Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK. ITALIA 2002

BIDAIAK. ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/05/30 13:10
Bari, Polignano a Mare, Castellana Grotte, Alberobello, Barleta, Trani, Bitondo, Ruvo di Puglia,

Ekainaren 10a.  Astelehena.  39.a-I: 37.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Ez ote ziren nire baitan errepikatzen haren baitako melodiak?”. Inguruko melodiak norbere baitan errepikatzen jakin behar  du ibiltariak bidaiari izateko. Musikaria izan behar du, zentzumenek ekarriko dien informazio orori barren musika jartzeko. Kanpoarekin afinatzen ez baitu barneko soka eta mihiak, barneak ez badu kanpoko informazioa sentsibilizatzeko fintasunik, musika gutxi entzun ahal izango du bidean, melodia monokorde aspergarria besterik ez du egingo.

 

Aldaketa eguna. Adriatikora goaz, bete betean, begirada batez ikusten diogu bukaera bidaiari, geratzen zaigun bidea erraz gorde ahal du irudimenak, kolpe batez. Zehatzak eta kontaerrazak dira azken pausook, hiru aste badira ere. Difuminatzen doaz lehen asteak, lehen kanpalekuak, lehen herriak. Irudimenean aztertu behar dugu bizipenak berpizteko. Geratzen zaiguna aldiz erabat mugatua dugu, plan orokorrean kokatua, gidaliburuan eta mapan zehaztua, zain dugun misterioa.

 

Paisaia ezaguna dugu, ez da mahastirik lurralde izendatu batean ezik, luze izan ditugu lagun harrizko txabolok; azken aldera agertu  zaizkigu “trulli” nekazal etxeok, itsasoraino heltzen dira.  Hur, baina ikusezin eta sentiezin eraman dugu ia azkeneraino itsasoa, lur barruko bidean baikindoaz.

Mendi-muino leun baten gainean zuri, zuri etxetzarrak eurak ere, zabal, ikusi dugu Lecce; lautada bat zen bertaratzean aldiz hiria, kale-arte zabal bat; gauzatu egin zaigu  genekarren kezka: kale-artetik zeharkatzen du hiria errepideak; uneoro argi gorrietan geldituz, eta pitojoleen musika urduriak bilduta egin dugu hirikoa: argi berdea piztu orduko badira, pare bat gutxienez, pit-pit hasiko direnak; sarri auto gehiena da orkestrako instrumentista; arreta osoz goaz gu, bidegurutze batean okerbidetik egin nahi ez dugulako: jolas bezala hartu dugu, adi goaz ia nor den lehengo hasten dena turutarekin; baina berdin gertatzen da presatia bat denean ere lerro-buru, berdin gertatzen da ilarako burukoa berehala jartzen bada ere abian: beti dago hanka baino behatz bizkorragoa duen gidariren bat erreskadan.

 

Bunker bat, nahiko lur barrutik gindoazela: armaz menderatzen du gizonak gizakia, indartsuak ahula, aberatsak pobrea, pobreak pobreagoa.

Bada argindar zentralaren bat Brinsisi aldean, hainbat burdinazko zutabetzar ilarak doaz lur barrura, Brindisi da ekonomikoki lurraldea suspertzeko aukeratutako hirietako bat; baina, aldi berean, zentrala ez ote Italiako hainbat lurralde aberatsentzat argindarra lortzeko aitzakia, lur haietan egin nahi ez duten lan-zaborra eragiteko aitzakia bat, zentralaren hondakinak esaterako: hain dira ugariak jokabide azeri, zuri eta zikoitzaren etsenpluak!.

 

Brindisi. Hiri honetan bukatzen zen erromatarren Via Apia famatua, Erroma itsaso honekin lotzen zuena;  Trajanoren zutabetzarra da bukaeraren ezaugarri. Industrigune ilun zikina ikusten zaio Brindisiri, herdoil koloreko eraikin piloa, ez dirudi industria modernoa jarri dutenik, herrialde aberatsek nahi ez duten industria kutsatzailea baizik. Halakoa zen Tarentokoa ere.

 

Trulliak agertu zaizkigu Monopoli inguru horretan;  hauek ez dira lehenagoko nekazal etxeak, azken egunetako txabola eta trullien konbinaketa bat baizik, kupulaz bukatutako txabolak, kupuladun harrizko txabolak.

Bari aurretik sare argiz estalitako mahastiek betetzen dute lurralde osoa, urruneko mendien maldak ere.

Horma urdin bat dirudi itsasoak une batez, berdegunearen ostean, zuhaitzen bestaldean jaso duten harresi urdina,  hain du piko itxura ordeka urdin bareak, hain ateratzen da gorantz itxuran lurra bukatzean. Efektu optiko bitxia.

 

Gazte jende asko dabil Mezzogiorno osoan auto txiki zahartxoetan.

 

Kanpalekua. San Giorgio herrian, Baritik oso gertu. Izugarrizko muntaia dago bertan, kirol mota pila egiteko aukerak aparkaleku ugarirekin, etxola pila, zementu gainean eguzkia hartzeko aukera itsasertzean, bainatzeko aukera... Eukaliptopea da etxatoi eta autokarabanen kokagunea. Bada fokoz erabat prestatuta dagoen oholeria ere, ikuskizunak eskaintzen dituzte nonbait. Ehunka dira aparkaguneak, ordu gutxiko bisitaria etorri ohi den seinale. Ez dago  paperik komunean, eta ordaindu egin behar da dutxa beroa.

Hondartzak espero genituen, Adriatiko goialdean bezala, baina dena da haitza, haitz zapala, ur barrura leun sartzen dena. Zikin planta du urak, lohituarena, kutsatu itxurakoa.

 

Bari. Badia zabal baten barruan kokatua, arrantza portua du, militarren nasa ere da nonbait, etxetzar handi dotorea dute behintzat Luongomarean, betan daude militar eraikinak. Luongomare ikaragarri luzeak koroatzen du itsasertza borobil osoan, ez du apaindurarik ibilbideak, baina itsasgaineko ber-bertakoak  ematen dion erakargarritasuna.

Alde Zaharrera mugatu ditugu pausoak ohi dugunez, ohiko hiri baten egitura baita Alde Berriarena: etxetzarrak lauki perfektuetan luze luzatu eta gurutzatzen diren kaleetan, tarteka eraikin berri eder bat edo plaza bat edo etorbide bat eskainiz.

