Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK. ITALIA 2002

BIDAIAK. ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/02/27 09:50
CALABRIA. Sta. Eufemia golkoa.

Maiatzaren 15a.  Asteazkena. 13-I:11.a

 

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam.

* “Zabiltzan feria honetan ez zaitez saia adiskiderik aurkitzen. Ezta gordeleku irmorik ere”. Bidaia feria honetan definizioz  bidaiariak ez du gordeleku irmorik, gordelekuz aldatzea baita bere ibiltari izaeraren zati. Adiskideak ere ezin izan luzarorako, ez baita adiskidetasun sakonik aurkitzeko aproposa  bidaiariaren izaera hegalaria. Baina beharrezkoa du gordelekuren bat eta sekula ez zaigu falta izan estualdietan laguntasuna eskainiko digunik. Ezta adiskidetasun balekoagorik.

* “Ezinezkoa zerua behatzea... Paradisua, niretzat bake-une bat besterik ez da”. Bidaiak baditu zorion zatitxo diren une asko.

* “Amets dagit...”. Amets bat da bidaia. Egi bihurtzen den ametsa.

* ”Hego-haizeak lehortu zuen  urretxindorrak bere laudorioetan  kantatzen zuen arrosa”. Ibiliak ahitzen du gidaliburuak ernarazitako ametsa, oroitzapen eta bizipen bihurtuz.

 

Aldaketa egunak berarekin dakarren  abentura punttuak ziztatzen gaitu. Egun zoragarriak agurtu gaitu, ez da hasera txarra.

Napoliko badian badira oraindik bazter tentagarriak: behatoki zabalak, abestiagatik Marechia sonatua, Ciceronen etxe bat, erromatarren ur biltegi erraldoi bat, etab… tentagarria. Baina oso nahastua da ibilbide hori,  Napoli zeharkatu behar baita bertara joateko, edo ingurubide luzea egin.

 

Hasieran izan dugu zailtasunen bat aldats pikean gurpilak laprast egin digulako, baina onik eta erraz egin dugu autobidera artekoa, umoretsu barre eginez gidari eta oinezkoen araurik gabeko jokabideari, ertzak  ongi zainduz.

 

Erabat aldatu zaigu giroa eta paisaia, itsas girotik nekazari girora. Bidaia paregabea bere luzera osoan. Mendiartea izan da ibilbidea, mendi-magalez mendi-magal gehienetan, mendiarteko bailararen batean tarteka, nahiko goitik sarri. Behatoki izan da errepide osoa; mendi-zulo sakonak, bailara zabalak zein estuak, herriak mendimagaletan zein sakonean, zubi gainetatik zein mendi-magaletako joanetik ikuskizun. Dotore ageri dira herriak urrutira, eguzkitan argi, hegiak estaliz, malda berdean argigune bizigarri, edo behetan teila koloreko xafla zabal. Herri hitsak dira bertaratuz, harrizko arreak, edo adreiluzko zarpeatu tristeak, berriak ere erabat xumeak. Harritzen gaitu zenbait herrik: etxetzar berri pila industriarik ageri ez den parajeetan. Menditzarrak, zuhaitzez berde gaina,  amildegi ikaragarriak beherantz.

 

Campania: bertatik bizi izan dugu itsasertzetik barrurantz asmatzen genuen mendiarte hura. Mendiartean sartu gara itsasgainetik egin ondoren Salermon. Tamaina eta itxura guztietako mendiak, mendi-muino leunak, mendixka zorrotzagoak, eta menditzarrak, haitzak Sarriok esango luken bezala eta harkaitz tzarrak, bere osotasunean berde edo laino multzo zuriek lepokoa eta txano zuria jartzen ziela, dotore.

 

BASILICATE probintziako kilometroak, mendi mendiko zeharkaldia, tontor eta basoz inguratuta, behatoki paregabea ordeka gainean.

