Bidaiak: ITALIA 2002
BASILIKATA
Probintziaz aldatu dugu, aldi batez, gaur. Aldatu egin da lurraldea bera ere: mendi-muino leun eta kare-harri itxurako tontorrak hasi zaizkio lautadari.
Matera. Tontorrean, nola ez, mendi-muino zabal garaian; oso gora egin behar du errepideak ere. Lekuz kanpo bezala utzi gaitu. Egitura guretzat ezohikoa du: erdigunea, bera ere erabat barreiatuta, han hemenka; hiru norabide ezberdinetan ere eman digute geziek erdigunera norabidea; ez dugu jakin noiz izan garen erdigunean, ez diogu hartu alde zaharraren antzik ere, azkenik trogloditen eremua aurkitu, eta handik ikusi dugun arte. Sassien auzoa: ia etsita geundela aurkitu dugu; esplika ezina, joan eta ikusi; bi menditzar erraldoien arteko horma ia bertikalen bi haitzetan zulatutako etxez josita, hiri osoa harkaitz zuloetan, bata bestearen gainean, zenbaiten gaina bestearen etxaurrea zelarik; ez edonolako etxe edo zuloak, taxuzko etxeak baizik, landutako ate arku edo ateburu lauekin. Mendi-gerri osoa hartzen dute, dena da ate,-zulo eta eskailera. Ikusi ahal izan dugu etxe bat barnetik: izugarrizko zuloa, beherantz eta aurrera, freskoa, etxe baten ohiko osagaiekin, ardandegia zuloen, sakonen. Nabaria da hemen ere bazirela aberatsak eta pobreak: etxe moldeak, kokaguneak, harrian landutako apaindurek, erakusten dute zeintzuk ziren aberatsen etxebizitzak. Eremu edo auzo babestua zela dirudi ikus daitezken ate eta sarrerako tunelengatik; pikoan doaz bideak goiko tontorreko zabalgunetik magaleko etxeotara, etxe artean, sarrera ahalbideratuz. Labirinto harrigarria. 130 elizatik gora omen daude, lau erakusten dute, guk nahikoa izan dugu batekin: S. Antonioren Komentua, eta bertako eliza: egitura berezia du, pare bat kapera ere badira bertan, zenbait mosaiko hondar bere hormetan irudiok ohi duten koloretasun eta gizairudien begirada leun sarkorrarekin; behatoki antzerakoa dute bai elizatxook bai beste zenbait gelek ere; sakon zulatutako elizak, mailadi pikoekin. Bidaia osoa partzen du ikusi dugun altxorrak, berak soilik merezi zuen bidaia osoa. Zaharra: troglodita etxeon aurrez-aurre, eta alboan, zirraragarri, mailaz maila datoz gure harridurarako zuri-zuriak diren etxeak, triangelua irudikatuz, elizako kanpandorre luzea dela goreneko gune zorrotzena, ikuskizun zirraragarri deskriba ezina, halako astindua ematen dizuna. Ahozabalik ibili gara ordubetez. Eguerdi berandua zen eta euria ari zen. Beraz etxerakoa egin dugu. Alde berrian ere ohiko fatxada eta arkuteria, sekulako jauregi, ate, leiho, plaza, fatxada eder baina higatuko eliza... eta zirkulazio kaosa.
Torturaren museoa iragartzen dute behin eta berriz kale-kantoi sarrietan. Espainiara eta Euskal Herrira joatea aholkatu genieke informazioa osatzeko. Itxita dago eguerdiko ordu beranduotan. Seguruenik Erdi Aroko Inkisizioko tresneria eta tortura motak erakutsiko dituzte. Gerora beranduan erakutsiko dituzte gaur egungoak, ordukoak gaindituz.
Bi herriotan herriaren kanpo aldean, goitik behera, plomuan ebakitako hormatzar leuna da mendiko haitza: ez dirudi harrobia denik, agian eraikinen baten horma izana edo harresien ordezko babesgunea da.
Ez zaigu erraza izan etxeratzea errepide sare labirintoan. Ibilbide berriak aztertu ditugu.
Leporano: harrizko arkua du kale sarreran, beste ertzean harrizko gaztelu edo jauregi galanta ikusten zaio, baita harrizko eraikin ederrik ere.
239 kilometro, trogloditen artera, atzera jauzia.
Inurriek teknika bera errepikatzen digute behin eta berriro, multzo osoa eramango ote duten guk alde egin aurretik, hori da dugun inkognita bakarra.
“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:
* “mailakatu egingo ditugu lorpenak, herriak ahogoza ditzan”. Bidaiariak herri askotan du sentipen hori: politikariek mailakatu egiten dituztela herri arazo ezberdinak gainditzeko pauso erabakigarriak, desoreka eta sufrimendu horiek mantendu eta administratzetik bizi direla hain zuzen, hori delako bere jokamoldearen funtsa.
* “Izan dezagun beti zerbait geroko gordeta”. Arazoei irtenbidea aurkitu eta emanez, norakoa asmatuz dabiltza politikariak, diru-iturri agortuei ordezkoa bilatzen ari diren jauntxoak .
* “bizitzan zure kabuz molda zintezen, zeure arauak zeuk sor zenitzan”. Bere kabuz molda behar duena da bidaiaria, bidaiariak berak sortu behar ditu bidaia bakoitzeko eta bidaiatzeko arau propioak. Nortasun eta erabakikortasuna dira bidaiariaren bi osagai nagusienetarikoak.
* “Lurra. Lurra. Lurrak dirua esan nahi du”. Ez beti. Lurra beti izan dute Mezzogiorno inguru honetako herriek, baina pobreek emigratu egin behar izan zuten masiboki.
Ekainaren 6a. Osteguna. 35.a-I:33.a
“Dendako leihotik”. David P. Tijero:
* “Mendi gailurretan haizeak ez du oztoporik / librea da azkar biltzeko / librea da moteltzeko / bere nahiak baino ez du gidatzen”. Bidaiaria haizea bezalakoa da, libre dabil baina meteorologiako arau zehatzek sortua eta gidatua. Bidaiaria bera ez da dirudien bezain libre.
* “loak hartzerik ez nauenean / haien esklaboa naiz / loaldia ote da askatasuna?”. Funtsezkoa zaio loa bidaiariari, nekearen esklabo izan nahi ez badu.
Erabat zakartu zaigu haizea, haserre tankeran dago itsasoa, apar marra zuriz, zaratatsu nahiz ez orroka. Hala iraungo du egun osoan, Martina Francako kaleetan bazirudien eramango gintuela. Patua dugu Italian eguraldi txarrarekin.
Herri denak dira herri zabalak, handiak, denak daude mendi-muino baten goieran, erabat bereizten dira alde zaharra eta berria, zaharrak bere lehengoan darrai, berria aldiz etxetzar handikoa da kale luze berdinetan gurutzatutako kalez egina, koadrikulatua. Denek dute urrutitik nabarmentzen den kupula handiko eliza. Elizotan errimea da zeramikazko azulejo kolorezkoa erabiltzea teilen ordez.
