Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIA KRONIKAK - ITALIA 2002

BIDAIA KRONIKAK - ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/02/06 10:15
FRANTZIA. Montrejeur, Karkasona, Narbona, Nimes, Niza. ITALIA: LIGURIA. TOSCANA: Carrara, Pisa, Livorno, Roseto, LAZIO: Erroma, TIRRENO ITSASOA: Formio.

Lurraldeak eta hiriak

* FRANTZIA. Montrejeur, Karkasona, Narbona, Nimes, Niza.

* ITALIA: LIGURIA. TOSCANA: Carrara, Pisa, Livorno, Roseto,  LAZIO: Erroma,  TIRRENO ITSASOA: Formio.

* Itri, Fondi, Monte San Biagio, Terracina, Sporlonga, Gaeta.

* Ausonia, Montecassino, Arce, Santopadre, Ceprano, Pico, Itri.

* CAMPANIA. Meta, Sorrento, Massa Lubrense, Capri, Marina del Cantone, Nerano, Sant´Agata sul Due Golfi.

* AMALFI KOSTALDEA. Positano, Amalfi, Minori, Maiori, Ravello, Vietri sul Mare, Salermo, Scafati.

* Capua, Caserta, Santa Maria Capua Vetere, Caserta Vechia, Benebento,  Napoli, Ponpeia, Herculano,

* CALABRIA. Torano, Sta. Eufemia golkoa, Nocera Marina, Campora, S.Giovani, Amantea, S.Lúcido, Paola, Guardia Piamontese, Cosensa.

* IPAR CALABRIA. Colosimi, Arvo lakua, Lorica, San Jiovani in Fiore, Camigliatello.

* Catanzaro, Tiriolo, S. Pietro Apostolo, Soveira Mannelli, Plantania, Nicastro.

* Monterroso / San Nikola da Crisa, Serra da Bruno,  Stilo, Monasterace.

* N. Sra. De Monserrato, S. Onofrio, Pizzo, S. Eufemia golkoa, Gioia Tauro, Rosarno, Palmi. 

* Bagnara Calabra, Scilla, Mesina itsasartea, Villa S. Giovani, Regio di Calabria.

* SICILIA: MESSINA. Santa Maria de la Scala, Acireale, Palazzo da Cita, Belvedere, Giarte.

* CATANIA.Giardini-Naxos, Taormina, Letojanez, Forza d´Argo, Aci Trezzato, Aci Castelo, Catania, Aci Catena, Aci Antonio.

* SIRACUSA. Siracusa, Linguaglosa, Nicolosi, Zaffrerana Etnea, Milo, Etna.

* Enna, Caltanisseta, Canicati, Agrigento,  Tenpluen bailara.

* Selicinte, Castellammare d. Golfe, Voto lo Capo, Segesta, Napula, Erice, Trapani, Marsala, Salemi, Vita, Trapeto, Balestrate.

* Palermo, Alcamo, Partiniko, Piopo, Monreale, Cefalli, S. Estefano de Camastra.

* BASILICATA. Sibari, PUGLIA. Tarento badia, Leporano, Manduria, Sava, S. Giorgio Ionico, Tarento,

* Massafra, Castellaneta,  BASILIKATa, Matera, Leporano. PUGLIA. Ceglie, Messapica, Ostumi, Trulli, Martina Franca, Alborobello, Fasano.

* Santa Cesarea Terme, Porto Balisco, Otranto, Porto Miggiano, Roca vechia, San Roca, Lecce, Galatina, Castro, Luca, Gallipoli, Parabita, Brindisi.

* Monopoli, S.Giorgio, Bari, Polignano a Mare, Castellana Grotte, Alberobello, Barleta, Trani, Bisceglie, Molfeta, Giovinazzo, Bitondo, Ruvo di Puglia, Cerignola.

* Mafredonia, Santa Maria de Sipondo, Lucera, Troia, Monte S. Angelo, Foresta Umbra, Peschini, Manacore, Vieste, Matinata, S. Severo.

