Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Liburuak 7

Jon Etxabe 2022/03/21 10:10
Jende likidoa. Nerea Arrien / Jende normala. Sally Rooney / Kilker bat utopistan. Bernardo Atxaga / Koiteretzia. Iñaki Segurola / Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak. Uxue Alberdi / Mendiko gaitza. Idoia Garzes / Mesfidatu hitzez. Jon Arretxe / Minotauro. Txomin Peillen / Miñan. Amets Arzallus-Ibrahima Balde / Nafarroako Mariskala. Aitzol Lasa / Nirliit. Léveillé-Trudel / Noiz arte arrazoi. Poesia liburua. Juan Kruz Igerabide

Jende likidoa. Nerea Arrien

12 kontakizun motz ezberdin.

“Jende likidoa”: alienazioa, indefinizioa, mimesia, nor den, nora doan, mapa pintatu bat besterik ez da protagonistak azken kontakizunean dioen bezala.

Egoera eta gai ezberdin baten inguruan dabil kontakizun bakoitzean, baina beti giro berean.

Kontakizun bakoitzean gai bat ardatz hartuta etenik gabeko hausnarketetan murgiltze da.

Maitasuna eta giza harremanak dira sakoneko gaia, sakoneko batasuna bat emanez liburuari.

Errepikatu egiten dira zenbait osagai edo elementu kontakizun gehienetan, nolabaiteko osotasun bat iradokiz: zenbait izen eta pertsonaia, aquariuma, urpekaria, zilarrezko arraian, alde egin zuen senarra, edurnezuri, amoranteak, itsasoa, hondartza…; nolabaiteko batasuna  susmarazten badu ere, ez dute istorio bakar bat osatzen.

Gogoeta zurrunbilo batean sartzen zaitu zeu ere, pentsaraztera eramaten zaitu.

Gozatuko du zurrunbilootan murgiltzen denak.

Burutapenak, sentipenak, pentsaera azaleratzeko idazkera ezberdin bat.

Metafora bat da titulua bera, liburu osoa metaforaz blai dagoela iradokiz.

Uraren sinboloarekin dabil kontakizun guztietan, uraren aldaira, egoera eta bilakaera ezberdinak irudikatuz.

Sarrera labur berezia egiten dio kontakizun bakoitzari, letra moldez ere ezberdina, poesia giroan, likidoan igeri edo labain egin nahian bezala irakurlea kontakizunerako prestatu nahi bailu hitzekin jolastuz. 

Literatura egiten du, esaldiak borobiltze ditu, irudietan katramilatzen da, baina ez da inola ere gogaikarria bilakatzen, baina patxadaz irakurtzera behartzen zaitu.

Dotorezia erakusten du baina horretarako ez darabil hitz berezi, ezezagun edo bitxirik, ez du esaldi handiki edo kiribilduetan nahastu beharrik, nahiko ditu irudiak eta irudioi jarritako osagai eta zehaztasunak, xumeak diruditen arren dotoreak.

Adjektiboz zehazten ditu hitzak edo izenak, aberatsa da zehaztasun eta konparaketetan.

Ez du erudiziorik erakutsi nahi zita handiputz edo izen harroxkoekin, ez du titulu ponpoxoen zerrendarik botatzen, ingelesezko zitarik ekartzen: irudi, sinbolo eta iradokizunetan korapilatutako burutapenak dira bere jakituria, baina tarteka erortzen da modako joera horretan.

Dosi neurtuetan irakurtzeko kontakizunak

 

Jende normala. Sally Rooney

Neska-mutil bikote  baten inguruan dabil istorioa, amodiozko historia, bakoitzaren bilakaera portaeran eta izaeran, batak bestearengan duen eragina.

Beraien harreman zailez harago garunen eta sentimenduen kiribiletan sartzen da.

Bi gazte erabat ezberdinak, bide bakarrean eta aldi berean paraleloan, elkar osatuz, elkartuz eta urrunduz, beraien sentimendu kontrajarriak, loturak eta errefusak, sexu harremanak, lagun eta maitale, maitasunaren alde kontrajarriak eta bidezidor elkarrezinak,: hori guztia sakon eta aldi berean fintasunez azalduak.

Harreman oso korapilatsuak dira, zailak, oso intelektualak sarri.

Deigarria, kitzikagarria, da maitasunaren eta harremanen bilakaera, bai gaiaren, bai kontaeraren bai formen ikuspuntutik begiratuta.

Bukaeran egileak berak dioen bezala, bi landaretxo dira, bata besteren inguruan baina paralelo.

Ingalaterrako ikastetxeetako gazteen arteko giroa, funtzionamendua, sexu harremanak, bikoteen biltze eta etenak, ikasketen aukeraketa, aldi beran gazte talde luze zabal baten erakusleiho bat bezala da.

Horrez gain gaii ezberdinak dabiltza narrazioan, burutapen eta gogoeta asko zuzenean edo elkarrizketen bidez emanak, kontakizunaren harira txertatuz, gai-egoera-sentimendu ezberdin  askori buruz filosofatzen du: maitasuna, gazteen arteko harremanak, familia ezberdinen barneko harreman ezberdinak, sare sozialak, harremanen patriarkatua edo mendekotasuna, indarkeriaren edo gizonezkoan nagusigo menderatzailean ezaugarri ezberdinak, denbora, dirua…

Errepikakorra dirudi baina interesatu egiten zaitu maitasun horren bilakaerak berak, bikotearen sentipenen trukaketak: jende orok edo gehienak bizi dituen sentipen askoren ispilu bat bezalakoa da.

Egoera eta gertakizun ezberdin asko kontatzen ditu, baina ez dira inola ere betegarri, denetan bikotearen arteko harremanaren nolakotasuna indartzeko baliabideak dira.

Deskribapen asko luzeak dira, baina bikotearen edo pertsonaien barnean sartzen du irakurlea.

Denbora tarteen arabera banatzen du atal bakoitza; atal bakoitza, aldiz, lerro arteko tartea bikoiztuz zatitzen du, zati bakoitzak egoera edo gertakizun ezberdin bat dakar, denboraz aurrera atzera, kontakizuna osatuz..

Elkarrizketei buruzko jokamolde ezberdina du, ezohikoa: batzuetan ohi denez lerroz aldatuz doaz pertsonaien esaldiak, baina marratxoz azpimarratu gabe, narrazioko zati bat gehiago bailitzan; beste askotan aldiz  kontakizunari edo narrazioari jarraiki, grafia ezberdinik gabe, paragrafo barnean sartzen du; nolanahi erraz ulertu eta jarraitzen da.

Tarteka bada esaldi luzerik.

Perpausa luzeak eta elkarrizketa oso laburrak tartekatuz doa kontakizuna.

Izenei dagokien adjektibo ezohikoak sarri.

Zenbait pelikuletako teknika dirudi, irudietan ageri dena azpi-idatziez kontatuko bailu.

Labirinto batean sartzea bezalako da irakurketa, nondik zabiltzan dakizun arren

Astindu egiten du barnea.

 

Kilker bat autopistan. Bernardo Atxaga

Irratirako eguneroko ekarpen labur bat.

Gai ezberdinak jorratzen ditu, egunean bat.

Burutapen, ikaspenak ere, aletuz doa egunez egun, pentsarazten duten gaiak eta iritziak….

Pasadizoak kontatzen ditu, zitak dakartza, testigantzak…

Hainbat ukitu interesgarri, gai aldetik zein literatura ikuspegitik.

Estilo laua da, irratiko entzuleei zuzendua.

Ez da narrazio, nobela edo saiakera bateko idazkera, hau ere literatura da, landua, Atxagak ohi duenez zehatz eta dotore idatzita.

Arin eta erraz irakurtzen da.

Eguneko ardura eta pentsakizunei tartetxo ezberdin bat eskaintzeko aukera, monotonia haustekoa alegia.

 

Koiteretzia. Iñaki Segurola

KOITERETZIA liburuaren izenburua: KOBITEMERETZIAren laburdura da.

Hitzen eta iritzien kontrasteak, jokoa eta jolasa.

Ez dago ohiko istorioa bat, “eleberri dialogikoa” deitzen badio ere.

Hiru pertsona, neska-mutil parea eta gizonezko heldu bat, ikasiak edo sasi-ikasiak, elkartzen dira tarteka, elkarrizketan luzatzen dira, burutapenak eta bizipenak trukatuz, filosofatuz pandemia garaiko eta giroko mila zertzeladei buruz, dosi txikietan; bakoitzak bere jarrera, joera eta ikuspuntu propioa du.

Pandemia da gaien ardatza, pandemiari buruzko jarrera, ikuspegi eta pentsaera ezberdinak aztertu eta astintzen ditu, beti ere kritikoki, kaleidoskopio batean bezala iritziak nahastuz atalka, eta nolabaiteko osotasun bat emanez: zer den birus bat, izurritea, arauen eta aginduen norabide kontraesankorrak, jakintsuen iritzi ezberdinak, zientzilarien jarrerak eta eragina,  jendearen sentipen eta portaera kontrajarriak, mendekotasuna-obeditzea, ustea, fedea, umeak pandemian...

Zer da egia, zer gezurra, zer nahia, zer ezina birusa eta pandemiaren inguruan,

Ez da negazionista baina bai oso kritikoa, “dudazionista” litzake agian.

Azkan zatian, ezbaia batean, dudazkoan bezala uzten du dena, elarrizketa bera nahasiagoa da, korapilatsuagoa, egoeraren sinbolo edo itxuratze bat bezala, hitz-joko katramilatsuagoa oraindik eginez, dudazko etorkizun kontrajarria erakutsiz, kontrolpeko gizarte bat izanen garan arrisku bizia aurreikusiz. Hirukoteko bi gazteak txertatu eginen dira behartuta bezala, beste asko bezala, eta helduak alde egingo du leku bakarti batera birusari iskin egin asmoz.

Bizitzari, gizakiari eta gizarteari buruzko burutapen orokorrak eginez bukatzen du, ideiak hitz-jokoetan korapilatuz liburu osoan bezala.

Iritzi mataza trinkoa, mila eta bi gai ezberdin aipatzen dira: denbora, feminismoa, osasuna, bakardadea, politika, boterea, ezkerra-eskuina-fatxak, anarkismoa, euskara, gurasogintza, haurrak eta heziketa, zientzia, legea, bizitza, sexua: orrialde erotikorik ere ez zaio falta, bikoteak, masturbazioa, koadrila, distantzia soziala, agurrak, barkamena, terrorismoa, beldurra, egia-gezurra, etorkinak, medioak eta beraien eragina, jaiak, Iruña Veleia,

Egi borobil zentzudunak botatzen ditu.  

Kritikoa pandemiaren prozesu guztiari buruz.

Formatu bitxia du, ia 400 orrialde 3 pertsonen elkarrizketekin soilik.

Zuka eta hika-noka ari doa liburu osoa.

Etenik gabea da, ahozko hizkuntzaren transkripzio zuzena gehienetan, ahozko hizkera idatzia, hizkiak jan edo batu, izenak lotu… ahozko hizkuntzaren ekonomia.

Hizkera ezberdinak ere sartzen ditu tarteka.

Herri esamolde asko eta asko.

Aditz flexio ezberdin ugari.

Ingeles zita pila dakar, autore ezberdinak aipatuz.

Monotonoa, errepikakora ere, dosi txikietan irakurtzekoa.

 

Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak. Uxue Alberdi.

Sarrera, 22 atal eta epilogoa. Atal bakoitzak bere sarrera du, hurrengo lerroen edukia kokatuz.

“Ahots publikoa duten emakumeen mugimendu marjinari buruzko gogoeta bat” egilearen esanetan.

 Emakumea eta feminismoa gaiaren erdigunean daude, bukaerako kapituluatalde feministen eta jardute feministaren inguruan dabil, zuzen eta esplizituki: mundu hori ezagurazten du. 

Emakume bertsolarien hainbat arazo, bizipen eta kezkak agerian uzten dituen liburua.

Bertsolaritza beraren hainbat ikuspuntu, arazoen ahotsa, hainbat hertz ezberdin ukitzen ditu.

Emakumetasunaren hainbat ertz ezberdin.

Emakume bertsolariez ari da, baina bertsolaritza osoa zeharkatzen duela.

Bertsolaritza eta oholtzatik haragoko aferez pentsarazten du.

Harrigarria da emakume bertsolarion kategoria humanoa eta mentala, kriterioak, barnera egiteko gaitasuna anekdotetatik harago.

Janzkera, gorpuzkera, itxura, sentimenduak, barne borrokak, dudak, bilakaera ezberdinak, norberarekiko erronkak eta borrokak, bakoitzaren barnean ze zurrunbilo dabilen, biolentzia matxista, ordainketa…

Azpi mezu ezberdin pila aitorpen bakoitzean, ikus ordainketa eta janzkera kapituluak.

Biolentzia matxistaren hainbat ikuspegi eta zertzeladaz jabetzen laguntzen du.

Zirrara eragiten duen matiz pila dago.

 Entzuleen erreakzio ezberdinak bertsolariei buruz, hemen batez ere emakume bertsolariei buruz.

Emakume bertsolariei begiratzeko eta ulertzeko  irakurlearen ikuspegia zabaltzen du,  beraiek juzkatzeko begirada eta ikuspuntua aldatuz.

Bertsolaritza eta bertsolariak baloratzeko ikuspuntua aldatu baino osatu egiten du.

Beraien arazo eta gaiez ari dira, baina zeure barnera zaramatzate.

Nobela batek bezala erakartzen zaitu, baita psikologiako ikasketa batek bezala ere.

Nobela bateko tramako pertsonaiek bezala daramate kontakizunaren haria emakume elkarrizketatuok, beraien gogoetak dira mezua, trama eta azpimarra.

Ez joan literatura bila, baina euskara landu, aberats eta osatua aurkituko duzu, zer ikasi asko aurkituko du irakurleak ohiko emakumeen eta emakumeon arazo eta gaiez harago: euskara ere landu eta menderatua dute emakumeok.

Sarrerak landuak, trinkoak eta aberatsak dira.

Izugarri aberasgarria.

 

 

Mendiko gaitza. Idoia Garzes

Luze desagertuta ondoren, gorpua agertuko da mendiko harkaizpe batean.

Hila, eraila, horren inguruan doa kontakizunaren bilbea.

Bigarren erdian indarra hartzen du intrigak eta jakin-minak, nola bukatuko den jakin-minak harrapatzen zaitu, nahiz antz ematen diozun aurrez...

Erotismotik asko du, gordin eta errealismoz tarteka, larrujotzeen kontakizuna ere badela dirudi tarteka.

Psikologia ariketa bat ere bada.

Gogoeta asko ditu kontakizunak, zorrotzak, batez ere bigarren erdian.

Psikiatrikoa, gailur bat egitea, izaera ezberdineko bi emakumeen harremanak, ertzainak… gizatean ezberdin izan eta sentitzen direnen kapitua, aparta da.sentitzen diren

Protagonista da narratzailea, emakumea

Literatura egiten du, idazkera landua alegia.

Oso aberatsa da esamoldeetan, hiztegian ere.

Irudimen handia du esan beharrekoa esateko eran, hitzen aukeraketan, hitzen eta esaldion joskera.

Ezberdin azaltzen ditu gertaerak eta pentsakizunak, dotoreziaz eta aldi berean zehaztasunez.

Elkarrizketa asko dakar, horrek asko arindu eta errazten du irakurketa.

Bere buruarekin hitz egiten du, esaldi laburrak sartuz, ukitu berezi bat ematen dio kontakizunari, arnasa irakurleari.

Zenbait aditz forma bihurriak dakartza

Segurtasun sentipena sartarazten du hizkuntzari buruzko gorabeheretan, arau eta bestelakoetan.

Kapitulu laburretan idatzita dago, irakurketa errazten du.

Idazkera zurrun samarraren itxura hartzen zaio hasieran, irakurtzaila ere, bertara jarri ahala oso gustagarria bihurtzen da, Ez da jo eta pasa irakurtzeko thriller bat.

baina

 

Mesfidatu hitzez. Jon Arretxe

Errefuxiatuen egoera Parisen da eskaintzen duen edukia, nobela baten formatuan.

Parisen ikuspegi ezberdin berri bat.

Parisko errefuxiatu talde ezberdinen auzoak, etorkinen istorio ezberdinak, eta hauen bizimolde ezberdinak deskribatzen ditu istorioaren zehar.

Etxebizitzak, mafia ezberdinak, prostituzioa, Parisko auzo ezberdinak, hilketak, lapurretak, apustugileak, jatetxeak, poliziaren argazkia bere ustelkeria eta azpijokoak,…

Etorkin afrikar bat da narratzailea, bere ibilbide eta bizipenak kontatuko ditu, tarteka bestelako osagaiak gehizen joango da idazlea bera..

Badago aurreko Bilbon girotutako bere beste gaieta giro bereko nobela batzuen erreferentzia.

Itxura ematen du ez dela asmakizun hutsa, Parisen bertan ibilia dela giroa eta auzook ezagutzen.

Ez du literaturarik egiten, idazketa eta euskara lauan ematen du mezua, ez da askorik korapilatzen esamolde borobil, hiztegi berezi edo egitura berritzaileetan.

Bihurgune handirik gabeko kontakizuna, artez, estilo eta egitura duin batez.

Ez da pertsonaietan sakontzen ahalegintzen, pertsonaion nahiko azaletik doa, ez dago hausnerketa sakonik… baina pentsarazten du kontakizunak berak.

Suspensea du, bukaerako ezuste eta guzti..

Pausoka-pausoka polizia nobela baten barnean sartzen du irakurlea.

Azpilana da nobelako hari nagusia, hortik liburuaren titulua.

 

Minotauro. Txomin Peillen

Pedofilia, bortizkeria, intzestua… et ondorioak: gai horien inguruan dabil kontakizuna.

Emakume bihurtuko da neska-koskor bortxatua: prozesu hoi da kontakizunaren mamia.

Aita bortxatzailea da minotauroa.

Amerikako nonbaiten kokatzen du, baia betako girorik ez duenez marrazten non kokatu ez dakiela geratzen da irakurlea: agian gaia testuinguru zabalean kokatzeko..

Emakumezkoa da narratzailea eta bere bilakaera kontatzen du.

Bortxatua izanaren ondorioak, errudun sentitzea, errekuperatzeko zailtasunak, batez ere psikologikoak, bide malkartsua,  .

Emakumearen menpekotasuna, hilketa, epaiketa, zaintzapea, krisi psikologiko psikikoa, herriaren jarrera…

Gai ezberdinak aipatuz doa, gogoeta interesgarri asko ematen ditu,: erlijioak, Jainkoa eta jainkoak, utopiak, gizakiaren sorrera, pedofiloak eta eliza, bortizkeria eta indarkeria,

Iritzi ezagunekin dabil, iritzion aldarrikapen bat ezala da.

Hotzegia da, zurrunegia, arrazional edo teorikoegia, hotza… ez dago tximeletarik.

Oso laua da, ez du gatzik, errepikagarria kontakizunean… agian gaia bera ere latza delako?.

Ikasgai bat bezala datoz ideia eta gogoetak, iritzi-lan bati nobela forma eman balio bezala, gogoetarako aitzakia edo tresna bezala… batez ere azken azkenaurreko atala printzipio nagusien azalpena da. 

Elkarrizketaz baliatzen da ideiok emateko.

Bere buruarekin noka ari da narratzailea, hurrengo narratzaile gisa, biak nahasian sarri, bitxia eta erakargarria da.

Zaila egin zait bere idazkera, ez soilik Iparraldeko euskalkiaren egituragatik, zehaztu ezin dudan zerbait berezi niretzat zaila aurkitu diot; bestalde hain gai aipatua izanik ez dit ezer erakargarririk eskaini.

Baina ezin uka gai iradokitzaile sakona eskaintzen duela.

 

Miñan. Amets Arzallus-Ibrahima Balde

Afrikan kokatzen da kontakizuna. Ginea Konakrin hasten da, bertako herri eta familiarteko giroa erakusten du, emigratu eginen du seme nagusiak, Miñanek. Malira joanen da, Aljeriara pasako da, Libian bukatzeko. Itzulerako bidaia eginen du, Algeriara berriro eta handik Marokora. Marokotik Europara jauzia egiten du.

Emigranteen informazio zehatza, bizia, latza,bortitza eta aldi berean hunkigarria

Miñanen atzean afrikar etorkin asko eta askoren historia edo errealitatea dago, latza, gordina tragikoa; gertaera, portaera eta zertzelada batzuk kontatzen ditu, bestea asko, agian gehienak, irakurleak berak antzeman behar ditu.

Etorkinen barne sentimendu eta gogoetak, larrialdiak, traumak eta tragediak…

Mundu ezberdin bateko pentsamoldea, gizartearen eta munduaren ikuspegi ezberdinak, afrikarren zenbait gizarteko patxada-izaera-filosofia, bizi-erritmoa, jokamoldea, denboraren neurketa eta balioa, familiarekiko eta besteekiko harremanak, kontatzeko era ezberdinak: ehun ken sei…

Basamortua: ikuspegi ezberdin gordin bat eskaintzen du, tuaregak, ihesaren odisea basamortuan-herrietan-hirietan, pertsonen salmenta, barne etorkinekiko tortura, indarkeria eta esplotazioa, emigrazioaren han bertako azpi-mafia, bertakoak ez diren edo pasokoentzako mesprezu eta arbuiozko jarrerak, zodiaketan itsasoratzea, etnia ezberdinen arteko bortizkeria eta ezinikusia…

Etorkin bakoitzaren atzean dagoen edo egon daitekeen mundu erabat ezezaguna erakusten du, etorkina begi ezberdinez begiratzen erakusten eta laguntzen dizu.

Bi kontalari daude, Miñan etorkina eta Arzallus idazlea, sinbiosi handia dute: zein da Miñanen kontaera, zer erantsi dio Ametsek, zenbait esaldietan zein da afrikarraren esamoldea zein idazlearena...

Errepikakorra dirudi sarri, lautu bezala egingo balitz bezala kontakizuna, garraztasuna leunduko balitzaio bezala errepikatzean, baina uneoro da min egiten duen eztenkada.

Erraz irakurtzen da, ez du zailtasun literariorik, ez du interesgunerik galtzen.

Komeni da Afrikako mapari begirada bat ematea barneko bidaien nolakoa ulertzeko.

Bukaerako poemako “zu” hori da irakurlea.

 

Nafarroako Mariskala. Aitzol Lasa

Fantasiazko istorioa.

Etorkizuneko balizko Euskal Herri bat irudikatzen du: Euskal Herri batu bat, Nafarroako Erresuma bateratua, Iruña da hiriburua: erregeak du itxuraz agintea, baina mariskal batek kontrolatzen du erresuma dena.

Aurrerapen tekniko oso garatuak dituen gizarte bat da.

Mezulari batek eginen du Bizkaitik Nafarroarainoko bidaia Mariskalaren  erregeari mezu bat emateko, Euskal Herri osoa zeharkatu beharko du mariskalaren morroien segikakoa gaindituz,

Bida zazpi probintziak deskribatzen joango da, baita gizarte hartako zenbait egitura eta bizimolde ere.

Irakurle gazteentzat idatzita dagoela dirudi, Euskal Herriko probintzia ezberdinen berri ematen du, egitura fisikoa eta bizimoldeena, historiako zenbait zantzu…

Azkenaurreko atalean gauzen dimentsioei buruzko hausnarketa kilikagarria egiten du.

Ez du ezer berezirik eskaintzen, egunari tartetxo bat eskaintzeko aukera bai.

Kontakizun laburra, atal laburretan sailkatua, estilo xumean,  irakurketa errazekoa.

 

Nirliit. Léveillé-Trudel

Inuit herriaz ari da: Kanadako iparrenean, Artikoan, kokatutako herria.

Lurralde erakargarria, gizarte maitagarria, baina aldi berean oro giro eta gizarte izaera latza, bortitza marrazten du: bortizkeria izugarriak agertzen dira.

“Biharamunik gabeko historiak” idazlearen esanetan.

Inuit herria da protagonista, kontaezin ifrentzu duen errealitate bakarra.

Maitasun istorio korapilatsu ezinezkoak, gogorrak baina aldi berean samurrak, samurtasunez kontatuak.

Emakumea da narrazio guztien ardatz  nagusia, eta umeak:  pairatzen duten bortizkeria izugarriak, bizi duten mendekotasuna.

Natura, Artikoko klima eta urtaroak, paisaia, tundra, ehiza, arrantza, Mendebalaren eragina, supermerkatuak… 

Abegikortasuna, hitz gutxikoak izatea, kultura propioa, bizitzari buruzko filosofia, emakumea, lana, alkoholaren eragina, mendekotasuna, txakurrak, suizidioak, irakaskuntza, etorkizunik eza, emigrazioa, zurien harrokeria eta nagusitasun menderatzailea, arrazakeria...

Inuit herria Montreal eta Quebec hiriekin, zuriekin,  kontrajarria.

Zurien edo gizarte zibilizatu deitutakoaren kritika zorrotza.

Deskribapen itxuraz umilak, narratiboki apalak, estiloz xumeak, baina izugarrizko indarra dutenak, erakargarriak, amultsuak.

Istorio oso gogorrak dira, aldi berean samurtasunez bustiak, herriaz maitemindu batek kontatuak.

Bi zati ditu: fiordo hondoan dagoen lagunari herriko gorabeheren berri ematen dio, inuit herriaz ari da, bertako gorabeherez; bigarrenean maitasun istorioak ageri dira bi bikoteengan zentratuta.

Bere kontaera, eta herri horrekiko duen maitasunak eta miresmenak bilakatzen du maitagarria hain kontraste bortitzeko herria.

Errealitatea ezagutuz, eramangarriak edo ulergarriagoak suertatzen dira zurientzako hain ulerzailak eta eramangaitzak diruditen bertakoen portaerak.

Umeak eta gizonezkoak trazu indartsuz deskribatuta daude. 

Beltzen eta zurien kontraste eta kontraesanak, bi gizarte erabat ezberdin elkarrezinak, bi izaeren talka, zurien portaera menderatzailea…

Barnea astintzen zaitu kontakizun bakoitzak, hunkitu egiten zaitu, barne-barnetik urratzen.

Ulergarri egiten du, hain ulergaitz zaigun portaera.

Noka idazten du lehen zatia, fiordoaren hondoan dagoen lagunari emanen dio herriko berri;  hika ari da bigarrenean bikote baten senarrari kontatuz zer gertatzen den bere bikotearekin, herriko beste gorabeherez hirugarren pertsonan ariko da bigarren zati honetan.

Kontaketa oso laburrak dira, pintzelada bat bezala da kontakizun bakoitza, koadro osoa marrazte du zati bakoitzean.

Estanpa laburrak dira, bata bestearen atzetik datoz, batez ere bigarren zatian, erritmo bizia lortzen du, pelikula bateko eszena laburren muntaia bat dirudi.

Ez da korapilatzen esaldi edo hiztegi zail edo erudituetan, esaldi eta paragrafo laburrak dira.

Nobela bat bezala irakurtzen da, batasun bat du, osotasun bat lortzen dute kontakizun denek.

Erabat murgiltzen zara kontakizunean, erakarri egiten zaitu nobela bizi bat bailitz.

Bihotz urratuen istorioak.

 

Noiz arte arrazoi. Pesia liburua. Juan Kruz Igerabide

Pentsarazten duten gogoetak, penttsarazten dizuten esaldiak.

Eduki sakoneko aforismoak.

Ideia oso originalak ditu, ikuspegi berezia demaiete sarri ohiko ideiei.

Hitz-joko berezi eta kilikagarriak

Labirinto bat bezala dira zenbait aforismo, nondik norakoa aurkitu behar diezu.

Tarteka irakurri eta hausnartu beharreko hazi aberasgarriak ereiten ditu.

Mundu zabal bat jartzen dizu aurrean.

Leun eta kantari doaz zenbait aforismo.

Trakets itxura dute aforismo batzuk, moztuta bezala daude, josi gabeko zatitxoz osatuak baileude, txatalak lekuz kanpo bezala uzten zaitu egiturak, ideia bera kolpatuko bailu.

Irudiz ematen ditu mezu asko.

Irudimen handia erakusten du.   

LIBURUAK 7

Jon Etxabe 2022/03/14 10:20
Egurra S.A. Toti Marinez de Lezea / Emakumeak. Eduardo Galeano / Ene herri txikia. Gaël Faye / Erabili goldea hilen hezurren gainetik. Olga Tokarczuk / Erle langileen amodioak. Aleksandra Kollontai / Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018). Ibon Egaña Etxeberria / Ez dakit zertaz ari zaren. Ana Malagon / Familiako lexikoa. Natalia Ginzburg / Gilles de Rais. Anjel Lertxundi / Hormako atea eta beste ipuin batzuk. H.G.Wells

Egurra S.A. Toti Marinez de Lezea

Egurra S.A. argitaletxe baten izena da, Egurra aldiz argitaletxearen jabeen deitura.

Argitaletxe eta argitalpenen munduan murgiltzen da, nahiz thriller baten egitura eman nahi dion.

Hiru heriotza daude, hilketa susmoak sortzen dira, eta azken kapituluan argitzen da zalantza.

Liburugintzaren ingurumariak ezagutzeko tresna oso baliagarria izan daiteke, dudarik gabe egileak ondo ezagutzen duen mundua: agian hori da liburuaren helburu nagusia bera. 

Kritika eta salaketa zorrotza da azpian dagoena,

Liburu baten argitaratzearen prozesua, liburu-azokak, argitaletxe bateko barne korapilo ezberdinak, emakumeak  idazle, eleberri ona eta txarra, idazle fantasmak edo beltzak, iruzurrak,  plagioak, liburu-denden arazoak… 

Liburu mota ezberdinak, edukia v idazkera, idazlea v argitaletxea, salmenten nondik norakoa, medioen eragina eta esku-hartzea.

Politika eta politikariak, politikariak eta enpresa gizonak, aberaskileak…: ezin iritzi ezkorragoa erakusten du.     

Ofizioa du, irudimena eta ahalmena istorioa katramilatzeko.

Liburu hau irakurri ondoren eta egileak idatzitako liburu zerrenda oparoa ikusiz, galdera dator ia Totik berak ere ideia eta eskema osatu, ekipo bati idazteko ardura eman eta azkenik zuzendu eta azken begirada eman besterik egiten ez ote duen.

Orokorrean korapilatsuegia suertatzen da, lehen orrian dagoen familiaren genealogia-taulari begiratu behar zaio sarriegi.

Azken aldera korapilatu baino nahastu egiten da kontakizuna, paragrafo luzeak egiten ditu, galdu bezala egiten dira hari-muturrak, lausotu egiten da interesgunea, bizitasuna eta jakin-mina sortaraztea falta zaio, kontakizun kaskar baten itxura hartzen du, monotonoa bilakatzen da.

Ez du ezer eskaintzen literatura aldetik, euskara aldetik ere ez itzulpenak.

Genero hau maite ez duenak jo eta pasa irakurri ahal du, kontakizunaren ardatza, ezta beste ezer erakargarririk ere, galdu gabe.

Denbora-pasa bat bilatzen duenak agian izanen du liburuan aukera bat.

 

Emakumeak. Eduardo Galeano

Emakume zehatz bakanak ardatz edo protagonista dituzten 135 istorio edo kontakizun oso laburrak.

Pertsonaia edo gertakizun historikoak dira, denek dute sakonean edo azpian esan nahi bat, ideia orokor baten parabola bezala dira.

Aro eta lurralde ezberdinetan kokatuta daude.

Gizartearen historian zehar egon diren zapalketa, mendekotasun, mendeku eta borroka askatzaileen berri-emate oparoa.

Matxismoaren eta emakumea gutxiestearen betiereko kronika bat bezala da. 

Bortxakeriaren aurkako testigantza salatzailea: politika eta politikoak, eliza, boterea, krimen beldurgarriak, testigantzak, sineskeria bortitzak, historiako zati beltzak, emakume idazle poeta artistak, gizonezkoen-arren nagusikeria pairatu zutenak eta dutenak, bortizkeria, Inkisizioa, sorginak…

Historiako hainbat gertakizun, pasarte eta  pertsonaia.

Ezagunak dira gertakizun batzuk, ezezagunak beste asko, ezagunak zaizkigun pasarte onartutakoen ikuspuntu kritikoa askotan.

Ez da feminismoaren defentsa panfleto zuzen gartsu bat, baina emakumearen mila atal ezkutu eta ezkutatuak azaleratzen ditu.

“Emakumearen etxe sekretuari leihoa zabaltzen” diola esan genezake bere hitzak erabiliz.

Galeanoren ziztada eta gogoeta zorrotzek girotzen eta argitzen dute emakumeon testigantza eredugarriak.  

Gizarteari eztenkada baino labankada bat da istorio bakoitza.

Hausnarketarako abiapuntua.

Emakumeari buruzko gehiegikerien ildoan arrastoa uzten doa irakurlearengan kontakizun bakoitza.

Literatura egiten du, estilo itxuraz xumea baino jantzia darabil, halako goi-mailako giro sarri poetikoa eta epikoa sortuz.

Irudimena erakusten du, trebezia, istorio eta kontakizun bakoitza  harilkatu, osatu, kokatu eta girotzeko, gogoeta zorrotzekin tartekatuz.

Paragrafo laburrez idatzia, hiztegi zailtasunik eta literatura-korapilorik gabe… erraz irakurtzen da.

 

Ene herri txikia. Gaël Faye

Tutsien eta hutuen arteko gatazka eta gerra: 1993tik aurrerako gertakizunak eta egoeraren bilakaera.

Ruandar-frantziar bat da egilea, ihes egin eta herrira bueltatu zena.

Burundi eta Ruanda dira narrazioaren kokaleku nagusiak, Zaire presente dago baita metropoliak, Nazio batuak, eta potentzia handiak  ere. 

Kolonoak, tutsiak, hutuak, herri batetik besterako etorkinak, exodoa, errefuxiatuak, beraien arteko tentsioaren nondik norakoa, elkarren arteko antagonismoa ...

Bi herrien gizarte-egoera, bertakoan eta kolonoen bizimolde ezberdina, bertakoen egoera soziala: aberatsak-pobreak-pribilegiatuak, kolonoak,  funtzionarioak…

Giro politikoa, demokrazia, estatu kolpeak, hauteskundeak, iruzurrak…

Gorrotoak, bortizkeria-mozkorraldia, sarraski beldurgarriak, genozidioa…

Bada bestelako gairik ere: lagunartea, familiako batasuna eta gorabeherak, abegikortasuna,

Gogoeta interesgarriak tarteka.

Erraiak astintzen dituen kontakizunak, biziki narratuak.

Idazkera xumea du, estilo zuzena, literaturakerietan sartu gabe, erraz eta gogoz irakurtzen da.

Euskara aldetik ere ez du zailtasun handirik, beti dago zerbait erakargarri edo aberasgarririk.

 

Erabili goldea hilen hezurren gainetik. Olga Tokarczuk

Narratzailea bera da kontakizunaren pertsonaia nagusia.

Txekiaren mugan dagoen Poloniako herrialde menditsu bateko  herritxo batean kokatutako kontakizuna.

Neguan lehenengo, udaberrian gero, udan eta azkenik udazkenean gertatzen dira kontakizuneko gorabeherak, urtaro bakoitza deskribatuz.

Hainbat hildako izanen dira inguruabar berezian, animaliek hil dituztela mendeku bezala da protagonistaren teoria. 

Astrologia eta horoskopoaren karira, bere egunerokotasuna kontatuz, herriko pertsonaiak, jarrerak, gertakizunak… narratuz doa. 

Pertsonen jite, izaera eta portaera ezberdin asko marrazten ditu, pertsona bakoitzaren diagnosia edo argazkia iradokiz.

Geu bakoitzaren bizitzako kokagune, gogoeta eta barne zirrituetan sarrarazten gaitu, geure egunerokotasuna begirarazten, estrapolatu edo gainpuztu egiten ditu egoerak eta gertakizunak baina gure egunerokotasunean kokatzen gaitu.

Ustekabean harrapatzen zaituzten gogoeta erakargarriak egiten ditu.

Astrologia darabil mundua ulertzeko,  hortaz sinesten du: kosmosean, naturan, izarretan eta bere eraginean.

Gai asko ukitzen ditu: ironia, ehiza, animalien alde aldarrikapena, ehizaren salaketa, horoskopoa, astrologia, intsektuak, polizia, eliza, otoitza…

Beraien izen propioaz gain, bere ulermen ekonomiarako esanahi zehatzeko goitizen bereziak jartzen dizkie inguruko pertsonei edo harremanen bat dutenei. 

Esaldi laburrez baina zehatz deskribatzen ditu pertsonaiak.

Zenbait hitz, asko, animalienak, gauzenak… maiuskulaz hasten ditu, ez zaio antz ematen ze irizpidez edo zergatik, agian besterik gabe egiten du bitxikeria bezala.

Deskribapen luzeak egiten ditu, ukitu erakargarri baten geruzaz bilduta eskainiz.

Aberatsa da egitura eta esaldietan,

Hika eta noka asko darabil elkarrizketetan.

Badu gustagarria egiten duen halako ukitu laketgarri bat.

 

Erle langileen amodioak. Aleksandra Kollontai

Aleksandra Kollontai, Errusiako iraultza zuzenean eta barne barnetik bizi izan zuen militantea, feminismoaren bultzatzailea, izan zen.

Hiru istorio daude, hiru atal ditu liburuak: 1. Amona-alaba-iloba:  hiru belaunaldi,  hiru amodio-esperientzia, hiru bizipen eta gogoeta ezberdin, kontrajarriak sarri: zirraragarria. 2. Emakume ezberdinen istorioak, emakumeen istorio batek elkartzera eramango ditu bi. 3. Bikote baten amodioaren bizipenak eta bilakaera.

Amodio korapilatsuen istorioak, maitasunaren bidezidor kiribilduak,  amodio kontuen arazoak planteatzen ditu, amodioa mila alde ezberdinetatik begiratuta, sakondu egiten ditu maitasunaren gaia, maitasunaren bilakaera eta zirrikitu ezberdinak.

Egilea, emakumea izaki, beti emakumearen ikuspuntu eta bizipenetatik ari da: emakumearen zailtasunak lanean, senar-emazteen arteko harreman zailak, maitasunaren zailtasun eta kontrabideak, ekonomiaren eragina, maitaleak, militantzia eta maitasuna,

Errusiako Iraultza iraultza garaietan kokatua, giro politiko eta soziala dago uneoro kontakizunaren azpian, egitura politikoa, kritika nabaria da, zailtasunen errealitatea,   iraultza, iraultzaren lilura, militantzia, ekonomia-produkzioaren antolakuntza eta bilakaera, ekonomiaren eta lan-plangintzaren menpekotasunak, komuna, herri xehea eta zuzendaritza: kontra esanak, zuzendaritza barneko tirabira eta liskarrak,  militantziaren kontraesanak, burokrazia-demokrazia, printzipioen eta egunerokotasunaren arteko kontraesanak…

Etenik gabeko gogoetak

Jakin-mina sortarazten du bai istorioagatik, bai dionagatik.

Agian jatorrizko testuaren  eraginez, esamolde ezberdin asko du.

Hitz asko moldatzen ditu itzultzaileak.

Elkarrizketa asko

Noka eta hika asko du elkarrizketotan.

Aditz-joko franko.

 

Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018). Ibon Egaña Etxeberria

25 ipuin 4 ataletan banatuak: atal bakoitzak badu ipuinok biltzen dituen gandu eta hari lauso bat. 

Ipuin laburrak dira batzuk, oso laburrak zenbaitzuk; luzexkak ere badira nolanahi, baina denak motzak.

Estilo eta teknika ezberdinak, ipuingintzaren ezberdintasunak…

Literatura jantzia egin nahi dute ipuin gehienek, esperimentatu ere bai batzuk.

Esaldi borobilak, egitura ezberdinak, aditz-jokoak, aditz trinkoa… aberastasun handia aurkitu ahal da.

 

Eza dakit zertaz ari zaren. Ana Malagon

Kontakizun laburrak, gogoeta zirikatzaileak elkarren jarraian, bizitzako flashak, bizitzako puskak, errealitatetik jasoak...

Kontakizun ezberdinak, ezohikoak, bai egituragatik, giroagatik edo estiloagatik.

Aizkoran bezala dabil, ezpalak bezala ateratzen zaizkio burutapenak, ebakita bezala, ertz zorrotzekin, ertz biziko ezpalak dira, bai pertsonaiak, bai esanahiak bai esaldiak.

Ertz askotako kontakizunak eta pertsonaiak.

Uneoro du eztenkada den esaldi edo burutapen bat, pentsarazten duena, solasaldi edo hausnarketa luzerako gaia eman dezakeena, akuilu diren ziztadak, garunei eragiten dienak.

Ironia edo kritikotasun puntua  uneoro, baina ez da mingotsa.

Zirrara eragiten dute zenbait kontakizunek; tarteka, baina, sentipen ilun batek biltzen du.

Ez dago ia deskribapenik, geziak bezala datoz iritziak, bata bestearen ostean inguruaz arduratu gabe, austeritate osoan ematen ditu egoerak edo gertaerak.

Austeroa da kontakizunean, aberatsa kontakizunari buruzko iritzietan.

Zizelatuta bezala datoz esaldiak, bizi eta esankor, leundu edo lixatu gabe, gordin, baina eder.

Egoera, lanbide, eta inguru ezberdinetako jendea, toki eta giro ezberdinetan.

Adin handiko edo helduak dira pertsonaiak gehienak.

Emakumea da beti narratzailea.

Paragrafo nahiko luzeetan idatzita dago, baina ez esaldi luzeetan, ez du elkarrizketarik.

Esaldiz esaldi dator kontakizuna, esaldi borobilez osatua, tartean zerbaitekin betez bezala.

Ez du zailtasunik, sintaxi, egitura edo hiztegi aldetik.

Disfrutatuz, jolasa bailitzan, idatzitako narrazioak dirudite

Zailtasun gabeko irakurketa, baina osotasuna ematea, loturak egitea ez da beti erraza.

Gozagarria da botatzen dizun sarean harrapatuta sentitzea, sare literaio eta humanoan.

