Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

BIDAIAK ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/05/15 10:55
BASILICATA. PUGLIA. Taranto badia, Manduria, S. Giorgio Ionico, Taranto, Massafra, Castellaneta,

Ekainaren 3a.    Astelehena     30.a

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “soilik odolik ez darien zauriak sendagaitzak dira”. Gerra kontuak aipatzen dira, gabiltzan herriotan batez ere, okupazio ezberdinak gizaldietan zeha,  azken mundu gerra, baina bizi ezinak eta emigrazioak sortutako zauriak dira sustrairik sakon eta mingarrienak bota dituztenak. Pobreziarenak alegia, herriak hondatuz joan den bizi ezinarenak.

 

Lainotua esnatu zaigu eguna. Baina beroa. Gero joan zaigu argitzen. Eguzki beroa dugu zain Taranton, 32 graduko hozberoa. Une batez pentsa dugu patuak jarraitzen ote digun, euri zaparradatxoa bota baitigu kanpaleku berrian.

 

Ezaguna dugun ibilbidea, ezagunak zaizkigu mendi eta herriak, ezagunak arren atseginak. Gozagarria izan da Cosenzara arteko aldats gora. Ezagunak, errepideko mozketa eta bide bakarrera mugatu beharra.

 

Cosensatik behera egin dugu, aurrez aurre ditugu gaur duela jadanik egun mordoa atzean genituen mendi eta ordekak. Menditzar ikaragarriak, Pollino Naturgunea, eta mendi maldetako herri zintzilikatuak, ikuskizun aparta. Ordeka izango dugu lagun egun osoan, plater axala ez, mendi-muino leuna baizik, oso goian eteten digute zeru-marra mendi garaiok. Horitu dira lurrok, zereal-sailak heldu dira, ebakita daude asko, fardo borobiletan fardel eginak, hala daude ere olibadi azpiko belardiak ere. Garia, oloa uste duguna, belarra, olibondo gazte zein zahar sendo azal zimurtukoak, mahastiak, tomate sailak uste ditugunak agirian edo plastikopean, laranjadiak, fruta-arbolak, kanaberadiak, indipikuak... aldian-aldian bata edo bestea nagusitzen da han edo hemen. Bidaia atsegina da.

Hiruzpalau granja izan ditugu ezuste, behi holandarrak, zerupeko kortetan hesituak, kortako katerik gabe, baina preso.

Bost neska tarte motxeko jarraian, itxuraz bere sexu zerbitzua eskainiz. Bakoitzak duena eskaintzen du bizitzari aurre egiteko, neskok seguruenik ez dute besterik, bizimodu latzaz gain. Ez dute beste lan aukerarik.

Banaka asko dira fruta eskaintzen duten nekazariak ere, hauen bizimodua ezin erraza izan bidera irten behar badute hauek ere duten apurra eskaintzera.

Sarriak dira iragarritako bainuetxeak, gezi marroiez errepideko bidegurutzetan, “terme”. Dutena eskaintzen dute herriek ere.

 

Sibari. Ez dugu ikusi ahal izan errepidetik, baina interesgune eskaintza luzea du bidegurutzeko kartel marroian. Arroz-soro izan daiteken  lur-gune karratu putzutsuak ditu inguruan.

 

TARENTOKO GOLKOA

Ikaragarri zabal dager mapan, bertatik ere zeru-marra moztuz bestalde urrutian galduta ikusten da itsasora sartzen den golkoaren adarreko kostaldea, seguru aski itsasertz luzea geratzen zaio oraindik Capo S. Maria di Leucara arte, urrutian ikusi dugu lehen aldiz,  lagun izango dugu, urrun batzuetan, bertatik bertara tarte luzeetan hurrengo. Ibilaldi atsegina itsasertzeko hau ere. 

Uharri errekak datoz mendiartetik itsasora. Ur negarrik ere ez dakarte gaur, baina ur-jauziak bortitzak izan ohi direla iragartzen dute; izan da uharrizko ordeka bat, padura izanen zen beste nonbaiten,  izugarri zabala; zenbait pinutxo nano zailduek eutsi diote ur enbatari

.

Trebisacce: itsasoa eskaini digu aurrez aurre, urdin, eder, hemen bertan heldu diogu bertatik bertarako itsasertzeko bideari. Harritza da hondartza, luzea eta estua, baina harritza.

Pinua da gehitu zaigun zuhaitz mota, itsasertzeko pinu leuna.

Gaztelu estu eta garaia, itsasoa babesgune alde batetik, harresi garaiak bestetik, garbi berrituagatik dago agian deigarria; dorre atsegin erakargarria du.

Txapel berdexkako poliziak, faxista itxurako mutiltzarrak, gazte bat zuten hartua errepide ertzean: delitua da Italian ere gazte izatea; susmagarri bilakatu dute gazte oro, gaztea da lokarri estuz lotu behar den gizakia, konformagaitza izan daitezkeelako gizartea usteldu honetan, gazte saldu batzuk bihurtu nahi ez duten gazteak kontrolatu nahian, ugazaben segurtasunerako, pitzadurarik izan ez dezan sistemak.

Ahalegin handia egiten ari dira bideberritzen. “Desviación” deitzen diote desbideratzeari, xarmagarriagoa zen ingelesen “diversión”. Autobide sailean, norabide biak banatzen dituen tartean loretzar gorri eta zuriak sartua dituzte, ikuspegia lapurtzen digute, baina gutxienez edertasun pixka bat eskaini ere bai. Oso dotore ikusten de erdiko marra gorri edo zuria urrutitik.

Herri zabal hazi bat tontor osoa betez, deigarri, mendiari jantzi dioten txapel edo txano argi dotorea.

 

 

BASILICATA

 

Nova Siri, kultur edo arte eskaintza oparoa du, arkeologia eremua tartean.

 

Kolore argiz  pintatutako herriak dira hauek, gutxienez bizitasuna darie etxeoi.

Gidarien solidaritateak funtzionatzen du, poliziak hor daudela zelatari erakusten digute argi ñir-ñirrek.

Polizia  pila berriz ere, Agrigentotik Palermora hartakoan bezala.

 

Metaponto, tenplu bat izan dugu inguruan, ezuste atsegina, albo luze bietan zutaberia gorrizka ederra, kapitel eta gaineko harriteriarekin.

 

 

PUGLIA

 

Puglia, historiako erromatarren Apulia hura omen da. Hurrengo ia pare bat aste egingo dugun herrialdea.

 

Tarento. Industrigune ikaragarri zabala da portu ingurua. Bari eta Brindisirekin batera hiru hiriokin indartu edo biziberritu nahi izan dute hegoalde txiro honetako ekonomia. Ez du azkenik garabi eta tximinien basoak. Izan da tximinia baten ia alboan dorrea zirudien baina auskalo zer den zementu itxurako eraikin karratu luzea, dorre itxura duena; zituen leihotxo pila eta behatokiengatik ez balitz bera ere garai bateko fabrika bateko tximinia litzake. Gainez gain zeharkatzen du industrigunea errepideak, zubi amaiezin batez, industrialdearen ikuskizun eta ikuspegia eskainiz. Bi moilek ixten dute badia, izugarri portu zabala sortuz.

Nahiko nahasia dugu errepideko etorkizuna kanpina aurkitzeko, hiriaren bestaldeko itsasertzean. Hirira jotzea erabaki dugu, eta onik atera gara, bera zen bide egokiena. Erraz zeharkatu dugu hiria, ia uneoro portu ertzetik. Gotorguneak, gerraontziak, bestelako ontziak... gaztelu edo leku gotortuak;  Duomora norabidea, baina batez ere grekoen zibilizazio hondakinak iragartzen dituzte.

 

Kanpalekua. Leporano herriko Marina edo itsasertzean. Ia izen berea zuen, azken letra zuen soilik ezberdina, zalditegi batera jo dugu, baina aurkitu dugu kanpina, kokatu gara. 32 graduko hozberoarekin eskertzen da zuhaizpea. Itsasgainean, ez gaude itsas ertzean. Itsasertza dena da harkaitz, baina bainu bat hartzera deitzen dute ur urdin gardenek.

 

159 kilometro, urrats berri baten hasierakoak.

 

Inurritegia dugu etxatoiko ate aurrean. Etxera bidea ikasi ez dezaten mermelada moltxo bat bota diegu habiara sarrera dutela uste dugun inguruan. Nonbaitetik darabilten garraiobidea ez dute utzi, baina, ez luzera, erabat estalia zuen mermelada multzoa beste koadrila batek, ia hauts diren harri zatiz, pinu orri zatiz, eta antzerakoz: ze demontretan ote dabiltzan intrigatuta gauzkate .

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “Ordukoa da bai, babes eza”. Bidaiariak gehienetan aurkitzen du babesa eta laguntasuna. Baina babesik gabe bizitzera mentalizatuta behar du egon bidaiariak.

* “gauzak nik izena eman orduko gertatzen dira”. Hiria da bidaiariaren ezaugarri edo osagaietako bat. Jabetu orduko joan zaio ikusi gabe norabide geziren bat, desbideratzeren bat... ezusteak dira eguneroko bidaiariaren bizipenak. Baita gertakizun gozagarri eta pozgarriak ere. Ezuste horiek dira iraunkorrenak oroitzapenean.

* “Eskuekin ukitu ezin dugunari ezetz esan behar zaio”. Ez da bidaiariarentzako baleko printzipioa. Politiko, zapaltzaile edo enpresa-gizon batentzako bai agian.  Amets hutsak zirudienak eskuekin ukitu eta bizituz mamitzen ditu bidaiariak. Froga egin arte ezin da jakin zer den ahal dena eta zer ez. Ametsak ere bizitzako funtsezko osagaiak dira.

* “Ezerk ezin du sekula eta beti iraun ohitura bihurtu gabe”. Bidaiatzeak badu ohitura bihurtzeko arriskua. Ezin da bidaiari izan bizitzako egun oro jarraian. Bidaiariak atseden tartean behar ditu, hurrengo bidaiari heltzeko.

* “Denak garrantzia izateari utziko diola  konturatzen naizenean, gainerakoak gauzarik garrantzitsuena bihurtzen saiatzen dira”. Bizitzako gehiena erlatibizatzen dakiena behar du izan bidaiariak, bidaiari izateko, eta bidaiaz gozatzeko. Herriko edo etxeko eguneroko bizitza bezalakorik ez dela uste duena ez da bidaiari izateko gai,  patxada uzten dakiena, eguneroko erosotasuna erlatibizatzen dakiena da bidaiaria, eta bidaiako egunerokoa  ezin hobetzat ez hartzen dakiena, egun bakoitzeko minutu bakoitza aldatu daitekeela sinesten duena da bidaiaria. Asko ez dira bidaiari egunerokoa utziezina zaielako, edo ez dira bidaiari, eguneroko nondik norakoan zurrunegiak direlako.

* “pentsatuko duzu ezin dela hautatu, ez dela hautatu  behar”. Bidaiariak etengabe uneoro hautaketa egin beharrean dago, bere funtsa baita, hautatu beharra ukatzen duenak bidaia masibo organizatuetako artaldean bukatzen du.

 

 

Maiatzaren 4a. Asteazkena.  33.a-I:31.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “Gaurko eguna hustua tokatu zait / betiko esperantzaz ireki dut haren ontzia”. Esperantzaz ireki ohi du bidaiariak egun bakoitza den ontzia, ia ezinezkoa da egun hustua ganoraz planifikatu bada.

* “Eguna gogoratuz nabil / ilunabarrero egiten dudan legez hondartza ezkutuan / irudiak bilatuz nabil “. Hala nabil ni ere ilunabarrero etxatoiko behatoki ezkututik, eguneko oroitzapen eta irudiak hizki bilakatu nahiz, oroitzapenari gerorako oinarriak jarriz. Erraz gerta dakioke bidaiariari irudi eta oroitzapenak gehiegi metatzean lauso itzaltzen joatea irudi oroitzapenok.

* “egunero ezberdinak izaten dira egunsentiak”. Batez ere irla edo lurmuturrean bidaiatzean eguzkiak mendi edo itsasoste ezberdinetik esnatzen baitzaizu, baina batez ere bidaiariaren  funtsean lo-lekua  aldatzea dagoelako, egunero bisita leku berriek ikusmin berritua elikatzen dutelako. 

 

Okil bikotea ibili zaigu gure etxola aurreko bidean, lumaje eta gandor gorrixkara koloretsuarekin. Urduri nonbait, hegaz alde egin didate zirkin bat egin dudanean. Naturan izaki oro dago urduri, bere bizitza, ondasuna, eta ingurua defendatu beharrean. Naturak ez du patxadarik, gizakiak ere ez.

Zaparradatxoa bota zuen atzo etorri berri, zaparradatxoa izan dugu gaur, patu txarren bat ote dugun ere eguraldiarekin Italian!. Baina laino beltzen baten tantak besterik ez dira, gero eguzki beroa eta sapa nagusitzen dira.

 

Kostaldea ezagutzera egin dugu lehenengo, barrualdera gero eta Tarentora azkenik.

Harkaitza da itsasertza, harkaitz porotsu beltza, laba itxurakoa. Tarteka irtentxoz jartzen dio branka itsasoari, gordegune  atseginak  gauzatuz, bateltxoen babesgune eta begien atsegin. Ikusteko ederra. Ia ez dago hondartzarik lehen zatian, baina hondartza inguruan du beti barruko herri nagusiak bere Marina: behe-solairuko etxetxo multzoa dira herriok, hesiz eta lorategiz inguratutako etxeak asko, argiak eta zainduak beti, bisitari eta igandezaleentzako kafetegi eta ohiko osagaiekin; hondartza portu edo untzitegi zuten garai bateko arrantzale auzoak dira  seguruenik; udagune dira gaur egun. Izan da gero ertz dena duna den bide luzea, baina nonbait ez du barrenean herri nagusirik itsasertza kolonizatzeko, nolanahi nabari da udan jendea erruz datorrela hondartzara. Lurra edo hondarra ez du nahiko itsasertzak udaleku bihurtzeko, herri bat behar du inguruan. Edo itsasoa eta itsasertza diru iturri bihurtuko duen esplotatzailea, naturak ezer guti arduratuko duena.

 

Bidaia atsegina izan da, itsasgain itsasgain, kalaz kala, urdingune barea lasaigarri, itsasoaren sartu eta irten guneei jarraitzen diela errepideak, harkaitzari edo hondarrari itsatsitako bunker arreek eta airean agertu zaigun helikoptero militarrak  gogarazi badigute ere gerra presente dagoela gizarte orotan.

Lur barrura egin dugu. Ordeka, lur laua. Mahasti et olibondoak, lurraldeko errege. Ardoaren eta olioaren ibilbidea iragartzen digute errepidetako gezi marroiek, halaz ere ez dugu aurkitu taberna aukera berezirik, ezta olio salmenta edo kooperatiba edo fabrikarik. Mahatsondo altuak dira. Une batez halako ikuspegi bitxia izan dugu, mahatsondo kirtenen baso edo zutaberi trinko arabiar batean nekazaria zut, traktoretxoa alboan zuela: ametsezko irudimenezko irudia. Gari eta olo sailak, huts egin ezin duen pikondoa. Ebakita daude jadanik gari-sail gehienak, fardel borobiletan lotzen dute lastoa.

 

Manduria. Lautadako nekazari herri zabal-zabala, lehen solairuko etxez bildutako kaledia. Izan zena: behatoki, ate, ateburu... garai oparoko arrasto piloa. Plaza zabal bat du, bertan banketxe bat eta jatetxe bat jabetu dira palaziotzarraz: bada, hondatu ez daitezen gutxienez, eraikinontzat irtenbidea, kultura-etxe izanen diren itxaropena. Hebraitarren getoa: ez du ezer berezirik, nik hain gustukoa dudan Erdi Aroko kaledi bihurria ezik.  Atea: herriko sarrera izan zena, plazatik gertu, baina herri barruan gaur egun, harresietatik ere urrun. Hiru harresi ilara: herriaren babes hesiak omen ziren, hor daude egon, baina guri ezer guti esaten digute gaur egun, herritik kanpoko zabalgune bateko harri argiko horma horiek. Plinioren iturria:  sarreran iragarri arren ez dugu hiri barruan bere aipamenik irakurri edo bilatu: Pliniok aipatu omen zuen, urte guzian, eurite edo lehorte, urak beti maila berdina erakusten omen duen iturria. Ohi denez herriotan, eliza pila: duomo: fatxada  ederra du, batez ere errosetoi zizel-lanez aberats eta ederra, baita ateburuko taila bikaina ere; dorrea karratu lerdena aipatu behar, gotiko jiteko deigarria altueragatik eta leihoengatik. Barrutik ez du ezer handirik, sarrerako aldea agian da aipagarria: aldareak eta batez aldare bakoitzak dituen hiruna kapera, ganga bitxiak baititu, triangelu antzerako formekin; kapera batean bataiarria ere ez da bertan beherakoa; hortik kanpo itxura  ederra eskaintzen duen arren, nahiko lan merkea du; absideak urre koloreko hamar santu-irudi ditu. Organoa da bitxia, tutueriaren kokaeragatik: agirian baitu tutueria osoa, gaineko harrizko balkoitxoetan kokatuak daude tutu txikienak; ganga ere egur sendoko ederra du. Bisitatu dugu bigarren eliza bat ere: organoa zaio bitxikeri, organoa  bera baita erretaula; horretaz at, oparo ditu ohizko aldare, koadro, santu-irudi, marmol inkrustatuko aldare... Lourdezko Amabirjinaren kobazuloa ere hor dute errekatxo ozen eta guzti.

 

Ibilalditxo atsegin baterako aukera izan zaigu hiria, telefonoz hitz egiteko ere bai.

Bautista osasunez pattal jarraitzen du, berri tristea.

Merkatutxoa deituko diote agian, baina herri bat osatzen du: herritik kanpo, izugarri zabalerako lur koadroa estaltzen dute kolore guztietako eguzkitarako erraldoiek. Erruz datorkio jendea herritik.

Bi gaztetxo, magrebtarrak itxuraz, futbol kamiseta ezagunez jantzita, Italiako bandera salgai eskainiz argi gorriko kale-gurutzetan. Kamiseta saltzaileak aurkituko ditugu gero Tarenton eta bandera italiarra zintzilikatuta mila behatoki eta kaleetan: uste dugu futbol zaletuak direla, munduko norgehiagokan Italiaren garaipena arazo nazionala egiten dutenak; pare bat lekutan Forza Italia banderarekin batera ikusi dugu horrelako zaletua, Berlusconiren politika nazional popularra.

 

Oria deitzen da ardoaren ibilbideetako bat. Ardoa eta euskal izena, bat datozenak.

 

Sava. Lehen solairuko etxeek osatutako kale luzeak elkar gurutzatuz gauzaturiko herri zabala hau ere.  Italiar bandera erruz balkoietan.

 

Izugarrizko olibondo sendoak, aspaldikoak, zirraragarriak.

 

S. Giorgio Ionico.  Tarantoren lo-lekua, etxetzarrezko herria, herri zaharra gaindituz.

 

Gizon nagusi asko ikusten da errepidean traktore txikietan, hain txikiak ze gizonok erraldoiak diruditen. Lasai doaz, autoak joango direla-eta bere bidetik, beraiek ere eskubide osoa dutela errepidea erabiltzeko aldarrikatuz bezala.

 

Tarento. Etxe-orratz hiria ikusi dugu S. Giorgiotik; hala da bertatik ere hiri berria. Alde Berria: etxetzarreko kale luzez  itotzen zaituen hiri industrial erraldoia, kanpotarrentzat zaila, errepideak zeharkatzen baitu erditik, nahaste bat baitira norabideak. Alde Zaharra: erabat kanpotarra sentitzen zara zaharrean: bizi bizia, zarataz betea, oinezkoz lepo, balkoietatik emakumeak kontu-kontari zaratatsuan, umeak, motorzaleak, gazteak batez ere, errespetua sartzen duten gazte beltzaran ondo jantziak, mutikoak moto berriekin... Hiri zahar eta zaharkitua, jende pobrea edo baztertua bizi dela bertan dirudi; hainbat jauretxe ditu, ia denak hondatuak edo utziak; baina ezagun du zerbait handia izan zela. Mila zulotxo eta zirrikitu ditu, bizitza erabat propioa izan zuten guneen erakusgarri. Portuaren gainean dago, hiri osteko laku edo antzerako ur masa zabala bertara sartzeko pasagune gotortuak  hiri berritik erabat banatuta. Egitura bitxia du: bi kaleen arteko gune zabala kalexka estu baino estuagoz lotuta daude, kale estu pila osatzen dute; agure batek kontatu digu gerrarako asmatutako egitura dela, erasotzaileak banan-banan sartu behar ziren kaleotan eta defendatzaileentzat askoz errazagoa zen tiro egitea. Eliza bat: mailadi ezin piko bikoitzetik igotzen zaio, barrutik ez du apartekorik, lehengo egitura aspaldiko harri landuko mendel eta ertzak, bi santu-irudi bikainak gangapean herria zelatatzen. Duomo:  abside, dorre eta gainerako kanpoalde bikaina du, baina fatxada berria da, erabat arrunta.

Aintzira: agian hiria egiterakoan itsasoari lapurtutako gunea da portu gotortua sortzeko. Izugarri zabala, autobideko zubi erraldoiak zeharkatzen du urrun batean. Bertan dago Italiako gerra ontziteria; bertan ere, arrantzale ontziak, gutxi ziren gaur; eta batel pila, plastikozko buia gorriei lotuta.

 

Austriar batek hartu dit aurrea lotsagabeki aparkalekuan, aurrekoak libre utzi duen tokiaren zain,  noiz irtengo zain, zaindariak agindutako tokia hain zuzen, eta zaindariak berak zain  geundela esan dion arren. Badakit austriarrak ez direla horrelakoak, baina Austrian ere badira asto-larru aurpegia dutenak.

 

MEZZOGIORNO

 

Hala deitzen diote lurralde honi: herrialde ekonomikoki deprimitua, pobrea, ekonomia modernoan lekuz kanpo utzi zutena: bertako diruek, kapitalek, dirudunek alde egin zuten Italiako hiriburu nagusietara, diruak etekina emango zien negozio erraz eta oparoagoren bila; emigratu behar izan zuen ondoren herriak, gehienek atzerrira. Behera egin zuten herriek, utziak izan ziren, hondatu egin ziren, erdi hutsik geratu ziren herriak, erorita daude  etxe pila gaur egun.

 

Pauso harrigarria eman dute mermeladarekin inurriek. Atzo estaltzeko erabili zuten material guztia eramaten ari dira, desestali dute mermelada. Nonbait ezin dute mermelada bera zuzenean eraman eta estalki-gai horietan itsatsia daramate mermelada. Atzo inurri txikiak izan ziren estaltzaileak, gaur aldiz inurri diganteak dabiltza garraioan. Beltzune bat da multzoaren ingurua; ber-bertatik begiratuta, garraio lanean diharduen inurri pila da. Darrai gure obserbazioak.

 

105 kilometro, itsasertzez eta lur barrutik, itsas, ardo eta olioaren ibilbideetan.

 

Haitzartean, itsasoak niretzat tailatutako igerilekuan bainatu naiz, itsas osoa niretzat zela.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “ez ezazu ezer sentitu eta ahaztu egingo dituzu atsekabeak”. Sentimenak izan behar du bidaiariaren zentzumen bizienetarikoa. Naturaren, artearen, batez ere gizartearen aurrean.

Bidaiak ez dira ezer ahazteko, ahaztu nahiko genituzkeen kezka eta bizipen horiei zentzua eman eta aurre egiteko baizik.

 

 

Ekainaren 5a.  Asteartea.  34-I:32.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “denbora errugabea izanen da zure aurpegian”. Denborak ez du sekula errurik, duen denbora administratzea da bidaiaren zientzietako bat.

* “txoriak hegan egiten ez badu txoria ez delako”. Bidaiaria ez badabil, aingura botatzen badu portu batean, ez da bidaiaria. Ibiltzean datza bidaiariaren esentzia, funtsa.

* “eta hi urrun izan beharko haiz”. Urrun utzi behar ditu bidaiariak hainbat bizitza zati maitagarri.

 

Inguramen erabat isila dugu kanpinean. Joan zaizkigu genituen auzo bakarrak. Isiltasuna erabatekoa izateko ia ez dugu txori-kantarik ere, oso isil entzuten da bere piokakoa; ez dugu txoririk lurrean ikusten, pinupea ez da bazkaleku oparoa, inurriak ez dira nonbait jangai, inurriok badute txorientzat desatsegina den babes-osagairen bat.

Inurriek ez dakit zenbatgarren aldiz estali dute gero eta urriagoa geratzen ari den mermelada multzoa, estali eta mermelada melatutako estalkiok eramaten jarraitzen dute.

 

Badugu, bai, euriarekin paturen bat Italian, guk geuk daramagu euria denera. Zaparradatxoak baziren atzo eta herenegunekoak, gogotik egin du euria gaur goizez. Guardasolpean ikusi dugu Matera, lainoak eta ganduak gorde digute Massafratik itsasorainokoa behar duen ikuspegi berdea bera ere. Gutxienez, ez du hotzik egiten, gaitz erdi.

Hasera hitsa eman diogu gaurko ibiliari, auzo genuen bikote alemaniarrari joan egin zaio etxatoia aldaz behera eta pinu adar moztuek erabat zulatu diote atzealdea. Ez dugu gure portaeraren neurria hartzen jakin, atzo adi egon ginen eta antzerako une batez korri egin genuen etxatoiari eustera. Jabetu garenerako, gaur hasi eta bukatua zuten maniobra. Ateratzen laguntzera hurreratu behar izan gatzaizkie.  Beranduegi. Niri ez zait gustuko ahal dugun maniobretan inor nire gainean egotea, lasai eta neure kasa behar den denbora hartuz egitea dut gogoko. Hala uste nuen gertatzen zitzaiola bikoteari, urduri eta zaratatsu jartzen baitziren, erdi haserre biak, maniobra nola, eta ez nuen nahi tartean sartu ikusten nuen arren ez zela erraza zeuden bezala irteera bideratzea. Errespetu gehiegiak galdu nau berriro ere.

 

Tarantok ez du inguratze-biderik, hiri barruko zurrunbilora eraman gaitu autobidea hartu beharrak, bera baizen irteera erosoena. Autoen tutu-hotsak eta muturra sartu beharrak ez du akaburik.

Atzo ertzean egon gintzaizkion laku edo itsasadarra zeharkatu dugu zubi garai eta luze batez. Ur ordeka erabat zabala dela ziurtatu dugu, sakonera handikoa gainera, erdi erdian baitaude hainbat gerraontzi. Ugariak dira itsaskin haztokiak

Erditik, baina maila berean, zeharkatu dugu industrigunea, erraldoia, lurralde zabala hartzen du, lur barruan zein itsasertzean, gaurko euri lainoan ia galtzen diren dozenaka tximinia; aspaldiko industrigunea, zikin plantakoa, dena ugertuta bailego, errepide ertzak ere hauts gorriz koloreztatuak daude; nabarmena da uher usaina ere. Ez dirudi inolako babes neurri ekologikorik hartu denik, hemen arnasten den haizeak kutsatua behar du egon. Lurraldeko Ekonomia mailari gorantz eragitea legezkoa da, baina ez gelditzen den edo datorren langilearen osasunaren kontura. Berriro ere, lurraldearen suspertze plan osoa ez ote kapitalek etekinak ateratzeko amarru zinikoa?. Pobreziari ere etekinak atera. Politikoen oniritziaz.

Ez dakarkigu aldaketarik gaurko lurraldeak; ordeka da,  non txandaka nagusitzen den olibondoa, mahastia edo gari-saila. Une batez urre koloreko itsaso bihurtu zaigu lurralde osoa. Aspaldikoak dira olibondoak, gerri sendo,  zartatutakoak asko, ehunka urte behar dutenak, zirraragarriak. Sare argiz estalitako mahasti garaiek ur ordekak dirudite lautada berdean. Gari-sail gehienak ebakita daude, lastoa fardel borobiletan bilduta, halako ikuskizun berezia eskaintzen dute lautada horian begiek galtzeraino barreiatutako mota  borobilok; nekazariak biltegietara garraiatzen ari dira, ezin gehiagora arte zamatutako kamioi edo traktoreetan.

 

Massafra. Tontor zabal garaian eraikia. Bi zati nabarmentzen zaizkio, elkar gurutzatzen diren etxe garaiko kale artez luzeak, xake tableroa lez irudikatua, alde berria; alde zaharra, aldiz, lehen solairuko etxez osaturiko Erdi Aroko petoa, dena kale motz, dena kale-kantoi dena kale-gurutze, oinezkoak berehalakoan ezkutatzen zaizkizu edo agertzen, berriro begi-bistatik galtzeko. Zaharra amildegi sakon bertikalen gainean dago, ikuskizuna da sakonera urrutiko erreka-zuloa zati biak lotzen dituen zubitik edo alde berriko behatokitik begiratuta; gaztelua ere badu ertz batean; ebakiduraren bestaldean lehengo harresiak gaindituz etxeteria dator oinetaraino, hondatutako etxe gris pila, ia harri multzoak besterik ez dira, arkuren bat tarteka. Zirrara eragiten du. Zaharrera  mugatu dugu guk gure bisita. Trogloditen etxebizitzak dira herriko altxorra: alde biak zatitzen dituen ebakidurakoak ikusi ditugu guk, ez dute zerikusi handirik, haitzean eginiko zuloguneak, bata bestearen alboan edo gainean, eliza bihurtuta zenbait, elkar lotuzko eskailerak... hau zen nonbait antzinako herria; bada nonbait trogloditon beste bailara ikusgarri bat, ez gatzaizkio joan, gida behar dugu nahitaez, italieraz soilik egiten du, erretolika bizian gainera ulergaitz, gu biontzako bakarrik izango litzake, beraz gure arreta osoa eskatuko liguke, gure kabuz ezer kuxkuxeatzeko aukera handirik gabe; utzi egin dugu, beraz, bisita, hurrengo herrian antzerako bisitagai bat baitugu. Duomo: Eliza piloa ditu, fatxada landu ederrekoak, baina kolorgetuak, itxura galdukoak, distira galdu dutenak; duomo dago zabalik soilik. Kontraste handiko eliza; kupulatzarra du, latorrizkoa dirudiena, grisa, zatarra, berdinak baina txikiagoak gurutzadura alde bakoitzeko ganga gaineko kupulako teilatuak ere. Dozena erdi bat zutabe luzez eta sendoz erraldoia da sarrera, inurri bat da bere oinetan oinezkoa; barnea da erabat txunditu gaituena: argitasun horiagatik, horiz pintatuta baitago eta horixkak baititu kupula borobil osoa betetzen duten leihoak; horrez gain neurrigabeak dira erdi erdian simetrikoki  lauki bat eginez jarritako lau zutabe erraldoiak, 3 metrotik gora izanen ditu oineko alde bakoitzak; herriko zaindaria behar duen Amabirjinaren tronua, zutabe baten kontra: sekulako tela dotore argiak irudia bilduz eta ohorea emanez; dotoreak behar dute bekatuak ere eliza honetan, oso pospolinak baitira kofesategiak. Ohiko leiho, ate, jauregi eta zirrikitu, kale-artean ikusmina piztu eta asez. Izan da 3 ateko egoitza bat: ez dugu jakin deboziozko txokoa, taberna, elkarte bat... zer zen, denak ziren han nagusiak; elbarrien zentro aurrean koadrila zegoen kontu-kontari, errepaso on bat eman digute guri ere.

Italiako bandera behatoki askotan, futbola erlijio den egunotan.

 

AHTaren tren-zubiak errukirik gabe zeharkatzen du bailara osoa goitik,  lautadaren ikuspegia bera ere bitan zatituz, ez da egun honetan ikusiko dugun zubi bakarra, itzuleran beste zubi batek zeharkatzen du ingeniarientzat oztopo ez den beste bailara bat. Mezogiornoko bizimaila hobetzeko ala bankuko dirutzak ugaritzeko ote.

 

Castellaneta. Gaztelu edo jauregi erraldoia du goienean, herria bera ere goian baitago; herri zabala oso, hiri osoan barreiatuta du merkatu txikia.

 

Ez da herri txikirik. Noizbehinka herri bat, gehienetan tontor edo mendi-muinoan. Tarteka bada etxeren bat, berria beti, edo txabolaren bat. Granja solteren bat ere. Izan dira gaur  behi aldra batzuk larrean, behi holandarrak edo behi makalak.

