Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2001. BRETAINIA HANDIA

BIDAIAK 2001. BRETAINIA HANDIA

Jon Etxabe 2023/01/02 10:45
HARRI MEGALITIKOEN IBILALDI-SINFONIA. Long Barrow, Silbury Hill, Avebuy Circle, Wind Mil Hill, Avebury, Chichester, Windsor, Stonehenge, Salisbury.

Ekainaren 23a.   Larunbata.  53.a – I:25.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000. Juanjo Olasagarre:

* “Arrats gorri”. Gorri joan zitzaigun eguzkia atzo arratsean, aspaldi ez bezala.

* “Aspaldi ez bezala / oinaztura ikusi dut zeruan”. Ez zaigu ekaitz bakar bat ere gertatu, ekaitz-laino beltza, aldiz, lagun sarria izan dugu.

* “Aintzina doa bizitza inoiz sekula hil ez bailitzen”. Inork ez gaitu Bretainia Handian gogoratuko, gu gara Bretainia Handia gogoratuko duguna.

 

S. Juan Bezpera. San Juan suen eguna, bezpera gaua. Monumentu megalitikoak ditugu gaur bisita-gune, ibilbide eta ikusgaia aldatu asmoz, egunari dagokion errito, misterio eta arbasoen ukitua emanez.

 

Trinkoa eta nahasia da Andover inguruko bide-sarea, oso argi behar duzu izan zure nondik norakoa, inguruko herri-izenak zein errepide bakoitzaren zenbakiak, ez baitute akaburik izenek, zenbakiek eta bidegurutzeek.

Harrizko jauregi galanta deigarri parke zabal batean. Herri gehienek, askok behintzat, dute parke eder bat, zuhaitz lerdeneko ederrak. Parke inguruan bazen, oraindik agian da, jauntxoren baten jauregia. Jauntxo asko izan da lurralde honetan,

Auto uholdea errepidean, asteburua izaki, bere herrian edo bere etxean ez duen zerbaiten bila norabait bakoitza, egun edo asteburu pasa. Hala gabiltza gu re.

Lastozko teilatuak izan ditugu erakarpen nabarmenenak lehen bidaia erdian, hainbat eta hainbat bide ertzeko herriotan. Adreiluzko fatxadak, zarpeatutakoak fatxada zuriak, harrizko fatxadak... ondo zainduak denak: dutenek badakite altxorra dutela eta harro erakusten dute; antzinako etxeen ageriko museo dela dirudi zenbait herrik. Badira gaina lastozko estalkiz babestuta duten harresiak ere.

Luzeak eta ugariak izan dira gaur ere arbolapeko tunel berdeak. Atseginak.

Gerri sendo zabal korapilatsuko haritza errepide ertz-ertzean, bitxi-bitxia, arrama edo zuhaizka piloa kiribilduz gizendu bailitzan.

Motorzaleak, asteburuko errepideko lagunak.

Sarriak dira zaldizkoentzako ibilbideak.

 

Marlborough. Ezuste atsegina: erabat deigarria gertatu zaigu kale nagusi zabala, aldi berean herriko plaza: fatxada estu koloretsu pila, fatxada punta luze ilara, triangelu zorrotzak bata bestearen jarraian. Merkatua eguna izaki, ezin izan gara gelditu tentagarria bazitzaigun ere, non aparkatu ez genuelako, autoz eta jendez gainezka zegoen herria, merkatua bera ere ez zen asteroko  merkatutxo arrunta.

 

Makaldi bat: ez dugu gaur arte makaldirik ikusi. Intxusa: errepide ertzeko lora zuriko zuhaizka izan dugu lagun gaurko errepide osoan. Artalde bat: ez dugu izan besterik herenegundik, ez genuen besterik izanen gaur ere.

 

 

HARRI MEGALITIKOEN JAIALDI-SINFONIA

 

Long Barrow, “orgatxo luzea”: trikuharria: oinez joan behar zaio, errepidetik bi kilometroko bidezidor batez. Gari-sailez inguraturiko muino baten gainean kokatua, hegiaren luzera jarraituz, 117 metro luzera du, baina ezin da barrutik luzera osoan zeharkatu; lurrez estalia dena, sarrerako harritzarrak ezik, areto borobil zabala du erdian, erdiko ibilgune estutuko albo bakoitzean gordeleku itxurako bina areto edo gune  bildu txikiak; albotxotik du sarrera, ez aurrez-aurre edo zuzenean; harritzarren babestuta dago sarrera; ikusiak ditugu harri handiagoak, erabat erraldoiak; alboko aretotxoengatik egin zait ezberdina ez ezik atsegina ere.

Hippy laukote batek lo egin du gaur gauean barruko areto eta geletan, giro berezia izan zuten kandela hondakinei erreparatuz.

 

Erabat da gari-sail lautada zabala.

 

Silbury Hill. Tontor konikoa, belarrez estalia, 186 metroko diametroa du, 42 metroko altuera. Gizakiak egina da, hor du koska!, 3 mila urte Kristoren aurretik: nahiko esamesa eta iritzi eta galdera sortarazten omen adituen artean. Mendi-tontortxo bat besterik ez da begientzat.

 

Avebury circle eta Windmil Hill. Kristoren aurreko 2 edo mila bat urtekoak, bi monumentuak: ikaragarria, sinestezina, neurriz kanpokoa: duela bost mila urte gizonak halakorik egin zezakeenik ere!. Menhirtzar pila, 450 metro diametroko borobilean zut; ezin duzu igarri borobil bakarra osatzen duten ala borobil ezberdinak ziren, ez dakizu borobil bat beste handiago baten barruan dagoen ala bakarra osatzen duten, ala.... hainbeste harri hain esparru zabalean ez da erraza antz ematerik egiturari. Lubaki ikaragarri sakon zabala dena bilduz, nahitaez izugarri luzea,  sarri ez dakizu lubaki bat bakarra ala bi diren. Ehunka harritzar dira zut daudenak, baina beste asko ziren; mugarri antzerakoak jarri dituzte beraien  aztarnen tokian. Lurrean tinkatuta du mutur puntazorrotza harritzarrotatik askok, alde zabal gotorrena gorantz geratzen zaielarik; hiruzpalau metro zabalera eta beste horrenbeste altuerako harritzarrak dira asko. Joan eta ibili: nahi haina luzatu daiteken ibili-aukera eskaintzen du, menhir artean zein lubaki gainetik.

Jendetzak datozkio, etengabeko erromesaldian, gainezka dago beti aparkaleku zabala, jendez, autoz eta autobusez.

Hippyak dira bitxikeria bisitarien artean; ehunka daude, gustukoa zaie lekua edo bilkuraren bat dute egunotan. Kanpadendetan, autobus zaharretan edo furgoneta egokituetan bizi dira, txakur pila dute beraiekin M. Luisaren egonezina sortaraziz, aske dabiltza txakurrok, handiak dira gainera. Bakardadearen teoria egia balitz.

 

Avebury herria. Herri osoa da museo, erabat zaindua, turista-gune bilakatua. Harri prehistorikoez gain, etxe apartak ditu, jauregi isabelinoa eta eliza, bisitarien ikusmina asetzeko. Ez da inondik ere kinkila-herria, baina turismoari begira bizi da. Etxeak: zainduak, berrituak, lastozko teilatudunak asko, jendetzari begira berregokituak: museo, erakustoki, denda, kafetegi eta antzerako bihurtu dira. Eliza: saxoia omen jatorriz; iraun dute aztarna saxoikoak: leiho borobiltxoa horman... Txikitxoa, dena da xumea, leuna, landu gabea. Dorre karratu argia, gotikoa; sarrera bikaina; barrua ia zabalagoa da luzea baino, katedralen egitura petoa du bere nanoan ere: 3 nabe motz, XII gizaldikoa omen erdikoa eta XIII.goak alboetakoak; arku batek eta arku gaineko balkoi-korritu zoragarri batek banatzen ditu korua eta kapera: balkoiak harrizko eskailera beregain biribildua du gora igotzeko; kaperak: aukerako koadroz osatutako erretaula du batek, xarmangarria da behinik behin, koloretsu argia; ez zaio oroitarririk ere falta, xumeak oroitarriok ere; ez zaio falta zutoihalik; austeroa, burutxo zizelatu batzuk dira apaindura bakarrak; bataio-pontea: ikusgarria da, baita begi ezikasienarentzat ere, metalezko zizelatu paregabea, normandoa omen; eliza barruan daude erlojuaren harriak.

Mota guztietako jendea dabil igande-erromes: jantziz, adinez, ibileraz, portaeraz, arduraz, ikusminez, arretaz,  gureetan antzerako bilgune jendetsuetan lez.

 

Gari-sail amaigabeak,  lurra zeru-marrako begi-bistan galtzen deneino dena  da galsoro.

