Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / GIZARTE BERRI BATEN BILA

GIZARTE BERRI BATEN BILA

Jon Etxabe 2023/06/26 10:15
Trotskyren “Historia de la Revolucion Rusa” irakurriz.

BALDINTZAK

 

 

Funtsezkoak

Gizakiak dira eraldaketa-mekanismo multzoko torlojuak, kontaezin eta ikusezinak, baina nahitaezkoak. Ez dago sakoneko aldaketarik ahaleginak ez badu oinarrian herri-mugimendu sakon, zabal eta eraginkor bat; hori gabe alferrik dira buruzagi eta zuzendaritzaren kontsignak. Nahitaezko baldintza da herriak bere etorkizun berrian esku-hartze zuzena hartzea. Herri gehiengoaren esku-hartze zuzena egon behar du gertakizunetan, ezaugarri nagusietako bat  da hori, herritarrok dira baliabide bakarra. Herriak beregan duen konfiantza izan behar du mugimenduaren oinarria.

 

Zuzendaritza bat eta gidariak behar ditu herriak aldaketara bidea egiteko. Zuzendaritza eraginkor bat da ere baliabide ezinbestekoa, bi osagai baititu gizartearen errotikako aldaketa batek: herriren ezinegona eta zuzendaritza baten programa egokia, nahitaezkoa da bi baldintza horien konbinaketa.

 

Ezarri nahi den estatus edo sistema berriak aurrekoak gainditu ezin zituen arazo eta premiak askatzea lortu behar du. Errotikako aldaketa horretarako ideia argi eta egokiena gauzatzeko erabaki zintzo eta irmo bat ez badu malgukia hondatu zaion ordulari bat bezalakoa da aldaketarako ahalegina. Ekintzara zuzendua izan behar du teoria oro, hau da, gauzatzeko pausoekin lotua. Aldi berean ezinbestekoa da zerikusia duen ororen indarrak baloratzea, eta norberarenak ondo neurtzea.

 

Nahitaezkoa da diziplina edozein askatasun borrokan, baina mugimenduak berak ezarritako diziplina behar du izan, ez besteek ezarritakoa, are gutxiago aldatu nahi duzun klase horretako buruek ezarritakoa. Ezer gutxi egin ahal da osagai edo ahalbide bakar soilekin, osotasunean eta batasunean erabiltzeak du eragina. Nolanahi mugimenduak ez du zergatik homogeneo izan behar, bizi-baldintzak  eta ezusteak lehertzen badira ere.

 

Hiru arau: 1: ez fida burgesia eta ondo-biziez. 2: gidariak hertsiki eta hurretik zaindu. 3: norbere ahal eta indarrak soilik kontuan hartu.

 

 

Ezinbestekoak

Aurreko egoera eta aldaketa uneko oreka hautsi behar da. ezin daiteke bidezidorretan galdu, diagonaletik jo, ezin daiteke irten norabide zuzenetik.  Bi helburu egon behar dira beti presente bidaldiko aldi bakoitzean: 1: herria indartu eta indartze hori azaldu. 2: zapaltzaileak isolatu eta ahuldu.

Aldaketa ez da berehala egiten, une batetik bestera, aurrez aldaketarako lehen pausoak ematen dira: ideiak, sustraiak, botatzen hasi behar da.

 

 Bitartekariak baino herria gertatzea, herria heldua egotea da beharrezkoa ez ezik funtsezkoa. Alferrikakoa da beste dena giroa gertatzen ez bada,; uneko giro edo baldintza egokiak ez dira nahikoa aurretik prestaketa lana egin ez bada herriaren jarrera eta erabakia sendotzen. Aurrera pausoak eurak soilik ez dira nahikoa, herriak izan behar du aurrerapenen horien berri, berehala eta argi, eta aurrerapausoen garrantzia barneratu, batez ere aurrera pausoa eman eta garaipena lortzeko, berandu izan baino lehen; historian bada hutsegite horiengatik izan diren porrotak, ezinbestekoa da gertakizunen hedapen eta ondorio halabeharrezkoez jabetzea; direla gaipenak zein porrotak, gezurrak, kalumniak zein salaketak.

 

 

Helburuak

Sakonean bi botereren teoria soilik egon ohi da nagusiki gizarte baldintzen eraldaketa batean. Ekintza zuzenetara jo aurretik herriak bere behar, nahi eta errebindikapenei buruzko kontzientzia argia izan behar du. Helburu argiak eta zehatzak behar ditu aurrera egiteko. Patxadaz eta emeki azaldu eta argitu behar dira, aurrez eta garaiz egoera, asmo eta ideiok. Plangintza zehatzak eskaini behar dira, bete ezin badira ere: ziur dauden herritarrak bere horretan indartzen dira, eta ezbaian daudenak erakartzen; hausnarketara bultzatu eta  jarrerak argitzera behartzen du gainera.

 

Zehatzak eta argiak izan behar dute errebindikapenak, zenbat eta abstraktuagoak, orokorragoak, izan eskabideok, motelagoa eta ahulagoa izanen da herriaren erantzuna. Metodo jakin bat behar du herri mailan azpiratuen askatasun borrokak, aldi berean ezin da egon inolako nahasmenik ez zuzendaritzako kideengan ez taldeetan. Kontzentratu edo biltzeko ezaugarria izanen den sinbolo edo helburu bat ere behar da.  Estatistikek ez dute beti arazo funtsezko bat erakusten eraldaketetan, beti sortu ahal daiteke ezusteko ekintza edo gertaera bat.

 

 

Bidelagunak

 Eraginkorra ez ezik oinarrizkoa izanik ere banakakoen lana gehiengoa edo taldea mugiarazteko, ezinbesteko baldintza da, beti eta edonon, azpiratutakoak elkartu eta batzea. Txikia den talde batek  aldaketa bila dabiltzan beste talde batzuen bermea eta eusgarria bilatu behar du, aurreko egoerarekin disgustura eta bere auka dagoen herritar horiek erakarri behar ditu ezarri nahi den estatus edo sistema berriak.

 

Funtsezkoak dira klase ertaina, burgesia txikia edo ondo-biziak; ezbaian egon ohi dira eraldaketa batean, jarrera erabaki arte, konfiantza gehien eskaintzen dionari jarraitzen dio, jarrera ezegonkorra izan ohi du, gora-behera askokoa da.

Errepresio indarrak jarri behar ditu bere alde herriak, funtsezko pausoa da hau, horretarako zuzen-zuzenean hitz gin behar du, aurrez-aurrekoen lekuetan, erakundeen eskuetan utzi gabe.

Ez da posible demokrazia bat ejertzitoarekin: ejertzitoa indarkeria da, eta indarkeria lotezina da demokraziarekin, aldi berean baina, ezinbestekoa da ejertzitoa eraldaketa politikoan: bere parte hartze zuzena edo onespena gutxienez behar da, ejertzitoa landu behar da, edo gutxienez kontutan hartu.

 

 

 

 

 

 

 

etiketak: Trotsky
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.