Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

BIDAIAK 2000

Jon Etxabe 2021/11/01 09:40
ESLOVENIA. NOSTRNJSKA: Ljublijana, GORENJSKA: Kamnik, STAJESRKA:Ljubno.

E S L O V E N I A.

 

Sartu gara abentura nagusian. 10etan ginen mugan. Eguzki ederrarekin eman digu ongietorria Esloveniak. Italiako hogeitaka graduko hozberoa 17ra jaitsi da hemen. Polizia izan dugu kontrol lanetan. Arazorik gabe utzi digute, baina pasaporteak erakutsi ondoren, hauek ez baitira oraindik Europa, izatea eskatuta eduki arren.

Dirua aldatu dugu mugan bertan: tolar da bertako dirua, pezeta baino merkexeagoa une honetan.

 

 

PRIMORSKA

Lurralde honetako tarte mehar bat besterik ez dugu zeharkatu

 

 

NOSTRANJSKA

10ak eta erdietan ekin diogu hiribururakoari. Oso ona da autobia, dotoretasunik gabe, apaindura eta tarterik ez du ertzetan edo erdigunean, baina zoru ona du, horrek balio du batez ere errepidean. Europatik ikasia dute hauek ere bidesaria kobratzen, ez merke ere gainera, hasi dira europar izaten; baina ez dute austriar edo alemaniar izan nahi bide-sare kobrantza kontuetan, latinoak izaki, bide-lapurretan adituak. Eskuz ematen dituzte txartelak, eta diruz ordaindu behar da, oraindik ez dute txartel-emaile automatikorik edo plastikozko diruz ordaintzerik ezarri: lanpostuak gorde nahiak eraginda dela sinestea nahi dut, gureetan hain galdua dugun gizartearekiko errespetua oraindik gordetzen dutela. Berde, berde, berde, berde...a da dena. Dena da mendi, dena baso. Lorategi erraldoia bat da dena. Basoz inguratuta edo baso ertzetan daude herriak, herritxoak gehienak, teilateria gorria, gorri motel edo ilunekoa. Naturgune, parke edo lorategia dirudi lurralde osoak, konde baten jabetza, pelikuletako horietako bat, hain dago dena berde. Lurralde euritsua behar du izan honek.  Arte gaztea, tarteka izeiak, da nagusi; ez da izeidirik, izeiok solte bakan barreiatuta daude basoetan, izei ilunak, Aostan ikusi genituen jitekoak. Dena da mendia tarteka lurra lautzen bada ere, mendi-muino txikiko lautada. Gerta zaigu kare-harrizko menditzar bat, antena parabolikoak gandor dituela.

 

Etxe solte multzoak dira herriak, gureak baino beste era batera egituratutako herritxoak. Herri orok du bere elizatxoa, kanpandorre karratuz osatua, apala altueraz, baina teilatu pikokoa.

Eliza zuritxo harrizkoa herritxo baten gaintxoan, kanpandorre politarekin, alboan harri zuriko dorre zilindroa, ikuskizun bitxia bezain erakargarria osatuz, gaztelua bailitzan. Erabat bereiz du eliza herri batek, zuri-zuria gaintxoan. Kanpandorre luzeak dira esloveniar elizetakoak ere. Teilateri gorriunea besterik ez dira sarri herriok. Zapalak dira teilak, ez gureetako konkortuak; grisaxkak dira sarri teilok. Uralita ere oso erabilia da estaldura zereginetarako.

 

Jugoslavia zatitu ondorengo gerretan jabetua nintzen telebistan herrion egitura ezberdinez: garbia zen etxerik etxe borroka egin beharra herria hartzeko, lurrez inguratutako etxe solteek osatzen baitute herria.

 

Oholezko aterpeak dira deigarriak, oso deigarriak; etxe bakoitzak du berea; zutabe zein gaina, dena zurezkoa, aspaldikoak, ilunak, bakoitzak bere egitura eta itxura du, ezberdina, tresneria eta lanabes ororen gordelekuak dirudite.

Belar lehortegiak, deigarriagoak dira oraindik, bitxiak eta bereziak: langa-sail luzeak, lurrean tinkotutako hesoletan estekatutako lauzpabost haga ilara bata bestearen gainean, teilatutxo mehar batez estaliak. Tamainaz, altueraz, luzeraz ezberdina bakoitza, etxe inguruan edo zelai erdi-erdian. Oso bertakoa behar du izan.

Ez da ez industria gune ez lantegirik ageri, nekazal lurraldea da hau.

 

Postojna. zatarra ikusten da errepidetik, oso austeroa.  Etxe handiak ditu, asko, kolorgetuak, teilatu zurixka tristekoak; etxe pintatu berriak eurak ere motelak dira; bi dorretxoko eliza ikusten zaio. Ez da batere erakargarria. Etorriko gatzaio egun batean.

 

Kamioi asko dago gasolindegietan, geldi, auskalo zergatik, takometroaren mehatxua ote hemen ere?. Atzeko erdia atoia den kamioitzarrak, Eki Europan ohi zenez eta oraindik ere denez, Mendebaleko autogileek ohitura aldatsen duten arte; merkatu bila kamioiok europar egiten dituzten unean bertan. Izanen du praktikotasunen bat bi zatikakoak izatea kamioiok.

 

Kanpina. Hezero izena duen hiriburuko auzo batean kokatua. Hurreratu egoki hurreratu gatzaio, baina nahastuxea zuen bertaratzea. Neskato bat portatu zaigu jator:  nondikakoa galdetu diogu bidegurutze batean gidaliburua erakutsiz, “jarraitu niri” erantzun dit keinuz,  eta ate-atean jarri gaitu. Harrigarri adeitsua!.

Parke bat da kanpina, jauretxe baten ingurua bailitzan, edo izandakoa, zuhaitz ezberdin  sendoko berdegune zabala, urkiak, izeiak, haritzak... dira ikuspegi lasaigarria belatza gurian. Zaindua eta atsegina. Bezero guti gaudenez toki zoragarria da egon lasairako. Txori-kantua ozen, airea bilduz. Zozoez gain txikitako buztanikara ere izan dugu bisitari.

Badirudi badabilela etxatoiaren gurpiltxoa, nolabait bada ere: erraz kokatu dugu etxetxoa. Oraingoz moldatuko gara.

 

Ljubljana. Kanpinetik bertan. NOSTANJSKA, GORENJSKA, DOLENJSKA, hiru herrialdeon mugan. Hiri xumea. Hiri atsegina. Ibaiak erdibitzen du, ibai itxuraldatu, mugatu, hezi eta hesituak, dottore halere. Baditu eraikin ederrak baina ez ikusgarri horietakoak. Alde Zaharra: ibaiak banatutako zati batean, ukitu polit anitz du, xehetasun erakargarri asko, zerikusi apetagarria, bera da biziena eta erakargarriena turistontzat: antzinako erakusleiho zurezko ilunak, etxeen behe-barru zabalak, sarrera luzeak eta patioak, teilatu bitxiak, burdinazko ateak, Erdi Aroko etxeak, txoko atseginak eta zainduak, kalexka eta zirrikitu atsegin ugari; ibiltoki eztia da... badu bai zeri begiratu eta non gelditu. Bizi-bizia, toldopeko mahai ilara eta egonlekuak  kale nagusiko kale erdian, jendea zerbait hartuz hitz-aspertu lasaia eta alaian, eskaintza dotorea dendetan... Alde berria: ohizkoa, betiko etxetzarrekin, parke eta plaza ugari ditu, bertan dabil hiriko jende gehien, ohizko zereginetan.

Bada zubi hirukoitz bitxia, monumentu erraldoia bertan, jende gaztea eserita kontu-kontari lasaian bere oinetako mailadian. Merkatu plaza, ikaragarri zabala, bi plaza jarraikietan kokatua, arratsalde berandura arte zabalik: betiko jangaiak, baina baita zurezko eskulan tentagarriak ere. Magno Deo eliza, alboko aldarez josia, aldareok marmol zurixkako irudi barrokoz oparo. Ursulinen elizak, barrokoa omen baina ez dirudien arren ez du apartekotasunik aurreko zutabe erraldoiak eta fatxadako leihoetako sareak ezik. Frantziskotarren elizak freskoz erabat dotoretuta du ganga.

Jende gaztea nabari da hiriburuan eta denean. Xume, baina oso gaurko jantzita doa jendea. Ez da herri-jantoki merkerik, ezta taberna askorik ere. Ikusi dugu jubilatu taldea ere gidarekin.

 

Nahi duen tokitik zeharkatzen du kalea oinezkoak, zirkulazioa trinkoa den arren. Bada gidari presati, urduri eta pitojolerik ere. Tarte  motxa dute semaforoek. Ez dabil bizikleta askorik, baina gureetan baino gehiago bai.

 

213 kilometro, Esloveniako bihotzerainokoak.

 

 Zozoak dabilzkigu belartzan mokoka arratsalde beranduan afari bila. Txori-kanta ozenak biltzen du ilunkara. Ljubljanako argiek gorriz tindatu dituzte lainoak gauean.

 

“Euskal zibilizazioa”. Alfontso Martinez.

*  “Euskaldunok oharkabe pasatuko ginatekeen ... hizkuntzari esker izan ez balitz”. Horrela dela dakitelako, hizkuntza baztertuz suntsitu nahi gaituzte.

* “... euskaldunok daukagun historia bakarra gure etsaiek idatzitako historia izatea”. Baita  gaur egungo historia ere hein batetan.

 

 

Maiatzaren 5a.  Ostirala. 4.a – Esv:2.a

 

J. Iriberri:

* “denbora uhain gainetik labainka”. Zelako lasterrean gainera behin gure adinera ezkero.

* ”zatoz inontar honi laguntzera”. Atzerritar izango gara edonon bi hilabetez, inola ere ez inontar.

 

Txori-kanta sinfonia zoragarria, txori bakoitza instrumentu eta ahots ezberdin. Tren hotsa tarteka kontrapuntua eginez.

Ttantta beltz saltari biziak dira zozoak belaze berdean.

Geu gara atzerritar bakarrak kanpinean.

 

Bagoaz 10ak punttuan eguneroko bazterrak ikusizko ibilira.

Ljubljanak badu bere saltegi erraldoi-gunea hiriko irteeran.

Azken etxeak bukatzeaz bat dator basoa eta berdegunea, Mendebaleko hiri bazterretako desertu zikin tristerik gabe.

 

 

GORENJISKA.

 

Ipar eta Ipar-mendebaldean. Herrialde menditsuena,   Kranj du hiri nagusia.   

Bata bestearen ondoren datoz herriak, herri asko, nekazal herriak erabat, ez da ia industriarik. Etxe solteek osatzen dute herria, ez da etxe karratuzko kale artezik, ez luzerik ez motzik. Ilunak eta tristeak dira etxeok, austero itxurakoak, nahiz txalet dotorerik ere baden. Kolore guti eta moteleko etxeak, ez dute koloreen fantasiarik. Oso pikoak dira teilatuak, gakotxoak dituzte fatxada gainean elur multzoen irristadurak galarazteko. Teila denak dira zapalak, elurra labaindu dadin edo; ia lurreraino luzatzen da hainbat teilatu aterpe zabala sortuz etxe kontra; teila zuria da nagusi, uralitazko teila zapalak. Zaindu-zainduak etxaurreak, txukun-txukunak gehienetan, lorategia dute denek nahiz xumea, bada inguru ederreko etxerik ere: dirua, jabearen barne dotoretasuna ala osagai biak elkartuta?.

Herri orok du bere eliza, beti nabarmen baina zenbaitzuetan tontor gainean dotore eta gailen. Ortodoxo dorrea dute eliza denek, landuagoa batzuk, xumeagoa besteek, txapazko gorrixkak gehienenek, beltzak zenbaitzuk eta bakarren batek gris argia. Bada piramide jiteko  eliza-dorre puntazorrotzik ere, batez ere Austria mugetako bailara gorde zenbaitzuetan.

Kapera pila, santu mota guztiei eskainiak, tamaina eta itxura orotakoak, antzinakoak, berriak zein berriztatuak.

Ez da jubilaturik herrietan, plazan, geldi, eserita edo lagunarteko ibilian, kontu-kontari, Extremaduran eta Huelvan, baita Euskal Herrian ere, ikusi ohi izan dugun bezala. Ez dabil zaharrik, agian ez dago, seguruenik lanean ari dira, etxeko zereginetan.

Ez da eskalerik ageri, ezta mozkorrilorik ere kaleetan.

 

4 maiatza aurkitu ditugu, garaiak, zurituak Alemaniakoak bezala, Ljubno eta Nazarie inguruan lehenengo, Sempeter aldean gero. Adar berdeko koroa zintzilikatuta dute dilindan enborra bilduz, eta bandera gorria zabunka  gureetan ikurrina lez. Berdeak daude oraindik orriak, beraz jarri berriak dira maiatzok, Maiatzaren hasieran Sakanan lez. Austriaren eragina izan daiteke maiatzona, edo austriar biztanleria da bertakoa jatorriz, herri bien muga baita.

 

Kazolec deitzen dira atzo hain deigarria izan zitzaigun belar-esekitoki edo belar lehortegiak. Denean daude, langa pila zurezko zutabeetan kateatuta, zelaietan gehienetan, tamaina eta forma guztietakoak, handiak, txikiak, xumeak, oso landuak, erabat ederrak, zarpailak ere ugari, berrituak hainbat. Langa soilak dira batzuk, teilatu meharrekoak beste zenbaitzuk, txabolak dirudienak hainbat estaliak eta horma liratekeen langa-sailekin, hauen barrualdea tresna gordeleku ere izan daiteke. Zaldi uztarria dute askok sarrera gainean, Ljubno-ko  kazolec batek bi zaldi-buru zituen uztarri gainean. Badira adreiluzko lehortegiak, oso deigarriak hauek ere, leihoak halako adreiluzko zulogune bitxiak baitira, agian langetan lehortu ondoren sartutako belarra bere sasoian gordetzeko. Bada alde batera adreilu zarpeatua duena eta langadia bestera.

 

Ez dago hainbeste lur landurik, belarra da nagusi. Ugariak dira baratzak, etxe inguruan daude, txikiak. Ez da ia aziendarik agertzen larrean, ezta plastikozko fardeletan zein fardoetan bildutako belarrik ere. Agian belarra ebakitzeko dagoelako da. Ardi gutiko artalde bakarren bat soilik.

Parra asko dago baratzetan, leka asko hartzen da nonbait. Baina ez da ortuaririk erne edo hasi oraindik, landaretxo jaioberriak ikusten dira soilik, ezin ze ortu-gai mota diren jakin.

Jorraketa lanetan ari da jendea, aitzurrez, emakume adinduna da gehienbat baratzean ari dena.

 

Errepideak,  onak dira, estu samarrak aukeran; bazter xumeak, erretenik gabe, baina zainduak. Nabaria da errepide zabaltze ahalegina, batez ere Solçava inguruko bailara eta mendietara sarbidea erraztuz bisitariari,  bezeroak erakartzeko.

Argiak piztuta dabiltza autoak, abiadura egokian, kirtenkeriarik gabe: gidari zentzudunak.

 

Reca deitzen da eslovenieraz ibaia: zein da lehenago “reca” hau ala gure “erreka”, ala biak jaio dira iturburu berdinetik?.

 

Kamnik. Zabala, auzotan sakabanatuta lez, nahiko urruti daude auzook bata bestearengandik: auzoka egituratuta irudi, etxe multzo bat hemen, haratago bestea..., egituraketa ezberdina du. Izan, herri txikia da izan.

Erdigunea, bi kalek osatzen dute batez ere kale-sarea, gazteluaren alde bietan bakoitza. Kale txukun aratzak. Kale zabalak, lasaiak, patxadakoak. Behe solairuko etxeak gehienak, badiren arren lehen solairukoak ere; harrizko ate borobil asko, burdinazko kontraleiho beltzak tarteka; burdina landuko zintzilikarioz iragartzen du denda bakoitzak ze motako salgaiak dituen. Dendak, xumeak, txukun jarriak, antzinako erakusleihoa dute askok. Bada hainbat eraikin eder.

Gaztelua: harri argiko, kare-harrizko eraikuntza mozkotea besterik ez da gaur egun, ikuspegi zabala izanen du tontortxoan dagoelako, baina burdinazko atez itxita du gaur ingurura sarrera.

Elizak: zabalik daude. Anuntzio zein Frantziskotarrenak freskoz dotoretutako ganga dute, aulkiteria sendo landua, harrizko zutabe gainean korua, palioa eta hiru hagaz eraman beharrezko zutoial handiak aulkiteriko barrenaldean. Frantzizkotarrenak ba omen liburutegi aparta, Anuntziok berriz elizatik at du dorretzar karratu zabala eta garaia.

Taberna kanpoko mahaiterian dago goiz erdian jendea, kontu-kontari lasaian, zerbait hartuz.

Herri atsegina. Ez digu hutsik egin, ze herri mota aurkituko ote joan baigatzaio.

 

Ez da iragarkien eraso bortitzik bide-bazter edo herri inguruetan.

Woslvajen arrosa batean musu zabaleko andretzarra gidari, autoa bezain aurpegi arrosa berak ere.

Ingelesa edo alemanera darabilte kanpoko hizkuntza lez turismo txostenetan.

 

 

STAJERSKA

 

Esloveniako herrialde zabalena, Ekialdera kokatua: mendiak, ibarrak, mahastiak eta antzinako dorretxeak nabarmentzen zaizkio.

Mendiartean galdutako bailarak. Bailaraz bailara doa ibilia, dena baita mendiartea, zabalak batzuk meharrak besteak. Erreka eta ibaien auzo egin dugu  ibili osoa, ia egun osoan lez.  Ur garbiak eta lasterrak. Erreka batek presatxoak ditu tarte laburretik laburrera, erreka zabaldu eta puztuz, soinu hotsa ozenduz. Mendi garaiak alboetan, bi mila metrotik gorako menditzarrak, ia tontorreraino pago tantai, haritz edo izeiak, nahasian gehienetan, bakoitzak bere berdea bereziaz, berde sinfonia zelarik basoa.

Aldats pike eta luzea igo dugu, basoz-baso zeharkatu dugu mendia pista batetik, izeidi eta izeidiz bilduta. Azkonarra ere gurutzatu zaigu. Sarreran izenik ere jarri ez dieten baina mapan herri lez agertzen diren bi herritxo aurkitu ditugu mendi-mendiko bailaratxoan: dozena erdi etxe besterik ez da bakoitza. Intxaurrondo ugari zegoen herriotako batean.

 

Ezin izan dugu, beraz, Bistrika  bailara,  baso trinkogatik ikuspegi zabalez ikusi ahal izan, baina bai bertatik hainbat bailara zoragarri, bailara berdeak, erreka murmurio ozenean, etxetxoz zipriztinduak... idilikoak pasadan ikusteko.

Eraberritzen ari dira Luçetik gorako Solçava herri inguruko bailara, turismoari begira. Hainbat ikusgai deigarri izan dugu bertan: errota edo argindar-zentrala, horma zein teilatu osoki  zur eta oholez egina duen; horma nagusian santu-irudi pinturak zituen zurezko bigarren eraikuntza zaharra; kableetan zintzilikatutako zurezko zubi dantzari luze estua ur gardenezko errekasto gainean; lau aldetara santu-irudiak erakutsiz kaperatxo bitxia; elurra goietan, mendi zintzur estu luzea, harrizko pasabide edo aterpea meharrenean; urteen poderioz  kolorgetutako antzinako zurezko txabola bitxia; bigarren txabola bat bere ondoan, berri-berria, haitz punta-puntan eraikia, orratz puntan bezala bitxiki, erabat landu eta irudi tailatuz dotoretua... Zurezkoak dira zubiak. Ibilbide atsegina.

 

 

Stahovica.  Esloveniako Erdi Aroko freskorik ederrenak omen daude herriko elizan, baina poliziaren debeku eta elkar ulertezinaz aurrea egiterik ez genuenez ezin izan ditugu ikusi.

 

Bada mendi eta erreka ibilbide aukerak eskaintzen dituen bailara bat ere, turistentzat prestatua, baina ordaindu egin behar da bailarara sarrera: bailarako nekazarien ekimena dirudi.

 

Ljubno. Dena da zura eta zurezkoa herri honetan, zurezko eraikuntzak aitatzen ditu gidaliburuak: kontaezinak dira eraikin eta belar-lehortegiak, zubia zurezkoa da, zurez bukatzen da etxe-goialde asko. Eraikinen artean eraikuntza erraldoi bat nabarmendu zaigu, osoki zurezkoa, balkoi korritua alderik alde. Bada etxaurre apainik, baita etxe-inguru ikusgarririk ere.

 

Polizia izan dugu Austriako muga inguruan bukatzen den errepide ororen azken bidegurutzean, metrailetaz armaturik, ez dute aurrera egiten uzten. Hainbat errepide doa mendiotara, beraz hainbat polizia eta kontrol izan dugu: gelditu, pasaportea erakutsi...

 

Nazarje. Hara non Maiatza. Gaztelua aitatzen du gidaliburuak, baina gehiago da jauregi handi zabal karratu baxua, lau ertzetako bakoitzean txano konikoz estalitako dorretxo borobilek gotortua. Tontor garai batean kanpandorre bikoitzeko eliza zuhaitz artean, nora aterpe dotore batez estalitako mailadi luze pike batez igotzen den.

 

Amaierarik gabeko lupulu sailak Luçetik Sempeterrera arte, kontaezin ahala sail, ikaragarri zabala sail bakoitza, garagardo zale da esloveniarra edo esportatu egiten dute Austriara: haga tantaiak zut besoak bailira, soka-sarez elkarlotuta, milaka lokarri zintzilikario bertatik kiribiltzen delarik landarea. Jendetza ari da lanean bertan, lurra harrotuz baina batez ere lupulu landara lokarrian gora bideratzen.

Ez dugu mahasti bat bera ikusi: beti uste izan dut ez zela ardorik ez duen herririk, baina herrialde honetan ez da nonbait.

Su-egurra dute herri eta etxe orotan, prepesioz tolez-tolez pilatuta etxaurrean, baita zuhaizpeetan ere gerri bueltan.

Ez da herrietan autoen abiadura mugatuzko iragarkirik edo debekurik, ezta errepide ertzetan ere.

 

Autoko irratia hondatuta dugula jabetu gara, agian bateriarik gabe geratu ginen hartan programa ezabatu zitzaion. Kaseta ere ez dabil.  Dena mutu beraz. Ezbeharrez jositako bidaia dugu orain artekoa.

Irratirik jarri beharrik gabeko egunak dira hauek, ez baitugu piperrik ere ulertzen. Nolanahi gertatu beharrekoa gertatuko da eta itzultzean jakingo dugu zer gertatu den.

 

Geldo, motel, egin dugu etxera itzulera. Kamioi astunak, trafiko trinkoa, joan-etorri soileko errepidea... 5etan ginen etxean.

 

193 kilometro, erreka-zulo eta bailaratxoetan beraietako asko.

 

Txori-kantek lasaiagoa egiten dute parke honetako baretasuna.

BIDAIAK 2000

Jon Etxabe 2021/10/24 10:25
ESLOVENIA. Bidean: Euskal Herria, Frantzia, Italia, Eslovenia.

Herriak eta hiriak

 

- FRANTZIA. Bidauxune. BIARNO. Betarran, CASCOGNE. Tarbes, Toulus, Carcassone, LANGELOT. Narbona. Monpellier, Brezier, Nimes, Agües Mortes, Agües Vives, Arles, PROVENCE. Aix, Cannes, Niza, MONACO. Menton.

- ITALIA. Veintimiglia, LIGURIA. Imperia, S. Bartolomé, Albenga, Genoa,

- PIEMONTE. Novi Ligure, LOMBARDIA, Pavía, EMILIA ROMANA, Cremona, Brescia.

- VENEZIA, Vicenza, Venecia, Trieste.

- EMILIA ROMANA. Bologna, Torre Pedrera. Rimini, Cesenatico, Cervia, Ravena, Bologna, Piacensa,

 LOMBARDIA, LIGURIA.

- ESLOVENIA. Primorska, NOSTRANJSKA, Postonja, Hezero, Liubljana.

- GORENJSKA, Sempeter, Kamnik, Kranj, Raobljca, Lesce, Bled, Bohina lakua, Stara Fucina, Studor, Sredngavas, Bod, Bristica, Sorica, Zelesniki, Scofja Loka, Skofja Loka, Grahovo, Ledinike.

- STAJERSKA, Luçe, Solçava, Stahovica, Ljubno, Nazarje, Celje, Ptus Terme, Putus, Goriniska, Mohovci, Jeruzalen, Ljutomer, Radenca, Loka, Miklavz, Marivor, Valenje, Rogalec, Rogaska Slatina, Pljçanen, Malole, Statenber, Majspen, Ptujka Gora, Podsreda, Biostrikaob Solti, Lasko.

- PRIMORSKA. Idrija, SP Irija, Cerkno, Zelin, Mostna Soci, Tolmin, Kobarid, Hrastovlie, Koper, Izola, Piran, Portoroz, Lucja.

- JULIOAR ALPEAK, Ternovo, Zaga, Bovec, Soça.

- GORENJISKA. Vrsic igarobidea, Kranoska Gora, Jesenice, Bled.

- NOSTRANJISA. Vrhnika. Logatec, Postojna, Postojnska jana, Rackov Skocjan, Dolenja Vas, Cernica.

- DOLENJSKA. Zlebic, Velije Vas, Pijava Gorica, Visnja Gora, Muljava, Zuzemberg, Cromosnjce, Doleniske Toplice, Novo Mesto, Sticna.

- BELLA KRAJINA. Crnohelj, Vranovici, Grm, Metjika, .

- PREMURJE. Razkrizie, Dobrovnik, Bugojina, Filovci, Tesanovci, Moravske Toplice, Murska Sobota.

- KOROSKA. Radlje de Dravi, Muta, Vucenica, Davogard, Slovenj Grader, Misljnia.

- KROAZIA. Zagreb.

 

 

ESLOVENIA

 

 

Maiatzaren 2a  Asteartea. F:1 - 1.a

 

Edozein bidaiak du abentura ukitua, barne zirrara sortzerainokoa du honek guretzat: urruti daude herri bisitatu-asmokook, ez dugu bertako hizkuntzarik ezagutzen, sozialismoa deitua bizi izan dute, urteetan Mendebaleko ohituretatik arras bizimodu ezberdina eraman dute, independentzia lortu zuten borroka latzen bidez; aldi berean garai batean Europako zilborra izandako herriak dira, batez ere Hungaria. Ze giza egitura aurkituko ote?. Ze herri fisonomia?. Ze giza ohitura eta jokamolde geratzen ote, ze monumentu?. Jite ezberdineko gizarte batera goazen sentipena bizi dugu.

Azken bidaietako Europako ertza izanen da guretzat bidaia hau, ez baitugu haratago bidaiatzeko asmo edo erabakirik.

Berde eta gazte uzten dugu gure lurraldea, berdegune guriz jantzia, etorreran berde ilunagoa izanen da ikuskizuna, helduagoa, horiagoa ere. Bailara ikusgarria uzten dugu, Sakana Bailara, ikusiko ditugunak ere mereziko dutela esperantzan.

Urduri zamar izan gara azken egunotan, bidaiarako beharrezkoak, ez hain beharrezkoak ere, prestatzen, ibiliari noiz ekingo. Eta ekin diogu.

 

Goizeko 7ak jo berri atera gara, aukerako eguraldia lagun. Euskadi Irratian entzun ditugu albisteak bi hilabetetarako jai emanez politikoen azpilan eta txatxukeriei. Presoei buruzko jakin-mina izanen da atera ezingo dugun arantza. Azken begirada inguruari, paraje paregabea uzten dugu gaur, sinfonia berdearen kromatismo oparoa, berde guri-guria, udaberriko berde berezia: pagoa berde dago goietan, hariztia erabat berdetu gabeko orri jaio berriz berde definigaitz beherago, berde ilun tarteka pinua. Eguzkia mendi marra erdi-erdian bere borobil osoan agertu nahian kukuka. Azpirozko tunelaren bi ahoak pizti baten zur-zuloak dirudite autoak irentsiz edo zurrupatuz.

Matxura izan du etxatoiak. Frantziako muga aurretxoan, aurreko gurpiltxoa laxatu eta zoru gainean herrestan hondatu egin zaigu. Oiartzungo karabana saltokira lehenengo, itxita,  Andoaingora gero, abian ginen bi ordu geroago erneguz eta nekatuta baina gurpila bere onean, 2500 pezeta hutsago diru-zorroa. Umorea eta patxada galdu ditut, barne astindu zitala irabazi.

Kontrola zuten jarria txapelokerrek muga aurretxoan izugarrizko ilarak sortaraziz, mugak dirau oraindik, lekuz aldatuta bada ere, ozena da Euskal Herrian nork agintzen duen aldarrikapena.

 

10 eta erdietan zeharkatu dugu Ipar Euskadiko muga. Gendarmeak,  kontrolik gabe baina zelatan nabarmen “bon jour” ezpainetan bidesari ordainlekuan, nabarmena da euskaldunon egoera Iparrean ere.

Euskal Herri berdea deitu izan zaio Iparraldeari, mendirik ezak ematen dit niri atentzioa, tontorrik eza zait deigarri Lapurdin.

Hainbat gelditu-behar eta hainbat ordainketa: bidelapurraren aurpegi gaurkotua, jauntxo bakoitzak du bere autobidea, bakoitzak bere kobrantza, globalizazioaren atal bat besterik ez.

 

 

FRANTZIA

 

Bidaxune inguruan utzi dugu Euskal Herria.  Bertaraino heltzen dira Landak.

 

BIARNO

 

 Teilatu pikoak dira ezberdintasun, piko-pikoak erpinean, zerbait leunagoak behe ertzean: elur-leku nonbait. Burdin hari sareko artaburu biltegi garaiak soro erdian zein landetxe alboan. Mahasti zabal-zabalak. Karratu luzeak dira kanpandorreak, xumeak,  piramide zorrotz luzekoak dorre-puntak.

 

Ez zaigu  ingurua aldatu. Etxe bakanek, barreiatuek, osatzen dute herria: ezberdina behar du izan bizitza ere, ezberdinak harremanak eta elkartasun loturak; ez hain solidarioa, bakartiagoa, behar du izan elkarbizitza herrietan. Horma ilunekoak dira etxeak, zarpeatuak arren: honek ere zerbait esan nahi du herritarren izaeraz. Gaztelan elkarren kontra, kale estuetan, biltzen dira etxeak, babes bila nonbait, patxada handiagokoak izan dira nonbait hemengo herriok, gatazkak hainbeste zigortu gabeak ez baitago bortxakeria gabeko herririk.

 

Bettarran, kobazuloak iragartzen dituzte.

 

Sigi-saga doa ibaia, errepidea berriz artez, hainbat aldiz zeharkatu dugu aspertu ezineko begiradaz Lourdesen miresten nuen ibai garbi bizia. Garona ibaia ere ikusi dugu  iragarria, agian lehen aitatu bera da, zabala eta ederra, garbia, jaioberria izaki hemen.

Ia ez doa kamioirik Mediterraneo aldera, erruz zihoazen, ostera, Pariserantz

 

GASCOGNE

 

 Pirinioak izan ditugu zeruertz Biarnotik aurrera, tontorreria elurtu ederra, mendizerra zorrotza. Alegeratu egiten dute berdetasun ederraren monotonia.

 

Tarbes Frantziako Tourra iragartzen dute  inguruan, eskultura bikain bat ere eraiki diote: Pirinioetako aldats malkorrak igotzen ari dira txirrindulariak; zeru kontra malkorrago eta ikusgarriagoak dirudite mendiok.

Lourdes, salgai dago turistentzat errepideko iragarkietan, Tourra edo Pirinioen paretsu. Kobetako pinturak ere salgai daude, turistentzat amu.

 

Bi parapente lautadako zeruan, ikusi dugun helikopterotik jauzi eginda edo. “Doskaballos”a bizi da oraindik ere, kamiotzarrekin lehian, aro iraganekoaren lekuko

Ingeles pelikuletako lurraldea, markes zaldizkoak bere txakurrekin turuta soinuz bilduta agertzea soilik falta zaio, nolanahi ez da zaila irudipenez beste garai batera atzera-jauzia egitea.

Txukunak daude errepide ertzak. Urkia, lizarra, akazia eta makalak dira bertako zuhaitzak. Tarteka altzifre luzeak lurralde zabalari dotoretasun ukitua ezarriz, baina batez ere gorazkoa emanez lurralde zapalari.

Harri gorrixkako tren-zubi luzea begi garai zabal ugariekin.

 

Toulous aurretxoan egin dugu geldiunea, gorputzak eta autoa elikatzeko, nola ez, hiri horretan egin genuen  egun hartako oroitzapenak harrotuz. Bidean ginen 2ak eta laurdenetan.

 

Lur-sail ikaragarriak, landuak, ereiteko prest. Lurraldeok ikusiz galdera sortzen da: nola demontre utzi dio gizakiak nekazari izateari, naturatik hurbil bizitzeari, zergatik utzi du natura hirietan pilatzeko, zergatik ihes egin du industrigunetara. Agian beti egon da lurra bakar batzuen eskuetan eta aspertu egin dira inoren morroi, agian lurraren morroi, izaten, baina fabrikako langilea ere morroia da. Garai bateko morroiak gaur egun ere lurgabeak izanen dira, baina morrontza lanetan gaur egun ere.

Industrializatu egin da nekazaritza, bizitza osoa, natura bera ere, kutsatuz.

 

Carcassone: hiribildutxoa ere agertu zaigu, txiki, harresiz bildua, zaindarien dorretxo gaineko teilatu konikoekin: bizirik dugu oraindik gomutan Erdi Aroko altxor potxoloari bisita.

 

Gogoan genituen ere Narbona aurreko harrizko gerrari bitxiak, itsasoari so, gerretan bilduak izan direla beti herriak, gerra izan dela giza-ore guztien legamia gogaraziz. Euskal Herrian ere, lehen eta orain.

Mahastiak lautadaren azken muturreraino, lur-azal oro da mahasti.

 

 

KATAROEN LURRALDEA

 

Hemengoak ote teologia ikasketetan hainbat aldiz aipatutako hereje famatuak?. Gogoko dut hereje oro, arau hausle den oro.

 

Atlantikotik Mediterraneora, hesi berdea ertzetan, hesi berdea norabide ezberdinen arteko erdigunean, tunel berde batean goaz:  ibilbide ederra baina itogarria. Edertasuna eta apaindura, baldin-eta errepikatuegiak, aspergarri. Astun eta nekagarri bilakatu zaizkigu udaberriko berdetasun eta joritasuna. Arnasa hartu dugu Narbona aurrean itsasoa begiztatzean. Ondoren ez dugu itsasorik gehiago ikusi, baino igarri-igarrikoa dugu itsasoaren hurbiltasuna, usaindu egiten dugu mendien bestaldean.