Lurmuturtxo batean dago Alde Zaharra, nabari zaio gotortua zegoela itsasertz osoan. Barruko kale-sare bihurria,  kantoi edo bihurgune batean galtzen diren ikuspegi motzeko kale estuak…  hondatu samarra dago, zorua erabat zaindua dagoen arren; jende pobrea soilik bizi da bertan. Kale-kalean bizi dira behe solairukoak, gortina botata dute batzuk, besteek ez, baina kaleko luzagarri bezala da egongela. kalean bertan bezala entzuten dira etxe barrukoen elkarrizketak. Kale zaratatsuak dira, hitz-jario etengabeak betetzen du kale-artea; amona batek kalean erretzen du eguerdirako arraina; formagatik erromatar zutabeak erabiliz jasotako eliza edo kapera, nabaria baita absidearen oinarri borobila, nabariak alboko erromatar zutabeak; zutabeok lotzen dituen hormatxo gainean zuen amonak bere erretegia, lasai egiten zuen etxetik kalerakoa arrain erreari kontu hartzeko. Lehortzen jarritako arropak eta bandera italiarrek betetzen dute kaleartea, balkoietan zintzilikatuta, banderak doaz balkoitik balkoira sarri. Nabaria da futbol partidaren telebistako oihartzuna kaleotan, Italiak jokatu ez arren jada, futbola ikusten ari dira taberna eta etxeetan: pobreen droga. Erlijioa agian beste droga bat den bezala: kaleetan inon ez bezala ugariak dira santutxoak, hormetako santu-irudi zuloak,  forma eta tamaina guztietakoak, pila, eskulan xume-xumeak, irudiak zuloon neurrikoak, koadro eta iruditeria merkea, sarri nahasmen bizian, bada santutxo higaturik ere, kolorgetuak baina aldi berean zainduak, apainduak. Ez da inola ere ikusgarria alde zaharra, baina badu alde zaharrek duten xarma, sorgindu ukitua. Ikusi ahal dira jauregi, ate eta garai bateko oparotasunaren  hondarrak, batzuk oraindik dotore, gehienak hondatuak;  ez beste herrietan haina. Bi dira hiriko altxorrak, biak elizak, biak aurkitu ditugu itxita, pena handirik gabe ugaria izanen baita egunotako katedral eta elizen aukera: San Nikolas Basilika: “Bariko S. Nikolas”, txikitatik dut ezaguna, entzuna, izena bera soilik,  mila aldiz, debozio handiko santua zen nonbait elizetan eta apaizen sermoietan. Seminariotik ere gogoan dut: nonbait santutegiko ohoretsuenetarikoa zen. Erromaniko jitea du, baina eraldatuta; behien gainean oinarritzen dira fatxadako sarrerako bi zutabeak, lehoien gainean aldiz ezkerreko atekoak; fatxada zein abside austeroak, horma lauak baina aldi berean nortasun handikoak, baogune simetrikoekin; leihook dira apartak, baita sarrerak ere, izugarrizko artelanak, zizelez maisuki lortutako gizaki, abere eta lora irudiak, apartak: kameraren objektiboaz baliatzen naiz hur-hurretik ikusiz gozatzeko; elefanteak dira absideko leihoko azpi errematea, elefante buruak, leihoaren ertzen azpiko luzapen bezala, barrena dotoretuz; bada ezkerraldeko horman arkuteria bikain bat. Bere alboan dago kaperatxo erromaniko bat, itxia eta utzia: egitura eta absideko leiho landua ditu begiratzeko. Katedrala: sekulako fatxada du, erromanikoa, baina ez Soriako horietakoa, landua, beste eskola batekoa edo beste garai batekoa, beste kultura batzuen eraginpean egindakoa, begien gozamena nolanahi; absideak ere merezi du begirada on bat; arrosa-leihoak eskaintzen du bitxikeria nagusia, kanpoko azken harrizko xingolak taila bikaineko animalia irudiak ditu, oso irtenak, jauzi egin behar bailute; teilatu azpiko frisoek ere taila apartak ditu, sarrerako atea zizel-lan sekulakoa da... eta hainbat altxor, bana banan deskribatzeko aspergarria baina banan-banan begiratzeko gozagarriak. Eliza pila,  tartean bada ederrik ere. Gaztelua: tokatzen zaio, badu, itsas kontran, gotorra, indartsuen babes. Plaza argi zabal bat alde zaharrera sarreran xehetasun deigarriekin: marmolezko bi iturri leun baina eder, elizatxo baten abside erromaniko tankerakoa, eta zoruan agerian utzi duten erromatar galtzada argi-argia orokorrean ederra: galdetzen diogu elkarri luzeagoa ez ote den galtzada, beste hainbat altxor ere ez ote dagoen, agerira atera dutena itxurakeria soila ez ote den, plaza  edertu egin dutela zurikeria soilik; nolanahi dagoena hor dago, apaindura dotorea da.

 

Arrantzale koadrila elkartuta dago garagardo trago batzuk hartuz kalakan arrantzale portuan; beste pare batek mejiloi txosna zuen, bertan jateko aukera eskainiz, baina nabarmena zen gehiago egon direla goizean; arrantzaleen saltokia izan zen portu ertza, jadanik hondatutako zementu eta adreiluzko mahaitxoek erakusten dute.

Praka argi txukunen barrenak agerian uzten zituen eta gerrian korapilodun soka zuriak estutzen zuten abitu marroiko bi fraide gazte izan ditugu une batez kontu-kontari Basilika inguruko horma batean: uso bat zegoen beheragoko  kalean ibili ezinean, hil zorian itxura guztiz, biak jaitsi dira zakarrontziko kartoizko kaxa baten sartu arazi eta kale bazterrera eraman dute, eta bertan kaxan utzi, S. Frantziskoren izpirituak dirau oraindik.

Ezin itsasertzerago egin etxera itzulera, elkarri galdetzen genion zergatik bidali gaituen herrizainak ingurabidera eskurago ezin herri-bide atsegina eta motzagoa izanda: logika ez da udaltzain horren alde landuena.

 

Tonu ezberdina hartzen diet kanpalekuan etxolak taxutzen ari diren langileei eta inguruan jolasean ari diren umeei, hauek ez darabilte azentuazio bera, ez eta bokalak borobiltzeko era berdina. Bokalak asko luzatzen dituzte, eta azken bokalean indarra jartzen, luzatuz eta ozenduz. Kanariarren antza hartzen diet. Bada desberdintasun bat hauen italieran, baina ez dakit zer den.

Kanpalekuan lanean ari den batek, bere autoa eraman du zurezko hesiaren bestaldera, kanpotik, eta kanpalekuko mangerarekin eman dio garbitu on bat hesiaren gainetik: lanari atera dion etekin plus bat.

Eguerdi beroa gaurkoa ere, baina ez digu hutsik egin arratseko lainoteria eta zaparradatxoak.

 

209 kilometro, Adriatikoan bete-betean utzi gaituztenak

 

Tren hotsak harrapatu gaitu kanpaleku honetan, aspaldiko partez.

Okilaren kantu garratza izan da txori-kantu nagusi, ez dugu ikusi okilik, entzun aldiz garratz eta ozen, koru bat osatuz.

 

“Artemioren heriotza”. Carlos Fuentes.

* “zera dio, izan ausarta; izan zaitez heriotzaren beldur  arriskutik kanpo zarenean, ez arriskuan...”. Bidaiariak ez du bizitzarik ez osasunik ez ondasunik arriskatu behar, erabili baizik, mila arriskutan aurkituko da, ezusteko  egoera ateraezinetan, ausarta izan behar du, gainera beti ateratzen da egoera latzenetatik ere.