 

Familiako lexikoa. Natalia Ginzburg

Judua da, Italian bizi da, inguruko juduen gorabeherak kontatzen ditu faxismo aurretikoak zein faxismoaren gorakadakoak, alemanen okupazioa, gerra garaia, gerra ondorengoa.

Bere barnean murgiltzen da idazlea, oroitzapenak, jarrerak, eta sentimenduak gogoratuz.

Bere familia da kontakizunaren ardatza, gurasoak, anaia-arrebak…

Pertsonaia ezberdinen argazki aparta eta zehatza egiten du: izen eta guzti, pertsonaia errealak direla dio egileak: hain dira bitxiak nobelarako asmatuak dirudite.

Zehaztasun osoz kontatzen ditu etxe eta inguruko gorabeherak: gertaerak, pertsonaiak, familiakoak, lagunak, portaerak, jokamolde ezberdinak, jantziak, jana…

Aparta da gerraondoko deskribapena: poesiak eta letrak horrelako giroan duten eragina.

Pertsonaia ezberdinen bilakaera, politikan zein portaeran…

Iritzi etenik gabeak gai ezberdinei buruz: antzerkia, artea, mendia, erregeari buruzko aipamen laburrak, komunismoa…

Faxismo garaia: giroa, errepresioa, arrazagatiko jazarpena, ezkutatu beharra, konfinamendua, nazionalitatea kentzea, pasaporteri gabe uztea, pasaportea aberrigabeentzat, katedragabetzea, atzerriratu beharra, fusilatzeak…

Idazlearen garaiko politikari ezagun eta ez hain ezagunen errepasoa edo aipamena egiten du, pertsonaien galeria zabala eta aberatsa.

Kartzelaratuen zerrenda luzea faxismoaren aurka egiteagatik: idazleak, poetak politikoak, irakasleak, ikasleak, argitaratzaileak…

Lehen pertsonan idatzita dago, baina gako arteko pertsonaien esaldiz osatzen du kontakizuna.

Nobela bat bezala irakurtzeko aholkatzen du egileak.

Atzera jauzika dabil sarri, pertsonaien argazkia  eta egoerak azpimarratuz, errepikapenekin sarri, eta kontakizunari batasun bat emanez..

Esamolde bereziak ditu.

Hautsak kendu beharko dizkio hiztegiari irakurle zaildua ez denak, hiztegi zabala du, itzulpenak behartuta agian, edo itzultzailearen filosofiagatik.

Txikigarri asko darabil, modu ezberdinak erabiliz.

Atal banatzailerik ez du, dena jarraian dago perpausez eta bi lerroko hutsunez mailakatua.

Italiako judutarren giroa ezagutzeko aukera ematen du, eta kontaketa bat egiteko era ezberdin bat.

 

Gilles de Rais. Anjel Lerrtxundi

Karlistadako gerra garaia  da, antzerkilari eta antzezle den bati karlista militar batek ejertzitoarentzat antzerki bat moldatzea eskatzen eskuzabal diruz ordainduz.

Arc-eko Juanaren eta Gilles de Rais mariskalari buruzko antzezlan baten inguruan doa kontakizuna.

Karlistada, gerra, ejertzitoa, fanatismoa, diruaren eragina, norberekiko fideltasuna, antzerkia, antzezlan baten nondik norakoak…

Irudien erabilera, adjektiboen aukera, esamoldeak… altxor bat da.

Bi militar buru, apaiza, kontalaria bera… zehatz marrazten ditu pertsonaiak.

Idatzi xume bat dirudi, laburra da, baina maisulan bat da.

Ironia, umore puntua…

Irakurterraza, ez da esaldi korapilatsuetan sartzen, ez du hiztegi ezohikorik erabiltzen… Badirudi irakurtzeko zaletasuna sortarazteko idatzita dagoela. 

Irakurriz gozatu nahi duenarentzat aukera aparta.

 

Hormako atea eta beste ipuin batzuk. H.G.Wells

Fantasiaz ari da, ametsa eta errealitatea nahastuz, zitekeena eta izan dena korapilatuz.

Estiloak, dioenak, esamoldeak… astiro irakurtzera behartzen zaitu, patxadatsu irakurtzera.

Kilikagarriak eta deigarriak suertatzen dira ipuinok egoera eta giro bitxian baitaude kokatuak.

Ez du pentsarazteko esaldi borobilik botako, baina ipuin bakoitza da pentsarazteko tranpolina.

Ezberdinak dira azken ipuinak, kontaeragatik batez ere, lauagoak dira, jarraikiagoak, ez hain korapilatuak, sintaxi ulergarriagoan, irakurtzeko errazagoak, baina lehen ipuinen nortasun eta ukitu propio hura falta zaie.

Joan den gizaldiko lehen erdiko garaian idatzia.

Gaurko nobelagintzaren erabat ezberdina estiloaz, egituraz

Garrantzia eta eragina izanen zuen literaturaren historian, bere garaiko nobelagintzan, ipuingintza ezberdin bat da gaur egungo irakurlearentzat, ipuin mota ezberdina baita, baina ez du zirrararik eragiten.

Deskribapenak egiten ditu, zehatzak, baina gertatzen denaren eta bere inguruari burukoak dira, ez dira betegarri edo literatura egiteko asmoz sartuak.

Eroso irakurtzen da behin bere estiloaz jabetuz gero.

Ez dakit jatorrizko testuak behartuta, hari jarraiki beharrak behartzen duen itzultzailea itzulpen mota horretara, ala literatura egin nahia duen itzultzaileak berak ere.

Bi hitz batean biltzeko irtenbidera jotzen du sarri, jatorriko testuak eraginda agian, edo aukera hori baliatuz.

Segurtasun handia erakusten du itzultzaileak hitzok lotu et taxutzerakoan.

Errepaso bat emanen dio hiztegiari irakurleak.

LIBURUAK 7

Jon Etxabe 2022/03/06 16:15
Aingeruaren pribilegioak. Dolores Redondo Arrakastaren aparrak. Iñaki Irasizabal Atezainaren larria penalti-jaurtiketan. Peter Handke Barkuen hilerria. Francisco Castro Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama. Alain Agirre Dendaostekoak. Uxue Alberdi Denok gara Google. Etxaniz Xabier Distira eta alderantzia. Joxean Agirre

Aingeruaren pribilegioak. Dolores Redondo

“Aingeruaren pribilegioak” Pasaiako portuan zegoen ontzi txiki baten izena da, baina protagonistak berak barnean daraman aingeruaren, izaeraren, sinbolo bihurtzen da.

Bere buruaz beste egiten ahaleginduko den emakume baten istorioa.

“Orain” eta “Orduan”, bi alditan banatutako kontakizuna, umezarotik nerabetasun eta nagusiarora jauzia.

Istorio latza haurtzaro jostagarri baten ondoren.

Neska koskor baten bizipen oroitzapen eta gogoetak datoz lehen zatian, haurtzaroa bere konplexutasunean; bigarrenean neskatilaren bilakaera nagusitzerakoan, izaera konplexu bateko emakume  baten gorabeherak.  

Introspekzioan dabil bai protagonistaren kontakizunean bai kontaera osoan.

Barne mundu ezezagun berrietara zaramatza, emozio eta sentipen ezberdinetara.

Umearen eta nagusien barne mundua, nagusien artekoa ere, bere kontrajarritasunean, elkar ulertezintasunean.

Pertsonen zirrikitu posibleez hausnartzen, besteekiko begirada aldatzen laguntzen du. 

Duela askoko gizartea islatzen du: eskola, etxea, Pasaiako ontziola, Donostia, ezkontza-bortxakeria, amesgaiztoak, psikiatria, amatasuna, zahar-etxeak…

Kontaezin zehaztasun erakargarri.

Ez du ezer itxuraz garrantzitsurik, ez du trama edo sare adartsu korapilaturik, baina arrasto sakona du, lur azpiko korrontea dabil kontakizunean.

Irudiez  baliatzen da egitura literarioak borobildu eta esanguratsuagoak egiteko, erruz darabiltza irudiok.

Luzatu egiten da egoeretan, pertsonaian sakondu nahian eta literatura egin asmoz.

Paralelismo kilikagarriak zenbait esaldietan, jolas eta joko literarioak.

Hiztegiari errepaso on bat emateko aukera.

Oso landua, oparoa, irudi, izen, adjektibo, aditz, osagai eta zehaztasun pilaz.

Itzulpenaz hausnartzen duzu, jatorrizko testuaz erkatu nahiko zenuke, hitzen eta adjektiboen aukeraketaz jabetzeko.

Tokatzen den bezala, amaiera ustekabekoa du.

Ezin duzu jota-pasan irakurri hainbat ukitu gozagarri galduko zenituzkeelako.

Merezi du sarrera ere irakurtzea: norberaren herria maitatzeaz, lutoaz eta minaz ari da.

Literaturaz gozatu nahi duenak, gustura irakurriko du.

 

Arrakastaren aparrak. Iñaki Irasizabal

Suspensea ardatz duen narrazio labur bat.

Hilketak, hilketa horien egileak eta zergatia…

Puzzle zail samarra, ez dio eredu ohiko bati jarraitzen, eta tesela bakoitzaren ertzak aurkitzea ez da beti erraza.

Amaiera ahul samarra ematen dio kontakizunari, protagonistak indar gutxi du aurrez azaldu duen barne borrokaren ondoren, ez du barne egonezin hori gorituko duen garrik.

Esaldi laburrez idatzita, kapitulu askotan banatua, estilo bizi eta irakurterrazean.

Ez du literaturarik egiten, ez du esaldi landu eta bitxikeriarik.

Literatura ikuspuntutik, gogoetarako aukeratik ere, ez du ezer erakargarririk eskaintzen.

Badu, baina,  ukitu jabetzekorik tarteka

Denbora-pasa atsegina izango da generoa gustukoa duenarentzat.

 

Atezainaren larria penalti-jaurtiketan. Peter Handke

Bere ustez lanik gabe utzi duten futboleko atezain bat da protagonista, etenik gabeko handik honakoan ibiliko da.

Atezainaren aipamen gutxi batzuk besterik ez dago, libururen bukaeran futbol zelai batera joanen da eta penalti batekin bukatuko da kontakizuna.

Jende pila batekin hitz eginen du, logika gutxiko gaiez gehienetan.

Bere herrian ibiliko da, lurralde galdu batean ere…

Narratzaile batek kontatzen ditu protagonistaren ibiliak.

Zehaztasun osoz kontatzen du protagonistaren pauso bakoitza, baina kontatzen hasi orduko mozten du eta beste pauso bat emanen, jauzika doa, handik hona, batekin orain eta beste batekin jarraian, inon finkatu ezinik, helburu zehatzik gabe, deserrotutako pertsona bailitz.

Iradokiz  bezala eskaintzen du egoera, gertakizun edo ekintza bakoitza.

Itxuraz loturarik gabeko kontaezin pintzeladaz egindako koadro bat dirudi, begirada orokor batez irakurleak asmatu behar du esanahi osoa.

Egunero gizartean gertatzen diren, eta gizakiak bizi dituen xehetasunez eta txikikeriez ari da.

Hilketa bat ere egonen da.

Kontrazalean dio gizakiaren noraezeanaren argazki bat dela: baina kontakizun arraroa egiten da, errepikakorra, aspergarria ere, agian hala da gure gizartea, egunerokoan ez bazaigu hori iruditzen ere.

Ez du atalik ez tarte zuririk, joaldi bakarrean dago liburu osoa, tarteka sartzen du bi lerroko elkarrizketa bat. Paragrafo laburra ditu gehienak, baina bada orrialde osokorik ere.

Esakuneak ere laburrak dira

Estiloa berak ekintza laburrez osaturiko gizakiaren bizitzaren sinboloa dirudi.

Bizitzaren erritmo ezberdinak adierazi nahi ote.

Harribitxi bat da orokorrean begiratuta, esanahi hori estilo horretan mamitzen duelako, baina orriz-orri irakurtzeko zaila, errepikakorra, luzea eta aspergarria ere, agian bizitzaren antzerakoa.

 

Barkuen hilerria. Francisco Castro

Uderri bateko jauntxokeriak eta honen ondorioak.

Atal laburretan egituratutako narrazioa, tarteka kontrapuntu edo osagai bezala egunkari bat.

Suspensea darien uda oporretako gorabeherak

Pertsonaien barnean sartu nahi du, gai ezberdinez hausnartu, baina erabat azalean geratzen da, oskola soilik zulatzen du, gizakian barneratzeko ahalegin hutsala.

Hainbat gai ukitzen ditu, kontakizunaren arabera, azaletik, sakonak arren: gerra garaiko jauntxokeri eta gehiegikeriak, maitemintzearen zirrikitu korapilatsuak, matxismoaren ikuspuntu zenbait, gerra zibila, guraso eta seme-alaben arteko harremanak, liburutegiak, kultura egarria, gazteak, jauntxoa, droga, Google, etxegintzaren gehiegikeiak…

Irakurleari berenez sortu ohi zaizkion gogoeta ohikoak, inolako ukitu berririk gabe.

Sermoi morala dirudi tarteka.

Ez dabil inolako  tximeletarik kontakizunean.

Gai potoloak dira, baina ez  zaitu barnetik astintzen, ez eragiten ere.

Istorio kilikagarria asmatu du, liburuaren egituraketa egokia da, arazoak kilikagarriak dira, baina ez du sare sendorik ehundu, erdizkako kontakizuna atera zaio.

Betegarri eta errepikapen asko du, jo eta pasa irakurtzera bultzatzen zaituena, ez duelako kontakizunak ekarpenik, ezta literatura aldetik erakargarritasunik.

Landare erakargarria landatu du, fruitua espero zitekeen, baina ez zaio fruitu hori  heldu, halaz ere izan daiteke denbora-pasa atsegina.

 

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama. Alain Agirre

Hiru parte eta epilogo dituen kontakizuna: erditzea, umezaroa, gaztaroa  eta bukaera.

Amak gaixoaldi larrian zainduko du alaba: bigarren erditzea, hortik izenburua, erditze berri bat bezala dira ama-alaben harreman ezberdinak.

Egunero erditzen da ama biziberritzea dakarkiolako alabari

Alabak amari zuzentzen dion bakarrizketa

Neska baten bizitzaren kontakizuna umezarotik nagusitu arte era berezian emana.

Idazlea, neska,  beraz erditzea bezala da liburu osoa, bere burua erditu du idatzi honekin. bere barne zidorretan dabil.

Haurdunaldi eta erditze baten kronika, erditze eguneko gogoeta eta bizipenak.  

Familiako gorabeheran murgiltzen da, sentimendu ezberdinen koktel aparta, sentimendu eta iritzi kontrajarriak, mila eta bi zehaztasun kilikagarri.

Iritzi kontrajarriak kontrajartzen ditu.

Kontakizun dramatikoa da, iluna, nolanahi une latzak dauden arren  lauso, bare, normal doaz.

Bukaera itxaropentsua ematen dio, argia dago bukaeran.

Gai askoren artean: ume baten bakardadea, nerabe baten ibilbide korapilatsua,  gaitz psikikoak, amatasuna, erditzea, gaitz psikikoa, gurasoekiko lotura eta harremanak, bizitza, terapiak…

Pertsonaien argazki sakona egiten du.

Giro berezi bat lortzen du kontakizun osoan, ez da poetikoa baina bai errealitatetik haragokoa.

Ez du trama bat, bai batasun bat, atal bakoitzak jakin-mina sortarazten du.

Dotorezia du idazkeran.

Irudiz hitz egiten du, indar berezi bat emanez kontakizunari.

Paragrafo laburrez idazten du, 100 zati ditu, oso laburrak denak, horrek bizitasuna ematen dio irakurketari, irakurketa bera erraztuz, gaia arindu leunduz.

176 orrialde ditu, baina zuriune asko dituenez testua ez da hain luzea.

Sinonimoak edo osagarriak  izan daitezken  hiruzpalau hitz, izen, adjektibo, aditz, esaldi ere… jarraian jarriz, baita berdintsu hasiz hainbat paragrafo, azpimarratzen du ideia bat, edo giroa sortzen, baita nolabaiteko kadentzia ezarri ere kontakizunari: “bakarrik ilun hotz mindun triste”, “ulertzen onartzen maitatzen”, “beti beti beti”, “teila harri ohol untze egur”, “luzatuz lodituz handituz”… 

Hitz-joko atseginak egiten ditu: joko-josteko…

Herri-herriko esaldiak, bizkaieraz, ia argota dirudienak, ahoskerara moldatu edo batuak.

Barne giro berezia behar da irakurtzeko, patxada hartu bide berri bati ekiten zaionean bezala nora eramango ote.

Sintonizatzen duenak gozatuko du irakurketarekin.

 

Dendaostekoak. Uxue Alberdi

Bizitzari eta gizarteari buruz irizpide propioa duten bi ahizpa denda baten jabe eta bertako dendari Elgoibarren.

Denda bitxia da, bi ahizpa dendarien filosofia eta bizitzaren ikusmoldea erakusten du.

Dendako eta herriko mila zertzelada, gertakizun bitxi ugari.

Anekdota, gogoeta eta esperientzia xumeak dirudite, baina esanahi sakoneko errealitatea erakusten dute, bizipen sakonen bizimaila.

Gai pertsonalak, herrikoak, familiakoak…: familiako zehaztasun asko, gurasoak, bikoteak, ahizpa bien gorabehera pertsonalak… gehienetan ezkutatu nahi izaten ditugun gorabeherak naturaltasunez azalduta.

Herriko pertsonaia asko agertzen da, pintzelada bat besterik ez dira askotan.

Emakumeen emantzipazio borroka, feminismoa, sexu kontuak: oso argi baina naturaltasunez, gordintasunik gabe.

Herri baten argazki zehatza.

Liburu baten antolakuntza, eskaparatearen funtzioa, garai bateko zenbait ohitura eta portaera zehatz berezi ezohikoak: gizonak ez ziren dendara joaten zapatak erostera, argitaletxeen zertzeladak…

Literatura egiten du, egitura eta esamolde propioz dotore janzten du elkarrizketa, naturaltasunez.

Gai ezberdinak tartekatuz eta korapilatuz moldatzen du elkarrizketa.

Kontakizun freskoa, hurrekoa, sinesgarria, asmakizunik gabea.

Joskintzaren hiztegia.

Esamolde bikainak.

Hitzak elkartuz edo atzizkiak erabiliz abilki osatzen edo asmatzen ditu hitz esaldi luzeagoen laburtzaile jokoan.

Izugarrizko gaitasuna erakusten du egileak zertzelada xumeekin kontaketa dotore erakargarria ehuntzeko.

 

Denok gara Google. Etxaniz Xabier

Bi zati ditu, ezberdinak, baina biak elkarlotuak, lehenengoan gizonezkoa da pertsonaia nagusia, emakumea bigarrenean.

Maitasun istorio ezberdinen inguruan dabil sigi-saga.

Bi maitasun istorio dira, baina elkarri lotuak, sakonean gai bera da.

Gizonezkoaren ildotik doa lehen istorioa, emakumearenetik bigarrena.

Posta elektronikoan jaio eta bukatutako maitasun istorioa dago lehen zatian, bi bando politikoki ezberdinetako neska mutilen maitasun istorioa bigarrenean.

Bila dabiltzan pertsonak, bizi-pusken bila, nahi eta ezin, ahal eta ezin hein berean.

Istorio bitxiak dira biak, gai ezberdin ezohiko bat da 

Gogoeta sarriak egiten ditu kontakizunaren harira.

Gogoetako zenbait gai: internet: googleren mundua eta ematen dituen aukera ezberdinak, elkarrizketa elektronikoak, sare sozialak, euskal literatura, itzulpengintza, maitasuna-bikotea: bikoteen gorabehera eta jokamolde ezberdinak, sexua, Ondarretako fusilamenduak, gerra eta gerra ondorengo giroa, zenbait gertaera eta jokamolde,  lurperatze anonimoak, deshobiratzeak,  gezurra eta egia, zaharren egoitzak…

Ez du literatura egiten, baina literatura bikaina da berea, ez doa dottoretasunaren bila baina dotorea da.

Trataera ezberdin bat erakusten du, bi ikuspuntu esaldi berean sartuz, errepikapen laburrez aurrekoa azpimarratuz…

Narrazio bizia da, elkarrizketak, esaldi laburrez  eta paragrafo motzez lagunduta,

Suspense puntua eta jakin-mina sortarazten du,

Elkarrizketa asko egiten ditu lehen zatian: zuka, noka eta hika.

Noka egiten du gehien bigarren atalean.

Bukaeran irakurleak jada dakizkian eta azpimarratze premia ez duten zenbait gertaera errepikatzen ditu premiarik gabe.

Zerbait ezberdina eskaintzen duen irakurketa.

 

Distira eta alderantzia. Joxean Agirre

Zaharren egoitzan dagoen emakume euskaldun zahar batek bere bizitzako zenbait pasadizo kontatzen ditu.

Ume bat aurkituko du eta honen nondik norakoen bila ibiliko da.

Istorio maitagarri bat.

Parisera lanera joandako neska euskaldunak, Parisko zenbait zertzelada, arropa diseinua, argazkilaritza, maitasun kontuak, Zuberoa, zaharren egoitza…

Joxean bere estilo itxuraz xumean zertzelada ezberdinak eskaintzen doa.

Ez da inolako bitxikeria edo dotoretasun linguistikoetan sartzen,

Erraz eta gustura irakurtzen den istorio bat.

BIDAIAK 2000

Jon Etxabe 2022/02/28 10:15
ZABALDI HANDIA: Kecskemet, IPAR TRANSDANUBIA: Gyor, Pannonhalma, Papa, Scombathely, Jak, Sopron, Koszeg.

Ekainaren 6a. Asteartea. 36.a-H:20.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare. “Larri ere larri oheratzen naiz, / bideko nekeen atseden bila”. – “Weary with toil, / I hoste  me to my bed, / the dear repose for limbs with travel tired”. Hala oheratzen gara bai gauoro.

 

Dozenaka txakurren zaunka amorratuek bildu dute gaua une luze batez auskalo zerk aztoratuta, agian batak bestea xaxatuta. Ondoren bareunea dator, isiltasuna, zaunkada batek berriro etengo duena.

Kalean ez dabil txakurrik, etxe bakoitzak du berea, baina etxe barruko itxituran. Hiru txakur ditu kanpinak ere, bata beti inguru-inguruka kanpin esparru osoan bere esparrua markatuz edo, beste biak goiz arratsaldez ugazabaren ondoren ateratzen dira, M. Luisaren izurako. Perfektuegia zen kanpin hau, txakurrak ditu alde txarra.

 

Azken bisita Zabaldi Handira, Hungariako ibilaldiko lehen zatia gogoratuz.

Iraultza edo Leninen omenez eraikitako monumentu berezi bat bada Budapestetik Erd-era bidean: adreiluzkoa, non pertsonaia ezberdinak agertzen diren, baina batez ere Lenin brontzezko irudi handian gorpuztua eta beti hitz egiten, langileei, soldaduei... Oraindik dirau Leninenganako oroitzapen edo oroigarriren bat, baina bai Budapesten baita zenbait herritan ere ari dira kale izenak, plaza izenak eta antzerakoak kentzen; “askatasuna” hitza ere aldatu egin dute plaza batetik: arrazoia dute, askatasuna sozialismoarekin eta komunismoarekin datorrelako ez Mendebaldearekiko mendekotasunetik. Sozialismoaren eta iraultzaren ezaugarri oro batera baztertzea gogortxoa zaie nonbait politikoei, ez zaie oraingoz errentagarri, baina ez dute luzaroan iraungo geratzen diren sinbologia eta nomenklaturek, orojalea baita kapitalismoa, ez dio men txikienik ere egiten etsaiari, diktadura gorri eta gordinena dira kapitalismoa eta neoliberalismoa.

Antzinako gurdiak egiten dituzte aroztegi batean kanpinetik hur.

Auto eta batez ere kamioi asko doa Austriatik Kroaziarako errepidean, trailerrak zein bertako industria-guneko kamioiak.

Oso motel doa gaur ibilia, erregarria eta aspergarria ere bada zenbait tartetan: errukirik gabe sartzen da traktorea errepidean eta aurrean daramazu kilometro luzeetan, motortxoren bat da ere tarteka aurrean sartzen zaizuna; kontrabidea bera ere bizi-bizi datorrenez ezinezkoa da aurreratzea, beraz orduko 30ean egin dugu bidea luzaro; barraskiloak ere aurrea hartuko liguke.

Fiat autoz zamatuta doaz 3 kamioi, nonbaitetik nonbaitera, agian Hungarian bertan egiten da Fiata Eslovenian Renaulta bezala: nazio batek bestearengan eragiteko bide bat da bertan fabrika erraldoia jartzea.

Hara non ur parrastadaz ureztatutako soro saila: ia ez dugu ikusi  ureztaketa hori Hungarian.

 

Bi adarretan banatua doa Danubio ibaia une batez; adar biak eder eta zabal doaz, erdialdean lur-zati zabala utziz, kilometrotako zabala; landua dago.

 

 

ZABALDI HANDIA

 

Zabaldi Handian  gara berriro, Danubioren Ekialdean,Transdanubia utzita.

Ezer berririk ez lurralde honi buruz. Ezer guti berririk ere herriei dagokienez, guti dira eta egitura berdinekoak denak, guretzat hain ezberdinak eta deigarriak: txukunak dirudite herri ertzetako kaletxoek ere. Zenbait herritan gaueko hamarretatik goizeko seietara orduko 40kora mugatuta dago  abiadura, loa ez galarazteko nonbait, egunezkorako ez bitago oharrik. Lehenengoz ikusten dugu abiadura zehaztuta Hungarian. Zabaldiko lehen egunean ikusi genuen makila bakarreko lora garai beraren sailak, baina oraingoan sail txikiak dira, etxe kontra daude, bakarren bat baita bi soro arteko zinglada estuan ere: etxeko abereentzako jana behar du izan. Trena agertu zaigu auzo tarte batez: lur zapal honetan ere  trenbidea bihurguneak eginez doa mapak dionez, padura eta istingek eraginda seguru aski. Ehunka, agian milaka ahate itxitura batean preso, multzoan baina mugimendu bakar bateratuan mugitzen dira denak: “Foi” da Hungariako ezaugarririk ospetsuenetarikoa; ez daude taldetxoka Altsasun lez, agian bakoitzak bere etxean du bere taldetxoa.

Zirrara sartzen digu artajorran dabilen bikoteak, bere aitzurrarekin kaskaka bakardade eta bakuntasun osoan artasoro izugarri zabalean: inurri lana, amaierarik gabekoa.

Iragarrita daude departamendu edo barruti ezberdinak, baina xume, handikeria edo harrotasunik gabe, letrero berde txikiz soilik.

 

Lajosmizse, kale luzeko herria, luzea da errepidea den kalea, luzeak bertako edo bertatik hasten direnak ere, artez-artezak denak.

 

Herri traidoreak dira  hauek, erraz sartzen dizute iruzurra: erdigunean zaudela uste duzu, baina erdigunetik urruti zaude, eliza dorreak han bertan begitandu arren.  Ikasi dugu erdiguneraino autoz hurbiltzen, gero gerokoak, non gauden jakinda behintzat uzten dugu orain autoa.

 

Kecskemet.  Zapaldiko hiri peto-petoena omen. Ez du etxetzarrik, bakanak dira lauzpabost solairuko etxeak ere. 110 mila biztanle ditu, agian horregatik da hain zabala eta horregatik du megasaltokia ere. 33 graduko hozberoarekin heldu gara 10etan, 37koarekin alde egin diogu 12etan. Ez da oso zabala erdigunea, ibili lasaian ikustekoa, parkea diren plaza ugarietatik edo kale zabaletako arbolapetatik.

Udaletxea, bitxia eta erakargarria, egituraz eta apainduraz, kanpotik zein barrutik; kolore ezberdin eta biziz pintatuta du barnea ez ezik baita teilatua eta sarerako gangak ere. Badira herrian beste bi eraikin bitxiki pintatutako fatxadekin, bada jauregi eder bat, bada eraikuntza klasiko ederrik argi, biziki eta gustu onez pintatuta hauek ere, ederra eta landua da ere izurrite zutabea. Bada komertzio ederrik. Eliza pila, betiko osagaiekin: ganga pintatuak, aulkiteria sendoa, hiru makilako zutoihalak handiak ez badira ere...; Frantziskotarren eliza zaindua eta argia da, gustura egotekoa, pintura modernoz dotoretuta du ganga; ortodoxoaren itxura duen eliza berriz saltoki eta pintura galeria bihurtuta dago, erabat galdua du eliza kutsua, solairu berri bat ere egin baitiote, korua eta arrosa-leihoa soilik geratzen zaio zena gogoratuz, kanpotik gorde du elizaren jite ederra. Herri honetako semeak da dramaturgo eta musikari ospetsu zenbait ere.

 

Umeak, nola ez, baita hiri honetan ere: txangoren batean zebilen ikastetxe osoa, herriko zoko guztietan taldeka banatuta.

Beldur ginen hiriak mereziko ote zuen hainbeste kilometro: merezi izan du, ez gara etorriaz damutu. Izozkia bera aukerakoa suertatu zaigu bai zaporez bai bigun puntuan. Megadendak oliba, olioa eta oliotako atuna eman digu, baita Bittorrentzako ardo gorria aukeratzeko beta ere.

 

Larrain gorrian, 37 gradutako hozberoan, eguzki galdan,  daude paitak; pilo piloan osoko mugimendu geldoan, itsas marea bailitzan mugitzen dira.

Ikasi dute Hungarian ere autobidea larrutik kobratzen: seguru aski autobide pribatua da. Laster ikasi dituzte hemen ere herriarentzat ezerosoak diren ikasgaiak: handiki jendeak beti jakin izan du horrela jokatzen, beti dago zelatan herriaren izerdia zurgatzeko, beta datorkionean aukera gauzatu besterik ez du egiten. Badira beste bi autobide sail zentzuzko ordainsaria dutenak, Estatuarenak nonbait.  Egurrezkoak dira autobideko hesi-sareko hesolak, autobide honetan ere.

Budapesteko etxetzarrak aurrez-aurre ditugula eman diogu azken agurra Danubioari: zabal, eder, inguruak berdegunez, hala ikusi dugu azken begiradan eta hala gogoratuko dugu.

 

182 kilometro, Zapaldi Handiko azken-azkenak.

 

Bitxilore nanoz jantzi zaigu kanpineko berdegunea egunotan.

Egunoro egin dut tzangada uretan, neu bakar-bakarrik, niretzat soilik igerilekua, alboko zuhaitzei eta goiko urdinari so, igeri lasaian. 

 

“Hezur gabeko hilak”. Xabier Montoia: “ Denak ari dituk jolasean gurekin, hangoak zein hemengoak”. Herriaren iritzia politikoei buruz.

 

 

Ekainaren 7a.  Asteazkena  37.a-H:21.a

 

“Soneto hautatuak”. Willian Shakespeare: “Izarren bitartez ez naiz jakitun, / Jakin jakin arren astronomiaz”. “Not from the starts dio I my judgement pluck, / ad yet methinks I have astronoky”.  Nik jakin nahi nuke ba astronomiaz gaueko zerbitzugunera joan-etorrian; ahaztu zait nekien ia dena, gaur egun Hartz Nagusia, Ipar-Izarra, Artizarra eta Aldebaranetik haratago ez dut ia izarrik gogoratzen eta ezagutzen.

 

Aldaketa eguna. Baita laino eguna ere: gaur ez dugu eguzki errerik. Haize eguna, gogor jotzen du, zenbait zuhaitz adar botatzeraino. Gustura egon gara Erd-eko kanpin honetan, txaletxoa bailitz gure etxetxoa, berdegune, parketxo, igerileku eta guzti, baina ez digu gehiagorako ematen Budapestek, gure asmoak asmo; nolanahi  hiri honek badu harat-honat egun batzuk egiteko aukera, beti zerbait berria ikusiz.

Zenbait eragozpen izan dugu argindar entxufearekin, erdi hondatuta daramagu, baina konponerraza da.

 

 

IPAR TRANSDANUBIA : ZABALDI TXIKIA

 

Bidezainak, deskantsuan ez badaude, traban.

Gora-behera leuneko lautadan hasieran, mendi-muino eta mendixka artean gero, bailara estuetan gora-behera geroago, lautadan berriro azkenik. Haizea haize, atsegina da bidaia, batez ere mendiarteko bailaratxoek ematen dioten berrikuntzaz.

Herri guti; herri-paisaia, berriz, betikoa: teilatu zurixka eta gorri batzuk zuhaitz artean gordeak. Aldatuz doaz galsoroak paisaian, horituz, ia heldu kolorea hartu dute, horixka bilakatu zaigularik lautada, berdegunearen monotonia eteten dute sail hori zabalek, lursail berdez inguratutako itsas horia dirudi zabalguneak. Garitza batean txori ale-jaleak uxatzeko begiralearen txabolatxo-begiratoki garaia: desagertua genuen aspaldi honetan.

 

Tatabanya: lau bokalek osatzen dute izena eta laurak a dira. Kilometrotako herri zabala, mendi-muinoetako zulogune eta maldetan barreiatuta; etxetzarrak eta tximinia luze-luzeak  nabarmentzen dira batez ere gaintxoan,  Mendebal aldera langileriaren bizitokia seguru aski, industria-herria bihurtu dela dirudi eta; goialde horretan datza eliza ere;  erdiko zulogune eta maldetan berriz arbola artean gordetako etxetxoak dira nagusi.

 

Mahastiak eguteran, herriaren inguruan.

Hungarian ikusi ditugun lehen GeBoak, Austriara bidean, agian etxerantz.

 

Matrika-Vigneta: bidaia txartela behar dela iragartzen dute gaurko autobidearen sarreretan zein irteeretan, baina ez dago kontrol-txabolarik, Tatabanyan polizia zegoen tarteka auto bat gelditu eta txartela eskatuz; 9 egunerako epea du txartel bakoitzak kanpineko zaindariari ulertu genionez, agiria begi-bistan jarri behar duzu:  merkea da, pare bat autobidetan soilik ezarri dute sistema hau. Bada zerbitzugunerik autobidean, xumeak dira baina denetik dago. Zorua ez da batera ona, hondatuta dago, gurpilen zapalduek sortarazitako erreten leunak ditu.

Mendi magal bitxi bat izan da: soro estu luze zuzenak, maldan behera, bata bestearen paralelo: mahatsondoak, artoa, garia... soro bakoitzak teilatu zorrotz-zorrotzeko txabolatxo estu-estu garaia du.

 

Kanpina. Gyor hirian bertan. Ez da erraza izan aurkitzea. Herritxoz herritxo ibili gara galdezka. Erabat zaila gertatu zaigu erraza zirudiena. Lehen kartelak garbi erakusten du bidea, baina gero ez dago ohar bat bera ere, eta hainbat eta hainbat dira bidegurutzeak. Goizegi atera gara nonbait bidegurutze batean kartel bati jarraiki. Gero hiri barrurantz eginez argi eta jarraian dago iragarrita. Hain zuzen okerreko bidetik ibili gara.

Azoka handi bat dago kanpin alboan bertan, kanpineko zelaia jarri dute aparkalekutzat: dena zen autoa, dena herstura, dena jendea, dena polizia... baina heldu gara hona ere!.

 

Ertz bat gorde dute kanpin-zereginetarako  eta han goaz pilatzen bezerook, mutur-muturrean jarri zaigu bat. Ez gaude horrela ohituta. Kanpin ona izanen da bere betikoan. Izan zen kanpin hau,  baina hondatuxea dago, txori hotsik ez zaigu falta nahiz belarra erabat horituta dagoen, lehorra dago lurra. Bungalow txikitxo pila dago, joan etorrian dabil jendea, badirudi langile jendea bizi dela bertan, batez ere etorkina, jende gaztea batez ere.

 

Gyor.  Industria-hiria: mila gerra eta  okupazio ugari jasana,  hainbat aldiz suntsitua... avaroek, mongolek, turkoek... bereganatua; erreketek desegina, lurrikara batek hondatua eta azkenik alemaniarrek erabilia azken mundu gerran:  ez genuen ezer txukunik espero, baina erabat irabazi gaitu berehala, erdigunera jotzea kosta zaigun arren.  Hiru ibai elkartzen dira hirian, “lau ibaien hiria” ere deitzen diote: hiriko zati dira ibaiok, txukunduak eta zainduak daude ertzak, bertan egoteko, arraunean egin zein ontzian ibiltzeko taxutuak, edo jatetxe bihurtutako ontzietan askariak egiteko. Industria-hiriaren jitea du kale giroan, baina nekazaritza oparoko garaia erakusten du egituran. Bizi-bizia, jende pila dabil, izozkia xurgatuz, erosketak eginez edo ibilian soilik. Nabari da jende langilea dela. Ugaria da ikaslea ere; hiri hazi orotan lez hemen ere ikasketa bukaerako argazki-koadroak ageri dira erakusleihoetan.

Planorik gabe ezagutzeko hiri-barrua, kalerik kale ibili, begiratu, ezusteak aurkitu eta gozatu. Erdigune lasaia, pare bat ordurako ibilbide paregabea, etxeei begiratuz, katedrala ikusiz eta ibai ertzean paseatuz. Ez du monumentu ikusgarririk, baina bai zein baino zein potxoloagoak diren etxe pila, argi-argiak, kolore ezberdinez pintatuak, fatxada eta ateburu landuak erakutsiz. Alde Zaharrean badira bihurritu nahi duten kalexkak, bere pasabide eta guzti; zenbait kale-kantoi eta ate-ertz harritzar borobilduez babesten dira. Sekulako patioak ikus daitezke. Bada antzinako farmazia deigarri bat ere. Tunelak dirudite bebarruak eta pasabideak, hain dira luzeak. Museo pila, hiri eta herriotan ohi denez. Ohi denez ere, monumentu eta eskultura pila. Budapestek baino zubi gehiago du. Dendateria zabala, megasaltoki eta guzti, kalean bertan. Eliza pila: frantziskotarrena, barrokoa, ospetsuena omen, edo adierazgarriena: barrutik beharko du izan, kanpotik ez du apartekotasun berezirik eta. Katedrala berriz sekulakoa da barrutik, marmol gorrixkako handia, ganga freskoz ederra, koadro erraldoi zintzilikatuak hormetan... bisita merezi duena.

 

Avaroek hutsune edo garbigune izugarrizko zabalez inguratu zuten hiria, etsaiak zetozenean errazago ikusteko: hortik datorkio izena gyürü, eraztuna. Bardeak ere ez zituzten helburu berdinagatik eremu bihurtu Nafarroan?.

Patioek erakusten dute duela gizaldi batzuk herriak zuen bizimoldea: patioa zen talde handi baten bilgune, hainbat familiaren ardatza, ez kalea, gaur bezala; gune gordea da patioa, isolatuta, kaletik at. Patio zuen bizi-ardatz etxebizitza multzo batek.

 

153 kilometro, Hungariako gure bisitaren azken lurralderaino.

Joan da gaurkoz kanpineko autoteria: berde-berde eta dotore dago erdigunea, zabala erabat. Bazter honetan botata utzi gaituzte gu.

 

“Ostiralak”. Jon Arretxe: Bidaiok dira  urteko gure ostiral gauak.

 

 

Ekainaren 8a. Osteguna.  38.a-H:22.a

 

“Soneto autatuak”. Shakespeare – J.Garzia: “Zertan agindu hain egun ederra...” - “ Why didst thou promise such e beauteous day”. Bidaian goizero eta gauero opa diogu gure buruari egun eder bat, bai eguraldiz bai bizipenez.

 

Zerbitzuguneak taxutu, itxuratu eta berritzen ari dira kanpinean: beraz orain hasten da bisitarien garaia.

Komunen egitura ez da aldatu Hungariako egun eta kanpin orotan:  katiluek zapalgunea dute erdian zulora bidean, han gelditzen da kaka multzoa bistan; ura berriz zuzenean dator biltegitik gabe, indarrez, eten gabe norberak bidea itxi arte.

 

Txori kabi bat aurkitu dugu lurrean:  ikusi dugun txori piloaren oroigarri jaso dugu.

 

Lautadan diraugu. Ez dugu ezer berririk aipatzeko. Baina bidaia oso gustagarria da, ez gara aspertu lautadaz, ezta berdeaz ere. Hasiak dira horitzen galsoroak, ia hori dager lautada edo lautadako sail zabalak berdegune jorian.

 

Pannonhalma. Mendi koskorreko gailurrean dagoen monasterio beneditarra.  Izugarri handia, eraikintzar itzela, altueraz zein zabaleraz erraldoia; erdian dorre borobila du zutabe pilarekin, txapel batez estalia. Ikuspegi paregabea du lau haizetara, ortzirainoko lautada osoa alde batera, mendi-muino katerainokoa beste aldera, lurralde osoa begi-bistan hartuz. Fraideek beti jakin izan dute kokagune aproposena aukeratzen, arimaren elikagai bezala edo.

Beneditarren liburutegi handia omen du, 300 mila ale. Erabat antolatuta dute bisita: 500 pezeta kobratzen dute bisitari bakoitzeko; okerrena da taldean sartzera behartzen zaituztela, ordu jakinetan soilik, gidak alemanez edo ingelesez soilik egiten du, bakarka ezin daiteke elizarik ere ikusi nahiz sarrera osoa ordaindu. Beraz Erdi Aroko kripta eta gainerakoak ikusi gabe alde egin dugu, baina merezi izan digu 280 metroko goiera honetara igotzea.

Uraren ponpa urdina, bakarra, erlikia bezala zaindua: ur sarea oso hedatuta egon zen, edo ur-sistema hau lurralde zabalean ezarri zen.

 

Komentua ez bisitatzean, gaurko ibilia luzatzea erabaki dugu, paraje berrietatik  eginen dugu gaurkoa, komentuko sarreran baino gehiago gastatuko badugu ere erregaitan. Eta ez zaigu damutu asmo-aldaketa. Zerbait zoragarria behar zuen izan monasterioak lurralde honen edertasunaz parekatzeko.