Hiru bideko zabala da Lyonera autobidea, denak beharrekoak hain baita trinkoa kamioi kopurua. Ohitu egin gara azkenerako kamioiz bilduta joaten; umezurtz ginen Aix en Provence aldera hartu dugunean, ia biluzik sentitzen ginen, kamioi-min, kamioien nostalgia edo hutsunea bizi izan dugu une batez.

Dottore eta klarki daude iragarrita errepidean herrialde eta herri bakoitzeko bitxikeri eta altxorra: turista-herria Frantzia!. Iaioak frantsesak dutena saltzen!.

 

 

LANGELOC

 

Mahastia da Carcasonetik ia Marseillarainoa, orri jaioberri joriez loratzen ari den gerri zaintsu ilunezko mahatsondo ttipiko mahastia, Arles  ingurua berriz lautada zabal-zabala, lur zabalak, padura, lur-lau istingatsuko Parke Naturala, arroz sailekin; hegazti hankaluzeak zaizkigu  deigarri. Bada ere da erretenez drainatutako lur erabilia, baratze industrializatua, ortuak masibotasunean. Udaberria bere ederrenean dago, topiko oro baieztatuz. Etxeak bildu egiten dira, kale-sarea sortuz, herria gauzatuz. Abadia pila  dago iragarrita: bisita-eskaintzak monasterio ederrak direla adierazten du: ai fraide pobreak!, gehienak mahasti lurraldetan, ai fraide austeroak!. Narbonatik aurrera berriz hondartzak dira iragarki gai. Alpe Txikiak, Alpilles, ditugu bidelagun, galantak eta ederrak, kare-harri harkaitz tzarrak ilunabarreko eguzkitan zuriago.

 

Narbona,  katedral gotiko ederra ikuskizun.

Montpellier, katedral gotiko ederra ageri du ere.

Breziers, eliza albo batera, etxe-orratz piloa bestera, erdian etxeteria apala.

Nimes, etxetzar multzo argi izugarriak ditu alde batera, eliza ederra beste ertzean.

Aigües Mortes eta Aigües Vives, ur hila eta ur bizia: izanen dute bere istorioa urok.

Arles, zezen-plaza iragartzen du.

 

Errepideko edozein zereginerako, konponketa lardaskarako ere, bide bakarrera  mugatzen dute errepidea kilometroetan, langileen segurtasuna babesteko.

Bi etxatoi edo karabana soilik ikusi dugu egun guztian, Narbonan inguruan bata, lo egin dugun gasolindegiko aparkalekuan bestea. Non dira aurten jubilatu alemaniar eta holandarrak?.

Hiru motordun polizia ikusi ditugu Narbonan, Hendaiakoez gain gaurko bakarrak. Monpepellier-ko bidesari ordainlekuan eta ondoren errepidean gudaroste osoa aurkitu dugu tanketa eta kamioiez osatua, zorriak ziruditen tanketa eta kamioi militarrak kamioi zibilen artean, gerra eta ekonomia elkarturik.

 

6 eta erdiak: gaurko nahikoa dela uste izan dugu 12 orduko gidatze ondoren.

 

849 kilometro ia Italiako mugan jarri gaituztenak.

 

7 ordain-txartel jaso ditugu Frantziako autobideetan, ia beste horrenbeste aldiz geratu behar izan dugu sarrera-txartelak jasotzera. 12 aldiz geratu beharra 500 kilometro egiteko, hori al da globalizazio famatua?. Ez dira errepide sarea bateratzeko lain ere eta!. Taifa esparruetan banatutako lapurreta makinaria besterik ez da globalizazioa. Unean uneko interesak agintzen du.

Pinu artean gorde dira eguzkiaren azken izpi gorriak, goizean irteten ikusi dugun eguzkia orain gordetzen dakusagu bestaldean. Kamioiez bilduta egin dute gaua gure auto eta etxatoiak, kanpoko argi motelean egin dugu afalondokoa eta oherakoa.

Txingorra, trumoia eta tximistak izan ditugu afalondoko kide kamamila hartzerakoan, gaurko eguzki eta hogeitaka gradutik gorako hozberoaren ondoren nahitaezkoa.

           

 

Maiatzaren 3a. Asteazkena.  F:2, I:1 - 2.a

 

“Larrosak noizean behin”. Jon Iriberri:

* “Semaforoek agur berdeaz baieztatzen duten ibilbidea”: naturarena da bidaiako   agur berdea guretzat.

* “Orduak ispiluekin jolasean”: ispiluari begira ematen du gidariak bidaia osoa, bere aurpegirik ikusi gabe atzetik datorkionari so.

* “Nork du hitzek baino / soldata urriagorik”. Asko dira hitzetik bizi direnak, hitz usteletik ere.

 

Provence  lurraldeko atean lo egin dugu. Olanak ebaki dizkie hainbat kamioiri gaur gauez zerbait baliotsuren bila. Donostiar gidaria izan dugu auzo CATALAN kamioiarekin: jator portatu zaigu gure matxura zela eta. Gasolindegi eta atsedentokietako kamioi aparkalekuei pixa kiratsa darie, komunetan ordez  kamioien babesean zoruan bertan husten dute nonbait maskuria.

Hasera nahastua gaurkoa ere, agortu egin zaigu bateria. Arrankatu dit motorrak lehenengo ahaleginean, baina ez bigarrenean. Bertan suertatu zaizkigun poliziei deitu diegu, hauek garajera deitu dute, agertu zaigu teknikaria garabi eta guzti, jarri digu abian motorra, bateria ondo dagoela ere esan digu eta joan da. Bi ordu eta 10 mila pezeta izan dira gaurko ezbeharraren galerak.

Lagungarri izan zaizkigu gaur poliziak, ezin uka, baina poliziak izan gabe zergatik ez beste giza antolamendu bat errepide laguntzarako?. Polizien irudia leuntzen duen aurpegi biguna da hau.

 

 

PROVENCE

 

Mendi-muinoak eta tarteko lautada landuak. Mahastiak, asko, lautadan; mendi-muinoetan, pinua. Dena da baso herrialde hau, dena laua, dena mendi-muino lautadan, lur uhindua, nonbaiten irakurria dudan bezala. Mendi-muinoz mendi-muino doa errepidea, gora eta behera. Urrutira, zeruertz, haitz gorriko mendiak. Errepide alboko zuhaitz mota ezberdinak daude iragarrita: mimosa basoa, artadia, pinu mota ezberdinak... Atzo bezala gaur ere akazia-lora zuri usaintsuak betetzen du airea eta zuritzen errepide zorua. Izan da mendi-tontor bat: dena harkaitz, non dotore dager harria, mendi-muino arbolatsuetan gangar eta digante, izen eta guzti iragarrita errepidean, gidariren bat oharkabe joan ez dadin.

Teilateri gorria nabarmentzen da dotore zuhaitz artean. Mendi barrenetan kokatuta daude herriak urrutiko mendi inguruetan, mendiaren babes bila, ihesik ez legoke hortik estualdi batean baina ezta erasorik ere. Mendia zuten edo dute babes nonbait, baita bizitzarako etekin iturri ere: larrea, egurra, gordelekua... Itsas inguruetan kokatuta daude gainerako herriak. Lautadan ez da herririk.

 

Gaurko bigarren matxura, aldebrextxo hasi dugu bidaia: etxatoiari atzo jarri genion gurpiltxo berria erdi hondatu zaio zoruaren kontra tarrataka, erabat lotua uste genuen arren. Ez zaigu erraza izanen lehen kanpinean etxatoia kokatzea. Ze nolako bidaia hasera: bi egunetan hiru ezbehar. Okerrena nik neuk galdu dudala umorea, patxada eta konfiantza. Bi egun, hiru hutsegite, 3 akats, 12.500 pezetako diru jarioa eta hiru orduko galera. Nire bateria ere ahitu samarra dago.

 

Aix,  bere inguruan Abiadura Handiko Trenaren zubiak, ez garaia bai luzea, zeharkatzen du erraldoi alderik alde bailara zabala: erromatarrok urari bidea emateko eraiki zituzten zubiok, gaur egun, gehienetan, Estatuaren, Herriaren, kontura  politikari eta funtzionarioak, eta aberatsak, ahalik eta azkarren garraiatzeko.

Cannes, Niza, Monaco: etxeak birlandatu dituzte mendi magaletan zuhaitzen ordez.

 Cannes: distiratsu daude etxebizitzak, baina ez dira inola ere politak; mendi magaleko txalet hormak gorri edo arrosak dira, kolore bigunekoak, baina bada etzetzar arruntik ere, hegietan, handi, zatar, segur aski merkeago: jende arrunta handikerietan, harro itsasertz urdinean daudelako, herria famatuan daudelako, nahiz mendi-goietako etxebizitza arruntetan; agian hor beheko erbitzuguneko langileak dira. Bada, egia, etxetxo politik ere, hauek baina dirudunenak. Gureetan ere hainbatek ihes egiten du herrietatik, baina hiri handiko auzune erraldoi batean murgiltzeko. Cannes zaharra iragartzen dute errepidean: han dago dottore, tontorreko tontorrenean, gaztelua edo jauregia, maldan behera etxeteria, gris kolorgetua dena, baina dottoretxo, gutxienez ezberdin, garai iraganen pregoilari.

 

Monaco:  Zuri dago diru beltzaren hiria, badirudi pintore asko dela hirian, beltza sartzen dena zurituta ateratzen baita, lixiba-leku erraldoia, zikin sartu eta garbi ateratzeko aukera eskaintzen duena. Itsas gainetik, oso goi,  doa tarteka errepidea Monakon, mendi magalean zeharka, dotore.

 

Ume garraioko autobusa, aspaldietako zaharra eta zahar  itxurakoa, hau ere froga denak gainditutakoa seguruenik, istripurako prest. Agian bera da seguruena, lasaien eta geldien dabilelako.

4 bideko errepidea turistei ibilia erraztu asmoz; autoteria erabat trinkoa. Italia aurretik agertu zaizkigu italiarrak uste genituen kristalezko berotegiak, tunelak eta zubiak: hasi naiz tunel edo zubi luzeenak zenbat metro ote, 1400 metroko tunelaz eta 800 metroko zubiaz jabetu naiz, baina kokoteraino nengoen berehala zubi eta tunelez. Izugarrizko durundia sortzen da tunel barruetan, eta trikitrakeoa zubi gainetan. Bihurgunean, ezkerrera zein eskuinera, sigi-saga doaz sarri tunel zein zubiok.

Bidelapur modernoek sarri erasotzeaz gain eskukada bete diru kentzen digute bakoitzean. Herri eta auzuneak erabat babestuta daude autobideko hotsetatik, oraindik gureetan ikusten ez dena.

 

Menton, behe batean, itsaso-kontran ikusten da, eliza handi baten jabe, Frantziako azken herria.

Mila bat kilometro egin ditugu Frantzia zeharkatzen.

 

 

ITALIA.

 

Ventimiglia,  Grimaldi tunelaren aurrean, bi tunelen arteko zubi baten erdi-erdian, erreka-zulo baten gainean haste da Italia. Tunela, zubia, tunela, zubia, tunela... et ita porro, Milanora bidean Po ibaiko lautadara heldu garen arte. Santu-izenez bataiatu dituzte tunelak, santu ospetsuen izenak bukatu zaizkienean bestelako izenekin jarraitzen dute, hainbat izen politez gainera. Musolinik egindako autobidea, gerraz pentsatuz egina, gerra giroan garraiobide izateko, gerra tresna berau ere. Batera eta bestera biratuz doa errepidea, ez da artez-arteza, aurreratzeak oso arriskutsuak lirateke, beraz ibili geldoa da gaurkoa, tentsio handikoa, arreta handia eskatzen duena, buru-belarri errepidean egotekoa. Txikiak dira zerbitzuguneko iragarkiak, zuhaitz adar batek estaltzerainokoak. Ez dago atsedenlekurik, larriunetarako zabalgunetxoak besterik ez, sarriak bai

 

.

LIGURIA

 

 Soilak batzuk, mintz berdez besteak, karstikoak eta soilak, mendi-zulo sakoneko menditzarrak itsasoraino; mendi-zuloak herri bihurtuta, zubiak herrion gain-gainetik. Sastraka eta zuhaitz zoztorrak besterik ez dute mendiok. Paisaia bitxia da: herriak hegietan, herriak magaletan, eliza beti garai eta gailen herri orotan, etxeteria gorrixkak edo grisaxkak, mendi magaletan barreiatuta. Berotegiak mendi magalak estaliz, askotan etxe artean tartekatuta, gris argi kolorekoak, mailadi zuri erraldoiak bailitzan maldetan behera. Ez da itsaso askorik begi-bistan, tarte batean agertu zaigu ordea izugarri zabal, mendi gainetik zabalago. Mendi oro da baso Genoatik gora, udaberriko berdez. Nahiko pikoa da errepidea.

Eliza handiak dira Frantziakoak,   gorrixkak dira mendiko elizak; Italiakoak, berriz, herrien jitea dute, etxeen antzerakoak dira, kolorez eta itxuraz. Inguruak baldintzatzen du gizakiaren izaera eta kultura, bestelako interesek erasotzen ez badie.

 

Imperia, jauregia dirudi hilerriak, dena arku eta zutabe, ez da bertan-beherakoa; izanen da bertara betiko bizitzera joatearekin amets egingo duenik, baina 10 urtera hezurrak atera eta desegin egingo ordea!.

S. Bartolome, olibondoa ere agertu da mailakatuta harriz egindako zapaldetan, bere horretan utziak bezala, adartsu, Andaluziakoen  ezberdin.

Albenga, aurreko ikustaldiko herriak gogoratzen; gezurra badirudi ere ibiliak gara han urrutietako mendi-arteko herri guztietan, Albenga genuela abiapuntu; orduko kanpina ere ikusi dugu, talaia mendi magaleko goi batean.

 

Autobideak ez du ertzik, artzenik, babes gabe bezala aurkitzen da gidaria, hesi bien artean lotuta. Zoru ona du. Eskolaume koadrila zegoen atseden-gunean belartzan eserita bazkaltzen irakasleekin, ikasturte bukaerako txangoren batean nonbait.

 

Genoa, badia izan dugu zabal aurrez-aurre.

 

Genoatik gora menditzar berdeak, pagadiak, orri jaioberriz eder.

Zirraragarria, harrigarria ere, baso berde eder horietan zementuzko zubi erraldoi grisak, maldarik maldara edo erreka-zuloaren gainetik gorantz. Txundigarria da kontrastea, baita ikuspegia ere: balkoi-korritu gris erraldoia berdegune gurian zintzilikatuta. Ez dakit gizakiaren astakeriak madarikatu ala abilezia miretsi.

Elkar lotuta daude norabide ezberdineko tunelak, zulogune eta zabalgune handiekin, arnasbide eta ihesbide; istripua gertatuz baina agian lakio bat ere.

 

PIEMONT

Genoatik gora, tunel baten bestaldean ginen herrialde berrian.

Novi Ligure, hemen utzi ditugu mendiak, eta lautadan sartu. Artzena du sikiera autobideak hemen, lasaiago eta bizkorrago goaz. Bukatu dira tunelak, zubiak eta birak, zorionez.

Inausiak daude enbor sendo motzak, adartxo ugariz gandortuta punki baten orrazkera berdea bailira: lur landu berdeetan barreiatuta, ikuskizun bitxia eskaintzen dute.

 

LOMBARDIA

45 paraleloak zeharkatzen du errepidea, errepide gaineko zubixka antzerako batekin dago iragarrita, nondikoa zehatz erakutsiz. Ez dakigu ezer berezirik duen paralelo horrek, baina hor egotea bada bitxia.

Kamioiz mukuru dago errepidea, erruz doa eta dator kamioia, aurreratzen dugu kamioi ilara aukera dugunean, baina beste ilara bat dugu aurrean, eta beste bat gero, eta besta bat...

Lautada berdea, erakargarria izanik, monotonoa, aspergarria bihurtzen zaigu azkenerako.

 

EMILIA ROMAGNA

Bi dorre zuri-gorri, Athletic zaleen koloreekin luze zerurantz, ke-gandorrik gabe.

Piacenza, beste bi tximinia aurrekoen antzerakoak.

 

Eki Europako kamioi jiteko askoa doa errepidean, atzeko erdia atoia diren horietarikoa, baina italiarrak dira. Sassari-ko kamioia, siziliarra: Aostan gizontxoa etorri zitzaigun, bera ere Sassariko zela esanez pozik, gure orduko SS matrikula ikusita herrimin. NA matrikula hau baina, napolitarra da: Portugaleko itsasertzeko kanpinean ere etorri zitzaigun bertako langilea, gure NA matrikula ikusiaz bera ere napolitarra zela esanez.

 

Cremona, hirian bertan zeharkatu dugu ibai bat; hemendik behar du PO ibaiak ere, hau zabala da baina ez sakona.

 

Latza da errepide zorua, harritxirt handiko galipot oreaz egina.

Mendiak ditugu hur Brescian; mendiotan, herritxoak deigarri.

 

Brescia, nekazal etxe-koadro izugarria, bere harrizko ateburu borobilarekin, erabat hondatuta: itzela behar zuen izan bere garai onean. Berezia da  ere eliza-dorrea,  minarete antzekoa balkoiagatik gain-gaineko kanpaiteriagatik ez balitz. Ortodoxoa dirudien beste eliza bat, teilatu eta estalgune orok baitu pope jitea.

 

Etxe-orratzak izan behar duten bi eraikin estu luze-luzeak, argi gorria bristadaka gorenean batak, helikopteroarentzako zabaldia besteak; bere egituragatik ezin antzik eman tximinia karratu diganteak ote diren ere.

Erabat janda daude Brescia inguruan menditzarrak, kriston haginkada gorrixkak mendi berdeetan, 8 harrobi erraldoi gutxienez, 8 malda erabat janda; hemendik ateratzen da nonbait lautada osorako eraikuntza-harria.

Lautadan bada herririk; lautadan beharko, ez baita mendirik ikusi ahal zeruertzean ere. Apal apalak dira herriok, nekazal herriak, kolorgetuak, inola ere txukunak: nahikoa lan dute bizitzen, bizibidea ateratzen, segur aski, nekazariok. Basorik ez da, zuhaitzak bai. Mitxoletak errepideko erdigunean, idorra nolabait gozatuz.

28 graduko hozberoa. Egun sargoria gaurkoa.

 

 

VENEZIA

 

Verona aurretik hasten da probintzia. Lur gorrizka; muino biluziak berriz zurixkak, harrizkoak irudi. Agian ongarriz gorrizkatutakoak dira lur landuok, ikusi ere ikusi baitugu ongarria behar zuen pilo erraldoi gorrizka bat, nondik zabaltzen duten soroetara.

Mahasti asko, garaiak, mahatsa zut-zut biltzekoak.

Gaztelua goian eta harresiek bildua malda malkartsu pike mortua beherantz: babesgune paregabea.

Eliza-dorreak nabarmentzen dira herrietan, luze, zorrotz, garai, polit ere bai.

 

Vicenza, hara non bere inguruan arkudun hilerria berriro, ponpoxoa hau ere, etxe berri itxurosoa dirudi.

Venezia, erabat mantso joan behar izan dugu, hain ugaria zen bidera sartu nahi zuen autoteria. Hemen ikusi dugu bidaia guztian aurkitu ez dugun telekomunikazio-dorre orain arteko betiko horietakoa. Agian orain kablez doa informazioa auskalo non hartuta. Lehen ia herri bakoitzak zuen bere dorrea.

 

PO ORDOKIA.  Cremona, Brescia, Verona, Vicenza, Venezia hirietan zehar, lautada izugarria, zeru ertzetan bertan ere mendirik erakutsi gabe, lautadako zeru-marra bera itsasoa bailitzan. Alexandriako bidegurutzean hasi da zabaldia, plater axalaren ipurdia baina berdinagoa; zuhaitz ugari dago baina basorik ez; drainadura erretenetan, eta lursailen muga eginezko zuhaitzak, urrutitik lautadari arboladi itxura emanez, herriak gordez. Ebakita dago belarra, horituz eguzkitan, baina ez da plastikozko fardelik. Urrutiko mendietako hegi, magal eta barrenetan  daude kokatuta herriak, eliza, tarteka elizatzarra, lotsagabe nabarmentzen dela bakoitzean bere dorre luzearekin. Ordeka berde mugarik gabeko zabalean, berriz, nekazal herri edo zerbait antzerako osa dezaketen etxe solteak, nekazal etxeak, nahiko tristeak, tarteka elizatxoa, hau ere bakarti. Veronatik Veneziarantz dorre mehe luzeak goraten dira deigarri zuhaitz artean. Po ibaia zeharkatu dugu, zabala, nahiko garbia, nagi doa, inguruko lurren bizigarri eta pizgarri.

 

Ikaragarria da kamioien trafikoa, Milan aldera ez ezik Alemania aldera Brenero barrena Insbruck-etik zehar. Italia Iparralderako pasoko lurraldea da hau. Noaingo kamioi nafarra aurreratu dugu, tutu eta argiz elkar agurtuz. Trieste aldetik ere kamioia asko doa Eki Europa aldera. Matrikula eta giro berrira ohituz joan gaitezen hara non esloveniar bat ere.

Italiarrak kabroi berekoiak dira:  hiru bideko erdikoan datorrenak ez dizu utziko erdikora sartzen zuk eskatu arren eta berak 3. bidea erabat hutsik eduki arren.

Langileak dabiltzala iragarriz, lan eremuan bertan astintzen duten banderatxo gorri bat besterik ez da errepideko berrikuntza lanetako segurtasun neurria: ze nolako aldea Frantziako segurtasun neurriekin.

 

Aurretik, ezkerretik, atzetik eta azkenez eskuinetik jo gaitu gaur ere eguzkiak, baina ez dugu ilunabarrik ikusi ahal izan kamioi arteko toles-gunean.

6 eta erdietan gelditu gara gasolindegi batean 9 orduko gidatzea ondoren.

 

794 kilometro, 567 Italian, helburutik hurbilago.

 

Esloveniar kamioitxo baten auzo egin dugu lo gasolindegiko aparkalekuan, gure esloveniar gidaria erabat guri adi, aspertuxe nonbait, lagun bat hurreratu zaion arte. Ze herri ezberdinetako jendea elkartzen garen gasolindegietako aparkaleku zein tabernetan: eslovakiarrak , esloveniarrak, holandarrak, alemaniarrak, poloniarrak  behintzat konta ditut.

Prakabarren estu eta galtzoin estuekin, Musoliniren uniformea, faxista jitea dute italiar poliziek.

 

 

Martxoaren 4a. Osteguna. I:2a, Esv:1a - 3.a

 

Kamioiez  inguraturik egin dugu lo, motor hotsez bilduta gosaldu.

Gaur hasiko dugu Esloveniako abentura, etxatoiaren gurpiltxoa matxuratuta dugun kezkaz..

Solo Trieste dio pintada batek gasolindegiko horman. Bada nonbait errebindikapenen bat Triesteri buruz. Gogoratzen dut sasoi bateko eztabaida nor jabetuko Triestez. Italiarrak atera ziren garaile. Titok baino indar gehiago zuten italiarrek aliatuengan,  hauek nahiago zuten golkoa italiarren esku izan Titoren mende utzi baino, portu militarki estrategikoa nonbait..

 

Trieste, lur zirrinda bat besterik ez da golko inguruan, Esloveniak erabat inguratuta. Mapan begiratu batek begi-bistan jartzen du  Triestek Esloveniarena behar duela izan, Gibraltar Espainiarena edo Melillak Marokorena bezala. Harrapaketa-lurra, handien ezarpena, gerra interesengatik, norbere segurtasunagatik.

 

Urdaila eta gasolina potoa bete ondoren atera gara, 8 eta erdietan, eguzki ederra aurrean, egun ederraren promesa zeruan. Ia gaur bere onean datozen gauzak.

90 kilometro ditugu Triestera, Italia ertzera, Esloveniako mugara.

Eliza-dorre luzeak nabarmentzen dira paisaian edonora begiratuz ere, zuhaitzekin bat, lurraren zelaitasuna hautsiz, lauari goranzkoa emanez: ez da desertuak bezala zeu ere lautzen zaituen lautada. Orri guriko mahastiak, buru gabeko artatzak, burua eginiko garitzak. Landetxe barreiatuak, bizpahiru elkarren ondoan tarteka, baina herririk ez.  Makaldi izugarri zabalak, gazte-gazteak, tantai luzeak, ondo zainduak. Akazia da lursailen zedarri-zuhaitz sarriena. Fruta-arbolak, ugari. Berotegi bakarren bat besterik ez. Mitxoletaz gorri zenbait belardi.

Iruñeako auto-fabrikako auto berrien biltegia zirudien lehen begiradan, baina lantegi edo bulegoren baten eraikina zen izan, langileenak autoak.

 

Ordu-erditik gorako geldialdia izan dugu erreskada luzean istripu bat zela-eta. Ezinezkoa da errepidera ordu neurtuekin ateratzea. Bere legeak ditu errepideak. Ez da aspergarria ere egonaldia, erabat geldi egon ez garenez bizia eta mugikorra da alboko ilara, beti dugu norbait berria alboan, pertsonaia berriok nolabait begiz aztertzea bada zeregin interesgarria.

 

Triestera hurreratuz heldu zaizkigu Esloveniako mendiak. Mendate eta baso horien barrena  ibiliko gara: lurraldeak berak, ibiliak, eta ikusi beharrekoak sortzen digun jakin minak erakutsiko digu zenbat egunez. Kili-kili egiten digute baso-basook, misterio kutsua darie, hain dirudite trinkoak. Gorantz egin ondoren, mendi magala zeharkatuz goazela, ikuskizun bitxia dager: lautada, lautadan lotsati bezala herriak, gordeak, gaina soilik erakutsiz, teilatu gorriak zuhaitz berde artean. Berde-gorri nahasmen bitxia, ikuskizun berezia. Kalez osaturiko herriak dira, baina zuhaitz artean erabat gordeak.

Itsas bazterrean, lau tututan bukatzen den tximinia erraldoia, zuri-gorri Athleticen bandera bailitz:  Triste hiriak behar du bertan.

Tantaia, herri barruan,  bandera gorria puntan duela, agian Maiatza da: guk ikurrina edo presoen aldeko zapia bezala, bandera gorria jartzen dute ezkertiarrak direlako-edo alde honetan, “bandera rosa” abestuz jartzen ote dute.

Mendi-muino borobil eta baso artean sartu gara, lurrak berak erakusten du Eslovenian gaudela, zigiluek, poliziek, pasaporte eta nortasun agiriek besterik badiote ere. Baso erdian, maldan, garbi gune batean dago herritxo bat, nano-nanoa, borobila, basoak erabat inguraturik: Halakoa behar zuen izan Asterixen herriak.

Mendi-muino lauko katea aurrean, hor bertan dugu Eslovenia. Xelebrekeriak gerta ohi dira Italian: matrikula hartu digu kobratzaileak bidesaria Visaz ordaintzean.

Tunelez hartu gintuen Italiak Frantzia aldetik sartzean, tunelez agurtzen gaitu ere: tunel baten irteeran bertan hartu dugu ber-bertan dagoen mugarako errepidea.

Lubiana deitzen diote italieraz Esloveniako hiriburuari:  praktikoak italiarrok. Ljubljana deituko diogu guk, hiztegiari jarraituz,  korapilatsuegia bada ere.

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/10/17 10:00
AZKEN EGUNAK

8.- AZKEN EGUNAK

 

Otsaila

1.-Amnistiari buruzko esamesak dabiltza denean.

3.- Amnistiari buruzko zurrumurru eta esamesak besterik ez da egunotan

 

Martxoa

4.- Amnistia areagotzea datorren astean izango dela dio Gobernuak.

5.-- Telegramak bidali omen dizkidate, baina Solsonako telegrafo-bulegoa itxita zegoen gaur.

7.- 164 telegrama hartu ditut gaur.

8.- -Elgoibarko 180 telegrama.

10.-Amnistia gaia darabilte egunkari denek: ez dago garbi zer izanen den.

-280 telegrama Elgoibartik.

-Maria Luisak deitu dit: greba orokorra deitu dute Gipuzkoan.

11.-Oso ilun dago amnistia ala indultua izanen den, ez dago garbi nor aterako den kalera.

14.-Ez da Amnistia dekreturik agertu Boletinean.

-Giro oso gogorra atzo Euskadin: hildako bat eta zauritu larri asko Donostian eta Zarautzen.

19.- M. Luisa telefonoz: hurrengo astean goazela etxera eta ongi-etorria gertatuta dagoela.

22.-Amnistia emango den itxura du giroak, auzitegiek erabakiko omen. Auzitegi militarrek ez dute erabakirik hartu nahi, zer egin-edo arauak eskatzen dituzte.

24.-Gero eta garbiago dago atean dugula amnistia.

Banoan sentipena bizi dut, eskuarteko ardura denak bukatzen ari naiz.

30.-Felix etorri da. Monasterioan egin ditu loa eta afaria.

Madrilen nahiko nahastuta daude niri buruzko iritziak. Berandu arte egon gara hizketan. Norbait gauzak okertu nahian dabil. Zuzendari Orokorra segur aski.

 

Apirila

2.- Andoni, Ibargutxi, Jaka, Sabin Arana, ... atera dira!.

3.-Eibartik deika, irten omen dut, hala ei diote. Josu eta Jaka gaur agertu dira. Oso ondo egon omen da ongietorria. Nik ez dakit ezer oraindik.

4.-

-Eibartik deika, Jesusek ere deitu dit ia atera naizen.

-Felisek esan dit eskatzeko Kapitain Jeneralari amnistia gauzatzea: telegrama jarri diot.

-Danboreneak ere deitu dit: atera dela  libre uzteko telegrama. Gaizkiulertu bat delakoan nago.

-Asumtak ere deitu dit, nire arazoa nola doan jakin minez.

Andoni eta beste batzuk atera dira.

M. Luisa telefonoz: hurrengo astean goazela etxera eta ongi-etorria gertatuta dagoela.

Bost eibartar ginen preso.

Laurirekin hitz egin dut, ama gripearekin dago, Aste Santuan datoz.

Ez zuten aske aterako nintzen itxaropen sendorik.

Maria Luisak deitu dit. Baita Maitek ere.

Deika ditut denak ia aterako naizen ala ez.

 

Data honetan bukatu zen nire egunerokoa.

 

 

5.- Asteartea

Seguru aske nintzela, telegrama noiz helduko igaroko nuen eguna.

Granjara ere joanen nintzen.

Deiak ez ziren falta.

 

6.- Asteazkena

Arratsaldean heldu zen jada askatasun telegrama neukala notizia. Ez dakit nola heldu zitzaidan berria, Telegrafia Bulegotik deitu zutelakoan nago, telegrama neukala esanez. Ez zen, baina, Solsonatik etorri deia, beste nonbaitetik baizik, Lleidatik edo hurrago zegoen bulego batetik, zeren Xabi ez zen Lleidaraino joan telegrama bila, hurrago zegoen herri batera baizik. Gogoan dut itxita zegoela Solsonako telegrafo bulegoa deiaren hurrengo egunean ere. Horregatik ez zen heldu bertara. Edo heldu bazen ere, erregistratuta soilik geratu zen, bulegoa noiz zabalduko esperoan.

Nola nahi banekien aske nintzela. Gogoan dut monje eta inguruko guztien zorionak ematea eta poza.

 

7-  Ostegun Santua

Xabi joan zen goizean goiz kotxez telegrama bila. Monasterioko priorari zuzendua zetorren, aske uzteko mandatua emanez.

Justik, prioreak, esaten zidan geratzeko hurrengo egunera arte, ospatu behar genuela eta, baina ni Barcelonara deitu nuen, agian deitu egin zidaten, hangoekin geratuta bainengoen. Aurrez hartua nuen konpromiso hori beraiekin, aske geratzen nintzen egunean Bartzelonara joanen nintzela. Ez dut gogoan. Ez nuen zintzo jokatu, Bartzelonakoei atzeratu arazi eta geratu egin behar nintzen, hori baino gehiago zor nien monjeei. Nire konpromiso kontzientzia estuak hartu zidan gaina.

Afaritan ospatu genuen askatasuna. Eta despedida.

Nire gauzak bildu eta kaxetan sartu nituen. Agentzia batez etxera bidaliko nituen, neu gutxiengo batekin gelditu nintzen, maletatxoren batekin ala motxilaren batekin, ez dut gogoan. Gogoan dut prestatuta nituela kaxetan bidaltzeko gauzak, monjeek arduratu zirela bidaltzeko.

Priorak deitu zidan bere bulegora. 40 mila pezeta eman zizkidan, granjan egindako lanagatik. Bazekiela gutxi zela, baina ezin zutela gehiago eman. Nik ez nuen inola ere hartu nahi, baina tematu zen eta behartuta sentitu nintzen. Beraz patrika beroarekin eman nion hasiera nire ibilbide berriari.

        

8.  Ostiral Santua

Nik nahi izan nuen bezala izan zen aske gelditzea. Inoren presiorik gabe, bakarrik, askatasun sentipena bete-betean arnastuz. Inori begira, edo inoren arduran egon gabe, zer egingo edo zer esango, inoren begirik ez nuela nire gain, une bakoitzaz gozatuz.

Goizerdira aldean atera nintzen Miracletik. Mateuk eraman ninduen Manresara. Denbora soberarik ez zitzaigun gelditu. Txartela atera nuen eta igo nintzen trenera. Gogoan dut une hori, treneko atean, Mateuri begira  trena abian jarri zenean. Izugarrizko zirrara eta emozioa.

Gero leiho ondoan eseri nintzen, eskuin aldean, aurrera begira. Denari so, jendeari begira, dena entzun eta ikusi nahian. Inoren ikusminik ez niregan.

Urruti egin zitzaidan Barcelona.

Geltoki izendatu batean agertu zen nire Barcelonako erakunde-kidea eta berriro galdu nuen patxada. Gehiago aurkituko ez nuena. Kidea, berbatsua gainera, izan nuen lagun Barcelonaraino.

 

Jende multzo handia zegoen zain Barcelonako geltokian: txaloak, jendartean estutua, agurrak, banku batera igota megafono batez hitz egin beharra... Gogoan dut eskerrak eman niela, herriak atera ninduela kartzelatik esan nien.

Hitzaldi bat eman nuen talde bati ez dakit non. Gogoan dut ez nintzela oso politikoa, oso rollista edo teorikoa esan nahi dut. Kartzelako nire esperientziaz, nire ETA barruko borrokaz, polizien jokabideaz, Euskal Herriaren zapalkuntzaz... hitz egingo nuen, teorizazio handirik gabe.

Koadrilan afaldu genuen, oso xume, taberna batean mahai estuetan nahiko pilatuta. Gauza handi bezala esan zidaten ez nuela afaria ordaindu beharrik. Ez dakit nork ordaindu zidan. Bakoitzak berea ordaindu zuen, bakoitzak berak jan zuena, ez gastu osoa zati afaltiar kopuruaz zatituz, gure artean egin ohi dugun bezala. Oso deseroso sentitu nintzen, nirea ordaindu nahi izan nuen.

