BIDAIAK 2002-ITALIA
Maiatzaren 8a. Asteazkena. 4.a-I.2.a
“Bisean bis berbetan”. Presoen lanak.
Arantza Eziolaza:
“Qué fuerza tienen las palabras”. Bai, eta ez. Norenak diren eta noren belarrietan erortzen diren, hor daude mugak.
Nekatuta geunden. Ziplo lo egin dugu, komunerako jaikitzeko ere esnatu gabe.
Dena da zuhaitz, ozena da txori-kanta, zozo pila dabil, zuhaitzetan kantuan zein belatzean astarka. Aurrez aurre dugu itsasoa, eguraldi ona balitz hondartzara jo edo belartzan itsasora begira ordu lasaiak egiteko bezalakoa. Baina, bestalde, oso kanpin xumea da zerbitzuei dagokionez, komunak eta gainerako oinarrizko osagaiak besterik ez ditu, hain sinpleak, ze, badirudi mendi-aterpeko batekoak direla, inolako dotoretasunik gabe, inola ere ez erosoak. Garbiak bai. Jendez gainezka dagoenean izanen dira kontuak, oso gutxi baitira zerbitzuok.
Zaldi bat ere bada itxituraz bildutako esparru batean: zaldi mozoloa, zuria izan behar zuena, gehiago dirudi gurdiren bat garraiatzeko erabiltzen dutela.
Ibilbide motza egitea erabaki dugu, neke gehiago ez pilatzeko, eguna patxadan hartzeko. Eguerdi aldera atera gara. Ez du atertzen, Euri mardula da lasterrera ziri-ziri hazi dena. Badirudi gurekin dakargula euria Italiara.
Hona beheraino luzatzen zen erromatarren Via Apia errepidea. Antzerako arrastoak jarraitzen ditu gaur egungo errepideak, izen bera eman diote SS7 errepideari.
Zuhaitz asko dute behealdeko mendixkek, olibondoak dira gehienak, olibondoa da nagusi. Zapaldez mailakatuta dago hainbat mendixka, harrizko hormez sorturiko mailak, gaur egun utziak, dena belar edo sastraka. Dena dago berde jori, natura lehertzen dago. Baratze asko, ibilbide osoan aurkituko dugu itsasertzera arte, baratze txikiak, familia bakoitzak bere baratzetxoa du nonbait, txukunak eta prepezioz landuak.
Itri. Errepideak erakutsi digu han goian, etxe zintzilikatu eta pilatuak mendi hegian. Italiako etxadi betikoa, kolore ezberdinez pintatutakoak baina urteek kolorgetutako etxeak, pintatu berrian alaiak zitezkeenak, gaur egun tristeak. Baina halako nortasun bere-berea dute herriok; ezberdinak dira, herri italiarrak. Herria zeharkatzen du errepideak. Italiako herri petoa, ez dugu ezer deigarririk ikusi etxe kolorgetutako kaleotan.
Erromatarren galtzadako arrastorik ez dela elkarri aipatzen diogunean, hara non agertzen zaigun berreskuratzen eta garbitzen ari diren Via Apia galtzada erromatarra, erreka-zulo gainetik, harri gorrizko horma eta petrilekin. Euriak ez ezik, errepideak berak ere ez du uzten gelditzen, baina halako ezustekoa izan da: luze doa beheko bailaratik goraino, galtzada sendo eta zabala, ibilbide tentagarria izanen da garbitze eta egokitze lanak bukatzen direnean.
Fondi. Hiriak ez du ezer apartekorik.
Monte San Biagio. Hegian eta magalean pilatutako etxe multzo handia, bere eliza eta gotor gunearekin. Ohiko etxadi kolorgetua eta ohiko italiar herrion itxura; ez dakizu zerk eraginda, baina badute halako tira berezia herriok, nortasun petoa, Europako beste herriengandik bereizten dituena. Izan da ate bat, izena izan zaiguna deigarri, berez hondatua, herrira sarrera gotortua izana, baina inola ere deigarri ez dena.
Tren-geltokian, gizonezko lodikotea, bere uniformearekin, tren-bagoi gainera igota argindar kableetako zerbait konpontzen: Italian soilik ikus daitezke holakoak, agian Espainian ere.
Etxeak mendiko magaletan sakabanatuta bakardade osoan.
Hemen dabiltza oraindik errepidean motogurdiak, arazo larriak sortuz tarteka, bizkor joan nahi duten autoen oztopo probokatzaile.
Itxura bitxia hartzen du inguruak Tarkinia aurrean: laku zabal-zabala, itsas kontra-kontran baina ez zaio itsasoarekin loturarik ikusten, goitikako uren biltegia nonbait. Berezitasuna ezartzen diote inguruari hainbat eta hainbat irlek. Zuhaitzez oparo diren lursailak, ura eta lurra besarkatzen dira elkar kiribilduz. Errepideak zeharkatzen du une batez, bestalde ubide antzerakoek halako itxura berezia ematen diote. Ertzean badira gaztelutxo edo behatoki gotor karratuak.
Terracina. Herri handia. Tarte labur batez soilik jaitsi gara autotik, ez baitu euriak atertzen eta gogaikarri dago oinez ibiltzeko, aterki zabal baten pean ere. Beheko lautadan zabaltzen da hiri berria, mendia osoki hartuz dago alde zaharra: kale estuak, aspaldiko harrizko ate eta leiho ugariekin, kalexka bihurriak, Erdi Aroko giroa eta usaina gordez, gizaldiz atzera jauzia egitea da kaleotan sartzea. Etxeak, ohi denez, hondatuta daude. Mudejar itxura du elizako dorreak, deigarria da. Behean bada eliza handi bat, zutabe borobil sendoak atarian eta zutabe borobil sendo ilarak barnean, erabat zuria eta argia, dena aldarez, santu-irudiz eta kaperaz betea.
Herriko sarreran, nabarmen, herri berriaren sail luze batean, amildegi eta harkaitz beldurgarriek gordetzen dute hiria, higadurak forma bitxiz tailatu dituzten harkaitz bertikalak, harkaitz tantai erraldoiak barrenetan. Badu portua: moila luzexka, babesa eskainiz ontzitxoei.
Erakargarria da Formia arterainoko ibilbidea, kilometro askotako luzaroan. Negutegiek estaltzen dute barrualdeko lur zoroa zabaltasun osoan, kanpinek, aldiz, itsasertza, dozenaka kanpin, udatiar asko datorren seinale.
Sperlonga. Itsas kontrako herritxoa, haitz gainean pilatutako etxe multzo zurixka. Pobrea izan behar duen itxura du. Bisitari izanen gintzaizkion egun ateri eta argiagoarekin.
Gaeta. Hemen ere mendi tontor eta magaletako hiri zaharra, behe-lautadako hiri berria bereizi behar zaizkio. Eliza aparta erakusten du albo bateko goi samarrean, gotiko landua; dorre lerden bat goratzen da gazteluaren azpiko etxadia artean, adreiluzko bitxia kubo antzerakoz gotortua edo dotoretua. Gorenean gotorleku erraldoia, babestu baino gehiago herria mehatxatuz. Digante erraldoia. Badira beste hainbat eraikin antzinako hondatuxeak edo utziak. Portu zabala du, arrantzontzi asko, ontzi txikiak, arrasterako gailua buztan dutela denak; arrain saltzaileen saltegitxo ugariak portu hegalean. Belaontzi eta antzerako ugari. Agerian du herriak udaleku dela, bisitari, igandezale zein udatiar asko datorkiola.