 

 

Ekainaren 11a.  Asteartea.  40.a-I:38.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Nora egin nezake ihes, neure gaztaroko egun maiteak ez banitu”. Bidaia egunak badira urteko eguneroko monotonia edo itomenari ihesbidea.

* “Donak zahartzen eta gaztetzen da berriro”. Hain biziki azalean ditugun egunok distira galtzen joango dira, baina hurrengo bidaiak harrotuko du berriz bidaiatzearen irrika.

* “Hala ere, nork ez du nahiago bere baitan olio irakina bezala sentitu, zigor eta uztarrirako jaioa dela onartu baino?”. Barneko astindua da bidaiatzeko grina, hainbat lokarri hausteko aukera ematen duena.

* “Zer da nobleagoa, guda zaldi furiosoa ala belarri zintziliko zaldizka?”. Biak dira berdin nobleak, biak dira nahitaezkoak gizartean. Noblezia ezberdinena gizakiaren asmakizuna besterik ez da gizakia zapaltzeko. Bidaiaria zaldizkoa izan daiteke egunerokoan, zaldi irrintzilaria bidaiatzerakoan.

* “Ikasi jendalde zibilizatuen hizkuntzak, baita haien bizimodu, iritzi, aztura eta ohiturak ere; ikertu eta aukeratu hoberena!”. Bidaiariak ez du zergatik aukeratu edo kopiatu, edo beste edonongorik mimetizatu, berez joango da aldatuz kanpokoaren eta barnekoaren parekatze automatikoarekin batera.

* “Pazientzi pixka bat izaten ere ikasi!”. Bidaiariaren lehen ikasgaia. Gainditzen ez duena ez da sekula bidaiari izanen, gehienez ibiltari.

“Haren poema jainkozkoa ireki eta sekula ezagutu ez banu bezala zen, hain ezberdin baitzen nire baitan”. Naturaren eta gizartearen poema-liburu beti irekian irakurtzen dakiena da bidaiaria, bere baitan egoera ezberdin bakoitza ezberdin bizi izaten dakiena, ikusten duena poesia bihurtzen dakiena, nahiz poema tragikoa sarri, beste neurri bat ematen dakiena barnean kanpoak ematen dionari.

* “Animalia batzuk orroka hasten dira musika entzutearekin batera”. Eta hainbat gizaki ere bidaia bateko berritasunak ikusiaz batera, mila mailatako orroekin.

* “Enarak ere bilatzen du neguan eskualde abegitsua”. Hala bidaiariak ere, edozein arotan.

* “Ezer ez litzake biziko, ezer itxaroko ez balu”. Ametsik gabe ez dago bidaiarik. Berea du bidaiak ametsa.

* “Lili bat aire isilean dantzan ari den bezala, horrela zebilen bere elementuan, bereganako amets liluragarrietan, nire izatea”. Bidaiariaren izatea.

 

Begi oroikuslearen begiradapean geunden sentipena genuen aurreko kanpalekuan, neska zuzendari edo nagusia, italiar beltzaran airosa petoa, gainean geneukan uneoro, irribarrez  bazen ere, zerbitzugunean bertan ere bazekien noiz nork zer zerbitzu zerabilen. Aske sentitzen gara kanpin honetan, inor ez da gutaz arduratzen, joatean lastan eta eskua emanez agurtuko ez bagaituzte ere, ateratzen garen bakoitzean atea atezainek zabaldu behar badigute ere.

Txolarreak izan ditugu belartzan mokoka lehen orduko freskuran. Baita okil bakar bat ere. Ez da hemen beste txoririk. Emigratu egin dute nonbait hainbatek honantz emigratzen dutenen herrietara.

Hiru gerra-helikoptero ibili zaizkigu luzaroan pasa eta pasa buru gainean; beraien geriza azkarra ikusi dut kanpalekuan; gero  hiru ehiza-hegazkin, pasa dira, ilaran bata bestearen atzetik: gizakia beti dago prest gerrarako, herri pobreen ekonomia dominatu, arma-negozioaz aberastuz.

 

Olibadi, mahasti, almendrondo-sail, gerezidi, mertxikondo sail…, pikondo eta zipres ugari...: hainbat fruta-arbolen sail zabalen berde gama kromatiko oparoa,  galsoroetako lasto fardel borobil horiak, gainalde konikodun harrizko nekazal etxe eta txabola antzinakoak, etxetxo solte erosoak eta herri zuriak, harri zuriko hesi luzeak, trulli, txabola eta etxebizitzek zuriz zipriztindutako berdegune atsegina... hori izan da gaurko ibiliko paisaia. Berdegunea nagusitzen den lurralde erabat atsegina. Behi koadrilatxoa ere izan dugu horitzen doan larre batean. Lurralde aberatsa dirudi, erabat landua, erabilia, etekina ateratzen zaiona. Ondo-bizien lurraldea. Nekazari ondo-biziak dira hemengo biztanleak, edo ondo-biziak datoz inguru honetara patxada bila.

 

Oso adeitsua da jendea zerbait galdetzen zaionean.

 