Andre-gizon bikotea, biak lodikote ederrak, motokarro baten kabinatxoan eserita, kabitu ezinik: arrimatu beharra dute, nahitaez.
Ceglie Messapica: errepideko argindar zutabe bakoitzak du bere eguzki panela: ideia interesgarria.
Lur laua, olibadiak, mahastiak, galsoroak... Aspaldiko sekulako olibondo sendoko olibadiak agertzen zaizkigu noizbehinka,.
Kaperatxoak, santutxoak, sarriagoak dira gaurko ibilbideko zatian. Izan da bat harri tolestatutako teilatuarekin: fresko higatu xamarra zen santa edo amabirjina irudia.
Ostuni. Ikusi eta gozatzeko alde zaharra. Herri zuri-zuria, zuritasunez brixt egiten du kaledi osoak. Hiru mendi-muinotan eraikia, erabat nabarmentzen zaizkio hiru tontorrak, hiru norabidetan hazten baitira kale-multzoak gorantz, erdigune edo herri-gurutzeko plazatik. Tontor bata zen jauntxoena nonbait, bertan daude katedrala, jauregi eta etxebizitza ederrenak. Dena da kaletxo, pasabide, eskailera, tunelpe, bazter, zoko, gorde gune, kale-gurutze... Erdi Aroko egitura petoa, baina aldi berean bitxia eta ezberdina hainbeste mailadi eta tunelperekin. Herri handia izana, dotorea eta boteretsua, ez zen, ez da, nolanahiko herritxo zaharra bere horretan utzi zuena historiak eta gizarteak. Turista-herria, erabat saltegi bihurtuta daude kale nagusiak, kinkila-denda zaindu dottoreak, bertako artisau lanekin, baita bertako lurraren ekoizpenekin ere, ardoa, olioa... Orduak eman daitezke kalerik kale, inolako altxorrik aurkitzeko egarririk gabe, bertako kale-arteaz gozatuz.
Katedrala: arku zabal ederra du aurreko plazara sarreran, errosetoi izugarri landuak fatxadan, irudi eta apaindura nano zizelatuz edertutako handia erdikoa, ederrak alboetako biak ere; barrutik badu bitxikeria bat, hiru lekutan utzi dute agerian lehengo egitura, zutabe, kapitel eta hormako zatitxoak, nabarmen ikusten da garai batean marmolez eta masa pintatuez estali zutela harrizko egitura osoa. Horrez gain, ohiko osagaiak. Eliza: pinturaz betetako argia. Udaletxea, sekulako palaziotzarra, harrizkoa, arkudun patio karratu tzarrarekin. Plaza, Udaletxe aurrekoa da aipatzekoa. Parkeak, baditu ere parke ederrak alde berriko mugetan; indusketa lanetan ari dira, hondakin arkeologikoak agertu dira, hor nabarmentzen dira horma eta gainerako hondakinak: ez dakigu argazkiak atera, ikertu eta zementu pean utziko dituzten Elgoibarren egin zuten eta Iruñan egin asmo duten bezala. Zutabea, udaletxe aurreko plazan, sekulako garaia, eta zizel-lanez edertua, sekulako santu-iruditzarra du gorenean: deigarria eta ederra.
Jauregiak, ateak, ateburuak, balkoiak... mila zehaztasun, baina batez ere kaledia bera, bihurria, ere zuri-zuria.
Itsasoraino heltzen da alde batetik goitikako ikuspegia; ordeka urdin iluna, ordeka berde iluna beste lau aldetara, itsaso antzo, mugarik gabeko olibadia.
Trulli. Hurrengo astera arte espero ez genituelako edo, izugarrizko ezuste atsegina izan dira “trulli”ok. Harrizko etxeak dira, kupulatxok ditu etxe bakoitzak, bat handia besteak txikiagoak, etxeko gela bakoitzak omen bere kupula; harri zapalak tolestuz eginiko kono pikeak dira kupulok, badute eskailera bat gora igotzeko, -aletegira dio gidaliburuak-, badute ere patiotxoa alboan. Denek dituzte hiruzpalau kupula, zenbaitek gehiago. Bakanak dira, bakar daude, olibadiz inguratuta. Badira bizpahiru etxe elkarren jarraian etxe multzoa sortuz, baina ez dira asko horrelakoak. Gehienak zuriz pintatuta daude, kontraste bizia eginez olibadiko berdegunean, zuhaitz artean; pintatu gabe dute harria askok, bere harri kolorean darraie eta zurien bezain dotore eta erakargarriak dira. Itxuraldatuta daude asko., horma egin diote, edo zabaltzak estaltzen duen etxetxo karratua egin diote aurrean. Nekazal etxeak dira. Harri zapal tolestuko hesi edo hormak banatuta dago inguruko lursail oro; harri argikoak, erabat zainduak dira hesiok. Bi horma ilaren artean doa errepidea bera ere.
Ceglien hasi da trullion festibala, lehenengo bakarra ikustea izan da lehen ezustea, gero gehiago agertu dira, azkenik lurralde osoan barreiatuta aurkitu ditugu. Ostuni, Martina, Alberobello eta Fasanoren inguruetako lurraldekoak dira trrulliok. Izango dugu beraz berriro ikusteko aukera, gozatzeko ere. Begiak eta barrena ase ezinik joan gara bide osoan, harriduraren morroi, begiak atseginez aseta. Nekazari bakoitzak bere etxea zuen, agian oraindik du, bere lurretan, gure baserritarrak baserria bezala, olibondoek inguratzen dute etxea, oliba delako seguru aski bere bizibidea. Zirrara eragiten du, lautada eta mendi-muino leunetan olibondo berdeen artean nola jaikitzen edo agertzen diren kupula zuriak.
Martina Franca. Hemen ere Alde Zaharrera mugatu dugu bisitaldia; autoz zeharkatu dugu Alde Berria. Zuria da hiri hau ere. Argia. Kaledi bihurria honena ere. Baina barrokoa. Erabat loratuak eta apainduraz beteak daude etxeetako behatoki azpiak eta gaineko burdineriak . Udaletxea, sekulako palaziotzarra da, barroko apainduraz edertua kanpotik, patioa aldiz biluzi leuna, handia eta karratua, besterik ez. Kale nagusia ez doa artez, kantoi bakoitzean zertxobait eteten du marra zuzena, zerra haginak bailira kale-kantoiak.
Sartu alde zaharrera, eta izozki bat dastatuz galdu kaleotan begiei gozamena emanez.
Ezkontza zibila aurkitu dugu Udaletxean. San Anonio eliza aurrean, erabat bonbillaz loratzen ari dira, San Antonio eguna baitator. Santua ez da izan ere euskaldunona eta Urkiolakoa soilik, baita italiarra ere, bere eliza nagusiak debozio gutxi sartu bazigun ere Paduan.