Idazleen mintzoak 5

Jon Etxabe 2023/05/08 11:25

 

 

1.- Idazmoldeak

A

Adiskide bereko borobila

Aho bizarrik gabea

Airean pasatu denbora

Alboz albo

Aldamenka etzan

Aldez hobea

Ate-segida

Atea zirt-irekita

Atzeneko aldiz

Aurpegia begiradarekin laztandu

Azala zimurrez pitzatuta

Azkar bai azkar

 

B

Baitezpada

Bakardadean ahotsek oihartzunik ez

Baratxe-baratxe

Barre eta arre

Barrez-barre

Bartez gero

Begi-zeharka

Begiak lausoan

Beldurtia ez beste izan

Berariaz eman

Bere baitatik atzeman

Bere betean bizi

Berebat

Beroan jarri

Berriketan atertu ez

Besoak hasta eginda

Besoak uztartu

Bestela baitakoan

Bestela bezala

Besterik hitz egin

Beure artea

Bi aldiz eman adina

Bi arrautzako opila

Bi halako

Bisean bis

Bizkarrean etzanda

 

D

Damu agertu

Denboran oso aspaldi

Derrotean edan

 

E

Egin dutenaz bestera

Egunerokoak bere egin

Erroz gorako hitza

Eskuin-ezker begiratu

Eskuak ukabildu

Ez duzu bat parean jotzen

Ez egitezko bekatua

 

G

Galtzak janarazi

Gaur artetxe

Gora-goratik begiratu

Garrantzizkoak ez bete

Gisa guztiz

Goiti bota

Gorriak eta beltzak ikusi

Gurea ez bezalako

Guztiarekin ere

 

H

Halako eta delako

Han eta hemen

Hankak gurutze

Hara bi, bata zu eta bestea ha

Haragitan sartua

Harri eginda

Harri eta belarri utzi

Hatzak pintzan jarrita

Hatzak ukabil jarri

Herio batean

Hil hurren bezala

Hile luzerik ibili

Hinki-hankarik gabe

Hizkuntza bera, mintzaira ezberdina

Hoditeria arindu

Hutsetik galdetu

 

I

Inoiz edo behin

Ipurdi zikinean ari

Isiltasunaren isila

Ispiluak gezur eta hezur egiten du

Izerdi lapetan

Izotz egin zuen

 

J

Joan arau

 

K

Kakahuetea larrutu

Kasu bihirik ere egin ez

Kasu mordoa egin

Kezkatan begiratu

Kirioak jota

Kokin kulunkatu

Kontraluzean begiratu

 

L

Lau eskutara jo pianoa

Lehenengo jaunartzeko ahotsa

Lepo bilduko jertsea

Lerroen arteko zuriguneak

 

M

Mandoan zamalka

Mahuka hutsean

Min dut eta min naiz

Mingainez orraztu

 

N

Nahi gabean bezala hitz egin

Nahiz eta zer

Neure kabutan

Nik esatera

Nola hurbiletik hala urrunetik

Nonbait ere

Nor berearen atzetik

Norbere baitatik moldatu

Norbere praketan kabitu

 

O

Oihartzun egin minak

Ondo ondoko

Orduz lehen

Oroian

Orriari orri irakurri

Oso beheko ahotsa

 

P

Pagaburu izan

Papar-bistan

Pentsamendua lainoan izan

 

S

Saihetsez etzan

Salbu eta kasamata batzuk

Salto eta zapar

Sei oin luze

Segaz jo belarra

Segida azkarrean

Sentimendu sor izoztua

Sor eta lor

 

T

Teilatu lapitzezkoa

Trebatu hala geroz

Tripak galanki bota

 

U

Ukoan temati

Ura gori-gori

Urak eta suak hartuta

 

Z

Zainak ematen dit

Zaina esan

Zein ere zein

Zein ere zen

Ziztada batean

Zortzidun bat gora mintzo

 

ESADIAK

A

Aldez edo moldez

Astoa zaldi jantzi arren beti asto

Astoaren putza

 

B

 

Bilin-bolaka

 

D

Deabrua adintsu, horregatik jakintsu

Duda-mudatan

 

E

Erran-merran

Ez nora ez hara

Ez zeru eta ez lur

Ezpada

 

F

Furrust eta murrust

 

G

Gezurra, zakurraren hezurra

 

H

Hautsi-mautsi

Hautu-mautu

Hizka-mizka

Hizki eta mizki

 

I

Inguru-miguru

Ipì-apa

Irri eta mirri

Isil-misilka

 

J

Jo ta ma geratu

 

K

Kukuxumuxu

 

L

Leon edo kastillo

 

O

Ore bereko opilak

 

S

Saltsa askorako lapikorik ez

Solas eta molas

Sor eta lor

Sugarra egondako tokian beti dago txingarra

 

T

Tipust-tapast

Txutxu-mutxu

 

U

Utzi egin da

Zelan edo halan

Z

 Zerua goian eta lurra behean

 

 

EGITURAK

 

A

Anaia arrebatan

E

Elurrak atertu

Ezpada

Guhaurek

H

Harixe

Horrez gainera

I

Iduri luke

J

Jan egiten ari da

O

Ondoz ondoko

Ore bereko opilak

S

Sor eta lor

T

Tolesik toles

 

Izan… egin… egon…

 

… ari

Zeharka ari

Afanean aritu

 

… egin

Desmen egin

Dzanga egin

Enpo egin

Estimu egin norbaiti

Ezikusiarena egin

Eztul egin

Hots egin (izena eman)

Kuku bat egin

Leherrenak egin

Oihartzun egin

Txantxangorriarena egin

Zazpi ahalak egin

 

… egon

Birloratuta egon

Lepo-hezurretaraino egon

Loarin egon

Pronto egon

 

… eman

Begi eman

Berariaz eman

Bihotz eman

Entzunean ego

Kitoa eman

Matraka eman

Nagia eman

 

…ibili

Urrats koloka ezegonkorrez ibili

Zer-suman ibili

 

…izan

Bekaitz izan

Eskuarte onekoa izan

Ez etortzekotan izan

Gorputzago izan

Logura izan

Mikorik ez izan

 

Itzulpenak

 

 

E

Errusiar mendia

 H

Hegazkin moduan

 

Leungarriak

 

 

 

G

Gizotxo

Graxioxo

H

Haxe

M

Moxkortxio

Z

Zatarkilo

 

 

Izenak

 

 

A

Afrusa

Aizpakoi

Altzarri

Aranotsa

Arekuna

Arepa

Arkutxa

Arraunontzi

Arroin

Askitz

Ausa

Autofede

Auzoalde

B

Barrelanda

Basagarrondo

Batxata

Benetalari

Betlegi

Betleiho

Betleio

Betzal

Brisko

D

Debolaidura

E

Edataile

Egotismo

Elurbustia

Emakide

Erakusketaretoa

Erbidune

Erdoilgaitz

Erluz

Ermamia

Ezpatajale

Ezkarda

G

Gainsoa

Galtzamantal

Girringola

Gogoberotasun

Gomets

H

Hakurria

Halibut

Harizpì

Harrikixkirria

Hartzigar

Harzola

Hazkun

Henora

Hezkai

Hitao

Hitzatze

I

Idazterapia

Ikuseremua

Ingerada

J

Jarauspen

Jondi

K

Kakagizon

Kalot

Karrakutsa

Kaxaera

Keantza

Kolpekaria

Kulunkaulki

L

Leihate

Lezkagune

Lisergiko

Lotsorro

Lurmentzare

Lurtegi

M

Manzaba

Mazolari

Medikugai

Meme

Mentz

N

Negarlari

Nude

O

Ohare

Orkoitz

Orobiltasun

P

Pellikan

Pirtxilota

Piztargi

Poetanahia

Primula

S

Saskel

Satabi

Suhats

T

Tirabide

U

Ugaztuntatuna

Umamia

Uriola

Urrimin

Usteri

Z

Zaharrunda

Zinbelet

Zurketari

 

Marraz lotutako izenak

 

 

A

Ahots-izpi

Aiko-maiko

Argi-arma

Argi-azkorri

B

Begi-keinu

Berri-ipurdi

Bihotz-galdu

E

Ele-mele

Esku-labur

Esku-ohe

G

Gurutzeta-giltz

I

Irudi-segida

K

Kartoi-harri

Ke-bihur

Kolpe-babes

M

Mendi-uxaldi

Merke-zur

Meza-mutil

Mirrin-beso

O

Ortografia-huts

P

Pergamio-biribilki,

Pizte-giltz

S

Sudur-mintzo

T

Txalo-zipriztin

U

Ur-tanga

Uzki-fase

X

Xurga-paper

Z

Zehar-esan

 

Bereiz idatzitakoak

 

A

Albo ondorio

Ate zabukari

B

Bazter jende

Bazter trenbide

Biko sofa

E

Errotaren tranga

Eskailera kurbatua

Esker emate

F

Filosofoen harri

G

Gela gangadun

H

Haizezko instrumentu

Horma-hobi

I

Izatezko bikote

K

Kamara geldotu

L

Lur ereingarri

O

Oinetakoan puntako

S

Soro segatu

IZENONDOAK

 

A

Arresangarria

Askiko

B

Barkagogorra

Barrubigun

Berbatia

E

Erdihil

Ermitatua

Errautsu

G

Galdetsu

Gaubero

Geldigor

Gerakin

Gibelasko

Gormatsu

I

Ilebeltz

K

Kapazto

M

Mokoharro

Murauska

Narru-sendo

P

Puntalakurdo

S

Sakail

T

Tetemuxu

U

Uzoker

 

Izen-izenondoak

 

A

Ahoa hondartsu

Ahots hatsantua

Alfer gaiztoa

E

Edertasun lazgarria

Emakume beregaina

Ezpain lodia

H

Hots ahula

I

Ile arola

Irribarre behartua

J

Jende zurtza

L

Lo beltza

M

Margo sotila

Mugimendu sorra

Musika tresna ziztrina

N

Neskatila kuarteroia

O

Ohol sabeldua

Oin malkartsua

S

Soinu ulukaria

T

Trago lañoa

 

ADITZAK

 

 

B

Bekoskotu

Beloztatu

Berrugaztatu

Burtxoratu

D

Dekoloratu

Desexistitu

E

Eritxartu

Eskaletu

Ezpaieztu

G

Gainantztu

Gainantzeztu

Gazazkotu

Gerrendu

Gristu

H

Hotsgabetu

I

Ikusezindu

Izularritu

L

Labekatu

Lotsagorritu

M

Menostatu

N

Narritu

O

Odolgorritu

P

Papartu

S

Solemendu

Sugaitu

T

Txofertu

U

Ugerdu

Usaintatu

Z

Zinautsi

 

ADBERBIOAK

 

A

Alitzirira

B

Bilin-balunka

Biribilbolika

E

Ele-meleka

I

Irradaka

Izanki

J

Jautsahala

L

Larrubizian

Lasterrik

M

Makakorroka

P

Piririka

Pitean-pitean

T

Txintxerrinean

 

NATURA

 

Gorputz atalak

Begiak ñarrotu

Begiak txilotu

Begirada gabeko begiak

Begirada itzali

Begirada urruneko begiak

Bekainak kaiotu

Zirt ireki begiak

 

Animaliak

Begiratzen ez duten zaldi begiak

Txekorra marraka

 

Egunaroak

Argiantz

Eguna jeztean

Ilargia ezin estuagoa

Ilunabarra loditu

Pirka-pirka ilundu

BIDAIAK. ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/05/01 09:50
SIZILIA: Segesta, Erice, Palermo, Monreale.

Maiatzaren 29a.  Asteazkena.  27-I:25.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero.

* “Hire ariman etsipena duk / porrotaren lekuko isila / jakin beharko hekien / ausardia ez duenarentzat / debekatuta dagoela bidaia”.  Ausardia baino erabakia behar da bidaiatzeko.

* “lana bizimodua dela eta ez modubizia ikasi du ...”. Bidaia modubizia ordez bizimodua egiteko arriskua du  bidaiariak.

* “dena gezurra dela jakin du dena sinesten zuen atariko ameslariak”. Oinak lurrean dituen ameslaria behar du izan bidaiariak.

* “Tokirik gabe aurkitzen dut neure burua mundu honetan”. Bera ere badela, eta mundu honetan dagoela erakusten dio barrengoak bidaiariari herrietan.

* “haurtzaroan genituen heroiak / betiko lagunak dira oraingoan”. Ezagunak behintzat egin zaizkigu hainbat zibilizazio, eta zibilizazioko gizaki.

 

Aldaketa eguna, beherengo ertzetik-ertz urrutienera, bidaiaren azken mugara.

 

Itsasotik gertuko ibilia, nahiz ez itsaso kontratik, urruti edo gertuago, itsasoa zaigu begien bidelagun, baita ordeka berde mugatuen lautada urdinxka mugagabea ere.

Izan dira tarte mortuak, baina mendixka leun landuek osatzen dute lurraldea; aberatsak behar dute izan nahitaez lurrok, mendi-buru, mendi-malda eta malda-barrenak, mendiarteko aranak ere,  berde baitaude mahasti eta olibondoz; badira sail bakan batzuk gari, olo edo zekale helduko horiak: emankorra behar du izan lurraldeak, eta ugalkorra egiten dute. Horitasuna nagusitzen da batzuetan, berdea gehienetan.  Agrigento aurreko Canicati ingurutik Tirreno Itsasertzeraino dena da olibadi.

 

Karabinierien ugaritasunak harritu gaitu, etengabeak izan dira gurutzatu zaizkigun polizia autoak, uniformedunak batzuk, kaleko jantzitakoak besteak; berdeguneok oparotasun ezaugarri badira, izurritearena lirateke  balen aurkako petopeko uniforme grisaxkadunok, bere polaina eta musolini gorroarekin. Errepide ertzean, beti autoa lagun,  edo  errepidean auto ofizialari auto iluna jarraiki: babes kamuflatua dela uste dugu auto ilun hau.

Rivera,  Sciaca,  Castelvetranano...

Herri gutxi, baina direnak, zabalak, mendi magaletan edo mendi gandor azpian zabalduta ia denak. Hiri handiak. Zirraragarriak. Lur koloreko herriak, horma grisaxka eta bao ilunak mailaz-maila, ia pilatuta, nahasian bezala etxeok mendian behera, bata besteri eutsiz lez, behekoa gainekoaren euskarri. Eliza da eraikin ezberdin eta handiena, gehienetan gorengoena, erasoetatik, uholdetatik zein izurrietatik babestuena: isolatuta goreneko bakardadean. Gorago eta gotorrago, beti dago gaztelua, animalia erraldoi baten hezur biluzi zuriak bezala, zerbait izan zela ahaztu nahi ez duten hormatzar barrenik gabeak.

 

Seliunte,  tenplu eta monumentuen gordailu, ez gatzaizkio joango, hondakin ederrok aspergarri bihur ez zakizkigun. Beude gure oroimenean Agrigentokoak.

 

Kanpalekua. Castellammare Golkoaren altzoan, izen bereko herrian. Itsas gain-gainean, itsasgaineko malkor baten ertzean. Gure etxatoiko nire behatokitik itsasoa besterik ez dut ikusten. Burua eta gerria okertzen edo biratzen ez baditut, alderik alde zeru-marra zuzena besterik ez dut ikusten, inolako itsasertz, itsaslabar, harkaitz, uhin edo aparrik gabe. Ama lurra urte guztian dugunok, begi betez begiratzen diogu aita itsasoari. Gure oinetan ibilia bukatzen duten uhinen soinuak betetzen du biltzen gaituen arboladia. Bost egun bare eta patxadatsuen itxaropena, ur lautada hau haserretuko balitz ere.

 

Castellammare d. Golfe. Zirraragarria. Mendi labar erraldoiek, zirkoa bailitzan, inguratutako golkoaren sakonenean babestua. Errepideko behatokitik ikusi dugu. Haitz tontor eta malda berdeen azpian itsasoraino dator luze eta zabal etxeteria,  inola ere ez koloretsua, agian kolorgetua, baina argia, elkarren gainean eta elkarren albo mailakatu eta tolestutako etxeteria. Hondartza barrenean, hondartzaren ertzean, irtentxo, gaztelutxo izena ere merezi ez duen gotorlekua;  beste muturrean, hondartzaren beste ertza babestuz, portua, arrantzaleena izango zena baina hobekuntza eta moila luzapenarekin aisia portu bihurtua. Behatokian, sekulako santokristoa, erromatar soldaduak kirten luzedun aizkora eta guzti: ez dugu santokristo askorik ikusten, baina ageri den bakoitza kontatzekoa da, argazkian harrapatzekoa.

 

Gozagarria izan da hortik aurrerako ibilia: gorrizkatzen den kare-harrizko menditzar argi biluzia tarteka itsasaldetik, hegi leuneko mendiak malda bigunez bailararaino luzatzen direnak barrualdetik, olibondoz eta mahastiz berde edo zekalez hori. Une batez kare-harrizko mendi magala, harrobi bortitzek biluziago utzi dutena:  luzera osoko haginkada beldurgarria, interes seguru aski mafiosoek bortxatu duten mendi zauritua.

Menditzar karstiko eta itsasoaren artean egin dugu ondoren, beherantz, itsasoraino, ziklope digante zentinelak dirudite zuhaitzok, edo lotan datzan Polifemo erraldoiaren bizkarra mendiek. Itsasgaineko ordeka lehorra jarri zaigu mendien bestaldean; itsasotik urruntxo arrantzale ala nekazari herri diren argitzen ez ditugun herritxoak, behe solairuko etxetxo xumeak, multzoan elkarri babesa emanaz; gerora behatoki bihurtu zaigu errepidea, itsasoa harkaitz apaletan aparrez lehertzen zela. Ikuskizun aparta. Gozagarria.

 

Vito lo Capo. Uda giroko herria. Xake tablero batean  jarria. Aratza, txukuna, dottorea bere ezereztxoan. Ahalegintxoak egiten ditu, sarreratik palmondo ilaraz apaindutako etorbide zaindu batez ematen dio bisitariari ongietorria. Gainbeheran hondoa hartu eta hegan hasi den herritxoa, turista, udatiar eta bisitarien zain. Igandezale eta udatiarren herri desiratua. Urre koloreko hondar fineko hondartza luzea, harkaitz erraldoien pean. Aisia portua bihurtu dute, moilaz babestuz, arrantzaleen lehorreratze-gune zen hondartza. Itsasargia ere badu, borobil luzea. Ez da teilaturik: zabaltza da etxearen estalki. Baditu harrizko etxeak ere,  herri orotan lez baita ondo-bizi edo aberaskumerik ere, arkudun ateburuak dute hauetariko askok. Zeramikazkoak dira oraindik zabaltzako hustubide tutuak. Eliza da herriko eraikin deigarriena, gotorlekua izana, dela dirudiena, errosetoi bat atera dioten arren: eraikin karratu sendo gotorra, bere dorretxo, ate erasotzailea olioztatuz erretzeko arrosa-leihoaren gainean dituen ate edo sarrerarekin.

 

Castellammare  de Golfe. Barrutik ikusi nahi izan dugu. Etxe nahasmena zirudienak sekulako kale hezurdura du, blok koadrikulatu erraldoi bat, kale estu zenbatezin ugariak elkar gurutzatuz.

 

Pio Dohatsua aurkitzen dugu Siziliako kale eta bide bazterretan ere. Fraidearen santutasuna, ala fraide talde baten marketina?.

 

Nongoan garan, gasolindegiko gazteak. Euskaldunak. Bilbao?. Ez nafarrak. “Leta” ulertu diot. Zer?. Eta hatz erakuslea kliskatuz esan dit, “dispara”. Honek ere entzun du zerbait.

 

240 kilometro, itsas berrira, eta itsasertz berriko inguruetan, gure bidaiako azken muturrerainokoak.

 

Haitzen ostean sartu zaigu eguzkia, gailurrak bezain goian oraindik, baina arratsean gorri pintatu dizkigu zeru-marraren gainetiko ortzia eta golko ertzeko labarrak, ikusezin genuen eguzki gorituaren ispilu.

Arratseko azken argira arte ez dugu barne argirik piztu. Zoragarria izan da itsasoa iluntzen ikustea, Andia eta S.Donato iluntzen ikustearen parekoa. Ez dut azken argiko ikuskizun, sentipen eta bizipenak hizki moldez azaltzeko gaitasunik, baina ez dit huts egiten une ederroz gozatzeko ahalmenak.

 

Iluntasun putzua besterik ez da itsas marratik gorakoa, iluntasun zuloa itsas marratik beherakoa, ñir-ñir horiek hausten dute goikoa, olatu nekaezinen lerro zuriek marrazten dituzte hondartzako behekoa.

Zaila zait iparra itsas gainean kokatzea, baina hor dut temati Ipar-izarra zirkinik ere aldatu gabe.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes.

* “kaosa: ez du pluralik”. Edo dena da plurala. Oso zehatz aukeratu behar ditu pausoak bidaiariak. Errepide, kale, gizaki eta kulturen amaraunean galtzea nahi ez badu.

* “desiratuko duzu: nola irrikatuko duzun zure desira eta desiratutako objektua bat bera izatea; nola amestuko duzun berehalako betetzea, desiraren eta desiraturikoaren arteko bereizketarik gabeko batzea”. Bidaia-desira eta desiratutako bidaia-objektua bat datozenean asebetetzen da bidaiaria.

* “memoria desira asea da: / iraun ezazu bizirik memoriarekin, beranduegi izan baino lehen, / kaosak oroitzea eragotzi baino lehen”. Memoriarekin bizirik irauteko bidaiariaren  ahaleginak besterik ez dira argazkiak eta bidaia-egunkariak.

 

                                                                         

Maiatzaren 30a.   Osteguna.  28-I:26.a

 

“Dendako leihotik”. David. P. Tijero:

* “Baso ilunetik nabilelarik / zeru griseko argi mehea nekez sar daiteke”. Gogokoagoak ditut itsasertzeko egonaldiok, barne tolesduretaraino astintzen nau itsasoak, urtean zehar basoz direlako gure ibilaldiak, zuhaitzek biltzen gaituztelako urteko ibilbidean.

* “gure existentzia zeruz tindatuz doa”. Bidaia honetako gure existentzia, aldiz, itsasoz tindatzen da batez ere.

 

Olatuen soinuz jolastuz egin dut esnatu ondorengoa, olatu bakoitzak haitz ezberdinetan lehertzean sortutako soinu ezberdinak  banatzen, igartzen, bakoizten, orkestra batean instrumentu ezberdinen soinuak bereizteko jolasa bezala, olatuaren indarra, haitzen tamaina, distantzia, uraren sakonera... guzti horien arabera sortutako soinu ezberdinen sinfonia berezituz izan dut oheko jolasa, hondartzan sortzen zuten hots berdin barea zela bakarlarien azpi melodia.

 

Kulunkan zain geneuzkan bateltxoak begiak ireki dizkiogunean itsas goiztiar urdinari.

Ikustekoa zen txirrinduarekin bidaiatuz dabilen arbola artean gure inguruan lo egin duen adinekoa: bere parafernaliaz inguratuta, txirrindulari profesional jantzita, zut, ispilua esku batean eta guraizeak bestean, burua atzera botata eguzki berriaren lehen  izpiak bilatuz, bere biboteko ileak apaintzen.

 

Denda bat aterpe, garraio publikoz bidaiatuz dabilen kanpalekuko gaztea eraman dugu Segestara. Italiarra da, Genoakoa. Teatroa eta tenplua ikusi nahi ditu, gertutik ikusi dugu geuk ere errepidetik bertatik tenplua: harri gorrixkako zutaberia: ezjakinontzat antzerakoak dira tenplu denok, adituek gozatuko dute guretzat ezer gutxi diren mila zehaztasunez. Ezagutzen gaitu euskaldunok, ez asko, Sardiniakoek sardiniera dutela hizkuntza aitatu digu, ez direla baina korsikarrak bezain independentzia zaleak. Bazekien independentzia zaleak garela euskaldun asko.

 

Mendi-muino leunak, maldak eta haranak,  hori eta berde tindatuak, izan ditugu gaur goizeko paisaia. Tarteka horia nagusitzen da, berdea hurrengo. Atzokoa bera baina kare-harrizko mendi eta amildegirik gabe itsasora  hurbildu garen arte. Indipikuak  dira mahasti eta zekale sailen osagai sarriak dira,  olibondoak. Ez gaitu aspertzen ikuspegiak. Urrutietaraino agertzen zaigu lautada gorabeheratsua lur-uhinak gorantz egiten duenean.

Gaztelu edo ermita hondakin bakartuak agertu dira gaur zenbait muino burutan. Zenbait antzinako nekazal etxe ere, hondatuak gehienak, biltegi besterik ez direnak onenean.

Herri argiak dira gaurkoak, baina fatxada soilik dute pintatuta, beste hormak zementu kolore darraite.

 

Napula: herritxoa, lorez oparo dauden zuhaitz txikiez  bihurtu dute etorbide errepidea. Dotoretasuna, huskeria batek eragintzen du gehienetan.

 

Mika bakarren bat ikusten da. Belarik, bat bera ere ez. Errepidean zapalduriko animaliaren baten haragikiak jaten ari zen mika: agian horregatik ikusi ohi da hainbeste mika errepideetan.

 

Erice. Itsasertzean, baina goietaraino harrotzen den kare-harrizko mendiaren hegi-hegiko harkaitzetan sortutako Erdi Aroko herri petoa. Etxeteria zein gandorra inguratuz basoa: pinudi eta artadiak nagusitzen dira. Ateren bat geratzen zaio; harresi gutxi beharko zuen amildegiak baititu horma gaindiezin. Hertz gotor eta babestuenean dago gaztelua. Ohi denez, beherantz etxadia, kolorgetua, kale estu eta bihurrietan etsaietatik eta itsasoko ipar haize hotzetik elkar babestuz: hondatua dago, utzia, inor gutxi biziko da bertan, baina aldi berean zaindua, batez ere kale-zoru irudimenez harriztatuarekin. Eliza pila ditu, denak hondatuak, berritze lanetan zenbait: bada bat aparta, Duomo, XIV-XIX. Gizaldikoa, alboan  berezituta duen XIII.eko kanpanila deitutakoa, karratu lerdena da kanpai-dorrea, leiho gotiko zizelatu landu ederrak ditu, leiho bikoitzak ditu bakoitzak; ate gotikoa du eta farfail zizelatutakoz  arrosa-leihoa, filigrana sekulakoa, bitxia, deigarria; barnealde dena da apaindura, dena dotoretu beharra, marra lore eta irtentxoz loratua,  gutxienez deigarria, txundigarria ere lehen begiradan: erretaula harrizko argi-argia, zizel-lan bikaineko santu iruditeriak merezi du begirada bat; gangak dira deigarrienak, baina igeltsu edo antzerakoz eginikoak behar dute izan; kapitel loriatuak, burutxo eta guzti zenbait; berezia da organoa, korua ere apainduraz edertua du; bada kapera bat zeinen bobedako lau kantoiak harri landutako santu-irudientzako zuloguneak behar zuten, bada santu-irudiak jartzeko halako marmol txertatutako aldare antzerako koloretsu bat, bada bataiarri-tapakia zurezko pintatu ezberdina, bada, ere, antzinako erretaula bat santu potxoloekin: atsegina da elizara bisita.

Konferentzia areto bihurtuta dago eliza bat, eta badira beste bi gutxienez berrikuntza lanetan murgilduta, erabat hondatuta daude kanpotik begiratuz.

Plaza karratua, ezer berezirik ez duena, giroa ez bada. Ikuspegi zoragarria itsasorantz zein lur barrurantz.

Bisitari pila dator, autobuskadak, kinkila dendaz beteta daude plaza eta pare bat kale, jendea erruz dabil, baina ez da inondik ere Laorminako giro hura, bertakoa dabil hemen, jubilatu eta eskolaumea; kanpotarra, atzerritar jubilatua zebilen han; uholdea zen hangoa, hemengoa iturri oparoa besterik ez.

 

Sigi-saga bihurgune ia biribilgunetan egiten du errepideak, gorantz zein beherantz, behatoki paregabea da itsas gainean alde batera zein bestera.

Bonaglia golkoa dugu behean, erakargarria. Trapani eta Marsala golkoko  hiru irla  aurrez  aurre, ez urruti, hiru harkaitz tzar zabal garai eta luzeak, ez zaio baina etxe bakar bat ere ikusten!. Pare bat egunerako  bertara joateko asmoa du gure kanpineko gazteak.

Horia da Trapani aurreko lur zabala, aurrez -aurre itsas urdina: kontraste bizia eragiten dute bi ordeka ezberdinok. Ikuspegi dotorea.

 

Trapani. Itsas ertzean kokatua, etxadi ikaragarri zabala, etxe garaiak; kolorgetua dager itsaso urdin garbi dirdiratsuaren alboan; zapal-zapala dirudi etxetzar erraldoiez arren, hain arre ageri da, hain kolore berdineko, lurrari itsatsita zabal. Alde zaharrera eraman gaitu zirkulazioaren nahitaezkoak errepide bila genbiltzala. Alde berriko pare bat kilometroko etorbide lehenik, etxe garaiko kaledi nahasia jarraian. Apartekorik gabeko hiri handi bat iruditu zaigu kale-arteko ibili behartuan.

Etxeek ez dute teilaturik, ezta ia etxe-orratzak diren eraikin garaienek ere: ez dute inolako apartekotasunik.

Saltzaileek  lurrean utzitako hondakinak jaten kaio banda merkatu plaza aurreko plazan, merkatu leku da plaza bera ere; garrasika alde egiten zuten autoren bat hurreratzean, berriro itzultzeko; ez dut sekula gaur arte kaiorik kale-artean harrapakin bila ikusi.

Gatzagak ditu, asko baino asko, zabalera izugarri zabalean, koloretakoak hainbat, tindatu egiten dituzte nonbait urok lurrundu aurretik, agian  kolore ezberdinekoa da zorua.

 

Itsasertzez egin dugu Marsalara artekoa. Tristura darie bazterrei, nahiz ugariak dira mahastiak, olibondoak, indipiku eta kanaberak, agian lohiak eta belar horiz daudelako kamino ertzak.  Ez digu ezer zirraragarririk edo deigarririk eskaini ibilbideak. Kuartel militarra izan da ezberdintasun bakarra: bada aireportu bat ere, hiru gerra hegazkin ibili baitzaizkigu gainean eta ia txapel gainean gortzeko zaratarekin, lurreratzeko ahaleginean; kilometrotako burdina hariz hesitako eremua da koartela.

Haize-errota ugari dago: harrizko oin zabal sendoen gainean errota borobilak, koniko gorriz pintatutako latorrizko txanoarekin gehienak.

30 graduko hozberoarekin gabiltza.

 

Marsala. Errepide bila sartu behar izan dugu  herrian, portu eta itsasaldetik inguratuz: baditu bazter atseginak, ikusi dugu ate  edo arku argi bat ere. Gatzaga asko ditu, zainduak, harrizko hesiz mugatutako putzu karratuekin; teilekin estaliak izan dira hainbat gatz pilo. Inguruko etxetxoak izan zaizkigu ikuskizun deigarriena, behe solairuko karratua argiak, afrikar etxeen jitea dute, horma leuneko etxetxoak inolako irtenik gabekoak.

Herri honetan lur hartu zuen Garivaldik mila gizonekin, Italia askatu eta batuko zuen lehiari hasera emanez.

“Esso” gasolindegia: olagarroaren beso luzeak.

 

Hortik etxera artekoa mendi-muino leunen artean egin dugu. Dena da mahasti, mahatsondo garai eta nanokoak, ugari, sartu berriak zenbait.

Marsalatik aurrera teilatudunak dira etxeak.

 

Salemi herrian ere sartu behar izan dugu: siziliar ohiko etxadi zabal handia, handikia izana harrizko ateburu borobilek erakusten dutenez. Kale estuko baina altuko parte zaharra ikusten zaio.

 

Indipiku sail zabala izan da ukitu ezberdina, sail landua, ilara luzeko soro zabala.

 

Vita, herritxoa, ez du bizipoz handirik, erabat etsitako herri baten etxeteria pilatu  kolorgetu hondatua dirudi.

 

Harrizko txabolatxoak berriro, mahasti mendigune zabal batean: herrialde bakoitzak, bere ohitura eta jokamolde ezberdinak ditu herri bakoitzak.