 

 

CALABRIA

Probintzia bera gerta zaigu ezuste gozagarria, menditsu jori aparta azaldu zaigu: lehorra eta gogorra espero genuen. Tontorreria paregabeak, bailara zabal berde joriak. Fruta arbola-sail ikaragarri zabalak, harrigarri zabalak, urrutiko mendietarainoko ordeka osatuz. Izan da gari-sailik,  nola ez olibondorik ere. Izan dira mendi soilak ere, baina aurpegi goxoa jartzen die berdetasunak. Artea, pinua, intxaurrondoak, gaztainondoak... Natura-gune baten baitan gaude, Parco Nazionale dio mapak. Mendi ederrak dira gureak, baina bada mendi ederrik erbestetan ere. Nahitaez izan behar du mendizaletasuna hemen. Pollino mendi tontorra: 2248 metroko altuera du, hor bertan  izan dugu, baina ez dugu jakin izan hiru tontorretatik zein zen garaiena. Artea eta haritza, eta pinu zoztorrak goiotan marduldu ezinik edo...: berde mota ezberdinen erakusleiho aparta. Paraje paregabeak, zirraragarriak, mendira erakartzen zaituztenak. Berotegi beltzak, erabat makurrak halako berdegune ederrean. Burdinazko kriston zubitzar urdina zementuzkoarekin lehian mendi-zulotzarra zeharkatuz: erabat zirraragarria izan zaigu. Badira mahastiak, oso txikiak, bere sailtxoa du inguruan etxe bakoitzak. Zenbait ote-gune, loratuta hori. Toranora irteeran izan da artalde bat, larrean ikusi ditugun animalia bakarrak; ez dugu granjarik ikusi.

Etxe bakanak barreiatzen dira arbola artean; berdegunean gordeta daude herriak. Bertatik ez dute erakargarritasunik, deigarriak zaizkigu urrutitik. Cosensak ez du inolako apartekotasunik, zabala izatea ez bada, etxe berri arruntek osatzen dute.

Tunela eta zubiak, mendi-errepide honetako osagai ezinbestekoak: tunel luzeak sarri, baina batez ere zubi izugarri garaiak mendi-zulo sakonen gainetik.

Sarriak dira errepidean elurra denerako oharrak, itsasotik gure ustez gertu, eta ez hain goian, dauden tokietan ere.

Berde eta joria arren lurralde osoa, paraje xumearen itxura du, nekazaritza pobrea behar du izan hemengoak. Nekazaririk gelditzen bada.

Noizbehinka harrobiak, mendiari egindako zauri erraldoia, mendia biluzik utziko balu bezala, bere jantzi berdeari tarratada eginez, erraiak zaurituz.

Gaztelu gutxi, pare bat soilik ikusi dugu, tontor batean bata, magal batean bestea, tontorrekoa urrutiegi zenbateraino hondatua zegoen igartzeko, utzia eta hondatua bestea, magalean, gazteluarena baino jauregi itxura gehiago du, triste bere gainbeheran, zabaltza almenadun, leiho zein ate gotiko eta guzti.

Ez dugu animaliarik ikusi; Calabriako mendi magal batean ikusi dugu Italian bidaia honetan gogoratzen dugun artalde bakarra. Urbasa, Urbia, Aralar, Andiara... eraman ote dituzte ardi, behi, zaldi... taldeak. Zeren eta nongo esnearekin egiten dute hemengo mozzarela famatua?, nongo irinarekin Napoliko pizza eta pastak?.

Hiru argindar linea erraldoik, elkarren hur eta paralelo zeharkatzen dute mendikatea une batez, baina ez dugu zentralik ikusi, Ekialdetik datoz seguruenik eta egunen baten topo eginen dugu zentralarekin. Irakurria dut badela zentral nuklear bat Adriatiko inguru horretan.

Trakatan-trakatan, gabon kantako erregeak bezala egin dugu bidaia osoa, zubietako dilatazio tarteak, zuloguneak, adabaki koskadunak direla eta, dantza franko egin ahal izan du gaur etxatoiko gauzateriak.  Berrikuntza, konponketa edo garbitze lanak, orain bai,  lasterrera ere bai, bi bideetatik batera mugatzen ziguten ibilia, edo batera ekartzen zituzten autobideko alde biak. Hiru probintzietako bide osoan. Errukirik gabe. Lanok eta bide murrizketok noiz eta non bukatuko etorri gara, hura azkena ote, baina azken uneraino iraun dute, batzuetan luzeago ziren zati berrituak, bestetan motxago. Halaz ere bidaia gozagarria izan da, mendi paisaia eta kolore berdez ase ditugu begiak.

