BIDAIAK. ITALIA 2002
Ekainaren 14a. Ostirala. 43.a-I:41.a
“Hyperion”. Friedrich Holderlin:
* “pentsa ezazu hobe dela hiltzea bizi izan delako, ezen ez bizitzea sekula bizi izan ez delako”. Bizi garela sentiarazten du bidaiatzeak, zaila baita eguneroko monotonia asperdura ez bihurtzea.
* “Oso erraza da pozik eta lasai egotea bihotz idor eta gogo mugatuarekin”. Hori ez da, baina, bizi izatea, bidaiatzeak bizipoza dakar, aldi berean bizipozaren ondorioa ere bada bidaiatzea. Aldiz, bizi ahal daiteke pozik bihotz idor eta gogo mugatuarekin?.
* “Barrenean akabatzen zaretenean, ez galdetu zuen medikuei ezta apaizei ere”. Bidaiatzeko gai izaten ez garenean, sobra izanen ditugu mediku eta apaizak.
* “Ez nintzen erretzen neure garrean”. Bere baitan erre gabe bidaiatzen dakienak, bi aldiz gozatuko du bidaiaz.
Azkenaurreko kanpalekua gaur hartuko duguna itsas kontra. Bidaia bukatzear den sentipena. Guri geratzen zaizkigun egunen kopurua besterik ez dute izango askok oporretan, egun luzeak uste dituzte aurrean, guk aldiz azkenak deritzogu egun kopuru berdinari
Gizaldi berri honetako barbaroak izan ditugu goizez, mota ezberdineko altzairuzko helikoptero hiltzaileak, kaki kolorekoak bost, hori berdeak bi geroago, zilar koloreko hiru azkenez: txandaka, baina eten gabe, bere itzalek zeharkatzen dute une batez behin eta berriro kanpalekua eta trumoi hotsez gortzen airea.
Belar-gune berde atseginak zeharkatzen du kanpalekua, badu baina zerbait pozoitua, ez da bertara txoririk jaisten, alboko hondarrean dabil txolarre bat: belartza honetan ez da ez zizarerik ez zomorrorik bizi.
Giovinazzo, labarren gainean dagoela kokatua jabetu naiz, gaztelua dago labar ertzean, herria gainaren hegian. Kokagune atsegina behar du izan, ederra -tarterik utzi badute- itsasgaineko ikuspegia.
Mahastiak nagusitu dira erabat lurraldeaz Barletta ondoren, itsaso berde argia; aldiz, olibadien itsaso berde ilunak irabazi du berdeen lehia Cerignola ondoren, aldiz, itsasora hurreratuz galsoroen horia izan da jaun eta jabe ingurua urreztatuz, dena baita galsoro; ebakita daude gari-sail gehienak, ebakitzen ari dira hainbat, ebakitzeko puri-purian daude zut daudenak, urre distiratsu. Nahiko antzinakoak dira edadez uzta-makinak, txiki zamarrak tamainaz, gorriak kolorez. Badira ureztatutako sailetan ezagutu ez dugun baina erremolatxa izan daitekeenaren sail zabalak.
Cerignola. Kupula nabari da mahastien gainetik, agerian dugun kupula bakarra, irudi bitxia; gerturatuz dorretzarraren kapela besterik ez da delako kupula.
Aita Pio: hemen inguruan dugu igandean santu eginen duten, bidaia guztian kide dugunaren santutegia; egin beharko diogu bisita, elizetan ez ezik, errepideetan, kaleetan, hormetan, plazetan, dendetan... mendiko herrietan eta itsasertzekoetan, nekazari zein industria herrietan, brontzezko edo paperezko, eskulturan zein argazkian... denean izan baitugu bidaia-kide Aita Pio. Beraz sor diogu bisita: debotek esango digute eskerrak eman behar dizkiogula onik gorde gaituelako.
Manfredonia Golkoa: arku luzea urrutitik begiratuta.
Gargano Mendia: ilun, gune zabalak ikusi ahal dira, gidaliburuan dioen basoak dira agian; , mendia den lurmuturra, idor horixka kolorea du, mendi mortuarena; herri bat ageri zaio hegiko erdi erdian, Monte Angelo agian, bihar ziurtatuko dugu hala den. Padura da barruraino golko gaineko ordoki osoa, hustubidez zeharkatuta.
