BIDAIAK 2002. ITALIA
Maiatzaren 12a. Igandea. 10 I:8.a
“Rubatatak”. Omar Khayyam:
* “Gure altxorra ardoa da”. Herri guztiek dute bere ardoa altxortzat. Sorrento aldean ere mahastiak dituzte, bere ardoa saltzen dute, eta prezioari erreparatuz, altxor garestia da.
* “Mundu honetan konforma zaitez lagun gutxikin. Norbaitek iradokitako sinpatiaren bila ez zaitez ibili”. Bidaiariak bakartia izan behar du, ia definizioz, alde egiteko libre beti, eta sortuko zaizkion arazoei branka jartzeko beti gai. Sarri beharko eta eskertuko badu ere laguntasuna.
* ”Badakizu ez duzula eraginik zure patuan. Zergatik izutu behar zaitu biharko zalantza horrek?”. Bidaietan ez da paturik; prestakuntza eta esperientzia dira bidaiariarentzat patuaren ordezko. Horrek baldintzatuko du gerta beharrekoa gertatzen denean.
Lur zapaldua da kanpineko zorua, euriarekin lokazteko arriskua ekarriz, batez ere gurpilek harrotutako gunetan. Zozo pila dabil, ez hain kantari, olibondoen adajea ez zaie nonbait trinkoegia gordetzeko, horma kontrako belar eta bigun gunetan dabiltza, zomorro eta zizare bila.
Lainotsu iluna argitu zaigu, euria egin du gauez. Patua dugu eguraldiarekin Italian nonbait. Zapata sendoak hartzera gogoratzen eta pazientzia hartzen erakutsi digute prestakuntzak eta esperientziak.
Bederatziak eta erdietan atera gara, bestetan baino goizago, luzexka dugulako balizko programa. Eguzkiak urratu nahi ditu lainoak. Kanpoko sokan utzi ditu M. Luisak arropak.
Igandea arren, zabalik daude hainbat denda. Turista-herria izaki, pobrearentzat ez dago jaiegunik ogibideak hori eskatzen badio.
Zaldiak tiratutako bi gurditxo errepidean. Gurdi dotoretxoak dira, txirrinduen antzerako gurbildunak, antzinako gurpil babesgarriekin; txirrinduen antzerakoa egitura bera ere, tutuzkoa. Zaldiak eurak ere dotoreak, arduraz zainduak eta garbituak. Zaldi lasterketaren bat bada inguruan. Lasai doaz errepidean, ilara luzeak sortaraziz. Izan da turistak eramateko gurditxoa ere, besteen antzerakoa, baina bikote batentzat jarlekoa duena gidariaren atzean. Bidegurutzeetan ia erdiraino ateratzen dute muturra auto askok, bidetik datorenari ia lekurik utzi gabe, ia maniobratzera behartuz, geldiaraziz behintzat. Lasai geratzen dira kalean edo errepidean, edo aparkatzen dute, kaleetan batez ere, atea zabaldu eta lasai egonen zaizu atea zabalik bide osoa betez, inor ez badator aurretik erdiko marra zapalduz aurrera egiten duzu, inor badator ere datorrena bera arrimatuko da bere bazterrera. Eta ez da inor haserretzen, ez du inork protestatzen. Ez da ia araurik errepidean. Badirudi ez dutela arriskurik ikusi ere egiten. Badirudi norbait direla autoan, ez dutela auto kulturarik, baina hori ez da horrela. Beraien izaerak behar du izan horrelakoa, beste filosofia bat dute. Horrela ohitu dira.
Kezkatuak utzi gaitu Meta herri barreneko ibilbideak, desbideratze pare batek kale-arte estu nahasira bota gaitu. Hala balitz, gutxienez etorrera bezain korapilatsuagoa izango zaigu joana alde egiten dugunean.
Atzo gelditu egin behar izan ginen Napoliko badia begiratzeko, gaur aurrez aurre dugu gure joanean.
Gaur jabetu gara zutabe gainean egiten duela errepideak kilometrotako bidea, etxetxoen gainetik, agian beheko baratze eta lurrak ez hondatzeagatik. Sarriak dira zementuzko zutabeteria gainean bailara osoa zeharkatzen duten errepide zatiak, zenbait lekutan AHTak bezala.
Vesuvio izan behar du Dorre Annunziata gainean eta Ercolano eta Ponpeia erdian dagoen mendia: gandor zabal luzeak estaltzen dio tontorra, lainoa da, ez da barnetik askatutako ke multzoa, oraindik erabat lokartuta ez omen dagoen arren. Irrikan nago batez ere Ponpeia ikusteko. 1277 metro ditu garaieran Vesiviok, asko itsasotik hain gertu egonda. Pikea behar du izan maldak.
Capua inguruan fruta arbola sail asko dago.
Capuarako autobiako irteeran poliziek auto multzoa dute geratuta, eta baztertuta. Gazteak dira autoko denak. Gure aurrean zihoan furgoneta alemaniarra ere bazterrera eraman dute. Gazteen patua.
