Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2002 - ITALIA

BIDAIAK 2002 - ITALIA

Jon Etxabe 2023/06/12 10:40
MOLISE. ABRUZZO. San Vito Chietino. Chieti, Campo Imperatore, Fonte Cerreto, Isola, Lanciano, Guardiagrele, Maiela Mediak, Cazoli, Maiela estrata, Forchueta, Lama di Peligni, Piano Cinquemiglia, Pesco Costanzo, Sulmonta, Vasto. * LAZIO. Orvieto, UMBRIA. TOSCANA, Figline Valdarno, Valdarno, Firenze.

Ekainaren 17a.  Astelehena. 46.a-I:44.a

 

“Hyperion”. Friederich Holderlin:

* “Ahantz dezagun denbora bat badela eta ez ditzagun egunak zenbatu”. Bidaiariak zehatz zenbatu behar ditu egunak: denbora bat egon bada, besterik da ditugun egunak denborarik ez balego lez gozatzea.

* “Oso gutxi mintzatzen ginen”. Bidaiariak isilune asko behar ditu, bere baitan gordetzeko uneak.

* “Arrosak urrezko errautsean pozten diren bezala, esaten genuen, horrela pozten du lurra eguzkiaren argiak bere izpiekin”. Edo kiskaltzen. Zenbat aldiz zapuztu du bisitaldia beroak, zenbat aldiz bisitariak etxerakoa hartu behar izan du sapa derrigortuta, zenbat aldiz ez du gozatu  hiri bateko altxorrez galdaren zamagatik.

* “Zer da gizakiek mendeetan egin eta pentsatutakoa, maitasunaren istant baten ondoan”. Gizakiek utzitako kultura, artelan, pentsaera, bizimodu, biziera... maitasun instanteen ondorioak dira gehienetan, askotan.

 

Aldaketa eguna. Egun kopuru zehatza geratzen zaigu, datorren astean etxean egonen gara eta. Partidaren azken pausoetan gabiltzan sentipena dut. Nekaduraren arrastoak ere hasiak dira. Hasi da etxerako garaia heltzen.

 

Bederatziak, 28 graduko hozberoa atera garenean. Bihozmin handirik gabe uzten ditugu aurrean ditugun Gargano mendiok, atzo gogaitu baiginduten, batez ere itsas bazter uste genituen baina lur barrukoak izan zitzazkigun bihurgune amaigabeek.

 

Santa Maria di Siponto. Mantso joan gara errepidean bere aurretik. Erakargarria da ikusi ahal izan duguna: zizelatu aparta dirudi sarrerako ateak, potxoloa da absidea: ezberdina kaperaren baten irtentxo arkudunarekin, harrizko teilatua... hainbat arrasto eder ikus ahal zaio. Irudi paregabea eskaintzen du osotasunean, badirudi monasteriotxo bat zela: tximinia antzerako dotoreak, eraikin osagarriak... Maparekin argitu dugu errepideko zenbakiari esker, hau da bilatu behar genuena, eta ez Siponto auzoan bila ibili gintzaizkion hura.

 

Berotegi sail erraldoia Foggia aurretxoan, hiri handia beti da bermea nekazari ekoizlearentzat. Bada ere argindar tantai erraldoien sare trinko-trinkoa, norabide guztietan, argindarra doa edo dator, agian Manfredonia portu ondoko tximiniateria, itsasgaineko bide eta gainetiko erraldoikeria hura argindar zentral bat da.

Gargano mendiak inguratuz egin dugu 60 kilometroko lehen zatia, urrutitxotik, baina hor daude, oso gertu sentitzen ditugu. Galsoroetan goaz egunotan lez, irudi bitxia eskaintzen dute ehunka gari lasto fardel borobilek urrezko alper-harriak soroetan barreiatuta bailira, argazkilari batek badu zenbait argazki deigarrirentzako motiboa, angelua, nondik begiratu, bilatzen jakinez gero. Ez dugu jakin-mina argitu: sail trinko berde ilunak zer ote diren, hainbat  daude, ondo zainduak denak.

 

S. Severo. Inguruko herrien irudi bera eskaintzen du: etxe multzoa lautadako goranzko leungune  batean, etxe berriak nagusitzen dira, zeintzuei piramide tankerako teilatuzko dorre lerdenak gailentzez zaizkien.

 

Berdetu zaigu lurraldea mahasti eta olibondoekin.

Poglio aldean dozena erdi bat mendi-tontor, ez nolanahikoak, harrobi baten hondakinez hasiak. Mendirik ez denez lur azpitik datoz nonbait hondakinok.

Lesina inguruan izen bereko lakua, luzea eta zabala, alde bakoitzak herri bana erakusten du, ur ertzean bertan biak

.

Itsasoa agertu zaigu urdin eta lasaigarri. Tarteka, orain ikusgai, orain ez, gertu edo urrutitxo, lagun izan dugu aurrerako bide osoan.

 

 

MOLISE

Olibadi eta mahasti itsasorantz, galsoroak barru aldera, ordoki dena da berdegune, mendi-muino leunetako malda bigunak soilik dira galsoro. Hala egin dugu  probintzia honetako ibilbide motza.

Iparrerago goaz. Herri bakoitzak industrigunea du.

Beti daude gandupean urrutiko mendi-muinoak, bertaratuz, aldiz,  eguzkitsu.

Goizeko hamarrak eta 30 graduko hozberoa.

Astoei kabestrua bezala, antzerako zerbait jarri digute autobideko bidaiarioi, helburu berdinarekin: begientzako pentsu bila denborarik ez galtzea albora begira; lorezko horma ederrak dira, baina harantzagoko ikuspegia lapurtzen digute. Errepidera begiak mugatzea beste aukerarik ez du autobideko gidariak. Kukuka joan behar dugu, garbigunetan ia zer eskainiko inguruak. Dottorea baina itsua da autobidea, aspergarria gainera. Isolatzailea, gizartetik eta naturatik ateratzen zaitu.

 

 

ABRUZZO

Izen bereko mendiak ditu altxor preziatu, hurrengo egunetako gure ibilbidea. Lurralde menditsua: mendi-muino gero eta hasiagoak izan ditugu lehenengo, menditzar izugarriak agertu zaizkigu azkenik, elurtuta oraindik, gandupean misteriotsu: Italiako Gran Sasso mendiak dira. Hurrengo egunetan ezagutuko dugun lurralde atsegina, dena da uhin sakon eta garaia, berde berdea, etxe zuriz zipriztinduta. Mahastia da berdegunean nagusi, baina basoa da zenbait mendi-kasko. Lasaigarria. Gustura sentitu gara.

Aspaldi ahaztuta genituen autobideko zubiak agertu dira berriro, trunka-trunka goaz jauzika bezala.

 

Kanpalekua. S. Vito Chietino herrian dago egon, baina herriko Marinan. Gainbehera piko eta bihurgune zorrotzekoetan egin dugu itsasora. Ez dago, baina, espero eta nahi genuen bezala itsas kontra, hurrean arren. Itsasoaren ordez igerilekua dugu. Ezki pean kokatuta arren ez dago eguzkiari ihes egiterik. 30 gradutik gorako hozberoarekin gaude. Kanpin guztiak lez, hau ere Uztailerako gertatzen ari da, dena pintatu, txukundu eta konponduz. Sekulakoa behar dute izan kanpalekuok udan, jatetxe, dantzatoki, taberna, etxola... mundu bat dator herriei edo hiriei ihesi. Agian beroari ihesi, beroari aurre egiteko aukera egokiago baten bila.

 

Etxeko patxada aukeratu dugu, herri bateko katedrala ikusteagatik sapa jasan ordez. Eman diot freskatualdi bat gorputzari.

 

185 Kilometro, Abruzzo probintziara, eta izen bereko mendi inguruetara.

 

San Vito Chietino. Itsas gaineraino zuzen eta garai sartzen den lurmutur baten gainean kokatua, behatoki batez bukatzen den herri luzea. Izan berri ditu jaiak, bonbilladun arkuz erabat dotoretuta daude kaleak.

Marina:  ez du apartekorik, hondartza ezik. Harrizko hesiz, harri-lubetaz babestutako hondartza da, eguzkitako eta etzatekoz ia uretara arte erabat josita hondartza, alboko hondartza lakar eta zabarrera joan behar du etzan eta itzal zatia alokatu nahi ez duenak, ez baitu tarterik aurkituko hondartzan.  Hortik kanpo ohiko jatetxe, kafetegi eta gainerakoak besterik ez dago.

 

Manfredoniako Golkoko  itsasertzean ikusi genituen arrantza tresna bitxi pare bat aurkitu ditugu moilan: izugarrizko tresneria, dena zuhaitz enborrez egina, plataforma erraldoia sekulako haga luzearekin: sarea bota eta jasotzen zuten bertatik. Kriston tramankulu tzarra.

Gazteleraz egin diogu burdindegikoari. “Espainolak?” galdetu digu beste erosle batek?. “Euskaldunak”. “San Sebastian” esan du, “Sansebastiano” besteak.

 

Bikote oso nagusia dugu auzo. Agian gorrak dira, erabat ozen jartzen dute telebista. Telebistako esatariarekin egiten du elkarrizketa gizonak: “jokoz kanpo”, “zergatik”,  ekonomiako aholkuak eta bere iritziak ematen dizkio aparailuko ahotsari erantzunez.

Bero itogarria egiten du, zabalik ditugu leiho-ateak aire apur baten itxaropenez. Etxoletan eta etxatoietan ez dugu inork argirik pizten gauez. Moskitoen beldur. M. Luisak erabat pinporta gorri mingarriz josiak ditu berna eta orkatilak.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi

* “(Xabier Letek) Gramatika zientzia bat da. Literatura, berriz esankizun bat, zerbait adierazteko premia”. Edozer eskakizun, zerbait adierazteko premiaz idatzitako edozer ez da literatura. Gramatikazko oinarri gutxieneko bat behar du. Nik ez dut uste nire bidaia kontakizunok literatura direnik, zerbait adierazi nahiz idazten dudan arren, oinarri gramatikala ahula du, eta kontaera hankamotza, joskera molde handirik gabekoa. Zerbait oinarrizkoagoa eskatzen du literaturak.

 

 

Ekainaren 18a. Asteartea.  47-I:45.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin

* “ Beti zirudien gutxi zioela, eta asko zioen”. Gutxi dioela dirudigun herri eta herrialde xumeenak berak ere asko dio, asko du adierazteko: entzuten, irakurtzen, itzultzen, interpretatzen jakin behar du bidaiariak. Urritasunaren errua ez dago herri horretan, irakurlearengan edo entzulearengan baizik. Ezin dute errealitate aberatsena ere ikusi begi lausotuek.

* “Lan bat, gerra bat niretzat, horrek animatuko ninduke”. Herri orotan aurkitu dugu beti ejertzitoa gerrarako prest, eta politikoak gerra asmatzeko bidean . Politiko orok du nolabaiteko gerra bat bere buruan, krisi baten irtenbide. Odoltsuak ez badira ere gerrok, beti dira mingarri, samin eta bortitzak. Ekonomian, aurrekontuetan beti du eragina ejertzitoak.

 

Norbait bainu-bataz ikusten baduzu zerbitzugunera bidean, badakizu italiarra dela.

 

 

ITALIAKO SASSO HANDIA – GRAN SASSO d´ITALIA

 

Mendi arteko eta paisaiez gozatzeko ibilbidea.

Bederatziak, hogeita hamar graduko hozberoa.

 

Zati erabat ezberdinak izan ditu gaurko ibilbideak, denak ikusgarriak:

Itsasertzekoak izan dira gaurko ibiliko lehen  eta azken zatiak, itsasertzetik genbiltzan baina ez genuen itsasoa lagun, hur arren, ez baikenuen itsasorik ikusten; herriak, aldiz, bata bestearen ondoren etorri zaizkigu, edo joan gatzaizkie, bakoitza bere semaforo eta auto uholdez hornituta.  Herriotan ez dago urbanizazio astakeriarik, ez behintzat etxetzar erraldoirik. Kale luzeak, ibiliak ez du zer begiratu askorik eskaintzen, baina nekadura handia damaite.

