Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 02. ITALIA

BIDAIAK 02. ITALIA

Jon Etxabe 2023/03/06 10:15
IPAR CALABRIA., San Jiovani in Fiore,

Maiatzaren 17a.  Ostirala.  15-I:13.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* ”zuhur joka ezazu, bidazti!”. Zuhur jokatu behar du beti bidaiariak.

* ”Zer inporta zaigu ezjakinak izatea?”. Ezjakin sentitzen du bere burua bidaiariak dabilen herriari buruz. Mingarria da hutsune horren bizipena.

 

Ihintzaz blai zegoen goiznabarrean belartza, perla ale zuriz loratuta, bitxitegi distiratsua bilakatu da eguzkia mendi ostetik agertu denean.

 

 

IPAR CALABRIA

 

La Sila mendiak. Erre egiten du eguzkiak goizeko bederatzietan, mendi inguruotarako eguraldi aukeratuena.

Paisaia ezagunetatik gabiltza; bi ke multzo zuri, lainoen ordezko edo, olibadietatik zeru urdinera abian, inausitako arramen eskaintza jainkoei uzta ona izan dadin. Gaztelua haitz puntan dela, etxe-multzo arre iluna haizpean, harri gotorrak eta horma higatuak, haitzen zati edo osagai bailira, jauntxoak beti izan direla nagusi, pobreak beti izan direla menpeko, aldarrikatuz bezala.

Bisitari, ibiltari edo igandezale ugari dator La Sila mendietara, errepide zabal zaindua baita, mendiak tunelez zeharkatuz, mendi-zuloak zubiz gaindituz. Aparkalekuak takian-potian, argazkiak ateratzeko aukera guretzat. Izugarriak dira zubiak, luzeak eta garaiak, asko, bata bestearen ostean mendi-zuloen gainetik. Herriek plastada arre-gorriz betetzen dituzte magalak, hegiak zein tontorrak. Ikuskizuna dira urrutira, tristura sentipena  uzten digute bertatik. Maldetan zintzilikatutako herriak, labainduz joan balira bezala eurite batean.

Behatokiz behatoki goaz, errepidea bera da behatoki, zubiak dira behatoki, mendiak dira ikuskizun, herriak dira ikuskizun, zubiak eurak ere dira ikuskizun. Behatoki paregabea da berriro errepidea,  itsasoa lehenik, mendiak gero, zubiak eurak ere ikuskizun urrutiko mendi-zulo gainetan, mendi-zuloak ikuskizun zubi gainetatik, inguru guztiko mendiak bata bestearen ostean eta mendiotako basoak ikuskizun; magaletan edo mendi tontorretan herriak, mendi-magal zein tontorrotan barreiatuta, ikuskizun zirraragarria. Ez da lur landurik ageri, ez da granjarik ageri, baratze txiki batzuk, olibondoa, mahasti txiki bat eta pikondoak, ia besterik ez: ze demontretik bizi izan dira herri hauek, seguruenik itsasoz bestaldera atzerriratuz gaur industrigunetara deserriratzen diren bezala.

 

Colosimi. Mendiotako herria, etxe dotoretxo ugari du, txaletxoak, atsegin dute ingurua hor beheko ondo-biziek.

 

Erabat aldatu zaigu errepidea Colosimitik gora, bukatu dira zubi eta tunelak, bukatu da herrien ikuskizuna, badirudi ondo-bizien txaletetan dutela amaiera,  magalari itsasten zaio orain errepidea, basoari eutsiz, mendi-zuloetan kiribilduz; marra kizkurtu bat da errepidea mapan ere, guretzat gozamen. Bihurgunez bihurgune, maldan gora eskaladan lez. Ipar Calabria osoa dugu mendean, inguruko mendi eta basoak begien pean, errepideak gora egiten du amore eman gabe. Gaztainadia da mendi osoa, harritu gaitu, sekula ez dut ikusi mendi osoak gaztainadi; gaztainondo meheak, gaztainondo gaztea, tarteka enbor sendokoak, baina denak tantaiak. Gereziondoa izan da ukitu ezberdina goialde hauetan. Belarrietako ziztadak esaten digu goian gabiltzala.