Capua. Izenez eta historiaz oso ezaguna. Ez genuen, gidaliburua irakurrita, ez genuen gehiegi espero, ez digu gehiegirik eskaini ere. Baina, “baina” askoko herria da: kaleak, arkuak, elizak, jauregiak, ateak... historia... izanaren arrastoa besterik ez da “baina” bakoitza. Izana, ez dena. Aldi berean, baina, herri bizia dirudi. Badu zer berritu. Ba ote du horretarako dirurik. Edo premiarik. Kultura jarduera eta eskakizun ikaragarria beharko du herrian, edo turismoa erruz bultzatu, premiazko berrikuntza guzti horien gastuak partzeko.
Bazen ekimen interesgarri bat hirian. Gutxienez bi ikastetxe arduratu dira bakoitza eliza batez: bakoitzak bere eliza aurrean jarri dituzte elizaren hainbat zertzelada, panel, idazki eta argazkiz azalduak, jendeari agerpenak emanez, ikasleek eurek; nabari da gai hori landu dutela ikastetxean.
Piazza dei Giudici. Ederra litzake baina kolorgetuta eta hondatu samarrak ditu biltzen duten eraikinak. Bizi bizi aurkitu dugu: antzinako edo bertako jantziekin jantzitako neska koadrila bat zegoen, dantza bat egin dute une batez, herri dantza zirudiena, nolabait antzeztua zeren bi dantzarik abestu egiten zuten ikusleei zuzenduz tarteka, pandero digante baten taupaden erritmoa zen musika nagusia.: dena zen xumea, erakargarria bere sinpletasunean. Udal poliziak darabil palazioa. Hainbat ezaugarri berezi ditu, atea eta harri zurixkako burutzar handiak hormatik irtenak. Baita S. Eligioren eliza ere, barnetik zuri argia: hondatuxea hau ere; erretaula ordez pintatua du absideko horma, organo bana du presbiterioko alde bietan, hondatuak baina deigarriak egituraz eta kokagunez. Aldare asko, ohi denez, kolore bizikoak, marmolezkoak edo pintatuak. Paperezko arrosa gorria oparitu digute plazako gazte koadrilakoak.
Duomo. Salermoko duomoren egitura bera du: sarreran elizpe karratu zabala, barnean 3 nabeko eliza zuria. Dorrea, elizaren gorputzetik banatuta, harrizkoa du beheko zatia, adreiluzkoa goikoa dena, halako estilo definigaitz bat du, nolanahi deigarria. Eliza ataria, xumea da berez, biluzia;, arku garaiak ditu, marmol leunekoak, eta gainean zabaltza estali gabea, taila izugarri ederrak dira zutabeen kapitelak: erromatarren eraikinetatik ekarriak omen, zutenaz baliatu ziren, tailatze lanak baino merkeagoak gutxienez. Barnetik, bi arkuteri garai ditu, atariko zutaberia bera, kapitel antzerako ederrekin. Salermokoan antzera, hemen ere argimutila izan behar duen zutabe harrizko garaia, erabat tailatua, kolore gorriko inkrustazioz edertuak ditu sail batzuk. Absideko horma pintatua da erretaularen ordezkoa, kolore biziz eta irudi piloz argia eta bizia. Alboko kapera bat ere mosaikoz egina da: errotua dago mosaikoaren kultura Italian, Aquileia edo Ravenaren eraginez agian. Kripta: presbiterio osoa hartuz hau ere, xumea egituraz, baina honek ere kapitel zoragarriko arkuteria oparoa du, erromatarren eraikinetatik ekarriak hauek ere; kaperatxo biluzi zurian sekulako marmol zurian zizelatutako Kristo etzana dago, ederra tamainaz, eta, zurian zuriago, zuritasunagatik deigarria. Sta. Ienvane eta S. Klaudioren hezurrak izan dira erabat deigarriak, oso italiarrak: kristalezko kutxa banan dituzte. Hezurrak dotore jantzita, zulotxoa utzi diote maukan, baita oinetakoaren zoruan ere, bertatik ikusi ahal dira santuon hezurrak; agerian dute atze aldetik buru-hezurra, aurretik, aldiz, argizarizko aurpegia jarri diete. Argizarizkoak dira oinak eta eskuak ere.
Duomo aurrean bada estela luze bat, iturriak dira barreneko lehoi buruak. Dena da xumea, baina buruok seguru aski garai oparoetakoak eta estela erromatar eraikin bati lapurtuak dira.
Hainbat jauregi dago, hondatu samarrak, zeregin ofizialetarako erabiliak. Bada bat sekulako klaustroa duena, erabat hondatuak ditu korridoreko pinturak eta erdialdeko dena. Izugarrizko tristura dario.
Hainbat arku: ibaiaren bestaldean ederrena, Federikoren dorrea deiturikoa.
Capuan, hiri askotan ere, karratu sendo handikoak dira zoruko lauza, gris ilunak, ia beltzak.
