GIZARTE BERRI BATEN BILA
HERRIA
Euskarria
Eraman handikoa da herria, halaz ere ez da edonola moldeatu daiteken buztina. Ikuspegi argi baten premia du aurrera egin ahal izateko. Beti errespetatu behar da bere nahia eta iritzia, aurrera egin nahi bada. Zoritxarrez erabili egiten dute politikoek eta alderdiek herria, mesprezatuz: prozesu politikoak herriari nola eragiten dion ikertuz soilik ondu beharko litzake alderdien eta buruzagien jokamoldea.
Oso zaila da aldaketa bati buruzko herriaren jarrera aurreikustea, ondorio kontraesankorrak emango lituzke erreferendum batek, herriaren hizkuntza ez baita hizkuntza ofiziala, egia izanik ere mugimendu oroko jarraitzaileak baduela beste edozeren gainetik jartzen duen bere taldearekiko jarrera mistiko bat. Urteetako lana da herria heztea edo egoera berrietarako janztea. Zer galdu duena da bere eskubideen alde mugitzen azkena. Oso zaila da herriaren kontzientziaren aldaketak ikertzea.
Indarra
Beharrezkoa da gidaritza organizatu bat, ezinbestekoa ere herriaren indarra eta eragina. Eragin zuzena dute herri mugimenduek politikoen eta alderdien goi-bileretan, ezkerrerago egon ohi da ezkerreko alderdi et erakundeak baino. Herriaren kontzientzian bilakatzen diren aldaketak ez dira behin ere autonomoak edo independenteak, bere izaerak baldintzatuta dago herri horren kontzientzia, horregatik bilatu behar da argibidea eta zergatia herri horren berezitasunetan.
Une erabakigarrietan, herriak badaki azkar ikasten, erabakiak hartzen ere, nork gidatu badu, horretan dago hain zuzen ere bere indarra, indar horrek ematen dio egiatasuna mugimenduari, aldi berean egiatasunak indartu egiten du mugimendua. Grebek erakusten dute herriaren jarreraren nolakotasuna eta irrikaren norainokoa.
Ez du herria beste ezerk gehiago ahultzen zuzendaritzaren zalantzak baino. Zain egote antzu horrek irekiko ez zaien atean jotzera eramaten du herria, jarrera bortitz alferrikakoetara.
Pausoka
Herriaren aldaketa-kontzientzia ez doa ekintzen pauso berdinean, denbora gehiago behar du duen jarreratik egoera berri baten premiarantz kontzientzia bilakaerarako. Herriak ideia eta asmo bat bereganatzen duenean, gauzatu dadin nahi du, praktikan jarri. Gertakariak mende hartzea lortzen den heinean elkartzen da. Sarri ez daki ze izen jarri bizi eta nahi duenari, baina garbi ditu bizi duena eta nahi duena. Herriaren iritziak ez dira hutsik gabeak, baina ez da ez itsua ez inozoa, badaki, prozesu sakon batean, ikusten eta bizi duenaren aurrean egiatik hurren dagoen juzkua egiten, buruzagien zeregina da sentipen eta uste hori jaso eta bideratzea.
Esperientziak egin behar ditu, beste irtenbideak ez direla irtenbide praktikaz esperimentatu, azkenik beste pauso bat ematera ausartu. Esperientzia egin behar du aldi batez aurrea pauso bat emateko, bere emaitza antzuak esperimentatu, esperientzia horrekin teoriko eta irakasle jakintsuek baino sakonago irakurtzen du herri xeheak berak egoera eta honen bilakaera.
Tarteka atzera pausoak emanez egiten du aurrera, ez da homogeneoa, atzamarrak erreaz ikasten du sua indartzen. Herriaren gogoeta eta jarreren aldaerak ez dira gertatzen ari denarekin bat joaten gehienetan, pausoka ematen da batasunerako bidea. Ez du bat batean eta batera jarrera aldatzen eta bateratzen, ezta azkenean batasun horretara helduko direnean ere: hor datza zuzendaritzaren lana.
Herria, auzoak eta talde ezberdinak ere, pauso eta etapa ezberdinen, borrokaren gorabeheren jabe eta jakitun egon behar dute, informazio zehatza eta argia behar dute, batasuna ematen dio horrek borrokari, ezin zaio arerioari jarraitzaileok sakabanatzen utzi. Momentuko gorabehera batek ez du herriaren harreraren bilakaera aldarazten, baina gertaera edo egoera gaiztotze batek dakar sarri edo gehienetan herriaren jarrera biziberritzea. Ezin dakioke ezer inposatu, herriak berak konbentzitu, jabetu, eta onartu behar du aldaketa gauzatu behar duela.
Ekinean
Herriak bere irakurketa propioa egiten du egoera eta gidarien aginduei buruz, zuzena bada, herria jabetuko da azkenean norabideaz, elkartzen joango dira herritarrak, ez baitute beste irtenbiderik. Herriak ikasi egiten du une erabakigarrietako kontraesanak gainditzen, konpontzen ditu, baina berehala berriak sortzen zaizkio.
Herriaren bilakaera politikoa ez doa norabide berean, marra zuzenean gauzatzen, sigi-saga joan ohi da, baina sakonean eta orokorrean norabide bera da, eraldaketa-borrokak ez du logikarik, herri bizia da gizartea, jarrera ezberdinak hartu lezake une bakoitzean. Gutxiengo batek soilik daki zeri eta nori ematen dion boza, aurrez hartzen du herritar askok ze alderdi babestu, bozketan batez ere: horregatik lan sozialetan irabazi behar da erabaki horren norakoa.
Prozesu bat helburuetara heltzean barnerainoko krisi sakona sortzen da jarraitzaileengan, arazoak konpondu gabe daudelako oraindik, biluzik bezala uzten dituelako egoerak, une gorietan, egonezin larrietan, herriak erraz jotzen du ekintza zuzenetara. Legez kanpoko ekintzak izan ohi dira kontzientzia hartzeko eskolarik eraginkorrena. Gidarien nortasunak badu zerikusia, baina uneko baldintza sozial zein ekonomikoek erabakitzen dute azkenean.
Akidura eragiten dute porrotek, porrotaren zenbaterainokoak eragiten du akiduraren iraupena. Une bakoitzean zintzo eta argi azaldu behar dira egoera eta norabidea, eta horrela herria hurrengo pausorako gertatu eta indartu, jakitun jarri.