La Sila mendigunean gaude bete betean mapak dioenez. Guretzat utzi digute errepidea, bidezainek soilik hautsi digute bakardadea, noizbehinka auto bat izan dugu aurrez aurreko une batez gure bidaiaren testigu, ez da beste bizidun arrastorik. Bidaia lasaia eta atsegina da, gozatzekoa. Bakardade absolutuan inguruaz gozatzen. Noizbehinka agertzen da “Casa Cantoniera” bidezainen sasoi bateko etxeak, utziak edo hondatuak daude gar egun, gureetan bezala.

Gaina hartu dugunean izei trazako pinu mota batek osatzen du mendia. Goren horretan, munduaren gailurrean, bakardade absolutuan, granja bat, lau txakurrekin zaintzen dute andre gizonak hazienda; ikusi dugunez, korta barruko ardiak dira.

 

Pagadia  da nagusi isurialde berriko gainbeheran, arkupea egiten digute tarteka zuhaitzek, etorbide dira artez guneak. Ordekatxoetan lurra zabaltzen hasi zaigun arte, lautada iragarriz. Lur landu zabalak eta traktorea lur-lantze betekizunean, ez Calabrian ez Campanian ikusi ez dugun ikuskizuna. Bailara zabal batean aurkitu gara, mirariz lez: ugariak dira lursail harrotu landuak, jadanik espero ez genuen lurralde aldaketa. Paisaia zabal bat. Bada kooperatiba handi bat, patata merkaturatzen dute, iragarkiak dioenez. Bada hotel eta jatetxe den eraikin handi berri bat ere, mendizaleak, aho gozodunak edo igandezaleak datozen seinale. Berdegune den lur sail asko dago, baina ez dira larre, utzitako soroak baizik. Errepide-gurutze bat besterik ez da bailara, ez da herririk, nekazal etxeak behar duten dozena erdi etxe xume besterik ez. Paisaia zabalak dirau.

 

Lautada bukatu da, pinudi bihurtu da orain basoa lautada bertatik hasita, pinudi izanen da Cosenzara bideratzen garen arte, maldan behera. Goi lautadan diraugu, harik eta Cosenzara hartu dugun arte. Goi-bailarako osagai berdintsuekin: lur landuak eta sail utziak diren belardi zikin latzak. Ugarituz doaz nekazal etxeak, xume-xumeak, kanpotik ikusita, inguru zaindu gabearekin, bakan-bakan, baina ez elkarrengandik urruti. Bada ondo-bizien txaletxorik ere.

Elur lekua: burdinazko haga luzeak erakusten dute errepide ertzetan ezabatu egiten duela elurrak errepidea.

Behatoki bihurtzen zaigu errepidea tarteka, Ipar Calabria gure oinetan erakutsiz, erabat baso dela frogatuz.

Badabiltza bakantze lanetan, basoa argitzen, bi pagaditan ikusi dugu, erabat bakantzen zuten batean, tantai makal bakar batzuk soilik utziz. Izan da ziplo botatako pago sail bat ere.

 

Arvo lakua: hiruzpalau laku marrazten ditu mapak, guri ustekabean agertu zaigu Arvo laku hau, kilometro askotako luzea mendiarte estu bateko bailara betez. Bazen autobuskada bat ikasle gazte, hotel baten inguruan.  Joan dotorean inguratzen dugu lakua, orain begi-bistan, orain kukuka zuhaitz artean, orain gordeta baso ostean. Errekatxo ugari dator lakura, “dorrente” izendatzen dute eta bakoitzak bere izen propioa du “dorrente” horrekin batera.

 

Lorica. Aisia gune bat da, agian herritxoa ere. Hotelak, bungalowak, bi kanpin, kalesaltzaile edo kaleko kinkila-dendak, bisitaririk ez badabil ere  gaur; “Funivia”, funikularra ere badu, ez dakigu norako, seguruenik hor bertan dagoen 1928 metro garaierako Botte Donato tontorrera mendizaleak hurreratzeko. Guk pinudi diren tontor leunak ikusi ditugu soilik, garaiak izango dira goian baikaude, baina ez dugu ezagutzen gure Botte Donato morroskoa, agian horietako bat da, guk beste jite batekoa irudikatu badugu ere. Ez dira ibilbiderako mendiak, pinudietan ibiltzea gustukoa duenarentzat ez bada, dena baita pinudi.

