LIBURUAK 8
Faith. Lander Garro. Hiri zuriaren isiltasuna. Eva G.ª Saenz de Urturi. 31 ipuin. Anton Txekhov. Izarak. Goizane Aizpurua. Jainkoaren seme. Cormac McCarthy
Faith. Lander Garro
Faith hitzak, izenburuak alegia, fedea, sinetsi nahi duenaren joan-etorriak, konfidantza… esan nahi du.
Gazte baten aldi bateko gorabeherak kontatzen ditu: atxiloketa, kartzela, ondorengo zertzeladak, Bartzelonara doa bizitzera, hango bizimoldea… eta bukaera.
Pertsonen zein gizartearen zirrikituetan sartzen da. Barne-bide batean sartzen zaren irudipena duzu hasieran, bikoteen zein pertsonen labirintuan dabil, oso gogoeta erakargarriak, mamitsuak, egiten ditu, zeure barnea ehotzen lagunduko dizula gogoeta eta hausnarketen errota batek irentsi zaituela uste duzu, eta hala da, baina aurrera eginez lausotuz doa barne zirrikituetako ibilbide eta hausnarketen zurrunbiloa, kontakizun dotore baten bidea hartuz, gogoeten bidea, nolanahi, ez du uzten.
Errealitatea kontatzea bera parte-hartze bat da, kontalariaren ikuspuntua agertzen da, errealitate horri buruz nolabait hausnarketa bat egiten da: egileak egoerari buruzko zuzeneko iritzirik ez du ematen, baina ez da inola ere aseptikoa, erdibide konprometitu batean dabil.
Zaila de iradokitzen duen dena ehotzea, unean unekoaz gozatu, hausnartu, agian oharren bat idatzi…
Garai bateko giro bortitza, azpibidekoena, islatu nahi du, baina ez du indarrik, nahiko laua da kontakizuna, xaloa, arrunta eta dotorea aldi berean, ezer gutxi eskainiz erakargarritik.
Esaldi borobilak, “potoloak” zizelatzeko bezalakoak botatzen ditu tarteka, indarra emateko kontakizunari.
Ironiaz baliatzen da, zeharka bezala azalduz ideiak, usteak eta pentsaera.
Istorio edo kontakizun tristea da, giro etsia, tristura dario, pertsonaiei ere.
Erdibidetik bezala dabil, tonu anbiguoa, neutroa, idazlearen jarrera zehatzik erakutsi gabe.
“Snob bat naiz” dio protagonistak: hala dirudi egileak berak zita, autore eta ingeles aipamen ugariak irakurriz; ikasi edo eskolatu baten itxura ematen du, edo eman nahi du, liburu, egile, abeslariak aipatuz, pedante edo sasi-maisu samarra den sentipena sortarazten du, abestien, idazleen, liburuen, jatetxe eta tabernen, katalogo edo zerrenda bat hartu eta tarteka landatzen doan sentipena.
Ezjakintasunaren alardea ala eruditoarena, zeinen papertxoa jokatzea ote okerragoa galdetzen du egileak: eruditoarena jokatzen du berak liburuan, bere erudizioa neurtzen ari dela dirudi, agian satira edo parodia egin nahi du.
“Dilatantea eta autodidakta naiz” dio, egilea bere buruaz ari bailitz.
Ironia darabil
Gai ezberdin asko ukituz doa: depresio psikologikoa, sorkuntza: argazkilaritza, zinea, literatura, mota ezberdineko harremanak, lagunartea, Polizia-Zibilak-Ertzaintza, etxe miatzeak, gorputz araketak, atxiloketak, kartzela, presoak, Bartzelona, ETA, sasian dabiltzanen familiartekoak, Paris, maitasuna-maitaleak-bikoteak, familia, politikoak… kontaezin artale mota ehotzen ditu.
Narratzailea bera da kontakizuneko protagonista.
Ez du literatura loratua egiten, baina bai landua, idazkera itxuraz lauan.
Aro edo garai ezberdinetako gertakizunak, pertsonaiak eta gai ezberdinak tartekatuz doa, korapilatuz, atzera-aurrera, puzzle batean bezala, baina ez da puzzlea.
Kapitulu zenbaki eta banaketa gabe, ekinaldi bakarrean idatzita dago, tarteka lerro sailen arteko zuri-gune zabalagoz banatuz kontakizuna.