Polignano a Mare. Bizitza berenez duen herria, baina turista eta bisitaria erakarri nahian dabilena. Argiteria. S. Antonio jaietarako gertatzen ari da herria; zuri pintatutako arkuz jantzi dituzte kale eta plaza nagusia, ezin areago apainduz;  eraikin publiko nagusi edo monumentu orori, elizei barne, jarri diote bere arku zuria; izugarria behar du izan gaueko ikuskizuna milaka eta milaka bonbillatxo, agian milioika kolore ezberdineko bonbillatxo, pizten direnean; sutan, gori, behar du herriak; kaleak berak brixt egiten du zuritasunez goizean, tunel zuria baitirudi perspektibaz begiratuta. Itsas haitzak: itsas haitz gainean dago herriaren behe aldea, itsasoak biltzen du barrenetik, izugarrizko labar bertikal sendoek, herriaren sekulako harresi naturala; itsasoa janez joan da haitza eta sekulakoak dira kobazuloak, sekulako harrizko arkuak sortaraziz,  herriaren azpira sartzen dira olatuak blaustaka; longomarea egin diote, ikuskizun aparta eskaintzen zaio bertatik ibiltariari. Zaharreko kiribilgunea: ghetto bat izana dirudi, txikia da, baina sekulakoa, dena da kalexka erdi-biribila, dena bihurgune, dena estura, dena etxeetarako eskailera, dena etxe arteko pasabide, tuneltxo... labirinto bihurri koadrikulatua den herrian, ezin atseginagoa ezustean harrapatu gaituelako. Katedrala: Lehengo zaharra berrituta, antzinako bitxikeria pila geratzen zaizkio erakusketa batean  baileude; zurezko apaindura pila ditu, sarrerako atea barrualdetik landua, korua eta organoa; zurezkoak dira eta pintatuta daude gurutzadurako eta gradako gangak, halako barroko giro atsegin exotikoa sortaraziz; aldare bat da presbiterio gain osoa, behatoki zurezkoarekin; presbiterioan, aldare ostean, trasteleku bihurtuta dagoela dirudi, aulkiteria, zurezko pintatua, eliza osoko giroan txertatua: bi ilara jarleku, atzeko jarleku  bakoitzak santu-irudi pintatua du bizkarraldearen buruan, ederra; pulpitua, zurezko pintatua hau ere, baina aparte aitatu beharrekoa: sermoi urrezkoak behar zuten hortikoak; aitatu behar erakusgai iraunkor duten jaiotza: irudia handiak dira, mutilatuak daude asko, Niñojesusari kokotsa ere falta zaio, baina irudi bikainak dira, ezberdinak, nortasun handikoak, artelana diruditenak, taila lana menderatzen zuen baten lana. S. Antonio eliza: emakumeak eten gabe doaz santuari errezatzera; hiru harri marroixka nabeko eliza txikia; presbiterioko eta alboko nabeetako ganga ertzak ditu ezberdinak: punta zorrotzena gorantz dituzten triangeluek ematen diote sostengua sabaiari; pintatua eta koadroz dotoretua du erdiko eta gurutzadurako ganga; mila bitxikeria zizelatu begien gozamen; koruko aulkiteria bikaina, pinturaz apaindua. Kala-portu: jadanik ez da ez kala eta ez portu; izanen zen; ebakidura sakon bat da haitz artean, turista eta igandezaleentzat egokitua, jatetxe, ibilbide eta apainduraz. Badu zaharrerako atea, baditu etxe ederrak... mila bitxikeria du begiratzen dakienarentzat. Katedral aurreko plazan jaso duten auskalo ze ekimenerako aldare bat, zutabe, iruditeria... dena plastiko disimulatu gabea: sekulakoa, ez da izanen Santua Prozesioan bertara ekartzeko, nork daki; jaietako erreginaren aukeraketa edo auskalo zertarako ere izan daiteke… ; han dago behintzat plastikozko sekulako monumentu greko tzarra. Gerran hildakoen oroigarria: lurraldeko herrietan ez dugu ikusi holakorik gaur arte.

Itsasgaineko plazan bada patata kaxetan komertzializatzen duen fabrika bat, herriko etxe baten behe solairuan, plaza erabiliz biltegi bezala.

 

Castellana Grotte.  Hiri handi bat berez, txukuna eta ondobizia; zorabiatu egin gaituzte kaleetan hara-hona kobazuloetara bideratzeko. Kobazuloak: sekulakoak, herriko ezaugarri eta altxorra, izena ere kobok ematen diote. Sekulako muntaia dute beraien inguruan, kanpoalde  txukun eta zaindua, kinkila-dendaz josia; erabat erraztu dute barneko ibilbidea, pasabide eta hormekin, izanen da zenbait herri-bide hori baina eskasagoa. Ibilbide laburrena aukeratu dugu, ordubetekoa: naturaren artelana, sekulako forma bitxien erakusketa, formazio koloretsu eta harrigarrien ohiko bilduma, estalaktita, estalagmita, pasabide eta zulotzar erraldoia zenbait katedralek hartuko luketenak; argien bidez lortutako efektu bitxiak, irudimenarekin jolasteko aukerak antzerakotasunak aurkituz; hemen ez dute sakilik aitatu baina bazeuden egon sakil itxurakook; amabirjina bat aipatu du gidak eta benetan hala zen, irudi pospolina zulotxo argitu batean; lehenengo areto edo zulo nagusia izan da berezia, kupulatzar izugarria, bobeda erdia zulatua, naturalki, irekidura borobil bat du, bertatik eguzkia sartzen zen bete betean eta barneko estalagmiteria sendoa bizi-bizi argitzen; berdexka da beheko egitura oro likenaren eraginez.

 

Alberobello. Trulli-en herria: truilli teilatu konikodun etxez egina da herritxo osoa, bakan eta bakar ikusi ditugun eraikinok lauzpabost kaleko herritxoa osatuz, elkarren jarraian, elkarri lotuta, mendi maldan, aldatzean. Gorenean teknika berdinez jasotako eliza. Turismoaren zain dago herria, denda bihurtuta  dago etxetxo asko eta asko, bertako oroigarri diren zeramika lan merke edo merke itxurakoak  eskainiz: bisitari pobrea dator hona. Ikusgarria izan da, teilatu konikoen erakustaldia, ia basoa dirudi, bata bestearen ondoren harrizko teilatu arre konikook, orratz-sail ikusgarri bitxia. Aitatu beharrekoa da hilerria ere: faraoien tenplu bateko sarrera dirudi, zutaberia sendo eta alboko horma leuneko eraikintzarrekin.

 

Berrogei gradutik gorako hozberoa genuen auto barruan  Alberobellon etxerako hartu dugunean.

Bide motxenetik egin dugu etxera.

Golf zelai izugarri zabala Bari aurrean. Aberatsen kirola, beti zaindua.

 

124 kilometro, egun beroan atseginez.

 

Pakebote zuriak zeharkatzen du arratsero itsasoa beherantz, Turkiarantz edo Frantzia eta Espainiako kostaldetarantz.

Hondartzarik ezean, zementu gainean hartzen du eguzkia itsasertzean inguru honetako jendeak ere.

Ez da garbigailurik Italiako kanpalekuetan, aurkitu dugun bakanetan inola ere ez eroso eta erabilerraz. Ez dago komunetako isurketa kimikoak egiteko hustubide berezirik ere. Gurea bezalako plurizerbitzuak eskaintzen dituen kanpalekuan ere butxatuta daude arropa zein ontziak garbitzeko arraskak, ura xurgatzen gutxiak zikinak daude; ez da inor arduratzen horrelako bezeroon premiez. Badira hauek herri bat zehazten dituzten ñabardurak.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* ”... eta barregura emango dit hondartzan mingain akitua baizik erakusten ez zuen itsasoa...”. Badirudi gutxietsizko opinioz  ari dela itsaso bareari buruz. Adriatikoko haitzotan beso elbarrituak  beste aukerarik ez dugunok, itsaso nagi hori gutiziatzen dugu.  Donostiako Paseo Berriko  orroak.

* “...zuen neurrikoa ez den mundua  bizirik mantentzea”. Bidaiaria berehala jabetzen da edozein herri eta herrialdean mundua ez dela gizartearen neurrikoa, nabariak baitira ikaragarrizko desberdintasunak. Halaz ere status bera mantentzeko lan egiten dugu herri eta herrialde guztietan.

 

Ekainaren 12a.  Asteazkena.  41.a-I: 39.a

 

“Hyperion”. Friederich Holderlin:

* “Bihotza batez ere gero eta nekatuagoa neukan”. Fisikoki indartsu arren,- atsedenez lortzen da gorputza oreka onean gordetzea-, arimaren flakezia nabari du bidaiariak bidaiak aurrera egin ahala. Oso zaila da barne oreka, kemena eta indarra, eskuratzea: itzuleraz pentsatzen hasteko ordua gertu dela esan nahi du une horrek.

