Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

BURUTAPENAK 7

Jon Etxabe 2022/05/29 10:15

GIZAKIA BILTZEN DUEN PLASMA DA AFECTIBITATEA

A

Oso norberarenak dira sentimenduak

* Bizitzaren osagai ezinbestekoa da afektibitatea.

* Sostengu emozional baten bila dabil eten gabe gizakia, jokabide eta egoera hutsaletan ere.

* Dena omen ederragoa oroitzapenetan: hala da, gertakizun mingarri edo arbuiagarriak eurak ere kamustuago etortzen zaizkigu.

*Badira bakoitzaren nonbaiteko tolesean antzinako pertsona eta pasadizoak, zeintzuk gogoratzea iragana berpiztea bezala den, hain biziki gogoratzen baititugu.

* “egin beharra” eta “egin nahia”, sentimendu eta jarrera kontraesankor askoren iturri.

* Bakardadea omen gizakiaren ispilu onena: horregatik diogu beldurra.

* Bakardadea da gizakiaren egoera naturala, etenik gabeko erabakitzea baita bizitza eta bakarraren hautua erabakia.

* Bakardadea ez da paretak egotearen arazoa.

* Bonba bat bezala omen bakardadea: horregatik egiten diogu ihes.

* Lastimak ez du ezer konpontzen, min handiagoa sortu agian.

* Gauza ororen oinarria omen tristura: baina pentsarazten duen ideia da, tristura baino etsipena litzake bizitzako osagai nagusia, agian lotuta leudeke biak.

* Bolada onak baino txarrak hauspotzen du gizakiaren esperantza.

* “Min guziek ez dute pazientzia bera”: minaren intentsitatearen eta luzeraren araberakoa izan ohi da pazientzia

* Ogi gogorra omen oroimena: agian aurreko egunekoa gogoratzen duelako, baina  laba beroa ere bada, egun eta arrats gorria ere dakarkigulako.

* Iluntasun errukitsu batek ezkutatzen ditu gauez ikusi nahiezko bizi-puska asko, baina aldi berean, argira ekartzen ditu ere.

* “Barruan geratzen den tristeziak bihotza usteltzen du”

* Emoziorik gabekoek epaitu ohi dute emozioz ari dena.

* Besteen saminak ez du norberarena leuntzen.

* Errazagoa omen sendatzean sinestea, minean sinestea baino.

* Ba al dago duintasuna zer den ikasteko adinik?.

 

B

Enara bakar batek ez dakar uda, baina uda iragartzen du.

* Bizitzak eskaintzen dituen poztasun uneez  jabetzea da zoriona.

* Denok eraikitzen dugu geure zerutxoa, lurrean irauten laguntzen du, eta zorion izpiak eskaintzen.

* Ez dut uste zeregin handietan dabiltzanek maila txikietan bizi direnak baino zoriontsuagoak direnik.

* Dituen gauza on erdiekin ez da jabetzen gizakia, horrek jartzen dio langa nagusia zorionari.

* Ze pasakorra den zoriona, zorion une pasakor asko korapilatzen jakiteak eman lezake zoriontasun iraunkorra.

* Labaina da zoriona, ihes egiten du, urak atzamarretan bezala.

* “Zoriona atzerriko ispiluan baino ez da ikusten”: etorkinen premia, ametsen errealitatea.

* Sartu-irtena dakarrela nekeak arlo  orotan, beraz nekea ote historiaren motorra: pentsarazten duen gogoeta.

* Begirada batek adoretu dezake bestearen auto-estimua, begiratzen jakitea besterik ez da behar askotan besteari zoriona emateko.

 

D

Aurrerapauso positiboak emanen ditu bere ahuleziak onartzen dituenak.

* Nolabaiteko helduleku bat izan behar du bakoitzak konfiantza izateko eginbehar bakoitzean.

* Ziurgabetasunak egiten omen gaitu umezurtz: zigurtasunik eza onartzeak eginen gaitu erabakitzaileago.

* Arrotz sentitzeak ez ote gaitu askeagoak egiten, anonimatuan bezala uzten gaituelako.

* Oreka eta segurtasuna adierazten du norberaren barnera beldurrik gabe begiratu ahal izateak.

* Oroitzeko ahalmena omen buruko baliorik handiena: paretsu doaz gogoeta eta amets egiteko ahalmenak.

* Segurtasuna ematen dizu geroa planifikatu edo ezagutzeak; aldi berean, baina, lotu egiten zaitu.

* Besteen sostengua bilatu behar dela gauza guztietan: gauza askotarako bai behintzat.

* “Dakienak dezake”, logika horrek eman behako luke ahala: baina ez du funtzionatzen gizartean, daukanak ahal du,  eta hori ohi da dakienatzat hartzen dena..

* Ahalak indartsuagoak dira gaur egun, aldi berean ahalagoak bihurtu dira indartsuak, agian horregatik zapaltzen eta dominatzen gaituzte osoago.

* Zerbaiten babes edo gotorleku izan ohi da barne-mina, baina aurrera egiteko ziztada ere badu.

* Ezindunez baliatzen dira ahaldunak: elkar elikatzen diren osagaiak dira ahala eta ezina.

 

E

Inon ez aurkitzea da gizakiari gerta dakioken egoera suntsigarriena.

* Memoriaren erantzunean ainguratzeko arriskua du gizakiak, gizarteak ere, oraingoari branka jarri ordez.

* Oldarkor eta buruaz segur agertzen diren asko eta asko, agian gehienek, ahuleziaren bat, ezintasunen bat, frustrazioren bat… ezkutatzen dute.

* Haize-orratz bihurtzen omen gezurrak gizakia: ahul ere.

* Di-da batean zabaltzen dira zurrumurruak eta modak: horrenbesteraino da ahula gizakia.

* Eguneroko miseria txikiak eraman ezin dituenak ezin du erauntsi garratzik jasan.

* “Sexua hurkoaren gose eta egarri egoista”: naturaren eta arrazoiaren desoreka.

* Gorputz nekaldian garunak ere motel.

* Barne ahalean baino mugimenduan eta eraginkortasunean jartzen dugu konfiantza, hortik porrotak

* Isiltzeak ez ditu arazoak konpontzen.

* Nagusitasun moralean babesten denak menpeko izaten bukatzen du.

* Bizi direnen kontzientziak zuritzeko zeharbidea izan ohi da zenbait hildakori omenaldia.

* Ikusezin bihurtzen da hainbat bizirik irauteko, anonimatuan:  zenbat aukera eta giza aberastasun alferrikaltzen den gizarte honetan1.

* Egia da, kapitalismoak dena blaitzen duela gaurko gizartean, baina kapitalismo hitzak esanahi erabat lausoa du,  eraginak, aldiz,  zehatzak.

* Seme-alabak izanez gero konfiantza izan behar omen munduarekiko: hala da edo behar du izan, baina duda da konfiantza hori beti arrazoitua izaten den.

* Zu ona izatean baino besteek ona zarela jakin eta onartzean dago protagonismoaren gakoa.

* Tristea ez ezik antzua ere bada “ezer ez gertatzea” amesten duen sentimendua.

* Sarri kentzen du loa hurrengo eguneko irrikak.

* Gure gorputzak ez direla gureak, gorpu direnean ere: hala da, tanatorioak, hiletak eta omenaldiak lekuko

* Izututa ez, baina gizaki oro bizi da beldur puntu batekin, erabat baldintzatzen dio horrek bizitza.

* Gaixotasunak baino gehiago zorigaitzean bizitzeak narriatzen dituela pertsonak: biak  ere ezinaren eta ahuleziaren ondorio eta ezaugarri baitira.

* Gabeziek betetzen dituztela tabernak: gogoko dugunaren gabeziak osatzen du hoby oro.

BURUTAPENAK 7

Jon Etxabe 2022/05/23 09:50

“ZALANTZAK GIDATUTA ZALANTZEN GAINEAN NABIGATZEN”

 

 

Euskara galdu heinean, hitzik gabe geratzen ari gara euskaldunok.

 

 

“LOALDI MILENAROTIK ESNATUTAKOA”

 

A

Ezkutuan gordetzen ditugun zer horiek omen garenetik hurren daudenak.

* “Bizitza mamu zitzaion”: gizakia bera sarri.

* Ez da jakituria erraza pertsona bat hitzen arrastoan ezagutzea.

* “Gauzen erdiekin konturatzen ez den pizti motz bat da gizakia”.

* Harrapatua izan nahi ez duen harraparia da gizakia, baina harrapari harrapatua izaten da azkenean.

* Hautsa garela esaten ziguten, hauts bihurtuko ginela: izaki digitalizatuak gara gizakiok gaur egun, eta digitalizatuta izango gara munduak dirauen arteraino.

* Herriak edo norberak bere kautan pertsona bati jarritako ezizenak, erakusten du  izen ofizialek baino zehatzago pertsona horren izaera eta nortasuna.

* Historia gara bakoitza, bakoitza bere zirkunstantziekin.

* Hustutako ontziak besterik ez garela, beteko gaituen zerbaiten zain: zerbait horrelako gara.

* Ihes egiten diola arimak gorputz perfektuari: hala da gehienetan.

* Iheslari bat da gizakia, geroaz kezkatuta, geroari begira beti.

* Norbera desagertu eta gizaki soila geratzea, egiaren ordua ohi da.

* Mozorroek asko esaten dute norberaren nortasunaz, nor den mozorroaren ostean dagoena: horregatik gara misterio bat bakoitza.

* Oso arriskutsua de pertsona askea.

* Pertsonen izaera baino pertsona horien hainbat azaleko zertzelada eta gorabeherak ezagutzen ditugu hobeto.

 

B

Zure izaerak aukeratzen du bizitokia, ala bizitokiak taxutzen du zure izaera.

* Abstraktuak, orokorrak edo unibertsalak bihurtzen ditugu arazoak, horrela gure ardurak eta bekatuak zuritu edo lausotzen ditugulakoan.

* Erabat eta barne barnetik zeharkatzen gaitu hor kanpoan inorenak edo estrukturarenak direla uste ditugun hainbat bortxakeriak, jabetzen ez bagara ere.

* Garen bezalakoak gara, betirako, izaera hori onartu eta ahalik zuzenen kudeatu, hori da egin dezakegun bakarra eta onena.

* Gauza handia da norberaren adina zein den jakitea, oreka ematen du; aldiz, “norberaren desgaraian” bizi den jende asko dago.

* Geure burua omen solaskiderik onena, ez dela gaizki-ulertzerik egiten: sarri geure burua iruzurtzen ahalegintzen gara, hor eteten da norberarekiko solasa.

* “Gizon bat gizonagoa da den bezalakoa agertzen denean”: sinesgarriagoa ere.

* Kanpoko mundua azalean geratzen zaion ala barnera egiten dion, hor dago pertsonen arteko ezberdintasun nagusienetariko bat.

* Natura baino bortitzagoa da gizakia bera, bere jarrerak zuritzen ahalegintzen bada ere.

* Nork daki ero baten garunetan zer dabilen

* Pertsona gehienek bizi dute bi bizitza paralelo, aazaleratzen ez dena, eta barne talaiatik soilik ezagutzen dena.

* Pertsona oro omen da misteriotsua neurri batean, ezin da inoiz beste pertsona bat ezagutu: egiatik asko du iritzi horrek, baina aldi berean egiatik asko du ere beraiek uste duten baino ezaguterrezagoak direla pertsonak.

* Sarri ezkutatzen ditu gizakiak bere jokamoldeak nortasuna ez erakusteagatik, edo joeraren ezberdin jokatzen du, arauen abaroan jokatuz norberaren izaera itzaltzen du.

* Zenbat aldiz esaten ditugun berez bezala iritziak, naturalki, arrazoitu gabe; horrek ez du esan nahi gure pentsaera denik, adierazgarria izan arren.

*  Zer da gizakia gosez edo gaixo dagoenean, dena erlatibizatzen baitu sufrimenduak.

 

D

Bizi, besterik ez dugu egiten gehienetan

* Apalagoak egiten gaitu gaixotasunak, umeagoak ere.

*  Aurrez zehaztutako gidoi baten txotxongiloak garela: arrazionalki ezin da patuan sinetsi, baina kontrola ezin ditugun baldintza eta legeei lotuta dago ia beti gizakia.

* Bakardadeak, ezarriak edo hautatuak, erabat aldatu eta baldintzatzen du pertsonaren jokamoldea.

* “Buruak bere atsedena behar du”: atseden hori nola eman, hor dago koska.

* Egiatik asko du pertsonak gaixotasunak baino gehiago zorigaitzean bizitzeak narriatzen dituela iritziak.

* Egin garenaren edo izan garenaren rola eta papera jokatzen dugu, ala ezarri digutenarena, egin gaituztenarena, jendeak hartzera behartzen gaituztenarena, egoerak behartutakoarena.

* Ez dago gizaki birjinik, denok izorratzen gaitu nolabait bizitzak.

* Ez dago inor ezer ez duenik, denek dute galtzeko zerbait, baina ez dago inor dena duenik, denok dugu irabazteko zerbait ere.

* “Geroa iraganetik sortua da”: iraganak baldintzatzen du oraina, orainak geroa, horrek eragin beharko luke zuhurragoak eta zintzoagoak izatea.

* Iraganean babestu ohi da gizakia etorkizunak beldurtzen duenean.

* Munduari begiratzeko era taxutzen dugun araberakoa izanen da gure eguneroko jarduna.

* “Naufrago bat bezala nagok”: gizakia sarri.

* Zer eraikitzen ote du bestearen buruan norbaitek esaten duenak; ez dakigunez, garen eta pentsatzen dugunaren arabera aritu behar dugu.

* Xake-taula erraldoi bateko pioi ezdeusak omen gara: korapilo askaezina da gizakia, bakoitzaren askatasunak eta bestelako baldintzek ezarritako jokabidearen ezinbestekoa, gizarte eta gizakiaren oinarrizko kontraesan konponezina.

 

E

Konformatzean datza  gizakiaren hondamendia.

* Ateoa ez da soilik jainkoengan sinesten ez duena: demokraziako hainbat jainkotxoetan, pertsona, egite zein arau, ez sinestea ere ateo izatea da.

* Bada besteen edo urritikoenganakoen sentibera denik, albokoarenganako, aldiz,  soraio.

* Bakoitza esparru mehar batean bizi gara, mundu osoa balitz bezala.

* “Barne hizketan baino ez bainaiz marxista”: hori da tamala!.

* Berenez, ez inoren karira, bizitzen ahalegindu behar du gizakiak fosildu ez dadin.

* Denok dugu zerbaitetarako dohainen bat, aurkitu, jabetu, eta ondoren garatzean dago arazoa.

* Geroa markatzen du bizipozetik edo bakardadetik sortutakoak.

* Gogoko zauriak ez dira sendatzen, ez dira orbain ere bilakatzen.

* Hobe omen gaixo eta lasai bizi, osasuntsu eta zalantzati baino: nahiago birusak harrapatzeko  kezka,  birusak harrapatzea baino.

* Jokabide zentzugabeak izaera zentzugabea erakusten du, eta alderantziz.

* Nahiz kargu xumeenaren arduradun, boteretsu senti ohi da uniformea, plaka edo mahai bat duen gehiena.

* Oso gutxi behar dela chauvinista bihurtzeko: herri gehiago ezagutuko bagenu ez ginateke hain harroak izanen, huskeriez jainkotzen baikara.

* Zirriborroekin bizi ote garen nago, zirriborroak marraztuz alegia.

BIDAIAK 2000. ITALIA

Jon Etxabe 2022/05/16 09:55
Rimini, Ravena

Ekainaren 26a.   Astelehena. 56.a-I:1.a

 

“Ilunbeen bihotzean”. Joseph Conrad – Iñaki Ibañez. “Idatzi, gainera, arrotz zuen hizkuntza batean”. Ia  berrogei  urtera arte izan nintzen erdi analfabeto, garai horretan aurkitu nuen “a” atzizkia artikulua zela!.

 

Etxarriko guraso eta seme gaztetxo koadrila dago Riminin futbol lehiaketa batera etorrita. Bidaiaren bukaera gisa beraiengana hurbiltzea erabaki dugu nahiz Italiako lurralde ezagunak diren guretzat.

 

Txoririk ia ez dugu ikusi kanpineko belartzan egon garen 7 egunetan. Bazkaleku oparoak dituzte txoriek, edo belar kutsatua da kanpinekoa beraz hau ez da zomorroentzat  leku aproposa.

 

Goizeko 8etan atera gara  Riminira, etxera goazen sentipenez. Egun argia izanen dugu gaurkoa, goiza hotza izan dugu baina.

Alpeen irudi apartekoz agurtu gaitu Austriak: kare haitz tzar garaiak ditugu aurrean alderik alde eguzkitan brixt, laku urdinxka behean,  izeidi iluna tartean. Paisaia eta ikuspegi eder dotorea. Etorri ginen eguneko irudi berarekin uzten dugu Austria ederra.

Villach ondoren, mugara bidean, Alpe mendien barrena sartu gara, tontor elurtuak aurrez-aurre ber-bertan izeidiz inguratuta.

 

 

I T A L I A

 

Ez gara jabetu ere egin noiz ginen Italian. Ez dago ez langa ez muga adieraziko duen ezer.

Alpeak zeharkatuz egin dugu Italiako lautadara artekoa, tunelez-tunel, zubirik-zubi gehienetan, bailara gaintxoetan sarri, mendipean beti, harkaitz, tontor itzel garaien itzalpean, izeidiek babestuta... bidaia zati honengatik bakarrik, Alpe arteko ibili honengatik soilik merezi zuen bidaia osoak. Paregabea!.

Nano sentitzen gara menditzar karstiko honen azpian.

Erakargarriak dira bailarak, berde-berdeak.

Austriakoren antzerakoak jarraitzen du izaten naturak; giza egitura eta giza habitata da aldatu dena, biziera ezberdina du jendeak lurralde honetan.

Herriak mendi-zuloan dakusagu, inolako gatzik gabekoak, hitsak. Ezberdinak dira jadanik, xume-xumeak, inolako dotoretasunik gabeak, bizpahiru solairukoak asko, gehienak, nortasunik gabekoak, erakargarritasunik ere gabekoak beraz.

Nortasun fisikorik gabeko herriak. Baina segur aski berezia da bertako gizartea, ohitura eta bizimolde bere-bereak ditu, hizkuntza ere, Alpe arteko herrietan ohi denez. Agian talde etniko ezberdinekoak dira.

Eliza-dorreak ez dira Austriakoak haina zorrotzak.

Herrietatik urrutixe goaz autobidetik.

Mendi-baso piko-pikoak, atsedenlekurik, laugunerik gabeko malkarrak.

Mendia zabaltzen denean, tarteka, zabalgune inguru oro da menditzar eder.

Amildegi zuriak agertzen dira izeidi berdeetan, higatuta dirudi mendi osoak.

Urdinxka-gorrixka doa ibaia, elur urtu berriaren antzerakoa.

 

Begi-bistakoa da hemen autobidearen astakeria, nola desitxuratzen duen erabat paisaia zementuzko zubi amaierarik gabekoekin, mendi-zulo edo izeidi artean mendi maldan argiak, zutabe gainean. Errepide zaharra ere bertan doa, erreka zulotik, neurrizkoa, apal ia ikusezin, errekaren alboan beti. Ezinekoa al da bi bideok izan ordez bakar bat izatea?. Ala negozioa dago autobietan eta ez du izan behar doakoa?. Zeren eta zeinen interesak dabiltza dantzan?. Abiadura Handiko Trenarena izan behar duen trenbidea ere hor doa, autobideak haina desitxuratuz mendi-zulo tzarraren beste aldea. Egin behar dira errepideak baina natura errespetatuzko zerbait itxurosoagoa behar du izan. Autobide honek pertsona ere ez du errespetatzen, gizakiari iraina da politiko eta dirudun zenbaiten interes eta burugabekeria hau.

 

Doazen eta datozenen kamioi kopurua izugarria da, ilara amaigabeak egiten dituzte. Zergatik ez garraioa trenez?. Autogileen interesak?, ala autopistagileenak?, ala politikoenak?. Nolanahi diru interesak eragiten du zoramen izugarri hau.

 

Ordubete eta hiru ordu-laurdeneko ibiliaren ostean atera gara mendatetik, alboan utziz menditzarrok, gero eta urrunago gure ikusmiratik.

Ibaia agertu zaigu mendiaren bukaeran, zabal harriz, urez  mehar, elur urtu berria bailitzan harritza erditik, bizi eta estu: ikusgarria behar du izan udaberrian zabal azal apartsu eta labain doanean, korronte bizia denean. Ubide bat ikusi dugu: agian lapurtu egiten diote ura ibaiari, horregatik doa hain argaltxo.

 

Lautadan gara jadanik. Artoa, belarra, eta tarteka mahatsondo garaiko mahastiak, gerria behartu gabe mahatsa jasotzeko aukerakoak. Lur-sailen ertzetan edo multzoka daude zuhaitzak: jadanik erabat galdu du lora intxusak, gorrizka dago orain, pinportatuta.

Urruti, zuri-zuri bertikal gorantz ihesi zihoan ke multzoa, tximiniatzarrari kea dariola zuen fabrika multzo izugarria   bilakatu zaigu bertaratzean.

Undine, Venezia.... erabat monotono aspergarria da bidaia. Oso nekosoa izan zaigu Venezia aurreko 10 kilometrotatik aurrerakoa, auto eta kamioi ilara amaierarik gabea bide-sarean harrapatuta, geldi sarri, barraskiloa baino bareago ibilian, ehun metrotik ehun metrora gelditzeko abiatuz, motor-hots ikaragarriak bilduta, tutuen haize kutsatua arnastuz. Bideak banandu eta bakoitza geurean bideratu garen arte.

 

 Kobrantza pasagunetan ere luzatu gara, gailuak edo gailu erabiltzaileak oso geldoak zirelako. Abiada biziko errepideak eraikitzen dituzte, baina tapoiez lotzen gaituzte ondoren berriro amorru biziz  abiada bizian jartzeko.

Bide-sari guneak dira gaur egungo fronterak Europan, horiek banatu eta kontrolatzen dituzte ibiliak, pasabideak eta abiadurak.

Itsua da autobidea, zoruko belztura besterik ez digute uzten ikusten.

Pare bat dorretxok arindu digute bidaia tarte batean: finak biak egituraz eta garaieraz, minareteak ziruditen bere balkoi korritu eta guzti, Giraldaren jitea zuten.

 

Poloniar jendea dager tarteka, autobusez, autoz... Ekialdeko kamioia ere sarria da errepide honetan.

Modelo ezberdineko tanketzarrak kamioitzar militarretan karabinieriek irekitzen ziotela bidea ilara luzeari: bazen bat misilak botatzen dituzten horietarikoa. Erabat militartuta gaude herriak.

Zirraragarria da kamioien ilara etengabea, milaka kamioi elkarri jarraiki.

 

Bolonia ingurua ere dena da lautada aspergarria. Tontortxo leunak ikus daitezke  Mendebal aldera, ostean berriz Apeninoak behar duten gailur garaiagoak, baina urrutiegi daude bidaia arindu ahal izateko, joate aspergarri hau eramangarriagoa egiteko.

Adige ibaia zeharkatu dugu, Po geroago: zubia luzea dela, beste ezertaz ez gara jabetu, ibaiaren ikuskizuna ere lapurtu baitigu autobideak. Baina autobidetik jo beharra dugu gaur, luzea eta arriskutsua bailitzake  gure etxatoia atzean dugula herritxoetan barne ibiltzea, herritxoen patxada bera ere apurtuz.

Po lautada, ibaiari esker ureztatua, emankorra. Bidaiarioi baina ez digu apartekotasunik eskaintzen.

Kanpandorreak dira tarteka monotonia eteten dutena, geografiaren monotonia eta gure joanarena ere.

 

Erabat eroak dira italiarrak errepidean, nahi dutena egiten dute, nahi dutenean egin ere, ezin zaitezke inoiz aurrekoaz fida, gutxiago albokoaz, besterik gabe  gurutzatuko baitzaitu bere aurrekoa aurreratzeko; kamioneta eta kamioiak dira okerrenak.

Auto txiki asko dabil oraindik errepidean.

 

Bologna, izugarria dager, etxetzar multzo erraldoiz osatutako ikuspegia.

 

EMILIA ROMANA

 

Adriatiko Itsasertza

 

Torre Pedrera kanpina. Lehenengo aurkitu dugunean kokatu gara. Geratu ondoren ezagutu egin dugu: gau berandu batean heldu ginen duela urte batzuk Italiara ibilaldian. Berandu. Pozik gu azkenik bat bilatu genuelako. Baina emakume arduradunak ez zigun argirik eman nahi izan. Gaur ere orduan bezain gobernatzaile ibili zaigu. Gau bat soilik egin genion orduan bere kalterako, beste bat Ravenan aurkituz, zenbait egun eginen ditugu oraingoan gure onerako, bertan kokatzea komeni baitzaigu.

Txikia da, baina txukuna. Erabat lehortuta du belarra. ber-bertan du hondartza eta bertan berotu ditugu hezurrak eguzkitan.

 

518 kilometro, luzeak eta aspertuak.

 

Ez dute gehiegikeriarik azaltzen italiar pelikulek, Italiako giro eta abarri buruz.

Hango hitz jarioa, jendearen egon moldea eta ezinegona, bi tiporen solarium-muntaia lau perro ateratzeko... hondartzan, kanpinean azaldu zaigun motokarroa eta  inguruan ibili zaigun agurea inurri-zulo bila sulfatatzeko bizkarreko tresnarekin inurri-zuloak pozoiez bustiz: sekulakoa izan da dena.

 

Kanpinean behintzat ez dago hondakinak berezituz biltzeko ontzirik.

Alemaniarrak, holandarrak, norvegiarrak, txekiarrak, frantsesak... eta euskaldunak gaude kanpinean.

Motozale koadrila ere heldu da, lurrean lo egiten dute.

 

 

Ekainaren 27a.   Asteartea     57.a - 2.a

 

“Ilunbearen bihotzean”. Joseph Conrad. “Haiek konkistatzaileak ziren eta horretarako indar hutsa besterik ez duzu behar, harro egoteko munduko ezer ez hori baldin  badaukazu, ze norberaren indarra besteren  ahuleziatik datorren halabeharra baino ez baita”. Badugu berehala aurkituko garela indar hutsa diren konkistatzaileekin, harrotasuna den herritasunarekin, bestea indartzen duen ahuleziarekin... gure Euskal Herrian garela laster bizipena alegia.

 

Autobusez egin dugu Riminirakoa.

Riminitik alde batera zein besterako kostaldea Mediterraneoko kosta ororen kutsua du: turismo gune eta hondartza giroa, kanpotar giroa, inguruko italiarra izanik ere kanpotar hori. Erabat uda-herria da kostalde dena. Turismo pobrearen eremua. Harri lubeten ostean itsasoa, fin-fina  hondartzako harea, etzan-leku eta toldopean  estalia ia hareatza dena, pasealeku estu bat hondartza gainean, hondartza ertzeko kalea errepide bilakatuta auto autobus eta txirrinduz lepo, lauzpabost solairuko etxeak etenik gabeko kilometrotako ilara luzean, dena saltoki, txiringito, jatetxe, kafetegi, kinkila-denda... Uda giroa, eguraldi beroa, jendea erruz, italiera kanta beti ozen airean, laxotasun arina janzkeran, egokeran, pausokeran, begiradan... denean.

Zirrara eragin dit gazte batek: kale-artean zihoan etxarteko bakardade absolutuan bezala. Bakoitza bera da mundu osoa, bere inguruaz osatua gehienez. Nahikoa du horrekin bizitzeko. Hortik gorakoa, harantzakoa, unibertsoa da, izartegia; ez dugu beharrezkoa gu geu izateko.

 

Rimini. Ibaia, ubidea edo portua, zaharraren albo batetik hiria zeharkatuz: agian ibaia da ubide bihurtu ondoren portu bezala erabilia: ontzitxoz beteta dago alde bietan. Augustoren arkua: handia behintzat bada. Malatestaren eliza:  familia ospetsuaren mausoleo edo hilerri bihurtuta eliza, familiartekoen hilobiak harri zizelatu zein  marmol zuri trebe landutakoen artean, artelan paregabeen museoa dirudi: elkar pozoitu zirenak elkarrekin orain marmol artean. Malatestaren gaztelua: antzinako giro eta jitea du, erraldoia, sendotasuna erakusten du. Plaza pila dago hirian: Cavour da agian deigarriena, bertan Erdi Aroko iturri eder borobila marmol zurian zizelatua; Aita Saindu baten brontzezko estatuatzarra; veneziar jiteko  jauregi eta etxe ederrak plaza inguratzen; Arrandegi Zaharra, garaia eta zabala, adreiluzkoa marmolezko mahai sendoekin. Martirien Plaza: zabala hau ere, bi ordulari apartak erakusten dituen eliza dirudien eraikin ederra, eta beste hainbat etxe eder. Tiberioren zubia:  harri zuriko zabal ederra. 22 eliza zenbatu ditugu planoan, S.Agustinena izan da ikusi dugun bakarra: nabe bakarreko handi-handia luzeran zabaleran zein goieran; fresko ederrak presbiterioan;  bi Kristo, antzinakoa bata, modernoa bestea, biak ederrak; ia eliza barrenean pulpitua. tokatzen zaion lez, santu-irudi erraldoiak; estuko edo antzerakoz dotoretuak horma eta gangak; koadrotzarrak aldaretan...: jainkoaren aurrean ere antzerako gerta dadin edo, nano eta inurri sentitzen zara eliza honetan.

