Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / GIZARTE BERRI BATEN BILA

GIZARTE BERRI BATEN BILA

Jon Etxabe 2023/06/19 10:55
Trotskyren “Historia de la Revolucion Rusa” irakurriz.

Argibide gisa

 

Duela asko, Zamorako Konkordatu kartzelan,  irakurri nuen Trotskyren “Historia de la Revolucion Rusa”. Iraultza-utopia bizi genuen garaia zen. Diktaduraren azken urteak. Gizarte eta politikaren eraldaketa baten txingarra hauspotzen genuen, garra atera esperantzan.  Zenbait ohar eta iritzi orokor jaso nituen irakurketatik iraultza boltxebikearen zehaztasunez harago.

 

Hor zeuden multzoan koaderno batean liburutik jasotako burutapen edo oharrak.

Sailkatu egin ditut, nolabaiteko ordenu bat jarriz, nolabaiteko forma, gorputz edo batasuna emanez.

 

Errusiako Iraultzaz ari da Trotsky, iraultza hari buruz ari dela egiten dituen gogoetak dira jaso nituenak. Baliagarri deritzet iraultza baterako ez ezik, edozein gizarte edo politika aldaketa sakon edo eraldaketa baten hausnarketarako. Iritzi baliagarriak direlakoan nago, gogoetarako hari-mutur asko eskaintzen ditu. Gaur egungo egoera sozial eta politikorako ere.

 

Ordenagailuko isilean gorde baino blogeko esparru agirian jartzea erabaki dut.

 

Atal hauek ditu:

1.- Zer den iraultza bat.

2.- Baldintzak.

3.- Herria.

4- Lidergoa.

5 - Oposizioa.

6.- Zenbait albo-gai

 

Iraultza

 

Zergatia

Historiaren tren-makina da iraultza, gizartearen edozein eraldaketa sakon bat. Herriak edo gizarteak bere egonezinari bilatzen dion irtenbide bat besterik ez. Ez dago beste baten berdina den iraultzarik, ez dago beste baten pausoak jarraitzerik, etapak imitatzerik.

 

Jasanezina suertatzen zaionean ezarritako ordenua, une erabakigarrietan, hautsi egiten ditu langak herriak, erorarazten ditu agintariak eta hasera ematen dio egoera berri bati. Baldintzak egokitzen direnean, sistema zaharra beherantz doanean, egitura eta gidaritza zaharra tumore bat bezala bilakatzen direnean gauzatzen da. Baldintza bereziok sortzen direnean soilik esnatzen da orain artekoa hausteari eutsi ezina.

 

Egoera jasanezina behar du izan herriarentzat, leherketa bat bezala, gizarte zaharkitua jasanezinak darama herria errotikako aldaketara. Epe motz batean agertuko da agian aldaketa premiaren sentipena, baina, aurrez  luzaroan joaten da umotuz. Aurreko oreka hausten denean ematen da aldaketa.

 

Behetik hasten da sakoneko edozein aldaketa, buruzagitzaren iritziaren aurka gehienetan, honek ordua ez dela heldu  oraindik uste dutelako. Zirkunstantziek eragiten du, beste biderik ez dagoenean gertatzen da, kontraesanak gori jartzen direnean. Goi mailetara ere etorri ohi da egoera iraultzeko nahia eta jarrera, agintaritza edo inguruetara,.

 

Kontraesanak sortzen dira zuzendaritzaren erabakien eta herriaren nahi eta jarreren  artean: hor kokatzen da eraldaketaren aukera. Oszilazio edo gorabehera asko izan ohi da borroketako kontziliazio edo elkar aditzeetan. Konfrontazioa heltzean, amore emanen du aldi batez zenbait arazotan botereak ere,  baina gainbehera ez da geldituko, denbora arazoa da aldaketa noiz gerta.

 

 

Zertan datza

 Ez da nahikoa boterea eskuratzea, iraunarazi egin behar da. Errotikoa, geroari begirako oinarrizkoa izatea eskatzen du eraldatze sakonak.