* “Bizi iheslari horretatik neurekin eraman nahi nuen ahal bezainbat; kanpoan atsegin izandakoa nire baitan bildu nahi nuen, seguru bainengoen  hurrengo urtean ez nintzela zuhaitz eta mendi horien azpian ez nintzela egongo”. Bidaiariarena ez da iheslari izatea, iheslari dena ez da bidaiari, baina bidaiariak bere baitan eraman nahi du ahal bezainbat, horregatik argazki atera beharra, liburuak eta postalak erosi eta bidali beharra... Gure adinean seguru gaude ez garela itzuliko lurralde hauetara, azken agurra da gure eguneroko herri eta ikusgaiei agurra, bizitza ahituz doakigun sentipena, baina ez etsipena, zikloaren amaiera gozagarria baizik.

* “ni orotik urrunduta neure baitan, gizakien artean bakarrik eta arroztuta, munduko kaskabiloen hotsak nire barrengo melodia irrigarriak laguntzen zituelarik”. Tarteka urrundu behar du bidaiariak mundutik barne indarren osasuna elikatzeko, gizakien artean bakarrik eta arroztuta senti ez dadin, munduko korapiloen hotsek barrengo melodia armoniazkoak sor ditzaten, bidaia munduaren eta bidaiariaren barne munduaren artean sintonia gorde dadin.

* “Izpirituak eta handitasunak bat ere espiriturik ezta handitasunik  ere hazten ez duteneko herriak ez du zerikusirik oraindik gizakiak direnekin”. Herri aseegiak garelakoan nago Mendebal Europako herri zibilizatuok, ekialdean nabari da bizipozik, baina hegoaldekoon langa jarri diote bere bizimailari.

* “Zergatik egin zara hain isila”. Isila izaten ez dakien bidaiariak lehenago izanen du barne nekadura.

* “Eskualde beroetan eguzkitik hurbil, txoriek ere ez dute kantatzen”. Horregatik agian ez da ia txori hotsik eta txori presentziarik Italiako hegoaldean.

* “Beti ikusi nuen ilargiaren argia hartu nahi zuen haur bat; eskua luzatu arren, argiak segitzen zuen bere bidetik”. Ilargia hartu nahi duen haurra da beti bidaiaria, herrien arima atxiki nahi luke, baina berak bere bidetik segitu behar duenez, eta bidaiako egunak ere ihes egiten diotenez, izpi batzuez soilik betetzen ditu eskuko ahurrok.

* “aski duzu bidaiakideak ukitzea sakontasun ilunean erortzeko”. Bidaiariak lagun jator eta osagarriak egin ohi ditu, bidaiaren zama arindu, ibiliaz gozatu eta herriak ulertze bidean lagunduko diotenak. Bidaiariak jakin beharko du, era berean, lagun arriskutsuak, bidaiariak ez direnak, nahiz bidaia-kide izan, lagun ez hartzen.

* “Estatutik bere zerua egin nahi izan duen aldioro, gizakiak infernua egin du”. Infernua da gizarte hau,  ondo-bizientzat ere, infernura ohituak arren eta infernuaz gozatu arren.

 

Atzerritarrak dira nonbait gure langileok, ez dute beti italieraz egiten, eta egiten dutenean beraien hizkuntza horren doinu eta jite berarekin mintzatzen dira. Hori bera ziurtatzen digute egunero inguruan dabiltzan umeek ere, langileon seme alabek alegia, bai darabilen hizkuntzagatik, bai italiera doinuagatik.

USAF gezi marroia ikusi genuen honanzkoan, monumentu bat bailitzan, kolore bereziarekin!. Bost gerra helikoptero izan dira gaur ingurua burrunbaz kutsatu dutenak zarata gorgarriz. Vietnam dirudi kanpalekuak, behin eta berriro estaltzen gaitu hegaztion gerizak istant batez, eta motor-hotsak luzaro gortzen. Trebatzen ari dira USAko pilotuak.  Italiako lurralde zati honek munduko kapoari ordaindu behar dion zergaren zatitxoa da: Siziliako Cosa Nostrakoen filosofia bera.

 

Bidaiaren hondarrean gauden sentipena bizi dugu, bisitako oroitzapenez eta geratzen zaigunaren itxaropenaren orekaz. Jadanik ez gara mintzatzen Sizilia edo Calabriako lurralde eta gizarte mitikoek zer eskainiko, eguneroko errealitatea baitzaizkigu; bazkari oparo baten ondorengo postreari begiratzen zaion arreta kitzikagarriarekin begiratzen diogu orain aurrean dugunari.

 

S. Antonio Eguna. Ez da ezer berezirik nabari herriotan, kanpai-hotsik ere ez, besterik uste bagenuen ere, Italiako Santiago izanen zelakoan geunden.

Pare bat autoen talka eta bide-zaindarien garbiketa lanek erabat motela bihurtu dute Bari autobidez gainditzea. Jabetu gara ezagutu ez genuen beste Bari bat dagoela, kilometro luzeetan saihesten duguna.

Erotuak gaude: adineko gizonezkoa, praka motxetan, ahitu aurpegiarekin, korrika autobidean, kontrabidean!.

Olibondo lurraldea estaliz, mahasti amaierarik gabeak Trani aldean, hondatu samarrak dauden harrizko txabolak, etxe argiak lurraldean barreiatuta, eta itsasoa, horiek dira gaurko ikuskizuna. Ez da erakargarria, ezta atsegina ere, baina lurralde adeitsua ai behintzat. Olibondo asko eta askok kurbatuak dituzte goiko adarrak, biluztu okerrak, uztaren pisuz bezala, dingilizka dute orriteria berde berria. Txabolak, aldiz, hiruzpalau estaiez eginak daude, lau edo hiru harri zirkulu sendoz, goragokoa estuagoa, kanpoaldea mailakatuz, bobeda leuna da tontora.

 

Giovinazzo, Molfetta, Bisceglie, Trani, Barletta, kostan kokatutako herri zabal-zabal eta luze-luzeak dira, zuriak edo argiak, etxetzar berri asko dute. Jarraian daude herriok, elkarrengandik hur, bata gainditu ordurako begi-bistan dugu hurrengoa.

Manfredonia Golkoa, ikusi ahal dugu, lurmuturreko menditzarrak eta muturreko ertza. Bisitari eta auzokide izango gatzaizkie asteburuan.