La Annunziata Monasterioa. Zuria hau ere, freskoz eta urre kolore eta pintura argiko apaingarriz erabat dotoretua ganga, urre kolorea nagusi dela. Bi organo ditu, presbiterioko alde bakoitzean bat, zaharrak biak, bitxiak eta hondatuak; pintura bat absideko erretaularen ordezkoa; aldare pila ditu, pintatuak, koadro handiak dituzte erretaulen ordez. Agerian utzi diote barnean duen osagaia, harri gorriko horma eta zutabe landua: igeltsu-kapa sendo-sendo batez estalia dago dena, agian zaila edo garestia da kapatzar guzti hori kentzea, barruan zer aurkituko duten jakin gabe.
Itxura bitxiko, guretzat txarreko, gazte bat hurreratu zaigu aparkalekuan ia “machina” gordeko zigun. Ez gara ausartu bere itxura ikusita ezetz esaten, eta eman diogu diruzko ordaina. Aurrean tokatu gatzaizkiolako bota digu amua, atera du bere uzta. Itzuli garenerako ondo edanda edo erreta izanen zuen gure oparia.
Zaila egin zaigu hortik aurrerakoa, Santa Maria Capua Vetere herriko anfiteatroa eta Cripta Mitrata nahi genituen ikusi, baina letreroek erabat nahastu gaituzte, lehenengo errepidean herria aurkitzeko, herrian bertan gero anfiteatroa aurkitzeko, itzela zen nahasmena, ez genuen galdezka hasteko umorerik.
Caserta. Borbondarrek eraikitako palazio tzarra da hiriko altxorra. Erraldoia benetan. Hiru gorputzekoa. Ez nuke esango ederra denik. Barrutik omen oparoa eta ikustekoa: ez gara sartu. Kanpoa erabat galdua du, aurreko esparru izugarri zabalean ez dago ezer, zementuzko zoru zabal bat eta belar-gune tristeak. Afrikar azal beltz-beltzeko gazteak zeuden palazio inguruan disko saltzen. Justiziaren aurpegi beltza.
Caserta Vechia-k erakartzen ninduen, kale-sare bihurria omen eta, baina ez dugu inon bertara norabiderik ikusi.
Eta honenbestez etxera egitea erabaki dugu. Benebenton ondoen iraun duen Trajanoren arkua eta iraun duen Teatro erromatar handiena genituen zain, baina arratsaldea zen jadanik eta nahiko ernegatuta geunden bilaketa antzuekin, bi monumentuok ez zituzten merezi laurogei kilometro ordu horretan.
Etxera egin dugu. Bide jadanik ezagunetatik. Ia beheraino gordea zuen lainoak Vesubioren malda. Euri tantak ere izan ditugu, baina M. Luisak nahiko lehor aurkitu ditu eskegitako arropak
201 kilometro, egunik kilometrotan luzeena eta ikuskizunean urriena.
Lurrera edo izarrei begira egin dut zerbitzugunera egunotako gaueko joan-etorria nonbait, ez bainaiz gaurko ikuskizunaz jabetu. Behatoki bat da kanpineko kokagunea, Napoli ageri da gauez, golkoaren iluntasunean marra zabal argi koloretsua, urdinxka eta horixka dir-dir. Ikuskizun gozagarria. Argia besterik ez zaigu gaur gauean, bihar mundu aberats zalapartatsu aberatsa, gozoa eta samina aurkituko dugu argi horien ostean.
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:
* “Onak berehala ziren ezagun zinean, ezer egin baina lehenagotik, baina onak ez ziren zinetik kanpora hain bereizgarriak”. Iritzi estereotipatuak izan ohi ditu bidaiariak herri berri batera doanean. Aurrez ezarriak diren iritziak. Ez da hain erraza zoazenean benetako argazkia egitea.
* “Bakoitza bere parentesiaren barruan dabil han, eta hemen ere bai”. Edonon, edonor.
* “Hitza ez da gauza bakoitzaren gainean jar daiteken etiketa, hitz egitea zerbait adierazi eta ulertzeko asmo konpartitua da, eta ez pentsa asmo berera ailegatzea erraza denik”. Norbere buruari zer adierazi nahi den argitzea, eta norberarekin asmo bakar batera heltzea ez da erraza bidaiaz idazten jarritakoan. Horregatik zait hain zaila zerbait egokia idaztea bidaiotaz.
* “Etnologia lanean ikasi dudana da, gehienetan ez dela erraza begiratzen duzuna ikustea”. Bidaiariaren zailtasun eta akatsetariko bat da ez dugula ikusten edo oker ikusten dugula, edo azaletik soilik. Iritzi okerrak edo gutxienez arinak atera ohi dira bidaietan.
* “... erridikulua sentitu naiz, karikatura moduan, satelite artifizialaren moduan, trapu zaharraren moduan, postal turistikoaren moduan”. Sarri ohi ditu bidaiariak horrelako zenbait sentipen.
* “Gure herri txiki urrunetik heldutako albisteak... berandu beti, pasatuaren seiluarekin, egun iraganen isla atzeratuak”. Hala dira bidaiariaren bere herriko berriak, telefono zalea ez bada behintzat. Egunkari atzeratua altxorra da lortzen denean, baina sekula santan ez dakar ezer berri edo itxaropentsurik. Berririk gabe bidaiatzea da lasaitasuna, bidaiaren xarmetariko bat. Ez egunkari, ez telebista, ez telefono. Lokarriotatik aske.