Maiatzean aurkitu nituen piku freskoak Sizilian, aurkitu ditut hemen ere Ekainean. Begiei ez ezik ahosabaiari ere eman diot zaporearen berri, sasoitik kanporako gozamena izan da.
Bide-berriak ikertuz egin dugu etxera, lortu dugu hiritzarretik ez egitea.
Bidaia orotan hiltzen zaigu norbait hurrekoa eta bihotzekoa. Tia Klara zendu da aurten. Bere etxera, Basaurira izaten ziren nire umetako eta gaztetako herritik ateraldiak, orduko nire bidaiak.
131 kilometro, Trulli nekazal etxeen ezuste pizgarria ekarri digutenak.
ArtemioCruzen heriotza”. Carlos Fuentes.
* “denborarik gabeko denbora ondo hartzen zuen hondartzara”. Denborarik gabeko denbora horiek aurkitzen eta gauzatzen dakien bidaiaria da bidaiaz gehien gozatzen duena. Une horiek ematen die bizigarritasuna bidaiari. Une horiek ez dira eguneroko hondartzaren batean egon hutsean egotea.
* “Begirada bere oin-marketan itsatsirik joan, ohartzeke itsasaldiak ezabatu egiten zituela eta oin-marka oro zela bere buruaren lekuko bakarra, ilauna”. Bidaiariak ez du bere lorratzetara begiratuz pausorik eman behar, atzera behatu behar baita horretarako. Oin-markak ondorengoek erabaki eta jakingo dute itsasoak orraztu dituen ala dirauten. Gizaki bakoitzak erabakitzen du geroa baina inork ez daki bere erabakia erabakigarria izanen den geroarentzat.
Ekainaren 7a. Ostirala. 36.a-I:34.a
“Dendako leihotik”. David P. Tijero:
* “inoiz ez naiz zirkuitu batean biraka ibiltzen / beti aurrera egiten dut / ihesaldirako ausardia aurkitu orduko / prest egoteko”. Aurrera begira joan behar du bidaiariak, ordu-mugarik gabe, bidaiak aurkeztuko dizkion ezusteko zirrikitu kilikagarrietatik egiteko
* “Isiltasuna apurtu nahian aritu ohi gara / dugun dohainik preziatuena dela ez dakigulako”. Barne isiltasuna apurtu nahian egiten duena errepidera, ez da behin ere bidaiaria izanen.
* “Ihes egin behar dut / hemendik atera eta aldendu ahalik eta azkarren”. Justu barne isiltasun horren bila. Tarteka ihes egin beharra du gizakiak, behar horrek bilakatzen du, zenbaitetan, ez nahitaez ez beti, bidaiari iheslaria.
* “inondik ez dago ihes egiterik kartzela zugan bizi izanez gero”. Hortik dator hainbat bidaien porrota eta hainbat bidaiarien ase ezina.
* “Besteen oharpena behar dugu ahulak garelako”. Asko dira bidaiara abiatzen direnak, modan dagoelako, edo lagunarteko ohitura delako, edo gizarteko ohitura delako.
* “uzta oparoa behar dugu egunero / gauzak ondo ibili direla geure buruari esan ahal izateko / loak hartzerakoan / elkarrekiko esklabo hutsak gara”. Hori da bidaiariaren bekatuetariko bat, zenbaitetan begiak zabalik ibiltzea, tarteka egotea, nahikoa ez balitz bezala; “gaurko ibilia balekoa” esaldiak eguna laburbilduko itxaropenez ibili gabe.
* “posible al da mundu bien arteko hegian / egonkortasuna aurkitzea?”. Inondik ere, aberatsena eta ez dutenena dira hegiaren alde biak, bidaiariari egunero eta edonon irekiko zaio zauri hori, begiak itxi edo lasaigarriak hartzen saiatzen bada ere, berdintasunik ez den bitartean, gizakiak gizakia zapaltzen duen bitartean, gizartearen ikuspegia beti izanen da bortitza.
Inurriek ez dute mermelada multzo osoa eraman, baina gutxi falta zaie; langile gutxi dute jadanik lantoki honetan, ez zaie nonbait beste meha hau besteren baten bezain errentagarri.
Patua dugu euriarekin, ziur, haizea baretu da baina erabat lainotuta esnatu da eguna, behe laino antzerako lausoak itsasoaren azken marra ia bertaraino ekarri du eta lurraldearen ikuspegia ezin laburragoa da. Euri tantoak izan ditugu eguerdi aldera, etxatoian ziri-ziri, danborrada izan gabe, bateria joleek lez ferekatzen du zirimiriak sabaia. Lurralde eguzkitsura etorrita ez dugu jada eguzkirik eskatzen, ateria eskatzen dugu soilik, ez al dugu laster hotzik ez egitea eskatuko!.
Herriak zeharkatzea ekidinez, itsasertz-itsasertz goaz, lehen eguneko bideetatik abiatuta; hondartza luze orok du alboan herri edo Marina koskortuago bat. Esnatuz doaz udarako prestaketetan behe solairuko herritxo edo auzo zuriok; dunez babestutako hondarretako herriak dira, hondar horia zaie urre gorri. Nahiko sarriak dira urbanizazio berriak, herritik hur gehienak, txaletxo txikiak errepideak itsasotik banatuak, txaletxoak, xumeak, baxuak zuhaitz artean hesi batez gordeak. Garai honetan, egun honetan, ordu honetan, ia ez da autorik errepidean, ezta ia isogurdirik ere, lasaia da bidea. Atsegina da ingurua, itsasoaren gainez gain.
Takian-potian, gaztelutxoa, gotorgune zelataria, agian garai bateko etorkin armatu konkistatzaileei eutsi asmoz eraikiak: gotorrak dira gazteluok, harrizko sendoak, itsasgaineko haitz muturrean gehienak.
Nardo herriaren inguruan, errepideak lur barrura egitean, padura jitea hartu du lurraldeak; itsasotik urrutiratu heinean olibadi sailak datoz, baina batez ere belartza lehor diren lur lauak, erabat utziak. Sekulakoak dira zenbait olibadi, aspaldiko olibondo kilikagarriz osatuak; lurraldea, baina, tristea da, utzia izan den lurralde pobre baten itxura hitsa du. Lehen ezer gutxi zena, ia ezerezera makurtua. Pikondoetatik jango duenik ere ez da gelditu nonbait. Harrizko hesiek banatzen dute jabegoa: ugariak dira, garai batean bakoitzak bere saila gogoz, indarrez, eta itxaropenez gordetzen eta lantzen zuela gogarazten digute. Ez belarik ez mikarik, ez da inolako animaliarik ageri, gidariak gara animalia bakarrak. Ezagutzen ez dugun barazkiren bat lantzen dute Nardo aurretxoan; berde iluneko ilara zabalak dira, tarte zabala batetik bestera, zaindua; traktore bidez harrotzen diote alboko lurra; lurrari itsatsitako mastra besterik ez da, oraingoz. Tarteka harrizko eraikin sendo gotorrak, berdin tolestutako harri sendoz eginak, ez diegu antzeman ez ate ez leihorik: ez dirudite txabolak direnik, teilatu edo estalkirik ez dute, belar lehorra gehienez.