Kanpalekua: Itsas gain-gainean dago kokatua kanpina; oso xumea da, baina izugarrizko muntaia du, hemen ere hilaren azkenerako gertaketa lanetan ari dira: kafetegi, jatetxe, itsasertzeko dantzatoki eta kafetegi, langa automatikodun aparkaleku ordaindu beharrekoak... kanpalekuko zerbitzuguneei ematen diete hemen ere ardura gutxien. Ehun metrotara du hondartza, amaierarik gabeko luzea, hondar fin zaindukoa, aurrez aurre ditu hiria, hiriko portu izugarri handia eta itsas bazterreko industrigune edo fabrika erraldoia; aurrez aurre ditugu Gargano mendiak ere. Izanen dugu non ibili eta non aurre egin beroari.
Napolitar bezala gabiltza Italian gure matrikularekin, kanpalekuko neska arduradunak galdetu digu napolitarrak garen, italieraz zuzentzen dizkigute ohizko diosalak alemaniarrek.
Manfredonia. Erosketak egin beharrak eraman gaitu hirira. Ez du itsas girorik. Guztiengatik esaten duguna diogu honetaz ere: txukuna eta zaindua, kale artezkoa, magal leunean, gain beheran; laba zen eguerdian elizako plaza; plazan eliza, pintura biziak eta aita-santuren baten estatua tzarra elizaren fatxadan. Siponto deitzen dioten auzoa dago hiritik hur, hondartza du, badirudi hiriko jendearen igande-pasako leku aukeratua dela.
40 graduko hozberoa dugu auto barruan 12etan, 34koa kalean.
Santa Maria di Siponto, osagai erromanikoak agerikoak dituen eliza bakartia hiritik kanpo, ez da ezer, baina nabarmenak dira arrasto erromanikoak.
Bufalo granja aurkitu dugu kanpalekura herri-bide gorde batetik egin dugunean.
160 kilometro, hondartza eta eguzkirakoak, dirudienez.
“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:
“Jakina denez, halaber, irakurketa okerren zerrenda oso luzea da literaturaren historian”. Nire idazkiok ez dira literaturaren historian sartuko, dudarik gabe direla irakurketa okerren zerrendan sartzekoak, baina, hor konpon baliagarri bazaizkit nire barne bizipenak azaleratzeko. Literatur irakurketa zuzenagoa beste nonbaiten jarri ohi dut, liburuaren orri eta azaletan.
Ekainaren 15a. Larunbata. 44.a-42.a
“Hyperion”: Friedrich Holderlin:
* “Ezer ezin da gizakia bezainbat handitu eta hondoratu”. Zenbat, batez ere gizonezko, ustez ospetsuren, estatua, oroitarri, herri eta hirietan, plazetan, kaleetan, hormetan eta elizetan. Handiak ziren ala handi egin dituzte handi egin dituzten horien intereserako. Aldi berean, eskale, herri xume, bizipozik ere gabeko herriak dira asko. Gizarteak handitu eta hondoratu egiten ditugu pertsonak, pertsona bakunak handitu gehienetan, gizarte sail osoak hondoratu, gutxi horien handitzaileen onerako. Bidaiari ororen lehen konstatazioa.
* “Jendea ikusten nuen egiazki haien artean poztu eta ekin beharko banu bezala”. Zenbat aldiz nahasten da herri batean bidaiaria jendearekin, kaleko ibilian edo jaialdi zein ospakizun batean, baina gehienetan ikusle giza, ikusminez eta jakin minez, herriko oskolean soilik.
* “Hildakoak deitoratzen ditugu, heriotza sentituko balute bezala, eta hildakoek bakea dute”. Bizion lorpen edo egoera bat da bakea, hildakoek ez dute bakerik, gehienez bakean uzten gaituzte, hildakoek jadanik ez dira izanaren hondakina besterik. Bakarren batzuk diraute memorian harri, hizki, edo irudi bihurtuta; iraungo zutela pentsatu zuten harri edo brontze bihurtuz, baina jada heurek ez dakite dirautenik, higatu baitira harri leun eta metal herdoildu bihurtuta.
* “egon behean, istantearen umeak, ez ahalegindu altura hauetara etortzen, hemen ez baita ezer”. Istantearen umeak gara bidaiariok, pasokoak lur orotan, baina bidaiaria herrien goialdetara igotzen ahalegintzen da, sarri ezer aurkitu ez arren.
* “O, poetak zuzen dabiltza, ezer ez da hain txikia eta eskasa berarekin entusiasmatu ahal ez izateko”. Eliza, katedral, museo, jauregi, herriko plazak eta kaleak, kulturaren mila oihartzun, herri ekimen, herri artearen mila ezaugarri... zenbat xehetasun dituen bidaiariak gozamenerako.