Errutina edo antzerako jardunaren tankera hartzen du kontaketak sarri, distirarik gabeko arrunt kutsua hartzen du bai burutapenetan bai esamoldeetan, baina tarteka-tarteka sarrian piztu bezala egiten da, burutapenek erakartzen zaituzte, erakargarri egiten zaitu.
Hiri zuriaren isiltasuna. Eva G.ª Saenz de Urturi
511 orrialdeko thriller-liburukotea.
Gasteiz da hiri zuria non kokatzen den ia gertakizun guztia.
Thriller baten egitura, film bateko antza du: istorioa harilkatuz doa, hariak txirikordatuz, baina aldi berean hari-muturrak utziz, irakurleari arrasto faltsuak emanez, zirikatuz…,
Abila da, aberatsa, azkenera arte egoera ezberdinak korapilatu eta egoerak berriak asmatzen.
Azken zatian, jada koordenada guztiak ditu irakurleak, literatura aldetik ez du ezer kilikagarririk eskaintzen, ezta gogoetarako aukerarik ere, beraz jo eta pasan irakurtzera eramaten zaitu, amaiera zein izango.
Gasteiz hirian zehar eramango du irakurlea, kale, plaza, parke, hilerri, denda, taberna, jantoki, hiriko gertakizun ezberdinak, jaiak, elizkizunak…. probintziako zenbait herritara ere eramango du: ezagutzen duenak mentalki eginen du ibilbidea, ez dut uste ezagutzen ez duenari ezagutzeko irrikarik sortaraziko dionik.
Senarraren bortxakeria eta tratu txarrak, bikien zenbait zehaztasun, gasteiztarrak Kuban, Ertzaintza… ukitzen ditu baina hausnarketa edo gogoetarako aukerarik ez du eskaintzen.
Hitzen aukeraketa, osaketa edo moldaketa dela, egituren taxuera… jite ezberdina edo ezohikoaren ukitu berezia dute zenbait esamolde edo hitzek: ez dakit jatorrizko testuaren eragina ala itzultzaileren ekarpena den.
Freskura galtzen du kontakizunak, seguruenik jatorrizkoak duen naturaltasuna, zurruntasun punttua hartzen dute zenbait pasarte eta esaldik..
Esamolde eta zenbait hitz ezberdinek ematen dute aberastasuna edo pentsarazteko aukera.
Irakurleak hautsak kendu beharko dizkio hiztegiari.
Generoa gustuko duenak gustura irakurriko du.
31 ipuin. Anton Txekhov
Errusiar gizartea marraztuzko pintzelada da ipuin bakoitza.
Egilearen garaiko Errusiaren ikuspegi errealista.
Gizarte harremanetako zertzeladetatik ateratako ipuinak
Gizarte eta aldi ezberdin batera jauzia.
Gai ugari ezagutu ahal da: garaiko eztabaida zientifikoak, gizarteko maila karguen eta elkarrekiko trataera ezberdina, funtzionarioen estatusa, kargu politikoenganako menpekotasuna, bizitzaren ikuspuntu ezberdinak…
Aholku moral eta etikoz beteta dago, aldarrikapena dira ipuin asko.
Poeta ukitua du deskribapenetan, bizitzari begiratzeko ikuspuntu ezberdinetan, irudi eta adjektiboen erabilian…
Tarteka ipuin bat irakurriz, barretxoa edo bihotzean zimikoa sortarazten du.
Zailtasunik gabeko euskara, ezuste baikorren bat tarteka.
Izarak. Goizane Aizpurua
Lagunak diren bi emakume bilduko dira ohean ustekabean, sexua medio, hotel batean, oporretan: harreman horren ondoriozko sentipenen bilakaera da kontakizunaren mamia, giza harreman batzuen istorio zapuztu bat.
Bi pertsona horien barne kiribiletan murgiltzen da.
Atalka, dosi oso murritzetan narratzen du bilakaera gorabeheratsu hori.
Kontatu baino iradoki egiten du istorioak, nolabait pertsonaien barnean sartu ere.
Ukitu erakargarriak egiten ditu, bai gogoetetan, bai literatura mailan: arlo bietan pentsarazten du.
Ez da barneko karramarrorik sentitzen irakurtzean, ezta tximeletaren hegorik nabaritzen lerrootan, literarioegia gertatzen da.
Lau zati ditu, lau urtaroak, atal laburretan banatuta dator zati bakoitza, irakurketa erraztuz, kontakizun mantsoa arinduz.