Solidaritateak dirau errepidean, polizia zain geneukala abisatuz gurutzatu zaizkigu hainbat auto.
Hauteskundeak dira Italian, politikoen aurpegi-argazkiak daude horma guztietan, bozgorailuz iragartzen dituzte mitin kantaldi eta antzerako parafernaliak.
Kale-arteko zurrunbiloan eta trafiko nahasmenean sartu behar izan dugu Nardo herrian. Saihestezina zen. Ez zen erraza norabide matazari hari muturra aurkitzea.
Itsasertzera heldu gara, Adriatikoa behar duen itsasora, Tarento golkoko ertzaren gainaldean baitago, “Otrantoko kanala” ere deitzen diote inguru honi, agian Adriatikotik Tarentoko Kanalera eta Joniko Itsasora pasabidea delako, ez baitugu guk inolako kanalik ikusi. “Belvedere”a eskaintzen digute itsasgain batean, egokia dirudi geratu, lasaitu eta gozatzeko, baina erabat lausotu digu ingurua gure euriarekiko patu beltzak. Harkaitza da itsasertz osoa, labar garai, amildegi bertikal, edo itsasoraino luzatzen den mendi magal harritsu zurixka. Beherantz leun doan harri eta belar idorreko paraje tristea da itsas gaineko lurralde dena. Itsasoa, bere gaurko lausoan ere, eder dager, haitzen kontrako apar zuriko lotune biziarekin. Badira pinu sailak tarteka itsas gainetan. Zelatarien dorreek diraute, Tarentoko Golkoaren babes egituraketari jarraituz.
Kanpalekua. Ezagutzen ez genuen motako polizia koadrilari galdetu behar izan diogu norabidea; praka marroi eta alkandora argiko polizia klaseren bat da, ez zuten kapelarik, agian basozain edo itsasertzain, edo auskalo ze polizia mota ziren. Behar ez zen tokian ari ginen bila.
Hankoker sartu gara, sasijakintsu batek okerreko bidetik bidali gaitu bidegurutze batean; senak beste bide batetik bidali gaitu zorionez; itxita aurkitu dugu kanpalekua, neska zaindaria ez dakit zertara alde eginda zegoelako; geu ginen lehenak, bezero bakarrak, baina ezin izan dugu guk nahi bezala jarri etxatoia, dutxak ez dit azkenik eman ur berorik neskari berogailuaren botoiren bat sakatzea ahaztu zaiolako.
Urbanizatuegia dago kanpina, zehaztuegia, berdinduegia, herritxo bat da, dena koadrikulatuta, betetzen denean nork arnasa hartu hain hur bata bestearengatik, etxatoiak, denak ilaran, elkarri ia itsatsia. Behatoki da itsas gaintxoan. Olibadi batean dago, pinu eta bestelakorik ere sartu badute ere lurra berdintze lanen ondoren. Urrutitxo, baina itsas gainean, itsas labar bertikalak eta aparren haitzen kontrako sinfonia bisuala ditut begien jostagune nire mahaian eserita. Egun argiarekin aparta behar du itsasertz honek. Moskito -leku ere izanen da, padura tankerako belar-leku zakar bat ageria da itsasoa eta kanpaleku artean. Sare estu bat jarri dute, behatoki horman, bertan galdutako milioika ulitxo daude itsatsita. Beraz egun ilun honetan erabat lausoagoa dugu itsaso ikuskizuna. Leku zabal ikusgarrian moskito-sarea zaigu begien kartzela, presoei leiho aurrean jarri ohi dien burdina eta sareak bezala.
Etorri dira bezero berriak; jantzi eta alde egin dugu, badirudi bideratu garela.
Santa Cesarea Terme. Kanpalekuko herria. Bainu-herria izan zelako, agian udaleku bihurtu delako, baina herri ponposo dotorea dugu hau. Aratza, garbi usainekoa, txukuna, dottorea. Eraikin handizka dottoreak ditu, hotel edo bainuetxeak agian. “longomare” edo pasealeku potxoloak itsasgainean; kalatxo ezberdinen babesean solarium bilakatu dituzte kala barrenak itsas ertzetan, zementuzko zoru leunak, hondartzarik ezean; haitzartean sortu dute igerileku urdina itsasoari aurre egiteko ausardiarik ez dutenentzat. Herri atsegina. Igandezalea ere erruz ekarriko duen horietarikoa.
Itsas bazter itsas bazter doa kosta-bidea, errepidea bera bezala, sigi-saga etengabean; erabat erakargarria egiten dute itsasertza haitzek; haitz beltza da, Taranto ingurukoa bezalakoa, laba harria dirudiena. Itsasertz bitxia, erakargarria gainetik labaintzen gatzaizkionentzat.
Porto Balisko, itsas beso edo kala sakon bat, estu luzexka, oso erakargarria, zenbait ontzien babesgunea.
Otranto. Golkotxo baten barrenean, txukuna, zaindua, atsegina, zuri zuria, berria ere lehen solairuko etxez osatua gehiena, etxetzarrik gabe, gustura sentitzen zaren herria, turista-herria, igandezaleen herri bihurtuta. Zaharrera, hiribildura, mugatu gara, hiriotan ohi dugunez. Harresiak nagusitzen dira hemen, sekulakoak, hiria osoki inguratuz, nano uzten zaituzten harresi garaiak, ikaragarri sendo eta gotorrak. Hiriko ertz batean sekulako gaztelua dago izena ahaztu zaidan Aragoiko errege batek eraikia, sekulako sendo eta gotorra. Hainbat ate edo sarrera ditu, xumeak baina hiria girotzen dutenak, baita ateak izan zitezkeen bi borobiltzar ere, agian aro eta agintari ezberdinek gehitu edo aldatutako babes osagaiak. Horrelako hiribildu batek ohi duen kaledia, eta turista-herri batek ohi duen denda, jatetxe eta kafetegiak. Katedralak errosetoi handi landua du fatxadan; barrua aberatsa da: herriko artistak 1165ean egin zuen mosaiko zorua, sekulakoa, elizako zoru osoa betetzen du, naif estiloa dute, nabari da ez zela erromatar artisten parekoa, baina hainbat irudi maitagarri aurki daitezke; freskoak, gutxi geratzen zaizkio, baina irudi bikainak erakusten dituzte; itxita dago XI. gizaldikoa omen kripta.; organo antzinako potxoloa: badirudi oraindik erabiltzen dutela. Bi aldare sekulako apainduak, zurezko pintatuak, aingeruz eta santu-irudiz loriatuak; kapitel zenbait, dotore zizelatuak; marmol gorrizka itsatsiz biziki deigarri diren bataiarri eta ur bedeinkatu harriak; sekulako ganga zurezko lauki ilunak urre kolorez brixt-brixt; eta azkenik martirien kapera: aldare pean, elizan gorde ziren 800 herritarri baina gehiagori moztu zien burua arabiarrek hiria hartu zutenean: horietako mordo baten burezur eta hezurtegia nahastua daude, ikusgai, 7 erakusleiho erraldoietan, artez eta makabroki tolestuak, lepook mozteko erabili zuten harria ere ikusgai dago, txikitan egurrak zatitzeko erabiltzen genuen trokotea gogoratu dit. Badu portua ere, arrantzaleena diona gidaliburuak, baina arrantzontzi guti gordetzen duena, gutxi eta txikiak.