Gain-lautada sarriak, pinudiak... alanbrezko hesia errepide eta baso bitartean, animaliak ote zeuden sasoi batean basootan?.

Ez da inon, Eskozian bezala, telefono-kabina gorririk ikusten mendiotan errepide ertzean.

Oso errepikagarria bihurtu zaigu bidaia, lainotu egin zaigu eguna ere.

 

S. Giovani in Fiore. Zintzilikatuta ikusten ditugun herriok barnean nolakoak diren ikusteko balio izan digu. Herri handia. bihurri bihurria; errepidea doa goitik behera, hegitik ia zuloraino, bihurgunez-bihurgune; errepidearen eta bertara jotzen duten goitik beherako eta trabeskako kaleen alboetan bospasei solairuko etxe tristeak. Herri osoa da tristea. Inolako graziarik gabea. Kolorgetutako kolore ezberdineko etxeak.  Ez digu geratzeko aukerarik ere ematen, ez dugu zer eginik hemen, telefonoz deitzeko txartela ere bukatua dugu, estankoak eta telefonoa ez dabiltza euroarekin. Beraz abadia bisitatzea besterik ez zaigu gelditzen. Artisau lanak saltzen omen, iragarrita daude zenbait dendetan, baina ez dira gu bezalako oinezkoentzako kaleak, beraiek bai lasai dabiltza gainera datorkien autoei kasurik egin gabe.

Abadia Florense. Ia mendi-zuloan, herriko barrenenean. Cister ordenakoa. Austeroa erabat, erabat kendu diete zarpeatua hormei, baina ez dira inola ere erakargarriak, harri ezberdin zatarra baita; masa, aldiz latza. Arku gotiko berezi batzuk ditu eskuinean, beste eraikin batekoak segurenik. Urre kolore iluneko aldare nagusia, eta erretaula lez santu-irudiarentzat lekua. Erretaula ostean aulkiteria, aspaldikoa nonbait zeren bertan eserita erretaula atzealde ezin traketsagoa du pare bat metrotara santuarengana igotzeko mailadi xelebre batekin. Santu-iruditeria albo bateko gela eta kaperetan, etzaniko Kristo eder bat, aurpegiera sarkorrekoa. Aldare azpi inguruan lehengo komentua izanen zen gela edo areto, agian kripta besterik ez da, baina oso zabala eta sailkatu edo banatua, fraideak austeroak zirenean beraien komentua izan zitekeena, mailadi harrizko piko batez jaisten da bertara.

Herri giroa komentu inguruan, kamioikada enbor hustu dute kale erdian monasteriora doan kalea luzarorako itxiaz, gizenkote bat hasi baita motozerraz trokote luzeak mozten, puska baterako lana.

Bisitari ugari doakio nonbait, jubilatu koadrila eta eskolaume koadrila atera da gu heltzean, eta ume koadrila sartu da gu atera garenean. Lau gida ere atean daude bere zerbitzua eta jakinduria saltzeko prest, ez zaio gustatu bati guk inor alokatu ez izana, baina guk ordaindu egingo genuke beraien hitz-jario guztia ez entzutegatik. Datu guti eta funtsezkoak behar ditugu soilik. Ze aspertu aurpegi umeek ere!. Baita irakasleek eurek ere!.

 

Erdi landu, erdi utzitako goilautadetatik egin dugu etxerantz. Ez du graziarik paisaiak. Ez da inolako ikuskizunik. Berde-berdea, bizia eta deigarria dute teilatua bi etxek, inguruarekin konbinatuz agian. Pinuak  darrai basoan nagusi. Dozena erdi behi larrean izan da osagai berri harrigarria. Ez da inola ere lautada edo bailara erakargarria, etortzera deitzen zaituena. Uralitazko teilatua du zenbait etxek, herdoildu kolorekoa.

Natura-gune bat iragartzen digute, agian Cecita lakua da.

Alde honetatik ere ez zaigu nabarmendu Botte Donato mendia.

 

Camigliatello. Udaldi eta negualdi herria, kale bakarra du, dena denda eta ostatu, eski eremuak eta elurrerako arrasteak ere iragartzen dituzte. Telefono txartela eta kabina ere gauzatu ahal izan ditugu bertan. Horretarako soilik geratu gara, herri erabat hila baizen.