Maiteren etxean lo egin nuen. Gau polita izan zen.

 

Hilabete batzuetara Jone eta ni deitu gintuzten mitin batera. Inor ez genuen zain. Eskerrak bagenekien non zen ekimena. Hara joan ginen geure kabuz: Sanz polikiroldegira edo, Sanz Geltokia deitzen zioten. Hitz egin genuen tokatu zitzaigunean. Ez zen gehiago inor gutaz arduratu. Biok bakarrik gelditu ginen kale gorrian, gaueko orduetan. Eskerrak Jonek ezagutzen zuela lagun baten etxea, eta gutxi gorabehera gogoratzen zela zein ingurutan zen. Aurkitu genuen eta han bukatu genuen ate joka.

Bereziak dira bai katalanak!.

 

9. Larunbat Santu

Goizean Maitek eraman ninduen zitara. Ibili hura dut gogoko, bera gurasoen dorrera zihoan, hain kutun ginelarik erabat hotz egon ginen, zerbait zegoen trabatuta bion artean. Ez dakit zer, agian berak eman nahi ez nion edo ematen ez nion zerbait espero zuen nigandik.

Xirinak agurtzera eraman ninduten kartzela aurrera, “eraman” diot, kazetari eta abarrez antolatuta baitzegoen berrikuste hura. Ez zitzaizkidan gustuko horrelako muntaiak baina egin beharra zegoen.

Zamoratik nuen ezaguna Xirinak. Bertara ekarri zuten hurrengo goizean joan nintzaion ziegara zerbait nahi ote zuen. Ezin ginen ziega esparrura sartu, pasilloa hartzen zuen burdin-sare gotor batek banatzen zituen gure eguneroko esparrua eta ziegena. Kartzelariak atea irekita norabait alde egin zuen une bat baliatu nuen, presaka, zigor arriskuan, zegoen ziegara heltzeko. Zerbait nahi edo behar zuen galdetu nion, ez nuen gehiagorako astirik izan.  Gose greban zegoen, protesta gisa, atxilotu zuten une beretik. Geroago jakin genuen hori, kartzelari batek esanda. Erabat ezohiko egiten zitzaigun ez ziotela arrantxorik eramaten, horrelakoetan gure tornutik pasatzen baitzuten ziegetarako jana eta guk ate aurrean uzten.  Ez zuen denbora askorik egin Zamoran. Hiru egun ziren osasun-zaintzan egin behar zituenak preso sartu berriak pabiloira pasa aurretik. Ez zuten gure artera ekarri. Nolanahi zigortuta, ondorioz isolatuta, zegoen gose greba egiteagatik, beraz han jarraitu beharko zuten luzeago, baina erakutsia zuenez zein  luze joan zitekeen afera, berehala eraman zuten. Eta berehala aske utzi. Oso ezaguna zen Katalunian bere presoen aldeko gose grebengatik. Guk ez genuen jakin eraman zutenik ere  berandurago arte.

Barzelonako kartzela aurrean zegoen orain Xirinak. Egun osoa pasatzen zuen bertan, hilabeteak egin zituen, presoen askatasuna eskatuz. Arrakasta handiko ekintza izan zen garai hartan.

Agurtu ginen, besarkatu ginen, hitz egin genuen…. Jendez, kazetariz eta argazkilariz inguratuta. Notizia izan ginen hurrengo eguneko egunkarietan.

 

Nahiko lasai geratu nintzen ondoren. Guti batzuk Asunptaren etxera joan ginen. Eguna lasai igarotzeko asmoa nuen. Hurrengo goizean hegazkina hartuko nuen eta Aberri Eguneko manifestaldira helduko Gasteizera. Gogoan dut Asuntaren alabatxoa, baita egongela nola atondua zuen ere kuxin handi koloretsu pilarekin.

Maria Luisak deitu zidan. Joateko lehenbailehen Gasteizera.  Hegazkinik ez zegoenez, asmoak aldatuz, lehenengo trena hartu nuen, eguerdi aldera.

Eta trenez egin nuen Gasteizerainoko bidaia. Neketsua, baina gozagarria izan zen bidaia. Tren luze batean bidaia luzea. Bakarrik, neure barnean bilduta kanpoaz eta askatasun sentipenaz gozatuz.

 

Ezustea izan zen Gasteizekoa trenetik jaitsi nintzenean, Maria Luisa soilik espero nuen eta jende pila zegoen zain. Gainezka zegoela Gasteizeko geltokia iruditu zitzaidan. Txaloak, agurrak, banku gainera igota hitz egin beharra berriro... Enrike Gesalaga ere han zegoen, hura ere askatu berri.

Iñaki Uribarriren etxean egin genuen lo Maria Luisa eta biok.

.

        

10.  Aberri Eguna

Egun hotza eta bustia. Elur lapatxa ari zuen manifestazio orduan.

Ekin genion manifestazioari: begien aurrean dut oraindik polizia, lasai nengoen pilotakadaka ari ziren arren, nahiko urruti nengoen  nire ustez, baina hara non jo ninduen pilota batek txorkatilan. Korrika egin behar zela jabetu nintzen. Gero han ibili ginen batetik bestera poliziekin ez dakit borrokan ala jolasean.

Enrikerekin eta koadrilan bazkaldu genuelakoan nago, seguru asko afaldu ere hala egingo genuen.

Iñakiren etxean egin genuen bigarren gaua Maria Luisak eta biok.

 

 

11.  Basko Astelehena

Kotxez abiatu ginen eibartar koadrila Eibarrera arratsaldez.

Gatzaga gainean zain geneukan hainbat jende. Geldiunea egin genuen.

Eibarko sarreran, Azitaingo gasolindegian, aldatu genuen kotxez: bi-zaldiko Zitroen deskapotagarrian sartu ginen Enrike eta biok, zutik, nik bandera gorria eskuan eta Enrikek ikurrina. Egun horretan atera zen bandera gorria lehenengoz txisturik jaso gabe Eibarren.

Jende asko zegoen kaleetan zain, izugarria izan zen Dos de Mayo kalekoa. Kalea jendez gainezka. Ni Eibarko apaiza izandakoa bandera gorriarekin, apaiza bandera gorriarekin... eta “Don Juan” deika hainbat eliztar kale ertzetatik.

Jendez gainezka zegoen Untzaga plaza. Plaza zabala da Eibarkoa. Izugarria zen giroa. Ez zen guregatik soilik, gu aitzakia besterik ez ginen, herriak frankismoa garaitu zuela bizi zuen, presoak kartzelatik atera zituela, era berri batera sartu ginela, frankismoa gaindituta zegoela... hori dena eta gehiago zegoen denen sentipenean.

Oholtza bat zegoen Udaletxeko hormaren kontra, oholtza luze samarra, estua. Han kokatu ginen. Gurekin zeuden Josu Ibargutxi, Patxi Jaka eta Andoni Arrizabalaga ere, hirurak askatu berriak. Enrikek gazteleraz hitz egitea erabakia genuen, euskarazko hitz bazuen ondoren; nik gazteleraz egingo nituen bi hitz eta gero euskaraz, Enrikek dena euskaraz egiteko erraztasunik ez zuela zioen. Gazteleraz ere egin behar zen Eibarren. Hasi zen euskaraz eta euskaraz bukatu zuen, esan behar zituen denak esan zituen, euskaraz, egoki eta txukun. Beraz nik gazteleraz egin nuen batez ere. Gogoan dut kanpotarrei luzatu nintzaiela bereziki, esplotatuak izan zirela esanez, lan bila etorri zirela, bere herria gogoan zutela, beraiek bere herria bezala guk gure herria maite genuela, euskaldunak zirela hemen lan egin bizi eta herri hau maite bazuten. Izugarrizko giroa egon zen. Urteetara jendeak gogoan zuen oraindik arratsalde hura, oraindik hainbat nostalgikok aitatu izan dit egun hura.

 

Elgoibarrera egin nuen Eibartik. Han ere herri handia zain. Ohizko agurrak eta besarkadak. Plazako ongietorria dut gogoan. Oholtza gainean, berriro ere diskurtsoetan. Ez nintzen hain gustura ibili hitzaldian. Nekatuegia nengoen agian.

Plazatik etxera abiatu ginen. Santa Klara kalean bizi ziren ama eta arreba. Han besarkatu nuen ama. Balkoira ere atera ginen, zain baitzegoen jendea kalean. Balkoitik agurtu genituen  eta etxean geratu nintzen behingoz. Banuen dena bukatzeko gogoa. Astindu handiko egunak izan ziren-eta azkenak.

 

9 urte eskasera itzuli nintzen; korrika eta isilean, poliziari ihesi, alde egin nuen, jendartean, agerian eta txalo artean izan zen herriratzea.

 

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/10/11 10:10
DRAK

8.- DRAK

 

 

Joanen txakurra zen Drak. Tabernako, telefonoko txakurra. Ez dakit babeserako ala bakardadea hausten laguntzeko zuten. Babesa eta konpainia,  biak eskaintzen baitzizkien Joan eta Mikaelari, bakardadearen aringarria eta segurtasun bermea zitzaien. Bi osagai premiazkoak leku bakarti  hartan. Bizitasun ukitua eskaintzen zien, segurtasun puntuaz harago, Joan eta Mikaela bikoteari. Estimu berebizikoan zuten.

Handia zen, garaia eta luzea, mutur sendokoa, beltza, bel-beltza. Errespetu handia sartzen zuen. Egoki zetorkion izena. Agian txikitatik zetorren horrelakoa, arrazak zemaion itxura,  eta horregatik jarri zioten Drak, Dragoi, izena. Etxe, telefono eta tabernako osagai ezinbestekoa. Ikurra ere nolabait.

 

 

Lehen harremanak

Tarteka sarri egiten nuen sartu-irten bat tabernara, zurrut bat hartu baino Joanekin hitz aspertutxo bat egin asmoz. Aupada bat tabernako atetik besterik ez bazen ere. Bakoitza bere zereginetan zebiltzan monjeak, eta, nahiz sarriak izan beraiekin solasaldiak, beharrezkoa nuen giroa etetea. Solaskide ona baitzen Joan, abegikorra Mikaela. Bisitariak zetozkidanean ez nuen inolako beste komunikazio premiarik, baina bestelakoetan taberna zen egonalditxo baterako txoko erakargarria. Beraz, honengatik edo hargatik tabernako bezeroa nintzen, Joanen eta Mikaelaren laguna ere.

 

Drakek ez zituen izan hasieran gustuko nire tabernara sarrerok. Lehenengoetan agian ez, bezero bat gehiago izanen nintzen beretzat, baina bai nire sartu-irtenok errimeak izaten hasi zirenean. Zaunkaz hartzen ninduen. Are zaunkalariago bihurtu zen Joanen lagunago nintzen heinean. Jarrera haserrea erakusten zidan. Agian ugazaba defenditu nahi zuen soilik, besterik ez. Balizko arerio edo erasotzailetzat hartuko ninduen. Nork daki txakurren garunetan zer ehotzen den. Beldurra ere sartzen zidan hasieran. Isilarazten zuen Joanek.

Heldu zen une bat, jada zaunkarik egiten ez zidala. Jabetu zen nonbait nire presentzia onartu besterik ez zuela. Bazter batean gordeko zen, edo ugazabaren etxebizitzara sartuko. Geroagoko bizipenen ondoren, zeloak zituela ere uste izan dut, ugazabaren nireganako kidetasuna arrazoi, ez zuela nahi ugazabak beste inorekin partekatzea berarekiko hurbiltasuna.

 

Horrela joan ziren aldi batez nire Drakekioak. Alaba ezkondu zitzaien Bartzelonan. Telefonoan ordezkatuko nuen, egun batzuez tabernaren ardura hatuko nuen, eskatu zidan Joanek. Baietza eman nion. Gustura eginen nion ordezkaritza. Lagun ginen, aldi berean inguruko biztanleriarekin harreman zuzen eta estuagoak edukitzeko bidea ematen zidan.

 

Lagun

Uztailaren 1a zen, lehenengo aldiz taberna-telefonora joan nintzen  eguna. Hiru hilabete ezer gutxi gehiago zen Monasteriora ekarri nindutela. Egun horretan izan zen Draken nireganako aldaketa. Handik aurrera lagun izanen nuen, ibilietara nirekin joatea borrokatuko zuen dema irabazi ere.

Goiz joan nintzen telefonari zereginera. Alde egina zen jada Drak.  Ez dakit noiz.  Antz emana zuen nonbait zerbait ezohikoa gertatzen zela etxean.  Tabernako mostradore ostean eman nuen eguna. Eserita, irakurtzen, tarteka aterako nintzen kalera haizea hartzera, belarria erne telefono txirrin-hotsik bazen ere. Ez nuen Draken berririk izan egun osoan. Ilunabarrean agertu zen. Berak ireki zuen atea, bai baitzekien aurreko manuekin eskulekuari eragin eta atea irekitzen, bai tabernatik ateratzeko, bai tabernara sartzeko. Ez zidan ez zaunkarik ez inolako imintziorik egin. Etorri zen mostradore ostera, etzan zen nire ondoan eta han egon zen zirkinik ere egin gabe. Lotaratu nintzen arte. Gauerako aterpe bila etorri zen?. Bazuen tabernako beste zoko batean etzatea, baita etxera sartzea ere, baina nire alboan etzan zen. Niri babesa ematen zegoen seguruenik, ez dudalako uste babes bila etorriko zenik, ohitua baitzegoen bere kasa inguruan ibiltzen, egunez ez ezik, gauez ere. Atera eta sartu ibiliko zen hurrengo nire tabernari eta telefonari aldietan, beti bere kasa atea zabaldu eta itxiz, baina egunero ilunabarrean han etzanen zen alboan guardia egiten bezala. Ez zaunkarik ez inolako haserre itxurarik. Etxekotzat hartua ninduen nonbait. Geroago etorriko zen laguntzat hartzea.

 

Gailen

Drak ez zen Miracleko txakur bakarra. Baziren beste bi txakur. Monasteriokoa bata,  hotelekoa bestea.

Sukaldean bizi zen monasteriokoa. Skitx zuen izena. Arratoi-txakurra zen, marroixkara txikia, ile motz eta mutur zorrotzekoa. Sukalde inguruan egon ohi zen beti, Benet anaia arduratzen zen beraz, sukaldari eta laguntzaileek ezberdinek ere xeratsu tratatzen zuten. Arratoi-txakurra zenez bere zerbitzua betetzen zuen sukalde eta inguruetan. Ez zen sekula monjeen esparrura sartuko, sukaldea eta monasterioko ostea zen bere erreinua. Ate propioa zuen sukaldeak, atzealdetik kanpora jotzen zuena. Granjatik etxerakoan sukaldetik sartzen nintzenez, beti egiten nion kasu. Lagun egin ginen.

 

Hotelekoa zen hirugarren txakurra. Ez dut gogoan bere izena, bai bere irudia. Txuri deituko diot kontakizun honetan, ile zurikoa zelako. Ez zen inola ere Drak bezain garaia, ezta hain luzea ere, beste biekin alderatuz ertaina zela esanen nuke. Iletsua, mutur zabal bizartsua zuen, bizkarra ere zabala. Ez zen batere bizia, nahiko motela ibileran, ez zuen beldurrik sartuko,  nahiz txakur sendoaren itxura eman. Hotelera asko joaten nintzenez, bera sarreran egon ohi zenez portaleko babesean edo eguzki epelean etzanda, sarri eginen nion bizkar edo buru gaineko igurtzi edo xeraren bat, izenez agurren bat ere, hotelera sar-irteeretan. Lagun baino, ezagun ginela esango nuke.

 

Egun bakoitzak zuen bere ukitu ezberdina niretzat. Inguruabarrak ezartzen zuen eguneko jardunaren nondik norakoa. Oso gustukoa nuen gauerdiko ibilaldia, batez ere ilargi beteko gauetan, baina banekien arratsaldez gelan eseriko jardunei ekin aurretik ibilalditxo batez gozatzea, edo inguruetako lurretan ibilia luzatzea.

Skitx lagun hasi nituen bazkalondoko osteratxoak. Laster jabetu nintzen, baina, berebiziko arretaz begiratzen gintuela bai Drakek bai Txurik taberna eta hotel aurrean pasatzean, zain bezala zeudela. Egun batez  jarraika hasi zitzaigun Drak. Jiratzeko agindu nion keinuz eta ahotsez taberna aurrean bertan. Obeditu zidan. Lotsagabetzen joan zen baina, bide luzeagoan jarraitzen. Beti itzuli ohi zen nire agindura. Berdina gertatu zitzaidan Txurirekin. Bi txakurrok uxatzen eman ohi nion, beraz, hasiera ibiliari, txakurrokin deman.

 

Uxatze jokoarekin aspertuta, hirurak banaka, egun ezberdinetan, eramatea erabaki nuen. Egun batean Skitxekin aterako nintzen, Drakekin hurrengoan eta Txurirekin azkenez. Zikloa errepikatuz. Ondo  joan  zen jokoa edo jolasa alditxo batean. Baina Drakek jarraitu egiten ninduen Skitx edo Txurirekin nindoanean. Txurik, ere, beste bietako batekin nindoanean. Tokatu zen inoiz hiru txakurrek ilaran jarraitzea, beti ere euren arteko tartea gordez. Nire bidelagun nor, hori zen nonbait beraien arteko norgehiagoka. Skitxek berak ez zidan arazorik sortzen sukaldetik beharrean ate nagusitik ateratzen nintzelako berarena ez zen egunetan. Drak zen lotsagabeena, urrutitik baina luze irauten zuen segika. Berriro ere sartua nintzen zegokien eguneko txakurrak uxatze-dinamikan.

 

Beraz, beraien artean erabaki zezatela auzia erabaki nuen.

 

Horrela joan zen historia:

Atera nintzen Skitxekin,  lotu zitzaigun Draken konpainia taberna aurrean, hurreratzen joan zen, ez nion ez keinurik ez ahotsik luzatu, ikusi zuen nonbait debekurik ez zegoela. Zeharretik begiratzen nien nik biei zer gertatuko. Bertaratzen da Drak,  sekulako harramaskada egiten dio Skitxi. Honek, izututa, alde egiten du korrika bizian. Drakekin jarraitu nuen ibilaldia egun horretan.

Hurrengo Skitxekin atera nintzenean, ikusi zuen Drak tabernako atean eta etxerako bidea hartu zuen besterik gabe. Ez nintzen gehiago joan bere bila. Aurrerantzean sukaldeko atean izanen nuen zain ibilaldiaren ondoren biziki agurtuz  monasteriora sukaldeko atetik sartzen nintzenean. Tarteka monasteriotik behe alderako lurretan egiten nituen ibilaldietara eramango nuen nirekin.

 

Txurirekin errepikatu zen Txikirekin gertutakoa. Txuriri tokatzen zitzaion egun hartan, zain zegoen Drak  taberna aurrean. Baina Txuri eta bion atzean agertu zen lasterrera. Gero eta hurragotik jarraiki. Begi-ertzetik begiratzen nien ikusmin eta zer gertatuko jakinguran. Gero eta hurrago, bertaratu eta eraso egin zion Drakek Txuriri. Txuri ez zen kikildu Skitx bezala. Borrokaldi luzea izan zuten. Drak gertatu zen garaile. Buztan makur itzuli zen hotelera Txuri.

Drak izan nuen handik aurrera lagun nire ibilaldietan. Txuri mugitzen bazen hotel atarian gu inguratzean, axut hotsak aterako zaizkion Drakek, Txurik alde eginen zuen edo bazterren batean gorde.

 

Ez zen hor bukatuko, baina, txakurrekiko afera.

Atzealdetik sartzen nintzen monasteriora ibilbidearen arabera erosoago gertatzen zitzaidanean. Kantoiraino soilik laguntzen zidan Drakek, Skitxen ataurreko territorioa errespetatuz. Han izaten bainuen nuen zain Skitx ate ondoan. Buztanari eragin eta jauzika egiten zidan ongietorria.

Drak, baina, bere jokora itzuli zen. Eta ohikoan bukatu zen, bukatu ere, jokoa. Kantoian aurrera jarraitzen hasi zen. Betiko jokoan nintzen berriro. Bidaltzen nuen hasieran baina, gogaitu eta utzi egin nion ia zer gertatuko. Gero eta gehiago hurreratzen joan zen Drak sukaldeko atera. Skitxek han jarraituko zuen atean, seguru bere barrutian. Ate bertaraino jarraitu zidan behin Drakek, Txikik bertan jarraitzen zuen. Arramaka jauzi bat egin, lepazurretik hozkadaz heldu eta airean astintzen hasi zen erabat bortizki. Akabatu behar zuen. Lepoko uhaletik heldu, garrasika eta ostikadaka lortu nuen halako batean aska zezan gure Skitx. Bizirik zegoen zorionez. Alde egin zuen burumakur Drakek.

Nolanahi Drakekin jarraitu nuen arratsaldeko ibilaldietara ateratzen. Jada ate bertaraino laguntzen zidan. Skitx  etxe barnean gordetzen zen.

 

 

Ibilikoak

Ibilaldira bidean tabernan sartuko nintzen Draken bila atean ez bazegoen. Atea zabaltzearekin bat, etxean bazegoen, mostradore ostean, edo auskalo ze zokotan, berehala agertuko zen. Albo jarriko zitzaidan. Nire bernei lapa-lapa eginda. Joanekin solasa luzatzen zen heinean urduriago, egon ezinik, mugitzen, bernen kontra bultzaka hasiko zitzaidan. Zaunkaz ondoren. Hurrengo pausoa atera hurbilduz, bere aurreko manuekin irekiko zuen sarraila heldulekuari eraginez, gorputzarekin atea zabaldu, eta zaunkari ekinen zion ate irekian, deika. Mugitzen ez banintzen atzealdean jarriko zitzaidan, bi manuak bizkarrean jarri eta tiraka hasi. Zaunka batean jarraituz. Alferrik zen Joanek edo nik neuk isiltzeko agintzea. Une batez isilduko zen, baina bere demari ekinen zion berehala. Gehienetan solasaldia eten eta atera egin behar nuen, ez baitzen han bakerik bestela. 

 

Bizikletaz ere ateratzen nintzen tarteka. Ibilaldi nahiko luzea egiten nuen bazkaloste horietan. Baso edo soro arteko bidezidor eta baso-bideetatik, lur-zoruko bideetatik. Abia lasaian egiten nuen. Inguruaz gozatuz. Baina noizbehinka zirikatu egiten nuen Drak. Azkartzen nuen pedal-emana, bizkortzen nuen abiadura, erabat bizkortu ere tarteka, bikeztatutako errepidea ere hartuko nuen. Ia Drakek zer. Ez zuen etsiko. Han saiatuko zen, gorputza luze bizkarra mehetu balitzaio bezala, muturra gorantz, buztana ez dakit nola, hankak eginahalean aurrera botaz, mingain gorria ia arra bete kanpoan, alboan ezin eta atzetik jarraika atzerago edo hurrago abiaduraren arabera. Baretuko nuen joana, jarriko zitzaidan alboan, arnasestuka, etorriko zen bere betikora eta elkarrekin parez-pare bukatuko genuen eguneko elkarrekiko ordua.        

 

Bestelako bitxikeriarik ere izan genuen:

Ba zen sasiarte zabal trinko estu bat monasterio atzealdean. Etxerako batean katu bat agertu zen bide erdian. Haserre egin zion Drakek. Ondoren geldi geratu zitzaidan begira: zer egin jakin ez nik, eta ez dakit gaizto puntuz edo ikusminez, xaxa egin nion.  “Ia Drak”, ez nion besterik esan. Abiadura amorratuan eraso zion. Katuak sasitzara egin zuen, erraz egin zuen bere gorputz txikiak barrurantz. Trumoia bezala sartu zen sasiartean Drak bera ere, bere gorputz tzarrarekin, ziztu batean, ez dakit nola egin zuen bidea. Ezkutatu zen berdetza arantzadun hartan. Zalaparta hotsa. Intziri batzuk. Isiltasuna. Agertu zen Drak sasitzatik eta nire alboan jarri. Garbitua izanen zuen katua.  Zapore mikatza geratu zitzaidan. Estakuru bezala esanen dut inola ere ez nuela pentsatu sasitzan sartuko zenik Drak. hain zen trinkoa.

 

Zeloak

Atzerritik etxeratu ondoren,  egonalditxoak egin zituen Maria Luisak Miraclen. Monasterioa ohi zuen ostatu.

Maria Luisarekin joaten nintzen ibiltzera egun horietan. Egokitzen nituen granjako lanak berarekin ibiltzeko, ordu batzuk biontzat edukitzeko. Inguruko baso, mendixka eta soro-arteak izan ohi ziren gure ibil-leku. Drak ere batzen zitzaigun, gurekin etortzen zen gehienetan.  Izugarrizko beldurra eta fobia die txakurrei Maria Luisak gaur egun. Ez dakit orduan hala zen. Ez zen behintzat tentsiorik egon txakurra dela eta. Lasai joan ziren hiruon ibilaldiok.

Nolanahi, lehen ibilaldian bertan jarri behar izan nuen bere tokian Drak. Eserialdiak egiten genituen hitz-aspertu lasaian. Etzan ginen pinu orriz betetako zoruan, ikuspegi zabal ederra genuela aurrean. Alboan etzan zitzaigun Drak. Lastan batzuk eman eta xeratsu hasi ginenean, gainera etorri zitzaigun Drak. Bion artean muturra sartu, manuei eragin eta banatu nahi gintuen arnasestuka eginahal guztian.  Haserre egin nion. Alderatu zen, eseri eta bakean utzi gintuen. Aurrerantzean ere.

Eraso bat zelakoan, ni defendatzeagatik izan ote zen pentsatu nuen.

Beste batean, eserita geundela basoan, hesteak libratu beharra izan nuen. Aldendu nintzen bazter batera. Niregana etorri zen Drak. Agindu nion Maria Luisarengana joateko baina nire albo hurrean etzan eta geratu zen, M. Luisa bakarrik utziz.     

Nire bizkartzain izan nahi zuen, hala beretzako soilik nahi ninduen?.

Txiki eta Txuri lekuz kanpo uztea, tabernako ni paseatzera edo kanpora atera behar hura, Maria Luisarekiko nire karesak galarazi nahia… zeloen eraginez zelakoan nago. Beretzat soilik nahi ote nituen Drakek, ez ninduen nonbait ez beste txakurrekin, ez Maria Luisarekin, ezta Joan bere jabearekin ere konpartitu nahi.

 

Kidetza ituna

Nahiko denboraz aurrera izan zen. Jabetu nintzen nik pixa egiten nuenean berak ere egiten zuela. Arreta jarri nuen. Errepikatu egiten zen portaera bera. Nik pixa, berak ere bai. Harrituta nengoen. Jolas bezala hartu nuen, eta jolasari ekin nion. Berak bere kasa pisa egin bezain pronto egiten nuen nik pixa. Ia zer gertatuko. Berak ezin zuen pixagurarik eduki. Baina hanka jaso eta saiatuko zen tanta bat aterako zitzaion arte, edo ahaleginean geratuko zen. Pixa apur bat gorde eta berriro jarraian egiten nuen hurrengo. Eta bera saiatuko zen hanka jaso eta egiten. Jolas bat bihurtu zen.

Baina hara non aldagai bat etorri zen. Nik pisa egindako leku berean egin zuen behin berak ere. Nire pixaren gainean. Eta hala jarraitu zuen hurrengoetan. Harrituta nindukan.

Eta hara non egun batean ni pixa egiten ari nintzela, parean jarri eta nire zorrotada erortzen zen leku eta une berean bota zuen berea. Txundituta geratu nintzen. Ez dut gogoan beste inoiz gertatu zenik hori. Ez dakit ze esplikazio duen, eta badu ere, zein izan daiteken.

 

        

Egun haietan anekdota bat besterik ez ziren niretzat Draken portaera haiek, elkarrekin ordu haietako zertzeladak. Miracleko oroitzapenok garunetan irabiatzen eta hizkiz gorputza ematen hasi naizen honetan, misterio bat zait txakur haren portaera. Nire alboan joaten zen beti, pare parean. Ez zuen alde eginen pare bat metro ere nire ondotik. Orain ez dakit nire zaindari, nire konpainian ala agian nire bikote. Berea banintzen lez. Edo agian bera nirea. Beretzat nahi ninduen. Ia esklusiban.  Erabateko misterioa zait Draken portaera. Pixaren azken gertakizuna beretzat itun bat sinatzea bezala izan zela uste dut.

 

Lirudike nire Drakekiko harreman haiek borobildu, eta irudimenez osatu ditudala. Nolabait fikzio bat egin dudala egiazko zerbaiten inguruan. Inola ere. Bizi izan nituen bezala azaldu ditut. Ez dut ezer ez aldatu ez gehitu.

 

Miracletik aske irten eta urtebete geroago bueltatu nintzen Miraclera. Bisitari oraingoan. Banuen Drakek ze harrera eginen ote jakin-mina. Ez zegoen. Hutsune bat bezala nabaritu nuen. Joanek esan zidanez egun batez atera zen, ohi zuenez, baina ez zen itzuli. Norbaitek, auskalo zergatik, tiro bat eman edo pozoitu zuela uste zuen.

 

 

Ulertzen dut txakurra lagungarri izatea.

 

 

 

.

 

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/10/03 09:50
Giro soziopolitikoa

7.-GIRO SOZIOPOLITIKOA

 

 

Hainbat ekintza egin zituen ETAk Miracleko urtean, herri mugimendu bizia zegoen Euskal Herrian, gorabehera asko izan zuen politikak Espainiako Estatuan. Nire egoera eta harremanekin  zerikusi zuzena zuten gorabeherak ziren, nire etorkizunari eragiten ziotenak. Bizi jarraitzen nuen egoera politikoa. Hartua nuen nolanahi nire harrera, emana nion nire atxikimendua talde troskista bati, batez ere zuzen eta sakon begiratzen ziolako arazo sozialari, baina sakon bizi nuen abertzaletasuna, bestalde jada kartzelatik oso garbi neukan bide armatua ez zela askatasunaren helburua lortzeko tresna egokia, baina bere pisua zeukan oraindik garai bateko erakunde armatuarekin loturak

 

Islatuta dago hori dena nire egunerokoan, atal batean biltzea pentsatu dut.

 

Ez dut ia gogoetarik egiten gai politikoez egunkarian, ezta jardun armatuari eta hilketei buruz ere. Zenbait bisitekin, aldiz, solas eta eztabaidagai nagusia zen. Eskematikoki egunerokoa jasotzea zen nire egunkariaren helburua, ez nuen urte hartan gogoeta idatzietarako patxadarik, lana eta bisitak tarteko, hartuegi nituen orduak, nekatuegi egon ohi nintzen ere gai horietaz idazten hasteko. Agian ez nuen politika eta jarduera armatuez eta orokorrean gai politikoez hitz egiteko premiarik sentitzen ere.

 

Hona hemen egunkariak agertzen diren urte hartako zenbait gertaera politiko.

 

Apirila

2a.

Kartzelara eraman dituzte auzipetuta Coordinadora Democraticakoak. Gobernua gogor dago. Irtenbiderik ez duelako: badatorkio krisia edo krisia jadanik bere baitan du. Berezkoa du nolanahi krisia sistema honek. Oposizioko talde hori horrela erabili behar badu, horrela jokatzen badu gobernuak, deseginen dira demokrazia usaiak, behera datorkio muntaia osoa. Okerragoa du etorkizuna herriaren harrera eta jokabidea zitaltzen bazaizkio. Prentsa oso gogor dago, oso kritiko Gobernuaren aurka.

Jonek kontatu du aurretxoko mitin batean  “Gora Euskadi Sozialista” oihua asko txalotu zela, “Gora Euskadi Gorria”, berriz, txistuka eta txarto hartua izan zela. Jakin behar dut non eta nola izan zen, datu interesgarria izan daiteke herri-giroaz jabetu eta nola jokatu ikasteko.

 

4a

Berrogeita zortzi ordu barru Aingeru hiltzeaz mehatxatu omen du ETAk, baldin eta ordaintzen ez bazaie eskatzen duten diru kopurua.

 

5a.

Kritika gogorrak Gobernuari egunkarietan.

Aingeru hiltzeaz mehatxatzen du 48 orduan dirua ematen ez badute.

Telebistak esan omen du ETAko 50 lagun atzeman dituztela.

 

6a.

Mateuk ekarri digu albistea eguerdian, bazkalorduan: 30 euskal presok ihes egin dute Segoviako kartzelatik. Ospatu dugu ihesa. Telebistak ordea esan du mordo bat harrapatu dutela. Gauean eman dute 7 ez beste denak harrapatu dituztela. Kinki da ihesi dagoenetariko bat.

 

7a.-

Danbok deitu dit, datorren astean dator. Ihes egin zutenak abandonatu egin dituztela dio.

 

8a.

Aingeru garbitu dute: eibartarrek eman didate lehen albistea, gero telebistan ikusi dut.

Telebista betiko bidean, ETAri buruz betiko informazioa luzatuz, oso luze.

Gesalaga ere harrapatu dute, beste batekin batera. Ihes egindakoetatik lau falta dira atxilotzeko.

 

9a.

ETAren aurkako jarduna besterik ez dago telebistan.

Aingeruren hiletak Elgoibarren. S.Pedro apaiza ikusi dut telebistan, nonbait gorpuaren bila joatea tokatu zaio. Elizan Karlos agertu da: gotzainaren idatzi bat irakurri dute: ez du nonbait idatziak ezer esan, askorik  edo agintarien gustukorik behintzat,  ez baitute ia aitatu ere egin: betiko lez erdibidetik hartuko zuten gotzain-apaizok.

 

10a.

ETA, Segovia ihesa eta Aingeruren hilketa besterik ez dator egunkarietan.

Kinki bosgarrenekoa dela dio egunkariak.

Gazte bat hil du poliziak  Zarautzen.

 

11a.

Harrapatu egin dituztela Aingeru hil zituztenak, hala diote albisteek. Bada berriz ere infiltratu edo saldu den salatzaileren bat. Ia orain zer dion edo zer egiten duen Gobernuak.

 

13a.

ETA inguruko laurogeitik gora izan dira atzemanak.

 

13a.-

Ikurrina asko jarri da Euskal Herrian: txapeloker bat hil du argindarrak ikurrina kendu nahian zebilela.

 

14a.

Nafarroan debekatu egin dute bertan Aberri Eguna ospatzea. Nafarroaren nortasuna gorde nahian dabiltza agintari nafarrak beste hiru probintziekin nahas ez dadin.

ETA eta etarrak, besterik ez da aitatzen telebistan.

 

22a.

Nahastea dago Gobernu barruan.

 

23.

Zurrumurruak, tentsioa, atxilotuak, gobernu barruko krisia, irtenbiderik eza.

 

29.

Ariasen diskurtsoaren aurka  dago mundu guzia. Oso gogor egon ere. Gogortuz  doa eskuina. Kezkaz nago nire etorkizunari buruz, hemengo egoeraren etorkizunari buruz alegia. Kontuz ibili beharra dut. Ez dut ikusten Espainiako egoerak ze aterabide izanen duen. Herriak lortu beharko du irtenbidea, borrokaren bidez eta oposizio “legala” suspertuz.