183 kilometro, Tarento Golkotik Adriatikora.
Kanpalekuaren azpian kala izugarri tentagarria dago, harkaitz-hormek inguratzen dute; harkaitz tzarrek babesten dute itsasaldetik, irlatxoak antzo, hondartzatxoa ere, bertan lehertzen baitira olatuak; ur garbiak, tentagarriak; ez dago nola jaitsi zuzenean, baina lortu daiteke joatea igerian kanpalekuak alboan haitzartea zementuz leunduz ezarri duen solariumean murgilduz, nora jaisteko mailadi luze arrosa jarri duten.Txoko atsegina.
Gure patu madarikatuari musika jarri dio oheratzean atabalaren tarrat-hotsak, atabal tenkatuan, kolpe lehor izan zaizkigu euri tantak, biharko itxaropenak melatuz.
Erabat nekatua, guztiz unatua, oheratu naiz azken egunotan, bota beharrik gabe erori egiten zen gorputza ohe gainean; gaur aldiz suspertu naiz, gorputzaren misterioak. Baina goiz noa ohera, loaren zain patxadan egoten ikasi nahi dut.
Artemioren heriotza”. Carlos Fuentes:
“Atzean utzi zuen beldurra, arriskua ohiko bizimodu eta lasaitasuna ustekabearen zati bihurtu zuten enkontru haietan, ez estrainakoetan, baina bai behin eta berriz gertatutakoetan”. Bidaiaria ere ohitu egiten da ez arriskura, arriskurik ez duelako, baina bai eguneroko ezuste, zailtasun, eta dudetara.
Ekainaren 8a. Larunbata. 37.a-I:35.a
“Hyperion”. Friedrich Holderlin:
* “Badia hauetariko batek bereziki poztu ninduen, mila urte lehenago egon izan banintz... Elurtutako ehunka mendi-buruen inguruan egunsentia jostetan ari zela, badia distiratsua, erdi jainko garaile gisa, Helikon eta Parnasoko basamortu bikainen artean”. Itsas hauetako badiek bereziki pozten dituzte begiak, baretzen barrena, hainbat eta hain antzerakoak izanik ere. Ez da egia bat ikusita denak ikusi dituzula. Bakoitza bera da maitagarria, bakoitzak tentatzen zaitu bertan gelditu eta orduak itsaso eta haitzen besarkada bihurriari so geratzera. Elurtutako mendi-buru horiek falta zaizkie gure kanpalekuko badiari, gure kostako badiei, baina ez badia gaineko basamortua, Holderlin liluratuko zuketen badiak.
Galdua jarraitzen dut geografiako norabideetan, hainbeste itsas aldaketekin. Gaur utzi gaitu patuak, eguzkiak goiz bisitatu gaitu, badakit itsasoa hegora dugula, ez dudala ez arrats ez egunsenti gorririk gure behatokitik. Itsasoa dut, zabal eta urdin aurrez aurre, zinta zuri bihurtuta hesia zaizkion harkaitz horma pikoak musukatzean.
24 graduko hozberoarekin ginen ibilian goizeko bederatzietarako.
Porto Miggiano. Gaztelutxoa dugu itsasertzean atzo aurkitu nuen kalatxoaren bestaldean. Gaurko ibiliaren hasieran joan gatzaizkio: ze nolako ezustea, han portutxoa egon behar zuenik ere!, ez baitzaio antzik ematen gure behatokitik: pikatxoiz ebakitako mazela leunak, haitz horma leun bertikal garaiek gorderiko harrizko kaxa itsasotik eta lurretik gordea; haitz bizian zizelatutako portua: hogei bat metroko kolpez kolpe zabaldutako sarrera, eta ontzitxoak lotzeko lauki osoa den portu barrena; amildegi dira portu gaineko hormok; erdi erdian utzi zuten moila, moila forman zizelatutako haitza; itsasotik eta lur barruko begiradatik era bat gordeta portutxoa; haitzean irekitako bidez jaisten da moilara. Txundigarria.
Artaldea atzo Otrantora egin genuen bidean: osagai berria, maitagarria. Gainerako osagaiok ederragoak daude gaur eguzkiak argituta. Zoragarria zegoen itsasertz bihurritua.
Militarren informazio gune zabal hesitua, non radarra ari den eten gabe biraka itsasgainean; horrez gain bestelako gailuteria, kupulatzar artean mundukooi arnasa ere kontrolatu nahiz, behar denean tiro egiteko. Komunikazio eremua, gerrarako tresna, boterea beti prest erasotzeko, hori baita militarren funtsa.
Lur barrutik egin dugu Otrantotik gorakoa, itsasertzetik izanen zela espero bagenuen ere. Lurralde lehor tristea tarteka; pinudia nagusitu da, pinudi trinkoa, adartsua, ez da pinupeko lur landurik, badira soro ureztatuak, baita betiko pikondo eta olibadi sailak ere.
Txirrindularientzako ingurua, bide-gorri propio ugari dute: bide-gorria errepide nagusira sartzen denean, iragarri egiten dute txirrindu zaleak dabiltzan errepidea dela zolako irudi zurien bidez.
Itsaso-besoa izan da une batez ustekabe atsegina: pinudi barrenean sakon sartzen den beso luzea, itsasorik ikusten ez badugu ere. Itsasertza ukitzen dugu tarteka, ingeniariak inbidia sartu nahi izan baligu bezala.
Roca Vechia: benetan aspaldikoak deitu ahal dira herriaren itsasertzeko haitzok, erabat porotsuak, itsasoak farfaila balitza bezala zulotxo eta irtentxoekin landuak.
Ez gatzaizkio sartu herri barrura, baina damutu zaigu egin eza, baikenuen irtenbidea beste aldetik; hala ohi da beti, baina noizbehinka lausotu egiten zaizkio ideiak bidaiariari.
San Roca. Hemen bai sartu gara herri barrura, eta ez zaigu damutu. Uda-herria. Portu zabal babestua du, erabat ontziz lepo. Portu barrenean kostaldean hain sarriak diren gaztelutxoa, zelatari aukerak preso hartzean duen portuak kendu badizkio ere. Bertan gelditzera deitzen duen itsasertza, jenderik ez denean behintzat; haitz tontor, zapal, zabalak edo tontor luze borobilak ernetzen dira perretxikoak bailira ur gardenetan, -auskalo garbietan-, bertara joan eta uretara blaust egiteko dei etengabea igorriz bezala. Bada bateltxoz joan eta haitz gainean dagoenik, eguzkitan, bere irlatxo propioan. Badu hondartza luze zabal borobila ere, goiz eta ugari dago hondar zalea eguzkitan.
