Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / LIBURUAK 8

LIBURUAK 8

Jon Etxabe 2023/01/23 10:55
Krakovia. Goizalde Landabaso. Luaren itzala. John Andueza. Malthusen ezinegona. Asel Luzaraga. Mina hartzeko ere. Juan Luis Zabala. Poema-liburua. 72 ordu. Kepa Iribar. Osaba Petros eta Goldbachen aierua. Apostolos Doxiadis

Krakovia. Goizalde Landabaso. Luaren itzala. John Andueza. Malthusen ezinegona. Asel Luzaraga. Mina hartzeko ere. Juan Luis Zabala. Poema-liburua. 72 ordu. Kepa Iribar. Osaba Petros eta Goldbachen aierua. Apostolos Doxiadis

 

Krakovia. Goizalde Landabaso

Krakovia, liburuaren titulua, ospitaleko kontakizun batetik dator.

Zauri batengatik ospitalera jotzen du emakume batek, erietxe horretako (Basurto) 12 eguneko egonaldi baten kronika eta odisea kontatzen du, ospitalean deserriratu bat omen.

Umorea, ironia eta kritika puntuaz kontatua.

Tarteka hausnarketa eta gogapen kitzikagarriak.  

Narrazio pizgarria: ospitaleko bizipen eta sentipenak, ospitale, osagile eta erizainen argazkia.

Mina, litzake gai ukituenetariko bat; horrez gain ospitaleko mila xehetasun: eraikinaren egitura, osagileak, erizainak, jana, bisitak, giroa…

Ospitaletan izan ditugun mila bizipen gogarazten ditu, esnarazten, gogoeta egitera laguntzen.

Ederra da azken aurreko kapitulua: gogoetengatik batez ere.

Literatura-ariketa kilikagarria, hitz-joko erakargarriak egiten ditu, kontakizuna bera dotorea da.

Modari jarraituz edo, ingeles esaldiak dakartza, abestien aipamen eta letra zatiak ere.

Irribarretxo batekin zenbait gogoeta egiteko aukera.

 

Luaren itzala. John Andueza

Neska gazte bat da Lua, hil eginen dute, hiltzailea nor eta horren ingurukoak dira kontaketaren ardatza.

Gizarteari eta gizakiari buruz hausnartzen du.

Pandemia garaian kokatua, giro hark bustitzen du historia nahiz ez den funtsezkoa.

Oso xumea da kontakizuna, kontaera, bilbea, idazkera, lexikoa, gogoetak, hiztegia…

Gaztetxo edo ikastetxetarako idatzia dirudi, irakurzaletasuna areagotzeko edo.

Ez du indarrik nahiz hiltzailea nor jakin-mina sortarazten duen azken zatian.

Beste zereginik gabeko arratsalde batean irakurtzekoa, edo etxeko gaztetxoei eskaintzekoa.

 

Malthusen ezinegona. Asel Luzaraga

Gar egungo eta XXIII.go gizarte posible baten kontrastea, edo kontrastearen irudikapena.

Gaur egungo gizartea, ondorengo bat, eta azkenik etorriko dena.

Gure gizartea ehunka urte geroagotik ikusita.

Gaur egungo gizarte hau aldatzeko gogoa, mundu berri bat sortzeko ahalegina, mundu horren nolakoa.

Gaur egungo gizartearen kolapsoa, izanen duen bilakaera, nola, ze helbururekin, ze baliabidez…  

Erabakitzeko eskubidearen zamatik askatutako gizartea marrazten da, biztanle askoz gutxiago izanen dira, urte asko biziko dira, hiri txikiagoetan, arbasoen abizenik ere ez dute ezagutzen.

Nietzsche eta bere dotrina presente dago liburu osoan.

Pertsona eta izen ezberdin asko dago, sinboloak dira, dionarena baina harago doa esan nahi duena.

Altxamendu bat izanen da, altxamendua aurreikusi eta menderatzeko gai izanen denak izanen du aldaketaren giltza.

Bi mailatan doa kontakizuna, Malthus alde batetik eta beste hainbat pertsonaia biltzen dituen kontakizuna bestetik: Malthus izanen da urteetan aldaketa bat prestatzen ariko dena klandestinoki, jite ezberdineko jendeaz baliatuz: aldaketa-egileen sinboloa litzake..

Nork izan du eta izanen du gizartearen bilakaeraren giltza, ze gizarte mota erabakia.

Guztiaren eta aldian aldiko buru, talde ahaldun edo indar erabakigarria anonimo eta ikusezina bezala agertzen da.

Lortutakoaren balorapen pobrea egiten du, etorkizun hits aurreikusten.