Oso tantaka edo tartekatuta doa bilakaeraren pauso bakoitza.
Bi pertsona nagusiek lehen pertsonan hitz egiten dute atal ezberdinetan, besteetan narratzailea soilik ari da.
Esaldi laburreko perpausaz idazten du.
Mosaiko bat dirudi, tesela bat litzateke esaldi bakoitza, osotasun batean bilduak, baina ertzak agerian direla.
Literatura ariketa bailitz, edo egilearen jolas literarioa, egileak berak gozatzen duela dirudi idazte esaldiok zizelatu eta lantzen.
Errepikakorra bihurtzen da, agian bere estiloa da, edo esaldi luzeetan korapilatzeari ihes egiteko bide bat, estilo bat da, idazkera modu bat.
Zatiz zati zizelatutako lana, literatura egin nahiaren ondoriozko hoztasuna du, freskotasuna, naturaltasuna, malgutasuna falta zaio, zurrunegia da.
Letra etzanez sartzen ditu paragrafoan pertsonaiaren esaldia propioak.
Ezin izan dio sexu ukitua emateari eta ingeles ziten modari huts egin.
Esaldien jolasa, esaldi labur eta gogoeta burutsuekin jolasteko aukera.
Jainkoaren seme. Cormac McCarthy
Hiru zati ditu kontakizunak, lehenengoan pertsonaia aurkezten du bere inguruko gizarte eta giroarekin, antz ematen zaio giro berezia; bigarrenean pertsonaiak pauso berriak ematen ditu bere jokabide anker eta basatian, zentzutasuna galtzen du pausoka pausoka; hirugarrenean goia jotzen du ankerkeria eta gordinkeriaren sabaiak.
Jendartean ikusiko dugu hasieran pertsonaia, bakartzen joango da erabat, bakar eta jazarria bukatuz.
Eskopeta darama berarekin, sinbolo bat izan daiteke, ez du besterik, ez etxerik, ez lanik… ez ezer, biluzik dagoela dirudi, gizalege guztien gainetik edo at bizi da.
Berenez bezala egiten ditu gauzak, instintuz lez, burura edo gogora etorri ahala bezala, ez dago arrazoitzerik, ez gogoetarik, ez dago inolako sentimendurik, ez dago barrerik, pozik negarrik…
“iluna, apokaliptikoa eta itogarria” dela dio Anjel Lertxundik, hala da, ez dago inolako itxaropenik, ez bizipozik.
Gizakume baten izaera berezi ezohikoa marrazten du, aldi berean inguruko gizartearena, gizarte bateko giroa, izaera eta jokaera doaz pertsonai nagusiaren kontakizunarekin batera.
Ia beti kanpoan dabil protagonista, ondorioz naturaren sekulako deskribapenak ditu, urtaroak, eguraldiak, landaredia, abereak, kobak…
Kontakizun makabrok dira asko eta asko, gordinak, bortitzak, latzak, ugariak sexu gehiegikeria ia lizunak.
Kontakizun laburrak, erabat sailkatuak, eduki astunaren pisua arinduz.
Zehaztasunez deskribatzen ditu egoerak, lekuak, pertsonak, zirkin txikienei ere erreparatuz.
Elkarrizketak sartzen ditu paragrafo barruan inolako ikur edo zeinurik gabe, naturaltasun osoz, irakurleari inolako eragozpenik sortu gabe.
Erraz eta arretaz irakurtzen da, hain dira ezohiko, uste gabeko eta ezohiko kontakizunak, indarra du, erritmoa, harrapatu egiten zaitu.
Itzulpen itxurarik ez du, euskaraz idatzita bezala irakurtzen da, jatorrizkoa lez, testuak ezarritako hersturarik ez balu bezala.
Ikusten zaio euskarako lexikoa erabiltzeko ahalegina, gaztelaniazko hitz eratorriei alde eginez lez, hiztegiko zenbait hitzei hautsa kenduz edo hitz egokiak moldatu edo osatuz, gutxi erabiltzen den hainbat hitz darabil.
“trangadera” jaiotetxetik entzun eta erabili gabe nuen hitza aurkitzea izan da ezuste pozgarrietako bat.
Merezi du Anjel Lertxundiren gibelsolasa irakurtzea, argitasun asko ematen du liburuari buruz, baita izenburuaren balizko esanahiari buruz ere.