 

Chieti. Gain batean kokatua, aldats luze eta pikoa igo behar da bertaratzeko. Hiri moderno arrunta iruditu zaigu. Etxetzar pilo erraldoiek osatua dirudi. Erditik pasa behar izan dugu, eta ez zaigu inola ere erakargarria egin. Gidaliburuak aipatzen ditu hainbat interesgune: hurrengo egunetan ikusiko dugu joaten gatzaizkion ala ez. Italiako Giroa pasa zen bertatik, hor da oraindik ongietorria emanezko kartela.

 

Barruko bailarak: kosta zaigu mendietara bideratzea: bata bestearen ondoren datoz herriak, trinkoa eta nahasia da  herriarteko bide sarea. Bideratu gara azkenez. Adeitsuak eta argiak dira italiarrek galderei erantzuten.

Ardoaren ibilbidea iragartzen dute errepideko bidegurutzean.

 

Begien eta arimaren gozamena izan da ibilbidea:  aurrez-aurre menditzar lerroa alderik alde zerumuga edertuz, harkaitz-menditzarrak albo banatan, zoko elurtuak maldetan,  eta baso diren mendiak erdigunean; harkaitz tontorreria berri gehiago agertzen da bidea aurreratuz  han ostean. Bailara zabalak mendi barrenetan, mahasti eta olibondoz erabat berde; ugariak dira fruta arbola eta baratza txikiak ere. Beste aldera, aldiz, itsasorainoko ordoki zabal-zabal gorabeheratsua, lauki berde argi, lauki berde ilun eta lauki horiz osatua, dena etxe zuriz zipriztinduta. Han hemen herriak, denak gaintxoetan, mendi-muinoen txapel. Sekulako ikuskizuna. Paraje pribilegiatua, sendoa, landua, txukuna, erabilia, zaindua, lurralde inola ere ez utzia.

 

Areagotu egiten da ikuskizuna errepideak gorantz egiten duenean: sekulakoa da goitikako ikuspegia. Harrizko  mendi biluziak, baso diren mendiak, bailara zabalak... Begien zoramena, barnearen gozamena. Gorantz egin dugu, malda pikoetan kokatuta daude herriak, ia zintzilika; mendiko herriak dira, bertatik ez dute ezer, errepidetik edo aurreko muinotik, aldiz, irudi erakargarri bitxia eskaintzen dute. Herri ilunak, pintatu gabeak, haitz kolorekoak. Herri zaharrak dirudite, aspaldiko gunea nabarmentzen zaie, eliza dela beti gandor goienean.

 

Penne, Farindola...: mendiz, basoz, zuhaitzez inguratutako herriak, sarri eskutada bat etxe besterik ez da herria, tontortxo batean. Izugarriak dira Farindolatik ikuspegiak, alde batera zein bestera begiratu, izugarrizko bailara eta mendiarteak ikusi ahal dira.

 

Menditzarrotan isogurdi nanoa egurrez gainezka, trastua eta gidaria, biak egurpean ia ikusezin, bitxikeria egin zaigu.

 

Basoan sartu gara: nork esan ez geundela San Migelera bidean; pagadiak kilometroetan errepidearen alde bietan, menditzarra erabat kolonizatuz, pago sustraiek pitzatu dituzten haitz karstikoen artean; bakanketa lanetan ari dira: muluekin egiten dute garraioa errepidera; metroko luzeran ebakitako enbor zatiak dira. Pagadian egin dugu luzaro gorantz; tarteka beheko lautadan, ia behean, gelditzen ari zaizkigu mendiak, gero eta ikuskizun deigarriagoa bilakatzen zaigu. Aisia-leku pila dago, udalekuak gertatzen ari dira, aterpe, egonleku eta ohiko osagaiz. Mendikarak egin nahi dituenak badu non ederrik hemen. Piko-pikoak dira maldak.

 

24 gradura jaitsi zaigu hozberoa. Bada zerbait.

Behetik ikusten genituen menditzarrak zeharkatu ditugu: han zegoen gure bidea, tontor haien ostean gure eguneko hurrengo ikuskizuna.

 

Kukua entzun dut zerbait grabatzera gelditu garenean. Lehenengoz aurten Italian, heldu da kukua basootara ere.

 

Campo Imperatore. Ez genekien zer izango zen; mendi-gain bitxi eta ezohizkoa da: harkaitz-menditzarrek alde batetik eta tontor leunek bestetik inguraturiko lautada izugarri zabala. Haitzak ez dira kare-harrizko argiak, ilunak eta zimurtuak baizik, elurra nabarmentzen zaie ebakidura eta haitz erretenetan. Mendi biluziak, ez da zuhaixkarik, ezta sastrakarik ere.  Dozena erdi bat Urbia bata bestearen jarraian, harkaitzik eta zuhaitzik gabekoak, baina. Bata bestearen ondoren datoz lautadak, mendiarte batek banatuta; dena da belarra, artalde pila dago, egonean, denak pilatuta baitaude, geldi; ile ilunekoak dira, ez Urbiako zuriak; behiak ere asko, zaldiak ere badira; ardi txakur zuriak, handiak, sendoak, gogorrak behar dutela itxurakoak, ardiei ez ezik gizakiari ere beldurra sartzekoak. Burdina-harizkoak dira eskortak, uralitazko ate gabeko hitsak, txabolak. Izar-behatokia, aterpeak, eta beste hainbat zerbitzugune daude iragarrita. Jendea badator, ez da harritzekoa, tontorreria goxoa du, nahiz biluzia; gaur ere baziren, motxila bizkarrean mendirantz egin dutenak. Nola ez, alemaniarrak eta holandar errariak aurkitu ditugu, autoz, etxatoiz zein autokaranabaz.

 

Ez da mendi polita, ez da ederra, agian ezta erakargarria ere, baina sekulako zirrara sartzen du: lautada biluzi berdeak, bukatzen ez direnak, bat zeharkatu eta beste bat duzu azkena uste zenuenaren ondoren. Oraintxe dituzu tontortzar izugarriak gainean, eta beste tontortzar bat duzu hurrengo ordokian, ostekoak Sasso Handiko tontorreria jarrai berdeak dira. Mutu uzten zaitu, harrituta, bihotza kizkurtuta. Paisaia zabala, argitsua. 2910 metroko altuera du hauetako tontor batek.

 

Hemen nonbaiten eduki zuten preso Musolini:  soldadu alemaniarrek askatu zuten.

Oso baxu zeharkatu du gerra-hegazkin batek lautadetariko bat, geundenon bakea hautsiz.

24 gradutan dirau goiotan hozberoak, autotik kanpora haizea, graduak gradu, freskoa ere bada.

Autobiak menditzarra zulatzen du beheko bailaratik hasita auskalo noraino.

 

Fonte Cerreto, mendi edo elur zaleak tontorretara jasotzeko tresneria du, postetzarrak mendian gora, kabinak edo eserlekuak zintzilikatzeko antolamendua.

 

Erreka-zuloa: Bukatu zaizkigu ordoki berdeok. Behera egin ondoren, gora egin behar izan dugu berriro. Magal erditik zeharkatu ditugu azken mendi berde biluziok; bailara zabala genuen behean, herriz eta etxez josia; zubi luzez zeharkatzen du mendi bat autobideak, ia tontorretik beheraino baso den beste mendikate bat dugu aurrean. Luze joan da Campo Imperatore biltzen duten mendi berde  biluzion maldak zeharkatzea.

Erreka-zulora egin dugu azkenik, Vomano izan dezake izena bailarak edo bailararen beheko zatiak, osagai hori baitute zenbait herrik: ez dugu erreka ikusten baina hor joan behar du zuloan. Pare bat urtegi txiki ere izan dira, ia hutsik. Mendiarte estuan doa errepidea, ia arroila dirudi, menditzar eta harkaitz tzarrak ditugu gainean alde bietan, burugainean zintzilikatuta, dena da baso pikoa, ia plomuan. Mendi-zuloko errepidea, dena haitz, dena baso. Herritxoak tarteka, lauzpabost etxe,  lekurik ez dutenez errepide ertzak ematen dien zabaleran, ilaran; kolore biziz pintatuta edo erabat kolorgetuak; argindar zentral bat noizbehinka. Mendi maldako ertz eta tontor edo hegietan agertzen diren herriak dira parajearen osagai deigarriak:  kukuka bezala daude herriok, baina izan da pare bat erabat barnea irauli digutenak, agian utziak daude herriotako alde zaharrok, behin ere pintatuta izan ez diren etxeak dira, harri edo lur kolorekoak, erabat biluziak, ia beltzak, arre ilunak, herri baten hezurreria gehiago dirudite herri bat baino, zintzilikatuta bezala bakarren bat, magal pikoko tontorgunean.

Montorio: baditu zaharraren alboan etxeteria berri eta kale zainduak. Urrutiko magaletan ere agertzen dira herriak, zuhaitz artean gordetako herri ilunak, haitzak bailira, herri izateaz ere lotsatuta bezala, zuhaitz artean ezkutatu nahiko balute lez.

34 graduko hozberoan gara berriro zulora egin dugunean.

 

Isolara bidea. Beste aldetik hurreratzen gatzaizkie orain jada ezagunak zaizkigun Sasso menditzarroi. Ikuskizunak  darrai. Zoragarria da mendi elurtuok aurrean  ditugula bidaiatzea. Nekatuak gauden arren harritu egiten gara, mendiokin eta paisaiarekin maitemindu ere. Beheko bailaren ikuskizuna eta mendi barreneko herrion kokagune paregabea miresten ditugu berriro. Agian bizimodua ez da erraza bertan, guretzat hain ederra den parajean, eta seguru garai batean erabat gogorra izan zela hemen bizimodua. Idilikoa da, aldiz, bidaiari pasakorrontzat.

 

Isola. Sasso mendietako tontor baten barren-barrenean dago, lurrari itsatsita. Eliz dorre edo kupula bitxi berezia du, harri latzeko ortogonal itxurako xumeago ezina, baina irudiz eta kokagunez ezberdina.

 

Aparteko aipamenik ez herriei edo inguruari buruz. Villa Petto herrian mutiko bat sartu zaigu  bidera bandera italiarra astinduz, gizonezko taldetxoa ari zen bizi-bizi taberna aurrean: Italiak irabazi du nonbait futbol partidua. Eszena berdinak errepikatu dira etxerako bidean

Bagenekien luzea izanen zela gaurko ibilbidea, neketsua izanen zela. Hala izan da, izan ere.  Ederra izanen zela espero genuen. Aparta izan da.

 

312 kilometro, zazpi ordu nekoso gozagarriak Sasso mendietan

 

Etengabeko jardun ozen monotonoa alboko etxatoian, ez dakigu sarri telebista den, ala agurea.

 

Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:

* “(G. Aresti)Euskal Herriak ez du ezer errespetatzen, eta errespetatzen baldin badu, beldurragatik”. Herri gehienek bezala, beldurra izan da mota guztiko agintearen tresna nagusia, erabiliena. Doan herriko historia begiratu besterik ez du bidaiariak, artelanen historian ere nabari da, artelan euretan ere.

 

 

Ekainaren 19a.  Asteazkena. 48.a-I:46.a

 

“Hyperion”. Frie drich Holderlin:

* “Galdetzen didazu nola joan zitzaidan denbora hura?. Dena irabazi nahian dena galdu duen norbaiti bezala”. Gertatu izan zaio bidaiariari dena ikusi nahian oso gutxirekin geratzea; asimilatu dezakeena soilik planifikatu behar du bidaiariak, eta barneratzeko bitartekariak jarri. Gerta ohi dakio ere, geroago aukera hobea izango duelakoan zerbait utzi, eta gehiago aukerarik ez izatea, edo duen aukera baliatzeagatik denbora eman eta aukera oparoagoa geroago izatea.

* “Esperantza bota nuen, makuluak nahi ez dituen elbarrituaren antzera”. Ez dago bidaiaririk ez bidaiarik esperantzarik gabe. Itxaropenak bultzarazten du bidaiaria bidean jartzera. Une, bidaia  eta bidaiari bakoitzak bere itxaropena du, itxaropena dago bidaia ororen oinarrian.

* “Askotan hain neke baita pentsamendua finkatzea”. Nekea da bidaiariaren etsairik nagusienetarikoa, indarrak neurtu eta atseden hartzen dakien bidaiaria da urrutien heldu edo luzaroen edo sendoen irauten duena. Lagun txarra da nekea idazteko ere, ze antzu eta lehor eguneko bizipenak idazteko. Irudimena, oroimena eta gozamena kamusten ditu nekeak.