Autobus geltoki xarmanta, lastozko aterpe pospolina.

 

White Horse. Zaldi Zuria: mendi magalean zizelatutako zaldi zuri-zuri erraldoia. 1780. urtean auskalo ze demontre asmorekin egina. Urrutietatik ere erraldoi dager, deigarri eta harrigarri.

 

Calne. Bukatu ere egiten ez den etxe antzerakoen ilara egin zaigu deigarria, erraldoi luze errepidearen luzeran, amaitzen ez den solairu bateko etxe ilara amaigabea, tximinien  ilara bera ere nabarmengarri zaiola.

 

Chippenham. Eliza-dorre zorrotz luzeeeeeea du. Borobilen etorbidea dirudi, hainbeste dira bertan bidegurutze borobilok.

 

Copsham. Gaurko bigarren eta azkena izanen zen artalde erraldoia harrizko horma luze bukaezin batek gordetako larrean.

 

Eskozia eta Gales baino aberatsagoa dirudi Ingalaterrak: etxeak, herriak, janzkera, igandeko giroa, kanpinera joera... hobeto biziena dirudi.

 

Muinoz muino egin dugu tarte bat: kriston ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituzte gainek, berde tonu guztiak dituen bailara. Izan dugu ere mendiarteko ibar luze berde arbolatsua.

 

Bath. Bainu-herria, izenak berak ere dioenez. Etxe ilarek estaltzen dituzte mendi magalak, maldaz-malda dator etxeteria, inurritegia dirudi urrutira. Era guztietako etxeak, dotoretxoak izan nahi dutenak zein kolorgetuak, baina badira batez ere herritik kanpo edo inguruan, beti maldan hauek ere, etxe ederrak, jauregitxoak diruditenak, bakoitza bera, bakan, ugari, ikuspegi zabalarekin denak, bada izugarrizko jauregi paregabe ederrik ere: Claveston. Izen handiko hiria da, izatez ere handia, nabarmentzez zaizkio kafetegiak, ibilbideak, ugariak dira zuhaitzak ere. Bada “Bellavista” izeneko ostatu bat. Auto pilaketak harrapatu gaitu erdian  herrira sarreran, ia ordubete egin dugu, behin barruan, aldiz, berehala arindu da auto kopurua.

Ez diogu erakargarritasunik aurkitu, nekatuak ere bagaude egon, beraz aurrera egitea erabaki dugu ezagutzeko irrika bagenuen ere.

 

“Diversion” batek geuk ere ez dakigun ze bideetatik bota gaitu, bide galduetatik eraman gaitu berriro errepide nagusira. Mendi-muinoz mendi-muino jaitsi gara azkenez lautada ingelesera. Horigune ugari eskaintzen du ingeles lautada berdeak, helduz doa garia.

Marrazki ezberdinez eginiko hiru teilatu aparteko izan dira azken bitxikeria.

Stonehenge, errepidetik ikusi ditugu, gertu, hiru egun barru etorriko gatzaizkien monumentu megalitikoko zutikako harritzar lirainak, dotore, harrigarri, tentagarri deika.

 

Ejertzitoa, jeep ilara luzea, izan dugu Malborough aurrean lehenengo, bidaiako azken zatian gero, kamioi blindatu ilara oraingoan, zapiz estalita aurpegia, gerritik gorakoa kanpoan zutela tanketa gandorretan  soldaduak: hiltzeko trebatua egon behar du beti Ejertzitoak, bestea hilez ezartzen baita beti indartsuenaren bakea. Poliziaren bakea bezala. “Militar taldeak” iragartzen duen monumentua  bailitzan letrero bat errepidean.

 

203 kilometro, milaka urteko antzinatera jauzia.

 

Dotoretxoa da kanpineko jatetxea. Nire urtebetetze iragana ospatu dugu afalduz. Inguruko nekazari jendea ziruditen gaurko afaltiarrak, etxetik kanpora afaltzeko janzkeran dottore agertzeko ahalegintxoak eginda, portaeran zuten batez ere ezagun nekazari mundukoak zirela. Sartu ondoren barrara joaten dira, edaria eskatu eta mahaitxo batzuetan eseri; maitrea dator lasterrera ze afalduko eskabidea egitera; geroago zerbitzariak deituko dizu mahaira. Edaria zuk zeuk hartu behar duzu barran eta zeure mahaira eraman. Atuna afaldu dugu, haragijale ez garenez, otarraina eta antzerakoak ziren gainerako arrain motak. Barazki eta patata ugaritan bilduta dator eskatzen duzun edozein jaki. Ingelesek haragia jan dute, aberats osagaiez, urriak ziren haragi puskak. Afari garestitxoa da guretzat, gustagarritasun aldetik ere berriro frogatu dugu gustagarriagoa zaigula etxeko afaria, kanpoko afari bakoitzean gertatzen zaigun lez.

 

Sanjuan suak egin ditugu. Su txikitxoa egin dut, erritoa betetzeko adinakoa soilik, ez nuen barne girorik, nekea nuen gorputzean, ingurua ez zen erosoa. Guridiren S. Juan martxarekin egin ditut su gaineko jauziak. Aitari zenari ikasitako erritoa jarraiki, lizar arramak jarriko ditut bihar etxatoiaren ateburuan.

 

“Onan”. Aitor Arana. Nola irten asma ezinik harat-honat genbiltzala puta-leku merkera jo genuen ez dut gogoratzen non. Neska gizen, inondik ere ez erakargarriak zeuden etxoletako ateetan. Irudi oso hitsa gordetzen dut.

 

 

Ekainaren 24a.  Igandea.  54-I:26.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000:

Xabier Olaso:

* “ Eskuen atzamar artetik / isuri zaizkigu orenak, / tximista baten abiadaz”.  Hala joan zaizkigu Bretainia Handiko bi hilabeteak..

* “Eta guda gordinaren ostean, zer?”. Gure bidaia-aldi lasaiaren ondoren, hauteskunde-guda gordinaren eta osteko liskarren berri tarteka egunkarietan izan ondoren, beste hamar urte gutxienez luzatuko den gerra gordinago baten zurrunbilora goazen bizipena dugu.

Jose Luis Padron:

* “Elkarrekin mintzatuz, / Hitz bat bera ere esan gabe, ...”. Izan ohi dira horrelako orduak bidaiotan, isiltasuna maite dugun orduak. Baina bikotea alboan duzula jakinda, isiltasuna ez da bakardade bihurtzen.

* “Amets ditut diot infinitoan ametsak ditut ...”. Definizioz da bidaiaria ameslari, zer ikusiko amets abiatzean, ikusitakoaz itzuleran.

* “Nik ez diot barrerik egiten”.  Padronek poeman aitatu oro aurkitu ohi dugu bidaia orotan.

 

Ikusgarri ederra dator S. Juan eguna. Lizarrik aurkitu ez dudanez  kanpaleku inguruan, intxusa adarra jarri dut ateburuan Mispillibarko atariko intxusaren oroimenez. Udaberri giro aparta, gehiago da uda eguna gaurkoa, denean nabari da bizipoza, egonezina, irten beharra, haize berria hausnartzeko nahia. Belek hor diraute eguneroko askari bila belartzan, leiho aurrean aldiz buztanikara izan dugu bisitari.

 

Ingalaterrako kanpinetan ia ez dugu kanpadendarik ikusi, kanpaleku honetan aldiz ia denek dute toldopea aterpe, ez da ia etxatoirik. Ohizko neska-mutil bikote gazteez gain, umeekin datozen bikote gazteak dira asteburuko bezerook: ohitura, ekonomia, giroa... Bistakoa, nabarmena, da ezberdintasuna.

Munduko errepide eta trenbide guztiak pasatzen dira kanpalekuetako ingurutik, hemengotik ere.

 

Asken katedrala dugu gaur ikusgai eta eguneko ibiliaren helburu nagusi. Denak du bidaia bukatzear dagoen kutsua. Windsor genuen gaur helburu, igandetan ordea ez dute ordu bata arte zabaltzen, beraz biharko utzi dugu.

 

Lautada uhintsuan hasieran,  mendi-muinoz mendi-muino gero, hala joan da gaurko ibilia. Garitzak estaltzen dute lurra gaur ere, izan da behi aldraren bat, belardi ebakiberri horixka ere. Hainbat basotxo zeharkatu dugu gaur ere, tunel berde batean baikenbiltzan, aho-zulo beltz borobila da sarrera, begi argitsua irteera, hain da trinkoa abarraeria, hain borobil moztua dago, seguru aski kamioien marruskadurek eginiko lana.