* MOLISE. ABRUZZO. San Vito Chietino. Chieti, Campo Imperatore, Fonte Cerreto, Isola, Lanciano, Guardiagrele, Maiela Mediak, Cazoli, Maiela estrata, Forchueta, Lama di Peligni, Piano Cinquemiglia, Pesco Costanzo, Sulmonta, Vasto.

* LAZIO. Orvieto, UMBRIA. TOSCANA, Figline Valdarno, Valdarno, Firenze.

 

 

 

Maiatzaren 5a.  Igandea.  1.a

 

Goiz loratu eta berdetu da aurten udaberria. Basoak orriz oparo eta zelaiak belarrez trinko utzi ditugu. Fruta-arbolak lorez zuri ikusi ahal izan ditugu. Bi aldiz entzun dugu kukua. Ozen izan dugu belarrietan txori kanta gure ibilietan. Gure bi hilabetetako ibilbidera irten aurretik bizi izan dugu beraz aurten udaberria. Lurralde lehorretara goazenez kontrastez gordeko dugun gure herriko irudia. Halaz ere negu giroan alde egiten dugu, etengabeak dira zaparradak, sarkorra hotza, elurrez zuri daude Beriain eta Andia mendilerroaren gandorrak.

Maiatza zut uzten dugu Andiako haitz erpinean, Italian halakorik ote den galdera piztuz, Alemanian, Austrian, Txekian... aurkitu izan ditugun lez.

Aldatu berria dut taupada -neurgailua, bularrean zauria dudala noa baina segurtasunez.

Behe-lainoak hartzen du dena, eguraldi umela, ia bustia. Baina jasotzen doa, ikusgarri polita uzten dugu sakana, behe-laino geruza behean, lainopean oraindik goiak, eguraldi ederra oparituko digula aginduz. Goiz zoragarria dugu Irurtzunen, lainoak jaso du, urdin dugu zerua. Aralarrek elurtua darrai Txindoki Mailoen aldetik.

 

Landu harrotuak daude lurrak Landak lurraldean, ezer erein edo erne gabe Hegoan: zer ereiten dute sasoi guretzat hain beranduan?. Alanbre-sareko artaburu biltegiak, oraindik betea batzuk. Paraje polita Landetako inguru hauetakoa: basoz berde mendiak, lur-landu kolorekoa lautada, kontraste erakargarria. Bidaiako suspergarrietariko bat da Garona ibaia hainbat aldiz zeharkatzea. Nekazal etxeak ez dira inola ere distiratsuak, kulturaz edo ekonomiaren ezinez.

Pirinio elurtuek marrazten dute zuriz zeru-marra alderik alde.

Errepideen egoera bada bi herrien ekonomia maila zenbatzeko neurgailua, Frantziako errepideon zoruak alde handiz egiten du Frantziaren alde Euskal Herria eta bien artean, leun doa gure etxatoia bideotan.

Erregaia hartzera geratu, hots ezohikoa entzun eta jabetu gara krokadura hondatua dagoela, ia lurrean baitago erremolkearen ardatza. Garajea bilatu galdetuz, deitu dugu, garabia etorri da, berak eraman du etxatoia, atzetik joan gatzaizkio, garaje alboko plaza batean utzi gaitu, bihar goizera arte. Konponduko omen digute arazoa heldugailu berri bat jarriz.

 

Montrejeur, matxurak utzi gaituen herria, 100 bat kilometro falta zaizkigu Toulouserako.