* “... plater eta liburu hauen artean disimuluan ibili zela zoriona deitzen den animalia izu eta muker hori”. Disimuluan ibili ohi da tarteka zoriona bidaietan ere. Atrapa egin behar agertzen denean, irristakorra baita.
* “ Egun haiek bizitzaz eta memoriaz bete gintuzten eta ederraren ederrez ia gezurrezkoak iruditzen zaizkit”. Gezurrezkoak irudituko litzaizkidake bidaia gehienenak, memoria, argazkiak eta idazkiak ez banitu. Bizitzaz eta memoriaz betetzen gaituzte bidaiek, zorion xafladaz ere.
Maiatzaren 13a. Astelehena. 11-I: 9.a
“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:
* “Jakituriaren zuhaitzetik hartzerik izan badu, badaki joandako egunak eta etorriko direnak ez direla inola ere bereizten Kreazioaren lehen egun txundigarritik”. Ez dugu jakinduriaren zuhaitzetik jan nonbait, bereizten ditugu sarri bidaiariok, atzokoa memorian, gaurkoa bizipenean, eta biharkoa itxaropenean.
* “Zerua eta Infernua zuregan daude”. Bidaietan frogatzen da hori.
* “Hain baita erakargarria Orainaren fereka”. Baina badira maiuskularik gabeko orainak, ferekatu ordez bizkortzen zaituztenak.
* “Hala ere, bi egunek uzte naute berdin-berdintsu: hil zen atzokoak eta oraindik jaio ez den biharkoak”. Nigan badute eragina bi egunok bidaiak diseinatzerakoan, gaurkoa baldintzatzen didate sarri.
* “Horditasunean nahi dut ahantzi gure ezjakintasunaren samina”. Bidaiariok zerbait ahaztu nahi dugu sarri bidaietan.
Atabal jostari ozena izan zaigu etxatoi gaina, milaka euri tanta indartsuak zirela zotz ikusezinaren mutur borobila. Inguru guztia dago putzu ez bada, bigun eta lokaztuta. Baina egunsentiarekin atertu du, itxaropena harrotu zaigu.
Atzo hain distiratsu zen Napoli ikusezin dago gaur badiako laino pean. Bertara joko dugu. Trenez, garraio aukera baitugu herritik.
Herri orotan geldituz doa trena, asko direnez herriak, sarriak dira geraldiak ere. Atsegina da sartu irteten diren bidaiariari erreparatuzko jokoa. Lepo doa trena. Ponpeian eta Erculanon izanen du turista hustu on bat, baina berehala beteko da herrietatik hiriburura doan herritarrekin. Mota guztietako bidaiariak, adinez, janzkeraz, hizkeraz, portaeraz, ibileraz...: bagoi osorako hitz egiten du amerikar batek, airea betetzen du hitzez Bush gogoratuz bere ingelesarekin, gazte batek lekua utzi dio adineko bati… Italiar beltzaranei urdindu egiten zaie ilea adinarekin, emakumeak aldiz hile-hori edo hile-gorri jartzen dira edozein adinetan. Graffitiz itxuraldatuta daude bagoiak kanpotik, berdin zementuzko geltoki zatar eta utzi tankerakoak ere.
Limoiondoek bere uzta oparo horiarekin betetzen dute lurzorua lurmuturreko lur malkarretan, goiak, aldiz, tontorrerainoko pagadi dira; olibondoak etorri dira lurra lautuz doan heinean; beherago, gaztainondoak, gereziondoak, mizpirondo, pikondoak... izan ditugu ikuskizun; badiako ordekan baratzak, negutegiak, etxe artean eta sarri kale-artean, Napoliren eraztun berdea bailira. Sakonak dira erreka-zuloak, zubiak, aldiz, halabeharrez garaiak; kaleak eta autoak ikusten ditugu han zuloko lautadan Sorrentora bidean. Sarriak dira tunelak ere, etxe eta herrien atzealdea erakusten du trenak, apaindurarik gabe, sarritan biltegi. Baina itsasoa eta Napoliko golkoa ere bazaizkigu tarte laburretan ikuskizun. Bertan dugu Vesuvio, baina gaur ere laino ostean gorde zaigu lotsati, bihar joango ote gatzaizkion tentatuz edo.
Batetik bestera egin du bagoian soinujole gazteak soinua joz, neskalaguna zihoan bere aurrean platertxoa eskuan sos batzuen eske. Gerora izan da soinuaren ordez besoetako umetxoa zeramana errukia beratu asmoz esku batean eta errukiaren fruitua jasoko zuen esku zabaldua bestean: hirurek Balkanak ingurukoak ziruditen: etorkinak bizimodua ahal den bezala ateriaz.
Txiroen, langileen eta besterik ezean nonbaiten bizi behar dutenen auzoak izan ohi dira hiri handien inguru gehienetan, Napoliren ingurua ez da ondo-bizien bizigunea.
Ordubete iraun du bidaiak, inola ere ez ordu aspergarria ikusmin eta begiluzeontzat.