 

Maiatza

1a.

Manifestazio gogorrak, eta atxiloketa asko.

 

18.

Inpase batean dago Espainiako egoera politikoa, ez da argitzen etorkizuna: Oposizioko alderdien jokamoldea motela da, gobernuak zer egingo bezala, beldurtuko ote den zain bailego. Gobernua bera, bere betikoan. Kazetariak sekula baino garratzago eta kritikoagoak, baina oposizio legalaren bidetik. Bunkerraren manifestazioa debekatu du Gobernuak. Montejurrako hilketek izen onetik asko kendu diete eskuineko indarrei, gerrillariei... Montejurrako hiltzaileak, baina, ez dira pasa polizia-etxetik, kartzelara eraman dituzte eta bertan hartzen dizkie aitorpenak.

 

19.  

Asturiasen daude Erregeak: asperdura hutsa  telebistan berri honekin. Ez dute beste hainbat lekutan bezain ospetsua izan harrera.

 

 

Ekaina

1.

Pakok deitu dit: CCOO barruan bileretan dabiltza nagusiekin, legeztatuko ote dituzten edo.

Zamora hutsik dagoela dio La Vanguardiak. Beraz Jose ere eramana zuten jadanik norabait.

Apaiz batek hitz egin du PSUS-eko mitin batean.

 

9.-

Faxista bat garbitu zuten atzo Basaurin.

 

22.

Pasaporte eta guzti, hitz onak jasota arren, kartzelara sartu dute Bilbon Euskal Herriratu den bat.

Grebak eta atxiloketa ugari Estatu osoan. Maiatzaren Lehena datorrelako nonbait.

Datorren ostiralean eskatuko omen dio indultua erregeari Gobernuak.

 

Uztaila

1.

Dimititu egin du Ariasek.

 

2.

Bota egin dute Arias.

 

7.

Gobernu berria; inolako osperik  gabe hasten da, bigarren mailako jendilajea baita.

 

9.

Amnistiaz ari da jende oro, izanen dela diote denek, baina ni ezkor naiz.

200 mila manifestari Bilbon!!!.

 

10.

Erabat orokorra da amnistia eskabidea, oihu bat.

M. Luisari deitu diot: manifestazioa egin da Eibarren ere, emakume bat hil dute Santurtzin txakurrek.

 

12.

Gaur Legebiltzarrean lege berria bozkatu eta onartu behar dute: ez dago besterik egunkarietan.

 

15.

Mini indultua iragarriko dela bihar diote egunkari eta irratiek.

 

16.

Gobernu Programaren zain egon naiz: goizeko lauretan eman dute. Ez dago ezer garrantzitsurik, amnistia deritzonak barruan uzten gaitu erdiak.

 

18. Gero eta hurbilago ikusten dut Amnistia.

 

 

Abuztua

18.

Indultua eskatu dute niretzat.

Ezer guti espero daiteke indultuari buruz. Felixekin hitz egin dut: astebete barru erantzungo omen du Orejak.

 

20.

Solsonara eta Miraclera heldu da Ibilaldia. Atxilotuak egon dira ekintza inguruan. Agertu dira berriz ere txakurrak. Ibiltariak elizan geratu direlakoan nago.

 

25.

Felixek deitu dit. Ez nauenez etxean aurkitu neuk deitu diot gero: ez dago berririk, terrorismo aldetik ez dut arazorik. Lege berezien gaietan militarrek dute erabakia eta zortzi egunen barruan jakinen omen zer erabakitzen duten.

 

Iraila.

9.

Mao hil da!.

 

10

Suarezen diskurtsoa: hitz hutsak.

Bigarren bat hil da Hondarribian.

Felixi deitu diot: berak ez dio horrelakorik, baina ez dago zereginik nire askatasunari buruz.

 

11.

Gobernu aldaketaren legea azaldu-iragarri dute: hutsune handiak ditu, hitz hutsean gelditzen da.

 

13.

Greba Orokorra eta istilu asko Euskadin. Gogor aritu dira txakurrak ere.

 

16.

Oso gogor datoz egunkariak, aldatu egin da aldizkarien giroa Euskadin egunotan. Oso gogorra da ere herriaren erantzuna, aurrerapausoak eman direlakoan nago: Gobernuaren kezka izan behar duen batasuna, langile asanbladen areagotzea... Alkateak ere oso gogor: Martin Villa Euskadira joanarazi dute. Txakurreria ere oso gogor, Gobernuak ez du txakurrena beste irtenbiderik.

 

21.

Gose greban daude presoak.

Zabal dabil ikurrina libre izanen ote den zurrumurrua.

Gobernua berriz, oso gogor agertzen da. Gobernuak edo gobernuek 31 erail dituzte Franko hil ondoren!. Baina bestalde Gobernua Euskadi patxadatu nahian dabilela dirudi.

 

22.

Militarren aldaketa Gobernuan. Santiagoren ordez, Mellado lehendakariorde.

Irarsuegi, Jabi, libre ote dagoen dio Pirenaicak.

 

25.

Euskadiko biharko greba orokorraren aurka Telebista.

 

27.

Oso sendo Euskadiko greba orokorra.

 

28. Oso une gogorra da bai politika esparruarena zein Espainiako egoera orokorrarena. Berri asko dator hedabideetan. Oso gogor agertzen dira eskuindarrak.

 

 

Urria

4.

Gipuzkoako Diputazioko lehendakaria garbitu dute: ezinegon bizia dago telebistan. Ez diote zein izan den erail duen taldea, baina gauean Paris Irratiak dio ETAK hartu duela bere gain.

 

6.

Paris Irratiak dio harrapatu ote duten Diputazioko Zuzendariaren hilketarekin zerikusia duena. Gobernuak patxada itxura azaltzen du, ETA  berriz, egur-hotsean dabil.

 

8.

Baliabide ekonomikoak hartu ditu Gobernuak, bere hitzetan fidatuzko herriaren baietza nahi du, besterik gabe.

 

19.

Felipe, Bandres eta Castells atxilotu dituzte. Gogorrera egin du Gobernuak.

 

 

Azaroa

2.

Gauean Felixek deitu dit ia nolabaiteko erantzunik zegoen galdetzeko; bihar Zuluetarekin egongo da.

 

6.

Pistolak lapurtu dituzte atzo Eibarren.

 

8.

Gobernu birmoldaketa omen dator.

 

11.

Lauriren urtebetetzea,  telefonoz deitu diot: nahaste handia omen dago, bihar greba egin edo ez; abertzaleek ez omen dute nahi egiterik.

Maria Luisak ere deitu dit: lan eginen dute bihar Ikastolan; berriz ere abertzaleak beraien aldetik, beraiek bakarrik askatu nahi dute herria, mesfidantza izugarria diote batak besteari.

 

12.

Gogorra atera da greba orokorra, batez ere Euskal Herrian.

 

19.

Lege berria bozkatu eta onartu behar dute gaur Legebiltzarrean: ez dago besterik egunkarietan.

 

20.

Amnistia kanpaina hasi da berriz.

 

21.

LCRko ehundik gora lagun harrapatu du poliziak Arantzazun bilera batean.

 

 

Abendua

4.

Epailearengana ere joan naiz: errekurtsoari ezetza eman diote, baina erantzuneko idazkian nire garaikoak ere ez diren bonbak aitatzen ditu, izan nuen prozesuan baino errudunago egiten naute.

 

11.

Oriol bahitu dute.

 

14

Espainiako Presidentearen diskurtsoa: betikoak.

 

16.-

Oriolek bahituta jarraitzen du, presoen askatasuna eskatzen dute berearen truke.

Parte-hartze handia bozketan, ofizialki diotenez. Euskadin erdiak izan omen dira: gehiegi da!.

 

17.

Erabat dramatikoa dago Oriolena, gau erdian bukatzen da azken epea.

Indultu zurrumurruak dabiltza, bahiketaren inguruan zabaldu dela itxura hartzen diot, Oriol garbitu ez dezaten.

 

22.

Carrillo atxilotu dute.

 

31.

Baliogabetu eta kendu egin dituzte TOP eta eskumen bereziak.

Kondenak berrikuzten eta aztertzen hasiko diren itxaropena piztu da.

 

 

1977

 

Urtarrila

12.

Suarez Presidentearekin egon da Oposizioa. Amnistia eta partidu politikoak legeztatzea  dabil denen ahotan, baina ez dago ezer garbirik.

 

13.-

Camiñak ere deitu dit: nitaz hitz egin zion Oposizioak Suarezi.

Karmelek ere deitu dit, Camiñarena aitatuz.

 

14.- M. Luisak deitu dit: Aste Santurako etxera. Haserre erantzun diot: herria kalean dago, eta oposizioa pozik agertzen da jarritako epearekin!.

 

16.

Alkateek ez dute biltzerik izan Etxarri Aranatzen, ez diete utzi Mondragoira sartzen ere.

 

19.

 Ikurrina legeztatu dute, denean jarri omen dute.

 

23.

Gazte bat garbitu dute amnistiaren aldeko manifestapen batean Madrilen.

 

24-

Neska bat hil dute txakurrek gas-potez manifestaldi batean.

Militarren epaile nagusia bahitu dute: GRAPOkoek nonbait.

Atzo Kristoren Gerrillariek 5 legegizon hil zituzten, beste bost larriki zaurituak utziz.

 

25.

Hil egin da zauritutako abokatuetako bat.

 

26.

Abokatu hildakoei lur ematea: manifestapen handia.

Manifestapen oro debekatu eta galarazi du Gobernuak.

Egonezin bizia nabari da hilketen ondoren. Faxista asko atxilotu eta kanporatu omen dituzte.

 

27.

Zer esan asko dago Madrileko gorabeherei buruz: oposizioa gobernuari lagunduz dabil giroa baretu asmoz, gobernua berriz benetako erabaki positiborik hartu nahi ezta.

 

28

Hiru txakur garbitu dituzte Madrilen, beste bost larri geratu dira. Eskuindarrak izan ote diren hiltzaileak. Giro larria arnasten da.

 

29.

Suarez Presidenteak hitz egin du: betiko topikoak.

Ezkertiarrak atxilotzen ari dira, eskuindar bat bera ere ez.

Gobernua defendatzen ari dira PC eta ingurukoaek, ezkerra gaitzesten eta herria kalera atera ez dadin eusten.

 

 

Otsaila

1.

Eskuindarrak  atxilotzen ere hasi dira.

 

Martxoa

4.- Amnistia areagotzea datorren astean izango dela dio Gobernuak.

 

5.-

Inguruko paiesak bildu dira Solsonako  errepidean. Eulogi ez da joan.

Egurra eman dute txapelokerrek Euskadin: Gasteizen, Eibarren...

 

8.-

Bi polimili hil dituzte txapelokerrek Itsason.

 

9.-Barrenek deitu dit ondarrutar   ?     askatu omen  dutela esanaz.

 

10.

Barrenek deitu dit ondarrutarraren askatzea ez dela egia esanaz.

Maria Luisak deitu dit: greba orokorra deitu dute Gipuzkoan.

 

11.

Oso ilun dago amnistia ala indultua izanen den, ez dago garbi nor aterako den kalera.

 

12.

Deika ditut denak ia aterako naizen ala ez.

 

13.

Txapeloker  bat hil dute Arrasaten.

Mugimendu handia dago Euskadin, Belodromoa hartu dute Donostian.

Nik Manzanas hiltzearekin zerikusia dudala omen dio egunkari batek, Camiña abokatuak esan didanez. Protesta egin du.

 

 

Jada korrontean, erabat irentsiko ninduen laster zurrunbilo politikoak

 

 

 

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/09/26 09:25
BISITAK. Atarikoa, Familia, M. Luisa, Apaizak, Laikoak,

BISITAK

 

 

ATARIKOA

 

Zenbait gogoeta

7 urteko ia era bateko isolamenduaren ondoren familiarekin, lagunekin, ezagunekin, jendearekin, bestelako ordura arteko ezezagunekin elkartzea, jende berria ezagutzea, lagun berriak egitea, hitz egitea, eztabaidatzea, iritzi ezberdinak, sarri kontrajarriak, alderatzea… ekarri zidan monasterioko urteak.

Emozionalki barne astindua eragiten zidan urtetan ikusi gabeko familiako eta lagunekin elkartzea. Ume edo gaztetxo utzi nituen  ezagunen edo ingurukoen seme-alabak, ia ezezagun zitzaizkidan,  berrin-berri ezagutzea bezala zen, zirraragarria zitzaidan.

Berriztutako giza harreman hauek izan ziren kartzela ondorengo monasterioko bisitek eskaini zidaten egoera berriko altxorrik eragileenetarikoak.

Eraginkorrak izan ziren bisitok politikoki nire burua egoerara egokitzeko.

 

Ez dut uste nire pertsonarekiko atxikimendua adierazten zutenik bisitok, soilik behintzat, nik uste presoendako errespetua eta miresmena zela bultzarazten zuena jendea Miracleraino etortzera: mitoa zen presoa, luzaroan izan den bezala, gaur egun ere askorentzat den bezala. Ez dakit egindako borrokak, ideologiak ala besterik gabe kartzelak berak sortzen duen presoarenganako begirunea: misterio kutsuak inguratzen du preso oro, kartzela bera ere. Presoekiko errespetuak, sarri miresmenak, bazuen eragina. Guzti horrek oratu zuen urte hartako Miraclera jende pilaren erromesaldia.

 

Zoologiko bateko animalia bitxia bezala nintzen ni zenbait bisitarientzat, baita monasterioko monjeentzat ere. Azken hauek denei aurkezten ninduten, denak agurtu behar nituen. Monasterioan zegoen ETAko preso bat nintzen. Bitxikeria bat segur aski askorentzat. Bazuen zerbait hain urrutira bisitan  zetorrenak: euskal sena, edo nire apaizgintzaren kezka, edo apaiz-preso nahasketaren jakin-mina, sentiberatasuna, hurbiltasun afektiboa, egoera politikoa, ETAren mitoa...

Paiesak zein monjeak harrituta zeuden bisitek nabarmentzen zuten herri solidaritatearekin. Elkartasun hura ez zela nire pertsonarekikoa, euskal arazoarekikoa baizik, esaten nien.

 

Kontraesan bat ere banintzen askorentzat: apaiz bat, kristau bat ere, erakunde armatu bateko kide, armatuta ibilia, epaiketa gogoangarri bateko partaide epaitua... Ohiz kanpoko egoera.

Ez dut erori nahi apaltasun faltsuan. Pertsonalki ere estimatzen ninduen jende batek. Ez nintzen alferrik gizon publikoa izan 10 urtez, bi parrokietako arduradun. Banituen estimatzen ninduten hainbat kide, asko estimatua ere banintzen batzuentzat.

 

Ez naiz ni oso berbatsua, baina iritziak trukatzeko plataforma bat izan ziren Miracleko  bisitak. Egoera politikoez hitz egiten genuen, eguneratu nintzen herriko egoeraz, harreman zuzenen bidez. Erabat helduagoa atera nintzen monasterioko egonalditik.

 

Pena dut hitz egin genuenaz, iritzi trukaketa haietaz, gehiago idatzi ez izana, ez egunkarian ez bestelako ahaleginean. Ez nuen ezer zehatzik idazten, eguneroko zertzeladatxoak ezik, ez nuen astirik, agian ezta adorerik ere nekearen ondorioz. Bestalde, uste nuen hain bizi, hain min, intentsuki, bizi izanik, betirako inkatuta geratzen zirela bizipen eta sentipen haiek, nahiko zela zedarri batzuk jartzea, gutxieneko euskarri batzuk, bizipen horien baso jori horretako bidezidorrak berribiltzeko. Tamalez, edo halabeharrez, denborak lausotu edo leundu ditu, ohi duenez, egun haietako zertzelada asko edo gehienak.

 

Opor egunetan -Aste Santua, uda, Gabonak- izan zen bisitarien uholdea. Batzuk zuzenean zetozen ni bisitatzera egun gutxi batzuetarako, egun bakarrerako ere zenbait, beste zenbaitek ni ikusi ahal izatea baliatzen zuten oporrak inguruko nonbaiten antolatzeko, baziren oporretara bidean desbideratzen zirenak une batez bederen ni agurtzeko.  

Asteburua baliatzen zuten askok: nirekin ordu batzuk pasa ondoren itzultzen ziren. Baziren arratsalde beranduan, gauean ere,  etorri ohi zirenak, hainbat orduko bidaia egin eta gero, hurrengo egunean nirekin ordu batzuk soilik egin ahal izateko. Goiz joan ohi zen igandean bisitaria, bidaia luzea zen, hurrengo goizean lanera joan behar zen.

Egonaldi luzeagoa egiten zuten opor, asteburu luze eta zubiez baliatzen zirenak.

 

Kopurua

Urruti zegoen Miracle Euskal Herritik. Lleidatik bertatik ere. Urruti ez ezik bide estu, biratsu eta alpapatsua zen Lleidatik bertarainokoa. Adierazgarriagoak egiten ditu  horrek zenbakiak:

- 416 bisitari ezberdin izan nituen, batzuk bizpahiru eta gehiago aldiz etorri ziren.

- Maiatzaren 22a: 12 pertsona etorri zitzaizkidan egun honetan bisitan!.

- Abuztua 11: 7 izan ziren egun honetako bisitak.

- Abuztuaren 12a: 20 !!!  izan ziren egun horretako bisitan etorritako pertsonak.

- Abuztuak 22: 13 izan dira gaur bisitak.

- 3, 4, 5 eta gehiago bisitariko igandeak asko eta asko izan ziren.

- Aste barruan etorri ohi zen Kataluniako jendea, bakarka, binaka, hirunaka….  Batzuk lagunak edo lagunen ezagunak edo nire berri izan eta ezagutu nahi nindutenak.

Bitxikeriak

- Pedro Zelaia eta bidaiari autobuskada. Hauek ez dituk kopuru osoan sartu.

- Jose Kerido eta Pirinioetara zihoan autobuskada. Hauek ere ez ditut kopuruan sartu.

Aipatzekoa da: ibilbidea aldatu eta erabat luzatu zuten nirekin egotegatik. Agurtu beste ezer gutxi egin ahal izan genuen,  baina, etorri egin ziren.

 

Zertzeladak

Betikoak bakarrik gelditu gara.

Arnasa izaten zen sarri bisitarik gabeko eguna.

Abuztua, 16. Goiz joan da laukotea. Ni neu bakarrik!,  hilabetean lehenengoz. Gela garbitu, egunkari hau osatu, albisteak entzun, monasterioan bazkaldu…

Ahul eta nekatuta bukatzen nuen eguna sarri, bakarrik eta lasai egoteko irrikaz.

Bikotearekin ari nintzela, lan eta hitz, Justi, priorea, etorri zait beste hiru dauzkadala zain esanez. Eulogi agertu da, lana utzi dut eta monasteriora igo dugu biok.

Bisitak bisita, granjako lanarekin jarraitzen nuen, hitza bete nahi nuen.

Etxea ikusi, paseatu...

Atsegina zitzaien bisitariei monasterioa ezagutzea, beste zeregin handirik ere ez zegoenez... inguruak erakusten nizkien, zenbaitzuei baita monasterioko zatiren bat ere.

 

 

FAMILIA

Etxekoak

Amarena izan nuen lehen bisita, lehen egunean bertan, jakinaz baninderamatela, Felix, apaiz-lagunak heldu nintzen egunean bertan ekarri zuen. Arratsalde beranduan heldu zen. Lehenengoz besarkatu ahal izan nuen zapi urte ondoren. Hunkigarria izan zen.

Egonaldi luzea egin dut amarekin, bakarka. Feliserekin ere bai. Hainbat gai ukitu ditugu.

Etxeko denak agertu zaizkit eguerdian, lehenengoz bederatzi urte ondoren bildu gara familia osoa.

Argazkietatik soilik  ezagutzen nituen iloba biak. Ez zuten bisitara sartzerik Zamoran. Funtzionarioekin geratzen omen ziren beraien bulegoan, eta ondo pasatzen omen zuten.

Elgoibarkoak eta Errenderiakoak.

Oporretan eta zubi luzeetan etorriko ziren, sarriago etorri zen ama, norbaitek ekartzen zuen, lanean baitzeuden etxeko beste denak.

Abuztua, 16. Etxekoen zain nago. Afal aurretxoan etorri dira egun batzuk nirekin hemen egitera. Zeldetako etxebizitza alokatu dute hamabost egunerako. Etxea moldatu dugu,  ondoren hotelean egin dugu afaria. Nahiko berandu heldu naiz monasteriora.

Goiz joan naiz monasteriora.

Etxekoekin egiten nituen jatordu gehienak beraien opor egunotan.

Elkarrekin egin dugu Gabon Zahar, hotelean, goizeko laurak artekoa izan da.

Bukaera eta hasera bikaina urteari.

Gau horretan ez nuen izan Gabon eguneko bakardade bizipenik.

 

 

Errenteriakoak

Apirila. 3. Errenteriako senideak etorri zaizkit, Josebarekin. Oso ondo bilatu ditut eta bilatu naute. Egonaldi luzea elkarrekin. Kontu asko. Bihar etorriko dira berriro. Ardo eta gazta ona ekarri didate.

Sarri etorri ziren Errenteriako familia. Mirenen aldekoak alegia. Ez ditut aipatzen Jon eta Itziar ilobak: erabat aldatuta egon behar zuten, hauek ere argazkietatik ezagutzen nituen. Gazta ekarri ohi zidan Mirenek, Idiazabalgo gazta, aparta, monasterioan jaten genuen. Mirenek postu bat zuen merkatu plazan.

Errenteriako familiarekin pasa dut goiza: hitz egin, etxea ikusi, argazkiak atera...

Euskara batuari buruzko  beraiekin eztabaidak ditut batez ere gogoan, era bat batuaren aurka zeuden, batez ere “h”aren aurka. Eztabaida sutsuak ziren. Gaia erabat politizatua zegoen. Jeltzale biziak ziren.

 

Zaldibarkoak

Abenek bidali dizkit aldizkari mordo bat postaz.

Ama, osaba Patxo, Abene  eta Roberto, izeba Karmen, Alexander, Andoni eta Mari Karmen,  Jose Ramon,  etorri dira.

Bazkal ondoren gaztigatu didate hemen direla Andoni-M.Karmen eta Ibon-Madalena. Hotelera joan natzaie kafea hartzera, bazkalondoren gurutzera joan gara, hitz eta hitz.

Andoni, emaztea eta hiru semeak etorri dira.

Sentimendu ukitu berezia zuten bisita hauek. Harreman handia izan nuen beti Zaldibarkoekin. Ama zen bertakoa. Uda guztietan egiten nuen aldi luze bat amandriaren etxean, apaiztu nintzen arte.

 

Beste osaba izebak

Izeba Pepita, Osaba Franzizko eta Esther etorri dira.

 

 

M. LUISA

Bereziak izan ziren Maria Luisarekin harremanak Miraclen. Bereziak izan ziren aurretiko harremanak ere. Berak sartu ninduen ETArekin harremanetan, ihes eginda ibili ginen batera, gordeleku batean banatu ginen bera exiliora ni ETAko liberatu bezala. Miraclen egin ginen nolabait bikote. Kontaketa askotan ageriko da baina hemen doaz berari buruz soilik diren zenbait pasarte.

 

M. Luisak deitu dit: guardia zibilak direla-eta kezkaz dago bihar etortzeko, bere egoera ez baita oraindik zeharo legala, Fragak pasaportea izenpetu zion arren. Etorriko da nolanahi, bihar bertan eta hemen ikusiko dugu zer egin.

Maiatzaren 3a. M. Luisa etorri da, gauean, berandu, hamarrak ondoren: hura poza, besarkadak eta musuak. Ez du oraindik legalizatu bere egoera Eibarren. Horregatik ez da zentzukoa hotelera joatea. Monasterioan gelditu da. Berandu zenez Justik monasterioko gela utzi dio gaur gaberako, biharko gaua sukaldeko geletan eginen du Kontxirekin. Baina nire gelan eta nire ohean egin dugu lo. Esperientzia itzela. Gau guztikoa bota dugu esna. Hitz eta pitz. Egunsentian egongela nagusira joan gara eguzkiaren irteera ikustera.

Oso luze joan zitzaidan esperoa. Lleidatik taxian etorri zen, haraino trenez.

Monasterioko nagusiaren jarrera ere aipagarria izan zen: araudiak ez du uzten emakume batek klausuran lo egiterik, berez ezta oinak jartzerik ere, baina egoera berezia zen. Nortasuna duenak soilik hartzen du horrelako erabakia.

Gau berezia hura.  Goizean M. Luisaren gelako ohea zimurtzera joan ginen, ibilitakoaren itxura ematera. Baina monjeek ez ote zuten zerbait igarri?. Agian...

M. Luisa etorri da hamarrak aldean. Kontxitarekin gelditu da sukaldean. Justik zioen ez zuela merezi hotelean egotea garestia zela eta, sukalde inguruan leku asko zegoela, Kontxiri ere konpainia eginen ziola. Oso ondo zetorkion M. Luisari, gustura geratu zen.

Aukera zen bakoitzean etorriko zen  urtean zehar. Ibilaldi luzeak egin genituen, ordu eder asko pasa genituen, bai monasterioko, bai hoteleko, bai inguruko beste denen oso lagun egin zen. Monasterioan eginen zuen lo sukalde inguruko geletan. Bazkaldu ere sarri Kontxirekin.

M. Luisa eta biok geratu gara bakarrik monasterioan, Mateu Kontxirekin joan da Manresara, Benet gorra denez ez du ezer entzuten... beraz,  neu, presoa!!! nago etxezain.

Tabernako Joanekin egin dugu tope: bere etxea eskaini dio M. Luisari.

Ordu-bata arterako ibilaldia.

Gaueko ibilaldia egiten genuen sarri biok telebista ondoren.

Felix telefonoz. Bolo-bolo omen dabil hainbat kontu Eibartik: Maria Luisarekin ezkontzeko naizela, komunista naizela, LCRko kide naizela... baita ere esan dit erakundea ni kapitalizatu nahian dabilela... Badabil norbait azpilanean!.

Ez ziren harritzekoak esamesok.

 

APAIZAK

Gipuzkoarrak

Jazinto Argaia Gizpukoako gotzaina, Setien gotzaina, Aita Mauro Lazkaoko abata, Joxe, Xanpru, Bereikua, Azpeitia, Jose Juan, Antonio Beitia, D. Jesus, Eguren, Luismi, Belloso, Keleo, D. Pedro Arratekoa, Periko Zelaia bere erromesekin, Aldaregia, Pio, Manzi, Zapirain, Aldasoro, José Albisu, Kornelio, Martin Beltz, Salegi, Juan Jose Garmendia, Ansuategi,  Felix, Aginaga, Carlos, Labaka, Otamendi, Elus, Alberdi, Joxe Txiki, Balentin Zamora, Eguren Jose Mari, Belloso, Sabino Aranburu, Arregi, Joxe, Lazkaoko monje bat, Jose Mari Landa, Luis Urbieta,

46 apaiz Gipuzkoatik.

 

Zenbait gogoeta

Bada aldea apaizengatik laikoetara; mintzakide erosoagoak dira laikoak, gaiez, berezkotasunez, zehaztasunez, argitasunez.

Jazinto etorri da. Betikoa. Ordaindu du hiru hilabetekoa. Gureari berak idatziko zion “dokumentoa”: betiko biguna. Nire zirikadei ihes egin die. Ordubete bakarrik egon da. Dirua, apaiz dirua edo amari ematen zaiona aitatu dit, baita Azitainera ni joatea ere.

Jazinto, On Jazinto Argaia zen, Donostiako gotzaina. Izenaz soilik aitatzen genuen gure artean kartzelan, horren oihartzuna da egunkarian izena soilik jartzea. Gogoan dut bisita hura, nire hainbat kontraesan agirian jarri zitzaizkidalako eta utzi zidan deserosotasunagatik. Ez nekien gotzaindegiak ezer ordaintzen zuenik ni komentuan egoteagatik, uste nuen Gobernuaren zeregina zela, eta segur aski Gobernuak ere ordaintzen zuen, baina guti. Ez nekien amari dirurik pasatzen zienik. Bestalde  nire buruan ez zegoen apaiz jarraitzerik baina Obispoak nirekin kontatzen zuela itxura egiten zidan. Ez dakit zer esan nion baina Azitainera ez nindoala eta apaiz jarraitzeko asmorik ez nuela esan niola dudarik ez dut egiten. Guzti horretaz ez zuela hitz egin nahi ere gogoan dut. Orokorkeriez ibili ginen. Nire zirikadak kartzelari, eta nire egoerari buruzkoak ziren. “Dokumentu” horrenik ez dut ezer gogoan. “Betikoa” diodanean beti oso azaletik ibiltzen zelako da, ez zuen nahi izaten zuzen gai korapilatsuez hitz egitea. “Kontrabandista” deitzen zioten, izan ere muga inguruko herri batekoa zen, Etxalar-ekoa edo, baina batez ere zeharbideetatik ibili ohi zelako, arazoei zuzen eta sendo heldu gabe. Bihozbera zen, estimatzen ninduen, baita neuk ere bera, baina zaila zen harreman ganorazkorik berarekin edukitzea. Harritu ninduen etorri eta ordubetera bazihoala esaten hasi zenean, ezustekoa hartu nuen, gutxienez ordu batzuk elkarrekin pasako genituela uste bainuen behin haraino joan ezkero eta zer aztertu asko genuelako. Cartagenako moldaezinen kartzelan ere hori bera egin zidan: haraino joan, bisita soila egitera haraino etorri  eta ez dut uste ordu erdirik ere egin zuenik: nire ustez apaizek bultza eginda, edo apaizei egon zela esateagatik etortzen zen. Arrateko festa egunean ikusi nuen gerora, pasioan zebilen beste apaiz batzuekin Arrateko zelai inguruan. Joan nintzaion agurtzera, gogoratzen naiz esan  zuela “honek maite nau”.

Aita Mauro etorri da, tabernara etorri zait.

Lazkaoko beneditarren Abata zen Aita Mauro, oso ezaguna. Egon zela, elkarrekin egon ginela... gogoan dut baina zertzelada nabarmenik ez. Tabernari eta telefonari lanetan nengoen egun horretan Joanen ordez. Nire ustez bera izan zen ahalbideratu zuena ni Miraclera ekartzea. Ez nuen eduki berarekin patxadan eta ganoraz egoteko abagunerik.

Setien gotzaina ere etorri zitzaidala bisitan, besterik ez dut gogoan.

Jose Juan, Antonio Beitia eta D. Jesus. Bazkal ondoren. Oso azaletik izan da gure elkarrizketa: artega, urduri, nago.

Eibarko apaiz lagunak ziren. Lagun mina nuen Jose Juan, elkarrekin konfesatzen ginen, elkarri kontatzen genizkion beste inori kontatzen ez genizkienak. Antonio ere kurtso-laguna nuen, mina hau ere. D. Jesus seminarioko irakaslea izandakoa lehen urteetan, ez nuen harreman berezirik berarekin.  Gogoan dut nahi nuela hitz egin nire bilakaera, erabaki eta arazoez baina ihes egiten zioten ildo horri. Lagun bezala egon ginen elkarrekin, besterik gabe. Nik beste zerbait gehiago nahi nuen. Gero ere sentipen berdina izan dut, Miracleko bera gertatu zait Eibarren elkar tope egin dugunean.

Apaizekin egon naiz goizerditik aurrera; gai interesgarriak erabili ditugu: euskal arazoa, arazo nazionala, arazo soziala, apaizen jokabidea...

Joxeren galdera bat gogoratzen dut: ia bateragarriak iruditzen zitzaizkidan marxismoa eta fedea, zenbait puntutan behintzat. Nik elkartezinak uste nituen, orain ere bai, kontrajarriak direlako errotik, baina baten zein bestearen zenbait ekintza eta metodologia erabilgarriak izan daitezkeela bestearentzat uste dut. Helburu zehatz batzuetan elkar daitezke baina errotikako planeamendu eta ideologian ez. Batak mundutik kanpoko izaki bat du ardatz eta eragile, besteak mundua eta gizartea bera.

Zenbait apaizekin banuen gogoa nire jokabide politikoari eta uneko jarrerari buruz hitz egin eta eztabaidatzeko. Ez zen posible izan, desbideratu egiten zuten gaia, ez dakit zergatik, agian uste zutelako ez zela abagune egokia bisita egun bat, elkarrekin egotea zela zeregin nagusia, katramilatsua zelako gaia, aurka eginen niela beldurrez…

Bazkal ondoren xanpaina eta purua erabili ditugu:  gai interesgarriak ere bai.

Apaiz asko, hurkoak izan nituenak batez ere, apaiz garaian horrela egiten genuelako, apaizak duen fama zati batean egia delako… nasaiagoak ziren afari-bazkarietan janari, edari eta gainerakoekin bisitari laikoak baino.

Eguren, Luismi, Jose Luis eta Keleo. Gutunak, panfletoak eta argazkiak ekarri dizkidate. Bapo eman dugu eguna: jan, edan, kontu ugari aipatu... Kotxea ere gidatu dut!!!: eroso moldatu naiz.

Apaiz-lagunak, beti izan genuen lagun-giroa.

Gai interesgarriak jorratu ditugu. Jose Luis eta Luismi oso langile eta giza arazoetan txertatuak agertu dira!!!. Zalantzak ditut nik. Fedearekin eta kristautasunarekin erabat arduratuta daude biak: orain 8 urte bezala. Baina egoera erabat aldatu da, jarrerak ere aldatu beharko lirateke, hein berean.

Zinera joan nahi zuten, goiz alde egin dute Solsonara. Hemen orain arte zinerako hori egin duten bakarrak. Nik uste kriston bizimodua daramatela. Ez dago zereginik apaiz munduan. Fedea logarri agertu zait, lo eragile eta lanerako lotura edo oztopoa. Hor konpon.

Ni bigunegi egon naiz beraiekin, nahiz gai asko garbi bota eta azaldu.

Ez nuen sentipen eta iritzi baikorrik atera bisitatik: beraien jarreragatik eta neurearengatik. Epelgarria zela fedea izan zen atera nuen ondorioa.  Ni neu ere hertsiegia, teorikoegia, panfleto-keriatik hurbilekoa nintzen. Agian erretxindua ere banengoen, nire egoera bitxi eta ezohizko hartan.

Atzoko bisita hausnartzen egun osoan: gero eta garbiago ikusten dut.

Ba da orri artean  hurrengo egunean idatzi nuen gutun bat, ez dakit bidali nien, hala nire hausnarketa soila izan zen.. Hala dio:

Laukote:

Zuek alde egin ondoren, goibel samar ere bai, baina batez ere kezkati edo pentsakor geratu naiz, zuekin eta beste apaiz batzuekin erabili ditudan gaiak, pentsaera eta jokabideak aztertuz.