Eta honenbestez etxean ginen, haitz tzarren babesean eta itsasoaren baretasunak bilduta.

“Banda rumosa” deitzen diote errepide ertzeko mezuek errepidean tringili-trangala autoak dantzan jartzen dituzten zoruko goranzko irten gogaikarrioi. Poeta dira italiarrak.

 

196 kilometro, Erdi Arora jauzia.

 

“Artemi Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “heriotzaren biki bat zirudien: loa”. Janariaren bikia da loa, bidaiariaren bi hanketariko bat. Egunerokotasun herrikoak ez bezala ekarri ohi dit loa bidaiak.

 

Maiatzaren 31.  Ostirala.  29.a-I:27.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “kapitalaren esklaboak, zenbat eduki hura balio”. Argi erakusten du bidaiatzeak globalizatu dela esklabutza hori.

* “Ez al zaigu barrikadaren bat geratzen amets egiteko?”.  Bidaiatzea da bidaiariaren amets egiteko barrikada.

 

Itsasoa bare, zurrumurru isila besterik ez dantzugu, eguzkiak urrezko bidea erakusten digu badia erditik mendi ostean azaltzean.

 

Autobusez egin dugu badiaren beste alderainokoa eta handik Palermorakoa,  errespetua diogu hiri handiko kale sareari eta kale-arteko trafikoari. S. Viton egon ginen, golkoaren mutur batean, gaur Punta Raisitik pasa gara, errepideko gorantz guneetan golkoa hartzen genuela begi bistan bere osotasunean: ederra eta erakargarria, erdiguneko gure kanpalekutik lez. Beste muturretik ikusi ahal izan dugu golkoa. Casteldemaretik bezain eder, zabalago, San Vitotik ezin baizen ikusi golkoa haitzetara igo gabe. Teatro klasiko erraldoia dirudi Golkoak, badia borobil erdia litzake eskenatokia, mendietatik itsasorainoko malda etxeteriz mailakatuta, aldiz, harmaileria. Kanpalekutik begiratuz arratsean pinporta zuriz malda berdea ia zuritzen duten etxeen artean egin dugu lehen joanaldia: etxetxo bakanak dira, ia txaletxoak, bere lorategi eta zuhaitzekin. Herriz herri doa autobusa Punta Raisiraino, golkoko jendea jasotzea da nonbait bere betekizuna, herrien barnera desbideratzen da bide-berritik; golko ertzetik aurrera, aldiz, autobidean sartu da.

Bihurgunez bihurgune egiten du bidea autobusak, orain behera orain gora, mendiarte eta zuloguneak zeharkatuz, mendi-magal barrenetan, tarteka zubi luze garaietatik, tarteka bide-berritik, tarteka herri-bideetatik, beti itsasotik gertu, itsas gain, itsasoa begien ikuskizun. Autobideak berak ere itsasertzetik egiten du. Bata bestearen atzetik datoz badiak, Palermoko lehen kaleetaraino heldu garen arte. Barrurantz, hurrago edo urrutiago, golkoa ixten joan den heinean hurrago, azkenik gain gainean, menditzarrak, amildegi gorrixkak, labar bertikal izugarriak, golkoa babestuz lur barruko haizeetatik eta lur barrua itsasoko ur eta haize ekaitzetatik. Mahasti eta olibondo artetik doa ibilia, sarriak dira indipikuak, kanabera da nagusi landugabeko sail istingatsu nahasietan. Arrain haztegiak diruditen pare bat gune itsasoan. Behi beltz batzuk ere ikusi ditugu olibondoen gerizan.

 

Maitagarriak egin zaizkigu siziliarrak. Autobus gidariak ez zuen inolako presarik, patxadan eman eta zulatzen zituen txartelak, aspaldiko erara, hilabetea, eguna, ordua eta prezioaren laukitxoa zulatzen zion bakoitzari txikitako klik hura esnaraziz nire oroipenean; eskuz jartzen zien ez dakit zer bonoarekin zetozenei; non geratuko eskabideei, gure eta gutxienez gure bezalako beste bi italiarrei, oso adeitsu erantzun die. Gazte pila sartu da bidean, ikasleak uste izan ditugu baina hirian han-hemenka jaisten joan dira, eta badirudi beste zereginen batzuetara zihoazela, bidaia-kide izan baititugu etxerakoan ere. Une batez, autobus osoa da eleketa ozen bizia: gidaria ez da isiltzen, atzean eskumako jarlekuan doanarekin lehenengo, eta bere atzeko jarlekuan doan neskarekin gero emakumea jaitsi denean, isilunerik gabeko erretolikan, sartzen diren denak dira ezagunak nonbait, eguneroko bidaia-kideak, elkar agurtu, eta elkarrekin kontu-kontari doaz, bozgorailu batez hitz eginaz, elkarrizketarik ez daraman gizonak telefonoz egiten du, besteak bezain ozen edo ozenago. “Bon giorno  a tuti” ozen bat boteaz jaitsi da bikote gaztea herri batean. Familian bezala doaz. Gazte batek zinta konkretu bat jartzeko eskatzen dio gidariari, gaur hasten den mundialeko futbol partida jartzeko telebistan eskatzen dio beste batek. Itzuleran, geltokian ordez,  etxetik erosoago gelditzen zaion tokian geratzen zaio zenbaiti gidaria. “Arrivederchi”, edo “Chao” ... denoi ozen eskainiz jaisten da bidaiaria, eta berdintsu erantzuten diogu denok: horrela joan da husten autobusa itzuleran. Takian-potian jotzen du tutua gidariak, baina ez haserretzen delako beste gidariekin, badoala gaztigatzeko baizik, edo kontuz egoteko; erabat gaizki, ia kale erdian aparkatuta arren, edo erdi trabeska, aparkatuta dagoenak atea irekitzen badu ere ia kale erdia betez... ez da haserretzen, normaltasun osoz hartzen du, tutua jotzen die badatorrela gaztigatzeko, itxoin behar badu itxoin, eta kitto!..

 

Txukunak, zainduak, zabalak, dira herriak, ez asko, guti batzuk baizik; barnealdeko herri haziak tarteka; eta itsas kontra hondartza gaineko Marina izena duten guneak, esnatzen eta gertatzen doaz une honetan. Palmondo ugari da herriotan, bertakoak dira edo apaingarri birlandatu dituzte, girotzeko.

 

Trapeto. Kale bihurriko herri txukuna. Plaza zabal dotoretu argia, elizako fatxada zuriak eguzkiaren argitasuna zabaltzen duela dirudi.

 

Balestrate. “Ogni popolo ha il goberno che si merita”, eta ondoren gaurko hitzordu bat nonbaiten. Herriko plazan iragarkientzako oholean eskuz eginiko kartel zuria.

 

Badia txikitxo bat Palermo aurretik, bertan izan da etxe laru kolorgetu pilatuak dituen herritxoa, abaraska, eztia kendu dioten gelaxka hilak, irudi; bateltxo pila zetzan hondartzan, etzanda, lo edo nork esnatuko zain.

Hiriko kale-artean ginen ustekabeko berehalako batean.

 

Palermo. Izan zen eta da. Kaledi berria, eta portua nagusitzen zaizkio gaur egun. Hiri bizia dirudi: etxetzar, etorbide, dendateria, lorategiak, monumentu ederrrak... eta trafiko trinko eta gordina ditu, baina  ez Napoliko edo Cataniako kaosik: agian ordu egokian suertatu gara. Alde zaharrera mugatu gara gu.

Badute zer berritu, zer berreskuratu; ari dira, baina sekula santan lortuko ote!. Izan zenaren itzala du berekin kale bakoitzak. Mila ñabarduratan ageri da izanaren itzal hori: ateak, gargolak, hondatutako jauregiak, patio bertan behera geldituak... Hiri zaharra, erabat zahartua.  Kaledi estuko bihurria da hainbat kale-guneetan.  Zaharra, hondatua eta utzia, agerian du izana zaharreko zenbait kale-artean; geratzen zaizkio oraindik izanaren izpiak. Hiriari zenaren loria eta izena gordetzen dien monumentu zoragarri paregabeek egiten dute erakargarri. Bizi-bizia da alde zaharra, jende pila dabil, badira zenbait kale non kalean bertan edo barreneko ageriko lantoki txikietan lantzen duten burdina edo zenbait metal mota, antzinako altzairuak berreskuratzen ari dira zenbaitzuk, fruta dago kalean salgai,  galdaragileen kalea...  baina ez da Napoli, hemen ez da kalea saltegi bihurtu, ez dago balkoitik balkoirakoa arropak eskegitzeko sokateria… baina xarma du. Izan da arabiar emakume bat,  ohikoa duten gona luzea, aurpegia ez  ezik begiak ere estaliak zeramana: dotore eta zut, galdu da kalearte estu batean; orain arte ikusi dugun arabiar jantzitako emakume bakarra izan da, ez dugu ikusi ezta buruko zapia daraman emakumerik ere; ikusi dugu, bai, ikastetxe batetik zetozen arabiar ume pila, arabiar ikastetxea behar zuen, irakasleak ziruditenak eurak ere arabiarrak baitziren; guraso pila etorri zaizkie bila, ume txikiak baitziren: ez dakit ze integrazio edo irakaskuntza modu izanen den; bakoitzak daki nola aurre egin arazoei. Ezkontza pare bat aurkitu dugu, bukatu berria zen zeremonia: segizioa eta ezkongaiak kalean, herri herriko giro xumea, egun pasa alaiko aurpegi alaiko koadrila dotoretxo jantzia. Ohi denez, eskolaumeak bisita-gune ospetsu bakoitzean, eskolako patioa zirudien katedralak, umeak isilarazteko irakasleen ahalegin guztiak ustel zirelarik.

Hur-hurrean ditu menditzarrak, sarreran bertan, biluzi berdexkak, eta zenbait kale luzeetatik ere han ageri dira mendiok ostean. Ferry handiak portuan, burdina-baso dira garabi tantaiak eta baso zuria belaontzien mastateria aisia portuan. Kale bukaerako argiunea zeharkatu du ferry erraldoiak, txunditurik begiratzen geniola.

Ez da hiri ziurra nonbait, guardia egiten dute poliziek banketxe aurrean  metraileta eskuan eta balen babesgarria bularrean.

Bost ordu egin ditugu atsedenik gabeko oinezkoan, etxerako ordua zen gorputzak “nahiko” esaten hasi zaigunean; bakeak egin ditugu hiriarekin, ibilia luzatuz nekea metatzea ez zela hiriari buruzko iritzia hobetzeko erabakirik egokiena izango uste izan dugu.

Oso erlatiboa, aleatorioa, litzatekeenez ikusitakoak sailkatzea, ikusi ahala ikusitakoak kontatuko ditugu, gure iritzi eta sentipenarekin batera. Labur, kontatzekoak baino ikustekoak baitira ikusitako altxorrok. Izana eta izenaz gain, direnak.

 

Giardino Garibaldi: Fikus erraldoiak gogoratuko ditugu, mila gerri eta erro toles-gunetan gizentzen diren hiru zuhaitz tzar.

Chiaromonte Palazzo: aurreko plaza inguratuz, leiho gotiko apartak dituen eraikintzarra, polizien kuartel bihurtuta; plaza beraren beste alde baten leiho gotiko ederreko beste palazzo bat.

S. Francesco d´Asisi eliza: joan eta ikusi, hilobi pila, koadro, ganga pintatu, marmol itsatsitako aldareak, sagrario landu urreztatuak, freskoak, organoa osagai duen erretaula, koruko organo bitxi deigarria.... mila taila, zizel eta artelan eder.

Convento dela Gancia: arrekoaren alboan, sarrerako ganga pintatuak, lehengo leihoteria patioko zoru mailan, berritutako kanpandorrea,  lehengo kanpaia erakusgai ezer ez badu ere... egoitza ofiziala da gaur egun.

Mezkita: ez du ezer, erabat hondatua, kale-arte triste baten galdua eta utzia, eliza ere izan zen gero nonbait, baina han dago beste garai eta kultura batzuen oroigarri.

Piaza Bellini: merezi du bisitatzea, bertan baitaude ondorengo altxorrak.

La Martorana, horrela deitzen dute Sta. Katarina eliza, sekulako ezustekoa, kanpoko berrikuntzek ez dute barruan aurkituko den altxorra iragartzen: atze aldea dena dago freskoz apaindua, korupeko eta elizako ganga eta ia horma oro, irudiz eta kolorez bizia eta oparoa; sekulako marmolezko artelana da presbiterioa, marmol itsatsia, farfailezkoak dirudi zenbait zatik; erdigunea da zirraragarria, bizantziarra, sekulako mosaikoak, ganga, horma eta zirrikitu oro beteaz, kolore biziko irudi pila, irudiak eurak ere maitagarriak: eseri jarlekuetan eta txundituta begiratu, birbegiratu eta begira jarrai, berak bakarrik merezi zuen Palermora eta Siziliara bidaia.

 S. Cataldo eliza: bigarren ezustekoa; kanpoko egiturak erakusten du hemen zer aurkitu daiteken barnean:  meskiten antzerako eraikin karratua, leiho filigranaz loratuak eta hiru kupula gorrizka; barrutik hiru nabeko eliza, hiru kupula ditu erdiko nabeak: erabat austeroa, inolako apainduriarik gabeko horma eta zutabeak besterik ez du. La Martorana loratuegia, apainduegia, jantziegia, apainduegia bazen beste hau biluzia da, biluztasunak ematen dio indarra: biak altxor paregabeak, apainduriagatik bata, egituragatik bestea.

Piazza Pretoria: aurrekoaren alboan, azpimarratu beharrekoa;  eraikintzar ederrek osatzen baitute, jauregi, eliza...

Fontana Pretoria: Piazza Pretorian, sekulako altxorra, marmol zuriko iruditeri erraldoi ugaria iturriaren plater borobiltzarra inguratuz, edertuz; garbiketa lanetan ari dira, baina zabalik uzten dituzte leihoak oholezko hesian, iturria ikusi ahal izateko.

Quattro Canti: kale-gurutze bitxia, alde zaharreko kale nagusi biak gurutzatzen diren kale-gurutzea: sekulako lau kantoi dira, antzerakoak laurak, bakoitzak iturri handi dotore landua du behean, Pelipe errege espainola omen denaren marmol zuriko irudi landu ederra, eta gorago ez dakit zeren sinbolo den beste gizairudi marmolezko zuria; horrez gain mila bitxikeria zizelatu eder, barroko espainiarraren adierazgarri petoa omen.

Katedrala: arnasa handia ematen dion plaza zabala du aurrean; sekulakoa hau ere, siziliar normandoaren ezaugarrienetarikoa omen: kanpotik dorre, dorretxo, kupula, ate, leiho... dena dago landua, dena zizelatua, harri zati bakoitza da artelana, gehiegizkoa; luze erraldoia; hiru nabe ditu eta albokoetako nabe bakoitzak zortzi kupula; santu-irudi pila, zutabe bakoitzak berea;  lau hilobi: binaka, elkarren parean, harrizko erreselarekin bakoitza; erregeen hilobiak; bataiarria zizel-lan aparta; ohi denez, aldare pila bere koadro eta irudiekin, aldare bakoitzean gotzain eta jauntxoen hilobiak bere bustoekin, dena harri edo marmol bikain zizelatua; presbiterioko ganga pintatua: fresko aberatsa hau ere irudi eta kolorez; alboko horma biak betetzen dituen sekulako zizel-lan erraldoia, harrizko tapiza bailitzan; organo potxoloak presbiterioko alde bakoitzean...; eta hara non hemen ere: ganga bateko zulotxotik sartzen den eguzki izpiak argitzen du eguzki argi borobiltxoz garaiko urtaroa eta garaia zoruan marmolez marrazturiko lerroan: gaur eguzkia zenez han zegoen borobiltxoa lurrean jubilatu koadrila baten harridurako, denak luzaroan begira, alde ezinik ni argazkia ateratzeko zain nindutelarik. Azoka zirudien katedralak, hango berba-hotsa!.

Palazzo Arcivescovile:  artzapezpikuaren jauregia, izugarri handia, behatoki xume baina handiarekin katedralera aldeko kantoian, arkudun patio zabala; gaur egun seminario bihurtuta dago.

Palazzo dei Normanni: errege jauregia izana, Legebiltzarra da gaur egun, normandoek jasotako baten gainean eraikia omen; estilo bitxia du, antzinako gaztelu tankeran eraikia, harrizkoa leiho gotikoekin, ez da erregeek ohituta gauzkaten palazzo karratu horietakoa.

Eta eliza pila, kale guztietan, bakoitzean ia bat, handiak eta txikiak, handikiak eta umilak, sekulakoak eta apalak... gehienak hertsiak, utziak eta hondatuak asko.

 

Eta izozki gozo aparta xurgatuz egin dugu Corso Vitorio Emanueletik gure autobuserainokoa. Nahikoa genuen bost ordukoarekin.

 

Gaurko kilometroak, behatoki zen autobusean.

 

Hasiak gara Sizilia beroa ezagutzen. Gaugiro paregabea dakar berarekin beroak, ondorioz, golko argiz inguratuaren ikuskizuna izan dugu.

 

Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “Nahitaezkoa zen leku batetik ateratzean, egitekoa beti argi izatea, eta urrezko hari hori inoiz ez galtzea:”. Argi izan behar du bidaiariak lehen eguneko urratsaren aurretik nondik norakoa, eta nondik nolakoa.

 

 

Ekainaren 1a. Larunbata. 30.a-I:28.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero.

* “Abiatzeko garaia, ...”. Bidaiariarentzat beti da  abiatzeko garaia.

* “kobazulotik ateratzen naiz mundu berri baten itzalak baino gehiago behatzeko / ezagutu baina inoiz ikusi ez ditudan beste mundubizitzak / lurralde eta jendeen artean nahastatzeko ...”. Hori da bidaiarian katekismoa.

* “Musika dugu lotura bakarra geure aurreko bizitzetatik”. Barrengo musika batez ere, zeren kaseteak huts egin baitigu aurten ere.

* “mundua, bakarra bazen ere, errealitate anitzez beterik zegoela”. Dagoela: bidaiariak berehala frogatzen duen egia.

 

Kotoi hari meheenik ere ez zen borobil goria mendi ostean agertu zaiguneko goiz berri-berrian.

 

Arrantzontzi nano bat jarri zaigu ia gure oinetan, brankan arrantzale bat zut zela ibili dira lehenengo, sarea non bota edo. Motorra tar-tar leunean, sare luzea bota dute espiralean, kanpotik barrurako espiralean; barruan geratu dira, ontzia espiral barruan erabili dute, marineletako bat, bi ziren, arraun luzea eskuetan batel gainean trabeska, eserita, danga-danga egur soinu ozena atereaz ibili dira aldi batez. Ondoren sarea atera dute, batek arraunez batelari ia geldi aurrera eraginez, bestea sarea jaso eta tolestuz;  eta joan dira. Ez diet arrainik ikusi sarean.

 

Gasa erosi dugu. “hamabost”  esan dit dendariak. Hamabost euro eman dizkiot, baina ziria sartu  didan sentipena dut, ezin du bi mila eta bostehun pezetarik balio bonbona txikiak, bonbona  handiak milatik ezer gutxi gorago egon baita duela gutxira arte. Agian 15 mila lira zen, eta marrazoak begi argiz jokatu du, bere “hamabost”arekin. Nahiko desgrazia du mila pezetagatik horrela zikintzen denak.

 

Egunotako giza eta lurralde paisaia lehen zatian. Indipikuek eta kanaberek terreno pobreren itxura ematen badiote ere tarteka, pinu lerden buruzabalek neutralizatzen dute iritzia. Alcamo-ra bidegurutzean “Ardoaren ibilbidea” iragartzen du gezi marroi batek. Mahastiak ikusi ditugu ohi dugunez egunotan, beraz ez gaitu erorarazi ardoaren inguruko tentazioak.

 

Alcamo. Izugarrizko ikuspegia eskaintzen du: golkoa ia bere osotasunean ikusi ahal da.

Jauregiak eta elizak aipatzen ditu gidaliburuak, baina Siziliako herri handi bat besterik ez dugu aurkitu, munstro bat, kale-artean sartzeko irriki izpirik ere ez digu eskaini. Erdigunea deitzen dioten Alde Zaharrera egin dugunean ere. Jauregia izango zen etxe koadro harrizko handi ederra, besterik ez dugu aurkitu. Beraz aurrera egin dugu. Gero jabetu gara bagenuela kale-artean sartu eta bestaldetik ateratzeko aukera, bazirela ere dorre ederreko elizak. Nolanahi damurik gabe utzi dugu.

Kale estuan norabidea erabat betez zetorren gazte bat gainezka zegoen esku-gurdiarekin; kontrabidean bera, aurrez zetorren autoaren zain egon behar zuela uste izan dugu, gazteak, baina, haserre egin digu berari bidea oztopatzen geniolako nahiz gure bidea zen; muturra sartu eta besteak geldiaraziz egin dugu aurrera ezkerretik, baina inor ez da haserretu, inolako keinurik egin ere. Hori da hemengo ohitura.

 

Isogurdia da tresnarik erabiliena, kale garbitzaileek, nekazariek fruta biltzeko... erruz darabilte oraindik. Fiatiloa ere takian-potian dugu aurrean gure ibilia mantsotuz edo gure pausoan gurutzatuz.

Bide-berritik egin dugu gaurko gure helburura. Sekulakoa izan da: mendi artetik egiten du joana, menditzarren erdigune estutik, behatoki bihurtzen dela errepidea, itsaso, itsas gaineko lautada istingatsua dirudien ordeka berde zapala baita.

 

Partiniko, itsas gaineko ordeka zabaletik mendiraino mendian gora ere egiten duen etxeteria ikaragarri zabala: buztin gorriko lauza erraldoia dirudi goi aldean, teilatu gorriko esparru ikaragarri zabala mendi magalpean;  beherago, aldiz, abaraska horixka den zabaltza teilatutzat duen etxeteria: burdinazko ur-biltegi handia du etxe bakoitzak zabaltzan, ura ontasun urria dela erakutsiz; goilautadako lantegi batean ikusiko dugu hainbat eta hainbat biltegi egiten dituztela.

 

Mendiarteko ibili soila izan da bigarren bide zatia, alboko menditzarra soildu, harritsu eta berdeen malda eta mendi-zuloa genuela lagun. Zirrara eragin digu: ia bat bera ez dugu ikusi bidaia guztian, eta hara non behi bat agertu zaigun, noraezean, errepide erdian, auskalo nola eta nondik errepidera jo eta atera ezinik.

Mila bihurgunetan sigi-saga doa errepidea. Atsegina turista lasaiontzat.

Goilautada izan dugu gero, larre mendiak, haziendarik ageri ez bada ere. Txaletxoak egin zaizkigu berrikuntza hemen: goazen mendian ez ezik, aurrean zabaldu zaigun mendiarte eta bailara zabalak biltzen dituzten menditzar berdeen magaletan barreiatuta daude txaletxook, teilatu gorriak, mona mantangorri izurritea arbola artean. Palermo dakusagu aurrean, badiaren erdia ikusi ahal da, etxeteriaren zati zabala...

Sizilian ikusi dugun bele bakanetarikoa izan dugu aurrean, errepidean zapalduriko haragikia jaten.

Zulorantz aldats etorri da bidea, behera pikoan.

 

Pioppo. Errepidearen alde bietako etxe ilarek osatzen dute herria. Ez da gozoa izan zeharkatzea, sigi-saga joan gara, ezkerrean zein eskuman, edonola aparkaturik zeuden, eta aurretik zetozen  autoei, kale erdiko oinezkoei, iheska, beti milimetroetara. Beraien kultura da hori. Poliziak ere berdin aparkatzen du bigarren ilaran beste batentzat ere lekurik utzi gabe norabide biak dituen errepidean, etengabeko zirkulazioa duen kalean.

 

Bi aldiz gurutzatu behar izan dugu trenbidea gaur, haranzkoan eta itzuleran, eta bietan izan dugu trena, bagoi bakarreko inguruko trena.

 

Monreale. Herri sakabanatua; kale estuko Erdi Aroko herria genuen helburu guk. Ez gara herrian ibili baina, eliza eta klaustroa dira herriko altxorrak eta altxorrok mirestera goaz bisitariok, autobuskadaka, dozenaka autobus, uholdeka oinezkoa autobusetatik herrira, bihotzari masajea emanez eskailera pikoetan eta bide diren kaleetan. Saltegi bihurtuta dago goiko plaza: kinkilateria merkea, gatozenok ez baikara aberatsak. Eskalea ere franko. Hor da, hemen ere, bere gurdi pintatuari argazkia ateratzearren sos batzuk eskatzen dituena. Baina badira mosaikora dedikatzen diren dendatxoak, bertan egiten dituzte mosaiko lanak, lana egiten ikusteko aukera du erosleak; bada lan politik.

Palermorainoko, eta inguruko menditeria zein maldetako etxeteriaren sekulako ikuspegia

Duomo. Sekulako eliza bizantziarra, dena mosaikoz edertuta; sekulako mosaikoak, ederrak, elizotan ohi denez; horma eta arkuteria oro da mosaiko distiratsu eta deigarria;, bertan  Testamentu Berria zein Zaharra daude kolore biziko harritxoz osaturiko irudiz azalduta. Sekulakoa. Harrigarria, eseri eta txundituta, ahozabalik, begira egon. Ganga zurezko polikromatu miresgarria. Zorua bera ere mosaikoa da, nahiz xumeagoa. Aldare nagusia zilarrezko artelan sekulakoa. Badira bi hilobi ere, begirada erakartzen duten ederrak. Sarrerako bi ateak, nagusia bereziki, brontzezko artelan harrigarria da, dena irudi nano txiki 40tik gora laukitxotan. Kapitelek ere zizel lan apartak dira. Absidea kanpotik ere da, ezberdina, arku pila harri beltzeko inkrustazioz deigarriagoak.

Klaustroa. Arkuteria bikaina osotasunean, baina sekulakoak dira xehetasunak ere. Zutabe erdiak, mosaikoz edertuak daude, diseinu ezberdineko apaingarriz: sekulakoa. Kantoi batean iturria: burutxo nano pila duen zutabe luze bat, iturria da buru bakoitza, marmol zurian tailatutako emari bihurtuta. Hondatuta dute mosaikoa zenbait zutabek, horrek erakusten du mosaikook egiteko teknika: zizelez zulatuz marrazten zuten irudia zutabean, gero masaren batekin betetzen zuten kanaltxoa  eta masa horretan ezartzen zituzten zeramika-harritxook.

 

34 gradu genituen aparkalekuan 12ak eta erdietan.

Opari denak erosi ditugu, baina ez dugu lortu telefonoz hitz egiterik.

 

Etxerakoan, bide berdinetik, sekulako ikuskizuna izan zaizkigu teilatuz gorritutako mendi maldok. Berdegune erakargarri horretan zementu gris argiko zubitzarrak, malda alderik alde zeharkatuz tarte luzeetan.

 

Larunbata izaki, jendea etorri da kanpinera;  ia bakarrak izan gara egunotan, gaur, aldiz,  koadrila gara. Jendez bizi-bizi dago hondartza ere. Herritar jendea, bikote gazteak umeekin, familia giroan, edo gazteak kalaka zalapartatsuan hondarrean etzanda zein baloiarekin jolasean. Bada peskaririk, denbora-pasa barean edo afaritarako zerbaiten itxaropenean.

 

101 kilometro, mosaikoek merezi izan dutenak.

 

Itsas bainu gozagarriarekin osatu dut gaur hondartzako ibilia.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “Ezin bizi daiteke ordea harrotasunik gabe”. Harrotasuna ez da besteekiko mesprezua. Bidaiariak harro erakutsi behar du bere nortasuna eta herritasuna, baina aldi berean dagoen herrikoen harrotasuna eta herritartasuna errespetatu.

Italia. 2002

Jon Etxabe 2023/04/24 09:55
SIRACUSA. Siracusa, Etna, Enna, Caltanisseta,Canicati, Agrigento, Tenpluen bailara.

SIRACUSA

 

Paisaia ez da aldatu. Beste ibai bat, aurrekoaren parekoa. Itsasoak hor behar du baina ez diogu antzik ere ematen, ez du inolako oihartzunik, bertatik sortzen diren argindar linea ugariek argindar zentrala behar duen muntaia batena ezik, pentsarazten baitigu itsas ertzean behar duela zentralak hornitze erraztasunerako.

Erroma matrikuladunak dira askotan edozein moduz aurreratzen gaituzten autoak, ipurterreenak.

 

Sirakusa. Arkeologi eremura sartu gara ustekabean: Teatro grekoa, Anfiteatro erromatarra, Hieronen aldarea, Paradisoko Latomia... tentagarria beste garai eta agian egun argitsuan bisitatzeko, zaparradapean ez gaituzte erakartzen historiaz beterik baina ikusitako askoren antzerakoak zaizkigun harri pilak dotore tolestuak. Sirakusako anfiteatroa izugarri handia ageri da argazki batean, erakargarria.

Citta Vecchia, Alde Zaharrak, aldiz bete betean bereganatu gaitu, lur mutur-muturrean dago, irla bat da, zubi batez lotua, arrantzale ontzien atrakalekua da erdiko ur-tartea. Ez du apartekotasun nabarmenik, baina igartzen zaio hiri handikia izan zela, aberatsa eta jauntxo herria. Indarra, dirua, boterea izan zituela. Duomo plaza da deigarriena, bertako Duomo katedrala, Gotzainaren Jauregia, beste jauregi batzuk... ederrak dira, baina bikainak dira inguruko kaleetako beste hainbat eta hainbat ere. Gune horretatik urrutirago eta hondatuago daude jauregi eta etxeak: ate eta balkoipe landu bikain ederrak, patio zabalak zeintzuetatik batzuk apartak... Mila ukitu dira hiriaren  ospearen azken izpiak, nahiz itzaliak. Kaledi estu luzeak erakusten du zenbaterainoko  ederra zen. Jesukristoren 500 bat urte aurretik 300 mila bizilagun  bizi zen bertan. Guardasolpetik ezagutu dugu, baina pena merezi izan digu. Egun eguzkitsuarekin asebetetzekoa izanen zen kale-arteko eta itsasgaineko ibilia.

Duomo,katedrala: bere egituragatik txunditu gaitu; izugarrizko sendotasuna dario, hiru nabe ditu, izugarrizko harritzarrez eginiko zutabe erraldoiek eutsita; erraldoiak dira erraldoiak dira erdiko ilarakoek ez ezik, hormari eusten dienak ere. Sekulako zutabeak eta sekulako kapitelak, handiagatik, erraldoitasunagatik, ederrak, landugabeak baitira, ezin latzagoak; zurezko ganga landuak, presbiterioko organo urre koloreko antigoaleko preziosoa, alde bietako marmolezko pulpitu landu,  deigarria bat harrizko aulki tailatu edertua duelako; gizairudi, hilobi eta antzerako marmolezko taila bikainak gordetzen dituzten kapera handi eta bikainak; ganga pintatu ederrak... Bada zer miretsi. Marmarioak betetzen du eliza, merkatua dirudi, edo erlauntzia  udako eguerdian, batez ere batera ari diren gida ahots eta jendearen marmarrengatik.

Bada iturri bat eraikin ederrez inguraturiko plaza batean: Diana ehiztaria dirudi; iruditeria ederra da, gutxienez deigarria.

Bada beste eraikin bateko hondakin diren harritzar eta hormarik ere.

Eliza batena dirudien dorre erraldoi bat da hiriko edonondik ikusiko duzun goranzko garaiena: ipurdi zabaleko kono zabalkote erraldoia.

Turista piloa dabil, etengabea da Duomora sartu-irtena, hiruzpalau talde daude ia uneoro plazan, denak euripean ahal duten bezala euritik babestuz, ustekabean euriak harrapatuak.

Dendateria oparoa eta aberatsa.

Atertu digu,  etxerakoan bada ere.

 

Gaurko ikuspegitik, -autobia hartu baitugu hiria inguratzeko-, Catania ez da ageri hain deigarria. Ez da ikusi genuen berdegunez inguraturiko teilateria bakan gorri hura. Izugarri zabala da izan, maldan behera mendi goitik itsasoraino. Laba harkaitzak inguratzen dute errepidea, eta betetzen ingurua, Lanzaroten  gabiltzala irudi.

 

179 kilometro, euripekoak, baina  damurik utzi ez digutenak, barne poza baizik.