 

Barletta. Harrizko leun austeroa. Ez dirudi uda-herria. Ez du itsas usainik ere, hurreratu ez bagina porturik duenez ere ez ginen jabetuko; bazter batean bezala, herritik deslotuta dago itsasoa, bertan arren. Herri handi bat, besterik ez; ohi denez, zaindua eta txukuna. Alde Zaharrak ere ez du aipatzekorik, kale zabal eta zuzenak ditu, herri orotako kale guztiak bezala Italiako banderez josita egunotan. Aurki  daitezke jauregi, ate, eliza eta antzerako ukituak, baina ez du ez liluratzen, ez erakartzen, ez kitzikatzen. Hilobi Santu eliza: harrizko leun austeroa, biluzia, kanpotik zein barrutik, harri zuriko zuria; gotiko goiztiarra dirudi, aurreko beste bat baliatuz jasoa; sarreran ikus daitezke bi estiloen zatiak, nabarmen utzi baitituzte agerian; korua du bitxia, apaindura gisa utzia; oso goian, pare bat arku eta pulpitua dirudien buruz beherako kono harrizkoa; fresko hondakin zenbait, apurrak baino ederrak; pare bat hilobi antzinako marmolezko auskalo zein Gotzainenak, zapalduaren zapalduz leunduta, irudi potxoloak diraute; erliki gordailuak aipatzen ditu gidaliburuak, beirategi arrunt batean begietatik ere urrutitxo gordetako erlikia-gordailu nano ezberdinak dira, apartekotasunik gabe  distantzia hartara. Katedrala:  aldi berean herrirako sarrera-arkua den dorre karratu lerden garaia du, harri zuriko argia, leiho landu ederrekin; gotiko eta erromanikoaren erdian dabilela dirudi, apulianoa omen; fatxada alboko ateko arkua zizel-lan zoragarria da; kantoian bada lehoi harrizko bat, zerbaiten ezaugarri; errosetoi ederra abside aldetik; alboko hormetan leihotxo landu erakargarriak: begiek badute ñabardura gozagarririk begiratzeko. Biluzi austeroa hau ere, beste baten gainean edo ordez eraikia hau ere: hiru nabekoa, egitura berezia du: ez du gurutzadurarik; arkuteria da deigarriena; atzealdean zutabe borobileko bi ilara kapitel xume samarrak baina zizel lanez loratuak, erromatar eraikinen batetik lapurtuak dirudite, gainean arkuteria ederra; aurre aldean, aldiz, arku garaiak sortarazten dituzten zutabe karratu sendoak; aurrekoaren hondakin mordoa dago erakusgai han-hemenka barreiatuta, lekuz kanpo, izanaren harrotasun itzalia, argirik gabeko izartxo, seguru aski osotasunean dirdira egiten zutenak. Kolosoa: ia bost metroko brontzezko morrosko militarra, inork zehatz ezagutzen ez duena, gizajoari espata izanen zuen eskuan gurutzea jarri diote, brontzezkoa, tokatzen zaion lez. Gaztelua: gotorra, hormatzar leun erraldoiko handia, itsas inguruan, albo batera, ez du tirarik.

 

Portu inguruko etxaurre bateko lorategitxoan zer den igarri ezin dugun santueria xelebre bat: harrizko estalpe batean jaiotza espero genuenak niñojesusaren ordez Pietat antzerako koadroa du barnean, eta hainbat irudi huntza artean ia gordeta, Jesusen Bihotz bat haitz baten gainean... Italian soilik halakoak.

Jubilatu zenbait taldeen hizkera-tonua gure kanpalekuko langileen antzerakoa izan da, azentua azkenean, bokalak luzatu, bokal oso irekiak... bada hemen berezitasunen bat,  italiera bitxiren bat.

Jubilatu koadrila zegoen Kolosoaren gerizpean goizerdiko eguzki orduetan: hara zertarako den baliagarri brontzezko morroskoa!.

 

Pikondo sail zabala. Taxuz sailkatu eta zainduak, pikondo gazteak.

 

Trani: Harri zuriko herri argi-argia da Alde Zahar osoa: zuritasuna eta harrizkoa, berehala nabarmentzen zaizkion ezaugarriak, ez dute graziarik kaleok; ate oro da ateburu borobilekoa, baina ez da ate landu askorik; pasabide ugari dago, garaiak eta zabalak, ia tunelak, inola ere ez deigarriak. Estalki bertako propioak dituzte ateek, atearen formako atal parea, alboetara zabaldutakoan halako jite sendoa ematen diote etxeari berari ere.

Katedrala: Sekulako fatxada, deigarria, erakargarria, eragiten zaituena; bi alboetako mailadietatik  igotzen da sarrerako atari nagusira: behatoki bat da, plaza zabalaren aurrean, jauregitzar aparta du aurrez aurre,  eta alboan itsasoa; marmolezko eserleku dotoreak atarian; dorre karratu lerden garaia balkoi landuekin; fatxadan bertan errosetoi zizelatu bikaina: irudi erabat irtenak ditu kanpoko eraztunean, Barikoaren antzera, zintzilikatuta baileude; atea, sekulako zizel artelana; bi alboetan seina arku bikain zizelatuak; zirraragarria bada fatxada, zirraragarria barnetik ere: kriptatik dago eliza barrurako sarrera; ikustekoak da kripta bera: bi zutabe ilara luze, elizako gradaren luzera osoan; presbiterio azpian, aldiz, zutaberia trinkoa, dena da bertan zutabe; kriptaren azpian, azpi-kripta bat, harri latz biluziko kaperatxoa pasabide batez inguratua, fresko hondakinak geratzen zaizkio oraindik; eliza bera, era bat biluzia, dena harri leuna; ez du gurutzadurarik; hiru nabe, bere zutabeak borobil leunak dira, garaiak, eta bikoitzak izatea da beraien ezaugarria; erdiko zutaberiaren kapitelak erabat zizel-kolpez janda daude, deseginda: seguruenik, beste era batera edertu asmoz, marmolez edo igeltsuz estaltzeko zulatu zituzten eragozpen ziren kapiteleko zizel-lanok apurtuz; alboko hormetako arkuteriak gorde ditu kapitelak osorik, zizel-lan bikainak dira; arkuteriaren gainean beste arku ilara bikaina; erakusgai soilik, bere funtzioa bete gabe, eliza barruan, brontzezko ate paregabea, lauki pilo landuz osatua; pulpitua eta aldarearen baldakin edo estalkia gradako zutabeen antzerako zutabetxoen gainean. S. Jacomo, XII. gizaldiko elizatxoa: lehoien gainean ditu ateko bi zutabeak, bi aberetzar ditu ateko arku ertzetan; bikain landuta dago ateko arkua; fatxadan eta teilatu ertzean hainbat eta hainbat gizaki eta animalien burutxo tailatu potxoloak, begien entretenigarri eta gozamen. Gaztelua: Itsas kontra eta katedralaren aurrean, bikaina da, ederra. Bikaina ere Artzapezpikuaren Jauregia, patio apartarekin, katedralaren eta gazteluaren inguruan, babes zibiletik gertu, pulpituak huts egiten badu.

 

45 graduko hozberoa genuen zain auto barruan alde egiteko joan gatzaizkionean.  Kanpoan 28 ditugu.

Gaurko nahikoa egin dugula erabaki dugu, garaiz etxeratzen jakitea da bidaiariaren zientzietako bat.

 Biscegli: katedralaren dorre karratu lerden ederra eta kupula nabarmentzen zaio.

 Molfetta: bi dorre piramide formako gailentzen dira.