Lehenengoz eta hasteko esaten dizuet oso ondo pasatu dudala zuekin, gustura egon naizela eta pozik ikusi zaituztela. Baita interesgarriak diren gaiez hitz egin ahal izan dugula lehenengo unetik. Hau ez da posible bisita denekin, zoritxarrez.

Nire iritzi eta sentipena da gaurko gure arteko eztabaida eta azalpenak duela zortzi urte generabilkien maila berekoak  izan direla. Konpromisoa, fedea, eliza, lana... herriaren egoera eta errealitatea ezer aldatu ez balitz bezala. Laiko gehienekin ez zait horrelakorik gertatu. Kezkati bai bazaudete, baina duela  zortzi urte ginen antzera. Pauso bat eman behar dela esanaz baina noiz nola edo nora jakin nahiaz oraindik, aurrerapausorik gabe. Laiko batzuk ere aurkitu ditut horrela, gehienak ordea eliza edo fede girokoak, fede kezkarekin dabiltzanak. Datu konkretua, aztertu beharrekoa da, ez teoria mailan soilik, posibilitate mailan baizik, errealitate mailan. Eztena ala frenoa da fedea erantzukizun mailan, orokorki hartuta. Aurrera pausoak eman dituenak aipatzean, nik “a pesar de” eman ditudala esaten nizuenean ezezkoan jarri zinaten. Utz dezagun teoria eta salbuespen bakanak.  Salbuespenak araua egiaztatzen duela esaten genuen Seminarioko ikasketetan. Praktikan zer?. Orokorrean. Bakoitzak bereari begiratuta.  Esan zenidaten sakonean apaiz izan nintzen urteei esker egin nuela nik aurrera, ni konturatu ez arren. Bizipenez eta kontzienteki ez, nire ustez, “apesar de” baizik. Areago, argudioa alderantziz jarriz, hipotesia eginez, agian apaiz izan ez banintz, laikoa, txikitatik tailer batetako zapalkuntza eta bizitza atera beharraren premiaz, “biharra” Luisek zion bezala, gaur agian egun erradikalagoa, finkatuagoa, eta borrokalariagoa izango nintzela, apaiz heziketak eman digun biguntasun eta zalantzarako joerarik gabe: praktikan, jokabidean, nahiz iritziak ehuntzean, teorizazioan, eta hitz aberastasunean hain hornitua ez nintzen egongo. Beraz, bakoitzak berea eta ezagutzen dituen kasu konkretuak aztertu behar ditu. Nire esperientziatik at, beste askorengan  nik niri gertatu zaidana bera ikusi dut. “Apesar de” kasurik onenean. Konkretuki erantzutean, edo aztertzean, errealista, inpartzial, erantzun zintzo baten zale izan behar dugu, ikusmira partzialetik begiratzeko tentazioa gaindituz, bakoitzak bere jokabidea zuritzeko duen arriskua saihestuz, teoria kutsuz erantzuteko arriskua baitugu. Egin ahal izango ditugu teoria jator eta interesgarriak, baina geure jokabideak aldatzen ez ditugun bitartean ez dugu eginen ahal teoria sinesgarririk, antzuak baizik, onenean teoria horiek ez dira errealitate bilakatuko, gu geu aldatzen ez garen bitartean.

Honek  erabili genuen beste gai batera narama:

Luismik zioen tailerrean lanean jartzea pauso bat atzera ematea dela. Bai eta ez. Konpromisoa eta borroka-bidea izan behar du lanean jartzea. Jakina. Benetan borroka batean sartuta egonez gero, erantzukizun serio batekin bizi bagara... ez dut ikusten lanean jartzeko beharrik, baina zenbat apaizek dute bizitza konprometitu hori?. Zenbat apaiz daude benetan konprometituta?. Benetan bizimodu gogorra daramazue duzuen lana eta konpromisoagatik?. Ba al dakigu apaizok lanetik bizitzea zer den?. Ez egun batean, egun mordo batean soilik, normalki baizik. Ba al dakigu lanak nekatuta egotea zer den?. Agian esnatuegingo ginateke lantegi batean, eta borroka-lan serio bat hasiko genuke, gure izaera gogortuko genuke eta benetako borroka bidea ikasiko. Apaiz askorentzat, gehiengoentzat esango nuke, beharrezkoa deritzot gaur lan egin beharrean aurkitu beharra edo behar horretan norbere egoera jartzea. Lana zer den, lan mundua eta lanaren gogortasuna ezagutzeko. Badakigula esaten dugu. Kanpotik ez dago inola ere hori zer den jakiterik. Lanean hastea ez litzateke  pauso bat atzera izango. edo bestela benetan lan egingo genuke apaiz erantzukizunean. Aukera berehala hartu beharra dago. Bestela laurogei urterekin ere lanean hasi edo ez eztabaidatzen egongo gara eta.

Kotxea, lanerako tresna. Hala izan dadila, lanerako. Zalantza asko dut horrela den. Ezin dugu engainatu geure burua arrazoi teoriko batzuekin.

Oso arraroa egin zitzaidan zinera joateagatik bi ordu gehiago nirekin ez egon izana. Oso interesgarria zegoen une hartan solasaldia. Jose Luis eta Luismi ziren batez ere zinerako gogoa agertu zutenak. Donostiara futbolera joateko astia hartzen duzue, eta zinerako ez?. Gaur zenuten zinerako premia?. Aurrez esandako hainbat gauza erori zitzaidan une horretan. Sikiera egia esan zenuten, zinera joan nahi zenutela,  ez da guti. Baina ziur nago erakunde bateko militanteek ez zutela hori egingo, horrelako egoera batean. Burges txiki batzuk gara, nahiz guk ukatu nahi.

Badut galdera konkretu bat egiteko: zenbatek irabazten dute 16 mila pezeta, batez ere bakarrik bizi direnek?. Gastatzen ote jendeak guk haina?. Guk bezain erraz irabazten ote? Honetaz ere ezin dugu geure burua engainatu. Oso erraza da geure buruak justifikatzea.

PCkoa banintz, zuek animatzen saiatuko nintzateke. Baina ezin dut. Uste dudana azaldu behar dut.

Eta ez dut uste ezer ez duzuenik egiten, edo guti, edo... Ez. Uste dudana da pauso bat gehiago eman beharrean aurkitzen zaretela, eta emateko beldurrez zaudetela. Dakizuelako joan dela zuen gaurko aurre-pausorako aukera eta aurrerantzean okerrago aurkituko zaretela, zailago izanen zaizuela.

Dudak ditut bilerak, kristau bilerak, benetan, praktikan, errealitatean, hainbesterainoko, diozuen adinako, konpromiso-bide diren, kezkabide eta ezten.

PSUC-eko apaiz bat mitin batean egon dela  kristau marxistak aitatuz: nire ustez kristautasuna eta marxista hitz kontraesankorrak dira. Baina tira. Asko da horrelako apaiz bat ikustea.

“Cristianos para el socialismo” ere aitatu zenuten: Felisek aitatzen dit herria eta klase aukera. Edo apaizok zuzentzen genituen bilerak asko aldatu dira edo partidu politikoak asko epeldu. Nire garaian ez ezik,  orain bertan badago aldea apaiz batengandik militante politiko batera. Dudak ditut horrelako benetako aukera, zuen bizitza aldatuko duen aukera, egin ote duzuen: horrelako aukerak bizitza, biziera, jokabidea, harremanak, dena aldatu behar dizkit, eta aldatzen dizkik, zeharo aldatu ere.

Garbi dago apaizon bisitak erabat astindu ninduela. Eragin egin zidan bisitak, eman pausoak ere kezkatzen ninduten nonbait. Ez dakit bidali nien. Pentsarazi egin dit gutunak, nire hainbat kontraesan erakutsiz.

Periko Zelaia agertu da bere erromesekin: eibartar jende xehe jatorra. Elkar agurtu gara, meza eman du taldearentzat Santutegian, ni ez naiz agertu ere egin. Laster joan dira.

Uste dut elkarrekin meza emateko ametsa zekarrela Perikok. Nik gertatu nizkion meza-jantziak, beharrezko denak, aldarea… baina mezara atera zenean alde egin nuen, meza ondoren arte. Garbi utzi nahi nuen ez nintzela apaiz. Bere lilura kamustu nuelakoan nago, baina etxeratu ondoren behin ere ez zidan aipatu, sarri ikusi ginen arren; adeitsu ikusi ginen beti elkar.

D. Pedro, Arratekoa. Bazkal ondoren etorri zait, bi legatz ekarri dizkit opari bezala. Ekarri duen lagunari ez dio esan ni hemen nagoenik.

Bisita eta oparia, ez ziren konplitzeagatik, estimatzen ninduelako baizik, nirekin egon nahi zuen, nahiko harreman estua eduki baikenuen elkarrekin zenbait gaietan. Ikusi ninduen, eta joan zen. Berehala. Ez nuen laguna ikusi ere egin. Horrelakoa zen Don Pedro.

 

Bizkaitarrak

Julen Katzada, Alberto agebika, Josu, Patxi, Arrate, Imanol, Amiano, Mikel Larrauri, Jabier Ozerin, Zakarias, Juan Luis, Martin Orbe, Txomin Artetxe, Mikel, Bizkaiko bi apaiz.

15 apaiz Bizkaitik, kartzelari lotutakoak gehienak.

Julen agertu da afaltzen geundela!!!. Libre utzi dute!!!. Amnistiarekin atera da eta bere lehen zeregina niregana etortzea izan da. Anton koinatua eta Doroteo iloba datoz berarekin. Pozarren. Jaialdi itzela egin dugu gauean, abestu, dantza... giro aparta sortu da.

Izugarrizko ezustea izan zen. Elkarrekin afaldu genuen. Batetik eta bestetik bisitaz etorritako lagun ezberdinen koadrila handia ginen, 20 bat gutxienez.

 

Arabarrak

Bi apaiz Gasteizekoak.

 

Nafarrak,

3 apaiz nafar, jatorrak.

 

Katalanak

Apaiz talde bat etorri zait bisitan, Solsona ingurukoak. Solsonako bi apaiz. Inguko apaiz bat.  

Inguruko bi apaiz. Solsonako Bikarioa.  “Stella Maris” elkarteko kaperaua. Tarrasako apaiz bat. Behin-behineko askatasunean dagoen apaiz katalan bat. Solsonako bi apaiz. 3 apaiz  ingurukoak.

10 apaiz.

 

Kanpokoak

Pako.  

Kartzelakidea, jesuita, Madrilen bizi zena.

 

 

LAIKOAK

Azitaingoak

Maite, Dina, Fidel, Aitor, Maite eta lagun bat,  Dolo, Bizente, Marga, Nieves, Maritxu, Fidel, Josetxo, Andres, Maribel bere senarrarekin, Mertxe, Angel, Maite, Felix Izkua bi ilobekin, Ilordoko hamarreko koadrila, Kandi, Geronima eta beste bat, Martzelino, Pedro Izkua, Petra eta alaba bat, Jose Ramon Ilordokoa, Karmelo, Patxi eta Karmeloren anaia, Aitor, Azitaingo gazte bat, emaztearekin, Azitaingo Narbaiza bertsolaria eta koinata.

28 denera

 

Eibarko kaletarrak

Isa, Olga, Begoña Agirre bere izeba Juli eta honen bi lagun, Markiña, Pedro Mari, M. Karmen, Lino, Linoren anaia, Iñaki Maiora, Iñaki, Rosi, M. Karmen Arzuaga, Mendikute  emaztearekin, Arroita-Arrate eta bi seme-alabak, Jose Angel Agirre eta familia: 6 denera, Alberto Olabe, Jose Juan, Mari Petra, Jose Juanen arreba eta honen senarra, Klari, Mila, Arantxa, Jose Querido-Jose Luis Errenteriakoa eta autobuskada, Rosa.

38 denera.

 

Altzolatarrak

Mari Tere Barrene, Donato, Arantxa, Esteban, Begoña, honen mutil-laguna, Maite: Pilarren alaba, Juanito Artajalei familiarekin, Matilde, Isabel, Arantxa eta M. Jose bi apaiz katalanekin, Begoña: Martin zenaren alaba, Felix Kontzeziokoa eta Manolita, Mari Trini eta gizona, Domingo Artajalei, Benita, Trini, M. Angeles, Mati, Triniren senarra, Katalin, eta Josu.

27 denera.

 

Hunkigarriak ziren altzolatarren bisitak, etxepekoak, txikia nintzanetik ezagunak batzuk, jada neska eta mutik eginak ezagutu ere egin ez nituen egin koskor utzi nituen zenbait.

 

Ezagunak - Lagunak

Pedro Karkizagokoa familiarekin, Kontxi  Ciaran senarrarekin eta beste senar-emazte bat, Lleidan bizi den Elgoibarko emakumea bi lagunekin, Anton Julenen koinatua eta Doroteo iloba, Zaharra, Gurutze eta Bea bi lagunekin, “Katalan” bi lagunekin, Miren, Mikel, Ainhara eta Irati, Errenteriako Jose Mariren albokoak, emakume, Periko, Txaro eta Zarata, Pako, Karmen eta honen gizona, mutil bat euskalduna Mikelen lankidea, Arregi senar-emazte bikote batekin, Izeba Benita eta M. Karmen, Lekeitioko Seijo (?) senar-emazte bikote batekin, Jose Mari Garaikoa, M. Luisa, M. Isabel eta hauen senarrak, Juan Luis Bizkarra, emaztea eta neska bat beraien laguna, Apata eta Xabier,  Felipe, Juan Angel, Luisita eta Gaztelu, Jose An, Rosa Mari eta bikote bat, Mari Ugartekoa eta senarra lagun batzuekin, Iñaki Ormazabal, Ziluaga emaztearekin, lau durangar, Mikel, Alberto, Libe, tia Maria, Seinoritia: Bego, Karmen:  Lopategiren arreba, eta izeba Mariaren ahizpa, Xabier  Apraiz emaztearekin, Felix Yudego, alaba eta Izkuako iloba, Atxaga eta bere emaztea, Jose Mariren Errenteriako senar emazteak hiru semerekin, Txomin, M. Angeles eta hiru seme-alaba,  Rusoa eta Loyola,  Justiren medikoaren laguna, Bizente gailegoa eta Angel bere laguna, Juanito Dorronsoro, emaztegaia eta senar-emazte bikote bat, Errenteriako Iriki (?), emaztea 2 neskatilarekin, Angel Bizkarra, emaztea eta bikote ezkondu bat, Aranburu eta mutil bat, Plaentziar bat, Juan Angel eta lagun bat, Erakundeko bikote bat, giputz gazte bat, “Drapaide”aren semearekin, Maria Rosa Ondarroakoa beste bost lagunekin, Maringo Migel Angel eta bi gazte, Markinar bat bere lagunarekin, 

Abuztuak  13: 12 izan dira gaurko bisitariak.

148tik gora

 

Hamarretan ur-ponpara jaitsi naiz Pedro, Txaro eta Marirengana. Han egon gara laukotea kontu-kontari bazkal ordura arte. Aperitibo bat hartu dugu bazkaltzera aurretik. Beraiek Andorrara joan dira.

Ilunabarrean etorri da Andorratik hirukotea. Justirekin egon dira. Ni beraiekin joan naiz kanpin-dendara, beraiekin afaldu dut, denda barruan egon gara kontu-kontari goizeko ordu-biak arte whiskya edanez. Itzel. Gai asko ukitu dugu. Kotxez eraman naute monasterioraino. Herri, lagun edo askatasun minez, malenkoniaz, sartu naiz  goizaldera etxean.

Dendarekin zetozen. Monasterio inguru guztian ez zegoen iturririk eta nahiz urruti eta leku aldrebes samarra izan ur-bonba zegoen tokira eraman nituen.

Zaharra etorri da bazkari denboran: oso jator dago.

Zaharra goitizenarekin ezagutzen genuen Zamoran. Bizkaikoen oso laguna zen. Kartzelan zegoen bera ere. Kartzelatik atera zenean zuzenean ni ikustera etortzea izan zen lehen gauza. Tarteka ikusi gara elkar harrezkero, beti adeitsu.

Hotel Nou-era joan gara afaltzera, aurretik Hotel Boixan afaldu nahi izan dugu baina ez dugu aurkitu. Jende asko zegoen, itxoin egin behar izan dugu gure satoari tragoak eginez, afaldu dugu noizbait. Etxeratzean Jumilla ardo botila bat edan dugu eta sabaira jo dugu lotara.

Julen Solsonara joan da lotara, besteok lastategira.

Koadrila handia ginen, 20 bat. Hotelean ez zegoen lekurik eta ez zuen merezi koadrila osoa Solsonara abiatzerik. Beraz lastategira eraman nituen lotara, Maria Luisa eta ni ere beraiekin ginen. Goizean Coloma agertu zen haserre lastategian, baina ni ikustean baretu zen, nire lagunak baziren ez zegoela arazorik. Kanpoko jendea monasterioko jabegoan lotara sartuko zitzaion kezkaz zebilen.

“Katalan” etorri zait beste bi lagunekin. Hemen gelditu da. Hitz asko egin dugu, elkarrizketa bat ere egin dit.

Gogoan dut bisita hura. Segur aski elkarrizketa egitera etorri zen, bere zeregina betetzera. Katalan hau Patxo izenaz egin zen gero ezagun. LCRkoa zen orduan, hitz-jario handikoa. Eragin handia zuen erakundean. Gordeta dut oraindik apalen batean elkarrizketa, BERRIAK aldizkarian egiten zuen lan. Erakundea utzi zuen, El Mundon goi arduretan egon zen, ondoren El Pais-en.

Castelaoren “Cousas da vida” marrazki liburua oparitu zidan Bizentek.

 

Mila Emaldi Txikikoa: kartzelan egon da, izugarriak hartuta; fidantza ordaindu ondoren atera da, Gasteizen omen zen, baina orain ez: pozten naiz horrela konprometituta ikusteaz, erre egin ote?. M. Isabel: Garaikoan mutil bat gorde zuten bi urtez, gaur egun M. Isabelen senarra da. Maringo beste mila kontu konta dizkit Mirenek: denek galdetzen omen dute ni nola ote.

Maringoen bisitaren ondorengo gogoetak.

Mila erre egin ote zen beldurra: nik neuk nekien eta dakit zer den txakurren eskuetan egotea, inguruko presioa, erretzeko arriskua, beldurrak kikiltzekoa alegia. Elias bere anaiarekin egon nintzen ondoren ez dakit non eta noiz: oso kritiko zegoen, erabili egiten genituela gazteak eta abar salatzen zidan. Erabilpen salaketa hori gaztea gutxiestea dela pentsa izan dut beti, gaur egun ere. Hori bera da sarri atxilotutakoen guraso eta ingurukoen iritzia, borroka bide latza hartzen duenean gazte batek, armena edo ez: ia beti, gazteak badaki non eta zergatik sartzen den, herri arazoetan eskua sartzen duenean, edozein borroka mota hartzen duenean. Gehiago erabiltzen gaituzte erabiltzen ditugula salatzen gaituztenak. Mila behin ikusi dut ondoren, agian birritan, baina ez dut aukerarik izan gai hauetaz hitz egiteko; benetan gustura arituko nintzakeela.

 

Kanpokoak

Bisitak ez ziren izan familiako, lagun eta herrikoenak soilik, Inguruko eta Kataluniako askoren bisitak, laiko zein apaizenak izan nituen. Montserrateko monjeenak ere. Tipo berezia nintzen izan nonbait, ezagutu nahia zegoen, kuriositatea, batzuen hitz egin nahia ere. ETAko apaiza monastegian!.

 

Euskaldunak

Bizkaitarrak,  Zumarragako neska bat eta andre gazte bat bere izebarekin, Arregi eta Etxezarreta apaizen arreba, Foruako Mojatxo bat, Foruakoa, Katalunian bizi den Bizkaiko emakume bat, dendarekin dagoen bizkaitar bikotea, lekeitiar bat, azpeitiar bat eta katalan bat,   Madrileko kazetari bat,

16 bisita.

 

Katalanak

Olianako Eibartar medikua eta apaiza, Gloria, Montse, Andreu Vila lagun batekin, Gorka Knör-en anaia, ezkon bikote gazte bat, Tarragonako moja Eibartarra, Eduardo, Andreu eta beraien lagun bat, Txinan egondako neska bat lagun batzuekin, bikote bat, Solsonako moja, apaiz eta talde zabala, hiru moja eta neska bat, Eduardo eta emaztea, albaitaria, Katalunian bizi den Bizkaiko emakume bat apaiz baten arreba, berarekin Tarrasako apaiz eta moja bat, emakume bat, inguruko bi, bi Hermanita eta senar-emazte bikotea, Begoñaren izeba Juli eta honen bi lagun, bi neska, bi moja: Montserrat Eibarren Hermanitetako Nagusia izandakoa bat, LCRko bi gazte katalan, bi neska, Abadesa, Gurutze, Bea, Juanita eta laugarrena, goiz erdian Gurutze, Bea, Isabel, Esmeralda, eta Oriol, Katalunian irakasle dagoen zarauztar bat, Izeba Felisa moja Segurako moja batekin, Montserrat, Mikelen lehengusina Miren semearekin, bilbotar bat, Erakundeko bikote bat, Erakundeko gazte bat, bi   ??,  Erakunde kide bat bi lagunekin, Erakundeko katalan bat goizean goiz, bikote bat etorri omen da goizean, Basellako bi neska beraien mutilekin, neska bat ume batekin, Asumpta bere umearekin, Maite eta mutil bat, Manresako 13 ikasle, Tarragonako Montse,  Erakundeko bikote bat, Bartzelonako neska-mutil bikotea.

90etik gora

 

Gurutze eta Beatriz bere laguna etorri dira arratsalde erdian. Hotelera joan naiz kafea hartzera. Gaueko hamabiak arte egon naiz beraiekin, paseatuz, logelan, egongelan, purua erre, edan... kontu-kontari batez ere.

Ezustekoa izan dut arratsaldez: Gurutze eta Bea bi lagunekin. Arratsalde atsegina izan da, hitz egin dugu, monasterioan ere egon gara... Salvera ere joan gara elizara: goiz joatekotan ziren baina erakargarria egiten zitzaien Salvea. Han egon gara, baita gogoz abestu ere denok Salve Regina, aspaldiko garaiak gogoratuz. Ondoren afaltzera geratzea erabaki dute. Botila bana ardo edan dugu, politxo jarri gara denok. Parranda giro berezia sortu zaigu, abestu dugu, barre ugari egin dugu, mila kontu esan... Gurutzek bihar epaiketa bat duelako hamabietan egin dute alde: laztan beroak eman dizkiogu denok elkarri agurtzean. Oso elkarmin geunden denok.

Burgosko epaiketetan izan genuen abokatuetako bat zen Gurutze. Lagunetako bat Eugiko nafarra, erizaina. Abentura bat zen beraien bisita bakoitza. Elizan harmoniuma ere jo zuen Gurutzek, exboto edo oroigarri baten apeta hartu zuen, estola more batena ere… bisita oso biziak izan ohi ziren hauenak. Astegunez etortzen ziren, denbora eta patxada eduki izan genuen.

 

Elkarrizketa aberatsak, afaloste zoragarriak, ibilaldi gozoak, pertsonengandik hur sentitzea… Gizartera ekarri ninduten bisitek.

 

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/09/20 09:45
HARREMANETAN. Monasterioko ingurukoekon, Masietakoekin, Han-hemengoekin

5. HARREMANETAN

 

 

Zuritik beltzerakoa izan zen kartzelako isolamendu ia erabatekotik monasterioko egoera berrira jauzia. Lehen egunetik. Erabat eraldatu zitzaidan harremanen mundua. Kartzela barruko taldetxotik mugarik gabeko harreman aukeren egoerara. Kontrolpe totaletik, neuk neure buruari jarriko nion bizimoldera. Jada ez nuen presozainik, monjeekin hitz egin ahal nuen lasai. Monjeena lehen unean, familiarekin berehala, bi horiek izan ziren harremanen lehen esparrua. Zabalduz joango zen esparru hori bisitak agertu ziren heinean. Inguruko jendearekin ere hasi nintzen harremanak egiten: eliza, taberna, telefono-zentrala, hotela…  harremanetarako zubi bat izan ziren; inguruan asko ibiltzen nintzenez, ezaguna nintzen azkenerako inguru guztian, oso harreman zabala nuen jende ezberdinarekin.

Ezinbestekoa zitzaidan, lehen egunetan batez ere, harreman ahalik aberatsena. Jende askorekin ez ezik era guztietako gaiez hitz egin ahal izan nuen. 

Ez nintzen inongo militantea, talde bati hitz emana banuen ere. Ez nuen inongo mezurik zabaltzeko. Baina, aldiz, banuen zer eskaini eta kontatu. Apaiza erakunde armatu batean, tortura, kartzela… Bor-bor zegoen Euskal Herriko egoera, pasioz bizi genuen eguneroko zertzelada oro. Bertaragotik ezagutu ahal izan nuen egoera,  besteen iritziak nireekin trukatuz. Ur askotan igeri egindakoa nintzen, zurrunbilo askok irentsi eta ur azalera aterakoa. Banuen hainbat ikuspegi eta berri entzun, alderatu, eho eta neuretzeko irrika,  baita neure barne borborra azaleratzeko gogoa ere.  

Nire jakin-min egarria asetzeko iturri izan ziren Euskal Herrikoekin harremanak. Herriko gorabeherei buruzko hausnarketak ziren herri xehearekin harremanak, herriko eta herritarren gorabeherak ziren elikagai, herriko xehetasun arrunten itsasoan murgildu nahi nuen, nire unibertso politikoaz harago. 

Beraien jakin-minari erantzun besterik ez nuen egin lurraldeko jendearekin. Tentu handiz ibili beharra nuen, ezer nabarmen deigarririk egin edo esanez gero kartzelara itzultze arriskua zitzaidan galga eragilea.

Une hartako hain pertsona ezberdinekin, eta zenbait gai labain, arriskutsu,  tarteko, ez zen erraza harremanok kudeatzea.

Agertu dira monasteriokoekin harremanak monasterioaz aritu naizenean, bisitek izanen dute bere sail propioa. Egunkarian agertzen diren Monasterio ingurukoekin izan nituen harremanen sailkapen bat egin dut atal honetan.

 

 

MONASTERIO INGURUKOEKIN

 

Maria eta Tom

Viñalsekoak deitzen zieten, seguruenik Viñals zelako etxeko gizonaren abizena. Casals izenez ere ezagutzen zuten. Tom zuen izena senarrak, Maria emazteak. Adinean aurrera biak. Alokairuan zuten etxea, monasterioak zuen jabetza. Etxekoandre soila zen Maria, Tomek berriz nekazaritzarekin loturiko biltegia zuen nahiko urruti Lleidara bideko herritxo batean, ez dut uste aberatsegia zenik. Español futbol taldearen zale porrokatua. Maria izan zen heldu nintzen egunean plaza guardia zibilen ilara erdian zeharkatzen ikusi ninduena. Bera izan zen nire gelako leihotik bere sukaldeko leihora ikusi nuen monasteriotik kanpoko lehen pertsona. Parez pare eta nahiko hur zeuden bi leihoak. Leihotik leihora agurtzen ginen, sarri egon ohi ginen kontu-kontari leihotik leihora. Berritsua zen, ahots karrankarikoa. Ez zitzaidan erraza berarekin elkarrizketa luzerik egitea, eguneko huskerietatik harago ez baikenuen zer esan handirik.

Aurreko anderea agurtu dut: hitzalditxoa egin dugu. Kartetan egin nahi badut joateko etxera diost.

Atso bat ikusi dut barraskilo batzen.

Deigarria gertatu zitzaidan nonbait, idatzi egin nuen eta, Maria zelakoan nago.

Xanpaina hartu dugu Mariaren etxean bere santu-eguna baita.

Maria Luisa eta biok ginen.

Casalsenean hartu dut kafea.

Zikiro hil zutenean txakurrak bere etxean gorde ziren Monasterioa zainduz.

Hori zioen Mariak. Carrero Blanco zen Zikiro” Zamorako argotean. Nire ustez zelatan egon ziren guardia zibilak etakideren bat gordetzen ote zen bertan. Ez dut gogoan monjek jakin zutenik behin ere zaintzapean egon zirenik. Nik ez nien kontatu Mariarena.

Kanarioa zaintzea eskatu dit.

Mariaren txoria daukat gelan, kanpoan daude-eta beraiek.

Oporretara joan ziren. Kanarioa zaindu nion. Zer ez nuen egin Miraclen!. Han eduki nuen nire gelako leihoan ez dut gogoan zenbat egunez kanarioa: jaten eman, kaiola garbitu, gauez gela barruan, egunez leihoko kanpoko karelean…, ez dut gogoratzen kantatzen zuenik.

Viñals-enean afaldu dugu  M. Luisak eta biok..

Viñals-era joan naiz arratsaldez, kafea hartu eta iloba bien argazkiak jaso ditut.

 

Mateuren anaia

Paseatu, goiko familiarekin hitz egin.

Arratsaldez esan diet agur Mateuren anaia-koinata-semeari.

Viñalseneko goiko etxea alokatzen zuten udaberritik udazkeneraino. Senar-emaztea eta seme gaztetxo bat ziren. Ama-semeak egon ziren uda osoan, aita lanera joaten zen egunero Barcelonara,  oporraldian ezik. Ondo konpontzen ginen, hitz egiten genuen, baina ez genuen izan harreman berezirik. Emaztea oso berbatsua zen, zaila zitzaidan bere berriketari jarraitzea. Lagun nuen semea, uzten zidan behar izan nuenean bere txirrindua ere. Album bat egin nuen Zamoran heltzen zitzaizkigun gutunen zigilu ezberdinekin. Blok lodia suertatu zen, nahiko bitxia. Mutikoak ere zigiluen bilduma egiten zuenez, berari oparitu nion despeditu ginenean.

   

Taberna

Joan  zuen izena tabernako senarrak, Mikaela emazteak. Joan, iruindarra izatez, osasun arazoengatik etorria zen lanbide hori betetzera, Miracleko haize sanoago baten bila, birikak baitzituen ez ondo.

Berbatsua zen, ezkertiarra, Madrileko gobernuen aurkari sutsua, erradikala ere bai. Barne barnetik bizi zuen Joanek  katalan sena, independentista porrokatua, bisitara etorritako askoren lagun egin zen. Berehala egin ginen lagun biok ere.

Mikaela zuen izena Joanen emazteak, denda ere zutenez, dendaz arduratzen zen batez ere bera. Gizena eta urduria, kezkatiegia, horrelakorik ez zion arren itxurak.

Seme-alaba zituzten, ikaslea semea, ezkondua alaba, Bartzelonan bizi ziren biak.

Txapel bat eta ikurrina ekarri dizkio amak Joani.

Ikurrina eduki nahi zuen Joanek. Amak ekarri zion, baita berak etxeko egongelan señerarekin batera zurezko eserleku-buruan jarri ere. Erakusteko eduki ohi zuen handik aurrera.

Barraskilo jana tabernan, kontu asko esan dugu.

Harreman estua eduki nuen beti bikotearekin.

Ekaina,30. Goiza telefonoaren erabilpena ikasten eman dut: biharko eguna telefonoan egin behar dut.

Semea ezkontzen zitzaien, ezin zuten telefono-zerbitzua utzi, beraz ordezkoa egitea eskatu zidaten.

Uztaila 1. Egun osoa egin dut telefonari eta dendari.

Aspaldiko haietakoa zen telefonoa, kable, ziri, eta masia bakoitzerako linearen zulotxoa eta biraderadun panela zuen zentraltxoa. Beraren bidez zuten telefonozko harremana beraien artean eta kanpokoekin paiesek. 20 bat  masia zeuden berari lotuta. Nork esan behar zidan  txikitako Altzolan telefonistari harriduraz begira egoten ginenean, egun baten neuk ere eginen nuela lan bera aparatu berdintsuan.

Iraila, 30 osteguna. Negarrez aurkitu dut Mikaela, gaur joan zaizkio alaba eta iloba. Arazo latzak ditu gaixoak.

Burutik galduta dabil Mikaela, tabernan egin dut goiza telefono zaindari.

Joani esku bat bota nahi nion.

Urria, 4. Mikaela etxetik kanpora alde eginda ibili da oheko jantziekin. Justi eta ni joan gatzaizkio Joani etxera eramaten laguntzera. Ihes egin du berriro ere goizez. Telefonari eta Joan-i konpainia egiten eman dut goiza. Osagilea etorri da arratsaldez, luzaro egon da baina ezin izan du lasaitu. Semearekin ere hitz egin dut, etortzeko eskatuz: gauerako agertu da. Justik eraman ditu kotxez Barcelonara.

Joan eta Mikaela kanpoan, egun asko egin nituen telefonari, tabernari eta dendari lanetan. Gaua ere bertan egiten nuen, Ezin nuen utzi gauez telefonorik gabe bailara osoa. Tabernako etxean egiten nuen lo

Kontxik eta Nuriak ekarri didate bai bazkaria bai afaria tabernara. Asko lagundu didate neska biek.

Egoera bitxia zen: kondena luzea betetzen zegoen presoaren esku zeuden inguruko telefonoak, taberna, eta denda.

Lourdes etorri da ikastera, baita laster ikasi ere, neska argia da, beharrak erakutsi dio bere buruaz baliatzen.

Lurdesek emango zidan txanda ordutik arrera, atsedena hartu nahi nuenean, edo granjara joan beharra nuenean. Ez bainuen granjako nire lanik utzi.

Solsonan zegoen zentral nagusiko nesken lagun egin nintzen, baina batez ere inguruko paiesen adiskide eta ezagun. Katalanez oso astiro egiteko eskatzen nien.

Lourdes etorri zait laguntzera, bai egoki etorri ere, La Carral udalekuko umeak etorri baitira Miraclera eta gustukoak zaizkie dendako gozokiak.

Luze joan zen Mikaelarena. Alabarekin egonen zen Bartzelonan. Joan-etorria ibi zen Joan.

Azaroa, 21. Micalela etorri da. Joanen etxean egin dut gaua.

 

Hotelekoak

Senar emazteak, hiru seme-alaba: bi mutil eta neska bat, bi laguntzaile: neska- mutil gazteak, horiek ziren hotelean bizi zirenak.  Alokairuan zuten hotela. Gurasoak ziren sukaldariak, hala ziren ogibidez ere, biak adinean aurrera. Hiru seme-alaba zituzten: Seme nagusia, Ramon,  hogeitaka urtekoa, berak zeraman hotela; Siona eta Chepi, ikasten ari ziren Bartzelonan, oporretan eta asteburuetan etortzen ziren Miraclera.  Bi gazte zituzten langile bezala, Montse eta Chisco. Udaran beste hirugarren neska bat ere hartzen zuten lanerako, Montse izenekoa hau ere, oraindik jarraitzen du berarekin harremanak.

Harreman estua izan nuen hotelekoekin, gazteekin batez ere.

Asko dira egunkarian harremanon aipamenak. Batzuk soilik ekarriko ditut hona.

Hotelekoen lagun egiten ari naiz, batez ere gazteena.