Herria ezagutzera joan gara. Inguru erakargarrian kokatua, gaintxo batean; behean Rodano ibaia doa zabal eta eder, itzulinguruka, S erraldoia egiten du presak zubipean zubiaren branka da bihurgunearen erdigunea. Pirinioetako tontorreria elurtua urrutira, lautada berde oparoa tartean. Bada behatoki den parketxoa herriko muturrean. Hiribildua izana seguruenik, hiru kale paralelok osatzen du goiko herri zatia, badira harresiak izan zitezkeen hormatzarrak. Erdiko kalea da zainduena, kale nagusia izatez izenez, funtzionalki ere; arkupedun etxeek osatzen duten plaza bat, eta udaletxeak eta elizak mugatzen duten bigarren bat, herri muturrean hirugarrena, zementuzko kiosko erraldoiak estalita. Bigarren begiratokia aurrekoaren beste ertzean, nondik lakua ikusten den. Lakura ere jaitsi gara: inguru zaindua du, egonleku bikaina herriko jendearentzat. Eliza da herriko eraikin nagusia, dorre hexagonal sendoa du, itxura gotor eta ezberdinekoa; leiho gotikoek erakusten dute geroztikoa dela; harri biziak utzi dizkiote barrutik elizari, santu-irudi tzarrek argi erakusten dute bazela erretaula gutxienez handia; horman utzi dituzten fresko zatitxoek erakusten dute ere garai batean freskoz dotoretuak zeudela hormok. Bada taila ederrik, baita XV. gizaldiko hondakin gozagarririk ere.

Bozketa eguna gaur, Chirac edo Le Pen  eskuindar amorratuen artean aukeratu behar dute frantsesek; badoa jendea boza ematera.

Kirol zerbitzu ugari dago laku inguruko lautadan, tartean errugbi-zelaia, ingurua autoz eta harmailak jendez, mukuru bete da jolas esparrua.

 

Irakurtzeko astia geratu zaigu gaur.

 

342 kilometro, matxurak mugatutakoak.

 

“Mexikotik barrena”. Gurutz Garmendia:

“Bizia bizitzeko zegoela, eta ez bakarrik lan egiteko. Neurriz egin behar zela lan, ezinbestean baino ez, egunean lauzpabost ordu. Gelditzen ziren orduak disfrutatzeko ziela”.  Bidaiariak badu bidaia betebehar bezala erabiltzeko arriskua. Ibilia bera eta bazterrak zein artelan edo pertsonak ezagutzeko helburua jartzea, bidaiaren esklabo bihurtzea alegia, bizitzaz disfrutatzea ez izatea bidaiaren helburu nagusia. Guri gertatu izan zaigu hori, programa bete beharra, dena ikusi nahia. Bizitzaz disfrutatzea behar du izan bidaiaren helburu nagusia, bidaiaz gozatzea, bestela lana bera bezain aspergarri eta nekagarri bihurtu daiteke bidaia.

 

 

Maiatzaren 6a.  Astelehena.  2.a-F:2.a

 

“Bisean bis berbetan”. Hainbat presoren lanak:

Mikel del Hoyo:

“Kartzelak usainak hiltzen ditu, beraiekin akabatzen du”. Baita usain berriak esnatu ere. Mila xehetasunek harrotzen dizkigu presoen oroimena, beraien usaina.

“Askatasunaren usain gozoz dastatuz”: Bidaiatzea da askatasunaren usainetako bat.

Itziar Castrillo:

“zu, ni eta milaka begi, / Euskal Herri”. Ia ezinezkoa da nongoak garen galdetzean, nortzuk garen azaltzea, beste galaxia bat baita gurea, oinarrizko eskubideez ari garen arren.

Benala:

“... yerma de tanto luchar / de dar frutos al sol, / que más tarde caerán, / por llevar la esperanza de un pueblo, / en su savia escondida”. Gu gabiltzan herriotan ze itxaropen, ze izerdi gordea ote geroko uztaren itxaropen.

 

Iratzargailuarekin esnatu gara, ezin diogu huts egin garajeko ireki-orduari. 12etarako konpondu digute. Ia zuzentzen zaigun hankoker hasi dugun bidaia. Aldatu digute euskailua, ez nahi genuena, behin betirako bertan izango dugun buztantxo finkoa jarri digute, aldatu-kentzekorik ez omen biltegian. 70 mila pezetako galera izan da gure matxuraren gorabehera.

