Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / GIZARTE BERRI BATEN BILA

GIZARTE BERRI BATEN BILA

Jon Etxabe 2023/07/17 12:15
5.- OPOSIZIOA. 6. ALBO GAIAK

Zenbait aburu

Beti dago aldaketa sakonago baten beldur den oposizioa bat, beldur izan ohi dira pausoak ematen hasteko, fedea falta zaie, erabakitasuna, ondo-biziak ohi dira eta dutenari etsita jarraitzen dute, etorri daitekeenari beldur.  Jotzen dituzte estatu kolpeak sozialdemokrata edo erreformistek, baina ez dute gizarte eredurik sustraitik aldatzen, bere oinarriei eusten diete, mugiezinak dira,    menderatzaileen ideien eta moralaren mende eta morroi jartzen dira. Ondo-biziek ez dute bere ondo-bizitza uzten, ez dira etor daitekeenari aurre egin edo ekiditeko gai ere, arrisku unetan ere. Zikoitzak ohi dira eguneroko arazoei buruz. Estualdian, besteen eskuetan utzi nahi izaten dute arduradunek arazoaren konponketa. Elkartu ordez, banatu egiten ditu beldurrak oposizioaren indarrak. Ez da izan ohi norberarekiko beldurra, giza maila osoaren hondoratzearen beldurra baizik.

 

Eraldaketen aurkako jarrera hartzen dute gehienetan adostasun zale eta bitartekariek.

 

Legebiltzarra, Parlamentu edo beste erakunde ofizialetan egon edo boikota egin, hori da oposizioaren eztabaidetako bat; talde edo alderdi horren indarra eta ahuldadea ere erakusten du erabakiak, herriaren iritziari eragingo baitio erakundeotan erakutsitako jarrerak. Erakundeek erakusten dute indarren korrelazioa, ezbaian egon daiteke barnetik aldatu daiteken edo ez indarren korrelazio hori. Aldaketarako borroka soziala ala oposizioko lan politikoa, hor egon daiteke eztabaidaren mamia: borroka politikoak ezin dezake baztertu borroka soziala. Oposizioak zuzen eta argi irakurri behar du ez aurkariak diona, bere asmoa baizik.

 

Irtenbiderik gabe aurkitzen direnean, bere statusa ahalik eta ondoen gorde ahaleginean, ez da aurkaria izanen oposizioa.

 

Beti sortzen dira talde aurkariak, kontrairaultzaileak, sarri botereak sortaraziak edo hauspotuak. Beti agertu ohi dira ere erdibidetik egoera konpondu nahi duten apostoluak.

Ohiko politikaren mugarriak ezbaian edo arriskuan jartzen dituztenean, zerbait berria eraikitzera behartuta sentitzean, halako gandu batek biltzen du dena, etsaiak ere egokitzen ahalegintzen dira, mimetismo batek eraginda bezala, ahalik gutxien ahultzeko, ordura artekoa osagai berri batzuekin konbinatu besterik ez du egiten aginteak, ondo-biziek eurek ere, premiazko ahalegina soilik  egiteko prest daude, defentsa harrera harten du arriskuan dagoenean, babes bila, legearen estaldura bilatzen du, baina baliabide bortitzenak hartuko ditu bere estatusa galduta ikusten duenean oposizioak. Egoera jasanezinez altxamendua eragin duten horiek dira eraldaketaren aurkari eta etsai nagusiak.

 

Ados etorri eta konpondu daiteke arerioarekin zehaztasunetan, baina halabeharrezko edo hil  ala biziko gaietan ez.

 

Erregimen batek, dena delakoa dela, bai politikoa, bai soziala, ez du bere boterea utziko dituen baliabide guztiak ahitu arte, herriaren presioaren eraginen larrialdia heltzen zaionean aurkariak menderatzen ahaleginak eta bi eginen ditu, benetako aurpegia erakutsiz. Ohiko esaldi eta hitz-jarioan babesten dira goi-mailakoak egoera estutzean. ahaleginduko da itunak egiten, aurkaria desbideratu edo erasoa ahuldu asmoz, mugimendua gelarazi eta itotzeko, mugimenduaren kide izan daitezkeenekin paktuak eginaz sarri. Agintaritzan postu bat, boterearen izpi bat, eskaintzea izaten da arerioaren etsaiarekiko amarruetako bat.

Botereak ahaleginak eta bi eginen ditu mugimendua edo oposizioa  itotzen: sortzen diren arazoen errudun edo erantzule eginen du, ahaleginduko dira arazoak beraiek sortzen, ekonomian, gizartean, produkzioan, oposizioa zatitzen… une larrietan bortxa erabiltzen dute aurkarien kontra, arazoa konpondu eta arriskua saihestu ordez. Hauteskundeetan alderdiek ez dute begiratzen boto-emaileak iruzurgileak, mozkorrak, traidoreak edo zer diren, nahiz gero arerioa salatuko duen horrelako salaketak eginez.

 

Kalumnia, difamazioa eta gezurra dira botereak erabili ohi duen baliagarri edo tresna erabilienetariko bat aurkarien kontra.