 

Indar gehigarri bat bilakatzen da datorrena aurreikustea, gertakizunen nondik norakoa ulertzea. Kritikatik ekintzetara jauzia da  eman beharreko lehen aldaketa. Eraginkortasunak ematen dio ekintzari garaipena edo porrotaren neurria. Gizartearen harreman materialek marrazten dute gauzatu beharko den prozesuaren bidea.

 

 Aurreko erregimena botatzeak ez du esan nahi aldaketa sozial sakonik egonen denik. Isilik, ezkutuan bezala, mamitzen dira gizartearen kontzientzia kolektiboaren bilakaerak, tentsioa areagotzen denean, egoera tenkatzean, orduan azaleratzen dira oreka berria gauzatuko duten baldintzak, jendearen izpiritua, ideia berriak, ekintza ezberdinak… nahiz hauek ere ezegonkorrak izanen diren.

 

Arrazoiak eta logikak ez du balio krisialdian, uneko dialektika historikoetan, porrotera doaz iraganari eutsi nahi dutenak. Lehian dauden gizataldeetako kontzientzian jarrera bilakaerek eragiten dute zuzenki gertakizun eta gorabeheren nondik norakoa. Gizakiak sakonen ezagutu edo bizi dituen arazoen fruituak dira aldaketa sakonenak.

 

Erabakigarriak dira gertaeren dinamikan herriaren psikologiaren aldaketa azkar, tenkatu eta bortitzak; ekonomiaren egoera eta herriaren ongizate maila ez dira nahikoa arrazoi. Barne krisiak gainditu eta gertakizunetan eragiteko gaitasunak eragiten ditu aldaketak. Egituren eta buruzagien atzerapen kronikoak eragiten du egituren erorketa, ez demagogoen lanak. Izan dezakete ere eragina ekintza eta egoera zirikatzaile edo probokatzaileak.

 

Gizartearen egiturak zein egoera berri baten nahiak edo premiak ez du bultzatzen herria aldaketa eragitera, menpekotasunari men egiteko joera baitu berenez. Bere sakoneko kontserbadoretasunak eragiten du herriaren ideia eta jarreren aldaketa azkar eta ustekabekoa, ez aldakorra izateak. Altxamendu bat ez du eragiten formula edo teoria batek, ez eta etenik gabe goitik datozen aginduek, sendotu eta landu egin behar da behin eta berriz, haragi eta hezurdun gizakiek gauzatzen baitute aldaketa sakon bat.

 

 

Pausoka

Pausoka, zapaltzen eta lotzen duten indarren aurkako garaipenak lortuz,  egiten du aurrera naturak, gizarteak, gizakiak berak ere. Mailaz maila egin behar du gora aldaketa. Luzea ohi da prozesua. Gizarte aldaketa batean ere. Denbora behar du, herriaren iritzia eta jarrera sendotzeko pauso erabakigarriagoak eman behar dira aurretik. Herri horren kultura  eta egoera ekonomikoaren arabera jauzi berri bat eginen da agian zenbait etapa alboratuz.

 

Bilakaera ezberdina izaten du eraldaketa bakoitzak, eskemek ez dute balio, jauzika egiten da. Geldialdi eta atzera pausoak izan ohi ditu, luzeak sarri, kontraesan asko egon ohi baita egoera aldatu nahi dutenean artean, horrek luzatu eta zailtzen du aurrerapausoak  ematea. Kinka-uneak egon ohi dira, laburrak gehienetan. Aurrera pausook eman eta eutsi egin behar zaie emandakoei. Eragozpenak eta ezinak sortuko dira etsipena eta ezaxolakeria sortaraziz herrian,  kontrako indarrak indartuz.

 

Denbora gutxiko tarte batean egon ohi da sarri garaipena edo porrota: ez dago ez arduratzeko unerik politiko sozial edo edozein gisako borroka batean. Eragina izan ohi dute prozesuan ezustekoek eta halabeharrek, horiek gainditzeak, baita horiez baliatzeak ere, eragin zuzena izan dezake. Luze dirauen aldaketak maiz behar du arrakasta edo aurrerapen nabarmen bat.