Ekaina zen. Bi hilabete pasa neraman Miraclen.

Gauen atera naizenean, karakol bila zebiltzan hoteleko neska-mutilak, farolez agituz, belartzan.

Geroago, tarteka, gauez, euri egunetan, aterako nintzen eurekin barraskilo jasotzera. Krak-krak hankapean, karakolok  nola krazkatzen genituen entzuten eta sentitzen genuen. Hain ziren ugariak. Baldeka jasotzen genituen barraskilook belartzan.

Hotelean bazkaldu dut hotelekoek gonbidatuta, lehengoan bildutako karakolak jan ditugu.

Koloretako telebista aparailua jarri dute hotelean.

Zuri beltzekoa zen monasterioko telebista.

Olinpiadak ikustera joan naiz hotelera arratsaldez.

Ramonen urtebetetzea, hotelean afaldu dut; jan, edan eta paseatu.

Geuk bildutako esnegorri edo robeiloiak jarri eta jan ditugu La Robelloneran bertan.

Lurrean sua egin eta bertan erre genituen robeloiok.

Hotelera jo dut afal ondoren, ilargipean egin dugu denok paseo-aldia lehenengo, beheko suaren aurrean egonaldia ondoren.

Sant Just putzura joan gara hoteleko gazte talde osoa arratsaldez, izugarri ondo eman dugu arratsaldea igeri eginaz. Trumoiak eta zaparradak harrapatu gaitu itzuleran.

Oheratzera nindoala hoteleko laukotea hurreratu zait leihopera deika: eta ibilaldia bat egin dut beraiekin. Lau gazte daude kanpin-denda batean eta beraiekin luzatu gara berandura arte.

Ping-pongean 6etatik zortzietara “Casa Gran”eko arkupean.

Gogoan dut gau hura, berezia izan zen. Ez genuen ezer ezberdinik egin, pilotatxo zuriari daleka norgehiagoka jokatu baino gehiago jolastu, hitz egin, txisteak kontatu, abestu, algaraka barre egin, gustura egon… taldeko loturak estutzen dituen une gozagarria izan zen hura. Lagunago atera ginen koadrila osoa.

Rine-ra joan naiz arratsaldez hoteleko hirukotearekin, lau orduko ibilaldi luzea.

Oraingoan denok ibili ginen gazteluko hormetan gora goiko dorre antzekora heltzeko. Ibilia nintzenez, ni neu nintzen orain gida.

Pilotan jokatu dut  gauez plazan hoteleko taldekoekin.

Gauean plazan egon gara hitz-aspertuan hoteleko neska-mutilak eta ni: hoteleko andreak oso gaizki jartzen omen nau.

Beraien amaren nitaz iritzia. Ez zen ohizkoa, izan ere, monasterioan zegoen euren ustez apaiza edo antzerako zerbait, nagusia, gazte jendearekin eta bisitekin horrela ibiltzea.

Hoteleko koadrilarekin gau-ibilia.

Ohikoak bihurtu ziren afalondoko ibilalditxoak Robillonerara.

Hoteleko gazteek deitu didate Monasterioko afalondoren, Pinos-era joan gara eta han afaldu behar izan dut berriro. Ondoren hotelera itzuli gara, laurak artekoa egin dugu.

Bi aldiz afaltzea ez zen lan handia izanen niretzat, ez bainuen askorik jaten, nahiz jan onekoa izan neronez.

Afalondoa  bukatzeko gaueko paseoa: trikuharrira joan gara. Izugarri jator pasa dugu kontu-kontari eta abestuz.

Sorgin giroa zerion beti ere gauez trikuharriari.

Chepiren urteak 27an, konbita luzatu didate afaltzera.

Pin-pongean egin dut Chepirekin. Siona ere etorri da, hitz-aspertu luzea egin dugu politikaz eta ETAri buruz.

Chiscorekin joan naiz arratsaldez paseatzera.

Oso lagun egin ginen azken aldian, oso interesatuta hurreratzen zitzaidan.

Chisco izan dut arratsaldez Monasterioan, Monasterioa ezagutzen ibili gara.

Chiscok ez zuen Monasterioa barrutik ezagutzen, eta berarentzat abentura bat zen monasterio zaharra miatzea.

Chisco izan dut gelan. Panfletoak eman dizkiot.

Gogoan dut gogoko zituela nire erroilu sozial politikoak, baina oso aukera guti genuen bakarka hitz egiteko, hotelak eramaten zion eguna eta tarte libreetan hoteleko gazteekin egon ohi zen.

 

MASIETAKOEKIN

Pausoka joan zen masietako paiesekin ezagutza eta harremana. Telefonari lanak medio, ezagunak nituen  askenerako masietako nekazari gehienak. Masia gehienen inguruan egin izan nituen nire ibilaldiak ere.

 

La Carralera joan naiz. Hizketaldi luzea egin dut bertako nagusiarekin: oso jatorra da. Gimnasia eta igeri.

Udaleku bihurtutako masia zen La Carral. Igerilekua zuen. Lagun egin nintzen bertako nagusiarekin. Adinean aurrera zihoan gizonezkoa, errepublika denboran eta gerraldian aurre-aurrean ibilitakoa, ezkertiarra pentsaeraz: mila bizipen konta genizkion elkarri, egoera politikoa eta politikoen jokabidea ere izan genuen solasgai. Aurrez aurre biok, pipa erreaz. Sarri joan nintzen bertako igerilekura, bizikletaz.

Eguerdian La Carralera joan naiz: gimnasia lehenengo eta igeri ondoren, hotza dago ura, sartu-irten bat besterik ez dut egin.

Azken igerialdia izan zen. Ia egunero joaten nintzen udazkenean igerira. Egun batean, udazkena aurrera, izotz geruza batek estaltzen zuen igerilekuko ur-azal erdia. Halaz ere sartu-irten bat egin nuen.

Guardiola Masian egon naiz, Lourdesen etxean. Bere ama, arreba txikia eta anai txeratsua ezagutu ditut. Bihar etorri daiteke lagun egitera Lourdes.

Ordezko bat behar nuen bazkaltze orduan telefonoan, baita atseden bat hartzeko ere. Oso abegikorra zen Lourdesen anaia elbarritua, eta oso lagun egin ginen. Horregatik nion “txeratsua”. Tarteka joanen nintzaien bisita egitera.

Espinosara Eulogirekin arratsaldez.

Jai egun arratsaldetan bazekien Eulogik masietako nekazariak eta lagunak bisitatzen, berarekin joan ohi nintzen.

Vivetseraino ibilaldia, 7 urtez kartzelan egona da bere aitaginarreba.

Maria Luisarekin nintzen. Lorak, tabernarako oilo bat erostera… Hizketaldia egin genuen.  Bueltatu izan nintzen.

Vilasecara joan naiz errekadu bat eramanaz.

Tarteka etorri ohi zen bertako paiesa monasterioko  soroan lanera, bere traktorearekin. Soldatapean jakina, Eulogik deituta. Gizon gordina, hiztuna eta umoretsua.

Perretxikoak erostera ere joan izan nintzen. 

Eulogirekin joan naiz ilunabarrez bi masiatara kotxez, auzoko paiesak bisitatuz. Zoragarria izan da, bai arrats-giroa, bai giza-harremana. Nahiko barre egin dut: andre batek galdetu digu ia Maiatzeko Loreak egin ditugun.

Oraindik gogoan dut bidaia hura, egun horretan izan nuen nire lehenengo harremana gero ezagun eta lagun izango nuen paies batekin.

Uzta-makinarekin dabiltzan anaia bietako batekin egon naiz luzaroko hitz-aspertuan; jatorra, argia eta kezkatua da bera. Interesgarria izan zait elkarrizketa.

Bisitan joan gintzaizkien monasterioaren masia hartako anaiak ziren. Ez dakit ordainduta zetozen ala gari-ebaketa masiaren morrontzapean sartzen zen.

Paiesaren alaba ezkondua, solasaldi atsegina izan  dut berarekin;  senarrarekin, berriz, mendiz egin dut ibilaldia, lur-orotako motor batean.

Juan etorri da azkonarrarekin tabernara.

Juan, Comorera masiako mutil-zahar sasoikoa. Tabernan maiz, sosa batzuk ateratzeko lanerako beti prest. Azkonarrarekin egiten zuen erbitan. Berak erakutsita ikusi nuen lehenengoz azkonar bat. Nahiko azeria zen bera, maltzurra, nondik jotzen zuen igarrizaila. Sarri ikusten ginen. Bisitan zetozkidan neskekin egon ohi zen liluratuta.

Inguruko hiru paiesek, Mateuk eta nik bazkaldu dugu hotelean. Hirurekin joan naiz ondoren Su-ra uzta-makina lanean zegoen tokira.

Urte Zahar egunean monasterioan afaldu zuen gizonarekin egon naiz.

 

 

HAN-HEMENDIKOEKIN

Lagun, ezagunen eta ingurukoez gain, hainbat harreman ezberdin izan nituen: bisitan zetorren jende lehendik ezaguna, ezagutu nahi nindutenenak, agian ikusmin soilik zetozenak, nire pentsaera zirikatu nahi zutenak, presoekiko adeitasuna erakutsi nahi zutenak… Denetik egon zen.

Harreman asko izan nuen, sakonak batzuk, arinak beste asko.

Zuhur jokatu behar nuen, eta hala egin nuelakoan nago.

Bisitak eta beraiekin harremanak beste atal bat dute.

Egunkarian agertzen diren beste denak jarri ditut hemen, ezinezkoa da laburpena egitea.

 

Rine-ko alkatea eta Jordiren anaia agurtu ditut eguerdian

S. Kristobal eguna. Freixenet herrira joan naiz, bertako zaindari eguna zela eta, 11 apaizek eman duten meza, bazkaria...

Freixenet-eko apaizaren amaren hiletetan egon naiz: apaiz asko zen. Mateu eta Justirekin egin dut joana, baina Cardonara joan behar zutenez paies batekin itzuli naiz etxera.

Otamen edo mokadutxoa ardoarekin egon da gela batean elizan egon direnentzat elizkizun ondoren. Jende asko zen. Asko etorri zaizkit agurtzera. Taldetxoa bildu zait kartzelari buruz norbaitekin hasi naizenean, entzun nahi zuen jendeak niona. Gazte talde bat gitarra jo eta kantuz hasi da, beraz beste txoko batetara alde egin behar izan dugu eta han aritu naiz torturari eta ETAri buruz hitz egiten. Entzun-nahi izugarria du herriak. Zoragarria zitzaidan herriarekin horrela hitz egin ahal izatea. Ondoren beste taldetxo batekin ordu-biak eta erdiak arte luzatu gara langile arazoari buruz hitz egiten. Gasteizko langileen hilketa, egun haietako langile borrokak eta abar gairi buruz. Honexegatik bakarrik merezi zuen monasteriora etortzea.

USAn bizi den apaiz bat dago hotelean, lehen beneditarra izana bera. Atzerakoi hutsa, ia-ia haserretu naiz berarekin.

Ia terrorismoz hitz egingo nioken ostegunean Manresako ikasle talde bati, galdetu didate.

Ez datoz Manresako ikasleak.

Miraclera  etorri den senar-emazte talde batek ikusi nahi izan nau.

Hizketaldia izan dut senar-emazte taldearekin.

Hiru ordu pasa ditut tabernako semearekin eta bere lagun batekin. Jatorrak, irakasleak eta ezkertiarrak dira. Hainbat gauzaz eztabaidatu dugu.

Margolariarekin egin dugu arratsaldea, egin digu karikatura edo antzerako zerbait. Argazkiak ere atera ditugu, margolariaren andre-laguna zen argazkigilea.

Nahiko hurbil dagoen herri batean egin dugu bazkaria: amuarraina eta bildots txuletak. La Seo inguruko herri bateko osagilearekin egon gara, eibartarra bera.

Erlojua ekarri didate, doan konpondu didate. Mila eratara erakusten du herriak bere atxikimendua.

Bihar gazte taldearekin hitz egiteko plana egin dut Montserratekin.

Montserrat eta neska-mutil talde batekin izan dut hitzaldia: Kaiola eta torturak izan dira mintzagai.

Montserratekin egon naiz luzaro. Oso fin dabil.

Txinako neska eta lagunekin: bi ordu eta erdi egon gara kontu-kontari: interesgarria izan da solasaldia. Harrigarria gertatzen zait jendearekin horrela egon ahal izatea. Horrela joango naiz normaltzen. Berandu heldu naiz afarira.

Bi Hermanitekin eman dut bazkal ondokoa; gai askotaz hitz egin dugu, apaiz bainintz hitz egin diet, kristau ikuspegitik nola ikusi egoera. Beraiekin etorri diren senar-emazteak oso jatorrak dira. Arratsalde erdian joan dira.

Mendira joan gara M. Luisa, bikotea eta ni eibartarrek alde egin ondoren. Eztabaida bizian egin dugu ibilaldia: betiko eztabaida. Arazo nazionala, borroka armatua, españolismoa... Beraiekin hartu dut kafea bazkal ondoren, kanpin-dendara joan gara, hitz egiten jarraitu dugu baita argazkiak egin ere.

Etxekoak utzi ondoren gazte talde batekin eman dut seiak eta erdiak arterainokoa.

Mutil bat etorri zait arratsaldean ia taldeari hitz egingo nien eskatzera, denei ezetz esan diot, talde bati baietz.

Jaialdiaren ondoren goizeko laurak arte egon gara hamarkote batekin M. Luisa eta biok

M. Luisa eta biok Euskal Herriko gaiez hitz egiten: nahiko ondo.

Berbaldia egin dut beheko “zeldetan” dagoen gizon batekin.

Bi senar-emazte bikoteekin joan naiz Sant Just putzura: ederki eman dugu arratsaldea.

Tabernan egon naiz gauean ezkonberriekin eta bere gurasoekin: kafea, kopa eta berandura arteko hitz-aspertua.

Uzta-makina ikusi ahal izan dut lanean, “petrolero” biekin bat egin dut eta beraiekin itzuliz bukatu dut ibilia.

“Petroleroekin egon naiz lana nola egiten duten begira. Beraiekin itzuli naiz kotxez etxera.

Fardo zuzentzen egin dut bi estudianteekin, ondoren hizketan beraiekin.

Montserrat hermanitaren etxean (zeldetan)bazkaldu dut.

Gauean euskaldun batzuekin egon gara hizketan, ostatuan omen zeudenak.

Hitz-aspertu luzea izan dut tabernako ilobarekin berandura arte.

Su-ko gazte talde batekin izan dut hizketaldia durangarrak ere tartean zirela: oso jatorrak dira gazteok.

Marrazkilariarekin izan dut solasaldia fedeari buruz.

Niri egin dit gaur argazkia marrazkilariak. Berandura arte egon gara kontu-kontari.

Bazkal ondoren hizketaldia izan dut marrazkilariarekin, ping-pongean gero koadrilarekin.

Etxean egin dut goiza. Bazkaldu berriz Tomas eta bere lagunekin, Cio, Maria, Alicia eta hiru umeekin. Cardonara joan gara denok arratsaldean: Txabik bizikletaz joan nahi zuen. Egonaldi bat egin dugu Cardonako gazteluan.

Meatzari batekin egon naiz tabernan.

Sei neskarekin hizketaldia.

Pakete bat ekarri dit gizon batek: jana.

Manresako gazte talde bat etorri zait maisuekin nirekin hitz egitera.

Cio eta Maria hamar umerekin.

Cio, bere ahizpa eta lagun bat hiru umekin etorri dira Miraclera, beraiekin ibili naiz arratsaldez.

Ahizpa biekin, Cio eta Mariarekin, egin dut arratsaldea, paseatu eta hitz eginez.

Kristau fededuna da dentista. Arduratuta dago, gehiegi irabazten ote duen kezkatuta, inor esplotatzen ote duen. Bakarrik lan egiten du, ez du inor beretzako lanean edo bere mende lan egingo duenik. Bazekien gizarte sozialista batean bere orduak sartu beharko lituzkeela soldata baten ordez: ontzat ematen du. Efikazia arazoa planteatzen du, eraginkortasunarena: irabaziaren grinak bultzatzen du gizakia. Gai horietaz aritu gara, horrelako bulego batean, lan orduan, ari daiteken neurrian. Gogo bizia zuen bahiketa eta bide armatuari buruz zer diodan, bide egokia den ala ez. Euskal Herrian ekintza armatuek izan duten eraginari buruz aritu natzaio, herri zapalkuntza zer den argituz. Baita ere zenbait euskal abertzalek, euskal kapitalista eta enpresarik nola zapaltzen dituzten beste euskaldun batzuk eta euskaldun ez diren langileak. Aingeru bahituak inoren bizkar egin duela dirua… Hamar egun barru bueltatu behar naiz.

Mateuk eraman nau eta sukaldeko neska biak etorri dira gurekin. Zenbait erosketa ere egin dut. Pentsuarentzat nahasgai batzuk ere erosi ditugu. Oraindik harrigarria gertatzen zait kaleetan  aske ibili ahal izatea.

Manresako ikasle taldea, 13 ikasle, goizean terrorismoaz hitz egin diezaien: egonaldi polita egin dugu, gustura egon gara.

 

Prensarekin

“Zeruko Argia” eta “Cristianos para el Socialismo” taldekoen idazki bat ditut irakurri eta kritikatzeko.

Ba zen Eibarren hausnarketarako talde bat “Cristianos para el socialismo” izenburua  zuen liburua gidaliburu bezala erabiltzen zuena. Taldeko kide izan nintzen Azitainen nengoela.

BERRIAK-ek atera omen du nirekin  elkarrizketa.

Zeruko Argia-rako elkarrizketa bat gertatu dut.

Mikel Atxagak eskatu zidan. Galderak bidali zizkidan, erantzunak bidali nizkion.

Libururako egin zidaten elkarrizketa bidali didate: nire ustez ez dago ondo eta zuzentzen hasi naiz.

Beti gertatu zait berdina kazetariekin: ez dute esaten zuk esan nahi duzuna edo ez behintzat nahi duzun bezala. Interes kontrajarriak egon ohi dira. Edo ikuspuntu ezberdinak.

Goizeko laurak arterakoa egin dut elkarrizketa orrazten.

Bukatu dut libururako adierazpenena.

Agertu da nire elkarrizketa Zeruko Argian.

Orri osoa Tele Expres-en niri buruz, argazki handi bat dakar lehen orriak.

Elkarrizketa egin didate Katalunia Espres-erako.

Idazlearekin egon naiz goizean.

Etorri dira Kuxákoak, hitz egin dugu. Liburu bat atera du Zamorari buruz. Ekarri dit.

Gainbegiratua eman diot: erabat arina iruditzen zait diodana, pasadizoetara mugatzen dela.

Hor dut oraindik liburua; mehetxo bat da: ”Curas represaliados en el Franquismo”. Fernando Gutierrez da egilea. 9 apaizen kontakizunak dakartza, ni naiz bederatzi horietako bat.

77ko Martxoa. Tele-Expres-eko  bi kazetari etorri zaizkit elkarrizketatzera.

Lehen orrialdean, argazki handi batekin etorri zen nitaz artikulua.

 

Gutunak

Neuri

Ez nuen gorde Miracleko gutunik, etxera ondoren desegin nituen.

Nolanahi ez ziren asko izan, 37 zenbatzen ditut egunkarian. Agian gehiago izan ziren. Izugarrizko aldea dago bisitekin alderatuz. Euskaldunak  ez gara edo ez ginen nonbait gutun idatzi zale. Agian gaur egun aldatu da jarrera mezu elektroniko eta sakelako telefonoaren  aukerarekin.

Amarenak, M. Luisarenak, gotzainaren bi, Kataluniako zenbaitenak, Magunciako Amnesty  eta lagun eta ezagun batzuenak dira.

Aspergarria litzake egunkariko aipamenak errepikatzea. Baina bai ekarriko ditut deigarriak egin zaizkidan batzuk.

 

Zazpi urtetan neuk irekitzen nuen lehen gutuna, zentsuratu gabea: hori izan zen berreskuratutako lehenengoetariko eskubidea!.

Maiatzak 29. Lehenengo gutuna, Eibartik, soinujolearen aitarena.

Miracleko lehen egunean!. Andres Agirreren gutuna izan zen lehenengo gutun hori. Oso ezaguna nuen Andres, Ondarroako Harrigorriko udalekutik batez ere, han egoten baitziren alaba eta semea, soinujolea zen alaba. 

Martxoa. 31. Montserrat Baróren gutuna: ezustea.

Eibartik ezagutzen nuen moja fina. Bartzelonan zegoen orain, ezagutu nuenean bezain langile eta zintzo.

Apirilak 1. Amaren gutuna. Gauean idatzi diot neuk ere.

Monasteriotik  etxera bueltatzeaz bat idatzi zidan. Zazpi urtez ez zidan sekula huts egin astero amaren gutunak Zamorako kartzelaldi osoan.

Julenen karta. Zuka!!!.

Hika egin izan genuen beti, gerora ere, baina hara non zuka ari zen gutunean. 

Martxoa, 7. 164 telegrama hartu ditut gaur.

Elgoibarko 180 telegrama.

280 telegrama Elgoibartik.

Bizi-bizi zegoen aske utziko ninduten itxaropena. Aske uzteko presioa egiten ari ziren, telegramak bidaltzea izan zen ekintzetako bat. 620 izan ziren hartu nituen telegramak.

Eragin handia izan zuen monasterioan ez ezik, paiesen artean, Solsonan bertan ere, berehala zabaldu baitzen monasterioko presoari telegrama zaparrada heldu zitzaiola. Harrituta zeuden.

   

Neuk

Martxoa, 7. Gutun piloa idatzi dut

Inork kontrolatuko ez zituen lehen gutunak zortzi urtean. Nahi nuena idatzi eta gutun-azala neuk hertsiko nizkien gutunak. Zerbait ezin nuela esan-eta bueltatuko ez zizkidatenak. Nire lerrook marra beltzez ezabatu gabe joango zirenak. Kartzelan arreta handiz idazten genuen zentzura biziki bizi izan genuelako, baina halaz ere zenbat aldiz bueltatu zizkiguten gutun inozoak, edo zenbat aldiz heldu ziren etxera ia irakurri ezinik belztuta. Lehen gutun hauetan ez nuen ezer berezirik esanen, baina nire egoera berriaren arnasa zeramaten.

Kanpora zihoan norbaiti eman ohi nizkion gutunak postan botatzeko.

Eguneroko gorabeherak eta egoera politikoari buruzko iritzi nahiko azalekoak izanen ziren. Ez zen teorizazio sakonik izanen. Ez naiz teorizatzaile bat,  eta batez ere bisitez hartuegia nenbilen sarri, granjako lanarekin nekatuta ibili ohi nintzen, ez nuen hausnarketa sakonetan luzatzeko baldintzarik.

Zenbait lagunekin ahalegindu nintzen harremanak gorde eta sakontzen. Batez ere lehen egunetan ahalegindu nintzen harremanak berritzen. 

Gutun guztiei erantzun nien.

Gabon-gutun pila idatzi nuen.

Erakunde politikora ere idatzi nuen nire jarrera argituz.

Ordu asko aipatzen ditut egunkarian gutun idazten, goizalderako orduetan ere egunez oso hartuta bainebilen.

 

Deiak

34 dei agertzen dira egunkarian.

Zailak ziren telefonoz harremanak, deserosoak. Prioreak izanen zuen bere telefono propioa, ez dut gogoan. Bakarra zen monasteriokoa, pasilloan zegoen kabina antzerako zoko batean. Neuk deitzeko ez nuen arazorik, deitu eta kio. Baina kanpotik deiak jatordu edo antzerako ordu hartuetan behar zuten izan. Monjeren bat, Jordi anaia gehienetan, nire atzetik ibili behar zen, nire gela ez zegoen telefonotik hur eta. Zaila zen egunez ni etxean harrapatzea. Granjan ez bazen, ibilian edo norbaitekin ibiliko bainintzen.

 

Nik

Beharrezko deietatik harago oso gutxi erabili nuen telefonoa. Nahikoa nuen bisitekin harremana. Ez naiz gainera, telefonoz jardun luzekoa.  

 

Testuinguru bereziko harremanak izan ziren, oso aberasgarriak niretzat. Normalkuntzarako bidean jarri ninduten.

 

 

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/09/13 11:10
BIZIMIN: Jendemin, Saski-naski

BIZIMIN

 

 

Zamorako inkomunikaziotik nentorren. Senide hurbil-hurbilek soilik zuten bisitatzeko baimena, bi sare eta bien arteko metro bateko tartea genuen bisitarien eta presoon artean. Batera ziren bisita denak, berbots handia sortzen zen eta oso zaila zen elkar ulertzea. Kartzelari bat geneukan beti ondoan eta bisita mozteko mehatxua eginen zuen euskaraz edo gai politikoez egiten bagenuen.

Erabat kontrolatuak zeuden gutunak, horietan ezin zen kartzelako ezertaz ezer esan, inolaz ere politikaz, are gutxiago Euskal Herriko edozer gaiez. Kontuz ibiltzen ginen, baina halaz ere itzuli egiten zizkiguten guk idatzitako gutun asko. Kanpoko gutunak, aldiz, lerro osoak edo hitz solteak ezabatuta ematen zizkiguten.

Ordu gutxi batzuetara mugatuta genuen telebista, bazkalondoren bi ordu eta afal ondoren ohera arte, 10etan.

Kanpokoekin ia inolako harremanik eza zen hango legea.

Paisaia, aldiz, patioko eta geletako hormak, zerua eta inguruko tontortxo bat, ez zen besterik.

Beraz izugarrizko kontrastea zitzaidan Monasterioko bizitza. Aseezina ziren bai jende-gosea bai naturaz biltzeko egarria.

 

JENDEMIN

Egun ederra: berriz ere jende artean ibili eta egon naiz, kaleetan murgildu naiz: bizitzaren alde berriak.

Solsonara, herrietara, masietara  irteerak… Montserrat, Seo de Urgel eta Manrresara bidaiak… sekulako arnasbidea zitzaizkidan.

Nire mandatuak egin ditut neure kasa Mateuk bererenetan zebilen bitartean. Ordu-bata arte ibili gara hirian. 

Izugarri atsegin nuen jendartean murgiltzea. Bakartia zen monasterio ingurua; hiri txikia arren kale artean eta jendartean ibiltzeko aukera ematen zidan Solsonak. Kaleak, kaleko jendea, dendak, tabernak. Bizipen eta esperientzia berriak. Erakargarria zitzaidan dendan erostea, tabernan zerbait hartzea.

Mezetan egon naiz eta ondoren paiesekin eliza aurrean, plazan.

Jende-minak ninderaman mezatara, asegarria zitzaidan eliztarrekin bankuetan esertzea,  jendez inguratuta sentitzea. Paiesekin elkarrizketan luzatuko nintzen meza ondoren. Nire jendartean egoteko grina eta beharra!.

Herriarekin egon nahi nuen. baina Mezatik eta Eukaristiatik urruti dago herria gorputzez gertu arren. Mezetan herria ez da elkartzen. Sentipen tristea eragin dit elkartasunik-eza horrek, bakoitza bat da mezatan, ez da kristau taldea, horrela sentitu dut nik behintzat. Elkartasun bila joan eta bakarrago sentitu naiz.

Ahaleginak ahalegin, apaiz nintzanean neuk eman izan nituen meza gehienetan ere oso urrun bizi izan nuen herria, zerbait definigaitza zegoen tartean. Urrunago oraindik gelditzen ziren beraiengandik nire hitzak. Herriarengandik hur sentitzen nintzen kalean, eguneroko gaiez arituz; elizan, ordea, nire hitzek ez zuten konektatzen herriarekin, adi begiratzen bazidaten ere, zerbait edukiz eta moldez interesgarria litzaiekeena predikuetan ahalegintzen banintzen ere. Beti izan nuen hitz antzuak zirela nireak, hitzoz airean galtzen zirela sentipena, nire sermoi eta liturgiak ez zutela eraginik bere eguneroko bizitzan.

Jende asko zebilela ikusi dut monasterio inguruan: ezkontza bat. Neu ere  elizan egon naiz ezkontza orduan, herriko jendea ikusiz eta beraien artean egonez.

 

Izanen da atal bat bisitei buruz, jende-min hori aseko zidan harremana.

 

 

BIZINAHIA

Ezin nintzen kabitu monasterioan. Nire egoera normaltzen joan zen heinean, edo neu konfiantza eta segurtasuna hartzen, hasi nintzen inguruak ikuskatzen. Hurreko ingurutik eman nion hasera, zirkulua zabalduz joan nintzen ondoren, ia mugarik gabeko lurralde zabala nuen monasterio inguruan.  Nire baitan zeuden mugak hasieran, mugok ezabatuz heinean joan ziren luzatuz ibilaldiak. Izugarri erakargarria zen niretzat mendiko ibilia, are gehiago gauekoak, batez ere ilargi bete gauetan. Arnasa, askatasun sentipenen iturria, bizipoza, nire baitan biltzeko unea… ziren bakarkako ibilaldiok, oraindik bizi-bizi dut gau haietako bakardade zoragarria mendi-muinoetan,  trikuharrian eserita gauaz gozatzea... Lagunartea sendotzen zidan   bisitekin edo hoteleko gazteekin eginiko                                                                                                                               paseoak, gizartearekiko lotura ziren hirietara irteerak.

Etenik gabekoak dira egunkarian ibilaldi eta bidai ezberdinen aipamenak. Hemen doaz egunkarian agertzen diren nire ibilbideetako zenbait herri, masia eta inguruak, eta nire ibilietako egunkariko aipamen batzuk.

 

Zenbait ostera

Ibilaldi ikusgarria inguruetako soro eta pinudietan. Laster denera, inguruko bazter  urrutietara ere, helduko naiz. Zoragarria da inguruetan ibili ahal izate hau.

Ilunabar zoragarria. Bihar monasteriotik kanpora joango naiz afal ondoren etzanda patxadan egotera.

Ibilaldi luzea egin dut gauez, ilargipean, Drak tabernako txakurra lagun.

Mendian egin dut ibilaldia ilargipean monasterioko txakurtxoa den Skitxekin.

Afaldu. Neu bakarrik joan naiz S. Gabriel aldera. Ilargia. Bakarrik.

Hain ugariak ziren bisitariak udan,  erretiratzen zirenean ibilaldi bat eginen nuen alboko muinoetan bakardade eta patxada bila.

Ilunabarraz gozatzera joan naiz basora afal ondoren, ilargi argipean paseatzera.

Elurra: dena zuritu du afal denboran. Botak jantzi eta kalera atera naiz gauez.

Ia Solsonaraino joan naiz autoz Mateurekin, bera herrira zihoala baliatuz. Oinez egin dut etxera itzulera. Berandu nenbilen, ilundu zait, eta gainera galdu. Ordu eta erdi ibili ondoren lehen ibilitako parajeetara jo dut berriro. Zuzendu naiz errepidera, handik pistaz egin dut Monasteriorakoa.

Afaria aurrera zihoala heldu nintzen izerdi patsetan eta nekatuta. Kezkati zeuden azaltzen ez nintzelako. Bide ezezaguna zenez, galduta ibili nintzen.

Serra-ra joan naiz, handik atzo galdu  nahasi edo ziurtasuna galdu nuen tokira heldu naiz. Serratik 15 minutura nengoen, bertan. Gorantz egiteko erabaki falta izan zen nirea.

Gau beltz zoragarria.

Atera izan nintzen ilargi berriko gau ilunetan ere. Ia ez zegoen argirik baina oso ondo moldatzen nintzen mendi-bideetan gau ilunean ere.

Bizikletaz ibili naiz pistarik pista, baita baso eta soro arteetan ere.

Asko ibili nintzen txirinduz ia urte osoan, baina azken egunok izan ziren batez ere txirrinduzkoak. Inguruko paraje guztiak zeharkatu nituen.

Arrebol eta Pinos aldetik txirrinduz.

Gogoan dut oraindik ibili hura, bizikletaz, gurdi-bideetan gora pikoan azkenean: Monasteriotik urruti baten ikusten zen tontorra zen Pinos, bertan santutegi edo ermita bat zegoen, eta bertatik paregabea zen bestalderako ikuspegia.

Ibilaldi luzea bizikletaz: Freixenet, Pons, River, Bric... erabat nekatuta utzi dut Drak.

 

Herrietatik

Solsona: herrialdeko hiriburua, mila bizipen ezberdinen eragile, egunkarian maiz agertzen dena.

Bost mila biztanle besterik ez du; herri kaxkarra izanen zen aurreiritzia nuen. Hiri polita iruditu zait, ordea. Antzinako hiriaren jitea du: kale estuak, egitura zaharreko etxeak, kale-gurutze asko, bukoliko airea duten bazterrak. Ze arnasa hartzen ote herriak, zein kezka, zein arazo bizi du?. Ze azalduko luke herri honek kanpora, horretarako biderik eta aukerarik balu?. Egurraz baliatzen den fabrika bat ikusi dugu etorreran: besterik ez omen. Inguruko nekazaritzak ematen dio bizitza. Nekazaritzari eta nekazariari buruzkoak ezagutu nahi ditut. Ehiza-barruti asko ikusi dut: jauntxo asko ote, soroak babestu nahia, ala ehiza-barrutiei etekina atera nahi diete partikularrek kanpoko ehiztaria ehizara erakarriz Gatzagako uso-pasoan bezala?.

Oso langilea da nonbait inguru honetako nekazaria, agian premia handikoa: aukera ematen duen lur zati oro dago landuta, mendi ertz oro. Mendia eta basoa da beste dena; pinudia da batez ere basoa, bertan erne eta hazitako pinoa, ez gureetan bezala birlandatutakoa. Garia da soroetako uzta. Hits samarra dago garia: erne berria oraindik, indartu eta marduldu ezinik. Lehorte handia dago, ez baitu euririk egin. Kezka bizia dago inguru guztian lehorteaz, uzta galduko den arriskuaz alajaina. Paraje euritsua omen, ez dute beraz itxaropenik galtzen.

Halakoa ohi da nekazariaren bizimodua.

Bric

Mateurekin kotxez joan naiz errepide gurutzeraino, oinez egin dut itzulera  Bric-tik pasatuz: ibilaldi ederra.

Seo de Urgel.

Seo de Urgelera atera gara 8retan. Bidaia paregabea, paisaia berriak ikusiz. Garagardo eta bestelako edariak hartu ditugu bidean.

Seo ikusi dugu: Katedral aparta, Museoa, kaleak...

Seo de Urgelera. Dena itxita dago, zaindariaren eguna dela  eta. Ibilbide berri batetik izan da itzulia, paraje ederretatik. Doi-doi heldu gara afalordurako.

Itzuli izan naiz gerora Seora, atsegin sentipenak dirau.

Manresa

Zazpiak eta laurdenean atera gara Mateu eta biok. Manresan eman dugu goiza erosketak egiten: poltsa, botak, etab.

Maria Luisak darabil oraindik egun hartan erositako lepoko bat.

Montserrat.

Bazkaldu eta Montserratera igo dugu. Monasterioa ikusi eta monjeekin egon.