 

Lehen egunean buruhandi, gero lora zuri ezagutu genuen kirten luzeko uzta mota ezezagunarekin egin dugu berriro topo. Ondoren lore moreko zerbait, mastra latzekoa dirudi, izugarri sail zabalak osatuz: lur sailak daude more-more, dotore. Ez dugu inguruan inor aurkitu zer diren galdetzeko, izanda ere abagunea, nola ulertu erantzuna?. Gogoan dugu nola galdetu genien andre-gizonei intsusa  sail baten aurrea ia zertarako erabiltzen zuten intsusa: ezin izan genien tutik ere ulertu. Bi lakutxo kanaberaz inguratuta, txanel azpi-zapalean dabil alboko baserritarra, ez dakit zertan; bada hegaztirik ere bertan.

 

Bakarti goaz errepidean, herri-bideetatik eginez bidea. Ibilbide eta ibili aparta

Edozein bide hartzen dugula, beti dugu trenbidea alboan. Dozena erdi aldiz gutxienez gurutzatu dugu gaur, behin trenarekin berarekin fortunatu gara.

Mendi muino tarte baten sartu gara, uhinetik uhinera goaz, gora eta behera, joan leunean, bidaia aparta, simaur usain sarkorra ere heldu zaigun tarteka sudurretara.

Lorontziak, geranio koloretsuak, ditu herri askok zementuzko argindar tantaietan, herriari dotoretasun eta txukuntasun jitea emanez.

 

Herrialde hau ere “pais satelite” izendatzen zen Mendebaldean, komunismoaren aurkako fobia eta beldurren ezaugarri: ideologien ezaugarri hizkuntza.

 

Nagygymot.  Hara non, berriro ere zikoina argindar  zutabe puntaren puntan burdinazko sare borobilean eginiko habian.

 

Eliza aurreko gurutzeari begira: Amabirjinaren irudirik gabeko Kristoa duen eliza protestantea dela uste dugu, Amabirjinaduna berriz katolikoa.

 

Papa. Bi eliza ikusten zaizkio, dorre eder bikoitzekoak biak, batez ere gailen dagoena nabarmentzen da; hainbat dorre gehiago ere ikusten da, dorre zorrotzak eta bakarrak. Dorreez gain, teilateria ageri zaio batez ere herriari. Etxe jarraikiko herri koskortu zaindua, apaina, atsegina; oso etxe politak ditu, etxe barrokoak, apaindura eta irudi askoz edertuak, argi eta ezberdin pintatuak. Izozkiaz freskatuz egin dugu kale arteko ibilaldia, etxe kontran eta  gerizpez gerizpe. Oinezkoen kalea, parke eder-ederra.... gaztelua ere ba omen du baina ez dugu ikusi ere egin, zuhaitz artean gordetako lautadakoren bat izanen zen.

 

500 pezetatan aurkitu dugu kotoizko soineko eta blusa konjuntoa; Indian egina da, auskalo ze esplotazio ondoren hain merke.

Gazte bat  atera dute bi poliziek furgonetatik eta udaletxera eraman, eskuak lotuta eta metro pare bat luzerako larruzko uhal batekin helduta, kale-kalean, denen aurrean: zirraragarria izan zaigu.

 

Takacsi. Zikoina, bakarra.

 

Artajorran laukotea.

 

Tet. Zikoina: agur egin nahi ote digute?. Ur-ponpa urdina.

 

122 kilometro, Monasterioa ikusi ordez herritxoz herritxo eginaz.

 

Azoka: fraideei eman ez diegun diruarekin kanpin alboko feria bisitatu dugu. Denetik dago baina ez da oparoegia: ordenagailu, sakelako telefonoak, botilatutako janaria, makinaria, eraikuntza. Ez dugu etxe edo Euskadiko produkturik aurkitu. Txosnak dira nagusi hemen ere. Gauean musika ere badute horretarako jarritako esparru zabalean, baina bederatzietan bukatu dute jarduna, goiztiarrak dira, erretiro onekoak.

 

Ikasle gaztetxo taldea agertu da kanpinean, txabolatxoetan hartu dute ostatu. Honek bai iraun dute goizalderaino, jiji-jajako parranda alaian: etxetik kanpoko lehen gaua agian zenbaitzuk, gutxitako esperientzia, oroimenean betirako grabatuta gelditu ohi dena.

 

Euskal zibilizazioa”. Alfontso Martinez. “Sapiens sapiens izakia, ibiltari handia izan zen, planeta osoa kolonizatu zuen”. Jakin-minez, ikusi egarriz, edo nork daki zergatik gehiago gabiltzan gu Europako mugatu honetan.

 

 

Ekainaren 9a. Ostirala. 39.a-H: 23.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare – J-Garzia: “Nolako hartatsu, bidez abian”. – How careful was I when I took my way”. Egunoro eta edonon baikara berri eta kanpotar, beti paraje eta herri berri ezezagunetan.

 

Entzun gabe genuen kanpin honetan, gaur goizean ozen eta luze izan dugu, tren-hotsa, tutu-soinu bizi-bizi eta guzti.

Gazte langile pila dago kanpineko etxolak ostatu dituztenak.

 

Aldaketa eguna. Eguraldi eguzkitsuarekin agurtu nahi gaitu Hungariak, eguzkipean goaz Hungariako azken kanpinera.

Zuhurrak dira gidatzen hungariarrak. Ez diote beldurra galdu oraindik errepideari eta auto ahaltsuei, agian oraindik ez dute galdu auto zaharrekin nahitaez astiro ibili beharreko ohitura.

Han-hemenka ugari agertzen dira gas-tuteriaren ezaugarriko bola gorriak. Nondik ote dakarte?. Errusiatik seguruenez, baina bertarako da ala Europara daramate?.

 

Csorna. Herri handia. Jarraiko etxeak izateko kategoria eta tradizioa dauka. Ba omen du Erdi Aroko eliza bat, baina ez dago gelditzerik etxatoia gurekin daramagula; bestalde, ez du merezi beste egun batean honaino itzultzerik.

 

Zikoina bere habian trenbide gurutzean bertan, tren geltokia ber-bertan duenez, trenen joan-etorriak eta merkantzien maniobrak etengabeak behar dute izan: gorra ote zikoina hori, errepideko zarata nahikoa ez, eta tren-hotsa ere behar du nonbait.

Hogeikote bat artajorran, gerria okertuta denak kaska-kaska; ume edo pertsona nano bat ere beraiekin dute lanean.

 

Izugarrizko erremolatxa sailak daude Pali eta Repcelak tartean, ureztatze parrastada luzeak zuri-zuri deigarri nabarmentzen dira sail berdeetan: Hungariako behealdean berriz ia ez genuen erremolatxarik ikusi. Ureztatzeko tutu sendoa ere nabarmen ageri da soroan.

Galdu du lora intxusak, erabat berdetu da.

 

Ez dugu ezer berririk aitatzeko, ez da aldagairik lurralde honetan. Lau dirau tarteka mendi-muinoren bat duen Transdanubiak, esanak eta aitatuak ditugu berari buruzkoak. Halere asko gozatu dugu gaurko bidaiaz, agian nostalgiaren eraginez, ez baititugu berriro ikusiko lurrok: adinekoon, nagusion patu aldaezina, baina ez tragedia.

Hara non mantal urdindun gizonezko heldua!,  Eslovenian bezalatsu: lokarri luzea gerriari buelta emanez aurrean lotuta, prepezioz eta ganoraz bera.

 

Repcelak. Jende pila, batez ere nagusia, bide-gorritik herri barnerantz: merkatua zuten herriko sarrerako plaza edo zabalgoan.

 

Lautada... Ez da arteza errepidea lurralde laua arren, hemen ere.

 

Posfa. Zikoina, berriro.

 

Autoak gelditzen ari dira poliziak herri batean, bati bidea eman eta hurrengoa gelditu ari dira: hileko aparteko ordainsaria ateratzen, seguru aski.

Bi heldulekuko sega, baina kirten muturreko heldulekua ez dago ertzean harra bete beherago baizik: segalari bakoitzak bere neurri, modelo eta ohitura du, seguru aski segalari euskaldunek ere hala dute.

Astoak tiratuta, goldatxo itxurako burdinazko ahodun tresna batekin ari ziren bi gizon gazte artajorran; aitzurrarekin ari direnek baino erruki gehiago eman digute, hain zuten xume itxura, hain ziruditen lanak zapalduta, hain nekatuak, hain unatuak, bere tramankulutxoaz moldatu ezinik bezala, lanari gaina hartu ezinik bailebiltza.

 

Kanpina.  Kezkaz gentozen baina erraz aurkitu dugu kanpina, argi iragarrita egoteaz gain, ez dugu okerreko biderik hartu. Laku baten inguruan kokatuta, lakutik bertan. Parke erraldoi baten zatia da. Hesi berdez mugatua dago etxatoi bakoitzaren esparrua. Zerbitzugune berria edo erabat berritua, garbi-garbi berria. Bakarti gaude gure esparruan, txori-kantuz bilduta hemen ere.  Bi autobuskada ume dago, nola ez.

Aisia-leku zoragarria da laku inguru osoa, dena da berdegune zaindua, arbola-gune paregabea, bide-gorri eta eserlekuz osatua. Errepideak banatuta, bada bigarren lakutxoa: igerileku zabala bihurtu dute. Jendea erruz dabil denean, igerian, pedaloietan, oinez, kafetegietan... arratsalde-pasarako leku paregabea da izan ere.

Inguru honetan kokatua dago antzinako etxeen izarpeko erakusketa: beste egun batean joango gatzaizkio.

 

Szombathely. 80 mila biztanleko hiri komertziala. Ez da xarmanta, baina izozki bat zurgatuz erdigunean ibiltzeko adinakoa bai. Zaindua eta txukuna, badirudi Austriari eta alboko herritxoetako erosleei begira bizi dela: saltoki dotoreagoak, salgaia oparoagoa... bestelako hiriei baino ahalegin gehiago usnatzen zaio. Izan ez du ezer berezirik kontatzeko, aspaldiko edo behe solairuko etxe guti du, eraikin barroko pospolinik ere guti; antzinako etxetzar ederrak bai baditu: jauregiak, Gotzain jauregia, Seminarioa, Sinagoga bi dorre ederrekin, udaletxea... baina ez dira nabarmentzeko ikusgarriak.  Plaza luzexka zabala, ez oso erregularra, oinezkoena, dotorea, zuhaitz eta berdeguneek nortasuna ematen diotela: hiriko bihotza eta hauspoa. Gizairudiak, eskulturak, izurritearen zutabea, eta txirrinduentzako bide-gorria kaleetako zoruan marraztuta. Katedrala: sekulako handia, zutabe borobil itzalekin atariko fatxadan zein barruan; berrikuntza lanetan ari dira, zementuzko zutabetzarrei marmolezko itxura emanez; santu-irudiak ere handiak behar zuen eta da,  pulpitua ere erraldoia: sekulakoa behar zuen bertatiko sermoiak. Pintatuta egon zen garai batean, arrastoak geratzen zaizkio, eta agian pintatzeko gertatuta dago ganga tzarra.

 

Bi soldadu, plazan, kamuflaje-jantziz mozorrotuta, oinez, kontrol lanetan plaza nagusian: ez diote utzi txirrinduz aurrera egiten gazte bati. Lasterrera, desagertu egin dira, autoz.

 

Bi  santutxu, aspaldiko partez.

 

Jak. Herritxoa. Sekulako eliza erromanikoa du gaintxo batean, sekulakoa kanpotik, sekulakoa barrutik; triptiko aparta, tailatxo eta irudi landu aukerakoak. Elizaren alboan kaperatxo ortogonal ia borobila, ate ederra sarreran eta pintura naif bitxiak barruko ganga gotikoan; txapek ortodoxoa du dorreak. Ur-ponpa urdina eliza aurrean: honaino heldu zen ur-sarea.

 

Kosta egin zaigu herri honetara bideratzea, ez baitago herrirako iragarkirik herritik kanpo, eta herrirako bidea herri-bidea da: baina merezi izan digu!.

 

Hainbat aldiz zeharkatu dugu gaur ere trenbidea, errepide ezberdin bakoitzean, bizpahiru aldiz gutxienez.

Kafetegi eta txiringito ugari, austriar turisten zain.

Bi saltoki erraldoi: hiri handia delako Szombathely, ala austriarrei begira?.

 

147 kilometro, Hungariako azken aldaketakoak.

 

Austriar jendea dator kanpinera asteburu pasa, gazte jendea gehiena, etxatoietan.

Bikote heldu bat jarri zaigu alboan auto-etxatoian. Alde batetik berdegune eta zuhaitzen ikuspegia moztu digute erabat, bestalde txakurra dutenez eta berau aske dabilenez etxean preso dago M. Luisa. Hala gertatu da eta hala beharko, Hungariako lehen kanpina ere alemaniarrez erabat bilduta suertatu zitzaigun, komunetan bertan ere arnasarik gabe.

Ezaguna zait zozo kantua, bat kantuan ikusi ere egin nuenetik.

Musika emanaldia antolatu dute ilunabarrean laku ertzean; erruz dago jendea musika entzun eta musikariei begira, zutik, gazteak gehienak, adin guztiko entzuleria hurreratu bada ere, ostegun gaua izaki. Ilgoran dago eguzkia, bide erdian, paregabea dago ingurua, azken argiko une magikoan.

 

“Euskal zibilizazioa”. Alfontso Martinez: “Giza historiaren urte kopuruetan sarturik, itsasoaren ur tanta bat ere ez gara, baina ur tanta hori beharrezkoa da itsasoa izan dadin” Beraz izan gaitezen tanta, harro eta gogor.

 

 

Ekainaren 10a. Larunbata. 40.a –H: 24.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare – J.Garzia: “Nolako bide astun larria nik, / neure xedeak, neke horren zordun”. – “How heavy do I journey on the way, / when what I seek, my weary travel´s end”.  Bidaia azkenerantz doa, baina ez dira bide  astunak, egunotan astun banabil ere.

 

Hungariakoa bukatu zaigun sentipena bizi dugu, herrialde honek galdu du abentura eta misterio kutsua. Ezaguna zaigu Hungaria, etxean gabiltza. Ze erraza den mugak gainditzea. Nahiz ez muga denak.

 

Ipar- iparrera eginen dugu gaur, Austriako mugara.

Goizeko zazpietan gurekin genuen eguzkia, bete-betean jotzen gaitu zortzietan, ordu horretan atera gara, goiz, goiz etxeratzekotan. 25 graduko hozberoa, “fresko fresko”.

 

Szeleste. Amantal urdinarekin gizon bat, beste bat, eskuan mailua duela hau.

 

Hegyfalli. Bidegurutzea den eliza-aurrean soldaduak dabiltza banderak eta gorriz jantzitako oholtza atontzen: bigarrenez aurkitzen ditugu soldaduak, bi egun jarraian gainera; aurreragoko bidegurutze batean musikariak daude jo eta putz batean, atrileak errepide erdian jarrita; aurrerago zenbait herritar, etxe-etxeko jantzita, norbaiten zain. Bada inaugurapenen bat, baina ez dirudi herriko jendeak amorru handirik duenik joateko.

 

Suitzarra, austriarra eta alemaniarra dator etengabeko sokan, erruz etorri ere, Sopronera bidean, barnerantz, asteburu-pasa merkera. Hala izanen da goiz guztian. SK, eslovakiar auto bat ere izan dugu aurrean: bidegurutze batean galdu dugu elkar, eta beste bidegurutze batean elkartu.

 

Lövö. Erremolatxa-jorra,  gaurko aldagaia, edo paisaiako osagai berria litzakeena.

 

Hara non Hungarian ere Esloveniako erdiko sega-helduleku luzea!: gerria bigun ez zuen emakume lodi bat zen segalaria, baina heldulekua helduleku hura bazebilen.

 

Fertöszentnilos. Zabala, etxeak oso bakan ditu eduki ere; zaindua, mendiko herrien giroa dario; jaietan daude nonbait: zaldiko-maldiko ugari eta handi koloretsuak daude larrain batean.

 

Zoru handiko zapatadun asko ikusten da: txiki konplexua dute nonbait neskek. Arropa ere itsatsi itsatsita daramate, soineko zein prakak. Garai bateko ohiturekin hausketa egon da nonbait, arau moralak astindu beharra bizi du zenbait gaztek.

 

Fertod. Ze nolako iruzurra!, ziria sartu digu gutxienez gidaliburuak. Hungariako gaztelu handien eta ederrenetakotzat jotzen du, “Versalles txikia” deitzen omen zioten. Izan gehiago da jauregia gaztelua baino, handiz ere ez da beste mundukoa. Kanpotik ez da ezer: horma piloa leiho piloarekin, dorreak badu bere ezberdin ukitua, baia ez du ezer ederrik nabarmentzeko. Agian barrutik izanen da ederra: erdi hustua dago gaur egun, berrikuntza lanetan ari dira jo eta ke. Berrikuntza ostean eta parketxoa eginez agian dottore geratuko da, barrutik berriz ezarriko diote antzina zituen aberastasun eta edertasunak, erruz helduko zaio turista.

 

Ez zuela arrankatu nahi esan digu autoak Fertodeko geraldiaren ondoren: zorionez berrikuntza lanetako bi langile gaztek bultzaka lehenengo, ekarri duten kablez ondoren, jarri ahal izan dugu berriro lanean motorra. Gustura hartu dute eskupekoa inolako ezezko keinu edo itxurarik egin gabe. Gustura geratu gara gu ere, ez baitzen gozoa herritxo bakarti hartan autoa matxuratuta gelditzea.

Ondoren ez gara ausartu ere egin inon gelditzen, motorra nagi geldituko zaigun beldur: Soprongo garaje nagusiek ez dute lanik egiten larunbatez; azkenik aurkitu dugu lanean zegoen mekanikari gazte bat, baina hara non orain motorra beti bezain txukun jartzen zaigun abian: nola azaldu baina mutilari gertatu zaiguna. Arriskua geureganatu eta Sopronera egitea erabaki dugu.

 

Sopron. Zaharra, oraindik antzinakotasuna galdu gabe. Ez omen zuten bereganatu ahal izan ez mongolek ez turkoek. Bigarren Munduko Gerra ondoren hiriak eta inguruko 11 herritxok hungariar jarraitzea aukeratu zuten eta hala diraute: noiz ote euskaldunok erabakigarritasun hori, gerra bat behar ote da horretarako..

Ez da baina herri bihurria edo kiribildua: kaleak artez doazkio, bata bestearen pareko luzera zuzenean. Patxaran ibiltzeko herri atsegina, gogo biziz eta bero saparik gabe, nik ordea gorputzaldi astuna dut, bestalde matxura dela kausa eguerdi aldera heldu gara, ordu eta giro ezegokienean: baina hala ere erakargarria izan da bisita. Alde Zaharra txikia da. Hainbat eliza, bi sinagoga, patio sakon asko, fatxada eder, saltegi, armarri, zurezko ate, harrizko ateburu ugari; izurrite zutabe parea: barne plazakoa oso ederra da; harresi handiak berreskuratu nahian dabiltza, hiri barruan bertan.  Bada dorre berezi bat tontor batean, baita haize-errota ere, Gaztelakoen taxuko harrizkoa bere beso eta guzti. Merezi du bisita Sopronek.

Inguruan bada tximinia luzeko fabrikarik ere.

 

Poliki eta mantso dabiltza alemaniar igandezaleak, Alemanian bertan bizkorrak badira ere: agian nagusiak direlako hemen dabiltzan gehienak.

Atzerritar auto-bisitariz lepo daude saltoki aurreko aparkalekuak.

Odol gazteak ezinegona du berekin Hungarian ere, ezin eutsi aurreko tartean sartu gabe errepidean. Badira lan-furgonetak ere zulotxoz zulotxo aurrera egiteko eginahalean gidatzen dutenak, lana bukatzea amets edo.

 

Austriako mugetan, Austriakoak behar dute izan aurreko mendiak.

Gereziondo sail ikaragarriak: gereziak  biltzen ari dira.

Hilak daude herriak, ez da txirrindu bat bera ikusten, arimarik ere ez.

 

Csepreg. 5 ur-ponpa urdin!.

 

Tomord. Orduko 60ra mugatua dute autoentzako kale arteko abiadura: ezohizkoa!.

 

Hamabikote bat soldadu errepide bazterra miatzen kuarteletik gertu, zehatz miatu ere belar artea; mandoa gerizpean, eguzki galdan zebiltzan soldaduok. Tirokatu egin ote dute ba bertatik kuartela!. Hara non ba kuartela, hara non soldaduak.

 

182 kilometro. matxurak kilikatutakoak.

 

33 graduko hozberoa.

 

 

Ekainak 1a. Igandea.  41.a-H:25.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare – J. Garzia: “Zamaria, berriz,kexuz asperrik, / makalik doa, geldoene zamaz”. – “The beast that bears me, tiret with my woe, / plods dully on, to bear that weight in me”.   Hala doaz egunotan nire gorputz eta anima, trankazoaren baten pipiak jota.

 

Mugako lurraldea dugu azken ibilbidea. Bide motza gaurkoa. Nire sokak ere ez du eta asko gehiago luzatzerik.

Goiz-ordu honetan ez dira oraindik hasi etortzen austriarrak, baina hor dago zain kinkila dendateria.

Austriako muga-mugan gabiltza, muga bera ukitzen. Etxetxo pila mendi-muino luzean; urrutitik betiko tankerakoak dirudite, bertaratuz, bai herria osotara bai etxeak banaka, dotorexeagoak dira, zainduagoak, argiagoak: Austria hurbilaren eragina. Egituraz ere etxeok antz handiagoa dute Austriakoekin, estilizatuagoak, luzanzkagoak, teilatu gorrikoak denak, alaiagoak, dottoreagoak. Mugetako herriek kultura ere antzerakoagoa izan ohi dute.

 

Borzsok. Gona dotoretxoa soinean, zapia buruan eta poltsatxoa eskuan zintzilik, doaz emakume nagusiak elizara, ahalegintxoak eginda asteko giza gertakizun eta elkartze nagusira.

 

Bidaiako azkena izan daiteken zikoina, burdinazko borobiltxo gaineko habian.

Azken lautadak, bihar mendiartean izanen gara, kare-mendiz inguratuta.

Mahastiak, nahiz sail ez oso zabaletan.

Negurako su-egurra ebakitzen ari dira herri askotan, ebaki berria pilatuta oraindik, edo jadanik txukun tolestuta.

Gereziak saltzen dituzte errepide ertzean.

 

Eguerdiko 12ak eta 32 graduko hozberoa.

 

Koszeg. Zabala dager 14 mila biztanle besterik ez duen arren.  Herri koskortua izanik, baditu inguruan lauzpabost solairuko etxe sailak ere. Herri polita da, xarma du; nire gorputzaldia eta goizeko sapa egokienak ez diren arren, gustura ibili gatzaio. Bitxikeria bat du: hiru kaletan behintzat,  bata bestearengandik irtenago eginak daude etxeak, zerra egitura deitzen diote, erasoa zetorrenean, atzera egin beharra izanik ere, etxerik etxe kalea errazago gordetzeko asmatua. Parrokia aurreko plaza da esparrurik ederrena, bertan dago Hirutasunaren Zutabea, baina badira beste bi zutabe ere hirian, izurrite ugari izan zen nonbait hirian; plaza aurrean Errenazimenduko hiru fatxada xarmant-xarmantak; kaleetan irudiak, ateak, ateburuak, etxeak... ohi denez. Gaztelua, ehunka soldadu eta nekazari batzuk eutsi zieten 55 mila turkoei, hauek etsi zioten arte: zubia, hormak,  barruko plaza eta ostientzakoak geratzen zaizkio; jai eman diogu guk. Eliza, pagoda dirudi, erabat, osoki, marra eta marrazki lineal zuzenez pintatuta, deigarria da baina era berean ito egiten du; ordu oro dago meza, erruz doa jendea, eliza lepo dago, deboziozkoa, baina ez du abesten, ez du parterik hartzen, zutitu, belaunikatu esertzeko ez bada; kontsagrazio unean ze nolako txilin hotsa, dorreko kanpaiak ere jota hots; emakume nagusiak hemen ere poltsa eskutik zintzilika doaz elizara baina buruko zapirik gabe. Kanpandorre sendo bat bada kale artean, ez du elizarik inguruan baina mezatarako deitzen dute bere kanpaiek. Bi ur-ponpa urdin kaleartean: hauek iturri bihurtuta daude, bere zeregina betez. Erdigunetik at, nahiko kolorgetua dago dena.

 

Ugari dabil austriarra, eguerdirago eta ugariago.

Sarrerako kaleetan geriza eta loreak daude salgai, espaloi gainetan: salneurria jartzen du, norberak hartzen du behar duena eta ordaintzen dirua itsulapikoan sartuz, eta kitto.

Bi apaiz gaztetxo eta zahar bat eliza atarian, bere sotanatzarrekin: aspaldietako irudia.

 

50 kilometro, Hungariako azkenak.

 

4.793 kilometro, gehi biharko 15ak,  Hungarian egin ditugunak.

 

Musika ematen dute zuzenean igandetan, jatetxe xumeenetan ere, musika zaratatsu, bizi, italiarra, agian garai hori ezagutu ez zutelako sozialismoarekin. Dantza asko egiten du herriak, dantza arrunta, betiko “meneo” herrikoia. Zenbaitek kantuz ere parte hartzen du, baina builaka. Herri giroa.  Bederatziak aldera bukatu dira musika hotsok. Bihar lan eguna. Herriko jendea da hemen dabilena.

Hungariako lehen egunean, mugan, ikusi ahal izan nituen urteko lehen enarak; atzo eta gaur, Hungariako azken egunetan, ikusi ditut berriro hor goietan belartzan etzanda nengoela.

Katamixarra ibili zaigu, oso gertu, inguruan. Ze dottorea den. Badirudi naturak azken agurra eman nahi digula.

Amona mantagorri tamainako animaliatxo txikiak dabiltza kanpinean, piloka ibili ere. Amona mantagorri baino zapalagoak baina antzerakoak. Zulo handietan gordetzen dira, ez dakigu beraiek egindako zuloak diren ala sator zuloez baliatzen diren.

Tren hotsik ez dugu izan kanpin honetan.

Ez dugu Hungarian termometrorik aurkitu kaleetan edo botiketan, gureetan sarri aurkitzen den bezala. Hiri nagusi-nagusietako parkeko egurats neurtokietan bai bada horrelakorik.

 

Eta honenbestez bukatu zaigu Hungaria. Bagoaz bihar.

 

 

Oroitzapen nagusiak     

 

Lurraldea

Lautada, lautada, lautada... irudi eta oroitzapen hori izanen da batez ere Hungariatik eramango duguna, tarteka ubide eta erreten sakonak ur asko daramatela, muna garaia alboetan  uholde eta urak gainezka egitearen beldur.

Lurralde berdea, bertaratu ginen garaian, Ekainean berriz larutuz joan zaigu lurrazala. Lurralde laua gehienbat; padurari eta istingei lapurtutako lurrak dira Zapaldi Handiko eta Transdadubiako lursail asko: horregatik hain zapalak Holandan lez, horregatik ubide eta erreten sakonak urari lekua eman, drainatu eta lurrok erabilgarriak bihurtzeko. Eki Iparra da menditsua, bertan ere mendiak baxutoak dira, bostehun metro inguru  altuerakoak, mila metro alturako bat bera ere ez dago; basoa da mendi oro, pagadia batez ere. Lautadak bere lautasuna galtzen du tarteka, gora behera ugariz lurralde uhindua bilakatuz. Bi ibai nagusi ditu, Duna edo Danubio eta Tisza: biak zabalak, ederrak, ur askokoak, joan doazenak bere geldotasun itxuran; zama-ontzirik ez dabil bertan, eta inguruak ureztatzeko baliatzen dira beraiez. Laku eta istinga asko dago nonahi, eta badirudi garai batean lurralde osoa zela laku, istinga edo padura, drainatze bidez urari irabazitako lurra da zapaldi lurralde gehiena.

Eki aldeko pusta lurraldea aitatu behar, padura eta istinga, lastozko teilatudun etxe eta kortekin: lurralde bitxia, bai etxekeran, ohituretan... edo animalietan, bere lehengo bizimoldea erabat jadanik galdu duena.

Egurastia, klima: beroa gu egon garen bi hilabeteetan, Maiatz eta Ekainean. Hotza ere izanen da neguan, errepidea piko jartzean oholezko zein burdinazko sare laukiak daude tolesean pilatuta, izotza edo elurra denean errepidean jartzeko.

Bandera. Zuri-gorri-berdea da, baina inolako gurutzaketarik gabe, hiru koloreak jarraian neurri berdinean goitik beherako ilara edo sailean.

 

Gizartea.

Herri apala, xumea, bai jantzian, bai ibileran, portaeran..., kalean, saltokietan, dendetan nabari da. Baina ez da jende koipetsua, kanpotarrari edo turistari  ez dio ia begiratu ere egiten. Bere buruaz harro dagoen herria dirudi. Eskatuz gero, ematen ditu azalpenak edo argibideak, baina oso bere buruaren jabe, konplexurik gabe.

Azalera argikoak dira, ilehori asko dago; espero genuenaren kontra berriz ijito jiteko edo azalera beltzeko guti; zenbait herritan eta herri koskortuetako ertzeko auzo pobreetan bai ikusi ditugu beltzaranak, herri marjinatua dirudite hauek.

Pertsona nagusi asko dabil bizikletan, errepideetan ere, mandatuetara doana batez ere.

Herriko etxe, baserri edo kale baserri bakoitzak bere eraikuntzak ditu alboan, etxe ostean gehienetan, txabola edo zerbait antzerakoaren itxura dutenak, zeregin bakoitzerako txabola bat: oilategi, biltegi, ale-biltegi, tratu-leku..., eraikin multzoa osatzen dute.

 

Jubilatuak. Ez dago jubilatu talderik, ez jubilatu bakartirik, ez herrietako plazetan ez eliza-aurretan. Nagusiak, adinekoak badaude egon, baina zerbait egiten agiri dira beti, soroan, etxe-bueltako baratzean, bizikletan, oinezko ibilian kaleetan...

 

Janzkera. Minigona oso modan dago, erabil-erabilia da, beheko ertza oso goian dabil gainera;  gureetan baino askoz ugariagoa eta motzagoa da, praka motzak ere motz-motzak dira, ipurdi-masailak agerian uzten dituztenak; bainujantziak gehiago ezin motzagoak eta laburragoak dira, erretenak estali eta ezer guti gehiago;  badirudi sozialismo garaiko eta elizaren moral arauen ondorengo erantzun-jokabidea dela; iragan gizarte baten jokamoldeak hausten ari dira, bide berri batzuk urratzen hasiak dira gazteak. Praka zein soinekoak gorputzari erabat itsatsiak daramatzate, garai bateko arau moralak astindu nahian edo. Oinetakoak: zola lodi-lodiko oinetako beltzak ugariak dira nesken artean, txiki konplexua dute nonbait.

 

Ezkontzak:  Ezkontza pila ikus daiteke larunbatetan edonon, Debrecenekoa izugarria izan zen. Txanda egiten dute eliza guztietan. Autoak erabat dotoretzen dituzte, baita katxarro zahar eta furgonetak ere; ilaran doaz kaleetatik tutu hotsez biziki nabarmenduz.

 

Komertzioa. Badu Europakoen antzik, badira saltoki handiak, baina harrokeriarik gabekoak dira hauek, erraldoiak ere apalak, xumeak, bai langileen bai egituraketaren aldetik, herrikoagoak, puztukeriarik gabe, neska saltzaileak ere ez dira tipo itzelak dotore edo txukun-txukun uniformatuak.

 

Komunak. Gureetakoen ezberdinak dira, bai katilua bai ureztatzea: katiluek zapalgunea du erdian, zulo aurretik, non gelditzen den plastada osoa; urarentzat ez da biltegirik, zuzenean zabaltzen da tutu zabala, indar betean dator ura  eta komun-zuloa garbi dagoenean zeuk ixten duzu giltza.

 

Izozkia. Izozki saltoki pila dago; zapore anitzeko izozkiak daude, prezioz merkeak, erdi prezioan guretzako. Erruz jaten du jendeak, hainbat jende dago uneoro kalean izozkia mihiztatzen hiri nagusietan, herri txikienak ere badu bere izozki eskaintza. Carta d´or ezagunak saltoki-gune ugari ditu denean.

 

Buffé. Sarri agertzen den hitza: txosnatxoak dira.

 

Bidezainak: egonean edo traban gehienetan, hemen ere; lanean ez dute inolako segurtasun neurririk hartzen, kamioi eta makinek jartzen dute alboratzeko aholkatzen duen gezi urdina atzean eta han ariko dira lanean errepide erdian, hor konpon datorrena aurretik datorkion alderantzizko norabidekoarekin.

 

Hilerriak: itxiturarik gabekoak  dira, burdina-hariko hezia dute gehienez, ezer oztoporik ez balego lez, hormatzarrik gabe. Beldurrik ez baliote bezala heriotzari, gertu-gertu dituzte hilobiak, begi-begi bistan. Hilobi bakoitzak lorategitxoa dirudi sarri. Ikusi dugu hilobi berezirik ere, zurezko taket landuak zituela hilarrien ordez. Denetik dago egon, gureetako dotorea ere, baita zirrara sartzen duen hilerri xume-xumea mendi magal batetan.

Zenbait herrik bi hilerri ditu, hiru ere: katolikoena eta kalbinistena direla uste dugu. Izan da inolako gurutzerik eta erlijio ikurrik ez zuen hilerri bat ere: agian zibilez ehortziena. Heriotzan edo heriotza ondoren ere jainkoak eta fedeak banatu egiten ditu pertsonak, bi zeru eta bi infernu ote ba?. Nork esan zuen heriotzak pertsona oro berdintzen duela!.

 

Polizia. Polizia guti ikusi dugu: Behin, Pápan, gazte bat atera zuten furgonetatik eta udaletxera eraman, kale-kalean, kalea zeharkatuz; eskuak lotuak zituen gazteak eta txakur batek pare bat metro luzerako larruzko uhal batez gordeta eraman zuten.

 

Anbulantzia asko dabil errepidetan, baina adar-hots eta ulu urduririk gabe. Agian ez dago anbulatoriorik herrietan eta gaixoak herri nagusietara eramaten dituzte.

 

Dendateria ere xumea da, salgaietako zein dendetako itxuraketa eta apainduran, ahalegintxoak egiten badituzte ere itxura ontzen.

 

Museoak: herri txiki askok ere badu berea, koskortuek berriz denek, herri handiek pila; herriko historia kontatzen dute, edo/eta herriko aurkikuntza etnografiko arkeologiko eta antzerakoak erakutsi eta azaltzen dituzte.

 

Hizkuntza.

Ez omen latinoa, baina italiar doinuaren antz handia hartzen diogu; CS, SZ, Y... bertako letra propioa dute, gure bustiak edo ts eta parekoan antzera, azentuera ezberdina da, eta ezberdina dela igartzen zaie... nabaria da ahoskera ezberdin berea dutela, hainbat hots ezberdin bitxi ere; idatzitakoa ahoskatzean jabetzen gara batez ere.

Zenbait herri eta herrialdetan bi hizkuntzatan ageri dira herri izenak behintzat, agian beste zenbait iragarpen ere bai: gidaliburuak dioenez mugaldetako herrietan gertatzen da hori, mugaz handik  gutxiengo emigrante talde nahiko hazia dagoenean; baita ijitoak ugariak diren zenbait herri eta hiritan ere; tokian tokiko gutxiengo horietako bakoitzaren hizkuntza da  bigarren hori.

Turista-gune bereziren batean ez bada  ez da inolako iragarki, aholku, adierazpen edo azalpenik hungariera ez den beste hizkuntza batean; hungariera erabiltzen da ia soilik, museoetan ere.

 

Hezkuntza

Herri koskortu orotan ikus daitezke dendaren bateko erakusleihoan  ikasketa bukaerako koadroak, ikasturte eta ikasgai berdineko ikasle guztien argazkiekin, sarri ikasketa gaiarekin lotzen duen ezaugarriren bat jarriz: horrela jakin izan dugu arkitektoak, farmazeutikoak… direla: izan zen koadro bat non neskak ziren denak eta denek marinelen lepoko zapi karratu urdinarekin agertzen ziren:  ze ikasketa lotu daiteke lur barruan itsasoarekin?.

Egunero, edozein herritan, herri txikienean ere, eskolaume koadrila dabil, gela berdinekoak gehienetan, bere irakaslearekin, ilaran kalean zehar. Eskolaz kanpoko ekintza asko burutzen da nonbait.

Asko dira ikasturte bukaerako txangoan dabiltzan ikasleak, ikastetxe osoa askotan,  baina talde bakoitza bere irakaslearekin. Kanpinetan daude asko. Bihurriak eta zaratatsuak, egonezinean ohi denez. Polita da gogoratzea ume ezberdinen jokamoldea eta portaera, bakoitzaren izaeraren arabera, baita irakasleen jokabide ezberdinak ere: errepikatu egiten dira giza konstanteak.

 

Herriak

Budapest zerbait ezberdina da, beste mundu bat.

 

Hiri zein herri koskortuetako erdiguneko kaleak bizi-biziak dira, jende asko dabil bertatik edo jende asko dago bertan, erosketan batzuk, kontu-kontari besteak.  Gazte jendea da batez ere dabilena edo dagoena. Inurritegia dirudite sarri kaleok astegunez, igande eta larunbat arratsaldez berriz mortuak dira.

Zenbait herri txukunagoak dira, zainduagoak... baina ez dirudi diruaren arabera dagoenik txukuntasun hori. Bada lagia den herririk ere.

Badirudi etxe bakoitza arduratzen dela bere etxaurreko garbitasun eta txukuntasunaz, ikusi dugu hainbat jende etxaurreko kale-errepide bazterrean lora sartzen edo inguruaren kargu hartzen.

Herri gehienek dute bide-gorria oinezko zein txirrinduentzat, errepidetik albo, etxaurretatik zehar. Hainbat bide-gorri dago herritik herrira ere.

Iparraldean jabetu gara, beraz ez dakigu hegoan dagoenik: etxaurretan, bospasei etxetarako, ura ateratzeko ponpa urdinak daude: nabaria da ur-tuteria sare zabala eraiki zela etxeetara ura hurbiltzeko, izugarrizko aurrerapena seguru aski. Ugariak dira ponpok zenbait herritan, zenbaitzuetan bakarra, izan zela testigu, ezaugarri, iraun duen bakarra.

Herrietan ez dago abiadura mugarik, ezta errepideak herria zeharkatzen duenean ere, agian berenez lasi eta kontuz gidatzen dutelako hungariarrek, ez dago ere, Eslovenian bezala, inolako oztoporik astiroago joanarazteko. Zenbait herritan gauez mantso joateko agindua aurkitu dugu, gauerako abiadura-muga, orduko 40koa.

 

Gazteluak.  Asko dira, ohi denez. Borrokan egon da beti herri hau ere: ohi denez. Erromatarrak, barbaroak... ezkerreko barbaroak 2. Mundu Gerran eta ostean... Lautadan ere badira gazteluak, baina Iparrekoak dira ezagunenak. Museo dira gaur egun zut iraun dutenak.

 

Upategiak. Agian gorde-zuloak dira. Mahastia dagoen anitz lekutan ikusi ahal izan ditugu, lurpekoak, tontor, konkor edo bizkar luzea ateratzen zaio lurrari azaletik gora, borobil tankeran; arnasbidea dute, baita atea ere zut lurrazalean: pikoa behar du beherakoa. Diotenez kilometrotako zuloak dira lurpeotan.

 

Ur-biltegiak. Herri gehienek dute ur-biltegi garaia, bola zuria tantai garai baten gainean, urrutitik ikus daiteke zuhaitz artean gehienetan teilaturik, sarri kanpandorrerik ere,  ikusten ez bada ere.

 

Maiatza. Hegoaldean aurkitu genuelakoan gaude, mugatik gertu, baina ez gaude ziur. Agian Esloveniakoarekin nahasten zaigu oroipen hau.

 

Erlijioa.

Mezak: Elizak beteta daude meza orduetan, jendeari garai bateko errespetua ezagutzen zaio mezatan, nabaria-nabaria da meza-entzuleen portaeraren ezberdintasuna elizako egokeran eta portaeran, azalgaitza baina agerikoa elizan meza orduna sentitzen den giroa. Txilin hotsak, korupekoak ere belaunikatzea kontsagrazio garaian... errito zenbait oraindik diraute....

 

Jaunartzeak:  Igande batez tokatu zitzaigun jaunartze giroa bizitzea: neskak zuriz jantziak, mutilak traje berdexka edo gris-berdexka batez, erabat nabarmentzen dira neska mutilak; bazirudien ez dela oraindik bazkaririk edo lagunarte-familiarteko bazkaririk egiten; gurasoak semeekin geratu ziren eguerdian, bakar-bakarrik.

 

Elizak.  Bi eliza dago ia herri orotan, Iparrean behintzat, kalbinistenak eta katolikoenak direla uste dugu, baina ez diegu antzik ematen zein den zein, agian Amabirjinarik gabeko Kristoak dituztenak dira kalbinisten elizak; barrutik berriz nabarmena da berezitasuna, protestanteek edo erreformatuek pulpitua dute elizako ardatz, katolikoek berriz aldarea; eliza protestanteek ez dute santu-irudirik, katolikoek aldiz ugari; eliza katoliko bakoitzak du bere berezitasuna, bere osagai berezi edo aldagaia, baina badira zenbait gai komunean: ganga denak freskoz dotoretuta daude; bankuteria erabat sendoa da, landua eliza askotan; pulpituak handiak dira, non sarri ageri den fraide edo apaizaren besotzarra gurutzea eskuan duela pulpitu barrenetik ateratzen dela. Zutoihalak: handiak; txikiak badira ere hiruk eramateko hiru makilez gertatuak daude.

 

Kanpandorreak: luzeak eta zorrotzak, bada xumerik ere. Urrutitik ikusten dira zuhaitz artean ur-biltegi bola zuriarekin batera.