 

Atzo eginiko lixiba erraldoia ez da inondik ere lehortu.

Zilarrezko izara  da itsasoa ilargi ia betean, marra zuri misteriotsua haitzen kontrako uhinen laztan zuria, zurrumurru eztiak  bilduta.

Ilargiak gureetan baino beherago du ilargi beterako bilgunea.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “Iragana eta etorkizuna orainaldi menperaezin eta geldiezin honetan nahastu dira orain”. Lehena, oraina eta etorkizuna elkarri deika ibili ohi dira bidaietan.

* “Jose Uriarte  imajinatu dut, zuhaitz deserrotua bezala, lekuz aldatua, eta historiaren zangara eroria”. Lekuz aldatua ibili ohi da bidaiaria, historiaren zangetan ere sarri, baina ez zuhaitz deserrotua bezala, bere herrian ere zuhaitz deserrotua ez bada behintzat.

* “Baina imajinazioa ez da irreala. Errealitatea ere ez da erreala. Imajinazioak eta gogoak ematen diote errealitateari zentzua”. Irreala eta erreala, imajinazioa eta gogoa, nahastuz bezala bizi ohi da sarri bidaia.

* “Agure jubilatuak solasean, bere hirugarren sasoian, bere hirugarren munduan”.  Agure-atso jubilatuak bidaian, bidaia da gure hirugarren sasoiko hirugarren munduetariko bat, udaberriko solasa.

* “Eta zure mentura Uliserena baino ederragoa izango da, edonora joanda ere, egon ez zaren lekura itzuliko zarelako”. Edonora joanda ere bere herria den lekura itzuliko delako da, Uliserena bezain ederra bidaiariaren mentura.

 

 

Maiatzaren 25a.  Larunbata.  23.a-I:21.a

 

“Dendako leihotik”. David P.Tijero:

* “Loreak zimeldu ziren / negu krudela heltzerakoan / nork margotuko  dizkigu orain / etortzekoak diren egun zuriak”. Udaberriko – Loraileko- egunak,  egun zuriak, bidaiariak  margotutako dituen egunak.

* “Izpi horiek udaberriko zelaiak laztanduak badira ere / lehertzeko zorian dago zerua urrunean / goiza gau bihurtu duten odei zamatsuak / opari bortitza lagatzekoak dira”. Atzo eta gaur izpi horiek laztandutako limoiondoen artean lehertu zaizkigu itsasoko ortzi marratik etorritako hodei zamatuak.

* “guda baten oihartzunak heltzen hasi dira”. Danbor hotsak esnatu gaitu, goiza gau bihurtuko zuen gerra hotsen oihartzunak.

* “babes bila ibili behar / babesetik dena atera berri denean”. Kalea du babesa bidaiariak, euriak aldiz, eliza, jatetxe, museo eta antzerako aterpeetara errenditzen du babes bila ibiltariak.

 

Ohiko alemaniar eta holandarrez gain belgikarrak, austriarrak eta daniarrak ditugu kanpaleku kide. Bilgune internazionala dugu kanpalekua: baina kanpinak ez du pasoko inor elkartzen, une batez ez bada.

 

Su lamez gorri amestu nuen bart itsasertzeko zeru-marra, baina mutur iluna erakutsi digu egun berriak. Malefizioa dugu Italian eguraldiarekin, irudikeria izan zen nonbait atzo gauekoa, euri-danbor hotsarekin esnatu baikara gaur goizean ere. Bare dago itsasoa, lasai lurra, biak berdintsu busti.

Helikopteroa dabil urrumaka kosta ertzetik, argi gorri hegalariak sumatu nituen bart itsasargiaren inguruan, etorkinen ehiza zabalik da hemen ere.

Beste egun bateko aukera eman diogu Etna sumendiari, Cataniari eginen diogu gaur bisita.

Herri-bideotako bihurgune itsuetan, astiroago joan edo bazterrerago egin ordez bozina jotzen dute autoek, bozinak erditik eta bizkorrago joateko eskubidea emango balie bezala.

Biziki erakargarria dago gaur ere, nahiz goiz euritsuan, Etna, sumenditik itsasorainoko limoiondo-sail berdea teilatu gorriz zipriztindua.

 

Aci Catena eta Aci Antonio, “Aci” hitza herrion izenen legamia edo batura.

 

Bere xarma du zirkulazioko nahasmenak, azkenean harrapatu egiten zaitu.

 

Catania. Marrazketa-lumarekin egindako hiria da, hainbat aldiz sumendiak suntsitu ondoren hurrengo suntsipenaren arte eraikia. Kale luzeak eta zabalak, 3 kilometroko luzera omen du Kale Nagusia den Etna kaleak, itsasotik Etnara artez zuzendua dago edozein kale-gunetik sumendia ikusteko asmatuta, baina gaur ukatu  egin digu Etnaren ikuskizuna zeru lainotuak. Bellini arkitektoak proiektatu zuen hiria: kale nagusiko plaza batean oparitu dio “Aberriak” monumentua Belliniri, eta Duomoko zutabetzar baten babesean hilobia, kardinal eta gotzainenen artean. Eraikin eder  pila ditu, izan zenaren oihartzun, eta oraindik denaren ezaugarri: zainduak eta eder daude erdikoak, erditik alboetarakoak hondatuxeago eta kolorgetuagoa. Eliza pila dago, handiki itxurakoak, erlijioak ere atzean gelditu nahi izan ez zuela erakutsiz bere fatxada handi-mandiekin; garbi nabarmentzen da zenbait fatxada gaineko zatiaren itxurakeria, ez dira ezein teilaturen eusgarri edo aurpegi, fatxada-horma hutsa baizik, bertako leihotzarrek ez dute barruko inori ezer erakusten ez baitago ostean barrurik: elizaren sinbolo ote?.

Herri bizia: erruz dabil jendea kaleetan, kontu-kontari elkartzen dira taldetxoak kale ertzetan edo esertzen edozein harmailatan; koadrila bat  dago trenbideko arkupe erraldoi baten pean, mahaitxo baten inguruan jokoan batzuk, zutik begira besteak, izugarrizko iskanbila eta builaz. Azaldu ezina da azokako bizitasuna: bizi egin behar da. Trenbide arkupe inguruan, espaloia dute hartua nekazariek, autobusek autoek eta oinezkoek kalea; izugarrizko nahasmena, batak besteri bidea emanez baina denak ibilian. Kale-artean dago azokaren erdigunea, kaledi zabala hartuz; nekazari eta arrantzaleen salmahaiek eta erosleek erabat hartuak dituzte kaleak: hainbat ikusi dugu barneko kaleetan, azokatik urruti, erosketa poltsaz zamatuta; bere etxeko ortuari eta fruta eskaintzen du nekazariak bakoitzak, bazen bat eskorgakada barraskilo zituena salgai, barraskilo zuri nahiko txikiak: izugarrizko ahots garratz, bizi, ozenez iragartzen ituen barraskilook; arrantzaleek ere gaueko arrantzako fruitua eskaintzen dute: olagarroa,  aingira erraldoiak edo antzerakoak, itsaskiak, ezpatarrainak   ezpata luzea muturrean eta izokinaren antzerako haragia azalpean. Seguru eta lasai sentitu gara jendartean, Siziliako Chicago deitzen badiote ere. Lasai utzi dugu autoa ere kale gorriko aparkalekuan, giroa bera zen lasaigarria.

Duomo Plaza: zabal-zabala, biluzia, elefantearen iturri bitxiak alaitzen du; oinezkoei itxita zegoen gaur, emanaldi erraldoiren baten antzoki izan berri delako. Duomo: fatxadak erakusten du nolakoa izanen den, ziklope tamainako santu-irudiak ditu fatxadan; 3 nabeko luze zabal garai erraldoia da barrutik, zutabe karratu erraldoietan oinarrituak; erromatar gerrarien gurdien tankerako anboi tzarra, Paskua zuziaren argimutila ere erraldoia, eta aldarea: hirurak brontzezko artelan bikainak; biziki pintatuak abside ostea eta gangak; zutabe bakoitzak babestuta, bere burua zerbait zelakoz zuten kardinal eta gotzainen hilobi edo oroigarriak, marmolean fin eta leun zizelatuta: beste munduko itxaropen handirik gabe nonbait, mundu honetan iraun nahi izan zuten nolabait eliza-jauntxoak; eliza honen aurrekoaren hondakin zenbait ere ikusgai daude, gaur egungo zorua baino beherago, horma eta zutabeen oinarriak dira: eliza ederra zen, sumendiak edo gizakiak hondatu zuten hura ere.

Belliniren Jauregia: Parkean egon gara soilik; zabala eta ederra, gaur egun herriarentzat ahalbideratua, egunero aldatzen diote lorez egunaren data, zer esanik ez hilero hilaren izena eta urteberrian urte hasiberriaren zenbakia.

Erromatarren Teatroa eta Grekoen odeoia, kalearte batean daude, etxe artean. Erromatarren Anfiteatroa  kale nagusiko plaza batean dago, plazako zorua baino beherago, mailadi zabal luzea duen eliza baten aurrean, beltzak dira hiru eraikinok, laba harriz eginak, alegia.

Kalean ez da nabari, baina Duomo eta inguruan nabaritzen da bisitari asko dabilela hirian. Eskolaumeak ere kalean dabiltza, egunero herri orotan ikusi ditugun bezala.

Italiako bero errekorra du hiriak, 40 gradukoa.

Hiri industrializatua omen da, izanen da, ez badiogu industrigunerik ikusi. Baina industria-hiri baten giroa du jendetzak, ez, aldiz, etxeteriak, ez kalediak ere; bada halako kontraste nahiko bitxia, gizateria eta etxeteriaren artean: gizakiak apalak dira, herri-herrikoak, etxeak eta kaleak, aldiz, herri boteretsu aberatsarenak. Kaledien goiko hasieratik ikusi dugu portu nagusia, ez deritzogu oso handia; gero ikusiko dugu portutxo txikia, laba haitzez bilduriko kala: bere grazia du.

Laba-harkaitz den itsasertzetik egin dugu itzulera, sumendia presentea dago lurralde osoan, gaur tontorra erakusten ez badigu ere; lurralde guztia estali zuen laba harriz.

Bi bideko kale-gurutze batean alde bietan aparkatu dituzte zenbaitzuk autoak, bide bikoitza bide bakarrera mugatu da, izugarrizko ilarak sortarazten dituzte. Inor ez da baina haserretzen.

 

44 kilometro, merezi izan digutenak, herritarren hurrekoak.

 

Santa Maria Scalan egin dugun afalaurreko ibili goxoa, ederra! Itsasoa bare, hego haize  puntuak eta moilaren kontra olatuen plastadatxo bigunek are kilikagarriagoa egiten dute portu ingurua. Arrantzale etxetxoen arteko pauso hots gordea. Kontrastez aurpegieran eta taldetxo kalakarien ahotsean antzematen diozu gogorra behar duela izan arrantzaleon bizitza. Arrantza txalupatxoak ez daude etzanda hondartzan, eten gabe nabigatzen lez baizik, lanerako beti prest lez, zut, oso zainduak, mimatuak, biziki maite dute beraien lantresna arrantzaleok.

 

Kanpineko Pizzerian afaldu dugu. Herriko jendez bete da. Gustukoa du siziliarrak larunbat gauean lagunarteko afaria etxetik kanpo, ez afarirako ez afalosterako ordu goiztiarrik gabe. Jende xumea da, ez diruduna, baina afaritxo batean txanpon batzuk xahutzera luzatzen dena. Bikote gazteak, ezkondu adinekoak, ahalegintxoak egindako bertanbilbo handiki plantakoak, baina besteok bezala pizza bat besterik jango ez dutenak. Erresidentzi batetik datorren dozena erdi nagusien taldea arduradun gazte arduradunarekin, denak ahalegintxoz jantziak kanpoko afarirako. Bizar eta ile zuridun agure itxurako batek harritu nau, di-da batean  bukatu du bere pizzatzarra, besteak oraindik erdian zeudenean, gu biok aspaldi geunden lepo eginda geurearekin.

Zabaltzan luzatu dut ohera aurrekoa. Alde ezinik. Ilargi betea bihar. Itsas osoa da  oinetaraino datorkigun zilarrezko zelai zabala, alboa aldiz zabalgune grisaxka, ñir-ñir mugikorrek jainkosaren ohe bihurtzen dutela. Egon behar zuen inguruan Zugarramurdi eta akelarre bat ilargi beteetan. Hain da liluragarria gaua itsasgain honetan!, zilar ordeka bihurtuta dirudi itsasoak,  bertan murgiltzeko alfonbra dirdaitsua luzatzen dizu. Agian horrek bultzatzen du jendea afarirako etxetik kanpora gaur ere. Txabolatxo bat jarriko nuke itsas gain honetan 28 eguneko hilabete oro ilargiaren zain egoteko. Lilura. Misterioa. Naturaren keinu zoragarrietatiko bat.

Izugarrizko putakeria egin dit gaur ordenagailuak, edo egin eragin diot: 2 orduko lana ezerezean geratu zait. Amore eman diot denari. Baina  distira argitsu ispilua antzo argitutako itsasoaren aurrean bizipozak bete nau, merezi du biziak, gau hau ikusteko besterik ez bada ere!.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Caslos Fuentes:

* “Gorputza bere osotasunean. Nekagarria da. Egon dago”. Bidaia bere osotasunean nekagarria da. Badira uneak ez duzunik adorerik ez pentsatzeko ez idazteko, ezta begiratzeko ere. “Nahiko” esan dizu gorputzak. Eguneko irteeretan. Baina baita bidaiaren osotasunean ere. Eta une horretan etxera itzultzea hobe. Edo herrira. Egunekoa bukatutzat eman. Edo bidaia bera.

* “Ez dut ondo ikusten baina nire begirada haren begiradan finkatzen saiatzen naiz”. Zenbat aldiz bidaiaria ahaleginduko da ikusten, begiratuko du, baina alferrik. Zenbat aldiz begiratuko duen ere zerbait zer den benetan jabetu ere egin gabe. Zenbat aldiz ikusi nahi eta ezin begien aurrean duzun arren. Zenbat aldiz ikusi nahi eta ezin, desagertu egiten zaizulako. Ikustera behartua egotea  eta ikusi nahi eza ere gerta ohi da

* “... nahiz eta adinak gauzak egitera baino, gehienbat, gauzak imajinatzera behartu”. Zorionez adineko arren errealak bihurtzen ditugu imajinatutako bidaiak.

“Lan asko egin duzu atzo goizean”. Oraina, atzokoa eta gerokoa sarri nahasten dira bidaietan.

 

 

Maiatzaren 26a.  Igandea.  24.a-I:22.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “.../ islatzerik ez dudan ideia / burutik korrika dabilen piztia da / eta ezin dut kaiolaratu paperean /ehiztari desesperatuen gisan / tiroka nabil burmuineko itzalei / ...”. Hala gerta ohi zaio  ibiltariari bere bidaiako bizipen eta irudiei hitzezko hezurdura eman nahi dionean. Ezina. Trebeziarik eza. Nekea.

 

Ez zaigu falta izan txori kanta kanpinean, baina txori txikien txioa izan da, aurten ez dugu zozo eta biligarroen nork zorrotzago lehiarik.

 

Laba harria da hesiak eta errepide hormetarakoa ez ezik, etxegintzan eta hirigintzan erabiltzen den osagai nagusia. Zenbait herritan, Taorminan adibidez, harri zuria badarabilte ere, laba harri beltz iluna sartzen dute kontrasterako friso  eta bestelakoetan, osagai edo bizigarri.

 

Etna. Bete betean igarri genion erabakiarekin. Eguzkitsua esnatu zaigu eguna. Aurrez aurre dugu Etna sumendia lehen unetik. Ikuskizuna da edonondik begiratuta ere. Ibili guztian izan dugu une oro presente. Beti dotore eta erakargarri. Amets giroan misteriotsu. Goiak biluzi beltz, berde jori malda barrenak.   Azken bi egunetako lainopeko euriak elurrez zuri utzi du tontorrena. Izugarri bizia izanen zaigu sumendia. Uneoro aldatuko zaigu. Begiratzen diogun ikuspuntuaren arabera eta haizeak lainoak nondik nora erabiliko dituenaren arabera, orain zati bat erakutsiz, orain beste zati bat estaliz.  Eki aldetik, barrenetik, begiratu eta inguratu dugu lehenik: misteriotsu agertzen zaigu, aho ertzeko ezpain biak ikus edo antzeman ahal dakizkioke, zabal, aho-ertz bata bestearengandik urruti, bi tontor edo bi mendi ezberdin bailira, tontor bakarraren bi aldeak, sumendiaren ahoko bi ezpainak; ezin ikusi ahal izan ditugu ezpain biak batera, tarteka baizik, lainoen arabera. Iparretik begiratu diogu gero Linguaglosa herriko bailara berdetik: alde elurtua ikusi diogu, tontor garai zabal beltza elur artean, zein elur sailaren barrenean; alde sendoa  eta gotorra erakutsi digu, leun eta beltz dator behera; Hegotik begiratu diogu azkenik, krater edo sumendiaren ahoaren hegoaldeko ezpaina, ber-bertatik, dena laba eta krater; laba-harri itsasoa gain beheran dena estaliz, alde erasokor eta mehatxagarria.

 

Herritxoz herritxo hurbildu gatzaizkio. Herri xume txikiak baina alegerak, behe solairuko etxeak batez ere, antzinako multzoan; herri inguruan, zuhaitzez bilduriko ondo-bizien txaletxoak zuhaitz artean.

 

Zafferana Etnea eta Milo:  herri handiak, txukunak, zainduak, Etnaren bisitarien zain bizi dira, mendirako ibili-aukerak eskainiz, itsasertzerainoko behatokiarekin tentatuz bidaiaria.

 

Ez da erraza norabidea egoki zuzentzea, hari askoko ehun itxia baita bide-sarea. Begi zolia behar da zenbait bidegurutzetan letreroa ikusteko ere, dakitenentzako geziak dirudite.

Zafferanatik gertu, lehen laba harritzak agertzean, autoz dator zenbait herritar, laba arteko iturriren batetik ura eramatera botiletan etxera.

Behe aldean, mahastiak laba harriz egindako mailadietan, olibondo sailak, fruta arbola zenbait, bere buru zapal zabala nabarmentzen duten pinu bakan lerdenak, gorago gaztainondoak  ugari...; behealdean, jori, oparo eta emankorraren aurpegia erakusten du lurraldeak. Gorantz,  hariztia, pinudia Etna tontorraren magal biluziaren aurretik eta pago gotortuak. Pago eta pinu sendo itzelak daude Iparraldeko goi gunean, labari eusten diote. Zirraragarria da nola hasten den berdetzen malda beherantz: gandu berdexka bat besterik ez da lehenengo, belar antzerako berdegunea gero,  zuhaiztia ondoren malda osoa hartuz. Hego aldean bada laba eremu bat non ez dakit ze motako belar tortoak hasi diren labazko zorua kolonizatzen. Baina guzti  horrekin batera labazko maldak daude, Hegoan zein Iparrean, zirraragarriak zerbait zirraragarri izatekotan; bihurgunez bihurgune kiribiltzen da errepidea laba artean bihurrituz,  kilometro luzeetan; laba itsaso batean zoaz, ikusi egiten duzu zure gainean edo zure oinetan nolakoa izan zen laba gori ibai ikaragarri zabal eta sakon hura; laba-bide pila daude, baso artean doaz, bakoitza bera, aho ezberdinen bide edo gainezka egin zuen aho bakarraren kabitu ezinak irekitako bide ezberdinak. Zirraragarria da han goiko labazko malda beltz erdian autobus zuria ikustea itsaso beltza zeharkatuz. Izugarrizko ikuskizun da. Hegoaldeko bidean pausalekuak jarri dituzte maila bakoitzean, laba ibaia luze zabalera osoan  ikusi ahal izateko.

 

Ehundegiko ehun guztiek ehotako errepide sarea izan dugu, herritxoz herritxo.

 

Ia idilikoa da eki aldetiko ikuspegia, ederra, lasaigarria. Iparrekoak, aldiz,  errepidearen bukaeratik, mendi ilun zail gogor baten itxura du, mendi beltz luze garaia, tontorreria leuneko  sendoa. Hegokoa aldiz bortitza da, zenbait aho ezberdin ikusten zaizkio goreneko ahoa nagusia izan behar duenaren maldetan, laba-haitzak eta laba-harriak maldan beherantz hasten dira, kraterren aho ertzek leun itxura damaie, oinez dabiltzanentzat harri latzezko mingarriak zaizkie seguruenik, burdina herdoilduaren kolore gorrizka du malda osoak.

Autoz hurreratu ahal da ahoaren azpi aldera arte.

Errepide zabal erosoak zabaldu dituzte ipar aldetik, mendi-barren biluziraino, laba arteraino hego aldetik. Bietan daude neguko elurteetan eski zaleak jasotzeko arrasteak. Iparrekoan autobus bereziak daude bidaiariak ez dakit noraino jasotzeko; zuriak dira, Hegoaldetik ikusi ditugu autobusok oso goian tontor nagusienaren barrenetik igarotzen. Bi lekuetan dago ohizko bisitarientzako muntaia,  bietan dendateria, jatetxe eta ohizko abarrak. Xumea da Iparrekoa, inguru bikainean, gerri sendoko pinu eta pagoz inguratutako lautadatxoan;  sekulakoa  Hegoaldekoa, bertan etengabea da auto eta autobusen joan etorria, ehunka auto eta dozenaka autobus daude uneoro bertan; kinkila-dendateriaren ilara ere luzea da. Mendiko ohizko giroan dabil jendea bietan ere. Batzuk aho ezberdinen ertzetara igotzen dute, oinez hegotik, autobus egokituetan iparraldetik,  bakar batzuk izugarri goian agertzen dira; asko dira, diotenez, gorenera igotzen dutenak ere,  malda biluzi gorrizka latzean gora.

Sekulako ikuskizuna da Etna. Edozein lekutik begiratuta, edozein puntura hurreratzen zatzaizkiola.

Hegoalde honetan M. Luisak laba zatia jaso du uneoro bidaia-lagun izan dugun oroigarri.

 

Linguaglossa, krater erraldoi baten barruan dagoela dirudi, mendiz inguratuta, zabala, kaledi bihurri zabalarekin, mendi berdez inguratuta, bailara berde berdean; goitik begiratuz teilateri gorri bat da mendi berdez inguratutako bailara zabal berdean. Etnaren bisitariengandik bizi dela dirudi, bidaia aukerak eskainiz. Txukuna eta zaindua.

 

Nicolosi: herri hau  aipatuko genuke batez ere, zuhaitz artean gorderiko txaletxoek estaltzen dutelako malda osoa, herria bilduz.

 

Perretxiko erraldoiak zituen eskaintzan errepide ertzeko saltzaile batek  herritxo batean.

Bilkura zuten gaur Etnaren ipar aldeko malda arbolatsuan motorzaleek, hainbat eta hainbat izan ditugu aurreratuz edo gurutzatuz bidaia osoan, eta geldiune batean aurkitu ditugu dozenaka elkartuta; ohi denez, talde koloretsu bizia eta berezia osatzen zuten.

Txirrindulari koadrila ere ari zen ipar aldetik Etnara igotzen, banan-banan, puzka, ia ezinean, lehiaketa bailitzan: nagusiak ziren denak, ia zaharrak, ilezuriak, adinean oso aurreratuak. Umorea behar da adin horretan gorputza horrela behartzeko; ez da bizipoz arazoa, heriotza-bidea baita halako lehertzea.

Ez dakigu nolakoak diren futbolzelaiak, baina izugarri sendo garaiak dira herriotako futbol zelaiok argitzeko fokuteriaren zutabeak, foku pila du gainera zutabe bakoitzak.

Pit-pit-pit, ez dakigu nori eta zergatik, baina gaur ikaragarri ugaria izan da gidari pitojolea, igandezale urduria agian, herrietan, bidegurutzeetan, nonahi eta noiznahi.

157 kilometro, Etna sumendia gozatuz.

 

Ilargia itsasoan zeru-marratik nire oinetaraino irisatzen deneko ikuskizunaz gozatu dut gaur gauean ere nirea soilik den zabaltzan. Pena dut, lainotuagatik, ilargia itsas gora agertzen ikusteko aukera galdu dudalako egunotan. Gogoan izanen dut labazko itsasgain hau Etxarrin S. Donato ostean ilargia azaltzean.

Ze zirraragarriak ur-eremu neurrigabean arrantzale batelaren ipurtargitxoak.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes.

* “Naizela adierazten didate, orain, sekula ez izan nintzela. Inor ez da beranduegi izan baino lehen ezer azaltzen ahalegintzen”. Izan nintzela adierazten didate bidaiak, baina aldi berean oraindik ere banaizela. Erretiro garaia ez da beranduegi ezer azaltzen ahalegintzeko, bizitzari biziki eusteaz harago.

* “Mundu bat dago hor kanpoan”. Bere herritik kanpo dagoen mundu bat deskubritzen du bidaiariak.

 

 

Maiatzaren 27a. Astelehena.  25.a-I:23.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “egun batean jakinarazten dizute / libre zauden arren ez zarela libre”. Pasaportea utzi behar izan dugu gaur ere kanpalekuko sarreran”.

* “Gaueko olatu beltzek irentsi zituen / goizez hondartzara itzultzen dituen  orbainak / etorkizun bila zetozenak”. Etorkinek ni liluratu nauen ilargia saihesten dute  hondartzaratze klandestinoan. Errealitate beraren bi aurpegi kontrajarriak.

 

Sekulako egun argia. Azken agurra eman nahi izan digu Etna sumendiak. Errepidera orduko genuen begiz begi sumendia. Laino motarik gabe garbi garbia. Zoragarri ederra. Lainoz biluztu zaigu eta elurren jantzi agurrerako. Ikuskizun eten gabea izan zaigu bidaiako zati luze batean. 250 kilometrotara ikusten omen. Palermora bidean, Hego-Mendebal aldetik inguratu dugu nahiz urrutitik, baina, nahiz urrutitik, ikuskizuna paregabea da. Nostalgiaz begiratzen genion. Aurpegi ezberdina du, ahoa igartzen zaio baina mendi-tontor osoaren itxura lasaia du, aho zabalaren mehatxurik gabe. Bizkarra eman diogu azkenez, gure bidean aurrera, une horretan eman dugu bukatutzat Joniarren Itsasoko egonaldia.

 

Catania inguruko berdeguneek berehala utzi die lekua lurralde berriei;  pausoka egin da aldaketa, eten bortitzik gabe. Gaztelu gotorren itxura darien amildegi bertikaletan bukatutako mendi tontor zorrotzek urrutian, mendi-muino leunak gertura, erabat horiak, lehorrak, osatzen dute paisaia berria. Menditsua dager lurraldea, dena da mendi-tontor eta mendi-muino leun, lur leunok landuak baileude. Zuhaitz ziztrin batzuk eta lur lehorra, belar idortuko horia. Autobide ertzeko sastraka dotoretxo eta zuhaixkak dira zuhaitz bakarrak, hortik kanpo eukaliptoak dira ugarienak, bakanak eurak ere, olibondo bakanen bat hurko. Landuak dira lurrok, erabiliak daude, ezer ez dagoen arren orain, agian jasota dute  dagoeneko uzta, edo deskantsuan utzitako lurrak dira. Galsoro lurrak izan direla dirudi. Erromako aletegia deitzen zioten Siziliari. Laranjadi berdeak dira mendiarte arteko ordoki zabal eta luzeak bide luze batean; lurralde dotorea, ura ere badarabilte, hori erakusten dute  putzu eta ubideek; kontraste bortitzeko lurraldea, mendi mortuak eta bailara joria. Kontraste handiz, erakargarria. Urre kolorekoa bihurtu da geroago lautada, dena dago mortu orain, baina oparoa izan den aztarnak ditu. Ez dario pobrezia edo bakardade girorik, ez du sentipen etsirik sortarazten. Patxada eta baretasuna darie. Une batez lur hori eremu dena txabolaz bete da, perretxikoak bailira, lur koloreko txabola karratuak, ukitu berriz aberastuz lurraldeko ikuskizuna.

Izan da herritxo bat lautadako amildegiek gotortutako tontorraren gandor. Ez da bestela, ez herririk ez nekazal etxerik ikusten begipeko inon. Geroago izan dira nekazal etxeak, bakanak, bakoitza bere lurren inguruan seguru aski, edo bere lurrez inguraturik, inolako zuhaitzik gabe ataurreko geriza izateko. Lur koloreko etxeak. Bakardadearen sinbolo. Pobreziarenak ere gaur egun. Dozena erdi ahuntz izan dira bizidun izaki bakarrak.

 

Etna. Urrutitik ikusi dugu, lehenengo bera, beste bi herri ondoren. Hiru herri elkarrengandik gertu, bere tontor amildegiz gotortuaren gainean bakoitza. Herri zaharren bat uste genuena etxe berri garaiek osaturikoa da, amildegion gandor. Ez dakigu hiru tontorrek herri bera osatzen dute.

 

Erabat aldatu da lurraldea Enna hiriaren inguruan: malda leun-leuneko mendi-muino eta mendi buru-borobilak; erabat berdetuta daude delako hiru tontorrak, basoa zabaldu da maldetan, desertuko oasia iruditu zaigu. Baso bihurtu dira mendi malda mortuak, eukalitadi eta pinudiz.  Hurreratzean, hara non dozena bat behi landutako lurrek inguratutako tontortxo harritsuan pilatuta, beste bi bakoitza bere tontortxo harritsuan zut, behatoki batean bezala; geroago behi aldra izan da landutako lur sail batean,  nolabait esateko larrean; ardiak barraskiloak lez guk lur lehorrean ikusten ez genuen belar berri muturren bila  edo... auskalo; ibili ohi dira ardiak galsoro ebaki mortuetan, baina behirik ez dut sekula santan ikusi; izan da erreka bat ere, eta bertan beste behi talde bat, hankak uretan freskuran bat, alboko belar berrien bila besteak; asto bat ere izan da, baita artalde handi bat ere, belartza batean azken hauek. Behi talde gehiago geroago. Hiru asteotako ikuskizun berri ezohizkoa, ia txundigarria. Ikusi dugun lehen azienda. Bailara zeharkatuz, gainetik, sigi-sagan, bailara gainetik hankadun suge erraldoia bailitzan autobidea, har grisa litzateke agian, baina sugea da bere gorputza batera eta bestera bihurtuz.

 

Caltanissetta. Urrutitik deigarria, bertatik zuhaitz artean barreiatutako etxeak, alde bateko mendi magalean herri zaharra dirudiena, etxetzarrek osaturiko etxe ilara bortitz luzeak bestaldeko tontorraren magalean. Etxetzar pila, hiri moderno erraldoia mendi magalean. Zirrara sartzen du horrelako hiritzarra eremu laru horretan. Bada industrigune bat zulogune batean. Nondik demontretik bizi da hamar bat solairuko etxeteria erraldoi horietako biztanleria!. Nondik bizi da jendetza hau, ikusi dugun industriguneak ezin du eman denentzako lanik. Badira ere pare bat hotel handi, berriak. Beraz, bizitza du hiriak.

 

Canicatti herriaren inguruan hasi da ia itsasorainoko mahasti lurraldea, kostaldetik 30 bat kilometrotara. Bailara, mendi malda eta mendi-muinoak erabat hartuta du mahastiak. Mahatsondo garaiak, enbor sendokoak. Zuhaitz nanoak dirudite. Ardura handiz zainduak. Itsasorainoko lurraldea da mahasti. Urrutira, mahastiok estaltzen dituzten sare-gune zuriak ikusten dira, negutegiak bailira. Mahasti-sail nahiko txikia da bakoitza, bata bestearen ondoan, baina jarraian, berdegune bakarra eginez. Oasi berde lasaigarria lur mortuetatik gatozen begiontzat.

Izan da lehor-gune batean nekazal etxe bat, bere  bizitza gainezka behar zuena,  karratua bere osotasunean, horma batek zarratzen du aurretik, bi aldetara du etxaurrea, patio zabal bat osatuz: teila eta harri erre kolorekoa da dena, lurraren sinbiosi perfektua, kameleoiak baino kamuflatuagoa.

Berdegunez tartekatua dago itsasorainokoa, -olibadi eta mahastiren bat-, ez da inola ere desatsegina.