Garai batean hala-moduzko segurtasun neurriekin egiten zuten lan erepidean Italian, gogoan ditugu nolako kezka sartzen zigun langileak errepide bazterrean babes urriekin ikustea, gaur egun neurri ganorazkoak hartzen dituzte, errukirik gabe mozten dute bideetako bat tarte izugarri luzez aurretik.

 

Sta. Eufemia golkoa.

Nocera Marina.

Guk bila genbiltzana ez, guk uste genuen bideetatik ere ez, baina erraz eta eroso aurkitu dugu kanpalekua. Geu bakarrik gaude, itsas aurreko lautadan, hondartza eta itsas marra aurrean, mendi eta baso berdeak ostean: egun lasaien itxaropena bihotzean. Tamarindoek osatzen dute nagusiki eremuko geriza zabala.

Egin dugu hondartzako ibilaldia: hanka bat bendatuta, hiru hankaz korrika zebilen zaldi eta bere  zaldizkoa izan ditugu itsasoaren ikuskizun-osagai.

 

362 kilometro, paraje apartekoetatik lekuz aldatu gaituztenak

 

Aspaldiko partez eguzkia ikusi dugu urrezko bola baten itxuran geldi itsasbehera sartzen. Tarteka soilik suertatzen zaigu itsasbehera sartze horren gozamena.

Auto batetik ekimen baterako deia luzatzen dute bozgorailu bidez. Etxarrin leihora aterako ginen ia ze ordutan non zer.

 

Lagun izoztua” Joseba Sarrionandia:

* “”Eraikin berriak, hodeiak urratzeko moduko etxe orratzak, fantasma erraldoi zigortuen gelditasunarekin”.  Zenbat aldiz errepikatuko genukeen esaldi hori bera, itsas bazter honetan ere etxe horratzen lainoetarainokora heltzen ez badira ere itsas bazterreko eraikin handiak.

* “Gorputz partikular hau gorpu bihurtuko da, norbere kartzela norbere hilobi bihurtzen da”. Ez dut ez nire kartzela naizen sentipenik, ezta gorputza nire hilobi bihurtuko zaidan bizipenik ere. Katakien antzera batetik bestera ibiltzeko adinako aske sentitzen naiz, eta nire gorpua zerbaiten hazi edo osagai izanen dela ere badakit. Nahiko.

* “Gorputz gaixoarekin tratatzea gogorra da, baina ohiturak eta hurbiltasunak errazten dizu”. Ni ohitu nahiz nire gorputz elbarritu honetara, ni neu bainaiz elbarritua. Baina bidaiatzeko aukera ematen dit oraindik, muga fisikoen gaindi.

 

 

Maiatzaren 16a.   Osteguna     12.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Uko egiozu merezi zenuen sariari”. Bidaiok dira merezi izan dudan saria, eta ez dut uko egiteko asmorik.

* “Ardoan soilik fidatzen naiz”. Ardo ona bada!, baina nork daki gaur egun zein den ardo ona, asko ordaintzea ez baita inolako garantia, zaporea bera ere artifiziala da  sarri.

* “Edan ezazu zeure ardoa!. Bizitza eternala erdietsiko dizu”. Baina alkoholak “bixamuna”  dakar berarekin, unean uneko zorion faltsua  beraz.

* “Entzun ezazu sekretu hau: tulipa zimelduak ez dira sekula berpizten”. Ezta bidaia bera errepikatzen.

* “Aspaldi aspalditik, egunsentiak eta ilunabarrak bata bestearen atzetik doaz”. Bidaiek ematen dute egunsenti eta ilunabar horietaz gozatzeko aukera. Horregatik bata bestearen atzetik egiten ditugu bidaiak ere.

 

Determinismoak ez du eraginik bidaian. Bidaiariak du eragin nagusia nondik norakoan, sarriak badira ere ustekabeak, baina une horietan ere bere ahalmenez baliatu behar du bidaiariak. Baina beti geratuko da sakoneko eztabaida, zenbateraino bakoitzaren osagai kimikoak eta baldintzek bideratzen dute jokabide eta aukera oro.