Saltoki aurreko aparkalekua den herriko plaza batean egin dugu lo, leku bakarti baketsua, garajetik bertan. Herritik ibili gara autoa bahitua izan dugun orduetan. Astelehena da eta bizi-bizi dago herria, autoz gainezka aparkaleku eta kaleak, eroslez mukuru kaleak eta plaza. Herri-giro lasaigarri eta atsegina. Inguruko baserritarrak bere salgaiekin, inguruko eta herriko jendea erosketetan, kontu-kontari, elkarrekin asteroko elkargunea dirudi askorentzat merkatu eguna. Ohizkoa da giroa, ohizkoak salgaiak ere, baina bizpahiruk xehetasun izan zaizkigu deigarri: animaliak ere saltzen dituzte baserritarrek plazan;  lehengo erara: kartoi baten gainean edo etxean eginiko kaioletan gordetako untxi, oilo, oilasko eta indioilarrak; gaztan dago aukera oparoa, bertakoek eginiko gaztak, itxura, zapore eta tamaina guztietakoak; baita etxean egositako erremolatxa gorriak ere. Ugaria zen lora eskaintza, Maiatza izaki.

Udaletxeko atarian irakurri dugu herriko gehiengoak eman zuela boza atzo, %80tik gora Chirac-i. Egunkarietan irakurri dugu antzerako emaitzak izan direla Frantzia osoan. Biak ere eskuindar biziak, baina porrokatuenak galdu du. Nolanahi eskuindar zital bat egonen da agintean.

Pipitan daude gereziondoak herri honetan. Gureetan loratuta ikusi berri ditugu-eta!.

Garona ibaia zeharkatu dugu gaur hainbat aldiz, dotore eta zabal, ibai ederra da.

Bidaiak ez digu ezer berezirik eskaini. Ezagunak zaizkigu lurraldeok. Gustukoak ditut lautada zabal berdeok. Zuziri espaziala dirudi eliza batek, dorre luze zorrotza alboko kuboekin. Askaziak eta otaloreak nabarmentzen dira denean, batez ere autobide inguruetan, zuri batzuk, hori besteak. Ahaztua genuen: mahats lurraldea da Karkasona. Xarmant liluragarria Karkasona hiribildua, lagun atseginak Narbona aurretxoko gerrariak, itsasora begira Mediterraneoa lehen aldiz ikuskatzen dugunean. Narbonako eliza ikusgarria, gotiko horixka, urrutitik begien jostailu,  bihotzaren gozamen. Nimesko etxe-bloke erraldoiak, zuriak arren zatarrak. Ahaztuak genituen Arleseko arroz sailak.

Ikusi egin dugu itsasoa Narbona aurrean, usaindu soilik egiten dugu ondoren. Soildu dira mendiak, agertu dira pinu buru-zapalak.

Caseta hondatu zaigu. Hankoker diraugu beraz, egunero matxuraren bat.

Cannes-en gelditu gara, Italiara aurretik, geldiune erosoagoak direlako Frantziako gasolindegi guneak. Kosta zaigu lekua aurkitzea, denok ere zulotxoa noiz egingo zain egon ondoren; Sevilla eta Murtziako gidariekin izan dugu solasaldi arina. Kritikak ere egiten dituzte, badira kritikoak, baina nolabait onartzen dute amerikarren bengantza Afganistanen: erroak botatzen ditu Bind Ladenen aurkako propagandak. Batek esan du, “eta zergatik ez lehenengotik bonba horietako bat bota eta kitto!”, herriaren kontrako erasoa oraindik ere latzagoa zitekeela ez da jabetu ere egiten. Oso xumea da herria, eztabaidarik eta irakurtzeko joerarik ez badu, edo ematen zaion zer ofizial hori besterik entzun eta irakurtzen ez badu.

 

633 Kilometro, Italiako mugetarainokoak

 

 

Maiatzaren 7a. Asteartea.  3.a-I:1.a

 

“Bisean bis berbetan”. Hainbat presoen lanak.