Napoli. Aitortu behar dut kezkatxoak egiten zidala koska barnean. Hiriaz maiteminduta atera naiz, aldiz. Ez nuke aukeratuko bizitzeko, bai eginen nioke bigarren bisita bat beste noizbait, kaletxo eta jendartean, zurrunbilo horretan murgiltzearren, kale-arteko bizitasunak berriro harrapa eta bildu nazan.
Zahar-zaharra da, baina bizi-bizia. Ez da kafetegien eserlekurik kalean, ez dago egonerako zabaltzarik… galeria delakoetan ezik, baina kale-arte paregabea eskaintzen digu kale-artean murgiltzea gustukoa dugunoi. Dendariek hartuta dituzte alde zaharreko espaloiak, dendaren eta erakusleihoen luzapena dira espaloiak, kale erditik doa oinezkoa auto eta moto artean. Eskegitako arropek hartua dute aireko espazio osoa: balkoitik balkoirako soketan eskegita, edo kale estuetan leihoetako alde bietako sokateriak eta soketako arropak ia elkar jotzen dutela alde biak ia bat eginez; astelehena izateak, lixiba eguna, agian bazuen horrek gaur eragina arropa eskegiok kale-arte osoa betetzeko. Kaleko zorua, aldiz, motorrena da.
Berehala hartu diogu neurria pausoari eta planoari: geltokia dagoen Corso Garibalditik murgildu gara monumentu gunera bitarteko kale-sare zaharrean zehar, erakusleiho bihurtutako espaloi, auto, moto eta jende artean. Lehen pausoekin uxatu zaizkigu kezkak, ez gara Iruñean baino desbabestuago sentitu, ez dugu inolako arrisku usainik hartu. Mila xehetasun bizi izan ditugu, luzeegiak idatziz jartzeko, ahaztuko zaizkigunak baina betirako sentipen maitagarria utziko digutenak hor barrenean. Otarretxoa hirugarren solairuko balkoitik ia lurreraino zintzilikatuta, mandatuko erosketak jasotzeko: ez da bakarra izanen gaur; kantoietan santu eta amabirjinei jarri ohi zaien horma-zuloen antzera estanpaz eta gazte baten argazkitxoz horma batean eginiko aldaretxo antzerako ezin xumeago bat; Maradonaren argazkiarekin eginiko aldaretxo antzerakoa, non ikusgai dagoen futbolariaren hile bat; emakume burua dute Merkatu Plaza deitutako plaza zabaleko obeliskoetako lehoiek... Hainbat eliza aurkitu dugu ibilbide horretan. Kontaezin ahala eliza aurkitu dugu, zorionez itxita denak eguerditik aurrera, sartzeko tentaziorik izan ez dezagun: Carmine Maiori edo Santa Maria del Carminek, gutxienez eraikin bitxiaren itxura ematen du, kapila pila alde bakoitzean hiru naberen itxura sortaraziz, zubi batek lotzen ditu alde biak presbiterio aurrean, erdian, organoa duela; bi organo berezi albo bietan arku barrenean; ganga landu dotoretua urre kolorea nagusitzen zaizkien borobiltxoz dotoretua, eta erdi erdian gangan etzanda buruz behera dagoen santu-iruditzar marmolezkoa; marmolean marmol inkrustatutako horma koloretsu biziak, konfesategi pila...; saskitxoa pasa du serorak eta sakristauak ez dit utzi kamara erabiltzen mezan zeudelako, nahiz zulotxo edo zoko baztertu batetik ari nintzen.
Auto nahasmena izugarria da kale zein plazetan. Ikasi dugu, edozein lekutik kaleak zeharkatzen, auto artean ibiltzen, motoen ferekak bertatik keinurik egin gabe sentitzen, besteek egiten duten bezala.
S. Eligio, S.Giovani a mare dio gezidun iragarki batek kale-kantoian, gotiko biluzia da, baina hainbat gotiko ezberdin ageri ditu, agerian utzi baitizkiote berrikuntza ezberdinetako arrastoak; oso zati bitxiak ditu, marruskatutako harrizko zutabetzarrak, arku joko bitxiak... fresko hondakinak ere badira; santu egin nahi duten frantziskotar potxolo baten irudia dute erakusgai, baita aldaretako bidean jarri nahi duten Stalin petoa den fraidea ere, bere bibote handiekin.
Izan da hirugarren eliza bat ere, nabarmentzeko ezer erakutsi ez diguna.
Izugarria da, sinestezina da Corso Unberto kale zabaleko oinezko auto eta motoen ugaritasuna, hango abiadura, hango zarata...