Rimini ez da patxadako hiria: auto, moto eta txirrindu pila dabil, oinezkoen kaleetan ere beti zaude txirrindu eta motoz inguratuta, beti duzu gainean bat, ez dago inolako lasaitasunik.

Izozki denda pila, izozki aukera aberatsa, izozki gozoak.

 

Aurkitu dugu Etxarriko taldea, hotelean egin diegu bisita eta arratsaldez futbol norgehiagoka ikusi dugu gaztetxoen taldea animatuz: herriko epeltasuna izan dugu.

Herriko bi hilabetetako berrien eta gorabeheren laburpena ere egin digute, eguneratu gaituzte goazenerako.

 

Italia miniaturan, Italia nanotuta: Austriako Klagenfurten mundu osokoa zena hemen Italiara mugatzen da: Italiako eraikin ospetsuenak neurri txikian azalduak: erakargarria eta interesgarria. Lehen izan nuen sentipen bera bizi izan dut: nola lausotzen dira hainbat irudi, eta zein ezberdinak diren eraikinok bere ingurutik at jarriz gero.

 

12 kilometro, futbol zelairainokoak, ohitura ez galtzeko.

 

 

 

Ekainaren 28a. Asteazkena.  58.a-I:3.a

 

“Illunbearen bihotzean”. Joseph Conrad. “Eutsi beharrean gertatu izan naiz eta oldartu beharrean inoiz – eusteko modo bat baino ez dena ...”. Euskaldun abertzale baten bizipenak dirudite.

 

Turkoen komun zapalak eta gureetako zulodunak, denetarik aurkitzen da Italian.

 

Itsasbazter batean etxe-orratza gailentzen da urruti batean.

Dena da lur landua, ortuari mota oro ageri da bertan, sail txikitan gehienetan, baina bada letxuga sail galantik ere.

Gasolindegi pila.

Bi belaontzi bere oihal horixka handiekin etxarteko ibilbidean nabigatzen, kale-kalean eta erdi-erditik, ubide batetik.

 

Cesenatico. Nahiko lur barruan, pare bat kilometrotako erreskada luzean, txabolatxo berde ilunak ubide baten ertzean: zutoin garaia du aurrean ubidearen alde bietan txabola bakoitzak: sare lauki bat botatzen dute uretara zutoin bien arteko sokan zintzilikatuaz.

 

Cervia. Padura zabalak daude inguruan; belar latza, kanabera ugari, istingak, lakutxoak, gatzaga izan daitezken ur axalak, tarteka drainadurako erreten sakon zabalak. Lurralde zabal-zabalean.

 

Mirabilandia Jolas-Parkea  Ravenatik 10 kilometrotara: txirrista, noria eta ohizko zaldiko-maldikoak, baina dena izugarri erraldoia, dena ohizko neurriz kanpokoa, luzeran eta garaieran.

 

Ravena. Aspaldiko etxe eder handiko hiria, hiri zahar zaharkitu zabala, hondatuxea. Ez du ezer ikusgarririk kaleetan, baina ikusgarria da izan: jauregi handi eder asko, plaza asko, bikain-bikainak batzuk, Populo adibidez; sarrera eta ate bikainak, estatua pila, kanpandorre luze borobil apartak... Eliza pila ohi denez. Planoa hartu eta ibili, nahiko hiri itsua da planorik gabe.

Mosaikoak dira altxor nagusi paregabea. Horiek ikustera joan gatzaio gu ere.

Gala Placidiaren hilobia, S.Vitale eliza, Neonianoen bataiategia, S. Apolinar Berria ikusi ditugu gaur. Bada gehiago baina nahikoa izan dugu gaurko, merezi izan dute gure bero, neke, nora ez eta nekeak. Zoragarriak dira, mosaikoak ez ezik, eraikion egiturak eta gainerako artelanak. Joan eta gozatu, deskribagaitzak baitira. Bataiategi borobila erabat mosaikoz edertua dago kupula barne;  S. Apolinar Berria, garaia, bere luzeraren arku lerden gaineko horma erabat harritxo koloretsuz  argitua dago irudi formak lortuz; S. Vitale  eliza borobilaren lehen solairuko arkuteria eder sakonak eta presbiterio zoragarria, dena dira  mosaiko; azkenik Gala Placidiare hilobia, kolore berdea nagusi den mosaiko berde paregabeek biltzen dituzten hiru hilkutxa erraldoi. Nola jokatzen zuten koloreekin, oihalaren transparentzia ere lortuz; pintura dirudite.

Duomo edo katedrala ikusi dugu Elizetatik, baina hainbat dira hirian, itxura ederrekoak gainera: Duomo 3 nabeko erraldoia da bai luzeran bai goieran, ez du harrokeriarik ez handikeriarik tamainan ez bada, baina hainbat lan zizelatu gordetzen ditu bere baitan: hilobiak, pulpitua, oroitarriak... marmol zurian zizelatutako artelanak.

 

Deserosoak gertatu zaizkigu kaleak, atzo Riminikoak bezala. Ugariak dira autoak, baina batez ere txirrinduak dira gogaikarrienak oinezkoarentzat, denean eta denetik sartzen zaizkizu oinezkoen kalean zein espaloian, albotik, atzetik... beti duzu bat gainean; kale bazter orotan dago txirrindu multzoa, asko darabilte txirrindua  joan-etorrietarako; har zein eme, adin guztiko pertsonak darabil txirrindua, ez da ume edo gaztetxoen denbora-pasa edo jolas-gailu, garraio-tresna praktikoa baizik. Austrian patina, irrista-gailua, usu bazebilen, hemen ostera ez da halakorik.

Ardi galduak bezala ibili gara, norabidea nondik ote, lehenengo ogi bila eta gero hirian noraezean, plano bat lortu dugun arte. Baina ez zaigu damutu hirira joana.

Eskale asko dago, gazteak, zaharrak, elbarrituak, sasoikoak, umilak, lotsagabeak, umedunak...

Bisitari asko dabil, bakarkakoak eta koadrilan dabiltzanak, japoniarrak tarteko.

 

Ipurtarinak  dira italiarrak errepidean, buruarinak ere bai: ze istripu portzentajea ote da italiarrena?.

 

44 gradutako hozberoan genuen autoa zain.

Bizirik dirau elkartasunak errepidean: argi-xafladez iragartzen dute poliziak zelatan daudela. Han zeuden egon ere, oraingoan ere gazte bat zuten geratuta.

 

94 kilometro, mosaiko zoragarriak amestuz

 

 

Ekainaren 29a.   Osteguna     59.a - 4.a.

 

“Ilunbeen bihotzean”. Joseph Conrad.

* “Gezurrak herio kutsu bat dauka, hilkortasun zapore bat”.  Politika gezur hutsa da, horregatik hiltzen du gizartea.

*“Lana ez dut, inork ere ez du, gogoko; bai ordea gogoko dut lanaren baitan dagoena, zeure burua aurkitzeko abagunea, hain zuzen”.  Lan alienatzailea ez denean!.

 

Deseroso sentitu gara gaur: Presoen aldeko Martxa bukatzen da gaur Etxarrin. Izugarrizko lana izanen zuten  taldekideek, gu berriz hemen gabiltza lasaitasun osoan. Inor ez da ezinbestekoa inon, bestalde gaurko soilik azaltzea zurikeria besterik ez zen izango, lana egina egonen baizen. Beraz gure asmoak ez etetea erabaki genuen. Etxeratutakoan ekingo diogu nekaezin gure lanari.

 

Zakar poltsetan edo ontzietan eskua sartuz, ez eskularru ez babesgarririk gabe, egin du garbitzaileak zabor mota ezberdinen banaketa: botila, kartoi, plastiko... Ze aldaketa Austriako eredutik, han ontzi ezberdinak zeuden banaketa norberak egiteko.

 

Goiz lainotsua gaueko zaparraden ondoren, arratsalde urdina ondoren.

 

Itzulerarako erosketak, presoei postalak, itsasertzeko ibilia... haserrean bukatu den Etxarrikoen futbol lehiaketa, kanpineko tabernan zati bat bederen ikusi dudan Italia-Holanda  futbol lehiaketa, maletak egin... goxo joan zaigu eguna.

 

11 kilometro, futbol-zelairainokoak.

692 kilometro, Italian  egin ditugunak, biharkoak gehitu beharko.

 

Izugarrizko ahots uholde ozenak, garrasiak, oihuak, txaloak, aupadak, orroak, tutu-hotsak, kanpai-hotsak, txapliguak, auto-tutu hotsak errepide urrutian...  izugarrizko burrunba uholdea barreiatu da ozenki itsasertzean barrena: irabazi egin dio Italiak Holandari.

Ekaitzaren ondoren, gaua kolore bilakatu da, argiak hartu dio lekua zaratari, S. Pedro bezperako gaua gailendu zaio futbolari. Argitsua da Italian, Adriatikoan behintzat,  S. Pedro bezpera gaua, gureetako S.Juan bezpera gaua lez: suzko erroberak argitu dute hondartza alderik alde ertz batetik besteraino, eta hala omen  kostalde osoan.

 

Bidaia bukatu zaigula sentipen bizi-bizia dugu.

Etxerainoko bidaia luzeak sortarazten du ere urduritasun lausoa.

 

 

OROITZAPEN GISA

 

* Po ibaiaren inguruko lautada, Udine-Rimini-Milan triangelu zapala.

*Bidaia asperra, ibili berdina aldakuntzarik gabeko lautadan.

*Alpeen barneko bidaia, mendikatearen zeharkatzea, mendi-magal, mendi-zulo, izeidi, harkaitzarren artean eta azpian.

* Herritxo fisikoki apalak, erakargarritasunik gabekoak.

* Herritarrak, herri barneko bizitza, ezagutzen ezaren hutsunea.

* Rimini eta Ravena hirietako graziarik eza, baina bertako eraikin ederren aberastasuna.

* Txirrinduen ugaritasuna, auto txikien biziraupena eta motokarroen erabilpena.

* Txirrinduen eta autoen artean oinezkoen deserosotasuna.

* Itsasertzaren neurririk gabeko erabilpena, itomena, arnasarik eza.

* Poliziak Italian ere polizia; uniforme ponposoak ez du polizia izaera hobetzen.

* Txakur lau hankako gutxia.

 

 

Ekainaren 30a. Ostirala. 60.a-F:1

 

8 eta 15ean atera gara. Eguzki beroa.

 

Bidegurutzeak, semaforoak, autobidera sarrera deserosoa, auto ugaritasuna... barraskiloak baino bareago egin dugu lehen kilometro mordoa, geldi tarteka luzeetan, ibili geldoa besteetan. Arriskutsua izan da gainera joan geldia, hainbat italiar ipurtarinek nahi duena egiten baitu errepidean aurreratu, bidez aldatu edo edozein zirrikitutan sartuz, abiadura aldaketa ezusteko bizkorretan.

 

Gogorra izan da Bolognara artekoa: auto eta kamioiak abiadura bizian denak; errepidea bera nahiko egoera kaskarrean, zorua zimurduraz betea, sartatuta edo erdi zulatua, etendura, arrakala... matxinsaltoa dirudi gure etxatoiak.

Bestalde arreta biziz gidatzera behartzen zaitu errepideak berak, ez du ematen inguruaz arduratzeko edo jabetzeko aukerarik. Ezta aspertzeko ere. Begiak eta ardura osoa errepidean iltzatuak daramatzagu, aurrean mantsoago doan kamionetan edo ziztu bizian aurreratu nahian datorkizunean.

Gidaritza nekagarria.

Militar konboia: oraingoan gasolindegian geratuta zegoen, zorionez.

 

Bologna. Honanzkoan baino basatiagoa dakusagu haranzkoan. Izugarria agertzen da etxeteria, etxe-orratzak bata bestearen ondoren, lurralde zabalera osoan.

 

Ez da gozoa izan kamioi artean Bolognako bidegurutze-sarea.

Zirraragarriagoa da oraindik Milanerakoa, batez ere kamioiengatik. Hiru bideko autobidea da izan, eskuineko biak kamioiek betetzen dute erabat, eskuin-eskuinekoa mantsoago doazenek abiadura bizian joanik ere, erdikoa berriz aurreratzen doazenak, hainbeste dira uneoro aurreratzen doazenaz ze beti dago beteta erdiko bidea, eskumako ilaran zulogune bat noiz aurkituko; ezkerrekoan autoak doaz, tarteka erdiko ilaran sartuz atzeko bizkorragoari lekua uzteko eta ahal bezain bizkorren ezkerrenetik aurreratzeko. Erdiko bidetik 110etik gora joan beharra duzu, ezkerrekotik 120tik gora nahi eta ez. Ez da erraza etxatoiarekin ibiltzea kamioi biren artean harrapatuta itsu egin nahi ez baduzu bidaia osoa. Eromena.

Alboko zuhaitzetara mugatzen du ganduak ikuspegia, edo behe-lainoak, baina asperdurak ez du lekurik, nahitaez errepidean egon behar duzu egon ahalmen osoz.

Baina ikusi ahal izan dugu Austriakoen antzerako adreiluzko leiho zulodun gorta-biltegirik. Herriak eta etxeak tristeak dira, adreilu ilun kolorekoak, lur kolorekoak.

 

Piacenza-ri dorre luze-luze ederra eta eraikintzar bat nabarmentzen zaizkio etxeteria zabalean; baina badira beste bi kanpandorre eder ere.

 

Hiritik beherako autobidea bi bidekoa da, baina lasaia, bukatu zaigu Milan alderako eromena.

Po ibaiaren inguruan goaz, albo-albotik tarteka. Zabala da ibai-bidea baina ur guti darama, ureztatze premietarako lapurtu diote ura nonbait.

Irudimen praktikoa dute italiarrek: autobideko zubipe oro aparkaleku bihurtu dute, egon leku edo atseden-gune, aterpe euria denean eta gerizpe eguzki orduetan.

Turinera doan autobidean gara, kamioiez lepo doa, baina ez da auto gehiegirik, errazagoa da kamioiok aurreratzea. Nolanahi oso bizkor edo oso mantso joatera behartzen zaituen autobidea da hau ere, kamioi atzean geldo edo kamioi aurreratzen bizi, ez dago erdiko aukerarik.

 

Emilia Romana utzi dugu.

 

LOMBARDIA

Errepide xumeagoa da, ertzak ez daude hain zainduak, ez da hesi trinkorik eta begiek nora begiratu badute, patxada gehiagokoa ere bada, badabiltza ibili kamioiak baina erraz aurreratzen dira.

Traktore mordo batez zamatuta kamioitzarra: hainbat nekazariren ametsak doaz bertan, baita ere egin duen diru inbertsioak eragindako kezka eta beldurrak ere.

Gari asko dago Piamonten, baita artoa ere.

Gorta-biltegiak adreiluzko zulodun leihoekin.

Mendi-muino artean sartu gara. Aldatu egin zaigu pixka bat lurraldea, mahastiz alegrantziatu.

 

45. paraleloa gurutzatu dugu: errepide gainean dago zubitxo edo arku batez iragarrita.

 

Alexandria aldean Genoa alderako autobidea hartu dugu: 3 bide ditu honek ere. Lasaia da horratik.

Adreiluzko leihodun lehortegia.

 

LIGURIA

Tunel batean hasi da lurraldea.

Caceresko kamioia: espainiar kamioi bakarren bat besterik ez dugu ikusi bi hilabetetan, Euskaldunik bakar bat bera ere ez.

Mendartean sartu gara, baso artean. Zubiak, pagadiak, tunelak... hori izanen da ibilia Genoara arte, mendiartez mendiarte, pagadiz pagadi, mendi-zulo gainetik. Bada herri politik, orain arte Italian ikusitakoen ezberdinak, antzinako jitekoak, xarmant puntuarekin: beste grazia bat dute.

Itsasgainean ginen eguerdiko ordu bata aurretik, itsasoa dugu begi-bistan zubi gainetik.

Tunela eta zubia diraute, baina pagadiaren ordez berotegiak, baratzak eta pinuak izanen ditugu begien lagun. Mendi-zuloez aparte herriak ere zeharkatzen ditugu gainetik zubi erraldoietatik.

Errepideari so edo hesiek galarazita, ez dugu ia itsasorik ikusi ere egin bertan den arren.

Eguerdiko ordu biak eta laurdenak, 27 graduko hozberoa. Italia utzi dugu.

 

541 kilometro gaur, 1.233 kilometro orotara  Italian egindakoak.

 

 

FRANTZIA

 

Aurrez aurre jartzeko unean dago atzean izan dugun eguzkia.

Behe-lainoa da nagusi mendian behera zein itsasoan.

 

Niza. Lau bideko errepidea, autoz lepo.

Autoteria izugarria dabil autobian, ez dirudi oporretara doazenak direnik, bertakoak, barnekoak baizik: ostiral arratsak izanen du eraginik errepidean hemen ere. Izugarrizko abiaduran doaz: ez dira Alemania edo Austriako auto handiak, ertaina neurrikoak baizik, baina deabru bizkorrak. Antzinako modeloko auto txikia ere badabil bideotan, bizi-bizi eta erne.

 

Rodano, Rhon, ibaia, zabala eta eder doa, baina zamaontzi eta gabarrarik ez dabil!.

 

Aurrez aurre jarri zaigu eguzkia. Arratsalde aparta dugu baina gu geu gaude nahiko nekatuta inguruaz gozatzeko. Ahalik urrutien, etxetik gertuen, heltzea dugu helburu, izugarria izanen baita gauez edo bihar goizez  oporretara doazen atzerritar zein bertakoen auto eragina. Gaur ere ez da makala errepideko auto jarioa. Arreta handiz egiteko bidaia.

 

Hara non erregairik gabe gelditu garen!!!. Orratza erregai kontagailuaren azken marrara hurbildu denetik gasolindegi bat noiz aurkituko adi lehenengo, larri gero, egon gara. Ez zaigu bat bera egokitu: Aix inguruko autobidea egin berria da nonbait eta ez da gasolindegirik 100 bat kilometrotan. SOS gailutik deitu eta garajekoa etorraraziz, larrutik ordainduz, bukatu dugu eguna,  lehenengo eguna hasi genuen pare.

 

Arazo askoko bidaia izan dugu aurtengoa:

* 3 aldiz egin digu pot bateriak: garajera deitu, herriko gazteei laguntza eskatu, herritar batek bultza egin beharrean beste behin..., hortaz gain motorra su hartu  ezinik sarri eta noiz geratuko kezkaz.

* Bateria aldatu behar izan dugu.

* 2 aldiz hondatu zaigu etxatoiaren gurpiltxoa, beste behin kendu behar izan genion 3.ez honda ez zedin.

* 3 aldiz aurkitu dugu itxita kanpinak kristonak eta bi egin ondoren bilatzen hirurak.

* Gorputzaldi izugarri txarra jasan behar izan dugu biok txandaka.

Baina gainditu ditugu arazook, eta bagatoz etxera programatuta bezala.

 

8ak eta erdietan bukatutzat eman dugu gaurkoa.

 

979 kilometro, 12 ordu pasako gidaritzakoak

.

Narbona hiri inguruko atsedenleku batean egin dugu lo. Auto eta etxatoi guti zegoen gu heltzean, kamioiak ere guti ziren. Gero eta auto gehiago joan da heltzen, azkenez ehunka pila jende ginen gaupasarako bertan kokatuta. Europa osoko herritarrak, gu oporretatik, beste denak oporretara.

Polizia ere etorri zaigu, etxatoiz etxatoi dabil, lapurrak izan ohi direla eta neurriak hartzea aholkatuz.

 

 

Uztailaren 1a.   Larunbata.  61.a

 

Izugarria izan da goizeko lehen ordukoa. Autobusak sartu, egonalditxoa egin, eta irten: txekiarrak, poloniarrak, marokoarrak... autoak ere pila. Pil-pilean da oporretarako irteera. Zaila izanen zuten bart lapurrok.

 

Abian ginen 8etarako. Mediterraneotik Kantaurirakoa da gaurko ibilbide nagusia, ondoren etxerainokoa. Errepide eta ibili lasaiak. Gure bidetik ez doa herriarteko ia inor, alderantziz bai, Mediterraneoko opor edo egun-pasara.

Hori dago lurraldea, heldu-helduak galsoroak. Eliza-dorreak ere ezberdinak dira: gotorleku antza dute elizek zein eliza-dorreek; gerra girokoak agian.

Tolosan nahastu egin gara, Tarbes eta Baiona bidea berdinetik zirelakoan. Laster bideratu gara, ez ernegatu gabe.

Tarbes inguruan hara non errepideko hesian kamara lotzen poliziak abiadura bizkorregikoak zelatatzeko: ze ofizio zikina  eta txakurra zelatariona.

 

12etan entzun dugu Euskadi Irratia: duela  bi hilabeteko berri bertsuekin: zein aspergarriak diren politikoak.

 

 

EUSKAL HERRIA

 

Baionako bidegurutzean kontrola izan dugu: SS matrikulako gazte bat zuten beraiekin poliziek. Gaztea eta euskalduna, arriskutsua!!!.

Baionan ginen 12ak eta erdietan, 459 kilometro egin ondoren.

Itsasoa. Etxean gara!.

Biriatuko muga: hainbat pasabide egonik bat bakarra dago erabilgai, polizia berdea bertan dela presente. Presente dago Euskal Herriko erresistentzia mugako jarreran bertan ere. Europako mugarik eza erdizkako egia da: ez dago hau Austria eta Italiako mugak bezala zeharkatzerik, Hungariako kontrol zehatzik ere ez badago ere.

 

Sakana. Beriain, Aralar, Andia, Urbasa, Aizkorri mendiak, eta Sakanerriko bailara. Bada toki ederrik munduan, hau baino ederragorik ez, paretsuak bai.

Bizitzeko eta egoteko, Sakana. Ibiltzeko, mundua.

 

Ordu-biak  eta erdiak, 29 graduko hozberoa, 6 orduko gidaritza.

 

590 kilometro, bidaia honetako azkenak.

12.241 kilometro, onik eta zoriontsu ibiliak.

BIDAIAK 2000. AUSTRIA

Jon Etxabe 2022/05/09 08:55
IPAR GOIENA: Friesach, Grades, Metnitz

IPAR GOIENA

 

Gaur ere Iparrera goaz, mendi leunetako basoetara. Agur esaten ari gatzaio lurralde honi, bihar hegorantz eginen baitugu eta Hegoa erabat ezberdina da.

Ez dugu Alpeez gozatu egunotan, mendiak lurrunetan bilduak baitaude, lainoa sortuz, lainopean beraz.

Hila dago laku ingurua gaur, ez autorik ez txirrindurik dabil edo dago, autobusa bera ere hutsik dator goizeko bederatzietan atera garenean; egun ateria, baina bustiak bilduta.

Euri egun iluna, piztuta daramatzate argiak auto gehienek.

Etxeak bezain dotoreak dirudite zenbait korta-biltegik.

 

Althofen. Oso dotorea ageri da errepidetik, baina lantegietako tximinien ke multzoa, laino kutsatu artifiziala, bat egiten du basoetako laino multzo naturalekin. Kanpandorrea, ezberdina ageri zaigu gaur: aurre zorrotz-zorrotz garaia du eta tontorrean dorretxo txiki bat.

 

Atzo egin genuen bide bera da lehen zati hau, baina hala ere oparitzen dizkigu ezuste gozagarriak: balkoi, korta, jauregi...

Erabat dotorea dago paisaia, izeidi ilunean laino zuriak sortzean batez ere.

 

Friesach. Irudi deigarria eskaintzen du urrutitik: eliza, dorrea, dorretxoak mendi magaleko harkaitz tontortxoetan, teilateria eta dorreak mendi barrenean...  Hara non unleitun-a dugun hemen ere, jaietan daudelako seguru aski: moldatu gara.

Ipuinetako herria dirudi, gauean kentzeko goizean jarri duten jostailua dirudi, Erdi Arora jauzia. Kale-kantoi orotatik daude begi-bistan,aurrez-aurre, goietako eliza, dorrea, gotorlekua, eta haitz-punta gotortuak, deigarri eta erakargarri, herri-xarma girotuz, halako jite bitxia ezarriz beheko kalediari. Herri txiki xarmanta. Teila-gorri, koloretsu, argi mendi, izeidi, ilunaren oinetan. Herri garrantzitsua behar zuen izan herri honek, eliza eta hondakinek diotenez; ederra da gaur egun ere.

Plaza luze zabala, ederra behar du izan; txosna eta oholtzez beteta eta desitxuratuta dago gaur, baina antz ematen zaio berezko edertasuna, aparta behar du izan bere itxurak eguneroko betikoan; etxe argi koloretsu ederrek inguratzen dute, mendia du gain-gainean, marmol landutako iturri-artelana erdian, lorategia ere oso molde bitxian jarrita dago, borobil, aldatzean. Kaleak bizi-biziak ditu, kolorez zein itxuraz: bada  oinetako denda bitxi bat, oinetakoekin lotura duten irudi xarmantez apaindua fatxada, eta bertan ordu osoetan atetxoa irekitzen da eta bertatik botadun katua agertzen, tronpeta jotzen du, herri osoan entzuteko bezain ozen. Harresiak geratzen zaizkio, ateek ere iraun dute, gaur egunean bertan herrira-sarrera zeregina betez; ibaia doakio mendia edo harkaitza ez den inguruan, babes-zulo berezko aparta. Katapulta, gaizkileentzako zepoz eta antzerako abarrez apainduta dute sarrera eta harresi ingurua. S. Bartolome eliza: kanpotik ederra da, bi dorre karratu garai eta teilatu pike koloretakoek osatua; ezberdina egin zaigu, berriz, barrutik, ez dakit zergatik: gotikoa, garaia, armarriak diruditen giltzarriak dituzte loturetan nerbioek, arkutxo erreskada alboetako goietan; bataiarri ederra;  Erdi Arokoak diren bi beirategi omen ditu,  baina gu ez gara jabetu ere egin.

Biolin eta organo joleak ari ziren emanaldi baterako entsegu lanetan presbiterio erdian: neskatila neskato txiki-txikia zen euretako bat, ume bat oraindik. Bada traza ederreko eliza mendipe-mendipean, ia baztertuta, itxita dago, baina. Zabalik daudela dirudi goiko eliza eta gotorlekutzarra, baina ez joatea erabaki dugu.

Jai giroa nabaria da, hurreratzen hasia zen herria plaza inguruetara guk alde egitean.

 

Herritik irteeran, baserria behar zuen etxe alboko zelaian 4 zerri eta artaldetxoa: bidaia osoa  gogoratzen ditugun lehen zerriak.

 

Metnitz ibaitxoaren bailara estuan sartu gara, ibaiarekin egingo dugu bere kontrabidean mendi goietan jaiotzen den mendiarteko uneraino. Bailara aparta, berde argia, baso aldapatsu ilunen artean. Ez du atsedenik ematen bailarak, beti dugu ezusteren bat, bitxikeriaren bat, eraikin ederren bat: bata bestearen ondoren agertzen zaizkigu zurezko etxe ilun apartak, zurezko korta-biltegi ilun tzarrak; etxeak zein kortak bertako jitekoak dira, landuak, ederrak, paregabeak; granjak ere izugarriak dira, handiz eta ederrez. Santutxoak kaperatxoak dira, zurezko teilatuekin.

Goietan, basoan galduta, belartza behar duen garbi gune berde batean, bi eraikin, etxebizitza eta korta-biltegi izan behar dutenak, gure baserriak bezala, mendian galduak, bakarti; zuriak dira gure baserriak, hauek, aldiz, ilun-ilunak ia beltzak.

Ugariak dira behi marroi-zuri esnedunak.

 

St. Salvator. Lau etxeko herri txikitxoa, maiatza du.

 

Izugarrizko granjatzarra, herritxo edo auzo baten itxura du: etxebizitzak gaztelu eder bat dirudi, hormako goietan kanpai eta guzti, auskalo nori deitzeko; eraikintzar piloa du aurreko atari edo larrain zabalaren alboetan, antzinakoak; berriak dira batzuk baina antzinakoen jitekoak, denak apartak; atari edo larrain zabala eraikinen erdian; bada ehun bat behi larrean.

 

Bailara aparta hau ere, zein baino zein erakargarriagoak etxeak nahiz korta-biltegiak. Heidiren mendietako etxeak dirudite zenbaitzuk, han goietan, ipuinetakoak.