Okil dotorea dugu kanpalekuan, goiz agertu zaigu; berdegune itxurako bakanean, eukalitadian, aurkitu du zerbait, baina kendu dio mauka berehala mikak: arrain handiak ez ezik, txori handiak ere txikia menderatzen du.
Hustu egin da kanpalekua, arratsean agertuko dira berriak; kanpaleku orotan aurkituko duzu alemaniar adineko zenbait, eta holandar erretiraturen bat.
Foggian 29 graduko hozberoarekin gindoazen errepidean goizeko bederatzietan. 31 gradu genituen 15 minutu beranduago
Militarren basea Foggiara bidean, ohi dutenez lursail izugarri zabala dute, alanbrez gordea. Adriatiko bestaldeko Baltikoko herriak erasotzeko prest.
Galsoro artean izanda gaurko ibilia, itsaso horian, urrezko lurraldean, urrezkoago eguzki galda pean. Gari-ebaketan ari dira, sega-makina handiekin gaur, sekulako hautsa jasoz, batez ere lastoa fardeletan batzen ari direnek.
Santa Maria de Siponto. Foggiara bidean ikusi dugun eliza izanen dela uste dugu, erromanikoa eta itxura onekoa da; atzo ikusi genuen hura ez zen Santa Maria de Siponto. Etzi eginen diogu bisita.
Lucera. Kale luze zabal artezko hiria. Handia, denak lez. Denek lez, harlauza sendoko zorua dute kaleok; beltzak dira harlauzok erdian, zurixkak ertzetan; marmol horixka kolorekoak ohi dira gehienetan. Baditu gutxienez bi sarrera-ate, ohi denez arku buru zorrotzekoak, gurutzatzen diren eta nagusiak diruditen kaleen iturburu. Historia handiko herria da nonbait, jauntxo asko izan zituena gutxienez, edo inguruan jaunxkila asko zituen jaun handiren bat bizi zen herria: palazzo pila daude, ez dira zoragarriak, bai handiak, austeroak, baina era berean dotoreak, denak ate eder eta patio zabalekin; gotzainarena da jauregirik ederrena, pare bat arkuk argia egiten dien mailadi bana dituela sarrerako albo bakoitzean; bikaina, jauntxoa baitzen gotzaina ere. Ate oro da harrizkoa, ateburu borobila du orok: zenaren oroigarri; beheko leihoak edo balkoiak ere zabalak dira, atekontrako sendoekin estaliak asko, batez ere dendako ate eta erakusleihoak. Herri hauek ez daude utziak; ez dira dotoreak, xumeak baizik, kolorgetu xamarrak, baina bizi diren herriak. Ez dago etxe utzi eta husturik, are gutxiago eroririk. Santutxo asko horma zuloetan, berriak, zainduak, badirudi kale bakoitzak duela bere santutxoa. Koadrilaka, kalean eserita dago adineko jendea, kontu-kontari; bazen merkatu txikia ere, bere uzta du salgai nekazariak bakoitzak; kinkila-dendak hemen ere, pobreen moda salgai.
Katedrala: adreiluzko sendoa, ia gotorra, harri zuriko ertz eta babesgarriekin; harri zuriko gargola mordoa, higatuak, baina lan bikainak zirela erakutsiz; badu errosetoi bao-gune borobil handia, baina adreiluz estalia ia dena. Barrutik: luzea, zabala, garaia, sendoa, oso austeroa, dotoretasunik gabea, baina era berean dotorea, nortasun handikoa: aipatzeko kristo gotikoa: gure ciceronea hurreratu zaigu berriro –renaniarra omen- lau kristo horrelako omen daude soilik munduan, bata Colonian, beste bi museoetan; Amabirginaren irudia ere ikusteko aholkatu digu, XIII.goa delako, hiriko Zaindaria; eta beste gabe utzi gaitu gogaikarri izan gabe, zintzo eta jator; bada aldare bat freskoz edertua, freskoz edertua dago ere presbiterioko ganga; brontzezko argimutil erraldoia, lan bikaina; ederra da bataiarria bera, horrez gain estalki erraldoi zurezkoa du, lau zutabetan oinarritutako harrizko estalki landua esparrun estaliz, begiei halako handi-mandiaren efektua eginaz, markesetik gorakoak izan behar zuten gutxienez hor bataiatutakoak. Santa Katalina eliza, XIV mendekoa; kanpai-horma begiratzeko eskatu digu aditua itxuraz, cicerone lanetan hurreratu zaigun adineko gizon batek, bakarra dela dio, ez dela beste bat horrelako formarekin; hala izanen da izan ere: teilatu ertzean luzatzen da, benetan da kanpai-horma, lau bat kanpaientzako zuloekin; komentua da, beheko leihoak gaztelu bateko kanoi-zuloak dirudite, zabalduz doaz, horma izugarri sendoak erakutsiz; barrutik zuri-zuria da: aipatzekoa kofesategi eta pulpitua altzairu bakarrean bilduak, bata bestearen gainean. Jite ezberdin deigarria du mojen koruko burdineria berak, balkoiak bailira, koruan eta alboko horman. S. Leonardo: umezurtz-tegia, adreiluzkoa, handia; elizako fatxada du aipagarria, harrizko zuriak ditu teilatu-ertz azpiko eusgarriak, efektu berezia sortuz, bitxia, ez pospolina. Gaztelua: iragarrita dago, ez gatzaizkio joan, indusketa gunea da, 900 metroko harresia geratzen omen zaio, erromatarren hondakinak ditu barruan.