Abatarekin eta zenbait monjekin egon nintzen. Morboa ere bazegoen monjen artean Miracleko apaiz etarra ezagutzeko.

Montserratera bidaia. Egun ederra: berriz ere jende artean ibili eta egon naiz, kaleetan murgildu naiz: bizitzaren alde berriak.

Itzuli nintzen jada aske, lagun zaharrak agurtzera.

Su.

Su aldera egin dut mendiz ibilaldia, ibilbide berriak bilatzen: inguru politak. Su herria, izena bezain txikia da, mendigain hauetan galdua.

Berga, Cardona, Freixenet, Manresa, Pinos, Pons, Rine, River, Sant Just de Ardebol, Solsona, Torá.

Nire ibilietako herriak hauek ere, han hemen agertzen direnak egunkarian.

 

Masietatik

La Carral

La Carralara joan naiz bainatzera, gimnasia ere egin dut

St. Just

Hiru orduko ibilaldia menditik, S. Just-ko putzutik barrena.

Serra, S. Giumet, Abellanosa. Comorera, Espinosa, Galgolell, Guardiola, Hostal Nou, La Cirosa, S. Jaume, Stany, Vilaseca,Vivet.

Bakoitzak du lekua nire Monasterio urteko bizipenetan.

 

Inguruak

Berga, Cardona... Mendiz eta mendi-errepidez egin dugu etxerakoa. Oso paraje  politak  ezagutu ditut.

Seo de Urgeletik bueltan zen. Mateuren ahalegina niri bizitza ahalik atseginena egiten.

Port del Compte, Pier del Forque

Port del Compte egongela aurrean genuen mendia zen, eski-leku bilakatua.

Font del Fer: Granjako ekinaldiaren ondoren putzura, Font del Fer-era, joan naiz. Aurkitu dut Cirosatik Font del Fer-era bidea.

M. Luisa eta biok Font del Fer-era: ibilaldi ederra egin dugu.

Mendi-zulo batean zegoen, nahiko urruti eta sakon, monasterioaren iparraldean. Metal ura zuen, hortik izena, ez zuen bestelako erakargarritasunik.

Font Rodona eta Iturria: paseo laburrerako parajeak.

La Robellonera: Miracletik kilometro batera errepide ertzean zegoen pinu sendoko esparru bat, egonleku polita zen eta robeiloiak, esnegorriak, zeudelako izanen zuen izen hori.

Karobia: Monasteriotik beherantz, ekialdera, nahiko zuloan, baso erdian zegoen, erabat hondatua.

Pinos: Mendia da ala herri bat?. Biak zelakoan nago, Port del Compte mendiaren maldan.

Torre Negó: Torre Negó aldetik mendizko  ibilaldia  txirrinduz.

Putzua: merezi du aipamen luzeagoa bat.

Saint Just-era joan naiz. Eliza ikusi dut. Putzua aurkitu dut, bainua hartu ere bai, salto itzela egin dut harkaitzetik. Zoragarria izan da bakardade hartako unea. Presaz nenbilen, berandu zelako,  barne-minez alde egin behar izan dut. Denbora tarte laburrean etxeratu naiz, leku eta uraren lilura bihotzean oraindik.

Vivets eta S. Just masien inguruan kokatua. Oso gogoan dut lekua. Paiesek eta monjeek kontatuta nekien bazela putzu hori, bertara joan ohi zirela igeri egitera garai batean monjeak edo monjegaiak ere. Aurkitu nuen. Bertara ibilaldia bera ere aparta zen, mendi zabaletik zehar. Leku zoragarria. Baso-basoan. Urruti Monasteriotik. Aurrerantzean eguraldi onarekin eta tarte libre bat nuenean bizipen gozagarriak eskaini zizkidan txokoa. Biziki aparta. Pelikuletako errekatxo, ur-jauzi eta putzua. Ur-gardena, hotza. Putzu gainean, bizpahiru metrora, harkaitz leun borobil zabala.

Putzuaren sakonera arakatu nuen lehen egunean, murgilan, oso sakona zen. Tarzanen antzerako harkaitz-jauziak ziren gainetik egiten nituenak. Biluzik. Beti izan dut gustukoa uretara jauzi egitea. Harkaitz gainean hartzen nuen eguzkia, basoz inguraturik, aurrean ikuspegi zabala nuela.

Putzura egin dugu M. Luisa eta biok, bide berrietatik. Sakoneran metro bete baino ur gutxiagorekin dago putzua. Igeri, hamarretakoa. Bazter berri politak, masia berriak, jende ezberdina ezagutu ditugu; Gargolell, txorrota zuhaitzean zeukan iturria, eperrak bide ertzean... Auto-stop eginez itzuli gara etxera.

Sant Justeko putzura joan naiz, oraingoan bizikletaz.

8retan putzura. M. Luisarekin. Ibilaldi bikaina. Jauzi ugari egin dut putzura baina eltxo eta zomorro asko zebilen, beraz iturrira jo dugu hamarretakoa egitera. Bide berri batetik egin dugu etxera itzulera, haritz handi baten pean zigarroa erre ondoren.

Hoteleko gazteekin ere bueltatuko nintzen.

Riner: honek ere merezi du aipamen bat.

Maiatza. 6.- Ibilaldi itzela Rine-raino, 4 ordukoa.

Norbaitek aipatu zidan bazela gaztelu bat Rinen. Bila joan nintzaion.

Solsona inguruan dagoen herri bat da Rine, erreka zulo baten inguruan. Bide luzea zegoen bertara. 4 ordu horiek joan-etorrikoak dira. Leku erakargarrian zegoen erreka, baina, itxura zuen  deigarria soilik, erabat kutsatua baitzetorren zerri-granjetako isuriengatik  nonbait, kiratsa ere zerion.

Gaztelua dut biziki gogoan, bera izan zen arratsaldeko nire jolas misteriotsua: erabat hondatuta zegoen, horma hondakinetan gora ibili nintzen, goiko erpinera heldu arte, ze ikuspegi ote bertatik, barneko habe eta harrien artean, hormako zuloei helduz, ia eskaladan, bakardade absolutuan, umeena baino urrutirago eta biziago irudimena... Misterioa zuen.

Bueltatuk nintzen, bai bakarrik, bai M. Luisarekin, bai hoteleko gazteekin.

 

SASKI NASKI

Eguneroko aipamen xume asko dago egunkarian. Sailkatzeko zailak. Errepikakorragatik aspergarriak asko.

Batzuk soilik jarri ditut atal honetan, beste asko azaldu dira jada.

 

Egunerokoak

Felix telefonoz. Bolo-bolo omen dabiltza hainbat kontu Eibartik: Maria Luisarekin ezkontzeko naizela, komunista naizela, LCRko kide naizela... baita ere esan dit erakundea ni kapitalizatu nahian dabilela... Badabil norbait azpilanean!.

Bisitak eramateko paperok gertatzen eman dut goiza.

Nik Manzanas hiltzearekin zerikusia dudala omen dio egunkari batek, Camiña abokatuak esan didanez. Protesta egin du.

Izara tolesten egin dut Kontxirekin, Raimonen abestiez bilduta. Herrimin utzi nau Pais Bask abestiak. Poetikoegia da, borroka falta zaio, borroka Euskal Herriaren zati bat da.

Zinta grabatzen aritu naiz.

Berandura arte egin dut lo. Mendira joan naiz gero.

Siesta luzea, gaueko lo-eza berdintzeko.

Goiz joan nintzen ohera baina oso gaizki egin dut lo. Zazpietan deitu dit Mateuk.

Euskal musika entzunez pasa dut goiz zati bat.

Amak dio Abene ez ote datorren  ni ikustera nire iritziekin erretxinduta edo minduta dagoelako. Hala balitz hasi zaizkit lehenengoak alde egiten.

Ez dut gelatik irten arratsaldez, irakurriz eman ditut orduak.

Kasete batean abesti zerrenda bat grabatzen ari naiz.

Uso bandoa ikusi dut La Cirosa-tik S. Jaume aldera. Tiro egin dio norbaitek.

Jende asko: gazteak eskolan jolasean, jende asko telebistan... Ostiz kantuan.

Ikasten egin dut arratsaldea, ezertarako irten gabe. Gauean gimnasia egin, eta ohera.

Zoragarria izan da eguzkiaren irteera telefonora nindoala.

 

Oroitzapenak

Lardero Marinen, Sasikopotzu Altzolan: gaur da eguna.

Jose Mari eta Anaren urtebetetzea.

Feliren kontuak: Mirenek ikusten du dendan, bi urteko umea du, oso jatorra dago. Mila bere ahizpa, Emaldi Txikikoa, kartzelan egon da, izugarriak hartuta; fidantza ordaindu ondoren atera da, Gasteizen omen zen, baina orain ez: pozten naiz horrela konprometituta ikusteaz, erre egin ote?. Garaikoan bi urtez gorde zuten mutila M. Isabelen senarra da gaur egun. Maringo beste mila kontu konta dizkit Mirenek: denek galdetzen omen dute ni nola ote.

Beti eraman dut bihotzean Marin, hala daramat orain ere. Oso kuttuna nuen Feli, asko lagundu zidan Maringo urteetan.

Mila erre egin ote zen beldurra: nik neuk nekien eta dakit zer den poliziaren eskuetan egotea, inguruko presioa, erretzeko arriskua, beldurrak kikiltzekoa alegia. Elias bere anaiarekin egon nintzen ondoren ez dut gogoan non eta noiz: oso kritiko zegoen, erabili egiten genituela gazteak eta abar salatzen zidan. Erabilpen salaketa hori gaztea gutxiestea dela pentsa izan dut beti, gaur egun ere. Hori bera da sarri zenbait atxilotutakoen guraso eta ingurukoen iritzia borroka bide latza hartzen duenean gazte batek, armena edo ez: ia beti, gazteak badaki non eta zergatik sartzen den, herri arazoetan eskua sartzen duenean, edozein borroka mota hartzen duenean. Gehiago erabiltzen gaituzte gu besteak erabiltzen ditugula salatzen gaituztenek. Mila Beitia behin ikusi dut ondoren, baina ez dut aukerarik izan gai hauetaz hitz egiteko, eta benetan gustura arituko nintzakeela.

Gaur zazpi urte txakurrek harrapatu nindutela. Ez dut gogoratu bazkalondora arte.

 

Osasunarekikoak

Osasunak ere lagundu zidan monasterioko urtean, indartsu eta osasuntsu izan nintzen zertzeladatxo hauek salbu.

Oso gaizki egiten dut lo. / Lo oso ondo.

Beti izan naiz lo txarrekoa, estres puntua delakoan nago, buruan beti zerbait darabildalako. Loa lo, ondo funtzionatzen nuen egunez.

Solsonan egon naiz medikuarekin: garagarrari alergia dut.

Gaixo begiak ditudala diost  tio Patxok, tiak berriz sendagilearengana joan behar dudala

Azkeneko ikusi ninduenetik 20 kilo gutxiago nituen, neke punta ere izanen zen.

Zoldura dut atzamarrean: gauez jabetu naiz.

Osagilearengana joan naiz Solsonara,  eztarriko ganglioak gaiztotu zaizkit.

Osasun azterketa egitera joan naiz Solsonara: oso jatorra da osagilea, bera ere kartzelan ibilia. Osasuntsu omen nago.

Dentistarengan egon naiz.

Familiarekin egin dut goiza.

Egarri egoten naiz baina ura edan beharko.

Hagineko min handia gauean. / Dentista bera etorri zait konbentura: txantxarra dut, Solsonara joan behar dut. Mateu gogor aritu da txapelokerrekin, Solsonara dentistarengana atera behar naizela eta. Gizaki jatorra dirudi dentistak. / Egon naiz dentistarekin. Hori zen gaurko Solsonako zeregin nagusia edo monasteriotik ateratzera behartu nauena. Letagina oso hondatuta dago, min eramangaitza eragiten dit, baina salbatuko omen da. / Irailak 6: dentistarengan ere egon naiz. / Dentistarengana joan naiz ilunabarrean. Lertzo, sarro, asko omen daukat: udaran kendu ez bazidan lau hagin erorita izango nituela gaur egun. / Dentistari bisita berriro / Solsonara dentistarengana.

 

Militantzia

Teorikoa izan zen nire jarrera politikoaren bilakaera Zamoran. Aske nintzela izanen ziren nire militantzia politikoaren lehen urratsak.

Erakundeari erantzun diot.

Bisita egunerako materiala gertatzen: irakurri eta kritikatu.

Irakurri eta erakunderako  idatzi.

 

Igari egitera behartzen gaituen ibai gelezina da bizitza

 

 

 

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/09/06 09:25
ASKATASUN EGARRI II: Balizko ihesa, Goardia Zibila

BALIZKO IHESA

Kontuz ibili beharra dut, bisitari larregi etor daiteken arriskua dut: poliziak kili-kolo jar dezake nire hemengo egoera jende asko datorrela ikusten badu, eta ez du merezi horregatik bakarrik arriskatzerik nire kartzela hau. Ez dago proportziorik.

Askatasuna da preso baten ametsik biziena. Presoa nintzen ni ere, kondena betetzen nengoen Miraclen, esparru jakin batera lotua beti, nahiz esparru hori nahiko zabala eta muga malgukoa izan orain, kondenapean nirauen uneoro. Kartzelara itzularaziko ninduten arriskuan.

Lehen aldiko kezka izan zen batez ere bisitaren kopuruarena; denbora aurrera, bisitak ere gehituz, jada ez nintzen hainbeste kezkatzen, baina beti izan nuen garbi argi ibili behar nintzela.

Ihes premiaren kezka uneoro egon zen garunetan kiribilduta.

Su-ra joan naiz goizez Eulogirekin. Handik Monasterioak duen lursailera. Paraje atsegina, arrisku-une batean gordeleku paregabea. Oinez joan behar dut egun batean ingurua zehatzago ezagutzeko.

Inguruko herritxo bat zen “Su”. Bueltatu nintzen, baita ondo ezagutu ere lurralde haiek.

Iheserako bideak ikasi, mendira ohitu egunez zein gauez, gozatu eta atseden hartu…

Brujula dut.

Bizentek utzi zidan, giltzatakoan edo kotxean zeraman. Ekaineko lehen egunetan zen. Balizko iheserako erreminta zelako nahi nuen.

Felisek deitu dit afal ondoren dokumentazio arazoa argitzeko.

Dokumentazioarena zen garrantzitsuena: beharrezkoa nuen ihes posible batean.

Apirilaren 28a. Jesus eta Albertorekin egun osoa. Monasterioan bazkaldu eta afaldu dute. Eguraldi txarra izan dugu kanpoan ibiltzeko. Makinatxo bat hitz egin dugu. Gauean agurtu gara, goiz baitoaz bihar. Monasterioko segurtasunaz eta alde egitea komeni ote zaidan izan da solasgai nagusia. Zamoran antzera, giltzak ateratzeko moldeak ere egin ditugu.

Batez ere Alberto zegoen kezkati. Etorri ere ni eramateko prest etorri ziren. Egoera politiko hartan, Konkordatua hautsi ondoren, edozein unetan kartzelara eramango ninduten beldur ziren. Egiazkoa ez ezik, bizia zen arriskua. Premiazkoa ez bazen ez nuen alde egiteko gogorik. Ez zen erraza ni harrapatzea, ez egunez ez gauez. Hainbat ezkutaleku nituen bai monasterioan bai inguruan; inguruak ezin hobeto ezagutzen nituen oinez ere alde egiteko edo gordetzeko. Bertan jarraitzea erabaki nuen, arriskua zen, baina konfiantza nuen nire buruaz. Eta ez nuen nahi galdu nire egoera pribilegiatua. Banekien nolakoa zen atzerria.

Felix etorri da. Monasterioan egin ditu loa eta afaria. Madrilen nahiko nahastuta daude niri buruzko iritziak. Berandu arte egon gara hizketan. Norbait gauzak okertu nahian dabil. Zuzendari Orokorra segur aski.

Kezkaz betetako egunak izan ziren haiek.

Mikelek deitu dit.

Lagun denak zeuden kezkati. Ez dakit Konkordatukoarenaz harago, bestelako arrazoi objektiborik ere ote zeuden.

Apaiz bat egon da bazkaltzen monasterioan. Ingurukoa, isila; zintzoa dirudi. Gordeleku izan daiteke bere etxea ere estualdi batean.

Nire garunetako errotan ehotzen ari zen ihes egin beharraren kezka.

Jende ugari dabil Santutegi inguruan.

Egun-pasakoak ziren gehienak, baina ez nintzen fida. Barneratua nuen egoera aldatzearen arriskua eta balizko ihes egin beharra.

M. Luisak deitu dit: eskatu zizkidan aldizkariak giltzak ziren.

Giltzen arazoa: lehen egunak ziren, estualdi bat izanda ere monasterioko giltzak nahi nituen eta kopiak atera nahian ibili nintzen. Isilpeko gaia zenez aldizkaria deitzen zieten M Luisak giltzei. Giltzak nahi zituen kopiak ateratzeko. Lasterrera Justi prioreak emanda izan nituen etxeko giltzak, nahi nuenean gaueko afari edo ibilaldietatik bueltatzeko, aurreko zein atzeko atetik.

Gatz paketea eta mapa bat erosi ditut Solsonan

Gatza mendiz ihes egin behar izanda ere hidratatzeko gaia zen, mapa berriz nondik ibili jakiteko. Beti izan nuen prestatuta fardeltxo edo poltsa bat janari kontzentratu eta premia baterako nahitaezkoekin.

Gauean ireki dut M. Luisaren oparia: intxaur-hauskailua, polita, bere idazki batekin, hau politagoa oraindik.

Nire urtebetetzeko oparia zen. Tresna polibalentea zen, kurrika, bihurkina, ebakigailua, eta beste hainbat zereginetarako tresna sendoa bere txikian ere. Nire balizko ihesa zuen M. Luisak gogoan. Neska praktikoa.

Uztailaren 21a. Fardo sartzen egin dut goiz osoa, bazkal ondoren ere berehala joan naiz. Ia lehertu naiz gaur baina gertatu dut gordelekua.

Eulogik eta paies batek soroan jaso eta granjara ekartzen zituzten fardoak. Nik neuk lan hori aukeratuta, tolestuz pilatu egiten nituen fardook granjako goiko estaian; ganbara antzerakoa zen, goialdeko lurraren arrasean zegoen. Behe aldera jotzen zuen leiho aurrean gelatxo bat eratu nuen, ohol batzuek eusten zioten gaineko fardoei; bertara heldu ahal izateko lastozko tuneltxoa edo pasabidea egin nuen, lasto-fardoaren goiera eta zabalerakoa, ia arrastaka joan behar zen, sarrera fardo batez estali ahal zen bai barrutik bai kanpotik, igartezina zen sarrera. Manta bat ere eraman nuen. Estualdi baterako gordeleku ezin hobea zen. Nik alde egin ondoren, fardoak gutxitu ahala aurkitu zuen Eulogik zuloa. Izugarrizko zirrara eragin omen zion.

Paseatzera atera naiz gau erdian, ilargi argipean, baina kezkatuta bukatu dut etxeratzerakoan, norbait zain ote nuen kezkaz, zaunka asko egiten baitzuen Sitx zakurrak.

Monasterioko txakurra zen zaunkaria. Poliziak harrapatu gintuen goizalde hartan ere Mogrovejoko zakurrek zaunka berezia egiten zuen, Maringo txakurrak kanpotarren bat zebileneko gauetan antzo. Hortik nire kezka gure txakurtxoa zaunkaz entzutean.

La Seo-ra, ohi denez Mateurekin. Ez dut nahi apaiz bezala agertzea Nortasun Agirian, bertako Gotzainarekin egon naiz agirian lanbidea aldatzea nahi dudala esateko. Badut agiriaren ordezkagiria.

Ez nuen nortasun agiririk. Ihes egin behar batean funtsezkoa nuen nortasun agiri hori. Segurantza ematen zidan ihes egin behar izanda ere. Aurreko Nortasun agirian “apaiza” zen “lanbide” atalean agertzen zena. Balizko ihes egin behar batean ez zitzaidan komeni apaiz bezala agertzea, ziurragoa zen beste ogibide batekin agertzea. Solsonako kuartelean eskatu nuen aldaketa, baina beraiek ezin omen zuten aldaketa hori egin. Horregatik jo nuen La Seoko gotzainarengana. Paperen bat egin zidan Nortasun Agirian ez zela apaiz nintzela agertu beharrik esanaz eta hori azaldu nion poliziari. Gogoan dut gotzainarekin erabili nuela Zamoran apaizgoari buruzko eztabaidetan erabili izan genuen hausnarketa bat: apaizgintza ez zela ofizio bat, zerbitzu bat edo egoera pertsonal ezberdin bat baizik.

Ez dakit zer jarri nuen edo zidaten lanbide atalean, baina lortu nuen apaiz agertzen ez nintzen Nortasun Agiria.

Danbok deitu dit, atzo gauez ere deitu zuen 12etan, baina kanpoan nengoen. Bi abokatu datozela nire bila edo hitz egitera esan dit. Abokatuon zain egon naiz goiz guztian. Kesus eta Alberto dira abokatuok, biekin egin ditut goiz arratsaldeak: uste dute oso arriskutsua dela nire egoera monasterioan, Nazioarteko Zuzenbideaz kartzelara eraman nazakete.

Espainiak eta Vaticanoak ezabatu egin zuten apaizak kartzelara ez eramateko atala.

Telefono deiak eta abar: oraingoz hemen jarraitzea erabaki dut.

Josu eta Alberto beraiekin eramateko gertu zetozen oraingoan ere. Kezkaz jarraitzen zuten. Nik nahiko gordeleku nuela uste nuen, polizia bila agertuta ere alde egiteko ziurtasuna nuen.

Uztaila 30. Ostirala. Ohetik kanpo pasa dut gaua, zelatan, ia poliziarik zetorren bila. dena dut gertu iheserako.

Urduritasun egunak izan ziren haiek

Eibarrera deitu dugu M. Luisak eta biok. Lasai xamar daude han gauzak. Ni berriz kezkaz. Ez dut nahi kartzelara joan.

Kesus eta Alberto etorri dira berriro arratsaldez. Denak mugitzen ari dira gobernu mailan bere horretan jarrai dezan nireak. Ez dago berri definitiborik.

Kanpoan eman dugu egun osoa jan-orduak ezik.

Segurtasun neurria zen kanpoan egotearena.

Abuztuaren lehena. Gaua lastategiko gordelekuan egin dut Maria Luisarekin.

Telefonoz aritu naiz. Kartzela arriskua dago egon, nahiz batzuk ezetz esan. Lanean ari dira eraman ez nazaten. Itxoingo dut. M. Luisa, Kesus eta Alberto ditut nirekin.

Geure txokora joan gara M. Luisa eta biok gauez, jende asko dabil inguruan, urduri dago M. Luisa.

Txiste kontaketa izan dugu gazteok gauean Casa Grand-eko sotoan. Ordu bietan paseatzera irten dugu baina hara non azaltzen zaizkigun 15 txapeloker 3 landroberretan!!!!. Zalaparta itzela, sakabanaketa, zelataritza, zaintza... Ez zeuden niregatik guardia zibilok. Askatasunaren Ibilaldia, edo Marcha de la Libertad, entzute handiarekin Katalunian abian zebilen ekimena galaraztera etorriak ziren. Baina gure sustoa ez zen bertan beherakoa izan.

Bisitan etorri eta bertan bildu zen koadrila zabala ginen, gazte helduak gehienak. Begi aurrean dut oraindik hotel kantoira helduaz bat, behe laino trinkoan hotel aurrean txapelokerren silueten irudia. M. Luisak eta nik granjara jo genuen, egoera erabat okertuz ere beti nuen ezkuta-tokian gordetzea, alde egin beharren bat bazen bide ezberdinetarako abiapuntu egokia. Josean agertu zitzaigun txapelokerrak lasai zeudela edo alde egin zutela esanez.

Izugarrizko sustoz esnatu naiz: tiroak ziren lastategi inguruan, Mogrovejon inguratu eta harrapatu gintuztenean bezalatsu, oraingoan eskopeteroak ziren, zabaldua baita ehiza-debekualdia.

Soroetako lastategian koadrila osoak lo egin genueneko goiza izan zen. Besteek ez ziren arduratu, ni bai. Garbi dago urduri nenbilela.

Polizia sekretu edo salatari tankerako jendilajea dabil egunotan, baina baita Ibilaldia gertatzen ari direnak ere. Esames etengabea gaurkoa, atzo gaueko txakurrada hizpide. Garbi dago Ibilaldiagatik izan zela.

Inguruan zebilen egunotan Askatasunaren Ibilaldia. Arrakastatsua izan zen, herriz herri Katalunia osoan, polizia beti atzetik, gehienetan isilean agertuz herrietan, oinezkoa galarazita, bidea kotxez egin beharrean askotan. Agerikoa bilakatzen zena sekretupean eramanez. Poliziaren erasoak indartu egin zuen ekimena. Miracle zuen helmugetariko bat Ibilaldiak.

Kaleko jantzitako bi polizia izan ditugu egun osoan. Nahiko urduri nago.

Luis Mari etorri zait goizean. Hizketaldia egin dut berarekin.

Nire etorkizunaz kezkatura etorri zen Luis Mari. Zerbait behar banuen edo, alde egin... Fina.

Inguruan dabilzkigu eten gabe kale-jantziko guardia zibilak. Berdez jantzita, uniformez, kaboa agertu da beste batekin osteko ate aurrean: Ibilaldiaren bila dabiltza.

Monasterioan gordeko ote ziren ibilaldikoak, edo monasterioan ekintzaren bat antolatuko ote zen.

Goiz joan naiz monasteriora txakurren kezkaz. Hemen bertan lo egin dute Ibilaldikoek!!!. Txakurrak bertan baziren ere.

Klandestinoki Juanen tabernan pasa zuten gaua, nik granjako ezkutalekuan egin nuen gauekoa.

Hemen jarraitzen dute txapelokerrek, baina alde egin diete ibiltariek.

Egia da ekintza publikoa ezindu zutela, baina herriak bazekien ibili bazebilela Ibilaldia, bertan zela ere.

Solsonara heldu da Ibilaldia. Atxilotuak egon dira ekintza inguruan. Agertu dira berriz ere txapelokerrak. Elizan geratu direlakoan nago ibiltariok.

Ez nuen jakin oraingoan non egin zuten gaua ibiltariok. Tabernan egon ziren motxilak. Ez nuen ezer galdetzen, klandestinitatean ikasten duzu behar-beharrezkoa denik ez galdetzen eta jakiten.

Txapeloker bikotea izan dugu gaur ere goiz guztian, Ibilaldikoak berriz omen datozen zurrumurrua dabil. Gauez gu ibilitako lekuetako aztarrenak ikusi dituzte eta kezkati daude.

Iskanbila latzak daude Solsonan alkatesaren aurka Ibilaldiaren aurka izan duen jokabideagatik.

Propaganda zabaldu dute Ibilaldikoek eta Katedralean sartzea lortu dute.

Ibilaldikoek sakatu die txakurrei: egin, egin dute ibilaldia eta ihes egitea lortu gainera.

Danbok indultua eskatu du arrazoi larri batean oinarrituta.

Indultua eskatzearen aurka nengoen ni, baina ez nuen horri buruz ezer jaso egunkarian.

Iraila,10. Hildakoak Hondarribian: ez dut askatasun itxaropenik.

Felixek deitu dit. Ez nauenez etxean aurkitu neuk deitu diot gero: ez dago berririk, terrorismo aldetik ez dut arazorik. Lege berezien gaietan militarrek dute erabakia eta zortzi egunen barruan jakinen omen zer erabakitzen duten.

Epailearengana ere joan naiz: errekurtsoari ezetza eman diote, baina erantzuneko idazkian nire garaikoak ere ez diren bonbak aitatzen ditu, izan nuen prozesuan baino errudunago egiten naute.

 

Lasaitzen joan zen egoera, lasai bizi izan nintzen azken aldian.

 

 

GOARDIA ZIBILAK

Zibilek asko molestatzen dute. Hemen daude etxe aurrean.

Guardia Zibilek markatu zituzten ateko zaintzarekin lehenengo egunak.

Txapelokerrak dira gure elkarrizketa-gai.

Monjeak ere haserre zeuden, gehiago kanpotik etorritakoak, beraiek ere kontrolatu egiten baitzituzten, ez zekitelako txapelokerrek zeintzuk ziren monjeak eta zeintzuk ez, kaleko janzten baitziren.

Aspertuta eta urduri geunden poliziarekin. Hasi ziren ikusten monjek eta inguruko bizilagun eta paiesek, polizia zer den. Monasteriora, arrazoi ezberdinengatik bisitari zetozenek izugarrizko ezustea izaten zuten atean agiri eske zibilok aurkitzen zituztenean. Monasteriora beste zerbaitetara zetozenak ere identifikatu eta arakatu egiten baitzituzten.

Gaur ez dago txapelokerrik atean.

5 egun egin zituzten atean.

Goizean, terrazan nintzela, deitu egin didate: egongelako leihotik egiten didate eupada bat. Txapelokerren kaboa etorri da. Ni neu ez naiz berarekin egon, Monasterioko Nagusia soilik. Nire dokumentazioa nahi zuten. Baina ez dut inolako dokumentaziorik nagusiak duen kartzelako espedientea ez bada. Izen-deitura eta halako zertzeladak bidali dizkiet.

Kendu egin zidaten nortasun agiria harrapatu nindutenean: faltsua zen, nola ez. Ez dut gogoan neure-neurea ere aldean nuen atxilotu nindutenean.

Gogoan dut nortasun agiri faltsuarena: sasira jo nuenean ezin nuen nire benetako nortasun agiria erabili, beste bat behar nuen. Ez dakit norengandik izan nuen Ortuzarren berri. Gasteizko seminarioan elkarrekin egin genituen bi urte. Bere etxera jo nuen, Bilboko auzo batean zegoen. Argi azaldu nion nire egoera, zuzen eskatu nion bere nortasun agiriko datuak, zertarakoa eta arriskuak ezkutatu gabe. Inolako oztoporik gabe eman zizkidan. Txikerrak egin zidan nortasun agiri berria, Leioako etxean. Dotore geratu zen. Nortasun berria nuen. Legala, benetakoa, nahiz ni ez nintzen agirikoa, argazkia salbu. Poliziak asko estutu ninduen Ortuzar-i buruz, laguna nuela, lapurtu egin niola, berak ez zekiela ezer nire ibilbideaz... erantzuten nien, eta, sinetsi edo ez, bakean utzi zuten. Zamorako kartzelan elkartu ginen berriro, baina ez nire aferagatik, apaizek hain errime jaso zituzten isun batengatik baizik.

Inolako inprimaketarik gabeko nortasun txartel piloa geneukan erakundean, bete gabeko txartelak, norbaitek noizbait auskalo nola polizia-etxeren batean eskuratutakoak. Nahiko erraza zen, beraz, nortasun agiri faltsu berria sortzea; zigiluak zeukan arazo nagusia, baina pultsu onarekin egin ahal zen. Abila zen Txikerra lan horretan ere. Nortasun agiri legal piloa ere bageneukan, horretaz arduratzen zen komandoak autoetatik jasoak gehienak. Harrigarria zen zenbateraino hondatutako nortasun agiriak erabiltzen dituen jendeak, ia ulertu ezineraino hondatu desitxuratuak izen eta gainerakoak, baita argazkia bera ere. Horrek lasaitasuna ematen zuen zehatzegia ateratzen ez bazen ere zigilua. Nolanahi nirea ere maspildu eta zikindu genuen, erabilitako itxura emateko, berriegiaren itxurarik gabekoa.

Justi etorri zait txapelokerrekin egon ondoren. Gaur ere txakurrak ez daudela etxe aurrean, egon ere ez direla egongo, urrutiagotik, inguruetan, egingo dutela zainketa. Justiren esku uzten dute nonbait erantzukizuna.

Bi txapeloker motordun etorri dira hotel ingurura, laster joan dira.

Kostako zitzaien nire mendi ibilaldiak kontrolatzea!.

Txapelokerrak ibili zaizkigu egun osoan, ez etxe aurrean baina bai monasteriotik hurbil. Galdera asko egin diote Mateuri, denak niri buruz. Ez dakigu zergatik dauden. Kontuz ibili behar dut.

Miatzaren 1a. Txakurrak ibili dira egun guztian, kotxeei egin die batez ere kontrola. Euskaldunik badator telefonoz ohartarazteko ordenua utzi dute txakurrek hotelean. Kontrolatu beharra!.

Maiatzaren 2a. Bakean utzi gaituzte txakurrek, ez dira azaldu ere egin.

Zibilak egon dira bi orduz tabernan. Joanek dionez helburu berezirik gabe.

Bi guardia zibil etorri zaizkit goizean, Nortasun Agiria ateratzeko papera egin diezadaten datu eske. Itxurak gorde ditugu denok.

Neuk eskatu nuen nortasun agiria ateratzea, beti ere ihes gin beharra izanda ere premiazkoa nuelako agiri bat.

Txapelokerrak ia bihar zein ordutan goazen galdezka.

Nortasun Agirirako argazkiak ekarri dizkidate.

Solsonan egin nituen argazkiok.

Oso adeitsu eta bigun egon zaizkit poliziak Seon: 15 egunera joan behar dut berriz.

Txapelokerren kaboa etorri da monasteriora heldu garen jakitera, ondoren neuk deitu dut telefonoz koartelera.

Kaboa monasteriora etorri zenean ez geunden oraindik. Kezkatuta egon ziren: gero jakin izan genuen zelatariak bidali zituztela gure atzetik La Seora ateratzean, baina ez dakigu non eta zergatik galdu egin zuten gure arrastoa.

Ondoren Solsonara joan gara hotel bila, txapeloker kaboarekin egin dut tope.

Ez nuen gogoko Solsonan nenbilenean txapelokerrekin topo egitea. Nolanahi egoera xelebrea zen, 50 urteko kondenaduna kaleetan zehar guardia zibilen aurrean.

Goardia Zibil bat ibili omen zaigu gaur zelatan.

Begitazioak ere izaten ziren maiz, Joan tabernariaren zein beste inguruko norbaiten irudikeriak izan zitezkeen. Neuk baino ardura gehiago hartzen zuen zenbaitek.

Guardia Zibilak: nire argazkia nahi omen dute. Urrutira irten behar dugunean baimena eskatzeko esan omen dute. Beraz hurrera joateko ez dut inolako oztoporik.

Tabernan geundelarik agertu dira bertan txapelokerrak. Normaltzen doa egoera.

Gogoan dut tabernari eta telefonari egiten nengoela nola agertu zen tabernan beste behin kaboa numero batekin. Xelebrea ere bazen egoera: ez dakit zerbait atera nien edo edan zuten. Gogoan dut esan zidala ondo zegoela besteei laguntzea.

Kaboak dio ez dagoela eragozpenik urtegira joan nadin.