 

Gurutzeak: Gurutze asko dago herrietan, herri bakoitzak du gutxienez bat, sarreran zein herri erdian edo plazan, harrizkoak dira, garbi-garbiak daude, eta Jesukristok Amabirjina du oinen behe aldean. Iparrekoak gurutze berri-berriak dira: badirudi sozialismo ondoren egin zituztela, edo Estepinakek gurutze eraikitzearen bidez egin zuela gobernuaren aurka, egon zela lehia bizia elizaren eta gobernuaren artean gurutzeen bidez ere nabarmendu zena.

 

Kanpinak.

Berdegune edo parke ederrak dira, bertan dena da txori-kantu, belar guri zaindua eta zuhaitza. Kanpinek ohi duten osagai oro dute, baina sarri hondatuxeak daude, kolorgetuak, nabari zaie ederrak izan zirela berritan.

Kanpin orok ditu etxola mordo bat, alokatzeko prestatuak; nahiko merkeak dira, gureetan baino merkeagoak. Ez dago garbigailurik.

Agian goizegi gabiltza, Ekainaren hasieran prestaketa eta txukuntze lanetan dabiltza oraindik, hemen beranduago hasten da udako oporraldia.

Ia ez dago kanpinean etxatoia urte osorako edo epe luzarorako finko jarrita duen hungariarrik. Aldiz, jendea erruz dator etxolak alokatu eta asteburua bertan egitera, bikoteak batez ere. Ikaslea ere sarri aurkitu dugu kanpinetan, gau batera edo birako  etorriak, txabola dutela ostatu hotelaren ordez. Atzerritarretatik alemaniarra dabil batez ere, baita holandarra ere, baina gutxiago.

 

Komunikabideak:

Gasolina, garestia da.

 

Errepideak:

Lurralde laua, zapala, izanik, ez dira artezak errepideak, agian ura drainatze lanek ezartzen dute nondik norakoa, edo istinga inguruko lur garaiagoetatik, lur lehorrenetik egin ziren eta egin dira errepideak.

Zuhurrak dira gidatzen, kontuz dabiltza, abiadura zentzuduna gordez, aurreratzeetan tentuz ibiliz... betiko harroputz urduririk ere badagoen arren batez ere auto handidun ondo-bizi itxurakoen artean. Ez diote oraindik beldurrik galdu errepideari, ez dira oraindik jarri auto berrietara, agian auto zaharrekin astiro berez edo nahitaez ibili beharrezko ohitura ez dute oraindik galdu.

Errepide  sarea ona da, baina zorua hondatua dago, gurpilek erreten leuna sakondu dute, tarteka adabakiak daude, bestetan berriz erabat hondatua dago zorua. Trailer eta kamioi handi guti dabil, dabilena bertako petoa, bi zatikakoak, atzeko erdia atoian daramatenak; errepide lanetan bada hemen ere gutako kamioirik, badirudi errepide lanetarako kolore ofiziala dela edo amerikar etxeren bat bere kamioa inposatzen ari dela hemen ere.

Sakona eta zabala da errepide ororen alboko erretena: ur asko dago eta drainatu egin behar da edo euri asko egiten du; herrietan etxe bakoitzak du zubitxo edo pasabidea erreten gainetik.

Errepide ertzean zuhaitzak daude, errepideoi etorbide jitea emanez. Mota orotako zuhaitzak dira, makalak, urkiak, ... kilometro luzeetako intxaurrondoa egin zitzaigun agian deigarriena.

Errepide nagusiak argi eta egoki iragarrita daude, zenbakiz eta izenez. Herri barruan izaten ditugu arazoak eta eragozpenak herritxoetarako herri-bideak bilatzeko, errepide nagusiko bidegurutzera arte ez baitute herritxoetara biderik aitatzen.

Autobideak. Ordaindu beharrekoak dira, Europa mendebalean lez. Baina badira 2 autopista, M1 eta M5, non txartel bat hartzen den, autoaren haizetakoan itsasten da eta ez duzu ordaindu beharrik autopista 9 egunetan; nahiko merkea da ordain-kopurua, sarreran iragartzen dute txartela behar dela, “matrika-vignette”, bi hizkuntzatan; Budapestera irteeran soilik izan genuen kontrola, txartela sartu behar izan genuen makinan, bestela ez da inolako kontrolik, irteeran iragartzen dute kontrola, baina polizia bakarra ikusi genuen, behin, bakarren batzuei txartela eskatzen. Hesi-sareko hesolak egurrezko taket sendoak dira: entresaka osoak egin behar izan dituzte basoetan. Estatuaren autobide merkeok nahiko zerbitzugune dute, zerbitzu denak ez badaude ere denetan;  orokorrean denetik dago zerbitzuguneotan, egonlekuak, telefonoa, komunak... Ordaindu beharreko autobidetan berriz gasolindegiak dira zerbitzugune, inolako apartekotasunik gabeko arruntak.

 

Trenbidea: errepide ororen paralelo doa, errepide ororen alboan aurkitu dugu ferrokarrila: badirudi ferrokarrilez egiten dela oraindik garraioa, Ekialdeko herrietan ohi zenez.

Trenbide-gurutzeetan ez dago langarik, bakarren bat ikusi badugu ere; semaforoa da soilik galarazteko agindua edo ñirñir-kako argi larua arreta eskatuz, noizbehinka oztoporen bat errepideko zoruan trenbiderako zati hurbilean abiadura motelarazteko, baina oso gutitan aurkitzen da hori. Zer ote diote estatistikek istripuei buruz?.

 

Tranbia: hiri orok du tranbia.

 

Auto zahar asko dago, batez ere herrietan eta herri inguruetan, baina baita hiri handietako kaleetan ere; gazte askok darama sozialismo garaiko autoa, zaharra eta zaharkitua jada gehienetan. Auto berria ere ugaria da; mendebaleko marka ezagunen tailer eta garajeak nonahi daude, batez ere hiri handietako inguruan edo sarreran.

Oso lasaiak eta zentzudunak dira gidaketan, ez daramate abiadura bizkorrik, eta kontuz egiten dituzte aurreratze eta gainerako eragiketak.

Argia beti piztuta eraman behar da, baina gidariek ez digute aditzera ematen despitatuoi, Eslovenian bezala.

 

Nekazaritza

Herri nekazaria, lurralde osoa da lur landua.

Fruta-arbolak: pila dago  herri guztietan, etxaurretan, etxe-bueltako esparruan zein kalean bertan: gereziondoak, sagarrondoak, intxaurrondoak, madariondoa... urritxa da guti ikusi dugun fruta-arbola. Etxerako behintzat egiten dute: seguru aski beste ekonomia eta beste aldi batzuetako oroigarriak edo hondarrak, estruktura egitura ezberdineko hondarrak eta jarraipena.

Nekazari asko ateratzen da errepidera, saltoki eta denda aurrera ere, baita herriko azokara ere, geriza saltzaile, etxeko ustari irtenbide bat atera asmoz.

Barazki mota oro dago salgai herri koskorretako azoketan, nekazari xume peto-petoak dira saltzaileak, emakume nagusiak gehien bat: Eibarko azokako emakume baserritarrak ditugu gogoan.

Gurdiak. Lau gurpileko aspaldiko gurditxoak oso erabiliak dira oraindik, Hungariako ikurrak ere badira ia: jatetxe, saltoki, etxe dotore eta antzerako lekuetan erabiltzen dituzte apaingarri gisa; egin berriak dira agian, baina oso polito egiten dute, dotoregarriak dira, girotu egiten dute ingurua.

Artajorra: aspaldietan ikusi gabe nuen: banaka, binaka, edo familia osoa edonon ikus daiteke oraindik artajorran, eskuz aitzurtxoarekin, ilaraz ilara eguzki galdan; zirrara sartzen du tarteka pertsona bakarrak, txindurria irudi, arto-sail izugarri zabalaren erdian. Bakarrak zein bikoteak, nagusiak dira gehienetan, koadrila denean, bada gazterik ere.

Garia eta artoa dira uzta nagusiak, galsoro eta arto-sail  izugarri zabalak. Intxusa ikusten da asko, errepide bazterretan zein soro erdian argindar tantaien ipurdia loratuz. Mahastia, ugaria da, harro dago hungariarra bere ardoez: bertako ardoen eskaintza ugaria da dendetan; muino malda genienetan dago mahatsondoa, zenbait lurraldetan malda oro da mahasti, eguteran beti, malda erditik behera barreneraino. Ekilorea, ugaria da, baita zer den ez dakigun lore moredun mastra berdea ere, izugarrizko sail more-moreak osatuz. Bada ere mitxoletaren antzeko tarteka more ukitua duen lore zuria, zotz luze baten buru dena; lora bilakatu aurretik tipularen antzeko burua du; asko dago bai sail erraldoietan bai etxe inguruko sail txikietan ere, zerbait pentsurako, animalien jangarriren bat, izan behar duelakoan gaude.

Segak: bat bakarra ikusi dugu gureetako bi heldulekudun antzerakoa: kirten luzea dute hemengoek, heldulekua berriz kirten erdian soilik; sega bera gureetakoa baino txikiagoa da, motzagoa eta estuagoa; sega-potea animaliren baten adar egokitua, fraideari ikusi geniona behintzat.

 

Xehetasunak.

Hilerako laka, pilak, argazki karreteak, ... garestiak daude edo turistoi ziria sartzen digute. Zaila da yougur gaingabetua aurkitzea, ia ez dago, gehienez marka bakarren batek egiten du.

Alkoholik gabeko garagardoa bila daiteke dendetan, eta gustu onekoa da.

Ikusten da, baina ez asko, sakelako telefonoa: laster hasiko dira hemen ere miruak lez konpainia handiak merkatuaz jabetu nahiz, eta politiko alderdiren batek gizenduko du poltsa.

Ejerzitoa: ez dugu ejertzitoaren presentziarik nabaritu, ezta kuartelik ikusi ere, mugako Sopronekoa ezik, ezta soldadurik ere, fardelarekin etxera edo etxetik zihoan bakarren bat ezik.

Europa Mendebaleko ezaugarri guti dago, Mc Donaldl eta auto marka ezagunen saletxe eta tailerrak ezik.

Zikoina. Pila, edozein herrialdetan. Zenbait herritan burdina-harizko xafla borobila jarri diote argindar tantai puntan: bertan egiten dute habia, herriko errepidea den kale nagusian gehienetan, tximiniaren batetan ere ageri da bakarren bat. Padura eta istinga inguruetan nabarmentzen dira gehien, baina badirudi herri bakoitzak egiten diela habigintzarako delako borobila, badira herriak borobil mordoxka jarri dietenak. Borobil orok du bere habia eta habi gehienetan ageri da zikoina.

Botikak. Oso apainak dira farmaziak, bitxiak, gainera, asko.

Ardoa. Harro daude hungariarrak beraien ardoaz. Sekulako mahasti sailak dituzte, mendi-muino malda gehienak iramahasti, beti eguteran. Denda eta saltokietan bertako ardoa saltzen da batez ere, gureetan nafarra, Gaztelakoa edo Errioxakoa bezala. Salneurri guztietako ardoak daude, gureetan bezala. Zapore oneko ardoa da.

Janaria. Ezer guti esan genezake. Haragia da batez ere eskaintzen dena jatetxeetan, bertako ibaiko arraina ere presente dago menuetan. Esperientzia txarra dugu jatetxeei buruz, hizkuntza arazoa medio, zerbitzariak nahi duena jan izan dugu azkenik, eta ez beti gustura: hobe dugu ahoa gozatzekoa Euskal Herrirako uztea eta bidaian etxetik ekarritako gure betiko janariaz elikatzea.

Egunkariak. Ez dugu Espainiako egunkari bat bera ere aurkitu Hungaria osoan, ezta Budapesten bertan ere. Ez dabil Espainiarrik hemendik nonbait.

Hegazkinak. Ez dugu ikusi hegazkinik Hungarian azken egunotan kanpinean zeru urdinera so jarri naizen arte. Ez dugu aireporturik ere ikusi, ezta iragarrita ere, Budapestekoa ezik. Planeagailu eta antzerakoak ikusi genituen behin belartza zen lautada zabal batetan.

 

Hungariakoak egin du.

BIDAIAK 2000 - HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/02/21 07:45
BUDAPEST: Buda, IPARRALDEA: Esztergom, Szentendre, TRANSDANUBIA:Velence lakua, Szenkesfehervar, BUDAPEST: Pest

Ekainaren 2a. Ostirala.  32.a-H:16.a

 

“Soneto hautatuak”.  Willian Shakespeare – J.Garzia:

* “Liliek, lurrin- irazirik, neguz, / izatez diraute, begitik galduz. – But flowers distilled, through they with winter meet, / leese but their show; their substance still lives sweet”. Gure izate leunak iraun beza, edonon.

 

Lurrera eroritako geriza aleak bazkatzen dituzte zozoek gosaritan Atzoko eguzkiak heldu-heldu egin eta gaueko freskurak eraitsi dituen aleak: naturak egin die aukeraketa; egunez beraiek egin behar dute zuhaitzean bertan.

 

Budapest

Danubio ibaiak banatzen dituen bi zati erabat ezberdin ditu Budapest hiriak, dena da mendia Iparrerakoa, ibaitik bertatik hasita; Hegorakoan, berriz, lautada hasten da. Ibaiaren alde bietan dago kokatua hiria, Buda da Iparraldeko zatia, mendi-muinoan kokatua, zaharrena; Pest, berriz, Hegoaldekoa, lautadakoa. Ibaiak banatuak eta zubiek elkartutako bi erdi.

 

Buda dugu gaur ibilgune; ibaiaren beste aldean ikusiko dugu goitik Pest bere zabaltasun oparoan.

Lau ordu luze autobusez eta hiru eta erdi oinez egin ditugu gaur. 3 autobus ezberdin behar ditugu ibai kontrako erdiguneraino. Gaizki ulertze batek Budako bestalderaino eraman baikaitu. Atzo egin genuen ibilbide bera izan da autobusez egin duguna, atzokoa gure kasa atoia eramanaz norabidea nondik ote begiluze, gaur berriz autobusez bazterrei begiluze ere, baina ikusmira lasaiagoan

Budako beheko zatiak atzoko sentipen bera sortarazi digu: hiritzarra, izugarri luze zabala, iluna, zikin plantako etxe zatarrez osatua. Jende pila, auto pila, autobus pila, tranbia pila. Parke pila ditu ere, zuhaitz ugari kaleetan, etxe ederrak baina kolorgetuak  tarteka, herritxoa dirudien auzoa hiri barruan: etxetzarren artean etxetxo bakoitza bera, bakan lur zati batez inguratua.

Duna edo Danubio Ibaia  uste nuen baino estuagoa gertatu zait bere zabalera oparoan ere; ura, zikin plantakoa; turista garraio-ontziak dabiltza harat-honat; pare bat gabarra luze elkarri lotuak joan zaizkigu mantso baina irmo ibaian gora. 6 zubitzar ditu gutxienez, ez luzeak soilik, zabalak eta ederrak ere, sendo plantakoak, burdinazko argi pintatuak zein harrizko lehoi buruhandidunak.

 

Buda.

Mendi-muinoa. Buda zaharra, hiriko alde bisitatuena: ikusgarria, kriston etxeak dira beti aberatsen etxeak. Nola bizi ziren erregeak, aberatsak eta elizgizonak!!!. Horien bizimoldea defendatzeko eman zuten bizia milaka eta milaka herritar pobreek, edo zergak ordaindu ahal izateko lan egin behar izan zuen milioika nekazari gosetik. Ibai gainean dago, bertan daude kokatuta Budapesteko altxor nagusiak.

Erret Jauregia: sekulakoa egituraz, tamainaz eta kokagunez, errege jauregi orok ohi duenez. 3 museo gordetzen ditu bere baitan gaur egun. Matiasen eliza: gotiko zizelatu ikusgarria, koloretako teilatu bizi-bizi distiratsu eta 80 metro goierako kanpandorre erakarriez deigarria kanpotik; kolore argiz pintatuta barrutik, bandera eta guzti: erabat osoki pintatua, ez dago orratz bat bera sartzeko garbigunerik ere, ezta begia non kokatuko patxadako tarterik ere, hainbeste zertzelada baitago horman harra bete bakoitzetik begiei deika, dena kolore eta gauza: ekarpen magiar aberatsena omen da barneko pintura, bitxia eta bizia bada behintzat.

Abesbatza bat zebilen bisitari Matiasen elizan, abestu egiten zuten han hemengo eliz zokoan, goxo eta ongi, halako giro bitxia sortuz eta txaloak jasoz.

Merkatua dirudi elizak, turistaz lepo, han ez dago ez errezorik ez errezo girorik, dena da jendea, mugimendua, ibilia, eta berbotsa. Veneziako S.Markos, Paduako S, Antonio edo Asisko Frantzisko elizetan antzera.

Ingurumaria: joan eta ikusi, ibili kale-sarean, edozeinetan, denetan hobe, ez du bat bera ere galtzekorik eta; autobusetan datozen turista presatiek eliza eta jauregia ikusita alde egiten dute, ez da kaleotara uholdeka datorren turistarik,  eraikin famatuen ingurua bisitariz gainezka badago ere; ia bakardadean eginen duzu kalearteko ibilia, norbere kontura dabilen bakar batzuen konpainian soilik; tarteka piano-jole bat tokatzen bazaizu, gaur bezala, bere etxeko piano-ekitaldiko soinuaz kalea beteaz, are erromantikoagoa da ibilia; etxe ederrak, denek dute zerbait begiratzeko, atea ez bada leihoa, irudi zizelatu, zur tailatu, forma, egitura edo kolore deigarriren bat, handia nahiz txikia dela etxea; luzatu ere patioetara begiak,  ez ahaztu burdineria; katedral inguruan bertan ere bada taxuz pilatutako harri ederrik, ibai gainerantz balkoi korritu aparta, non ikuspegia ere ordaindu egin behar den; harresiaren luzeran, Iparraldera, azkenen kalea litzakeenean, bada ibil-leku bat, ez du ezer apartekorik baina bai ikuspegi zabala, dena mendi-muino arbola artean gordetako etxetxoz beteta.

 

Goitik ibai osoa dager bere zubi eta ontziekin; ibaiaren beste aldean Pest izugarri zabala, laua, ehun eta bi eliza-dorre: Parlamentuarena, Sait Etienne basilikarena, Unibertsitatearena, Udaletxearena... nabarmentzen direlarik. Kale zabal eta artezeko kaledi erraldoia beste egun baterako egun-pasa.

 

Erruz dabil jendea, uholdeka, autobuskadaka, batez ere eliza bueltan: hortik kanpo bakea eta lasaitasuna.

Musika-joleak ere badira, kale musikariak, ez asko, halako xarma eta giroa emanez inguruari.

Denda pila, kinkila-denda zein dendateria aberatsa, batez ere katedral inguruko bebarru edo behe solairukoak. Ugariak dira kafetegi eta jatetxeak ere.

Eskolaume piloa, nola ez, ilaran eta zaratatsu, edonon.

Ez dago self-servicerik, ezta ogitarteko bejetariano bat jateko aukerarik. Izozki aukera pila ordea bai, izozki jalea ere ugari.

Erruz entzun dugu gaztelera, jende heldua, autobuskadaren bat etorri da nonbait.

Prahako mendi-muinoa  gogorazten dit Budakoak: biak daude ibai zabal baten eskuinean, biak gaintxoan, biak dira herritxo xarmantak, biak liluragarriak, biak altxorrez beteak. Hortik at biak dira bakoitza bera, bertaratzeko zubiek ez dute inolako antzik: Prahan lotu egiten ditu alde biak zubiak, Budapesten berriz banatu.

 

Autobuseko ustekabeko ibiliak Obuda auzoa atzo baino patxada lasaiagoz ikusteko parada eman digu, atzo sarreran zeharkatu genuen auzo bera gure atoia garraioan, baina ez genekien zer zen eta antzik ere ez genion eman. Lehenengo Buda izan omen zen, Budaren lehen erdigunea, gaur egun ia ertz batean badago ere. Etxetzar zatar piloa besterik ez da, zaila da bertan aspaldiko garaietako aztarrenik aurkitzea. Erromatarren anfiteatroa delakoari oinarriak besterik ez zaizkio geratzen, hondakin ezereztxo batzuk besterik ez da. Bada etxe-horma bat ere, auskalo zeren hondakina.

 

Margarita irla: Danubio ibai erdian sortzen da, berdegune luze ederra, gogokoa du jendeak paseatzera joatea bertara.

 

0 kilometro, autobusekoak eta oinezkoak soilik izan dira gaurkoak.

Ez digu huts egin tren-hotsak kanpin honetan ere, hemen tutu-hots eta guzti gainera: ez du huts egiten tutu-hotsak, trenbide-gurutzeren bat da nonbait hor bertan.

Belartza zabala, nahi haina gereziondo eta geriza dago baina izugarrizko lehia dute zozoek elkarri tokia, zizarea edo gerezi alea tematuz. Zizare luze potoloa mokoan zintzilik zeharkatu du airea zozo batek beste zozo bat jarraiki zuela.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia:

* “Denboraren kate etengaitzaren mailak hildakoez eginaz dira, itxaropen zoro eta agindu berdin zoroez”. Euskal Herriko historiaren kate-begiak ere. Hungariakoak ere bezala. Nahitaez.

 

 

Ekainaren 3a. Larunbata.  33.a-H:17.a

 

“Soneto hautatuak”. Willian Shakespeare- J Garzia:

*  “Ikusirik zuhaitz harroak biluz, / ... / belar berde zena, uztaren orduz, / zerraldo gainean, lizar – hits dorpe”. “When lofty trees I see barren of leaves / ... / and summer´s green all girded up in sheaves, / borne on the bier with white and bristly beard”.  Lurralde hauek erabat eraldatuta izanen dira, herrialde ezberdin bat izanen da, beste lurralde bat ikusiko dute udazkeneko begiek.

 

Ez erruz, baina badabiltza holandarrak, zozoak bezala Europa osoan barreiatua.

 

IPARRALDEA

 

Danubioaren bihurgunera izanen da gaurko ibilia.

Herri-bidez herri-bide, herritxoz herritxo. Ez digu ezer berririk eskaini bidaiak, bisitatu herritxoak ezik. Berehala sartu gara Iparrera mendi-muino artean; mendixka leunak dira, errepideak tarteka gora egiten duelarik, ondoren lautadan jarraitzeko. Berdeguneko gidatze atsegina.

Belar-fardo borobil pila dago esparru itxi batean, hainbat eta hainbat pilo erraldoietan tolestuta, agerikoa da biltoki berezi bat dela. Belar zaharra da, hondatu samarra; erabat utzia dirudi. Ez ote ekonomiak, nekazaritzak komunetan antolatuta zegoen garaietakoa, egoera politikoa aldatsean bere horretan gelditu zena inorena ez eta hondatuta, hainbeste nekazarien uzta, sistema ekonomikoaren despilfarroa.

 

Zsambek. Eliza, harrizko handia da, baina eroria dago, ez dirudi hormez gain ezer gehiago geratzen zaionik: altuera batean kokatua, gaztelu baten hondakinen zantzua du.

 

Dorog. Asko zabaltzen da bailara, industria-gunea dela dirudi, tximinia luze asko dager han-hemenka barreiatuta.

 

Esztergom. Oso herri zabala: errege egoitza izana aspaldiko garaietan, erdigune polita du, zaindua, ederra ere bai, etxe ederrak erakutsiz, udaletxe aurreko plaza ere atsegina da, izurritearen zutabe dotorea gordetzen du, zenbait kale ere bertan ibiltzeko atseginak... hortik gainerakoa herri-herria da, xumea, pobrea ere bai, hondatuxea, baina etxe segidako herria da izan, ez etxe banakakoa; badu oinezkoen kalea, luzea, baino nahiko tristea; dendateriaren ordez baserritarrek salmahaiak jartzen dituzte bertan, merkatu edo azokagune bihurtuz. Berrikuntza lanetan dago herri osoa. Sarrerako auzoa, xume eta kaskarra, hondatutxea: herri pobrea, xehea, motzaile jitekoa,  ageri zen bertako biztanlea.

Gaztelua du tontortxo batean, berritzen ari dira. Basilika: gaztelu barruko esparru zabalean kokatua, herriko altxorra da: erruz doakio bisitaria, autobusez, autoz...  etengabeko jende zaparrada, taldeka zein bakarka, dena da jendea kanpoan zein barruan; ingurua dena da lourdes, dendateria eta mota guztietako salmahaiak, kinkila-dendak gehienak; Hungariako eliza-eraikuntza handiena, harrigarri handia da eliza bera, dena da handia han: 118 metro luzeran, 71 metro altueran, 21 metroko diametroa du kupula; txindurriak dirudite gizakiek arkupeetan, ipotxak kupula inguratuzko balkoi korrituan diren gazteak; barruan dena da ere handia, marmol zuriko santu-irudiak, koadroak, pinturak... presbiterioa bera soilik da zenbait eliza baino handiagoa. Mezetan dauden arren talde osoak dabiltza bisitan bere gida buru dutela, agian presbiteriokoak ez dira jabetu ere egiten beheko mugimenduarekin, hain da handia eta hain urruti gelditzen dira presbiterioko aldare eta aulkiteria. Neurririk gabeko handia, baina ederra ere bai. Jozsef Mindszenty dago hobiratua kripta, nola ez, erraldoian,  elizgizon ospetsuen artean, izugarrizko santu-irudi, erraldoi-erraldoiek bilduta: fedea defendatzeko ala pribilegioak ez galtzeko borrokatzen ote zen komunisten aurka?. Pribilegioak eta fedea bat dira hainbat eliza-bururentzat. Handikiekin, handikientzako kristoren hobi-gunean: printzea izan zen, botereduna, ahaltsua, fedea ez zen borrokaren gakoa, boterearen printzak ziren defendatu beharrekoak.

Danubio ibaia doakio gaztelu-elizari oinetan, zabal, eder, indartsu. Ibaiaren beste aldea Eslovakia da, gertu, hantxe bertan, ibaiaren luzera osoan: Eslovakia lurraldean, barnerago, hiriak eta lantegi erraldoi edo argi-zentrala. Bazen zubi bat ere, baina erdiko bi pilareak eta bi alboetakoak besterik ez zaizkio geratzen: nazioa bien arteko harremanak errazteko gogorik edo dirurik ez da nonbait.

Merezi du geratzea batez ere eliza ikusteko, Eslovakia hain gertu sentitzeko, baita barne gunetik ibilitxoa egiteko ere.

 

Apaiz bat ikusi dugu, gaztea, potoloa, sotana handia jantzita: halakoa nintzen ni ere gaztetan. Moja potola bat ere aurkitu dugu basilikako azken bankuko ertzean eserita, handia bera ere eliza handian, geldi bera, dena mugimendua zen tokian, eserita, dena ibilia zenean.

Eskolaume pila dabil Basilikan.

 

Tilos hitzak debekatua esan nahi du.

 

Danubioren ertz-ertzetik egin dugu ibilbideko zati luzea, baina tarteka soilik ikusi ahal izan dugu ibaia: errespetua sartzen du: zabala, indartsua, bete-betea, bizia. Jende asko dabil ibai ertzean, egonean, arrantzan, mokadua jaten... Eslovakia da beste aldea.

 

Visegrad. Herria ibaiaren beste aldean dago nonbait, mapak besterik badio ere. Hungaria  da. Auto eta autobus pila dago ibai ertzean, ontzi batek garraiatzen ditu pertsonak eta autoak bestaldera. Igande-pasako herrietako bat da. Badu bere gaztelua tontor batean.

 

Mendi magala dena da etxetxo bakana arbola artean gordea: polita.

 

Szentendre. Danubio ibaia doakio albotik, edo herria bera hasi da ibai alboan. Erruz doakio bisitaria, bizi-bizi dago kanpotarrez, lepo daude ibai ertzeko nahiz kale barruko kafetegi eta dendak. Zabala da autoentzako aparkalekua, bertan jarri dira salmahai pila turisten zain. Herri xarmanta benetan, kale bihurrikoa, orain arte bisitatu ditugun herriak ez bezalakoa. Etxe xarmantak. Plazatxoa izurrite-zutabe erabat ezberdin eta bitxiarekin: pintatua, gurutze pintatuarekin, irudi ortodoxoz apaindua.  Eliza ortodoxoa da herriko altxorra: eliza ortodoxoen egiturakoa, ohiko santueria, koadro eta abarrez osatua, baina txikitxoa, ezberdina, benetan potxoloa: halako ukitu berezia du; merezi du bisita; ate bat du gizonentzat, emakumezkoentzat beste bat, jarlekuak ere toki ezberdinetan kokatuak daude batzuentzat eta besteentzat, korupean daude emakumeenak, ia ezkutatuta.

 

Espainiar turista hamarkote bat tokatu zaigu elizan, bai suertatu ere!. Bere gidarekin zebiltzan, baina ezer guti interesgarririk jaso ahal izan dugu, arrunkeriak besterik ez baitute esaten gida askok: ez dago esan beharrik ze santu den koadro batekoa, ikusi egiten da, eta gainera hori da gutxienezkoa koadro bati begiratzerakoan.

Lepagaineko zapi batzuk erosi ditugu: bi mila eskatu digu bakoitzagatik eta milan utzi digu; zeken portatu garela kezkaz gelditu gara, baina albokoak berari ere erosteko eskatzen zigun, beraz ez da tratu txarra izan. Bisitariei gehiago eskatzen die, eta turista atzerritarroi larrua kenduko ligukete.

 

Hiriko kale nahasmenetik ihesi, bide txikietatik egin dugu etxera itzulia.

 

199 kilometro, Danubioren alboetakoak gogoangarrienak.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia:

* “Apez baten jantzia bezain beltza”.”... Anarkiaren bandera bezain beltza”. Bizitza argitzea dute biek xede. Kalbinista elizgizonen jantzia ere beltza da.

 

 

Ekainaren 4a. Igandea.  34.a-H:18.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespehare – Juan Garzia: “Zerupe honetan hazten den oro / ez da betean lipar batez baizik”. “When I consider avery thing that grow / holds in perfektion but e little moment”. Bidaia oro da ederra, baina bere une distiratsuenak ditu ere bidaia orok, bidaiako egun bakoitzak du bere une gogoangarriena eta istant bizipozena. Bidaia bera, bidaiako egun bakoitza ihartuz, kolorgetuz doa bizitzako koadro osoan, baina une bereziok beti dute luzaro, bizitza osoan ere, bere lekutxo xumea. Denborak dena errenditzen du bere egiazko mailara.

 

Egun erre horietakoa dator gaur.

Guretzat beti jai izanik ere gaur jai eguna dugu, igandea, aperitibo eguna, sardina eguna, pasta eguna... gauean hartuko ditugu, baina bere gatza ematen dio egun osoari.

 

 

TRANSDANUBIA

 

Transdanubia herrialdean gabiltza berriro. Goialdetik oraingoan.

Industria eremua hedatzen da Budapestetik gertu, birfindegi itxura du, tximinia erraldoi saila dager, orratz piloa gorantz lautada zabalean.

Karteltxoz izendaturiko arto eta gari-sail ezberdinak soro zabal batean: esperimentazio, ikerketa eremua nonbait.

 

Martonvasar. Gaztelua da ospetsua, guk parke zabal batean gaztelu itxurako jauretxe eder bat aurkitu dugu soilik; 6 urte egin zituen hemen Betowenek, bertan sortu omen zuen “Apassionata” musika-lana.

 

Ez da zikoinarik gaurko bidaian, istingarik edo padurarik ere ez da nonbait, ezta inguruak ureztatuko dituen ibai zabalik ere.

Gereziondoak dira kale ertzeko zuhaitzak, gorri-gorri daude, alez beterik, kalean bertan, joan eta jan besterik ez dago.

Argiagoak eta alaiagoak daude herriak goiz distiratsuan. Ez darie beste egunetako tristura sakon hura.

Elur lekua, hor daude errepide ertzean pilatuta, txukun, metalezko laukiak.

Gustura hartzen dugu berriro lautada kalezulo eta mendiarteen ondoren, ezaguna arren, berria zaigun ordokia.

 

Velence lakua: Hungariako bigarrena zabaleran, 11 kilometro ditu luzeran, bizpahiru zabaleran; 28 espezie ezberdineko 25 mila txori bizi omen da bertan; kanaberek hartua du ia bazter oro, herri inguruko bazterrak soilik daude garbituta eta txukunduta: belar trinkoko belartza zainduak, eguzkitan zein arbolapean egun-pasako  patxada leku erakargarriak, kanpin deitzen dieten berdeguneak. Egun-pasarako leku apartak. Erruz doa jendea bazkari, flotagailu, arrantzarako tresneriaz zamatuta gehienak, kanpin dendatxoa ere jartzen du askok. Gureetan hondartzara lez dator igandezalea, sarrera ordaintzen du eta bertan egiten du egun-pasa. Jai-giro bizi-bizia nabarmentzen da, uda-egun aparta esnatu da izan ere gaur. Sekulakoa izan behar du honek eguerdian, jendez mukuru jartzen denean. Aparkaleku franko dago, denak ordaindukoak. Bada portutxo edo atrakaleku xume ugaririk: txaneltxo txiki azpizapal pila dago bertan lotuta.

Trena ere pasa da, hiriburutik urertzera igandezalea eramanez, autoa ere badabil baina ez zaparradarik, gidari ipurterre presatiren bat ere bai tarteka.

Ondo-bizien herritxoak dirudite herriek, kanpotik bailetoz bertara bizitzera; ez dira baserri etxeak, ez dira nekazari etxeak, txaletxoak baizik, zainduak, apainak, agian asteburuko bigarren  etxebizitza.

Ez da jantoki, kafetegi edo antzerako erraldoikeriarik.

Ebakitako kanabera metatxo pila, inguruan kanaberazko teilaturik ageri ez bada ere: kanpora saltzen da nonbait kanabera.

Zeharkatu egiten du lakua errepideak ertz edo mutur batean.

 

Szekesfehervar. Hainbat hara-hona egin behar izan dugu, hainbat aldiz galdetu, erdigunera jotzeko, kosta zaigu hiriari antza hartzea. Aspaldiko garaietan Hungariako erregeak koroatzen eta ehorzten ziren hiria da. Zaindutako hiria, txukuna, atsegina: etxe eta eraikin dotoreko erdigunea du, alboetan berriz gaur egungo etxe zatarra;, haratago, etxe bakuneko kaleak. Kale-gune osoa da ibileku eztia. Plazan  Gotzainen jauretxea da ederra, baina han-hemenka bada begiratu beharreko fatxada deigarririk ere; bi iturri, erdikoa harri gorrixkako bola handi bat da, bitxi samarra;  horma batean dago bestea, harlandu zizelatu bikaina buru duela. Hondakinen lorategia: hala deitzen diote; zabala, hiri erdi-erdian, hainbat erregeren hilobi-gune omen; dena dago hankaz gora, berrikuntza lanen eraginez, gune eroso erakargarria sortuko da bertan. Katedrala: meza dagoenez eta eliza atetik kanporaino entzulez mukuru, ezin izan dugu ikusi atetik ez bada; ba omen errege bat kriptan  ehortzia; izugarria izan da, gure umetako giro ber-bera zen mezatakoa, latinez izatea falta zitzaion: jendea korupean ere belaunikatu da “altzarrean”, apaizak hostia kontsakratu eta altxatzen duenean, umetako txilin hirukoitzaren hots fin hura bera zen apaizak hostia eta kaliza jasotzean zein belaunikatzerakoan... umarora jauzia izan da niretzat.  Elizak, barrokoak dira, denek dute pintatutako ganga, ganga ederrak denak: bateko pulpitu loriatutik hara non ateratzen den sotana-maukatik beso beltza gurutze handia erakutsiz. Santa Ana kapera: gotiko ederra izanen da  baina aldamioek biltzen dute fatxada leiho zein ateak gordez.

 

Auto-rallya zegoen eguerdian, ikusle pila bildu gara kale nagusian irtengunean, autoei begira eta ohiko parafernaliari txalo eginez: luze zihoanez ekitaldia  berehala alde egin dugu.

Denda-txabolatxoek hartua dute plaza nagusiko ertza, ohiko kinkileria eskainiz.

Txiletar bat da plazako saltzaileetako bat, gaztelaniaz ari zen emakume batekin.

Apaiz zaharra atera da katedraletik kaleetan behera, erabat irudi bitxia bere sotana beltzarekin.

Erruz dabil jendea hirian, sapa eguna, prakamotz eta tirantedun kamisetarekin gehienak, argazki makina bizkarrean eta izozkia ezpainetan. Ez dago ia inolako alderik gure herriko igande-pasako herriekin eta igandezaleekin.

 

Herri-bideetatik egin dugu etxerako tarte bat, noizbehinka norabidea galduz, bide txikiek ez baitaukate beti zehaztuta, kanpotarrontzat bederen, nondik norakoa. Muinotxoa bat zeharkatu dugu: mahastiak eguteran, pare bat jatetxe kanaberazko estalkiarekin, eta baso arteko geriza freskoa izan ditugu kontutan hartzeko zertzeladak.

 

125 kilometro, laku ertzekoak atseginenak.

 

Eraldatuta aurkitu ditugu kanpina eta kanpin inguruak, dena da egun-pasako guraso eta umea. Valence lakura bezala datoz kanpin eta inguruko parkera ere, egun-pasan, koadrilan, bertan bazkaria egin eta elkartasunean bazkalduz.  Umez lepo daude bai igerilekua bai bazter oro, musikak eta ahots zurrunbiloak erabat betetzen du ingurua, txori hotsa gailenduz, halere tren-tutua da denak menperatzen dituen soinua tarteka. Zozorik ez dabil berdegunean, emakumeek hartu dute belartza, eguzkitan gorrituz hondartzan baileude.

Bakarlari batek abesten du igerileku gaineko oholtzan, italiar abesti erromantikoekin dabil, tarteka gaztelerazko abestiren bat ere luzatu du.

Holandarrak dabilzkigu gaur kanpinean, bakarrak ginen gaur arte gure sailean: jendeak nahiago du elkarren babesean kokatu, beste aldean daude denak, elkarren gainean. Gu berriz lasai eta nasai gaude gure parketxo propioan bezala. Agertu zaizkigun holandarrak beste ertzean jarri zaizkigu erdigune zabala denon atseginerako geratzen zaigula.

 

Beherantz doa eguzkia, jendea badoa taldeka etxera igande-pasa ondoren; igerilekura joan naiz, igeri lasaian naizela niretzat bakarrik jotzen dute musikariek arrats lasaian, bere kontratuko ordua heldu zain. Gozagarria. Bukatu zaie ordua musikariei, hemen ditugu zozoak zelaian, txori-kantua dabil airean, azken eguzkitan bildurik dena. Ordu goxoak.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia.  “Zer eginen genikek geroaren bat gabe?”.  Nolabait hila dago gibelera begira bizi dena. Beste munduaren ilusioz bizi dena ere bai.

 

 

Ekainaren 5a. Astelehena.  35.a-H:19.a

 

“Soneto hautatuak”. W. Shekespeare- J.Garzia: “Zantzu isilok irakurtzen treba: / begiz aditzea maitalege da”. – “O, learn to read what silent hath writ: / to hear with eyes belongs to love´s fine wit”. Begiez baliatu behar du batez ere bidaiariak, begiez ikasten eta ikusten ikasi behar du, isileko nahiz ageriko zantzuak.

 

Nonahi gabiltzala, edozein herrialde dela, jende, dendateria  jatetxe eta enparauei begiratuz ez diogu ia igartzen ze lurraldetan gauden. Erabat berdindu da biziera Europan, guztiz uniformatu. Globalizazioa honetaz ere. Hiri egituraketak erakusten digu Ekialdean gaudela, besterik ez; atzerritarroi edozein hizkuntza ulertezina zaigunez, hizkuntza bera ere ez zaigu bereizketa tresna bilakatzen, egia den arren badela ezberdina hizkuntza bakoitzaren soinua.

Igande-pasak eta igandezaleak ere antzerakoak dira denean.

Italiera doinuaren antza hartzen diogu hungariarren hizkerari, hizkuntza arraz ezberdinak diren arren.

Ilehori edo horixkako ugari da hungariarren artean, oso gutxi ijito itxurako beltzarana.

 

Gizonaren galtzontziloak eskegi ditu lixiba ondoren andre gazteak, baina ez du zintzilikatu bere kulerorik. Portugaleko emakume hura gogarazi dit. Herri orotan dirau zenbait tabuk.

 

Pest dugu gaur helburu, Danubioren lautada aldekoa, Hegoaldeko zatia, Transdanubia lautadaren atea deritzotena.

Buda zeharkatu behar da lehenik: kale-zorua jasota dago, hautsa nonahi, lurra ere bai, zorua edonon hondatua.... zikina ere bada, edo dago, Buda.

Lau orduko autobus aldia egin dugu, egosita, zutik (ez da erraza jarleku hutsik aurkitzea)... luze eta deseroso joan zaigu Pesterainokoa. Hiri orok bezala Budapestek ere zerga larriegia ordaintzera behartzen du kanpotik datorren bisitaria. Autoz etortzeko ere ez dago aparkaleku aukerarik, ezta espaloi ertzetan ere, are gutxiago lurrazpiko aparkalekurik.

Budapestera berriz ez itzultzea erabaki dugu: zenbait museo ikusteko asmoa  eta tranbian ibilaldi bat egiteko apeta genuen, baina zerga handiegia ordaindu behar da, 7-8 orduko autobusaldi neketsu, itolarri, aspergarria. 

Auto askok dute bolantea zepoz lotuta: estima handia diote autoari edo auto-lapur asko dabil kaleotan.

Ugaria da hirian Loto-bulegoa, baita loterion propaganda eta iragarkiak ere, han-hemenka, ia edonon: zukua ateratzen dio Estatuak itolarrian bizi den pobrearen arnas premiari.

 

Pest. Zubi zuria zeharkatu dugu, luze, bidaiari-ontzi eta jatetxe-ontziei so... Misterio kutsua dario Danubiori, zirrara sortarazten du, muga bat zeharkatzen ari zaren sentipena.