Zientzia, fikzioa eta gertakizunak nahastuz eta tartekatuz doa kontakizuna, gogoeta etenik gabean.

Gai asko ukitzen ditu: amatasuna, mirabeak, giza-harremanak, boterearen lilura, robotak, erakusketak, hizkuntzak, boterea dago aldaketen oinarrian, menpekotasuna, armak, haurrak, heriotza, denbora, gosea, izenez deitzea,  gizartearen bilakaera, emakumea, Simone de Beauvoir. Lezma Lima, azken idazle famatuen aipamena….

Denborak beste neurri bat du, epe luzek dira.

Literatura egin nahi du, idazkera jantzia, deskribapenak, irudiak, kontatzeko jite erabat ezberdina...: lausotu egiten du edukia ahalegin horrek, irakurketa zaildu, irakurtzearen kaltean.

 

Mina hartzeko ere. Juan Luis Zabala. Poema-liburua

Bizitzari atxikitako poemak, egunerokotasunaren bizipenen mailan, bizitzarekin nahastuak, baina gaindi, bilgarri batez edertuak bezala.

Bizitzari estu-estu itsasten zaitu, pentsarazten.

Bizitzari goi-begirada bat.

Zure eguneroko zertzeladen gogoetara eramaten zaitu.

Ez da galtzen edertasun ahaleginen farfailetan.

Beti dabil tximeleta poemotan, batzuen arre, hurrengo kolore dirdaitsuz.

Hitz-jolas erakargarriak tarteta-tarteka

Gustura irakurtzen da.

 

72 ordu. Kepa Iribar

Elkanok Munduari bira eman ondoren lurreratu zen 500. urtearen Getarian egindako ospakizuna du ardatz.

Suspense generoa da: hainbat gorabehera gurutzatuko dira kontakizunean, badu bere mataza... baina kontakizun laua da, idazkera lauan emana.

Elkanoren bidaiari buruzko hainbat datu, ospakizuna bera zehatz kontatzen du, Getaria herria deskribatzen, bertako hainbat zertzelada erakusten: txibi arrantza, surflariak…, Ertzaintza, Aiako idi probak…

Ez du ekarpenik ez literatura ikuspuntutik, ez kontakizunean, euskarazko suspense liburua dela izan ezik.

12 kapitulu labur eta paragrafo sarrietan banatuta, bizitasuna hartzen du eta erraz irakurtzen da.

Betegarri asko du.

Generoa gustuko duenak tartetxo batzuk pasa ahal ditu, besteek jo eta pasa  erraz irakurri dezakete.

Ez zaio falta azken orriko azken ezustea.

 

Osaba Petros eta Goldbachen aierua. Apostolos Doxiadis

“Goldbachen aierua” frogaezina den edo frogatu ez den matematikako ariketa bat da, Petrus, aldiz, aieru horiei irtenbidea aurkitzen bizi osoan arituko den matematikaria.

Matematika: izarren arteko mundua bezalakoa da matematikarena, galdu egiten zara zenbakiak hor dauden arren, espazio-ontzi batean sartu eta espaziora jauzia egitea bezalakoa da, erantzunik gabeko labirintua, noraezean dabilen jendea matematikaria, irteerarik gabeko bidezidorretan.

Matematika zientziaren  osagai eta atal ezberdinak, historia, matematikari ospetsuen izenak -lanak eta zertzeladak, matematikako teoria eta metodo ezberdinak, teoremak, hipotesiak, proposizioak, ekuazioak, metodo geometrikoak, metodo aritmetikoak…: enuntziatzeko errazak, frogatzeko zailak.

Batuketak, kenketak, biderketak, zenbaki osoak, lehen zenbakiak, zenbaki bikoitiak…

Matematikaren lorratzak: egia eta loria elkarrekin borrokan.

Matematikaria izatearen argitasunak, itzalak, iluntasunak, onurak eta galerak.

Matematika historiaren emanaldi bat bezala da.

Neurri ezberdin bat du denborak ikerlari matematikoarentzat.

Matematikari gazteen arteko lehia da emankorrena, gazte den garaian lortzen du matematikariak bere maila gorena.

“Egiazko matemaikaria jaio egiten da, ez da egiten”.

Irakurleak ez du matematikarik ikasiko, aldiz, jabetuko da zein nahasia,  aberatsa eta zaila den matematikaren mundua.

“irakurri” dut liburua, baina ez dut “ulertu”, istorioaz eta kontakizunaz jabetu naizen arren.

Literatura aldetik ez du askorik eskaintzen.

Itzulpena txukuna da, berrikuntza handirik gabe.

etiketak: Liburuak 8
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.