        

Grades. Herri txikitxoa, erreka-zulotik gora egin ondoren, mendi-malda garaian kokatua. Lau zuhaitz eder plaza luzearen erdiko berdegunean, maiatza  bertan: ederra, sendoa, garaia, zuritua: tramankulutxo bat du nahiko goian eta hortik gora adar artean galtzen den burdina-haria dirudiena: ez diogu antzik ematen zertarako den; eliza, xumea da egituraz eta itxuraz, baina barrutik dena da urre-kolore, fresko ederrak ditu hormetan, baita presbiterioko erretaula osteko horman ere; atetxo gotiko leun moinonoa dorre azpian; dorre azpia da elizpe karratua, bertan dago kokatua etxera eramateko ur bedeinkatuarena behar duen brontze edo letoizko ontzia kanil eta guzti. Herria baino beherago, haitz tontor batean, amildegi gainetik zurezko zubi batek bidea ematen diola, gaztelua, gehiago dirudi sendo itxurako jauregitzarra, agian jauregi bihurtutako gaztelua da: zaharkitua eta kolorgetua dago, sendotasun itxurari dario erakargarritasuna, ez beste ezeri. Herria baino gorago, tontortxo bateko bakardadean, St. Wolfgang eliza, itxura ederreko gotikoa: harresi garai-garaiez erabat inguratua, gaztelua bailitzan, estualdietan gordeleku izan zen nonbait; itxita du harresiko sarrera ere; erabat zaindua dago ingurua, belartza berdin-berdin ebakia, belar zapaldu gabea da ataurrekoa ere: inor guti joan da atera, agian alfonbra berdea ez hondatzearren, nolanahi bada bide-gorria herritik bertara, zaindua.

 

Metnitz. Goitxoan dago hau ere, mendi magalean berau ere, baina beheko errekaren bestaldean. Nahiko etxarte edo kale-sare bihurria du, plazako etxe solteak sendo ederrak dira, bizi-bizi pintatuak, bakoitza kolore ezberdinez. Hara non maiatz bitxia: bikoitza du goialdea, tiragoma erraldoia bailitz: honek ere metalezko piezatxoa du enborrean eta bertatik adarretaraino burdina-haria; zuritua dagohau ere.

Hezurtegia da herriko altxorra, batez ere freskoengatik ikusgarria. Borobila da egituraz, zurezko txatal ortogonalez estalitako teilatu konikoz babestua. Kanpoko buelta osoan  herioren dantza: jaioberriak nahiz zaharrak, aberatsak zein pobreak, elizgizonak ala gerrariak sokan doaz, denak heriotzaren eskutik, aurresku soka makabroan. Izugarria, herioaren inguruko fresko denak bezala: gogoan dut Trentotik gertu ikusi genuen lehenengoa, gogoan dut eragin zidan zirrara.

Eliza da bigarren altxorra: 3 nabekoa, egitura erabat ezberdineko gangak ditu, zutabe borobil sendoen gaineko erdigun luzexkakoak, deskriba ezinak dira: izanen da seguru aski hitz teknikoren bat teknika hori agertzeko. Sarreratik begiratuta barrunbe osoa da urre-koloreko santu-iruditzarra, santu-irudiok aldaretan, hormetan, zutabeetan...; santu-irudiez gain apaindura eta irudiz gainezka dago eliza osoa; landua da pulpitua ere. Eliza honetan ez da gurutzea eskuan duen beso beltzik ateratzen pulpitu ostetik, aingerutxo batek du gurutzea.

 

Errota. Baila sakon-sakonean, erabat zurezkoa, zurezkoa da ubidea ere, museoetan jarri ohi diren horietarikoa: txukundu eta bertan ikusgai jartzea litzake bidezkoena, utzia baitago gaur egun.

Bakandu dira herriak, herri multzo bilakatu dira, kortak txikiagoak direlako agian; simaurra ere ageri da errepide alboan zein zelai erdian multzo handian pilatuta. Nolanahi paraje atseginak dirau. Su-egur asko dago pilatuta balkoipeetan, teilategal azpietan, atariko horma kontra...

 

 

Eta honenbestez gora egin du errepideak, basorik baso, bihurgunez bihurgune. Errekatxo bihurtu zaigu goian beheko erreka. Estu-estua, baina bizi-bizia.

 

Flattnitz. Eliza ederra omen du, ikusi dugu Monasterioko argazki batean, oso teilatu bitxia da berea; ezinezkoa da ordea guretzat denera heltzea, dena ikustea, norbera galtzen baita irudien zurrunbiloan, nekatuta bukatzeraino.

 

Etxera hartu dugu bidegurutzean.

Goitik behera  luzea egin dugu mendiartean  bailara berde zabal bateara heldu arte. Dena da zelai, dena belartza. Bailara bera da hemen ederra, bailara bera da erakartzen duena, ez bailarako osagaiak. Izan baditu jite oneko eraikin ederrak, baina, antzinakorik bada ere, berriegiak dira hemengoak.

 

Glodnitz. Eliza gotorra, harresi batez inguratua; badu hezurtegia harresiaren kantoi batetan, borobila, apartekotasunik gabe. Dorre sendo lerdena du elizak. Barrutik berriz bere orokortasunean da erakargarria, xumea, baditu halere  urre-koloreko santu-irudiak zurezko aldare umiletan, fresko hondakin guti batzuk ere bai.

Berehala ginen zenbakidun errepidean.

 

Deutsch-Griffen. Monasterioko argazkietan ikusi dugu eliza hau ere, erakargarria: tontortxo batean kokatua, zurezko aterpez babesturiko mailadi batetik egiten da bertara; teilatu zorrotzeko hezurtegi planta oneko bat ere bada; fresko ederrak omen elizak.

Baina etxerako ordua erakusten du gorputzak, hemendik aurrerako orduak eta bisitak erre egingo gintuzkete. Gutxienez garaiz etxeratzen ikasi dugu bidaietan.

 

Bizi doa ibaia, baina ilun.

Arrain-haztegi xume-xumea, lurrean eginiko zulo eta sakonune jarraian elkarri lotuak, besterik ez da.

Motorista asko dabil gaur.

Feldkirchen hiriko bailaran sartu gara, bailara ezaguna jadanik guretzat.

 

Feldkirchen. Egunoro gabiltza bere inguruan, irabazi du bisitatxoa. Inguruko herri nagusia da, izozkia xurgatuz ibili gatzaio kaleetan; bada oinezkoen kalea ere. Plaza, izurrite zutabea, etxe erakargarriren bat nola ez, jendea plazako kafetegian dago zerbait hartuz, ezkontza bat ere izan dugu argazki ateratzen, badira aparkalekuak jendea dator-eta nonbait... baina ez digu ezer berririk eskaini, ez erakargarritasun berezirik ere, gainera dena itxita dago larunbata delako: freskoak omen ditu elizak, hezurtegi bat ere ba omen, baina herriko ertzean daude, gorputzak eta senak etxera agintzen digu.

 

151 kilometro,  atsedenik gabekoak, ikusminik ase ezinekoak.

 

Kirol talde bateko jokalariak dira kanpineko gazte taldeok, lehiaketa bateara etorriak edo. Burumakur etorri dira gure aurreko bi taldeak; bestalde, ertzekoen abestiak entzuten ditugu: lehiaketen bi aurpegiak.

 

·Dublindarrak”. Joyce – Aldasoro. Ipuin atseginak.

 

 

Ekainaren 25a.   Igandea     55.a - 14.a

 

Soneto hautatuak”. W. Shakespeare . J. Garzia: “Ez harrit ikusmenak huts badegit: / Eki bera itsu da lainoturik”. No marvel then though I mistake my view: / the sun itself sees not still heaven cleans”. Atertu gabeko lainotsu esnatu zaigu Austriako azken goiza.

 

S. Juan Txiki

 

Galtzen ez den asko dabil galduta munduan zehar.

9etan, atertu gabeko euripean eta 11 graduko hozberoan eman diogu hasera azken ibiliari. Ezohizko giroa Austriako azken ibilirako.

Hila zegoela laku ingurua genion atzo, txindurririk ere ez da ageri gaur, muestrarako ere ez da  ere ez auto, ez txirrindu ezta oinezko bat bera ere, ezta japoniarrik ere.

 

Pyramidenkodel, 850 metroko tontorra Alpeetara behatokia omen; agurrerako utzi genuena ametsean gera beharko. Laburra behar zuen lakuaren inguruko ibilia murritzagoa geratu zaigu lainopean.

 

Wiktring.  Kanpin bila etorri gintzaion herria, ezin izan genuen kanpinik aurkitu, kosta zaigu ere monasterioa aurkitzea, baina aurkitu dugu ia etsita geundela dorreen atzetik ibili ondoren monasterioa ez zen beste eliza bat itxita aurkitu eta gero.

Monasterioa. Ukitutxo dotoreko sarrera xumea du, erakargarria, jauntxo-tasuna dario, ez ordea handitasun edo aberastasun jitea. Arkuteriadun eraikin sendo eta ederrek biltzen dute  monasterioaren erdigune zabala, bertan lau zuhaitz ederren artean iturri eder bat da azpimarratzekoa. Patio edo erdigune zabaletik du sarrera elizak: erretaula da bitxia, argiuneak ditu osteko absideko beirategi koloretsuarekin elkarlotuz ikuspegia, beirak eurak ere erretaulako zatiak bailira; organoa ere bitxia da; hil-lauza pila.

Meza ordua da, eliza bete-beteta dago, jende nagusiz. Meza ondoren bada auzate edo zerbait  antzerako: jakiak ikusi ditugu areto batetan, edariz beteta auto bat eta taldetxoa mahaiak zeuden belar-gune batera sartzen prestaketa lanetan argiro.

Parkea Monasterioaren alboan, herriaren aisia leku gaur egun, monasterioarena garai batetan.

 

Bailaraz bailara egin dugu bidea, herritxoz herritxo, beti herri-bidetik, ibili xarmantaz gozatuz, baso eta Alpe tontorrek gandu eta lainoz bilduek, ikuspegi zoragarria eskaintzen zigutela. Argitu ere egin du tarte luze batez, eta une hartan tontor elurtuak agertu zaizkigu, beheko auriak elur bilakatu baitira goietan, S. Juan eguna arren. Egunotako Austriako bidaietako osagai guztiak izan ditugu gaur ere: etxe paregabeak, balkoiak, korta belar-biltegiak, era guztietako santutxo xarmantak, kaperak, arto-sailak, belardi argiak, izeidi ilunak, zaldiak, behiak larrean, herritxo xarmangarriak, maiatza, kanpandorre luzeko eliza estilizatuak, lorategitxoak, etxaurre dotoreak,  ...

Izan da bailara erakargarri bat ere, egun batetan Drau ibai ertzari jarraituz zeharkatu genuena eta gaur gaintxotik osotasunean ikusi ahal izan duguna.

 

Kottmannsdorf. Etxe bakaneko herria: Eliza estilizatu bikaina, bi estaiko santutxo tzarra herri erdian; gerran hildakoak omenduz eraikintxoa.

 

Ez da hainbeste kristo ikusten herrialde honetan.

Oilarra du santutxo batek  ohiko gurutze edo bolatxoaren ordez teilatu zorrotz luzeko ertzean.

 

St. Egyden. San Kristobalekin egin dugu topo herri honetan, elizako horman pintatua, iruditzarra erraldoi. Bidaiarien Alpeetako pasagunea da ingurua.

 

Drau ibaiarekin ere elkartu gara: urez eskas baina zabal doa, erakargarri, garbi.

Worther  kanpin alboko lakuaren ertzarekin ere lotu dugu, etxera itzulera bidean: lakua hor dela antz eman diogu soilik lehenik, zuhaitz edo etxe arteko flash laburretan, ondoren albo eraman dugu: lasaitasuna eskaintzen du, bare, berde, geldi, eder, basoz eta etxez inguratuta. Balkoi egin bailiote autobidea doakio bestaldeko goitik: bihar bertatik ikusi ahal izanen dugu lakua eta gaur gabiltzan parajea.

Uderri dotoretxoak dira laku ertzeko herritxoak, dottoretxoak: ahal izan duenak lapurtu du laku ertz zati bat etxea eraikitzeko.

 

Maria Worth. Uda-herri txikitxoa, igandezaleentzako gure aproposa, laku ertzean kokatua,  hotela eta kinkila-denda da nagusi bertan. Baina edozein txokotik begiratuz, lakuaren ikuspegi zabala eskaintzen du. Bi eliza apartak, biak tontortxo banatan, laku ertzean biak, biek dute sarrera bitxia arkutxo, pasabide eta mailadiarekin, parrokiako mailadiak gainera aterpea du erakargarria bilakatzen delarik; hilerriak inguratzen du parrokia, non hezurtokia ere baden: teilatu konikodun kapera borobila, defuntuena deitzen diotena.  Parrokiak S. Kristobal erraldoia du horman, kanpotik; barrutik berriz bi nabe ezberdin, ezohizkoa egituraz, gotikoak osagai gotikoez aldatuak, aldaretxo xarmant aspaldiko erdi naifak, Amabirjinaren taila ederra erretaulan, loretxo pintatuz edertutako kripta baxuto xarmangarria, pulpitu loratua, bataiarriaren urre-koloreko estalki landua, eta honen alboko iruditxo bitxia.

Organo emanaldi zaratatsua ere eskaini digu parrokiak. Kaperatxo bat ere bada, erromaniko kutsukoa, xarmant txikitxoa, XII. gizaldiko fresko ederrez dotoretua, primerako beirategiak erakutsiz leihoetan eta zurezko taila txikitxo bat barruan.

 

Bisitaria badabil ibili baina ez trumilka, igande eguzkitsu batetan ibili behar duen bezala.

 

65 kilometro, Austriako ibili osoa laburbildu digutenak.

1.778 kilometro,  gehi biharko 51, Austrian egindakoak.

 

Joan dira gazteak, ez dator bezero berririk, dendaz urri eta gaudenok etxe barruan, hila eta tristea dago kanpina. Gu geu ere bagoazen sentipenez gaude, agur giroan.

 

Onera egin du arratsaldeak, badator jendea laku ingurura. Ibilaldi ederra egin dugu geuk ere eguzki epelez gozatuta. Tenis pilota bat ere aurkitu dut, bidaiaren oroigarri gordeko dut. Patinez dabil jende asko, bikoteak seme-alaba txikiekin bide-gorrietan irristatuz; irrista-lekuko oholtza bihurrietan bihurrikeriak egiten dituzten gazteak; parkean arratsalde-pasara datoz gurasoak umeekin, .. igande-giro bizia.

Inortxo ez doa gaur bidaiari ubideko ontzitxo isilean. Ubidearen erdian Holandatik ezaguna zaigun gandor zuriko uretako hegazti beltzak egin du ur gainean habia eta han dago arrautzak epelean gordez.

Arratsalde bikaina  azken agurrekoa.

Nostalgiarik gabe goaz, gure herriko gaiez jabetzeko grinatxoa hasi zaigu barrena kilikatuz, lagunen begi irriñoari erantzun, sendia besarkatu, egoera ezer aldatu ote den, egunkariak irakurri, basoez gozatu, ... Bada etxerako garaia.

 

“Dublindarrak”. Joyce – Aldasoro. Herrialdearekin batera, liburu aldaketa.

 

 

Oroitzapen laburpena

 

Hego Austria: Karintia eta Estiria izan dira bisita lurraldeak.

 

Dena da izeidi, Bizkaia eta Gipuzkoa pinudi lez.

Bailarak:  jite ezberdinekoak, mendiarteko xarmantak asko.

Santutxoak: pila, borobilak, zurezko txataleko estalkidunak, mila konbinazio eginez zati borobil eta leunez, zulogune konkaboetan santu-irudi pintatuak, lau-hiru-bi-bat , .... zein baino zein politagoak, ...

Biztanlea: xume-xumea, pobrea ere, gure Austriarekiko irudia hautsiz: argi jantzitako harroxko giza puskak autobuskadaka doazenak dira, jubilatu itxurakoak. Herri erlijiosoa: santutxo, eliza, herri-izen, kanpai-hots, ...

Jantzita: edonon lez, jantzitik ez dago nabaritzerik ze herrialdetan gauden.

Jubilatuak:  autobuskada dabiltza, Austrian ere pentsioko dirua erabilaraztea pentsatu dute agintariek.

Mendiak: asko; Estirian leunak dira, Karintian pikoak eta garaiak, mendion ostean Alpeetako harkaitzak.

Belar sailak: baso arteko soilguneetan. Belarra da nagusi, artoa da hurrengo herrialde batzuetan ugaria, garia berriz oso guti hartzen da.

Plastiko fardeletan gordeta belarra.

Abeltzaintza: horretara jarria dago nekazaritza, errapeak erakusten dutenez esnetara jarriak gainera.

Herri eta etxeak: oso zainduak, garbiak, txukunak, argiak, ondo-bizien itxurakoak. Santu-izenak dira nagusi herri-izenetan: botereak, elizak barne, mila katramila erabili ohi du sarea botatzeko. Bada tarteka osoki zurezkoa den etxerik: beti dira etxe ederrak ez dira gosez hiltzear dagoen nekazariarenak. Etxeen teilatu kolorea ezberdina da: Estiriakoa teila gorria da, Karintiakoa berriz oso iluna, beltza ez bada ere.

Balkoiak: loretsuak, dotoreak, ederrak.

Autobus geltokiak: zurezkoak dira, ilunak, xumeak baina giroa eta jitea ematen diotenak lurraldeari, ematen laguntzen dutenak behintzat, paisaia girotuz, puzzlearen zati bat gehiago.

Txakurrak: guti kalean, eta dabilen apurra beti lotuta.

Egunkariak: Karintian, kale-kantoi edo etxe multzo inguruetan poltsetan daude, itsulapikoa bertan dago, egunkaria hartu eta dirua botatzeko: agian egunkari zehatz bat da soilik hori egiten duena.

Kortak: erraldoiak, etxea baino hiruzpalau-lau aldiz handiagoak, adreiluzko leiho handi landu-landuekin.

Lakuak: asko. Herritarra lakuetara edo laku alboko belartzara gureetan hondartzara edo itsasora bezala doa, eguzkia hartu eta bainatu asmoz.Bakarren esku edo bakarren erabilpenerako edo negoziorako erabiliak daude. Tarte zainduotan ezik ezinekoa da  lakuetan bainatzea.

Behiak: marroi-zuriak, esne-behiak.

Kanpinak: onak, ondo zainduak, belar eta zuhaitz askokoak.

Izozkiak:  gozoak, ez da Hungarian haina jaten.

Errepideak: ertzetan ez dago zuhaitz ilararik: norbaitek esanen zuen zuhaitzak arriskutsuak zirela errepidean, baina abiadura moteldu ordez, zuhaitzak ebaki zituzten hemen ere.

Gidaritza: patxadakoak dira gidatzen, zentzudunak: oso mantso goazela, argi keinukariarekin egiten diozu aurreratzeko eskaintza, baina ez zaituzte aurreratuko, atzean geldituko zaizkizu, aurrea garbi edukita ere, halakoren batetan aurrea hartzea erabakitzen duten arte. Heziketa ala poliziei beldurra?: betiko galdera. Hildakoen zein portzentaia ote Austrian!.

Trenbideak: ugari gurutzatu dugu: langarik gabe, argi gorriz soilik babestuak.

BIDAIAK 2000. AUSTRIA

Jon Etxabe 2022/05/01 10:50
IPARRALDEA: Maria Saal, Zollfeld-Gla bailara, Magdalensberg, St. Veit a.d. Glan, Burg Hochostervitz, Althofen, Gurk Monasterioa, Zwenitz, Altenmarkt.

Ekainaren 22a. Osteguna.  52.a-A:11.a

 

“Soneto hautatuak”.     W. Shakespeare – J.Garzia. Ezin naute liluratu.

 

Kanpoan egin dute lo gazteen autoek, parranda zalea da gaztea hemen ere.

 

 

IPARRALDEA

 

Ez dugu jai eguna den duda izpirik, uholdean dator jendea laku ertzera.

Gaztelu pila dago Klagenfurt inguruan, 9 iragartzen ditu mapak, eta hor daude egon begi-bistan errepidetik. Nondik bizi ote ziren jauntxo guzti horiek, hain gertu bata besteengandik, pobre berdinei kentzen zieten zergak denek, ala beste nonbaiten zituzten lurralde bezero menpekoak?. Nor larrutzen ote zuten!. Pobre: inorentzako langilea, ohi denez.

 

Izugarria da Flagenfurt-eko bide-sarea.

 

Maria Saal. Txikia eta xumea, erakargarria, bikaina, uda-herria ere badirudi, udatiar herria, oso etxe ederrak baitaude. Harri zuriko Amabirjinaren Zutabe xumea plazatxo xumean.

Prozesioa. Korpusti Eguna da gaur, prozesiorako prestatzen ari dira, jendea hurreratzen doa. Ordu-orduan heldu gatzaio suertez, jakin ez baikenuen prozesioaren berririk. Bitxia egin zaigu. Etxaurre batetako berdegunean eman zaio hasera elizkizunari, kalean zehar abiatu dira ondoren elizan bukatzeko. Gure txikitan lez aldaretxo xumeak jarrita daude han hemen,  prozesioa geratu eta otoitz zein  kustodiarekin bedeinkapenetarako gune. Bertako jantziz uniformatuta bandako musikariak, koruko abeslariak, agintariak, zutoihal eramaileak eta emakume mordoxka; apaingarri bihurri dotoreak daramatzate emakumeok buruan; bosten artean daramate zutoihal erraldoia, eramaile bakoitza bere hagaz armatuta; jaunartze eguneko jantzi zuriz neskato-mutikoak... denen atzetik herria. Jo eta putz banda, herria berriz isil; kustodia urre-koloreko ederrean Gurejauna paliopean, apaizak berriz gure garaiko jantzi ikusgarri brodatutako jantzietan sartuta. Xumea eta apala da prozesioa, baina era berean sekulakoa.

Belar-guneko erritoak folklore itxura gehiago zuen elizkizunarena baino, eliztarrei luze egiten zitzaien apaizaren erretolika, asper itxura zuten aurpegian,  prozesioa nahi zuen, parafernalia maite zuten, noiz aterako zeuden. Nabaria zen urteroko erritoa zela, gustura zeudela, harro. Ze nolako behi-marru ozenak entzun ahal izan diren belar-guneko elizkizun garaian!.

Eliza. Sekulako aparta kanpotik, apartagoa barrutik. Kanpotik, dorre bikoitza, hormateria, ormetako hainbat irudi eta hil-lauza… begiak erakarriz. Barrutik berriz betiko mila xehetasun bikain: apaindurako estukoa, pulpitua, triptikoak, jauntxoen irudi pintatuz edertutako gangak, zizel lanak, tailak, freskoak denean... sekulakoa!.

Hezurtegia eliza-aurreko plazan: borobila bera, arkupe borobil batez inguratuta, fresko nahiko hondatuak...: eraikuntza bitxi deigarria, guretzat erabat berria.

Argimutila, argi zutabea agian, plazatxo erdian, sekulako artelan zizelatua.

Ze bisita atsegina!.

 

Zollfeld-Glan bailara. Aspaldiko granjak, korta eta belar-biltegiak etxebizitza bat bider lau handiak; adreiluzko bao-gune dotoreak, bakoitza artelan bat itxura eta marrazkiengatik; etxebizitza berriak lehengoen jitean eraikiak horma osoa leiho sail gorria zenbaitetan.

Arndorf. Etxe eta belar-biltegi bakoitza aparta da hemen ere, elizak kaperatxoa dirudi dorrez luzearekin erakargarri.

 

Rossendorf. Belar-biltegi erraldoiak aitatu behar.

 

Artoa da nagusi, bailara honetan, artoa izanen da nagusi goiz osoan.

Santutxoak, herri bakoitzak du berea, atzokoen antzerakoak, xarmantak, sendoera ezberdineko zutabe borobil gainean eta lau kantoiko teilatutxo pikea txapel dutela; zurezko txaplatekin estaliak daude teilatutxo ia denak: goiz osoan izan ditugu errepide ertzean, herriko sarreran, herriaren aitzindari edo iragarki bezala.

Herriaren izen-iragarkiak, dotoreak dira, zurezko ilunak, aterpetxo batez babestuak,  herri bakoitzeko arotz edo artistaren arabera ezberdina bakoitza.

Zaldi larrainak,  banaka batzuk aurkitu ditugu gaur.

Simaurra, bera ere txukun pilatuta dago korta aurretan.

Herrialde aberatsa da hau, nabaria da herrietan, azaleratu egiten zaie oparotasuna.

 

Bailaratxoz bailaratxo doa ibilia, zein baino zein deigarriagoa da bailaratxo bakoitza .

 

Magdalensberg. Sigi-saga bihurrietan, bihurgunez bihurgune  egin dugu kilometro mordoa, agian 10, gora eta gora. Merezi izan du: ikuspegia, eliza eta erromatar eta zelten aztarna hondakinak eskaini dizkigu.

Ikuspegia zoragarria, Eki Hego Mendebal aldera: ostean Alpeak erraldoi, eder eta sendo, behean bailara berde argia galsoro horiak adabakiak bailira, han-hemenka denean barreiatuta herritxo argiak eta izeidi ilun amaigabeak.

Eliza. Gotiko, txikitxo irregularra, 1500.goa omen: gotiko fina baina egitura xelebrekoa. Aspaldikoaren jite erakargarria du, moinonoa da. Triptiko paregabea du aldarean.

Zelta eta erromatarren hondakinak. Oso zabala da argitaratutako  eremua, darraite oraindik  indusketa lanek: mendi magalean kokatuta, oso goian, ia tontorrean: segurtasunak eraginda hain goian, ala behealdea istinga gunea zelako?; horma eta hondakin pila. Erre egingo ginateke azalez eta  animoz, ez da ordu egokia harrioi eguzkitan begira hasteko. Aurrera egin dugu.

 

Beheranzkoan hogeitik gora traktore-ilara gurutzatu dugu: turismoa egiteko era ezberdina, traktorean!. Traktore berri berriak, segurtasun neurriak hartuak zituzten, laguntzaileak... Aspertuxe zihoazen itxura hartu diet; geldi doazenez, nahiko abagune dute .aisaiari begiratzeko, baina aurrekoaren tutuko hondakin kutsatua eta motor burrunbak ere nekatu behar du. Txango bitxia nolanahi: norbaitek asmatu du ekimen ezberdina, eta badirudi  zaletuak erakartzen dituela.

Mastra trinkoko landara berde iluna, sail zabaletan laboratua, guretzat ezezaguna.

 

S. Michel. Aspaldiko eliza, erakargarria urrutitik, margulduxea bertatik.

 

Izugarriak dira korta-belar-biltegiak, bere leiho bitxiengatik erakargarriak.

 

S. Donat. Kanpandorre lerdena, etxe ederrak, belar-biltegi apartak, santutxo xarmantak...

 

Behiak izan ditugu gaur berrikuntza, behi gorri-zuriak lauzpabosteko talde banaketan.

 

St. Veit a. d. Glan. Erabat hilda zegoen eguerdiko galdan, halaz ere erakargarria. Izozki-dendek ere itxi egin dute gaur, plaza nagusiko kafetegiak daude zabalik soilik;  bisitariak besterik ez gabiltza kaleetan, ezustea izan zaigu bakarren bat kalean ikustea. Urre kolorez dotoretutako kasaka gorriz jantzitako bi gizaseme agertu dira plazan, argazkia atera diezaiegun prest eta irribarretsu, atabaldun bat ere agertu da, ondoren tronpetaduna: bada edo izan da prozesioaren bat, baina herrian ez da prozesio girorik nabari.

Plaza Nagusia da herriko altxorra: lauki zabal luzea, etxe apartez osatua, zaindua, apaindua, erakargarria,  Hirutasunaren izurrite zutabea du erdian.   Saltegi kalea, beiraz estalia, antzinako etxeak eta gaurko materialak nolabait elkartu eta lotuz; bada kale eta kaletxo zaindurik, baita iturri bikainik ere. Harresi zatiak diraute, ilunak eta garaiak.

Eliza. Barrokoz jantzitako gotikoa, gangak, eliza osoa ere, gutxi pintatua lurraldean ikusitakoekin alderatuz; urre-kolorea du nagusi; organoa eta korua ditu bitxienak, zerbait aipatzekotan. Presbiterio inguruan, Pazko-zuziaren alboan, kobrezko ontzia: etxera eramateko ur bedeinkatuarena behar du izan. Hil-lauza zizelatu pila kanpoko hormetan.

Hezurtegi borobila eliza alboan, gerran hildakoak gogoratuz gaur egun.

 

Burg Hochostervitz.  Sekulako gaztelua, mendi konikoaren harkaitz tontorrenean gotortua; alde batetik labar perpendikular garai-garaia du babes, bestaldetik bidea bera, sigi-sagan, zati bakoitza goiko bihurgunetik babestua, mendera gaitza ez ezik menderaezina, sekula menderatu gabekoa; 14 ate gotortu omen ditu, sigi-sagako bihurgunetan dauden gotorlekuak seguru aski.

Gaurko eguzki errearekin gaztelu goraino igotzerik ez duela merezi erabaki dugu, eta etxera hartu dugu, geriza bila, kanpinean arbola azpiren bat hutsik aurkituko dugun itxaropenez.