Atsegina izan da kostalde osoa, ugariak dira hondartzak, baita harkaitz biziko kosta zatiak ere.
Eta besterik gabe etxeratu gara. Etxeko epelera eguraldi lardats honi irtenbide onena delako.
Eta honenbestez ohitu gara gidariekin: ez gara harritzen edonola eta edonon aurreratzen bagaituzte, elkar aurreratzen badute, edozein motako marren gainetik, polizien aurrean ere.
99 Kilometro, eguraldiak kolorgetu dizkigunak
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.
“Euskal Herria munduko lekurik arriskutsuena dena euskaldunentzat”. Napoli eta Sizilia aldea ere arriskutsua omen bidaiariarentzat. Onik aterako gara hortik ere.
Maiatzaren 9a. Osteguna. 5.a-I:3
“Bisean bis berbetan”. Presoen lanak.
Asier Laretxea:
* “harresi guztiak suntsitu nahi eta ezina / izarrekin gauero legez bakarrizketan”. Gaueroko izarrei begiratuzko ibilitxoa zait bidaietan baregarri, egunean eraikitako hainbat harresien suntsigarri.
* ”Ez naiz heriotzaren esperoan egonen”. Esperoan ez nago, baina badakit herio edozein bidegurutzetan dudala zain, bidaia da herioari kasurik ez egiteko moduetariko bat. Ez nagokio etxean zain.
* “Handiak ttikia irentsi du, Dabidik gabeko Paradisuan”. Italian ere handiak txikia irensten du. Kalean nabari da. Pobreak eta aberatsak daude hemen ere.
Eguzkitsu esnatu zaigu eguna, poza dakar bihotzera egun argitsu baten itxaropenak. Baina hara non euri zaparrada eguzki biziarekin batera: arbola arteko airea une batez perla dirdiratsuz bete da, lanpara magiko bat piztu balitz lez.
Montecasinoko Abadia da gaurko helburua. Hiru abadia daude inguruan, nahikoa dugu bakarrarekin, Montecasinokoa aukeratu dugu, hurren dagoelako, gerra garaiko oroimenak dakarzkidalako, gaztetako mito lez geratu zaidan seminarioan ikusitako halako pelikula batenak batik bat.
Ikasi dugu eskuin-eskuinetik joaten, ziztu bizian errepide erditik aurreratzen zaituen ipurterreak sortarazten dizkizun sustoak ekiditeko, baina aldi berean ikasi dugu ere aurrez inor ez datorrenean aurrekoa aurreratzen, nahiz erdiko etenik gabeko arraia zuria zapalduz.
Izugarri dotore dago Gaeta bai badia bai hiria, baita muturra osatzen dion etxe multzoa ere.
Paisaia ez zaigu aldatu kostaldean, menditzar mortuak dena harri, oinetan aldiz zuhaiztia, bertan gordeta etxe bakan sakabanatuak. Lur lauetan ortuak, olibondoak ugari, sail txikika, badirudi etxe bakoitzak bere sailtxoa duela, urterako olio ateratzeko edo. Baina ez da paisaia batere atsegina, narras planta du, tristura dario.
Aldatuz doa paisaia, barrurago eta berdeago, barrurago eta zabalago. Ugarituz doaz beheko mendixkak, zuhaizti ugariz estaliak, erabat berde, etxeak hausten dute berde uniformetasuna. Badu bere xarma. Baso bihurtu dira mendi-muino batzuk, nahiz ez duten Sakanako basoen joritasunik; ez dira baso trinko lerdenak, zuhaizka baxukoak baizik, zulogune eta mendi arteko ebakiduren inguruetan lurrari egarriz atxikitzen zaizkion zuhaitzak, bertan metatzen eta pilatzen da gehien nonbait lurra eta ura.
Herriak dira deigarriak, lur kolorekoak, mendiari itsatsiak, etxe multzoak mendi magal eta tontorretan.
Casino aldean lurraldea erabat lautada bihurtu da, ordeka neurri gabea, oso urrutian jartzen baitiote muga mendiek. Lurralde arbolatsua eta landua.
Ausonia. Ez du aitatu ere egiten gidaliburuak, baina bere nortasuna eta indarra du orokorrean begiratuta: gaztelua eta eliza zaizkio gandor, beherantz etxadia kolorgetu triste, hondatuxea; utzia dirudi eta halako zirrara sortarazten du: bere hartan zahartu eta usteltzen dagoen Erdi Aroko herriaren jitea du, bina oraindik gotorra eta sendoa izandakoaren arnasa geratzen zaio.
Bi harrobi ditu mendi-magal berean: urrutitik harrobi bat zirudien herriak berak ere, hain zen lur kolore.
Montecassino. Ordeka erdian kokatzen den mendixka. Abadia: tontorrean dago, tontor osoa betez. Kokagune estrategikoa, horregatik gotortu ziren bertan alemaniarrak amerikarrek Napoli hartu zutenean, horregatik eutsi zieten poloniar eta ingelesen erasoei urte erdi luzez, Erromara bidea zaindu eta oztopatuz. Oinezkoek berenez ezin, eta azkenik egun batez amerikarrek erabat suntsitu zuten bonbardaketaz, ondoren oinezkoek, batez ere poloniarrek, egin zuten azken erasoaldia. Alde egitea beste aukerarik ez zuten eduki alemaniarrek. Afganistanenen aurten erabili duten teknika bera: bonbaz maspildu, oinezkoak bidali ondoren. Digante makal baina indartsuaren teknika. Ingelesek, amerikarrek, italiarrek, frantsesek eta poloniarrek bakoitzak dute bere hilerria, poloniarrena ikusi ahal da monasterioko balkoi-begiratokitik. “Poas” edo zerbait antzerako esan dit errespetu osoz gizon batek begiratokian, gero ikusi dut bazela poloniar autobus bat, taldekoa zen gure gizona, harro eta hunkitua zegoen bere herritarren hilerriarekin. Monasterioan ez da suntsiketaren inolako arrastorik ezta aipamenik ere. Museoan argazki sorta bat, liburu-dendan gaiaz ari den liburu bat salgai, postal bakar bat suntsitutako eta eraikitako monasterioaren bi argazki alderatuz.
Bihurgunez bihurgune egin dugu errepidean gora; urkila diren 6 bihurgune nagusi ditu errepideak beste hainbeste behatoki bihurtzen da errepidea, izugarrizko ikuspegia eskainiz bailara gainean.
Erruz datorkio bisitaria. Hogeitaka autobus baziren gaur. Eskolaumeenak gehienak, aparkaleku zabalak daude bisitarien ugaritasunaren erakusgarri. Ez dute sarrerarik kobratzen alajaina!!!.
Monasterioa: izugarrizko eraikintzarra da. Neurri guztiak gainditzen ditu, ejertzitoa bat izan behar zuten monjeak eurak ere hori dena bete eta erabiltzeko. Gehiago dirudi palazioa. Beneditar hauek ez ziren inola ere austeroak. Bi patio edo klaustro zabal arkuz inguratuak, zabalgune handia bien erdian, bertan izugarrizko ikuspegia duen balkoi-korritua, iturria eta mailadi zabal luzea elizaraino, han hemenka santu-iruditzarrak. Azpian gaur egun museo bihurtuta monasterio osoa hartzen duten bazterrak. Gainean hiru solairuko harri argiko eraikintzar karratua. Elizak behar du aipamen berezia: liluratuta uzten du. Hiru nabe, dena kolore aunitzeko marmolezkoa, gorrizka nagusitzen zaio, kolore ezberdineko marmola marmolean itsatsita, josita, marrazki eta irudi ezberdinak lortuz. Eliza osoa da horrelakoa. Taila apartak dira koruko aulkiteria, sekulakoak; ipurdiko oholak, aldiz, leunak dira. Kripta dena da mosaiko aparta, horma zein gangak. Ez dakigu zenaren berdina eraiki zuten, ala nolabait ezberdina.