Perretxiko saltzen ikusi dugu gizonezko bat, ale handiko bi kaxakada zituen.

 

Hortik aurrera dena izan da tunela eta zubia, dena behatoki, dena herri magaletako herrien ikuskizuna lehenengo, Cosenza bailara azkenik. Pagadietan, beranzko errepidea. Atzo aurrez-aurre izan genuen mendi-magal eta herrietatik goaz, atzo beherantz etorri ginen magala eta bertako herri piloa maldetan sakabanatuak aurrean ditugula. Ikuskizun paregabea berriro ere. Zubien ikuskizuna tarteko, zeharkatuko ditugun zubiak ikusten ditugu aurrez mendi-zuloko alde bietako pagaditik pagadira, pagadiak elkar lotuz, barnea kilikatuz. Ezaguna arren, zirraragarria. Duela gutxi arte errepidea zulorik zulo joango zen, herrietara aldapa pikoetan igoz.

 

Cosensa bere zabalera osoan ikusi ahal izan dugu. Etxetzarrezko zabal-zabala.

 

Gaur ere 30 graduko hozberoa hirian.

 

Kale-gurutze batean, eskuinera jotzeko zain egon arren, bide erdi-erdian jarri zaizkigu autoak hainbat aldiz, geraraziz. Nahi dutena egiten dute. 

Dozena erdi ardi: herenegungo berberak seguru aski.

Miren zoriondu dugu. Euskal Herriko noizbehinkako lotura. Deskonexioa da lasaitasunerako bidea. Etorriko dira kezka egunak.

Ez da kanpinik tren-hotsik gabe. Hemen ere heltzen zaigu traka-traka errailen soinua, kamiotzarren baten burrunbarekin nahastuta.

 

216 kilometro, mendiko ibilbideetan, oinezko ibilbide gozagarririk gabe. Itsasoa eta hondartza genuen zain.

 

Kilometrotako itsasertza utzi digute guretzako bakarrik, hondar beltza izan dugu oinpean zoru eta izara urdinaren ertz kizkurtua masaje-emaile zuri. Zimurtuta dago itsasoa, kirrutu gabe

Muskerra aurkitu du M- Luisak zerbitzuguneko sarreran, nire igelaren bila agian.

Zerura begiratu eta Josebaren “izetu ezinik txinpartak ateratzen dituzten pospolo bustiak lez” gogoratu dut, deika ari zaizkidan argi-keinu indartsuak dira  gauotan izarrak.

 

“Lagun izoztua”. Joseba sarrionandia:

*“Ikastera zetozten, jakin, gehienez ere apur bat besterik jakin ezin den arren”. Herriak ezagutzera ateratzen gara bidaiara, ezagutu oso azaleko ezagutza, arina soilik, egin badaiteke ere.

* “Esaiozu Ednari oinazerik gabeko bizitza lotsagabekeria dela”. Lotsagabekeria da arazorik gabeko bidaia ere.

* “Badira bide batzuk derrigorrez ibili behar ditugunak, inora ez doazela jakiteko”. Zenbat alferrikako ibili bide egokia edo zuzena zein den ikasteko. Ikusi ondoren, denok jakitun.

 

 

Maiatzaren 18a. Larunbata.  16- I:14.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Ez dit inork argitu zertarako etorri naizen, eta zergatik etorri naizen edo zergatik joango naizen”. Bizitzari buruzko galdera betikoak.  Bidaietara badakigu  zertarako, zergatik, baita noiz eta nora joango garen ere. Bada zerbait.

* “Zoriontasunetik izena baino ez dazagu(¿)”. Izpi batzuk ere bai, bidaiatzearena adibidez.

* “Ez ezazu borroka  egin zoriontasun bila”. Zeren bila orduan?. ZORIONA ala zoriona, hori beste arazo bat da.

* “Zelako misterioa espazioan biraka dabiltzan astro horiena”. Misterio horrekin dut zita gauero, zohardi garbiotan, oherako baregarri.