 

Agrigento  gain batean ikusten dizkiogu itsasora begira dagoen bestaldeko goiengo etxeak, etxe moderno berri handiak. Gero, itsasora artekoa, eukalipto eta mendi gorria da.

Eta hara non mendi gorri tontor hegi-hegian Parthenonaren itxura bera duen tenpluren baten zutabeteria, paralelogramo bikaina. Bihar, beste hainbat tenpluez gain, ikusiko duguna. Zirraragarria da, bat-bateko  agerpena, eraikintzar dotorea hor tontor mortu horretan.

Ez dakigu ze probintziatan gauden, ez baitute gaur probintziarik iragarri errepidean.

 

MEDITERRANEO  ITSASOA

 

Gure bidai honetako kokalekurik beherena, nahiz Italia eta Siciliaren hego azken muturra Siracusatik beherago dagoen, Capo Pessero muturra hain zuzen.

 

Agrigento. S. Leone,  itsasertzeko herri, auzo edo turistagunea. Hondartza luzea, harri blokezko murru jarraiez babestua. Hor dugu kanpalekua. Pinu artean, hareazko duna batean, itsasoan gaude itsasorik ikusten ez badugu ere, olatu hots ozen baina leunak biltzen gaitu. Hemen ez dugu ez tren ez errepide hotsik, itsasoarena soilik.

 

Ia 30 graduko hozberoa izan dugu. Beroa noizbait!.

 

204 kilometro, Itsasoz aldatuz

 

Nongoak?, galdetu dit harrerako gizon gazte potoloak pasaportea eskuan hartzean. Espainiakoak. Ez dugu esplikazioetan hasteko gogorik. Baina ze aldekoak?. Nafarrak, euskaldunak. Berak orduan: “no volere ser espainol”. Badaki zerbait euskaldunotaz.

Alemaniarrek dute hartua kanpalekua. Eguzki gosez. Gaur gazte alemaniar autobuskada sartu zaigu, bizitasuna eta gaztetasuna ekarriz jubilatuon kanpaleku honi. Gure alboko pinupe batean jaso dute lonazko komuna, patxadan eta alai. Gauean, zerbitzuguneko entxufe denak hartuak zituzten, segapotoak kargatzeko.

Bi karabana frantses sartu zaizkigu albora, builatsu, zaratatsu, denontzako hitz egiten, frantses entzun-praktikatzea praktikatu dezagun edo; harroputz dirudite bere frantsesa eta frantsestasunarekin.

Hondartzako ibili gozoa, olatuak oinekin jolasean!. Bere berezko horretan dago hondartza, belar tortoek kolonizatu dituzte hondar-muinoak, eta gorago pinu zaparroteak elkarri lotu dira arrama ehun berde trinkoa jarriz, aurrez aurre ezkutua bailitzan, itsas haize erasoaren aurkako ezkutu. Jendetza dator hona, zakarrontzi ilara luzeak erakusten  du ugari datorrela itsas edo eguzki zalea; herriko baserritarren batek traktore eta bostortzaz harrotu du hondartza osoa, ildo sakonez utzi du hondartza alderik-alde, agian udarako neguak gogortu duen hondarra biguntzeko.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Caslos Fuentes:

* “eta minik handiena jakiteak ematen dizu, jakiteak eginahal guztiak eginda ere, ez zarela inoiz haren modukoa izango,...”. Bidaiariaren bekatu bat izan ohi da zenbait herriko bertakoa gutxiestea, atzeratuagotzat hartzea, baina erru handi bat izan daiteke ere era berean herriagotzat,- aberatsago, kultuago, famatuagotzat- ditugun herri eta herritarrak imitatu nahia, geure izaera propio estaliz.

* “Badakizu mutur orok bere aurkakoa duela bere baitan”. elkarren hur dabiltza sarri bidaietan aurkako muturrak. Erraz aurkitu dugu gaur kanpalekua, baina zailtasunak izan ditugu gero gurpil txikiarekin.

* “zure ausardia  zure koldarkeriaren bikia izango da”. Hala izanen dira bidaiariak sarri, ahul eta lotsati zenbait egokieretan, tinko eta kementsu aurrea eman beharrean zenbait egoera okertuetan.

* “Zure aukeraketek ez dute ukatuko zure gainerako bizitza izan daitekeena, aukeraketa egiten duzu bakoitzean atzean utziko duzun guztia”. Etengabeko aukeraketa da bidaiatzea, zerbait ikusi edo bizitzeak ordezko zerbaiten ukazioa dakar berarekin. Hautaketaren ordaina beti da zerbaiten ukamena.

* “begiak itxita gaua egingo baitzenuen”.  Sarri itxi egiten ditu barne begiak kanpoko errealitateari bidaiariak. Hainbat herritarren beharra ikusiz,  bidaia-ahalmenaz aberatsa sentipenak koska egiten dizunean begiak ixten ditu, justifikazio izpiren baten bila barne toles-gunetan.

 

 

Maiatzaren 28a.  Asteartea.  26-I:24.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “Etorkin bat bota nuen lorategitik / etxeko  hesia zeharkatu zuen / zuhaitz baten pean lo egiteko”. Italia Hegoko itsasertzok dira etorkinek zeharkatzen ahalegintzen diren hesia, non lo eta zer jan aurkitu asmoz. Eta mendebaleko gizarteak bota egiten ditugu gure lorategitik.

* “sumendi baketsuaren gisa”. Baketsua dirudi Etnak urrutitik, baina gordetzen duen indar suntsitzailea erakusten du bertatik.

* “milaka hodi katodikoen aurrean / dauden gizarte madarikatu honen gisan”. Telebistarik gabeko esperientzia da bidaiaren bizipenetariko bat.

 

Joanak ziren goizeko seietarako alemaniar gazteak. Zerbait bisitatzera.

Nolako itsas hots burrunbatsua ateratzen dute olatu izatera ere heltzen ez diren ur-toles axalok.

Inguru honetan lurreratu zen Garibaldi mila lagunekin, eta Italia ia osoa beregana erakarri. Ez dago herri batu baten oihua isil eta gelaraziko duenik.

Tarinak dabiltza, edo tarteko familiakoak, txoritxo nano horixkak. Deba inguruko mendi-gainetan likaz ehizatzen zituztenak migrazio garaian kaiolatu eta saltzeko.

Bizi bizia da kanpalekua, bezeroon joan-etorriak ez du etenik, isilean, bakoitza bere arduran, inurritegian antzo, zaratarik agabe, itsas  soinuari zor zaion errespetuz.

Giza tipologiari buruzko tesia egin daiteke kanpalekuetan, janzkera, gorpuzkera, dutxetan, komunetan, arrasketan, etxatoi inguruan, ibilbideetan dugun portaera... Harrigarriak izan zaizkit emakume zenbaiten konketetako ispilu aurreko aurpegiko ukendu igurtziak.

“Barcellona” kanpaleku bat dago Messina aurretxoan Tirreno itsasoan.

Eguzkitsua gaurko eguna ere. Goizean goizetik beroa. 30 gradutan ginen eguerdian une batez.

 

TENPLOEN BAILARA

Agrigentotik itsasaldera dagoen mendi-bizkar luze baten hegian daude tenpluok,  10 omen ziren, bederatzi ei dira ikus daitezkeenak. Ez jakinontzat ez da erraza jakitea noiz hasten den bat eta noiz bukatzen bestea. Zenbaitek ez du ezbairik, han daudelako bakar eta bakan, deigarri eta eder, aro ezberdineko testigu, aitorle eta adierazle.

Harritzar landuen biltegi bat besterik ez da sarri ezjakinontzat zenbait hondakin multzo. Beste zenbait eraikinek badu bere egitura osatu esanguratsua. Ia hiru mila urteko atzera jauzia, ezin gara jabetu nolakoa behar zuen inguru honetako bizimodua, ohiturak, portaera... beste kultura bat, beste bizimolde bat. Kontraste harrigarria egiten du tenpluon mendi-bizkar honen bestaldean Agrigentoko etxe-orratzen basakeria, mendi malda osoa etxetzarrek hartua, bailara sakona alderik alde sigi-saga zeharkatzen duen errepideko zubitzarra, eta gu zutabe eta horma harri erraldoi barreiatuen artean. Zirraragarria. Ez gara ezer, ez gara gai jadanik kulturok ulertzeko, irudikatzeko ere, galdua dugu antzinako kulturekiko lotura, harritzen bagaituzte ere. Harridura eta miresmena.

Bere betekizuna zuten mendi gainotan barreiatuta dauden harritzarrok, bere leku konkretua, egitura bateko zati ezinbestekoak ziren, eta hor daude orain, lekuz kanpo, bisitarion oinpean, hainbat gizakik tailatu eta landutako harritzarrak.

Zutabetzarrak zut, beste zenbait etzanda, eskailera zatiak, bainu-tokiak oraindik ia osorik, harritzarrez zamatuta zentoztenean gurdi gurpilek zizelatutako erreten sakon-sakonak harri bizian. Zut jartzeko sortua, etzanda dago, bukatu ez zen tenpluko zutabea izan behar zuen eskuak kokotean dituen ia 8 metroko gizaki erraldoia.

Sekulakoak dira Herkulesen tenpluko zortzi zutabeak, ilaran, tamaina alimalekoak. Konkordia tenpluak, aldiz, zut ditu buelta osoko 34 zutabeak. Tenpluak nolakoa behar zuen erakusten dute Junoren tenpluko zutabeek. Eta beste hainbaten hondarrak...

Nabari da ez zirela harri itxuran agertzen, masa mehez estaliak zeuden zutabe eta harriok, ziurra omen da Junorena polikromatua zela, kolore biziz polikromatua.

Kristau eta bizantziarren hilerriak ere hor daude. Haitz bizian zulatutako hilobi pila, bata bestearen alboan, hainbat eta hainbat, edo amildegi gaineko hormetan zulatuz sorturiko hilobiak.

 

Sekulako olibondoak daude harritzarron artean, zaharrak behar dute gerri zabal bihurritu eta azal gotortutakoek erakusten dutenez.

Autobuskadetan dator bisitaria. Goiz guztian. Hiritzar bateko kale nagusia dirudi gure tenpluon bideak. Pila izan dira eskolaumeak ere.

Ederra da tenpluon hegitik itsasorainoko ikuspegia, zabala; urrutitxo dago itsasoa, atzo ikusi genituen mahastien estalki argiak hedatzen dira mendi maldetan lehortzen jarritako izarra erraldoiak bailira.

 

Bada oraindik zer ikusi eta non ibilia, bi ordu eta erdi egin ditugu etenik gabeko harritzarron arteko ibilian, eta nahiko dela erabaki dugu. Gauza eder eta miresgarrienak ere, bere neurrian.

 

Hiru gerra hegazkinek zeharkatu dute zerua tarte ezberdinetan, gizarte honen sinbolo horiek ere, kulturak eta gizarteak desegiteko prestatutako tresna eta gizonak, bakearen, kulturaren eta etorkizunaren izenean. Herri gizajoak eginen zuen lana mendi honetan ere, greziar Siziliako Tirano deituriko jauntxoen esanetara.

15 kilometro, gure gaurko  Agrigentoko Parthenonera.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “...honek ere, kausa guztiak bezala, ekintzaren proba ezin zezala jasan”. Zailak  iruditzen zaizkio aurretik bidaiari zenbait bidaia, -denek esaten ziguten Sicilia arriskutsua izan zitekeela-, baina edozein bidaia dela posible froga ahal da bidean jarri ondoren.

* “Zenbatez erosoagoa den  ustekabekoa onartzea!”. Buruhauste eta ernegazio ugari eman ohi dio bidaiariari ustekabeak, eguneroko ogia direnen zertzeladez harago.

* “zenbaitetan, mozorroak ondo baino hobeto itxuratzen ditu bere azpian edo kanpoan ez dagoen aurpegi baten keinuak”. Bidaiaria herrietan eta kanpalekuetan mozorroz jantzita dabil, nahiko kanpolarrosa garelakoan nago.

* “Baina prezio bat ordaindu behar da bizirik irauteko”. Bidaiatzeko ere, ez da diruzko salneurria, aukeraketa eta ukazio ugarien prezioa baizik.

* “Xake taularen antzera trazaturiko kale zahar haietan barrena”. Castellammare di Golfoa izanen da gaur horrelako herrietako bat. Gogokoagoak ditut, zirraragarriagoak zaizkit, kale bihurriko herriak, kiribildutako kalediak.

* “Aldare guztien atzean jainkoaizun bat omen dago ezkutaturik”. Jainkoaz baliatzen den jauntxoren bat dago herri eta zibilizazio bakoitzaren atzean, edozein bidaiarik froga dezaken bezala

* “Hau herri dohakabea, belaunaldi guztietan aurreko aberatsak  suntsitu eta haien lekuan ordu artekoen modu-moduko harrapariak eta gutiziatsuak jarri behar dituena”. Hori bera nuen hausnarketa gai greziar tiranoen tenpluen alboan diktadore eta mafioso demokraten eraikintzarrak aurrez aurre begirada pean nituenean.

* “... gizon hark bestelako eskarmentu bat zuela, mailukadaka zaildutakoa...”. Ustekabez, ezbeharrez eta poztasunez zaildutako eskarmentua ohi du bidaiariak.

* “A, ez oso ondo. Zahartzaroko kontuak. Pasatuko da. Ai, lehengoak izaterik bagenu, orduan bai ondo”. Zahartzaroko kontuak dira gure bidaiak, eta ez dut lehengoa izatearen nostalgiarik.

BIDAIAK . ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/04/17 10:20
SIZILIA. MESSINA. Acireale. CATANIA. Taormina, Catania.

SIZILIA

 

Maiatzaren 22a.  Asteazkena. 20.a-I:18.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Ordua fantasiari utziozu zure arima”.  Ulises ibili zen gaur helduko garen itsasertzetan, Ziklopearekin borrokan. Izanen du fantasiak non ibili lekua.

* “Har ezazu zeruari gehiago ez begiratzeko erabakia”. Gaueko izartegi izarniatuaz maiteminduta joango naiz, zerua ikusi ahal izateko gaua noiz helduko zain gauero.

* “Goiztiri!. Zorion eta gardentasuna”. Zeru sabaia garden eta ur-ordeka bare esnatu zaigu eguna, itsasartea zeharkatzeko eskatzen genuena. Zorion beraz.

* “Txorrotxioka ari dira txoriak”. Kanpaleku orotan. Autoko kasete hondatuaren ordez.

* “Bidazti: ez zaitez abia oraindik. Zure ibilbidearen eta makaltasunez biraka doan itzal honen artean, badago apika amildegi igaro ezinen bat”. Bidaiariak beti du bere ahuldade eta makaltasunen kontzientzia, baina orain arteko amildegiak  igaro baditu, zergatik “apiken” beldur izan. Abia gaitezen beraz Siziliara.

 

Itsasontzi zuria ostertzean eguneko lehen argi printzek argiztatuta,  itsaso eta zeru  mugen elkargune zuzena marrazten du bere joan geldoarekin. Urez inguratutako mundu bat itsasontziarena, gu, aldiz, lurrez, bakoitza gure bizitza propioarekin.

“Faciamus hic tria tabernacula” . Betirako edo aldi luzerako gelditzeko gogoa sortarazten du kokagune honek, nire mahaian idazten Palmiko Lidoa ikusi dezaket ate irekitik, hondartza luze hori ia zuria, labar  perpendikular biluziak, amildegi ia bertikalak zuhaixkaz berdegune, olibadi diren itsas bizkarrak eta eskumako leihotik itsas zabala laino marra zuri lausoak nahasten dituela zeru eta itsas marra, itsasgaina eguzki distiratsu luzea datorkit azken marratik nagoen  amildegiko oineko hondartzaraino.

 

Calabriako bizipenak laburbildu beharrez gero, mendi-basoak, gaztainadi diren basoak, maldetan zintzilikatutako herriak, zubitzar eta tunelak, zuhaitz lerden eta sendo diren olibondozko olibadiak,  itsasertzean ia amildegi diren gainbeheretako mahastiak zapaldetan mailakatuta, herri eta etxeteria pobre kolorgetuak, hitsak, eta poliziaren ugaritasuna: polizia, carabinieri, polizia de finantza, motoristak, herrizainak, helikopteroa polizia hizkiekin, militarrak, txapel urdinezko soldaduak...

 

Atzo bertatik ezagututako herritxoak, itsasoa, itsasartea, Messina eta Messina osteko mendiez begiak betez egin dugu bestaldera eramango gaituen ontzirainokoa.

 

MESSINA

Travelling batenak zirudien barku gainetik irudiak: ontziak bere joan lasaian hurreratzen zigun irla, ontzia bera kamera erraldoia bailitz eta gu kameraren objektiboak. Aitaren batean heldu gara. Berehala ginen  berriro abian.

Calabria eta itsasoa eraman ditugu zati batez ezkerrean, Cataniara bidean, Itsas Jonikoaren ertzetik. Gero, itsasoa besterik ez genuen lagun.

Berdea da lehorra eta horia uste genuen Sizilia, Itsaso Joniarraren aldetik behintzat;  iritzi bizikor eta baikorra eskaini digu. Mendateri soildua, zuhaitzik gabeko mendiak,  baina berdeak. Udaberriko itxura pasakorra besterik ez da agian, baina ederra da maiatz honetan. Malda barrenetik itsasorainoko lautada, lur beroetako ikuskizuna: laranjadiak, zenbait fruta arbola, pikondoak, piku txungoak, fruta arbola zenbait, mahasti txikiak, kanaberak...

Zubiak eta tunelak, bata bestearen jarraian, horiek ez direnean, itsasoa. Gurekin daramagu beti itsasoa eskuinera, hurrago edo urruti samar, baina beti gurekin.

Argiak dira herriak, berri itxurakoak, pintatu berriak lez koloretsuak. Etxe bakan ugari da malda barrenetan zein malda barrenetik itsasora arteko gainbehera leun zabalean.

Uharrizko harritza zabalak dira ibai-bideak, mendiarte bakoitzak du berea, ekaitzak bortitzak direla erakutsiz.

 

Taorminan agertu zaigu lurralde osora begiratzen duen eta lurralde osotik ikusgai den Etna sumendia, barren zabala eta 3340 metroko garaiera duen tontor koniko erraldoia; laino-txapel zuria du tontorrean, ketan bailego, barrena husteko prest. Gure begien lagun joan zaigu bide osoan, ikuskizun izanen dugu hurrengo egunetan.

Teilatu gorriz zipriztinduta dago zuhaitz ezberdinez berdegune itxura duen Etnaren barrenetik itsasora arteko malda leuna, sekulako ikuspegi eta ikuskizun aparta eskainiz Catania hiriraino: magal zabal berdea tanto gorriz zipriztinduta gainbeheran.

Fruta-arbolak, pikondoak, laranjadiak, olibondo bakanagoak, piku txungoak, altzifre batzuk... Lurralde erabilia, landua eta emankorra dirudi.

 

Inguru berean hasi da goietako herrien ikuskizuna ere: ezagutzen ez dugun herri bat lehenengo, menditik itsasora luzatzen den besoaren amaierako tontorrenean gaztelua du haitz-buruan, bere azpian, etxeteria, hegia osoa hartuz; etxeteriaren erdian eta itsasora doan amildegiaren gainean herriaren ertzean, bigarren eliza bat; amildegiaren barrenean itsas gaineko haitz tontor bikoitzak du bere gaztelutxoa: haitz gotortuak dira biak, berdegune eta zuhaitzez inguratua, ur ordeka urdin amaigabea aurrean dutela, goietako herria zaintzen. Ikuspegi aparta.

 

Taormina etorri da gero. Aurreko herriaren taxu antzerakoa, ia bera: amildegi baten hegian dago gaztelua, harkaitzezko konoaren txanoa bailitz; magaleko tontor batean, itxura erakargarriko mendiaren koloreko eliza;  amildegi izugarriaren azpian etxeteria;  turismo-gunea sortu da itsasertzeko harkaitz tontorraren inguruan, gaztelua behar zuen tokian.

 

Itsasertzean, hondartzak eta hondartza inguruan udaldirako herriak, etxe-sail berriak, pintatu itxurosoak, itxura oneko herriak, koloretsu biziak. Bizimodu bigunagoa duten itxura damaiete. Emigranteek dirua ekarri dute nonbait hona, indiano aberatsek, herri-minez, herrian bilatu dituzte berriro nonbait erroak. Agian turismo espekulazioa besterik ez da. Deneko moda udatiarra.

Giarre, Acireale... eta gainerakoak.

 

Bi gauza argigarri eta ezuste Cataniako autobideko irteeran: ordaindu egin behar da autobia, Calabrian ez bezala: txabolatxoko leihatilak ez daude kristalez babestu eta blindatuta, agirian baizik, Napolin ez bezala; visarik ez dute hartzen, eskuko diruz ordaindu behar da.

Izugarri zabal ageri zaigu Catania, itsasora begira, Etna sumendia atzean duela. Errepide eta kale-gune nahasikoa da, kale-arte nahasian doa zeharbidea bera ere.

Catanian hasi da gure gaurko odisea, erabat nahastu zaigu kanpin liburutik erraza zirudiena, ez gure erruz, gidaren oharrak ez dielako ezkontzen errepidearekin, ezta galdetzearen laguntasunez ere. Catania inguratu dugu hainbat kale-artetik, harritu gaitu gure, larritasunean ere, etorbide ertzetan laba haitz tzarrak aurkitzea, asko eta handiak, inguru bolkanikoa etxe modernoen inguruan.

Herri berri batera jo dugu azkenik. Aurkitu, aurkitu dugu kanpin bat, baina odisearen bigarren zatia izan da itsasertzeraino jaistea, hain ziren bihurriak bihurguneak, hain pikeak, hain ipurterreak auto gidariak, eta hain estua kanpinerako eta kokagunerako sarrerak. Baina sartu gara.

 

Kanpina. Santa Maria de la Scala. Kanpai eta txapligu hotsek eman digute ongietorria kanpinera inguratzean. Argi gorriak dituen bidegurutze orotan dago gazte edo nagusiren bat kristalak garbitzea eskainiz borondatezko sos batzuen truke; Mesinan eman diogu bati  bi euroko txanpona zentimoak ez ematearren eta han etorri zaigu bigarren neskatoa lanik egin gabe beste euro bat eskatuz, “para karamelos” esanez. Atzerritar itxura dute.

Mailaz maila doa kanpalekua itsasoraino, malda bertikalean, gorenean jarri gaituzte. Itsas gain-gainean, baina ez dugu itsasorik ikusi ahal; mendirantz gaude, baina ezin dugu Etna ikusi ahal, baina 10 metrotara itsasoaren ikuskizuna apartekoa  da, itsaslabar bertikalak, laba zati erraldoiak itsas bazterrean, eta kalatxoz bihurritutako itsasertza. Limoiondoak ditugu gerizpe-gai ordu beroetarako.

Astoa garagarrak irabazten lez dabiltza txolarre asko leiho aurreko harean, euren gorputzak astintzen, zorriak kendu asmoz edo, azkurez direlako.

 

Acireale. Herri barrokoa deitzen dio gidaliburuak: hala izan da, eraikin ederrak ditu: erdigunea, duoma, San Pedro eta S. Pauloren elizak eta Palazzo di Citá. Erdigunea: kale zabal eta aro berriko etxez osatua, artelanez osatua dago Duomo plaza. Duomo edo katedrala: fatxada ederra du: erromaniko jiteko leiho landua, marmol zuriko taila ederrez sarrera oparoa, iruditeri ederra eta bi dorreen teilatu koniko zorrotzak  zeramikazko ezkata koloretsuz apainduak; barrua: dena dago pintatuta, sekulako zirrara eragiten du, pinturatzarrak gangetan, zutabe eta hormak ere pintatuta; baina iruzurra darie zutabeei, igeltsu pintatuak baitira, ez irudikatu nahi duten mosaikoa; organo eder bat da erretaula, aulkiteria ere ederra da. Koadro bat da aldare ororen erretaula, Italiako alde honetan ikusi dugunez. Hemen ere Montekasino monasteriokoen taxukoak dira aldareak, gorrizka eta zuriak nagusi diren kolore ezberdineko marmol txatalez egindako koloretsuak; busto eta gizon ospetsuen hilobi edo oroigarriak, marmolean zizel golpez idatzitako harrizko mezua iragarriz. Bitxikeria bat: kapera bateko kupulatxoko zulotxo pintatutik eguzki izpi errainua sartzen da eguerdiko hamabietan, zeinek erakusten du zein urtarotan gauden zodiakoko ikurrez adierazita lurrean marmolezko marra zabal batean.  S. Pedro eta S.Paulo eliza: argia da baina iruzurra darie hemengo zutabeei ere, igeltsu pintatua besterik ez da marmol itxura duen horma; pulpitua, aldiz, zurezkoa, xume landutako xarma duen aspaldikoa da; aldare gaineko baldakinoa, izugarri ederra da, Aita Santuaren  mitra eta bestelakoak ditu urrez brodatuta, sekulako tapiz gorria, aterpe eta guzti; Ecce Homo bitxia nire argazki bildumarako. Palazzo di Cita: harrizko buru tailatuek eutsiak daude balkoi azpi guztiak, bitxikeria bat; ez dira balkoipeko buru bakarrak, inguruko balkoipeak ere burutxo tailatuz edertuak baitaude; S. Sebastiano elizako fatxadako burutxoak zein kaleko beste hainbat etxetakoak ere, harrizkoak ez arren igeltsuz eginiko buru ederrak dira, berdin Sta.Maria de la Scalakoak: moda izan zen nonbait buruena garai batean. Buru tailatuen sinfonia bitxia da plaza osoa. S. Sebastiano basilika: erabat pintatua hau ere, ebanjelio eta santuen bizitzako hainbat gertaera adierazizko fresko biziak daude  gurutzadura eta presbiterioko horma, ganga eta bobedetan; iruzurra dario pulpituari, igeltsu pintatua da marmolezkoa dirudiena, sermoiak ere ustel xamarrak izango ziren gogoeta sortaraziz. Ezkontza zegoen S.Sebastianon, abitu marroidun eta gerriko kordoi zuriko fraidea eliz atarian senargaiarekin ari zen une berean  biribildutako alfonbra askatzen zebilen sakristaua  kanpoko harmailetan, letoizko tututxo laru eta guzti. Santa Rita eguna gaur, eta Santa Rita eliza korso nagusian kokatua dago hain zuzen: kolore biziko globo eta santarentzat kandela laukoitz luzeak daude salgai sarreran;  emakume eta umez beteta zegoen barrunbea, santari umeak bedeinkatzera edo eskaintzera eramanda seguru aski; parafernalia osoz jantzita, erretolika bizian,  apaiza aldarean andre eta umez inguratuta; aldare batean gure Santa Rita, gerritik behera soineko dena jasotako opariz beteta; oroigarrien kinkila-denda bihurtuta dago alboko kaperatxoa; merkatu batekoa da barruko giroa, berba-hotsa eta lagunarteko giro kalakaria, agurmariaka ozenki marmarioa etenez; kanpaiek ere dilindan hots bizia atera dute seietan eta ondoren banda agertu da eliza atarian Santaren omenez kontzertua eskainiz kale erdian,  diziplinatuki lerrotuta musikariak makilatxoaren ordenetara.  Hainbat emakume heldu, gazte eta neskatilak ere Santuren abitua daramate, jantzi iluna esklabina edo lepoko zabal zuriarekin: hirian ez ezik, arrantzale herritxoetan ere ikusi ditugu abituok ere promesaren bat beteaz seguruenik. Kaputxinoen eliza, nire bildumarako Ecce Homo xarmanta eskaini digu. Corso Umberto: bizi bizia zegoen gaur arratsaldez, dendateria oparo dotorea du, gozotegiak ere oparoak dira gozo gauzez eta presentazioz. Belvedere: jauregiren baten lorategia behar zuen,  dotorea eta zaindua, baina batez ere Joniarren Itsaso zabalera begira, sekulako ikuspegia eskainiz behatokitik. Bertan, gaur egun, biltegi bat den baina meskita behar zuenaren ate prepeziozkoa, eta postaletan erakusteko duten marmol zurian zizelatutako mugimendu handiko eskultura.

 

Azal erabat beltzeko ugari kinkila saltzaile Unberto kale nagusian, espaloi zorua dute salmahai eta erakusleiho.

Erosketak egitera joan gara zorionez hirira, hiriaz gozatu dugu baina erosketarik ezin izan dugu egin ahal itxita baitaude asteazken eta igande arratsaldean saltegiak.

Ahalegindu gara herritxoetan egiten erosketak: ahalegin ustela; baina ibilaldi gozagarria izan da, itsas kontrako arrantzale herritxoz-herritxo egin dugu, herritxo xarmantak, behe solairukoak gehienak, ganoraz eta bizi pintatuta, itsasertzean; portutxoa dute. Barruragoko herri-bidetik egin dugu itzulera, taxu berdineko herritxoz-herritxo orain ere, limoiondo-sailen  artean. Galdetzeko geratu garen herritxoetako herritarrak adeitsuak, erantzun argi eta bizkor bezain zuzenekoak izan zaizkigu. Autobidetik ikusi ditugun itsasertzeko herritxoak, herri koloretsu, pintatu, zaindu txukunak izan dira, bizipoza erakusten dutenak.

 

Santa Maria de la Scala:  herritxo arrantzalea, kale estuko herritxoa:  behatoki apartekoa ere. Karmengo Amabirjina batek zaintzen du portutxoa zutabe eskerga garai batetik, baina ez dira erabat fidatzen bere begirada salbagarriaz nonbait, zeren  moila luzatu berri diote portu zaharrari. Oso txikiak dira arrantzontziak, batel haziak besterik ez. Bat atera da, aurreko ur ordekan galduz joan da txindurritxo ibiltari bihurtu arte.   Nagusi eta gizon gazte koadrila kartetan ari dira portu gainean, nagusietako lau jokatzen, besteak begira, baina denak begiluze intentzio biziz begiak mahai gainean iltzatuak eta berbaro burrunbatsuan. Giro lasai barea nagusitzen da herrian arrats eder honetan. Herritxo maitagarriak. Itsasertzeko kala gorde bateko harritzan oholtza zabal bat jasotzen ari dira, berdin ari ziren beste herritxo batean ere, udarako festa-leku bat seguruenik, bisitari eta turistentzako amu.

 

Erreparotxoarekin bagentozen ere Siziliara, lehen arratsaldeak uxatu dizkigu kezkak, eroso eta gustura sentitu gara siziliarren artean. Erabat adiskidetu gara Siziliarekin.

M. Luisa jabetu da hemen ilargiak beteranzkoan ez duela alde borobila eskuinerantz edo beherantz, gorantz baizik.

Bizikletekin zamatuak datoz alemaniar eta holandarrak, baina lurraldea ez da inondik ere egokia txirrindu zaleentzat, ertz estuko errepidearengatik, eta gidari ipurterreengatik

 

189 kilometro, bete-betean Sizilian jarri gaituztenak.

 

Osin beltz misteriotsua da itsasoa gauerdian gure behatokitik, zirraragarria osin beltzeko motor hotsa, arrantzalearen bizi-zantzu bakarra inolako argiren erreferentziarik gabe, lur muturreko itsasargiaren keinu kodifikatuek damaiote lurrarekiko lotura. Horrelako gau batean eginen zuten borroka ziklopeak eta Ulisesek, argi bakarra itzali eta iluntasun osoan utzi zuenean.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “Gu ere apur bat subjuntiboak gara”. Geroa da bidaiari oro prestaketan, presentea bidaian eta iragana ostean, baina apur bat subjuntiboa ere bada, bere buruari zer eginen egoten baita.

* “Baina badakizu, border crosser, pasaporte faltsurik gabe ez zaizula  mugarik inon zabalduko”.  Fronteretan ez gaituzte geratzen, baina kanpaleku orotan utzi behar dugu pasaportea gauden aldi orotarako. Kontrolatzeko mila ere ditu Polizia Estatuak.

* “Inork ezin du egin uretan habiarik ez oinarridun etxerik, alde egite eta itzuleren espazioa baita”. Bidaiariak ere definizioz ezin du errorik inon bota, bidaiari izateari utziko lioke.

 

 

Maiatzaren 23a. Osteguna. 21.a-I:19.a 

 

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam”.

* “Jauna, hamaika segada prestatu zenituen gure ibilbidean, eta esan zenigun:  “Errukarri gainditzeko gauza izango ez dena”. “Hemendik ere aterako gara” esan ohi dugu guk zerbait bide okerretik sartu zaigunean bidaiotan.