 

Indarkeriaren bidezidor kontrajarrietan

Aldaketa sakonek ez dute behar indarkeriarik, jasanezin politikoan jarri behar da boterea amore eman dezan, bateraezinak dira indarkeria eta jarrera baturagile edo adostatzailea. Berea du indarkeria eta krudelkeria edozein iraultzak, beti egonen da indarkeri erabiltzeko tentazioa. Agintariengan konfiantzarik ez duenean jotzen du herriak gehiegietara. Indarra baino iruzurra eta azpilana erabili ohi ditu gehien bat gaur egun kapitalismoak, herria maneiatzeko, beraz erru handia, zentzugabea eta inozoa litzake  indarkeria erabiltzea taktika horren aurka. Indarkeriaren erabilpena bihurtzen da buruhauste nagusienetakoa gatazka bat gori-gori jartzen denean. Krudelkeria ankerrena bihur daiteke ezordu edo ez garaiko eskuzabaltasuna.

 

Moralistek esanen dute indarkeria zilegi den ala ez, baina iritzion gainetik dago historia.

 

Ez dago aldaketa sakonik, are gutxiago iraultzailerik, astinaldi bortitzik gabe. Nahikoa oinarri-indar eta berme dagoenean soilik erabiliko da indarkeria, eta behar den neurrian soilik, ondorio latzak etor daitezke bestela. Une erabakigarria heltzen denean, sakoneko aldaketa batean, ezinezkoa da bide baketsuak soilik erabiltzea. Pausoz pauso egiten du bidea iraultzak, baina azkenean indarkeria erabili beharko da, indarkeria erabiliko duelako botereak ere bereari eusteko. Erasokorra izan behar du ekinak eraldaketan, baina defentsak ere asko erakusten du, eraginkorra bihurtu behar da.

Indarra erabiliz arerioa menderatuko duela ustea da agintearen tentazioetariko bat. Egoera egonkor aldekoa zaienean defendatzen du botereak indarkeria politikoaren  aukako morala; egoera arriskuan jartzen bada, aldiz, ez du atzera eginen indarkeria bortitzena erabiltze orduan. Indarren korrelazioan dago koska, zalantzak desorekatu egiten dute uneko oreka edo korrelazioan norbera indartzeko aukera. Liberalismoak ezinbestekotzat jotzen du polizia, anarkismoak, aldiz, liberalismoa garaitu eta suntsitu nahi du polizia ezabatuz.

 

Bortitz bilakatzen dira bakezaleak egoera gogortzen denean.

 

 

Kontaketa

Lan historiko batek ez du behin ere izan behar jarrera politiko baten apologia, zehatz eta sakon arrazoitu eta hausnartutako prozesuaren egiazkoa azalpen bat baizik, gertaeren bere nahitaezko naturaltasunean.

Metodo zehatzez zintzo bilatu eta aztertu gertakizunak, sinpatiak eta antipatiak kontutan hartu, gertaeren arteko loturak alderatu eta egiaztatu, beraien arteko legeak aurkitu: hau da soilik objektibotasun historiko bakarra.

Askoz errazagoa da gerta ondoren marraztea altxamendu baten teoria eztanda egin aurretik izango dena asmatzea baino.

Ustekabeko zirkunstantziek ekarri dutela altxamendua, hori izan ohi da gertaera leuntzeko edo desitxuratzeko joera, alderdia idealizatu izanaren ondorio izan ohi da.

 

Ezinezkoa da inpartzialtasuna historiaren kontakizunean. Gehienetan atzerakoien pozoia eraman ohi du.

 

 

Arazo nazionala

Bi estatu mota daude: nazionalitate homogeneoa dutena litzateke bat, heterogeneoa dutena bestea. Lehenak zentripetak dira, zer bakarrean batzera jotzen dutenak; zentrifugak bigarrenak, banatzeko joera dutenak; funtzio bera eragin dute biek: batasun nazionalaz baliatu dira ekonomiaren euskarri edo tresna bezala.

Kontraesanean dago jarrera inperialista arazo nazionala konpontzeko borondatearekin. Nazioz gaindiko itxura hartu ohi du nazio inposatzaileak bere estatusa  iraunarazteko edo lortu duena gordetzeko, bakezale jitea erakutsiz. Gutxiengoa den herriak isilik dirauen bitartean talde inposatzailea ez da aztoratuko, baina gogor erasoko dio ezinegona agertzen duenean.

Kontzeptu korapilatsua da herri atzeratuaren iritzia, kontraesankorra: herri atzeratua ez doa herri aurreratuaren atzetik hurreratuz, distantzia bera mantenduz baizik. Bere buruaz baliatu ahal izateko eskubidea onartzea da herri zapalduen konfiantza lortzeko bide bakarra. Kolonietako burgesia ere ez da iraultzaile bihurtzen, kanpoko kapitalaren agentzia bezala aritzen da, bere alboan, une erabakigarrietan, independente izateko gaitasunik gabe.

 

Banaezinak dira nazio eta klase borroka.

 

Klase zapaltzailearena izan ohi da hizkuntza ofiziala, horrek nazio txikien kultura garapena eragozten du.

Hizkuntza da gizakien arteko loturetarako tresna nagusia, ondorioz ekonomiarena ere. Hizkuntza bat nazio hizkuntza bilakatzen da merkataritza zirkulazioa bateratzeak herrialde bat batzen duenean. Ardatz horretan sortzen da estatu nazional bat: hori da harreman kapitalisten moldaerako eremu eroso ohikoen eta onuragarriena.

 

Ukatu egin behar zaio estatuari hizkuntza ofiziala inposatzea gutxiengo diren herriei.

etiketak: Trotsky
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.