Giovinazzo: kupula ilun handi bat ikus daiteke soilik: hor beharko dute, gure begiak kilikatu gabe, gure ikusminarentzat sekretu, guretzat betirako misterio.

 

Gerran hildakoen hilerria iragartzen dute autobidean. Ez dugu ikusiko, hor ibiliko zaizkigu bihar ere gerra makinok herri berriak eraikitzeko planoak airean trazatzen.

 

146 kilometro, eliza biluzi eta herri bizietara.

 

Gazitu dut azala itsasoan gaur ere.

 

“Artemioren Heriotza”. Carlos Fuentes:

* “ Zuk bezala, eta haietaz baliatu harrapakeria zuritzeko iraultzaren izenean, eta norberaren  goraldia iraultzaren goraldiaren izenean”. Herrialde orotan nabari den  errealitatea,  politikariei zein nazionalismo harroari dagokionez.

 

 

 

Ekainaren 13a. Osteguna.  42.a-I:40.a

 

“Hyperion”. Friedrich Holderlin:

* “Zer pentsatu behar dut zutaz?. Hauxe, naizena”.  Bidaiaria zintzoa behar du izan bisitatzera doan herriarekin, ezin du aurreiritziez juzgatu, edo aurreiritziak aldatzera joan, oihal zuri bat behar du izan eta bizitakoaren arabera joan koadroa betetzen. 

* “Nolatan ote da honek tratatu nahi nauela  bere nahikeriaren arabera?”. Zenbat aldiz juzgatzen dugun herri bat aurrez eraman ditugun iritziekin, iritziok filtro bezala jartzen ditugu, betaurreko bezala, gehienetan filtro eta betaurreko kutsatuak, eta ondorioztatzen ditugun irudi eta iritziak ere kutsatuta ateratzen zaizkigu, deformatuta, ez datoz errealitatearekin bat.

* “Isil egon, eta ez erabili nire izena nire kontrako puñal bat bezala”. Zenbat ibiltari eta udatiar datorren gaizki esaka egun apartak eskaini dizkion lurraldeetako herriaren aurka.

* “... hiri horretako zuhaitzak eta meskitak ikusten nituen, nire ibilaldi berdeak gaindi…” Hasiak gara atzera begiratzen, itzulerako laburbiltze lanetan, nolabait bizitakoak barnean ainguratu nahian.

* “Handitu nahi dugu eta gorantz zabaldu geure enborrak eta adarrak...”. Harroegi joan ohi gara atzerriko herrietara, ikastera ordez erakustera, ikustea nahiko ez eta, atzerriko herriak gure eredu harroarekin parekatu edo alderatzera.

* “ez bedi inor bere buruaz harro”. Apala behar du izan beste herri batetara doana.  

 

Eten zaigu nonbait patua, hirugarren eguna daramagu sekulako eguzki eta beroarekin.

 

Ez da nekazaririk ia ageri lurrotan, agian herrietatik hur gabiltza, edo ez da garaia olibondo azpiak garbitu eta lantzeko. Jubilatu bakarren bat ikusi dugu herriren baten inguruko baratzen batetan.

Zentzudunagoak dira gidariak lurralde honetan, batez ere errepidean, herrietan ere, baina lotsagabeagoak dira kale artean, ez baita posible zirkulatzerik muturra sartzen ez baduzu, aurrera egiten ez baduzu, hain da trinkoa zirkulazioa.

Industrialdea da ia errepide ertza Bitontoraino. Bariren industriagunea. Bere eraginez egin dute autobia. Diruak agintzen du, ez herriaren premiak edo erosotasunak.

 

Bitonto. “bi tonto”, “bi biderrez ondo”, “bisondo” ere ondo letorkioke, elizan eta kaleetan, bietan, ezin gozoago hartu baikaitu. Zein gozoro luzatu garen kaleetan ordu batez katedrala soilik ikustera joan gatzaion herri honetan. Han daude jubilatuak plazan eta kaleetan goizeko bederatzietarako  kalakan jarlekuak gastatzen. Herri bizia, agian hala dira herriok goizeko berotu aurreko orduotan. Alde Zahar orok ohikoak dituen kale, pasabide, arku, ate, zirrikitu...; ez da potxoloa, zaharkitua ere badago, baina Alde Zaharrak ohi duen xarma gordetzen du. Katedrala: erromaniko apulianoa, omen, guri gotiko eta erromaniko artekoa iruditzen zaigu, erromanikoa nagusi dela; zuriegia agian, berez edo garbitu berria, baina sekulakoa; brist egiten du zizel-lanen ikuskizunagatik harriaren argitasunagatik baino; zizel artelan erakusketa dira fatxada eta albo bietako hormak, paregabeak denak, begiak aspertzen ez dituena; galdu egiten dira bertan begiak  banan-banan bitxikeria orotara heldu ezinik; karratua eta lerdena du dorrea, dotorea, egituraren dotoretasunez, honek ez baitu aparteko apaindurarik. Fatxada: ate nagusia, bere alboko bi ateak, ate gaineko bi leihoak, gorengo errosetoia... sekulakoak dira, zein baino zein ederragoak, landuagoak, apartagoak, zizel-lan bitxikeriaz josia dena; lehoien bizkarra dute oin ateko zutabeek; zutabe gainean arranoa, harrapakinak erpetan, -baten ehiza behintzat aharia da-; ez zaio fatxadari atzean gelditzen mendebaleko horma: ia alderik aldeko sekulako arkuteria den behatoki edo korridore, leihotxoak, leihoak, leihoburuak, errosetoi bat... ikaragarrizko zizel-lan bitxia, neurririk gabeko lana, bitxikeria hutsak, ñabardura eta zehetasunez ikusi beharrekoak, begirada orokorrarekin erabat galtzen direnak; begirada orokorrarekin harrituta beste gabe gelditzen denak neurri gabeko aberastasuna galduko du; ekialdeko fatxada da biluzien edo austeroena, baina berak ere leiho-buelta eta leihotxo apartak ditu. Barnea:  hiru nabekoa, ia gurutzadurarik gabe, austeroa agertzen da baina bitxikeria eta artelan pila ditu erakusteko: bi zutaberi eder kapitel landuekin, kapitelen gainaldean arkuteria txikiko galeria, pulpitu landu aparta, atrila arrano  batek eutsia, arranoa, aldiz, gizaki batek eustendu; sabaia: habea horizontalak ez ezik gapirio eta gainerako habe zati oro kolore biziz pintatuak; bataiarri erraldoi landua; fresko hondakinak, aurpegiera  samur sarkorrekin.

Kale-artean murgildu gara berriro, joan-etorri handiko kale batek erakarri gaitu: S. Antonio eliza, meza ordua, jendez gainezka, erabat argiztatuta dago santua absidean, lazoz eta oihalez apainduta,;eliza lepo, apaiza errezatzen; ateko estanpa saltzaileari gaina hartzen dio eskakizunak,  kofradiako egoitzako opil banatzaileari ere: opil bedeinkatu bat du nonbait, opil horrekin ukitzen du banatzen duen opila hura ere bedeinkatuz seguruenik; guk ere jaso dugu gurea; etengabeko joan etorria dago plazatxoan.