Herri bideetatik joan da gaurko ibilia, bide txikietatik. Ikuskizuna gertatzen da mendi-muino gainetiko ikuspegia, balkoi-korritua bihurtzen da sarri errepidea. Preso eta inguruari itsu aurkitzen gara hurrengo, hesi berdearen baitan; aspergarria bilakatu zaigu joana azkenez, luze eta errepikagarria, monotonoa, beti antzerakoa, bere edertasunean ere. Badirudi lehen egunetako irudiak, bidaia osoko irudiak eurak errepika nahi dizkigula Ingalaterrak, erretinan luzarorako itsatsiak eta atxikiak gera dakizkigun.

Izan dira dozena erdi bat lastozko teilatu, ttantta deigarriak berez, ziztu bizian pasa zaizkigu, gozatzeko aukerarik gabe. Adreiluak jartzeko bere arau eta jitea du adreiluzko fatxada orok, marra eta forma ezberdinak ditu bakoitzak, auskalo arkitektoaren, igeltseroaren ala ugazabaren nahierara doan fatxadok dotoretzea, ez dirudik kostuak ezartzen duen neurrira eginak daudenik.

Plastikozko fardel erraldoi beltzetan gordetzen dute belarra hemen ere, sabaian batzuk, zelai bazterretan besteek.

Bihurgune askoko errepidea, zabalez egokia, ta zoru berdinekoa. Eltxoak dirudite gaur motorzaleek, hain dira ugariak. Erruz dabil autoa, herri-bideotan ere; lasaiak, zentzudunak, dira gidariak, presati zein geldoren bat sortzen bada ere tarteka. Beldur handiagoa diot geldo mantsoari ipurtarinari baino, geldoak sortzen ditu ipurtarinaren ezinegon eta arduragabekeriak gehienetan.

Herri gutxi izan dugu lehen zatian, ugariagoak izan dira azkenengoan, Petersfieletik aurrera. Ugariagoak ez ezik ezberdinak ere: gorriak eta oso pikoak dira teilatuak, adreiluzkoak etxe gehienak, politak. Uharri zuri txikiz eginiko etxe-hormak dira herriotako osagai berrietako bat: dottoreak, erakargarriak, ezberdinak bilakatzen dira etxeok. Zurezko kanpandorrea izan dugu asperduraren pizgarri herri batean.

Hainbat lorategi edo parke iragartzen da bisitagai errepide bazterretan, gonbidapena luzatuz. Konde asko bizi izan zen, agian bizi da oraindik, lurralde honetan ere. Aurrekoek herriaren izerdiarekin eraiki zutena, herriaren sosekin iraunarazi nahi dute ondorengoek.

 

Midhurst. Eliza modernoa du. Peterfielek ukatu digun Chichestererako bidea eskaini digu hiri honek.

Bidea gainbeheran hartu dugun une batez mendate aldapatsu berdean, itsasora gindoazen bizipenak bildu gaitu, aurreko triangelu  punta-beheranzkoan ez baita zeru urdina besterik ageri. Lautadan bukatu zaigu, baina, ilusioa.

Lehenengoz bidaia honetan, ureztatzen ari ziren zelai belar-ebaki berri bat: nekazariak ez du euriaren zain egon nahi, presa du bigarren uzta jasotzeko.

Kontuzko triangeluek aitona-amonaren marrazkia dakarte, umeekin bezala zaharrokin ardura hartzeko eskatuz.

Kuartel erraldoia hirira sarreran,  kartel marroiz, turista-gune bailitzan harro iragarrita gainera, erabat zabala da harresiz  babestutako esparrua.

 

Chichester. Bisitariak erakarri nahi dituen herri zaindua, zabalik dago hainbat denda igandea arren, herrietako bisitarien zain. Badabil ibili bisitaria, pasieran, mokadu bat jaten edozein zoko zein katedral inguruko belartzan eguzkitan etzanda.

Glucester-en bezala Ipar Eki Mendebal Hego kaleak sortzen dira erdiguneko kale-gurutzetik, hemen ordea erromatarren kokagunea gogoratuzko plakaren ordez tenplete bat dago, ortogonal zabal sendo, landu-landua, zizel-lanez dotoretua, aterpea eskainiz zutabe sendoaren inguruan: ez dute ezer berezirik lau kaleok, are gutxiago eguerdiko eguzki galdan: inolaz ere erakargarriak ez diren zutabedun bi eraikin, merkatua eta udaletxea, eta eliza fatxada pospolina alboko fatxadari lotua. Pallant deritzan gunean, Gotzain esparrua omen, Ipar Eki Mendebal Hego Pallant izeneko beste lau kale sortzen dira, ugariak dira bertan etxe handi-mandiak, baina ez dira inola ere erakargarriak. Katedralaren alboan eliza izan behar zuen eraikin gotiko eder handia,  sarrera puntazorrotz bat, bigarren sarrera oparo zizelatua, hiru nabe, leiho luze zabal argitsuak, arkuteria garai bikaina eta zurezko sabai apartak: sekulako kafetegia da gaur egun. Uharri zurixka biribileko harresi garaiez gordetako esparru batean, hainbat eraikin gotiko eder harresiz bildutako esparru batean, elizgizonen etxebizitzak izandakoak, oraindik ere seguru asko direnak. Katedrala: Mezak harrapatu gaitu bete-betean gaur ere, horregatik azkenerako utzi dugu bisita. Dorreak aitatuz hasi behar: alboan, bereizia, bakan, dagoen dorrea aipatu behar lehenik, ez omen besterik Ingalaterran, hau omen baita elizari lotu gabeko bakarra: gaztelua dirudien karratu sendo gotorra, zabaleraz handia, burumotza, higatua jadanik; bigarren dorre bat ere badu, gurutzadura gainean, piramide luze lerdena, bi mailatan eraikia, harri zizelatuz dotoretua. Eliza bera: normandoa da gurutzadurako zatia, tailatutako arku-leihoekin; beste dena, erabat berritua, gotiko erabat austeroa, leuna; beiratea den arkutzarra sarreran; zink berdeko teilatua, harri-kolore iluna arinduz; gargola bitxiak, ahoan tututzarrak dituzten burutzar tailatuak. Barrua: deseroso bezala sentitu naiz. Austeroa, leuna, ia apainduriarik gabe; garaia; 5 nabe ditu, xumeak dira gangak, hormek aldiz 3 mailatan banatutako arkuteria dute: gotiko xumea behean, normando ederra erdian, eta harri beltzeko zutabe  meheak dituen arkuteria nahastua, arkutxo-zutabeteria, goienean; ohizko egitura du, bitan zatituta beraz: harrizko arku batek  banatzen du  erdiko nabea sarrera emanez koruari; arkuaren ganga da erakargarriena: arkuteria trinkoa, giltzarri zizelatu ederrak; koruak berak ez du ezer aipagarririk; koru osteko kaperak ere ez gaitu gehiegi erakarri: gotikoa da, giltzarri landuak erakusten ditu sabai ederrean. Horrez gain, kaperak: horietako batzuk landu bikainak, hilobiak, gizairudi etzaniko estatua apartak, oroitarri pila hormetan... xumea izanik berez, badu zeri begiratu osagairik. Letoian zizelatuta iraun nahi izan zuten 20 seme-alabako senar-emazteak, han daude horma batean, baita ez emazte ez emazterik ez seme-alabarik aitortu nahi ez zuten bi morrosko ere horman belaunikatuta. Artelan moderno ugari  ezarri diote osagai: tapiz txikiak erdiko nabean, bataio-ontzia koru aurrean, pulpitua koruan, erretaula ohi denez  koloretsua  baina erabat modernoa, koru osteko horma bera koadro moderno handia da...: denak omen  gaur egungo artista famatuenarenak: nik Shagal soilik ezagutzen nuen, baina, hain zuzen, gidaliburuak ez du aipatu ere egiten bere beiratea. Europako ez dakit zein katedraleko Shagalen beirateak ditut gogoan, biziki gogoan urdin-lila kolorea nagusi zuen beiratea. Gustatu zaizkit artelanok, uste dut egoki datozkiola katedralari. Klaustroa: erabat austeroa, hertsia eta iluna, biluzia, zurezko ganga xumeekin: pasaleku izateko egokiagoa pasealeku  izateko baino.

Geriza bila kaleotan, edo katedraleko freskura eskertuz egin dugu hiriko bisita.

 

Aurreko paisaia bera izan dugu etxera itzuleran; lehen aurkitzen jakin ez dugun errepidetik bideratzea lortu dugu: herri barrutik uste genuena, herri kanpotik joanez aurkitu behar genuen: kontrabideak erakutsi digu bide zuzena.

Uzta-makina izan dugu errepidean, hara non galsoro ebakia ere!

Hainbatetako irudia: baso erdian goratzen da eliza-dorre luzea, harrizko zuhaitza, makal, altzifre… tantai guztien gainetik nagusi.

Ez dago Ingalaterrara duela ia bi hilabete etorri ginenean bezain jori eta berdea ordeka ingelesa.