Mitxelko Uranga:

* “hemen nago, iluntasun honetan. /  Hotzak nere hezurrak pinuratzen ditu, eta beldurrak nere gorputza”. Berogailua  atera behar izan dugu egun ilun euritsu honetan.

* “Zure kateekin suntsitu nazakezu / baina ez dago / nere sentimenduak desagerraraziko duen / katerik”. Ezta bidaiarik ere.

* “Eromena / nere gorputzean bizi den paradisu bat da!”. Bidaiatzea sarri dira eromena eta paradisu, bi egoerak ohi dira batera.

 

Egun aparta argitu zaigu

Kamioi motor hotzez bildurik egin dugu lo, batez ere goizaldera, gauez nekeak ez baitigu beste ezertaz jabetzeko aukerarik eman.

Zenbait kamioilarik kamioi ostean egiten du pisa, galipotezko lur zoroan, horrela dago zikin,  eguzki orduetan kiratsu seguruenik. Komuna 10 metrotara izan arren. Bagara alperrak edo zikinak, edo besteek ardura ez digutenak.

Alpeak zuri eta eder ikusten ditugu, barrena patxadatuz.

 

Nizak, autoz lepo ditu errepideko norabide bakoitzeko hiru bideak edozein egun eta edozein ordutan, etxez lepo inguruko mendi malda eta hegiak.

 

 

ITALIA

 

LIGURIA

 300 kilometrotan, Frantziatik bertatik hasita, tunela eta zubia, berrikuntza edo konponketa lanak takian-potian autobidean  bertan, ia etenik gabe, gure norabideko bide biak bakarrera mugatuz edo bi norabideak alde berdinean bilduz. Oraingoan bai, segurtasun neurriak hartzen dituzte,  plastikozko konotxo gorriak jartzen dituzte kilometrotan. Mendiak nagusi, ohi denez, Ligurian, dena da baso, berde joriak daude udaberrian.

Malda pikeetan itsatsita daude etxeak, erabat sakabanatuta, Genoatik Savonara bitartean batez ere, baina baita beste hainbat mendiartean ere. Erlauntzi erraldoiak basoerdian bailira. Ez da lur landurik inguruan, agian baratzaren bat, zuhaitzez inguratuta, batzuk erabat urruti, goietan, errepiderik ere antzematen ez zaiela, bakardade absolutuan, mundua oinetan dutela. Olibondoak dira behe inguruetako maldak, orriek erakusten dutenez, baina txanka meheak dira, luzexkak, urritxaren bikiak bailira. Eliza-dorreak denak dira karratu luzeak.

Hainbat herri eta etxe dakusagu autobidetik, bizkor eta beraiengandik urruti goaz, isolatuta lez, hesi batek mugatuta, lotuta lez, autobidean. Hor behean, aldiz, zulootako herrietan eta goietako etxe sakabanatuetan edo hegietako herri koloretsu italiarretan mundu oso bat dago.

Haize izugarri bortitza izan dugu Ligurian zehar, Genoa pasa arte. Nolako astinduak erremolkeari, ez zen giro zubi luze garaiotan.

Carraran bukatu zaigu Liguria; La Especian, aldiz, bukatu dira bihurguneak.

 

 

TOSCANA

Zabaldu egiten da lurraldea. Lautada berdeak, urrutiko mendiek mugatzen dute zerua. Lurralde uhindua, mendi-muino leun denak dira gari-sail, dena da gorabehera leun berdea; lauan zein mendi-muino hegietan, bakan edo lerro luzeetan, zipresak, berde ilun gotiko  zerurantz luzeak paisaia leunari  goranzko bidea erakutsiz. Oso nekazal etxe gutxi, ia ez da herririk ere nabari.

Autobide berriak amaierarik gabeko zementuzko zutabe baxuko ilara gainean zeharkatzen ditu lautadak, kilometro eta kilometroetan, ez dakigu garaiera gordetzeagatik ala beheko lur landuak ez murrizteagatik, agian lautada bitan ez zatitzeagatik, baina zirraragarria da nola zementuzko ganibet grixkara erraldoiak ebakitzen duen bitan lautada berdea.