 

Susmaberak gara atzerritarrak, edozertan iruzurra sartuko diguten kezkaz, bertakoek barre egiten dutenean gutaz ari ote diren, auto tutuak edo edozer denean gutaz ote den, zerbait gaizki egiten ari ote garen... Inoren etxean dabilenaren arazoak.

 

S. Eufemia Golkotik Squilace Golkora dugu gaur ibilia, Tirrenotik Itsaso Jonikora, mendiz harantzakoan, autobide azkarrean honanzkoan.

 

Pikoan egin dugu gorantz, egunerokoa dugun baina aspertzen ez gaituen ikuspegia dugula begien aurrean. Itsasoa, mendiak, herriak eta herrietako kalabriarrak. Olibadi da mendi osoa. Olibadi zainduak, aspaldikoak, azpiak garbiak, olibondo inausi eta zainduak; olibondo sendoak dira, adar ebakiek nano utzi badute ere lerdenak ziren zuhaitzok. Pikondoak eta intxaurrondoak herri inguruetan, mahastitxoak eta piku txungoak ere, errimea da  intxusa bazterrotan. Bakoitzak bere etxerako egiten duela dirudi. Herrietan ez dira falta, nekazal etxe inguruan, gereziondo, pikondo, intxaurrondo, piku txungoak... Hainbat herri zeharkatu dugu, magalean behera doazen herriok; erditik zeharka zeharkatzen ditu kale nagusiak, gora eta behera doaz kalexka, pasabide eta mailadiak. Izan da herri bat erreka-zuloaren alde bietara zabaltzen edo luzatzen zena. Beltzez janzten dira emakume nagusiak, baina izan da bat errepidean azpiko gona gorri-gorria erakusten zuena; kapelua daramate gizon nagusiek, lurralde beroa izaki, ez dute behar paraje hotzeko euskaldunon txapelik: italiar pelikuletako gizakume petoak dira. Ez dute ezer asmatzen pelikulok. Lasai hartzen dute bizimodua herrietan, egonaldia egin dute autoko gidariak eta oinezko emakume batek kale erdian, alde batean zein bestean dozena erdiko ilara sortu den arren. Herri batean merkatu txikia zegoen, itsasorainoko ikuspegia zabaltzen duen behatoki edo plazatxoan. Bizi-biziak daude zenbait herri, hilak besteak, koskortuak dira batzuk, errepide ertzeko etxe ilara besterik ez beste batzuk. Merkatu txikian ohizko salgaiak, baina bertako gaztaien formak izan zaizkigu deigarri: sokaz loturiko gaztak, madari erraldoi formakoak, soka barreneraino sartuta, zintzilika eduki eta koipea botatzen joan bailitzan. Beste herri batean On Pio, santu egin nahi duten fraidea, dago brontze gorrizka bihurtuta  plazan, Napoliko eliza batean ezagutu genuen fraidetxo potolo bizarduna. Aguazila bera ere ez zen bertan beherakoa, gorro plato zuriarekin eta uniforme urdin ez nolabaitekoarekin. Galdetu behar izan dugu bidea pare bat aldiz,  erantzule argi bizi eta adeitsuak aurkitu ditugu. Morroikeriarik gabe. Umoretsu ere bai: eskua jasoz esan diot bati “bon jorno” eta “ave” izan da bere lehen erantzun irribarretsua. Etxetxo txukunak dira, sakabanatuta daude, xume-xumeak baina ahalegintxoak egin dietenak:  nekazal etxeak, lurra lantzeko darabilten zantzu argiekin, olibondo azpiak eta baratzak lantzeko  edo;  herrietako etxeak, aldiz, ohizko kolorgetu tristeak dira. Sarriak izan dira traktore txikitxoak; errepidean, baina. Emakume nagusi bat atarian ari zen itxuraz bazkarirako osagaiak prestatzen.

Errepide onak ditu Calabriak, mendi galduetara ere, onak dira baita mapan marra zuriz, azken kategoriako bezala, agertzen diren errepideak eurak ere.

Mendiari helduta doa errepidea, erreka-zulotik tarteka, magal zabaletik hurrengo. Mendi goitik zenbaitetan, itsas gain beti: ibilbide paregabea. Ugaria da artea, haritza ere. Gurekin daramagu S. Eufemia golkoa, beti gure azpian, begien gozamen, bere osotasunean biltzen dute begiek, hegazkin batetik bezala.