“Pati central” dio iragarki batek Andovber-en: bada espainiarren bat hemen ere.

 

Erlea bezain handia, intsektu ilun batek ziztatu nau besoan, ukalondo barrualdean, zainean bete-betean erizain batek baino maisukiago; ziztada izugarri mingarria izan zait: esku kolpe batez bota dut, auto artean eta bide estuan ez dut izan minari eustea beste aukerarik zaplada eman ahal izateko unera arte. Ezten lodia utzi dit barnean, M. Luisak atera dit pintzekin semaforo  bateko geldiunean. Bada Drakula intsektorik: odolbatua edo gorriunea utzi dit, ospitalean erizain ez hain trebeak uzten duten horietakoa.

 

180 kilometro: ez zuten merezi, ez hiriak ez katedralak.

 

Egunkaria irakurtzen ikusi dut kanpin-kide bat: herrimina sartu zait, dakidan arren egunkaria hartuaz bat ernegatuko dudala, herrian duela bi hilabeteko giro bera izanen baita. Urteroko etsipen bera.

 

“Onan”. Aitor Arana. Gizonezkoak ohi dira motorzaleak, salbuespenak sablbuespen. Sarri ikusi izan ditugu kanpalekuan, koadrilan baina bakoitza bere dendarekin gehienetan; gehienez binaka. Homosexualak ote, ba ote homosexualik euren artean, ba ote zerikusiren bat motorzale eta homosexualitatearen artean?.

 

 

Ekainaren 25a.   Astelehena     55.a - 27.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2000

Asier Serrano:

* “Itzuli naiz ... / ... Esan zenidan badirela oraindik / konkistatzeko zeru berriak”. Itzulera giroak bildurik gaude jadanik... baina hurrengo zeru berriak amesten eta hausnartzen ditugu.

Castillo Suarez:

*  “... asperdurak ohar koadernotan / islarik ez eduki arren”. Hainbat asperdura, ikusgai eder eta giza zirrikituk ez dute islarik nire koadernoan, nekadurak eta ahalmen ezak ezinezko bihurtzen dutelako hizki eta idatz-moldean gauzatzea begiek ikusi, barnean sentitu eta garunek prozesatua.

* “Sarritan sinpleegiak direlako / nahi genituzke erantzun konplexuak / deskodetze prozesuarekin / zer egin ez dakigula”. Begien aurrean duguna ez dugu ikusten sarri, labain egiten digute errealitate gordinenek ere, edo ez dakigu edertasun gozoenak bizitzen.

* “ez dut sekula tangorik dantzatu”. Leningradon dantzatu behar izan nuen nik, jende pilaren aurrean, dantzari profesionalekin batera, erabat lotsak jota”.

 

S. Juan Txiki eguna, garai batean aurresku-eguna Altzolan.

 

Windsor gaztelua dugu bisita-leku

Uda giroa gaur ere. Asteburua ez arren izugarria da errepideko autoteria, lepo doaz uneoro bi norabide bakoitzeko hiru bideak. Aurrekoarekiko segurtasun tartea zintzo gordetzen da, ez da gidari astakirten edo erorik, lasaia da, beraz,  gidaritza.

Ze aitatu guti ikusitakoaz. Bi zerri-granja ikaragarri zabalek izan zaizkigu deigarri: zilindro erdi diren auskalo zenbat txabolatxo belarrez soil lur gorrian; kanpoan da zerri oro txaboletan beroak ito beharrez edo.

Dottoreak dira bide txikien inguruetako herritxoak, apaindu zaindu adreiluz gorriak.

 

Ascot. Hipodromo famatuaren ertzetik doa errepidea: langadi zuri borobil obalatua esparru zabal-zabal berdean; bada erdian sastraka itxurako hesi edo zuhaizka motzeko esparru bat. Oso bertan izan dugu lehia-ibilbidean edo nor gehiagorako prest telebistan ikusi ohi ditugun hosto-hesi erraldoietako bat: zerbait bigun zamarra iruditu izan zait telebistan, baina arramateria lehor gogortua da, hesi zabal garaia, berdin-berdin ebakia gainetik, espata edo orratz zorrotzak behar dute gainera eroriz gero.

 

Ascot eta Windsor arteko lursailak: kilometrotako zabalak, garai bateko jauntxoen jauregiko parkeak itxuraz, seguruenik Windsor gazteluko kondearen parkea bere garaian, ehiza eta mila jolaserako ezin aproposagoa; herri-parkea dirudite gaur egun; kilometrotako zabalerakoak, erabat zainduak daude, adarrei borobil zabaleko zuhaitz gizen ederrek ematen diote jauntxotasuna, bertan gelditu ibili eta etzateko irrika sortaraziz: lehortuta daude hainbat enbor, baina era berean zainduak, biluzi zurixka, zabal eder, fosilak bailitzaz, erlikia sendo erakargarri bihurtuak.

 

Windsor. Turismotik bizi den herria: milaka  bisitari doazkio egunero, uholdean; sortaldekoen ugaritasuna gerta zaigu ezustea; gaztelua bisitatu ondoren kaledian galtzen gara bisitariak, begiluze eta ikusmin, mokadu bat jan beharrez asko. Gaztelua da hiriko altxor nagusia, ia bakarra, baina herriak ere merezi du bisita, gustagarria da kaleotako ibilia, izozkia bera ere aparte gozoa gertatzen da kaleotan. Hiri txikia da, zaindua eta aratza, dottoretasun ukituz bildua, herriotako ohizko etxe mota ezberdinez osatua, adreilua da nagusi. Saltokiak, dendateria, kafetegia, jatetxeak... ohi denez. Udaletxea,  merezi du aipamen bat: Veneziako logia gogarazten du zutabe-arkuz azpialde irekiak; ederra da udalbatza-aretoa, koadroz beteak hormak, non ez den falta erregina gureetan errege mozoloa lez. Eliza, ez da luzea, halaz ere presbiterioa zurezko arku batez berezitua dago; korua balkoi-korritu zabala da hiru nabeen gainean, esparru itxia da bankuteriako ilara bakoitza; ilunegiak dira zurezko gangak nolakoak diren jabetzeko; erretaula eta ingurua, aldiz, mosaiko finak dira. Ibaia, aitatzekoa da ere, inguru atsegina delako: zisne ugari, hain harroak eurak, janari eskale eta bisitarien eskutik bazkatuz, ahateekin lehian, ahateoi nagusituz janariaz jabetzerakoan. Herritik ia kanpoan putzu bateko ponpa  erraldoia, egituraz trauskila, tamainaz deigarria.

 

Gaztelua: Aireportu bateko kontrola dirudi sarrerakoa, bertan bada gazteluaren azalpen orokor bat ere, gazteluaren azalpena baino gehiago Ingalaterrako erregetzaren propaganda dena. Timo bat, iruzurra, da bisita, bakoitzak 11 libera handi, 3 mila pezeta, ordainduz gero: St. George´s chapel besterik ez dute ikusten uzten. Beste ikusgai oro ikustea ordaindu egin behar duzu sarreran ordaindutakoaz gain.  Gazteluko barne esparrura sartzen uzten dizute soilik, dorretzarrok barnealdetik baina beti kanpotik ikusi ahal dituzu, guardia aldaketa ikustea ahal duzu une egokian heltzen bazara, ibilalditxoa egin eta kitto!. Delako San Jurgiren kaperan ez dizute ez argazkirik ateratzen ez bideoz grabatzen uzten, beraien postal eta bideo-grabaketak saldu ahal izateko. Negozio oparoa bere jauregi eta gazteluekin Ingalaterrako konde, errege eta jauntxoek egiten dutena.

Herri gainean, hegi-hegian kokatua, ikaragarri gotor eta zabala da. Luze-zabala barne esparrua. Ez du harresirik, eraikinak eurak dira babes eta hesi, dorretxo mordoa bata bestearen jarraian, elkarri lotuak, erdiko esparrua bilduz. Ikustekoak. Bi dorre nagusi ditu, gotorren artean gotorrenak, gotortasunez deigarri. Ugariak  dira estilo ezberdineko eraikinak, denak ederrak. Bada ere zabaltza luze bat nondik ahalbideratzen den ikuspegi zabala.