Ez dakit zer dela eta diodan hau. Nonbait pantanora joateko gogoz nengoen, baina nahiko urruti zegoen eta kotxea behar nuen horretarako. Agian igeri egiteko irrikaz nengoen.

Txapelokerrak etorri dira goizean monasteriora Mateuz galdezka: neuk ireki diet hain zuzen atea.

Kondenatua, poliziari atea irekitzen. Xelebrea. Nire gorabeheraren batengatik etorriko ziren.

Hoteleko bezeroen liburua eskatu dute txapelokerrek.

Bisitak kontrolatu nahi zituzten nonbait.

Solsonako brigadarekin egin dugu topo jatetxean!!!.

Nire atzetik ote zebilen?. Kanpora afaltzera atera ginen batean izanen zen.

Bizikletaz joan naiz Solsonara, bizikleta konpondu asmoz: txirrindu-denda aurrean nengoela ni neu konponketa lanetan hara non agertu zaidan txapelokerren brigada kalean zehar oinez!.

Elkarri agurrik ere egin gabe gurutzatu zitzaidan. Berriro ere egoera xelebrea.

Igerilekura joan naiz, non bi txapeloker aurkitu ditudan ere.

Brigada omen dabil han eta hemen gazte talde batekin nabilela esanez.

Kezkatua ibili naiz bi pertsonekin, txakur planta zerien.

Dentistarengan egon naiz Solsonan. Ile-apaindegira ere joan naiz, non txapelokerra aurkitu dudan.

Tabernan egon gara: hain zuzen txapelokerrak sartu dira han geundela.

Ez nuen inola ere gogoko txapelokerrekin topo egitea. Hobe beraiek nitaz ahalik berri gutxien jakitea.

Txapelokerren kaboak esan dio Mateuri hemendik aurrera kuartelean aditzen emateko kanpora ateratzen naizen bakoitzean. Ez dakit norengandik, nondik edo zergatik datorren arau berria. Haserre eta deseroso sentiarazi nau.

Txapelokerrak ditu anaia eta iloba bat zulatzaileetako batek.

Ur bila zebiltzan zulatzaileak ziren. Ezezagunekin zuhurra izaten erakutsi zidan senidetasun horretaz jabetze horrek, ez baitzen arraroa izanen nire egoeran guardia zibilez hitz egitea ere neronez, edo norbaitek zirikatuta.

Elkarrekin eman dugu eguna Julenek eta biok. Arratsaldez Cardonara joan gara, bidean txapelokerren kontrola aurkitu dugu, baina saihestu ahal izan dugu.

Bazterrak ezagunak nituenez, auskalo ze bidetatik alde egin genuen. Nahiago nuen kontrola saihestea.

 

Azken aldera nire egoera nahikoa normaldu zen; adi, baina lasaiago bizi izan nintzen.

Ni et guardia zibilak: ez da harritzekoa Tomasek adarra jotzeko txapeloker baten iruditxoa eta trikornioa oparitu izana Gabonetan. Geroztik ere beti izan ditut inguruan, eta aurez aurre erasokor, hainbat isun jarriz ere txapelokerrok, batez ere Etxarriko urteetan.

 

Egun batez aske atera nintzen!!!.

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/08/30 09:05
ASKATASUN EGARRI. Askatasunera ohitzen, Lehen sentipenak, Pausoka, Urratzez urratz.

Miraclen, Monasterioan, nintzen jada. Jendearekiko harreman ia normal baterako bidean, kartzelatik kanpoko inorekin harreman zuzenik gabe zazpi urtez bizi  ondoren.  Egokitu beharra nuen egoera berrira, jendartera. Egoera berri horrek baldintzatuta eman nituen pausoak, planifikatu gabe, zetozen egoera, arazo eta harreman berriei erantzunez, haiei egokituz.

Gozagarria izan zait, egunkaria irakurriz, egun haiek gogoratuz, begirada bat botatzea birgizarteratze prozesuari. Zazpi urteko isolamendutik gizartean murgiltzera jauzia.

 

ASKATASUNERA OHITZEN

Lehen sentipenak

Guardia zibilekin izan zen nire lehen komunikazioa kartzelatik kanpo: autobusean lehenengo, Miraclera heltzean gero, eta monasterioko sarreran azkenik. Hitz gutxiko harremana, uneko premiak behartutakoa. Baina nahiz eskuburdinez lotuta, jada ez nintzen preso sentitzen nire beraiekiko harreman hartan, ni neu sentitzen nintzen gailen.  Ordu gutxi barru utzi beharko ninduten aske, gainera beraiek zeuden galduta, nora zoazen asmatu ezinik, bide luzeagatik amorraturik. Nik banekien nora noan, non utzi beharko ninduten. Guardia zibilei goitik behera hitz egiteko parada zen jada ia menpekotasunik gabe.

 

Cartagenara bidean, Josu, Alberto eta hirurok bokadiloz bazkaltzera geratu ginen une hura nuen gogoan lehen egunotan: Gaztelako lurralde zabalaz inguratutik, motatxo bat ginen lur landuko ozeano hartan,  lau haizetara bukatzen ez zen lautadan. Ia biluz, zeri heldurik ez nuela, babesgabe bezala, sentitu nintzen une hartan. Hormek estututa bizi izan ginen kartzelan: horma garai bat edo eraikin garaiago bat hesi, patioko 20 metroak esparru zabalena gorputzaren mugikortasunarentzat, begientzat ere. Begien kartzela ere bazen Zamora, berrehun bat metrora zegoen tontortxoa zen hormez haragoko begien kokaleku bakarra; egun-argi luzeagoetan, ohera aurreko ordu erdian, aurpegiaren zabalera ozta-ozta hartzen zituen lotegiko leihatila nano bat baino zirrikitu bat besterik ez zen leihotxotik ikusi ahal zen urrunean  zuhaitz garaiek Duero ibaiari horma berdea egiten zioten arteko lautadatxoa. Hodeiertzik gabeko lurraldea zen Zamorako kartzela. Ikuspegi fisikorik gabeko 7 urte izan ziren hangoak.  Zerua zitzaigun mugarik gabeko ikuspegi biluzia, zeharkatzen zuten tartekako hegazkinak eta patioko txuarrak ziren han begien jolas-gailu bakarrak.

Preso ninderamaten baina ezin ninduten oraingoan lurraldeko ikuspegiaz gabetu. Autobuseko jarlekuetan zut, alde batera zein bestera so, nireganatuz joan nintzen herriak, soro landuak, ibaiak, zuhaitzak, mendi-tontorrak.  Hasia nintzen inguruarekiko harremana berreskuratzen.

Berreskuratzen jarraitu nuen 7 urtez eteniko naturarekiko harreman hori monasterioko plaza zabala zeharkatu nuenean, eszenatoki berri bat zabaltzen ari zitzaidan non ekitaldi berri bateko aktore izanen nintzen  oraindik eskuburdinez besoak lotuta, txapelokerren ilararen erdian arren. Aske izaten hasiko nintzen berriro aurreko eraikin hartan, gizartearekiko harremanak birlotzen.

 

Lehen urratsak

Bakarrik zeldan: egarri naiz, ura edan dut konketatik, freskatzen naiz eta garbitu.

Tenientea, txulo xamarra.

Honenbestez, bakarrik geratu nintzen gelan. Monasterio bateko gela zen, zelda deitzen diotena. Zigor-ziega esan nahi zuen zelda hitzak Zamoran. Handia, antzinako gela, sabaia oso goian duten horietakoa zen monasterioko gela berri hau. Erabat austeroa. Lau hormak, ohea, gurutzea ohe gaineko horman, armairu handi bat, konketa eta komuna, zazpi urte ondoren neuretzako soilik zen komuna, hormaz bildua eta ateduna, ez dena denen bistan egin behar zen Zamorako komuna.

Leihoa zuen gelak!!!. Lehenengoz nuen leiho zabal bat, burdin-sarerik gabekoa, kristal gardenekoa, ez Konkordatuko leiho kristal lodiko opakoa, nik neuk eta nahi nuenean ireki ahal nuen. Aurrez aurre, aurreko etxetxoko leihoa: oraindik ez nekien makinatxo bat hitz-aspertu egingo nituela leihotik leihora hurrengo urtean zehar aurreko Mariarekin, sukaldekoa baitzen leiho hura.

Monjeak gelan bakarrik utzi ninduen unean gailendu zen naturarekiko eta gizartearekiko harremanak berreskuratzen nituela sentipen bizia. Leihoa irekitzea izan zen lehen bihozkada: izugarri ezohikoa, aldi berean zirraragarria, egin zitzaidan leihoa ireki eta ingurura begiratzea. Emozioz egin nuen. Eskuak jada aske, eskuburdinik gabe,  leihoa zabaldu nuen; burua eta gorputz enborra ahalik kanporen atera, lurralde osoa nuen nire begien mende. Itsasontziak portura lez, arribadan nengoen, itzulia nintzen lurralde zabalera, nigan zegoen kartzelan amestu natura hura, neuk nekarren nire baitara begiez mundu hori, aldi berean begiek ninderamaten libre natura hartara. Fisikoki murgilduta egonen nintzen laster bertan, bertako osagaia izanen nintzen, irudikatuz ez ezik, fisikoki ere. Hasiera ematen hasia nintzen harreman berriei.

 

Oraindik galdu gabe nuen zaintzapeko sentimendua. Ateak ez zuen leihatilarik, ez zuen giltzarik,  baina oraindik ez nintzen jabetzen inoren baimenik gabe gelatik atera nintzakeenik. Jakin banekien, baina ez nuen eskubide horren bizipenik. Hurrengo egunetan ikasi beharko nuen ahalbide guzti horiek naturaltasunez berreskuratzen. Ezohikoa zitzaidan leihora ateratzea bera ere. Bizitzako atal berri batera ari nintzen jartzen.

Ihes-aukeren burutapenak ere izanen nituen seguruenik. Ez dut gogoan. Hurrengo ordu eta egunek zer zekarkidaten zen nire uneko burutapen nagusia.

 

Nahiko luze joan zen gelako itxaronaldia. Han egon nintzen, bakarrik, zer egin ez nekiela, norbait azaldu zain. Halako batean atea erdizka ireki zen, gabardina berde argiz jantzitako gizakume bat agertu zen, sartu zuen burua, begiratu zidan une labur batez, nahiko zorrotz, atea itxi eta desagertu zen. Ez nintzen jabetu zein zen, ez nuen identifikatu guardia zibil bezala. Ez zen sarreran ezagutu eta gelara lagundu zidan monjea ere. Leihoan nengoen kanpora begira atea ireki zen horretan. Gero jakin nuen Solsonako kuarteleko burua zela, tenientea: izango nituen berarekin gorabehera batzuk. txulo zamarra idatzi nuen egunkarian, jauntxo itxura hartu nion nonbait. Seguruenik ze baldintzetan geratzen nintzen jabetzera etorri zen,  edo ze tipo klase ote nintzen ikusminez, bere ardurapean banengo lez. Mateuk kontatu zidan beheko sotoan izanen zela gela ilunen bat uste zutela guardiok, bertan leiho eta ihesbiderik gabeko batean utziko nindutela, giltzapean; ia gela hartan eduki behar ninduten, galdetu omen zioten,  “Leihotik ihes egin dezake” esan zion Solsonako tenienteak. Esan omen zioten ere mingain azkarrekoa nintzela eta kontuz ibiltzeko nirekin, ez fidatzeko.

 

Mateu etorri zitzaidan. Kontu-kontari egon ginen. Monasterioan askatasun osoa nuela esan zidan. Beraren bitartez izan nuen etxekoen berri ere. Bidean omen ziren. Monasterioko gela ingurua erakutsi zidan.

 

Monjeen egongelara joan naiz, oso polita da eta ikuspegi izugarria du.

Bakarrik utzi ninduen Mateuk. Monjeak bakoitza bere zereginetan zebiltzan, bazirudien neu bakarrik nengoela monasterioan. Isiltasun osoa dut gogoan. Monasterioko berri ikasten hasi nintzen. Bakarrik, neure kasa eta patxadan, inolako zaintza, debeku, baldintza edo eragozpenik gabe bizitzen ikasten. Lehen solairuan klaustroa inguratuzko korridore lauki zabaletik hasi nintzen. Klaustrora jotzen zuten leiho zabalek erabat argia egiten zuten pasilloa. Monjeen gelak zeuden korridore horretan: ertz batean, ate nagusitik gertu, irteeratik hurren zegoen nire gela. Monjeen egongelara jo nuen. Erakutsia zidan jada Mateuk. Aukerakoa zen, alde bat osoki kristala zuen egongela.  Gozagarri egokitu eta itxuratuta, atsegina. Aurreko bailarara jotzen zuen, ikuspegi ikusgarria, zabala, txundigarria, eskainiz. Lur landuko lautada, basoak, mendizerra bat urritiko ostean. Pinudiak alboetara, urrutitxo. Ikuskizun paregabea. Kartzelako hormetara ohitua, izugarrizko zirrara eragin zidan, erabat gustura sentitu nintzen.

 

Zaingoa jarri dute.

Bi txapeloker jarri zituztela sarrerako atean jakinarazi zidaten monjeek. Txapeloker lelo alaenak, monasterioak mila ate eta leiho baitzituen zein baino zein egokiagoak hanka egiteko. Agian bisitak kontrolatu nahi zituzten, norbaitek isilean sartu nahi balu beste sarbiderik ez balego bezala!. Polizia orok lepo beretik burua.

 

Etxekoak: lehenengoz, zazpi urtetan, sare eta burdinarik gabe, ikusi ditut, lehenengo besarkada zazpi urtetan.

Etxekoak heldu ziren. Izugarria izan zen. Zazpi urtez gero besarkatu ahal nuen ama!!!. Elgoibarko denak izan ziren egun horretan, baina ama gogoratzen dut batez ere. Sentimendu denak bor-bor. Seguru negar egin genuela.

Arakatu egin zituzten sarreran guardia zibilek familiarteko denak. Kartzelako nolabaiteko kutsuak zirauen.

Amorrua ematen zidan txapelokerrak han atean egotea, ez zutelako zergatik egon, baina ez nuen nahasterik nahi, nire etorkizuna nolakoa izanen zen ez nekien, garbi bainuen agian ihes egin beharko nuela. Lortuko zuten laster monjeek, kanpoko nire lagunen eta abokatuaren presioak ere,  ateko zaintza hori kentzea.

 

Afaldu, telebista ikusi, egunkariak irakurri... berandu arte.

Etxekoek hotelera joan ziren afaldu eta lotara, monjeekin geratu nintzen ni monasterioan. 

Monjeekin afaldu nuen jantokian, telebista ikusten egon nintzen beraiekin, egunkariak irakurri nituen gero. Jada ez zuten zentsurarik egunkariok, hau da, ez zituzten guraizez eginiko leiho edo zauririk.  Euskal Herriko notiziak... berandu arte luzatu nintzen, ez nuen ordurik oherako, ez zidaten argirik itzaltzen gela kanpotik... Sekulako aurrera pausoa zen monasterioan libre, zaintzailerik gabe ibiltzea bera. Lehenengo esperientzia zazpi urtetan. Nik neuk neureenez gelako atea ireki, pasilloetan burdinazko sarerik gabe ibili, zaindariari pasilloko burdina-atea irekitzeko deiadar egin gabe mugitu, inoren kontrolik gabe, inor begira izan nezakeen kezkarik gabe, telebista nahi nuen ordura arte ikusi... Huskeriak itxuraz, baina dena zen niretzat ezberdina, bizimodu berri bat, sentipen berriak… persona berri bat sentitzen nintzen.

Nire kartzelatik kanpoko lehen bizipenak ziren haiek, nahiz kartzelako hainbat bizipen eta sentipenek zirauen oraindik niregan. Buruak esaten zidan bestelakoa zela egoera, Zamoran gelditu zirela kartzelako baldintzak.

 

Pausoka

Martxoa.29. Etxea ezagutzen; beheraino heldu naiz, elizaraino ere bai; ibilaldi ederra egin dut klaustroan biraka.

Definitu gabe zegoen nire statusa, ez nuen ez inolako debekurik ez baldintzarik ez mugarik monasteriokoen aldetik, baina zuhur jokatu behar nuen, inoren etxean sentitzen nintzen oraindik.

Hirugarren eguna nuen monasterioan, etxekoak joan eta bakarrik gelditu nintzen. Behera jaitsi eta harat hona ibili nintzen pasilloetan. Elizara bidea aurkitu nuen. Irria ateratzen zait, behera jaitsi eta elizara ere heldu nintzaneko abenturak gogoratzean: baina ez zen hain erraza pasillo haietako lehen ibilia, labirintoa zirudien, elizara bidea aurkitzea benetako deskubrimendua izan zen. Mundu berri bat aurkitzea bezala. Nire abentura, esplorazio eta aurkikuntzak. Heldu eta berehala hasi nintzen, beraz,  monasterioko zoko eta bazterrak ikasi nahian, ikusmin adina gordeleku bila poliziarekin ataka larriren batean aurkituta ere, berriro kartzelaratzeko arriskua eta kezka ez baitzitzaidan sekula uxatu, ihes egin beharrarena ere.

Martxoa 31.- Etxea ezagutzen: Joanek eliza eta inguruko bazterrak erakutsi dizkit, baita monasterio zaharreko goiko terraza ere: terraza zoragarria.

Laugarren eguna nuen monasterioan. Joan ere han zen nonbait egun horietan.  Ez dakit zergatik erakutsi zizkidan Monasterioko zaharreko bazterrok. Bera ere ihesean ibilia zenez, agian, premia izanez gero,  gordeleku bat-edo asma nezan.

Sinestezina da Monasterio Zaharreko zokoen zenbaterainokoa. Labirintoa zen hura. Erabat utzia zegoen. Desatsegina zen erabat, hain baitzegoen deslaitua, iluna, higatua, dena hauts. Hara ez zen inor sartzen. Seguruenik neu izan nintzen ezkutaleku bila eta terrazara bidean hara sartu nintzen bakarrenetarikoa egon nintzen urte osoan. Pikasek ere eraman ninduen delako monasterio zaharra ezagutzera. Ez dakit monasterioko zirrikitu ezberdinak ezagutarazi asmoz, ala, agian Joanek bezala, susmatzen zuelako beharko izango nuela agian noizbait ezkutalekuren bat. Ordurako ibilia nintzen, neure kontu, zoko guzti haien miaketan.

Arakatu nuen erretaularen ostea,  balizko gordeleku bila hasieran, ikusminez ondoren. Monasteriotik egiten zen bertara, ate batez, erretaulako garaieraren erdialde inguruko goieran. Txundigarria da erretaula baten atzealdea ezagutzea: hain dotorea, koloretsua eta erakargarria den artelanaren ostea taula eta egur-hesolen aldamio sare bat besterik ez da, egur-taketen baso bat; zurezko aldamio erraldoia zirudien, izan ere hala zen, erretaula osoari eusten zion egurdura. Erretaula ederraren ifrentzu arrunta, itxuraz ezgauza, baina artelan osoari eusteko funtsezkoa. Zirrara eragiten zidan. Leku apartak zeuden ere bertan gordetzeko, estura une  baterako ezkutaleku bikaina izan zitekeen, egoera politikoa aldatu  eta polizia bila etorri ezkero, kontutan hartzeko gordeleku bat. Ez zen preso baten obsesioa, egoera politikoak eskatzen zuen zuhurtasunaren ondorio bat baizik.

Terraza

Zabaltza bakarti zoragarria da terraza. Monasterio Zaharreko osagaietako bat. Teilatuaren goiera du, bere atal bat bezala da. Pare bat metro izanen ditu luzeran, eta beste bat zabaleran, agian gehiago. Ez dakit garai bateko monjeen arnas-leku ala inguruaren zainketarako talaia. Behatoki aparta, inguruko lurraldea ikusi ahal zen bertatik, panorama zabala eskaintzen zuen ipar eta eki aldera, Bete betean jotzen zuen eguzkiak berandura arte. Etzanda edo eserita, ikusezina zinen edonondik begiratuta ere.

Terrazan eguzkia hartzen: bakarrik, talaia hartan, askatasun sentipen kilikagarria.

Eskailera kiribil estu batez igotzen zen, harrizko mailadi estu borobilez, bere baitan kiribilduz, triangelu egiturazko harri losaz egina, erdian geratzen diren triangeluko ertz puntazorrotzak bata bestearen ginean zutabearen betebeharra eginez, goranzko pikoan, luze eta garai itxura emanez, ia klaustrofobia sentipena sortaraziz, bitxikeria bat zen niretzat terrazara zeraman eskailera hori: barraskilo eskailera deritzan horietakoa, bitxia, misterio kutsua zuen bertatik igotzeak. Leku aparta ezik, erromantikoa ere bada terraza hura, bazter ezkutu bat denaren gainetik, denari begira.

Apirilak 1. Gaur ez dago txapelokerrik atean.

Haserre zen priorea guardia zibilen ateko presentzia jarraitu iraunkor harekin. Azaldu zuen nonbaiten eta norbaiti bere haserrea. Kanpoko lagunek ere salatu zuten. Ez zuen zentzurik zainketak, Solsonako txapeloker buruaren, edo bere goragokoen lelokeria zen, beldurra edo badaezpadako neurria besterik ez. Etorri zitzaion tenienteari bakean uzteko ordena, eta aldendu zituen bere txakur zaindariak.

Askeago sentitu nintzen. Asko aldatu zitzaidan, edo aldatu nuen, egoera eta bizi-moldea aurrerantzean. Kanpora ateratzeko debekurik ez nuen, monjeen inolako eragozpenik ere ez, ez nituen atean guardia zibilak, baina, zer gerta ere, nahiago nuen zuhur jokatu.

Zamorara idatzi diot kartzelako kaperauari: Monasterioko zuzenbidea zehazten diot, Solsona jartzeko eskatuz.

Oharra Lleidatik agentzia-etxera: kaxak han daudela, joateko bila. Zamorako kartzelakoak, agian apaiza, erne ibili dira, nik zuzenbidea bidali aurretik bidali dituzte nire gauzok.

Paketeak heldu dira.

Jantziago bezala sentitu nintzen nire trepetxu pertsonalekin, hezurdura berri batez sostengatuta bezala. Banuen nire-nirea zen zerbait.

Hasia naiz Zamorarekin ahazten.

Aurrerapen izugarria. Barne-mundu eta sentipenen iraultza!. Lasterrera bisitak izango ziren nire gizarteratzeko lagungarririk eragingarrienak.

Bazterrak ikasten: bada makinatxo bat zulo.

Zortzietan jaiki naiz, lehenengoz elkartu naiz monjeekin gosarian.

Gela argazkiekin  dotoretzen ari naiz. Koltxoia ere aldatu dut, argia ere bai.

Terrazan eguzkia hartzen

Seigarren eguna zen, eta jada hasia nintzen terraza erabiltzen. Laster hasi nintzen monasteriora ohitzen, Zamoraz ahazten. Igo ohi nintzen terrazara narru-hutsik eguzkia hartzera. Begiradek ere ez ninduten lotzen, ez nintzen inoren soen preso ere. Kontrolik gabeko bizitza berri baten ikastaroko lehen urratsak.

Klaustrora jaitsi naiz. Bizikleta bat aurkitu dut arratsaldez klaustroko gela batean: ibili ederra egin dut berarekin klaustroko bidexketan itzulika, belodromoa bailitz.

Begira nenbilen klaustro bueltako antzinako geletan non zer ote, umeak altxor bila bezala, eta bizikleta izan zen aurkitu nuen altxorra. Zer esanik ez txirrinduan ibiltzeko irrika sortu zitzaidala. Noiz ibilia ote nintzen azkenengoz txirrinduz!. Behin ere ez omen da ahazten bizikletan ibiltzea. Ez nuen galdu uste hori egia zen frogatzeko aukera. Esperientzia berri bat. Barne abentura. Askatasun izpi bat bezala, egoeraren aldaketaren ikuspegi berri bat. Oraindik kalera ateratzen ez nintzanez klaustroko harri txirteko bidexketan ekin nion esperientziari. Oso ondo moldatzen nintzen.

Gero jakin nuen Justiri fraide lagunek urtebetetze batean oparitutakoa zela. Guti ibiltzen zela bera, nahi nuenean hartzeko esan zidan.

Apirila 2.- Klaustroan bizikletan ari nintzela,  bertako gela batera emakume bat sartu dela ikusi dut. Maionesa pote batekin atera da berehala. Emakume batekin bakarka!. Zazpi urtetan lehenengoz esperientzia hau ere. Txepelkeria zatekeen aukera galtzea, beraz bere ondoan gelditu naiz, sukaldaria zen galdetuz. Hala zen. Jatordua gainean zeukala eta presaka zebilen, bi hitzekin banatu gara ni bizikletara eta bera sukaldera. Ez dirudi beldurtia, lotsatia edo urduria denik. Hitz egiteko gogoz gelditu dela zirudien; niregatik balitz, jarraituko genuen. Ikusi dut aurreko egunotan emakume bat inguruan, nahiko sarri, bera da.

Harreman handia izanen nuen aurrerantzean Konxita sukaldariarekin.

Beraz egoera badoa bide dezente batetik zuzentzen.

Apirilaren 3a.

Egonaldia egin dut terrazan. Haize hotz samarra zebilen, aldatzen ari da eguraldia. Ia euririk datorren. Gimnasia egin dut, bizikletan ere ibili naiz, eliza aldetik ere egin dut ostera bat, mesede-oroigarriak, ”exbotoak” ikusten egon naiz batez ere: soldadutzara doazenak mesedeen txokoan bere argazkia uzteko ohitura dute nonbait, soldadutza on bat eskatuz Amabirjinari.

Pelikula ikusi dut monasterioko telebistan, 12etan oheratu naiz.

Neuk neurtzen nuen jada nire denbora. 

Kristalezko ontziak eskatu dizkiot Kontxiri boligrafoak eta pipak gelako mahai gainean jartzeko.

Pipaz erretzen nuen, kartzela aurretik, kartzelan, eta kartzela ondoren ahotik operatu behar ninduten bezperaraino. Bestalde nire bizitza propioa antolatzen jarraitzen nuen, nire gela osagai gutxienekoz osatzen, kartzelako biluztasun erabateko hura estaltzen, kartzelako ezerezaren sentipena janzten.

Zertzelada txikiak, baina bizitza propio bat egituratzeko pausotxoak.

Hagineko minez egon naiz gauez. Solsonako dentista ekarri dit Mateuk. Bere lan-bulegora joan behar dut.

Arratsaldeko bostak eta erdietan atera naiz Mateurekin Solsonara. Autoz. Ez guardia, ez eskuburdinarik eta ez inolako demontrerik gabe.

Gauza mordo bat egin ditut gaur lehenengo aldiz zazpi urtean, esperientzia berriak:

-Lehenengoz aurkitu naiz, auto bila ateratzean, kalean zutik, eskuak lotu gabe, inolako mugarik gabeko lurralde zabala aurrean nuela. Sentipen estrainio bat eragin dit.

Oraindik gogoan dut sentipen hura, plaza zabalean zut, babesik gabe bezala, txiki, kili-kolo lez, galdua, zutik egotea bera ariketa berria bailitzan.

-Autoan gidariaren alboan joan naiz, eskuburdinarik gabe, jagolerik gabe, alderdi guztietara begira. Askatasun sentipen berezi eta bitxi bat nabaritzen da.

Gogoan dut bidaia hura, nire denera begiratu beharra, dena ikusi eta ikasi nahia. Inguruaz gozatzea haina, ingurua ondo ikasi ere nahi nuen, oso azalean nuen ihes egin beharreko sentipena.

-Lehenengoz ikusi ditut kalean, zazpi urtean izan ez ditudan bezala, neskak eta emakumeak, neure ondoan.

Bizipen berriak.

-Lehenengoz neuk neureenez egin ditut erosketak, nire kontu, neuk neure diruz ordainduta. Mekanika denda batean lan-jantzi bat, mekaniko buzoa, urdina, erosi dut, Aita Eulogirekin granja lanetan aritzeko. Seiehun pezeta eta koska: oraindik ez dakit asko ala guti den, ez baitut bizi diruaren balorerik, neuk ez baitut diru hori irabazi behar eta behar dudanerako ez baitut diru faltarik.

Sobera nuen oso gutxirekin.

-Neskatila bat zegoen kobratze-kaxan: haren irribarreak badu diferentzia presozainen aurpegiarekin.

Ume bat bezala nintzen, dena ikusi eta ikasi behar nuen, baita neskatila baten irribarrea ere.

-Kaleetan ere ibili gara. Zerbait irreala iruditzen zitzaidan.

Denak zirudien irreala, Zamoratik irten genuenetik astebetera horrela ibili ahal izatea bera ere. Nire kondenarekin!. Zamora uztea bazen harrigarria, gaur horrela ibili ahal izatea zer ote!. Baina preso politikoen gomuta gori-gori bizi dut: amnistia lortu arte ez dago ez patxadarik ez atsedenik.

Sarri itzuliko nintzen Solsonara, neure kasa, bizikletaz ere. Sarriak dira Solsonarako joan-etorrien aipamenak egunkarian.

“Un dos tres...” programa telebistan.

Zamoran goiz eramaten gintuenez logelara, ezineko genuen horrelako programak ikustea. Ikusmina ase heinean muzin egiten joan nintzen programoi.

 

Urratsez urrats

Ekainaren 12a. 8etan atera gara Seo de Urgelera. Bidaia paregabea, paisaia berriak ikusiz. Garagardo eta bestelako edariak hartu ditugu bidean.

Nortasun Agiria ateratzera joan nintzen. Priorari eman zioten nire kartzelako dokumentazioan ez baitzegoen nire lehengo nortasun agiririk.   

Seo ikusi dugu: Katedral aparta, Museoa, kaleak... postalak idatzi dizkiet Gurutze eta Beari.

Bizpahiru aldiz gehiago itzuliko nintzen Seo de Urgelera dokumentazioa zela eta. Postalak idaztea bera berrikuntza bat zen.

Zoragarria izan da eguzkiaren irteera telefonora nindoala.

Ez dut gelatik irten arratsaldez, irakurriz eman ditut orduak.

Ikasten egin dut arratsaldea, ezertarako irten gabe. Gauean gimnasia egin, eta ohera.

Alferkerian nabilen kezka dut.!!!.

Siesta bota dut, logale eta nekaturik nago. Aukeran etorri zait loa.

Leihoan egon naiz gauez: isiltasun zirraragarria!.

S. Gabrielera igo dut: zoragarria zen udazkeneko giro isila. Lehenengoz ikusi eta entzun dut kalandria bat.

Pasan ikusiak nituen kalandriak, geldian ez.

Uso bandoa ikusi dut La Cirosa-tik S. Jaume aldera. Tiro egin dio norbaitek.

Lardero Marinen, Sasikopotzu Altzolan: gaur da eguna.

Trumoia jo du gauean eta telebista itzali dugu tximisten beldur.

Trumoia gaur ere arratsaldez.

Hainbat egunetan jo zuen trumoiak arratsaldez. Trumoia eta euri jasa bertatik sentitu eta bizi, esperientzia berri bat. Nobedadea zen niretzat, leihotik, aterpean, plazan, ekaitza bizitzea. 

Gaueko hamarretara eraman dute “Hawwai 05” telesailaren ordutegia.  Gelara etorri naiz idaztera.

Solsonan egon naiz. Erosketa batzuk ere egin ditut, kafetegi batean makina txanponjale horietako batean jolastu ere bai.

Seguru biziki gozatu nuela makina horretan: zenbat aldiz jokatu nuen sasiko urtean, tabernetan, zitaren zain, sarri agertzen bai zen, arduragabekeria osoz, jendea belu hitzorduetara segurtasun neurriak arriskuan jarriz.

Maiatzaren 26a. Kotxea ere gidatu dut!!!: eroso moldatu naiz. Kotxea gidatu dut Vilasecaraino.

Amorratzen nengoan auto bat gidatzeko. Lau apaizen bisita izan nuen  eta beraien autoa eraman nuen. errepidetik at, azpiko monasterio alboko bidetik. Errepidez ere erabiliko nuen geroago. Oso gutxitan. Ez nintzen ausartzen inori eskatzen, altxor preziatuegia baita autoa ohitura galdutako baten eskuetan jartzeko.

Bainatu egin naiz, igeri egin dut !!! azkenengoz egin nuenetik 7 urte eta erdira. Nahiko ondo moldatu naiz.

Igerileku txiki bat zegoen monasterio ostean, nobizioak zeudenean egina. Betea zegoen, lirdingaz betea. Igeri egiteko gogo bizia nuen. Belarrok kendu eta sartu nintzen. Ez zen inola ere gomendagarria eta zentzuzkoa ur geldi hartan sartzea. Ez nintzen gehiago bainatu han.

Itxita aurkitu ditut ate guztiak granjatik bueltan. Leiho batetik sartu naiz. Susto ederra jaso du Benitok.

Etxeko giltza agindu dit Justik.

Pauso handia izan zen, psikologikoki batez ere, nik neuk ere Monasterioko giltza edukitzea. Gauez edo egunez, nahi nuen orduan sartuko nintzen aurrerantzean monasterioan.

Solsonara joan naiz Mateurekin, prest dut dena gidabaimena berritu diezadaten, astelehenerako egonen ei da behin-behinekoa.

Eman didate gida-baimena, baina motoa eramateko baimena soilik. Bihar joan behar dut zergatia galdetzera.

Solsonara gidabaimenarena argitzera: errakuntza bat izan omen eta zuzenduko dutela.

Solsonara joan naiz: badut gidabaimena!.

Elurtuta argitu du.

Zamoran ezagutu genuen elurra patioan, baina sekulako gozamena izan zen mendiz elurtzan ibilaldia egitea.

80 txangokideko austobuskada: eskerrak granjara joan ez naizen eta Lourdes etorri den. Ordu beteko lana izan dugu.

Paquitarekin egin dut ordubete bat dendan, saltzaile lanetan.

Noizbehinka gertatu ohi zen erromes talderen bat ezustean agertzea  beste inor ez eta neuk irekitzen nuen denda. Ibilaldi luzea mendiz.

Inguruko mendi eta lurretako ibilaldiak izan ziren askatasunaren bizipenik eraginkorrenak.

La Carraleko igerilekukoak izan zen askatasun sentipenen iturrietako bat.

Jueza ibili da nire bila edo nitaz galdezkoa. Jordik eta Eulogik esan diote ez dakitela non nagoen. Solsonara joan naiz berarengana Justirekin: amnistia paperak ditu niretzat, aurreko horretan eman zidaten bandidajeko amnistiarenak, oraingoan militarrek ofizialki bidalita.

Erakundeari erantzun diot. / Bisita egunerako materiala gertatzen: irakurri eta kritikatu./ Irakurri eta erakunderako  idatzi.

Ez nuen izan harreman handirik alderdiarekin. Jada herrian lotuko nintzaion hertsiki.

Amak dio Abene ez ote datorren  ni ikustera nire iritziekin erretxinduta edo minduta dagoelako. Hala balitz hasi zaizkit lehenengoak alde egiten.

 

Bizitzara eta gizartera lehen pausoek duten xarma.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.