* “Izan zen eta bada, zure baitan”. Barne bidaia bat du berarekin bidaia orok. Barne bidaiak bilakatzen du bidai-ibilaldi bat.

* “Bilatzen duzuna denbora hobea da, mundu ederrago bat”. Beste garai batera jauzia da sarri bidaia, edo beste gizarte mota batera. Zerbait berriren bila.

* “Zergatik baztertu zenuen hura, soilik jainko bat ez zelako?”. Bidaia-agentzietako eskaintzak dira askorentzat aukera balezkoak, beste aukera piloa baztertuz norbere parte-hartze zuzenagoa eskatzen digulako. Iniziatibarik ezak sasi jainkoak bilatzera eramaten gaitu, nortasuna murrizten diguten bidaietara eramaten.

* “Gau izartsua nire elementua egin zen”. Izarrak dira nire gaueroko zerbitzugunerako bidelagun. Zita gozagarria dut beraiekin gauero.

* “Horrela nengoen neure maitasunak asmaturiko irudiaren aurrean, neure ametsetako idoloaren aurrean”. Bidaiariak beti darama idolo edo ametsen bat, errealitatea eta irudikatua alderatzea da bidaiaren mamietako bat.

* “Hilkortasuna itxura hutsa da, eguzkira luze begira egon ondoren, begietan dir-dir dauzkagun koloreak bezala”. Natura, unibertsoa, mundua, ez da hilkorra, baina guk orain dugun eta bizi dugun forma konkretu hau bai, desegin egingo da eta.

 

Gaurko ibilbideak ez digu eman ezer berririk; atzokoak sentipenak berrituz, lautadako paisaia eta atzo urrutitik ikusi genuen menditzar elurtuaren ikuspegia hurretik gozatzea izan da; La Maiella mendikateko tontorrak izan ditugu aurrean, agian horietako bat da 2795 metroko garaierakoa. Harri zuria da itxura guztien arabera urrutitik elurtua zirudien mendi-gaina, ebakidura eta erretenetako, tontorretakoak ere, elur lerro zuriak hagitz zuriago eta ezberdinagoak baitira. Haitz oso argiak dira. Izugarrizko amildegiak, plomuan erortzen diren labar ikaragarriak.  Agian garaiagoak dira gaurko muinoak, koskortuak.

Atzoko bizipen bera jaso dugu Abruzzo herrialde honi buruz: ondo-bizien herria, lur landuak, etxe txukun zainduak, mendi-muino gainetako herri argiak, harkaitz diruditen mendi maldetako herri arre ilun lotsatiak. Ibilbide erabat atsegin eta gozagarria izan da gaurkoa ere, errepikagarria arren, inola ere ez aspergarria. Seguruenik bizimodu gogorreko herriak, lurrari itsatsiak bizitzari eutsi beharrez.

 

Lanciano. Mendi-tontor elurtuak ikus daitezke zenbait kale eta plazatik. Tontortxoan kokatua: kale artezko Alde Berria eta Erdi Aroko Alde Zaharra, kale luze aldapatsu nahiko nahasiak hainbat pasabide eta elkarlotze esturekin, mailadiak... Bisitari asko datorkio, turisten autobusentzat aparkaleku zabal berezia dute herriko ertz batean. Kaleetan ikusi dugu Pio santu berriaren irudiko zapiak lepoak zituen koadrila. Dorrea, XIV. gizaldikoa, karratu sendoa, arku garaiko hiru solairu zabaltzan bukatuz. Katedrala, plaza berean, XVII. gizaldikoa, 4 zutabe erraldoi fatxadan giro neoklasikoa emanez, barrua aldiz nabe bakarrekoa da, dottore itxura ematen dio marmol gorrixkak; koadrotzarrak aldareetan ohi denez, eta santu-iruditzarrak aldaretako horma zuloetan ia ezkutatuta. Miraculo Eukaristico, eliza, argia, eliza gehienok lez ganga pinturaz edertuta: hona datoz hainbat autobuskada, atzerritarrenak, baina baita italiar adinekoenak ere: entzulez beteta zegoen eliza, elizkizunen batean zegoen, beheko kapera bat ere kantu eta otoitz marmarioek erakusten zutenez. Kinkila-denda bihurtuta daude eliza-azpi, klaustro eta inguruak: izan zen mirariren bat, baina ez gara enteratu zer gertatu zen. Sta.Luzia elizak  fatxada bikaina du, errosetoi eta ate tailatu bikaina ere; abside gaina xumea da, baina ezberdina, kanpai-horma txiki batekin.

 

Guardiagrele. Ez dakigu “grele” hitzak zer esan nahi duen, baina bai bada “guardia”n, zelatan, dagoen herria. Tontor garai batean; luze eta bihurrituz egin behar du errepideak goraino; behatoki aparta da beraz, itsasorainoko mendi-muinozko lautada berde hori herriz zipriztindua, menditzarren ikuskizuna da bertatik ikuspegia. Ez du apartekorik kale-sareak: kale luzeak aldatzean, zeharkako kale eta zeharbideekin, inondik ere ez arteza eta koadrikulatua. Burdina lantzen duten fama dute, lauzpabost denda ikusi dugu sarrerako ate nagusian; burdinazko lan politak dituzte salgai, bada burdina artistarik beraz; errementari bat ere ikusi dugu lanean, pozik ikusi nau bideoz grabatzen, eta kantuz eta gartsu egin du, mailuaz burdina goriari mailukadaka gartsu, bera eta bere lana ikuskizun zela jabetuta; kalera begira, ate atean egiten du lan, lana ikuskizun bihurtuz. Sta. Maria Maggiore, fatxada zuri zuria du, xumea baina aldi berean lantxo eder askorekin eta itxura deigarriarekin apaindua; bi kanpaitzar ditu elizpe gaineko teilatua erakustoki dela; freskoak ditu elizpean, oso ilunak edo ilunduak, berreskuratzen lanetan ari dira; bada bestelako zizel-lan ederrik ere elizpe bietan. Gaztelutxoa, gorengo plaza zabalean dorre gotor bat, bestaldean dagoen bigarren ate batekin ingurua dotoretuz edo girotuz.

 

Gerizpe haizetsuan izan dugu autoa, halaz ere 32 graduko hozbero da auto ingurukoa.

Etxerakoan izan dugu Chieti aurrean eguneko aldagai berria: mendi malda erabat erosionatuak, harri biguna da nonbait; batelen branka edo harri aroko aiztoen ahoak dirudite, silex labanak, malkar osoa ertz zorrotz edo aizto-aho kontaezineko bihurtuta,  zabal, han hemen zabalera handian, lurraldeko sinfonia berde hori horizontala etenez.

 

95 kilometro, bero sapan ere ikuskizun.

 

Beroa ari zaigu nagusitzen, geriza bila gabiltza herri bateara heldutakoan, eta etxerako amets eguerdirako, gutxienez arropaz arintzeko. Gure egitaraua ere laburtu eginen dugu, ez da girorik herririk herri katedral bila hasteko. Igerilekuko freskuraren liluraz luzatuko ditugu hemen egun batzuk, egun pare baterako soilik utziko dugu Firenzze, etxera azken pauso luzea eman aurretik.

Gure auzoko bikote nagusiak, ia gure NA Navarra den, Euskara tutik ulertzen ez den hizkuntza dela, “Sansebästian” andreak eta buruari aska egin ondoren “Donosti” esan du gizonak, etxatoiarekin Igeldoko kanpalekuan egon zirela esan digute azkenean.. Gauean beraiekin kalakan ari den neska bati, napolitartzat hartzen gaituenez, “Ez da Napoli, Navarra baizik” esan diote.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:

* “(G.Aresti)Euskaldun-fededun slogan intolerablea haizatu dugu eguzkiaren lau puntuetara”. Euskal Herriko lau puntuetara soilik, apaiz interesatuek zabaldutakoa. Europako edozein herritan aldiz aurkituko dugu Euskal Herrian baino eliza eta kristau monumentu askoz ugariago eta bikainagoak, katedralak ez ezik, plazetako izurrite eta erlijio inguruko zutabe eta iruditeriak. Euskaldunak ez du mamitu oroitarrietan fede handirik, fede apala baizik. Gainera, fededun ala beldurti gara euskaldunok?.

 

 

Maiatzaren 20a. Osteguna. 49.a-I:47.a

 

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “Bizitzan badira ordu handiak”. Bidaietan ere!

* “Atenas Alexandroren ohaidea zen eta mundua heriotzaraino xerkaturiko orein bat”. Hala da agintari oro herriarekiko eta herria agintariarekiko. Aldagaiak aldagai, herri orotan ikus daitekeenez.

* “Giza izaera ondu ezean, edozein diziplina eta arterentzat sobera goiz da”. Hainbat bidaiari goizegi doa bidaiara, bidaia ibilaldi edo jai-giro bihurtzen zaio. Ondua behar du sena bidaiariak bidaiaz gozatzeko.

* ”Atenastarrak hain libreki bizitzeak, bortizkeria mota guztietatik kanpoan, egin zituen hain bikainak, eta soilik horrek egin zitzakeen”. Ez da inperio bat bortizkeriarik gabe eraikitzen, ez da herri bat aberats bizi beste bat bortizki zapaldu gabe, eta atenastarrek nahitaez herriak zapaltzetik bizi ziren libre eta libreki, eta filosofatzen, eta artezale...

* “Baina gizakia jainko bat da, gizakia denez gero”. Herri guztietako gizakia zenbateraino den jainko kaskarra erakusten du bidaiatzeak.

* “Artea da giza edertasunaren, jainkozkoaren, lehen umea... Edertasuna jainkozkoaren lehen umea artea da”. Gozatu egiten dugu arteaz, baina artea moda bat da. Eta abilezia bat, eta jardunaren ondorioa, eta trebezia ikasia... Babesle diruduna behar duena.

* “Edertasunaren bigarren umea erlijioa da”. Herri orotan, jauntxoen tresna eraginkorrena.

* “Atenasen izpirituaren edertasunetik dator libertatearen beharrezko sena ere”. Mitoa. Ez dago espirituaren edertasunik gose den herri batetan. Eta ase bizi den herria inoren lanetik edo bizkar elikatzen da.

* “Poesiarik gabe sekula ez zatekeen jende filosofoa”. Ia inork ez du poesiarik irakurtzen, beraz ez da filosoforik. Edo poeta eta filosofoek, kate itxi bat osatzen dute eurek soilik”.

* “Soberazko indarrak erabilpena bilatzen du”. Beldurtu egiten naute herri aseek eta herri indartsuek. Eta herri armatuek.

 

Nire urtebetetzea, naturak egin dik lehen oparia: zozoa izan dut leiho aurrean gosari bila, bi mika ere hurreratu zaizkigu, edari bila iturriko konketara.

 

Etxera bidean dugu gogoa, “datorren astean” goaz, janaria neurtu dugu, zenbat arropa beharko dugun kalkulatu, garbitu edo ez erabaki, gaurkoa da programatutako azken ibilbidea, Erromarakoa baztertu ondoren eta Firentze ezaguna zaigunez... Natura hilezina da, naturaren zatiok hilkorrak, eta bukaera dute ere gizakion bidaiek.

 

Maiella Mendia.

Gaurko  ibilbideko ikur nagusia.

Atzoko ibilbideko lehen zatia izan da gaurkoa ere, ezaguna arren, atzo bezain erakargarria. Maiella mendiak ditugu uneoro ikuskizun eta gozamen, tontor horietako batek izan behar du Amaro tontorra, bere 2993 metrorekin. Ez dugu damurik berriro ibilia berregiteko, bakoitzean baita berdinean ezberdina. Deika dugu Maiella, bertara joateko konbita luzatuz uneoro, jainkosa tentagarria, misteriotsua, ahaltsua, sendoa, buru zuria gona berdearekin, aldakorra, hurrago zein  alborago itxuraz aldatzen zaiguna, keinu ezberdinez kilikatuz, aurpegia aldatuz, beti bera eta uneoro ezberdin. Tentagarri. Eta berarengana goaz joan.