Monumentu gunea. Gaztelu Berria: portu gaineko tontortxo batean kokatutako gaztelua, eraikuntza argi tzarra, karratua, harri ilunekoa berez, marmol zuriko sarrera jarri diote, zizel-lan apartekoz edertua; ohiko plaza karratu zabala da barnegunea, apaindurarik gabekoa; sarrerako aterpean antzinako freskoa geratzen zaio gaztelu barnea nolakoa zen erakutsiz bezala. Errege jauregia: izugarri erraldoia, golko gainean hau ere, gaztelutik gertu: fatxadan errege-irudi erraldoiak ditu artistaren batek marmol zuri bikain bihurtuta erregeok; patioan harri ilun landutako apaingarriak. Piaza del Plebiscito: errege jauregiaren aurrean, plaza zabal-zabal horietakoa, goiko erdia erdi-zirkulu eta zutaberia leunekoa, hainbat estatua ditu, eraikin ederrak inguruan: gaur jauntxoren bat etorri da, ejertzitoak eta beste hiru polizia motak hartuta dute ingurua eta aurrea, sindikatuko talde hasi samarra bilduta dago plazaren bestaldean banderekin, poliziek gordeta. Galleria: saltegi klasiko horietakoa, gaina kristalezkoa duen pasabide antzerako zabala, honek gurutze forma du, sekulako artelana dira hormak, harri zizelatuak eta arku ilarek betetzen dute horma oro, txundigarria, zorua bera ere koloretako marmolezkoa, mosaikoz edertua erdia: izozki gozoa dastatu dugu bertan paseatuz.
Badia gainean ere egon gara, inguruari begira: Santa Lucia, abestiko portu famatua, ere bertan genuen, baina ez joatea erabaki dugu, ibilbide luzea dugu oraindik eta.
Spacca Napoli, Napoli Zaharra, deitzen diotenera jo dugu, iturri bikainak bidean, irudiz osatutako marmol zuriko Neptunoren iturri borobila bat, obelisko tankerako monumentu ederrak, estatuak, Toledo kalea, Cervantes kalea... Zaharra deitua aberats kumeen auzoa izana dirudi, izugarrizko atetzarrak dituzten etxe garaiak, patio zabalekin. Erabat hondatuta edo zaharkitua dago dena gaur egun, baina sekulakoak dira ateak bai tamainaz bai egituraz, baita patioko ateak ere. Jarraian etorri da hain dotorea ez zen alde zaharra, kale estuekin, arropak zintzilikatuta aldetik aldera..., eliza pila hemen ere, itxiak arratseko laurak eta erdiak arte, Duomoa tartean: eliza izandako bat, zabalik, gaur egun bere egitura galdu gabe, aldare marmolezko zati ezarriz koloretsuak erabat gordez: kontzertu-areto bihurtuta dago; patio ederra du S. Marcelinok, zabala, zutabe garaiz osaturiko korridore zabalak... gaur egun ikastetxe bihurtuta. Mila bitxikeri eta ezuste, Santuei eskainitakoen antzerako Maradonaren aldaretxoa, eta ugaritasunaren jainkoari eskainitako marmolezko irudi paregabea oholez ia estalia, ipotxak leiho zahar bat alegeratu nahian, lau gizonezko jo eta ke sutsuan kartetan portale aurreko espaloian grabatzeko inolako koplarik jartzen ez digutenak... plazak, obelisko edo monumentu dotoreak plazan... dena moto eta auto eta oinezkoen artean, dena italiar kalaka kantari ozenez bilduta.
“Morte a la chiesa” pintada, eta antzerako beste batzuk ere hor daude.
Kaleko saltzaile asko dago, erakusleihoa lurrean eseritako manta edo mahaitxoa dute, gehienak beltz-beltzak, sortaldekoren bakar bat ere.
Kaleko zarata gehitzeko, hegazkin batek zeharkatzen du hiri gaina tarteka.
Kalean lo dagoenik ere aurkitu dugu, hiru soilik, bi bikotea ziren neska-mutil gazteak, lo seko itxuraz. Izan da mailadi batean tripaz gora etzanda zegoen gazte bat inolako tapakirik gabe, mozkortuta edo ondoezen batek jota, baina inork ez zion kasurik egiten.
Atzerritar gutxi ikusten da, ikasketa-bidaian dabilen gazte asko dabil.
Tranbia, bi kubotzarrez gotortutako irira atea zen sarrera iluna Garibaldi kalean… izan dira azken zertzeladak trena hartu aurretik.
Oinezko bost orduez nekatuta, baina ibili eta ikusitakoez ase gabe, kontent egin dugu etxerakoa, Vesuvio bihar lainorik gabe izango dugun itxaropenez.
Trenezko eta oinezko kilometroak.
Itsasoa erretzen ari dela dirudi, suteetako marra gorrixkak betetzen du aurreko ilunpea alderik-alde: sutan bailego Napoli.
Ontziren baten tutua izan dugu lagun ozena arratsean.
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.
* “Bestearen modukoak gara..., kanpotarrak, inoren auzoan ibiltariak, mutuak. Gordelekurik gabe dabilen itzal arrotz horren modukoak”. Kanpotarrak gara ibiltariok gabiltzan herrietan, inoren auzoan ibiltariak ere bai, mutuak gehienetan, baina inola ere ez gordelekurik gabe dabilen itzala, nahiz arrotzak izan.
* “Katua, jakituriaren eta isiltasunaren eskuliburu hori...”. Hemen dabilkigu isil, zirrikituen eta bazka bila jakitun den katu grisaxka kanpinean.
Maiatzaren 14a. Asteartea. 12-I:10.a
“Rubaiyatak”. Omar Khayyam.
