da Parisko zeharkaldia.  Izugarria erraldoi dager, etxetzarteria beldurgarria, errepidea argitu, ibilia arindu zaigunean, uste izan dugu tarteka Paristik kanpo ginela, baina han agertzen zaigu beti hiritzar erraldoia. Pariskoa ez da bide-sarea, mila adar dituen errepide bat baizik: ikusi izan ditugu sare diren errepideak, elkarrekin nahastuz eta korapilatuz, gainetik eta azpitik. Gaineko zubiak besterik ez du Pariskoak. Ikurrina duen autoa bat Parisko zurrunbiloan, Iparreko matrikula zuen, nolabaiteko hurbiltasuna sentitu dugu, ez ginen bakarrak, Euskal Herriko beste zatitxo bat hemen zebilen gu bezala auto uholdeak harrapatuta. Val de Fontenai: jendetza geltokian, azal beltzeko jende piloa nabarmentzen da, kopuruz ere nagusitzen: etorkin asko behar du auzo honetan. “Parisek merezi du meza bat” esan zuen errege batek, Paris zeharkatzea ordaindu behar dugu guk bidaia gauzatzeko.

Onik atera gara gaurkoan Paristik, Sena eta Jesusen bihotza ikusi gabe, Versalles zeharkatu gabe!.

 

Orleans bidean. Eliza-dorre bitxi dotore zenbait: txiki-txikia, dotorea, ezberdina, karratu antzerakoa dorretxo koniko ilun bat ertz batean duela bat. Bigarren bat, erromaniko jitekoa hau, teilatu konbentzional betikoa du, teilatu pikoko txabolatxo nanoa bailitz: horrek egiten du erakargarri.

Horitu da erabat lurraldea, zuhaitzak dira berdegune bakarrak;  nolanahi falta zaio Ingalaterrako lurraldearen dottoretasun ukitua, agian hesi berdeak dira  ukitu horren arrazoi; hemengo sailak oso zabalak dira, Ingalaterrakoak berriz askoz txikiagoak, sailkatuagoak behintzat, hemen nekazari bakarrak lurralde zabala duela dirudi. Ingalaterran berriz banatuagoa, nahiz hesi berdez sailkatutako sail denak bakarrenak izan; badirudi lurralde hau beti izan dela landua, hangoa berriz ez, jauntxoen aisialdi gune izan dira; larrea eta lur landua nahasian daude han, hemen berriz dena da lur landua. Ureztaketa ere era erraldoian egiten da hemen, ureztatuko lurralde ikaragarri zabalak dira, sailon neurrikoak ur parrastadak ere.

Nolako zirrara harrotzen duen argindar zentral erraldoiak, bi tximinia borobilean eta altueran digante, ur-lainoa eta ke-lainoa bereiztea zaila egiterainoko lainotzar zuria jaurtiz. La Loire ibaia doa bertatik, nork jakin zentral nuklearra ez denik eta ibaiko ura ez darabiltenik hozte lanetarako, nagusi baita hainbat astakerietan Frantzia. Edozein argindar giltzari eragiten diogun bakoitzean, hondamenditxo ekologikoa sortzen dugu.  Eta hori gabe ezin gara bizi!. Gizarte eroa gurea!.

 

Lurrean itsatsitako eraikin ilunak dira Tours inguruetako etxeak, lurrean eta lurretik bizi den jendearen bizitoki.

 

746 kilometro, Paris eta Londres zeharkatuz, etxera bidean.

 

Lo kamioi artean, ohi dugunez bidaiotako joanaldi luzeetan.

 

 

Ekainaren 28a.   Osteguna.  58.a - 2.a

 

Tourseko etxe-orratz zuriak, gatozen bakoitzean deigarriak.

Arto-sail eta zuhaitzak ezik, dena da hori.

Politikoek errepidearen aukera egin dute trenbidea gutxietsiz garraio arduran. Zer da tartean, petrolio interesak, kamioi egileen presioa, ze interes dago tartean!.