Iruzurra sartu digu mapak: goi-mendietatik egiteko asmoa genuen, baina itsasertzera eraman gaitu, gaurkoan halabeharrez, ez gure hanka-sartzez. Autobidetik egitea erabaki dugu Catanzarora.

Industria pabiloiak lautadan, bakanduak;  lursailak, berriz, utziak, malda barrenetan ezik, non olibondoak nagusitzen diren; zuhaitz bakanak beheko mendi-muinoetan. Azkar joan behar da, ez dago alboetara begiratzeko astirik. Paisaia tristea inguruko mendiek berdetu eta gozatzen badute ere, pobre itxurakoa, degradatuz joan dena erabili ezaren poderioz, agian  industrigune izateko itxaropenez,.

(Begiratu zer esan nahi dure “lido” hitzak)

Aurrez-aurre izan dugu Itsaso Joniar  lautadako joan bizkorraren ondoren.

 

Catanzaro. Joniar itsasoaren barnealdean. Bi zubi ikaragarriek lotzen dute hiriko mendia albokoarekin, autoei sarrera ahalbideratuz, ikaragarri zabala bataren arkua, garaia aldi berean erreka-zulo zabalaren barrenetan oinarrituz izugarri gora igoz; zubi garai luzeen labirinto batek ematen die autoei sarrera lido edo itsasertz aldetik. Mendi koskor bat da Catanzaroren oinarria. Tontorrenean Duomo eliza zuria, Italiako eliza hainbaten ohiko dorre eta kupularekin; kaleak eta etxeak maldan behera. Goitik sartu gara baina behera eraman gaitu alde batetik kaleen norabideak, berriro gora eramateko. Inolako apartekotasunik gabeko kaleetan zehar. Autoz lepo dago kale oro, geldi zein dabiltzanez; berea egiten du bakoitzak, hemen argi eta bizkor ez dabilenak ezin du kale-gurutzean inora egin, turuten sinfonia entzun beharko du beti. Ikasia dugu zirt  edo zart egiten. Izan dugu non aparkatu bi ordurako txartelak erosiz taberna batean. Zer kontatu handirik ez digu eskaini, baina atera ahal izan dugu dirua, erosketak egin, M. Luisak inon aurkitu ez duen laka ere, eta  Mariari telefonoz egin; izozki gozoa zurgatzeko aukera ere eskaini digu. Hortik kanpo ezer guti azpimarratzekorik. Baditu pare bat plazatxo, horietako bateko eskultura edo delakoa azpimarratuko nuke: gora doan mailadi zabal bat belartzan, gazteak gorantz egin eta bertan eserita daude kontu-kontari. Badira xarma erakusten duten txoko eta inguruak. Eliza pila, bi ikusi ditugu:  Kontseziokoa, Sortze Garbikoa: barroko loratua, apaindua, Austriako haien tankerakoa nahiz apalagoa;  pulpitua ziruditen bi irtentxotan, xarma erakusten duten organo nano xarmanta bakoitzean; Duomoa, kanpotik zuria, barrutik marmolez apaindua; hutsa eta hotzegia, ateak ditu brontzezko artelan paregabeak. Duomoko plazan, mutiko koadrila futbol jolas zaratatsuan, Milan ekipoaren kamisetekin. Kale-artean sartu gara, kaledi estu eta nahiko bihurria da tarteka, nondik motorrak eta autoak agertzen diren oinezkoak portaletara bidaliz: ate ederrak aipatu behar, izanaren ispilu lausotuak; aitatzekoak patio zabalak, bizitza oparoa izan zutela aldarrikatuz. Herri patxadatsua dirudi, lasaia, plazan eserita irakurtzen dute egunkaria adineko gizonek, kontu-kontari dago jendea plazan. Italiar pelikuletan  ikusi daiteken ikuskizuna eskaini digu gaur errealitateak: kalerik kale, espaloiz-espaloiz, etorri dira poliziak egoitzara, hainbat eta hainbat zutoihal eta bandera zut zituztela aurrean eta beraiei jarraiki, polizia jantzitako eta gorbatadun gizaseme pila, emakumeak ere; ospakizunen bat zuten nonbait polizia egoitzan. Muntaia bat du talde batek plaza nagusian, toldope batetik bozgorailuen bidez etengabeko erretolika botatzen dute, ikaskuntza arazoaz ari direla dirudi.