 

Herritxoz herritxo, basoz inguratuta egin dugu etxerakoa.

Motorista guti dabil gaur errepidean.

Bada etxe alboko hainbat garaje, etxearen zabaltza paregabea bilakatuta.

Ez da itzala eta babesa eskainiko duen zuhaitz ilararik bide ertzean; norbaitek erabaki zuen hemen ere arriskutsuak direla errepide ertzeko zuhaitzak. Abiadura da arriskutsua dena.

Dena da autoa, motoa, eta batez ere txirrindua gure laku inguruan.

Lau mutil dabiltza kontzertu baterako kartel erraldoi bat jartzen: bakoitza bere autoan etorri da, hemen ere!.

        

88 kilometro, ez aspertzeko, ez berotzeko betarik ere gabe.

Gazte pila sartu da arratsaldez kanpinera, furgonetetan datoz eta dendatxoetan bizi dira. Zaratatsu eta umoretsu. Kirol talderen baten jarraitzaileak dirudite: kamisetak, lepokoak, koloreak, abestiak ...

Ozena da gazte kantu hotsa inguruan.

Alemaniar asko dabil kanpinetan, denak gu bezalako nagusiak; asteburu honetan austriar asko agertu da, bikote gazteak gehienak, denak dendetan.

 

“Dublindarrak”. Joyce-Aldasoro. Ipuin interesgarriak.

 

 

Ekainaren 23a. Ostirala.   53.a-A:12.a

 

Soneto hautatuak”. W. Shakespeare – J. Garzia

 

Beroa, etxera goiz itzultzeko eguna gaurkoa ere. 8ak eta erdietan, 30 gradutako hozberoa.

Atzoko norabidea hartu dugu, baina bide-berritik gaur.

Nekazari aberatsa da hemengoa, aberatsa izan zena behintzat, bestela ez da egiten horrelako korta-biltegi handi ederrik.

Elizak izan dira gaurko ibiliaren funtsa, korta-biltegiak berriz ikusgai nagusiak.

Izeia eta artoa. Sarriak izan dira behiak, marroi-zuriak, bi koloretakoak, talde txikietan, errape handiko esne-behiak.

 

Althofen. Mendi koskor luzexka baten hegi-hegia betetzen du; dotore dager behetik begiratuta, dotore lautadaren gainetik begiratuta ere. Eliza du gailen alde batean, dorre bat bestean, etxeak bien tartean.

Herritxoa, zaindua, apaina, kapritxokoa, uda-herria dirudi... xarma du. Bada etxe ederrik; esgrafiatu itxurako fatxadak, Veneziar etxeen antzerako sarrera dutenak, fatxada barrokoak, bertako fatxada petoak balkoi ederrarekin, horma argi  pintatuak, ate gotiko poxpolinak... berreskuratu beharrezko etxe hondaturik ere bada. Badu plazatxoa non datzan zutabe xume-xumea,  gizairudi zizelatuzko iturri ederra. Etxe hondatu eta utzi bateko fatxadan marmolezko harlauzan zizelatutako hiru emakume irudi apartak izan dira kale-arteko ezustea atsegina. Aparta da bailarako eta inguruko ikuspegia harresi gainetik. Atseginki egiten da kale-arteko ibilia.

Eliza da herriko altxor nagusia,  St. Tomas Kanterburikoa du zaindari; balkoi bat da eliza-buelta Eki aldera. Fatxada gotiko bitxia, puntaluze pikea hiru leiho borobilekin, gotikoak ditu leihoak ere; hil-lauza zizelatu bikainak horma buelta osoan. Barrutik  gotiko polita, balkoi gotiko polita nabarmentzen zaio presbiterioan; gangetako nerbioak giltzarri tailatuz lotzen dira erdi-erdian; korupea ere gotiko xarmanta da non ageri diren burutxo, taila-lan, atetxo, zizel-lanak, kapitelak, ... eliza xumea baina xarmanta.

Ba omen da hezurtegi bat, beste eliza bat ere ... baina ez ditugu aurkitu.

 

Lantegiak dirudite korta-belar biltegiak, bakoitzak harritzen gaitu, hainbat eta hainbat antzerako ikusiak ditugun arren.

Deigarriak zaizkigu ere kanpandorretxoak, batez ere urrutira dakusagunean, basoan gordeak, herrien erakusle edo ezaugarri, elizaren ezaugarri batez ere.

Gurk ibaiaren bailaran egin dugu bide zati bat, errekaren albotik. Argia, garbi itxurakoa doa, axal eta irristakor. Euskal Herria dirudi inguruak, Bizkaia zein Gipuzkoako bailara berdea, pinudi artean.

 

Strassburg. Ezusteko atsegina gerta zaigu herria: dotorea, uda-herri edo bainu-herri jitekoa, kolore anitzez pintatutako etxeek osatutako kale luzea da batez ere bris-brisa, txukuna eta erakargarria egiten duena; gaztelutzarra du tontor leun arbolatsu batean, gehiago dirudi jauregitzar gotortua; behean itxura ederreko eliza, bada bigarren eliza bat ere, eta alborago hilerriko kapera gorria, hormengatik eta teilatu erdian gandortzen zaion dorretxo borobilagatik ezberdina.

 

Motorista ugari gaur errepidean, ziztu bizian ohi dutenez.

 

Gurk Monasterioa. Lur-sail zabala du monasterioak.  Gainaldea ohol txatalez gordetako horma garai batez bildua. Izugarri tzarra, patio klaustro, arkudun bi solairuko patio agian klaustroa, emankizunetarako darabiltena...

Eliza: deskribaezina, joan eta ikusi. Erromanikoa da kanpotik, erromanikoa elizara sarrerako ate landua; harrigarriak dira elizpeko freskoak; kanporago berriz ate gotikoa jarri diote eliza babestuz eta freskoak gordez.  Barnea.  gotikoak nerbio apartak, fresko pila hormetan, zur-taila sekulako bitxiak pasarte ezberdinak kontatuz, taila handi bat presbiterioa eta gradaren bitartean, presbiterioko aulkiteria aparta, urre-koloreko santu-irudi pila erretaulan zein bazterretan, santu-irudi  polikromatu apartak, pulpitu sekulako handia, erretaula digantea irudi digantez osatua, ganga ezberdinak oso fin eta gustagarri pintatuak, freskoak hormetan, hil-lauza pila, handiak, sekulako zizel-lanak, bestelako harritzar zizelatuak alde bietan... badu zertaz gozatu.

Kafetegi eta saletxez osatua dago ingurua, etxeteria baina atsegin zaindu erakargarria da. Aparkalekua ere zabala: bisitari ugari dator hona. Ez da harritzekoa.

 

Bailara honetan zurezkoak dira  korta.-biltegiak, ez dago zarpeatutakorik, bakarren bat ezik; askok dorretxo edo sarrera karratua dute, karranka batez igotzen dela goiko aldera.

 

Zweinitz. Etxe bakan ederreko herria, malda bateko goi-goienean kokatua; herritik at, kontraleiho zuri-gorriek deigarriko gaztelua basoan, eliza, eta Karintian lehena beraz bakarra den maiatza; durbante handia duen buruhandi koloretsua gerta zaigu ezuste, zurezko taila bat iturri buru lanetan: ze istorio ote herrian mairuekin!, turkoak ibili baitziren inguru hauetan ere.

Eliza aparta hau ere!; kolore gorrizka biziko sekulako freskoak dira aipagarriak presbiterioko ganga borobila osoki zein alboko hormak edertuz: zirraragarria.

 

Ortutxo txikiak zenbait etxetan

Gozamena da elizaz eliza joate hau, zein baino zein politagoa baita bakoitza, ederrak berez baina fresko eta santu-irudiz ederragoak: gozamena.

 

Altenmarkt. Herri txiki zaindua bailara gaintxoan, kanpotarrak erakartzeko gertatu den herria: zurezko areto izugarri luze-zabala nabarmentzen da, jantoki, dantzaleku... izan daitekeena, alderik aldeko taberna edo barrarekin. Maiatza,  herrialdeko bigarrena. Santutxoa ere bada, herritik at, urrutixe, zelai baten ertzean, inola ere ez bide ertz edo herri sarreran.

Eliza da hemen ere altxor nagusia, xarmanta;, sarreran ateburuko fresko eta alboko burutxoak, gotiko petoa barrenena: gris eta okrez pintatutako zutabe eta nerbioak, zorua arbel-harri beltz leunekoak, fresko ederrak alde bietan zein presbiterioko gangan, santu-irudi taila polikromatu ederrak,  korualde bitxia non S. Sebastian sebillanak dantzatzen ari dela dirudien; atzoko prozesioko  hondarrak, zutoihal eta palioak daude presbiterioan, nolabait utziak, gurutze ertzak hormako freskoaren kontra daude pinturok marruskatzeko zorian, elizmutilek ez diote miresmen handirik frekooi.   

Hezurtegi borobila eliza alboan, buelta osoa da hilerria.

 

Weitensfel. Kristo bitxi bat, ezer falta ez zaiona, gauzaz inguratuta aterpetxoan zintzilik.

 

Traktorean zihoan behizaina, dozena erdi bat behi zeramatzan etxera, ilara lasaian, errepidez, errepeak lehertzear bete-beteak;  atzekoaren alboan zihoan  traktorea auto ilara osatuz bidegurutzean, denok lasai, gidariok, unaia eta behiak.

Herri-bidetik egin dugu zati handi bat, gora pikoan lehenengo, mendi-mendiko herritxoak zeharkatuz gero gainaldea, behera pikoan azkenik lautada zabalera. Mapan agertu ere egiten ez diren herritxoak dira, txikitxoak, bakan-bakanak, maldetan barreiatuta, aisia-etxe edo atsedenleku jitekoak; uda parajea dirudi, atsedenerako aparta. Etxeetako batek hainbat eta hainbat burutzar tailatu ditu etxaurreko belartzan, iturri bihurtutako burutzarra ere izan dugu bide ertzean. Bada etxe berririk ere, bertako jitekoak denak.

Mendiarte gaineko balkoia da errepidea.

Ugariak dira ohol iluneko korta belar-biltegiak. Lakutxoa, alboetan aulkiteria ugarirekin, erakargarria bertan geratzera tentatzen zaituena.

 

Herri-bidea aukeratu dugu etxerabidean azken pausurako, zenbakidun errepideen ordez. Oso gidatze atsegina da. Mendiartea espero genuen  baina sekulako bailara gerta zaigu, zabala, ederra, berdea, betiko osagaiak eskainiz gure begiei. 3 maiatz. Bailara honetan  kokatua dago Feldkirchen.

 

Klein St. Veit. Eliza estilizatua, luzexka fina, bai eliza bera, bai dorrea. Alboan oso-osoki zurezkoa den sekulako etxe ederra, balkoi eta guzti.

Urtegia, istinga... eta ahatea bi kumekin errepide ertzean lasai.

Hungarian zein Eslovenian erruz, baina Austrian ia ikusi ez ditugun gurditxoak jatetxe aurreak jantziz.

 

32 graduko hozberoa. Oraindik beroak erre gabe etxera heltzea lortu dugu ordu bata eta erdietan.

 

129 kilometro, elizaz-elizaz, freskoz blai, atseginak. Izeidi mendiz bildutako eguna, gaurkoa.

Betez joan da kanpina, jende gaztez gehien bat, asteburua izaki.

 

 

Bete dugu S.Juan suaren erritoa, oso apal, xume aurten: su-hautsen belztura uzteko beldur izan gara, hain txukun gordeta dago-eta ingurua. Gogoan ditut zenbait S. Juan bezpera: Koloniakoa Rhin ibaiaren alboan, iazko Portugalkoa Evora hirira so, Baltikoko golkokoa Danimarkatik etxeranzkoan…

 

“Dublindarrak”. Joyce – Aldasoro. Gustokoa dut Joyce. Aldasoro berriz, Idiazabalkoa, nire ikasle izana ote den ere.

 

 

Ekainaren 24a.   Larunbata      54.a - 13.a

 

“Soneto hautatuak”. W. Shakespeare - J Garzia. “... osoa ez den ezaugera ezjakintasuna da. ...ezina bertutetzat neureganaturik,...”.  Herriotaz, batez ere herritar hauetaz, ezer guti dakidala besterik ez dakit neuk ere; ezin hau niretzat, berriz, samina da.

 

Euritsu esnatu zaigu J. Juan eguna. Hainbeste bezero egonik, erabateko isiltasunak biltzen du kanpina. Lehen argiz bilduta, guardasol zuri-urdin baten babesean eman du kanpineko bide-gorrietan euripeko ibilaldia gazte batek, euria zuen nonbait amets azken beroaldiaren ondoren.

Lizar adarrak jarri ditugu aurten etxatoiaren ateburuan jaiotetxeko oitura jarraituz, lizar baten azpian gaude egon ere: oparoa izan dadila urtea.

Turisterria dirudi lurraldeak, kanpotar asko dabilkion itxura du, atzerritarra zein austriarra datorkion antza; ohituta daude herriak kanpotarrak ikusten, jarrita bisitariengana, ez gara ez kanpotar ez lekuz kanpo sentitzen herriotan, bertakoak ez baina bai kanpotar onartuak. Eslovenia zein Hungarian, ordea, kanpotar sentitzen ginen, hungariarrak zein esloveniarrak erabat abegikorrak bazitzaizkigun ere; herri-bizitza eteten genuen sentipena bizi genuen han, hemen ostera etena dago jadanik herri bizitza, han interferentzia zinen, hemen ez.

 

Luze joan zaigu astea, asteazken ondoren egun oro izan baita asteburu kanpinean eta herrietan.

Txori guti dabil kanpineko berdegunean, jende larregi gaude nonbait. Adarretan bada txori kantarik, baina ez da entzuteko eta gozatzeko patxada, isiltasun eta girorik inguruan.

Giza portaera eta giza jite ezberdinei so egon naiz, liluratuta. Emaztea oso gogor eta zakar hartuko duelakoan nago bart aurrean jarri zitzaigun  bikoteko gizonak; bietako baten ama ere bazekarten eurekin, baina koitaduak eragozpena besterik ez diela egiten dirudi, eta ez eragozpen fisikoa hain zuzen; emazteak zaintzen du bere itxura, bere gizen ederrean ere, nortasuna badu; enfrentamendu gordinak izanen dira bikotearen artean, agian isil gotor sakonak,  baina emakumea menperatuta dauka gizonak. Ile-lehorgailua eraman du mutil kaskamotz-kaskamotzak dutxetara, ze ilaje demontre lehortu behar ote du; alemaniarra zen, ez italiarra!.

Giza portaera eta izaeraren  ikerkuntza gune erosoa da kanpina. Komunetarako jende-pasoa da giza ikerkuntzarako beste behatoki bat; bakoitzak zer daraman toilet-erako: baliabide pila batek, eskuilatxoa soilik eskuan besteak, txabusina, toalla handia honek, toalla txikia hark... Umeekiko portaera da beste giza portaeraren puntu aberatsa. Bikoteena ...  Agurtzeko erak, bai ezezagunen artean, bai koadrilan bertan, elkar gurutzatzean, elkar biltzean, komun eta dutxa eta harrasketan...  Giza ezberdintasuna, giza aberastasuna...

 

M. Luisa eta biok elkarbizitzaren gorabeherak ez ditut ukitzen nire egunkari honetan. Ez dugu arazo handirik. Baina izan ohi ditugu liskarrak, errepideak direla-eta gehienetan, nekeak sorrarazitako haserreak tarteka... Neke egunak izan ohi dira okerrenak, bakoitzaren ideia eta ardura-gune nagusi ezberdinak ere eragiten dute tentsio-gunerik, baina ez hainbeste, ikasiak gaude bata besteari zor zaion errespetua izaten, ongi haziak gara eta ahalegintzen gara egoera ez garrazten horrelako unetan. Pentsatu izan dut bion harremanen egunerokoa eraman behar dudala, baina beldurra ematen dit. Gordina eta latza da norberaren barnea arakatzea.

BIDAIAK 2000 AUSTRIA

Jon Etxabe 2022/04/25 10:20
CARINTIA: Norther lakua, Klagenfurt, Minimundus, Villach, Osiach.

Ekainaren 19a.   Astelehena.  49.a-A:8.a

 

Soneto hautatuak”. W. Shakespeare – J. Garzia. Ez sonetoek ez itzulpenak, ez didate bihotzik ukitzen.

 

Aldaketa eguna, azken kanpinaren bila, Austrian, azken hegazkada, etxerako hegazkada luzearen aurretik.

 

 

CARINTIA

 

Mendiz mendi, magalez magal izan da bidaia. Autobidez, zubiz zeharkatuz bailara eta mendi-zuloak, tunelez mendiak. Monotonoa, beti berdina, da, berez, autobia, hertsia eta zuhaitzez hesitua, horregatik  balkoi bihurtzen zaigu zubi bakoitza, eta aurrealdeko magalaren behatoki aldaz behera arteza. Bailara berdeak lautadan, herritxoak magaletan, eliza-dorre puntazorrotzak zuhaitz artean, zuraje iluneko korta eta belar-biltokiak, beti erraldoiak, tarteka ederrak, izeidi ilunak, belardi berde argiak ... dira bidaiako ikuskizun paregabea; ez zaizkigu inola ere aspergarri suertatu autobideko kilometroak.

 

Poliziak ikusi ditugu sarri, azeri zelatari beti, gordeta, ia nor harrapatuko, miruak bailira: largabistarekin zegoen bat, urrutira bide-sailari so. Konboian zihoan ejertzitoarekin ere gurutzatu gara: gaur egungo jainko nonahikoa eta ahalguztiduna, denaren jaun eta jabea, bere ordenua munduan ezartzen duena, bere legez gizakia ibilarazten duena, elizako jainkoak ere men egiten diona. Hungarian eta Eslovenian ez genuen ez poliziaren ez ejertzitoaren presentzia sumatu, mugetan ezik.

Belaontzia ere gurutzatu dugu: atoi gainean zut, basorik baso nabigatuz. Bigarren irudi bitxi batek ere argitu digu ibilia: osteko errepidean zetorren autoak gasolindegi gainean zihoala zirudien une batez.

Mendi-malda oro da belardi, abeltzaintza de lurraldeko nekazari ogibidea.

Herri askok du santu-izena.

 

Wolfsberg herritik aurrera Alpeetako kare-harrizko tontorreria biluzia izan dugu aurrez-aurre, eder, zirraragarri, ikuskizun paregabea: ostean urruti eta multzoan izan ditugu lehenengo, hurrago eta zabalago ondoren; azkenik, bertaratzean, zerumugako ortzi-lerroa bilakatu zaizkigu mendiok ezkerretik eskumaraino zabalera osoan. Ikuspegi ederra, eguzki bizian oraindik erakargarriagoa. Ez zen ametsik egin behar Durangaldean edo Zegama aldean ginela sinesteko: kare-harri zorrotzeko  tontorreria pinudi ilunez inguratuta, une batez Euskal Herrian genbiltzan sentipena bizi izan dugu. Ber-bertaratu garenean ezabatu zaigu ametsa, erraldoiegia zen Anboto edo Aizkorri izateko, bai goieraz bai zabaleraz.

 

Tontor konikoaren ia labarrean bertan, harri koniko erraldoia bailitz bera ere, kolore berdineko harri multzoa, gaztelu baten hondakinak, nahiko zut oraindik harresiak, goitik behera aldatzean, labarraren gainaldea gordez: erabat bitxia kokaguneagatik. Beste gaztelutxo bat geroago, hau ere tontortxoan, zuhaitz artean zahardadeko ajeak gorde nahian bezala.

 

Lautadara egin dugu azkenez. Arto-sailak dira nagusi.

Hiru bidezain gazte: gazteak baina ofizioa ondo ikasia dute, hirurak daude egon lasaian, kontu-kontari irribarretsuan, kamionetari argi gorriak dantzari eta kantari jarrita.

 

Bila joan gatzaion kanpinaren arrastorik ere ez dago, ez behintzat kanpin-gidak dioen herri, kale eta zenbakian.

 

Klagenfurt.  Hirian bertan, albo batean, aurkitu dugu kanpin bat, nahiz barrena urduri, begiak zoli erabili behar izan ditugu.

 

Kanpina. Parke baten barnean kokatuta, urteetan gizendutako zuhaitzak dituen belar-gune apartekoan. Lizar lerdenaren azpian dugu kokagunea: S. Juan eguneko erritoa betetzeko aukera ezin eskurago. Bezero asko garen arren, berdegune zabala egokitzen zaigu bakoitzari inguruan, zabala baita; txaleta dirudi gure etxatoiak belardi erdian zuhaitzen babesean. Garbitoki eta gainerakoa, dena dago txukun eta zaindua. Zozoak ez ezik lakuko ahatek ere  inguruan dabilzkigu.

 

Worther See lakua dugu ber-bertan, auzo. 16.6 kilometro ditu luzeran, 1.6 zabaleran, 84 metro sakoneran: Carintiako handiena.  Ibilaldia egitera joan gatzaio. Ederra da, urdin-urdina, basoz inguratuta, Alpeen harkaitz lerroa du ostean begien ikuskizun, Karawanken mendia.  Baina berehala zapuztu egin zaigu ibiliko ikuskizuna, jabego pribatuak bereganatua du erabat lakuaren ertza, gure ibilia etxetxo arteko joan-etorri kamutsa bilakatuz. Lapurtu egin zaio herriari laku ertza. Bada esparru zabal bat erabat mugatua eta hesiz  begiluzeengandik babestua: belardi aukerakoa duzu egoteko, igeritako aukera ere bai, baina sarrera ordainduz. Txirrinduz dator jendea hiritik, ehunka eta ehunka, agian milaka, erabat bete da txirrinduentzat aparkalekutzarra. Erruz dator jendea lakura. Bada beste esparruren bat ere bestaldeko nonbaiten, jendea baitoa harantz txirrinduz.

 

Parkea. Zabala, ederra eta zaindua. Izan dugu  berri egin zaigun zerbait bertan, mineral eta harri erakusketa: ez daude kristal ostean eta ez dira zatitxoak, mineral ezberdin puska handiak baizik, pila, multzoka elkartuta han-hemenka parkean zehar, bakoitza bere argibide eta oharrekin, bertaratu eta ukitu ahal izateko hesirik gabe. Harri erakusketa bikaina da parkea bere osotasunean ere, egoki kokatuak harriok, parkeko ibilian ikusteko.

 

Museo ezberdinak, Zooa... Museoen artean tamaina hazian munduko eraikuntza famatuenen miniaturak biltzen dituena da deigarriena, Minimundus izenekoa: deigarria gertatu zaigu kanpinetik ikusi duguna, joango gatzaio egunen batean.

Dena dago hiritik lakura bitartean, ibaitxo baten albotik doan bide-gorriaren ertzean. Ibili gozagarria gertatu zaigu. Arratsalde-pasa gozagarria.

 

156 kilometro, Anboto – Aizkorri erraldoietara.

 

Berreskuratu dugu tren hotsa. Errepidea ere ez da urruti.

 

“Dublindarrak”. James Joyce. “Espazioan bizkor mugitzeak puztu egiten du bat; halaxe egiten du ospeak; halaxe dirua izateak”.  Turistak bere pauso neurria behar du, barea, inguruaz jabetu nahi badu; bere pauso propioa  inoren eskuetan, gida eta bidaia bulegoenetan jarri  gabe bidaiaria bera izan dadin bidaiako protagonista, iniziatiba inoren, agentziaren,  edo gidaliburuaren, gain utzi gabe, dirua ere bere neurrian, jan-edan-erosketetan joan ez dakion bidaia-epea.

 

 

Ekainaren 20a.  Asteartea.  50.a-A:9.a

 

“Soneto hautatuak”. W.  Shakespeare – J. Garzia. Ez diet merezimendurik kentzen, baina ez zaizkit gozagarri.

 

67 urte betetzen ditut gaur. Ajeak gora gehituz, ahalmenak behera ahulduz. Baina oraindik bagabiltza.

 

Klagenfurt. Oinez joan gatzaio bide-gorritik ubide alboko gerizpe lasaian. Hiruzpalau kilometro. Ontzitxo isil-isila gurutzatu zaigu ubidetik, umez zamatuta doa, geldi-geldi, seguru aski Minimundus-era. Akazia izugarri sendoa aurkitu dugu ibilbidean: besoez neurtuz, gerriak ez ditu urruti izango 4 metroak sendoeran, gerrian.

90 mila biztanletik gorako hiri jendetsua; antzinako alderdia edo erdigunea oso esparru mugatura murrizten da. Argia eta garbia, planorik gabe joan eta bazterrei begira gustura ibiltzekoa, ikusi beharreko dena aurkituko duzun segurtasunaz, dena baita arteza, bihurrikeriarik gabeko kalerik gabe, dena zuzen, dena bertan, zu zeu edo ikusi beharrekorik galtzeko arriskurik gabe. Garbia dago, garbi itxura da, baina begiak zabalduz gero  bada hondakinik ere lur-zoruan: garbitzen dituztelako daude garbiak kaleak, agian kaleak garbitze horrek sortarazten du txukuntasun kultura herriarengan ere, gureetan baino sakonago. Jauntxo herria, ondo-biziena, atsegina; usain atsegina darie aberatsei, pobreek usain txarra omen: usainez eta itxuraz neurtu nahi da gizakia, kiratsa baitarie aberats dotore askori. Herri bizia, jendea pil-pilean harat-honat edo kafetegietan eserita. Jende adeitsua, pare bat pertsona hurreratu zaigu zerbaitetan lagundu ahal ote.

Plaza Berria, Plaza Zaharra, Udaletxe Berria, Udaletxe Zaharra, Landhaus edo herrialdeko Parlamentua. Plaza berriko dragoiaren iturritzarra elezaharrekin lotua, hainbat iturri eta putzuak...; etxeak: apartak batzuk, sekulakoak besteak, landuak gehienak, ederrak denak, inolako grazia gabeko etxe moderno eta berri arruntik ere bada; patio karratu bikainak bi solairuko arku erreskadak gordeaz. Bebarru oro da saltoki, saltoki erraldoi bat da erdigunea.

Elizak, hemengo ohizkoak: ganga pintatuak, baranda landuko koruak alboetan, zutoihalak eta palioak bankuterian itsatsiak, pulpitu loratu landu sekulakoak, santu-irudi urre-koloreko edo zuri-zuri bihurrituak... Baina denen artean katedrala da erabat  deigarria:  bitxi-bitxia lehen begiradatik, estukoz loratuak hormak, pinturaz edertuak gangak, santu-irudiz gainezka  pulpitua, dena pintura eta estuko korua ere... eliza osoa da arrosa kolore, dena da erabat argia, dena goxo itxurako, dena leun moldeko,  eliza baino jauretxe edo errege jauregiko festa-aretoa dirudi, dena baitago han apaingarriz gainezka.

 

Hegoaldeko mapa erosi dugu, txori erraria da maparik gabe bidaiaria.

 

Minimundus. 150 eraikin ospetsuren erakusketa zerupe garbian, 1:25 eskalaz  eta jatorrizko eraikinen material berdinarekin eginak. Ez daude pilatuta, baina bai bata bestearengandik hur, ibilaldian ikusteko taxututa. Munduko eraikin ospetsuenak ia bertatik, bere osotasunean, ikusteko aukera eskaintzen da. Atsegina da, ibilaldi bitxia eta ezberdina.

Ikusi ondorengo hausnarketa:

- Munduko bitxikerietatik ez dugu ia zipitzik ere ezagutzen.

- Eraikin gehienok telebistatik zaizkigu ezagunak: telebistak izugarrizko ezagutza zabaltzen du.

- Erabat lausotuta ditugu begiz geu-geuk ikusitako hainbat eraikinen irudiak.

- Errealitatean, bere-berean, ikusita, ez dira hain eder eta hain distiratsu eraikinok. Eraldatu eta edertu egiten dituzte erakustaldirako kopiok.

- Gu txindurri batek ikusten gaituen lez ikusi ohi ditugu eraikintzarrok, erraldoiegiak gertatzen zaizkigu bertatik ikusitakoan. Miniatura koskorrok berriz irudi osoagoa, osatuagoa, orokorragoa ematen digute; zentzu ezberdin batekin dakusagu hemen, sentipen ezberdina sortarazten digute hemen txikiagotuta begiratzean, ez gaituzten hainbesteraino zapaltzen harritzen bagaituzte ere, orraztu eta bere oneratu egiten ditugu idealizatuta genituen irudi eta sentipenak.

- Ez dago Espainiako eraikin bakar baten kopia bat bera ere. Ez dute aintzat ere hartu Espainian hain sarri aipatzen dituzten monumentuetatik bat bera ere.  Espainia ez da existitu ere egiten han bertako egunkari, telebista, politiko eta patriakeriatik at. Izan zen Indurain bat, munduan ezaguna, eta bera euskalduna izan zen, eta kirolaria.

 

0 kilometro oinez, oinezkoak asko.