Alpe Paduarrak agertu zaizkigu Iparraldean, mendizerra garai erraldoiak, elurtuak daude tontorrak, une batez ez dakigu osteko laino zuriak tontor elurtuen luzapenak ote diren ere. Izugarri erakargarria da ikuspegia, bai lautada berdea, bai ostea ere, Anboto edo Aizkorri erraldoituak iduri. Carrara aldean harrobi zuri ugariek elurtu itxura ematen die harkaitz tzarroi; Livornotik, urrutitik, deigarriak dira maldetako zuriuneok; ortzia ebakiko bailu, paleolitoko gizonaren harrizko labana erraldoia dirudi mendizerrak. Pisako dorreak okertuta darrai, ez dute erabat zuzendu, bestela akabo negoziorako erakargarritasuna; Bataiategiaren eta Duomoren kupulak ere han dakusagu, urrutian arren erraldoi, mirakulua lautada erdian, ikuskizun paregabea.

Arno Ibaia zeharkatu dugu, Florentziatik dut gogoan, han izan genuen ezustea ibaia bera eta ibai gaineko zubi aparta. Zabal eta indartsu doa. Alboetan sare karratu erraldoi batzuk daude zintzilikatuta, erreskadan, hainbat: arrantz-sareak seguruenik, hondatzen dituzte eta arrainekin atera.

Livornoko argindar zentralen tximiniek eta burdinazko tantaitzarrek haginka egiten diote naturari, autobideko zutaberiarekin batera. Agian haginkada osatu. Baina barne astindua sentitzen duzu; zein bortizki eragin diogun naturari. Lautada amaiezinen erdian dago Livorno, itsasoa aurrean,  lur zabal amaigabearen ostean. Gari-sailak.

Atzo ere izan genuen, gaur berriro, mendiari eginiko haginkada beldurgarria, zauri gorrizka mendi berdean, harrobi izugarri handia, zauri gorri odoltsua bailitzan.

Laua da Toscana, mendi-muino leunak ditu, mendi goiak urruti. Urreratuz, basoak dira mendiok. Dena dago berde, dena da gari.

Mendiaren txapela dirudi menditxo baten tontorreko herritxoak, hain berdin eta osoki betetzen du gaina.

Rosseto: herri handia dirudi

Pinu buruzabal handiak, handitasunak eta sendotasunak egiten ditu bereziak, hain dira buruhandi.

 

LAZIO

Ez da asko aldatzen lurraldea. Itsasertzetik goaz baina ez dugu ia itsasorik ikusten. Nabari ere ez Grosseto inguruko kanpin metaketarengatik ez balitz: hainbat eta hainbat kanpin, jarraian, kilometrotan, herri osoa dira bakoitza.

Bi bide dituzte ia errepide gehienek, bi norabidean, baina zoru txarra dute tarte askotan. Betikoa eta denekoa Italian ere: zerbitzu publikoa askoz ere txarragoa da negozio pribatuena baino. Dirua egiteak bultzatzen du zerbitzu egokiak eskaintzera, baina politikariak ez ditu zirikatzen delako zerbitzu publiko erosoa esleitzearen grinak.

Horituta daude galsoroa zabalak lurralde batean.

Intxusa ere dager etxe inguruetan. Etxe bakan batzuk lautadan, mahasti batzuk... ez du aparteko erakargarritasunik.

Sarria da errepideko polizia, sarriak ere kamerak.

Izan da ijito kanpamendua ere, herri oso bat da, nahiko finkatua dirudi, baina etxatoiak dira bizitokiak, txabola edo etxetxoen ordez.

Hiribildu berezia tontor batean, amildegiak ditu babesgune berezkoa,  harresiak dira, aldiz, gizakiak eginiko babesa.

Itsasoa izan dugu ikuskizun Civitavechiatik aurrera, logurak haizatu eta bidaiari ikuskizun berria emanez.