Ikuspegia sekulakoa da, inguru guztira, lau haizetara begira, urrutiko mendiarterainoko ordeka zabala, berde eta joria begien bistan.
Mendirik mendi, gora eta behera, herritxoz herritxo, bihurgunez bihurgune egin dugu etxerakoa, mapan herri-bide hori mehea arren, zati bat ezik zaindua eta erosoa den errepidetik. Goietatik ibili gara uneoro, azken unean mendi soil mortuetara heltzean goitik behera pikean itsasertzera jaitsi garen arte. Behatoki bat da errepidea, goietatik beheko mendiarte eta bailarak erakutsiz, ikuspegi zabal eta atsegina eskainiz. Gozamena, bidaia paregabea.
Etxe inguru zainduak, nahiz ez politak, ondo-bizien etxeak dirudite, badirudi asteburu eta opor pasarako etxetxoak direla. Ez dugu elizarik ikusten, herri hasietan ez bada, ez gara jabetzen behintzat. Futbol-zelaia aldiz herritxo denetan ondo iragarrita dute nondikakoa marraztutako geziekin.
Jatetxe asko dago lurralde osoan, baina kanpotik begiratuta jatetxe xumeak dira, inola ere ez dotore edo zainduak, inola ere tentagarriak.
Motogurdiez gain, ugaria dira auto txikiak ere, aspaldietako fiatiloak, fin eta bizkor oraindik errepideetan, lotsatu gabe.
Ahuntz-taldea eta artaldea bat. Irakurri dugu etxe aurre batean salgai zutela bertako gazta.
Olibondoa da zuhaitz ugariena, ugaria da mahastia ere, ugariak dira fruta-arbolak, etxe bakoitzak du gutxienez pikondo bat. Egiten dute etxerako adina. Zipres asko dago, Toscanan antzera. Behe alderantz, ugariak dira gerri garaiko eta buru zabaleko pinuak, ugari gorantz hazten zaizkie adarrak argimutil baten itxura hartuz.
Garigrano ibaia zeharkatu dugu, zabal eta sendo doa, bera ere berde, inguruaren ispilu.
Arce. Mendiari itsatsita, lur kolorekoa, mendia bera baino tristeago. Barnetik zeharkatzen du errepideak, barnealdeak ez du gozatzen sentimendua; badira harrizko ate ederrak, aspaldiko oparotasunaren usaina du hiriak, baina erabat galdua dago, tristura dario.
Santopadre. Izenak jartzen ere bitxiak dira italiarrak.
Ceprano. Zaharra eta zaharkitua, gatzik gabekoa izan da ikusi dugun aldea. Ameriketara alde egin zutenek ez ziren nonbait aberastu, ez zuten behintzat dirurik herrira bidali.
Pico. Mendi mendian, herri handia, txukuna eta zaindua.
Itri. Beste aldetik ikusi ahal izan dugu gaur, aurrez-aurre. Tontortxoan, kale eta mailadi pikoz igotzen da, etxadia ere mailaz-maila mailakatuta dago, pendizean. Gotor handia da gaztelua, berritzen ari dira, elizaren dorrea aldiz adreiluzko ukitu zuriko dorre dotorea.
Itsasertzetik, hondartza gaineko ibilbidetik egin dugu oinezkoa, eguzkitan, Gaetako badiaz eta arratsalde eguzkitsuaz gozatuz. Arratsalde beroa, haize eta guzti, 24 graduko hozberoa dugu.
Bi autokarabana eta denda sartu dira gaur, atzo denda bat sartu zen. Lehenengo egunean bi bezero soilik ginen, herri oso bat gara gaur.
Esparru zabal zabala da kanpin-lekua, baina gure albo-albora ekarri du autokarabana bat kanpineko arduradunak, gure leiho-zuloan jarri digu, erabat mugatu digu guretzako genuen parkea. Ze logika du?. Konpainia jarri izan nahi ote digu?. Ba gu gusturago gaude zelai-buelta guretzat dela!.
151kilometro, monje austeroen monasterio dotorera, mendizko ibilaldi paregabean.
Leun dator gaur itsasoko olatu hotsa, lasaitasuna dakar, barne baregarria zait zerbitzugunera gauerdian noaneko isiltasun erabatekoan. Zozoen eta txorien gaueko txorrotxio isilik ere ez da entzuten. Itsas soinuz beterik belarriak, izarrez bete ditut begiak, Buru gainean dut Hartz Handia, zuhaitz arteko garbi-gunean tinko darrai Iparrizarrak mugitu gabe.
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.
* “Zuhaitzak bai, errotu egiten ditun, baina gizakia jende deserrotua dun berez. Oinak ditin, ibiltzeko...”. Bidaiaria ere deserrotua da dabilen herrietan, oinak, gehienetan mekanikoak, baititu honek ere, eta ikusminak erretzen baitio ipurdia eta oinazpia.
* “Ohitura ederra, behar den moduko ogia jatea”. Ezberdina da herrialde bakoitzean aurkitzen dugun ogi molde aberastasuna. Ogia eta ogi modua bada herri baten ispilu.
* “... oraina aldakorra dela, oraina behin behinekoa dela beti”. Horregatik gozatu behar da orainaz, erabat iheskorra delako. Horregatik gabiltza bidaietan.
Maiatzaren 10a. Ostirala. 6.a-I:4.a
“Bisean bis berbetan”. Presoen lanak.
Edu Zelaieta:
“Ni preso nago, / hi ... / .../ Eta konjugazioen abarretaraino ibiliko gara, / honaindian eta haraindian, / justiziarik ez den bitartean”. Eta gu bidaietan ibiliko gara umorea eta osasunak irauten digun heinean.
Aldaketa eguna. Penarik gabe uzten dut kanpin hau, parke paregabe berde, arbolatsu eta lasaia den arren. Bigarren egunez euria, alde batetik, baina batez ere begi oroikuslearen begiradapean sentitzen naiz. Adineko bikotea da arduradun edo jabea; etxeko, familiako, negozioa dirudi; neskato garbitzailea eta bi zaindari nagusiak, senitarte harremanak dituztela dirudi. Adeitsuak dira alde egin edo itzultzen garenean, diosala irribarretsua egiten digute, baina beti hor daude, beti so, beti arduratsu.
Erabat nahastu eta luzatu zaigu lasaia eta motza behar zuen aldaketa-bidaia. Hankoker hasi eta bukatu dugu goiza:
Euritsua esnatu zaigu eguna, ez zaigu atertu goizerdira arte. Napoli ingurutik aurrera eguzkia eta beroa nagusitu zaizkigu, 31 gradutik gora igotzeraino kanpinean.
Autoko atzera begiratzeko ispilu baten lot-gailua galdu zait. Izan du alderdi ona: orratza lastategian bezala, aurkitu egin dut belarretan: gaurko miraritxoa.
Okerreko bidea hartu dugu, uste ez genuen bezala dagoelako iragarrita Napolira autobidea. Atzo ikusitako bazterrak, Ausonia herria batez ere, ezagutuz jabetu gara bide luzeenetik gindoazela; agian bera da erosoena; ez zaigu baina inola ere atsegina bide berdinetik egitea bide berri bat dugunean. Gaur beste zati bat ikasi dut: mapan jabetu naiz bide hau Bariraino, Adriatikoraino, luzatzen dela, erromatarren garaian ere ala ote?.