Kostalde osoan errepikatzen dira haitz biziko irlatxo nanook.
Nekazal turismoa sarri iragartzen da.
Barrura egin du errepideak. Ezuste kilikagarria ekarri digu lurralde berriak. Bat agertu zaigu lehenik, gure harridura piztuz, gero bestea, eta azkenik pila izan dira azkenik, ibiliko pizgarri: harresiz berezitutako olibadietan harrizko txabola bitxiak, bururik gabeko kono baten beheko zatia, borobilak gehienak, karraturik bada ere; berdin eta txukun tolesturiko harri gris lats berdindu gabez eraikiak, bi metro inguru zabalerako horma dute ateak erakusten duenez; egontoki edo gune zabala barnean, ganga borobil batez bukatua; gangaren erdi erdian estalita dago zulo bat, agian kearen irten bidea, kedar arrastorik ez badute ere harriok. Harrizko eskailera du sabairaino kanpotik. Pila dira; etxerakoan ere aurkituko ditugu lur barrutik, autobidez egiterakoan.
Erabat sendoak dira hondatuak ikusi ditugun itsasertzeko zelatari dorreok, ez dute ia hutsunerik barnean, beheko egon tokia eta zelatariaren behatokia eta lotzen dituen eskailera dira barnean dituen hutsune edo espazio bakarrak. Kanpaleku ondokoa, aldiz, hutsa da barrutik, espazio bakarrekoa, dena erabilgarria, horma ohizkoz egina.
Ikusten dugun lehena: trikua errepidean gurpilek zapalduta. Ez da belarik errepidea garbitzeko.
Lecce. Florentzia barrokoa deitzen diote. Hiri barrokoa da izan, eraikin zibilengatik baino gehiago elizengatik. Zimbalo familiakoak dira bere estilo hori bultzatu zutenak, barrokoa azken muturreraino eramanda, manierista ia. Gurutze Santuaren Basilika da lanik ezaugarriena: kanpotik zein barrutik harria azken arra beteko zabaleran ere zizelatua, dena da apaindura, dena irudi, dena buru, dena zizel-lan, dena artelan. Ikusgarria da. Ni ez nau bete, inondik ere, badirudi gotiko edo erromanikoaren paretsu egin nahi duela barrokoa, baina irudiek ez dute beste haien sakontasunik aurpegiera eta formetan, dena dago gainera berritua bezala, argia, zuria ia. Filigrana hutsa da fatxada. Berdin barrua. Aldare pila dena barroko landu harrizkoa. Harritzen zaitu, baina ez dizu zirrararik eragiten, ez du sentipen sakonik harrotzen, “zelako lana” ez bada. Anima falta zaio. Palazzo del Goberno: aurrekoaren alboan, arkitekto berarena, estilo berean. Elizak: hainbat, fatxada barroko dotorekoak denak; antikuarioen erakustoki eta saltoki bihurtuta dago Santa Irene elizan komentuaren patio zabal karratua. Plazak: aipatzekoak, loretoki arbolatsua da bat, aipatzekoa batez ere Oronzo: bertan daude kokatuak kapera landu ederra, barrokoa nola ez gaur bertako artisten erakustoki eta saltoki zena, artista hasiberrien lana iruditu zaigu; bertan brontzezko Aita Santu erraldoia auskalo zer esan nahian plazako jendeari, zut, leuna, kapitel landuko zutabe izugarri luzearen gainean; hainbat etxe koadro handi plaza handian; aipatzeko ere anfiteatro erromatarra: mutur bat soilik geratu zaio, seguruenik plaza egiteko lurpean gelditu zena, beste dena hiripean dago edo errotik desegin zuten harriez baliatzeko. Duomo plaza: jauregitzar ederrez inguratua, zabal zabala. Bertan dago Duomo: barroko barrokoa, urre kolore ukitu pila duten pintura eta zur landuz edertua.
Etxe koadro dotoreak ditu hiriak, handiak, palazio eta gainerako, behatoki-azpi... ez digute arretarik bereganatu ateek hainbat herritan bezala.
Etxe erraldoi multzo erraldoia, herria babestuz bezala, ez dakigu babes fisikoa emanez herri zaharrari ala barnealdea bizitoki bilakatu ez dadin: kapo espekulatzaileek herriari etxebizitza aukera ematea dela esango dute.
Ezkontza pila zen gaur, elizetan lehenengo, kaleetan gero, erru zebiltzan ezkongai, auto eta inbitatuak.
Futbola zegoen batez ere gaur hirian. Oronzo plazan bandera saltzaileak erabat ozen jarrita zuen irratia plazatzarra girotuz; Duomo Plaza tzarraren erdi erdian, bakarrik, irratiz entzuten zuen gazte batek, bakar, partida: keinu zalapartatsua egin duenean galdetu diot ia golik zen, “jokoz kanpo!!!” erantzun dit; kalean, denean entzuten da irrati edo telebisten ahotsa, kalean multzoetan ikusten dute ikusleek kafetegi edo dendetako telebista, dendari batek espaloira atera du telebista eta han dago koadrila batekin, izozki dendako neskatila barrutik salmahaira datorkio lagunari partiduaren berri ematera; izugarrizko harrabotsa izan da lehen gola sartzean, izugarrizko zalaparta etsia Italiari Croaziak bigarren gola sartu dionean, dendatik dendara, kalean batak besteri, golaren berri ematen dio, “ezinezkoa” eta antzerakoak entzuten dira, halako batean burrunba bat izan da Institutu Ikastetxe barne batean: agian partzeko gola sartu du Italiak; etxerakoan, bandera saltzaile bat bere banderak jasotzen ari zen, ez dugu jakin zer izan den partidaz, baina jabetu gara arazo nazionala zela. Hiriak badu bere zementuzko estadiotzarra,
Galatina: tentagarria zitzaigun herriko katedrala, baina ikusitakoekin nahiko eliza dugu gaurkoz.
Lur barrutik etxerakoan, ordeka, lur landu zenbait, utzitako lursailak eta olibadiak, indipikuak eta pikondoak... denak du lurralde pobrearen itxura, harrizko hesiak diraute, jabegoa irmoki defendatzen zela garai batean adieraziz, lurra zela nekazariaren itxaropena, erbestera, industrialdera eta hiri nagusietara lan berri batera, emankorrago eta erosoagora, alde egin zuten arte.
Otrantora bultza gaitu etxerakoak, maitagarria baitzaigu bertatik etxerako itsasertza.
138 kilometro, harrizko txabola pitxiak ezuste.
