Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / MIRACLE

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/09/06 09:25
ASKATASUN EGARRI II: Balizko ihesa, Goardia Zibila

BALIZKO IHESA

Kontuz ibili beharra dut, bisitari larregi etor daiteken arriskua dut: poliziak kili-kolo jar dezake nire hemengo egoera jende asko datorrela ikusten badu, eta ez du merezi horregatik bakarrik arriskatzerik nire kartzela hau. Ez dago proportziorik.

Askatasuna da preso baten ametsik biziena. Presoa nintzen ni ere, kondena betetzen nengoen Miraclen, esparru jakin batera lotua beti, nahiz esparru hori nahiko zabala eta muga malgukoa izan orain, kondenapean nirauen uneoro. Kartzelara itzularaziko ninduten arriskuan.

Lehen aldiko kezka izan zen batez ere bisitaren kopuruarena; denbora aurrera, bisitak ere gehituz, jada ez nintzen hainbeste kezkatzen, baina beti izan nuen garbi argi ibili behar nintzela.

Ihes premiaren kezka uneoro egon zen garunetan kiribilduta.

Su-ra joan naiz goizez Eulogirekin. Handik Monasterioak duen lursailera. Paraje atsegina, arrisku-une batean gordeleku paregabea. Oinez joan behar dut egun batean ingurua zehatzago ezagutzeko.

Inguruko herritxo bat zen “Su”. Bueltatu nintzen, baita ondo ezagutu ere lurralde haiek.

Iheserako bideak ikasi, mendira ohitu egunez zein gauez, gozatu eta atseden hartu…

Brujula dut.

Bizentek utzi zidan, giltzatakoan edo kotxean zeraman. Ekaineko lehen egunetan zen. Balizko iheserako erreminta zelako nahi nuen.

Felisek deitu dit afal ondoren dokumentazio arazoa argitzeko.

Dokumentazioarena zen garrantzitsuena: beharrezkoa nuen ihes posible batean.

Apirilaren 28a. Jesus eta Albertorekin egun osoa. Monasterioan bazkaldu eta afaldu dute. Eguraldi txarra izan dugu kanpoan ibiltzeko. Makinatxo bat hitz egin dugu. Gauean agurtu gara, goiz baitoaz bihar. Monasterioko segurtasunaz eta alde egitea komeni ote zaidan izan da solasgai nagusia. Zamoran antzera, giltzak ateratzeko moldeak ere egin ditugu.

Batez ere Alberto zegoen kezkati. Etorri ere ni eramateko prest etorri ziren. Egoera politiko hartan, Konkordatua hautsi ondoren, edozein unetan kartzelara eramango ninduten beldur ziren. Egiazkoa ez ezik, bizia zen arriskua. Premiazkoa ez bazen ez nuen alde egiteko gogorik. Ez zen erraza ni harrapatzea, ez egunez ez gauez. Hainbat ezkutaleku nituen bai monasterioan bai inguruan; inguruak ezin hobeto ezagutzen nituen oinez ere alde egiteko edo gordetzeko. Bertan jarraitzea erabaki nuen, arriskua zen, baina konfiantza nuen nire buruaz. Eta ez nuen nahi galdu nire egoera pribilegiatua. Banekien nolakoa zen atzerria.

Felix etorri da. Monasterioan egin ditu loa eta afaria. Madrilen nahiko nahastuta daude niri buruzko iritziak. Berandu arte egon gara hizketan. Norbait gauzak okertu nahian dabil. Zuzendari Orokorra segur aski.

Kezkaz betetako egunak izan ziren haiek.

Mikelek deitu dit.

Lagun denak zeuden kezkati. Ez dakit Konkordatukoarenaz harago, bestelako arrazoi objektiborik ere ote zeuden.

Apaiz bat egon da bazkaltzen monasterioan. Ingurukoa, isila; zintzoa dirudi. Gordeleku izan daiteke bere etxea ere estualdi batean.

Nire garunetako errotan ehotzen ari zen ihes egin beharraren kezka.

Jende ugari dabil Santutegi inguruan.

Egun-pasakoak ziren gehienak, baina ez nintzen fida. Barneratua nuen egoera aldatzearen arriskua eta balizko ihes egin beharra.

M. Luisak deitu dit: eskatu zizkidan aldizkariak giltzak ziren.

Giltzen arazoa: lehen egunak ziren, estualdi bat izanda ere monasterioko giltzak nahi nituen eta kopiak atera nahian ibili nintzen. Isilpeko gaia zenez aldizkaria deitzen zieten M Luisak giltzei. Giltzak nahi zituen kopiak ateratzeko. Lasterrera Justi prioreak emanda izan nituen etxeko giltzak, nahi nuenean gaueko afari edo ibilaldietatik bueltatzeko, aurreko zein atzeko atetik.

Gatz paketea eta mapa bat erosi ditut Solsonan

Gatza mendiz ihes egin behar izanda ere hidratatzeko gaia zen, mapa berriz nondik ibili jakiteko. Beti izan nuen prestatuta fardeltxo edo poltsa bat janari kontzentratu eta premia baterako nahitaezkoekin.

Gauean ireki dut M. Luisaren oparia: intxaur-hauskailua, polita, bere idazki batekin, hau politagoa oraindik.