Behatoki zoragarria bihurtu da bailara gaineko zubia, berde-hori alde bietara bailara zabalak, Maillea aurrez aurre, herritxoa tontor gainean... behatoki bat bertan ateratzea falta zaio soilik zubiari. Mendiarteak ez dira bailarak, mendi-zulo zabalak baizik, mendiarteko ebakidura berdeak, lurraren zauri berde zabal bat besterik ez. Mendi maldak aldiz gainbehera leunak lauki berde eta horiz osatuak, lurreko jeinuak xake berezi bat jokatuko bailuke bertan.

 

Bizkar eta mokor zabal,  bernak  urkilatuta, eskorga eskuan, edozein lurraldeko emakume nekazari lanean zailduaren itxura berdina du Italian ere nekazari andre helduak.

Ez da hainbeste isogurdi ikusi ahal inguru honetan, bai ordea traktorea.

Gidaria argien bidez elkar babesten da gidaria poliziengandik  errepidean, solidaritatea bizirik dirau Arbuzzoetan ere.

Cazoli inguruan badira silex haitzen aho lerratuak diruditen malkor higatuak, atzo Chieti inguruan ikusi genituen antzerakoak, irudimena mitologiara zirikatzen dutenak.

        

Cazoli: Izugarri erakargarria agertu zaigu urrutitik, dotorea, Maillearen azpian; mendi konikoaren txanoa dirudi, izan ere hala da, harro, zut,  gris iluna, arrea, bera ere haitz. 384 metroko goiera du: erakargarriagoa uste genuen guk behetik hain tontorrean ikusiz.  Urrutitiko lilura galdu egiten du bertara helduz: mailaz maila doa gainbeheran teilateria, mailadi erraldoia, diganteen mailadia bezala. Gora eraman gaitu errepideak bide piko luze eta sigi-sagakoan; zeharkatu dugu alde berria  eta zaharreko goiko plaza izan daitekeenera mugatu dugu bisita: ez du apartekotasunik. Gelditzea erabakitzen duen bidaiariak bilatuko dio bere edertasun izpia, ez baita ederretik ezer ez duen herririk, biztanle zein egituren aldetik.

 

“Comune antitransgenico” iragartzen da errepidean: errespetua eta adeitasuna sortarazten ditu gutxienez.

 

Maiella estrata. Mendiaren magaletik egin dugu hurrengo zatia, goitik erabat, basoan, erreka-zulo zuloa dugula behean;  etxerik jasotzeko lekurik ere ez dago, urtegi batena da laugune bakarra, alboko basoek berdez tindatutako ur-azalarekin. Eskukada etxe dira herritxoak, han hemen paisaian barreiatuta, multzoka baso erdian, beti tontortxo batean, maldan bada ere; zenbait herritxo bakan  zeharkatzen dugu, mendi mendikoak dira, apalak, xumeak; izanen dute zer kontatu bertako biztanleek, historia eder eta aldi berean gordin ere egon behar du, baina horrek ez du gelditzera bultzatzen bidaiaria, beraiek ere ez dute inor geldiarazteko nahirik, gaitasunik edo ahalbiderik. Herritxo horietako batean bada herriko garbitegia: bertan zegoen emakume bat lixibaginan. Mendien, eta beraien malda berde eta horien sinfonia da ibilbidea, batez ere urrutitik begiratuz dira edertasunaren ispilu; arruntak dira bertatik, bortitzak eta gogorrak dira mendi biluziok basoaren tapakia galduz biluzten direnean, azpian hartzen zaituzte, menperatu, jan, ezereztu; gain gainean sentitzen dituzu, erraldoi baten azpian sentitzen zara, ahul, nano.

 

Errepide bat baino gehiago da mendiarte hauetan, tentagarriak dira, herri, pasabide eta paisaia erakargarri franko egon behar du zulo eta gain horietan; ez mapan ez gidaliburuan agertzen ez diren giza eta geografia paisaiak.

Bidaiariak garbi eduki behar du bere plangintza, ibilbidea eta ibilbidekoa: herri bakoitzak  du bere eskaintza, gezi marroiz bidaiariari eskainita interesgune bezala. Ezinekoa da eskaintza orori baiezkoa ematea, tentaldi bakoitzean erortzea, egutegiak, interesguneak, kemenak eta indarrek mugatzen dute beti ibilbidea.

 

 Lama d. Peligni: erabat erakarri gaitu, mendi mendiko herria, plaza moinoinoa eta eliza gutxienez ezberdina zituen, baina aurrera egin dugu.

 

Goi goiotan bidaiatuz, dena dela  ikuskizun, dena paisaia gozagarri, tarteka gari-sailek  urre koloreko laukiz soiltzen baino apaintzen dituzten basoez berdetutako mendi magalak, kriston aitzarrak burugainean, txapeltxo gorrixkara herritxoak mendi tontortxoetan ... bihurguneek baino paisaiak berak behartzen gaitu mantso joatera beraiez gozatzeko. Behatoki paregabea bihurtu zaigu errepidea zenbait kilometrotan. Egokitu eta apainduz sekulako behatokia bihurtu dute mendia zulatu ondoren mendi muturrean gelditu den bide zaharra. Zabaldu egiten da bailara, herri bat hedatzen da behean gorri berdegunean, teilateria besterik ez baitzaio ikusten; aurrean aldiz Palena herria dugu harkaitzak bezain  arre mendi azpian. Kobazuloak, mendiko ibilbideak, aterpeak... iragartzen dira errepide bazterretan: bidaiaria badator, inguruak erakarrita, eta bisitari bihurtu nahi dute duten eskaintza ezberdinez.

 

Basoa izan dugu ikuskizun gorantz egiten dugun heinean, basoak bilduta, basoaren altzoan, segurtasun osoz egin dugu bidea. Argindar zutabe burdinazko erraldoiek zeharkatzen dute mendia eta basoa: burdinazko egituratzarrok alderik alde zeharkatzen dituzte Maiella mendiak Anibalek elefanteekin Alpeak bezala. Interesa dagoenean edozein oztopo gainditzen du gizakiak.

 

Forcheta, 1276 metrotako goieran dagoen herria.

 

Piano dei Chinquemiglia. Bost miliako lautada. Mila metrotik gorako goierako goilautada; erromatarrak deitu omen zuten horrela, bost milia dituelako. Mendiarteko lautada luze eta zabala, belardi amaigabea, baso, basoa ez denean belardi den mendiz, inguratuta. Ez dago, baina, ez ardirik, ez behirik, ez belar ebakirik.

 

Eskiatzaileen parajea da: Campo di Jove, “maitasunaren eremua”, iragartzen dute eski-gune bezala, poeta dira italiarrak; badator eski zalea azpiegiturak erakusten duenez.

 

Pescocostanzo: 1200 metroko goieran, mendi mendiko herria. Herri zaindua, bisitariak datozkiona, bisitariengandik bizi dena, bisitarientzako janzten eta dotoretzen dena. Mendixka baten gailurrean dago, malda bateko tontorrean, mendiz inguratuta, ordoki-belartza zabaltzen zaio barrenean. Goialdean zabaltzen da kaledi nagusia eta maldan behera zabaltzen kaledi xume eta urriena. Erdi Aroko herrietan ohi den kale bihurri, pasabide, mailadi pikoak eta zokoak. Artelanen eta bitxigile edo urreginen herria: hainbat bitxigile dago; artisauak dira, bakoitzak bere dendan egiten du lan erosle edo begiluze edozeinen aurrean. Eskultura pila dago, plaza eta parkeetan barreiatuta, pila, denak handiak, figuratiboak denak, nire oso gustukoak asko. Bai bitxiak bai eskulturak, begien gozamen, ibilbide gozagarri ezberdina egiteko aukera izan dugu kaleetan zehar. Plaza xarmantak ditu, elizakoa eta udaletxekoa, elkarren aurrez aurre, kale batez bilduak, plaza bakarra bailira. Deigarri edo bereizgarrienak etxe sarrerako mailadiak edo eskailerak egin zaizkigu: soto edo biltegia dute behe solairuan, lehen solairuan dago etxebizitza, harrizko eskailera da bertara sarbidea: ia etxe orok du bere kanpotiko eskailera. Ugariak dira jauregiak, udaletxea da agian ederrena eta handiena. Burdinazko gako edo tresnak ditu pare bat etxek leihoetan, ez diogu antzik ematen zertarako, baina oilar burutxoz landuak dira gakoon puntak; etxe gehienek behe solairuko biltegi edo delakoek bao-gune obalatu txikiak dituzte, biziki deigarriak. Elizak: Santa Maria del Colle: 5 nabe ditu, ia karratua, ez baitu gurutzadurarik; errenazentista; sekulako gangak, organo ederra, korua eta korupeko ganga,  pulpitua...  zurezko lanak dira, pinturez inguratuta edo eurak ere pintatuak, urre kolorea da nagusi; forma ezberdineko mila koadrotxoz edertua eta apaindua bezala, saloi bat bailitzan, erabat deigarria eta atsegina bilakatzen da; bataiategian bada olioak gordetzeko harrizko zulo nanoa, zizel-lan bikaina; Kristo berezia, herriko tailagile batena seguruenik, bitxiki pintatua, posturaz ere erabat ezberdina. Ezin da argazkirik atera, ez filmatu, eta segurtatzeko han dago begirik kentzen ez dizula gizontxo zaparrotea, seguruenik sakristaua. Jesus y Maria: areto dotoretxoa dirudi, dena pintura, dena behatoki, dena santu-irudi, dena aldare, dena koloretsu: ederra da Jesusen eta Mariaren irudia. Kaperatxoa: irudi bitxiak ditu. Bada behatoki apartekorik ere. Egur trokoteak ere pilatzen dituzte etxe aurretan, mendiko herriotan ohi denez.

 

Herritik alde ezinik luzatu gara, herri xarmantean, oraindik geu ere beroak eraso gabe, goialdeko freskuran...

 

Pescocostanzo bestaldean bada bigarren ordoki berde bat, hau ere dena belardi, belardi eta baso diren mendiz inguratua, agian lehen aipatu eta aurkitu ordoki berde haren luzapena besterik ez da.

 

Eta goilautadako zabalgune nagusira heldu gara: aurrekoaren paretsua ikuskizunez edo paisaiaz, baina erabat luzea, hau da bost miliakoa. Hemen bada landutako sail berderik, ez dakigu lora sailak ala mitxoletak diren batzuk. Zirraragarria, lautada berdea mendi berdez inguratua; basoa da mendia alde batera, belartza bestera. Ez du ezer berezirik aipatzeko, poeta edo irudimen handikoa behar nuke izan ikuskizun berde hau deskribatzeko. Horrelako gaitasunik ezean zirraragarria dela esanez mugatu behar astindu nauen bizipena. Baina sekulakoa da zirko berde hau. Hemen borrokatu zuten ez dakit nongo jainkoek ez dakit zergatik ez dakit nork irabazteko. Edo hemen izan ziren Abruzoetako akelarreak. Edo hemen biltzen ziren basoetako jeinuak mus txapelketa amaigabeetan. Duda izpirik gabe, hemen bota dute izerdia eta bizkarrezurra eten goilautadako edo mendi-zuloetako nekazariek  bizimodu latzari iraupena bermatzeko. Baina bertan ez da gaur egun ez herririk ez nekazal gunerik behi granja bat ezik.

 

Bada Sulmonara beste bide bat, tentagarria, mendiartetik, ederra behar du izan, baina aukeraketa egin dugu, aurrez erabakitakoari jarraitzen diogu, erabaki orotan lez, zerbait ederra galduko genuen, baina beste zerbait ederra geureganatu. Gerora ikusmina sortarazten duten beste hainbat aukera aurkitu dugu, inguruagatik, herriengatik, ikuspegiengatik erakargarriak. Ia neurririk eta mugarik gabekoa da natura eta gizakiaren naturarekiko balizko harremana, gizakiok ordea erabat mugatuak gara. Aukerak egitea da bidaiatzea, eta gu gustura gaude gaurko aukerarekin.