Tarte zabal batean, mailaz maila, artez, sakon ebakita, faraoi edo inka errege baten hil ondorengo panteoiko aretoak bailira, zulatuak daude itsasgaineko harkaitzak. Halako zirrara sortarazten dute. Misterio kutsua dute. Profanatutako antzinako hilobien misterioa. Harrobiak besterik ez ziren izan, harri bloke berdinak atera zituzten bertatik. Aspaldiko lana nire ustez, pikatxoiz edo zizel kolpez atera baitziren; zulotxoz betez dago harkaitz plano oro, gorrinak jotako orriak bezala.
Erraldoi bihurtu nau eguzkiak, jadanik behe-behean, nire itzala luzatuz: errealitatearen itxura ezberdinak. Itzalez gidatzen gara tamalez baina, itzaletan sinesten.
Bretainia Handian ez zen komuneko paperik ez zuen kanpinik, Italian baten ere ez dugu orain arte aurkitu paperik.
Artemio Cruzen heriotza.
* “Bietariko batek ere ez zuen sentimendurik. Hori, nork bere alderdian, zuen galdua, eguneroko ekintzek, borroka itsuaren etengabeko ekiteak marraskaturik”. Bidaiariak sarri ziurtatzen du egia horren egia lurralde eta gizarteen arteko ezberdintasunak ikusiz, Italiako hauteskunde propaganda egunotatik at ere.
* “Zer izen zuten hildako guztiek?. Ez iraultza honetakoak bakarrik; iraultza guztietakoek eta heriotzak ohean harrapatutako guztiek. Nor gogoratzen da horietaz”. Inor ere ez. Herrietako gerrako hildakoen oroitarriak politikarien kontzientzia baretzeko besterik ez dira, egin eta egingo dituzten gerrak justifikatzeko.
* “Ikusi besterik ez dago nola atzean geratu diren uste zutenak iraultza herria askatzeko zela eta ez buruzagiak goresteko”. Gerrek ez dute herririk askatu, herriari zamaren ezaugarriak aldatu besterik ez dute egiten gerrek.
Ekainaren 9a. Igandea. 38.a-I:36.a
“Hyperion”. Friedrich Holderlin:
* “Denarekin bat izatea, hori da jainkotasunaren bizitza, hori da gizakiaren zerua”. Inguruarekin, natura zein gizarte, elkartzen den bidaiariak biziko du bidaietako zerua.
* “...arrotz baten gisan nago haren aurrean, eta ez dut ulertzen”. Bidaiarentzat ez ulertzea ez da arazoa, beti dagoelako ulermenerako zirrikituren bat, bestea edo norbera bestearen aurrean arrotz baten gisan tratatzea da arazo nagusia.
* “Bai!. Haurra jainkozko izakia da, helduen kamaleoizko koloretan mozorrotzen ez den artean”. Umeak edonon ume direla, denean antzerakoak, ondoriora helduko da udaberri beranduko bidaiaria, herri eta monumentu orotan aurkituko baititu ume saldoak txangoan edo kaleko ikasgairen bat lantzen.
Gerran hildakoez ez dago Italian ia monumentu edo oroigarririk herrietako plazetan, Europa gehienean aldiz ez da herririk gerran hildakoei oroigarriren bat jaso gabekorik. Musolini du oraindik gogoan herriak, agian.
Beroa baina lainotua, gaurko eguna ere. Patua.
Itsasertz-itsasertz joan zaigu gaurko ibilia lehen bi zatitan, lur barrutik hirugarrenean. Ikuspegi atsegina beti, itsasoa beherantz, herritxoak edo olibadiak gorantz. Errepide osoa da behatoki.
Harkaitz zuriz bukatzen da mendi-muinoa, beti itsas kontra, amildegi ikaragarriz jantzita tarteka, mazela bertikalak oro, mendia leun apaltzen denean ere uretarantz; itsasoak, aldiz, erabat zizelatu ditu harkaitz-hormok, erabat zulatu ere, famatuak dira bertako zenbait kobazulo. Ez dugu galdu itsasoaren ederra une batez ere. Autorik ia ez dabil, beraz ibilbide lasaia eta atsegina izan da. Gozagarria. Errepide goitiko aldean, errepidetik gorakoan, maldaz behera pikoetan, harrizko uhinak dirudite mailez hormek, zapaldaz zapalda olibadia ahalbideratuz: harri zuriko hesiz eusten diote lurrari, harri zuriko hesiz doa, dator, mailaz maila, mendia, olibadia; dena da harri zuri begientzat, enbor arrea adarteria: ikuskizun bihurtuta harria katedraletan zizelaren poderioz, ikuskizun da hemen ere harria nekazarien tolestatze gaitasunez, bizibeharraren eraginez: urteetako izerdia eta kultura erakusten dute harresi zuriok. Hemen dira atzoko harrizko txabola konikook, Leuca gainditu arte izanen dira.
Kaleek, badiek eta erreka-zuloek agintzen diote nondik norakoa errepideari, dena da bihurgune. Itsasoak agintzen duen sigi-saga bera onartzen du errepideak.
Herri zuriak, maldan, nekazarien herria da seguruenik malda hedatzen den herri zuria, arrantzaleen auzoa, aldiz, itsasertzean Marina. Zabaltza dute estalkitzat teilaturik gabeko etxeek: herri argiak dira denak, alaiak, olibadien berdegunean, itsasora begira, badia edo kala baten gainean edo alboan beti. Itxura txukuna erakusten dute. Herri bakoitzak bertan geratzeko tentaldia dakar, bost minutuz bederen haitzarteko ur garbiotaz gozatzeko, edo -nahiz motzak- longomaretan ibilalditxoa egiteko. Kala barruko portu txiki pospolinak esaten digute badatorkiola bisitaria, baina hondartzarik ez da ia hemen, haitz gainetan jarri beharko du jendeak. Udatiar selektiboa izanen da hemengoa, ez masiboa.
Bizikletari asko dabil gaur errepide honetan, taldeka gehienetan.
Castro. Kanpalekutik itsasgaineko magal leunean marra zuri ikusten dugun herria da. Etxeteria zuria gazteluaren babesean, edo gaztelua bera herriak lurraldetik babestuz; amildegien gainean ikuspegi bikaina du plazako behatokitik. Portu pospolina kalatxo batean itsasertzeko Marinan, eta portu koskortu bat ondo-bizien ontzientzat zementuz babestua; itsasertzeko udatiarren etxeteria: multzoan pobreena, banakako txaletxoetan ondo-bizienak. Herritarrena da goiko aldea, turista auzoa Marina.
Castro Urdialeseko lagunak gogarazteaz gain, gaztainak erosteko aukera eman digu herriko plazan.
Leuca. Takoiaren mutur muturrean. Itsasertzeko laugunean. Erabat turista-herria, txukuna eta dottorea. Zuria, herri denak bezala. Hondartza ere badu nonbait. Bisitari asko datorkio, gu heldu garenerako, bazetorren igandezalea. Eliza bera ere handinahia, fatxada landu eta barneko harrizko arku zizelez dotoretuekin.