* “Asko ikasi nuen eta asko ahantzi neuk nahita”. Egunkaria da  oroitzapenean zerbait luza araziko dudan itxaropena. Ez baitut neuk nahita ezer ahaztu nahi.

* “Erromesek agurra ukatuko dizute, baina serafin-koru batek abestuko du zure barruan”. Barne abesti hori da bidaiariaren sena.

* “Hildakoek ez dute memoriarik”. Baina hildakoen ondorengoek bai. Horregatik uzten dituzte biziek memoriarako argibide eta ezaugarriak.

 

Ez zaigu jadanik eguzkia itsasoan sartzen orain arte bezala, jaio egiten zaigu itsasotik. Itsasotik sartu zitzaigun atzo eta itsasotik atera zaigu gaur, Mendebalean baikenuen atzo ur ordeka, gaur aldiz Ekian, irlak lau alde baititu eta ia-ia lauetan alde infinitua, borobil antzerakoa baita.

Dorretxoa dago laba harkaitz txiki baten gainean, harkaitzaren luzapena dirudi, nano nanoa, umeen jostailu bat bezalakoa.

Gerra hegazkinak zeharkatu du zeru-gaina bizkor eta burrunbatsu. Helikopteroa ere tarteka izaten dugu “polizia” hizkiak nabarmen erakutsiz.  Nork dio gizarte askea garela, armen mehatxupean gauzkate eta. Gizarte honetan inor ez da gai, indartsua dirudien asko ere ez, gustuko ez duen ezer egiteko, zentzugabea deritzon araua hausteko, alegia..

 

Tontor gaineko bi herritxo ditugu ikusgai gaur, Taormina eta Forza d´Agro.

Herri-bideetatik lehenengo eta bide nagusitik gero, egin dugu bidea, limoiondo-sail artean, herritxo eta herri hasiak zeharkatuz. Oasi edo lore-baratze jori baten itxura dirudi paisaiak, natura berde bizia puri-purian erakutsiz. Atzoko bizipen bera jaso dugu, bizipoza dago herriotan, agian emigranteek dirua bidali zuten edo irabaziekin bertara itzuli ziren azken urteetarako. Labazko amildegia zuhaixkaz berdetuta luzatzen da itsasoraino.

Amarauna dirudi herri-bideon sarea, bide estuak, sigi-saga atsedenik gabekoan. Ziztu bizian agertzen dira autoak bihurgunetan, gehienetan erditik, ezkerretik ere.

Gandupean dago Etna: ahoa zabalik duen sumendia, bi ezpainak luzatzen zaizkiola.

 

Giarte, herri zabal handia da, oso luze egin dugu autoz kale-artean; eraikin itxurosoak ditu, bikainak ere zenbait. Zerbait izandakoa, dena ere. Duomo: lau erloju ditu, lauretan geldituta denak, makineria bera izaki laurentzat. Plaza zabala bere estatuarekin.  Zoritsua eta bizia. Dirua dabil edo ibili da. Ezkontza dute auzo batetako elizan, hemen ere alfonbra jarri dute eliza aurreko mailadian behera. Emaztegaiaren bila eraman dute autoa, erabat loratuta, motor gaina ere ia zeharo estalia apaindura zuriz, ez dira txatxarkeriekin konformatzen.

 

    Cantonieri, bidezainen etxea, irlan ere granate biziz pintatuta.

    Gramci gogoan dute oraindik zenbait kale-izenetan.

  

    Mesina eta Catania probintziak banatzen dira hemen.

 

CATANIA

 

Giardini-Naxos. Berehala igarri diogu bertan ginela, turista herria baita: berehala ikusi ditugu alemaniar kankailu eta emakume ipurtandiak kaleetan zehar praka motxez, eguzki egarri. Bestela ere agerian du turismorako bizi dela. Itsasertz luzea du, polita, baita erakargarria ere: hondartza, haitz bolkaniko beltzak uretan... Taormina alboko mendi hegian. Turistengandik eta turistentzat bizi den herria.

 

Izugarrizko erreka-zulo eta ebakidurak dituzte mendiek, amildegian ebakitako mendiak. Txalupa piloa kulunkan arrantzan.

 

Taormina. Zintzilikatuta ikusi dugu urrutitik, amildegiaren gainean, itsas gainean, zaindari eta talaiari. Zirraragarria. Labar ia perpendikularren gainean bere burua erakutsiz, ikusmina pizten du bertara joan aurretik. Gaurko ezustea: itsasora luzatzen den muturreko hegi gaineko herritxoa espero genuen, baina sekulako herria aurkitu dugu. Hutsik egiten ez dizun herria, espero baino gehiago ematen dizuna. Goietan kokatua, sigi-saga bihurrian igotzen du errepideak menditik itsasora erortzen den amildegi ia bertikala, bihurgune batek bestearekin lotzen du ia artezgunerik gabe. Kale luze batek zeharkatzen du alderik-alde hiria, hegi hegitik bertatik doaz alboetara berantz zein  gorantz, mendi magalerantz ere kalexkak, txoko atseginak sortuz. Herri zaindu zaindua, turisten zain bizi dena. Mila xehetasun ditu, kale-arteko ibiliak ez du asperturik harriei, erakusleihoei zein jendeari begira. Turista-herri peto-petoa, dena da kinkila-denda, baina kinkila dotorea;  bertan erosi ditugu guk ere abesti napolitar eta tarantelen diskoa; dena da turista kaleetan, uholdean dator eta doa bisitaria, erabat beteta daude taberna aurreko mahaiteriak, jendeari patxada eta disfrutatu nahia nabari zaiola. Herria bera da, izan, altxorra: hiribildua izana, hiru ate geratzen zaizkio, kale nagusiaren erdian bat. Joan eta ikusi, begiratu eta paseatu, ikuskizunaz gozatu. Ate eta ateburu eder ugari, hainbat ermitatxo apaingarri landutakoz erakargarri; harri beltz ilarak dirudite bertako ezaugarrietako bat. Herri erdian gaztelutxoa, apainak eta harri landu ederrez deigarriak atea zein barneko patioa: turismo bulegoa dago bertan eta miretsi ahal izan ditugu bertako bi gurdi, sekulako zur tailatuak dira gurpil zein albo-oholak ertzak: irudi nanoz pintatua du  albo-ohol eta gainerako une leun oro;  erakusgai daude ere txotxongilo erraldoiak, emankizun bereziak egiten dira nonbait, eta gurdia ere ateratzen dute zaldi erabat apainduekin. S. Katalinaren eliza: indusketa lanetan ari dira zoru zati batean, erromatarren galtzadak zeharkatzen zuen, zoru azpian ikusten denez; bada santaren irudi eder bat, baita santokristo eta amabirjinaren taila ederrik ere. Kanpai-horma bikoitza du atetik kanpoko kaperak  teilatu kantoian, xarmanta; liburutegia den ermita izandakoak ere dorretxo landu xarmanta du; hiruzpalau errosetoi ezberdin ikusi ditugu, erabat ezberdinak dira erdiko nerbio eta borobiltxoa, forma ezohikoak. Iturria bera ere ederra da, erdia emakumea, erdia zaldia,  da marmolezko figura da erdiko irudia, auskalo zergatik jarri dioten koroa  buruan, bitxia.

Erromatarren teatroa du, ateraino joan gatzaizkio: hainbat ditugu ikusiak, Ponpeiakoa ikusi berri-berria, beraz nahikoa oraingoz, nahikoa dela esan dugu.

Eta han goiko harkaitz puntan gaztelu hondakinak eta herriaren zati bat, tontorreko auskalo non eta nola eraikitako etxe multzoa.

Ikuspegia da herriak eskaintzen duen salgaietako bat, behatoki apartak jarri dituzte, nondik ikusi ahal den itsasertza luzera ia mugagabean,  baita Etna sumendia ere, gaur tamalez laino ostean gordea.

Eskolaume pila joan dira kalerik kale manifestazioan bere pankartatxoekin; gelaz banatuta ziruditen, “Mundu hobea nahi dugu” zioen pankarta batek.

Behatoki batean  sekulako mahatsondo sendoa dago, kale zorutik azaltzen, ernetzen, da,   goiko bigarren eta hirugarren solairuetako behatokiak berdetzen ditu; bere antzerako  lora gorri bat ere,  bi adar luze sendoetan banatzen da.

Badu teleferikoa ere

 

Letojanez: hiru Amabirjina ezberdinen santutegiak iragartzen ditu inguruko mendietan.

 

Atzo goietatik ikusi genituen itsas bazterreko bi gazteluen ondotik ekin diogu Forzara: urrutitik bezain kilikagarriak dira gazteluok bertatik ere, gaztelutxo nanoak haitz baten puntan itsasoa gordetzen.

 

Forza d´Agro. Itsas ertzetik 420 metrotara igotzen du errepideak, sigi-sagaka kizkurtuan itsaslabar pikoan, errepidea eta bihurguneak ia zintzilikatuta, sekulako ikuspegia erakutsiz.

Ikuspegi aparta du herriak, itsasertza eta Etna; badu zeri begiratu, baina tristura dario. Izan zen baina ez da, erabat hondatuz doa; geratzen zaizkio etxeetako harrizko ate pila, erabat txikiak; Txikiak behar dute izan etxeak. Kaledi bihurria, kale estuko sare bihurria, dena da kale-gurutze. Bere lehengoan dirau, ukiturik ere egin gabe ia, baina hondatua. Triade deitzen dioten eliza: sarrera bikaina du, zizelatu landua, apaindura ezberdin geometrikoekin; atarian mailadi luze zabala atarian, mailadi gainean arku bikaina nahiz xumea; aspaldiko xumea da barnea, xarma du bere ezerezean; oso ilundu edo galduak ditu aldaretako pinturak; horman itsatsitako pulpitu ezin xumeagoa... Duomo: itxita bilatu dugu, berrituta dirudi, baina ez zaio ezer deigarririk ikusten.  Gaztelua ere badu: haitz baten tontor tontorrean, hondakinak beterik ez, han goietan ikuskizun bitxia erakusten du herritik begiratuta.

Egunen baten agian norbaitek promozionatuko du, txukunduko dute, uda-herri bihurtuko dute eta jendea erruz joango zaio, baina gaur egun turistek nahikoa dute Taorminarekin, baita zonaldeko diru bilatzaileek ere, apustu segurua baita Taorminakoa.

 

106 kilometro, itsasotik itsaso gainera, behatoki diren herritxo xarmantetara.

 

“Lagun izoztua” Joseba Sarrionandia.

* “... baina irabazlearen  akidura eta mindura bestelakoa da”.  Baita bidaiariarena ere.

* “Esaiozu Ushuaia puntu ikusezina dela munduaren hegoaldean, hegoaldea baztergarria dela lurrean, lurra eguzkiak begiratzen dituen gauzen arteko bakanenetakoa dela, eta eguzkia, lurra bezala, hauts ale bat besterik ez dela unibertsoaren  izar haustegian”. Baina ze puntu zoragarri eta ze hauts-ale ahaztezin, denboran eta espazioan ze banako eta zehatzak puntutxoa eta hauts alea besterik ez garenontzat.

 

 

Maiatzaren 24a.  Ostirala, 31.a-I:20.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “Orratzak badoaz erlojuan / kanpai hotsak elizaren dorrean / orriak banan-banan egutegian / ideiak azkar dabiltza buruan / ametsa oroitzapen bilakatuz”. “Hemen gabiltzala ba gu” esaten diogu elkarri, ia harriturik, asteak aurrera doazela, lurreko muturrera ia konturatu ere egin gabe heldu garela jabetzean.

* “dena barroterik gabeko kartzelan preso”. Goitik behera kontrolatzen gaituen gizartean bizi garela erakusten du bidaiatzeak, eta ezin garela aske izan.

* “ziklo infinitu baten zati finituak”. Gizarte oso baten zati, mundu berdinean bizilagun garela denok, hori ere erakusten digu bidaiatzeak.

* “elur maluten gisan / isil-isilik du euria / hodeietatik saltoka / airetik linburtuz / hotsik egin gabe”. Ez da halako euririk etxatoian, danbor hotsa da euri oro etxatoi sabaian.

* “Gauak isildu zituen oihuak”. Gauak ozendu egiten ditu zaratak, anplifikadore erraldoia bailitz.

 

Tren hotsa kanpin honetan ere. Mendi eta itsasoaren artean kabitu behar dute trenak, errepideak eta herriek. Denek elkarren hur, halabeharrez.

Loratuta daude tomate landareak kanpin-lekua inguratzen duten baratzetan. Ale izanen dira laster, ale gorri, limoiak horitzen ari diren heinean.

Ez da ohikoa lurrotan, baina gaur euria ari du goizean goizetik. Lainotsu. Bidaiako egunik hitsena, ilunena. Etnak kono figura misteriotsuagoa bihurtu nahi digu, bigarren egunez jarraian lainopean ostenduz.

Jakin behar duzu nora joan duzun errepide sarean, bizitzan bezala, hori izanez zuzenduko duzu pausoa bidegurutze nahastuenean ere.

 

Siracusa dugu bisita-gai gaur: Historiak eta Testamentu Berriak konnotazio familiarragoak eta lotura hurbilagoa ekartzen didan hiria. Memorian galdutako oroitzapenak harrotzen dizkit, halo misteriotsu batez lurrintzen nau kukuka ari zaigun sumendiaren ganduak bezala.

Zaparradapean egin dugu joaneko ibili osoa, laino beltzak ostertza eta giro ilunak goia  erabat mugatzen ziguten begiradaren edonorakoa. Bide-berritik egin dugu bidaia, itsasertzeko herriek ez digute ezer berezirik eskaini, auto kopuruaren trinkoa eta ibiliaren nahasmena ezik. Herri txukun, argi eta bizien iritzia utzi digute euripeko goibelean ere, nahiz nahiko ertzetik, ez behintzat barne-barnetik ikusten ditugun, ahalegindu baitira errepidea herri barrutik urrutiratzen.

 

Aci Trezza: laba haitz zorrotzez luzatzen da itsasoan lurmuturra  irlatxoak bailira.

 

Acireale du izena gure herriak, beraz  “aci” osagai horrek badu lotura edo eraginen  bat itsasertz honetako zerbaitekin.

 

Acci Castelo: izenak eskatu bezala, gaztelu baten horma hondakinak ageri dira itsasgaineko azken tontorrean; gaztelu beltza, laba bera lez, ilunago oraindik eguraldiaren eraginez.

 

Laba harria da hesi eta horma oro egiteko osagaia, laba harriarena da zementuaren harea ere.

 

Catania. Ez digu seguruenik aurpegiaren alderik ederrena erakusten, errepideak itsasertzetik eraman gaituen arren; izan da portutxoa den kala atsegin bat laba harkaitz beltzez bildua, bada longomare edo paseo luze bat itsasgainean, baina estua, uraren bestaldera etxetzarren gerizapean, batez ere errepide nagusiko auto zurrunbiloaren soinu eta arnas kutsadurapean itoa; kalearte barrura egiten du tarteka errepideak, ikusi ahal dira garai oparoagoko eraikinak, hondatu samarrak gur egun; trena ere nahasten da paisaian: trenbidearen arkuteria sendo zabala, zeinen azpia ortuarien merkatu edo aparkaleku bihurtu den.

Eromen sinestezina da gidatzea: bidegurutzetan, biribilgunetan, edonon, datorrenak muturra sartzen du datorrenak, aurrera egin, edo gurutzatzen zaizu zutaz ia erreparatu ere egin gabe, aurretik zein  albo bietatik zenbait unetan, aurreratu, trabeskatu, hurreratzen zaizkizu, erabat autoz bortizki bilduta eta erasota sentitzen zara. Eta zuk hori bera egitea besterik ez duzu, beretzat lekua bilatu behar du norberak ere. Eta ez dugu elkar jotzen!. Dudarik egiten baduzu bolantean, sartu zaizu norbait aurrean. Eskuinekoaren lehentasuna, arraia etenik gabea... errespetatzen diren errepideko legeak dira, baina oso zentzu zabalean, bai baina ez.

Ez da izan erraza, ez gozoa, Catania zeharkatzea. Latza.

 

Ingurubide zabal bikainak egin dituzte, baina bide bakarrekora bideratzean izugarrizko inbutua bihurtzen da errepidea.

 

Sicilian espero genuen lurralde mota  agertu zaigu: lur eremu idorra, utzia, burututako belar horia, mendi biluziak, zuhaitz bakanak... tarteka olibondo bakanak, laranjadiren bat, mahastitxoren bat eta eukaliptoak. Ez etxebizitzarik ez herririk. Kontraste bizia eta bortitza Cataniatik Mesinara ikusi dugunarekin alderatuz. Bi mundu ezberdin. Mendilerro bat daramagu alboan, harkaitz zuriko hegia baso ez diren zuhaixkek tartekatuta. Ibai bat, aurretxoan behar duen  itsasorazten dena, zabala, ura darama, berea edo itsasoko ibai dragatua delako; belarrez berde arren, ibai biluziak dira  ez baitute zuhaitzik inguruan, ez ertzetan ez inon. 

BURUTAPENAK 8

Jon Etxabe 2023/04/10 10:15
“Arauak puskatzea, zein gauza ederra”

“Gauza orok badik bere kontrarioren bat”

 

* Denok, denak, bakoitza, gauzak ere, ari gara uneoro zerbait kontatzen, izakiaren sintonian, sarri kaosa edo diakronia soila dirudien arren.

* Oso lagungarria da zer guztien ifrentzuez jabetzea.

* Bere historia kontatzen du bakoitzak, bere iraganetik eta bizipenetatik iragazita, behin ere ezin da izan erreala eta objektiboa historia hori.

* Kontatutako historia oro da errealitate manipulatua.

* “Geroak dena hartzen baitu bere baitan”: historia oro erlatibizatu behar da, agerikoena ere.

* Gugandik urruti et gertu egon behar du dugun eta dakigun denak: ikuspegi zabal bat behar du, aldi berean gauzatu egin behar dira.

* Emozioek arrazoia gainditzea edo ordezkatzea da historia edo gertakizunak desitxuratu edo desagerrarazten dituena. 

* “Jakiten ez dira”: baina izan dira, izan direla ez dakizun arren, edo badirela froga ezin dugun arren, edo izan direla gerora frogatuko arren.

* Arauak puskatzea  da historia, ederretik baino sufrimendutik gehiago badu ere.

* Ez da ezer hutsetik edo besterik gabe sortzen, aurretik datorrenarekin lotuta dago dena, aldi berean datorrenari zabaltzen dio bidea.

* Etorkizunaren garrasia dela egiten duguna: fosil bezala agian, horrela aztertuko baitituzte gure eskuartekook bi-hiru mila urte barru.

* Geroaren arkanoak  eragiten ditu ametsak eta utopiak, iragana, aldiz, zigilatuta geratu da, aldaezina da.

* “Historiaren gurpila da bortizkeria” / “Basakeriaren logika delako historiaren logika” / “Beste kontsiderazio guztiak literatura dira”: tragikoa da, baina zerbait antzerako ondoriora zaramatza historiari begiradak.

 

Liburu txarrenetik ere beti dago zer ikasi.

 

* Idazle apalenak berak, apalena dela jakinda ere, idazle onena dela sinetsi behar du sakon eta benetan, konfiantza horrekin idatzi.

* Azken pintzelada duen bezala zailena pintoreak, azken hitz horrek ditu zalantzatienak idazleak, ze hitz, ze esaldi, ze adjektiboz eman azken ukitu egokia azken gogoeta horri.

* Seinale txarra omen idaztean ez nekatzea: horregatik dago idazle on gutxi, nahiz asko diren asko idazten dutenak.

* Nartzisismotik asko izan dezake idazteak: egintza orok du, agian, nartzisismo dosi asko.

* Poesia, barnea kilimatzen duen tximeleta: barnean eraman behar da poesia, ez daramanak ez du poesiarik eginen lerroak txukun eta armoniaz nahastu arren,

* Poesia, ariketa afektiboa ez ezik, intelektuala ere bada: hunkiberen entretenimendu soila bezala daukate askok.

            * Zoriontsuagoak ginateke bizitzaren taupadak poesia bilakatzeko gai bagina.

* Metafora batek ezin omen du literala izan: metafora batek ulergarriagoa, zehatzagoa, ederragoa egin behar du ideia, literala bihurtu ideia edo sentipen hori.

 

 “Batzuetan aditu besterik ez da egin behar”

 

* Teoriak beti dira hipotesiak.

* Zulotxo edo zirrikitu batetik ikusitakoa da ezagutzen dugun mundua, baita bidaia luzeetan eta sareetan galtzen diren guztien perspektiba zabalena ere.

* Eskolatik kanpo ondo ikasi duena da jakintsua.

* Askorentzat agonia edo mina eragiten duen ekintza omen filosofia: askotxo esatea litzake hori, bizitzako gorabeherei buruz hausnartzea da filosofia, minaz harago poza eta zoriona ere badakartza bizitzak.

* Galderak egitea da filosofoaren zeregina: erantzun orok du beti aurretik galdera bat.

* Pentsamendua, filosofia, ezin da espekulazio soila izan, errealitatetik abiatu behar da, gizakiaren neurrikoa izan behar du.

* Buruan edo ideien munduan eginbeharrean, esperientziaren bitartez guztiz gorpuzturik egin behar du filosofoak: egunerokoari atxikiago gorpuztu behar du behintzat hausnarketa bertute moralak lantzeko. 

* Gizakiaren jakin-mina eta naturarekiko izua, biak elkartzen dira zientzialarien ikerkuntza lanean.

* “Utopiak espazialki pentsa daitezke, tenporalki pentsatu beharrean”: perspektiba aldatzen da.

* “Ez genuke bizitzen jakingo gure bizitzan ezer errepikatuko ez balitz”: aspergarria dela errepikapena esan ohi dugu, baina ez genuke ezer ikasiko errepikatuko ez balitz.

* Zientzia baliagarria da isiltzeko garaia noiz den jakitea.

* Aholku eragilea da gehienetan aditzea.

 

Prozesu bat behar du izan kulturak

 

* Norbere kabuz pentsatzen ikastea da ikasketen gai ahaztuena.

* Aurrez egituratutako kultura izeneko zerbait ezarri digute; zurruna, egunerokotasunerako, bizitzarako, balio ez digun ezagutza soila bailitz. Kultura, baina, ez da eman zaigun zerbait, lortu dugun jakituria mota bat baizik, gorde eta gordeta daukagun altxor estatiko bat, aldi berean eraginkorra.

* Prozesu bat behar du izan kulturak, giza mailan zein zeregin materialetan ere eragingo diguna, sortzailea, tentsioak sortarazten dituena bizitza osoan, harreman mota guztiak bildu behar baititu bere baitan. Eragilea behar du izan, dugunaren eta nahi dugunaren arteko lehia piztuko duena, duguna pitzatu eta zerbait berri baten bila aritzeko ahaleginaren eragilea. Horretan baitatza bizitzaren muina.

* Eguneroko jarduerari lotuta. eguneroko jarduera hori bera behar du izan kulturak, eguneroko ahalegin horrek dakarrelako aldaketa ametza, aldaketa ametsak ez duelako eragiten eragina. Borroka mota bat izan behar du kulturak, aldakorra eguneroko bizitzari lotuta egon behar duenez, pauso berriak emateko abiapuntua, gizartearen eraldaketarako esparrua, esperientzia bat prozesu bat delako, gatazka baten prozesu aktiboa, eragilea eta irekia, ekintza bat alegia.

Hori da sakonean kultura.

 

 

 “Esperientzia bitxia da lapurtua izatearena”

 

* Gizartearen egoerak eta portaerak sortarazi behar du teoria politikoa, ez politikak, teoria-politikoek ezin dute baldintzatu teoria-politika.

* Dialektika poliziala da politika guztia, horretan nago, polizia baita beti erabaki politikoen babes eta bermea, errepresioa, alegia.

* Poliziarena dirudi gehienetan Estatuaren parafernalia.

* “Mertzenario orori lapurtzen zaion lehen gauza jatorria da”: mertzenarioak dira politiko gehienak, atzerrian bizi dira, azaleko gauzez arduratzen baitira.

* Politikan eta politikariengan fedea galtzea elizan eta jaungoikoagan galtzea bezain mingarria da, ez baitzaitu askatzen etete horrek, zurtz uzten zaitu, beste zerbait edo norbaiti heltzeko beharrean.

* Esperientzia etsigarria politikoek eta politikak huts egiten dizutela lehenengoz jabetzea, eguneroko esperientzia bilakatzen da ondoren, ateo politiko bihurtzen zara azkenik, zenbait erritoetan parte-hartzaile kontziente bazara ere.

             

Pentsarazten ez duen artea neutroa edo herrena da

 

* “proportzio hirutarra”, orekaren hirutasuna: errealismoa, espiritualismoa eta estetika edo intelektualtasuna.

            * Kulturaren sinonimo bezala hartzen dugu artea, baina kulturaren atal bat besterik ez da.

* Konformagaitza izan behar da sortzaile izateko?, sinestun izan behar da?: neurria handi batean bai.

* Krudelkeriaren aurkako antidotoa dela edertasuna bilatzea: gehiago da errealitate gordinari ihes ahalegina.

* Ez da ohikoa sosegua sortaraztea kantu batek, sinfonia klasiko bat izan daiteke salbuespena, gehien bat tradizio eta erabilpenagatik, ez bazaitu aspertzen.

            * Autopsia egin behar dio bere buruari sortzaileak; sortzaile orok egiten dio autopsia bere buruari, oharkabean bada ere.

            * Bere sakoneko ezjakintasuna eta ezgaitasuna ezkutatzen edo zuritzen ditu egileak, edozein sortzailek, izen, egile, eta izenburu ospetsuak elkarrizketaren edo kontakizunaren ardatz bezala erruz zitatuz eta erabiliz.

            * Musika: harmoniaren soinu eta hotsen zentsu eta sentipen ezberdinak biltzen dituen artea.

            * “Zarataren psikopatak” omen direla zenbait musika zale: oso erlatiboa da musikari zedarriak jartzea, bakoitza baikara nolabait musikari bakan eta ezberdina.

 

 “Denbora da garena, zer bestela”

 

* Gure existentzia sostengatzen duela denborak, baina aldi berean gure kontra jokatzen: bi errealitate kontrajarri horiekin jokatzea da bizitza.

* Egun bat izan daiteke motza edo hutsa, baita luzea eta denboraz betea ere.

* “Amaierak gehiegi irauten du beti, arazoa saihestu asmoz luzatu besterik egiten ez delako”: gehienetan.

* Denboraren tirania da erlojua, agian tirania zabalago eta sakonago baten neurtzailea.

* Erlojua eta egutegia, orainera lotzen gaituzten artefaktuak.

* Denbora ez da pasatzen, geu gara zer ezberdinen ondotik pasatzen garenak, lehian gehienetan.

* Ze luzeak diren errealitatean existentzian di-da batekoak diruditenak.

* “Batzuetan egutegiak ezartzen duen denborak ez du ikustekorik nork bere barnean bizi duen denbora mental eta emozionalarekin”: une magikoak izan ohi dira sarri horiek.

 

Petintina hitzek zuzenean esaten ez duten azpi-esanahia.

 

* “Benetako egia eta egia juridikoa”:  bi egia ezberdinak, gehienetan edo sarriegi kontrajarriak, asko dakigu horretaz euskaldunok.

* Ez da inor egiaz soilik borrokatzen denik, beti dago tartean nahi, sentimendu edo bestelako sasi osagairen bat.

* “Egiak biluztasuna eskatzen du”: sinesgarritasuna lausotzen zaio apaindutako egiari.

* “Berrasmatu egiten dira gauzak”: beti, nahi ezta ere.

* Errazagoa da gezurrarekin bizitzea egiarekin baino.

* Beste inori baino norberari gezurra esatea da jokabide mingarriena, arriskutsuena ere.

* Begietara begiratuz hitz egitea, egiaren zein gezurraren bermea da.

* Beste norbaitek bermatu behar du gizartean egia ala gezurra, zure sentimendu edo uste bat besterik ez baitira izango bestela.

* Tranpa egiten du zer esan bila dabilenak, ondoren dioena ez baita berea izanen.

* Burua lasaitzea ekar dezake gorputza nekatzeak, baina burua nekatzeak beti dakar gorputz-nekadura.

* Ez da berdina ohera sartzea eta lo egitea: lo edo esna, lasaitasunerako bidea ez bada, alferkeria da oheko etzana.

* Zenbat gezur gordetzen duen laudorioak.

* Izaeraren oskola dira ñabardurak, baina muinak adina eragiten dute sarri.

* Eraikin dugun errealitateri gailurra galarazten dio egiak: horregatik diogu beldurra egiari.

BURUTAPENAK 8

Jon Etxabe 2023/04/03 08:33
Amodioa, zenbat eta isilago, amodioago

“Ez da erraza norbaitekin isiltasuna konpartitzea”

 

* Besteak ez direla gureak, gu haienak baizik, gu bakoitza ez dela inor  inorentzat, denentzat baizik: oinarrizko printzipioa elkarbizitzarako.

* Zeramikaren antzekoa omen konfiantza:  hautsiz gero zaila da berriz osatzea, osatuta ere han gelditzen dira hautsi-lorratz  eta arrastoak.

* Kaxa ilun bat da adiskidetasuna, bizipen eta sentipen ezberdinez, sarri aldakorrez gainera, osatua.

* Polizia eta apaizak, funtzionario oro orokorrean, inertziaz aritzen dira bere betebeharrean; biktimaren okerragorako izan ohi da bere arduraz jabetzen direnean.

* Mikatzak ohi dira isileko amodioak.

* Poesia bezala da maitasuna, errealitatea gainditu eta edertzen du.

* Bestea erabiltzea bilakatzen da sarri maitatzea.

* Txukuntasuna garbikeriatik bereizten dakienak erraztuko du bere eta besteen bizilegea.

* “Lagunak askotan fantasia bat dira”: kinka estu bat datorren arte.

* “Familia normalak oso anormalak dira, hain gutxi direnez”: sarri.

* Egiatik asko eta asmotik gehiago omen dauka kontakizun komun bat behar duela bi ahotsetara osatu eta kontatutako historiak: horretan datza hain zuen bikote baten iraupena.

* Errespetua, edonon, edozeri eta edozeini: beldurra, aldiz, ez inon, ez ezeri, ez inori.

* Ez dago ezer tristeagorik alaia ez den bazkari bat baino.

* “Gaixotasun hilgarria da isiltasuna”: sakonean bai.

 

Ez gara atzerrian bizi,  bizitzari edo egunerokoari ihes egiten baizik

 

* “Bizitzaren periferian bizi ziren, toki guztietan zeuden inon egon gabe”: asko dira toki zehatz batean daudelakoan inon ez daudenak, bizitzaren periferian bizi direnak.

* Errealitate gordina bizi du bakoitzak, halaz ere harremanak anekdota edo pasadizoetan gelditzen diren gizartean bizi gara.

* Presoa tabu bat da”: dela politikoa dela soziala,  mendeku gaia da batez ere presoa.

* ”Gauzak konplikatzen direnean okerrera ateratzen da jendea”: sarri.

* Geroaren porrota ari omen gara gauzatzen hurreko dena gutxietsi eta baztertuz: agian, aldi berean etorkizun berri bat eraikitzen ari gara zenbait bizimolde eta pentsamolde gutxietsi eta baztertuz.

* Irabaztea izan daiteke golpeak jasan eta irautea, ihesa  ere tarteka, aldi gogorrak datozenean.

* Beste era batera jokatuko genuke geure kargu, zeregin eta ardurei neurria hartu eta erabakitzen bageneki.

* “Hondamendia kutsakorra delako”: garaipena ere, futbol zelaia lekuko.

* “Ordaintzen diren gauzak besterik ez dira benetakoak”: hala da gizartearen jokamoldea ikusiz.

* Besteei entzun nahi dutena esatea da gizarteko amarruetako bat, baina horrek ez du arazorik konpontzen.

* “Oinezkoan karitatea zentimo txikitan neurtzen da”: handikien diruak aldiz, lapurretetan.

 

Besterik ezinaren isla dira omenaldiak

 

* Hauek omen gizarteko balore funtsezkoenak: lanaren seriotasuna, ikasketan ahalegina, norberarekiko leialtasuna, lagunekiko zintzotasuna, emandako hitza: gogoeta serio bat egin beharko litzake horretaz.