34 graduko hozberoarekin goaz errepidean Troiara bidean, beste inor ez dabilen herri-bide estu galduotatik, nondik ote goazen kezkaz, bidegurutzeetan inolako argibiderik aurkitu ezinik.
Txori txiki bat errepidean, arre-arrea, txuolarre kolorekoa baina fina, okilaren antzeko gandor luze ttenttearekin.
Herri gehienok dute industriguneren bat, laborantzari lotuta asko. Granjak ere ageri dira. Ez dira herri ponpoxoak, baina bai herri zainduak, kolorgetuak, baina osoak, herria bizi da bertan, herriaz arduratzen den herria. Herri biziak.
Troia. 463 metrotako goiera duela azpimarratzen dute zenbaki handiz bi lekutan ere herrian, garrantzitsua da nonbait datua: egon mendi gain batean dago, bertatik ikuspegi horia zabaltzen da lau norabidetara, lurralde osoa da gari-sail, urrutietan, mendilerroek ordokia eteten duten arte, hori, urre kolore bristadatsu. Aurrean du itsasoa. Herri xumea baina osoa, galdu edo eroritako etxerik gabe, kolorgetu zamarra baina bizi dena, bizia izanen da. Kale nagusiak zeharkatzen du luzeran hegi osoa alderik alde, bertatik jaisten dira alboetara aldatzean kaleak, estuak, erdi kurbatuak, bukaera ikusten ez zaiela. Ez dabil herritar askorik, ezta merkatutxoan ere, beroagatik edo itsasertzera emigratu dutelako agian: 40 gradu zeuden aparkalekuan eta 45 auto barruan. Katedrala: herriko altxorra, sekulakoa da kanpotik; fatxadako goiko triangelua batez ere, banan-banan irudi taila bakoitza da begiratzekoa: errosetoi erraldoia, gargolak, burutxoak, animaliak... zizel-lan sinfonia; alboetako hormetan ere bada zeri begiratu, kapitel batean ertzeko buru bakarrak egiten dituen alde bietara dauden bi animalien buru lanak, alde bateara estilo ezberdineko zatiak nabarmentzen dira, bada arabiarra dirudien arkuteria bat ere. Barrutik oso austeroa, hiru nabekoa, zutabe sail borobil ederra batez ere kapitel landuengatik, nahiz bitxikeriarik ez izan; fresko lanak aldare batean eta presbiterioko bi alboetan, pulpitu ederra; pulpitua karratu handia ere deigarria da formaz tamainoz eta dituen zizel-lanengatik; bi errosetoi handi ditu, bata sarrerako ate gainean, absidean bestea, biak inolako edertasunik gabe, baogune erraldoi soilak barrutik, sekulakoa sarrerakoa kanpotik; bataiarri landua; marmol txertatuko aldareak, dotore gorrixkak; bi giza aurpegiko animalia buruez eusten diote zutabe gainean hormari: oso bitxiak.
Kamioneta batek Troiako kale nagusian denda bateko toldoa eraman du kateatuta, toldoarekin, farola ere. Jende multzoa bildu da inguruan. Gazte bat zen gidaria eta lanean ari zen. Une batean ze nolako aberia!. Istant bat izan da, baina hondatua zegoen erabat estalkia.
40 graduko hozberoa aparkalekuan, 45 auto barruan.
Galduta ibili gara Lucerara bidean, galduta Toiara bidean, galduta Foggiarakaon ere, galduta etxera hartzerakoan, erabat aldrebestuta, bidegurutzeetan ez baita agertzen lagungarri izango zaigun herri izenik. Ernegu batzuk gorabehera buruan genuen ibilbidea osatu ahal izan dugu. Eta ez gara damu.