Hiruzpalau orduko ibilaldia egin dugu oinez kalez kale, ibili lasaian, turista pausoan, itxuraz geldo baina begiak zoli. Iritzi ezin hobea eskaini digu hiriak: izugarria da, ederra, zirrararik sortzen ez badu ere, sekulako ezustekorik ez badu ere. Badu tranbia, garantia-labela ezarriz. Garbia dago, zaindua, baina era berean zenbait eraikin erabat belztuta daude. Etorbide diren kale zabalak, lurpeko pasabideak dituzte espaloi batetik besterako, saltoki bihurtuta ohi denez, baina oinezkoak berdin egiten du goitik ere zebrabiderik egon ez arren; eraikuntza eder asko eta nonahi, batzuk paregabeak; edozein kaletik hartzen, jotzen, duzula, beti duzu fatxada eder bat zain; bada patio ederrik, saltoki bihurtuta: merezi du patio barrunbetara sartzea. Aberats eta aberaskumeen hiria izan zen hau. Hiri modernoa, erabat komertziala, saltzaile hiria, denda, banku, eta bulego hiria. Ederra. Bankuek bereganatu dituzten hemen ere eraikin ederrenak. Jatetxe eta kafetegi pila, espaloietan sarri mahaitxoak. Zirkulazioa, beldurgarria da, motor hots ozena, astuna, etenik gabea; autoek ez dute inondik ere errespetatzen ez oinezkoa ez zebrabidea: hobe du oinezkoak gurutzatzeko zain egon auto ilara bukatu arte nahiz zebrabidean egon eta eskubide osoa bere esku izan. Jendea erruz, edonon, kanpokoa zein bertakoa. Estatua eta monumentu zale dira hungariarrak, hiri honetan ere pila bat dago, tamaina eta oroit-gai guztietakoak, plaza orok du gutxienez bat.

Beste mundu bat da Pest, bestaldeko Budagandik arraz ezberdina. Hiriko bihotza, hiriko dirua eta boterea bere eskuan dituena, hiriko arnasa eta hauspoa. Ezustea izan dugu, hiri moderno arrunta espero genuen, baina ez hain moderno baina ederra aurkitu dugu. Aurreko bizpahiru gizaldiko eraikuntzak dira bertakoak, jadanik klasikoak.

Ibili eta begiratu, arratsaldea edo eguna lasai hartuz:

Legebiltzarra  edo parlamentua urrutitik bezain ederra eta handia da bertatik ere. Sait Etienne Basilika handia Hungariako eraikuntza erlijioso garaiena 96 metro garaierako kupularekin: 8.000 pertsona sartu ahal omen; aurpegia garbitzen ari zaizkio eta nabarmen ageri da zenbateraino zikin ez ezik beltz zeuden horma eta kanpoko santu-irudi pila. Hungariar Museo Nazionalak sekulako zutabe greko itxurakoak ditu sarreran, nanotxo utziz parean tokatzen diren pertsonak. Sinagoga, ederra, garbia, baita bitxia ere. Hungaria Jatetxea, famatua, New York izenez ere ezaguna, eder-eder aparta egituraz eta dotoretasunez, baina izugarri belztutasunez desitxuratua: ez gatzaizkio barrutik ikustera joan. Udaletxea, Antzokia edo Opera, Akademia... eraikin eder pila. Vaci utca, oinezkoen kale famatua, bakarra, jendetsua, era guztietako dentateria aurkitzen da  bertan, denda garesti dotoreak zein kinkila-dendak, izozki bat xurgatuz paseatzeko aukerakoa: hiri osoan aurki daiteke liburu-denda ugari, gaur gure kale famatuan liburu azoka zegoen, begiluze ibili gara gaztelerara itzulitako libururen bat aurkitzen ote, baina alferrik. Zenbait eliza ikusi dugu, barrutik ere: ez dugu aurkitu aparteko miraririk, baina bai gurutzea eskuan zuen beso mahuka beltza ateratzen zitzaion pulpitua.

 

Buda aristokratikoari ere begiratu diogu, Danubioren bestaldetik oraingoan, behetik gora: ederra eta sekulakoak dager tontorrean Erret Jauregitik Arrantzaleen gotorlekurainokoa, Matias Eliza erdian dela; urrutitik ere bertatik bezain ikusgarri.

 

Ez dugu gaztelerazko egunkaririk aurkitu, “ezta aurkituko ere” esan nahi zuen saltzailearen keinuak.

Toribio Etxeberria kaleko galtzadarri berak daude hiriko hainbat kale eta plazan. Eta guk uste genuen Eibar orijinala zela.

Ministroren baten autoa pasa da polizia-autoz babesturik: tutua jo eta azkar, argi gorriak aintzat hartu gabe: politikoak ez dira herria, herritik at, herriaren gainetik bizi direnak baizik; baina herriaren kontura, hori da soilik herriarekin duten lotura bakarra.

 

Gaurko kilometroak, autobusak egin dituenak.

 

Izugarri ederra dago gaua, zeruak ez du galdu oraindik azken urdindua, oraindik badela erakusten du eguzkiak, adartzan borobilak, baina batez ere makal luzeek zerua luzatzen dute, zorrotz eta zuzen, giro bitxi sorgindua sortuz.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia: “Zinez estonagarria zernahi egoeratan eta tokitan gizonok zein aise laketzen garen”.  Bidetan sarri galduta, erneguz, ulertezinik, dena ezezagun, dena berri, hurrengo uneak zer ekarriko, aurkaria ez baina arrotza zaigun inguruan...ibili ohi gara, baina zoriontsu gabiltza. Gure etxatoia, txikia, etxe baten osagai guztiekin baina leku gutxian   sartuta,  jostailuzko etxea... da, baina zoragarria deritzogu, batez ere erabat unatuak heltzen garenean arratsaldez.

BIDAIAK 2000. HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/02/14 10:15
HIPAR HUNGARIA: Miscolle, HASTI ETA RACKOZITARREN LURRALDEA: Sarospatak, Satoraljauljhey, Bukk mendiak, Eger

IPAR HUNGARIA

 

Sartu gara mendi-muino arteko bailaretan kanpin bila, dena da  zuhaitz, dena etxetxo alboko maldak, errekatxoa eta belar garbia erdiko bailaratxoan.

 

Miskolctapolta. Bainu-herria, ohiko inguru zaindu lasaiekin.

 

Kanpina.  Ohi dugunez, okerrekora jo dugu,  mendian, basoan, oraindik dena dute erdizka, eta alde egin diogu. Aurkitu dugu bigarrena, lautadan kokatua. Lasaia, zabala, berria, zuhaitz gaztekoa oraindik, kale artez eta belar trinko finez  osatua. Hiru bezero soilik gaude. Ez da inor ageri, zerbitzuguneak txukundu eta egokitzen ari diren langileak ezik.

Ez da eskola umerik, kukuak ez du jotzen, tren-hotsik ez zaigu heltzen; txori-kantuak betetzen du ingurua, denean dabiltza belartzan mokoka, zozo eta biligarroak nagusiki. Txakurrak dira hemengo osagai berriak: erdi galdutako txakur handiak hurreratu zaizkigu beraiez nor jabe egingo eskatuz lez.

 

Miskollc. Euripean ikusi dugu hiri erdia, umeltasunez bilduta beste erdia, guardasolpean edo guardasola eskuan: ez da egokierarik erosoena hiri bat ikusteko, gustura sentitu gara halaz ere.

Hungariako bigarren hiri handiena; industria du; langabeziak jo zeuen  eta ondoren hainbat giza arazo sortu zen. Biztanleriaren  %7a ijitoak dira eta arrazakeriarena omen oraindik gainditu gabeko arazo bizi eta larrienetarikoa, langabezia eta arrazakeria elkar lotuta baitoaz beti ez bada gehienetan. Erraldoi zatarra dager lurralde goraldi batean, etxetzar ilarak alderik alde, Andaluziatik goranzkoan Madrilek eskaintzen duen ikuspegiaren itxura antzerakoa du,  etxetzar itsusi piloa, gutxienez mendi-muino bat osoki betez. Kilometrotan luzatzen da hiria, auzotan banatua, 28 kilometrotako zabaleran, gidaliburuak dioenez. Industria astunaren kokalekua.

Lehenengo turkoek, ondoren austriarrek, erabat suntsitu zuten, beraz ez du antzinako zer askorik ikusteko.  Alde Zaharra, bisitarientzat ibilekua: ez da ederra, ez polita, bai atsegina, punttu bat erakargarria ere bai. Tranbien xarma du hiri zaharreko kale nagusiak: zabala da kalea, bizi-bizia, bada etxe ederrik bertan: jende asko dabil erdiko kalean, paseoan baino gehiago erosketak egitera etorritako jendea.  Badu erreka bat hiri barruan baina lotsatuta lez doa zementuzko ubide sakonean, ez balego antzo, baztertu nahi izan balute bezala, traba egingo bailu. Antzokia ez zaigu batere deigarria suertatu, bai ostera zinema-leku bihurtutako antzoki  ederra, aparta oraindik barrutik: eskolaume talde bat sartu da zinera, eta beste bat atera, ez dakigu pelikula ikustera ala antzokia bera ikustera. Izugarrizko parke zabal- zabal ederra du etxetzarren alboan.

Deigarria da kanpotik ortodoxoen eliza  grekoa: bertakoa omen Hungariako museo greko bakarra. Eliza katolikoa, hiru kofesategi bitxi eta pulpitu barroko xelebrea ditu aitatzeko.

 

Muino batean Avas Mendia, hiriko monumentu antzinakoena dago bertan, kalbinista eliza, planta itxurosoa du batez ere alboan duen dorreak. 10 eta 20 metroko 800 zulo omen mendian, ardo bukoiak gordetzeko zulatuak. Guk hilerria ikusi dugu soilik, zarra, bitxia eta deigarria, aspaldiko hilarriak ditu ilaran jarriak, baita landutako taket zurezkoak ere.

 

“Todo sobre mi madre”, Almodobarren filma dago ikusgai egunotan, aretoko sarreran oso deigarri zeuden jadanik ezaguna zaigun hainbat poster.

Jende asko doa kalean izozkia janez, izozki-dendak ere oso ugariak dira edonon. Guk ez diogu hutsik egiten izozkiari eguerdi beranduan, gauden herrian gaudela, herri txikienean ere aurkitzen baita izozki-denda. Ordua, gogoa edo tripa-zorria heldutakoan, begiratu ingurura, izozki jaleak ze aldetatik datozen begiratu, inguratu eta han dugu beti izozkia zain. Izozki gozoa da, 45 florin balio ditu hamar pezeta baino merkeago bola bakoitza.

 

Ikasle gazte aldrarekin topo egiten dugu edozein herritan eguerdi beranduan, izozki orduan batez ere. Autobusez eskolatik etxera, eskola-autobusetan zein autobus-lineakoan, ume asko dabil denean eguerdiz etxera bidean: motxilaz zamatuak hemengoak ere. Hemen ere bada ikasketa bukaerako kurtso-kide denen argazkiekin dendaren bateko erakusleihoan koadroa erakusteko ohitura, hiri eta herri koskortu orotan ikusi ahal da.

 

126 kilometro, lautadatik mendirakoak.

 

Pecs-eko kanpinean ezin genuen inola ere autoz belarrik zapaldu,  zaila zitzaien nonbait belarra bere onean gordetzea, agian asko maite zuten belartza. Kanpin honetan berriz pozoi kimikoz desagerrarazten dituzte bide ertzeko belarrak, baita belarra horituz eta hilez bereizten belartzako bakoitzaren esparrua.

 

“Hezur gabeko hilak”. Xabier Montoia:

*“ Nik ez diat kaka horrengatik guztiagatik hil nahi”. Politikoen jokabideak iritzi berdinera eraman behar gintuzke, baina hor dirau herri zati handi batek hil ala bizikoan, oraindik sinesten dugu herriarengatik lanean.

* “Bitxia duk gero, hainbertze lan berriz egoera berdinean egoteko?”. Bitxia benetan.

* “Askatasuna oinazerik gabe?. Ez duk egia. Askatasuna garestia duk beti. Odolez ordaintzen duk beti, odolaz”.  Beti.

 

 

Maiatzaren 30a.   Asteartea.  29.a-H:13.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.

* “Bakero isterrak / eta panazko ipurdia / oraindik”. Halakoa da Hungariako gazteria gehiengoa ere.

* “Musikarik gabeko koloreei begira”. Udaberriak musika du nonahi, sinfonia dario Hungaria berdeari.

 

Heldu zaigu kukua, goiz eta ozen jo digu ongietorria.

Ez dugu hitzik ere ulertzen, ez ahozkorik ez idatzitakorik. Bestalde hiri oro zaigunez ezezaguna, egun bakoitza da abentura eta aurkikuntza-ibilbidea. Baina ez gara atzerrian sentitzen, ia-ia etxean baizik, herri hau gurea bailitzan.  Ez dugu une batez ere deserrian gabiltzan sentipenik, zain baitugu aberria eta bertaratuko garen ziurtasuna: aberria eta familia dira gizakiaren oinarria eta sendotasun iturria.

Janariari ere aspaldi hartu genion neurria, hauek dira gure ohiturak: gosari sendoa egunerako indargarri, eguerdiko izozki suspergarria, etxeratu osteko fruta eta tisana lasaigarriak, azkenik ilunabarreko afari begetarianoa. Janaz gozatu Euskal Herrian egingo dugu, hemengo txerriki eta gainerakoak gozoak balirateke ere. Txerrikia eta haragia dira bertako sukaldaritzako osagai nagusiak. Ez dugu beraz janarira zuzendu jakin-minik; gizaki eta harriei so, arte, kultura, geografia eta gizataldera mugatu dugu begirada eta  ibilia.

Alemaneraz gain, Ingelesa da bertakoaz aparte darabilten hizkuntza atzerritar ia bakarra, kultu-gune, museo eta turismo-bulegoetan. Hemen ez da “español universal”aren usainik ere.

Beti berri eta beti larri: gu beti gara berriak herri eta bide orotan, beti hasberri ezjakinak edonora goazela. Esperientziadunak gara zorionez. Lurraldeko bide eta zertzeladak ikasi ordurako, bagoaz. Auto marka guztiek dute bere saltoki eta garajea Hungarian. Baita bere gasolindegia petrolio konpainiek ere.

 

 

HASTI ETA RACKOZI-TARREN LURRALDEA

 

Hasti eta Rackozi-tarren lurraldea dugu bisita-gai nagusia gaur, Hungariako askatasunaren aldeko borrokaren gotorgunea, Austria zapaltzaile inbaditzailearen aurkako lehia, Habasburgotarren aurkako borroka, piztu zen lurraldea

 

Askoz patxada handiagoz, lasaiago, ikuskizunaz gehiago gozatuz ibili ohi gara lehen orduetan, ibilaldi luzea izan da ere aurrean. Itzuleran, etxerakoan, presatiago goaz, nahiz etxetik hurrago egon, idiak eta astoak lana bukatu ondoren etxerakoa usaintzen dutenean lez.

Kaledi barrutik, nahiz erdigunetik ez, pasa behar da hiri eta herri hazietan, ez baitago herrietan kanpoko saihesbiderik. Horregatik egiten zaigu nahastuagoa norabidea kanpotarroi.

Aiherra hartu diogu nonbait lautadari, berriro lur lau-lauan baikabiltza. Betiko osagaiak ditu hemen ere, baina mendi-muinoak gertu ditugu, eta haziak ditugu mendiak. Ez dugu herri bat bera aurkitu mendi muinoetara heldu garen arte, 30 kilometrotik gorako joanean.

 

Sagarrondo sail izugarria.

Folyó deitzen da hungarieraz ibaia: ederrak datoz baina ez batere garbiak, zikin kolorekoak baizik. Ekialdeko herriek, agintari sozialistek, ez zuten hartu mendebaleko herriek, agintari kapitalistek baino ardura gehiago natura zaindu eta kutsadurarik ez sortzen. Natu-guneak sortu, mugatu eta zaindu zituzten, asko dira hemen natu-guneak, baina naturarekiko errukirik gabe osatu zuten hezurdura eta egitura industriala. Ekologia bai baina ekonomiaren zerbitzuan edo arabera: “lehengo bizi”, zioten, baina kutsadura heriotza da.

Hilerriak ezberdinak dira barruti honetan, hesirik gabeak, argiagoak; ez dira gureetako hilerri astun, ilun, triste, gotorlekuak.

Zer egiten du andre-gizon bikote bakartiak artajorran begiek ia harrapatzen ez duen arto-sailean. Tarteka-tarteka ikusi ditugu gaurko bidaia osoan; izan da gizaki bakarra soro ia neurririk gabeko zabalean bakarti; seikote batekoek inurriak ziruditen han urrunean soro erdian. Inurri lana, baina arto-saila jorratua izanen da.  Pobre ororen patua, 2000. urtean, teknikaren gizaldian,  horrela zaildu beharra ere!. Halaz ere gero eta zailagoa datza iraultza, baldintza egokienak daudela esango genukeen garai eta lurraldean. Zenbait osagaik huts egin du iraultza teorian, beste zenbait osagai falta da.

 

Mendi-muinoetara heldu gara. Barrenean herritxoak, magaletan ere etxetxoak zuhaitz artean kukuka. Teilatu eta fatxada oro da argi kolorgetua, hitsa, baita kolore argiz pintatutako etxeak eurak ere. Ia aspertu samar gauden arren  jite berdineko etxeekin, oraindik erakargarriak zaizkigu, ezberdinak, deigarriak.

Szerencs.  Luzea eta zabala. Bi tximinia luze ditu, industria-gunea da nonbait.

 

Aleman auto bat zuten poliziek geldituta bizkorregi joategatik. Hemen ere ordainagirik eskura kobratzen ote isuna Kroazian bezala?.

Mendi-muino ingurutik eta lautadaren ertzetik doa errepidea. Han-hemenka herritxoak mendi-muino magaletan: argitu egiten dute begia, arindu ibilia, astindu asperra.

 

Mahasti gunera heldu gara, Tarcalerako bidegurutzean hasi dira mahatsondook, eta gurekin izanen ditugu Satoraljaujely-raino laurogei inguru kilometrotan. Eguteran beti. Mendi magal eta barren oro da mahasti, mendi gainaldea berriz baso. Inguru osoa da mahasti, amaierarik gabeko ilaretan. Zenbait mahasti zabala da, beste zenbait txikia, ez dakigu lurraren eraginez ala jabegoaren arabera. Pikeagoak ziren Mossa alboko mahastiak Koblenza inguruan, leunak dira magal hauek, baina berdintsu betetzen dute gainbehera.

Ospetsua  da bertako ardoa, batez ere gorria. Lurralde bakoitzak omen bere ardo mota baina hemengoa jotzen dute onenentzat, berak du ospe handiena. Lurrak du nonbait zerikusia ardoaren ontasunean, baita udazken luze bero eta lehorrak ere. Hungariako ardo-gune nagusia da lurralde hau: 28 herri ei dira eta 500 mahasti hektarea. Ikusten ditugu lurpeko upategietarako aho eta sarbideak, asko omen dira eta kilometrotako luzera omen dute. Txabolatxoz eta etxetxoz mukuru daude mahastiok.

4 isurialdeko etxetxoak dira nagusi lurralde honetan.

 

Tarcal.  Pare bat kupeltxo ikusi ditugu etxaurre batean,  baina ez beste inolako ardo edo mahastien ezaugarri edo adierazpenik. Egin eta saldu egiten dute ardoa, baina hona ez dator inor ardoa edanez egun-pasara Errioxara bezala.

 

Gizon adinekoa bizikletaz arrosa sorta bat eskuan duela: badu loreak merezi dizkion maiteren bat etxean, auzoan, elizan, agian hilerrian.

Arropa saltzailea: lurrean zabalduta ditu arropok eta han datza erosle zain. Ikusi izan dugu antzerakorik herritxoetan. Herri batean auto gainean zabalduta izan ditu batek.

Anbulantzia asko dabil errepidean, lasai, alarma soinu eta argiketarik gabe ia beti. Agian anbulatorio edo osasun-etxerik ez dago herrietan eta ospitaletara daramatzate gaixoak.

Ezin falta trenbiderik Iparrean ere: hemen doakigu gurekin, gurekin izango dugu itzulerako bidean ere beste aldetik. Merkantzia tren luzea suertatu zaigu etxerakoan.

Komunikabide-dorrea lehenengo tontor garaian: ozenak eta belarri orotara heltzen direnak izanen dira honen mezuak, egun osoko kanpai-hotsa lez, baina belarrian durundirik sortzen ez dutenak, agian bai buruak nahasten dituztenak. Ez telebista ez egunkari gabiltza, irratikorik ere ez dugu ulertzen, baina ez dugu hutsune sentipenik.

Panzió deitzen da ostatua hungarieraz, ez dabil urruti gaztelerako “pensión”etik. Hungariera erabat ezberdina da, germaniar edo eslaviar hizkuntzen erro ezberdinekoa. Ahoskera arraz ezberdina dute gure hizki ezagunek, j eta hainbatek esaterako: sc, sz...berriz herri izen edo iragarkietatik jabetzen garenez gure tx ts eta antzerako hizki bilketak dira, ahoskera berezia egiten dute hizkiak bilduz.

 

Tokaj. Zurezko taket landu ilun-iluna du sarreran, kruzeiro gisan, baita zur landuko armarria ere, nahiko bitxia: gurutze bihurtzen den mahatsondo gerria, bertan kiribilduta buruan koroa daraman sugea:  ETAren anagrama peto-petoa dirudi lehen begiradan, “bietan jarrai” falta zaio soilik. Bi zatitan lez dago herria: nekazal etxeak dira batean etxeak, kale-baserriak: Sakanan ere bada halakorik, etxe solte edo baserriak herri barruan, korta dute kale-kalekoak diruditen etxeek; Etxarrin bertan ere oraindik. Herri oparoa dirudi. Erdiguneak badu etxeak jarraian elkarri lotuak izateko kategoria; baditu hiru eliza behintzat; behe solairuko ohizko kaleak. Polit erakargarria da erdigunea, baina inola ere ezin da lortu barneraino autoz joaterik, zorabiatu gaituzte geziekin berrikuntza lanak direla eta.

 

Bodrog, ibai zabal ederra, berdexka, zikin plantarik gabeko garbi itxurakoa. Bere albotik doa errepidea zati batean.

Lantegi bateko tximinia borobil garaian du habia zikoinak.

 

Bodrogkeresztur. Zazpi gizairudi daude ibai gaineko zabalgunean, zurezko tailak; badu zerbaiten esanahia: ezpata-dantzariena dirudien masta zurigorriberdea dago bertan bandera jartzeko ospakizunen batean. Txanel azpizapalak ibai ertzean. Ibai erditik ontzi handikote bat iragan zaigu ibaian gora. Bada autoak ibaia zeharkatzea ahalbideratzen duen ontzi zapal zabal bat ere.

Herri berean tratante merke itxurako bi azal iluneko gizonezko zebiltzan autoz atoi batekin harrizko aska txikiak jasotzen: gu geratu garen etxetik atera die etxekoandreak bat bere eskorgan, umetatik ezagunak ditudan intsektu gris zapal hanka askokoen arabera kortan eta lohi artean egona zekartzan: gure baserri eta etxeetatik merke eraman ziren  bezala,  bota ere egin ziren,  hemen dabiltza negozio merkean beste ogibiderik ez duten buruargi batzuk.

Izenik ere jartzen ez dieten herritxoz herritxo joan gara, mapako bide zuritik, herri-bidea izan zenetik; bide-berria egin zenetik agintariak erabat ahaztu dira herri hauetaz, erabat hondatuta dago errepidea, gaizki jasotako adabakiz erabat zimurtuta, zulatuta ez dagoenean. Etxe gutxiko multzoak errepide alboan, ibai kontra erabat galdutako herritxoak.

 

Bada bitxikeria bat, gaurko ibilbide osoan errepikatuko dena, baita Iparreko muga-mugako herritxo galduetan ere: tarteka, errepide ertzean, lauzpabost etzeentzako burdinazko tutua, suhiltzaileentzat jarri ohi direnen antzerakoa, urdinxka, eragiteko helduleku edo palankatxoa alde batera eta ura irteteko aho luzea beste aldean: ez dakigu herritxo bakoitzaren ur-putzua den, tutu bakoitzak  azpialdean ur-biltegia duen... Gero jakin dugu: etxeetara ura sartu aurretikako ura etxeetara hurbiltzeko sistema izan zen; Gobernuren baten ekimena, gaur egun ez dute jadanik urik ematen tutuok.

Bukoi edo barrika erdiez eginiko lorontziz apaintzen dute bide ertza, lore ugari zaindu bizi-biziez.

Zikoina kumeak ikusten ditugu habietan lurralde osoan; bizpahiru kume dituzte baina bost zituena ere ikusi dugu Sarospatak-en.

Aspaldi ez bezala, artaldea.

 

Olaszliszka. Inguruko elizarik zaharrena da bertakoa: balkoi korrituak inguratzen dio dorre karratua, arku zorrotz estukoa du sarrera, 1630. urteko harri tailatuak ditu ateburuan.

Biztanle askok du azal ilun beltzarana herritxo hauetan, etorkin eta ijito itxura dute.

Kanaberazko teilatudun pare bat etxola.

Intxusadia, erabat zabala, zaindua: gerri sendokote artezeko baxuak, fruta-arbolak bailira. Andre-gizonak azaldu nahi izan digute zertarako darabilten intxusa, hitzez eta keinuz eta imintzioz, baina ez diegu tutik ere ulertu: agian garitzetako zomorroak akabatzeko pozoi naturala, agian botikarako; Fakundo Txopenguak baita Plaentxiako Angelita-Julianek ere egiten dute erredura eta azaleko gaitzetarako ukendua; hala balitz mundu osoko erredura guztientzako ukendua egin daiteke hemengo basoarekin.

Badirudi etxe bakoitzak bere txakurra duela patioan edo etxe alboko itxituran: kontuz ibiltzeko aditzera emanez plakak daude hainbat etxetako sarreran. Kalean ordea ez da  txakur bat bera ikusten, ezta uhaletik ere; kale-txakur galduren bat noizbait gehienez.

 

Sarospatak. Hungariako nazionalismoaren bihotza eta hauspoa. Bertan bizi izan ziren Rakoczitarrak. Inguruko jauntxoak, bereak zituzten inguruok. 30 kilometrotik 30 kilometrora gaztelu bat zuten, lautada eta mendiartean barreiatuta; lurrazpiko pasabidez elkar lotuak, zaldunak zaldi eta guzti ibili ahal izateko adinako pasabideak; ba omen 30 kilometroko bat. Jauntxoak eta aberatsak, baina ez zioten men egin Habsburgo eta austriarrei, beti borrokatu zuten independentziaren alde, bizia eta ondasunak galtzeko arriskuan beti; borroka galduta ere, atzerrira eramanak, habsburgotarren gatibu, ez zuten amore eman. Sendi osoak egin zuen borroka belaunaldiz belaunaldi. Eliza katolikoaren aurka borrokatu ziren beti, eliza katolikoa zelako etsai indar nagusienetarikoa. Kalbinisten alde beti, kalbinistengan oinarritu zuen Rakoczik Sarospatakeko ikastetxe famatua, jakintza zela etorkizunaren ardatza uste zuelako: atzerrira bidali zituen hainbeste bertako seme ikasketak osatzera.

Gaur egun ikasgune ospetsua da hiria, kanpotik datoz gazteak bertako ikastetxeetara. Hainbat ikasle ikusi ahal izan dugu kalean, aberaskume itxurakoak  uniforme dotoreekin; ikastetxe bakoitzak du bere uniformea, ikusi dugu hainbat irakasle dottore pijo gazte ere. Ume koadrilak dabiltza kalean, bertako ikastetxekoak diruditenak. Bazen kanpotik egun-pasa etorritako ume aldra ere, gaztelua eta herria bisitatzen, bihurri-bihurriak gehienak.

Herri aratza, argia, zaindua, txukuna, zabala, erakargarria. Uda-herria dirudi, bisitari pila dabil, ez zaio falta hotel, ostatu eta tokatzen zion osagairik. Bizpahiru etxe-sarrerako  ate zurezko handi landu tailatu ikusgarriak, lanbide ezberdinak iragarriz. Eliza gotikoa aldare barrokoarekin: ogerlekoa besterik ez zen sarrera baina atetik ikusitakoaz erabaki dugu ez zuela merezi ordainduz sartzea. Eliza-aurreko plazan brontzezko eskultura eder bat. Gaztelua: Boorog ibai gainean kokatua, harresi barne zabala du, parke ederra, eraikin ederrekin; hainbat jite ezberdineko zatiz osatua da, aro ezberdinetan ezarriak, jauregia dirudi; patio zabal bitxia Italiako, batez ere Veneziako jauregien antzerakoa, bere mailadi, logia eta gainerako osagaiekin; zati zaharraren hormetan leiho eta bestelako harri landu ederrak: bisitari pila datorkio. Parkean bi lizar erraldoi, sekulakoak, zahartzaroak jota biak, gizajoak, besoei eusteko makulu eta guzti.

 

Sorospatak-etik ateratzeaz bat mendi-tontorreria koniko pila dugu aurrean, horien ostean mendi hasiak, seguruenik Eslovakia.

 

Satoraljaujhely. 15 hizkiko herri-izena, izugarrizko monumentutzarra egin diote sarreran. Bertan bukatu dira mahastiak.

 

Alde bietatik gorria da bidezain eta konpontzaileen stop diskoa, ez du alde berderik; diskoa jasota dagoenean gelditu egin behar da, jaitsita duenean pasa.

Eslovakiatik kilometro gutxi-gutxira gaude, muga-mugan, mendiak ez ezik hur-hur ditugun aurreko hainbat herrik ere Esloveniakoa izan behar du.

Eskolaz kanpoko ariketetarako eguna da nonbait asteazkena, herri orotan aurkitzen ditugu eskolaume taldeak, kalean, irakaslea begirale norabaitera edo nonbaitetik.

Mendiz inguratuta baina lautadan goaz, inguru erakargarriaz bilduta, berdetasunez gozatuz: garia, artoa, belarra.

 

Mikohaza. Hara non arranoa oroitarri edo monumentu baten gailur eta gandor, geroxeago beste herri batean sekulako brontzezko arrano harroa aurkituko dugu: sarri ageri da arranoa Hungaria osoan, gerran hildakoen oroitarriak diruditenetan, errege edo jauntxoren baten alde hildakoen tentelen hilarriak: ez dakigu norekin lotu, Habsburgotarrekin, Rakoczitarrekin edo norekin, baina bada leinuren baten ikurra.

 

Paisaia aldatu bada ere herrien egitura ez da aldatu. Errepide bazterrean zuhaitz ilarek diraute, basoa ertzean bertan dagoen arren: agian babes-hesiak dira zuhaitz ilarok.

 

Palhaza. Etxe berdin-berdineko auzoa, etxetxo txikiak denak, denak zurixka kolorgetuak, etxe merkeak, illaran et berdinean jasoak. Txu-txua trena: bada bisitari ugari, bada ere bisita zor zaion zerbait guk antzik ematen ez badiogu ere.

 

Okerreko bidea hartu dugu, luzeagoa zelako utzi nahi genuena hain zuzen: ernegatu dugu baina gero ez zaigu damutu. Natu-gune batean bagindoazen bezala, bidaia zoragarria, erabateko bakardadean, bertakoren bat ez bada hemen ez dabil gaur beste inor. Lineako autobusa da noizbehinka zibilizazioaren oroigarria.

 

Füzer. Mendi-labar ikaragarrien gain-gainean gaztelutzar baten hondakinak; ikaragarria behar zuen izan gazteluak, kriston balkoi korritua, auskalo norainoko ikuspegiarekin. Rakocziren gazteluren bat: kameraren objektiboarekin soilik hurreratu natzaio: ahaztu egiten zait badaukagula autoan kataloxa bat.

 

Hollohaza. Hungariako Iparreneko herria, mendi barrenean, ia mendi-zuloan kokatua, goiko mendiarteko bakardade osoan galdua, mendiko herria etxetxoak aldatsean, nahiko hasia.

 

Mendirik mendi, pagadi artean goaz: gerrian adarrik gabeko pago luze meheak, txankamehe biluziak,  goian soilik dituzte adarrak gandor edo txapel gisa.

%10eko gainbehera batez gero, Esloveniako mugaren parez-pare joan gara kilometrotan. Poliziek ere gelditu gaituzte: “Muga polizia, pasaportea mesedez”, ingelesez: bi gaztetxo ziren  kamuflaje jantziekin furgoneta batean inolako parafernaliarik gabe. Nire pasaportea kanpineko bulegoan dute. Bietako bat han ibili da gure EH eta ikurrina bilatu asmoz liburuxka batean. Maria Luisaren pasaportea zuten. “España” esan diegu, eta kitto.

Zentrala, agian nuklearra, behar duen tximinia borobil erraldoiko eraikin izugarria bailara zabal baten erdi-erdian, ke bete-betean bera eta inguruko hainbat tximinia mehe luze: Seguruenik Eslovakia da.

Hainbat herritxo zeharkatzen dugu, mendi-mendikoak: errepidearen bira eta aldatsaren arabera egokituta, ez dute inola ere kale artezik egituratzen,  herri okerrak, bihurriak, kurboak dira, biretan ere etxeak; herri xume, pobreak, baina batez ere bakartiak.

Errepidea ona da.

 

Abaujvar. Museoa eta zikoina mendi-mendi honetan ere.

 

Zsuita. Museoa eta zikoina hemen ere.

 

Herri orok du bere museoa.

Meta piloa zelai erdi-erdian, gureetakoak baina txikiagoak, baina erdian haga dutenak: aspaldi eginak dira, belar berria ere hasia baitago.

Mendiarteko bailara zabal-zabaletik egin dugu; Santokristo banakak ikusten dira, baita santutxoren bat ere, ia Balatonetik ez genituen ikusten. Elizarik ikusten ez zion herriak ere mordoxka dira. Jaiotzakoak dirudite herri askotako herriak, hain txikiak hain ezerezak. Autobus geltokiak itsusiak dira, funtzional hutsak.

 

221 kilometro, Hungariako Iparrenerainokoak.

 

M. Luisa eta biok gaude bakar-bakarrik kanpineko esparru zabalean: parke bateko palaziotxoa dirudi gure etxatoiak, jantoki mahaitik aurreko dena dugu zuhaitz eta berdegune.

 

“Hezur gabeko hilak”. Xabier Montoia.

* “Jaberik gabe ezin bizi daitezke, hala bizitzen ohituak dituk”. Euskaldunok jaberik gabe bizi nahi dugu.

 

 

Maiatzaren 31a. Asteazkena.  30.a-H:14.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria:

* “Borroka ez egiten ikasi dut / behintzat, / kaka honekin mozkortzen”. Ezin bizi Euskal Herritik aparte, are gutxiago atzerrian.

* “Arratsalderako / gorritu egin zaizkio / sargori masailak, / hodei pinportez / lotsatuko balitz bezala”.  Zerura so arratsaldero bidaiaria, ia hurrengo goizean eguraldiak zer.

* “Bai eder orduan zerua / nire gainetik mugagabe...”. Hori herenegun arteko lautadan zen, orain mendiak eta zuhaitzak zaizkigu hurbileko muga.

 

Ñabardura oroko zozo, biligarro eta txorinoak dabilzkigu inguruan, soinu era oroko txori-kantuak biltzen gaitu.

Kanpin honetan, Debrecengoan bezala, sua egiteko toki berezia dago belartza zabalean, afalondoko lagunartea luzatzeko aproposa.

 

Miskolc. Unibertsitatea du; kanpinetik gertu, zuhaizti arteko eraikin moderno erraldoi hainbat. Industrialgunea: izugarri zabala, Mendebal aldera, Bilbo alboko Barakaldo eta inguruak bailira, mendiartean luzatzen da Eibarren Matxaria edo Txontan bezala, baina mendiarte zabalean. Labe garaiak diruditen  antzinako eraikin erraldoiak dira nagusi, baina bada bestelako industria gaurkorik ere. Inguruan etxe multzo berri erraldoiak, taxu bereko ia berdinak, etxe-orratz zurixkak, langile etxeak seguru aski, industria-gune inguruan langileentzako sortuak. Diosgyor gaztelua: Erreginen gaztelua deitzen diote, Anjou dinastiako erreginaren egonleku zelako. XIV. gizaldikoa, ia erabat hondatua, erdiko patioa egokitu dute jaialdietarako. Izugarria da gaztelua, zirraragarria: lau dorre karratu lerden ditu kantoietan: ez dirudi gotorlekua, jauretxe erraldoia baizik.

 

Bukk mendiak. Naturgune bihurtutako baso-mendiak. Aldats pikoa du igotzeko, % 12ko gainbehera du errepideak. Enbor luze biluzi, ia txanka meheko pagadia da baso dena, izei lerden ederrak direla tartean; bada ezezagunak zaizkigun azal zimur-zimurreko zuhaitz lerden garai sendorik ere. Agerikoa da mendizale asko hurreratzen dela mendiotara. Gabirai bat eta uso parea atera zaizkigu errepide ertzetik. Guri ez digute ezer berririk eskaini mendiok, mendiko ibili berdea bera da nolanahi erakargarria eta atsegina. Gureetako mendi eta basoak dira, guretzat ohikoak. Azkenean aspergarriak ere egin zaizkigu, kokoteraino gelditu gara, amaierarik gabeko kilometroak izan baitira pagadi barrukoak. Agertzen dira tarteka kare-haitzak, nola ez zeharkatu ditugu ere mendi zintzurrak.

 

Mila bihurgune du errepideak, zorua berriz eskasa da, batez ere goialdetan; hiri nagusietara hurbileko zatiak daude soilik konponduta.

 

Bukkszent...¿....: herritxoa, basoan galdua, mendi-zulo zuloan; lau etxe, hiru emakume nagusi eta bide ertzean belar biltzen ari zen agurea ikusi ditugu soilik: agureak, oso abegikor, era berezi, bitxian, ziurtatu nahi zigun norabidea ukondoa okertuz, errepika eta errepikatu dit nondik hartu, hitzetatik piperrik ere ulertu ez badiogu keinuz ziurtatu gaitu ondo gindoazela.

 

Bukkszentkerest. Mendi goietako herria, zulogunean zein malda ezberdinetan barreiatutako etxez osatua, zabala. Bi suhiltzaile-auto txiki bitxi prepesiozkoak dituzte jarriak, erakusgai eta apaingarri, pitxi-pitxiak biak, lorez  apainduriko errepide ertzean. Lurrazpiko upategia. Bi gurdi bertako petoak, etxe kontra bata, jatetxe aurrean bestea, ingurua dotoretuz jarriak biak: Hungaria osoan ikusi ditugunen antzerakoak.

 

Hurreratu zaigu hitz egin nahi zuen gizontxo nagusi bat, galdetu, esan eta hitz egiteko gogo bizia erakutsi digu, ahalegindu gara bai bera bai gu, baina ezinezkoa zen elkar ulertzea. Hizkuntza, komunikazio oztopo.

Bi irakasle zihoazen 10 umerekin norabait kalean zehar.

Ia herri orotan aurkitu dugu ume taldea bere irakaslearekin, bi edo hiruko ilaretan, norabait zeregin batera. Eskolaz kanpoko zeregin asko egiten da nonbait Hungarian. Txangoan dabiltzanak beste era bateko talde motak dira. Hauek eskola barruko zereginetan dabiltza.

 

Repashuta. Mendi zulo-zuloan, basoz inguratuta dagoen herri bakartia, teilateria besterik ez diogu ikusi ahal izan errepidetik. Zirrara sortarazten du herriaren bakardadeak.

 

Ia inor ez dabilen bideetatik goaz, mendiarteko bide galduetan, ia erabat ahaztuta dauden errepideetatik.

Zarama kamioiarekin gurutzatu gara, baso-basoan!!!, biontzat ia lekurik ez dagoen errepide estuan. Bi auto holandarrekin gurutzatu gara mendi-mendian. Motor zahar bat ere han zegoen bakarti  baso ertzean, basoan norbait dabilen lekuko. Halako mendi baten ostean eta ondoren itsasoak behar duela zirudien une batez, laino ganduan bukatzen baizen basoa.

Lineako autobusa heltzen zaie herrioi Eger aldetik.

Ura ateratzeko ponpak, atzo ikusi genituen haiek, zeharkatzen ditugun herri guztietan daude, mendietako herri orotan, tarteka, hiruzpalau etxerako bat. Denak dira urdinak. Izugarrizko aurrera-pausoa izan behar izan zuen bere garaian etxaurreraino ura ekartzea.

 

Baso eta bihurgunez kokoteraino heldu gara lautadara.

Lautadako herriak zeharkatuz goaz orain, batzuk erabat luzeak dira; ez dute ezer berezirik edo erakargarririk. Jende asko dago autobusaren zain, etxerakoan ere autobus zain aurkituko dugu hainbat jende. Sarria da lineako autobusa.

Zati erabat ezberdinak baditu ere Hungariak orografian, oso herri-biztanleria antzerakoa aurkitu dugu denean, ez da desberdintasun nabarmenik ageri herrialde batetik bestera gure azaleko begiradatik ikusita.

 

Eger. Zerbitzu hiria. Etxetzar sailek biltzen dute aspaldiko auzo, kale-gune eta erdigunea. Txukuna, zaindua, dotorea, atsegina. Erdigunean dabilen jendetza ikusiz, bizitasunean zaio ezagun Budapest eta Balatonen ondoren, Hungariako turismo-gune nagusia omen delakoa. Txangoan etorritako ume pila dabil gazteluan zein kaleetan. Umez eta gaztetxoz inguratuta egin dugu hiriko hiru orduko ibilaldia.

Lanbropean bisitatu dugu hiria.

Jite guztietako etxe eder pila du kale artean, ibili lasaiko begien atsegin; horiez gain etxetzar eta monumentu pila ere gordetzen ditu asperrezina bihurtuz ibilia.