Jordiren kapera: Sekulakoa. Gotiko aparta. Ingalaterran ikusi ditugun egitura eta jite bera ditu, txikiagoa eta dotoretuagoa, apainduagoa. Leihoteria gotiko lerden finak; sekulako gangak, hiru nabeetan: zutabeetatik zabaltzen den abaniko edo haizemaile estiloko teknikak erabat ikusgarriak bihurtzen ditu gangok, harrizko bihurgunez loratuak, lotura bakoitzeko giltzarri zizelatu eta koloretutakoz apainduak. Beirateak, apartak dira. Aldamioz estalia dago korura sarrerako harri argiko arkua, halaz ere sekulako ganga ederra ikusten zaio, zurezko taila aparta da arkua bera; koruko aulkiteria, orain arte ikusitakoetan ederrena, irudien ugaritasun, fintasun eta nanotasunagatik: iruditeria zoragarria, filigrana hutsa, iruditxo fin nano ikusgarriak denak; guzti horrez gain bada farfaila dirudien taila lanik ere; koruko ganga nabekoaren jite berekoa da, oraindik ere ederragoa; aldareko erretaulan marmol zurian zizelatutako irudiek urreztatuta dituzte buruak; organoa, pintatua da; horrez gain taila fineko argimutil erraldoia. Koru ostean kapera eta hilobi apartak giza irudi ederrez osatuak.

Albert Memorial Chapel. Sekulako arte-lana hau ere; ganga osoa da  mosaikoa, gizairudi pila dager, urre-kolorea da nagusi, irudien jantzi gorri-zuriek ematen diote bizitasuna; mosaikoa da sarrerako horma osoa ere; bi beirate aparta hormetan; behe aldeko horma bera ere marruskatuz eginiko irudiz edertutako sekulako marmol-horma da; horrez gain hainbat apaindura, animalia iruditxo tailatuak, gizakume irudi tailatuak...

 

Sarrera-ordain txartel berria behar da beste dena ikusteko, hau da: zeremonietarako aretoa eta antzerako gazteluko esparruak. Jauregiko sala, saloi  eta antzerakoak ikusi nahi genituen guk, ez daude ikusgai.

 

Goardiaren aldaketa. Kasaka gorri eta ileorde beltzez jantzita guardia-mutilak, espataz armaturik, -soldaduak metrailetaz- amaierarik gabeko komedia antzeztu dute zaindariok. Desfile koloretsu eta zaratatsuan sartu dira gaztelura, izugarrizko jende pilaren begiradapean, ikusmin biziaz bilduak, argazki makinen flash argiek argiztatuta. Takoikada eta aupada ozenen artean egin dituzte mila joan etorri, agurtze eta komedia. Luze joan da ondoren bandaren kontzertua, bitartean soldaduak joan dira hor zehar, harat-honat barreiatu eta eraikin osteetan galduz, gerora itzuli dira, guardian egonikoak seguru aski oraingoan,  elkartu dira berriro patioan,  bukatu da kontzertua, errepikatu dira takoikada ozenak, aupada biziak, kolorea bezain iluna armen burdina hotsa, bi buruen joan-etorri aspergarri errepikakorra; joan dira  azkenik zaharrak, berriak etorri diren aldetik eta parafernalia berdinean. Komedia adarjotzaile luzea gertatu zait niri.

 

Minutu erdiro zeharkatzen dute Londresko aireportuko hegazkinek, erabat behetik, bortizki zaratatsu, herri gaina. Ikuskizuna da, baina era berean deserosoa.

 

Eguneroko militarren presentzia, 3 kamioiko konboia kontrabidean eta kamioitzar bat tanketzarra  zamatuz gure bidean izan da gaurko agerraldia.

 

188 kilometro, ziria sartu diguten sentipenez ere gustura.

 

Igerilekua du kanpalekuak, txikitxo xumea, igerialdi goxoa ahalbideratzen didana.

Beleek duten hierarkiari antz eman nahian egin dut tarte luze bat, hierarkia eta antolamendu bat badela besterik ez dut ziurtatu, nagusigoa mailaka doala: mokoka egiten dute elkarren artean, sexu harremanek ere badute bere araudia. Nahasmena dirudi osatzen duten multzoak, baina une batez denak batera alde egin dute burutxoaren ordenura edo.

Buztanikara izan dugu lagun sarria: beti bakarti.

 

“Onan”. Aitor Arana. Hanburgon ez genituen ikusi erakusleihoetan egon omen ohi diren neskok, kale famatura hurreratu ginen arren. Historia eta mito da agian jadanik neskona ere, hiriak bere garai bateko sen hura galdu eta portuko giroa aldatu denean. Amnasterdanen ere ez genuen aparteko girorik aurkitu ipurdi-erretena ozta-ozta estalia zerabilen kafetegi bateko neska ezik: agian gauez eta kale zehatzetan aurkitu behar da delako giro bitxi hori. Txekian aurkitu genituen, ezustean, hiriko sarreran eta aparkaleku aurrean, neskak, bakoitza bere erakusleiho handiaren barruan, kaiolan baileude,  dotore bere biluzian, ederrak eta tentagarriak.

 

 

Ekainaren 26a.   Asteartea.  56.a – I:28.a

 

“Hitzezko zubia”. Euskal Poesia 1990-2002

Kirmen Uribe:

* “Ez dut gauez lorik egiten ...” Bidaiaren erakargarritasun bat niretzat da herrian ez bezala bidaian berehala eta erabat harrapatzen nauela loak. Bidaietako gozamenetariko bat.

* “Urrun izanik / begira iezu / trenbideetako mitxoleta gorriei, / euren hostoak kulunkatzen”. Abiadura da errepide ertzeko loreengandik urruntzen gaituena. Zenbat aldiz miretsi ditugun errepide ertzeko eta etxaurreko loreak, autoen abiadurak berak astinduak sarri.

* “Ainedi berriz zure ispilu, / bidaztiarena aintzira den bezala”. Ezin naiz jabetu irudiaren zergatiaz. Ze lotura dago aintzira, ispilu eta bidaiariaren artean?.

Urtzi Urrutikoetxea:

* “Xirula txiki batek jotzen du / Strratford araneko melodia, / Errari, gorputzak edozein muino txokotan / Batzen ziren sasoiez oroituz”. “Itzuliko ez garen lur garaiak, eta han gelditzen ziren izakiak gogoan, / eta tristurak harrapatzen gaitu ontziaz bestaldeko taberna zuloan”.  Dena da azkena gaur, hortzak garbitzea bera ere, bihar ferryan gosalduko baitugu. Xirula goxoa dugu musikari guk ere barnean, agur-melodia, itzuliko ez gatzaizkien lur lauoi begira, hemen gelditzen diren izaki eta gizakiak gogoratuko ditugu gureetan GB auto-popan ikustean. Baina ez gara izan errari, etxerako ferryko txartela erosia genuen sarreran bertan.

Juan Luis Zabala: “Maite dut gasolio usaineko / bakardade gaizto eta errudun hau”. Bidaia honetan falta izan zaizkit zerbitzugunera bideko gaueko bakardade bihozbera sarkor bare barne-baketzailea.

 

Egun beroa gaurkoa ere, sapa. Bi hilabetetan izan ez ditugun lagunak agertu zaizkigu, euliak.

Uhin leuneko mugarik gabeko ordeka izan dugu bere gaintxo batetik ikuskizun: ez da Ingalaterrara heltzean izan genuen lautada berde joria, erabat aldatu zaigu, hori-horixka, berde larutua, dugu oraingo paisaia. Ebakita dago belarra, helduta edo heltzear garia; zuhaitzak, ebaki gabeko zelai batzuk eta galsoro bakan batzuk dira berdegune bakarrak.

 

Stonehenge. Joan, begiratu, harritu. Izugarri erraldoi dager zutikako harrizko taketzarrak errepideko lehen ikuspegitik, nano txindurriak dirudite inguruan dabilzkien bisitariak. Duela 3 mila urtetik gora jaso zituen gizakiak harritzarrok, ordenu jakin batean, helburu finkoarekin. Gizaldietako lana, eta gizaldietan  errotutako jakinduria eta sinesmena. Milaka urtetako lana: egin, jarrai, osatu, aldatu, ez baita une edo aldi mugatu bateko lana eta egitasmoa, epe luzera asmatu eta gizaldi luzeetan gauzatzen joana baizik. Harritzen nau ze etorkizunaren ikuspegi luze zabala zuten, ze ikusmolde eta asmoz egiten zuten lan, gizaldietako lana baita; ze eskema, ze plano zuten buruan, horrelako lanak asmatu, gauzatu eta errealitate bihurtzeko. Nola transmititzen ote zituzten ideiak, asmoak, planoak: gehiago harritzen nau honek, arazo teknikoak gainditzeko abilezia eta ahalmenak baino. Katedralak jaso ziren antzera egin baitzen obra hau, katedralak baino epe luzeagoan: nola transmititu ikuspegi orokor hori, zati berri bakoitza helburu bakarraren osagai izan zedin?.