Itsasgainean diraugu, itsasoa auzo, lagun eta ikuskizun. Ez da mendirik, laua da itsasgaina, tristea, belartza utzi takarrekin, non kanabera, pikondo eta indipikuak ematen dioten lur pobrearen itxura. Badiek eta kalek ez dute huts egiten, itsasoa da bidaiako gatza. Zuriak dira herriak. Ugariak dira hondartzak lurmutur honetan. Barnealdeko herritar ugari dator hondartzotara zein Marinatara; hurrago dagoenez ugariago doa Gallipolira. Eguzkirik ia ez dagoen arren. Uda-giro nabarmena. Zabalik daude dendak.
Peskari asko haitzetan.
Alde honetan orain arte ikusi ez duguna: bunkerra; bakarra izan da baina gerraren oroimena piztu digu. Bada gerra-film bat Gallipoli izena daramana.
Badia luze bat borobiltzen da Gallipoli hiri aurrean, hondartza da borobilera osoan: jende ugari dago hiri aldeko zatian, auto ilarak errepidean, nabari da lepo dagoenean izugarria behar duela izan, alde bietako ertzak aparkaleku urdin ordainduak baitira. Ez da ez eraikinik ez inolako urbanizaziorik hondartza gainean; dunak besterik ez, belarrek kolonizatutako ondar muinotxoak.
Gallipoli. Badiaren ertzean. Luzea ikusten da hiria itsas ertzean, luzea eta garaia. Itsas kontrako ertzean nabarmentzen da Alde Zaharra, eguzki apurrak argitutako etxeteria, luzea gure beha-puntutik begiratuta. Arrain azoka aurkitu dugu sarreran, saltoki egonkorra, arrantzaleek eurek eginiko eguneko arrantzaren eskaintza egiten da bertan: giro bizia, zaratatsua. Eten gabe ari dira arrantzontzi txikiak portura heltzen, arrantzaleek eurek konpontzen dituzte beraien sareak. Arrantzale gazteak dira. Ura du alde batetik zein bestetik hiri osoak, lurmutur baten punta puntan baitago; irla batetan dago Alde Zaharra, puntaren puntenean, zubi batez iristen da bertara. Irla osoa dago gotortua, gaztelu baten harresien antzerako hormekin, horma garaiak, mutur zorrotzak erakutsiz itsasoari, olatu edo gizaki erasotzaileengandik defendatzeko. Ez du zer kontatu handirik hiriak. T baten erara bukatzen den kale motzeko kaledi bihurria, denek dute etxe-horma bat aurrean, defentsa egitura seguruenik. Etengabeko durundioz betetzen dute kale-artea motorrek. Aipatzekoa da leiho denek dutela gainean irtentxo zabal babesgarria, ez dakigu hautsetik, euritik ala zeretik gordetzeko. Ez dira asko ate, balkoi eta jauregi deigarriak; gutxi, baina badira. Katedrala. Fatxada ederrekoa, dena zizel-lanez edertua, filigrana lana, Leccekoaren estiloan, barrokoa baina gotikoaren tankerako arrosa-leihoekin, ikusgarria, artelan bikaina; ganga du aipatzeko barnean, urrezko landua, ohi denez; begiratzekoak dira koadroak, baita presbiterioko horma eta gangak estaltzen dituzten pinturak, pintura ilunak dira: 12etako meza zen, baina inor gutxi zegoen mezetan igande izanik ere. Arrosarioko Eliza: hondatu samarra, berritu nahian dabiltza: hara non aurkitu dugun Europako ez dakit zein herrialdetako pulpitutik gurutzea erakutsiz ateratzen zen eskua!; aldare barrokoak ditu, batzuk harri landuko bikainak; xarmanta da organo zaharra hondatua arren, xarmantak ere bitrinetan, kristalezko kaxetan sartutako santu-irudiak, ez dira ikusten ditugun lehenak; igeltsu lanez dotoretutako arku eta gangak esaten digute ze handikia zen eliza hau ere, hori bera erakusten dute fatxadako harrian bikain landutako leihoen ertzek.
Motoen kale-arteko joan-etorriak eta moto-hotsak ez du akaburik; osoki hartzen dute kalea, gehienetan neskalaguna atzean daramaten mutil gazteak dira; izugarria da, deserosoa bihurtzen da kale-arteko ibilia, berez gozagarria balitzake ere.
Hiri zaharretik kanpo, portuaren bestaldean dagoen elizkizunak hiri zaharreraino heltzen dira bozgorailuetatik.
Herritar oro da zaratatsua, kalean kalaka ari denean ere.
Dozenaka motorzale pasa da itsasgaineko kaletik, inguruan dute nonbait igande honetako hitzordua.
Lur barrutik egin dugu etxerakoa. Olibadiak nagusitzen diren lurralde laua da, artez gune luzeetan. Olibondo zaharren ikuskizuna izan dugu tarteka, sekulako olibondoak, naturak auskalo zenbat urtetan landutako gerri bihurritu, zimurtu, aparta, dutenak, forma ezberdin deigarria bakoitza, artista batentzako forma ikerketa iturri liratekeenak.
Parabita, herri zuria olibondoek berdetutako magal batetan.
Hilak daude herriok, jendea itsasertzera joana da nonbait, edo atzoko porrot nazionalaren dolua gordetzen dute, galdu egin baitzuen azkenez Italiak, tristuraz esan digutenez.
Nekazari ugari ateratzen da errepidera, huskeriatxoarekin, bakoitzak duena eskaintzen du, batek loreak zituen soilik, denak bere isogurdia saltoki eta salmahai bihurtuta.
140 kilometro, itsasertzeko gozagarriak
Euri punttua!. Gaueko ttanttok goizak hartuko ez dituen esperantza geratzen zaigu.
“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:
* “paralisia eta gehiegizko mugimenduaren artean dago bizitzaren lerroa: abentura”. Ez dakit zehatz zer den abentura, baina abentura kutsua hartzen du aldizka bidaiak, bidaia bera abentura ez den arren berez. Bidaiariak bilatu eta aurkitu behar du bidaiaren lerroa, egon hutsaren eta ziztuaren artean dagoen lerroa.
* “abenturazale, zure abiadura denborarenarekin neurtuko duzu”. Neurketa arraz ezberdinak ditu bidaiak, denborarenarekin izan ohi da sarri, baina sarri beste neurketa batzuk ditu, bizipenekin, emozioekin… osatuak.
* “Zuk asmatu eta neurtuko duzu ez dagoen denbora bat”. Aldizka bidaiariak denboratik alde egin behar du, orduen ezinbestekoa hautsi, ordularirik gabeko bakardade eta isiltasunean babestu berrindartzeko.
* “eta joko dute amildegi berrien kontra, eta porrotetatik ikasiko dute”. Bidaiatzea ere eskarmentu bat da, porrot askoren ondorengo mundua denez gizartea, mundua ezagutu eta maitatzeko zientzia.
* “aske, berehalako zentzumen eta oinarrizko beharrizanetatik harago pentsatzeko aske”. Barne askatasuna, bidaiariaren baldintzetako bat hau ere.