 Gaztelua, hiriko altxor nagusia: tontorrean ohi denez, 2 mila hungariarrek bere emazteekin eutsi zieten 100 mila turkiarri etsiarazi arteraino; kilometrotako azpi-bideak omen ditu, bost solairukoak tarteka; ohiko harresi, gotorleku, zabalgune, horma, putzu eta abarrez gain eraikuntza aipagarriak ditu, baita katedrala izandako eliza bat ere, gaur egun erakustoki eta museo bihurtuta, bertan fosil bihurtutako eta gainean marmol zuriko geruza zuri sendoa duten enbor sendoak daude ikusgai, baita fosil bilakatutako txirla pila harea piloan gorpuztuta; horrez gain, garaiko tortura tresneria eta tortura mota ezberdinen erakusketa jarri dute harresi barruan: gordina, lazgarria, gogorra; egun batean gaur egungo polizia-etxeetako tortura mota ezberdinak izanen dira erakusgai, hauek bezain gordin, sinesgaitz eta lazgarriak irudituko zaizkie, ministro eta polizia bururen izenak ere denen lotsarako agertuko dira.

Katedrala: Hungariako eraikin erlijioso handiena omen; ataria, sarrera, fatxada eta barrua, dena da handi, erraldoi; zapaldu egiten zaitu bai barrura sartuaz bat baita kanpotik gerturatzen zarenean ere; santu-iruditzarrak ditu kanpoan zein barruan; kanpotik okre biziz pintatua, barrutik freskoz edertua du sabai osoa; barrutik dena da zutabe, dena pintura, dena dago erabat beteta. 10 mila tutu ditu organoak, Hungariako bigarren handiena.

Anaia Txikiagoen eliza: barrokoa, gauzaz betetako eliza: santu-iruditzarrak aldaretan, freskoak gangetan.

Frantzizkotarren eliza: handi-mandi loriatua. Hara non ateratzen den beso beltza pulpitu ostetik eskuan gurutzetzarra duela.

Eliza denek dute itsulapiko erraldoia grada erdi-erdian.

Minaretea,  bitxia eta deigarria, turkiarren ondare bakarra, 40 metroko luzea, mehea, liraina, kale artean, harrizko arkatza dirudi.

“Normal” Ikastetxea: (Ez dakit zergatik deitzen zitzaien “normal”, legezkoa zelako, arau bereziak irakasten zirelako...). Hungariako barrokorik handiena; oso handia, baina ez gaitu askorik kilikatu. Astronomi behatokia du; sekulakoa omen liburutegia.

Gotzainaren jauregia ere sekulakoa da: eliza pobrea!.

Parke pila, plaza ederra erdigunean, estatua eta eskultura ugari, batzuk ederrak. Oinezkoen kalea ez da luzea, baina bai bizia eta atsegina.

 

Bertako jantziekin apaindutako ume koadrilak dantza egin du plazako oholtzan, koitaduei euri lanbroak emanaldia hondatu dien arte.

Gazteluan argitu ditut zalantzak: zozoa izan zaigu kantuan gotorlekuko antenan, jo eta ke, izugarrizko txistu-hotsean, auskalo nori  edo nora deika han goiko harri gorriko eremuan. Badakit hainbat kontzertuko bakarlaria nor den.

Espainiar abestia zuten jarrita disko-etxe batean, leuna, ozenki entzuten bazen ere: zorionez oraingoan ez zen Julito.

 

Mendiarteko bailara zabalean egin dugu etxerakoa lehen zatian, ondoren Bukk mendilerroko basoak zeharkatuz. Izugarrizko harrobiak aurkitu ditugu, bi harrobik batez ere erabat hustua zuten mendia, sumendia bailitzan barrura erabat janda zuen batek mendia.

Harri bolkanikoak izan ditugu bitxikeri mendi-zintzur batean. Tren-piparpotea ere lagun izan zaigu tarte batean: trenbide-gurutzean zain egon gatzaio.

 

Belapatfalva. Hungarian osorik iraun duen eliza erromaniko baten bila joan gara, baina oinezko orduerdiko ibilira dago: nekaturik, arratsaldea aurrera doanez amore eman diogu asmoari. Kristo bitxi pintatua dute bidegurutzean eta zementu fabrika erraldoia inguruan.

 

Beltz-beltz jantzitako emakume eta gizonezko koadrila zihoan hilerrirantz herri batean, batzuk lore sorta eskuan zutela. Heriotzaren irudi goibela.

Zikin plantako artaldetxo iluna, txakurra ere iluna, eta artzaina bera ere azal beltzekoa.

 

Malyinka. Baso barrenean  herrialdeko herri petoa.

 

Museoa behar duen antolamendua errepide bazterrean bertan, txukun itxurakoa kanpotik behintzat: ustekabean harrapatu gaitu, bizkor gindoazen, ez dugu beraz geratzerik izan.

 

Lillafurat. Bainu-herria, sekulako hotela du laku baten alboan. Herria bera txukun-txukuna da, zulotxo batean kokatua.

 

Herritxo deigarriak Miskolc hirirainoko denak.

 

158 kilometro, Bukk mendietako pagadi eta bihurgunetan gehienak.

Bost etxatoi gara kanpinean. Beste laurak alemaniarrak.

 

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia:

* Denok dakigu iraultza egin behar dela, errotik moztu behar dela giza-zapalketa, herrien eta gizakien ezberdintasuna irauli behar dela, baina beldur gara bakoitza bere ondo-bizitza ez-solidarioa galtzeko.

 

 

Ekainaren 1a.   Osteguna.  31.a-H:15.a

 

Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria:

* “Alua da bizitza. ...  Bizitza paradisua baino hobea da, / Han ez zuen inork / txokolate beroaren beharrik. ... Zigarro horitu bat bezala / Suaren zain. / Horrela sentitzen naiz”. Zigarro kea irentsi eta erabat gozatu, edo zigarroari tiratu ahala kea irentsi gabe bota, hor datza bizitzaren gakoa, zorionarena ere.

* “Ez dut erabat ulertu baina gustatu zait”.  Zenbait bizitza.

 

Aldaketa eguna. Budapest eta bere ingurua ditugu hurrengo egunetarako helburua, gure ibil-leku berria.

 

Lautadaren ertzetik joan da gaurkoa: alde batera, mugarik gabeko lur zabala, infinitua, nonbaiten finituko den arren,; bestera, mendiak, atzoko Bukk mendiak aurrenik, Matra mendiak ondoren.

Ezer berririk aitatzekotan argindar dorre eta hariteria erraldoiak lirateke.

 

Hatvan eta Godöllo, erabat bitxiak agertu zaizkigu, teilateria gorria arbola artean zabaltasunean.

 

Bakan ageri dira herriak lautadan han-hemenka, kanpandorre zorrotzek eta ur-biltegi borobilek iragarrita.

Non gazte boskote bat zihoan auto zahar bat gelditu dute poliziek herri batean, Euskal Herrian eta Espainian gazte euskaldun oro bezala, gazte pobre oro da susmagarri  edonon.

Kamioi guti dabil, errepide nagusia den arren; herri hauetan, sozialismoaren aurretik ere, trena izan da garraiobide nagusia; are, kamioiak asmatu aurretik, Europako lurralde gehienetan gurdia zenean garraiobide nagusia, indar handia zuen trenak Ekialdean.

Behi zuri-gorrizka dager sarri, etxe inguruan beti, motz lotuta, ertzetako belarraz bazkatuz. Fruta-saltzaile banaka ugari errepide bazterrean aterpedun txiringito ganorazkoetan: meloik eta bestelakoak eskaintzen dituzte, baina ez dirudi etxeko fruituak saltzen dituzten inguruko nekazariak direnik.

 

Luze joan zaigu bidaia, herritxoz herritxo: zoru traketsaz gain traktoreak sartzen zaizkizu herrietan errepidean sororen batera bidea eginez. Beraz autobidera desbideratzea erabaki dugu. Sentipen bera dugu egun hauetan: ze herritar eta herri xume; hemen ez dago ez sos ez ahaleginik dotoretasunerako, nekosoa da bizitza. Baina nahiz apal, etxaurre eta kale-errepide ertzak lorez dotoretutako aratzak dira: herri txukunak. Badute nolabaiteko barne dotoretasuna.

 

Fot. Kanpandorre ezberdin dotorea du elizak: bi dorre karratu, gaztelu batekoak bailira, Miskolceko Erreginen gazteluko dorre berak, gaineko almena, zabaldi eta guzti.

 

Neska bat hiriko sarreran errepide ertzean: sexu eskaintza garbia zen itxura guztira. Ikusi genuen beste bat ere ez dut gogoratzen non.

 

Bila genbiltzan eta aurkitzea kosta zaigun kanpina ireki gabe dago oraindik. Nahiz zabalik, kanpin denak udarako egokitze eta antolaketa lanetan murgilduta daude oraindik. Maiatza ez da urtarorik egokiena kanpinera etortzeko Hungarian, uda-uda da nonbait bertan kanpinon sasoia.

Ondoren alderik alde zeharkatu behar izan dugu Budapest, kanpineko gazteak zabalik egonen zen  bakarra aitatu digun Erd-eko kanpinaren bila: hiriaren beste aldean dago hain zuzen. Buda  eta  Pest, biak, zeharkatu behar izan ditugu, trafiko, auto korronte,  izugarri trinko bizian, gure tramankulua atoian genuela, nora jo behar genuenik ere gabe. Oso luze egin zaigu, baina bideratu gara nondik nora jo ez bagenekien ere.

Bi gizon gazteri galdetu diogu semaforo bateko geldiunean, ia nondik edo zuzen ote gindoazen: zuzen gindoazela, nolanahi jarraitzeko beraiei: zoritxarrez, noiz eta une horretan,  atoiaren aurreko gurpiltxoa laxatu zaigu, zoruaren kontra herrestan hasi zaigu: geratu egin behar izan dugu ahal zen tokian eta ahal zen bezala, gurpiltxoa lotu. Galdu egin ditugu beraz gure gidariak. Baina heldu gara!.

 

Gure hurrengo eguneko pausoen ibilgunea, etxe-basoa, beraz labirintoan murgildu gara: Duna ibai zabala zeharkatu dugu, zabal eta eder, gabarrez eta ontziz beteta  dager autoko abiadatik. Hiria bera zatarra, itsusia, ikusi dugu, kaleak zein etxeak, zaharra eta zaharkitua, etxetzar erraldoi berdinak, labatik ateratako adreilu erraldoiak bailira. Ibaiaren beste aldean Legebiltzarra izan behar duen kupula handi eta orratz piloko eraikin eder eta handia ikusi dugu: joango gatzaio bisitan; burumin ugari eman diguten zubi pila: sen guztia ez zen nahiko asmatzeko ze karril hartu behar genuen komeni zitzaiguna zeharkatzeko edo komeni ez zitzaigunetik urruntzeko; hainbat eraikin eder ere ikusi dugu ez dakigu joango gatzaien bisitan; gaztelua edo gaztelua den haitz gaineko jauregi edo gaztelu eder itxurakoa ere begi-bistan izan dugu: joango gatzaio.

Desafioa eta atsegina, urduritasuna eta gozamena, zailtasuna eta ikusmina: hurrengo egunetarako bizi izan dugun eta utzi digun sentipena.

 

Kanpina. Erd hirian, Budapestetik gertu. Zabalik dago. Erabat atsegina: gu kokatu garen esparrua belar trinkoko lorategia edo parkea da, guretzat bakarrik dugu beste norbait datorren arte; orain artekoek nahiago izan dute beste aldean erdi pilatuta kokatzea.

Kanpin honetan daude mundu osoko zozo guztiak: gereziondoek inguratzen dute alde batetik esparrua, beraz inguruan dabilzkigu zozook jauzika eta mokoka belartzan, gereziondotik aleak ekarri eta lur kontran mokoka janez: zuhaitzean ez dute eraginik nonbait pikokadek, dingilizka dagoen alean alegia. Bizpahiru metroko gerriko makala dugu alboan, urki sendo lerdena inguruan, izei beltz apartak ere han-hemenka. Ia gortzekoa da txori-kantua, zozoena batez ere, durundia izateraino ia: hemen bai behar dela belarri fina hots bakoitza eta berari erantzuna kokatu eta jarraitzeko.

Aukerako parajea dugu egun batzuetarako: badakite bai aberatsek zergatik jarri lorategi eta parkea etxe bueltan.

 

218 kilometro, Budapesteko kale nahasmenean eta auto artekoak gogoratuko ditugunak.

 

Aspertu gabe nago zozoei begira, bel-beltzak, arreak... ilunaren  gama osoa erakusten didate. Migratzaileak ote?: hauek ez dira nik tiroz zain egoten nintzaien araba-zozoak, Txekian zein Eslovakian hain ugariak zirenak.

Bera baino zizare luzeagoa atera du batek, mokoka-mokoka hasi da jaten kide lapur bat hurreratu zaion arte lehian: mokoan hartu eta zuhaitzera alde egin du.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia.

* “... herria, nire bizitza osoko zokoa utzi eta mundua ikusteko parada emanen zidan gerlara uros abiatu nintzen,  ... hiri handiak ezagutu nahi nituen ... “. Gu ostera gure herriko gerra utziz alde egiten dugu herrialde berriok ezagutzera.

BIDAIAK 2000- HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/02/07 10:20
PUSZTA

Maiatzaren 28a. Igandea.   27.a-H:11.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.

* “Bero iezadazu bizkarra / tuareg urdinek / bere azken / ganbelua / zigortzen duten bezala / bere bizitzen basamoretuan”. “Puszta” ospetsua izanen dugu gaur bisita-gai, Hungariako desertua, hungariar tuareg bakartiena.

* “Ezpainik gabe / baina beti txistuka,  ...  intsektu militar / alaena”. Halakoak dira inguruko moskito ugariak.

 

Atzo bertan joan zitzaizkigun umeak, jubilatu autobuskada agertu zaigu goizean etxoletan ostatu hartuta.

 

Puszta: gaurko ibilbideko helburu.

27 graduko hozberoa, goizeko bederatziak aurretik errepidean gara.

Ez dira gehiegikerian erori, baina hiri handietarako sarrera-gurutzetan eremu borobila darabilte zirkulazioa bideratzeko.

Errepide oso onak behar zuten hauek bere garaian, gaur egun zimurtua edo ildo sakonetan desberdindua dago zorua autoen maiztasun eta kamioien zamaz.

Atzoko lurralde bera, osagai berdinekin.

Baserritarrak ez du jaiegunik sasoi honetan, are gutxiago aro eroso honekin: belar bilketan dabiltza nekazariak edo belar garraioan goietaraino zamatutako kartola garaiko atoiekin traktoreak.

 

 

PUSZTA

 

Gidaliburuko hiztegiak ez dakar zer esan nahi duen; istinga-leku, padura edo zerbait antzerako esan nahiko du, izan zerbait horrelako da behintzat. Izena izen, lurralde bitxia, deigarria, harrigarria.

Sarreran, ertz-ertzean, bazter berdeko ubide zabala urak batuz bezala; peskari pila ur gaineko oholezko egon leku luze estuetan kanabera eskuan eta pazientzia filosofiaz. Ondoren dator lur lau-laua, lautada zapal-zapala, istingatsua, kanabera eta belar latzez estalia. 150 mila hektarea ditu. Mortua da bere berdetasunean ere, bakartia, lautada hutsa, baina ez da tristea, berdetasunak ematen dion bizitasunari esker. Lan handiak egin ziren ura bideratu eta mugatuz. Noizbehinka putzutik ura ateratzeko haga luzea tantai buru bikoitzean kokatua, bertikaltasun bakarra lautasun azkengabean. Badira ber-bertakoak diren abereak: zaldi, txakur, ahari, behi, antzar eta idi zuriak; pila omen ziren, gaur egun murriztu egin da kopurua, adierazgarri hondarrak soilik geratzen dira;  ikusi ahal izan ditugu batzuk, baina guti: ahariak adar luze tente kiribilekoak dira, behiak adar zutikako luzekoak, ardi-txakurrak erabat hiletsuak, antzarrak lepo-luze zuriak. Hegaztiak, ugariak dira, 230 hegazti motatik gora omen bertan: hemen dira deneko bela beltzak, hegazti hankaluze aldra ikusi dugu zenbait urgune eta inguruetan, zikoina bandoa ere belartzan hankaluze. Gelditu ezkero, igelak entzuten dira korrokaka ozenki. Zabaldiko idor gunetan, lurra uretatik azaleratzen den gunetan, granjak: bitxiak dira hauek ere: bakoitza bera, denek kanaberazko estalkia dute, denak dira baxuak, teilatu ertzak lurra jo behar dutela dirudi hormak babestuz, ia estaliz; zenbait etxek sendo zabalak dituzte sarrera eta leihoak, berdin-berdin ebakitako horma sendoa egiten dutela; ikusi ditugu kanaberaz eginiko hormak, zarpeatuak: agian denak ziren horrela eginak; granja berri gehienek, ordez, uralita darabilte estalkitzat; granja inguruak ez dira batera txukunak, nekazariak ez daude begiluzeon arduraz, bazterrak txukunduz, eguneroko bizibideari begira  baino. Azaleratzen den lur oro dago landuta, belarra batez ere hartzen da bertan,  bada gari-sailik ere. Nekazal etxeak luzeak dira denak, batzuk lauki bat osatzen dute, beste batzuk U bat, beti ere aziendarentzako etxarte egokia lortu asmoz erdigunean. Tarteka baso-kaskoren bat, makaldiak gehienak, urez eta belarrez estaliak ipurdiak.

Dena dago berde-berde.

Erdi-erditik zeharkatzen du puszta errepideak; bide arteza, zuzena. Ziztu bizian doaz autoak, inguruaren eraginik gabe, auto onak dira denak, igandezaleak egun-pasan.

 

Hortobagy. Puszta erdi-erdian, berezko edo eragindako lehor-gune batean kokatua. Kale perpendikularretan sailkatutako behe solairuko etxe-sail laukiak, erreten sakonez eta kale zabalek banatuak; nekazal etxea dirudi etxe bakoitzak bere osagai guztiekin, txukunagoa edo haziagoa bakoitzaren izaera eta ahalmenaren arabera. Ez diogu ezer berezirik aurkitu herriari. Bi eliza ditu, dorre-teilatu luzekoa bata, pope motza bestea, bi erlijio ezberdinei dagokiena seguru aski.

 

9 begiko zubia herritik irteeran, Hungariako harrizko luzeena.

Herri ertzean, erabat at, baina ez urrun, turismo-gunea: kinkila-denda, bertako eskulanen salmenta, agian Taiwanen eginak, zaldi eta bertako folklore emanaldietarako oholtza, mailadi eta zabaldia, hotel, kafetegi, dendateria...  esparru nahiko laburrean dena, eta Museo erakargarria, pusztako jantzi eta bizitza-baliabide-tresneria erakutsiz. Zaldiko-maldiko bitxi bat, iruditu daiteken sinpleena.

 

Gerra-tankea bide ertzean, berde-berde pintatuta, monumentu itxuran: ze arraio egiten du hor, agian gerra garaian zuloren batean geratu zen.

Bisitari asko du turista-guneak igandean.

Azkoitiko Ibeten jaunartzea, oparitxoa erosi diogu, bertako kopin polit bat. Izozkia hartu dugu Azkoitian egotera eginen genuen bazkari opariaren ordez.

Zoo eta  museo antzerako zerbait du artzain batek bide ertzeko granja edo etxetxo bateko hondakin artean, ia sosa batzuk ateratzen dien igandezale eta bidaiariei: txabola, bertako abere batzuk, putzua, korta... dena da xumea eta nahiko kutrea. Ahuntz-taldea du; gaztagintzan ari zen jaitsitako esnearekin, txakur eta antzarrei banatu die gatzura.

 

Tiuszafured. Pusztaren mendebal ertzean, dendak nabarmentzen zaizkio, artisau lanak saltzen dituzte, baina ez beste ezer berezirik; bi elizetako kanpandorre txaparro ia berdinak izan zaizkigu soilik deigarri.

Zume edo kanaberazko otarre, saski eta antzekoen eskaintza da bertakoa: zumea eta kanabera lantzen duen asko da inguruan: naturak eskuratzen dien langaia alde batetik eta beste lanbiderik eza bestetik: dagoenari heldu beharra bizitzeko. Tarteka ageri da moltsoetan pilatua lehortzen kanabera: etxe estalkiak egiteko ziur aski.

 

Poroszlo.  Herriak berak ez du ezer berezirik; ohiko zaizkigun herrietariko bat.  Baina merezi izan digu herri honetaraino jarraitzea pusztatik haratago. Tisza ibaia zeharkatu dugu: ertzeko gabarra pilatuek erakusten dute ibaia ez dela jadanik garraio-ibai; bada zenbait  txanel, batel eta motordun ontzi. Ez dakigu ibaia bera den ala ibaiak laku bihurtzen duen itsaso geza bat dirudien ur-zabalgune handia;  nola nahi asko zabaltzen da ibaia han-hemenka alboko lur zapaletan. Poroszlo herrian bada portutxo edo antzerako zerbait, nasatxoa, txanel, eta motordun batelekin, nahiko utzi edo zikin itxuraz dena.

 

Pusztaren Iparraldetik itzuli gara, herri bideetatik, bide txikietatik, mapako bide zurietatik, haranzkoan antzerako ikuskizunaz gozatuz, gurekin batera eraman dugun trenaz barne. Trenak berak harroxko zeharkatzen du puszta, gain-gainetik irristatuz bezala, zanpatu ere egin gabe bailihoa.

Puszta kanpotik egin dugu tarte bat.

 

Egyek eta gainerako herrietako etxeak behe-solairuko txikiak dira, lau isurialdekoak gehienak, karratuak; bi isurialdekoak, ostera, luzexkak dira. Badute izan galeriarik, bainu-etxe egin dituzte etxe barruko gune bihurtuz gaur egun.  Askok eta askok zurezkoa, oholezkoa, dute fatxadako triangelua, baita hainbat etxe berrik ere. Ez da ur-biltegi borobilik ageri herriotan.

 

Oso xumeak dira herriak ez ezik, herritarrok ere, janzkera eta itxura osoan. Xumeen artean ere ordea batzuk erabat umilak ikusten dira, pobrezia erabatekoan bizi direnen itxurakoak. Ondo-bizirik ez dugu ikusi: non ote barrutiko aberatsak?. Zeren aberatsak badaude, ez dugu dudarik, ikusten ez ditugun arren; agian hiri nagusira ihes eginak dira bizimolde erosoago baten bila.

Faisaia agertu zaigu errepidean, erdi-erdian, gain-gainean egon gatzaion arte ez du zirkinik ere egin, ezin hurbilago ikusi ahal izan dugu.

 

183 kilometro, pusztako mortu berde bustian.

 

36 graduko hozberoarekin gabiltza gaur. Gerizpe apartan gaude kanpinean.

Marigorringo, gure mantal-gorri, mantal-horia da hemen.

20 metrotik gorako ilara sendo iluna osatuz doaz txindurriak belartza, hondar-gune eta galipot bideetan barrena orbel-tarte batetik habiaraino: auto gurpilek desegiten dute ilara bizia baina berehala dago osatua.

“Vamos a la playa, oh, oh, oh, ...” hor inguruan jai-giroan dagoen jai-giroko bozgorailutik.

Ume koadrila egon zitzaion luze begira kanpinean gure autoaren matrikulari. Ulertu genien esaten gurea ez zela Hungariako bandera,  zuri-gorri-berdea baita hemengo bandera ere.

 

“Hezur gabeko hilak”. Xabier Montoia.

* “ Unadurak oro egiten du bere, lainoa irudi”.  Galdetu guri arratsean afal ondoren.

 

 

Maiatzaren 29a. Astelehena. 28.a-H:12.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Marin Etxeberria.

* “Bizitzari / askoz gehiago / ezin zaiola / eskatu / uste dut: / benetakoak diren / une / horiek”. Bidaiak dira zenbait benetako une.

 

Habiagintzan dabiltza txoriak: oso goiz ikusi dut zozoa etxatoi aurrean orbel artean urduri eta presaka lez, jauzi biziak emanez, belar eta orri lehorrak bildu eta zuhaitzera jasotzen. Kukuak eman digu egunona eta kanpin honetako agurra, badirudi bidaia osoko laguna dugula,  gurekin datorrela kanpinez kanpin.

 

Herri fierra iruditzen zait hungariarra, harro dago bere buruaz. Kanpotarrentzat ez du irribarrerik, jakin-min edo bekaizti begiradarik, ez dio axolarik erakusten. Aurrera begiratzen duen herria, albora eta besteei begiratu gabe, dutenarekin etorkizunari so.

 

 

Ipar Hungaria dugu helburu. Ordoki Handia utziko dugu gaur. Mendi eta mendate ingurura joko dugu, mendialdera, gailur garaiena mila metrotara heltzen ez bada ere; Ipar Mendigune Handia deitua, Ipar Erdiguneko Mendi-saila, 8 mila kilometro karratu, Eslovakiako muga eginez; bertako zenbait mendikate edo mendimultzo: Matras, Bükk eta Hegyalja.

Abentura txiki bat da bidaia oro, bidaiako egun bizi horietako bat aldaketa eguna.

           

Laino zuriz estaliz doa zerua, baina 23 graduko hozberoa izan dugu abiatzerakoan.

Bidaia deserosoa gerta zaigu, arteza da errepidea baina Micolc industria-gunearen eraginez edo, zorua hondatu samarra dago, kamioi asko dabil, kamioi presatia gainera, atoidun burdinazkoa, motor eta txapa-hots gorgarriekin, beti gain-gainean norbait atzetik, noiz aurreratu ahal izango zain.

Ordoki Handiko osagai oro errepikatzen da: erremolatxa sailak izan dira gaur aldagaia, gidaliburuak aipatzen dituenak, baina gaur arte ikusi ez ditugunak. Ureztatzeko tresneria ere ikuskizun berria izan zaigu gaur: mugikorra den gurpil erraldoian bildutako tutueria malgua. Kolore guztietako, arraza oroko,  behiak daude: holandar behi aldra granja batean.  Zementuzko bola erraldoia, ur-biltegia, parabolikaz josia agertzen da han-hemenka, bi eginkizun betez, ura eta berriak banatzen dira bertatik. Herri bakoitzak bi  hilerri izatea izan zaigu deigarri, lau hilerri ere izan dira herri batean; sinesmen ezberdinen arabera segur aski, bestaldeko jaun hori ere ezberdina da nonbait, bakoitzak bere jaungoikoa du zain; lore asko da hilerrietan, lore multzo erraldoia da hilobi bakoitza; hilerri batek hilarrien ordez zurezko zutoin edo zutabeak zituen, zutoin edo taket sendokote landu-landuak, bakoitza bera, ezberdina, ezberdinki landua: gehiago zirudien zurgin, tailagile edo eskultore baten erakusketa. Nork daki zenbatgarren aldiz, gaur ere bidezainak han zeuden errepide ertzeko egon lasaian: uneoro da beraientzat atseden-une, baina txukunak daude errepide bazterrak. Ubide eta ibai ertzak kanaberek hartzen dute; alboetako zabalgo dena da putzu eta istinga.

 

Ez dugu ia gizaki beltzaranik ikusten: gureetara zetozen hungariarrak eta Donostiara datozen kaldereroak Hungariako ijitoak dira nonbait, zeren, gidaliburuak dioenez, hotel eta halakoetan girotze lanetan ibiltzen omen dira bere musika, abesti eta dantzekin.

ELADO: ez da Hrik gabeko gaztelerazko izozkia, “salgai” esan nahi du.

 

Puszta kutsua du parajeak

Polgar. Lau tximinia luze, gari-biltegia, komunikabide dorrea, kanpandorre luzeak ikusten zaizkio halako ikuspegi edo efektu ezberdin berezia sortaraziz urrutitik:  gero bertatik ez dorreak ez biltegia ez dira hain ez luzeak ez hain lerdenak, luzeagoak egiten ditu nonbait lurraldearen zapaltasunak; lau zitzaizkigun tximiniak, berriz, zortzitik gora bihurtu dira, lodiago eta garaiagoak bertaratu heinean.

 

Tisza ibaiaren beste aldean eta bere bazter edo inguruan, ibaiaz baliatuzko zentral edo zerbait antzerakoa.

Gazta dute salgai errepide bazterretan

Gurdia bere zaldiarekin etxaurrean geldituta, gidaria gidari-eserlekuan patxada geldian: zaldikumea zuen zaldi honek ere: umeak errapetik edoski dezan gelditu dira. Bigarrenez da ikusten dugula jokabide bera.

 

Bikoiztu egiten da Tisza, irla nahiko zabala sortaraziz erdian, beraz bi aldiz jarraian zeharkatzen du errepideak ibaia, zubi luzez adar bakoitza, zabala baitira adar biak.

 

Tiszujvaros.  Kolore plastada zabala da mapan, baina guk ez dugu inolako hiri erraldoirik ikusi. Lau bideko etorbide zabala du, baita zuhaitz ederreko parke zabal-zabala ere. Agian basoaren beste aldean gordeta dago hiria. Poliziak kamioi eta autoak geldiarazten ari dira ilarak sortaraziz, zorionez gure kontrako norabidean.

 

Lur azalean bukatzen dira teilatu-hodiak; tarteka, Eslovenian antzo, lurrerainoko katea jartzen diote teilatu barreneko hodiari, hodiaren goiko ahotik lurrerainoko luzagarria, urak ingurua zipriztindu ez dezan.

Errepide bazterrean pilatutako laukiak: burdin sareak dira hemengoak.

Monumentu edo eskultura bitxia eta deigarria bidegurutze batean, handia bera: belarrez estalitako barrutik hutsik dagoen eta sarrera duen  harri-pilo borobila, gain-buelta osoa taket sendo ilunak dituela inkatuta.

 

Zuhaiztia da mendi-muino osoa, zuhaitz arte dena da etxetxo.

Eta hara non ditugun aurrean egunotan ahaztuta genituen mendiak, mendikate luzea, nahiko garaiak dirudite tontorrok. Alboan lautadako azken istinga eta putzuak ditugu oraindik. Azkenez hondar harrobiak: zoru azpitik lur azalera ateratzen da hondarra, harea pilo handiak sortuz.

Eta honenbestez bukatu zaigu Ordokia, hainbat egunotako eguneroko paisaia eta bisita-lekua.

BIDAIAK 2000. HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/01/30 11:30
HEGO-MENDEBALA: Orfu, Szigetvar. ORDOKI HANDIA: Szeged, Hodhezövasarhelly, Debrecen

Maiatzaren 24a.    Asteazkena     23.a - 8.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.

* “Itsasbelarrez zamatutako olatua / bezain astiro / doa gure begirada argitzen”. Gainera azaleko bristadaz baino ez gara jabetzen. Ihes egiten digu herri honen arimak.

* “Hitzik gabe idatzi nahi nuke”. Baina ez dut beste lanabes, bide edo ahalmenik nire barrena azaleratzeko, eta bolaluma hartze bakoitzean iruditzen zait “hitz are zimurragoez” ari naizela.

 

Andre-gizonak izan genituen erabat gure gainean, autoa non utzi eta non ez keinuka adieraz beharraren beharrez aspergarri, haserre itxurako keinuz  beharraraziz. Atzo andrea izan nuen niri itsatsia mutur-oker harraskan ur beroaren kanila zabaltzeko debekua adieraziz, ur beroaren bila nora joan aginduz, bidean ura hoztu egiten baita eta gas asko alperrik galtzen. Ez dakit ze debekurekin etorriko zaidan gaur. Begidun triangelu oro ikuslearen begiradapean eta agindupean nagoen sentipena dut, beldurra eta artegatasuna sortzen didan begi eta begiradapean, ez nago eroso kanpin honetan.

Familia baten ekimena denez, emankorregia ez seguru aski, agian beste ogibiderik ez dute eta sosari eta gastuari asko begiratu behar diote.

Hain da intxaurpe gure kanpin hau, ze gaurko eguzki distiratsu eta zeru urdinarekin ere ainube eta ilunpe jarraitzen du.

Ia nongoak garen galdetu digute belgikarrek frantsesez bagenekiela jabetu direnean. Atzo begiratu omen zuten munduko nazio guztien ikurren zerrenda dakarren liburuan baina EH eta ikurrina ez omen zuten aurkitu. Barretxo konplize bota digute: belgikarrek uler dezakete gure arazoa, “independienteak ez oraindik baina euskaldunak gara, ez espainolak”.

 

 

HEGO-MENDEBALA

 

Ustez nahiko motz behar luke gaurko ibilia, Transdanubiako azkenak izanen dira.

Hiri osteko mendiko zulogune edo bailaratxoetan daude gaur ikusi nahi ditugun lakuak. Apal samarra dirudi mendiak baina kilometro luze eta erpinak igo eta jaitsi bera izan ditugu, alde batera zein bestera. Tantai sendoko pagadi ikusgarri ederra: nork esan ez genbiltzala Lekunberritik S. Migelerako tartean.

Hotel, jatetxe eta abarren ingurua dotoretua, hain sarri ikusi ohi ditugun gurdi horietako bat aurkitu dugu aldapan gora enborrez zamatuta, bi zaldi sendok tiratuta, adineko gizon gordina gidari-eserlekuan, eskuan zeraman zartailuaren  heldulekuko borla zuri-gorri-berdea nabarmentzen zitzaiolarik, Hungariako banderaren koloreak.

 

Dozena bat etxatoi holandar gurutzatu ditugu: duela hiru urte sasoi honetan bertan hogeitik gora ziren Eslovakian elkarrekin zebiltzanak kanpinez kanpin.

 

Orfu. Paraje bikain batean kokatua, lakuak ematen dio oihartzuna: laku berdea inguru ezin berdeagoan. Bi laku ditu, biak hormaz handituak, biak beraz urtegi, turismorako prestatuak, bisitari askoren egonleku, Pecs-ko hiritarren arnasa-leku. Bat da batez ere erabiliena eta prestatuena. 2,5 kilometro luze eta 500 metro zabal, bide-gorriz oinez edo errepidez autoz, bira osoa eman dakioke; oholtzaz betea du ertzeko ur gaina, kanabera artean jarriak, peskarien kokaleku, bakoitza bere jabearen izenarekin, gaur gazte bikoteek hartu dituzte eguzkiaz gozatzeko, laku erdian ere bada peskaririk, txalupatxoetan bakarti; mutur eta atze motzekoak dira peskarien txanelak, azpia zapalekoak, txikiak, dira eta ur azpiko zoruan sakatuz hagaz erabiltzen dira Altzolan Sageruak bezala; hainbat suge ikusi dugu eguzkira ateriak, ur azalean, kanabera kirtenetan edo txalupen lotzeko kateetan, bakarka edo multzoan kiribildurik; Ertz batera mugatuta dago turismo zerbitzugunea, bertan pilatu dira kafetegi, eta gainerako zerbitzuak, igeri egiteko garbitutako gune inguruan; etxetxoak inguru osoan, zuhaitz artean, begiei erasorik egin gabe.

Han-hemenka zaldi-korta eta larrainak, sarriak.

 

Abaliget.  Hurrengo mendi ostean kokatua. Bi lakutxo ditu inguru atseginean, bata bestearengandik ber-bertan. Pedaloiak daude oso txikiak arren, baita kafetegi bat ere. Bisitari ugari datorkio nola ez: gaur bi autobuskada ume etorri dira, lakuek inguru garbia dutenez kontrola errazagoak dira umeok.

 

Herritxo orotan dago hildakoei oroitarria, borroka izan zen lurraldean bertan edo seme asko joan zen gerrara.

 

Hetvehely. Maiatza txikitxo ugari, ia etxaurre bakoitzak du berea, zinta zuriz apainduta, jadanik ihartuta; pinua zen bat, beste denak urkiak.

 

Mahastiak mendi-muino maldan, eguteran.

 

Bukkosd. Maiatzak, zikoina ere. Hungarian lehenengoz ikusi dugun artajorra,  hirukotea ilaran kaska-kaska aitzurrarekin: aro ona da nonbait gaurkoa.

 

Trena, bailara zapal berdinaren erdi-erdian, inguru berdean urdin, kankailu luzea, tankredo itxura du.

 

Cserdi. Hogeitik gora bidaiari jaitsi da trenetik, denak erosketa poltsa eskuan: ez da nonbait ganorazko dendarik herritxoan.

 

Hilerri biluziak, ezuste oraindik gure begientzat.

 

Bukatu zaizkigu mendi eta bailarak, mugarik gabeko lautadan sartu gara, galsoro eta arto-sail artean, herritxoak zeharkatzen ditugu tarteka. Paisaia ez zaigu jadanik ez berri, ez ziztagarri, ohitu baitgatzaio.

Dela behe solairukoa, dela bi isurialdekoa, herri orok du zabalagoa, sendoagoa, luzeagoa,  itxurosoagoa den etxea; ondo-bizi, jauntxo, aberaskilak, beti bizi ohi da etxebizitza erosoagoan, eta herri orotan da ondo-biziagoren bat.

Antzinako granja edo nekazal etxe  dirudienak eskuairan jasoak dira, erdian zeru zabalpeko patioa geratzen zaie: erabat hondatuak eta utziak daude tamalez. Putzuak, era guztietako artaburu gordelekuak... baina ez da korridoredun etxerik: agian gaur egun zerbitzugune bilakatu duten teilatupea da kanpinekoak zuen korridorea. Ez da lastozko teilaturik, jatetxe eta saltegi berri erakargarrietan ere.

 

Kacsola. Zikoina, monotonia hausten digu.

 

Noizbehinka azal ilun-iluneko, ia beltzeko, gizakiak ikus ahal dira. Ia bi gizaldi egon ziren Hungarian turkoak, ez da harritzekoa arraza nahasketa izatea.

 

Szigetvar. Gazteluak du fama, baina eliza izan zaigu bitxi, ozta-ozta harrapatu dugu irekita apaiza atea ixtera zihoanean: meskita izana, sarrera eta dorrea itsatsi zizkioten, baina eliza bihurtuta arren meskita estruktura bera gorde du: egitura, leihoak, kupula, kantoietako apaingarriak... eskuak garbitzeko erabili ohi zuten harrizko harraskatxoa da ur bedeinkatu ontzia bera; ganga freskoz dotoretua, dei-deigarria dago. Gaztelua: ez dago tontorrean, lauan baizik, harresiak geratzen zaizkio soilik, adreiluzko sendoak, turkoen garaiko ber-berak omen, orduan bezalatsu; bazuen gotorleku borobil sendoa baina erauzi egin zuten; gaur egun eraikin bat du erdi erdian, turkoen garaikoa, meskita izana: gaur egun museo bihurtu dute, argazki, irudi, gerra tresneria... hungariera soilean daude azalpen denak; Eibarko grabatzaileen aurretik ere izan ziren arma dotoretzen artista bikainik; nabari da egin zela gaztelua baliagarri bihurtzeko ahalegina turismoari begira, baina hondatu samarrak daude ekimeneko hondakinak. 1566. urtean 2.600 lagunek aurre egin omen zioten 90 mila soldadu turkori, 33 egunez egon ziren inguratuta; azkenek bere buruaz beste egin zuten beraiek barruan zirela gotorlekua birrinduz.

 

Autoko argiak piztea ahazten zaigu noizbehinka: Hungarian ez digu inork pizteko aditzera ematen Eslovenian bezala.

Poliziak  izan ditugu lehenengoz errepidean, hauek ere azeri, gordeta zelatari hosto ostean nor harrapatuko bihurrikeriaren batean.

 

150 floringatik salgai krabelin sorta ederra errepide ertzean.

 

117 kilometro, Danubiotik honanzko azkenak.

 

Eguzki eguna izaki, ozen dabil txori-kantua. Belartzan dabilzkiguz biligarroak janari bila. Txakur handi gaizto muturrekoa agertu zaigu errekatxo zulotik zehar plisti-plasta M. Luisa izutuz, hurreratu zait bere konfiantza gutxiko muturrarekin, eseri zait alboan ipurdi gainean eta  miazkatu dit ukalondoa lagun bailebil, han izan dut kanpineko ugazabak uxatu duen arte. Baina gaur satorra izan dugu lagun bitxi: harri-txintxarrean ibili zaigu nahiko luze, erdi galduta; nire oinetara bertara hurreratu zait, belartzara; lurra aurkituaz bat muturra lurretan sartu eta hasi da zuloginan, berehala gorde zait harrotzen zuen lur azpian eta jarraitu du lurra jotzen tontortxoa jasoz nire begi harrituen aurrean.

Ilunabarrean kanpai-hotsak, ohi denez.

 

“Putzu”. Txillardegi. “Apezgoak eman ohi dituen mailak eta mintzakerak, errespetua sortzen zuten bazterretan”. Szepessy Ignnazs (Estepinak) Hungarian, Mintzenti Eslovenian, kasu.

 

 

Maiatzaren 25a.   Osteguna     24.a - 8.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria. “Martinek zu maite zaitu. / Zuk badakizu / nor zaren”. Nork daki nor naizen, agian neuk ere ez.

 

Kanpin orotan izan dugu tren-hotsa, ozenago edo motelago, hurrago edo urrutiago, baina denetan.

Ia betileak ukituz erori zait txorikumea teilatutik lurrera garbitokira bidean. Hartu egin dut eskuetan, ikara zimikorik ere ez zuen egiten. Oso lumatua zen. Lurrean utzi dut hiltzat. Lasterrera, itzuleran, ikara batean ikusi dut, “hilaurreko ostikadak”, baina hara non hegazkada bizian joan zaidan arrama artera!!!.

 

Aldaketa eguna. Eguzki dirdiratsu pean utzi dugu gure intxaurrondo azpia.

Danubioaren bestaldeko lurretara joko dugu gaur. Ordoki Handia, Kiskunság, The great Plain, Le Grande Plaine, La Gran Planicie. Tisza ibaiak erdibitzen du. Garai batean harea mugikorrak ziren, gaur egun lurralde jori eta emankorra da egokitze eta ureztatze lanei esker. Lurralde zabala, 47 mila kilometro karratuko zabala. Duela gizaldi bat besterik ez da lurrok ontzen hasi zirela, lursail gazte-gazteak dira beraz.

 

Errepideak berak erakutsi digu atzean datorrenari lasai begiratzen. Ia aintzat ere ez hartzen, gure joanari eutsiz, ez bizkorrago ez mantsoago, gure abiadan; atzetik datorrenak berak jakinen du nola jokatu, bere legeak ditu errepideak, denontzat berdinak; gure etxatoiarekin lasaiago goazelarik ez dugu zertan ibili atzekoari begira, mantsotuz, bizkortuz edo baztertuz aurreratzea errazteko. Aukera duenean eginen du egin behar duena.