Labirintoa da Napoli inguruko autobide sarea, amaraun sare trinkoa: garbi genuen nondikakoa baina letrero batek erabat nahastu gaitu, gehiago azaldu ez denez, ikusi ote dudan ere dudan jartzeraino, baina han zegoen gezi erraldoia: A3. Moldatu gara amaraunean, itzuli gara bide zuzenera.
Izugarri trinkoa da Napoli sareko trafikoa, tarte luze batean erabat geldoa, gidatzea ere halakoa; hemen ez da inor inoren zain egotekoa, sartzen dira errepidean eta kitto, izan ere zain egonez ez lirateke behin ere errepidera helduko.
Izugarri gogorra egin zait gidatzeko Napolitik aurrerako bidea, dena da bihurgune itxia, etengabekoa trafikoa, bihurgunean bertan aurkitzen zara autobus eta kamioiekin, ez dago leku gehiegizkorik, begi argiz zaindu behar dituzu etxatoiaren ertzak. Behatoki bat da izan errepidea, itsasgain- itsasgain, baina aukera gutxi izan dut ikuspegiaz gozatzeko.
Tunel luzeak daude Sorrento Penintsulara sarreran, burrunba izugarria entzuten da. Hainbatek bozina jo didate eta argi ziztadak bota, niri?, ni behintzat kezkaz gelditu naiz zerbait gaizki ote dudan, tartekako zarata gorgarri hura geuk ateratzen ote genuen.
Ez zuen balio txartelak, txanponez ordaindu behar zen bidelapurrentzako saria, batean makinari zuzenki eta bestean kobratzaileari: txanpon bila luzatu gara bietan, makina ez zaigu haserretu, atzeko gidaria ere ez, baina Napoliko kobratzailea bai, mahaia ere jo du ozen bizkorrago ibil gintezen txanpon bila.
Kirrika hasi zait erremolkearen balazta ere, gero eta ozenago. Aurreko urteetan ere atera izan dit, joango al da oraingoan ere.
Gogorra izan da Meta herria gurutzatzea, kale estua zen bere osoan, alde bietako norabidea zuen gainera; nahikoa ez eta autoak bigarren ilaran, nolabait gainera, zeuden kokatuak. Ez da izan gozoa eta erraza herria zeharkatzea.
Ikusi ditugu kanpinak, baina sarrera estua eta bat-batekoa zuten denek, errepidetik bertan bertatik. Kanpin zehatz baten bila gindoazen, Meta antzera Sorrento urduri eta arreta handiz zeharkatu ondoren aurkitu dugu 50 metrotara sarrera iragarrita, gure kanpina: berrogeita hamar metrotara iragartzen dute sarrera, baina, aparkaleku batena zen iragarkia, eta ni, itsu, bertara sartu nahi izan dut. Trabatu gara atearen kontra, ia ezinekoa baitzen sarrera-gunea zeharkatzea bertan hasten zelako bihurgune ertzi bat, autoentzako sarbidea izaki ez erremolkeentzako: ez aurrera eta ez atzera trabatuta geratu gara, alde biak katigatuta: argitxoa hautsi zaigu, leihoko kristala erabat apurtzeko arriskuan harrapatuta geratu da. Agertu da jaka gorriko gizon bat, alboko hoteleko langilea, lasai egoteko esan eta joan da; agertu da alemaniar gizonezko nagusi bat ere: hasi zait lagundu nahian, eta nola edo hala lortu dugu libratzea matxura handirik gabe; ondoren agertu da jaka gorriduna bere buruarekin, agertu dira jaka gorridun gehiago ere, bildu da jendea ikusmiran: libratua genuen jada etxatoia, baina denek lagundu digute onik bideratzen egoera: zabaldu digute aparkalekua, -hotelekoa da-, buelta eman dugu bertan, atera gara errepidera, ozta-ozta alboak jo gabe; bestalderako norabidean atera behar zen nahitaez; kale-artera itzuli gara beraz, aldatu dugu nolabait norabidea, auto artean eta gidari eroen artean egin dugu operazioa, heldu gara 50 metrotara iragarria baina 200 metro hareago dagoen kanpinera; malda pikoa da kanpina, dena da bira estua kanpin barneko jaitsiera, gako batenak dira buelta osokoak, beldurrez egin dugu kanpin barneko ibilbidea; itxita dago bulegoa laurak arte, baina mutilak lekua eman digu nahiz paperik laurak arte egingo ez. Eta azkenik kokatu gara. Onik. Gaur ere atera gara hainbat ezbeharretik. Onik gainera, matxuraren bat salbu, nekea bizkarrean eta barneak erre samar.
Izugarria izan da eman diguten laguntasuna, erakutsi diguten adeitasuna. Gora italiarrak. Eta gora gure alemaniar jubilatua!.
Goiz zitala izan zaigu gaurkoa.
CAMPANIA
Probintzia aldaketak ez du ekarri paisaia aldaketa handirik. Autobidetik ez da erraza ezer ikustea ere, muna garaiek edo autobiderako ebakitako lubaki erraldoien ertzek mozten baitute ikuskizuna. Zuhaitz asko dago mendi kaskoetan, erabat zabala da Napoli aurreko lurraldea, ordeka zabala; Napolitik aurrerakoa, aldiz, erabat menditsua. Tontorreria ugaria, zuhaitzak bakan eta baso, nahiz ez diruditen zuhaitz lerdenak, nanoxkak baizik; zuhaitzak dira gutxienez. Kanaberak eta piku-txungoak ere ugariak dira. Vesubiok ere hor behar du izan, urrean eduki behar izan dugu, tontor horietako bat da, baina ez dakigu zein. Ikasiko dugu azken egunerako.
Abiadura Handiko Trena bukatzear dago Napoli aurretxoan. Hemen ere politikoen eta enpresen pagotxa ote?. Erraldoiak altueran eta bide luzean, erraldoi luzea da zementuzko zutabe ilara: hemen, sikiera, mendi barrenean zehar doa ez bailara erditik.
Kamioi handi asko dabil Napolira bidean.
Izugarri etxetsua da Napoli ingurua. Luze eta zabal barreiatzen dira etxeok, bakan edo kaleetan, autobidea bera, A3, etxez inguratua dago. Mendixka bat badiaren ertzean, gainbeheran itsatsitako etxeek estaltzen dute malda osoa; gaztelu bat dirudien eraikintzarrak betetzen du, aldiz, tontorra, Napoliko alde zaharra uste dugu: hori ere ziurtatuko dugu egunotan.
Itsasertzeko herriak datoz Napoli ondoren, kaos izugarria dirudien graziarik gabeko etxeteria; sarriak dira pikondoz, olibondoz batez ere, inguratutako etxeak. Ez da inola ere atsegina, itsasertza bera ederra izanen den arren. Tunel luzeek eta argitu gabekoek zulatzen dute menditzarra barren barrenetik. Bata bestearen atzetik datoz herriok. Itsasoaren eta mendi-tontorren arteko esparruan. Ez da inola ere atsegina. Nola etorri garen hona galdetzen diogu elkarri. Ondoren etorri da errepide zoragarri bat, baina gure erremolkearentzat inola ere ez erosoa.