 

Enarek zeharkatzen dute ziztu biziko hegaldi kiribilduetan hondartzatik honanzko gure aurreko belartza gaina goizeko freskurak eskainitako askari bila. Etxarrin hasi zitzaigun aurten udaberria, ez hainbat urtetan bezala bidaian, han ikusi bai genituen lehenengoz elaiok, baita kuku kantua entzun ere. Itsasertzean arren, ez dut kaiorik ikusi dugunik gogoratzen, goizaren lehen mezu pozgarria izan da gaur kaio bat guregana hegaz inguratzea, zuri zeru urdinean, Sarriok esango luken bezala “bere hegaldi ikusgarriarekin zeruaren urdina erakusteko”.

 

Lainotsua baino beroa esnatu zaigu eguna.

Itsasertza eta bertako herriak izanen ditugu batez ere gaurko ibilgune, La Sila mendikateko ertzean bukatuz.

 

Itsasertzean arren, nekazari herriak dira hauek, baratze eta sail txikiak lantzetik bizi dira. Tipulak jasotzen ari dira gaur, tipula gorri-gorriak; koadrilak dabiltza, eskuz, erabat makurtuta. Behartsuen lurraldea dirudi, lurralde erabat xumea, gutxirekin eta denaren premian bizi izan dena. Olibondo batzuk, kanaberak, pikondoak, sastrakak… lur utziaren itxura damaiote inguruari. Gaur egun turismotik zuzendu nahi dituztela dirudi bere pausoak, barne turismotik beti ere. Uderri bihurtu nahi dituzte, agian izan dira jada. Jatetxe ugari dago, han-hemenka, herrietan baino errepide ertzetan, itsasotik gertu. Mortua da itsasertza, belar latzeko berdeguneak dira bertakoak. Ugaria da kanabera, bertan behera utzitakoen planta dute bazterrek. Erreka ugari dator, mendi-zulo bakoitzetik bat, ber-bertan baitaude mendiak, errepideak, trenbideak eta lur zati mehe mortuak banatuta. Ur guti dakarte  errekok, baina ur asko dakartenerako bide zabala dute, zubiak ere sendo luzeak dira, ur korronte handiak etorri ohi dira nonbait hemen. Amildegi gainetan kokatuak daude herriak, haitzen magal bizian, edo malda beheran. Xumeak eta erabat kolorgetuak daude gehienak, baina halako xarma dute, italiar pelikuletatik ezaguna zaigun usai italiar hori darie, egituran ez ezik, herritarren giroan. Herri gehienak zabalduz joan dira beheko lautadan, erabat zabaldu ere asko, baina inolako graziarik gabeko etxe xume tristeez, kale hotz eta inola ere bizigarrietan. Ondo-bizien etxetxo dottoretxoagoak ere sarriak dira, maldetan zehar barreiatuta. Luzeak dira hondartzak, ilunak, harrizko hesiez babestuta daude, ez dakigu itsasoak zuzen jo ez dezan ala arerik eraman ez dezan; hondartza gainean ez da inolako muntaia, ibilbide, jatetxe eta ohizko kinkaileriarik.

Gurekin daramagu beti itsasoa, urdin, bare, baketsu, lasaitasuna emanez. Bela zuri bat zeruak eta urak bat egiten duten unean.

Poliziak abiadura neurtzeko metrailetaz su egiten digu errepidean goazen bakoitzari, baina solidaritateak funtzionatzen du, argiekin egiten digute keinu arriskuaz. Agerikoa da udarako esnatzen ari direla herriok, prestakuntza, garbiketa eta txukuntze lanetan ari dira. Kanpin zenbait ere oraindik zabaldu gabe daude, zabaldu berria da gurea ere, prestakuntza lanetan ari dira oraindik . Maniki koadrila jarri dute espaloian jantzi denda batean, zutik, koloretsu, zerbait deigarria egiteko seguruaski.

 

Campora S. Giovani. Portutxo berri bat egin diote. Arrantzontzi txiki bat zegoen bertan, baina belaontzi eta aisia ontzientzat egina dirudi.