Altuak dira mahastiak, gerria behartu gabe mahatsa jasotzeko asmatuak ote?. Praktikoak dira italiarrak.

Fiumichinoko aireportura minutu oro jaisten da hegazkin bat, aurrez-aurre izan ditugu hainbat.

Erroma inguratzen duen errepide-eraztuna ere osatu dugu, oso mantso, trinkoa baita zirkulazioa, izugarria da sartu-irtena.

Aldatu egiten da paisaia Lazio Hegorantz, mendixkak ez dira leunak, mendi-zulo sakonak dituzte, lurra ez dago landua, zuhaitzek hartzen diote lekua gariari. Artalde bakarren bat ere ikusi dugu. Nekazal etxe gehiago ageri da. Mendiak ageri dira inguru osoan, gero eta gertuago, baina ez kare-harrizko mendi eta harkaitzak, buru borobileko mendi mortuak baizik, belar latzez estaliak, zikin plantakoak.

Erle ikurra tarteka. Erle lekua ote ba hau?

Montecasinoko Abadia: erraldoi, izugarri handia dager kare-harrizko mendi tontorra osoki hartuz. Zuri,  berri itxuran. 

Casinoko irteeran kristalez blindatuta dute kobratzailearen leihatila, zirrikitu batetik pasa behar dituzu txartela eta dirua. Beldurra ere sartzen du, ze lurraldera etorri gara?. Lapurroi lapurtzea, bale, baina denok ote gara arriskua?.

Eta  honenbestez heldu gara gure gaurko azkenera. Hiru ordu egin dugu kanpina aurkitzen, luze egin zaigu. Casinokoa erraz aurkitu dugu, baina itxita zegoen. Formian bukatu dugu, ilunduta, aurkituko genuen itxaropena ere ia galduta, galdetu hemen eta galdetu han, bertan baina agertzen ez, gure tramankuluarekin kale estuetan, auto artean,  gidari ipurterreek  erasota, aurkitu dugu azkenean, baina hau ere itxita; hirugarren baten bila, lehen ere kale egina dugu oso erosoa zitekeena baina nondik jo aurkitu ez dioguna... Aurkitu dugu bat azkenik. Agureak inposatu digu non eta nola kokatu, zuhaitz artean, borondate onenarekin seguru aski, baina gure nahierara eta ohiturak behartuz, baina azkenean argia dugu, leku lasaia ere bai.

Gure kalearte eta kostaldeko bila-ibilian Napoliko badia ikusi ahal izan dugu, badia zabala, Napoliren aurrez-aurre Gaetako badiatxoa, Gaeta herria bera ere, lurmuturtxoan kokatua: itxura atsegina du. Formiak ostera ez du inolako erakargarritasunik, itsasoa eta hondartza ez bada. Inguruko lurraldea, aldiz, ezatsegina da, mendi-muino sendoak, mortuak, biluziak, gotorrak, sugandilen bizitoki, badiak eta inguruko ikuspegiak erakarriko du gehienez norbait.

 

Bidelapur modernoak aipatu behar: euro eta kontaketa luzeko kontaezin txartel piloa batu zaizkigu bidean. Eta hemen ez dago isileko kontrabiderik.

 

Formio, Tirreno Itsasoko hondartza baten kontra. Izugarri zabala da kanpalekua. Badirudi jauntxoren baten parkea izandakoa dela. Bakarrik gaude, guretzat da arboladi eta belardi osoa, baita itsasoko ikuskizuna ere. Parketxo batean eraikitako txaletxoa dirudi gure etxatoiak.

 

901 kilometro, Italiako Hegoan kokatu gaituztenak.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

“Guk denok laguntzen dugu, ze berak mundu guztia lagundu du beti”. Kanpinetan asko praktikatzen den filosofia, ze denok behar izan dugu noizbait norbaiten laguntza, horregatik gaude beti prest laguntzeko.

etiketak: Italia, Bidaiak 02
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.