Napoliko autobide bateko sarreran, mutil gazte koadrilatxoa, huskeriatxoak saltzen autoetakooi, gazte hile beltz, txukun jantziak, irribarretsu eta berbatsu, leihatila gainean jarrita egiten dute eskaintza: halako zirrara sartu digu, gazte galaiak horrela ikusteak alde batetik, eta Napolik duen arriskutsu ospearen ordainez beldurra ere duzulako bestetik.
Iragarrita ikusi ditugu Pompeia eta Herculano: badut Ponpeia ezagutzeko irrika, batez ere seminario garaian ikasitako eta eginiko irakurketen ondoren: ikusiko al dut hautsak edo harri goriak zutik mugitu gabe harrapatu zuen soldadua, edo putetxeetako ateko ikurrak: gogo-jardunetako etsenplu eta kontakizunak izan ziren.
Menditsua da Sorrento lurmuturra, gaur ikusi duguna behintzat. Arbolatsua gainera.
Ikasi dugu autoa bazterretik eramaten, tutua jotzen dizute haserre erditik bazoaz bahiz zure karriletik: lekua behar dute aurreratzeko, nahiz erdiko marra zapalduz; marra bikoitza bada ere bi karrilak banatuz, hiru auto gurutzatzen gara sarri, abiadura handian; erdikoa etenik gabeko marra gaina zapalduz aurreratzen zaituzte: hori bera egin digu trafiko poliziak ere.
Eta hara non, Sorrentora bidean, izugarrizko trafikoaren nahasmen eta zurrunbiloan, zaldiak tiratutako gurditxo bitxi batean biseradun gizon bat, lasai. Italian soilik ikusi ahal da horrelakorik.
Meta. Itsaslabar perpendikular garaien gainean, herri luze-luzea, kilometrotako kaleak; nahiko buruhauste eman digu: estuak dira kaleak, ez da gidatze-araurik, ezta aparkatzekorik ere. Ez da gozoa izan. Motorra eta autoa nahasian, bakoitza berera, ausart tarte bila ilaran, sarri autoak alboetan eta motorrak erditik norabide bietan, ia elkar joz, moto batek igurtzi gaitu gu ere, baina ez da asko ikaratu gizona,
Metaren jarraian dator Sorrento, herri bera bailitzan, kale gaineko letrero handi batek jakinarazten du Sorrenton sartzen zarela.
Iragarki letrero ugari dago errepide bazterretan.
Kanpina. Mailaz maila, zapaldetan dago. Olibadia bat da, olibondo azpian ditugu gure tramankuluak. Ez da erosoa sartu, kokatu eta antzerako maniobretarako. Itsas gainean, behatokia tokatzen zaionak ikuspegi zoragarria du, arrantzaleen portu gainean. Guk ikusi ahal dugu itsasoa, ikusi ahal ditugu hainbat arrantza-ontzi eta bidaiari-ontzi, baina ez eroso eta garbi.
Alemaniarrak dira kanpineko bezero gehienak, jubilatu edo aurre-jubilatuak. Bada holandarren bat ere.
Bero ikaragarria egiten du. Dutxatu ahal izan azkenik gara ur beroarekin. Zerbitzugune erosoa eta zaindua da, egituraz ezberdina. Praktikoak, irudimen handikoak dira italiarrok.
Sorrento. Meta bezala itsaslabar eta amildegi bertikal garaien gainean, badia zabal erakargarri baten hondoan; badiaren bestaldean, beste badia baten ertzean, Napoliren zati bat behar duena. Benetan da erakargarria ingurua. Uste genuenaren aurka, ez du hondartzarik. Baina bai bi portu, han beheran, nora iristeko aldapa luze eta pikoetan jaitsi behar den. Goiko kaletik ikusten dira porturako errepidea han behean zuloan, baita portuok ere, behean kaleko begiratokitik. Portu bata arrantzaleena da, xarmanta, erakargarria, txikiak dira ontziak; sareak, aldiz, luzeak, pilo garaietan tolestuak. Hemen ere ez da falta jatetxe erakargarririk. Etxeak nahiko garaiak dira, ez batere erakargarriak, bada elizatxo bat eta itsasbazterretik gora igotzeko bide kitzikagarria, balkoia portuaren gainean, kale estu batean jarraitzen du; bi horma antzinako zerbaiten hondakin edo ezaugarri diren eta ateburu izan zitezkeen arkuak daude zoruaren maila berean. Bigarren portua herriko erdigunearen parez-pare, bidaiarien portua da, bertatik ateratzen dira Napolira eta Caprira ateratzen diren bidaiari-ontziak. Jende pila darabilte, bada izan ere itsas-ibilbide tentagarria.
Kalexka estuak ditu Sorrentok alde zaharrean, garaiagoak egiten ditu etxe garaiak kaleen hersturak. Bisitariz mukuru dago oinezkoen kalea, luze zuzena: denetik dago bertan, oroigarri eta artisau lanak zein jangaiak, jite eta kalitate guztietakoak. Atsegina da jendartean salgaiei begiratzea, batez ere izozki gozoa gozatuz, aukera paregabea baita izozkiena. Geratzen dira herriko ertz batean aspaldiko eraikinen hondarrak, baita itsasaldetik sarrerakoa behar zuen ate bat ere. Kaleok ez dute ezer deigarririk berenez. Autoak motoak eta oinezkoa ordenu eta jokamolde arau kaotiko batekin elkar eroso konpontzen dira nahasmen orekatu batean.
Ugariak dira limoiondoak eta pikondoak harkaitz gainetako mendietan, baita zuhaitzak eta fruta-arbolak ere baratzetan, lur emankorra behar du izan honek.
Bi elizatan sartu gara, baina ez dugu topo egin gidaliburuak aipatzen duenarekin. Bi elizok bazuten antzerakotasunik: kolore anitzeko biziak, aldare, horma eta ganga pintatuek ematen dieten bizitasuna, erlikia ugariak, santu-irudiak erlikientzako zulotxoarekin, denak bitrina batean lerrotuta. Santu-irudi zale dira italiarrak. Antonino Deunaren elizako kripta ikuzgarria da koloretasunez, are bitxiagoa amuleto edo oroigarri pilarengatik: zilarrezko beso, hanka, buru, birika, barnealde osoak, gizairudiak, haurdun geratu ziren emakume zabal handiak; ehunka dira santuari eskerrak eman nahiz zilarrezko oraigarritxoa utzi diotenak; fede handia diote nekazariek ere santuari: plazako santuaren estatuan limoi txorta ugari jarri diote, uzta oparoa eskatuz seguruenik. S.Antoninoren elizpean ere bada balearen hezur handi bat, seguruenik ehiza edo arrantzatik salbu ateratako marinelen baten emazteak oparitutakoa.
Koadro erakusketa bat ere bazen, erakusketa salmentarako aitzakia besterik ez da, baina atsegin apur bat eman diegu begiei.
Ordubete egiten du trenak Napoliraino, ordu erditik ordu erdira ditugu, gainera autoz baino seguragoa omen da. Beraz astelehenean trenez joango gara Napolira. Lasaiago eta seguruago.
191 kilometro, latzak, zeinetan onik atera garen.
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.
* “Gogorra da eta hala ere, gerizpean eserita, bizitza, paisaia eta airea bera ere ikaragarri ederrak dira”. Ikaragarri ederra izan da gaurko eguna, ikaragarri gogorra gerta zaigun arren.
* “Euskaldunak kulturalak gara denak”. Herri oro da kulturala. Bakoitza bere neurrian. Guri lagundu digun gizontxoak ze nolako kultura zuen!. Eta italiar hoteleko morroi adeitsuak!.