 

Amantea. Mendi magalean kokatua, zintzilikatuta bezala, arrea, iluna. Zaharra, erabat xarmanta eta zaindua, uharrizko zoruarekin itxuraldatua. Gaztelua du tontorrean, kaletxo estu bati ematen dio bidea bertarako ateak. Behategia da kale nagusia, itsasoa eta beheko etxe berrien teilateria du ikuspegi zabala bertatik. XVI. gizaldiko eliza bat iragartzen dute, altxor bezala iragarrita dago, dorreak, aldiz, itxura eskasa erakusten du; ate landu txukuna erakusten du, alde zaharreko elizak mailadi luze zabal baten buruan.

 

S. Lucido. Arrea, pezo kolorekoa. Koskortua, kale-sare zabala du, jende asko dabil erdiguneko kale gurutzean; kale eta ibilbide den behatoki zabala du haitzean bertan eta kalediaren pean, zintzilikatuta erabat, itsas eta beheko teilateria gainean. Delako behatokian egiten da merkatu txikia, ez zen gauza handia, kokagunea zen bitxia; ibilbideko barandaren kontra jarrita daude saltzaileak, lurrean zabalduta salgaiak.

 

Paola. Herri oso koskortua, handia ere, antzinako erdigune zaharrak du guretzat erakargarritasuna: plazatxo txiki bat, iturri bueltan autoak buelta emateko beste lekurik ez du uzten, iturri landua erdian: lau aldetara lau buru dituen platera, urik gabe bai platera bai buruen ahoak; anfora jitea duen zutabe sendoa eta aska borobil landua nora mailadi borobilez heltzen den: honek ura du, ura dute iturri diren buruen ahoek ere. Ate handi garbia itsasora, apainduriarik gabeko santutzarra du gainean. Iturriaren aurrez-aurre, bestaldean, sarrera ederreko eliza, zabaltzatxoa du atarian, harrizko hesi tailatuarekin: harrizko karelean, aguretxo txiki argal fin bat, ezereztxoa dirudi, baina erakargarria egiten da, txukun jantzita dago, egunkaria irakurtzen du, baita plazara begiratu ere: lepoko txatal zuriak erakusten du apaiza dela; aldiz, gorbatadun gizon dotorea da barruan loreak jartzen dabilen sakristaua. Hainbat  xehetasun deigarri ditu elizak: aldarea eta organoa; aldarea, absideko zurateria ere, urre kolore ilunekoa da, xumea baina landua, aldi berean bitxia, baldakin baten estalkia litzakeen zurezko irten luze batekin. Albo batean Lourdesko kobazuloa izan nahi duen zoko bat, bere aurrean pasabide estu batean banku pare bat eta telebista bat, eta telebista zaintzen-edo begi elektronikoa alboko horman. Plaza ingurutik hasita alboetara eta mendi magalean hainbat kale estu antzinakoak. Bada  iturri berezi bezain ederra plazatxo batean: aska luzea du eskuadra eginaz, iturri diren hainbat harrizko burutzar eta buru bakoitzaren gainean fresko deigarri apartak ditu.

 

Santutegia.  Minimi Fraideen fundatzailea izan zen Paulako Frantzisko deunarena. Paraje bitxi batean kokatua, itsas gainean, eta aldi berean basoan; erreka-zulo batean, basoz inguratuta. Sekulakoa, eraikin pilo bat da, labirintoa dirudi. Erreka doa mendi-zuloan, ez du urketarik, baina presak egin dizkiote eta inguru osoan entzuten da ozenki ur-hotsa. Erromesen biltegia da eliza berria, modernoa, aberastasun itxura dario, egituraz eta osagaiez, handia eta dotorea; “charitas” hitza dago jarrita denean baino gehiago dirudi dirua biltzeko amarrua; mosaiko handi ederrak aldare osteko horman; aldarea, santuaren edukiontzia izan daiteke, zilarrezko artelana da. Eliza zaharrak ez du apartekotasunik, ikusi dugun ezkontza ez bada: santuaren erlikiak eta jantziak daude ikuskizun