 

Gainbehera egin dugu goi-bailararen ondoren, mendiarte pikoan, baso eta aitzarrez inguratuta, han behean urrutietan lautada zabala itxuratzen zaigu, ordoki zabala, erabat kolonizatua. Zirraragarria  izan da ikuskizun hau ere. Malda batetik bestera doa errepidea, zulogune sakonak zubi luze garaiz zeharkatuz, erdiko tontortxoez baliatuz sarri, mendia zulatuz hurrengo, mendi tontor mendi tontor tarteka. Malda goitik beti. Luze baina bizkor. Zubi sigi-sagakoaren bidez behera lasterrean egin dugun arte. Tarteka, zuloan, herri bat, garai bateko errepide zaharraren alboan jaio eta hedatutakoa. Herri arre haitz kolorekoa bat, teilatu gorriagoko gorria beste bat. Beste batean gainbehera datoz etxeak, inolako graziarik gabe, etxe arruntak, baina mailadi bat eginaz.  Ia sinestezina egiten zaigu, gorantz begira, han goitik etorri garenik, maldatik maldara ibili garenik, baina han daude zubitzarrak lekuko.

Behin behea hartu dugunean ez du inolako erakargarritasunik bideak, agian ingurua ere zuhaitzez berdea delako, berdez pintatuta du bidea gidaliburuak.

 

Sulmona. Mendikate garai arteko ordoki zabalean kokatua.  Aspaldikoa, kale zabaleko kaleartea, ez du xarmarik. Bai ordea ikusmina asetzeko ikusgai ederrik. Napoli atea: sarrerako atea, gotikoa, jantzia eta arku landuz eta horma loratzen duten apaindura borobilekin dotoretua. Plaza: zabala osagai paregabeekin, akueduktu edo ubidea, plazaren alde bata mugatuz, okertu egiten da alde batean eta iturri batean bukatzen, aldi berean plazara sarrerako ateak dira ubidearen begi bakoitza; mailadi zabalak, akueduktura doana bata, eliza atari aurreko arku batera bestea; S. Fratzizko eliza beste aldean, sarrera garbitu berri bikain landua erakutsiz; erdian iturri handi ederra. Hainbat eliza: fatxada ederrekoak hiruzpalau, bakoitza bera; merezi dute begirada bat; bat ikusi dugu barrutik, errenazimenduko jai aretoa dirudi honek ere: zuri-zuri argia, kofesategi iruditxoz beteak, bi balkoitxo edo palko, pulpitu dottorea, iruzurreko behatoki pintatuko kupula... ; korupean kontrastez emakume baten tankerako gerribuelta duen Kristoa alde batera, eta  fresko hondakinez bilduta santu bat.

 

Izozkia eman digu, Italiakoa, izaki nahitaez gozoa. Eguzkiari iheska ibili gatzaizkio, gerizpez gerizpe, beroari iheska etxean gordeta herritarrak mortu utzi dituzten kaleetan.

Hemengoa zen Ovidio, poeta erromatarra, latin klaseetako testu itzulgaitz kiribildutakoen egilea, baina  ez dugu bere aipamenik inon aurkitu.

“Spagna 1 Paraguay 1” entzun dugu irrati batetik kale batean; ona da puntu banaketa, nahiz Espainiak galtzea hobea izanen zen, etxerakoan telebistan giro bareagoa aurki dezagun, nork eutsi bestela abertzale espainiarrei!. Ez dezala jokalari euskaldunak ezer sonaturik egin, nork eutsi bestela euskal abertzaleei!.

Dozena bat soldadu kamuflaje uniformearekin kaleetan!. Estatu bortitzaren ikur.

 

Etxera egin dugu, bidean baden arren interesguneko monasterio bat. Beroak harrapatu gaitu Sulmonako arratsalde goizak. Denbora laburtzera behartzen gaitu beroak, ikusmina ere ahuldu egiten baitu, ganoragabetu alegia.

Autobidea aukeratu dugu, bizkorrena zaigulako, eramangarriena gure nekean. Inguru ederra du autobiak berak ere. Mendiz inguratuta alde bietatik, mendi-tontorrak hur nahiz urruti, biluzik batzuk, zuhaiztuak besteak, higatuak ere, naturak bitxiki itxuratuak. Arno Mendiaren itxurako tontorreria tarteka, antzerakoak itxuraz, erabat erraldoiak tamainaz. Arroila bat ere izan da, malkarretako haitz puntetan doa argindar tantaiteria erraldoia. Berriro Anibalek Alpeak zeharkatu zituela elefanteekin gogarazi digute.

 

Apalduz joan dira mendiok kostarantz heinean, ordoki uhindua bilakatu da lurraldea itsasertzean. Izan da bitxikeriaren bat bidean: etxeteria ilun bat gainbeherako harriz gordetako gaztelutxoaren oinetan,  harkaitzari itsatsi-itsatsitako herria, erabat planoa, gehiago zirudien, paper batean marraztutako mural bat. Gaztelutxo baten hondakinak, oraindik lerden haitz punta batean. Ikusi ditugun lehenengo eolikoak, pare bat, biak nagi. Tontorretako herri lur kolorekoak, kanpandorre lerdenak erakusten du nor den nor herrian. Malda piko-pikoetan daude zenbait galsoro, erabat gainbeheran, gureetako zenbait baserrietan zelaiak eta artasoroak garai batetan bezala. Naturak landutako malkorrak, bloke erraldoiak atera bailituzte, edo ziri erraldoiz zulatu, ziklope edo diganteren batzuk ibili ziren hemen Olinpoko jainkoei tenpluak egiteko harri bila.

 

Chieti,  beste aldetik ikusi dugu, itsasertzean: mendi osoa betetzen du etxetzarrez, ia hiru mendi-muino dira, eliza-dorre lerdena delarik gailen erdikoan.

 

Ikaratzekoak dira zenbait tunel, erabat itsu geratzen zara, ez baitu inolako argirik, eta zureak ezer gutxirako balio du, aurretik inor badator bere faroez gidatzen zara talka ez egiteko, eta bakarrik bazoaz argi luzeak bota behar dituzu alboko txatal brixt –brixtariez baliatzeko ia bazterra non.

 

Eta honenbestez bukatu dira aurtengo ibilbideak. Bada Naturgune bat mendiotan, baina erabat urruti geratzen zaigu, eguzkia dugu diktadore gupidagabea, laburtu eta egitasmoak  bideratzera behartzen gaitu. Bidaiari neurria hartzea da bidaiariaren dohainetariko bat, ia nagusia. Eguneko ibilbidearen lehen helburua berandu eta berotu aurretik etxera itzultzea behar du izan.

 

Gerra giroa mamitu da herrialde guztietan, bakea eta arazoak hitzez konpondu daitezkeela diotenek bihoaz bidaiatzera, ikus bezate herri ororen egitura: aldi eta herri guztietan izan da gerra, erasorako eta erasoetatik babesteko egitura dutela lehengo herriok, eta polizia da jainko nonahikoa bazter orotan. Harresiz eta goieraz babestu ziren garai bateko jauntxoak, poliziaz eta ejertzitoz babesten dira gaurkoak ere, bakeaz hitz egiten diguten horiek. Herri guztietan. Indarra da bakea aldarrikatzen duten politikarien hezurdura.

 

223 kilometro, aurrez erabakitako azkenak.

 

Trena dugu kanpaleku honetan ere, tarteka soilik entzuten dugu.

 

“Satorrak baino lurperago”. Pedro Alberdi:

* “(Bikila)Klandestinitatearen mundua erdi egiaz beteriko unibertsoan mugitzen da”. Herri baten ia mundu osoa da klandestinoa bidaiarentzat, oskola besterik ez baitu ikusi ahal.

 

 

Ekainaren 21a.   Ostirala     50.a

 

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “Hemen, zioen Diotimak, ikasten du bakoitzak bere patuaz isiltzen, ona ala txarra bazen ere”.  Aurrera egiten dakiena da bidaiaria, onak ala txarrak etorri egunak eta gertaerak.

* “Bai, habeak eta estatuak hartu eta saldu egin dituzte eta figura noble hauek, beren bitxikeriagatik, papagai eta tximinoen pare baloratu dituzte”.  Turistei saltzeko, ikuskizun bezala.

* “Otoi, jaitsi Atenasa eta ohar zaitez hondakinen artetik gizakiak dabiltzala”: Bidaiariak sarri ahazten duen printzipioa, oinarri behar lukeena.

* “Baina bidaiatu egin behar dut ikasteko”: Bada hori bidaiatzeko helburu bat, baina ez nahitaezkoa, bidaiariak baditu beste zenbait helburu  ere.

* “Kasurik hoberenean, estatu libre bat lortu eta orduan esan: zertarako eraiki dut?”. Hiri aberats eder askotan hainbat artelan, bitxikeria eta edertasunez gozatu  ondoren, langile eta marjinatuen auzoak ikusiz, bidaiariak sarri egin ohi duen galdera.

 

Ametsa zen duela gutxi, iragana da jadanik gure bidaia. Baina bukatuaren poza uzten digu eta oroitzapenen altxorra.

 

Despentsa bete asmoz Ortonara, Ortonak eman ez digun “analkoholika”ren bila S.Vitora.

 

S. Vito Chietino. Iruditu dugun herria, muturrerainoko kale luzea mendi besoaren hegi-hegian, non izugarrizko ikuspegia eskaintzen duen behatokiak: beheko Marina eta inguruko itsasertza. Ohi denez, txukuna; ezer gutxi gehiago aipatzeko, bere Musolini uniformearekin faxiokoak diruditen herrizainak ezik. Elizan ere sartu gara: ezer ez duen handi-mandia. 1970 berritu zioten fatxada, diasporako herritarrek ere lagundu omen zuten berrikuntzan; fatxada ere barrenan jiteko handi-mandia, aipatzeko ezer gabe.

Merkatu txikiak aurkitu ditugu, hemen eta herri orotan, denean dira berdinak merkatuok, baita  erosleen jitea eta portaera ere.

 

23 kilometro, patxada adierazten dutenak.

 

Itzuleran pentsatzen hasiak gara, latza izan ohi zaigu eta: hegazkada luzea gure hego nekatuentzat. Hegazti migratzaileak lez, Firentzera joango gara pausalditxoa egitera, azken hegaldiaren aurretik.

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “... mundua zein eder den, zein den handi kondatuko dizuet. Uste duzuen baino aise zabalagoa baita, sekula pentsa dezakezuen baino miresgarriagoa”. Irakurriak irakurri, eta telebistako erreportajeak erreportaje, bidaiatzeak gizarte eta mundu zabal eta miresgarriagoa aurkiarazten du.

* “Badakit anitzi gustatzen zaiela leku harrotzen berri ukatzea eta ere hara joateko bideen berri jakitea”. Bidaiatzea berezko barne harra da, duenari gauzatuko zaio bidaia luze motz zail ala nolakoa erratzea.

 

 

Ekainaren 22a. Larunbata.  51.a-I:49.a

 

“Hyperion”.  Friederich Hölderlin:

* “Dohatsua bere bizitza bihotzaren poztasun eta borroka freskoen artean ematen duena”. Borroka zaie bihotzeko poztasuna ia egunero aurkitzen dugu militarrei.

* “betiereko gaztetasuna da beti indarrik aski jokoan mantentzea eta atseginean, baita lanean ere, osoki irautea”. Herria esklabo hezteko filosofia.

* “... nire izpiritua sendo eta azkarragoa da, lan bizian murgildurik nagoenez geroztik!. Ordutegia ere badaukat”. Ia ordutegi eta arautegi gabeko egunotan sendoago dugu gorputza, azkarrago espiritua, nekea ez da lagun ona, laneko arazoak ahaztearena hesbide bat besterik ez.

* “Gizakiak ezin du gezurtatu, aspaldian zoriontsua izan zela”. Bidaiariak gezurtatzen du esaldi hori, gizakia beti zapaldua izan dela egiaztatzen baitu bidaia eta herri bakoitzean.

* “Guztiak bakoitzarentzat eta bakoitza guztientzat”. Herri orotako politiko oro bete ez dadin ahalegintzen den printzipioa.

* “Kemen alaiak ikasle onak egiten ditu”. Kemen alaiak bidaietan asko ikastea ahalbideratzen du.

* “Kasualitateari indarra kentzen diogu eta patua menderatzen dugu”. Kasualitateak eta patuak indar gutxi dute bidaietan, kasualitaterik gertatzen bada ere, baita sarri patuak jo duela uste badu ere bidaiariak.

* “Ailedi kontrarioa izan, eta denbora, baita ekintzak ere, pentsamenduaren gainetik hegan joan balitez”. Egin du bidaiarenak pentsamenduaren gainetik beste ezerk hegan egiten badio.

 

Goizeko 9ak, 30 graduko hozberoa. Goiz egin ditugu ibiliak, goiz egin dugu gerizpeko egonera. Eguzkiak baldintzatzen gaitu.