* “Baina jainkoaren ahalmena ezagutu duen gizonak ez ditu lantzen bihotzean izuaren eta erreguaren hazi kaskarrak”. Bidaiariak ezin ditu izuaren eta erreguaren haziak landu atzerrira ateratzen denean. Gainera jainkoa ez da bidaiari, denean omen dago eta.
* “Udaberrian, loretan dagoen soro bazter batera joaten naiz”. Udaberrian ateratzen gara gu urtero bidaiatzera. Goazen herri oro aurkitzen dugu berde eta loraz apaindurik, biztanleria bizipoz. Gure herri hauekiko iritzia eta bizipenak ezin dira izan erabat errealak. Drogatuta baitago natura udaberrian.
* “Mundu zabala: hauts pikor bat hustasunean”. Mundu zabaleko hustasunaren hauts pikor horrek azkura goxo eta bizipen maitagarriak eskaintzen dizkigu, edonora goazela ere.
* “Jakintsu eta filosofo handienak ezjakintasunaren ilunpean ibili ziren. Hala ere ez ziren bere garaiko zuziak. Baina zer egin zuten?. Esaldi batzuk esan eta lo egin”. Esaldien nolakotasunean dago koska. Nik ere botatzen ditut esaldiak nire ezjakintasunetik, inoren eta inongo zuzi izateko ametsik gabe, hutsaren hurrengoak baitira.
* ”Inork ezin du adieraztezina ulertu”. Bizitakoa bera adierazteko ere gai ez bainaiz, nor interesatuko da gure bidaiez.
Lepo dago kanpina egunero, egunero hainbatek alde egiten badu ere.
Zuhaitz sendo handiak dira kanpineko olibondoak, aspaldikoak, ez zahar itxurakoak, lerdenak, inausiak daude, zuhaitz sendoak diraute. Inguruko olibondo denak dira antzerakoak, ez dira Jaengo olibondo txikiak.
Egun argia esnatu zaigu gaur. Garbi-garbi ikus daiteke Sorrentoko itsasertza Matako errepide behatokitik.
Protesta keinuak egiten ditu gure aurreko gidariak, tutu joka ere badabil besteen maniobrei, baina berak txakurra darama altzuan bolante eta bularraren tartean.
Sarriak dira kupula borobilak lurralde honetako, Italiako?, elizetan, gurutzaduretako gangarentzat irtenbide tekniko erabiliena.
Erakargarriak zaizkit pinu lerden buru-borobilak lautada jori honen gaindi.
Ponpeia. 25 mila biztanle inguru zituen Vesuvio sumendiaren sei metrotatik gorako sendoerako hautsak azpian hartu zuenean. Hain bat-batekoa izan zen, ezen herritar piloa hartu zuen hautsak azpian. Hautsak kenduz, hiria zegoen bezala agertu zen. Agerian geratu eta museo eta abarren lapurreten ondoren geratutakoa da gaur egun ikus daiteken Ponpeia. Erromatar hondakin asko ditugu ikusiak, ez gaituzte beraz harritu. Hiriaren tamainak, kaleen ugaritasunak eta luzerak, zenbat kale eta ze zuzenak elkar gurutzatuz, eta beste zenbait bitxikeriak bai harritu gaitu. Kale luze-luzeak dira, simetrikoki trazatuak, elkar gurutzatuz. Kaleak euri egunetan gurutzatzeko (agian zikinak ere egonen ziren animalien gorotzez) harritzarrak daude tarteka kale erdian gurdien gurpilei lekua utziz harri biziko arrastoek erakusten dutenez. Komun pila dago: ez ote zen etxeetan komunik?; komunok buztinezko ontzi tripa zabal eta lepo estuagokoak dira, altuak, goian daude tabernako mostradore batetan lez; nola igotzen ziren, elkarren ondoan egiten zuten betebeharra?...: ezin izan dugu misterioa argitu. Tabernak ere ugariak dira. Putetxeak aldiz 5 gela ditu soilik, eta komuna, harrizko ohea eta burukoa ditu gela bakoitzak; goian ere bada beste solairu bat; pinturaz dotoretuta daude hormak, larru-jotze irudiekin, kamasutra liburuaren ilustrazioak bailira. Palestra ere berria izan da guretzat, baita gladiadoreen kaserna eta entrenamendu lekua ere, aurrez inon ikusi ez ditugunak: lauki karratu zabalak biak, zutabeek lau aldetan, aterpe eta korridorea eskaintzen dietenak. Ikusi ahal izan dugu nolakoa den hormen barnea, baita hilerriko marmolezko monumentu dotoreak ere: hormak harridun masaz batez eginak eta gainetik harriz estali eta dotoretuak dira, itxura besterik ez da beraz harri gotorrarena; teknika berdinez eginak daude harresitzarrak ere, kanpoko geruza besterik ez da harlauza. Okindegiak: bi ikusi ditugu; ia gaur egunekoak dirudite labeek. Errotak izan dira guretzat aurkikuntza berria: harrizko borobilak, mugiezina zen behea, gainekoa zen mugitzen zutena zulo karratu batean sartutako haga batez; izan da biltegian eskuzko errotatxo xarmant ezohiko bat ere.