Klaustroa: Santuak eginiko mirariak daude freskoez erakutsita, nahiko ahulduak, bizitasun gutxirekin: ugariak izan zirela dirudi mirariok. Klaustro-azpi inguruan santuaren garaiko monasterioa, harri bizian zulatua, erabat austeroa, bertan dago erlikia bezala santuak ukitu zuen harri bat. Horrez gain ohizko zabaltza zabala monasterio aurrean, aparkaleku pila han-hemenka basoan zehar barreiatuta, erromes asko datorkion ezaugarri. Bada ur putzu bat, bertan burruntzaliak daude ura edateko, baita inbutu bat ere botilak betetzeko. Bada azken munduko gerran erori baina lehertu ez zen bonba bat ere, ez dute esaten alemaniarrena ala amerikarrena izan zen, badaezpada. Bitxikeria: harri bat dago eliza zaharraren sarreran, zutabe baten gainean: jendeak buruaz ukitzen du, luzaro batzuk, une laburrez beste zenbaitzuk, errezatu ere egiten dute batzuek. Sekulakoa da oroigarrien, “exboto”en, denda, kinkila-denda erlijioso lotsagarria, zuk erosten duzu “exbotoa” edo oroigarria,  tamaina, jenero eta prezio guztietakoa; gainera, nahi baduzu, elizari uzten diozu; gidaliburuak harrigarritzat aitatzen du oroigarriona.

 

Guardia Piemontese. Herri zaharra, historikoa, tontor batean dago, goietan, urrun, bitxi eta nabarmen ikusten dugu, mendi koniko garai baten txapel edo txanoa dirudi, dena gotorleku itxurako. Izan ere behatoki eta gotorleku-defentsa erraza behar zuen izan. Bitxikeria bat  da herri hau. Iheslari “baldenseak” babestu ziren bertan. Jasan omen zuten, halere, sarraskirik. Hizkuntza eta etnia-irla bat omen: “oc” hizkuntzatik eratorritako hizkuntza  egiten dute, emakume zaharrek “tramontana” izeneko janzkerak eramaten zituzten oraintsu arte. Kaletxo estuak omen ditu. Ez gatzaizkio joan, ez baikenuen ezer berezirik ikusteko aukerarik espero, ez dugu mendiartean hogei kilometro egiteko adorerik.

 

Ez dago eguzki errerik, baina 24 graduko hozberoa dugu, egun beroa.

 

Eta honenbestez, Cosensarantz egin dugu, etxera itzuleran. Ur sulfurodun bainuetxeren bat dago inguruan, halako usai berezia usaintzen da, nabarmen. Behatoki izugarria da errepidea: itsasoz gain lehenengo, basoz-baso gero, mendiak tunelez eta erreka-zuloak sekulako zubiz zeharkatuz: ikuskizun zirraragarria. Ikusi ere ikusi ahal dira zubiok urrunera, kizkurtu egiten dizute bihotza, hormigoi egitura-sare luze garaia baso berdean erreka-zulo sakonetan. Cosenza eta inguruko herriei itsasora bidea emateko errepidea da nonbait, oso erosoa, zabala.

 

Bestaldeko isurialdean geunden gorengo tunel luzea zeharkatu ondoren, Cosenza hiriko bailara gainean; sekulako paisaia agertu zaigu aurrean, menditzarren magalak etxe eta herriz zipriztinduta, ikuskizun zirraragarri paregabea. Bestaldeko menditzarraren magalean, baso basoan, oso goian, zubitzarra ageri da, hemen behetik ere, urrutira arren, erraldoi. Bailara luze eta zabala menditzarren babesean. Itsasaldean utzi ditugu lainoak ere, eguzki ederra loratu zaigu alde honetara. Barnea astindu digun herri bat ere izan da, hazia, hegi bat osoki hartuz, bi eliza zituen gailenki etxeen gainetik; baina gris ia beltzak ziren etxeok, erabat utzitako itxuran, hustuak bezala nahiz balkoi batean arropak ageri ziren eskegita; herri fantasma bat, hormak zuloz beteta, zerbaitetarako zulatuak baileude. Eta mendien ikuskizun hori beti aurrean heldu gara bailarako hiriburura.

 

Cosenza. Atzo errepidetik izan genuen bizipen bera izan dugu hiri barrutik ikusita. Hiri berri modernoa, etxe garai berriak, zuhaitzez eta berdegunez inguratuak, egitura ezberdineko hiria. Badu kalerik ere, sei-zazpi pisuko etxeko kaleak. Auto nahasmen izugarria da hiri barrua, ez dago non aparkatu, izozki bat gustura gozatuko genuen katedral bila, baino etxerakoa erabaki dugu. Hemen hil zen Aragoiko Isabel, gerora Frantziara eraman bazuten ere gorpua,  edo hezurrak.