 

Belak dira hegazti zaratatsuenak kanpin honetan, zozoak arabazozo petoak dira, auzo ohiak ditugu mikak. Baina ez da mokoka belartzan jaki bila dabilen txoririk, badute nonbaiten bazkaleku oparoagorik.

Afari  berezia prestatu du gaur M. Luisak, urtebetetzea ospatzeko.

 

Joicekin nabil, baina ez dut ezer azpimarratu.

 

 

Ekainaren 21a. Asteazkena.  51.a-A:10.a

 

Beherazkoari ekin dio gaur eguzkiak.

 

Bizileku erabat aldakorra da kanpina, oso bizia: egun batetik bestera, sarri ordutik ordura, alda daiteke egoera. Behin ere ez dakizu etxeratzean ze inguru aurkituko duzun. Ohera ondoren aldatu zitzaigun bart ataria, aurreko belatza ederraren erdian denda  jarri ziguten berantiar batzuk. Geriza-leku eta egontoki berri baten bila hasi behar gara beraz, ohiturak aldatuz.

Entretenigarria ere bada kanpina, hainbat jende-modu ezberdin etortzen baikara bertara, etenik gabeko mugimendua baitago bertan, zeregin ezberdin ugari baitago uneoro, bakoitza bere jokamolde, ohitura eta egoera ezberdinekin. Kanpinean nabari da, inon ez bezala,  bakoitza gu geu garela.

 

8ak eta erdietan atera gara. Beroaren beldur atera ere. Goiz etxeratzeko asmoz.

 

Lekua aukera asmoz, beranduago astirik ez dutelako edo kalte gutxien egiten duena lehen eguzkia delako, goiz dator zenbait jende laku ertzeko belartza ordaindura.

Anboto barrenetatik egin dugu ibiliaren lehen erdia. Mendiak ditugu bidaiako protagonista, batzuetan harri higatu  biziak eguzkitan brixt, hurrengo izeidi pikoak ditugu zeruetatik oinetaraino ia-ia labar. Ikuspegiaz at, bidaiak ez du erakargarritasun apartekorik: tarteka etxe edo balkoi ederrak, han-hemenka zurezko korta eta belar-biltegi ilun erraldoiak, txabolaren bat. Nahiko arruntak dira etxeak, kolore argiz itxuraldatzen badira ere. Santutxoak lirateke gaurko bigarren protagonistak: pila dira, berea du herri bakoitzak, ezberdina bakoitza  nahiz taxu berdinekoa izan, denek dute aho borobilezko oholezko txataltxo, teilatutxo  edo estalki borobil konikoa.

 

Drau ibaiaren ertzetik egin dugu haranzkoa, baina ez zaigu bidaia-kide izan ibaia; bere ezagun, ia lagun, gara Esloveniatik,  batez ere Ptuj-etik zein Maribor inguruko ibilietatik, Drava  zuen han izena; tarteka gelditu bezala egiten da ibaia, sakon eta zabal kilometrotako luzera luzean: izen ezberdineko see deitzen diete tarte geldi hauei, lakutxo irudikoak direlako; bere inguruan gabiltza, lau bideko errepideak errukirik gabe zeharkatzen du see hauetariko bat, batez ere mapaz jabetzen gara ibaia bera dela tarteka laku bilakatzen dena.

Hemen izeidia den arren nagusi, ez pagadia, Anboto, Aizkorri, Urbasa, Andia eta Aralarrekin lotzen ditugu mendiok, egituraz antzerakoak baitira, karstikoak. Mendi horien bestaldetik ginen duela hilabete eta erdi, hemen izango ginela aitatuz, hemen gabiltza orain han ginela gogoratuz.

Herriek eta etxeek ez dute antzinakotasun trazarik, ezta izaera propioaren jiterik ere.

Artoa agertu da bailara hauetan, belarraz gain; fruta-arbolak eta batez ere baratze txikiak etxe alboan, zur itxurako hesi batez babestuta gehienetan, belartza erdian.

Bailaraz bailara, natura bera da dotorea herrialde hauetan.

Errepidean aurreratzean zuhurrak eta kontu handikoak dira austriarrak. Zenbatekoa ote errepideetan hildakoen kopurua?.

 

Gidari adeitsu bat izan dugu: errepide-gurutze batean geundela mapari so, auto bat geratu zaigu ia laguntzarik behar ote genuen arduratuta.

Lehenengoz Austrian: ume taldea andereñoarekin errepidean txango ibilian. Atzo ikusi genituen ume taldeak Minimundus-en baina esloveniarrak eta hungariarrak ziren, autobusetan etorrita.

 

Herri xume-xumea da herrialde honetakoa ere, herrietan ikusten da hori arbi; ez da desberdintasun handirik nabari herri hautako jendea eta aurreko bi nazioetan ikusi ditugunen artean: prakak, brusa eta blusak, alkandorak, gonak, oinetakoak... antzerakoak dira jantziak denean.

Jubilatuak dabiltza erruz; honek bai darabilte hain ezagunak zaizkigun austriar jantzi dottoretxo argiak.

Austriako arkitektoek ere ez dituzte burua eta irudimena larregi erabili eta nekatu herri hasietan pobreentzako etxebizitzak eraiki behar izan dituztenean: Austrian ere, merke eraikitzen dira etxe merkeak.

Oso higatuak dirudite mendiek.

Atsegina da bidaia, baina ez digu barne asaldurarik harrotzen, ez digu barnea pil-pilean jartzen.

 

S. Jakobo.  Kanpandorre gailen karratu sendoa, gaintxo batean, arbola artean, oinetan duen herria mende hartuz.

 

Bailara osoa zeharkatzen du autobidearen zubiak, ehunka metroko goieran, auskalo ze luzeran, errukirik gabe. Komunikabideak agintzen du gure gizartean, hortik datorkie boterea, dirua eta indarra agintariari, politikari eta aberatsei.

Gandua dugu urrutian, aurreko tontorreria ikustea galarazten digu.

Hainbat trenbide zeharkatu dugu: ez dago langarik, ezta kontuz adierazizko  argi zuri ñir-ñir-ik ere, trena datorenean gorri jarriko den fokua soilik.

 

Faaker see lakua, mapan agertzen ez den arren ederra eta zabala. Gizarteratuta du ingurua, aisialdi gune eta etxetxo pribatuz bereganatuta zenbaitzuk, ez da doako bazter ganorazkorik; jai du hemen herri soilak. Errepidekoentzat ez du gozamenik ikuskizunak.

 

Lakuak dira Austriako itsasoak, uda eta asteburuko eguzki-leku eta bainu-lekuak.

 

Villach. Etxetzar piloa nabari zaio ibaiaren alde bietara aurreko aldats beheratik.

“Unleitun”,  desbideratzea, tokatu behar zitzaigun herri honetan ere, izugarrizko nahasketa dago norabideetan, barraskiloa baino bareago doa zirkulazioa, norabide iragarpenak ez dute ezertarako balio, norbere senak gidatuta ibili behar duzu. Baina heldu gara erdigunera, aurkitu dugu aparkalekua.

Bainu-herri eta uda-herria. Orah ibaiaren alde bietan, mendien babesean kokatua lautadatxo batean. Etxetxo bakaneko zabala da herria, erdigunea ordea ohizko etxe eta kale jarraikoa. Plaza, kale zabal bat dirudi, bertan Irutasun Zutabea, zenbait etxe eder, gainaldean S.Jakobo eliza eta beherenean ibaia eta zubia. Kafetegiak, dendateria..; soinujole oso pobreak ia gehiago eskaleak diruditen kale-musikariak, hauek halako giro goxoa sortzen dute bere doinuekin. Jendez bizi-bizi, lasaitasuna dario plazari.

Ibaia joan doa, gizena eta bizia, zabala, ibai serioa, urek elur urtu berria dirudite; turista-ontziak ere ba omen ditu tarte batean. Ibai ertzetan bide-gorri erakargarriak eta egonleku apainak, mailadiak ibai gainean.

12 eliza zenbatu ditugu herriko planoan. S. Jakobo elizak eraikin nagusitik kanpo du dorrea, aterpe edo elizpe batek egiten duela bien arteko lotura; gotikoa da, gorriz pintatuta ditu zutabe eta gangetako nerbioak, nerbioen arteko lotura ezberdina da giltzarririk gabeko egitura borobilez gauzatua, ezohizkoa dela sentipena sortaraziz; presbiterioko ganga estukoz eta irudi pintatuz dotoretua du, bixi-bixi, errege gela bailitzan, presbiterioko aulkiteria bera taila ederra da bere osoan; pulpitua,  sekulakoa, baita eusten dion zutabe borobila erabat tailatua. bera ere, zeinek lo dagoen irudi bat irudikatzen duen, sermolariaren sinbolo nonbait; bataiarri zizelatu bikaina; kanpoko zein barruko hormetan  dozenaka hilauza non jauntxoa zein bere familia osoa agertzen den bikain tailatuta. S. Nikola elizak ere  gorriz pintatuta ditu zutabe eta nerbioak, aitatzekoa ere triptiko itxura duten hiru erretaula gorri antzerako kolore bizikoak.

 

Egitura ezberdineko herriak dira, galduta dabilenaren sentipena dugu erdigunetik kanpo, noraezean baikenbiltza, inoren etxean bainengo kalean egonik ere.

 

Landskron.  Goi batean ikus daitezke gaztelu baten horma eta harresi hondakin argiak; ikuskizun bitxia da behetik begiratuta, erabat deigarria; toldo gorri pila ageri zaizkio horma baten ertzean: bada jatetxeren bat, edo bisitari ugari doakio zurrutean ikuspegiaz gozatzera.

 

Ossiacher see. Laku honen hegoaldetik egin dugu etxerakoa. Sapa astuna dugu gainean, Erabat lapurtu diote laku ertza herri soilari, lakuaren ikuspegia gidariari: ertzeko lurrak ez ezik, ikuspegia bera ere ebatsi diote. Lakuaren albotik lakurik ikusi gabe egin dugu bidea lehen erdian, bigarrenean argiagoa du bazterra, lakua ikusiz egin dugu, ikuskizun atseginaz gozatuz. Ederra da ingurua, izeidi ilun pikoak, belartza berde argiak basoko tarte soiletan, zuhaitz artean gordetako etxeak, herritxoak bata bestearen ondoren, eliza-dorre zorrotzak herriotan.

 

Badirudi eliza eta zuhaitzen arteko lehia egon zela, ia nor gailenago, eta kanpandorreek irabazi zuten, dorre punta zuhaitz gainetik nabarmenduz. Espiritualitatea  adierazten omen goranzkoak; nik uste boterearen, inposaketaren, agintearen ezaugarri eta sinbolo besterik ez direla dorreok.

 

Ossiach. Laku ertzeko uderri petoa, ia ez da herria ere, dottorea, txukuna; santutxo bat da, xarmanta herriaren iragarkia sarreran. Monasterioa da eraikin nagusia, gaur egun hotel bihurtuta, baina bere jatorrizko egitura erabat gordez, klaustro karratuak soilik galdu du aspaldiko nortasuna. Sarrera-txartela ordainduz soilik ikus daiteke eliza, merezi izan digu ordainak: sekulakoa, errege jauregi bateko areto dotore-dotorea dirudi, barrena iraultzen zaizu lehen begiradan, gehiago da dantzalekua otoitz-gunea baino; arrosa kolore argiko estukoz dotoretuta horma zein gangak, giza irudiak tarteka, urre-kolore distiratsuko santu-irudiak, organo xarmantak koruan eta eliza alboetan, bi alboetan presbiterioraino luzatzen den koru erabat loratua,  triptiko aparta kapera batean, hil-lauza landu pila... Bitxikeria da, ezberdina, ikustea merezi duena.

Eder eta zabal ageri da herritik lakua, alde batetik bestera ontzi batek garraiatzen du   bidaiaria.  Leku atsegina, baina ez du bazterrean egontoki lasairik herri soilarentzat.

 

38 graduko hozberoa. Etxerako ordua heldu zaigu, etxera egitea erabaki dugu ordu batean, eraman errazagoa da etxeko lasaitasuna herritxoak eta elizak ikusizko sapa baino.

 

Izan ere burutxoa edo jauntxoa den edo bere burua halakotzat duen pertsona asko ikusi daiteke, jende heldua gehienetan, alemaniarra zein austriarra, bere auto handietan besaburu gainetik albora begira; enpresari txiki jubilatua seguru aski hauek ere.

Lakua bukatzean bailara zabal berdea agertu zaigu, padura itxura du; antzinako jitea dario, agian etxegintzarako egokia izan ez, eta bere horretan iraun du.

 

120 kilometro, lakurik laku.

 

Atzerritar zaizkigu austriarrak ere, alemanak edo holandarrak bezalaxe, ez baitiegu piperrik ere ulertzen.

Dendak agertu dira, gazte jendea... jaiegun giroa dabil airean, Korpus edo Asentsio da nonbait egun hauetan.

 

Dublindarrak”. James Joice. Atsegin zait.

BIDAIAK 2000. AUSTRIA

Jon Etxabe 2022/04/18 10:15
IPAR-EKIA:Stubenberg, Pollau, Pollauberg. ALPEEN OINETAN: Barnbch, Kleinlobming, Seckau

Ekainaren 17a.   Larunbata     47.a - 6.a

 

“Poema hautatuak”. W. Shakesoeare – J. Garzia. Ezer guti esaten didate.

 

Kukuak. Ez du herrialde honetan jo, ez du aspaldi honetan jotzen, zozoa berriz hor dago, inguruko giza-hotsen isilune eta bare unetan entzuten dugu, baina hemen ez dira gure bizitzaren zati, beteegia dago kanpina txoriek leku izan dezaten, ez dugu txori bat bera lurrean ikusi, kanpin-kide, etxatoi eta antzekoak harrapatzen dute gure begien soa, non kokatu gehiegi dute begiek, solas-gune gehiegi txoriei erreparatzeko, eta txoriek bestalde nahasiegia dute ingurua lurreratzeko.

Gu geu ere nekatuxe gaude jadanik, itzulbidean gauden bizipena dugu; sakonean, ia konturatu ere gabe, herria eta oinarridun etxea ditugu amets.

 

Ze leku aparta den kanpina gizakiaren  ikerketa egiteko. Giza portaerarena. Etxatoiko leihoan jarri eta begiratu, ikusi, hausnartu, sailkatu: gizakiaren portaera eskema osoa gauzatzeko egoera aberatsa. Aurre eskemarik gabe. Barreak eta irriak, ibilerak, begiradak, agurrak, janzkerak, egoerak, jarrerak, toldopearen antolaketak, jakin-minak, arraskan portamoldea, bikotearen harremanak, umeekiko portaera... mila hari ezberdini heldu dakioke mataza desegiteko edo mataza bera biltzeko.

 

Goiz hozkirria ez ezik hotza ere bada gaurkoa, lehenengoz aspaldietan.

 

 

IPAR-EKIA

 

Autobidea hartu dugu, hiri barruan nahas ez gaitezen.

Ondoren zenbaki ezberdineko bideberri, errepide eta herri-bideetan emango dugu gaurko ibilia. Zatarra da zorua tarteka.

Tarte batez basoan baikindoaz egin dugu bidaia, Amazoniako errepidea dirudi honek, zuhaitzez bilduta alde guztietatik, basoa besterik ez dugu inguruan, alboetara begiratu, aurrera begiratu, atzerako ispiluari begiratu, dena da zuhaitz. Garbi-gune bat tarteka, teilatu zorrotz loratuek erakusten digute ze herrialdetan gauden.

Herri hauetako baserrietan ez da antzinako arrasto handirik gelditzen, aurkitzen ditugu tarteka zantzu bakarren batzuk: leiho ugarikoak, teilatu gailurra bi ertzetan zapal bukatzen zaizkien nekazal etxe erraldoiak, oholezko eraikintzarrak, behean korta eta goian belar-tokia duten eraikin zarpeatuak, argiuneak dotore utziz adreiluz itxitako leihoak, oholezko eraikuntza txaparro luzexkak azpialdea zabalik dutenk bi aldetara, zenbait oholezko txabola, garai batez garitzak izaniko belartzetako txoriak uxatzeko behatzailearentzako zurezko behatoki garaia noizbehinka...

 

Jaso dira zurezko granja berri-berriak zenbait herritan, antzinakoen jiteko peto-petoak, guti dira. Sekulako etxeak. Balkoi paregabeak, ze balkoi ederrak, etxe xumeenak ere lorez apainduta du berea: balkoiren kultura dute herrialde honetan. Loren kultura: balkoi, leiho, etxaurreak, etxe-buelta, iragarki-oholak, santutxoak, geltokiak, errepide bazterrak, kale-gurutzeak, espaloietako bihur-guneak... dena da lora, lore erraza, geranioa gehienetan, erne eta zaindu errazak, lore zaindu-zail edo ezberdin bitxietan nahastu eta korapilatu gabe, baina bazterrak lorez edertuta gordetzen dutenak. Santutxo asko, zainduak, handiak batzuk; ugariak dira kristo zuri-zuriak, itxura hitsekoak, herriko errementariak tailatutakoak bailiran, gure lagun batek “kagalastimas” zioken aurpegikoak, koitadutxoak... Fruta-arbolak dira gaurko osagai berria: maldetan behera, sail zabal-zabaletan, sare beltzez estaliak... gune beltz ilun deigarriak dira behetik nahiz goialdetik begiratuta. Izei beltza eta pagoa ohi denez, baina gaur intxusa sail ugari eta zabalak izan ditugu, zuhaitz moskoteak, arduraz zainduak, fruta-arbolak bailira. Maitza, ugaria izan da.

Izan dugu Sanjuan sutarako egur pilaketan ziharduen taldea ere.

Autobuskada jubilatuak gaur ere edonon, batez ere erromes gunetan.

Ez dugu errepidean animalia zapaldurik aurkitu.

 

Hainbat aldiz zeharkatu dugu gaur Mur ibaia, Hungarian Danubio zeharkatzen genuen antzera, baina ez gatzaio atxiki: azal, labain, laster doa, berdegunez inguratuta; baina zikin planta du; Danubioa ere zikin zihoan, baina ez arin, bereganatu egiten gintuen, Mur-ek, berriz, bazter uzten gaitu.

Mendi-muino,  lautada, magal, mendi-zulo, aldats piko-pikoak tarteka... izan da gaurko ibilbidea. Gainetatik ikuspegia izan da gaurko osagai berria: hegi eta maldetatik, Austria laua izan dugu begien pean,  Alpeen ertzak behar dutenak ere inguruan izan ditugu, dena baso, dena berdegune, eta mendi koskor ederrak. Alpeon barrenak, Austriaren estereotipatuaren, Austria menditsuaren irudia dakartenak.

Une batez bi kanpandorre pope edo ortodoxok erakusten dute beraien orratz edo teilatu berdea zuhaitz punten artean, beraiek ere zuhaitzak bailira, halako ikuspegi bitxia sortaraziz.

Hungariako edo Esloveniakoen berdintsuak dira Austriako eliza-dorreak: botere erlijioso bateratuak agindu zuen Ekialdeko Europako erdigune oso honetan, elizagintzan arau berberak ezarriz.

Maiatz bar errepide ertzeko saltokitxo-txosnan: errito usaia dario, santu edo Amabirjinaren bati urte edo uda ona eskatuko bailioken; pobreen legea.

Bertako jiteko pertsonak ikusten dira tarteka: gizonezkoak, nagusiak, adinekoak, bertakoz jantzita: ber-bertako egiturako  papar-hegalik gabeko jaka berdoxkaz, tiroldar kapelua pink ugariz deigarriak batzuk.

 

Weiz. Alpe mendien azken magalean. Dorre bikoitzeko elizatzarra, zuri-gorrizka argia, deigarria tamainaz, itxuraz, kolorez eta kokagune garaiaz.

 

Ez dago etxe jarraiko herririk, etxe bakanekoak baizik. Herri asko dago, denak elkarren hur, lautadan zein magaletan barreiatuta.

Argindar zentral txikitxoa lehenengo, handi bat ondoren: urik gabe uzten dute ibaia beraien alboan, baina laster argi, garbi eta eder doa berriro.

Bidaia idilikoa, Austria menditsu klasikoan. Baina ez da zurezko etxerik, ez da teilategal zabalik, nolanahi ez dira Hungariako etxetxo xaloak ere.

Esloveniarrak eta hungariarrak erabat austeroak dira bizitzan, nahiko lan dute bizimodua ateratzen, Austriarrek beste zenbait arduretarako umorea dute, dirua ere dute, umorea eta dirua elkar loturik baitoaz gehienetan.

 

50 txelin eskas balio du gasolioak, baina berenez ez digu merkea den edo ez, esaten,  gure diruarekin kalkulatu behar dugu. Euroarekin berehala jabetuko gara gauzen balioez.

 

Stubenberg. Gaztelua du erakusgai, gotor itxurako karratua, dorretxoa lau kantoietako bakoitzean. Gehiago dirudi jauregia. Patio pitxia: bere arku, eskailera, ate dottore... Ez da gauza handia baina ezta deuseza ere, inguruan bazabiltza merezi du geldiunetxoa.

 

Nahi ez genuen bidetik egin dugu Pollau-ra, galdetu arren: jendeak ezin du ulertu herri-bideetatik egin nahi dugula bidea, zenbakidun errepide erosoetara bidaltzen gaituzte beti. Nahastu egiten gara sarri errepide txikiotan, ernegatu sarri, baina hortik nahi dugu: galdetuz ere beti ihesi gabiltzaion errepide nagusira bidaltzen gaituzte.

 

Kaindorf. Bi zikoina herri-herrian kokatuak: zurezko tantaia jarri diote bati kale-kalean, bigarrenak tximinia karratu bat aukeratu du kabigintzarako: ez da zikoina askorik ageri Austrian.

 

Kriston gizon-katxarro handia, lau erroberako tramankulu motordun txiki battan, erabat kabitu ezinik, ez alboetatik, ez toldopetik, ipurdia ere eserlekutik gainezka, baina patxadatsu bera, geldi, tor-tor motor-hots lasaian babestuta.

Zenbait gurutzek dotore zainduta dute ingurua.

Tontor batean, gailen, deigarri, edonondik begi-bistan, eliza bat.

 

Natura-gunea da ingurua: basoa den mendi-magala eta lautada nekazaria.

 

Pollau. Herri moinoinoa, etxe xarmantez osaturikoa. Udaletxe aparta plazan, Amabirjinaren zutabe urre-kolorekoa eta Monasterioa, erraldoia, izugarri handia bere baitako eliza ere. Merkatu eguna denez, pil-pilean dago herriko giroa, herriko jendea dabil erosketa lanetan, jende xume-xumea, herri-herrikoa, ez du Austriako dottoretasun usainik; salmahaietan ohizko salgaiak, tarteka bertako ekoizpenak. Jose Luisentzako oparia erosi dugu: artilezko zapatila koloretsu beroak.

Eliza: aho zabalik utzi gaitu sartzearekin bat: dena da pintura, dena kolore, dena santu-irudi: han daude zeruko santu denak, han santu bizitza denak, denak hormetan ñir-ñir koloretako irudietan eta marmol kolore gorrixkako zutabetzar irudikatuzko marrazkiz hormak erabat estaliz irudirik ez duen horma oro; urre koloreko santu-irudiak, urre-koloreko aldareak; lauk, bostek baita seik ere eramateko zutoihal tzarrak korupean; elizaren alboetako goialdean sekulako balkoi edo korua, sekulako santu-irudiz edertuak, erabat argi itxura emanez elizari; sakristia bera ere pintura argiz erabat dotoretua dago, sekulako armairu landua du. Klaustroa, ederra da, gaur egun gune publiko bihurtuta, kaletik du sarrera, bertan kokatu dute gerran hildakoei oroitarritzarra. Eliza alboko klaustroa izanen zena eta patioa dirudien esparru batean meategi edo lurpeko harrobi bateko bagoneta ilara dago, marmol itxurako harri zurixkaz zamatuta, bere makinatxo eta guzti: monasterio azpian dago kobazuloa, Monasterioko horma da koba-ahoa: erakutsi ere egiten dute; zur utzi gaitu baina ezin izan dugu beraz ezer argitu iragarki eta argibide oro alemanez soilik baitago, gainera gidaliburuak ez digu inolako argibiderik ematen.

 

Gizonezkoentzako lanerako amantalak saltzen dituzte azokan.

 

Aldatz piko eta luzean egin dugu ibilbidea, ikuspegi zabal eta ederra dugula aurrez aurre.

 

Pollauberg. Sekulako ikuspegia dago bertatik, alde guztietara zabal begira baitago kokatua tontor batean. Austria laua; Alpeak ikusgarri dager bertatik urrutian, berde-ilun basoak, berde-argi belar-gune eta galsoroak. Turista-gunea jatetxe pilak argi uzten duenez. Kokagunea zein eliza, bitxiak biak.

Eliza da herriko altxorra hemen ere, lautadatik han goiko urrutian luzaroan eta nonahitik ikusi duguna bera. aipatzekoak sarrerako ate eta ate-gain ederrak; egitura erabat bitxia du barrutik: bi nabe, gotikoak; nabe erdi-erdian hiru zutabe gotiko garaiak, beste bi gurutzaduraren alboetan; ondorioz, ez dago inola ere erretaula eta aldarea osotasunean ikusterik; gotiko petoak dira gangak, galduak ditu zenbait giltzarri; barrokoa da beste dena; presbiterio erdian dago kokatua erretaula, bera soil-soilik: zabalik eta agerian  ditu egituraren oholtzako zirrikituak; ostean, aldiz, ageri-agerian geratzen zaio  erretaularen atzealdeko egitura landugabea: txaponaren bi aurpegiak, erretaularen ederra aurretik, erretaularen egitura zarpaila ostetik; oste horren aurrez aurre, absideko horman arkutxo gotiko eta kapitel ederrak.

Mirarigilea da nonbait bertako Amabirjina: eskerrak emanez hainbat koadrotxo daude erretaula ostean josiak, korupean ere amabirjinaren mirariak kontatzen dira pintura naif oso politez aspaldiko lau freskotan.

 

Masenberg mendia, 1261 metroko garaiera du, autoz joan dakioke, baina ez gatzaio joan, bertara igo ordez etxerakoan beste paraje berri batzuk ikustea erabaki dugu.

 

Vorau Santutegia ere utzi egin dugu, erabaki dugu eliza-fatxada batek, nahiz handia eta ederra izan, ez dituela merezi eguerdiko nekea, beroa eta kilometroak.

 

Birkelo herritik hartu dugu etxerakoa, ez zaigu damutu.

 

Ia etxe bakoitzak du Kristoa errepide alboan zenbait herritan.

Ez dute etxe fatxadak irudiz edo letraz itxuratzeko ohiturarik, tarteka agertzen da S. Kristobal edo bestelako pintura obalaturen bat.

Galsoro baten erditik joango bailitz itxura bitxia eskaini digu auto batek.

 

Dever. Zurezko bi eraikin izugarri ederrak.

 

Gailur garaiko mendi multzo baten bihotzean sartu gara, gora eta behera pikoetan, herri galduak zeharkatuz: dena dago maldan behera hemen, bai herriak, bai etxeak, bai soroak.

 

Birkfeld. Etxe solteko herria hau ere. Gaintxo batean du eliza ederra: ezberdina egiten dute teilatu, dorre... koniko borobil tankerakoek.

 

Hain txukun, hain koloretsu... gustura begiratzen diegu herrioi.

Erreka-zuloz, bailaraz, basoz, gainez-gain, errekatxo garbia alboan tarteka... goaz etxera.

Hainbat aldiz gurutzatu dugu karril estu-estuko trenbidea.

 

Mikeldof. Eskolako fatxadak ordulari erraldoi bat du goialdeko erdi erdian, ibili dabilena gainera.

 

Suhiltzaileen eraikin aspaldikoak: oso bitxiak dira, erdian dorretxo karratua duten zurezko eraikin baxu zabalak.

 

Maria Trost. Uholdearen beldur edo, tontor batean du eliza, inguruan gailen; baina,  kupula eta bi dorre izanik ere, ez da ikuserraza.

 

185 kilometro, mendi-gain, mendi-zulo eta mendi-magaletan.

 

“Dublindarrak”. James Joyce: Noizean behin, esker oneko esklaboaren bibak eta txaloak egiten zituen jendeak”. Egiten ditugu jendeak.

 

 

Ekainaren 18a.  Igandea.   48.a-A:7.a

 

“Soneto hautatuak”. W. Shakespeare – J. Garzia: ez naute kilikatzen sonetook.

 

 

ALPEEN OINETAN

 

Mendiak, izeidiak, ... dira gaurko osagai berriak. Gehi belarra: ez dugu besterik izan, ez artorik, ez garirik, ez beste ezer.

Etxe sail berriak egiten dira gaur egun herrietan, baina etxe bakanak direnez eta denak jite berdinekoak, zaila da igartzea zein den berria zein berritua.