Izugarria da izan ere monumentu megalitikoa, hain harri handiko harri pila handia, nola erabili, nola lurrean inkatu duela 5 mila urteko baliabideekin. Harrigarria da harritzarron koka-moldea edo kokaera, ideia bati jarraiki, sinesmen baten arabera. Borobilean baina ideia, sinesmen edo zientzia ikerkuntza zehatzei jarraiki jasotako egitura. Eliza, astronomi gunea... Honek ere lubakia du harriteria osoa inguratuz, Avebury-koak antzera, baina lubaki hau ez da hura bezain sakon eta zabala. Misterioa omen, bai harriena bai lubakiarena, zergatik, zertarako eta nola eraiki zuten eraikin hau. Misterioa dira niretzat baita ere gizaki haien ahalmen fisiko, tekniko eta batez ere intelektual eta ikertzailea. Misterio da ere nolatan iraun duten harriok: arpilatu izan omen dute, gizaldietan izan omen da nekazarien harrobi ere.

Erromesaldian lez datorkio bisitaria, etengabeko sokan, uneoro dago inguratuta, babes sokatik haratago zirkulu zabala eginez. Autobuskadak eta autoak eten gabe datoz, amaierarik gabeko heldu eta joanean, 20tik gora autobus dago uneoro aparkalekuan. Jubilatuak, umeak, bikote gazteak, japoniarrak pila...: Ingalaterrara edo Londresera datorren orok nahi du hona etorri.

 

Heldu zen izurritea honaino ere: desinfekzio neurri zorrotzak daude sarreran zein irteeran. Ez dira agian ausartu monumentua bisitariei ixten, “closed” hitz madarikatua jartzen; ordez, prebentzio neurriak areagotu dituzte.

Gazteleraz ere bazen, hori erabili dugu guk, azalpen-entzungailua. Beraz badator gaztelaniadunik hona.

Ez dira sartu monumentu esparrura   hainbat eskolaume, ezta hainbat gazte zein nagusi ere, pila dira kanpoan gelditzen direnak, nonbait aurrekontu eta ekonomia mugatu edo murriztuekin datoz: pobreak eta pobreagoak turisten artean ere, giza kategoria madarikatuak beti, ekonomiak sortutako desberdintasunak gizarte maila orotan; errepideko sare ostetik begiratzen dituzte harriok, bertatik ateratzen harrion argazki eta “potorekuerdo”ak: nahiko hur gelditzen da errepidetik, baina sare ostetik eta ikuspuntu bakarretik ikuste dute monumentua, besteok inguratu egiten dugu, zirrikitu guztietatik begiratzen diogu, ikuspegi orotik ezagutzen, merezi du, ezberdina baita nondik begiratzen den arabera, argiak berak ezberdin biltzen du ikuspegiaren arabera..

 

Salisbury. Etxe apalek osatzen dutenez, zabala; inguruko kaledi eta auzoak etxe berdin-berdineko kalez osatuak dira, etxe koloretsu argiak batzuk, leiho-buelta zuria duten dena adreilu besteak, beha-leihotxoekin denak, denak erakargarriak, denak elkarri lotuak ilara luzeetan, bere berdintasun eta uniformetasunean politak. Hiri bikaina eta atsegina da erdigunea: ohi denez mota guztietako etxetxo xarmantak: xumeak, ederrak, bakoitza bera... denak erakargarriak. Ezberdinak. Hiri pospolina, handi-manditasunik gabe, handiputz arrastorik gabe, ez du hiri baten harropuzkeriarik; etorri eta ibili kaleetan harat-ona etxeei eta herritarrei begira. Plaza zabala, non baden zura ageriko eraikin ederrik; eraikion artean bada bat eraikin grekoen antzerakoa, ataurrea zutabe biribilez gauzatutako atariarekin; merkatu txiki edo merkatu merke eguna da gaur, bizi-bizia dago plaza: begiluze  ibili gara, saltegiei baino herritarrei so: janzkera, ibilera, portaera...: ez dago ezberdintasun handirik gureetatik hona, gaur egun globalizazioa janzkera eta portaerara ere heldu da. Biziki erakarri gaitu kapelu salmahaiak: uneoro zegoen bezeroz betea, gizonezko zein emakumezkoz, denak adinekoak, kapelok probatuz, irribarretsu. Zabala du ere saltegi erraldoien esparrua, ibaitxo oparo garbia doakio erditik, hiri ertzean baina hiritik bertan, bertatik bertara joan ahal da erdigunetik oinez.

Katedrala. Hiriko altxorra, erruz datorkio bisitaria. Zuhaitz eder eta ugariz erakargarria den belar-gune zabal baten erdian kokatua, horma xume batek inguratzen du esparru dena, zeini bi ate geratzen zaizkion, hormari ez dagozkion ate ederrak, ia gotorrak; eliza ez ezik horma barruko esparruan, belartzaren ertzean, elizgizonenak diren  edo ziren etxebizitzak, sekulako plaza osatuz. Sekulako fatxada eta sarrera, santu-irudiz, horma-zulo eta atetxoz, arku eta arkutxoz, biribil eta orratzez dotoretu apaindua; berritu berria, argi horixka sekulakoa agertzen zaie gure begi harritu asperrezinei ateburua zein fatxada osoa. Belztua dago, berriz, gainerako hormateri oro: handia behar du izan kutsadurak, belzten hasiak baitaude lehengo garbitutako zatiak. Gurutzadura erditik luzatzen zaio dorrea,  tzarra, orratz  zorrotz luze dotorea, zizelatua tarteka: Ingalaterrako luzeena, izan ez ezik itxura ere luzearena ematen du bere 123 metroko garaierak. Fatxada ikusi ondoren, etsipen sentipena izan zait barrua, hain da austeroa, hain dago biluzia; baina laster adiskidetu naiz barnealdearekin ere: izugarri luzea, 137 metro, luzeagoa dirudi oraindik ez baitu koruko arkuak mozten edo erdibitzen; tunel gotiko magikoa da, luzea, garai-garaia, estilo bera izatean eliza osoak ez du inolako mozketarik, luzera bakar berdinean ikusi ahal duzu; gorazko sentipen bizia sortarazten du, gorantz doan irudia eskaintzen du eskaini ere, hiru arkuren batasunagatik seguru aski, hiru arku ilara baitira hormetan, estilo eta jite berekoak hirurak, hirurak zutabe mehe biribil beltzekoak, kontrastea egiten dute¸ arku-buru puntazorrotzekoa da arku bakoitza, bata bestearen luzapen, arku bat bakarra bailitz. Ezustea sortarazten du koruak ere: xumea dirudi lehen begiradan, hurreratu eta begi zulo minez begiratuz zurezko taila ederrak eskaintzen ditu; pintatuta dago koruko ganga, baita osteko kaperakoa ere, gizairudi ugari ezberdinez, eta marra fin koloretsuz, polikromatuak dira arkuak, hala dira korutik aurrerako arku denak, kolore gorria nagusitzen zaie. Koru osteko kapera: ez du aldarerik baina bai antzinako zurezko Amabirjina higatu zamarra, ederra, begien gozamena; landuak ditu hormak, kapera ederra izan zela erakusten duten hondakinez oparo. Elizako besoek, kapera eta hilobi ederren kokagune izateaz aparte, ez dute ezer berezirik. Kapera asko eta ederrak, asko eta ederrak etzaniko gizairudi maisuki zizelatuak, begien opari; ugariak dira zizel-lan eta artelan paregabeak, ohizko marmolezko oroit-irudiak hormetan, harriak dirauen bitartean eternitatean dirauten jauntxoak. Harrizko hilobiak 3 nabeen arku bakoitzeko azpian. Elizako zoruan dago jarria Erdi Aroko erlojuaren makineria, soka luzeak luzatzen zaizkio ez dakit non dagoen erlojua ibil dadin. Klaustroa: Ezereztxoa iruditu zaigu hau ere lehen begiradan, hain dago biluzia, baina arku, leiho eta gangako nerbioteria bikainak ditu, nahiz denak kolorge eta desitxuratua ageri; bada kantoi batean berrikuntza lanetan bere tokitik kendu zuten kapitela: sekulakoa!!!, sendotasunez eta handiz. Kapitulu gela: klaustroan ohi denez, bikaina, aparta,  biribil, zabal garaia, erdiko zutabean oinarritua du osoki ganga; ganga bera ere ederra da, pinturaz dotoretua. Carta Magna: Karta Handia, katedraleko altxorra, bitxia eta berezia, gelditzen diren bakanetatik irakurri ahal daiteken bakarra omen da. Erregeari bere eskubideak murriztuz, inausiz, herriari eskubideak izateko ahalmena ematen zion itunaren textoa: ia noiz kentzen diogun Espainiako Erregeari Konstituzioak ematen dion ukitu-ezin hori, izan baitu zer salatu.

 

Txerri granja brist-brist eguzkitan ispiluak bailira, metalezko aterpetxoak, ikusezin bihurtzen dira txerriak, hain dira kolore bereko lurrazala eta zerrien larrua.