Hiri bizia eta beroa, 30 graduko hozberoarekin ibili gara bi orduz kaleotan. Baina itomenik gabe.

 

Kanpoko argitasunetik sartuz, berez ilunak diren tunelok iluntasun absolutua dirudite autoen argira begiak jarri arte. Senez edo berezkoz gidatzen duzu lehen zatian, aurretik datorrenaren baino eskumarago eginez.

Goizean utzitako ibilbidetik itzultzea erabaki dugu. Mendian gorakoari heldu diogu beraz.

 

Tiriolo. Zirraragarria, zementu ilundu zahar koloreko etxeteria mendi magaleko pendizean behera, gerrak hondatu edo erretako herri baten zantzua eskainiz. Erditik zeharkatzen du errepideak zeharretara, eskailerak eta kale pikoak erakusten ditu betatik, baita erloju dotore bat ere elizako horma dirudien batean.

 

Ikuskizun berebizikoa eskaintzen digu berriro errepideak, anfiteatro  erraldoi berde batean baikenbiltza,  sumendi baten aho berdearen barruan goazela dirudi, borobilean. Mendirik mendi gabiltza egunotan baina ez gaitu aspertzen ikuskizunak. Herriak magal pikootan, zipriztin gorri eta argiz etenez anfiteatro osoko berdegunea.

Ez dago askorik agirian, baina tarteka agertzen da bela beltzen  bat errepidean. Gaur bigarren musker berde-berdeak zeharkatu du errepidea, auskalo ze egutera edo maitale bila.

Arratsaldez, goizean pare, guretzat utzi digute errepidea. Gaur ez da bidezainik ere. “Cantoneira” bidezainen  etxeek hor diraute, utzik eta hilak, gorri ilun sarkor, ia lila, pintatuta.

 

S. Pietro Apostolo. Dozena bat etxe xume errepide ertzean, herriaren ertzean, aldiz, arrosa deigarri pintatutako eliza pospolina Amabirjinaren fresko batez apainduta ateburuko horma.

 

Hortik behera,  goiotatik ia barreneraino, mendi osoa da gaztainadi. Ezki sendo ederrik ere bada. Gaztainondo gaztea, hiruzpalau enbor mehe luzatzen da oin beretik; badira tortoan hasten den gaztaina-adar sastrakatsurik, oraindik bakandu gabe, zein adarrek iraungo erabakitzeke.

 

Sumendiaren ahoa utzi dugu, baina mendiz mendi jarraitzen dugu, goiak utzi gabe, gorenak ez badira ere, magalez magal, basoak bilduta tarteka, hurrengo urrutira arteko mendietan herrien ikuskizunaz gozatuz. Tarteka zeharkatzen dugu herriren bat. Hilak daude, bazkari edo siesta ordua da nonbait.

Kapera edo santu-irudi zulorik ez da, bi gordelekutxo ikusi ditugu errepide bazterrean, nahiko utziak biak.

 

Soveira Mannelli.  “territorio desnuclearizato” dio kartelak: hemen goiotan ez diete zentral nuklearrik eginen, baina biztanleen postura zintzoaren ezaugarria da aldarrikapena. Dottoretu nahi duen herria da, zuhaitzak sartu dituzte etorbide itxura emanez errepidea den kale nagusiari.  Herri ertzean dozena erditik gora makal enbor ikaragarri sendoak, diganteak, erraldoiak, erabat inausiak: enborrak soilik utzi dizkiote, zirrara sartzen dute, fantasmak dirudite, zerbait irreal, ezohizkoa; kimu berriak erne nahian dituzte, eta bada bat aspaldi inausita nonbait, milaka kimuz biziberritzen hasia.

 

Iturri bat errepide ertzean noizbehinka, iturri arruntak, kanil eta aska arruntekin, baina ura dute, iturriaren funtsa eta esentzia. Apaindura hutsa nahi  ez badu ura izan behintzat.

Goitik behera pikoan ekin diogu itsasertzera. Gaztainadi izaten jarraitzen du basoak.