Elizak beti aukeratzen du tontortxoren bat, herri erdian zein herri albotxoan, baina beti gaintxoan, beti garai eta beti dorre zorrotzez gailendua, denetik begi-bistan: ez da kanpai-hotsa ozenkiago entzun ahal izateko egokitasuna soilik, bere presentzia nabarmendu behar du, errege eta herrien gainetik dagoela, ze esanik ez pobreen gainetik, denen eta denaren gainetik, nagusi dela...; kokagunez ere erakutsi behar du hori elizak.

Teilatu gero eta pikoagoak, irudiren batzuk horman pintatuta tarteka: herrialde menditsua, mendi tontorrak... Zenbat eta gorago eta barruago Alpeak mendiartean, are gehiago biziagotzen da Austria dugun betiko irudia.

Pintura moldez berrituta daude noizbehinka santutxoak, bai santu-irudiak eurak bai bestelako osagaiak. Gaur ez dira nabarmendu santutxoak, karratu luzeak izan dira, ez kapera itxurakoak. Ez ugariegiak ere, gainera.

 

Voitsgerg. Argindar zentrala behar du izan, agian zentral nuklearra: tximinia borobil erraldoi txaparro horretarikoak zartarazten du paisaia, kontraste gordina egiten du inguru berde zoragarrian. Ber-bertatik ia ukitzen doakio errepidea, ez gara sekula horrelako munstro batengandik hain gertu egon, nahiko urrutira ikusi ohi ditugu beti.

 

Barnbach. Ikustekoa da eliza, erabat eraberritua, batez ere kanpotik: kolore ugari eta bizi-biziko zeramikaz eraldatu diote osoki azalera; bitxi-bitxia geratu da, ezberdina. Deigarria. Ibilbidea egin diote buelta osoan eliza apaintzeko erabili duten zeramika mota berarekin: ibileku bitxia eta atsegina. Bisitari ugari doakio.

 

Emakume nagusia bat, bertako jantziez apaindua zegoen lagunartean, mezatarako zain.

 

Piber. Zaldiak dute ospea, baina ez dugu zaldi aztarrenik nabaritu. Elizak berriz planta ederra du, monasterio jitea dario alboko eraikinari ere, biak daude gaintxoan.

 

Izugarri erakargarria  da paisaia bere orokortasunean, berde ezberdinen kromatismoa eta etxeen mota argiek erabat deigarria egiten dute inguru osoa. Etxeek ez dute ezer aipatzekorik, nahiko arruntak dira, baina tarteka bada sekulakorik ere.

Bailara zabal erakargarria, mendien babesean, mendi-muinoaren bestaldera.

Belartza osoa beretzat duela, zikoina, bazka bila, belartzan.

 

Koflach. Harkaitz zurizko menditxoz bildua, mendi babesean kokatua, herri oso dotorea, zaindu-zaindua, oinezkoentzako kalexkez erosoagoa. Xehetasunek, huskeriatxoek, ematen diote nortasuna eta dottore zaindu planta herriei. Baina Koflach-ek geratzeko grina sortarazten du, bertan ibilitxo bat egitera bultzatzen zaitu. Eta joan badoakio nonbait bisitaria, hainbat aparkaleku ditu prestatuak geratzeko grina ori gauzatzea errazteko.

 

Mendi-zuloan sartu gara, errekatxo baten albotik gora goaz. Hara non zura bistara duen etxea!: lehena eta bakarra. Erreka-zuloan, tarteka, antzinako etxe eta bestelako eraikuntza zuraje ilunekoak, zaharrak, baina aro baten aztarna bizi-biziak.

Gorago heinean biziagotzen zaigu Austriak aurreko bi bisitalditan utzi zigun irudia, kontraste gordinean industria-gune zabalekin topo egiten badugu ere.

Ile trinko-trinkoko artaldea.

Izugarrizko harrobiak, mendia erdi janda dute, zauri zuri bizi-bizi ikaragarria ezarriz baso berdean: tarteka sarrian berritu zaigu irudi ber-bera gaurko ibilian.

Bost hondakin-ontzi mota ezberdin daude hondakinak sailkatuz biltzeko, auzo txikienean ere.

 

Salla. Ipuinetakoa dirudien zuraje iluneko etxeak. Ba da, teila ordez, gaina  eta fatxada-zatia ohol txatalez estalita duen etxerik. Eliza, estu luzexka, erabat estilizatua.

 

Errepidean gorago, teilatuak ere pikoago.

Zura lantzen da: bai Sallan, bai ondoren bidean, hainbat zurezko iturri ikusi ahal izan dugu, hainbat gizairudi, denak zurean tailatuta, denak handiak.

Motorista pila dabil gaur errepide orotan, herri orotan aurkitzen ditugu geratuta, moto multzo iluna deigarri.

 

Erakargarria da goranzko bidea, bihurgunea bihurgunearen ondoren, errepide pikea, izeidiak  eta maldak behean utziz. Izeidian, basoa soilduz, goitik beheko zulorainoko garbi-gune luzeak dira eski-pistak, garraio-gailua dute goranzkoa egiteko. Atsegingarria behar du izan goitik behera pikoan abiada bizian amiltzea, labaintze zirraragarria, ziztu tentagarria.

Bada larre-behirik ere belarrean.

 

Gaberl. 1551 metroko garaiera. Lau jatetxe hegi-hegian, udan zein neguan turismotik bizi direnak. Ikuspegi zabal-zabala du Ekirantz, Iparrerantz, berriz, Alpe elurtuak ikus daitezke tarte batetik. Mendebalerantz basoa du oztopo soak.

 

Igandea izanik, jubilatu pila dabil autobusez.

Ezin ginen Austriatik joan mendi parajeok ikusi gabe, hurretik bizi izan gabe Alpeetako tontorreria, bere hurkotasunaren kirria sentitu gabe.

 

% 20ko pikoan egin dugu 12 kilometroko beherakoa. Hemen ikusi nahi ditut nik txirrindulariak!. Alpeetako tontorreriak  mugatzen du alderik alde Mendebal osoa, aho zorrotzeko mendizerra, elurtua oraindik tarteka: bizi-bizi bizi ditugu Alpeak; behean bailara zabal-zabal berde argia, herritxoz beteta.

 

Kleinlobming.  Hara non dabilen herriko banda etxerik etxe diru eske, gureetan Santa Ageda egunez antzera, baina hauek musika joz soilik. Adin eta sexu orotako kideek osatzen dute banda. Gurekin izan ditugu ataurre batean, errepide zabala erabat betez. Desfilatuz doaz etxetik etxera. Ataurre batean andre gizon adinekoak atera zaizkie, dirua eman eta kontu kontari luzatu dira zuzendariarekin; albotik pasa zaizkigu batean, ertzetik ere ibili gatzaie une batez. Bitxia eta hunkigarria gertatu zaigu.

Izugarri txukuna eta zaindua da herria bera ere, ez du ezer harrigarririk, baina gelditzeko gogoa sortarazten duen horietakoa da, gu geratu gara behintzat. Bere buruaz harro dagoen herria!. Ipuinetakoa, jostailuetakoa, postalekoa. Bi etxe eder antzinakoak, Nepomuceno santu-irudia bera ere sekulakoa, lorategi bizi apainak, errekatxo garbia, zurezko zubia, parketxoa... dena dago xarmant, koketo; xehetasunak ditu batez ere zainduak.

 

Bailara zoragarria da, etxeak arruntak, zuraje iluneko tartekako txabolak arruntak izanik ere, deigarria da bertako berdegunea. Antzinako etxe bakarren bat, oso ederra gainean belar lehorra gordetzeko adreiluzko argiunedun leiho bitxi dotoreekin kortatzarrak dira deigarrienak batez ere.

Bailaratxoz bailaratxo egin dugu bidea, dotore.

 

Grosslobming. Lehortegietako, belar-biltegi erraldoietako leiho landuak dira aipatzekoak; eliza, puntazorrotza, luze-luzea, zurezko txataltxoz  estalia dago, beltz; garbi ozena da errekatxoa, zurezko zubi eta ingurua, aldiz, ezer atseginik gabekoa.

 

Txirrinduzale nagusi bat heldu zaigu argazkia ateratzera geratu garenean ia gure EH nongoa ote jakin-min: mapaz argitu diogu honi ere, jabetu delakoaren keinua egin digu.

 

Bailara berrietan sartu gara. Nekazal etxe eta etxetxo zainduak, baina simaurra dute aurrean pilatuta, zenbait tresneria ere ageri da...  Hemen ere baserria baserri, badago alderik etxetik etxera, herritik herrira ere, txukuntasunean. Tarteka zurezko korta-sabai ikaragarriak, erraldoiak. Hazienda handiak zeuden edo daude. Bada belar-biltegi berririk ere, erraldoiak hauek ere; antzinako jitea eman diete. Bada etxebizitza ederrik, bertako itxuran, nola ez.

Belarra da usta bakarra. Plastikozko fardeletan biltzen dute. Ez da baratzik ageri, agian etxe ostean dituzte baratzok.

Lehen urrutitik ikusi ditugun menditzar elurrez zurituen oinetan gaude.

 

Seckau. Hegi batean dago kokatua, kokagune apart batean. Monasterioa da bertako altxorra: izugarrizko eraikuntzatzarra, goieraz baino zabaleraz tzarragoa, etxeez osaturiko lauki erraldoia; barruan arkuz bildutako patiotzarra, lehen solairuko arkuteriak dotoretuta; patioan eliza, erromaniko eta gotiko tartekoa, estilo bien osagarri nabarmenekin; bi dorre karratu garai eta ate nahiko estilizatua; barrua iluna du, garaia, sabaia gotiko jitekoa giltzarri apartekin, han goi-goian kokatuak, kameraren objektiboarekin ikusi ahal ditugunak; hainbat aparteko taila, dena bilduz eta girotuz denera  hedatzen zen musika zuen kapera, Pietat bat horma kontra, aldaretako santu-irudi bikainak, korupeko Amabirjina eta hainbat taila-lan gehiago, maisuki tailatutako kapitelak, organoa han goietan, erretaula, berritze lanetan zegoen kaperetako hilobietako taila fin txikiak hilobian bertan tailatuta, armarriak, hilobiak, burdinez gordetako zoruko hilobia auskalo ze lapurren beldur dena.... eliza aparta!. Izurrite zutabe ederra.

 

Elizako ospakizunen batera sartzeko zain dago talde zabal bat, gizonezko eta emakumezkoak, bertako jantzita, gona, amantal, papar-hegalik gabeko jaka berdexkak, eta gainerako berezitasunez jantzita, austriar petoak.

 

Autobiaz etxeratzea erabaki dugu, eguerdia, beroa, nekea.. nahikoa duela gaurkoz gorputzak.

Bailara erdi-erditik doa autobia, astakeria iruditzen zaigu baina bikaina da ingurua alde bietara, balkoi dirudien autobidetik. Herri arruntak dakusagu. Bada lakutxoa, inguruko belartzan jendea datza gureetan hondartzan bezala. Ibai garbi, bizi, lasterra, autobidearekin bat doa. Bailara aparta, zabala. Harrobi erraldoiak. Kortatzarrak tarteka. Gaztelutxoa izanen zenaren hondakinak tontortxo batean, zuhaitz artean galduta.

Mendiz mendi, izeidiz izeidi, egin dugu autobideko etxerainoko azkena, 8 eta 10 kilometrotako tunelez mendiak azpitik zeharkatuz. Zubiak, lubeta erraldoiak...

Dozenaka, agian ehunka belar-metatxo magal pikean eguzkitan lehortzen, bitxia eta deigarria zen, apropos ere ez.

 

177 kilometro, Alpe mendi berdeetan.

 

“Dublindarrak”. James Joyce: “Taldeko laugarren laguna, ordea, aztoratuegi zegoen benetan zorinontsu egoteko”. Nahitaezkoa da patxada bidaiaz gozatzeko.

BIDAIAK 2000. AUSTRIA

Jon Etxabe 2022/04/11 10:15
HEGO-EKIA: Bad Radkersburg, MENDEBAL-HEGOA:Staiz

Ekainaren 17a.   Larunbata     47.a - 6.a

 

“Poema hautatuak”. W. Shakesoeare – J. Garzia. Ezer guti esaten didate.

 

Kukuak. Ez du herrialde honetan jo, ez du aspaldi honetan jotzen, zozoa berriz hor dago, inguruko giza-hotsen isilune eta bare unetan entzuten ditugu, baina hemen ez dira gure bizitzaren zati, beteegia dago kanpina txoriek leku izan dezaten, ez dugu txori bat bera lurrean ikusi, gure begien soa kanpin-kide, etxatoi eta antzekoak harrapatzen dute, begiek non kokatu gehiegi dute, solas-gune gehiegi txoriei erreparatzeko, eta txoriek bestalde nahasiegia dute ingurua lurreratzeko.

Gu geu ere nekatuxe gaude jadanik, itzulbidean gauden bizipena dugu; sakonean, ia konturatu ere gabe, herria eta oinarridun etxea ditugu amets.

 

Ze leku aparta den kanpina gizakiaren  ikerketa egiteko. Giza portaerarena. Etxatoiko leihoan jarri eta begiratu, ikusi, hausnartu, sailkatu: gizakiaren portaera eskema osoa gauzatzeko egoera aberatsa. Aurre eskemarik gabe. Barreak eta irriak, ibilerak, begiradak, agurrak, janzkerak, egoerak, jarrerak, toldopearen antolaketak,jakin-minak, arraskan portamoldea, bikotearen harremanak, umeekiko portaera, ... mila hari ezberdini heldu dakioke mataza desegiteko edo mataza bera biltzeko.

 

Goiz hozkirria ez ezik hotza ere bada gaurkoa, aspaldietan lehenengoz.

 

 

IPAR-EKIA

 

Autobidea hartu dugu, hiri barruan nahas ez gaitezen.

Ondoren zenbaki ezberdineko bideberri eta errepide, zein herri-bideetan emango dugu gaurko ibilia. Zola tarteka zatarra da.

Tarte batez basoan baikindoaz egin dugu bidaia, Amazoniako errepidea dirudi honek, zuhaitzez bilduta alde guztietatik, basoa besterik ez dugu inguruan, alboetara begiratu, aurrera begiratu, atzerako ispiluari begiratu, dena da zuhaitza. Garbigune bat tarteka, teilatu zorrotz loratuek erakusten digute ze herrialdetan gauden.

Herri hauetako baserrietan ez da antzinako arrasto handirik gelditzen, baina tarteka aurkitzen dugu zantzu bakarren batzuk: leiho ugariko eta teilatu gailurra bi ertzetan zapal bukatzen zaizkien nekazal etxe erraldoiak, oholezko eraikintzarrak, behean korta eta goian belar-tokia duten eraikin zarpeatuak, argiuneak dotore utziz adreiluz itxitako leihoak, oholezko eraikuntza txaparro luzexkak azpialdea zabalik bi aldetara, zenbait oholezko txabola, garai batez garitzak izaniko belartzetako txoriak uxatzeko behatzailearentzako zurezko behatoki garaia noizbehinka, ...

 

Jaso dira zurezko granja berri-berriak zenbait herritan, antzinakoen jiteko peto-petoak, guti baina. Sekulako etxeak. Balkoi paregabeak, ze balkoi ederrak, etxe xumeenak ere lorez apainduta du berea: balkoiren kultura dute herrialde honetan. Loren kultura: balkoi, leiho, etxaurreak, etxe-buelta, iragarki-oholak, santutxoak, geltokiak, errepide bazterrak, kale-gurutzeak, espaloietako bihur-guneak, ... dena da lora, lore erraza, geranioa gehienetan, erne eta zaindu errazak, lore zaindu-zail edo ezberdin bitxietan nahastu eta korapildu gabe, baina bazterrak lorez edertuta gordetzen dutenak. Santutxo asko, zainduak, handiak batzuk; ugariak dira kristo zuri-zuriak, itxura hitsekoak, herriko errementariak tailatutakoak bailiran, gure lagun batek “kagalastimas” zioken aurpegikoak, koitadutxoak, ... Fruta-arbolak dira gaurko osagai berria: maldetan behera, sail zabal-zabaletan, sare beltzez estaliak, ... gune beltz ilun deigarriak dira behetik nahiz goialdetik begiratuta. Izei beltza eta pagoa ohi denez, baina gaur intxusa sail ugari eta zabalak izan ditugu, zuhaitz moskoteak, arduraz zainduak, fruta-arbolak bailira. Maitza ugaria izan da.

Izan dugu Sanjuan sutarako egur pilaketan ziharduen taldea ere.

Autobuskada jubilatuak gaur ere edonon, batez ere erromes gunetan.

Ez dugu errepidean animalia zapaldurik aurkitu.

 

Hainbat aldiz zeharkatu dugu gaur Mur ibaia, Hungarian Danubio zeharkatzen genuen antzera, baina ez gatzaio atxiki: azal, labain, laster doa, berdegunez inguratuta; baina zikin planta du; Danubioa ere zikin zihoan, baina ez arin, bereganatu egiten gintuen, Mur-ek, berriz, bazter uzten gaitu.

Mendi-muino, lautada, magal, mendi-zulo, aldats piko-pikoak tarteka, ... izan da gaurko ibilbidea. Gainetatik ikuspegia izan da gaurko osagai berria: hegi eta maldetatik, Austria laua izan dugu begien pean  Alpeen ertzak behar dutenak ere inguruan izan ditugu, dena baso, dena berdegune, mendi koskor ederrak: Alpeon barrenak, Austriaren irudi estereotipatua, Austria menditsuarena, dakartenak.

Une batez bi kanpandorre pope edo ortodoxok erakusten dute beraien orratz edo teilatu berdea zuhaitz punten artean, beraiek ere zuhaitzak bailira, halako ikuspegi bitxia sortaraziz.

Hungariako edo Esloveniakoen berdintsuak dira Austriako elizdorreak: botere erlijioso bateratuak agindu zuen Ekialdeko Europako erdigune oso honetan, elizagintzan arau berberak ezarriz.

Maiatz bar errepide ertzeko saltokitxo-txosnan: errito usaia dario, santu edo Amabirjinaren bati urte edo uda ona eskatuko bailioke; pobreen legea.

Bertako jiteko pertsonak ikusten dira tarteka: gizonezkoak, nagusiak, adinekoak, bertako jantzita: berta-bertako egiturako  papar-hegalik gabeko jaka berdoxkaz, tiroldar kapelua pink ugariz deigarriak batzuk.

 

Weiz. Alpe mendien azken magalean. Dorre bikoitzeko elizatzarra, zuri-gorrizka argia, deigarria tamainaz, itxuraz, kolorez eta kokagune garaiaz.

 

Ez dago etxe jarraiko herri eginik, etxe bakanekoak baizik. Herri asko dago, denak elkarren hur, lautadan zein magaletan barreiatuta.

Argindar zentral txikitxoa lehenengo, handi bat ondoren: urik gabe uzten dute ibaia beraien alboan, baina laster argi, garbi eta eder doa berriro.

Bidaia idilikoa, Austria menditsu klasikoan. Baina ez da zurezko etxerik, ez da teilategal zabalik, baina ez dira ere Hungariako etxetxo xaloak ere.

Esloveniarrak eta hungariarrak erabat austeroak dira bizitzan, nahiko lan dute bizimodua ateratzen, Austriarrek beste zenbait arduretarako umorea dute, eta dirua ere dute, umorea eta dirua elkar loturik baitoaz gehienetan.

 

50 txelin eskas balio du gasolioak, baina berenez ez digu merkea den edo ez, esaten,  gure diruarekin kalkulatu behar dugu. Euroarekin berehala jabetuko gara gauzen balioez.

 

Stubenberg. Gaztelua du erakusgai, gotor itxurako karratua, dorretxoa lau kantoietako bakoitzean. Gehiago dirudi jauregia. Patio pitxia: bere arku, eskailera, ate dottore, ... Ez da gauza handia baina ezta deuseza ere, ingurutik izanik merezi du geldiunetxoa.

 

Nahi ez genuen bidetik egin dugu Pollau-ra, galdetu arren: jendeak ezin du ulertu herri-bideetatik egin nahi dugula bidea, zenbakidun errepide erosoetara bidaltzen gaituzte beti. Nahastu egiten gara sarri errepide txikietan, ernegatu sarri, baina galdetuz ere beti ihesi gabiltzaion errepidera bidaltzen gaituzte.

 

Kaindorf. Bi zikoina herri-herrian kokatuak: zurezko tantaia jarri diote bati kale-kalean, bigarrenak tximinia karratu bat aukeratu du kabigintzarako: ez da zikoina askorik ageri Austrian.

 

Kriston gizon-katxarro handia, lau erroberako tramankulu motordun txiki batetan, erabat kabitu ezinik, ez alboetatik, ez toldopetik, ipurdia ere eserlekutik gainezka, baina bera patxadatsu, geldi, tor-tor motor-hots lasaian babestuta.

Zenbait gurutzek dotore zainduta dute ingurua.

Tontor batetan, gailen, deigarri, edonondik begi-bistan, eliza bat.

 

Natura-gunea da ingurua, basoa den mendi-magala eta lautada nekazaria.

 

Pollau. Herri moinoinoa, etxe xarmantez osaturikoa. Udaletxe aparta plazan, Amabirjinaren zutabe urre-kolorekoa eta Monasterioa, erraldoia, izugarri handia ere bere baitako eliza. Merkatu eguna denez, pil-pilean dago herriko giroa, herriko jende xume-xumea dabil erosketa lanetan, jende xume-xumea, herri-herrikoa, ez du Austriako dottoretasun usainik; salmahaietan ohizko salgaiak, tarteka bertako ekoizpenak ere direlarik. Jose Luisentzako oparia erosi dugu: artilezko zapatila koloretsu beroak.

Eliza: aho zabalik utzi gaitu sartzearekin bat: dena da pintura, dena kolore, dena santu-irudi: han daude zeruko santu denak, han santu bizitza denak, denak hormetan ñir-ñir koloretako irudietan eta marmol kolore gorrixkako zutabetzar irudikatuzko marrazkiz hormak erabat estaliz irudirik ez duen horma oro; urre koloreko santu-irudiak, urre-koloreko aldareak; lauk, bostek baita seiek ere eramateko zutoihal tzarrak korupean; elizaren alboetako goialdean sekulako balkoi edo korua, sekulako santu-irudiz edertuak, erabat argi itxura emanez elizari; sakristia bera ere erabat pintura argiz dotoretua dago, eta sekulako armairu landua du. Klaustroa, ederra da, gaur egun gune publikoa da, kaletik du sarrera, bertan kokatu dute gerran hildakoei oroitarritzarra. Eliza alboko klaustroa izanen zena eta patioa dirudien esparru batetan meategi edo lurpeko harrobi bateko bagoneta ilara dago, marmol itxurako harri zurixkaz zamatuta, bere makinatxo eta guzti: kobazuloa monasterio azpian dago, Monasterioko horma da koba-ahoa: erakutsi ere egiten dute; zur utzi gaitu baina ezin izan dugu beretaz ezer argitu iragarki eta argibide oro alemanez soilik baitago, gainera gidaliburuak ez digu inolakoargibiderik ematen.

 

Gizonezkoentzako lanerako amantalak saltzen dituzte azokan.

 

Aldatz piko eta luzea egin dugu ibilbidea, ikuspegi zabal eta ederra dugula aurrez aurre.

 

Pollauberg. Sekulako ikuspegia dago bertatik, alde guztietara zabal begira baitago kokatua tontor batetan. Austria laua eta urrutian Alpeak ikusgarri dager bertatik, berde-ilun basoak, berde-argi belar-gune eta galsoroak. Turistagunea: jatetxe pilak argi uzten duenez. Kokagunea zein eliza, bitxiak biak.

Eliza da herriko altxorra hemen ere, lautadatik han goiko urrutian luzaroan eta nonahitik ikusi duguna bera. Sarrerako ate eta ate-gain ederrak; barrutik egitura erabat bitxia du: bi nabe ditu, gotikoak; nabe erdi-erdian hiru zutabe gotiko garaiak, beste bi gurutzaduraren alboetan; ondorioz ez dago inola ere erretaula eta aldarea osotasunean ikusterik; gangak gotiko petoak dira, zenbait giltzarri galduak dituela; barrokoa da beste dena; presbiterio erdian dago kokatua erretaula, bera soil-soilik: zabalik eta agerian  ditu egituraren oholtzako zirrikituak; ostean, aldiz, ageri-agerian geratzen zaio  erretaularen atzealdeko egitura landugabea: txaponaren bi aurpegiak, erretaularen ederra aurretik, erretaularen egitura zarpaila ostetik; oste horren aurrez aurre, absideko horman arkutxo gotiko eta kapitel ederrak.

Mirarigilea da nonbait bertako Amabirjina: eskerrak emanez hainbat koadrotxo daude erretaula ostean josiak, korupean ere amabirjinaren mirariak kontatzen dira pintura naif oso politez aspaldiko lau freskotan.

 

Masenberg mendia, 1261 metroko garaiera du, autoz joan dakioke, baina ez gatzaio joan, bertara igo ordez beste paraje berri batzuk etxerakoan ikustea erabaki dugu.

 

Vorau Santutegia ere utzi egin dugu, erabaki dugu eliza-fatxada batek, nahiz handia eta ederra izan, ez duela merezi eguerdiko nekea, beroa eta kilometroak.

 

Birkelo herritik hartu dugu etxerakoa, ez zaigu damutu.

 

Ia etxe bakoitzak du Kristoa errepide alboan zenbait herritan.

Ez dute etxe fatxadak irudiz edo letraz itxuratzeko ohiturarik, tarteka S. Kristobal edo bestelako pintura obalaturen bat agertzen bada ere.

Auto batek eskaini digu galsoro batetan joango bailitz itxura bitxia.

 

Dever. Bi zurezko eraikin izugarri ederrak.

 

Gailur garaiko mendi multzo baten bihotzean sartu gara, gora eta behera pikoetan, herri galduak zeharkatuz: dena dago maldan behera hemen, bai herriak, bai etxeak, bai soroak.

 

Birkfeld. Etxe solteko herria hau ere. Gaintxo batetan du eliza ederra, teilatu, dorre, ... koniko borobil tankerakoek ezberdina egiten dutela.

 

Hain txukun, hain koloretsu, ... gustura begiratzen diegu herrioi.

Erreka-zuloz, bailaraz, basoz, gainez gain, errekatxo garbia alboan tarteka,  ... etxera goaz.

Hainbat aldiz gurutzatu dugu karril estu-estuko trenbidea.

 

Mikeldof. Eskolako fatxadak ordulari erraldoi bat du goialdeko erdi erdian, ibili dabilena gainera.

 

Suhiltzaileen eraikin aspaldikoak: oso bitxiak dira, erdian dorretxo karratua duten zurezko eraikin baxu zabalak.

 

Maria Trost. Uholdearen beldur edo, tontor batetan du eliza, inguruan gailen, baina,  kupula eta bi dorre izanik ere, ez da ikuserraza.

 

185 kilometro, mendi-gain, mendi-zulo eta mendi-magaletan.

 

“Dublindarrak”. James Joyce: Noizean behin, esker oneko esklaboaren bibak eta txaloak egiten zituen jendeak”. Egiten ditugu jendeak.

 

 

Ekainaren 18a.  Igandea.   48.a-A:7.a

 

“Soneto hautatuak”. W. Shakespeare – J. Garzia: ez naute kilikatzen sonetook.

 

 

ALPEEN OINETAN

 

Mendiak, izeidiak, ... dira gaurko osagai berriak. Gehi belarra: ez dugu besterik izan, ez artorik, ez garirik, ez besterik.

Etxe sail berriak egiten dira gaur egun herrietan, baina etxe bakanak direnez eta denak jite berdinekoak, zaila da igartzea zein den berria zein berritua.

Elizak beti aukeratzen du tontortxoren bat, herri erdian zein herri albotxoan, baina beti gaintxoan, beti garai eta beti dorre zorrotzez gailendua, denetik begibistan: ez da kanpai-hotsa ozenkiago entzun ahal izateko egokitasuna soilik; bere presentzia nabarmendu behar du, errege eta herrien gainetik dagoela, ze esanik ez pobreen gainetik, denen eta denaren gainetik, nagusi dela, ... kokagunez ere erakutsi behar du elizak.

Teilatu gero eta pikoagoak, irudiren batzuk horman pintatuta tarteka, menditsua, mendi tontorrak, ... Zenbat eta gorago eta barruago Alpeak mendiartean, are gehiago biziagotzen da Austria dugun betiko irudia.

Pintura moldez berrituta daude noizbehinka santutxoak, bai santu-irudiak eurak bai bestelako osagaiak. Gaur ez dira nabarmendu santutxoak, karratu luzeak izan dira, ez kapera itxurakoak. Ez ugariegiek ere gainera.

 

Voitsgerg. Argindar zentrala behar du izan, agian zentral nuklearra: tximinia borobil erraldoi txaparro horretarikoak zartarazten du paisaia, kontraste gordina egiten du inguru berde zoragarrian. Ber-bertatik ia ukitzen doakio errepidea, ez gara sekula horrelako munstro batengandik hain gertu egon, nahiko urrutira ikusi ohi ditugu beti.