30 graduko hozberoa genuen hirian.

 

Eta horrenbestez atzotik ezagunak ditugun tunel, zubi, errepideko lan eta baso artetik egin dugu etxera. Aldaz behera eta itsasaldera heinean, erabat jaisten doaz hozbero graduak.

 

Maria, Errenteriako iloba panpoxa zoriondu nahian ibili gara: telefono bi ditugu inguruan, biak daude hondatuak; kanpalekukoa, aldiz, oraindik jarri gabe dago.

 

165 kilometro, itsasertz eta mendietan.

 

Herri berriak, Marina izenekoak, sortzen ari dira itsas kontran S. Eufemia golkoan, uderri petoak, dena hotel eta zerbitzugune hondartza gainean; txukun eta kurioso uzten ari dira.

Ordubetez egin dut hondartzan olatu mehe labur eta sarrien mihi zuriek nire orkatilak biltzen zituztela, lehertzearen soinua belarrietan, zerua itsasoarekin marra berean elkartzen diren muga  alderik aldekoa begietan. Omar Khayyam sentitu dut alboan, olatu soinuekin batera xuxurlatzen zidala olatuek hanka markak nire ondoren desagerrarazten zituzten bezala ezerez bihurtuko dela nire bizitza eta oroimena herioaren bisita ondoren, beraz uneotaz gozatzeko. Itsasoa leun, zimurrik gabe dago Josebak lioken bezala.

Inausketa ondorengo zuhaitz hondakinekin erredura egin zuten hauts beltzetan pausatzen dira batez ere enarak, mineralen baten bila seguruenik; ez dut behin ere hainbeste enara lurrean pausatzen ikusi, beti hegada bihurri bizkorrean ikusi baititut.

Auto karabana frantsesa sartu da kanpalekuan, eurak eta gure etxatoia besterik ez gara zuhaitz arte esparru zabalean, su gaineko leihoa erabat betetzen didatela jarri didate bere tramankulua, nire begien ikuspegia erabat mugatuz. Itsasaldera inor jarriko ez zaigun kokagunean gaude, eskerrak.

 

Gau kilikagarria. Gorantz doa ilargia zohardia izarratuan izarrei kulunkatzeko konbita luzatuz; ez dakit itsas ala hondartza ertzean, nolanahi olatuen muga ia beltzean arrantzaleen mundu gautarra erakusten didate bi argi bizik; zerbitzuguneko atarian, aldiz, igeltxoa nuen zain.

Ipar Poloa eta itsasoa lekuz kanpo jarri zaizkit nire eskeman, lekuz kanpo dut itsasoa mendebalean.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “”Eta orduak geroago oskorria agertuko da, iluntzea orduko, oskorri ikaragarri gorria ostertzean, egunaren eta gauaren arteko borrokan eguna odoletan hilko balitz bezala”. Marina honetako eguneroko deskribapena.

* “Ontzi barruan aurrera edo atzera ibili ahal izango zara, enbarkazioak egunak eta gauak zeharkatzen dituen artean. Baina nora zoazen?”. Nora noan jakitea, zehatz jakitea, gustatzen zait bidaietan. Ez dut gustuko helbururik gabeko bidaia, edo helburua helbururik gabe bidaiatzeko bidaia. Nahiko aldaketa behartu egin behar izaten ditugu prestatuta ere.

* “Eta erroak?. Ez duzu errorik izango, ...”. Bidaietan ez dut nire erroen kontzientziarik galtzen. Gutxiago kanpaleku bakoitzean nongoak garen galdetzen digutenean. “Español” eta erro faltsuak ematea tokatzen zaigu sarri, nahaste eta ulertezinetan ez erortzeko.

* “Mundutik alde egitea mundura etortzea baino mingarriagoa da”. Pozik abiatzen gara mundu berrietara eta pozik itzultzen gure betiko mundura. Nolanahi ez gara gure mundutxotik ateratzen, atzerrian ere.

* “Pertsonen umorea oreka bioelektrikoen ondorioa  dela esan zuen”. Kortozirkuituak egiten zaizkit niri zenbait kale edo bidegurutzetan.

etiketak: Italia, Bidaiak 02
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.