Lurralde laua, 11 kilometrotara genuen Foggia, bertan zegoela zirudien!.
194 kilometro, urre koloreko beroak
Itsas barrura begiratu behar nuen nahitaez uretaratu naizenean, itsutu egiten ninduen hondartzak, ispilua baizen ondoko ura eguzkia behean jarri zaidanean. Eguzkia itsasotik jaikitzen zait hemen baina ezin dut etxetik ikusi, gorrizten ikusten dut baina zuhaitzek ostentzen didate bola gorria.
Atzo bidaltzeagatik zitaldu zitzaidan kanpalekuko txakurtxoa gaur etxatoi aurrean etzan zaigu, guri lagun egin baino gure konpainia bilatuz, ia bakarrak baikinen.
“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi.
* “Horra Jon Etxabe....”. Ez naute bidaiengatik gogoratuko, baina liburu batean izena agertuz luzarorako iraungo dut nahiz inork irakurri ez.
Ekainaren 16a. Igandea. 45.a-I:43.a
“Hyperion”. Friedrich Holderlin:
* “Nire bihotzeko kolorea darama. Nonahi begiratu eta ere, bada ehortzitako poz bat”. Baikorra izan behar du bidaiariak. Bere barne kolorez argitzen jakin behar du aurkitu eta ikusten duena. Ehortzitako poz horiek aurkitzen.
* “...harmonia miresgarriak hots egiten du nire baitan”. Barne musika nahitaezkoa du bidaiariak inguruaz gozatu nahi badu.
* “ez nuen ezer galdetu nitaz, ezta besteez ere”. Gidaliburuez ere ahalik gutxien baliatu behar du bidaiariak. Berak behar du bere bidaien gidaliburu eta antolatzaile.
* “Eta dena zen ongizate baten mintzoa, dena erantzun bat aire xarmantaren fereka maitagarriei”. Mintzoak jaso eta erantzuten jakin, bidaiariaren premiazko bertuteetariko bat.
* “Desira eta bake ezin esanezko bat nire baitan”. Desira bizia eta bake sakona, bidaiariaren baldintza ezinbestekoak.
* “Bizitza pobrea eta bakartia da. Bizi gara diamantea putzuan bezala”. Bidaiak laguntzen du bizitza aberasten eta bakartasuna bidaia-kidez deuseztatzen .
Txolarrea da kanpaleku honetako txori bakarra, noizbehinka ikusten ditugu lurrean, gure apurren edo zomorroren baten bila, eukalitadiak ere ematen du zomorroren batentzat habitat egokirik nonbait. Goizean biziki abesten entzuten ditugu, goiko hosto artean, eguerdi arratsaldez, aldiz, pio motelez, bere lumajea bezain arre eta tristea da bere kantua, bizitasunik gabekoa, kexatia, negartia lez.
Zenbat eta hurrago orduan eta biluziago agertzen zaizkigu Gargano Promontorioko mendiak. Dena harri, amildegi, biluzi, idor eta horixka. Ez da uste genuen mendilerro jarraia, mendi-tontor ia konikoak dira, labar sakoneko ebakidura eta mendi-zulo bihurriz banatuak. Harritu gaitu hain mendi piko, gorri eta harritsuak mailakatuta egoteak: zapaldaka datoz, mailaka, goitik beheraino, harriz eginiko hormez mailakatuta, nekazariek izerdi latzez ondutako lurra segur aski uzta urria ateratzeko. Dena da olibondo beheko itsasorainoko lautada, hala izanen da lur mutur osoa.
Sigi-sagari ekin diogu aldaz gora, eta hala izanen dira gaurko kilometro denak. Ia artezgunerik gabe; dena bira ia osoko bihurgune, bata bestearen ondoren, mendi bat igo eta zeharkatze-aldi baten ondoren jaisteko, berriz ere gorantz hasteko... gogaikarria egin zaigu azkenerako, aspertu egin gaitu; ezin dut gozatu inguruaz, arreta guztia eskatzen baitit errepideak, bertan iltzatuak daramatzat begiak eta arreta, bihurgune itsuengatik, baita italiar gidari eroengatik ere. Ez du zer eskaini handirik mendiak, antzerakoa baita dena, monotonoa azkenik, errepikagarria bihurtzen da.
Igandezale asko atera da gaur etxetik, errepidean oso lasai doan asko dabil, izugarrizko arrisku-guneak sortuz.