 

Barnbach. Ikustekoa da eliza, erabat eraberritua, batez ere kanpotik: kolore ugari eta bizi-biziko zeramikaz eraldatu diote osoki azalera; bitxi-bitxia geratu da, ezberdina. Deigarria. Ibilbidea egin diote buelta osoan eliza apaintzeko erabili duten zeramika mota berarekin: ibileku bitxia eta atsegina. Bisitari ugari doakio.

 

Emakume nagusia bat, bertako jantziez apaindua zegoen, lagunartean mezatarako zain.

 

Piber. Zaldiak dute ospea, baina ez dugu zaldi aztarrenik nabaritu. Elizak berriz planta ederra du, monasterio jitea dario alboko eraikinari ere, biak daude gaintxoan.

 

Izugarri erakargarria  da paisaia bere orokortasunean, berdeen kromatismoa eta etxeen mota argiek erabat deigarria egiten dute inguru osoa. Etxeek ez dute ezer aipatzekorik, nahiko arruntak dira, tarteka sekulakorik bada ere.

Bailara zabal erakargarria, mendien babesean mendi-muinoaren bestaldera.

Belartza osoa beretzat duela, zikoina bazka bila belartzan.

 

Koflach. Harkaitz zurizko menditxoz bildua, mendi babesean kokatua, herri oso dotorea, zaindu-zaindua, oinezkoentzako kalexkez erosoagoa. Xehetasunek, huskeriatxoek, ematen diote nortasuna eta dottore zaindu planta herriei. Baina Koflach-ek geratzeko grina sortarazten du, bertan ibilitxo bat egitera bultzatzen zaitu. Eta joan badoakio nonbait bisitaria, hainbat aparkaleku ditu prestatuak geratzeko grina ori gauzatzea errazteko.

 

Mendi-zuloan sartu gara, errekatxo baten albotik gora goaz. Hara non zura bistara duen etxea!: lehena eta bakarra. Erreka-zuloan tarteka antzinako etxe eta bestelako eraikuntza zuraje ilunekoak, zaharrak baina aro baten aztarna bizi-biziak.

Gorago heinean biziagotzen zaigu Austriak aurreko bi bisitalditan utzi zigun irudia, kontraste gordinean industria-gune zabalekin topo egiten badugu ere.

Ile trinko-trinkoko artaldea.

Izugarrizko harrobiak, mendia erdi janda dute, zauri zuri bizi-bizi ikaragarria ezarriz baso berdean: tarteka sarrian berritu zaigu irudi ber-bera gaurko ibilian.

Auzo txikienean ere bost hondakin-ontzi mota ezberdin daude, hondakinak sailkatuz biltzeko.

 

Salla. Ipuinetakoa dirudien zuraje iluneko etxeak. Ba da, teila ordez, gaina  eta fatxada zatia ohol txatalez estalita duen etxea. Eliza, estu luzexka, erabat estilizatua.

 

Errepidean gorago, teilatuak ere pikoago.

Zura lantzen da: bai Sallan, bai ondoren bidean, hainbat zurezko iturri ikusi ahal izan ditugu, hainbat gizairudi, denak zurean tailatuta, denak handiak.

Motorista pila dabil gaur errepide orotan, herri orotan aurkitzen ditugu geratuta, moto multzo iluna dela deigarri.

 

Erakargarria da goranzko bidea, bihurgunea bihurgunearen ondoren, errepide pikea, izeidiak  eta maldak behean utziz. Izeidian basoa soilduz goitik beheko zulorainoko garbigune luzeak dira eski-pistak, garraio-gailua dutela goranzkoa egiteko. Atsegingarria behar du izan goitik behera pikoan abiada bizian amiltzea, labaintze zirraragarria, ziztu tentagarria.

Bada larre-behirik ere belarrean.

 

Gaberl. 1551 metroko garaiera. Lau jatetxe hegi-hegian, udan zein neguan turismotik bizi direnak. Ikuspegi zabal-zabala du Ekirantz, Iparrerantz berriz Alpe elurtuak ikus daitezke tarte batetik. Mendebalerantz basoa du oztopo soak.

 

Igandea izanik, jubilatu pila dabil autobusez.

Ezin ginen Austriatik joan mendi parajeok ikusi gabe, Alpeetako tontorreria hurretik bizi izan gabe, bere hurkotasunaren kirria sentitu gabe.

 

% 20ko pikoan egin dugu 12 kilometroko beherakoa. Hemen ikusi nahi ditut nik txirrindulariak!. Alpeetako tontorreriak  mugatzen du alderik alde Mendebal osoa, aho zorrotzeko mendizerra, elurtua oraindik tarteka: bizi-bizi bizi ditugu Alpeak; behean bailara zabal-zabal berde argia, herritxoz beteta.

 

Kleinlobming.  Hara non dabilen herriko banda etxerik etxe diru eske, gureetan Santa Ageda egunez antzera, baina hauek musika joz soilik. Adin eta sexu orotako kideek osatzen dute banda. Gurekin izan ditugu ataurre batetan, errepide zabala erabat betetzen zutela. Desfilatuz doaz etxetik etxera. Ataurre batetan andre gizon adinekoak atera zaizkie, dirua eman eta kontu kontari luzatu dira zuzendariarekin; albotik pasa zaizkigu batetan eta ertzetik ere ibili gatzaie une batez. Bitxi eta hunkigarria gerta zaigu.

Izugarri txukuna eta zaindua da herria bera ere, ez du ezer harrigarririk baina gelditzeko gogoa sortarazten duen horietakoa da, gu geratu gara behintzat. Bere buruaz harro dagoen herria!. Ipuinetakoa, jostailuetakoa, postalekoa. Bi etxe eder antzinakoak, Nepomuceno santu-irudia ere sekulakoa, lorategi bizi apainak, errekatxo garbia, zurezko zubia, parketxoa, ... dena dago xarmant, koketo; xehetasunak ditu batez ere zainduak.

 

Bailara zoragarria da, etxeak arruntak izanik, zuraje iluneko tartekako txabolak arruntak izanik ere, deigarria da berdegunea. Antzinako etxe bakarren bat, oso ederra, eta batez ere gainean belar lehorra gordetzeko adreiluzko argiunedun leiho bitxi dotoreekin kortatzarrak dira deigarrienak.

Bailaratxoz bailaratxo egin dugu bidea, dotore.

 

Grosslobming. Lehortegietako, belar-biltegi erraldoietako leiho landuak dira aipatzekoak; eliza puntazorrotza, luze-luzea, zurezko txataltxoz  estalia dago, beltz; errekatxo garbi ozena, baina zurezko zubi eta inguru atseginik gabe.

 

Txirrinduzale nagusi bat heldu zaigu argazkia ateratzera geratu garenean ia gure EH nongoa ote jakin-min: mapaz argitu diogu honi ere, jabetu delakoaren keinua egin digu.

 

Bailara berrietara sartu gara. Nekazal etxe eta etxetxo zainduak, baina simaurra dute aurrean pilatuta, zenbait tresneria ere ageri da, ... Hemen ere baserria baserri, badago alderik etxetik etxera, zein herritik herrira, txukuntasunean. Tarteka zurezko korta-sabai ikaragarriak, erraldoiak. Hazienda handiak zeuden edo daude. Bada belar-biltegi berririk ere, erraldoiak hauek ere; antzinako jitea eman diete. Bada etxebizitza ederrik ere, bertako itxuran, nola ez.

Belarra da usta bakarra. Plastikozko fardeletan biltzen dute. Ez da baratzik ageri, agian etxe ostean dituzte baratzok.

Lehen urrutitik ikusi ditugun menditzar elurrez zurituen oinetan gaude.

 

Seckau. Hegi batetan dago kokatua, kokagune aparta batetan. Monasterioa da bertako altxorra: izugarrizko eraikuntzatzarra, goieraz baino zabaleraz tzarragoa, etxeek osaturiko lauki erraldoia; barruan arkuz bildutako patiotzarra, lehen solairuko arkuteriak dotoretzen duela; patioan eliza, erromaniko eta gotiko tartekoa, estilo bien osagarri nabarmenekin; bi dorre karratu garai eta ate nahiko estilizatua; barrua iluna du, garaia, sabaia gotiko jitekoa giltzarri apartekin, han goi-goian kokatuak, kameraren objektiboarekin ikusi ahal ditugunak; hainbat aparteko taila, dena bilduz eta girotuz denera  hedatzen zen musika zuen kapera, Pietat bat horma kontra, aldaretako santu-irudi bikainak, korupeko Amabirjina eta hainbat taila-lan gehiago, maisuki tailatutako kapitelak, organoa han goietan, erretaula, berritze lanetan zegoen kaperetako hilobietako taila fin txikiak hilobian bertan tailatuta, armarriak, hilobiak, burdinez gordetako zoruko hilobia auskalo ze lapurren beldur dena, .... eliza aparta!. Izurrite zutabe ederra.

 

Elizako ospakizunen batera sartzeko zain dago talde zabal bat, gizonezko eta emakumezkoak, bertako jantzita, gona, amantal, papar-hegalik gabeko jaka berdexkak, eta gainerako berezitasunez jantzita, austriar peto.

 

Autobiaz etxeratzea erabaki dugu, eguerdia, beroa, nekea, .. nahikoa duela gaurkoz gorputzak.

Bailara erdi-erditik doa autobia, astakeria iruditzen zaigu baina bikaina da ingurua alde bietara, balkoi dirudien autobidetik. Herri arruntak dakusagu. Bada lakutxoa, inguruko belartzan jendea datza gureetan hondartzan bezala. Ibai garbi, bizi, lasterra, autobidearekin bat doa. Bailara aparta, zabala. Harrobi erraldoiak. Kortatzarrak tarteka. Gaztelutxoa izanen zenaren hondakinak tontortxo batetan, zuhaitz artean galduta.

Mendiz mendi, izeidiz izeidi, egin dugu autobideko etxerainoko azkena, 8 eta 10 kilometrotako tunelez mendiak azpitik zeharkatuz. Zubiak, lubeta erraldoiak, ...

Dozenaka, agian ehunka belar-metatxo magal pikean eguzkitan lehortzen, bitxia eta deigarria zen, apropos ere ez.

 

177 kilometro, Alpe mendi berdeetan.

 

“Dublindarrak”. James Joyce: Taldeko laugarren laguna, ordea, aztoratuegi zegoen benetan zorinontzu egoteko”. Nahitaezkoa da patxada bidaiaz gozatzeko.

BIDAIAK 2000: AUSTRIA

Jon Etxabe 2022/04/04 10:25
ESTIRIA: Graz, Rein, Stubing

- AUSTRIA. ESTIRIA. Pingau, Pischelsdorf, Graz, Rein, Cratwein, Stubing.

- HEGO-EKIA: Kalsof, Wildon, Bad Radkersburg, Cruisla, Sankt Ana.

- MENDEBAL-HEGOA: Mooskirchen, Deutschalanberg, Stainz.

- IPAR-EKIA: Weis, Stubenberg, Kaindorf, Pollau, Pollauberg, Masenberg mendia, Vorau, Birkelo, Dever, Birkfel, Mikeldof, Maria Trost.

- ALPEAK. Voitsgerg, Barnbacha, Piber, Koflach, Salla, Gaberl, Kleinlobhing, Grosslobhing, Sekau. 

- CARINTIA: Wolfsberg, Klagenfurt, Worther, Minimundus, S. Jacobo, Fakerber see lakua, Villach, Landskron, Osiacher see, Osiach.

- IPARRALDEA: Maria Saal, Zollfeld-Glan bailara, Arndorf, Rossendorf, Magdalens berg, S. Michel, S.Donat, St. Veit a. d. Glan, Burg Hochostervitz, Althofen, Strassburg, Gurk Monasterioa, Zweinitz, Altenmerkt, Weitennsfel, Kleitn St. Veit.

IPAR GOIENA: Friessach, St. Salbator, Grades, Flattnitz, Glodnitz, Deutsch-Griffen, Feldkirchen, Pyramidenkodl, Wiktring, Kottmannsdorf, St. Egyden, Maria Wortth.

 

 

Ekainaren 12a. Astelehena. 42.a-A:1.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare - J.Garzia: “Ezen deusez daukat mundu zabala”. “For nothing this wide universe I call”. Handi gertatzen zaigu guri mundu txiki hau.

 

Aldaketa eguna, kanpinez ez ezik nazioz ere.

Kanpineko harrerako emakumea ez zegoen ordain agiriko 8.820 dirutik azken 20 horiek barkatzeko, baina oso prest 180 eskupekoz hartzeko. Nabaria da gogoko dutela eskupekoa, soldata urriarekin bizi direla oraindik.

 

Austria dugu gaur helburu.

 

Zortziak eta laurdenetan  atera gara errepidera. Lainoz eman digu agurra ia 25 egunez eguzki galdan egosi gaituen Hungariak. Euri tanta zenbait ere izan dugu, naturak negar egingo balu lez gure aldegitean. Egun gozoak izan dira Hungariakoak, beroegiak arren.

Jai eguna dugu gaur, Baskoa Astelehena: mezetatik datoz herritarrak, jaiko jantzita.

 

Oso lasai ibili ohi dira errepidean bizikletariak, arduratu dadila beraiez autoa, ez dute ertzera zirkinik ere egiten: arrazoia dute, baina ez dakit jabetzen diren nolako arriskuan dabiltzan, hain lasai albora begira eta sigi-sagaka sarri. Herrietako bizikletariak hanka-zabal ibili ohi dira bizikleta gainean, tramankulu zaharretan gehienetan.

Dozenaka makal gizen-gizen bota dituzte muga aurretxoan: ze tristura sartzen duten ipurdi zuriok. Pinuak edo beste zenbait zuhaitz birlandatuko dute beste sail batean ikusi dugun bezala.

Azken begirada lautadari, laster ahaztuko dugu, Austriaz soilik arduraturik: argazki eta oroitzapenez baliatuz berrituko ditugu kasko barruan pilatutako irudiok, betirako iraungo duten oroitzapen eta irudi gutxiak geratuko zaizkigu geroago.

 

 

AUSTRIA

 

 Dirua aldatu nahi izan dugunean mugan, geroago herrietan banketxe bila hasi garenean, jabetu gara Austrian ere jaieguna dutela Basko Astelehena, eta jai dugula dirutik guk ere gaur. Beraz errepidetik joatea erabaki dugu, badaezpada, autobidea ordaindua izango den beldur, ez baitugu Austriako dirurik.

 

 

ESTIRIA

 

Erromatarren historiatik eta latina ikasten genuenetik hain ezaguna zaigun lurraldea. Lurralde honetan egin dugu gaurko Grazerainoko bidaia.

Eguraldi bikaina dugu berriro, beroa, aparta: bizipozago ekiten diozu aldi berri bati eguraldia ere aldeko duzunean.

Lautadan egin dugu lehen zatia, mendiarteko lau biratsuan edo mendian gora zein behera. Hungariakoen antza dute muga inguruko herriek; aldatuz joan dira ondoren etxeok: bakanak dira, hungariarren egitura antzerakoak, baina ez hain txikiak, argiagoak bai, biziago pintatuak, dottoreago zainduak.

Poltsa eskutik zintzilikatuta doaz Austrian ere emakume nagusiak mezatara: jai eguneko uniformearen nahitaezko zatia da poltsa.

Iragarrita dago abiadura-muga herrietan, irekita dute ingurabidea herri koskortuetan, errepidetik hurrago daude etxeak...

 

Nekazari herria, artoa eta garia dira hemen ere uzta nagusiak; belarra plastikozko fardeltzar borobiletan  bilduta daude belartzan bertan, noiz jasoko zain, presarik gabe, belarra berriro ere hazia baitute inguruan.

Harrizko Kristoak,  hauek ere Amabirjina dute oinetan, Hungariakoek bezala. Santutxo zenbait ere ageri da.

Maiatza:  pila, herri asko-askotan ikus daitezke maiatzok maiatza hila joanik den arren: gerrian gora kiribilduz doakie azala kenduz gauzatutako marra argia, eraztun zintzilikaria dute. Berde daude oraindik batzuk, beste batzuk erabat ihartuta.

Bidegurutzetan biribilguneak dira trafiko bideratzaile.

Izugarrizko triskantza da trikuena: auto asko dago, trikua ere bai nonbait, eta errepidean autoek soilik dute pasabidea.

Zalditegi handi bat izan zaigu deigarri, egurrezko hesiz banatutako larrain ugariz osatua.

Ejertzitoarekin egin dugu topo: gurutzatu egin dugu lehenengo errepidean, geroago ilaran jarritako autoteria izugarria zuen kuartel baten albotik pasatu gara.

Poliziek autoa zuten geldiarazita herri batean, gidaria, nola ez, gazte bat!.

 

Pingau. Magal ezberdinetan banatuak ditu etxeak, zuhaitz artean, dotore eta deigarri daude banan-banan eta bakar bakoitza, teilatu gorria deigarri zuhaitz artean.

Beste ukitu bat dute herriok, dotoretasun ukitua, irudi ezberdina erakusten dute; jostailuzkoak dirudite mendi eta herriak, izugarri atseginak: etxe barreiatuek betetzen dituzte maldetako garbiguneak; gorriak dira teilak gureetan lez, baina zapalak.

Loreak dira deigarriak, leihoetan zein etxaurretan; geranioa, edonongo lora ugaria: autobus geltokiak eurak ere geranioz dotoretuta daude, prepesioz. Geltokiak, zurezkoak dira, txukunak.

Nahiko garaiak iruditzen zaizkigu zenbait mendi.

Izeia da nagusi basoan, baina bada urki, lizar, hurritz eta bestelakorik ere. Intxusa sail zabala, Hungariako beste hura gogaraziz eta haiek haina harrituz, intsusa moskote zainduak baitira. Gereziondoak dituzte hemen ere etxaurrean: zenbait herritan gereziak jasotzen ari dira. Fruta-arbolak sail zabal-zabalak, mendi magaletan zein bailara ezberdin anitzetan, Italian ikusi genuen bezala plastikozko sare ilunez estaliak harriarengandik edo txorien erasotik babesteko. Artaburuak gordetzeko zur iluneko txabolatxoak han-hemenka, egur zaharrez beteta daude gaur egun ordea.

Nahiko hasia dago artoa, garia, berriz, ez dago hain heldua.

Zabalak dira errepideak, argi iragarrita, arrasto zuriz garbi berezituta errepide erdia zein bazterreko ertza; zorua berriz ez da batere leuna, triki-traka bizia daramagu tarteka.

Taldeka dabiltza motozaleak, abiada bizian, baita motor txikietan dabiltzan koadrilak ere.

Zikoina ikusi dugu gaur, hegada geldian, baso baten gainean, zelatan, hego-zabal.

Piperpotea ikusi dugu, lehenengoz hilabete eta erdian, hotel baten aurrean bandera pilo baten artean.

 

Pischelsdorf. Intsusa basoa.

 

Aspaldiko partez, bi ahuntz larrean. Belarra lehortzeko langak belartza batean, erabilia baino gehiago dirudi direla iraganeko oroigarria.

 

Ezustea eskaini digu Austriako lurralde honek: Uste genuen, tontorreria karstiko garaia izanen zela Iparraldekoa, mendiarteko bailara estuetan kokatuta legokeela  herriak. Baina ez da hala: mendiak ez dira inola ere garaiak, erabat baso dira, herriak malda pikean ordez magal lauetan kokatuak daude.

 

Bide pikea egin behar izan dugu beherantz, tarteko % 14koa, hirira jotzeko.

 

Graz. Bailara baten erdian kokatua; lautadan egonik, alboko mendi magaletan hedatua dago, dotore, maldetan behera barreiatuta ikusten zaizkio etxeak. Tranbia du, seinale ona.

 

Alderik alde, luzeran eta zeharka ibili dugu hiria, mila galdera eta beste mila itzuli eginaz, ibili urduria izan da zenbait unetan, kanpinik zegoenik ere ez baitzekiten; egoera estutzeko hertsia dago nahiko bideratuta genuen kanpina. Jabetu gara askenez kanpina ez dagoela hirian bertan, alboko herritxo batean baizik. Ez zaigu gozoa izan eguerdiko sapan auto artean kale arteko ibilia karabanareikin, nora jo ere ez genekiela. Baina aurkitu dugu gure kokagune berria.

 

Kanpina.  Zuhaitzak baditu izan, baina ez  Esloveniako eta Hungariakoen zuhaizti eta belartzarik. Zerbitzuguneak dira hemen ugariak, eta onak. Ez dago bungalow edo etxolarik, baina ezta etxatoi bueltako apainketa eta dottore  itxurarik ere, autoaz soilik arduratzen da hemen jendea. Ez dago garbigailurik hemen ere!!!. Jendez mukuru dago, alboan igerileku erraldoia du tentagarri belar-gune zabal-zabalez inguraturik, hesi batez banatuta, baina kanpineko bezeroentzat atetxoa du zabalik; milaka pertsona dago bertan, eguzkitan etzanda edo uretan, gureetan hondartzak egon ohi diren berdintsu.

Lortu ahal izan dugu esparrutxo bat gure etxatoiarentzat, ez da erraza izan. Ez gaude hain esparru txikian eta hain inguratuta egoten ohituak!.

Etxatoiko gauzak, trasteria dantzaria alegia, barreiatuta agertu zaizkigu bideko dantzaldiaren eraginez.

Abioi motor-hotsa entzuten dugu kanpin honetan, tren-hotsaren ordez.

 

Izugarrizko sapa. Asteburu luzearen ondoren joan dira bezero gehientsuenak, atoi eta estalpeak bertan utzita.

Auto handi berriez harro dagoen jendea iruditu zait kanpineko gure ingurukoa.

 

Nongoak ote galdezka hurreratu zaigu emakume bat; eman diogu mapa batez  Euskal Herriaren berri: buruari aska eginez joan zaigu, ze nazio demontre ote gogoratu nahiz edo: Kantauri itsasoa, Frantzia, Espainia... ezagutzen zituen, baina non ote Euskal Herri hori!.

Emakume batek bere aldetik gurera ekarri du txakurra kaka egin dezan, beraien inguruan nahi ez duena gure zonaldean utzi du: bere begirune urduriak garbi erakusten zuen  bazekiela joko “zikinean” ari zela.

 

“Euskal zibilizazioa”. Alfontso Martinez: “Euskal akitaniarrak heldu ziren honaino?”. Ditugun ikusgai aukerei eta ikusten ditugun gaiei hainbat galdera-zirrikitu irekitzen du liburua, bidaietarako ikuspegi berri bat. Baina artean aditua ez bazara aspergarriak bilakatzen zaizu, errepikagarriak, museo ikustaldiak.

 

 

Ekainaren 13a.    Asteazkena. 43.a-A:2.a. 

 

“Soneto hautatuak” Shakespeare – J- Garzia: “Labur dituk gure egunak; hala / miresten diagu hire men dena /gure eskuko bagenu bezala, / itsu jantzirik orainaz lehena”. – “ Our dates are brief, and therefore we admire / what thou dodt foist upon us that is old, / and rather make them brorn to our desire / than think that we before have heard them old”. Hala da bai!.

 

Teilatupeko aparkalekuak iragartzen dituzte kalean Grazen. Ez dut gogoan bat bera orain arteko bidaia egunetan.

 

Asteartea eta 13!!!. Kontuz beraz!.

1.- Boligrafo gorria bukatu zait

2.- Hirian ez dut boligrafo berririk erosi, erosketekin batera egin asmoz, baina saltokian ez dut boli gorririk aurkitu.

3..- Izugarri kosta zaigu hirian sartzea, erabat nahastu gara atzo erraza izanen zitzaigula uste izan genuen bidea.

4.- Erabat nahastu gara etxerakoan, atzoko azken bidaia zatia oso erraza izango zitzaigula uste genuenean.

5.- Ezin izan dugu aurkitu atzo ikusi genuen saltoki erraldoia erreza izango zitzaigula uste bagenuen ere.

6.- Ezin izan dugu kanpin gaiez hornituriko megadenda aurkitu, kanpinetik bertan dagoen arren eta espero bagenuen ere bertatik erraz bideratuko ginela.

7.- Aurkitu dugun saltokia txikia zen eta ezin izan dugu erosi behar genuen dena.

8.- Oinez joan gara telefonoz deitzera, baina etxola urruti zegoen; istant batengatik hartu digu aurrea mutiko batek, mutikoa luza-luzaro batean egon da hizketan eta azkenik telefonoak ez zuen onartzen txartelik, beraz txanpon nahiko ez, eta deitu gabe gelditu gara.

9.- Ez digu lanik egin nahi izan garbigailuak, arduradunarengana bigarrenez joan behar izan dugu luzaro batean agertu ez zaigulako, gero behar baino txanpon gehiago irentsi digu eta berandu arte ezin izan dugu goiz egin nahi genuen lixiba.

10.- Nire giltzurrun arazoak berean diraute goizean konponduta zirudien arren: goiz-goizetik hasita ur pila edan arren ez dut txizarik egin egun osoan.

10.- Ez dugu afaldu ahal izan berandura arte gure ohiturak urratuz.

Baina  hiri polit bat ezagutu ahal izan dugu, Espainiako egunkari bat ere erosi ahal izan dugu hilabete eta erdi ondoren, eta txoriek alaitu digute lehen orduak eta ilunabarra.

 

Graz.  Austriako bigarren hiria biztanlez. Zabal-zabala, kaleak ere zabalak, plazak ugari, erdigune zabala... ez da  kale estuko hiritxo murritza. Aberatsek ez zuten, ez dute, abandonatu, ez dute hondatzen utzi; etxebizitzak dira endekatu, iaz Portugalen eta Extremaduran ikusitakoak bezala, ez dira Iruñeko zaharrean Jarauta etab. bezala erabat hondatu nahiz kaleko zorua konpondu, ez dira okupa eta non sartu ez dutenen bizitoki bihurtu; pintatu berriaren itxura du, denda, bulego, saltoki eta gune ofizialen kokaleku bihurtuta.

Etorri eta bertan ibili: berau soilik ikustearren bertara etortzea agian ez du merezi, baina inguruan egon ezkero merezi du bisitak baita kaleetako ibili goxoak ere. Ez du sekulako eraikuntzarik, baina ugariak dira etxe apartak, kale orotan aurki daiteke eraikidura ederrik, zenbaitzuk gainera bikain-bikainak. Giro bizi-bizia du, erruz dabil jendea kalean, ugariak dira kale-musikariak, ugaria eta bikaina da dendateria ere: denak du dotoretasun punttua. Izozkia ere gozoa dute. Trafiko trinkoa dabil: autoa, tranbia, autobusa eta bizikletak erruz, nekatu egiten du; oinezkoak ez du arnasbiderik.

Aipatu beharrezkoak, Udaletxea, Parlamentu Zaharra, Mausoleoa, Burg, kariloi dorrea ... Ez dugu gaztelura jo: noizbehinka ikusten dugu bat eta kitto, gaurkoari ez zaio tokatu. Elizetan apartekorik ez: katedralean badira bitxikeriak, bolizko tailak, artelan ederrak ... hor daude “gure patroi haundia” pentsakor, eta Xabierkoa japoniarra bataiatzen.

 

Zebrabidea erabat gordetzen zaio oinezkoari hirian.

 

Kanpinaren kokaguneko herria (ez nuen izenik jaso eta mapan ez dut aurkitzen): Parrokia: pinturaz firi-firi koloreztatuta aldarea, pulpitua, santu-irudiak, dena da kolore ezberdin, pagoda baten itxuran: begientzako erabat atsegina. Patio izugarri zabalak, bizimolde ezberdineko etxegintzaren eredu. Plaza pila.

 

30 kilometro, hirirakoak gehi nahastuta ibili garen askoak.

 

3 lixibakada egin ditugu, gordeta geneuzkan arropa zikinekin.

Biltzen ari zen emakume nagusi taldetxoa igerileku aurrean; emakume batek gurutze handi bat zeukan eskuetan eta beraiekin zegoen gizonezko adinekoak bi bozgorailu  hagatxo bati lotuta. Jende asko dabilenez igeri lekuan, bazuten erlijio propagandaren bat bertan. Beranduxe genbiltzan ekimena zertan gauzatzen zen zain gelditzeko

Jende askok du azala eguzkitan erabat erreta, belztasun hori ondo-biziaren ezaugarria bailitzan.

 

“Euskal zibilizazioa”. Alfontso Martinez: Austrian gaur eta hemen gu geu gara Euskal Herria, baina egun guti barru bete-betean eginen dugu topo Euskal Herriarekin.

 

 

Ekainaren 14a. Asteazkena.  44.a-A:3.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare – J. Garzia. Ez diot ukatuko meriturik itzulpenari, baina poemok ez zaizkit barneratzen.

 

5 zakar-biltegi ezberdin daude kanpinean, zabor bilketa sailkatuz: bukatu zaigu poltsa berdinean zaborrak biltzea.

 

Hiriko labirinto-zoramenean sartu behar izan dugu, baina nahiko onik atera gara hiriaren bestaldean.