Ortzadar gerta zaigu une batez ureztatze txorroztada luzea. Lipar bateko mirakulua.

Mota berde ezberdineko lautada berdea da Frantzia.

Frantzian ere bazterrak ez daude garbiak frantsesak garbiak direlako, bazterrok garbitzen dituztelako baizik. Hain zen nabarmena bi langileek autobide bazterra garbituta eta oraindik garbitu gabe zuten bi zatien aldea.

 

Landak: Bordele eta Baiona artean kokatzen du beti gure irudimenak lurralde hau baina askoz gorago luzatzen da.

 

Baiona aurretxoan entzun ahal izan dugu Euskadi Irratia, Euskadin gaude, Euskararen barrutian. Halako etsipena sartzen digute lehen albisteak: hauteskundeak dira, baina joan gineneko albistegi ber-bera ziruditen entzun dugunak.

España jartzen du Gipuzkoako muga zeharkatu bezain laster agertzen den letreroak, Gerora dator Gipuzkoa kartela. Euskadi edo Euskal Herria ez da inon ageri. Nabarmena da nork, nortzuk, dauden agintaritzan, bai Madrilen bai Euskadin.

 

Atzo Paris, gaur Tours, Poitiers, Bordele... Pasaia, Errenteria, Donostia, Andoain, Lasarte... bi hilabetetan Erresuma Batuan ikusi ez ditugun etxe-orratz eta etxetzar multzo pilak ikustea tokatu zaigu bi egunetan. Egia da hiri industrialetatik at ibili garela Bretainia Handian. Hondamendi lotsagarria bat egin dugu Hego Euskal Herria ere. Beste munstro handi bat. Eta harro gaude gainera herri industrializatu eta aberatsa dela eta. Dirua eta bakar batzuen interesa jarri dugu herriaren interesen aurretik. Pinudi bihurtu genuen aldi batean, zementu eremu bihurtzen ari gara orain.

 

Sakanerria. Arnasa.

 

672 kilometro, etxean utzi gaituztenak.

 

Albistegiak bezain sentipen hitsa sortu dit Euskal Herriko paisaiak, dena pinu edo dena berde.

 

Kilometroak:

Denera:              13.272

Bidaian:             2.221

Ingalaterran:    5.951

Eskozian            3.642

Galesen              1.458

 

 

 

Laburtuz

Errepikagarria egin zaigu bidaia orokorrean, antzeko paisaia, herritarretan ere bereizketa handirik ez

Ingalaterra: lautada, mendi-muinoak, larreak, artaldeak, behi aldrak, adreiluzko etxetxoak, eliza-dorre antzerakoak... Katedral gotikoak, ederrak baina beti gotiko egitura berekoak.

Gales: Ingalaterraren osagaiak errepikatzen ditu gehien bat, hemen etxeak zuriak direla litzake aldagai nagusia paisaia urbano aldetik.

Eskozia:  Ingalaterraren erabat ezberdina iparraldea, baina hau ere errepikatzen da, bere baitan baina: laku, mendi, mortu, itsasadar...

Eskozia eta Gales baino aberatsagoa iruditu zaigu Ingalaterra: etxeak, janzkera, igandetako giroa,  kanpinerako joera...

Ingalaterrako lurraldeak badu dottoretasun ukitua, agian pelikulak eman dioten aurreiritziarekin begiratzen diogu.

Gazteluak. Asko dira, erakusgai daude.

Indiako indiarrak: erruz, ezagun da Ingalaterraren kolonia izan zela India.

Atzerritar eta beltz guti.

Ez da gorpuzkera edo gorputz egitura fisiko berezitasunik, gorpuzkera oro da antzerakoa, indioena ezik. Ingeles nagusiek, batzuk,  eta emakumeek batez ere, dute ingelesei dottore fama eman dien figura hori.

Emakumea, aldiz, ez da larregi zaintzen, emakume  asko dago oso gizena dena, edo gizen punttuan dagoena, ohikoa da emakume  gizen zatartua gizon argalaren bikote.