Badia eta lautadako ikuspegi zabala eskaintzen du Monte S.Angelora errepideak.
Monte S. Angelo. S: Mikel Goiaingeruagatik darama izena, gotzainen bati agertu zitzaion, erregeren bati ere bai geroago, beraz eliza jaso zioten eta gurutzadarako buru oro etortzen omen zen hona santuari otoitz egitera gerran jende asko hil eta gudua irabaztea eskatzeko. Etxetzar berri handiak ikusten zaizkio tontor gainean errepidetik, badiara begira dauden behatzaileak; mafia eta espekulatzaileak ibili dira hemen seguruenik, politikoak ere, goiotan hainbeste etxe eraikitzako. Herri xarmanta da, mendiko herria, mendian eginiko herri zuria, tontorreneko gazteluari babesa emanez eratutako kaledi bihurria: kale oro, eskailerak, zokoak, bazterrak... dena baitago pikoan. Atsegina. Hemen ere herria zen jauntxoaren babesgune, azken lubakia, defentsa nagusia. Hamaiketarako herri osoa zegoen kalean, batez ere adineko gizonezkoak, arbolapean eta kale bazterretako txoko gerizpetsuetan kontu-kontari. Turista-herria, bisitari pila datorkio, erruz, kale oro da kinkila-denda, okindegi asko dago, ugariak dira gozotegiak, baita jatetxe eta kafetegiak ere holakoetan ohi denez. Kinkila-dendetan gaur Pio Saindu berriaren tamaina eta kolore guztietako irudiak saltzen dira, estanpak nola ez: salgai jarri dute denean gure saindu berria. Eten gabe jotzen dute kanpaiek, ia ordu laurdenero, luzez, kalean kanonizatze zeremoniako telebistako ahotsa entzuten da, saltzaile batek telebista jarria du bere toldopean...
Herri-herrikoa da hirira datorren jendea, xumea, adin guztietakoa; herri guztietakoa bere portaera: eliza bisitatzen du, askok otoitz egiten dute, gehienek dirua botatzen dute, denera begiratzen dute…; gu bezalako begiluzea ere ugaria da, igande-pasa etorri eta bazterrak ikusi nahian dabilena. Oso atzerritar gutxi ikusi dugu, bikote bakarren bat soilik. Pare bat ordu oso atseginak egin ditugu.
Bertako jendeak, nagusiak batez ere, hizkuntza, agian italiera bera, erabat ezberdina egiten dute, tonuz eta ahoskeraz. Ez diegu tutik ulertzen, kantuan bezala egiten dute, bokalak luzatuz. Beraien alboan beste batzuk italiera guretzat normalizatuaz egiten dute, italiera dela esateko modukoa behintzat.
Teilatueria bitxia ikus ahal da goitik, behealdetik begiratuta itxura ezberdin berezia erakusten dute fatxadek; etxe erabat xumeak dira baina aldi berean deigarriak. Orain arte ikusitakoetatik ezberdinak dira herri osoko tximinia denak, sinfonia bat osatzen dute, eta petoenek arnas tutuak dituzte alboetako tiroa errazteko edo.
S.Michel eliza: zizel-lan eta brontzezko ate apartekoz edertua du sarrera; aparte, bereiz, apartekotasunik gabeko dorre hexagonala. Ez dute praka motzik onartzen eliza barnean, ezta argazki makinarik ere, baina nirekin iritzi malguz jokatu dute, bestela txalekoarekin estaliko bainituen berna, Sofiako Basilikan bezala. Mailadi luze batez jaisten da behera, luze eta sakon, baina lurpean izanen zarela uste duzunean behera sartzen da eguzki argia ertz batetik. Eliza baino elizak dira: haizpean eginak, haizpe zulatua omen, batak dena du haitza, bestean ganga eta horma dira haitz; gorputz gotikoz estali dute haitza. Mailadian zein elizotan hainbat bitxikeria tailatu, artelan apartak, zaharrak eta betikoak, fresko hondakinak, kaperak, aldareak, hilobiak... begiek badute non gozatu; harrizko barroko ederra da eliza gotikoko erretaula. Kobazulo handi eta zulotxoz eta txokoz betetako batean jarri dituzte kofesategiak. Bada azpiko mundu horretan kinkila-denda bihurtu den elizatxoa. Dirua eskatzeko amu polita: S. Migelen harrizko irudi bikain bat jarri dute haitzeko zulo handizka batetan, aldare ostean, misterio kutsua du, zenbait Amabirjinaren