Erabat aldatu zaigu paisaia, erakargarria da benetan: sartu gara espero genituen bailara eta mendiarte estuetan; nahiko garaiak dira mendiak, maldak aldapatsu pikoak, izeidi ilunak mendi-magalak soilgunetan harkaitz argia erakutsiz. Artoa eta belarra soroetan, plastikozko fardel txikietan bilduta belarra. Herri txikiak: etxe bakanek osatzen dute herria, Hungariako edo Eslovakiakoak baino handiagoak zabaleraz zein altueraz, berrikiago edo pintura hobea erabiliz pintatuak. Bailarako sakonenean, errekatxoa.

 

Izugarri atsegina da ibilia. Halere ez dira bailara turistikoak, hemen ez daude turisten zain. Txukunak dira etxe-bueltak, baina ez daude zenbait esparrutan bezain zainduak, ikusi ahal da simaurra eta trastoteria nahiko utzia nekazal etxe inguruetan. Behiak erreka-zuloetako gerizan. Ez da Iparrak utzi zigun irudi idiliko hura, baina halaz ere inguru aparta da. Belar-meta txikiak ere egiten dituzte, makila estekatu bat belarrez gizentzen dute harro-harro, lurretik makilara trabeska egur eusleen gainean. Nekazal etxe bakoitzak du hemen ere bere txabolateria eta eraikuntza osagaiak, nortasun fitsik gabekoak ordea; tarteka bai ikus ahal da zurezko eraikin handi ederrik. Bada txalet ederrik, baita etxe-sail ederrik ere. Nolanahi esan beharra dugu Esloveniako herritxoek ez diotela lotsarik Austriako hauei.

 

Abeltzaintzara jarrita dagoela dirudi herrialde hau, ganadurik ikusi ez badugu ere, baina izan zen garai bat nekazaritza zena ogibidea, oraindik urteek belztutako txoriak uxatzeko txabolatxoek baitiraute, galsoroen aroa gogaraziz. Su-egur asko dago etxe inguruetan pilatuta, tolestatuta, baina aparteko graziarik gabe: Iparrean trokote tolestuok apaingarriak ere badira, hain txukun eta graziaz ze badirudi ikusteko, begiratzeko ere tolesten dituztela; hemen ez; hemengo egur pilook normalagoak dira, xumeagoak, eguneroko bizibeharrari lotuagoak. Maiatza, herri askotan aurkitu dugu gaurko ibilian ere, zinta zuriz apainduak asko, ihartuta ere ugari, baina baita orri berdedun sartu berririk ere.

 

Bailaratxoz bailaratxo goaz: iruditzen zaigu industrializatu aurretik Gipuzkoa zein Bizkaia antzerakoak izan behar zutela, Suitza deitzen zioten antzinako garai haietan Euskal Herriari. Etorri eta ibili, eta gozatu. Ezinezkoa da ibiliaren ederra deskribatzea. Gu oso gustura aurkitu gara. Ez da berez guk aukeratutako ibilia, beste ibilbide bat genuen asmoan, baina ez dugu jakin nahi genuen Monasteriora jotzen.

 

Labirintoa izan da ibiliaren bigarren zatia: mendirik mendi, basorik baso, nahasian pagoan duen izeidiz izeidi, herri-bidez herri-bide, hain gogoko ditugun mendiarte galduetan, malkarrez malkar, gora eta behera pikoan. Herriak txikiagoan dira, utziagoak nekazal etxeak, ez hain txukunak; eski pistak eta eski zaleentzako guneak ostera oso txukun prestatuak daude eta erakargarriki zainduak. Teilatuak, arbelezko ilunak. Dena belartza diren garbigune zabalak ditu mendi maldetako basoak, anfiteatro edo kono berde zabala bailitz  mendiartea: bertan arratstreak edo eskiatzaileen garraiorako kableteria ezberdinak, motzak, bakunak, beheraino irristatu eta gora jasotzeko, errepide inguruan denak. Ederra izanen da ingurua zuritan, baina baita berdetan ere.

 

Rein.  Monasterioa, sekulako handia, eraikuntza tzar pila harrizko hesi garai baten barruan barreiatuta; erdi-erdian zizter monjeen komentua: elizatik ageriko zaion klaustroa erabat garaia da, zapal austeroa izanik, oadrotzarrek estaliak ditu hormak; koadrook gotzain edo abaten erretratuak dirudite, gizakiotatik batzuk aurpegiera eta itxura bitxia dute, perilla, kokospeko, sudurpeko eta antzerako osagai xelebreekin. Gaur egun monasterioa ikastetxea da nonbait, ume eta gaztetxo pila ageri zen inguruan, etxe edo harresi barruan nahiz kanpoan.

Eliza monasterioko altxorra: antzerakoetara ohituta gauden arren, ahozabal utzi gaituzte hango pinturek, hango hegaletako balkoi ilara jarrai urre koloreko dotoreek, hango organo bueltako irudi pintatu eta aingerutxoek, hango santu-irudi erraldoi zuriek, edo presbiterioak; zurezko sare dotorearen ostean erabat ikusezin bihurtutako jauntxo edo burutxoek meza entzuteko, agian fraideak zein meza entzuleak begiztatzeko, balkoi erabat itxiak ditu albo bietan presbiterioak. Fatxada, barnealdeari tokatzen zaiona du, santu-irudi zein ohiko osagaiez gain organo baten tuteria diruditen irudiak erakutsiz, dena argia, dena bizia, dena deigarria.

 

Herritxo pila mendi magaletan, herri txiki-txikiak, etxe moltsotxoak besterik ez. Zabala da orain bailara, bailarako herriak koskortuagoak dira, industrializatuagoak, modernoago itxurakoak, gertu baitago hiri nagusia ere: baina bere betiko egitura galdu ez duten herritxoak dira.

Mailuki sail industriala, itzel zabala, baina eskuz ari dira mailukiak jasotzen. Inguru osoa biltzen du mailuki usainak, mailukia arnastuz egin dugu bide tarte bat.

 

Cratwein. Herri koskortua, etxe ederrez gorpuztua, bertako giroa erabat gordez.

 

Txabolak dirudite etxeok, Austriako gehienek, txabola dotoreak baina, Hungariako eta Esloveniakoek ordez pobreen etxetxo txukunak ziren. Hungariako zikoina, zerrategi edo aroztegi bateko metalezko tximiniaren gainean.

Mendi sail beldurgarriak jan dituzte harrobi izugarriek.

 

Stubing. Lortu dugu azkenik antzinako etxeen ageriko museoa aurkitzea. Ez zen harritzeko lehen ahaleginean biderik ez aurkitzea, dena baita berrikuntza-lana errepidean, ondorioz biderik ez dagoela dirudi. Etxerakoan jo dugu lehen orduan ikusi nahi genuen esparrura.

Museoa. Ibilaldi paregabea egiteko era paregabea. Mendi zuloan, gainbehera leunean, mendi-bidearen inguruan, izei artean, kokatuak  daude etxetxo eta eraikinok. Ibilbide atsegina, ikuskizun gozatsua. Betiko edo ohiko ikusgaiak dira, baina atseginak: etxeak, elizak, kanpandorreak, errotak, kortak, denda, eskolak, santutxoak, zerrategiak, erremintategiak, erremintak, etxeko osagaiak... herri eta etxe bateko osagai oro, han-hemendik ekarriak,  mila bitxikeria ikusmina asetzeko haina, ugariak eta politak. 80tik gora omen dira eraikinok. Ordaindu egin behar da sarrera, ez asko, merezi du.

 

Museoan bada gurdi trailerra, atzeko zatia birakaria zaiona. Artetako museoan da beste bat, berdintsua: elkarrekin zerikusirik gabeko bi asmatzaile ezberdin ala kultura migratzaile berdinaren ekimena?.

Urak eragindako errotako gurpiltzarrak ere bazuen bitxikeria bat, guretzat berria eta erabat ezberdina: gurpila ez dabil ur-txorrotadaren bultzadaz, gurpilari eragiten dion desorekaz baizik; gurpila ez da uniformeki edo etengabe biratzen, gelditu egiten da aurreko bultzadan hartutako abiada indargetzean, une horretan gurpilaren txorrota azpian suertatutako ontzia bete egiten da, gurpiltzarrak oreka galtzen du  eta pisuaren bultzadaz bira-bueltarako indarra hartzen; gurpilaren zulogune bakoitza ur-biltegitxoa bat da, txorrotak azpikoa betetzean desorekatzen da gurpila, abiada hartzen eta  tarteko ontzitxoen ura behean ohi denez husten.

 

Inguruan bada eliza eta santutegi interesgarririk bisitatzeko, Rein-en ikusi ditugu hainbaten argazkiak eta aipamenak, baina beroak, orduak, nekeak eta bihar ere ibiliari jarraitu nahiak etxera itzularazi gaitu.

 

Mur ibaiaren albotik doa tarteka errepidea orain.  Bide atsegina. Ibaia azala da baina bizia, lasterra, labaina, aspertu gabe begira egotekoa.

Labirintuagoa egin zaigu hiriko kale-artea, ez dakigu non, kontrabidera hartu dugulako. Baina heldu gara etxera, gehiegi ernegatu gabe heldu ere gainera.

 

93 kilometro, herri-bideetako bakardadean.

 

“Euskal zibilizazioa”. Alfontso Martinez. “Europa euskalduna da, jatorriz... Aitorpen horri esker bakarrik berpiztu dezakegu euskaldunok geure buruarenganako estimazioa eta Europak bere buruaren kontzientzia”.  Espainiara begira ez bizitzen ikasi behar dugu euskaldunok.

LIBURUAK 7

Jon Etxabe 2022/03/28 10:15
Odolekoak. Antxiñe Mendizabal / Odolik gabe. Alessandro Barico / Olivetti. Aitziber Etxeberria / Oroiminezko igandeak. Ainara Maia / Orratza eta kaltea. Joanes Urkixo / Patuaren zurrunbiloan. Iker G. Rike / Solasaldia Sizilian. Elio Vittorini / Suaren froga. Patri Urkizu /Txokolâtegia. Yolanda Arrieta / Urrutiko estanpetan. Amaia Iturbide

Odolekoak. Aintxiñe Mendizabal

Normalean aitatzen ez diren jendearen jarrera eta portaeren gerra ondoko mila zertzelada eta zehaztasun ematen ditu.

Iruñeako emakume ondo-bizi baten eta bere alabaren gorabeherak dira narrazioaren ardatza: amaren inguruan dabil lehen zatia, alabarenean bigarrena, bat eginen dute istorioan biak azkenengoan.

1941. urtean hazi eta 2005.urtera arteko aldia narratzen du, garai haietako kronika labur bat litzaken maitasun istorioa bat dela dio egileak.

Garai horretako gizarte eta politikaren bilakaera kontatzen du, aldi horretako egoera eta gertaera garrantzitsu asko dakartza.

Gertaera politiko eta sozialak, jarrera ezberdineko pertsonaiak, gerra ondorengo, trantsizioa  eta demokrazia deituriko giroa, alde bietako jokamolde ezberdin ugariak.

Gerra zibilaren inguruan dabil lehen zatian, ETArekikoez bigarrenean, nahiko neutral edo erdibidean jartzen da idazlea, albotik begiratu, eta kontatu egiten du.

Mota guztietako harremanez ari da, maitasuna, senar-emazteen harremanak, aita-ama eta seme alaben arteko erlazioa, feminismoa, ama zein emazte edo emakumearen rola,  indarkeria, homosexualitatea, gerrako eta ETAren hilketak, atzerriratuak…

Gogoratze bat dira batez ere gorabeheren erreferentziak.

Garai hartako egunkari eta kroniken hainbat zita interesgarri dakartza.

Garratza da kontakizun osoa, bizitzak zapuztutakoen egoera zital eta ezkorrak.

Batez ere bigarren zatian zuzen eta sakonago sartzen da emakumearen barne tolesduretan.

Baliagarri izan daiteke aldi hori ezagutu ez zutenengan interesgune bat, jakin mina sortarazteko edo horiei iritzi orokor bat eskaintzeko: adinekoentzat ez du ezer berririk, iragana gogarazteko edo lehengo bizipenen oroigarri bezala ez bada.

Oso laua da kontaketa, baditu ukitu poetiko edo gustagarriak iritzietan, irudietan eta esamoldeetan.

Atzera jauzika dabil etenik gabe.

Hiztegi aberatsa darabil, herri kutsua duten esaldiak ere, aberasgarria da.

Oroitzapenak kontatzea bezala dela dio egileak berak azken orrietan, memoria eta irudimena bat eginez osatutako kontakizuna: liburuaren estiloa, idatz moldea eta egitura justifikatu edo argitu nahi duela dirudi.

 

 Odolik gabe. Alessandro Barico

Gerra garaia, hilketa latz batean bizirik utziko du gazte bat neska-koskor batek: urte askoren buruan elkartuko dira neska-mutilok.

Bi zati ditu: hilketa kontatuko du lehenengoan, eta bi pertsonaion elkartzea bigarrenean.

Drama latz eta gordina, bai gaiagatik bai kontaketagatik.

Mendekua, barkamena, biolentzia… ditu gai nagusi.

Hainbat gogoeta interesgarri bigarren zatian.

Gerra eta gerraren aurrean dituzten bi jarrera ezberdinak.

Elkarrizketa sarriek orekatzen dituzte paragrafo luzeak irakurketa erraztuz.

Paragrafo oso luzeak ere.

Irakurterraza.

Irakurtzen jarraitzera bultzatzen zaituen giro berezi bat sortzen du.

 

Olivetti. Aitziber Etxeberria

Amarik ia ezagutu ez duen neska heldu batek, ama horren nondik norakoak ezagutuz joango da.

Protagonistaren sentimendu, erreakzio eta jarrerak, zehatz aipatu eta deskribatuta daude, halaz ere gandu batean bezala gelditzen dira, ez zaituzte harrapatzen.

Bat batean bezala datoz zenbait protagonistaren sentimendu aldaketak.

Protagonistak lehen pertsonan kontatzen ditu bizipen eta gertaerak

Pausoka eta zehatz azaltzen ditu bere pauso denak.

Betegarri asko du, jo eta pasa egiteko bezalakoak, ezer atxikigarririk eskaintzen ez dutenak.

Atal nahiko labur askotan banatuta dago kontakizuna eta arindu egiten du irakurketa, arnasa emanez bezala.

Elkarrizketa asko dakar, baina azalekoak, ezer gutxi eskaintzen dutenak.

Sortarazten du jakin-mina tarteka, baina bestelako zertzeladetan galtzen denez eten bezala egiten da irrika hori, edo pasa egiten dituzu hainbat pasarte.

Erraz irakurtzen da, linealki kontatuta, ez da korapilatzen.

Irakurketa-ariketa bat egiteko baliagarria izan daiteke, ez eskatu besterik.

Tximeleta falta zaio, azken zatiko zenbat ataletan soilik agertzen da tximeleta.

 

Oroiminezko igandeak. Ainara Maia

Ipar Euskadiko neska bat Alemaniara joaten da beste neskalagun batzuekin urtebete baterako  alemana ikastera.

Urte horretako eguneroko gorabeheratxoak, zuzenean kontatuak; tarteka egunkari batean idatzitako gogoeta eta sentimenduak.

Maitasun istorio bat ere badago, azken unera arte argituko ez dena.

Errepikakorrak eta monotonoak ere badira eguneroko gorabeherok, baina ez dira aspergarriak egiten.

Berezia da egituran, xumea edukian.

Lau urtaroetan banatuta dago, urtaro bakoitzari egiten dio sarrera poetiko bat.

Azken atalean datoz, Alemaniatik itzulita, gogoeta interesgarrienak, ia bakarrak, badirudi aurreko dena atal honetara zuzenduta dagoela.

Ukitu erakargarri, definigaitz bat du, poesia gandu batek biltzen du kontakizuna.

Esaldi laburrez idatzita dago, atal motzetan, elkarrizketa moduko ugariz, kontakizuna arinduz.

Tipografiarekin ere jokatzen du, jolastu ere, giro poetiko hori azpimarratu nahian edo.

Ez da hiztegi edo esamolde ezberdin edo dotoreetan nahasten.

Kontakizun bitxi bat estilo bitxi batean.

 

Orratza eta kaltea. Joanes Urkixo

Droga munduan girotutako thrillerra.

Herrian dagoen droga arazoa konpondu nahiko du zinegotzi batek baina bera ere eroriko da zuloan, argi izpi bat agertzen bada ere bukaeran.

Herren dabil kontakizuna: drogaren sarea, maitasun istorio bat, trafikanteen arteko tirabirak…, xume, inozo ere, doa kontakizuna, indarge.

Gai latza da darabilena, baina ez zaio larritasunik jariatzen. 

Urte haiek bizi izan genituenentzat lehen zatiko drogari buruzko dena da ezaguna eta jakina, agian gazteagoentzat izan daiteke baliagarria urte haiek ezagutzeko.

Helburuak lortzeko metodo edo jarrera ezberdinen gaia mahairatzen du.

Nola bukatuko ote jakin-mina sortarazten du.

Arraroak egin zaizkit hainbat esaldi, zuzenak diren zalantzak sortaraziz.

Berriak egin zaizkidan esaldi batzuk besterik ez dit eskaini, thriller kaskar bat iruditu zait.

 

Patuaren zurrunbiloan. Iker G. Rike

Ia bostehun orrialdeko thrillerra,  polizia eta suspense nobela. 

Protagonista bakarra du, hari bakarra ere,  baina bi zati bezala ditu, enpresari munduan dabil lehen zatian eta Ertzaintza ardatz duen ikerketa batean bigarrenean.

Film baterako gidoia edo trama dirudi, film bat ikusten den antzera irakurri edo irudi daiteke, batez ere gertakizunei jarraiki, alboko zehaztasunei askorik erreparatu gabe.

Bizkaia et Deba Garaian kokatua, bertako zenbait herri aipatzen dira.

Nahaspilatua dago trama, baina aldi berean nahiko lineala eta soila da, ez du erakarriko zaituen gogoeta edo albo bidezidorrik.

Betegarri asko du, baita premia handirik gabeko luzagarriak ere.

Beharrezkoak ez diren azalpenetan luzatzen da.

Suspensea du, baina bestelako zertzeladetan edo luzapen alboragarrietan indarra galtzen du.

Ekintza eta gertaeren deskribapen luzeak egiten ditu.

Ezin falta sexu pasartea.

Ez du ekarpen handirik literatura ikuspenetik.

Kontakizun laua inolako ahalegin ukitu literariorik gabe.

Paragrafo luzea, argigarri bezala, kontakizuna luzatuz, astunagoa eginez, eta tentsioa bigunduz.

Ohi denez, ezustea amaieran, leiho bat irekitzen dio etorkizunari.

Genero honen zalea denak gustura irakurriko du, jakin-minez, zalea ez denak jota-pasa eginen du irakurketa arreta gertakizunetan soilik jarriz.

 

Solasaldia Sizilian. Elio Vittorini

Bost atal ditu: lehenengoan, bere jaioterrira, Siziliara, eginen du bidaia bat Iparraldean bizi den pertsonaia nagusiak; bigarrenean bere amarekin egonen da; hirugarrenean etxez-etxe ibiliko da amari lagunduz bere lanean; laugarrenean herriko hainbat pertsonai ezberdinekin elkartuko da; bosgarrenean hilerrian bere anaia gerran hildakoarekin egonen da eta ondoren amarekin partekatuko du gogoeta.

Barne-bideetan dabil, gizakiaren eta herriaren barrunbeetan, baina tarteka itxaropen-ezean baikortasuna ere eskainiz sarri etorkizunari.

Gogoeten errota bat da, gizarteari eta gizakiari buruzko hausnarketa, zurrunbiloan datoz gogoetok esamolde bitxi, ezberdinetan.

Herria ezagutuko dugu, herriko biztanle talde ezberdinak, lanbideak, bizibideak, bizimaila ezberdinak, ohiturak, gertaerak, pasadizoak… pertsonaia ezberdinon sentipenak, bizipenak, oroitzapenak, gizakiaren kontraesanak eta dikotomia… herrien egitura, gaixotasunak, miseria, langabezia, elkartasuna…

Gogoeta gozagarriak dira, apartak: emakumeei buruzkoak zirraragarriak, nostalgia, oroitzapena, gizon izatea: nor gizonago - nor giza gorenago, umeen emakumea ezagutze natural, maleziarik gabekoa sexu-gale ez dena, zapuzteen doazen umeen zorion izpiak, sufrimendua…

Emakumea: amen rola gizartean eta historian… emakumearen plazako brontzezko estatua zeren kodea da?, emakumeak soilik daude tabernan. 

Bere aitaz eta amaz, herria eta pertsonaiez ari da, baina sinbolo bat bezala da, dionaz harago doa, errealitate orokorrago batez ari da hausnartzen,  gizakiari eta harremanei buruz… 

Nobela antifaxista dela dio aitzinsolasaren egileak. Siziliako egoera soziala batez ere da azaltzen dena; ez hainbeste politikoa, katastro lana izan daiteke faxismoarekiko sinbolo bat, baita beste zeharkako zenbait aipamen: nolanahi deskribatzen duen Sizilia zein Italiako egoera faxismo triunfalistaren antitesia da.

Sizilia mundua da, gauaren menpe dago Sizilia, mundua minduta dago, eta gizakiak sufritu egiten du, noraezean doa gizartea, gizarteko kontraesanak, ikuspuntu negatiboetarako joera du:  nobela hau mundu mindu horren historia idatzia liteke. Bakardadean dago mundua, on egiten du mundu horretaz gogoeta egiteak, mundua maitatzea zer den... Ez dugu negarrik egiten munduagatik, baina egiten dugu mundu mindu honengatik. Mundu mindu hori ur-biziak salbatuko du: oinazea da ur-bizia. Ardoan ito dira munduko oinazeak.

Osagai anitz eta ezberdinak dira mundua, zer konkretu zehatzak, zer horien zerrenda dator, baita munduari eginiko laidoena ere.

Ardoan ito dira munduko oinazeak.

Belei tiroka ari dira herrian, baina ezin dituzte beleok eraitsi.

Mendialdeko herri pobre bateko bizimolde pobrea, gizatalde ezberdinak erakusten ditu, denak pobreak diren pobreen arteko bizimaila ezberdinak, ohiturak: desfile-prozesioa, erditze bat, festa giroa, sexu-harreman baten istorio bitxia… sakonean Sizilia pobre bat.

Zeharka bezala aurkezten ditu bai pertsonaiak bai arazoak, diotenagatik edo egoeragatik  marrazten dira.

Zer esan nahi ote duen galdezka eta oldozten jartzen du irakurlea.

Erantzunik gabeko galdera asko dago.

Umore puntua du, egoerek bai elkarrizketek bai egoerek emana, baina egoera latz bat marrazten du.

Kontrastez beteriko elkarrizketak dira, mezu ezkutuko jolasak bezalakoak, zerbaiten sinbolo, kontraesanetan-edo katramilatuta dagoen gizarte batenak, lehena-oraina, errealitatea-ametsa, nahia-ezina…

Elkarrizketa da liburuaren ardatza, lehen pertsonan dabiltzan pertsonaiek ematen dute mezua, eta hirugarren pertsonan narratzaileak berak kokatuko du pertsonaion ingurua.

Freskotasun aparta dute elkarrizketok

Hitz-joko kilikagarriak.

Itxura xumea dute deskribapenek, baino gandu berezi batean biltzen ditu, adjektibo berezi ezohikoak jartzen dizkie hainbat hitzei eta gauzei

Oroitzapen eta elkarrizketok nobela bateko trama batek adina erakartzen dute.

Errepikatu egiten ditu zenbait ideia, gertakizun, esaldi, irudi nolabait tempus ezberdinak lotuz eta batasun bat emanez kontakizunari… aldi berean erritmo propio bat ezartzen dio, giro erakargarri bat sortarazten.

Erritmo propio bat du.

Giro poetiko maitagarria sortzen du, irudiak darabiltza etenik gabe, konparaketak ere, adjektiboen erabilpena ere bitxia da, espero ez duzuna jarriko diola hainbat izen edo gauzei.

Errealitatetik kanpokoa da sortzen duen giroa.

Nobela fantastiko baten jitea du: kontakizuna bera, darabilen hiztegia, jartzen dituen adjektiboak, sortzen duen giro ia onirikoa, sinbolo itxura, mezuak zeharka eta klabean bezala ematea...

Zuka zein hika eginen dute elkarrizketetan.

Listaria, umetan asko erabiltzen genuen hitza eta ia inoiz entzuten ez dena.

Oso erraz eta gogo onez irakurtzen da, nolanahi halako urduritasun edo ezinegon bat sortarazten du.

 

Suaren froga. Patri Urkizu

Zeraingo Joanes, Johanes de Cerain, baten historia kontatzen du: Europako hainbat unibertsitateetan ikasia, jakintsua, predikaria, Carlos V. Gorteko kapilaua, Inkisizioak torturatua eta sutan errea.

1488-1530 urteetako gorabeherak

Kontaketagatik, estiloagatik, euskaragatik eta dakartzan testuengatik egoki azaltzen du garaiko giroa.

Zeraindik hasiko da, ondoren Joanesek korritzen dituen hainbat eta hainbat lurralde, hiri eta herriren berri emango du, paisaiaz harago batez ere pertsonaia ezberdinenak dela politikoa, idazlea, irakasle, elizgizonak…; gorteko, jauntxoen eta ondo-bizien zertzeladak…

Luterok eta Erasmok leku berezia dute.

Unibertsitate ezberdinetako giro eta ikasketak: Salamanca, Sorbona...

Garai hartako teologia, filosofia, teoria ezberdinak eta eztabaidak.

Liburu, inprimategi eta argitalpenak: amaierarik gabeko zerrenda da autore, liburu eta txostenena.

Garaiko bidaia motak.

Historiako hainbat pertsonaia eta pasarte, bitxikeriak tartean: Nafarroako konkista, Erromako arpilatzea...

Oso azpimarratuta dago euskaldunen presentzia leku, giro, lanbide… guztiotan.

Hainbat ogibide, garraio eta bestelakoen hiztegi luze eta oparoa.

Darabilen idazkera eta euskara motak garaiko giroa sortarazten du.

Adituek jakinen dute zer den egiazkoa, zer egokitua eta zer asmatua.

 

Txokolâtegia. Yolanda Arrieta

Ipuin taxuko txokolateari buruz ikastaldi bat litzake: txokolatearen nondik norakoak, jatorria, hazia, txokolatearen osagaiak, txokolategintza, txokolate mota ezberdinak…

Atal laburretan banatuta.

Xumea egituraz, edukiz, esaldiz, hiztegiz, kontaeraz…

Inolako zailtasunik gabe irakurri daitekeena, aldi berean erakargarria.

Gazte edo gaztetxoentzat, irakur zaletasuna sortarazteko  idatzitakoa dirudi.

Baina adinekoentzat ere badu bere interesgunea

Elkarrizketa asko du.

Bare-bare irakurtzeko ipuin goxoa.

 

Urrutiko estanpetan. Amaia Iturbide

Bizitzari buruzko 20 koadro atsegin kilikagarriak, irudi argitsuak, gizakia bera marraztuz.

Egoera berezia, ezberdina, ezohikoa da koadro bakoitzarena, parabola bat koadro bakoitza.

Bizitzari begirada bat, gogoetak, burutapenak…

Pertsona ezberdinak, bereziak, dakartza, beraiei buruz iritzia emanez.

Idatzizko koadro ia bakoitzak pintatutako koadro bat, tarteka bi, dakar sarrera bezala, idatzizko koadroa girotuz, gizakia eta gizartea kolorez ezagutaraziz bezala.

Pintatutako koadrook argiak, koloretsuak, kolore bizi bizikoak, dira, ia geometrikoak.

Gai ezberdinak ukitzen ditu: pintura, bertso paperak, Bilbo, itsasoa beti dago presente, emakumea…

Ia beti agertzen da pinturaren  eta koadroaren gaia, pintore eta koadro ezberdinen aipamen eta iritziak: Giakometti, Goya, Greko, Velazquez, Meninak koadroaren azterketa…

Jolas bat da irakurketa, jolasa dirudielako hitzen, esaldien eta irudien joskera eta moldaerak,  giro atsegina sortuz irakurlearengan.

Irudien, sinboloen eta metaforen festa.

Euskara jantzia, dotorea, jasoa, egiten du, berezia, ez-erosoa pasarte batzuetan,  erakargarriak ere tarteka.

Estilo berezia du, landuaren sentsazioa sortarazten du, agian horregatik idazkera arraro edo ezohikoarena ere.

Literatura ariketa dirudi zenbait koadrok, agian denek ere, esaldien egitura, irudi eta konparaketengatik.

Elkarrizketa itxurako egitura darabil sarri nahiko artifizialki sartuz pertsonaiak, ametsa erabiliko du hurrengo: horrela gai ezberdinei buruzko iritzia ekarrikoa du: agian artifizial kutsua ematen dio horrek, zurrunegiarena, kontakizun arintzeko baliabide bortxatuarena alegia.

Iaio da adjektiboen bidez esanahia argitzen, edukia edertzen.

Itsas lexiko ugaria, itsas hiztegi aberatsa.

Egunerokoari atsedentxo bat emateko aukera da koadro bakoitza.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.