Hainbat eliza dago, itxura ederrekoak kanpotik, baten sartu gara baina ez zuen ezer berezirik; jendea mezetan, aste egun baterako zaharteria zabala. Bada dorre borobil erraldoi bat,  berritzen ari dira.

 

Herri honetan ikusi dugu bidaian ikusi dugun lehenengo jatetxe txinatarra.

38 graduko hozberoarekin ginen eguzkitan goizeko hamarrak eta erdietan.

Egunero,  ia eliza orotan dugu ezkontzaren bat; katedralean zen gaurkoa, lora eta alfonbra prestaketetan goiz hasita zeuden.

 

Azal beltzekoak dira, edo eguzkiak belztutakoak, baina oso azalera beltzekoak dira biztanleak. Jantzian eta portaeran ez dago alde handirik herritik herrira, ez herrialdetik herrialdera: jantzi merkeekin uniformatu dute Europa osoa merkatutxoek.

Fruta saltzaile asko dago kalean, kale gorrian, plazan, edo denda aurrean.

Gidari bakar bati berari ere ez zaio burutik pasa ere egiten zebrabidean oinezkoari bidea eman behar dionik, zeu sartzen ez bazara kale erdira ez zaizu inor geratuko.

 

Ruvo di Puglia. Ezki lora usain sarkorrak betetzen zuen erabat kale nagusia. Katedrala: erromaniko apuliarra hau ere, XIII. Gizaldikoa. Kanpoaldea: dorre karratu luzea, nahiko kolorgetua eta inolako apainduriarik gabe, bristadarik gabe; fatxada aparta, nahiko austeroa berez, baina zizel-lan sekulakoez apaindua;  errosetoia, azpiko leihoa, leiho txikitxo borobil pospolin bat beherago, sarrerakoa eta bere alboko bi ateak: sekulako zizel-lanak, bitxikeriez gainezka, paregabeak,  begien gozamen bukaezinerako iturri, ikerketa lanerako aparta, non zein ederragoa edo bitxiagoa ote; ate nagusiak Bitontokoaren egitura bera du, arkuari eusten arranoa, arranoa zutabe gainean, zutabea lehoiaren gainean, baina hemen azpian dagenari eusten gizakia dago!; arranoetako bat ere gizaki baten gainean dago erpeak bizkarrean jartzen dizkiolarik; beste bi hormek ez dute aberastasun handirik, ez apaindurarik, baina bada hainbat ukitu eder, burutxo zizelatu eta antzerako; barnea:  ia biluzia, leuna, baina sekulako kapitelak dituzte zutabeek; estalki  edo estalpe harrizkoa du aldare nagusiak, zizel-lan bikainak dira zutabeen zenbait kapitel; burutxo eta gainerako pila hormako goi ertzean eta goitik behera bi hormetan doan frisoaren azpiko euskarriak ere zizel-lan ederrak dira; hilarri pila daude hormetan jarriak, baina hain daude leunak ze nabari da oinpean egon zirela. Kripta: erabat induskatu dute katedralaren azpia, burdineria jarri diote zoru bezala beraz gaur egun ikusgai dago azpi dena: lehenengo katedralaren zatiak, zutabe, hilobi, eskailera, kapera...; labe bat, ur putzua, ur-biltegia ...

Kale-artera sartu gara  ondoren, kale luzeko Alde Zaharra da, ez da kale bihurri horietakoa, kale zabalekoa baizik, baina mila zirrikitu, bazter eta pasabide ... dtu begiluzeon ikuskizun; nahiz xumea, beste aro batera jauzia gertatzen da. Udaletxeko plaza, zabala da; Udaletxea bera sekulako jauregitzarra, hemen ere S. Antonioren omenez zurezko  arkutxo zuriz eta ehunka bonbillaz apaindu zuten plaza, kioskoa barne; ezagun dira oraindik bilkura uneko kandela negarren arrastoak.

 

Isokarroak, fiatiloak... antzinako autoen museo mugikor biziak dira Italiako errepideok.

Bandera eta kinkila saltzaile asko errepideetako bidegurutzeetan ere, etorkinak dirudite.

 

89 kilometro, agurraren aurrekoak.

 

Geriza bila genbiltzan goizeko bederatzietarako, Bittonton, 38 gradu genituen eguzkitan 10´30etan,   37 gradu zeuden kanpoan Ruvon, 47 gradu auto barruan, 12etan. Etxatoi barruan dena irekita, gerizpean, 29 gradu..

 

Sekulako kanpai-hotsa hamabietan, San Antonioren hirurrena.

 

Bat batean sekulako eztarri piloaren garrasia entzun da kanpalekuan: Italiak sartu du nonbait golen bat. Isilune sakona dago denean, partidua bukaeran hasi dira motor-hotsak, jendea harantz honantz eta umeak “Italia”ka.

 

Gero jakin dugu frantsesa dela: ia nongoak eta antzerako betikoekin heldu zaigu gazte bat, pasaporte espainiarra dugula esan digu, eta ez garela independenteak. Baina izan nahi dugula!!!. Nahi dugu, eta horrek egiten gaitu herri.

Ia inork ez digu ingelesez galdetu edo erantzuten herrialde honetan, ez kalean ez dendetan, bai ordea Sizilia aldean. Honantz ez dator kanpotar askorik nonbait, beste herrialde bateko italiar kanpotarra ez bada. Kanpinean ere oso gutxi gara atzerritarrak, alemaniar eta holandar bakanen bat, gaupasarako datozenak eta doazenak, gu gara luzaroen gaudenak, frantziar gaztea ezik. Asteburuetan ere ez dator inor, Ingalaterran aldiz kanpinak bete egiten ziren sasoi honetan asteburuetan. Ez da kanpaleku kulturarik, edo ez dute behar adinako diru ekonomia mailarik.

 

Itsas-sartune batetan bateltxo mordoxka kulunkatzen da ainguratuta ur garbi urdinean. Arratsero ateratzen dira arrantzara, batel bakoitzean bat, motorrez zein arraunez, aurretxoan geratzen zaizkigu kulunkan; sare multzoa daramate. Gaur bi gazte atera dira, popa zabala branka zela, zut eta itsasora begira arraunei emanez, erabat mantso, joan galdoan urrutieneko bateltxoekin bat egin duen arte: “Piano piano se va lontano”, txikitako auskalo nori ikasitako esaldia, egia itsasoan ere.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “Begiak kizkurtuko dituzu eta gauean egunean bezala ezin izango duzu ikusi munduaren benetako kolorea”. Begi kizkurtu gabeko ikusmina, bidaiariaren dohainik  zailena.

* “Denbora hori bizitzaz beteko da, ekintzez, ideiez, ...”. Eguneroko bizitza, ekintza eta ideiez gain erretiro denbora bidaiez osatzea onuragarria da.

etiketak: Bidaiak 02, Italia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.