Santutegietan bezala pasatzen da herria aldare ostetik santuarengana: kristal lodi batez estali diote ahoa, goian tarte zabal bat utzita; ikusi egiten da botatzen den dirua; txanpon dirua ez ezik, ugaria da paperezko dirua, borondatea pizteko aproposa, arau bat jarriz bezala; norbaitzuk paperak botatzen dituzte, uste dugu Santuari eskabideak direla: bitxia erabat, bere osotasunean, ñabarduretan ere. Bazen Santu berriari buruzko erakusketa bat: famatua izan zen gure santua bizitzan nonbait, jendetzak joaten zitzaizkion, eta estigmatizatua zegoen... jende ospetsua joaten zitzaion, izugarrizko hilobia du... Aita Sainduak ere egin zuen bisita hilobira... Rotari edo Bataiategia, S. Pedro, Sta. Maria Magiore, elkarren jarraian daude hiriko hiru altxorrok: Bataiategia karratua da, sarrera bikaina du, behe solairuan arku punta-luzeak ditu alde bakoitzean, hilobia daiteken kobazuloa ere bai, fresko hondakinak, eta putzua zitekeen zulo biribila zoruan; bigarren mailan arkuteria txikia eta zenbait zizel-lan nahiko higatuak, kupula, aldiz, sakon luzea da. S. Pedro: ezer gutxi geratzen zaio, abside biluzia eta zutabeen oinarri batzuk soilik. Sta Maria Maggiore: ederra da, sarrera aparta du: han ditu bi arranoak baina falta zaizkie azpiko zutabeak eta zutabeei eusten zieten lehoiak; badu zer miretsi, tartean hiru leihotxo imitatuzko harri landu bikainak; leihotxo bikaina du barruan, fresko hondakin ederrak bizantziar itxurakoak. Gaztelua: gotorra zela erakusten du, gaur egun herria dotoretu besterik ez du egiten.
Itsasoa eta itsas gaineko ordokia ikusi ahal da alde batera, lurmuturra osatzen duen menditeria bestera. S. Ageloren lur-barrualderako malda ere mailaka doa, zapaldaz zapalda, garai bateko ardura eta lana erakutsiz. Dena baso, dena berde. Mendi pila bata bestearen jarraian, erreka-zuloek elkarrengandik ebakiak, errepideak gora eta behera egiten du bestaldeko itsasora heltzen den arte. Leunak, gozagarriak eta atseginak dira mendiarteko bailarak, landuak daude lurrok, garia da nagusi. Artea da basoa, arte txankamehea eta txaparroa, ez du gerizarik egiten, eguzki galdan goaz nahiz basoan. Haritzak ere agertu dira ondoren. Ez dugu behirik ikusi, baina txintxarri hots ozena bai.
Txabolak edo nekazal etxeak: deigarriak dira, baina ez dira asko, basoan daude: kare-harriz eginak, fatxada hirukoitz punta-luzea dute, punta-luze zorrotzak, zuriz pintatuta, distiratsu. Izan da mendian bertan zulatuta edo mendiko lurrez estalitako txabola bat, zuhaitz artean harri tolestutako atetxoa zuen, mendi magalean. Hesiak: kareharri tolestuz eginiko hormek zeharkatzen dute basoa, garai batean arduratzen zen nekazaria bere lanbide eta bizibide zen lurrotaz. Intxusa: intxusa asko ikusi dugu mendiko azken zatian, orain arte hain gutxi ikusi dugun zuhaitz mota; loratuta dago.
31 graduko hozberoarekin goaz mendi-gainotan.
Foresta umbra. Nork esan Aralarreko S. Migel inguruan ez goazela. Hain zuzen foresta bai baina umbra ez zela esaten ari ginela, hasi da gure foresta umbra: pagadi ikaragarriak, lerdenak, sendoak, tantaiak. Mendi ibilbideak marra zuri-gorriz markatuta daude, egonlekuak ugariak dira han-hemenka, jendea erruz dator, bazter guztietan dago jendea, sua piztu dute askok, mahaietan eserita, parrilla pare handi pare bat zeuden su gainean: gutxienez arkume osoa erre behar dute... nabaria da jai giroa... bizitasuna, bizipoza... Mendi sail luzeak egin ditugu horrela. Leku izugarri erosoa ibiltzeko, egoteko, egun-pasarako. Behi aldra bat ere ikusi ahal izan dugu, pilatuta gerizpean, ugariak dira behiok errepideko plastadek erakusten dutenez. Ez dugu baserririk ikusi, baina bide ertz batean bada bertako produktuak eskainizko kartel eta gezia.