* Malkorik gabeko jendea da kolpatuena, zaurgarriena.

* Misioetako kolaboratzaileak, misiolariak eurak ere, itzuli egiten dira herrira; misio-herri bertakoak, aldiz, han gelditzen: egituretan aldaketa sakonik ez den bitartean adabakia da herriei laguntza-ekintza oro.

* WhatShapeko elkarrizketa askok zer esanik ez dutenenak edo nola hitz egin dakitenenak dirudite, agian isiltasuna edo bakardadea ekidin-ahalegineko oihuak dira.

* Errudun sentitzen direnen mezuak ote sarean aurkitzen ditugun asko.

* Aukerarik ez izatea: pobreziaren definizio bikaina.

* Misterio bat da alboan gurutzatzen zaigun hori: ezagutzen dugu agian, baina ze burutapen edo bizipen korapilatzen dira bere baitan?.

* Gerrari nekatuak gara, garaile garaituak, babeslekuak eraitsi eta haizearen lurrunaz gozatzea litzateke  gure amets eta kontraesan nagusia.

* Mitoek ez gaituzte salbatuko, amildegiaren sakonera neurtu eta nola gainditu asmatzea da irtenbide bakarra.

* “Ariketa zaila da karitatea eta justizia bereiztea, borondatea eta elkartasuna”: gizakiaren kontraesanak eta ezinak.

* “Haizearen bultzada zure alde jarri ala zeu haizearen bultzadaren menpe jarri”. haizea ezagutzean dago gakoa.

* Obedituz agindu, menpekoen diktadura: funtzionarioak, polizia, soldatapeko kargudunak…

* Orijinala eta bakan deigarria dela uste du modako jantziz doanak, ez da jabetzen beste mila askoren berdintsu doala: ia arrunta bilakatzen du modak gizakia.

* Zapatak ez dira soilik dotoreziaren adierazle, pauso sendoen berme izan behar dute.

* Tristeak eta akigarriak dira elkarren berdinak diren gauzak, edozer direla ere, errepikagarriak alegia.

 

“Gizakien ezaugarri behiena askatasuna da”

 

* Herri baten ezaugarri agirikoena aske izatea delako lapurtu nahi digute askatasuna gizarte honen jabe izan nahi dutenek.

* Ez du erro sakonik botako identitate kolektiboa ez duen belaunaldiak, ezta nortasun propiorik gabeko talde batek ere.

* “Errifleek ez dute hitzik hiltzen”: bai isiltzen.

* Odolez bataiatzen da beti gizarte berri bat: historiak erakusten du hori.

* Beste aldera begiratzea da askorentzat bakea, baina gatazka ekarri edo indartu ohi du jarrera horrek berak.

* Asko dira terrorismoaren arkitektoak, beraien giza-urbanizazio ustelak edertu nahian dabiltzanak.

* Espainolek toki bat nahi dutela munduan: euskaldunok ere bai, hor datza arazoaren gakoa.

 

Historia V oroimena: dilema hori bizi dugu

 

* Oroitzapena iragana berritzeko aukera.

* Oroitzapenek ematen digutela izana: beste zerbait harago ere uzten digute, beste guzti hori oroitzapenez bildua badago ere.

* Ahaztuko bagenitu, hor nonbaiteko ilunpean gordeko ez bagenitu, ezingo genituzke bizi hainbat iraganeko bizipen.

* Badira sekula ahazten ez diren zenbait egun eta bizipen gozoki zizelatuta geratzen zaizkizuenak barnean, bizitzako zutabe edo uztai nagusiak bailira.

* Betirako zauriak dira Gerra eta Diktaduran bizitako ustez orbainak, zauri sendaezinak dira baina, betirako baitirau gaizkiaren esperientziak.

BURUTAPENAK 8

Jon Etxabe 2023/03/27 09:45
Norberak egiten du etxea etxe

 “Haizearen bultzada zure alde jarri ala zeu haizearen bultzadaren menpe jarri”

 

* Zerbaiti heldu beharra dugu zerurik gabeko  aingeruak izan nahi ez badugu.

* Norberagan fedea da federik eraginkorrena.

* Ez da ateorik, fedeagatik eusten diogu bizitzari, fededun kontziente izatea da irauteko akuilu eraginkor eta emankorrena.

* Zer da ateoa, beste mota bateko fededuna baizik.

* Sinetsi nahi duguna sinesten dugu gure buruari iruzur egin nahiaz bezala.

* Okerragoa da esperantza izatea fedearen ondorengoa, sarri gertatzen da.

* Jainkoaren begia, aingeru guardakoa, gurasoak, besteak… besteen iritzi edo oniritzien arabera jokatzen erakutsi digute, ez gure printzipioen neurrira:  horregatik, bakarrik edo seguru gaudenean, babestuak alegia, egiten ditugu aldrebeskeria gehienak.

* Fedea, ezinari, askotan izuari, aurre egiteko gizakiari geratzen zaion azken atea.

* Fedea, batez ere fede itsua, oso arriskutsua de muturreko egoeretan.

* “loria, arropa zarpailaren gaineko petatxu distiratsu bat da”: bakoitzak du bere barneko miserien berri.

* Egunerokoari eman nahi diogun egonkortasun bat da, eite bat bilatu asmoz, geure buruari ezartzen diogun zedarritu edo kudeatu dezakegun lan edo zenbait gaitz.

* Izan daiteke bertute on bat norberak ere inori ezer irakatsi nahi ez izatea, aspergarria baita beti zerbait irakatsi nahi dizun beste hori.

* “Uniformetasun bat dago, monotono, gizakien patuan”: monotonia hori eteten saiatzen garenean ere.

 

 “Bizitzako pozik handienak errealitatetik kanpo daude”

 

* Utopia, izanaren esperientzia.

* Utopia eta ametsa dira gizakiaren iraupen-oinarria.

* Geroan pentsatzen du utopiak, garrantzitsua da, aurrerapausoen hazia, gerora pausoa.

* Utopia bakoitza, gauzatu edo ez, aldaketa-pauso bat da, ahalegin mentala behintzat, beti positiboa.

* Amets bat haustean berri bat eraiki, hor datza jarraipenaren eta iraupenaren ardatza.

* Ezin daiteke errealitatetik soilik bizi, fikziotik ere bizi behar da, hein handi batean gainera.

* Amets-gaitasuna eta imajinazioa dira gizakiaren hegal ezinbestekoak.

* Kanpoan bilatu ohi dugu barruan duguna isilarazi edo estaltzeko.

* Gauza txikiak handitzeko joera dugu, geure burua zerbait ganorakoagotzat egin asmoz.

* Errealitatea eta fikzioa anaia bikiak dirudite, agian ustea besterik ez dira biak.

* Gauza bat da ikuste soila, beste bat ikusi asmoz ikustea.

* “Fikzioak beti izaten dira heziketaren atzeragarri”: errealitatetik urruntzen gaituen heinean.

 

 “Fedea da esperantzaren ondorengo atea”

 

* Denok jaurti gaituzte paradisu batetik, edo askotatik.

* Min orok behar du aurkako sasi analgesiko bat, nolabaiteko prestakuntza bat, prestakuntza psikologikoa.

* Ezjakintasun eta ezinegon guztiak uxatzen ditu minak, zenbait itxaropen eta pozek ere.

* Eraso askoren pairatzaile ikusezin erreal bihur daiteke gizaki arrunta inolako babesgunerik ez duenean.

* Norbera norberaren arerio deneko hori da gerra latz eta jasangaitzena.

* Denborarekin magia egin behar du ospitalean gaixoak iraun nahi badu.

* Gehienetan, geure uste, erabakikortasun eta fedearen ahulezia erakusten dugu besteengan fidatuz edo fidatu beharrez.

* Barne plegu zornatu edo gutxienez zitala adierazten du norbere ardura zehatz ez betetzearen akats edo errua bestearengan jartzeak.

* Jotzen zaituen haizea ezagutzean dago gakoa, beraz baliatu ahal izateko, bestela erabili eginen zaitu.

 

Beti ezkutatzen du sentimenduren bat itxurak.

 

* Gaizki sinkronizatutako irratia omen memoria: dialari eragin gabe pizten zaizu gehienetan, nahi ez duzun sintonia agertzen zaizu sarriegi

* “Malenkonia, droga bat da azkenean”: droga psikologiko asko erabili ohi dugu gure buruari iruzur egin nahian.

* “Beldurrak erabilgarriegiak egiten gaitu”: covit pandemia lekuko.

* “Zein erraz kutsatzen den ezinegona”: arriskutsuak dira haserrealdiak.

* Alanbrada bat da erra: hesi gotor baten ostean ikusi ohi dugu beti edo gehienetan.

* Ilusio batez maitemintzen dela, ilusio bat besterik ez dela maitemintzea: egiatik asko du iritzi horrek.

* Ilusioak indartu egiten du gaztetasuna; zahartzaroa, aldiz, biguntzen.

* Bere osotasunean hartuta, unibertsoa da zoriona: hala behar du.

* Zer da erabateko absentzia lortzea, aurkikuntza bat ala ihesa?: agian biak.

* Gustura egotea, beste arrazoirik ez da behar etxean gelditzeko.

* Jendez inguratuta bizi gara, besteak existituko ez balira bezala gehienetan, geure zerbaiten inguruan jiraka.

* Isiltasunarekin garaitzen da zenbait isiltasun.

* Ez da posible isiltasuna, zerorrekin hizketan jarraitzen duzu eta.

* Ego jipoitu bat ez da erraz umiltzen: betirako irekiak diraute barnean  jipoituen ustez orbandutako zauriak.

* “Bestea erabiltzen du jendeak bakarrik ez egoteko”, bakarrik geratzeko bainoago, aldatzeko  ohi dela bikotearen banaketa: egiatik asko du iritzi horrek..

 

 “Uztarri gabeko natura izan”

 

* “Askatasun simulakroa”: bizi duguna.

* Hegan ikasi duela jabetzean da aske gizakia.

* Aukeratu beharra, gizakiaren ahalmen eta buruhauste nagusia.

* Aukeratu ahal izatea dela askatasuna esan ohi dugu: ona edo gaizkia, egia edo gezurra, hautatu behar ditu sarri gizakiak, zerbait oso murritza eta mugatua da  aukeramen dohain hori.

* Erabat erlatiboa da askatasuna, lotzen gaituen araberakoa, beti baitugu lotzen gaituen kateren bat.

* Norbere gogoetetan salbu ez egotea da arriskurik handiena.

* Bizimailak aldatzen dira baina ez espiritu ahulen menpekotasun grina: besteei jarraitu, imitatu, ereduak bilatu… erlijio bat eskatzea bezalakoa da.

 

 “Egunero berraurkitu eta asmatu behar dira giza harremanak”

 

* “Hauek diren horixe gara, naiz neu ere, hauekin guztiekin ehuntzen dut neure buruaren kanta”: gorputz bakarra osatzen dugu gizarteak.

* Ez dagoela bizitzarik harremanik gabe: norberak bilatutako bakardade absolutuenean ere beti dago norbaiten edo besteen presentzia, ihes egin nahiaren eragin bezala bada ere.

* Gerra handiez aritzen gara, baina gerra txiki eta zentzugabeez osatuta dago gure bizitza, albokoen eta norberaren gerra txikiez, horrek egiten gaitu iheslari eta errefuxiatu geure gizarte barnean.

* Ederra da ezertaz jardun gabe huntaz eta hartaz jardutea.

* Erlatiboa da elea, on egin lezake hitz egiteak, isiltzeak ere: zertzelada askoren ondorioa da hitz egitearen onura edo kaltea.

* Berbatsua ez da hitz gehien esaten duena, isilak  komunikatzen du sarri gehien.

* Begietara hitz egitea da diotsuenaren eta diozuenaren  egiaztagiria.

* “Balu, balitz, balego”, ele-kideak lagunkoi bati jarri ohi dion langa.

* Edozein keinu abegikor eskertzen du gaixo edo babesgabe dagoenak.

* Neutroa da sarri irribarrea-jarrera, ezusteetarako keinu bat alegia: zer esan ez dakizunerako abiapuntua, trikimailu bat.

 

Zoritxarrak edo istripu batek badaki adiskidantza sortzen

 

* Kaxa ilun bat da adiskidetasuna, bizipen eta sentipen ezberdinez osatuta dago, aldakor eta kontrajarriez gainera sarri.

* “Zulo guztiak dira interesgarriak azaleko mundu honetan”: zuloz betetako gizartea da gurea, gizakia bera ere norbere zuloan bizi den izakia da

* Min egiten ez duten gaiak berariaz darabilzkigunean, zauri baten mina dago azpian.

* Segiziotik asko du koadrilak, batek edo bik egin ohi dute buru edo ahots nagusi.

* Beti izan ohi da solasaldi gehienetan hitz gehien egiten duen bat.

* Hurkoaren akatsen aurrean irribarre adeitsua egiteko gai garen heinean izanen dira onuragarriak harremanak.

* Bortxatu batentzat ez da behin ere merezi bezainbesteko zigorrik.

* Nola eta zergatik sortzen da zure inguruko hori etsaia edo aurkaria dela ustea, edo berarenganako sentipen bortitza, gutxienez zitala edo ziztrina?: gure artean sarri gertatzen den egoera da.

* Badira gutxietsia sentiarazten zaituzten pertsonak, gehienetan konturatu ere egin gabe izateak egiten du jasan zailagoa horien jarrera.

* Iraunkorrak ohi dira tintarik gabe sinaturiko kontratu ikusezinak.

BURUTAPENAK 8

Jon Etxabe 2023/03/20 09:05
Surflariak gara gizakiok, olatu gaineko dantzariak

“Bizia, gure baitan dagoen indar berezi hori”

 

* Bizitzaren definizio ezberdin kontaezinekin aurkitzen zara:

- “Bizitza, heriotza askoren hondakina”: ikuspegi bitxia, baino erreala.

-Bizitza, kontrasteen artea”: kontraesanen kudeaketa agian.

- “Bizitza panpina begiak dituen ofidioa”: ito egiten zaitu goxo begiratu eta    estutuz, aldi berean jolaserako bide ematen.

- “Izaera, bilakatzea da”: eraldatuz goaz existitzen garen heinean.

- “Alukeria hutsa da”: egia da alukeria asko dituela bizitzak, badu bestelakorik zorionez.

- “Gizakiak eutsi behar dion gizakiaren funtsa”: ez du beti merezi bizitzak, ala bai?.

- “Erlazio bat da”: denok eta beti dugu nolabait lotzen gaituen norbait edo zerbait.

* Ez du definizio zehatzik bizitzak, definiezina baita, orokorrak dira definiziook, definizio oro bezala.

 

 “Izan zitezkeen gauzez beteta dago bizitza, baldin balitz balego”

 

* Uneak eta uneak daude, bakoitza ezberdina, baina une horiek dira bizitza, beraiei esker diraugu.

* Bihotzeko zokorik gordeenean abesten dugun doinu horrek egiten du eramangarriagoa, argitzen, bizitza.

* Zer den beharrezkoa jakin eta onartzean datza bizitzako zientzia nagusia.

* Eguzki beroenak ere ez du zergatik bizitza berotu, beste izpi mota ezberdin batzuk behar ditu zorionak.

* Mila zio ditu zoriontasunak, zer ote zoriona: bakoitzak bere inguruabarren arabera ematen dio tamaina zehatza zorionari.

* Bizipoza izan ohi da itsasoa, ezbeharrik ez bada.

* Esperantzaren eta nostalgiaren segidan iragaten da gure zoria.

* “Existentziaren indiferentzia”: zein gauza hutsalek ematen dioten gehienetan zentzua ez bada bizipoza bizitzari.

* Norabide bat eskatu behar zaio bizitzari, nolabaiteko helmuga batera heldu edo ez: hor datza bizitza oparo edo hutsalaren koska.

* Beti dugu helmuga-kartel bat, baina, bertara helduaz bat, beste batek ordezkatzen du aurrera eginaraziz.

* Bizitzeko euskarri sendoa du barkatzeko norbait beti daukanak.

 

“Kadentzia uniforme eta zahar bati jarraiki bizi gara”

 

* Bizitza bizi dutela usten duen asko dago, baina pauso bat atzetik doaz gehienetan.

* Tristea da dena neurtuta aritzea, dena araututa edukitzea, aspergarria da inprobisaziorik gabeko jarduna, ohikoa etetean du grazia bizitzak.

* Bizitza gorputzean sostengatzen bada, aldi berean bizitza bada dugun altxor preziatuena, kontu eta errespetu maitagarriagoz zaindu beharko genuke gorputza.

* Bizirauteak gailentzen du bizitza gure gizartean.

* Asperdura da egunero egun bera bizitzea.

* “Gure bizitzek lege zahar eta aldaezinen arabera egiten dute aurrera”: erabat mugatua eta murritza da  gizakiaren aukeramen-gaitasuna.

* Ziklikoa dela bizia: orokorrean, agian; gizartearen, norberaren bakoitza?; ez da ziklikotasunik ageri, zenbait jarrera errepikatzen badira ere.

* Zerbaiten zain egoteak luzatzen du bizitza, aspergarria ere bihurtzen da, zer hori zer den ez dakigunean.

* Dena da abiadura gizarte honetan, horregatik da garrantzitsua denbora galtzen ikastea, egoten eta izaten ikastea alajaina.

* Badira borrokak, norberekikoak batez ere, zeinetan irabazi beste irtenbiderik ez dugun.

* Mezu asko bidaltzen digu bizitzak, baina ez dakigu ulertzen edo izkin egiten diegu mezuoi.

 

“Dexistitzea ez da hiltzea”

 

* Hiltzea ez da dexistitzea.

* “Bizia agertu zen unean bertan bukatu zen”: berarekin darama heriotza biziak, berenez.

* “Zer kalte egin dik bizitzak?”: geurekiko sarri egiten dugun galdera.

* “Heriotza baino gauza okerragoak daude”: daude!.

* Jolaslekuak izan ohi ziren txikitan kanposantuak lurperatze eta Domu Santu egunetan.

*  Heriotzarekin mintzapraktika egitea da gaixotasuna.

* Onartua arren heriotza, ez dira errazak, gaixo larri, azkenak uste dituzun ordu horiek.

* Zahartzaroan bertan, gaixoturik ere, oraindik era intelektual batean dakigu hilko garela, bizitzari lotuegiak bizi gara.

* Zergatik babesten eta inguratzen ditugu hormaz hilerriak gaur egun: garai batean gizakiak behar zuen babesa gaitzen kutsaduragatik, heriotzari diogun beldur edo errespetuagatik ote gaur egun.

 

Gurutz eta pil

 

* Igarotako zorion egunen eta gainditutako laztasunen osteko agurrerako itxaronaldi lasaia behar du izan zahartzaroak.

* Bizitzak alde egiten diola jabetzean zahartzen da gizakia.

* Gazte zaharkitutako pertsona litzake hogeita hamar urte beteta bere xedea aurkitu eta erdiesten lanean jarri ez dena.

* Nabaria da heriotzaren nekea behin adin batera ezkero.

* Mundu errealaren errutinari aurre egiteko ahalmena ere galdu egiten da adin handiarekin.

* Joandako garaietara itzulera bat dela zahartzaroa: itzulera faltsua da, orain gordina erakusten baitigu hur dugun azken geltokia erakutsiz.

* Abiadura bizian doan gizartea gara, bide bazterrean uzten ditugu ibili horretan oztopo zaizkigun zaharrak, zahar-etxe edo erresidentzietan.

* Frontearen lehen lerroan bizi gara zaharrok

 

 “Bokazioa, bizitzari zion amodioaren adierazpen gorena”

 

* Itsas handiko igerilaria da gizakia, tarteka itolarri, tarteka arnasaz gozatuz.

* Zer da gorputza, zer arima: noiz, nola sortu zen dikotomia hori, nork?.

* Denok dugu geure kantu propioa, ezagutu, geureganatu eta kantatzea da bizitzako arazo nagusia.

* Etxegilea bezalakoa da gizaki bakoitza,  bere etxea eraikitzen du, ez epe jakinean, bizitza osoan.

* Zeure kabuz begiratu inguruko dena, zu zeu izanen zara.

* Zarena betiko zara, zeure edo besteen kontrol gehiago duzula esan nahi du aldaketak.

* Aurpegiak eta itxurak ez du egiten gizakia.

* Jantzia dela izaeraren ezaugarria uste du askok, baina arlote bat salatzen du gehienetan modak, edo nortasunik eza.

* “Gure gorputz zati bakoitza organismo baten  pieza bat besterik ez da, gorputza ia totem bilakatu badugu ere.

* Unibertsoarekin, gure mundu honekin eta gizartearekin batasuna bizi duenak lortu du oreka.

* Gatza, gizakiaren grazia, gehienei falta zaion urre zuria.

* Gure eguneroko errealitatea eta gure ikonoen nostalgia, uneoro astintzen gaituen kontrastea, kontraesana sarri.

* Norbere duintasunari buruz: zintzoa izan behar du bakoitzak bere buruarekiko, ausarta eta errukirik gabea: izugarrizko lasaitasuna dakar norberarekiko jarrera horrek.

* Ahula omen seguru dagoen pertsona: arriskutsua da ahala eta indarra duen pertsona.

 

 “Gizon bat bere bizitzako lehen hamar urteek egin duten bezalakoa da”

 

* Ezer gutxi dakigu zer mamitu zen bakoitzaren txikitako barne plegu isiletan.

* “Gizakia ez da aldatu sortu zenetik”: sakonean ez.

* Izaera-izpi propioa du bakoitzak, horrek egiten du gizakiagoa, onerako edo txarrerako.

* Ezinak eta gabeziak elkartzen dituen heinean egiten dute aurrera pertsonek.

* Umila izaten ere jakin egin behar da, harroak berez du ezaguna bere izaera hori.

* Badut arrazoirik daukadanetik asko atzean uzteko, baina iragana neurea da, ez diot ezeri uko egin nahi.

* Norbera ezagutzean amaitzen da mundua bakoitzarentzat.

* Kolpez kolpe zizelkatzen gaituzte pertsonek, erakundeek, gertakizunek, gizarteak berak…

* Kapitalismoak zizelatu eta baldintzatzen dituela gure izaera eta portaerak: ADN berak baino zehatzago, nahiz sotilago.

* Harrapariak izateko hezi gaituzte.

* Dirua dela gizakiaren iparrorratza: irudi erreala.

* Gaitzetsia izateko adina indar eta nortasun behar da goratua izateko.

* Bizimailak aldatzen dira baina ez espiritu ahulen menpekotasun grina: besteei jarraitu, imitatu, ereduak bilatu… erlijio bat eskatzea bezalakoa da.

* Kontrasteak edo alderatzeak egiten du bata bestea baino ederragoa edo baztergarriagoa.

* Gizakiak, ustekabean gehienetan, jainkotzat du bere burua, bere mundu pertsonaleko jainko.

* Eguzkitan azala erretzen duten horietariko askok azala soilik berotzen ote dute, ala isileko mamuak ere ontzen eta oneratzen ote.

* Gure benetako izaera azaleratu eta garatu besterik ez dute egiten muturreko egoerek.

* Ez dago benetako edo erabateko nagusirik, denok dugu hobetu daiteken zerbait.

BIDAIAK 2002. ITALIA

Jon Etxabe 2023/03/13 10:40
CLALABRIA. Stilo,

Maiatzaren 19a. Igandea.  17-I:15.a

“Rubayatak”. Omar Khayyam:

* “Ene lagun: ez ezazu izan etorkizunerako asmorik”. Bidaia asmoak, baina, atsegina dakargute.

* “Egunetik egunera udaberriko xamurtasuna ahultzen den bezalaxe”. Bidaian ikusten dugu ahultze hori, baina hezurrak berotzen dizkigu udako berotasunak, eta udaberriko umeltasunak uxatzen, bidaiariak eskertzen du aldaketa.

* “Bizitza sutea bezala doa”. Marra gorri batez marraztu ohi dut eguneroko ibilia mapan, bidaiak sute-frontea bailitzan bere egiten du mapa, pausoka aurreratuz.

 

Lainotua esnatu zaigu gaur, euri negarra ere ateratzen zaio goizari.

 

Ur ordokiaren albotik egin ditugu lehen kilometro apurrak, S. Eufemia golkoaren gaineko lur ordoki erditik gero; ezer gutxi eskaini digu, itsasorik ere ez, bertan arren. Mendiak ilun eta lauso zeuden laino beltzen eraginez. Paisaiak,  Padura itxura damaiote  kanaberadiek paisaiari. Ugariak izan dira fruta-abolak, baita laranjadi zabalak, gereziondo, madariondo zein mertxikondo sailak ere. Olibadiak ere. Ugariak dira berotegiak, sail landuak banaka batzuk; birlandaketa lanean ari zen koadrila bat. Orokorrean, baina, ez du erakargarritasunik parajeak, erabili gabeko lurretako belar zikinak tristura giroa ezartzen dio inguruari. Udaren zain dago azpiegitura dena, itxita, prestaketa eta antolakuntza lanak nabari dira gehienez.

Txirrindu zale asko dabil gaur, banaka edo taldeka, profesionalen atarramentu guztiekin. Bide osoa betez aldarrikatzen dute errepidean ibiltzeko eskubidea.

Lamezian hegazkin bat aireratu zaigu aurrez-aurre, bertan, ukitu ezberdina emanez ibiliari.

 

Lur barrura egin dugu, mendi-barrenetan aurrera,  mendiarteko bailara estuan joan gara luze, ibili lauan, bihurgunez bihurgune, garai batean ganorazkoa izan zen zoruko errepide zabalean, mota guztietako zuhaitz bakanek, altzek nagusiki, erabat estaltzen dute erreka. Estutzen dira mendiak ordeka meharren edo aldentzen ordeka zabalagoan, baina mendiartean goaz beti, barrenetik beti. Ez da kilikatzen gaituen ingurua, nahasiegia, itsuegia baita. Urtegi estu baina luze bat, mendi-zuloetan zabalduz, hori izan da lehen ukitu berria; garo sail baten berde ezberdinaren ukitua bigarrena, lehenengoz delako-edo kilikagarria. Mikak izan ditugu lagun, mitxoletak eman digute argi biziaren ukitua, distiratsuago nabarmentzen zen gorria berdean, ikurrinean bezala, edo garai bateko manifestaziotan bandera gorriak bezala. Geu gara bidaiari ia bakarrak desertu berde honetan, hala izanen da gaurko ibili osoan, goi-basoetan zein itsasertzeko joanean, baita autopistako azken kilometroetan ere: igandeak ez du kalabriarra kalera, errepidera behintzat, atera, igandezaleak etxezuloan edo herrizuloan gelditu dira gaur, ez da oraindik esnatu udaberriko bizipozik nonbait. Gaur ez dugu, oraingoz, magaletako herrien ikuskizunik.

 

Monterrosso.  Bidegurutzean iragarrita, Galiziak agurtzen gaituela mendixkatik bururatu zaigu, Monterrosoko kartzela gogarazi baitigu, han dauden euskal borrokalari presoengana eraman gaitu izenak. Ezinezkoa zaigu gure herriaz deskonektatzea.

 

Haltz trinkoek jarraitzen dute estaltzen errekatxoa, deigarria egin zaigu garo sail bat aurkitzea.

Mendian gorakoari ekin diogu egunotako ohitura ez galtzeko, gora egin dugu 1335 metroko hegira heldu arte, Paso de  Pietra Spada. Maldan behera bestaldeko itsasora heltzeko.  4 “tornante” daude zenbatuta, baina ze irizpide dute injineruek bakar batzuei izena eta zenbakia jartzeko?, urkilaren graduak, aldatsaren pikoa, bien konbinazioa?, zeren  hainbat izan baititugu 4 horien bezain bilduak eta pikoak kontaezineko bihurguneetan. Hiru okil koloretsuk errepide bazterrean eman diote ziztada pizgarria bidaiari.

Ondoren, olibadiak, mendi osoa da olibadi, baina ez nolanahiko olibondo basoak; enbor eta adar sendoko olibondoak,  sekulako olibondo erraldoi mardulak, enbor ikaragarri sendokoak batzuk, adarrak ere  sekulako altuera eta zabalera dute, harrigarriak, ia sekula inausi gabekoak; ez dakigu loratzeko lehertzear ala ale gizendu bidean, pipitatxo zuriz mukuru daude, loratu itxuran mintz berdeari azalera zurixka emanez.

 

S. Nicola da Crissa. Gaur izan dugun mendiko herri bakarra, zintzilikatua hau ere, olibadi-basoz inguratua, biderkatu egiten dio eguraldi honek berez darion tristura. Behetik ikusi dugu lehenengo, erditik zeharkatu ondoren, errepidea baita delako erdiko kalea. Iluna, arrea, hila, galdua eta utzia dirudi, usteltzen bailego, nahiz etxe berriak egiten ari diren. Badu palmondo izugarri luze bat.  Hilerriaren hurbiltasuna girotuz zipres ilara errepidean, norabide bietan, hilerrikoekin bat eginez. Urritzez inguratua zegon inguruko nekazal etxe bat.

 

Erruz dabiltza oraindik Panda, Fiatilo eta antzerako antzinako auto nanoak, herri inguruetan ez ezik autobidean ere.

Carabinieri pila ikusten da errepidetan, zelatan dituzu edozein eta edonongo bidegurutzetan, gazteak, faxista jite petokoak Musoliniri argazkietan ikusi izan diogun kapela horietakoekin. Balen kontrako txalekoa kentzen ari zen bat gaur, nonbait bada arriskurik hemen ere.

Aldatz honetan izan dugu gaurko lehen santutxoa, zortzi gutxienez izan ditugu gaur, santu debozioa pizten dute nonbait mendiok, agian gizarteak babesgabe utzi dituelako, erlijioa da ezinduaren eta ahalketuaren, pobre eta behartsuaren, azken heldulekua, etsipenaren eta beldurraren irtenbide agian errazena. Izan da bat, Lourdesko Amabirjinarena, kandelaz eta lorez mukuru, Maiatza izaki, “con flores a Maria”. Azkoitiko sermolari baten haserrea edo kexa gogoratu dugu: “zenbat ume egin diren Azkoitia eta Loiola arteko Santutxuetan!”: bertako harrizko bankuok ez ziren nonbait koltxoi gogorregiak maitaleentzat.

 

Goilautadetan egin dugu harik eta Serra de S. Brunora heldu garen arte. Bukatu zaizkigu olibondo basoak. Goi lautadako paisaia goxoa dugu orain. Belardiak, lur landuak, traktore txikiak errepidean sorora edo sorotik. Ezin mendi gerritik bide zaharrari jarraituz, zubitzarra egin dute gainetik lautada zeharkatuz, zementuzko hesolateri bortitz gainean, presa du nonbait erromesak S. Brunora joateko.

Zementuzko bunker ilun borobil bat errepide ertzean, goialdeko mendiotan bakan eta bakar, perretxiko erraldoia bailitz. Ze istorio gordetzen ote du inguru honek ere. Ez da paisaia idilikorik inon, historia barruan kokatzen badugu.

 

Herri triste bat, izen iragarririk gabekoa, zintzilikatu gabea, egon horizontal lauan, pintatu gabeko graziarik gabekoa, zabala: gainbehera doan herriaren sentipena uzten du; lora postua dago herriko plazatxoan, lora eskaintza oparoa, ugaria zen eroslea ere. Gora behera baten ondoren beste herri bat,  aurrekoaren tankera berekoa, aurrekoa bezala izenik gabea hau ere, bidaiarioi izena ere emateko lotsaz edo, boikota egin die biei gure mapak; bigarren herri honetan hilerrira doa zenbait jende erramu lora eskuan: lorok etxea alaitzeko zirelakoan gu!. Geroaren zain, beste munduko itxaropenaz fidatuz; herri tristea behar du izan Josafateko zelaiaren ametsez irauten duen herriak.

Bi santutegi iragartzen dizkigute. Amabirjina, ezinduen makulua.

 

Serra de S. Bruno. Herri hasia, besteen jitekoa, kolorgetua, garestia dago pintura nonbait Calabrian;  herritar ugari ageri da kalean, bizitasuna dario, 3 eliza iragartzen dizkigute monumentuentzako gezi marroiz, ugariak ditu 3 solairuko etxebizitza berri  txukunak,  ondo-biziak ere badaude nonbait. S. Brunok fundatutako komentua dago inguruan, ezer gutxi gelditzen omen zaio lehengotik; eliza moderno bat eraiki dute, ez dugu bitxitasunik duen inolako informaziorik, beraz ez gatzaizkio joan, ez dugu fraideen mendian galdutako gelen bila ibiltzeko kemenik ere.  Aurrera egin dugu.