 

Itsasertz itsasertz doa errepidea, Marina guneetan soilik sartzen zaizkigu tartean etxeak. Ur-dermioa  alde batera urdin, lur-dermioa bestera, berde. Olio eta ardo kooperatiba eta fabrikak: olibondoa eta mahastiak baitira zuhaitz guztiak, tartetxoa utziz pikondo eta kanaberei. Hainbat arrantza-tramankulu itsasertzeko haitz puntetan, gehienetan etxe multzoen inguruetan; artisau tramankuluak dira, enborrak ebakitzeko zerra eta mailua, beste tresnarik ez da erabili tronko nahasmen hori organizatzeko: batek sarea zabaldua zuen airean, eguzkiaren parez pare, kontrargi erakargarria sortuz. Harri-lubetak daude hondar-gune ororen aurrean, alferrikakoak seguruenik, mediterraneoan antzera, baina jarri zirenean norbaiten negozio izanen zen; kentzen direnean beste batena edo beraiena izango da.

Hondartzan da bederatzitarako jendea, autoz lepo daude kamino ertzak eta aparkalekuak. Ohi denez, igandezale patxadatsuak sortarazten ditu errepidean gidarien erneguak eta urduriak, aurreratze hala-holakoak.

Dabid eta Goliat elkarren lehian errepidean, kamiotzarra eta isogurdia alegia; errepidea zibilizatu denez, Goliatek amore eman behar du, Dabiden atzean  gurdi nanoari jarraiki. Zorria elefantearen aurrean ere izanen zen irudi esanguratsua.

 

Vasto. Ez dago jendetzarik, baina bizi-bizi dago herria, inguruetatik etorri da jendea erosketetara; gerizpean daude nagusiak kontu-kontari, eta futbol zaleek ere badute ikuskizunik; Espainia da gaur jokatzen duena.

Kurbadura du alde batean plaza obalatuak, erromatar anfiteatroaren hormari jarraituz gidaliburuak dioenez; bi horma zati dira ikusi ahal direnak,  bata etxe bateko bebarruan, bestea denda bateko erakusleihoan: bitxia gutxienez. Erdi Aroko kaledia, oso murritza, berehala bukatzen da, eta ez du inolako graziarik, han dago bakardadean, ahaztuta lez, inguruko oinezkoen pasabidea da,  besterik ez. Gaztelua,  plazan bertan adreiluzko moinoino txikia, osoa, arkutxoez dotoretua,- agian arkuok hormei eusteko teknika betebeharrezkoa besterik ez dira-, ganorazkoa, inguratuzko lubaki eta guzti: bitxikeria bezala aipatzeko aurreko bi dorreek itsasontzi baten brankaren aho zorrotzaren antza dutela, bi dorreetatik batek itsasargiaren itxura du, besteak aldiz errege koroa irudikatzen. Dorretxoak, plazan bertan bata, herriko sarreran bestea, biak borobilak, bi hauek ere adreiluzkoak eta biak arkitekto beraren teknikaz arkutxoek eutsitako hormekin. Atea, arku zorrotzeko xumea, biluzia, baina itsas gaineko herriaren mendi-muturra inguratzen duen sekulako behatokira atea, bertan ahalbideratzen da itsasertzeko alderik alderako ikuspegi sekulakoa. Duomo: bitxia du fatxada, 1200.eko fatxadak nabarmen erakusten du bere egitura eta aspaldikotasuna; gehigarriei ere nabarmen igartzen zaie noizkotasuna, horma soila besterik ez baita; Erdi Aroko zatiak bere ukitu propioak ditu: errosetoi ez handia eta atea, biak zizelatuak, nahiz xume; barnealdeak  Toscana aldeko elizen itxura hartu nahi izan du, marra ilun eta argiko egitura eman nahi izan diote, baina pintatua da, ez harri kolore ezberdinekoz egina; triptiko nano eder bat litzake azpimarratzekoa, erakusteko dute, babestua ere. Sta Maria Maggiore: aldamioz estalia dago kanpoaldea; saloi, gorteko dantzaleku edo musika emanaldi aretoa dirudi barneak; oso argia; kupula pintatu pospolina, jostailuzkoa dirudien organoa presbiterioan, beste handiago moinonoa koruan, alboetan eta gangetan koadroak, oso itxura onekoak; kandelak piztu eta amatatzeko trastetxoak bizirik dirau, ez da ikusten dugun lehenengoa, konotxo beltza, kanaberari itsatsia  berari lotutako metxarekin.

 

Futbol zale mordoxka plaza ertzeko denda baten atarira atera duten telebistaren aurrean zutik eta adi, telebistak kristalezko gurutzetxoa du gainean biraka:  kamiseta gorriek erakarri gaituzte, Espainia ari da Hego Korearen aurka, berdinean doaz, baina zaletuok protesta egiten dute, eskandalagarria omen da arbitroarena Corearen aldeko jarrera, ez diren jokoz kanpokoak emanez; itzuli garenean nork aurrera penaltika hasi berriak ziren, denak ez dakigu Espainiaren alde ala Korearen aurka, baina algaraz onartzen zuten Espainiak sarera bidalitako baloia, erneguz Korearrek bidalitakoa, Espainiakoak huts egin duenean haserre zalaparta izan da. Albiste ona guretzat, etxeratzean baketsu izanen da telebista.

 

74 kilometro, Espainia munduko futbol lehiaketatik Koreak kanpoan penaltietan nola utzi duen ikusteko.

 

Ez da kaleetan bandera italiarrik ageri, ez da bidegurutzeetan eta kaleetan bandera saltzailerik ageri... agian Italia kanporatua izan da, agian herrialde honek ez du opio hori hain dosi handian behar, agian ez da atzerritarrik bandera salduz bizimodua atera behar duenik, agian ez da hemen etorkinik onartzen ez dituztelako, etorkinak ere herri pobreetan errotzen baitira errazen.

Kanpai-hots sarriak dira herri honetan.

 

Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “Munduko lore ederrenak dira han heltzen eta xori arraroenen  txistuak entzuten”. Lore eta txori-kanta urriko gerta zaigu aurtengo Italia.

* “Gerlaritza hoberenetan dute hauteskundez hautatzen erregina, baina defendatzeko bakarrik dute gerla”. Politiko eta agintari gerrari guztien leloa.

* “Beti iruditzen zaie jendeei auzokoak baino zuzenago doazela eta guri gure azpian  direla iruditzen zaigun bezala, haiei kontrakoa zaie iruditzen”. Herri bakoitzak uste du bera dela hoberena.

* “Eta nola gauza berriak beti gustuko direla dioen jendeak, non litzake plazera batek dakien guztia balerra?”. Dakidan guztia baino  dakusan guztia diot, baina inori gustukoa zaion, hori da auziaren beste aurpegia.

* “Utz diezaiogun biharko bidaiariari berriari lur berrien deskubritzeko sua eta gero haien kontatzeko gustua”. Datoren udaberrian izanen gara leku berriren baten bila, kontatuko dugu aurkitutakoa.

* “Turista haiek... herriko etxeak eta herrikoak bederezka ontsa begiztatuz , zooan balira bezala ... Baina ez dira ohartzen ere haiek direla haiek, guretako ziminoak!”. Hala ohi da, bizipen hori sarri dugu turista-herrietan ere!.

* “Denak buruan ditut, amatxi zaharrak eta bertze herriko zaharrek erakutsi zizkidaten ipuinak, hitz batez, herri honen oroimena”. Dabilen herrietako altxorrik preziatuenak ihes egiten dio gehienetan bidaiariari.

* “Haurrei hizkuntza erakutsi behar zaie, beti. Aitzinakoen ispiritua gal ez dadin”. Herrien izpiritu hori da bidaiariak galtzen duena, are gehiago herri horretako hizkuntza ez badaki.

 

 

Ekainaren 23a. Igandea. 52.a-I:50.a

 

“Hyperion”. Friedrich Höldelin:

* “Gogotik erakutsiko nizuke herri libre bat, arimaz eta edertasunez beteriko herri bat ...”. Bidaiari pasokook inola ere ezin dugu jakin herri bat noraino den libre, ez noraino arimaz  eta edertasunez beterikoa. Ezer guti ikasi ohi du bidaiariak arte altxor eta kaleko giroaz  gain.

* “Milaka urtetan ibiliko naiz izaretan barrena, itxura guztiez mozorrotuko naiz, biziaren hizkuntza oroz, zurekin berriro, behin batez, topatzeko”. Herriarekin topo egin nahi nuke, baina badakit ia ezinekoa dela.

* “Han, Atenas sakratuaren hondakinetan, ikusi nuen orrialdea pasatua zela, orain hildakoak lur gainean dabiltzala eta biziak, jainkozkoak, azpian daudela”. Hori da bidaiariaren arriskua, hildakoak soilik ikustea, lur gainean dabiltzan biziez ez jabetzea ia.

* “Libertatera eraman zenituen eta gogoan lapurreta zuten”. Nork antzeman herri baten ametsa, gogoa eta grina!.

* “ Badakit munduarekin errazki haserretzen berdin adiskidetzen dela ere”. Italiaz ez nuen iritzi baikorra baina erabat adiskidetuta noa.

* “Nola esklabo hotsaren mila itxuratan zorroztu zen nire libertaterako maitasuna”. Nola jakin noiz den esklabo eta noiz libre herri bat!.

 

Pausa eguna, 7 asteen atseden eta azken hegazkadaren abiapuntu.

 

Ahalegin bizian prestatu zuten goitik behera bungalowa. Bikotea bi alabarekin heldu ziren arrats beranduan, argirik gabe aurkitu zuten bungalowa, presaren eta inprobisazioaren ondorioa. Bezeroek bageneki akatsen nondik norakoa!.

Zaplaztaka hartu ditu amak bi neskatoak gurasoen siesta garaian zarata gehiegi ateratzen zuelakoz. Hots handiagoa zerabilen gero berak arraskan!. Umeek noraezean dabiltza nagusien zentzugabekeriekin.

Agertokia du kanpinak, zementuzko eskenatokitxoa goian, zabalgunea aurrean eta mailadia parez pare:  erromatarren anfiteatro nanoa. Uztailetik dute kontratua ume eta gurasoen aisia orduak betetzeko arduradun gaztetxo bikoteak, baina hasiak dira jadanik lanean, prestaketa eta entseguetan: XX. gizaldiko esklaboak.

Zarata lekua bihurtzen da kanpalekua, inguruko auto eta trenen hotsetara ohitzen zara, badirudi zure inguruko osagai naturalak direla, baina hara non hasten dira tarteka bata lehenengo eta lasterrera gero ura ibaitik ateratzen duten punpa eskandalosoak, gortu ez ezik zure kapazitatea bera ere gogortzen dutenak.

Bi argindar hari-ilarak zeharkatzen du kanpina, bakoitzak burdinazko zutabetzar bana du kanpin erdi erdian, gure etxatoiaren gain gainean ditugu sei kabletzar lodiak, ez dute hotsik ateratzen, baina eskerrak nire taupada-markagailua ongi isolatuta egongo dela.

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “ Ez dugu nahi lehengo gure arbasoen mundua gal dadin”. Gain behera dator arbasoen mundua gabiltzan herri orotan. Zibilizazio berriak  zahar dena irentsi du, harri zaharrak ere negozio bihurtuz.

 

Ekainaren 23a.  Astelehena. 53-I:51.a   

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “Sinesten dut gu geurez garela eta soilik geure gogo libreak estekatzen gaituela hain sakonki unibertsoari”. Horrelako zerbaiten ondorioa da bidaiari sena.

* “Baina guri ez zaigu eman / inon atseden hartzea”.  Bidaiariaren sena eta izatea.

 

Ur jario oparoan zegoen konketako kanila duela gaur zortzi, hala egon da aste osoz, hala jarraitzen du alde egiten dugun egun honetan: nork sinetsi ura ontasun agorgarria dela?.