Pinuak hasi dira Foresta Umbra bukatzean, pinu mehe txikiak, itsasotik gertu gaudela iragarriz.
Peschici. Herri gris argia, mendi magal batean, tontor puntan itsasoari begira.
Errepidean kordetan daude salgai berakatzak, S. Ferminetan baino hilabete lehenago.
Bigarrenez bidaian, gainbehera batean horma bertikal handi baten irudipena sortarazi dit itsasoak: horma urdina ikusi dut pinuen ostean.
Sarriak dira bidean labar pikoek bildutako kala eta hondartzak, kala eta hondartzotan pilatzen da jendea. Oso txoko atseginak dira. Pinuak dira mendi magaletan nagusi, Matinatara hurreratuz, olibondoa. Olioa da eskaintzarik nagusiena herriotan.
Motorzale pila dabil igandea denez errepideetan, motor hotsa da parafernaliaren osagai nahitaezkoa.
Manacore. Inguru zuri atsegina itsasertzean, udaleku petoa.
Vieste. Handia, zaindua, bizi dena; hemen ez dago etxe utzi eta hondaturik; plaza txukuna du eta eliz dorre jantzia. Portu zabala, morrua luzatzen ari dira. Hondartza luzea du iparrerantz eta hondartza luzeaz gain longomare bikaina hegirantz, haitz zuri zurien gainean ikusten dela herria. Izozki gozoa eman digu artisau batek. Udaleku petoa, erakargarria.
Haitzak zuri zuriak dira, labarrak ere, S.Angelorako igoerakoak bezalatsu: kare-harrizkoa da mendi osoa berenez, baina halako haitz zuri bigun itxurako pila dago. Deigarria dira erabat itsas labar zuri zuriok. Bada irlatxoren bat tarteka.
Deigarriak dira ere tarteka haitz puntetan ageri diren arrantzarako uste ditugun nasak, tantai luzeekin, tronkoz edo habez, eginiko plataforma karratuak. Gaztelutxoak ere sarriak dira haitz punta luzeenetan, batzuk osorik besteak hondatuak.
Ugari-ugariak dira ibilbide osoan jatetxeak, hotelak eta kanpinak: udaleku, eta igandezaleen ingurua da hau. Txoko eta bazter atseginak ditu.
Etxe zuriak dira nagusi. Tarteka itsasoak tailatutako haitz zuri-zuri politak.
Matinata. Mendi magalean zuri. Lido erakargarria du.
Errepidea izan zaigu iruzur, gidaliburuak itsasgain, erlaitz dela diona, mendi barrura sartzen da sakon eta gorantz, mila etengabeko biretan. Aspertu eta nekatu egin gaitu itsasertzeko ibiliak, nahiz tarteka ikuspegi eta tarte atseginak badira ere itsasoari so. Nazkatu egin gara, aspertu samartu ere bai, luzatu egin zaigu espero ez genuen ibilbide menditsua.
198 kilometro, bakoitza mila bihurgune.
Bihar alde egitea erabaki dugu, ez dugu gaurko bihurgune eta gorabeherarik berritu nahi mendiotan, Foggiak ere ez digu ezer gelditzeko haina deigarririk eskaintzen. Moskitoek ere bidali egiten gaituzte, kontaezinak eta oldarkorrak baitira. Toskana alderako gordeko ditugu hemen aurreztutako egunok. Erabakia dugu Erromara ez joatea: oso gogoan dugu Erroma, bizi ditugu hango oroitzapenak, azalean egun haietako bizipenak. Bego dagoenean Erromari buruzkoa, gauden gauden horretan.
Zazpietarako alde egin du hondartzako jendeak. Gaur Garganoko mendiei begi ezberdinez begiratu diet, agurreko nostalgiaz, baita beren ezagupenaz ere, badakit zer diren hegiko tontorrak, badakit nolakoa den S. Angelo. Lagun ditugu mendiok, nekatu bagaituzte ere.
Moskito ehiza biziak antolatzen ditugu gauez etxatoi barruan.
“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:
* “(Nemesio Etxanizek) Euskaldunok bide bat besterik ez dugu: israeldarrek hartu zutena”. Gaur egun daramatena behintzat zapaltzailea da. Eta ez nuke nahi zapaltzailea izan. Askatzailea bai. Bidaiariak sarri begiratzen dio bidean dituen herriei, herri langile zapaldu esplotatuari, gai izango ote den kateak hausteko, eta kateak indarrez hausten dira, zapaltzaileak ez baitu giltzarrapoaren giltzarik ematen derrigortu gabe.