Belar-gune eta parkeen erabilpena:  eguraldi ona den edozein ordutan etzan edo eseri egiten da belartzan, gizonezko zein emakumezkoa, gaztea zein nagusia, parkeetan zein plazetako berdegunetan, solasean edo egonean, edo mokadu bat jaten eguerdian

Eguerdiko mokadua: denek jaten dute mokadu bat eguerdian, bazkaria nonbait, eguerdiko laneko atsedenaldian, kalean, parkean, edozein lekutan, zutik edo eserleku batean. Eskaintza zabala dago kalean bertan zein dendetan, zein errepideko geldiunetan.

Bizikletarik ez dago, ez herrietan ez errepidetan. Oso guti.

Auto berri garesti asko.

Kanpalekuak, berdegune atseginak dira, txukunak eta zainduak,  bete egiten dira asteburuetan.

Asteburuak: igandezale asko ateratzen da egun-pasa.

 

Burutazioak

 

* Gaztelania harroa ez da ia inon agertzen, ezta turista-gune nagusietan ere. Ez gida-orrietan, ez oharretan, ez inon; ez da inon gaztelaniazko egunkaririk ere agertzen. Italiarrak ordea denean du presentzia.

* Ia denek dakite badela Euskal Herria, liskarra dugula ere askok, agian horregatik dakite garela.

* Indiako indiar asko dago Ingalaterran, beltzak aldiz oso guti, atzerritar nabarmenak ere guti, turista kanpotarra ere guti, hiri famatu bakarretan ezik.

* London beste mundu bat da, ez da Ingalaterra, Ingalaterrako hiriburua bada ere

* Militarren presentzia, itogarria da, erabatekoa egunero eta edonon, errepidean ez bada kaledian, airean edo errepide ertzeko kuartelean, beti izango duzu ejertzitoa zurekin. Ez digu hutsik egin ia egun batean ere.

 

Oroipenak

Hirien artean gogoan eramango ditugunak: Rochester kale-arteko giroagatik, Canterbury katedrala eta kalediarengatik jite horretako lehenengoa izan baizen, Coventry katedral berriagatik, Cambrige txaskoagatik, York kalearteko giro xarmantagatik, Edinburgo kale-arteko noraezeengatik.

Eskozia. Highland lurraldea ez zaigu ahaztuko, gain-bailara mortuak, itsasadar luze kiribilduak, lakuak, ibaien sorrerak, txilar-mendiak...

Gales: Llandudno uda-herri eder lasaia eta Conwy Erdi Aroko hiribildua, xarmantak, iraungo dute gure oroimenean, baita mendi-bideko ibili gainbeheratsu piko bakartia ere. Ingalaterra antzerakoa gogoratuko dugu. Galesera ez genuela entzun ere.

Eliza gotikoak: zaila da bat apartatzea hainbeste ikusgarrien artean. Perpendikularra, normandoa, loratua... Gure erromanikoa hemengo normandoa dela eta normando soil guti dagoela.

Izurritea: barne astindua eman digu bere aztarnak ikusi ditugun bakoitzean. Bretainia Handiko zoko bakartien zein ederrenetan aurkitu dugu: ibiltzeko debekuak bide-gorrietan, granja hertsiak, larre zigilatuak, museo closed ... Izugarria.

Berdetasuna: dena zen berdea Bretainia Handian, belardi ebakiak agertu ziren arte; aldiz, dena txilar Eskoziako mendiak,

Kanpalekuak: herri bakoitzak du berea lurralde askotan. Zainduak eta txukunak, denak berdegune.

Hesiak: Zuhaixka-hesi berdeak zein harri-horma ilunak, lurralde berdeak sailkatuz.

Golfa: herri bakoitzak du bere golf-zelaia.

Galesera eta Gaelikoa:  errepidetako norabide eta ongietorri karteletara mugatua.

Emakume gazte lodiak: ez-ohiz ugariak, gizakume argalaren alboan sarri seme-alaba txikiz inguratuta.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.