Bukatu zaigun sentipenarekin egin diegu agur elkarri ia hitzik egin ez diogun baina elkarren ia lagun egin ditugun auzokideei. Hitzik ez, baina beti zen “bon giorno” diosala usokoak edo irribarreren bat. Gizakiak ezagutzeke alde egiten dugun sentipen betikoarekin alde egiten dut orain ere, baina ezagutzea ezinezkoa dela ziurtasunarekin. Ezagutzara hurbiltzerik ere ez horrelako azaleko harreman lasterretan. Baina izan dira mila detaile, mila zehetasun: ama alaben harremanak, bikote baten portaera semetxoarekiko, mutikotxo exhibizionista bere bakardade unetan gure miresmena bereganatu nahian bizikleta gaineko abildadeak erakutsiz, atzo izan genituen aurrekoen guraso alabarekiko harreman kontrajarriak, garbitzaile etorkinak, bertako langile italiarrak, igandean eta astebarruko langileen jai egunetan kanpineko arduradunaren semea laguntzera etorri zen familia osoa, beti etzanda zeuden holandarrak, txakurren festa: aste buruan denak solte ugazaben inguruan libre ibili direnak zeinetako batek pisa ere egin zuen denda baten aurrean umetxoaren gurditxoaren gurpiletan, igerilekuko giroa: umeen gozamena eta gurasoen lasaitasuna, jantokiko neskatoaren titien gainezkakoa, haren lehen eguneko urduritasun eta ikasi beharra, ugazabaren dena kontrolatu beharra... mila xehetasun gizakion ezaugarri.

Etorri ginenean bezain erakargarria egiten zaigu herrialde hau aste bat beranduago alde egitean. Gaur ez du zimurrik itsasoak, agur iheskorra izan da berarekikoa, berehala baikinen autobidean, lur barruan. Itsas inguruko lurretako mahastiak: negutegiak dirudite askok plastikoen babesean, olibadiak barrurago, barrenago galsoroak, eta azkenik basoak eta mendiak. Baina batez ere herriak, tontor eta magaletako herri ilunak. Auskalo ze drama, ze bizi-ezin, ze alde egin behar bizi duten begientzat hain xarmantak diren herriok: idilikoak itxuraz, arantzadiak bihotzetan. Zoragarria izan da mendiarteko ibilia gaur ere, egunotako gain lagunok lausotu badizkigu ere ganduak; tarteka masa erraldoi baten zilueta besterik ez ziren Sasso eta Maiella mendiak; mendiartean egin dugu Abruzzo probintzia bukatu arte.

 

LAZIO

Mendiartean egin dugu lehen zatia ere. Mendiarteko errepidea, mendi-zintzurrak sarri, hurrengo bailara gainean behatoki bihurtutako zubitzarrak, edo menditzarra aldez alde zulatzen duen tunela. Izan da gaztelutxoa baino zela-toki izandako gotorlekutxo luze karratua, bera bezain haitz luze eta fin baten gainean mendi-zintzur batean, bidesari kobratzailea agian, Rin ibaiko gaztelutxo hura bezala. Bailarak etorri dira gero, bailara zabalak, nahiko industrializatuak mendi garaiez inguratuak, etxez josiak, erakargarritasun handirik gabekoak, teilatu gorriko herri eta etxe bakan argiak arren. Erromara hurbilduz bukatu zaizkigu mendiak, lautada nagusitu da, lautada gariek horitutako lautada.

Bide guztian tontor eta maldetako gaintxoetako herritxo eta herriak izan dira ikuskizun eta erakargarritasun nagusiak. Etxeak eurak bizpahiru ilara elkarren gainean kokatuak, herriaren harresi, labar izugarri garai perpendikularretan jasotako herriak. Orvieto haitz gainean ahaltsu, naturan babestua, amildegiz inguratuta... zenbait herrik hildakoaren hezurdura dirudi, hitsa, hila, bizirik gabea; zulo ilunak besterik ez dira bao-guneak, ez da ezer zerbait bizia adieraziko duenik, inor edo ezer bizidunik han denik.

Tevere, zabala eta azala dator ibaia, baina batez ere zikina, agian inguruko harrobi batek harez zikindua soilik. Hau ote Erromako Tiber mitikoa?.

 

UMBRIA

Olibondoa nagusitzen ari zaie LATIUMeko gari-sailei: bietatik zein pobretasunaren adierazgarriagoa?. Menditsu da, baina mendi apalekoa.

Bi ikusi ditugu Umbrian, Toscanan pila: ekilore sailak ugaldu, nagusitu,  dira Toscanan, baita arto-sailak ere: gariari alternatiba bila dabiltza nonbait nekazariak. Bi sega-makina lanean, aspaldi galdua nuen ikuskizuna. Lasto txikiko garia da.

 

TOSCANA

Lautu egin zaigu lurra. Maldatxo batean zeramista batek sekulako erakustoki erraldoia bihurtu du belartza, errepidean behar du orain erakustokia edo non-geratua, baita bertaratzeko bidearen nondikoa ere. Herritxo argiak dira, teilatu gorrikoak, herri arreek eurek ere bizi direla dirudite.

Valdarno bailara, “ardoaren ibilbidea” bezala iragarrita dago errepideko bidegurutzetan. Ardoaren hau, komodin bat bilakatzen ari da herrialde guztietan. Mendigunea bihurtu zaigu berriro bailara hau.

 

Ez dugu mendi bat bera erreta ikusi bidaia osoan.

 

Gaur hartu dio gaina beroak egunetako markei, ohiko beroarekin eman diogu hasera bidaiari, gorantz egin dute zenbakiak ibiliak aurrera ahala, amore eman du zerbait gainetan,  34ra heldu da Lazioko lautadetan, ainube behar zuen Umbriako mendiartean sua dakar aireak, eta su-lamak inguratzen gaitu Toskanan, kanpalekura heltzean 47 ziren eguzkitan, 38 gure etxatoian. Eta ez da erraza izan neurria hartzea. Lurralde errea da Italiako zati hau sasoi honetan.

Kanpalekua. Figline Valdarno herriaren inguruan, mendixka batean, adin eta nazionalitate oroko jendea gainezka dakarren izugarrizko muntaia. Lepo dago. Europa osoko herritarrak. Ez dugu ikusi espainiarrik. Daniarrak eta holandarrak dira nagusi. Herri handi bat dirudi, herri handi handia, mendi magalean sakabanatua, edo pilatua. Eten gabe doa dator dago jendea, igerileku ingurutik batez ere. Argazki makina eta  nota-bloka eskuetan, giza ikerketa bat egitekoa aparta. Denetik dago, hiri batek dituen osagai guztiak daude zerbitzu aldetik. Zerbitzariak ere piloa, dena dago kontrolatua, ez dizute inprobisaziorako aukerarik ematen: eurek esango dizute, noiz nola eta non. Bi ordu eduki gaituzte eguzki bizian atea arratsaldez noiz zabalduko zain. Guk ez genuen hainbestekoa nahi, baina ez ziren orduak beste ezer bilatzen hasteko. Ume eta gazte jendeak gozoro pasako du, bustiaz egunez, dantzan gauez.

 

453 kilometro, etxera usainekoak.

Beroaren beroz hozkailuak berak ezin du abastorik eman edariak freskatzen.

Enarak ehizan arratseko zeru freskatu gabean, lausotua genuen irudia.

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “Ziburuko iturrian bi karabela /     ontzi handiak / Belak hanturik / urean hegaldatzen dira”. Gizaldi honetako karabela, errepidean hegaldatzen da gure etxatoi zuria.

 

 

Ekainaren 25a.  Asteartea. 54.a-I:52.a

 

“Hyperion”. Friedrich Höldelein:

* “Haien uztarria beren mundu bilakatu zaie; ez dute beren esklabo hotsa baino hoberik ezagutzen”. Herri ororen patua. Esklabo libre direlakoan. Eliteen iruzurra.

 

Valdarno, deitzen da bailara hau, Arnoren ibaia esan nahi du izenak, Arno ibaia baitoa bailara zuloan nahiko zabal, bere betikoan, ertzetako zuhaitzek ematen diote berde kolorea.

Bide-berritik egin dugu Hiriburura, ezina zen autobusez. Fardel berde borobilek ordezkatzen dituzte gaur egun gure gaztaroko gari meta haiek; azaoak zut, meta txikiak zut soldaduen fusilak lez osatzen zituzten meta nanoak soroetan, meta borobil handiak gero larrainean.

Dorretxe piloa dago batez ere mendi-muinoetan, inguruan beti zipres ilarak hegietan etxeraino: Laziokoak uste nituen nik zuhaitzok, Toscanakoak ere badira nonbait, aberaskien ezaugarri. Ia gain bakoitzak du bere jauregia, aberatsek aukeratutako lurraldea Firentzeko Medizitarren usainera. Arno Ibaia zabal eta lasai doa, berde. Lurralde atsegina, zerbaitegatik aukeratu zuten Errenazimentuko aberatsek. Herri atseginak dira Toscanakoak, argiak, teilatu gotikoak dituzte, kolore okrez pintatuak daude gehienak.

 

Firenze. Pausa egunaz baliatu nahi izan dugu Firentze birbisitatzeko. Firentzek ez du sekula joanaren damu izpirik uzten.

Joan eta ibili, planorik gabe, jende uhinari jarraitu, aurrez edo atzetik, edo jende multzora hurreratu. Hobe norberak bere planotxoa badu. Zehaztasun asko nahi duenak eros beza gida edo arte liburu bat, guk nahiago izan dugu begiratu, harriduraz begiak zabaldu, “eneba!” bat bota, eta aurrera jarraitu. Ez gara Bataiategian sartu, ezta Duomon ere, are gutxiago kanpandorrera igo, lehen bietan ilara multzo luzeak zeuden, eta lan harrigarriok ere ez zuten itxarote-galda hura merezi.

Kalediak ez du ezer apartekorik, harri zabalez lauzatuak daude kaleak Italiako herri esanguratsu gehienak bezala; nonahi aurkitu daiteke jauregi, eliza edo plaza apainen bat, ez zen alferrik hirurehun urtez Italiako hiriburu izan Errenazimentuan, non bildu ziren garaiko era guztietako artista nagusiak. Begiek aurkituko dute zertaz gozatuko artelanik.

Bisitaria uholdeka. Ez zekiten asko Meditarrek, Migel Angel, Gioto eta enparauek hogei eta hogei eta bat garren gizaldian munduko arte-gune bisitatuenak bilakatuko zirenik.

Harrapatu eta menderatu gaitu erabat gaur ere beroak; etxeratzea erabaki dugu eguerdi beranduan, ikusitakoarekin nahikoa dela esan baitigu gorputzak.

Duomo: zoragarria da bere lineen, masen, kolore ezberdineko marren armonia eta oreka; apartak santueriaren kokamolde, zizel eta brontzezko lanak. Begiratu, liluratu, ahozabalik begirada luzatu, eta gozatu. Bataiategia: austeroa, ia biluzia, marrei esker bitxia; sekulakoak, miratzekoak hiru brontzezko ateak. Kanpanila: luze karratu koloretsu  austero lerdena, xarmanta eta orekatua bere handitasunean, bikainak zizel lanak guztiak banaka ere: nire zerbikalek eurek ere ez dira kexatuko gaur gora begiratu beharraren beharrez. Logia: nanoa, inor gutxik erreparatzen dio plazan, baina xarmanta eta ederra da. Piazza de la Signoria, Palazzo Vechio, Galeria degli Ufizzi, Logia: sekulakoa dena, eskulturatzar sekulakoak, Palazzoko patioko zutabe eta ganga pintatuak, handiak edertasunean; bertako iruditzarrekin haina gozatzen du bisitariak sos batzuk ikusleei atera asmoz estatua bihurtutakoen irudiekin, zeintzuk diru soinua entzutean emaileari mila eratara eskertzen dioten oparia; Galeria bera egituraz sekulakoa da, luze garaia, giza irudi eder eta arkuteria garaiez dotoretua. Ponte Vecchio, bitxi-denda bihurtuta, berezia egituraz, erakusleihoz eta bitxikeriez. Arno Ibaia, presaren bidez handitua, dotoreagoak bihurtzen ditu zubiak eta inguruko alde bietako palazzo eta ibilbideak: Astigarrabia eta inguruko tontorrak ezagunak zaizkigunoi, halako ukitu berezia ezartzen digunak Arno izenak berak. Piazza Sta Croce: zabala, bada freskoz ederturiko fatxada bat: gaur dena dago bisitariei debekatua, begiratzea bera ere ezinezkoa da, tutueria nahasi batek hartu baititu ertzak, zorua ere metro erditik gora sendoerako hondarrak estalia dago. Santa Crocce eliza: marmolezko lauza zabal-luzez jantzita fatxada, santu-iruditzarrez edertua eliza aurrea:  S. Frantzizko pobrearen eliza!; Santuaren  abituaren zati batekin umeen abitutxoa egindako zatia erakusten dute haren bizitzeko gutxiaren adierazgarri. Barrutik austeroa da, ez da apainduegia, behatoki  estu bat du arkuen gainetik eliza osoa bilduz  arabiar jitea duten arkutxo gainean; inguru horretan, pulpitu landu ederra, agian hitzaren aberastasuna goraipatzeko; hil-lauzak, hilobi eta hil-kaperak, tartean Galileo ospetsuaren hilobia edo oroigarria, pobreen, fraide pobreena ere, aberatsekiko morrontza agerian utziz; freskoak: sekulakoak dira elizako zenbait kaperetakoak, baina eta batez ere sakristiakoak, beraiek bakarrik merezi dute elizari bisita.