Lastozko teilatu bikain bat, etxetxo erakargarri petoak azken aurreko herritxo batean.

 

Andover ere ezagutu dugu, beste ertz batetik sartu baikara gaur kanpaleku bila: txaletxoek osatzen dute inguru dena, oso pospolina da erdigunea, zuhaitz eta berdegunea franko du: lorategia dirudi.

 

Kanpalekutik irten eta berehala jeepa, helikoptero militarra gero, beldar-tanketa Stonehenge aurreko borobilean, tanketa bat  Salisbur-ko kaleetan, Army Corp Museum: harrizko kilometrotako hesiz gordea eta arrisku-ikurra daramaten bandera gorriz barnera ez sartzeko oharra, Aire Armadako Museoa geroago aireportua iragartzen zuten esparruan, helikopteroa berriro arratsaldez harat-honat etengabeko tarte luzean ...: itogarria da ejertzitoaren presentzia, gaur, ez ezik bi hilabeteotako ia egun orotan.

 

81 kilometro, azkenak eta erakargarriak

 

Bi intxaur arbola ditugu kanpalekuan, Mispillibarko ataria dirudi gure etxola-urreak.

 

“Onan”. Aitor Arana. Frantziako Bretainia herrialdean izan zen, ez dut gogoan zein herritan, nahiko hegoan nolanahi. Basoa genuen kanpaleku alboan, nahiko zikin eta nahasia. Hurrean zen hiria bera ere. Goiz heldu ginenez ibilalditxoa egitea erabaki nuen. Gizonezko nahiko helduak sumatu nituen basoan, ibili lasaian; begirada bereziz begiratzen zidatela uste izan nuen, norbaitek jarraitu ere egin zidan. Gero jabetu nintzen lan bila zebiltzan homosexualak zirela, agian bere zerbitzu sexualak eskainiz, herritik at gordelekuetan zebiltzanak. Hauek ez zuten Onan liburuko pertsonaiaren aukerarik sexu arazoetan.

 

 

Ekainaren 27.a   -   Asteazkena     57.a  -  1.a

 

Etxera goaz !!!.

 

Behe-lainoak hartua du dena goizeko lehen ordutik, zirimiria ere ari da:,une batez argi nahi zuenaren keinuak izan dira ere, baina beherago eta hartuago, lainope itsu-itsuan genuen Dover Ingalaterrari azken begirada bota diogunean ferrysetik. Despedida gisa, ia egunerokoa izan dugun eguraldi berarekin agurtu nahi izan gaitu Erresuma batuak.

Despedida gisa hauek ere ia egunerokoak izan ditugulako edo, ezin huts egin, jeep militar bat izan dugu errepidean hasteko, kamioi konboia geroago, jeepa berriro, Londres inguratze bidean beste bi militar auto izan ditugu bi une ezberdinetan.

Holandar oso guti ikusi dugu aurtengo ibilian, baina hara non holandar autoa zen gure aurrekoa ontzitzarraren barrunbera sartu garenean.

Nabaria da hasiak direla erresuma batukoak oporretara ateratzen: opor-giroko jendeteri eta autoteria sartu da gurekin batera ferry berean.

 

 

FRANTZIA

 

Martxan dute Frantzian sukar izurriaren aurkako kontrola autoentzat. Baina nork eta nola kontrolatzen ditu gure oinetakoak eta arropak, aldekoak eta autoan daramatzagunak?.

Lainoak itxita dugu erabat ikuspegia, baina beherago eta  garbiago, Arrasera bide-gurutzetik aurrera  hasi da eguzkia berotzen. Aldaketa nabarmenak ditugu paisaian ere, makaldiak eta makal ilarak, teilatu gorriak, etxe-orratz erraldoiak hiri ororen inguruan; arto-sailak Frantziara sartuaz bat, Erresuma Batuan ikusi ez duguna. Horitzen hasia da lurraldea, beherago eta horiago, hortaz ez da aldaketarik.

Abiadura Handiko Trena, hiruzpalau aldiz izan dugu alboan, ziztu bizian. Nork du hainbesteko presa leku batetik bestera arrapataka joateko?. Politiko eta negoziogileek egun batean joan etorria egin ahal izateko?; diru arazorik ez dutelarik; egun batean joan eta bestean etorri  egitea besterik ez dute, hotelean lo eginda; ala beraien denborak eta dirua eginbeharrak natura hondatzeko adinako garrantzia dute?; agian amorantearekin denbora gehiago egon ahal izateko behar dute tren bizkorra eta etzanekoa, zeren itsasgizonek portu bakoitzean bezala, politiko askok  maitale bat izanen du hiri bakoitzean.

Picardia, katedralen lurraldea: Ingalaterra bai dela, katedralen herrialdea.

Ingalaterran eliza-dorreek lez, makalak dira hemen goranzko orratz zorrotzak lurralde lauan.

Harrituta naukate trailer gidariek, ze erraztasunez sartu ahal duten kamiotzarra tarte mehar batean.

Egiten dituzte autobide zabal eta bizkorrak, baina tarteka ordainketa-txaboladiek bihurtzen dute autobia pasabide estu. Ziztu bizian aurreratu gaituztenak edo ditugunak, elkartzen gara bertan.

 

Izugarri luze bihurtzen da Paris zeharkatzea. Ze kirtenkeria egin dugun hiriekin, munstroak egin ditugu, irentsi egiten gaitu munstroak, bere legea inposatzen digu, hiritzar batek ihesbiderik ez duten bere lege propioak ditu gizakiak jarritakoen gainetik. Bare eta barraskilo bihurtuta doaz orduko ehunka kilometro egiteko sortutako makina bizkorrak. Zerk eragin du Parisi ez egitea  zeharbide bat, Londresek duen bezala, ez ote die etekinik ematen politiko eta agintariei herri errepidegintzak. Kilometrotako, ia ordubeteko, butxadura izan da Parisko zeharkaldia.  Izugarria erraldoi dager, etxetzarteria beldurgarria, errepidea argitu, ibilia arindu zaigunean, uste izan dugu tarteka Paristik kanpo ginela, baina han agertzen zaigu beti hiritzar erraldoia. Pariskoa ez da bide-sarea, mila adar dituen errepide bat baizik: ikusi izan ditugu sare diren errepideak, elkarrekin nahastuz eta korapilatuz, gainetik eta azpitik. Gaineko zubiak besterik ez du Pariskoak. Ikurrina duen autoa bat Parisko zurrunbiloan, Iparreko matrikula zuen, nolabaiteko hurbiltasuna sentitu dugu, ez ginen bakarrak, Euskal Herriko beste zatitxo bat hemen zebilen gu bezala auto uholdeak harrapatuta. Val de Fontenai: jendetza geltokian, azal beltzeko jende piloa nabarmentzen da, kopuruz ere nagusitzen: etorkin asko behar du auzo honetan. “Parisek merezi du meza bat” esan zuen errege batek, Paris zeharkatzea ordaindu behar dugu guk bidaia gauzatzeko.

Onik atera gara gaurkoan Paristik, Sena eta Jesusen bihotza ikusi gabe, Versalles zeharkatu gabe!.

 

Orleans bidean. Eliza-dorre bitxi dotore zenbait: txiki-txikia, dotorea, ezberdina, karratu antzerakoa dorretxo koniko ilun bat ertz batean duela bat. Bigarren bat, erromaniko jitekoa hau, teilatu konbentzional betikoa du, teilatu pikoko txabolatxo nanoa bailitz: horrek egiten du erakargarri.

Horitu da erabat lurraldea, zuhaitzak dira berdegune bakarrak;  nolanahi falta zaio Ingalaterrako lurraldearen dottoretasun ukitua, agian hesi berdeak dira  ukitu horren arrazoi; hemengo sailak oso zabalak dira, Ingalaterrakoak berriz askoz txikiagoak, sailkatuagoak behintzat, hemen nekazari bakarrak lurralde zabala duela dirudi. Ingalaterran berriz banatuagoa, nahiz hesi berdez sailkatutako sail denak bakarrenak izan; badirudi lurralde hau beti izan dela landua, hangoa berriz ez, jauntxoen aisialdi gune izan dira; larrea eta lur landua nahasian daude han, hemen berriz dena da lur landua. Ureztaketa ere era erraldoian egiten da hemen, ureztatuko lurralde ikaragarri zabalak dira, sailon neurrikoak ur parrastadak ere.

Nolako zirrara harrotzen duen argindar zentral erraldoiak, bi tximinia borobilean eta altueran digante, ur-lainoa eta ke-lainoa bereiztea zaila egiterainoko lainotzar zuria jaurtiz. La Loire ibaia doa bertatik, nork jakin zentral nuklearra ez denik eta ibaiko ura ez darabiltenik hozte lanetarako, nagusi baita hainbat astakerietan Frantzia. Edozein argindar giltzari eragiten diogun bakoitzean, hondamenditxo ekologikoa sortzen dugu.  Eta hori gabe ezin gara bizi!. Gizarte eroa gurea!.