*Ez pentsa memoria ona palazio bat denik. Azkenean Ireneok arrazoia zuen, jende gehienaren memoria zarama pilo bat besterik ez da”. Seguruenik. Hala uste dut. Gure bidaiako esperientziok zarama bihurtuko ote zaizkigu?. Nire oroitzapen idatziok loratu eta txukuntzeko gaitasunik eta astirik izango ahal dut!. Nire memoria idatzia izan nahi baitute hizki korapiloaren azpian gorde nahi dudanak.
* “Azkenean berdin, begiak zabaldu eta hormari begira ikusiko duzu zeure burua. Bizitza loezin luzea delako”. Guk horma polita gutxienez jarri nahi diogu gure buruari bidaiokin. Esna diraugun bitartean.
* “Lotan egotea ondo egotea balitz bezala”. Hurrengo egunean ondo egotea dakar berarekin loak. Loa ez da denbora galdua, ezta bidaiari ipurterrearentzat ere.
Maiatzaren 11a. Larunbata. 8-I:6.a
“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:
* “Ez dakit Justizia eta errukirik denentz”. Ez. Bestela ez litzake hainbeste desberdintasun eta inposaketarik herri orotan.
* “Ez dit ardura jainkorik dagoen jakiteak”. Italian elizak ugariak dira, eliz kanpaiak ere ozenak.
* “Ez ezazu ahantz zeuk ere badituzula akatsak”. Hori da bidaiariaren lehen araua, dabilen atzerriko beste herri eta herritarrak bidegabe ez juzkatzeko.
* ”Saia zaitez zure hurkoa lotsa ez dadin zure jakituriagatik”. Bidaiariak, gehienetan, gailentasun bat erakutsi nahi ohi du dagoen herriari, alderaketa bat eginez.
* ”Biharkoak zer dizun gorderik ez dakizunez, saia zaitez gaur zoriontsu izaten”. Gure gaurkoetariko zeregin bat da bidaiatzea.
Egon garen bi kanpinetako komunek ez dute estalkirik. Praktikoak italiarrak, zaila, lana ematen duena baita tapok txukun eta egoki mantentzea.
Alemaniar orok ez du ikasi pixa egin ondoren urari ematen. Agian ez die inporta aurrekoaren pixa horia aurkitzea.
Eguraldi aparta oparitu digu egunak.
Sorrento Lurmuturretik egin dugu lehen zatia. Ez digu eskaini ezer erakargarri edo ezberdinik Capri irla ez bada. Itsasgainetik egin dugu, itsas gain gainean, labar gainetik ia, baina itsasorik ikusi gabe, olibondoek tartetxo bat irekitzen digutenean ikusi ahal ditugu labarrak, amildegiak, kalatxoak, bazterreko zulotxo atseginak. Errepikatu egiten da paisaia baina ez du aspertzen. Olibondoa nagusitzen da. Mendi osoa da olibadi.
Dena da bihurgune.
Massa Lubrense. Ez digu ezer deigarri edo ezberdinik erakutsi, are gutxiago gelditzeko gogorik, baina herritxoon xarma du, mendian behera mailakatuta eliza duela gandor, portutxoa oin, itsas gainean. Okre kolorgetuak, horixkak, dira etxeak, arre ilunak, harrizko zikinduak... baina ukitu propio berezia dute herriok, aspaldikoak, urte luzeetan inork ukiturik egin ez dienak aurpegia apaintzeko bederen, agian hor datza herrion magia.
Lainoak hartua zuen tontorreria dena gora egin dugunean.
Capri. Ustekabean agertu zaigu irla famatua. Uste genuen baino bertarago, oso gertu. Bidaiari-ontziak doazkio etengabe, uneoro dago pare bat ontzi bi norabidetan. Haitz, labar, amildegi erraldoia da itsas bazterra, menditzarra barnea dena harri, ostean berdegunek nabarmentzen dira, eta etxeak berdeguneak bilduta, etxe multzoa itsas kontran. Irla handi bat, turista aberatsek eta artistek zein abestiek eta propagandak famatua egin duten. Hala ikusi dugu largabistaz kontinentetik.
Gorantz egin dugunean bukatu dira olibondoak, batez ere intxaurrondoei lekua utziz. Beherantz egin dugu ondoren, jaitsiera pikoan, gure bidea zelakoan.
Marina del Cantone: hemen, itsasbazterrean, bukatu zaigu errepidea. Kala erakargarria da, potentziatu nahian dabiltza, zoru bikaineko zabala moldatu diote errepidea, eraikuntza berriekin ari dira gune atsegina eta erakargarria osatuz behean.
Urdin eta aparrez zuri dago itsasoa, olibadiz berde mendia.
Nerano, marinara bidean, goratxoago dago, agian herri arrantzalea ere izan zen, kala gainean baitago, baina gaur egun nekazaria behar du izan; halako kalexka konpondu bat ikusten zaio; herri tristea da, utzita dagoela dirudi. Edozein tokitan egin daiteke herri bat, baina lurrak, agian itsasoak ere, eskaintzen zituen aukeraz baliatuz jaso zen. Herri pobrea izan behar, premia handikoa, edo itxaropen eta iniziatiba handikoa, bizimodua aurrera ateratzeko hona etorri zena, edo etorri behar izan zuena. Maldan behera kolorgetutako herritxoa hau ere. Itsasoa aurrez-aurre eta gertu duen herri nekazaria.
Olibadietan, bilduta eta olibondoei lotuta daude, marra gorriak marraztuz, olibak batzen dituzteneko sareak, hurrengo uztan zabaltzeko prest.
Gure Matrikulako NA, napolitarren NA bera da, tamainaz, itxuraz, ia egituraz ere, zenbakiaren aurretik dute hizkia bertakoek, guk ondoren, baina oso erraz hartuko gaituzte bertakotzat.
Gora egiten du berriro errepideak. Akazia eta gaztainondoa nagusitzen dira, mahatsondo garaiak, baratzak...
Sant´Agata sui Due Golfi, egon ere Sorrento aldera eta Positano aldera begiratzen du, lurmuturreko alde bietako itsasoetara, behe behean kokatua, itsasoa alde bietara duela; une batez errepidetik bertatik ikusi ahal dira alde biak, luzaro ikusi ahal izango genituzke bi aldeok lainoagatik ez balitz.
Herri handia da, etxe handikoa, zaindua, turistentzat moldatua dirudi.
“Resurrecturi” dio hilerriko ateburuko legendak: egokia sinesten duenarentzat. Nik uste dut ez naizela hilko, beraz ez naiz piztuko, naturaren zati izaten jarraituko dut, aldatu egingo naiz formaz, naturak auskalo zertarako erabiliko dituen nire hondakinak.
AMALFI KOSTALDEA
Salermoraino luzatzen da 30-40 kilometrotan Amalfi kostaldea. Harriduraz harridura egin dugu ibilbide osoa, ahozabal “Zer da hau” elkarri esanaz. Postal baterako egindako marrazkiak dirudi herri bakoitzak, errepide zati bakoitzak.