Herenegungo bidea egin dugu Mohacs-eraino, alderantziz gaur. Gora-behera leuneko errepide atsegina, uhindua, lurraldea bera bezala; zorua, berriz, zimurtua, etxatoia dantzari jarriz mantso joan ezik. Ez dabil Balaton inguruan bezainbat auto zaharrik errepidean, ugariak dira, adiz, herri barnean. Errepide lanetako segurtasun neurriak, ohar eta gainerakoak, bidezainen gibelaren arabera daude.

Tantaz-tankako ureztaketa dute fruta-arbolek sail zabaletan: israeldarren asmakizuna ur urriari etekina ateratzeko.

Autobus geltokiak ez dira inondik ere Esloveniakoak bezain bereziak eta zainduak, ezta ere egitura bitxikoak.

 

Duna altzo-zabal ahaltsuaren albotik egin dugu Bajara bidea, bertan generamala jakinez baina zuhaitz arteko tartetxo batetik tarteka ezik, ikusi gabe.

Lurralde menditsua, sakonak dira orain bailarak eta mendiarteko zuloguneak. Nekazari jabego txikiko lurralde kutsua du, txikiagoak dira lur sailak, ugariagoak baratzak. Izugarrizko mahasti zabalak, ohi denez magaletako eguteretan.

Kanpandorre luze zorrotzak eta ur-biltegiak borobil zuriak egiten dute gorantz teilatu gorri eta zuhaitz berde gainetik.

Hiru ziren gutxienez itxitura bateko astoak, zuriak hirurak.

Bataszek. Teilatu zorrotz bikainez bukatzen den eliza-dorre lerdena da deigarria. Maiatza berriz zintadun txikitxoa, bat bakarra, etxe batean, badu botila bat ere zintzilikatuta: etorkinen bat, herrimin.

 

Bi gazte autoaren kapota jasota keinu bizian gelditzeko erregutuz: susmo txarra hartu diegu, zergatik guri keinuok, eta ez   bertako aurreko kamioari, ezta ere atzeko hungariar autoei.

 

Porboly. Zikoina bidaia pizgarri. Biltegi edo upategi itxura duten lurpeko gordeleku batzuk, bai herri honetan bai hurrengoan ere.

 

Betiko osagaiak: etxetxo bakaneko herritxoak, etxeak elkarri loturiko herri koskorrak,  putzuak, artaburu biltegiak, etxe osteko oholezko txabolak, korridoredun etxetxoren bat…

 

Duna, Donau, Danubio ibaia zeharkatu dugu burdinazko zubi luze eta zabal batez, errepidea bera estua eta hesitua bada ere. Ez doa hain zikinez koloretsu, ez da Errumanian ikusi genuen ibaitzar lohi hura, baina ez da ere ibai urdin erromantikoa. Oso gogokoa merkantzia trena bailitzan dozenatik gora gabarratzarren ilara izan da,  ibaian behera ertzetik zama-ontziek bultzatuta, Rin ibaiak utzi zidan irudi sarkor haren sentipen antzerakoa.

 

Baja. Dunaren alboan. Bidegurutze nagusi batean mundu-bola handi bat dago berdegune erdian,  munduaren gainean ibiltari bat: noren omenez ote eskultura?. Bidegurutze berean semaforo batek luzaroan eduki gaitu errepidean itsatsita; beste denak hainbat aldiz aldatu dute gorritik berdera, gure bidegurutzekoa, berriz, gorri zirauen: ilarako burua nintzenez aurrera egin dut argi gorri eta guzti, beste denak izan ditut nire ondoren.

 

Side-car bat: ikusi gabe nuen urteetan.

 

 

ORDOKI HANDIA

 

Lurralde zapala, hondarrezkoa; izugarrizko garitzak, eta arto-sailak, batzuk horituak, arto-sailak batez ere; ekilore-sailen bat, baita kiwi antzerako zenbait zuhaizka sail ere, fruta-arbolak tarteka, guti; mimosa antzerako zuhaitza ere bada tarteka. Zer ote jakin-min utzi gaitu: metro erditik gorako kirtena duen ortuaria, oraindik ireki gabeko tipularen neurri eta jiteko buru berdez bukatzen da, lu-sail zabala betetzen du. Leka oso txikiak dituen mastra sail zabalak: ez dakigu ere zer den. Hiri nagusien inguruan daude ugari fruta-arbolak eta ortu-sailak. Intxusa loratuak dira  argindar ipurdiak Ordokian bertan ere. Ureztatuta egonen da lurraldea baina ez dugu ureztatze azpiegitura edo sarerik ikusi.

 

Ez da inongo mendirik lau haizetara. Ez da itsaso berdea, zuhaitzek ez baitirudite belaontzi-masta. Lurralde laua izanik, errepidea ez da arteza, zuzena; bira eta bira doa, ez dakigu lurrak berak inposatuta, drainatze erretenak behartuta, ala jabetzak errespetatu nahian. Zuhaitzak errepide ertzetan, baso kaskoak hirien bukaeran, makalak eta akaziak gehienak; bada zuhaitz mota bion mintegirik ere.

 

Oso bakan datoz herriak, nekazal etxe batzuk sail batzuetan, besterik ez dago, bata bestearen inguruan baina ez bestearengandik bertan; soro erdian bakar batzuk zuhaitzek ia borobil osoan estaliak, edo eguzkitik edo auskalo zerengatik gordeak, agian geriza bila besterik gabe. Antzinakoa dirudi zenbait herrik, beste zenbaitek, berriz, nahiko berri itxura dute. Korridoredun etxe bakarren bat ere bada. Eliza-dorre bikainak eta ur biltegi garai zuri-borobilak teilatu ia ikusezinen gainetik, hemen ere. Lau isurialdekoak ez diren etxeek zapala dute teilatu gailurraren erpina zorrotz bukatu ordez, ganbarako leihotxoa babestuz edo. Nekazal etxe bakoitzak du bere artaburu biltegia, batez ere zaharragoak diruditen herriotan.

 

Tatahaza. Lau bokal eta laurak A.

 

Errota dirudien  harrizko dorretxo konikoa.

Geu bakarrik gara errepidean. Gidaritza lasaia. Zuhaitzez janzten zaigu noizbehinka errepide ertza. Sakonak dira ertzeko erretenak. Tabernaren bat errepide ertzean, noizbehinka: pare bat bidaia osoan. Gasolindegiak ere gutxi dira, errepideko atsedentoki ere badira. Zementu hormatzarreko bunker itxurako bat ia lurpean soro erdian: gerra hondakina ala biltegia?.

Gurpilek zapaldutako trikua, lehenengoa Hungarian. Bi zaldi sendokotek eramaniko lau gurpileko gurdia, gidari-eserlekuan eseritako andre-gizon pare ederra garraiatuz. Granjak: behi laukotea agertu zaigu lehenengo, behi aldra lasterrera, ebaki gabeko latza edo istingatsua dirudien belartza batean. Hara non zikoina, lurralde honetako bakarra, landetxe baten aurreko tantaian.

Hesirik gabeko hilerri biluziak. Lastozko teilatudun nekazal txabolak etxe alboan. Nahiko leuna da trenbide-gurutzeko zorua.

 

Hiri nagusira helduaz, 20 bat kilometro aurretik, erabat aldatu zaigu paisaia: berotegi txikiko sail zabalak, ugariagoak dira baratzak, baita fruta-arbolak ere, lur landu sailak txikiagoak... autobusa ere badabil, jendea autobus zain dago... autoa ugaritu da...

Poliziak, azeriak lez, erdi gordean, zelatari eta salatari.

 

Morahalon. Etxe bakaneko herri izugarri luze zabala, kale perpendikular luze-luzeekin; errepidea estutuz babestuta daude zebrabideak ere.

 

Begi-bistan dugu hiria: errepikagailua, aireportuko dorrea, ur biltegia, eraikitzarren baten dorrea...  plater hegalaria dirudien txapel erraldoia arbola ostean denaren gainetik: han behar du hiriak. Tren urdina ere agertu zaigu luze-luzea lautadaren bukaeran arboladi ertzean.

 

Kanpina. Eskura etorri zaigu, erraz sartu gara. Hotel baten zerbitzugunea da, hiriko sarreran bertan. Harizti eder batean, Etxarrikoa bezala: tantaiak dira hemen haritzak, gazteak. Harea da kanpineko lurra; hareatza mugikor irenslea izanik, infernua behar zuen izan lurralde honek Atila eta ondorengoen garaian, Txori-kanturik ez zaigu falta: zozoa ala biligarroa?, kukuak ere eman digu ongietorria, orain arte bezala belarrietara dugu baita tren-hotsa ere, baita ilunsentian  kanpai-hotsa ere.

Jugoslaviako muga-mugan gaude, Errumaniatik ere bertan.

 

Szeged. Tisza ibaiaren uholdeak erabat hondatu zuen, beraz duela gizaldi bat berrin-berri eraikitako hiria dugu: “Eguzki hiria” deitzen diote, urtean eguzki-egun asko omen dituelako. Hunoen hiriburua bosgarren gizaldian eta hareago; gaurko plaza dagoen toki bertan jarri omen zuen Atilak denda. Hil ere lurralde honetan bertan hil omen zen: kondairak dio Tisza ibaian hondoratu zutela burdina-zilar-urrezko hilkutxa: urak eraman omen zuen eta ez da aurkitu. Honez gain historia luzea du hiriak, gertakizun garrantzitsu asko izan ditu bere baitan.

Tranbia du eta hori bada jatortasun bermea, tranbia hiri baten bizia eta piperra da, ia anima bera.

Ez dago ezer antzinakorik, eliza bakar batek soilik eutsi baitzion uholdeari. Baina hiri aparta da, argi askoko hiria, 50 mila metro karratuko plaza izugarri zabal baten inguruan, Tisza ibaiaren albotxoan. Gustura ibiltzeko hiria, gu behintzat gustura sentitu gara bertan, bisita atsegina gerta zaigu, arratsalde gustagarria egin dugu bertan. Zein baino zein apartagoak etxeak, bikainak, argiak. Kale zabalak, denda kopuru ederra da erdigunea. Jende jatorra  biztanlea: hiru pertsona hurreratu zaizkigu laguntasuna eskainiz planoa eskuan nora jo zalantzan ikusi gaituztenean. Plaza asko ditu, zuhaitz eder eta ugarikoak denak.

 Katedrala, berria nola ez, izugarria da: horma oro freskoz edertua, erabat osoki, ezin antzik eman pintura onak diren, baina erakargarriak eta deigarriak bai badira; organoa Europako bigarren handiena omen, Milangoaren ondoren: organo emanaldia gerta zaigu bisita, organo-jolea entsegu joaldian baitzegoen egiten zituen errepikapenen arabera. Domo plazak 12 mila metro karratu zabala da, bertan S.Demetrio eliza, XII. gizaldikoa: dorretxo txiki bat besterik ez da, adreiluzko moinoinoa. Sinagoga, aparta, kupula eta aldare ederrez egitaratua, Europa kontinenteko ederrenentzat jotzen dute; kanpotik ere landu bikaina, 48 metroko altuera du kupulak: gerra garaian alemanek hondatu ondoren berritua; Shiller-ek hor du bere oroitarria, baita mila judutar erailek ere; bisitari asko doakio, txanotxoa jarrarazi didate; ezin ahaztu palestinar zapaltzaile eta hiltzaile bilakatu direnik guk miretsi eta defenditu genituen judutarrak!!!. Liburutegia, 500 mila liburutik gora omen ditu.

 

Ibai ertza ez da batere atsegina, non ibili duen arren. Ibaia bera garbia dator, baina oso zabala izanik ere oso gora egiten duela dirudi uholdeetan.

Eguerdioro zaigu izozkia indarren eusgarri: gozoa da, hamar duroko merkea gainera bola bakoitza.

 

193 kilometro, Dunatik Tiszara.

 

Hungariako komun-katiluek laugunetxoa dute erdian, non gelditzen den eginikoa, gureetan bezala zuzenean zuloko uretara erori gabe: urak eramaten du gero zulora eta hodietara.  Ez dute bat-batean husten edo askatzen den ura, ura etengabe eta zuzenean dator indartsu giltza zabalduz gero, norberak deritzonean eteten du ur-korrontea.

 

“Putzu”. Txillardegi. Oraindik karlista asko dugu Euskal Herrian, beltzak ere franko.

 

 

Maiatzaren 26a. Ostirala. 25.a-H:9.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.

*  “Bidelapur bat nintzen. / Haritz amerikarren basoan / egiten nuen lan./  Bidatiei eta agureei / sosak ehotzen zizkien / errota nintzen”.  Atzoko gazte biek bidelapurrak ziren, errepidean egiten zuten lan eta bidazti agureoi ebatsi nahi zizkiguten sosak.

* “Nik ez nuen / idazten ikasi; / izaten ikasi nuen, / sentitzen”. Bidaiatzeak ez dit idazten irakatsi, izaten eta sentitzen agian bai.

 

Buruko ilea gailu elektrikoarekin egiten ikusi dut auzo dugun gizon kaskamotz gaztea. “Bizarrarekin batera buruko ileak eta kitto” pentsatu dut. Baina hara non ondoren aitzurrez egin duen bizarra, xaboi, brotxa eta parafernalia osoz.

Moskito izurritea dabil zerbitzugune inguruan: lurralde umela edo istingatsua dugu ingurua nonbait.

 

24 graduko hozberoa dugu goizeko bederatzietarako, bidean gara jadanik, sapa aurretik etxeratu asmoz.

Bi hizkuntzatan daude herri-izen gehienak sarreretan. Kanpotar migratzaile edo etorkin asko omen, bakoitzak bere hizkuntza gorde du, hortik dator izenok bikoiztea. Agian maiatzak ere kanpotarren, etorkinen,  ohiturak dira.

“Kontuz” keinu asaldagarriz bazterrerarazi gaitu jeep militarrak: tanketzarra zetorren bi zatiko trailer gainean, tanke gidaria aurreko zatian zihoan bere kasko ezaugarria buruan zuela.

Lautada zapala, urrutiko zuhaitzak ezik, ortziraino ezerk mugarik jartzen ez dion lurraldea. Hala izan da goiz osoko ibilia, ez tontorrik, ez muinorik, ez gora-beherarik.

 

Feher-to.  “Laku zuria”, Naturgunea, 250 hegazti migratzaile mota ezberdinen pausaleku. Landetxe bateran kokatutako zikoina besterik ez dugu ikusi ahal izan. Bisitarientzako behatokia: zurezko dorretxo hala-moduzko ziztrin bat besterik ez da. Lautadan, ur-putzu eta padura sailak dira errepidearen alde biak: hori izanen da “laku zuria”. Ez genuen askorik espero baina belar latz saila besterik ez da izan guretzat, besterik izanen da txorientzat eta gaiaz jantzientzat.

 

Atzo esanak balio dute gaurko lurraldeari buruz ere. Lastozko txabola izan da agian xehetasun deigarriena.

Landugabeko lurralde istingatsua.

 

Autoeskola ugari  dabil errepidean, auto salmentak badu etorkizuna nonbait.

Petrolio lurraldea da mapak dioenez; ez dugu dingilin-dangala mailu erraldoiko petrolio putzurik ikusi, bai mota ezberdineko eraikuntza ezberdinak zuhaitz artean, petrolio biltegi eta zisterna-merkantziak.

Tisza ibaia zeharkatu dugu, halako zirrara sortarazten didate ibai erraldoiok zama-ontzirik ez badoakio ere.  Zikin doa, ur asko dakarrenerako ertz garaietan bildua, urtegi erdi hutsa bailitzan.

Istinga lurraldea, tarteka drainatze betekizunetarako erreten sakonak eta ubideak, Holandakoen antzerakoak.

Sarriak dira Hungarian ere aterpedun langatxoak, herriak zein beste zerbait iragartzeko, Eslovenian antzo.

Bide-gorri asko inguruko herriotan, herritik herrira sarri, galipotezko bide-gorri estu beltz berdegunean, gaurko ibilbide osoan.

 

Hodmezövasarhelly. 16 hizkiko herri izena, ez da motz gelditzen hau ere. Izenez ez ezik,  ezta egituran ere: 55 mila biztanle ditu, zabala, erdi-erdian  etxetzarrez osaturiko auzune zabala du, baina antzinakoak ematen dio bere nortasuna. Hiri bizi-bizia, uda giroa da nagusi, jende pila dabil kalean, praka motzetan, jantzi arinez, minigonaz... Ez du ezer berezirik erakusteko baina  atsegina gertatu zaigu. Ohiko egitura eta etxetxoez gain, etxe apartak ditu batez ere erdigunean, plaza eder baten inguruan, udaletxea delarik aipagarriena bai tamainaz, bai egituraz, baita dorre lerden garaiagatik ere. Etxe garaiko kale erabat zabalak, arnas handiko herria, lasaia. Plazan 1.050 kiloko kanpaitzarra dago, irudi pitxiekin, 1830 inguruan urtua. Txirrinduak dira deigarriak hirian, Holanda dirudi, zahar eta gazte, baina batez ere nagusiak,  ia gehiengoa dabil txirrinduz,  txirrinduz datoz erosketetara, txirrindu pila dago udaletxe kontra, txirrindu gehienak zaharrak dira, gehiegi zaindu gabe itxurakoak; bide-gorriak ere ugariak dira, beharko. Estatua eta eskultura ugari, Hungariako herri koskortu gehienetan lez. Herri orok bezala parke ederra du, bertan ikusi dugu bernei eragiteko tramankulu polita: ardatz baten inguruan biratzen duen gurpil zabal handia, bi heldu leku daude bi alboetan, gainean jarri, heldulekuei eutsi eta ibili.

Ez gara damutu joanaz.

 

Buztingintzatik omen ezaguna eta ospetsua hiria, 400 zeramistatik gora omen ziren XIX. gizaldian. Gaur ez dugu ikusi ere zeramika arrastorik, zeramika fabrika izan daitezken bi lantegi herritik kanpo soilik; herrian bertan ez dugu zeramikazko ezer aurkitu dendetan; eliza aurrean, zeramikazko eskultura tantaia gure ustez zeramistaren tornua adierazi nahi duena, eta bigarren eskultura polit bat. Besterik ez

Eibarko SOLAC-en iragarpena aurkitu dugu ferreteria batean.

 

28 graduko hozberoa genuen errepideratzerakoan.

Ez dugu santokristorik ikusi goiz osoan, atzo ere ez.

Padura asko da herri bueltan, aurrerago belartza ikaragarriak, amaierarik gabekoak; lehortzen edo fardo borobiletan handietan bilduta belarra, ia burua helduta horitzen beste zenbait sail. Pare bat gurdi gurutzatu ditugu, lau gurpilekoak, biak zaldiz eroanak, belar-bola erraldoiz zamatuta biak, izugarrizko zama zabal garai hartuz, ertzean joanda ere ia errepide osoa hartzen zutelarik, autoak errepidetik atera eta gelditzera behartuz: ezereztxoak ziruditen bi gidariek eserlekuan, zama erraldoipean.

Galsoro eta arto-sailak etorri dira gero, ekilore sailak ere: agure bat aitzur txiki batekin zailtzen zen jorran ekilore sail zabal-zabalean, nanotxoa lurralde erraldoian: geldiegonezinen bat. Gureetako belar-meta bat ikusi dugu etxe baten alboan. Izanda gurdi bat zaldi bakarrak eroana, geldi etxaurre batean, baina bi zaldirentzat hagak zituena: zaldikumea zeukan alboan zaldiak, agian errapetik egin zezan gelditu dira etxaurrean. Behi batzuk: ohi denez istinga antzerako belartza kaskar latz itxurako batean.  Bi ur-parrastada luze lurra ureztatzen urruti batean, orain arteko lehenak.

 

Ez dago ia herririk, bakarren bat errepide ertzean, bat bera ere ez lautadan.

Benetan da ordoki eskerga lurralde hau.

 

Egoera, bitxikeria eta ezusteko ugari gertatzen edo agertzen zaigu errepidean, argazkietan grabatu ezin dituguna, geratzerik ez dugulako zenbaitetan, pertsonei errespetuz gehienetan, baita bat bateko ezuste iheskorra delako ere: bidaiak bere legeak ditu beti.

 

Makó. Errumaniako muga-mugan. Herri zapala, kale luzeko zabala, kale perpendikular luze berdinak errepidea den kale nagusian bukatuz: etxe bakoitzak behar du izan nekazal-etxe, patioek adierazten dutenez. Ez du erdigunerik, etxe bakaneko kale luzeak trabeska, ez da besterik. Eliza zuri-zuria. Baina badu izozkia.

 

Perretxikoa laboratzen omen da Makón, baina guk ez dugu perretxikorik aurkitu salgai dendetan.

 

38 graduko hozberoa.

Maros ibaia zeharkatu dugu, zabala eta ederra berau ere.

 

Klarafalva. Eliza-fatxadako gandorra  kanpai-horma izanen zen, kanpai-zulo edo kanpairik izan balu, kanpandorre zapal triangelatua.  Dorrerik gabe eliza berau, orain arteko bakarra.

 

Izozki asko jaten da Hungarian, edozein herri txikitxok du izozki denda, jende asko ikusi daiteke kalean izozki zurgatzen.

Badabil Errumaniako auto bakarren bat, ipurloka arriskutsu bizkorra nahi duena bera.

Pare bat katu autoek akabatuta: bakarrak.

 

122 kilometro, erabat lauak lurralde zapalean.

 

Ikasle koadrila dugu kanpineko etxoletan.

Txakurtzar beltz bana dute kanpineko zaintzaileek, txanda aldaketan biak dabiltza inguruan.

M. Luisa eta biok bakarrik egon gara luzaro kanpinean, isiltasun harrigarriz bilduta, sinetsi ezina da txorien kontzertua: bata besteari deika, soinu bera errepika eta errepika. Soinuok kokatu, elkarrizketak jarraitu, hori izan da arratsalde-jolasa aldi batez.

 

“Putzu”.  Txillardegi. “Baionako kaleetan deserritu mordoa zebilen”. Gu deserrian gabiltza baina ez gara deserrituak.

 

 

Maiatzaren 27a. Larunbata.  26.a-H:10.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.

* “Bizitza dago argalegia. / Argalegia / txorakeriaz / eta gizena / txoroez. / Bizitza. / Beti haurdun / bezala, / inoiz erditu gabe”. Bidaiatzea ere bizitza da, bizitzarekin topo egitea, bizitza era ezberdinetan aurkitzea. Bidaia beti dago haurdun eta erditzen.

 

Txori-txioz mukuru dago egun osoan kanpina.

Hungariar bikotea eta semetxoa ditugu auzo. Gure eremutik argindar kablea pasa izanaz desenkusatzera hurreratu zaigu: Hungarieraz bera eta ni euskaraz, keinu unibertsalez komunikatu gara.

Harrera bulegoan italiar eledun pizpirinak esan dio irribarretsu bere lankideari “baschi”. Nik berriz, “no españoles”. “No españoles” berresan du berak orduan. Ondoren erretolika bizian jardun du gutaz bere lagunarekin. Bere iritziak iritzi, badaki behintzat badela euskaldunik munduan. “Agur” errepikatuz eman dit despedida.

 

Ordokiaren ertzeraino goaz gure etxatoiarekin, Ekira, Ukrainako mugatik nahiko gertura, Chernobiletik ere ez urrutira.

Zortzietan ginen abian, goiz, luzea da gaurko bidea, eguna ere beroa dator, 24 graduko hozberoa  genuen atera garenean.

 

Ez da aldatu lurraldea, zapal-zapala darrai. Debrecen-era  hogei kilometro falta zirela izan dugu muino antzerako arboladi goranzko leuna. Sarriak dira istingak, gorago eta ugariagoak, ibaiak lubeta garaiz babestuak daude, uren isurketak tutuz kontrolatuak, ibaia hazten denean husteko edo erreten sakonen bidez lurraldea ureztatzeko:  ugariak dira ubide sakonok, batez ere Debrecen aurreko 30 kilometroetan: ez dakigu drainatzekoak diren ala ureztatzeko teknika den.

 

Zeharkatu egiten ditu herriak errepideak, nahiz ez beti erdi-erditik. Azal zuriko jende asko dago, baita hile argikoa ere, baina ugariak dira ere beltzaranak, turko edo indiar aurpegierakoak. Oso bakanak dira herriok, jadanik ohikoa zaigun jitekoak: zabalak eta zapalak, zuhaitz artean gordeak, kanpai-dorre zorrotzek eta ur-biltegi borobilek urrutitik iragarriak; etxe bakaneko kale luze zabalak, errepidea den kale nagusia dutela ardatz; etxe elkarri josiak eta etxe-koadro berriak herri koskortuetan; teilatu erpineko etxeak dira, bi isurialdekoak, laukorik dagoen arren, oso guti dira hemen teilatu gailurra motzean bukatzen zaienak; plaza edo parkea, bide-gorria, bizikleta ugari; badira fatxadako triangelua oholezkoa duten etxeak;   oso sarriak dira gurdiak herri inguruetan, beti bi zaldi txaparrek garraiatuta; izan da bidaiariak garraiatzeko bi gurpil mehe handiko gurdia ere, polita, horia, gidaria zihoan gidari-eserlekuan, atzeko aulki luzean beste bat, biak kontu kontari, biak aitonak; ohiko dendateria herri koskortuetan;  herri bakoitzak bere zikoina, istingaren hurbiltasunak eragiten du zikoniaaren kopurua: zenbait herritan burdinazko sare borobila jarri die zementuzko tantai puntetan habien kokagunea errazteko; ez da saltoki erraldoirik: saltokietako izen ezagun bakarra SPAR, ez dira saltoki handiak baina herri orotan dago: itxi egiten dute larunbat arratsaldez; ez da industria-gunerik.

 

Familia osoa aurreratu dugu: bizikletaz zihoazen, herritar xume-xumeak, egun-pasa itxuran, aitak etxeko txikiena zeraman atzeko parrillan.

Herritik herrirako tartean nekazal etxeak, bakan, solte, granja besterik ez dira sarri: inguruan txabolateria, artaburu biltegia, lastozko teilaturen bat; nahiko utziak daude etxe-bueltak, narrasak. Garitzak, arto-sailak, tarteka ekiloreak; mahasti bakarren bat, fruta-arbolak tarteka, berotegiak herri handien inguruetan: ia helduta dago garia, hori-horia, hainbat galsorotan, baina heldu puntuko horitasunik gabe oraindik. Iragarria dagoen arren ez dugu piperrik ikusi. Zenbait behi ikusi dugu: bi behi aldra granjetan, baina batez ere behi bakarra edo bikotea, lotuta soro edo bide ertzeko belartza estuetan. Bi zaldi-korta eta larrain. Ugariak dira txerri-granjak, inguruko kiratsak adierazten duenez; azkonarra gurutzatu zaigu aurre-aurretxoan errepidean, ikusgarria bere buztan luzearekin, errepidez bestaldeko bisitaren batera. Hilea moztutako ardi taldetxoa, artaldere ere eltzen ez zena, pila-pilatuta itxidura batean. Zikoinaz gain, hegazti harrapari gutxi. Pare bat animalia hildako errepidean. Txinatar kapeluaz estalitako adreiluzko dorre konikoa: Gaztelan haize-errota izanen zen, hemen ez dakigu zer den. Haize eraginez biratuz ura ateratzeko ohiko tramankuludun putzua. Zuhaitz asko dago, errepide eta soro ertzeko erretenetakoak dira, nolabait muga eta geriza: bada tarteka baso-kaskoren bat. Intxusa loratuak darraite argindar tantai ipurdietan.

 

Artez gunerik ia ez da errepidean, lurraldea laua izan arren; trenbidea, ordez, artez-artez doa. Gaur lehen aldiz, aditzera eman digute argiak pizteko, keinua eginez. Herri koskortuetan errepidea oztopo estuez babesten dute zebrabidea: zebrabideetan autoari uzten dio bidea oinezkoak, autoa bera geratzen bazaie ere, amona zaharren batek eskertu egingo dizu bidea utzi izana, adinagatik delakoan gehiago oinezko bezala dagokion eskubidea errespetatzeagatik baino. Auto zahar ugari herrietan. Trena zein autobusa, ugari dabil: badirudi zerbitzu publikoa erabili egiten dela oraindik. Kamioi gutxi dabil, bertako bi zatiko edo osagaiko batzuk eta trailer handiren bat besterik ez. Sidekarra: bigarrena. Uzta-makina ugari dabil, batez ere errepidean, galsoroetara edo galsoroetatik. Ez da iragarkirik errepide ertzetan, herri hasien sarreran, zerbitzugune eta industrialdetan soilik daude bakar batzuk. Horrek gogarazi digu gureetan ere desagertu egin direla errepideetatik. Bada nonbait debeku orokorren bat.

Esku-telefono guti ikusten da oraindik. Laster hasiko dira marka indartsuak merkatuaz jabetu nahian; jadanik hazia izanen da lehia, eskupekoz eta azpikeriaz bidea urratuz; politiko bati baino gehiagori berotuko zaio eskua eta gizenduko poltsa.

 

Oroshazak. BBVren dorrea dirudiena du. Mendebaleko etxe handi zatarreko kalea besterik ez da guk zeharkatu dugun alderdia.

 

Bekescsaba. Administrari barruti propioa du. Plater hegalariaren taxuko zilindro mehe luzea, parabolikoz betea, gailentzen zaio, agian inguru osorako telebista seinalea bildu-banatzen da bertatik, beraz garaia behar du izan tantaia urrutira heldu nahi bada. Zabala du zerbitzugunea.

Oso ilunak dira inguruko lurrak: berez dira halakoak edo urteetan simaurtuak izan direlako dira ilunak. Berez harea gorrizka dirudi dela lurra.

Ur-biltegi bolek iragartzen dute urrutira herria, bestela herririk zenik ere ez genuen jakingo: ez ote elizarik herriotan, ala kanpandorrerik gabeko elizak dira?.

Zubipean suertatu gatzaizkio trenari une batez.

Koadrilatxoa artajorran tarteka.

Praka motxetan dabil gazte jendea, emakumezkoa ere, bada gerritik gora gorri dabilen gizakirik  ere: janzkera ohitura berdindu da Europa osoan, bizimoldeak eta pentsaerak ez oraindik, zorionez. Ez dut gogoko mendebaleko kontsumo biziera uniformea.

Soro bazterrak segaz garbitzen dabil nekazari bat: segak heldulekua du kirten buruan ere, erdikoa, aldiz, txikia da, ez Esloveniako luzea.

Lore sortak errepide ertzetan: goizaldean gazteren bat joan zeneko oroigarria ote hemen ere. Asteburuko gaupasetan ere homologatua ote gaztedia Euskal Herriarekin!.

Zementuzko arruntak dira herrietako argitantaiak: nabarmen doakie kanpotik hariteria. Laster hasiko dira lurra apurtzen argindarra bideratzeko, gero gasarentzako, ondoren telefonorako... egin eta desegin, Europako penelope politika.

 

Koros ibaia zeharkatu dugu, zabal doa.

Errepikakorra bilakatu zaigu bidaia jadanik, dena zaigu antzerakoa, nekagarria eta aspergarria ere bai azkenerako.

Langa du trenbide-gurutze batek, beste batean lurreko zimurdura edo irtentxoz oztopatzen dute abiadura.

Tximinia gainean egin dute habia pare bat zikoinek; herri batean bakoitza bere argi-farol gainean daude bi zikoina, zut harroxko eta bakarti, habiatik bota balituzte lez.

Tarteka gizon bat bizikletan, aitzur kirtena darama antena bailitzan.

Europarrak dira gasolindegiko komunak, zuzenean zulora egitekoak eta ur-biltegitxoa dutenak.

ANGELA HOTEL, herri batean: piper-pote handia du sarreran. Bada espainiar abertzaleren bat bertan.

4 motozale: bada hemen ere asteburuan errepidera ateratzen den motodunik.

 

Uzta-makina, traktore, herri zeharkatze, ... mantso joan da gaur bidaia.

30 gradutik gorako hozberoa eguerdian, kanpinera heldu garenean.

 

Kanpina. Harizti batean hau ere, haritz sendo artean,  Etxarrikoa antzo. Ederra izana, hondatuxea dager, bristada erakargarri hori falta zaio.  Izan zen seguru aski Europara ireki nahiak bultzatutako politikagintza, europarrak erakarri nahiz Europara leihoak ireki nahi izan zituena. Agian ondorengo politikoek beste nonbaitetik jo  dute, aurrekoen plangintzak antzutuz  eta diruak alferrik xahutuz. Hemen dago beraz kanpin hau, gero eta kolorgetuago.  Baina hor dago: parke-gune batean kokatua; txori-kantuz bildutako isiltasuna nagusitzen zaio. Erruz dabil jendea inguruetan arratsalde-pasa, bikoteak zein familiak, edonongo asteburuko pobreen giro alai zaratatsuan.

Italieraz egiten du harrerako mutilak hemen ere: italiar etorkinen semeak...; eskolan italiera ikasiak izateko solteegi egiten dutela deritzot.

 

Debrecen. Madril antzerako munstrotzarra dirudi urrutitik, hala  da izan bertatik ere. Erraldoi moderno zatarra. Tranbiak ematen dio gatz eta poz apur bat. Baina baditu eraikin ederrak, baita lehengo kaletxo eta etxetxoak, denak eraikin berri handiekin nahastuak. Kalbinista herria, Erreformaren ardatza izan zen bere garaian. Gaur erabat hila dago hiria, denda eta saltegiak itxiak: jendetsua behar du izan astegunez. Ez dabil bizikletarik, ez dago bide-gorririk, ezta auzoetan ere, handiegia da horrelako xehetasunetarako, nahikoa izan dute etxetzar sailak jasotzearekin. Agian arriskutsuegia deritzote bizikletari hainbeste tranbia eta autori aurre egiteko.

Erdiko kale nagusira mugatzen zaio interesgunea. Eliza handia-Templu Handia: politika ekintza erabakigarriak jokatu ziren eliza honetan, Hausburg-tarrak boteretik botatzea besteen beste; horixka kanpotik,  gurutze egiturako handia da barrutik; ederra, austeroa, apainduriarik gabekoa, zutabe borobilek ematen diote edertasun jitea; hitzaren kokagunea, pulpitua litzakeena, nabarmentzen zaio bere ingurua bankuteria delarik zabalera osoan; 3 mila tututik gora omen ditu organoak, eta 5 tonatik gora kilo kanpai batek. Bigarren eliza protestante bat ere ikusi dugu, dena zen bankuteria hemen ere, pulpitua zelarik kokagune nagusi eta deigarriena. Sta. Ana eliza katolikoa, gangetan freskoak dituen barrokoa, besterik ez. Ikastetxe erreformatua, fatxada ederraz gain 300 mila liburu dituen liburutegiaren jabe da.

 

Ezkontza eguna gaur Debrecen. Eliza guztietan eten gabekoa zen ezkontza, bata bestearen ostean, koadrila bakoitza aurrekoa noiz irtengo zain. Ezkontza bakoitzak bere arduraduna edo antolatzailea du,  Hungariako hiru koloreko zinta pila darama paparrean, batek elizara bodakideekin sartzeko konbita egin digu arren eta arren. Bi ezkontzakoek  autobusean alde egin dute eliza aurretik, bi zatikako hiri autobus horietako handia zen autobus bata. Beste ezkontza batekoak, autoak utzi ondoren kalez kale joan dira elizara erreskada luzean ezkongai biak aurrean zirela.

 

35 graduko bero saparen mende ikusi dugu hiria. Gehiegitxo gustura ibiltzeko.

 

Hanka-oker sartu gara hirian, hanka-oker bukatu ere, zaila da sarri pauso okerrak zuzentzea. Bete-betean jo dugu bila genbiltzan kanpinera; bertara bide negargarri hondatua egin ondoren, itxita, utzia eta hondatua aurkitu dugu. Erabat  nahastu gaitu honek, gure bidetik aldrebestu, baina azkenez bideratu gara kanpin berrira. Hiritik ateratzerakoan nahastu egin zait niri hiriko eskema, batetik bestera joz ibili gara, tranbien karrilek argitu didate azkenez  buruan nekarren planoa eta ikasi ditugu kanpinerako nondik norakoak.

 

261 kilometro, Ordoki Nagusiko ia ertzerainokoak, gehi hirian nahastuta egindakoak.

 

Ume koadrila dugu auzo, bihurriak dirudite, herri eskolako peto petoak. Silbotedun nagusia da maisua, ez dirudi umeekin askorik nahasten denik, ezinekoa zaiola dirudi umeen bizitasuna, eserita ikusten dut umeei so: poztu naiz behar zen garaian maisutzatik alde eginaz. Maistra ere nagusia da, herrena gainera, neskatilak beraien kontu dabiltza. Bada kanpinean gauean su inguruko jaitxoa egiteko kokagune aproposa, baina ez dute erabili.

Futbol zelaia dago kanpin inguru hurrean: izugarria izan dira bertatik iskanbila, ahots hotsa, marmarioa eta oihuak.  Ondoren txori kanta izan dugu bakardadeko lagun. Bada bezeroa kanpinean, baina ez da inolako hotsik entzuten, umeek ere alde egin baitute.

Guraso talde batek bi etxola alokatu dituzte astebururako: hor dabiltza denak, guraso eta ume,   koadrilan, jolas eta jan arratsalde  osoan.

Hamarrak artekoa izan da musika kanpineko jantokian gauez. Geroago abesti hotsak zetozkigun nonbaitetik: gaupasa zaleak hungariarrak ere asteburuan

 

Umeak, txoriak, kanpai-hotsak, tren zarata...  Hungariako kanpinetako soinua.

Biligarroarena ala zozoarena da kantu hotsa?. Etsi diot. Biak dabiltza ibili belartzan, abestiak ere bienak izanen dira, baina ez dakit bereizten.

Lagun dugu burubeltza ere.

 

“Putzu”. Txillardegi.

*  “Zerk bultzatu ote zituen... eta beste ehun mila ehun mila euskal herritan, bizia behin eta berriz emateraino?. Zerk funtzatu zituen... indar harrigarriak?. Oraindik ez dakit”. Nafarroak  eta Euskal Herri osoak sinesten zuten karlismoan. Eta sakoneko sinesmenak dirau gaur egun.

Bidaiak 2000. HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/01/24 10:25
TRANSDANUBIA: Pecs, Siklos. Oroitzapenen esparrua, Mohacs

Maiatzaren 22a. Astelehena. 21.a-H:6.a

 

“Antologia”. Bandeira – Sarrio:

* “Gaua bere sorginkeriekin – A noite com os seus sortilegios”.  Lo seko egiten dut ordu luzez: hara hor bidaia-gauen sorginkeria.

“Mapek engainatu egin ninduten” – Os mapas enganaram me”. Sarri engainatzen gara gu mapa eta planoekin.

* “Nola begiratu zenien etxe hain humanoki berdin hauei ...- Como olhaste para estas casas táo humanamente iguais”. Hala iruditzen zaizkigu Hungariako herritxoak ere, berdinak edo antzerakoak behintzat, desberdintasunean berdinak, giza bizitza apala baina oparoa eta indartsua erakutsiz.

* “Bizitza mirakulua da. – A vida e um milagre”. Hungariako Balatonen Hegoamerikako banana jatea ere mirakulua da. Mirakulua zaigu bidaiatu ahal izatea.

* “Benedikatua heriotza, mirakulu guzien amaiera dena. – Bendita a morte, que é o fin de todos os milagres”.  Bizitzaren, mirakulu nagusiaren, amaiera, bidaia nagusiaren amaiera. Agian 100 urteko hilko naiz baina “a Indesejada das gentes” hurretik bizi dut jadanik, bidaia nagusiaren etena.

 

Konketako nire ezkerreko bizar-moztaileak zakarrontzira bildu ditu txukun makina elektrikoaren hautsak edo bizar hondakinak, eskumakoak aldiz putz gartsu batez astindu ditu gelan zehar. Bakoitza bat eta bera, alemanen artean ere.

 

Begira geratzen zaio hainbat jende gure matrikulari zein EH ikurrari: luzaro egon zitzaion bat atzo, begira-begira, ia zirkinik ere egin gabe. Harrotasunak harrotasun, ezezagunak gara euskaldunok, are gehiago nazioa ez garen heinean.

 

Aldaketa eguna. Ur gaineko nenufarrei, igebelarrei, agur egiteko unea.

Harrera bulegoa itxita, ordu erdiko goizeko ibilia egin dugu ustekabean. Ondoren bagoaz besapean flotagailutxoa hartuta laku berora doazenak agurtuz.

 

 

TRANSDANUBIA

 

Danubio haratagoko Hegoa dugu helburu.

Euri lanbroa hasi zaigu bidaia hasieran, larritzen joan zaigu eta euri gaitza izan dugu gero bidaia osoan ez ezik Pecs hiria bisita dugun lehen erdian ere. Haserako ttantta bigunak orduetako zaparrada etengabea bihurtu zaigu. Paisaia iluna, laino euritsua ia lurrari berari itsatsia, ikuspegia erabat hertsi eta lausotuz.  Ezin izan dugu lakua bera ere azken begiradarekin agurtu.

 

Lautada eta mendi-muinoak dira paisaia geografikoa, ezagunak zaizkigun osagaiekin. Kapsvar-etik Pecs-eraino berriz mendatea izan dugu, mendiarteko errepideaz eginez bidea. Teilatuen isurialdeak izan dira aldaketarik nabarmenena: lau isurialde dituzte etxe gehienek. Etxe gehienek dute ur-putzua, hondatuagoa edo berritua, putzu bakoitzak estalki ezberdina du, egilearen abilezia eta fintasuna erakutsiz. Sarriak izan zaizkigu zikoinak ere herrietan. Lurpeko upategi edo sotoak, edo auskalo zer, ugariak dira, agian begiluze goazelako ikusten ditugu orain baina lehen egunetako parajeetan ere baziren.

Bidaia lasaia, herri inguruetatik at ez da auto amorrurik, ezta kamioi zaparradarik ere. Zuhaitzak ditu errepideak uneoro alboetan, zuhaitz sendo mardulak gehienetan. Ekilore sail handia eta ikusiz ezaguna zaigun baina zerenak den ez dakigun bi sail handi ere izan ditugu lehen erdian.