Hauts azpian aurkitutako pertsonena gerta zaigu bitxikeria nagusia; espero nuen entzuna nuelako, halaz ere zirraragarria egin zait: hautsetan gorpuek utzitako hutsuneak betez atera dituzte gorputzen irudiok, hezurrak ere ikusten zaizkio bati oin puntetan eta atzamarretan; asko sufritu zuten egoeran daude, besoak altxatuta hauts azpitik atera nahian bezala; bat, aldiz, alboka etzanda dago, patxadako egokeran, hautsak lo harrapatu balu lez; beste bat oso gazte behar zuen izan, hortz denak ditu; ez dugu aurkitu seminarioan hainbat aldiz aipatu ziguten soldaduarena, zut, arma utzi gabe iraun zuena: etsenplu bezala jarri ohi ziguten. Berria egin zait basilika ere: espazioa zabal-zabal bat, zutabe sendoak zituen, hiru nabe ere, eliza batek bezala: hiritarren arnas lekua omen, justizia ere bertan egiten omen zen. Nekropoliek, aldiz, ez digute ezer berririk eskaini. Ezta ateek ere. Etxeek ere ez, baina sekula ez ditugu hiri eta leku berean batera ikusi hainbeste: xumeak, dotoreak, eta oso aberatsenak, tamaina, dotoretasun eta osagai guztietakoak; gelen ugariak harritu nau, gela pila zituzten, sakonak ziren etxeak. Anfiteatro obalatuak ez du apartekotasunik, bai ordea teatroak, alboan baitu odeon eraikina: emankizun ez hain herrikoi ekimenentzako teatro txikiagoa, dantza, kontzertu eta abarren eman-leku. Deigarriak egin zaizkit pinturak ere, ez ditut hainbeste batera ikusi eta, hain motibo eta kolore ezberdinekoak: gorrixkak gehienak ohi denez; handi-mandi aberatsenen etxeetako hormak, aldiz, ia beltz pintatuak zeuden, frisoak, ostera, motibo eta marrazki finez dotoretuak. Foruma, tenpluak, termak, dorreak, ateak, denda-salmahaiak, ikusitakoen antzerakoak gerta zaizkigu gaiaz jantzi gabetuoi, hainbat zehaztasun eta berezitasun aurkituko badie ere jakitunek.
Bisitariz lepo dago, badirudi gaur Italiako eskolaume denak bertaratu direla, uneoro eta edozein txokotan zegoen talde zalapartatsua bere irakasleen zaindaritzapean, gidaren azalpenei ohi denez adi batzuk, besteak niputokaso eginaz, bere munduan.
Vesuvio. Ponpeiaren aurrez-aurre, ez gainean baina ez urruti. Ia lainorik gabe izan dugu tarte batez. Tontor luzea espero genuen errepidetik ikusitakoagatik, baina Pompeia hiritik aho zabal ikaragarria igartzen zaio, alboko bi tontorren artean. Zirrara eragin dit, ez nuen horrelako aho zabalik espero.
Motz gerta zaizkigu kaleotan barrena egin ditugun 5 ordu luzeak, jakin-min eta begiluze. Nekatu ere egin gara azkenerako. Egun osoa bota daiteke bertan, harri zaharrok ikusi, beste kultura bat amestuz eta hemen zebilen herria irudikatuz.
Ordaindu egin daiteke gidaren erretolika ez agoantatzeagatik. Gida eramanen nuke, baina sortzen zaizkidan galderei erantzuteko soilik.
Esan beharrik ez izugarrizko muntaia dutela bisitariak nola larrutu asmatuta.
Herculano: ez joatea erabaki dugu; nekatuta gaudelako gaur, baina bihar ere ez joatea erabaki dugu, ez digu ezer berririk erakutsiko, nahikoa egin dugu Ponpeiarekin.
Vesuvio sumendia ere utzi eginen dugu. Bihurgunez bihurgune natura-gunean autoz kilometro pila egiteak ez digu partzen egun bat luzatzerik, eta mendiko ibiliak ez gaitu erakartzen, sumendiaren ahoak ezer bitxirik erakutsiko ez digulakoan. Exotikoa litzake igotzea, kontaketa-gai ere bai, baina gure adinean bizitzako hautsek hondatu dizkigute horrelako grinak.
Geure bideari jarraituko diogu.
66 kilometro, autobidean kilometro erdirako sartzerik merezi ez zuelako kale-artean ernegatu ditugunak tartean.
Ikuskizun dugu kanpinetik Napoliko badia, baina batez ere Ponpei sumendia. Lauso samar baina hor dugu gure paisaiaren ezaugarri, golkoarekin batera.
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.
* “... eguzkia, denboraren urrea edo, hobeto esan, denboraren ikatz suak hartua”. Ez dugu eguzkia denborarekin lotzen bidaiotan, denbora ez zaigu urre, aski denbora baitugu jubilatuok, ikatz suak hartua desio dugu, eguraldiarekin lotzen baitugu eguzkia.
* “Gordelekurik gabe dabilen itzal arrotz horren modukoak”. Arrotzak bagara bidaiariok, agian izan nahi genukeen itzalak ere bai, eta kanpin aldaketa egunean gordelekurik gabekoak sarri, lo-toki berria aurkitu ezinik.