Saltoki bihurtuta daude fraide pobreen sakristiako bazter zabal eta ederrak, kaleko gazte saltzaileek, beltz etorkinak denak, aldiz, korrika egiten dute poliziengandik, komentu inguruan eta hiri osoan. Gaur egungo pobreak baztertuta eta pertsegituak diraute, kartzelaratuak justiziaren alde altxatzen direnak.

Dozenaka autobus daude aparkatuta hiriko ertz batean, bisitarien bila noiz joango zain.

Ez da izan erraza etxeratzea; autobusez egitekotan ginen itzulera, eta ez dugu errepide maparik hartu. Bezperatik hartu behar zen autobuserako txartela, horregatik autoz joan gara, mapa etxean utzita. Herriko izena besterik ez dugu, baina hau ez da inon agertzen. Okerrekoa hartu dugu bidegurutze orotan, ohiturei jarraituz; galdetu hemen, galdetu han, bideratu gara, mendiarteko herritxo pila  ezagututa. Hortaz gain istripu bat dela eta, geldi eta geldo egin dugu kilometro pila, erabat geldo gindoazen geldi ez geundenean ere. Herritxo bateko letreroak zioen: “Operatore du pace”, eta “zona desnuklearizata”.

“Begira nor den” esan diot M. Luisari autoz herri bat zeharkatzean “Jesus” erantzun dit.  Astelehenean elkartuko gara berarekin ez dakit jadanik bi hilabeteren bueltan ze herritan tokatzen den presoen aldeko kontzentrazioan, baina gaurko hau Jesus Razkin, Arbizuko lagunaren bizkia zen.

Atzokoarekin lehian dabil hozberoa, 44 graduko hozberora dugu bidean.

Jelatua ere hartu dugu, baina ez zaigu atsegingarria izan, hain izan dira handiak non ezin izan ditugu menderatu eskuak erabat lorrindu gabe.

120 kilometro,

Zaparrada bota du arratsalde erdian, Italia Iparreko egun haiek gogaraztek edo.

Ardoa eta garagardoa erruz edaten da kanpalekuan, beira-ontzi handia egunero gainezka egiteraino betetzen da, egun guztikoa da “klink” botilok botatzen dituguneko musika hotsa.

Enarak eta saguzarrak afaritan hegaldi azkarretan, zozoak eta txolarreak lurrean, txori-kanta ozena airean... bidaia honetan galdua genuen naturaren aurpegi atsegina berriz ekarri digu iparrak eta mendiak.

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “Pipounapi, l´Anse du Bon Désir /     ou les Basques / de tamps immemorial / puis les Francais et lez Indiens / on fait la chase aux loups marins /     hori diote harrian zizelkatuak diren hitzek”. Hainbat Pipounapi Europan zehar, jubilatuz gero gabiltza bertan bi euskaldun edadetu, ia zahar. Hori diote ordenagailuan puntutxoz marraztutako hitzek.

 

Ekainaren 26a.  Asteazkena.  55.a-I:53.a

 

Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “ Hiltzen gara bizitzeko”. Naiz, eta kitto. Bidaiatzen dugu, beraz bizi gara. Naturak jakingo du zer egin nire oraingo osagaiekin. Izanen nai,z eta kito.

Baraua eta etzaneko egona, gorputza ekarri dut, bera etorri da, bere onera.

Milaka jende gaude mendi magal honetan, joan etorri etengabean,  ehunka auto... baina halaz ere lasaitasuna dago, isiltasuna nagusitzen da... belar ebakitzailea hasi den arte bere tramankuluaren motor hotsarekin inguru osoa kutsatzen. Agur gure oasia, agur gure bakea. Noizko berriro ere segalariak?. Kutsaduraren ezaugarria da aurrerapena.

Malda honetan ez da trenik, ez tren hotsik, baina gaueko isiltasun barean bailara zuloko trenaren traka-traka pausatua heldu zait, logalea sortaraziz, umeari sehaska-kantua lez.

Bikote gazte da ugariena, ume txikiekin edo gaztetxoekin datoz. Pozgarria da hainbeste ume inguruan, gozagarria umeen portaera, jokabidea, izaera bera, hain bere artean ere ezberdina, ikuskizun izatea egun osoan. Jarri etxola aurrean eta umeak eta bere gurasoak behatu. Esanguratsua eta aberasgarria. Liburuak, ikasgelak eta ikastaroak aldi batez utzi, eta hona etorri behar lukete psikologo, pedagogo eta enparauek, begiratu eta ikasi.

Napolin lehenengo eta Taorminan gero aurkitu genuen Espainiako egunkaria, eta pentsatzen ari nintzela holandar eta alemaniarrek edonon aurkitzen dutela bere herrietakoa, hara non aurkitu ditudan Espainiako egunkariak kanpalekuko dendan. Ez dugu ezer galtzen, betikoak baitirau han. Betiko lehiara itzuliko gara bihar, betiko osagaiez egokituriko egunerokora.

Gerra hegazkina izan dugu, agur gisa edo.

“Porompompero” kanpalekuko diskotekan, erritmo modernoan arren belarriko mina eragiten dit.

0 kilometro, azken hegaldirako jauzi-pausa

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “ba ote daki norbaitek / Ophorportuko puntatik noorestean / bi arroken kontra / lehertu den / fleuitako jendeei zer gertatu zaien?”. Sarri esan ohi diot neure buruari errepidean, mundu bakar bakanak garela errepideko etxatoi bakoitza, bakoitza bere Ophorportu bila.

* “Arrain itsasoko handia / begi geldia / guri so / eguzkitan”. Inor ez so ez zain, ez egunotako sapan, ez iparreko hitsean, inor guri begira ez dugun sentipena da bidaiariaren nagusietako bat.

 

 

Ekainaren 27a.   Osteguna     56.a

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

* “Izango naiz. Ez dut galdetzen zer bihurtuko naizen. Izatea, bizitzea, aski da”. Hurrengo bidaia  Cordobara izanen da udazkenean. Naizen eta izango naizen seinale. Naturaren osagai hauek forma hau bizi duten bitartean.

 

Ez da gozoa ez erraza izan Firenze inguratzea, hiriburu orok du auto metaketa errepidean, honek ere bai.

Mendi apal eta berdeak etxe eta basoz josiak. Artoa  soroetako uzta nagusia. Teilatu gorria nagusi den lautadak, beti beste bat mendiarte bakoitzaren ondoren. Beti da bitxikeriaren bat begien alegrantziarako: akueduktu bat... Viarreggio  ingurua dena da padura, lur barruraino zabala, mapak erakusten digunez muturtxoa besterik ez diogu ikusi, inguruan itsasoratzen den Arno ibaiak urez hartzen dituen padura zabaleko zatitxoa.

Aukera murritza dute begiek inguruaz jabetzeko, autobiako hesiak dira gure soa errepidera ia soilik estutzen dutenak.

Ibilbide ezaguna, honanzkoan geniona haranzkoan gogoratuz goaz.

Egiten dituzte auto bizkorrak, egiten dituzte autobide lasterrak... baina hemen gara takian-potian mantso-mantso bide bakarrera mugatuta ilara mantsoetan, edo ia geldik.

 

LIGURIA

Bukatu zaigu Toscana menditsua lurralde menditsuagoari hasera emateko. Eman dio hasera Liguriako mendietako herri argien ikuskizunak: tontor bakoitzak du bere herritxoa. Izan da tontor batetako gaztelua, garaia eta zabala, tontor dena hartuz, nork esan  harkaitz tontorra ez denik. Aldi berean bere gailurrera igo da zubien festibala. Tunel luzeetako zarata gorgarria  baino gorgarriagoa da, izugarrizko hots zurrunbiloa, kamioiak eta auto andana elkartzen garenean zuloan.

FRANTZIA. Arratsalde hasieran, uste baino goizago.

36 graduko hozberoa eta helikopteroa, Italiako osagai zenbaitek dirau.

Une batez harkaitz izugarriak, horma gorrizka egitura berezikoak izan zaizkigu deigarri, bestalderakoan, zein beste bidaietan, ikusi ez genituenak nonbait.

 

833 kilometro, ia 11 orduko lana

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* ”Ontzi beltza abian / haia-haia / itsaso ilunean”. Ontzi zuria abian, haia-haia, itsaso hori-berdean, etxera bidean.

* “Itsasturi zaharren itsaso / gehiago ez den / itsaso / oroitzan ere ez”. Bidaiako herri zaharren itsaso, oraindik dirauen, oroitzan lausotuko diren itsaso

 

 

Ekainaren 28a.  Ostirala. 57.a

 

“Hyperion”. Friedrich Hölderlin:

“Herri batek edertasuna maite duenean, jepinua bere artistengan ohoratzen duenean, orduan arnasten da, bizi aire bat bezala, izpiritu komun bat; sen itxia zabaltzen da, hutsalkeria desagertzen da, bihotz guztiak dira errukiorrak eta handiak, eta entusiasmoak heroiak sortzen ditu”. Beti herri esklabo baten kontura, herri zapalduaren bizkar, elite hurrupatzailearen gailena. Artez apaindurik arren, gizarte usteldua.

 

Laino beltzak, egun iluna, hozten joan zaigu giroa ibilian aurreratu ahala, euria ikusiko dugun itxaropena ez dugu galtzen, etxera heldu ondoren izan bedi, baina zaparrada baten nostalgia dugu.

Ebaki gabe daude gariak, ekiloreak burutu gabe oraindik sail askotan, burutxo nanoak besterik ez dira oraindik burutu direnak. gariak ebakita eta ekiloreak erabat zuri-hori utzi ditugu Toscanan. Altzifrea ugaria da lurralde hauetan ere, agian landetxeetako zuhaitz apaingarria bilakatu da,  altzifrearen globalizazioa.

 

LANGELOC

Galsoro helduen urre kolore bristadatsu dager ingurua. Izan dira, begien erregali, eliza-dorre eta herrixkak, apainak ez ezik xarmantak, errepidetik begiratuta, jakina.

Hurrengo udaberrian ez bada hurrengoetariko udaberri batean  Pau eta Tarbesetik hasi eta Pirineo alde guzti hau ezagutu behar dugu, herriz herri, hegada bizkorrean joan ohi gara-eta beti hemendik. Hurreko bidaiok azkenerako uzten ari gara, indarrak ere ahitzen hasten zaizkigunerako.

Oso berdea dago Toulousetik Tarbesera arteko tartea, artoa, belarra, fruta arboladiak... Tarbesetik aurrera dena da behi-taldeak, belarra eta basoa. Zoragarri dager Tarbes ingurua, oraindik hondatu gabeko lurraldea, jakin beharko sakonean, barnean, dauden arazoak, desberdintasunak, ezinak eta gehiegikeriak, gizartean, politikan nahiz ekonomian.

 

EUSKAL HERRIA.  Zirimiria genuen bertara ordurako.

SAKANA. 15 graduko hozberoz eta lainopean hartu gaitu herriak .

 

616 kilometro, bukatu dira ibiliak.

 

Denera, 11. 409 kilometro

 

“Septentrio”. Aurelia Arkotxa:

* “Ontzia / emeki-emeki / desagertuz doa / itsasoa / bakar / bazterra / huts”. Garaje barruan gordean, isil eta geldi, udazkeneko joaldiaren zain, etxatoia, gu aldiz barnea oroipen eta ametsez blai.

etiketak: Italia, Bidaiak 02
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.