Beherantz egin dugu, Salermo alderako isurialdera. Pinu enbor sendo luzekoak nagusitzen dira, pinu maitagarriak dira bere buru zabal trinkoarekin, sendotasuna erakusten dute, bakan daude baina ez bakarti, sendo eta desafioz bezala, iraungo dutela deiadar eginez. Paisaia izugarri ederra; ez da lainorik behealdean. Bi irlatxo xarmant lurretik ez urruti. Eta Salermoraino ez dugu itsasorik galduko begi-bistatik. Eta hemen hasi da errepidearen, amildegien, bihurguneen, autoen eta herrien festibal zoragarria. Neurriz kanpokoa erabat. Amildegi bertikaletako hormetan tailatuta doa errepidea, edo hormen gainean jarria, zintzilikatuta lez, itsas gainean harkaitzetatik zintzilikatuta, behatoki paregabea uneoro itsasora begira edo zeharkatzen ditugun herriei so. Salermo bertaraino. 40 bat kilometrotan. Etenik gabe. Erabat ikusgarri eta deigarriak dira herriak, mendian beheran, pikoan, mailaz-maila, haitzetan zintzilikatuta edo maldan behera labainduz; itsasotik gora edo menditik behera, non hasi ziren lehen etxeak?. Itsasoaren sartune edo badia edo golkotxo oro da herritxo berri baten kokagunea.
Herriak ikusten dira goietan ere, goiko maldetan zintzilikatuta, eliza gailentzen zaie, irristaka behera bailetoz malda pikoetan. Herri argitsuak mendi ilunean.
Herri denok dira igandezaleen bisita-gune, herri oro dago autoz josia. Zapatua denez, erruz dabil igandezalea. Bazter guztia betetzen dute autoz. Edonon gelditzen dira, autoz mukuru dago herri inguruko errepide ertz oro, ez da ia lekurik, ia ezin gara gurutzatu ere.
Bihurgunea da errepide osoa, neurri eta arku neurri guztietako bihurguneak. Bere baitan kiribiltzen da errepidea mendipean eta itsasgainean, leku bila aurrera egiteko. Zenbait bihurgunetan ezin dira autobusa eta autoa gurutzatu, hainbat maniobra egin behar da. Edonola eta edonon uzten du autoa zenbaitek... baina ez da nonbait istripurik gertatzen. Marra zuririk ez dago, baina berdin litzake balego ere. Nolanahi zaila da aurreratzea norabide bietan dabilen autoteriarekin, baina halaz ere saiatzen dira aurreratzen. Bihurgunetan adi egin behar duzu maniobra, ez baita tarte handirik gelditzen bi autoen artean. Hormak eurak maspilduta daude, hainbatek marruskatuta.
Positano, hau izan da itsas kontrako lehen herria, bete-betean hartzen zuela eguzkiak, koloretsua, argia, alaia.
Gero bata bestearen ostetik, sarriak, datoz herri berriak, denak itsas gainean menditik zintzilikatuak, denak tarte txikienak erabiliz jasoak, denak jendez eta autoz mukuru. Dorrea eta kupula dute eliza gehienek, deigarriak dira, herri orotan gailen. Azulejozko koloretsu distiratsuak dira zenbait kupularen teilatuak. Han goietan ere, mendi gainetan, balkoi batean zintzilikatuta lez erakusten dute bere aurpegia hainbat herrik.
Amalfi. Herri zuria da, zurixka gutxienez, ez da okre, horixka, edo koloretsua. Badia zabal eta sakon baten babesean, nahiko portu handia du, moila luze batez gordea. Egituraz, guztiak bezalakoa. Gidaliburuak dio espainiar kutsuko herria dela, kolore zuriagatik, izan ere herri zuria da, nahiz ez den andaluziar herri distiratsua. Errepublika izandakoa da, zerga gaietan-eta askea zelako, bere gisa moldatzen zena. Independentea, ez zegoen nonbait Aznarrik agintean. Zabalgunetxoa du itsas kontra, aparkalekuak ere bai, baita trafikoaren kaosa zuzentzeko borobilgunea eta polizia ere. Hogeitaka autobus dago aparkatuta. Igogailu bat ere bada itsasertzetik goiko kaleetara igotzeko. Jendea, autoa, motoa, autobusa... gainezka dago herria, dena da mugimendua, inurritegia bailitzan.
Ia itsasertzeraino jaitsi da, ohi denez, errepidea herrian, baina berehala egiten du gorantz, beti itsas gainean eta labar horman zintzilikatua. Getariatik Zarautzera antzo, mendia zulatuaz egiten du aurrera errepideak. Tarteka kala estu-estuak, haitzarteko pitzadura edo ebakian barrurantz sartzen delarik itsasoa. Hainbat baliatu da jatetxea bertan jartzeko edo txalupatxoa itsasoratzeko babesgune bezala.
Minori eta Maiori, bata bestearen jarraian, ez dakit bata bestea baino handiagoa denetz, baina Maiorik ordekatxo luze eta zabala du itsas kontra, parke arbolatsu eta ibilbide erakargarri bihurtuta; herri egina da.
Ravello. Nire huts batengatik ikusi gabe utzi dugun herritxoa. Izugarri xarmanta omen, baina nik ez nuen bart gidaliburuko plano berezia begiratu, nekatuta nengoelako eta berandu nenbilelako.
Vietri sul Mare. Salermo aurretxoan, badia barruan. Itsas gainean badago egon, eta zahartxoa ere bada izan.
Ugariak dira jatetxeak, igandezale asko dator hona. Zabaltza tentagarriak eskaintzen dituzte itsas gainean bazkaltzeko.
Errepide osoan argia, gasa edo auskalo ze demontre sartu berri duten, sartu berri, zoru berritua bera ere berritu ondoren zulatua baitago. Zulatu zuten erretena bete zuten, galipot-nahasduraz berdindu itxura eman ere bai azalari, baina koska dezentea geratu zaio eta autoa triki-traka amaigabean doa, errepide erditik baitoa adabakiaren koskatzarra, noiznahi duzu zapaldu beharra.
Asteguna izanen zen bidaia hau patxadan egiteko sasoia, gaur, baina, ikusi ahal izan dugu nola eta zenbat igandezale ateratzen eta ibiltzen den parajeotan.
Arreta bizia eskatzen du gidaritzak. Zoragaria litzake ibilbide hau astegunez, itsasgain-itsasgain, haizpez-haizpe. Aspertu ez baina azkenerako nekatu egin gaitu bere edertasunean ere errepideak. 3 ordutik gora behar izan ditugu etxetik irten dugunetik Salernora arteko 70 kilometroak osatzeko.
Limoiondoa da herri inguruetan lantzen den fruta-arbola, batez ere Amalfitik aurrera. Zapaldetan, mailaz-maila, gizakiak sortutako maila estuetan. Errepide ertzean eskaintzen dute limoia toldotxopeetan. Limoi erraldoiak dira deigarriak.
Salermo. Badia zabalaren alderik-alde, erraldoi eta luze, ikusi dugu itsasertzeko errepidetik, erraldoi eta zabal autobidera jaso gaituen zubi gainetik. Portu erraldoia da badia osoa, belaontzi eta ferryentzat portua du, baita zama-ontzientzat ere, zain baitaude bizpahiru ontzi itsas aurrean; hondoratu behar duela dirudi batek edukiontzien zamapean; harrizko hesi batek babesten du urezko tarte bat utziz badia kontrako parke eta ibilbidea, tarte horietan bada arrantza egiten duenik kanaberaz, baita uretan uher eginaz jolasten den mutikorik ere.
Izugarrizko zubitzarrak ditu, errepideak ahalbideratzeko. Zutaberi izugarria.
Luzea eta zabala da delako pasealekua, erosoa eta erakargarria, zuhaitzen itzalpean, edo ur kontra eguzkitan ibiltzeko. Atzerritarrek, gehienak beltzak eta sortaldeko bakarren bat, mahaitxoak edo lurreko zapian zabalduta era guztietako kinkila-gaiak eskaintzen dituzte salgai. Eskaintza dotoreagoa dago ertz batean.