 

Sarriak dira Kristo eta Amabirjina, harri berean zizelatuak biak, bidegurutze eta herrira sarreretan daude batez ere. Hauek berriak dirudite, agian garbitu berriak direlako. Badirudi ahalegin handia egin dela azken aldian irudiokin, agian kendu egin zituzten sozialismo garaian eta birjarri egin dituzte orain, agian zeudenak berritu dituzte, baina egon da herrian fede leherketa bat eta sinesmena agertu nahi izan da irudion bidez. Ez nuke baztertuko izan zela  Eliza eta kardinalaren kanpaina gobernuaren aurrez aurre, irudiez baliatuz: ikusi izan dugu antzekorik.

 

Laku eta padura asko ageri da mapan, guk bakarren bat ikusi dugu soilik: lur lauak izateaz gain, baxuak dira, erabatekoa da istinga bihurtzeko arriskua; mapan erreten et errekatxo bezala marraztuta agertzen diren ubideak sakonak dira, drainatze egitekoa betetzen dute, asko datorrenean leku eman behar zio urari soroak har ez ditzan, ez baitago bailara sakon edo mendi-zulo beheranzkorik urari bide lasterra ahalbideratzeko.

 

Marcali. Etxe txikiko herri handia, baina zapala. Bide okerretik egin dugu bertan: norabide iragarkiek osagai berria sartu baitigute gaur: mugako azken herriaren izena jartzen dute, ez tarteko herri nagusiena, eta noraezean utzi gaituzte. Komediak egin ditugu errepidea bukatu zaigunean baina hartu dugu itzulbidea emakume baten baimenaz bere etxaurreraino joaz. Dena zen euria nire ernegua areagotzeko.

 

Barcs herri-izeneko A hori O ahoskatu digu norabidea galdezka joan gatzaion gazteak.

 

Gaurko lehen zikoina: honek ez du huts egiten norabidean.

 

Bice.   Bi  maiatz txanka-mehe.

 

Bi lurpeko upategi bere arnasa-bide eta ate irtenarekin.

Kristoaren ordez lau santu-irudi dituen kruzeiroa, bitxi ezberdina.

Ate edo arku ponposo landua, dotoretxoa eta garaia, deigarri lur-jabetza baten sarreran.

Mahatsa tarteka, mendixkak gora egiten duen ondoko herrixketan.

 

Bohone. Zapala eta zabala hau ere. Herritxo handia dirudi, txikitxoen jitea du, baina zabala da.  Albo bakoitzean dorrea duen eliza, berria baina zatarra. Parke zabal ederra.

 

Kale oso zabalak dira, baita alboko kale eta auzoetakoak ere: etxetik errepiderainoko tartea zabalgune handia da, errepidea bera baino zabalagoa, erreten sakonak banaturik: zubitxoek ahalbideratzen dute errepidetik etxera pasabidea.

 

Belar-soro zabalaren erdian lur zapaletik gora ertzik goratzen ez zaion putzutik ura ateratzeko langa erabat luzea urkila tantaian kokaturik, lautada ebakiz: irudi bitxia.

 

Nagybajom.  Jadanik aspaldikoak bihurtu diren errepikagailu horietakoa, parabolikoak dituela tutu sendo garai zurigorrietan: irudi bitxia hau ere.

 

Hurrengo herritxo batean bospasei zikoina kaleko argindar tantaietan; tximinia baten gainean zikoina bat, melatuta, koitadu, gizajo eta bakarti, habiatik bota egin balute bezala.

 

Kapofó. Lurpeko biltegi pila, etxe gehienek berea. Teilapeko korridorea dute etxeek.

 

Orain artekoak bezain xumeak dira herri hauek ere.

Kaposmeró. Maiatza txankamakila bi etxetan.

 

Ia etxe bakoitzak du bere Maiatza, mehe luzea, kolorezko zintaz dotoretua, Hala zen Austria eta Eslovakia aurreko azken herrian ere.

 

Kaposvar. Hiri handi bati tokatzen zaion lez, etxe kopuru erraldoia. Errepide albokoak edozein hiri moderno zatar arrunt merkea dirudi. Izanen du bere erdigune antzinakoa, ikusi dizkiogu bi dorre teilatu zorrotzekoak bata bestearengandik nahiko urruti. Barruti zabala marrazten dio mapak, bera soilik bailitzan probintzia edo egitura berea duena.

 

Santos. Bere zikoina du.

 

Mendi lurraldean sartu gara lautada utziz. Dena mendi eta mendiarte, tarteka mendi-zulo itxiak, edo bailaratxo meharrak. Lau isurialdeko etxeak darraite, eliza eta eliza-dorreak dira aldatu direnak, hemengoak motzagoak dira, txaparragoak. Ziur ezberdintasun handiak daudela bailaratik bailarara, barrutitik barrutira, bai herritarren izaeran, bizieran baita hizkeran ere, gureetan gerta ohi den bezala. Ezin diogu guk antzik eman, hain gara arrain labainkorrak lurraldean, irrist eginaz bezala goaz hemendik harantzago beti; ur geldietan gelditu behar da inguruaz jabetzeko.

Faisaia agertu zaigu mendi-muino batean bide erdian. Galsoroetan galtzen ikustea tokatu izan zaigu, hau berriz basoan zebilen.

Hilerriek ez dute ez horma ez hesirik, gehienez nolabaiteko itxitura nasaia. Horma altuez gordeak, itsuak, misterioz beteak izan ohi zaizkigu hilerriak, hauek agiri-agirian daude, biluzik lez, sekreturik gabe, heriotzari beldurrik ez balute bezala biztanleek.

 

Godre. Mendi-zuloko herria, aldats piko-piko luze baten oinetan. Txukundutako etxe ugari ditu, putzu estalkiak eurak ere dotore apainak dira.

 

Marraskilo biltzen ote 4 pertsona errepide eta soro arteko erretenean makurtuta belartera adi?.

 

Berriro zabaldu zaigu lurraldea Pecs aurretxoan, zabal-zabal dager berriro ortzi-muga, goranzko leundurekin, baso sailtxoak eta galsoroak tarteka nahasian. Lurralde dotorea, euripeko tristuran ere.

Orain arteko lehen langa trenbide gurutze-gune batean. Lehenengoz ere behiak larrean. Hungariar sega, bidezainen eskuetan oraingoan: kirten luzekoak, ertzeko heldulekurik gabe, erdiko heldulekua motza da, eta bihurgunerik gabeko leuna.

Txalet sail dotorea, bakan-bakan mendi beherako berdegunean: agerikoa da hiriburuko ondo-biziek gustukoa dutela hiritik alde egitea.

 

Kanpina. Aurkitu ahal izan dugu, pare bat aldiz galdetuz, aldrebestxo ibili bagara ere une batez. Familia batek nekazal lurretan jarria, txikia, xumea, bezero gutirentzat, arbolape ilunean, sargorietarako egundokoa, baina ospela dugu eguna gaur. Sarrera hitsa egin dugu, euripean ez ezik ugazabak kanpoan ziren, han-hemenka begira azkenez gure kontu kokatu gara: gero kosta zaigu emakumeari autoa non utzi behar genuen ulertzea. Agintzaile zitala gertatu zait.  Alemaniar bat, Belgikar bat Holandar bat eta euskaldunok, laurok gara bezero bakarrak. Lasaia eta atsegina izango zaigu kanpina, hotzegia eta ilunegia eguzkirik ez bada. Zulogune batean doan errekatxoa dugu bertan, zozoak dozenaka dabiltza lur hezean mokoka, zozo beltzak, baina baita biligarroak ote zalantzan jartzen nauten zozo argiak are: aurreko kanpinean kantuan ez nituen bereizten, oraingoan ilajez eta itxuraz ere ez.

 

Alemaniarrek beti botatzen dute diosala edozein ordutan sartzen direla ere, dela garbitokia, komunetan, kalean gurutzatzerakoan zein bulegoan, besterik ezean irribarrea egingo dizute. Espainiako kanpinetan ez da horrelakorik gertatzen, luzaroan bertan dagoen bezero artean ez bada: mutu eta lehor sartu ohi dira edonora.

 

Pecs. Argi nabari zaio urrutitik begiratuz mendi-muino ezberdinetan eraikitako hiria dela, erraldoi eta zabal dager mendi magaletan barreiatuta: etxe txikiak malda luze osoa estaliz; etxetzar arruntez osatutako hiri berri-berria mendi muino-gain batean; erdigunea eta antzinakoa, bera ere, maldan behera kokatua. Zabala eta dotorea ikusten da aurreko mendi-muinotik.

Etorri eta ibili lasaian bazterrei begiratuz, museoak ikusiz, herriko bi altxor nagusiak bisitatuz, ordu  atsegin batzuk betetzeko hiria da antzinako gunea. Ganorazkoa izan zena, eta dena. Luzaro turkoen mende egona. Etxe segidako ohiko hiria, etxe eder bikainekoa, kolore argikoa: behe solairuko etxeak eurak ere landu eta dotoretuak ditu. Saltoki eta denda asko eta onak,  xumeak ere ditu, salgai onak aspaldiko erakusleihoetan ere; bada, baita  ere, etxe patio zabalik saltoki bihurtuta.

Bizia, oinezko pila dabil kalean, jende gaztea batez ere, ugaria da autoa.

Museo pila, era guztietako museoak, eraikin eder handietan kokatuak, mamia eta oskola biak aukerakoak.

Eibarko Dos de Mayoko galtzadarria bera erruz darabilte Hungarian, erruz zerabilen ere Eslovenian; txikle zapaldu gutxiago dute hemengoek.

Mezkita. Egitura itzela, bitxia, eliza bihurtuta gaur egun, erabat eraldatua barrutik, bikaina bai meskita bezala bai eliza bezala; erabat pintatuta, batez ere ganga da ikusgarria; joan eta ikusi, merezi du eta.

Katedrala. Joan eta ikusi, hau ere, txundituta uzten du sarreratik bertatik: dena da pintura, erabat, kripta bera ere, gehiegiz ere bai, ez baitago orratza bat jartzeko toki garbirik; dena da irudi, dena marrazki, dena marra koloretsua, baina ikusgarria. Kanpotik ere aparta da, tamainaz, santu-irudiz, arkuz... Badu museoa ere: katedraleko altxorrak daude ikusgai, elizgizonen jantziak, gotzain makulua, ekisaindu, eta antzerakoak, sekulakoak.

 

Pintura zaleak nonbait hungariarrak, eliza oro dago pintatuta.

Elizako fatxadan Szepessy Ignacz, gure garaiko Estepinak Kardinal famatua, brontze bihurtuta katedral aurreko plaza erdian. Pertsegitua izan zela zioten, ez dakit fedea ala pribilegioak defendatzeagatik, elizaren eskubide-boterea galdu nahi ez zituelako; nolanahi izaera sendo eta gogorreko gizakia, ez zen bera ere alferrik buru, agintari eta ahaltsu. Ez dirudi hau santu egiteko asmorik dagoenik, Zagreben Mintzenti bezala.

Bigarren mezkita: xumea baina pottoloa, moinonoa, atsegina, minarete  luze mehe erakargarriarekin: Hungarian desegin ez den minarete bakarra omen.

Turkoen hondakinik ere bada, baina ezer guti.

Industria eta Zerbitzugune zabala du inguruan; bada antzinako fabrika zaharrik ere, benetako erlikia museo gisa gordetzeko altxorra litzakeena.

Komunikabide tantai orratza ere badu mendi-muino baten gainean.

Haize takarrak astinduta eta euripean hasi dugu hiriko bisitaldia, bukatu berriz eguzki epelez bilduta zeru urdinpean, biharko itxaropen berpiztuarekin

 

183 kilometro, erabat bustiak.

 

Dena da kanpai-hotsa arratsean.

Ezin dut izarrik begiztatu gaueko komunera bidean, estalpea baita zuhaitz adar pean kanpina.

 

“Putzu”. Txillardegi:

* “Ez baitago ziri gaiztoagorik ezpal berekoa baino”.  Zuhaitz orotako ezpalak sartu dizkigute jadanik.

 

 

Maiatzaren 23a. Asteartea.  22.a-H:7.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria:

* “Garirik gabe sortu dut / irina. / Baina ez dut garirik eho”:  Bidaiotan gari guti ehotzen dugun sentipena dut, nolanahi irin leunez oratzen ditugu egunak.

* “Izan hadi / ogi apurreko bidea zeruan, / hegazti migratzaileen itzulerarako”: Aurreko gizarteek eta naturak utzitako apur-bideetan gabiltza bisitari migratzaileok,  itzultzeko irrikaz baina itzuliko ez garen sentipenez gu, apurrok gustagarriak izanik ere.

 

Alboko zuhaitzetatik datozkigu txori-kantuak: agian intxaur basotxoa delako gure kanpina eta txoriek ez dute intxaurrondoa maite, agian ilunegia, zarratuegia, hotzegia eta ospelegia delako. Eguzki beroarekin, sapa orduetan behar du izan atsegina batez ere intxaur-zuhaizti honek.

Esloveniatik Hungariara: ez dugu herrialdez aldatu garenik igartzen, ez diogu Hungariariko berezitasunik nabarmentzen. Hungariarrak ijitotzat izan ditugu beti, izan bada pertsona beltzaranik, baina ez beste edonon baina gehiago.

 

Hegorantz hartu dugu gaur, gorabehera leuneko lurralde uhindua da.

Aireportua, lautada berde zabala besterik ez da, ohizko inolako osagai, dorre, ezta galipotezko pistarik ere gabe, begi bistan behintzat. Pare bat helikoptero eta abioneta zahar bat beste hegazkinik ez dugu ikusi ahal izan.

Oholezko laukiak piloetan tolestuta errepide bazterretan elur-izotzen zain, gaurko ibilbide osoan.

Gasolindegiak: AGIP, AVANTI, ARAL... izen eta konpainia kanpotarrak dira nagusi.

Mendi magal barrenean babes bila bezala, eguteran, lautadaren aurrean, mahastiak, nahiz ez asko; fruta-arbola sail bakanak; galsoroak eta arto-sailak dira nagusi lautadan.

Bi hilerri bata bestearen ondoren: heriotzak berak ere ez ditu biltzen sinesmen ezberdinak.

Herritxoak, antzinako jitea erakusten dute, deigarriak zaizkigu: ez dute ez kalerik ez etorbiderik, aurrez-aurre dauden etxe bakaneko bi ilara da herria; tarte ikaragarri zabala dute bi ilaren artean,  zoru bikeztatu batek zeharkatzen du luzera osoan erdigune hori; zabalgunearen bi ertzetan zuhaitz ilara eta bi erreten sakon;  etxaurre bakoitzeko zubitxo eta ibiek lotzen dituzte erretenon alde biak, erreten kontrako etxe bakoitza.

 

Harkany. Bainu-herria. T baten egitura duten bi kalek osatua, ohiko behe eta lehen solairuko etxez osaturiko etorbide edo etxe ilara zabalak, elkar lotzen dutela une batetan. Txukuna, dotorea, zaindua, handian ere prepeziozkoa, bisitari ugari izanen duen itxurakoa. Zuhaitz tzarrak, kafetegi ugari: zuhaitzpeak, gurditxo eta antzerako osagarriz apainduak. Parke zabal, ederra, bainuetxeetan ohi denez. Dorre ortogonala duen eliza kale-gurutzean, lau santu-irudiko kruzeiroa eliza-aurrean. Zurezko eskultura bitxi bat. Hotela, nola ez. Nola ez ere azoka txikiak, kinkila-dendak, eta antzerako salmahai xumeak esparru zabalean. Herri atsegina, egun batzuk bertan egiteko tentagarria. Gu ez gatzaio gelditu, ez zaigu ezer bertan galdu.

 

Eskultura zaleak dira hungariarrak, herri koskor orok du bat baino gehiago.

 

Siklos. Herri hazia, atsegina, bizia, jende asko dabil kalean eta autobus geltokiko ilarek diotenez jende asko datorkio erosketetara. Gaztelua du bere altxor nagusia: urrutitik ikusgai dager tontor gainean, erraldoi, eraikintzar izugarria, etxetzarra gehiago gaztelua baino gaur egun. Bertaratuz, harresiak diraute inguru osoan, adreiluzko kubo oso bitxia da sarrera, bere zubi eta guzti. Gotorleku sendoa. Askoz geroztikakoa behar du izan harresion gainean, tontorrenean gaur egun, ageri den eraikuntza, gaztelu zaharraren ordez berreraikia antzinako oinarri eta babesez baliatuz: etxetzar karratua, patio erraldoia gordez erdian; bisitari asko du, aparkalekuek diotenez, jubilatu eta eskolaume ugari ditu gaur bisitan etorriak.

Barnea biziki harrotu diguna herriko elizako presbiterioa izan da: Fresko hondakin ikusgarriak ditu, lelotuta egon gatzaie begira. Bada zurezko eserleku landu ederra, baita portuko faroa bailitzan argi gorria erantsi dioten burdinazko sagrario bitxia ere.

Zikoina, tximinia karratu luzearen gainean kokatu du habia.

 

Ze nolako haginkada egin dion mendiari harrobi batek, zauri beldurgarria nabarmentzen zaio.

Bi isurialdeko etxetxoak dira lurralde honetakoak, estuak, baxuak baina luzeak, txabolatxoa dirudite hainbatek, ia atebururaino heltzen zaiela teilategala.

 

Villany. Ospe handikoa omen bertako ardoa. Mahasti gehiago espero genuen; etxetxo eta txabolak daude mahastion artean.

 

Garia horitzen ikusi dugu galsoro batean. Nolanahi guk Hungariatik alde egiten dugunerako artoa ere koskortuta egonen da, mardul-mardula, burutzeko sasoian.

 

Borjad. Zikoina.

 

Bere horretan dirauen herri egitura eta moldeko etxeak, zailtasunik gabeko eraikuntzak.

 

Boly. Atsegina, parke ederrarekin.

 

Herri koskortu orok du aukerako parke zabala, berdegune eta zuhaitz paregabez dotoreak.

Intxusa sastrakek darraie argindar tantai ipurdiak loratzen soro erdietan.

 

Herri-bideetan sartu gara, mapan zuriz ageri direnetan, xumeenetan.

Paisaia ez da inolaz ere aldatu.

 

Nagiynyarad. Teilateria gorri iluna besterik ez zaio ageri, eliza dorre pope jitekoa goiera batean.

 

Ez da inor ageri baratzetan, egon dauden arren baratzak inguru honetan. Hiru pertsona soilik ikusi ditugu gaur baratzean lanean, hirurak adinekoak, emakumeak bi. Aroak badu eraginik agian baratzok inor gabe egoteko, egunetako euria eta gaurko umeltasuna ez baitira egokiak izanen.

Amonatxo bat arto sail batean, bizkar konkor-konkorduna bera, arto ilaren erdian soroari so: gaurko estanpa bitxia. Beti da bitxikeria deigarriren bat, etxe landuagoren bat, putzuren baten tapakia, santokristo ezberdina.... bideari piperra eta gatza emateko, paisaiak ez baitu ezer berririk, geure geurea zaigu jadanik, oso ezaguna.

Ia bakarrak gara errepide berdean. Paregabea da paisaia eta bidaia.

Berotegi bakar batzuk besterik ez dugu ikusi.

 

Debekatuta genuen duela urte guti lurralde hauetan ibiltzea!!!. Francoren denboran debekatuta zegoen hona etortzea, bestalde bertakoek ere ez dute mugarik ireki oraintsu arte. Nolako beldurra dien politikoek ideiei, izua herriek beste herrien berri izateari. Beldurra eta maltzurkeria erakusten du debekuak.

 

Oroitzapen Esparrua. 20 mila hungariar eta poloniar hil zituzten turkoek bataila batean, eskualde honetan. 1526 izan zen. Hildako erdien hezurrak aurkitu zituzten 1975. urtean. Aurkitu hondakin oro leku berean lurperatu dute, oroigarri bat eraiki da bertan; sarrera dotorea du; eraikin batean museoa eta ohizko osagaiak jarri dituzte. Erdigunea da batez ere deigarria: eremu bitxia, berdegune zabalean ehun hesola eta taket erraldoitik gora, irudi ezberdineko zurezko taila beltza bakoitza, bataila bera eta gerrariak gogaraziz. Badira ere  zaldi ilunak  Picassoren Gernika koadroko zaldiaren antza dutenak. Bisitari asko datorkio.

 

Kroaziatik zein Jugoslavia izaniko herriettik ber-bertan gaude.

 

Mohacs.  Herri txikien egitura eta itxura du, baina erraldoia da zabaleran. Hiritzar zapal-zapal bikaina. Ezberdina du erdigunea, etxeak elkarri lotuta daude, oinezkoen kalea ere badu, erabat koloretsua da erdigunea, kolore ezberdin bizi-biziko etxeez osatua. Plaza karratu zabal-zabala, eraikuntza ederrek eta eliza bitxi batek inguratuta. Eliza, gidaliburuak erabat goraipatzen duena: kanpotik harri leuneko berezitasun gabekoa, barrutik baina koloretsu deigarria, pulpitua, aldaretako santu-iruditeria... nabarmentzen zaizkiola: ba omen da XIII. Gizaldiko Amabirjinaren irudia, eliztarren opariz kilo eta erdiko urrez estalia. Danubio, Duna bertakoentzat, zabala, oparoa, beti joanean, erraldoi eta indartsu, paregabea, ontzi batek egiten du zubiaren betekizuna auto eta oinezkoak alde batetik bestera garraiatuz; hiri ber-bertatik doa, baina ez du lotura hertsiegirik hiriarekin, ez dago ez ontzirik, ez ibilbiderik, ez egontokirik; erabat desengainatu nau: Rhin ibaian antzera zama-ontziak espero nituen, mantso ibaian zehar, edo ertzetan lotuta, baina ez da bat bera agertu, bat soilik ikusi dugu, ertz batean lotuta, seguru aski jatetxe bihurtuta.

 

Zanpatzarrak, joareak, ohi dira hiri honetan ere Inauterietan. Isnbruck eta Eslovakian lez. Iturengoak ez dira munduan bakarrak.

 

117 kilometro, arto-sail, galsoro eta etxetxo artean.

 

Arratseko kanpai-hotsa Maiatzeko Loretara deituz.

 

“Putzu”. Txillardegi:

* Lehenik antzinako Donostia ezagutu dut lehen orrialdetan. Orain Nafarroatik barrena, batez ere Lizarratik bidaiatzen ari naiz Putzuren eskutik. Eta gure herriaren historian barrena.

BIDAIAK 2000 - HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/01/17 10:20
BALATON HEGO - EKIA: Sagvar, BALATON IPARRALDEA: Sumeg, Tapolca, Szigliget.

Maiatzaren 20a. Larunbata. 19.a-H:4.-a

 

“Antologia”. Bandeira – Sarrio:

* “Zu ez zinen hil: alde egin zenuen. - Voce nao morreu: ausentouse. ... . ”Bizitza bat eta bakarra da. Zureak iraun egiten du / Zeuk bizi izan zenuen bizitzan – A vida e uma so. A sua continua. / Na vida que voc viveu”. Naturaren, kosmosaren, zati garelako, hilkorrak gara, eternalak, betirako iraunkorrak: zaharron bizipoza.

* “Poema, arropetako lohidura lakoa izan behar du: / Irakurle bere buruarekin pozik dagoena etsi araztea. / Badakit poesia goizeko ihintza ere badela. – O poema debe ser como a nodoa no binu: / Fazen o leitor satisfeito de si dar o desespero. / Sei que a poesia e tanben olbalho”.  Bidaia-goizetako ihintza zait poesia, baita eztena edo arantza ere.

 

Alemanera ikasiko genuke kanpinean hizkuntzarik ikastekotan. Zerbait galdetzen diogun hungariar orok daki alemanera, gehienak ingelesa ere.

Bere flotagailutxoa besapean hartuta doa putzu berora kanpin-kide gehiena, hezurrak berotu, erreuma uxatu eta junturak lijertu asmoz.

 

 

BALATON HEGO-EKIA

 

 Padura, zuhaitzak, herritxoak... ez da laku inguruko paisaia eta egitura aldatu. Bertan egonik ez dugu tarteka ez bada lakurik ikusi ahal izan gaur ere. Tontortxoa harrotzen den unean barreiatzen dira magalean etxeak. zuhaitz artean jaiotako perretxikoak  lez, ipuinetako gnomoen perretxiko burugorriak bailira. Zuhaitz askoko lurraldea: urkiak, intxaurrondoak, ametzak, haltzak, ezkiak, fruta-arbolak ... Hala izan zen atzokoa ere. Ermea izaten darrai intxusak. Errepide ertzeko makal sendo garaiak lagun izanen ditugu bide osoan, orratz digante  luzeak dirudite lautadan, tantai berde bertikalak, ilunak berdegune argian, espata zorrotzak zeru lainotsua zulatuz. Ugaria da mimosa, ikusgarri horia egon behar du inguruak neguan.

Laku osoa inguratzen du trenbideak: zimurtu egin dute errepide zorua gurutzadura aurreetan gidaria motelarazteko: hemen ere ez dira fida gidariaren sen eta zentzuz. Sarria da trena, txirrinduak eramateko bagoi berezia du.

Herritxo orok du harriz edo espaloiz txukundutako laku ertz garbia. Badira tutu gainean jarritako eserleku garai estuak laku erdirantz, lakura begira, egonleku edo sorosleen begiratoki;  badira lakuan barneratzen diren pasabideak, txalupen atrakaleku seguru aski. Ez da laku ertzeko ibilbiderik, bai ordea barrualdeko bide-gorria, lakutik gertu herriz-herri joatea ahalbideratzen duena zuhaitz arteko etorbide apartekoan. Ugariak dira parkeak, zainduak, zabalak, ederrak, egoteko berdegune apartak laku gaineko garbigunetan.

Monotonoa da bidaia, ez da aspergarria, bai errepikakorra, berdintsua, antzerakoa, lakurik gabekoa, batez ere lakua amets dugunontzat.

Ez da mendirik alde honetan, lakutik Hegorantz hasten da Hungariako lautada.

Ez da herria zeharkatzeko abiadura mugarik, ez abiadura debekurik errepide ertzetan, buruz dakite abiaduraren  norainokoa edo ez da behar debeku ikurrik kontuz gidatzen dutelako.

Ehundik gorako behigorri aldra padura-itxurako belartza zabalean, burumakur belar hasian bururik ikusten ez zaiela, muturra azpiraino sartuta belar bigunagoren bila: belar latza dirudi zelai istingatsukoak, ebaki ere egiten ez dutena.

Meloi eskaintza handia dago errepide bazterretan: inguruko nekazaria izanen dena mahaitxo baten atzean.

Kriston zuhaitz sendoak bota dituzte herri batean, errepide bazterra eta etxeen arteko ilara luze osoa: ipurdi biluzi zabalok desegin eta estaltzen ari dira, lotsatuta bezala egin duten astakeriagatik; alkateren batek izan du hemen ere burutapen argiren bat, agian Diputazio edo Gobernuko ingeniari batek.

Maiatza bakarra ikusi dugu, baina bera bitxia: izei erraldoia, azal zein adar oro dago guztiz idortua, iluna, urte askokoa dirudiena, zinta piloa zintzilik adar sendoetatik: aleman udatiarren nostalgikoen ekimena seguru aski.

Presente daude alemanak bere autoko D ezaugarriarekin, baita italiarrak ere pizzeriekin, Osaba Samek erakusten du bere beso luzea Mc. Donalen bidez, frantsesek berriz bidegurutzeko borobilekin nabarmentzen dute bere eragina.

 

Balatonszarszo. Bainu-herri dottorea laku ertzean, baina kinkila-dendak nagusitzen zaizkio. Eskultura deigarria parkean: tren-makinaren gurpil, biela eta burdin multzoa harritzarra txapel duela.

 

Balatonföldvar. Aurrekoa baino dotoreagoa oraindik, dena du zainduagoa eta ederragoa.

 

Siofok. Dena du zabalagoa, handiagoa eta ugariagoa; kinkila-dendez gain bestelako dendak ere ugari ditu, badu portutxoa, baita bisitari ugari ere.

 

Egun-pasa, arratsalde-pasa edo goiz-pasa joateko aukerako herriak.

Adinekoak dira aparkaleku zaintzaileak, begi zolikoak, ez dute errukirik zepoa jartzeko  ordaindutako ordutik luzatzen denari.

Atzoko eguraldia dugu: orduetako euri zaparrada eguerdian, arratsalde erdian atertuz. Lakutik hegoalderako bidaia zapuztu zaigu.

 

Sagvar. Euripean ikusi dugu, gozatu ezinik. Gidaliburuaren arabera herri hungariar-hungariarra, petoa, jatorra. Bitxia da izan, ezberdina behintzat. Kilometro erditik gorako kalea. Osagai berdinak aurkituko baditugu ere hurrengo herritxo denetan, ez hemen bezain ugari. Korridorea litzake bitxikeria edo osagai jatorra: sarrera dagoen aldean, etxearen luzera osoan luzatzen den teilategal zabaleko aterpea, zurezko habe eta arkuek eusten diotela; antzerakoak izanik, ezberdina da bakoitza. Galipotezko bide zabala erdian, erreten sakon sakonak alboetan, bide-gorri zabala gero, hesia eta  azkenik etxeak: oso zabala gauzatzen da kalea. Oso bakan daude etxeak, bakoitzak du etxe-bueltan bere lur-saila, bere ur-putzua gehienetan hondatu samarra eta latorri erdi herdoilduz estalia, txabolatxoak, oilategiak, oholezko lehortegi edo biltegi ilun zirrikitudunak, askok ere lurpeko soto edo upategiak lur multzo luze garai zabalez estaliak, tximinia antzerakoa arnasbide.

Nahiko herri pobrea dirudi, nekazari-nekazaria, zaindu gabekoa, etxe-buelta erdi utzia, bizitzearekin nahikoa dutela dirudiena, bizitzeko gogorik ez daukanaren jitekoa, tristea; eliza inguruko erdigunea dago zainduagoa: zuhaitz lerdeneko inguru zabal zaindua. Bi eliza: dorre zorrotzekoa bata, dorre borobilekoa bestea.

 

Bi zaldik tiratutako lau gurpileko gurdia, gizakume nagusi bat zela gidari. Bitxia egin zaigu lehenengoz: gehiago ikusi ditugu geroago, ohizkoak dira gurdiok. Izan da bat toldoz estalia, turistak garraiatzeko aulkiekin, txu-txu trenaren ordezkoak.

 

Som. Bi eliza ditu, batak aldare eta gotzain-aulkiak omen ditu ikustekoak:  labirinto desatsegina gertatu zaigu elizara bidea begi bistan genuen arren; bigarren elizatxoaren oholezko dorreari argazki batzuk atereaz etsi behar izan dugu elizoi bisita.

 

Tab. Espero ez genuen herri koskortua; lantegiak ditu, agirikoa da diru gehiago dabilela herrian: handi samarrak dira etxeak, zainduagoak, argiagoak, pintatu berriagoak; diruak eragiten du erabat herriaren jitea. Eliza ikusi nahi genuen, barroko interesgarria nonbait, baina gogogabetu egin gaitu  euripeak.

 

Andocs. Mapan ez dugu aurkitzen, baina hemen dago: dorre borobileko elizatzarra monasterioa izan behar duen eraikintzarrari itsatsia.

 

Karad.  Korridoredun etxe oso berezia: deigarria, hain zen landua.

 

Visz. Korridoredun etxe ederra bertan ere.

 

Mahasti izugarri zabalak laku alderantz, erabat hartuz lurralde uhindua. Tarteka hesola ilara jarri berriak, mahatsondoz jantziak edo mahatsondoak noiz landatuko zain: emankorra da agian mahatsa lurralde honetan.

Galsoroak, artasoroak eta bi ekilore sail zabalak:  nekazari lurrotako uzta. Fruta-arbola sail bakarren bat.

Peskari ugari lakura doan ibaitxoaren alboetan.

Kataki, enara, pila, galipot gain-gainetik errepidea batera eta bestera zeharkatuz ziztu bizian arbola azpiko tarte luzean: intsektu  asko da nonbait errepideko bustiak erakarrita, agian zuhaitzetatik eroriak.

 

Beltz dager lakuaren bestaldeko mendiak, multzo erraldoi iluna besterik ez da gaur atzo etxetxoz argitutako berdegunea zena.

 

216 kilometro, euripean.

 

Bisita izan dute aurreko alemanek, afaldu ere elkarrekin egin dute etxatoian bertan ahopean kantari eta berbatsu. Nahiko berandura arte sumatu ditut alde egiten.

 

“Putzu”. Txillardegi: 

* “ojalateroak”  ez dira desagertu Euskal Herrian, bidaia behinik behin mamitzen dugun zerbait da.

 

 

Maiatzaren 21a. Igandea.  20.a-H:5.a

 

“Antologia”. Bandeira – Sarrio:

* Batasunaren une iheskorrean. – No momento fugaz da unidade”. Ia hilabete da ez dugula ez telebista ez egunkaririk, ia ezta Euskal Herriko berririk ere. Abertzale batasunaren pitzadura zabaltzen ote, zubirik  altxa ote ... erreferentzia xumeenak darama sarri bidaiariaren gogoeta bere herrirantz.

* “Ene (gure) anima itzultzen / oso urrundik itzultzen / Itzultzen. / Bat-batean ene (Gure) baitara bortxaz sartzeko eta ene (gure)barrua astintzeko”. Zaila zaio bidaiariari herri baten arimaz jabetzea.

* “paisaia lasaiko zuhaitzok / ... altuak, ze marginalak. – Arvores da paisagem calma / ... altas, táo marginais”. Hungariako tantaiak, altuak, baina ez marjinalak, paisaiako indar goranzkorrak baizik, lur zapala harrotuz.

 

Mokoka hurreratu zaigu gure aurre-aurretxora biligarro kantorea, kantu bakartiari ekin dio geroxeago zuhaitz adarretan. Txuarra, txolarrea, bezain lotsagabe eta ausarta izan ditut burubeltzak alboan ezin hurrago, jarlekupean sartzeraino, janari hondar edo zomorroren baten bila.

Ardo botila handia zen gaur zakarrontzian: atzoko gaueko auzokoen hitz-jarioaren iturria.

 

Lurrun bizian datza putzu edo laku termala; atea noiz irekiko zain nagusi taldetxoa, flotagailutxoa besapean.

 

 

BALATON IPARRALDEA.

 

Bristadatsu dager goizean atso hain goibel genekusan lurraldea, dotore zeuntzan mendixka magaleko etxetxo herri elizak. Bizipoza.

 

Honek Kristook, horrek santutxook, haiek elizok  beti egon dira hemen, azken urtealdi luzeetan: ez daude berreraikiak, ez daude berrituak. Esthepinak Zagreben, Mintzenti Budapesten borrokatu ziren komunismoaren aurka: erlijio askatasun arazoa zen, arazoa ala pribilegioak galdu izana?. Fedea pribilegioekin nahastu ohi du elizak, eskubideak boterearekin, Eliza gizarteko goi-mailekin. Zeren aurka eta zeren alde borrokatu ziren elizaren buru ziren bi kardinalak?.

 

Ez da ezer aldatu gaurko paisaian, egunotako lautadak eta mendixkak diraute ohizko osagaiekin. Baxuak dira txori-uxaketarako txabolatxoak alde honetako galsoroetan, ez dute bi metrotik gorako garaierarik.

 

Sumeg.  Gaztelua aitatu behar lehenik: izugarri deigarri nabarmentzen da urrutitik, bertatik ere ikusgarri agertzen, zabal eta gotor haitz zabalaren tontorrean, herriaren gain-gainean. Sekulako arrano habia!. Ezin izan zuten menperatu turkoek eta  lautadan jaso behar izan zuten kanpamendua. Ateratzen diote zukua gazteluari: behealde osoa erabat bisitariei begira antolatu eta txukundua, Erdi Aroko jolas esparrua osagai eta baliabide guztiekin, umeentzako jolaslekuak zurezko zinbulu-zanbulu ezberdinak irudimen handiz gauzatu eta girotuak, jatetxeak...

Kaledi txukuna eta zabala, behe solairuko etxe pospolin eta lehen solairuko etxe eder askoz osatua, elkarri lotutako etxez; zoruko harbideak kantari bihurtzen ditu autoen gurpilak. Burdinazko ate-babes handiak hor daude oraindik bere zeregina betez. Dena da xumea herrian: jaiko jantzitako herritarrak eurak zein dendak eta erakusleihoak.

S.Frantzizkoren eliza: barroko deigarria, poxpolina, baina xumea, santu-irudi sarri bezain irrigarriekin, batez ere presbiterioan, auskalo nork tailatuta. Aldare nagusiko pietat, errukiñea, ederra da.  Mirarigilea da nonbait Errukiñe, hainbat fresko daude hormetan berak eginiko mirarien berri emanaz.

 Gainean da meza ordua, entzule asko dator elizara, nagusiak ia denak, datozen gazte bakarrak auto ederretan datoz gurasoekin batera.

Ardandegi-sotoa zuten fraideek monasterio alboan.

Gotzainaren Jauregia, aparta behar zuen izan: sarrera landua du, eta sekulako ezki eta zuhaitz mota ezberdineko parke handi apartak inguratzen du.

 

Herri-bideetatik hartu dugu, bakardade erabatekoan, berdegune oparoan.

Mahastiak agertu dira, gaurko ibili osoan izanen ditugu lagun. Horrez gain intxaurrondoek bilakatu digute errepidea etorbide kilometro askotan..

Ur-biltegiak, metalezko bola zuriak dira zutabe borobilen gainean itsatsiak, urrutitik ikusgai.

 

Tapolca. 8 etxe-bloke izugarri, bere ostean beste etxetzar ilara, dakusagu urrutitik: industria-hiria, dirua izan, eta hala-moduz hasi dena. Itxura erakargarria eskaini digu, berriz, erditik pasa gatzaionean, ahaleginak egiten dituen herri zainduaren irudia: eraikin zahar eta berri ederreko erdigune zabala. Izurrite zutabea kale nagusian. Zuhaitz ederrak bota berri-berriak izan dira kale nagusian. Parkea da herriko biltokia: bertara inguratzen da herritarra jaunartze meza ondoren: kolorezko arrainak ibiltarien erakarpen, oholtza  ur gainean bertan eta kafetegia alboan, lakutik ateratzen duen urak errota-gurpil erraldoia birarazten du. Meza entzulez erabat lepo dago Eliza, partehartzaile eta kantari sutsuk dira entzuleok.

 

Jaunartze eguna da gaur, familia osoak dabiltza kalean, batez ere herriko parkean, familia apal-apalak ospakizunari dagozkion ahalegintxoz jantzita denak, trajetxo dottoreekin mutikoak, zuriz jantzita neskak; ez dirudi gureetako bazkaririk edo ospakizunik eginen dutenik. Herri-giro hunkigarria.

 

14 sumendi koniko -438 metro ditu garaienak- barreiatzen dira lautada osoan. Mendi-tontor bakoitza da baso. Batek organo tutuak deitzen dieten basalto harkaitz bertikalak erakusten ditu: ikuskizun bitxia.

 

Badacsony. Laku alboko herritxoa kinkila-herri bihurtuta. Txikia izanik, jendetza datorkiola erakusten du nasa luze-luzeak. Mendian osterak egiteko land-rover ilarak daude bidaiari zain, nasa du portutxoak, belaontzi mordoxka biltzen da bertan.

 

Badacsonytomas. Etxe txikitxoko herri ez hain txikitxoa, izena ere luzea, dorre biko eliza ezohizkoarekin.

 

Szigliget. Balatonek egin digun azken opari xarmanta. Padurako belartza jorian tontortzen den gaintxoaren magalean, laku gain-gainean, ikuspegi zabala eskainiz: laku berdexka dager lakua, berde guria padura zabala, aparteko ikuskizuna. Astiro joan behar da herrian, patxadan, beste  aro eta kultura batean sartzen baitzara. Kanaberazko teilatuak dira herriko altxorra, herri ezberdina egiten dutenak; xume pospolinak dira aspaldiko etxeak, antzinakoen jitera prepezioz eginak etxe berriak, denek  dute kanaberazko estalki sendoa: padura ertzetan, lehortzen daude kanabera azaoak: zuten eta duten baliabidez estaltzen dituzte etxebizitzak. Elizatxo zuri pospolina du herri gaintxoan, non bitxikeri bitxia diren bi zutoihal farfailezko zuri-zuriak. Moilatxoa du laku kontra, baita garbi-gunetxo atsegina ere. Badu gaztelutxoa herri gaineko tontortxoan, erabat hondatua, baina bisitari ugari hartzen duena mailadi pike luzean bertaratu behar bada ere, hondakinetatik inguru zabalaz gozatu asmoz nonbait. Maiatza, txankamea, baina hor dago kolore ezberdineko zinta pilarekin dotoretua.

 

Keszthely. Erabat turista-gunea da laku ertza, bertan kinkila-denda, hotel, kanpin, debeku...

 

100 kilometro, Balaton inguruko azkenak, oroitzapen gozoa.

 

Zozo beltz-beltz moko hori-horikoa azaldu zait albo-alboan zomorro, hazi edo apur bila, berarekin txantxangorria, lagunak bailira, halako batean zozoak buru astindu bat besterik ez du egin, edo ez dio egin, eta ziztu bizian alde egin du txikiak. Gerora biligarroa eta burubeltza ziren elkarren pare-parean: oraingoan handia izan da alde egin duena txikiaren ziztada baten ondoren.

Ez dakit nire hegazti kantaria zozoa ala biligarroa den, ezin baititut atzeman begiz arrama artean: biak dira zuhaitzetako kantariak, baina ezin ditut berezitu belarriz.

 

Alemanok seietan afaldu eta egunean bertan ontziak garbitzen dutenari esker, libre ditut harraskak goizetan. Beluago afaltzen dugu guk, ontziak berriz goizetan garbitzen.

 

“Putzu”. Txillardegi:

* “Itsutasuna, gidari txar”. Gaur egun ere.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.