 

Ekidinezina dira beheraldiak edozein prozesutan,  ezinezkoa da gelaraztea, eutsi eta irentsia edo arrastatua ez izatea da aterabide bakarra. Buruzagien zenbait jarrerak atzeratu dezake aldaketa, baina inola ere ez eragotzi baldintzak suertatzen direnean. Herriak, masak, aurrera pausoak ematean, erakunde teoriaz ordezkaria oztopo eta galga izatea da arriskua. Buruzagitzak aurreikusitako plangintza albo uziz egin ahal da aurrera, tarteko etapak gaindituz gehienetan.

 

Tregoa bat oso arriskutsu da borroka batean.

 

 

Zenbait gogoeta

* Zapalduek ez dute idazten Historia, gauzatu egiten dute bere bizitzarekin.

* Teoriaren atzetik joan ohi da praktika politikoa, zailtasun handiagoz aldatzen baita jokamoldea ideiak baino.

* Helburu eta asmo ororen mami bilakatu ohi dira premia politikoak, herriaren premietatik urrun.

* Mugimendua  zalantzati jartzea eta gelditzea, porrota izan daiteke. Amore ematea edo luzapena esan nahi du Konstituziora jotzeak.

* Garrantzia izugarria du norberaren indarren neurketa eta ebaluaketak indarren korrelazioa eta norberaren pausoak neurtzerakoan.

* Eraldaketa guztietan beti dago erabakigarria den une bat. Une erabakigarriak izaten ditu aldaketa sakon batek, aukeratu beharreko unea izaten da: azaleko aldaketa arinak edo sakonekoak egin.

* Ondo neurtu behar dira erabakiak, aho biko ezpata izan daitezke. Kinka larrietan ezin daiteke erdizka jokatu.

* Gerra eta iraultza garaietan erabakitzen dira herrien eta klaseen etorkizuna ez ezik existentzia bera ere.

 * Eraldaketaren gorabeherek uzten dute agirian, pauso berri bakoitzean, boterearen nolakoa, ahala eta nondik norakoa; disimulatu edo estaliko ditu botereak, baina berriro agertuko dira bere biluzian.

* Gizakiaren ahuldadeak azpimarratu besterik ez dute egiten aldaketen garrantzia.

* Gutxi batzuen ekintza isolatuak ez dute eragin sakonik, abentura kutsukoak izanen dira ekintza bakartiak.

* Komunikabideak ez dira gai teknikoa soilik aldaketa batentzat, arazo politikoa bilakatzen dira ere.

* Porrotetan eta desengainuetan, une zailetan, azaltzen dira gainditu gabeko aurreiritziak eta arrakalak, arerioak helduko die horiei erasotzeko, gehienetan kalumnia gehituz.

* Tarteka, zenbait aldaketa unetan, zentzuduna bilakatzen da zentzugabea, eta  gertakizunek behartzen dutenean zentzugabea bilakatzen zentzuduna: absurdoaren eta arrazoizkoaren interferentzia eta bilakaerak.

*  Esperientzia da gertakizunen kaosean ordena jartzen duena.

* Arerioak akuilatzea behar izaten  du mugimenduak batzuetan.

* Alderdi eskuindarrei lekua hartzen die ezkertiarragoek, aldi berean hauek herriaren presioa jaso behar dute.

* Indar ezberdinen korrelazioaren ondorengo porrotak aldatu egiten du korrelazio hori, galtzailearentzat desabantailan, irabazlearen konfiantza berengan sendotzen baita, galtzailearena, aldiz, ahultzen.

* Arrasto sakonak uzten ditu errepresioak, unean ez bada, gero emango diren urratsetan.

* Beti uzten du arrastoa, ondorioa, egoera aldatzeko edozein ahalegin indartsuk.

* Espioitza ohi da boterea lortzeko borrokako tresnetariko bat.

* Mundu osoko tamaina hartzen duenean ekonomiak, herri atzeratuek, aurreratuen presioz, zenbait erdiko maila gainditzen dituzte. Eurenez egitura sozial eta tradizio finkatua ez edukitzeak erraztu egiten du aurreratuen teknika eta pentsaera bereganatzea. Bi ertzeko polo gauzatzen dira bilakaera honetan: talde atzeratuak eta aurreratuak, biek burgesia erasotzen dute.

etiketak: Trotsky
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.