Kale-artean eta beheko pasealekuaren paralelo, oinezkoen kale zabala, baina biluzia, gaur bederen, ez bakarrik jende guti dabilelako, edo dendak itxita daudelako, erakusleihorik ia nabarmentzen ez delako baizik.
Kale-artean sarturik, Erdi Aroko akueduktua aurkitu dugu, garaia eta estua, bastoa, leundu edo zarpeatu gabea, bi norabide ezberdinetan ia elkar trabeskatuz, garaiera ezberdinetan.
Erdi Aroko alde zaharra ere aurkitu dugu: ez du ezer berezirik; kale nahiko zabalak dira, etxeak, aldiz, garaiak. Ate zabal handi arkudun asko dago, berdintsuak dira ia ate gehienak; patio erabat zabala, baina zatarra, erakusten dute. Aurki daiteke eraikin ederrik, denak ofizialak, zerbitzu publiko edo antzerakorako egokituak.
Kaleetan aurkitu dugu soinujole bat, denda-aurrez denda-aurre soinua joz eta txanponak jasoz, gaur eguneko eskale, gizajoa.
Duomo. Alde zaharrean. Ikustekoa. Sarreran patio edo klaustro karratu zabala: behean lau aldeetan arkuteria garaia, zutabe garaiak ez ezik arkuak ere garaiak dira, arabiar jitekoak; kapitel izugarri landuak, zizel-lan apartak, eusten dien zutabeen lodieragatik deigarriak, erabat meheak baitira, arkuekin kontraste bizia eginez; bigarren galeria bat arkuteria nagusiaren gainean, berezia hau ere arkuen formagatik baino gehiago halako jite erakargarria erakusten duelako. Arkuteria nagusiaren azpian, hilobi, estatua eta antzerakoak, marmolean egineko zizel-lan apartak eta ugariak. Elizara sarrerako atea ere brontzezko ate landu sekulakoa da; iturria freskotasuna emanez erdian. Granadako lehoien patioaren kutsua hartu diogu biok sarrerako patio honi.
Barrua oso handia da, alboko nabe bakoitza da bera soilik eliza bat. Zuri zuria, argia. Erori egin zen edo bota egin zuten eliza zaharra: hormetan geratzen dira zutabe, kapitel, arku, baita mosaiko hondarrak ere. Arkuen tamaina eta kokaguneagatik garbi igartzen da askoz txikiagoa, baxuagoa zela eliza zaharra, baina bera ere ez zen bertan beherakoa. Lehenik eta behin pulpituak azpimarratu behar, bi, bakoitza alde banatan parez-pare, bakoitza artelan bikainez oparo: zutabeak, kapitel zizelatu filigranaz osatuak, baina batez ere mosaikoak azalera osoki edertuz; tamaina aipatu behar, batez ere eskumakoarena, han kalonje denak egon zitezkeen eserita, bakoitza bere txandaren zain sermoigintzarako; bada zutabe bat, luzea, dena mosaikoz estalia, harri tailatuz bukatzen dena; pulpitura igoera bera ere artelan paregabea da batez ere edertzen duen mosaikoengatik; presbiteriora sarreran bada hirugarren pulpitua, handia izanik, beste bien ondoan txikia: veneziar gotzainen batek agindua, ze zutabeen oinetako lehoiek veneziar estiloa gogarazten dute. Presbiteriora sarreran alde bakoitzean marmol berdezko zutabetzarrak, auskalo ze betekizunerako, agian dotoretasunez soilik. Presbiterioko absidea eta ganga, erdiko aldarekoarena zein albokoenak mosaiko paregabeak dira, egin berriak edo garbitu berriak, brixt egiten baitute: iruditegi bikain koloretsua. Hormetan lehengo mosaikoen hondakinak, beraz horma guztiak zeuden mosaikoz gurutzaduran. Hormetan ageri dira lehengo fresko hondakinak, bikainak batzuk. Zur sendoko ederra da gurutzadurako ganga. Eliza guztian barreiatuta hilobi, hilkutxa, gizairudi... marmolezko zizel-lan apartak batzuk. Han dago ere Kristo etzan bat, ikustekoak ditu zauritzar gorriak. Bada barrez dagoen kaskezur marmolezko bat ere.
Kripta. Presbiterio azpi osoa hartzen du, zutabe baso bat da, dena kolore, dena gorrizka eta urre-kolore, dena figura, dena argitasun, bai hormak, bai zutabeak bai gangak; bi aldare erdi erdian, bata bestearen aurka bezala, batak besteari ostea erakutsiz, bi aldare gainetan brontzezko San Pedro eta San Paulo elkarri bizkarra emanez, aldareko santu. Estukoa, marmolean marmol inkrustatua, eta urreztatutako figura ezberdinak. Sekulakoa da. Kanpotik ere badu sarrera. Konfesategi bitxi bat ere bada bertan: taula altu bat, erdian saretxoa duela.
Koadrilan eta harrozko dabiltza hemen ere motorzale igandezaleak, abiadura eta zarata dutela ezaugarri, Salermoko kaleetan ere.
Erabat loratuta daude magnoliak, hiri barruko etorbidean.
Zabor piloak daude kaleetan, zaborrontzi inguruetan. Asteburuan ez dute jasotzen, edo greba daude langileak.
Aholkurik eman behar banio norbaiti gaurko ibilbideari buruz, hau litzake: utzi Sorrento lurmuturreko bira, Capri irlaren ikusminik ez badu behintzat, zuzenean jo Amalfiko itsasertzera, Ravello ahaztu gabe.
Ez da itogarria Ingalaterran bezala, baina presente dago ejertzitoa hemen ere, gerra hegazkin burrunbatsua, jeep bat, gaur garabi-kamioia eta gurutze-gorri kakia izan ditugu errepidean gurekin.
Autobiak berak ere zintzilikatua doan bihozkada ematen du Salermo gainetik pasatzean.
Scafati: hiru solairuko lerden lerdena da herriko eliza dorrea, apaindua: aurrez-aurre, distantzia handira du gurutzadurako bobeda borobila, beraz gutxienez eliza handia da; autobide onduan belarrezko tontortxo baten gainean eliza modernoa, formaz deigarria, nahiz zementuz erabat belztu eta zikinduta dagoen: hiru triangelu dira, ipurdian zabal, puntetan elkartzen dira, punta bakoitzak gurutzetxoa du. Zatartuta arren deigarria.
Napoliko golko aurrean geratu gara: golko zabala, zabalera osoa da etxe, Napoli erraldoia. Urrutira ikuskizun aparta eskaintzen du, baretu egiten du norbera ikuskizunak, nahiz Napoli bera erotzekoa omen den.
Meta aurrean ere geratu gara, itsaslabarren eta itsasbazterraz gozatzeko.
Meta sarreran ume piloa eliza aurrean bakoitza arrosa bat eskuan daramala. Larunbata izaki, Maiatza, “con flores a Maria” izanen zen. Oraindik ere!.
Lau kilometro eta erdi luzatzen da errepidea Meta herri barruan, eta hiru bat Sorrenton. Nahiko lasai zeharkatu ditugu gaur kaleok.
144 kilometro, itsasgainean mendian zintzilikatuta, bihurgunez bihurgune.
Kanpai hotsak bete du inguruko airea arratseko 7etan.
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.
“Izerditan eta krematan egosirik beltzarantzen”. Oporretako aukera bat da beltzarantzea, guk nahiago dugu bidaiatu.