Gogo Jardunen etxea iragartzen dute errepidean basoranzko hesi batez, Leku baketsua izanen da norberak bakerik badu barnean, ez badu, inguruak lagunduko dio barnea orekatzen, borondaterik badu.

 

Plantania. Irudi bitxi berezi deigarria eskaini digun herria mendiaren nahiko barrenean: teilateria gorriak erabat estaltzen du mendi magaletik ateratzen den apendizea dirudien mendixka luzearen hegia, marra zabal gorria luzatzen da mendi-zulo gainetik, muturrean behera etxeak barreiatzen zaizkiola. Ikuskizun dotore berezia.

 

Barreneraino egin dugu. Marina zabala agertu zaigu, S. Eufemia golko gaineko ordeka zabala, ordeka berde ilun tristea, padura itxura gehiago duena.

 

Nicastro. Malda barreneko herria. Lamezia Terme izenez agertzen da errepidean. Eskerrak bere bila hasi ez garela goizez, erotuko baikinen, ernegatu behintzat, bere bila. Gidaliburuak aipatzen ditu geldiunetxoa merezi duen zenbait artelan. Gaztelu baten hondakinak erpin-erpinean, herri zaharra azpian, ia zintzilik,  eta gero luze eta zabal herri berria, guztiak bezala kolorgetu tristea.

 

186 kilometro, Tirrenotik Joniarrera, mendiak zeharkatuz.

 

Miraritxo teknikoa gertatu da kanpinean, gure auzo berri holandarrak teleaginte batez kokatu du etxatoia era orotako mugimenduz. Merkaturatu ote den, eta zenbat balioko dun jakin-min utzi nau.

Olatu meheen soinuarekin nahastuak entzun ditut nire hondar gaineko oin hotsak, gero enbor zerratu berri piloari zerion usaina hartu dut, pixa parrastadatxoa egin dut itsaso handian, atzo arratseko nire oin lorratzak zirauten oraindik hondarrean... asebeteta sentitu naiz unibertsoaren zati naizela jabetzeko gutxienez jaio nintzelako.

Bezero ugari sartu da arratsean kanpalekura, ez bertako igande-pasakoak, kanpotarra baizik, alemaniar, holandar, belgikarrak...

“Arrats gorri ....”, gorria da bidaiariaren hurrengo egunerako itxaropena, baina lainoek lausotu digute urrezko bola itsas gainean erraldoi borobildu baino lehen.

Kakalardo erraldoia izan dut gaur gauean zerbitzuguneko sarreran, argi-azpiko hormaren kontra danbaka temati, hilda edo zauritua

Gora laurdenera ia heldu den ilargiak apaintzen du gaueko ibiliko ganga izarratua.

 

Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “... udazkenak hiru zentzumen esnarazten dituela: ikusmena, entzumena eta usaimena”. Udaberriak bizipoza esnarazten du, bidaiara aterarazten.

* “... udazkenak duela urtarpetan antz gehien ametsarekin”. Guk neguan egiten dugu amets bidaia prestatzen, udazkenean erabakitzen baitugu hurrengo udaberrian nora joan.

* “Ahanzteko almena galtzea oroitzeko ahalmena galtzea baino latzagoa da”. Biak ere latzak, bidaietako  argazki eta egunkaria ditut ahalmen horiei eusteko amarruetariko bat.

* “Amets egiten nuela amets egin dut. Amets egiten duela amets egiten duena berehala esnatzen dela...”. Irten aurrean da ametsa bidaia, gero lo seko egiten dudan errealitate lasaigarria.

* “Baina bai ez garela beti izan orain garen gorputza. Luzaroan emigratutako  partikula eta gugan bat egindako partikulez osatzen gara. Heriotzarekin, gu garen elementu guztiek lokarriak askatuko dituzte eta izatearen ozeanora itzuliko dira”. Eta bitartean unibertso eta izadi honen kontziente gabiltza bidaietan.

* “Ez da egia  bizitza amaitzean hasten dela heriotza, bizitza amaitzean heriotza ere akabatzen da...”.  Bidaia amaitzean oraindik ere darrai oroimen, bizipen, argazki eta izkribuetan.

etiketak: Italia, Bidaiak 02
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.