 

Lurrean itsatsitako eraikin ilunak dira Tours inguruetako etxeak, lurrean eta lurretik bizi den jendearen bizitoki.

 

746 kilometro, Paris eta Londres zeharkatuz, etxera bidean.

 

Lo kamioi artean, ohi dugunez bidaiotako joanaldi luzeetan.

 

 

Ekainaren 28a.   Osteguna.  58.a - 2.a

 

Tourseko etxe-orratz zuriak, gatozen bakoitzean deigarriak.

Arto-sail eta zuhaitzak ezik, dena da hori.

Politikoek errepidearen aukera egin dute trenbidea gutxietsiz garraio arduran. Zer da tartean, petrolio interesak, kamioi egileen presioa, ze interes dago tartean!.

Ortzadar gerta zaigu une batez ureztatze txorroztada luzea. Lipar bateko mirakulua.

Mota berde ezberdineko lautada berdea da Frantzia.

Frantzian ere bazterrak ez daude garbiak frantsesak garbiak direlako, bazterrok garbitzen dituztelako baizik. Hain zen nabarmena bi langileek autobide bazterra garbituta eta oraindik garbitu gabe zuten bi zatien aldea.

 

Landak: Bordele eta Baiona artean kokatzen du beti gure irudimenak lurralde hau baina askoz gorago luzatzen da.

 

Baiona aurretxoan entzun ahal izan dugu Euskadi Irratia, Euskadin gaude, Euskararen barrutian. Halako etsipena sartzen digute lehen albisteak: hauteskundeak dira, baina joan gineneko albistegi ber-bera ziruditen entzun dugunak.

España jartzen du Gipuzkoako muga zeharkatu bezain laster agertzen den letreroak, Gerora dator Gipuzkoa kartela. Euskadi edo Euskal Herria ez da inon ageri. Nabarmena da nork, nortzuk, dauden agintaritzan, bai Madrilen bai Euskadin.

 

Atzo Paris, gaur Tours, Poitiers, Bordele... Pasaia, Errenteria, Donostia, Andoain, Lasarte... bi hilabetetan Erresuma Batuan ikusi ez ditugun etxe-orratz eta etxetzar multzo pilak ikustea tokatu zaigu bi egunetan. Egia da hiri industrialetatik at ibili garela Bretainia Handian. Hondamendi lotsagarria bat egin dugu Hego Euskal Herria ere. Beste munstro handi bat. Eta harro gaude gainera herri industrializatu eta aberatsa dela eta. Dirua eta bakar batzuen interesa jarri dugu herriaren interesen aurretik. Pinudi bihurtu genuen aldi batean, zementu eremu bihurtzen ari gara orain.

 

Sakanerria. Arnasa.

 

672 kilometro, etxean utzi gaituztenak.

 

Albistegiak bezain sentipen hitsa sortu dit Euskal Herriko paisaiak, dena pinu edo dena berde.

 

Kilometroak:

Denera:              13.272

Bidaian:             2.221

Ingalaterran:    5.951

Eskozian            3.642

Galesen              1.458

 

 

 

Laburtuz

Errepikagarria egin zaigu bidaia orokorrean, antzeko paisaia, herritarretan ere bereizketa handirik ez

Ingalaterra: lautada, mendi-muinoak, larreak, artaldeak, behi aldrak, adreiluzko etxetxoak, eliza-dorre antzerakoak... Katedral gotikoak, ederrak baina beti gotiko egitura berekoak.

Gales: Ingalaterraren osagaiak errepikatzen ditu gehien bat, hemen etxeak zuriak direla litzake aldagai nagusia paisaia urbano aldetik.

Eskozia:  Ingalaterraren erabat ezberdina iparraldea, baina hau ere errepikatzen da, bere baitan baina: laku, mendi, mortu, itsasadar...

Eskozia eta Gales baino aberatsagoa iruditu zaigu Ingalaterra: etxeak, janzkera, igandetako giroa,  kanpinerako joera...

Ingalaterrako lurraldeak badu dottoretasun ukitua, agian pelikulak eman dioten aurreiritziarekin begiratzen diogu.

Gazteluak. Asko dira, erakusgai daude.

Indiako indiarrak: erruz, ezagun da Ingalaterraren kolonia izan zela India.

Atzerritar eta beltz guti.

Ez da gorpuzkera edo gorputz egitura fisiko berezitasunik, gorpuzkera oro da antzerakoa, indioena ezik. Ingeles nagusiek, batzuk,  eta emakumeek batez ere, dute ingelesei dottore fama eman dien figura hori.

Emakumea, aldiz, ez da larregi zaintzen, emakume  asko dago oso gizena dena, edo gizen punttuan dagoena, ohikoa da emakume  gizen zatartua gizon argalaren bikote.

Belar-gune eta parkeen erabilpena:  eguraldi ona den edozein ordutan etzan edo eseri egiten da belartzan, gizonezko zein emakumezkoa, gaztea zein nagusia, parkeetan zein plazetako berdegunetan, solasean edo egonean, edo mokadu bat jaten eguerdian

Eguerdiko mokadua: denek jaten dute mokadu bat eguerdian, bazkaria nonbait, eguerdiko laneko atsedenaldian, kalean, parkean, edozein lekutan, zutik edo eserleku batean. Eskaintza zabala dago kalean bertan zein dendetan, zein errepideko geldiunetan.

Bizikletarik ez dago, ez herrietan ez errepidetan. Oso guti.

Auto berri garesti asko.

Kanpalekuak, berdegune atseginak dira, txukunak eta zainduak,  bete egiten dira asteburuetan.

Asteburuak: igandezale asko ateratzen da egun-pasa.

 

Burutazioak

 

* Gaztelania harroa ez da ia inon agertzen, ezta turista-gune nagusietan ere. Ez gida-orrietan, ez oharretan, ez inon; ez da inon gaztelaniazko egunkaririk ere agertzen. Italiarrak ordea denean du presentzia.

* Ia denek dakite badela Euskal Herria, liskarra dugula ere askok, agian horregatik dakite garela.

* Indiako indiar asko dago Ingalaterran, beltzak aldiz oso guti, atzerritar nabarmenak ere guti, turista kanpotarra ere guti, hiri famatu bakarretan ezik.

* London beste mundu bat da, ez da Ingalaterra, Ingalaterrako hiriburua bada ere

* Militarren presentzia, itogarria da, erabatekoa egunero eta edonon, errepidean ez bada kaledian, airean edo errepide ertzeko kuartelean, beti izango duzu ejertzitoa zurekin. Ez digu hutsik egin ia egun batean ere.

 

Oroipenak

Hirien artean gogoan eramango ditugunak: Rochester kale-arteko giroagatik, Canterbury katedrala eta kalediarengatik jite horretako lehenengoa izan baizen, Coventry katedral berriagatik, Cambrige txaskoagatik, York kalearteko giro xarmantagatik, Edinburgo kale-arteko noraezeengatik.

Eskozia. Highland lurraldea ez zaigu ahaztuko, gain-bailara mortuak, itsasadar luze kiribilduak, lakuak, ibaien sorrerak, txilar-mendiak...

Gales: Llandudno uda-herri eder lasaia eta Conwy Erdi Aroko hiribildua, xarmantak, iraungo dute gure oroimenean, baita mendi-bideko ibili gainbeheratsu piko bakartia ere. Ingalaterra antzerakoa gogoratuko dugu. Galesera ez genuela entzun ere.

Eliza gotikoak: zaila da bat apartatzea hainbeste ikusgarrien artean. Perpendikularra, normandoa, loratua... Gure erromanikoa hemengo normandoa dela eta normando soil guti dagoela.

Izurritea: barne astindua eman digu bere aztarnak ikusi ditugun bakoitzean. Bretainia Handiko zoko bakartien zein ederrenetan aurkitu dugu: ibiltzeko debekuak bide-gorrietan, granja hertsiak, larre zigilatuak, museo closed ... Izugarria.

Berdetasuna: dena zen berdea Bretainia Handian, belardi ebakiak agertu ziren arte; aldiz, dena txilar Eskoziako mendiak,

Kanpalekuak: herri bakoitzak du berea lurralde askotan. Zainduak eta txukunak, denak berdegune.

Hesiak: Zuhaixka-hesi berdeak zein harri-horma ilunak, lurralde berdeak sailkatuz.

Golfa: herri bakoitzak du bere golf-zelaia.

Galesera eta Gaelikoa:  errepidetako norabide eta ongietorri karteletara mugatua.

Emakume gazte lodiak: ez-ohiz ugariak, gizakume argalaren alboan sarri seme-alaba txikiz inguratuta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.