 

Izeidia, izan dugu harritzeko ezten. Sekulako izeiak, mendi osoa da izeidi kilometro eta kilometrotan, izugarri sendo eta lerdenak, harrigarriak; zoragarri dotore daude gainera, horri berriek orla berde gazte argi guri-guriak apaintzen dute mailaka lez orritsa osoa, izei bakoitza da ikuskizun paregabea. Hemen ere ia gautu egin zaigu izeidiko tunelean. Eta hara non behi bakar bat izeidiko bide ertzean, larrean!. Bakarra eta bakarti, nekazariren baten itxaropen eta indar-iturri.

Kukua entzun dut, lehenengoz Italian, izadioi argazkia ateratzera gelditu garenean. Ukitu sentimentala, ikuskizuna borobiltzeko.

Gorago, pagadiak hartu dio lekua izeidiari.

Elurrarekin argi ibiltzeko adierazten dute marrazkiek errepide ertzean. Elur-lekua da, beraz.

Delako gure “paso”an ez dago gainaren eta garaieraren inolako argibiderik,  harriak erortzen direla errepidera iragartzen digute soilik Pietra Sapadan.

 

Gainbeheran hasi gara, goibehera pikoa, ez da bukatuko itsasoraino artean. Izugarri goian sentitzen gara pagadiak uzten digun garbi gunetan, erabat behean ikusten baitugu itsasoa, baita nano beheko haitz tzarrak diren mendiak eurak ere. Basoa bukatzeaz bat izugarri goian ikusten gara oraindik luzaro beherantz pikoan etorri bagara ere.

Erresuma barea agertu zaigu Joniarren Itsasoa han behean, urruntasunak lauagotua agian.

Granitozko harri karratuak dira errepideko kilometro zenbatgarrenaren erakusleak, sakon zizelatu eta beltzez pintatutako zenbaki handiekin.

Ez dugu herririk mendi magaletan, osagai funtsezkoa falta zaio egunotako ikuspegi zabalari.

Bigarren bunkerra, hau ere lurrari itsatsitako perretxiko zapala.

Beste lau “tornante” iragartzen dituzte dena errepide itxia den errepidean.

Menditzarrak dira barrenetik ikustean goitik hain nano ikusi ditugun harkaitzak. Bertan, hur, ikusten da itsasgaineko ordeka, baina ez da sekula santan bukatzen jaitsiera, ezta bihurguneen arrosarioa ere.

 

Stilo. Sekulako amildegien barrenean kokatuta. Goitik teilateria tristea dakusagu, teila erre saila, behetik oraindik hilagoa, etxe-hormateria gris ilun ia beltza, zarpeatu pintatu gabeko zikindua, barnea aldiz bizi-bizi dago, igandea izaki, jendea kalean dabil, gazteak kontu-kontari, neskatoak paseoan, umeak jolasean, guraso eta adinekoak plazan eserita... Eliza visigotiko baten bila, lehenengo ikusi dugun elizara jo dugu. Jendez gainezka dago, plazan ere jendea zain, lekurik ez dago barnean edo ez dute sartu nahi: lehen jaunartze eguna da. Eliza barrenetik ase dugu ikusmina: eliza barrokoa, apainduraz betea, zuri-zuri argia; kontrastez ia beltza zen bizar belzdun apaiz beltzarana, gorriagoa bere kasulla odol kolorekoa; zuriz jantzitako umez inguratuta dago irribarretsu presbiterioan, aldara aurrean.

Galdetuz egin dugu bila genbiltzan elizatxora.

La Catolic, elizatxo bizantziarra. Gaurko bidaiak eskaini digun opari zoragarria. Nano potxoloa, karratua, kapritxo bat, jostailu maitagarria; hiru nabe ditu, bost kupula, denak datoz neurrira bere nanotasunean ere; freskoak ditu hormetan, higatuak ohi denez, izugarrizko espresioa dute gelditzen direnak. Erromatar marmolezko leunak dira zutabeak, batek kapitel erromatar korintoarra du azpian garaiera neurria emateko, ziri bezala. Kanpotik adreiluzko elizatxo xumea, nanoa; aurretik begiratuta erdiko kupula eta aurreko biak erakusten ditu, arkutxo erakargarriekin. Miraritxo bat.

Gaztelu normandoa. Eliza bisigodoaren ondoan dago iragarrita, baina ezin izan dugu ikusi bertatik, bai ordea behetik: harresi garaiz eginiko borobil txiki bat da, besterik ez, garai hartan nahiko gotorleku zen nonbait.

 

Honenbestez egin dugu itsasertzera. Ibaiak ez darama ur negarrik ere, baina erreka-bidea ikaragarri zabala da, ekaitzetan uholdeak datozen ezaugarri. Gure inuzentetasunean Marinara ordez Monasterace herrira egin dugu izozki bila: kale bihurri estuko herritxo mortua da, gris ia beltza hau ere, zementuarekin darabilten harea ilunaren eraginez nonbait. Faro bat dago itsasertzean, ez da porturik inguruetan, baina itsasontzientzat orientabide erreferentzia baleko bat da. Bideko ez dakit zein Marinan aurkitu dugu izozkia, hondartzara egin dugu mingain eta ahosabaiari gozamena emanez. Uralitazkoa zen itsasoa, uhintxoz harrotua.  Harea ia zuriko hondartza luzeak, dena dago udaldia hasiko zain, prestatu gabe, iaz gelditu zen bezala. Hemen ere errepidea eta trena elkarren parean doaz, herria barrenago utziz.

Itsasotik gertu baina itsasorik gabe doa hemen ere errepidea, ez dugu itsasoaren presentzia sumatu ere egiten. Hilak daude herriak, jatetxe zenbait bada, lehen jaunartzeko bazkaria dute batean. Zubiaren eusgarri diren zementuzko arku lauki sendoek egiten dituzte deigarri errekatxo gaineko zubiak. Tarteka pinu arbola buru sendoak, bakanak baina nortasuna eta indarra barreiatuz inguru zabalean. Ezer gutxi hartzen da lurrotan. Fruta-arbolak, olibondoak, zenbait baratze edo lur landu, berotegiren bat.  Herri xume-xumeak. Barreneko mendixkak harea zuriko muna edo dunak dira. Behi batzuk eta zaldiak ikusi ahal izan ditugu hareazko mendi-muinoetako belar latzetako larrean.

Etxe berri pila dago herriotan, bukatu gabe ere bizitzen ari dira bertan.

Goizean zeharkatu dugun mendikatea izugarri handia eta garaia ikusten da hemen behetik.

 

Ez du inondik ere merezi izan itsasertzeko ibiliak. Erabaki dugu ez duela merezi itsasbazterrok ikusteko soilik kilometro pila egitea.

Autobiaz egin dugu Catanzarotik etxerakoa. Behi aldra larrean!, Bada granjaren bat. Egon egon behar dute behiak, nondik bestela hainbeste jogurt. Ardiak eta ahuntzak ere egon behar dutenez gaztagintza famaturako. Sutan daudela dirudi mendiak, ke multzo zuriak jaiotzen dira zerurantz bertikalki.

 

233 kilometro, golkotik golkora, itsasotik itsasora, mendiz, gaur ere.

 

Itsasoko sinfonian ez zuten lekurik nire pauso isilak, “forte” idazten zuten uhinek hondarrezko pentagraman gora eta behera luzez. Ez dit inolako altxorrik oparitu ere, ezta begiak kilikatuko zidan harritxo bitxi bat ere.

Holandarrei esnatu zaie errari sena eta alemanei ibiltari grina. Atzotik hasi dira heltzen kanpinera.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “Eta apur bat triste gaude, gure aberrian ez gaudelako, baina gure aberrian makina bat jende egongo da hemen egon nahi lukeena”. Bidaiaria behin ere ez dago triste aberrian ez egoteagatik, nahi duenean itzul daitekeelako, makina bat jendek esango du hemen egongo litzakeela, baina bizitzan ez du bidaiatzea aukeratzen, nahiago du beste era batetara osatu oporrak.

* “Eta zu maparantz inguratuko zara, izen horrek modu sekretuan zeure sorterri urrunera zaituelako...”. Zenbait izen eta hainbat ñabardurak gogarazten digute gure sorterria, kidetasunez edo konparazioz.

 

 

Maiatzaren 20a. Astelehena. 18-I:16.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Zoriontsu izateko  aukerari eusten diot tinko gaur. Bihar agian indar gabe izanen naiz”. Gai garen artean gabiltza bidaiatzen, noiz ez dakigula, laster izanen dela  dakigula, gogoa, indarra edo aukerak huts eginen baitigute.

* “Hilik daude ala biziaz horditurik?”. Badira hilak dauden herriak, bizipozez gainezka bizi direnak ere.

* “Mundua gogoaren arabera baizik ez da benetakoa”. Bidaiak ziurtatu egiten dizu beste mundu bat ere badela. Irakurri-entzunak baieztatu edo gezurtatu, begiak eta gogoa herri berriez ase. Egi bihurtu egia uste zenuena. Bidaiatzea.

* “Biharko egunak ekarriko dizunaren beldur al zara?”. Bidaiaria beti da hurrengo egunari buruz kezkaz, nondik norakoagatik edo eguraldiagatik.

 

Aldaketa eguna. Liburu baten irakurketa lez betetzen, konplitzen, bukatzen eta aurreratzen doa bidea, etapaz etapa, kapituluz kapitulu... Eta bukatuko da, liburua  bukatzen den bezala irakurlearentzat.

Besoa altxatuz, barretsu eta adeitsu agurtu nau kanpalekuko langile gazteak, egun bat gehiago eta kartetan izango ginen elkarrekin. Jende xumea laster da lagun elkarren ondoan bada tarte batez.

 

Zaparrada garratzak izan ditugu bart, lotiena ere lozorro sakonenetik ateratzeko izan da behintzat etxatoi gaineko atabal hotsa. Bidean, gero, errimeak izan ditugu zaparradak, Gero, Palmin, euri tantak izan ditugu, haizea zakartu egin da eta giroa hoztu. Ez omen da ohizkoa, eta une batetik bestera aldatzen omen da eguraldia. Italian beti izan dugu ezohizko eguraldia. Euritsua izan zaigu Calabria ere.

N. Sra. de Monserrato iragartzen dute, atzo izan zen Calatugna izeneko herri, santutegi edo parajea.

Ez digu ezer berririk eskaini ibilbideak S.Eufemia lakutik hegoalderago ere, S. Onofrio herri izen deigarria, zubi erraldoi bat eta zubi gainean lehenengo eta ondoren sarri izan ditugun zaparradak ezik. Pizzo inguruan, S. Eufemia golkoa bukatzen den inguruan,  mendi magala utzi eta, menditik gertu, zubi batez doa errepidea airetik, luze, ikaragarri goitik, horregatik agian hartzen du estu itxura, mendi errusiarra deitutako horietako erraldoia dirudi urrutitik zein bertatik ikusita, hain behean ikusten baitira herriak eta lur ordekak. S. Eufemiako golkoa ikusi ahal izan dugu errepidea behatoki bihurtu zaigun tarte laburrean.

 

Zuhaitz bakaneko mendixka apalek inguratzen gaituzte bidaia osoan lur barrurantz egitean, belartza latzeko malda eta tontorrak, inork ebakitzen ez dituen eta larrerako ere gai ez diren belartzak. Izan dira dozena erdi bat behi mendi magal batean larrean, behingoz!. Tarteka bada mendiarteko ordeka edo barreneko maldetan olibondo edo fruta arbola sailik ere. Tarteka, mendi osoa ere izan da olibadi. Ez dago ez etxerik ez herririk ez nekazal eraikinik. Desertu berdea. Fruta saltzaileak errepide ertzean, Italiako banderaz edo zapi gorri berdeekin urrutitik iragarriz badela lasterrera errepideko saltzailea. Inguru monotonoa, kontrasterik gabeko antzerakoa, egin zaigu, inola ere ez atsegina edo erakargarria bere berdetasun jorian ere.

Poliziak beti dute bakarren bat geldituta, dauden tokian daudela zelatari.

 

Kanpalekua. Dozena erdi kanpaleku agertzen dira kanpin-liburuan, itsas kontra, bata bestearen ondoren.  Luzaroan joan eta joan, azkenik heldu gara batera, errepide bihurri batean, han geratu gara, lehengo aurkitu dugunean, besteen arrastorik ere ez baitago iragarkiak dauden arren errepide-gurutzetan. Itsasertzean ordez itsasgainean gaude, itsaslabar baten gainean, amildegiaren ertzean, behean hondartza eta ibiltokiak, aurrean itsaso zabala oso osorik guretzat. Sekulako parajea. Ikuspegi paregabea. Kirru dago gaur itsasoa, zelaietan aurkitu ez ditugun artaldeak itsasoan ditugula dirudi, milaka mota zuri ortzirainoko ordeka urdina zipriztintzen. Zama-ontziak agertzen zaizkigu, Napolirantz zein Siziliarantz, mantso baina eten gabeko ibilian, edukiontziz zamatuta.

 

Emakume gazte galiziarrak egin digu harrera, pozik espainieraz egiteko aukera duelako. Duela 16 urte etorri eta bertako batekin ezkonduta, kanpalekuko nagusietakoa dirudi. Pozik gu ere bertako jatetxean afaltzeko aukera errazago eginen dugulakoan.

 

Tentagarria bazitzaigun ere itsasori so gelditzea, irtetea erabaki dugu, Calavriari buruzko museo etnografikoa dugu Palmin eta katedral interesgarri bat Tropean. Baina, ez dugu aurkitu Tropea hainbat aldiz errepide sarean nahastu ondoren, eta ez dugu museorik atzeman Palmin galdetu arren. Ezin sinpleagoa da mapako errepide marrazketa, erreza dirudi bidea, baina dedalo hutsa gertatzen da bertako bide sarea, ezin trinkoago eta nahastuagoa, iragarri gabekoa ginera. Lur barrutik doa itsaso-kontra edo itsasotik hur uste genuen errepidea, kontra-esku geratzen da itsasoa, badirudi gaur egungo asteburuetako moda dela itsasoa, ez biztanleen bizitzarekin lotura duen zerbait. Dena da olibadi, eta dena da olibadi arteko errepide. Iragarrita daude tarteka herriak,  baina gezirik gabeko bidegurutzeak datoz ondoren, kale edo baleko erabakia eskatzen dizutena. Nekazal etxe asko dago, olibadion erdian edo ertzean, etxe bakoitzak bere olibadia du garai bateko gure baserrietan sagastia bezala. Etxe txukunak dira, harrokeriarik gabekoak, nekazari finen itxura emanaz. Laranjadiek egiten die lagun olibadioi. Olibondo sekulakoa, inausi gabekoak, beheko ipurdi edo enbor lodi motzetik hiruzpalau buelta sendoko adar tantaiak dituzte, bakoitza bera da zuhaitz bat, luze eta gora. Halako lurralde pobre ukitua ematen diote kanaberek, pikondoek eta piku txungoek.

Fruta saltzaile asko dago errepide bazterrean, eskaintzan sartzen da patata eta tipula gorria ere.

 

Hiruzpalau erabaki ustel ondoren, etxeratzea erabaki dugu, delako Tropeako katedralak ez du merezi zoruarenak egiterik, edo ernegatzerik, ezta zorabiatzerik ere; ordez, itsasoko ikuskizuna dugu zain etxean.

Gioia Tauro. Izen polit horri tokatzen ez zaion herri handi zatarra da, are gutxiago itsas bazterrean. Nekazaria izanik, hori uste dugu, herri industrializatuaren jitea dario. Etxe garai zatarreko zaindu gabeko itxurako herria.

 

Lautada izugarria, dena dago olibadiz   berde, baina, altueragatik edo, zuri marraztuta dago mapan.

 

Rosarno. Aurrekoaren  parekoa. Merkatari portu zabala du honek, industrigunerako azpiegitura zabala eskainiz portu alboan.

 

Palmi. Herri handia, zatarra, zikin plantakoa, zaindu gabea, trauskil arriskutsu itxurakoa, kale luze bat da ardatza, herri inguruan hainbat etxe pilo galduak.  Museorik ez ezik, izozkirik ere ez digu eman.

 

Haserreago dugu itsasoa itzuleran, koaderno urdin baten orri  itxura damaiote alderik aldeko tarte berdinean, lerroak bailira, uhinek. Edo amaierarik ez duen ortzirainoko mailadia. Edo soka infinituko arpa, itsas soinuak betetzen baitu ingurua eta gure etxatoi barnea.

Hegada lasaian agertu zaizkigu kanpin aurrean kaioak.

Itsasoari begira eta irakurriz, gozoro eman dugu arratsaldea gure itsasgain honetan. Bada arabiar dorrea gure aurreko labarraren ertzean, behatoki aparta. Itsasertza  beheregi dagoenez, dorrera egin dut arratsaldeko ibilalditxoa. XVI. gizaldiko dorrea,  inguruko ikuspegi aparta eskaintzen du goiko zabaltzatik: mendebal aldera itsasoa, zabal eta urdin, jadanik baretzen eta argitzen arratsa hurbiltzearekin batera; Hegora Italiako azken muturra eta Sizilia lainotan lauso, multzo ilunean, ez dakit irlan ala itsas muturrean, mila hankaren  gainean har luzea, ilunean argi, itsasertzeko italiar zubia; Iparrean etenik gabeko itsasertz osoaren ertz amaigabe argia, itsas olatuen ezpain apartsu zurien kontrastez apaldutako zuriak, eta goizean ikusi ditugun herriak, itsasoraino luzatzen da ikusten dudan Goia Tauro eta Rosarnoko portua, morruak egin ordez lurrari jan eta dragatuz sortua da, bertan edukiontziak ontziratu eta lurreratzeko izugarrizko burdinazko garabi saila eraiki dute.  Ekialdera olibadiak, itsasoa zeru-marraraino bezala, mendien ortzirainoko amaierarik ez duen  abarrategi berde berezia.

Dorre inguruan bada adreilu erraldoi baten jitea duen ore eta harriz eginiko eraikin baten zati erraldoia, gotorra, 6 bat metro zabal eta hogei bat luze, sasi artean, lur azalean sarrera pikoa lurperantz antzematen zaiona. Bada ere lauzen tamainaz eta kokatu moldez erromatarra behar duen ehun metroko galtzada zabal gorrizka zatia.

 

Ermitatxo bat dago kanpin sarreran, indusketa lanetan ari dira zoruan, “esnatu gizona eta ikusi miraria” dio ateburuan: elizatxoa bera izanen da miraria berrikuntza lanak bukatutakoan.

Olibondoak bai direla miraria, sekulako zuhaitz tzarrak, gerri berdinetik hasitako hiruzpalau enbor lerden eta luze, inausi gabeak, luzeak, sekulako zuhaitzak. Izan da bat zaharra behar duena, indartsua oraindik, bihurritutako mila begi eta azal ditu, errespetua eta miresmena eskatzen du; gehienek dute sare zatia fardelean bildua eta arrama kakoetan gordea hurrengo uztaren zain.

Tomatea da ia uzta bakarra baratzetan, aro ezberdinetan landatua, tamaina ezberdina du mastrak, mastra altua du eginenak; goiz dator hemen tomatea, gureetan ez baita oraindik landatu ere egin. Mahatsondo ilarek tartekatzen dute sarri tomateena.

Murru bat atera dute kanpaleku azpiko hondartzan, ontziak babesteko; arrantzontzi nano gutxi batzuk dautza  etzanik hondartzan; itsasora irekia den hondartzan  aldiz batel pila daude etzanik, ez dakit zeren zain.

Badirudi bihar eguzkitsua izanen dugula eguna. Baretuz joan zaigu urduri zirudien itsasoa.

 

177 kilometro, kokagunetik at ezer guti eskaini digutenak.

 

Baretu egiten nau itsasoak, haserre dagoenean ere.

Kanpalekuko jatetxean afaldu dugu, jaki goxoak ardo goxoarekin salneurri egokian

Etxatoi aurreko behatokitik eszenategiko argi ilara dirdiratsua da aurrez aurre Messina hiria, Sicilia irla ertzean.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “Mapak objektiboak dira?. Maparen egilea subjektiboa da. Ea benetako maparik egin daiteken. Mapak objektiboak eta subjektiboak dira aldi berean...”. Mapa-irakurlea ere subjektiboa da, beraz ohar edo sujerentziak besterik ez dira mapak. Lagungarriak, besterik ez. Bidaiariak berak egin behar du bere mapa erabilgarria, paperean ez bada buruan, mapa idatzia osatuz bidaiaren premien arabera. Guk atzo inguruko mapan bide-sare ibili erraza uste genuena labirintoa gertatu zitzaigun. Behar duzun  edo eskatzen diozun informazio oro ez dizu gehienetan ematen mapak.

* “... gidaliburuetan ez da leizerik ez osinik ikusten baina bidaian doanak era guztietako zulo beltzak topatzen ditu”. Era guztietako zuloak!. Eta gutxien usten denean!. Bidaiaria ezin da behatokitik jaitsi.

* “Elizan eseri eta hormetako irudiei begiratzen nien. Santuak fantasiazko pertsonaiak iruditzen zitzaizkidan”. Elizak bisitatu eta santu-irudiak begiratu da herri gehienetan bidaiariak egiten duen betekizun bat. Artelan bila begiratzen diet irudioi, artean gozatzeko aukera bat bezala.

 

 

Maiatzaren 21a.    Asteartea     17.a

“Rubaiyatak”.  Omar Khayyam.

* “Zeruko ganga, zeinaren azpian, linterna magiko bat bezalakoa da, non eguzkia lanpara baita”. Izarrak ditut lanpara gauean, ilargia ere, egun batzuek ezik, kanpin honetan Messinako argiak eszenatokiko argiak, eta ni gaueko aktore bakartia.

* “Zoriontasunezko egun batek sortarazten du malkozko urtebete”. Bi hilabetetako bidaiak sortarazten ditu urte osorako oroitzapenak.

* “Pasatzen zarenean, izarren zurrunbiloak  gure begien aurrean ezkutatzen zaitu”. Izarren zurrunbiloak irensten nau gaurko itsas soinuan labainduz.

* “Ardoak soilik  argituko dizkizu zure zalantzak”. Gaueko jatetxeko afarikoak herdoilduta utzi dit gorputza eta gogoa.

 

Kanpin honetan ez da ia tren hotsik, errepide hotsik ere, itsas soinuak betetzen du gure etxatoia eta ingurua.

Olibadi izanik ingurua, pinudi eta eukalitadi da kanpina, gerizpe freskoa bero sapa egun honetan.

Egun eguzkitsua esnatu zaigu, itsasoa baretu da, plater axala da, baina ez erabat leuna. Zama-ontziak eten gabe egiten dute bere bidaia urdina bidea uneoro irekiz. Kamioilariak bezala, goiz datoz lehen orduan zama uztera edo goiz atera dira atzo zamatu ondoren.

 

Ikuskizun bitxia izan dugu Palmiko bidegurutze nagusian: bi polizia babes-txaleku eta guzti, bide erdian, erabat urduri, jira hona jira hara, metraileta tinko mehatxari eskuetan tiro egiteko prest, begi luze ez ezik begiak ia lekutik kanpo; inguruetan ere poliziak zelatan,  herri osoaren ikuskizun, kalera atera baitira denda lantoki eta etxekoak pilatuta espaloiak betez... Pertsonaien bat dator, agian presoren bat lekualdatzen dute, leihorik gabeko furgoneta handi bat ikusi baitugu gure aurretik eta  ilaran kale artean. Trafikoaren zurrunbiloak eraman gaitu aurrera, ikusle izateko mina ustel bihurtuz.

 

Itsasgain itsasgain egin dugu ibili osoa, uneoro Sizilia irla dugula ikuskizun behatoki bilakatu zaigun errepidetik. Hainbat aldiz gelditu gara, inguruaren edertasunak edo bitxikeriaren batek erakarrita.

Erabat ugaria da inguru osoan moto-gurdia: baserritarren lantresna.

Mahasti dira amildegi ia perpendikularrak, zapaldetan mailaz maila mendi-lepotik itsasoraino, arabiarrek Andaluzian eta Mediterraneoan utzi zuten kulturaren antzera. Izan da osoki gaztainadi zen malda, errepidetik behera; gora aldea, aldiz, olibadia zen. Sarriak izan ditugu, nagusitasuna erakutsiz, pinu  lerden buru oparokoak ere.

Autobideko zubiak gerta zaizkigu gaur ere ikuskizun, hondartzetatik eta errepidetik lehenengo, hain erraldoi mendi-zulo sakonen eta zabalen gainetik; behatoki bihurtu zaizkigu etxerakoan Messinako Itsasartearen gainetik. Hainbat ikusi ditugun arren, zubi berri bakoitzak txunditzen gaitu berriro. Hain dira neurriz kanpokoak.

Herriak eta ingurua, aldiz, egunotako jite berekoak izan zaizkigu.  Izan dira ere,  zenbait herri bitxi.

 

Bagnara Calabra. Errepidea den goitik beherako herri barruko kale nagusi harrigarria, beregain biratzen diren bihurguneak, bata bestearen ondoren, hainbat eta hainbat, goitik behera pikoan, mendi magaletik hondartza gaineko kale-sare zelairaino. Txukuna eta zaindua dago beheko kale-artea,  hondartza gaineko ibilbide aratz bihurtuta: uda-herri bihurtu nahi dute herria,  azken ukituak ematen ari dira. Arrain saltzaileari monumentua: buruan saskia duela oinutsik doan emakumea, otarretxo borobilak egiten zuen Santurtzikoengandik ezberdin. Labana herdoildu handi astuna agertu zait hondartzan, Calabriako oroigarri izango zait mahai gainean paperak zapalduz Carrarako harri zuriaren eta Eskoziako eta Alemaniako portuetako torlojuen ondoan. Bila ibili gabe agertzen zaizkit ia bidaia orotan begia eta barnea betetzen didaten horrelako bitxikeriaren batzuk.

 

Ezpatarrainak harrapatzeagatik omen famatuak bi herriotako arrantzaleak. M. Luisak ikusi du salgai bat autotik, baita aingira erraldoi batzuk ere.

 

Scilla. Gazteluaren hondakin sendoak mutur muturreko haitz puntan, eliza behar duen eraikina etxeen alboan erraldoi, bi aldeetara etxeteria, bata portura doana, hondartzarakoa bestea: halako paisaia urbano bitxia osatzen du urrutitik itsaso gain gainean. Izan zen herrian izen handiko poetaren bat, behatokia oparitu diote brontzezko irudi eta guzti: han dago bere herriari eta itsasoari so, beste norbaiti errima goxoak esnarazteko behatokia eskainiz.

 

Mesina Itsasartea: estua da, eskura jartzen du Sizilia. Erabat bare dago, Maria Luisaren itxaropenerako.

 

Menditsua eta soila dirudi Siziliak beste aldetik ikusita, Etxeteria luze argia da Messina hiria itsasartearen  beste aldean.

 

Villa S. Giovani. Argitu dugu bertan nola egin bihar  Siziliarako bidea. Ez digu besterik eskaini. 

 

Lau itsasontzi bitxi izan ditugu ezuste inguruan: txalupa handi samarrak izan zitezkeen, edo ontzi txikiak, aldi berean eskailera den masta luze-luze bat dute erdian; masta goiko zabaltzan hiru gizon bereizi ditut bideokamerako bisorearekin; brankatik ateratzen zaio ere beste eskailera edo pasabide den moko horizontal luze-luzea, ez da inor bertan baina norbait aurreko ertzean kokatzeko gertatua da. Ez dugu asmatu ahal izan arrantza berezi baterako ontziak diren, ala beste zerbaitetarako itsas tramankuluak.

 

Reggio di Calabria. Ez zen bukatzen kaleartea, are luzeagoa egin zaigu kalabriar gidari eroekin; edonon geratzen ziren, edonon aurreratzen zuten, edonon irekitzen zuten atea... Baina heldu gara erdigunera. Aparkaleku franko dago, doakoa gainera. Hondartza gaineko Lungomare nabarmentzen zaio, hondartza gaineko ibilbide luze dotore zaindua, bizpahiru mailatan, zoru eta hormez gain fikus ipurdi zabal bihurri sendoz eta pinu arbola sendoz apaindua; bada antzoki klasikoa dirudien mailadi borobila itsasora eta Siziliara begira, ur ertza da eszenategia, irudi klasikoekin gauzatutako monumentua. Izozki aparta oparitu digu.

 

Hankaluzeak dituen suge erraldoi argia dirudi kaleen gainean gainbehera doan autobiderako sarrera Reggion, kiribilduta lez S luze pila marraztuz.

34 graduko hozberoa eman digu autoko termometroak Regioko aparkalekuan.

 

Itsas-muturraren edo botaren muturreraino egin dugu gero Aspromonte mendietatik eta Calabriako ezaugarrienetakoa omen Pentedatillo herritxoa ikusiz, etxeratzeko asmoz. Etxeak eta fruta-arbolak nahasi daude mendietara arteko ordeka osatuz, laranjadia da nagusi. Erabat nahasia eta trinkoa da zirkulazioa Reggio inguruan.

Mapa handiaz fidatuz,  etxean utzi dut liburuxka, baina mapa ez da izan objektiboa, ez behintzat gure premientzako asmatua. Ez digute norabide erosorik eman mendi barruko bidegurutzean, okerreko bidea hartu dugu, aurrean eraman dugun autobuseko gidariak eman digu erruaren berri itsasoa gertuegi ikusi dugunean. Bestalde, erabat egarri geratu zaigu gasolina potoa mendi mortuetan. Beraz, etxera bide azkar eta laburrenetik egitea erabaki dugu.

 

Erabat mortu dira Hegoeneko lurrok, Almeriakoak iduri. Belar siku dira mendiak, harri-tontor forma bitxikoak zenbait,  zuhaitzik gabeko soilduak, dena belar idorrez hori, dena mortu. Errekatxoa doa mendiarteko ordekan, baina uholde bortitzetarako bide zabala dute urek,  euritean ibai zabala izango den harriartean ahuntz talde zabala dabil larrean bere artzainaren begiradapean, auskalo zer bazkatzen. Laranjadi dira lur lauak eta olibondoek hartzen dute mendi barrena, hortik gora piku txungoa ikusi ahal da gehienez. Erabat ilunak dira herriak, behin ere pintatu ez diren zementuzko lau horma, baogune txikiekin.

 

194 kilometro, Mesina Itsasartearen ertzetik Sizilia begi-min, Italiako botaren behe muturreraino.

 

Arratseko bakean, atzoko haize eta itsaso hotsik gabe nabarmen heltzen zaigu tren hotsa kanpaleku honetan ere.

Oskorri zoragarriak edertzen digu arratsero egunaren agurra, eta egunotan ilargiak emana dio gauari ongietorria. Hutsik egin gabe, gaur ere borobil gorri sartu zaigu eguzkia aurrez-aurre itsas behera, lasterrera borobilduz doan ilargiak argitu du ordoki iluna, ipurtargi apalak dira urrunean itsasontziak. Lasterrera esku miragarri ikusezin batek urrezko iltzez josi du zeru-gain iluna.

 

Eltxoak sartu zaizkigu etxatoira: ordu gutxirako jaiotzen omen eltxoak, halaz ere motzagoa da gizakion iraupena unibertsoaren eboluzioaren erritmora.

Muskerra izan du M. Luisak lagun luzaro, izukaitz biak, elkarren auzo eguzkitan.

Saguzarra agertu zaigu leiho aurrean istant bateko hegazkada kiribilduan, hain guti ikusten dugun hegaztiak ez digu gaur ere beraz miratzeko aukera handirik eman.

Zoologikotxoa osatzen zaigu bukatzen denerako bidaia oro.

Messinako argiei begira eman dut luzaro denbora ohera aurretik etxatoi, aurreko behatokian: han egonen gara bihar, Ulisesen bideetatik.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

* “Eta ez dakit gu ginen mutiko haiek  honaino iritsi diren, baina gu bai, gu nolanahi hantxe geratu ginen”. Ulisesen istorioak irakurtzen zituen mutiko hura aldatuz joan da bidean, baina bidaiara ateratzen garen bakoitzean gure herrian geratzen gara, hara itzuliko garela baitakigu.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.