Nire urtebetetzeko oparia zen. Tresna polibalentea zen, kurrika, bihurkina, ebakigailua, eta beste hainbat zereginetarako tresna sendoa bere txikian ere. Nire balizko ihesa zuen M. Luisak gogoan. Neska praktikoa.

Uztailaren 21a. Fardo sartzen egin dut goiz osoa, bazkal ondoren ere berehala joan naiz. Ia lehertu naiz gaur baina gertatu dut gordelekua.

Eulogik eta paies batek soroan jaso eta granjara ekartzen zituzten fardoak. Nik neuk lan hori aukeratuta, tolestuz pilatu egiten nituen fardook granjako goiko estaian; ganbara antzerakoa zen, goialdeko lurraren arrasean zegoen. Behe aldera jotzen zuen leiho aurrean gelatxo bat eratu nuen, ohol batzuek eusten zioten gaineko fardoei; bertara heldu ahal izateko lastozko tuneltxoa edo pasabidea egin nuen, lasto-fardoaren goiera eta zabalerakoa, ia arrastaka joan behar zen, sarrera fardo batez estali ahal zen bai barrutik bai kanpotik, igartezina zen sarrera. Manta bat ere eraman nuen. Estualdi baterako gordeleku ezin hobea zen. Nik alde egin ondoren, fardoak gutxitu ahala aurkitu zuen Eulogik zuloa. Izugarrizko zirrara eragin omen zion.

Paseatzera atera naiz gau erdian, ilargi argipean, baina kezkatuta bukatu dut etxeratzerakoan, norbait zain ote nuen kezkaz, zaunka asko egiten baitzuen Sitx zakurrak.

Monasterioko txakurra zen zaunkaria. Poliziak harrapatu gintuen goizalde hartan ere Mogrovejoko zakurrek zaunka berezia egiten zuen, Maringo txakurrak kanpotarren bat zebileneko gauetan antzo. Hortik nire kezka gure txakurtxoa zaunkaz entzutean.

La Seo-ra, ohi denez Mateurekin. Ez dut nahi apaiz bezala agertzea Nortasun Agirian, bertako Gotzainarekin egon naiz agirian lanbidea aldatzea nahi dudala esateko. Badut agiriaren ordezkagiria.

Ez nuen nortasun agiririk. Ihes egin behar batean funtsezkoa nuen nortasun agiri hori. Segurantza ematen zidan ihes egin behar izanda ere. Aurreko Nortasun agirian “apaiza” zen “lanbide” atalean agertzen zena. Balizko ihes egin behar batean ez zitzaidan komeni apaiz bezala agertzea, ziurragoa zen beste ogibide batekin agertzea. Solsonako kuartelean eskatu nuen aldaketa, baina beraiek ezin omen zuten aldaketa hori egin. Horregatik jo nuen La Seoko gotzainarengana. Paperen bat egin zidan Nortasun Agirian ez zela apaiz nintzela agertu beharrik esanaz eta hori azaldu nion poliziari. Gogoan dut gotzainarekin erabili nuela Zamoran apaizgoari buruzko eztabaidetan erabili izan genuen hausnarketa bat: apaizgintza ez zela ofizio bat, zerbitzu bat edo egoera pertsonal ezberdin bat baizik.

Ez dakit zer jarri nuen edo zidaten lanbide atalean, baina lortu nuen apaiz agertzen ez nintzen Nortasun Agiria.

Danbok deitu dit, atzo gauez ere deitu zuen 12etan, baina kanpoan nengoen. Bi abokatu datozela nire bila edo hitz egitera esan dit. Abokatuon zain egon naiz goiz guztian. Kesus eta Alberto dira abokatuok, biekin egin ditut goiz arratsaldeak: uste dute oso arriskutsua dela nire egoera monasterioan, Nazioarteko Zuzenbideaz kartzelara eraman nazakete.

Espainiak eta Vaticanoak ezabatu egin zuten apaizak kartzelara ez eramateko atala.

Telefono deiak eta abar: oraingoz hemen jarraitzea erabaki dut.

Josu eta Alberto beraiekin eramateko gertu zetozen oraingoan ere. Kezkaz jarraitzen zuten. Nik nahiko gordeleku nuela uste nuen, polizia bila agertuta ere alde egiteko ziurtasuna nuen.

Uztaila 30. Ostirala. Ohetik kanpo pasa dut gaua, zelatan, ia poliziarik zetorren bila. dena dut gertu iheserako.

Urduritasun egunak izan ziren haiek

Eibarrera deitu dugu M. Luisak eta biok. Lasai xamar daude han gauzak. Ni berriz kezkaz. Ez dut nahi kartzelara joan.

Kesus eta Alberto etorri dira berriro arratsaldez. Denak mugitzen ari dira gobernu mailan bere horretan jarrai dezan nireak. Ez dago berri definitiborik.

Kanpoan eman dugu egun osoa jan-orduak ezik.

Segurtasun neurria zen kanpoan egotearena.

Abuztuaren lehena. Gaua lastategiko gordelekuan egin dut Maria Luisarekin.

Telefonoz aritu naiz. Kartzela arriskua dago egon, nahiz batzuk ezetz esan. Lanean ari dira eraman ez nazaten. Itxoingo dut. M. Luisa, Kesus eta Alberto ditut nirekin.

Geure txokora joan gara M. Luisa eta biok gauez, jende asko dabil inguruan, urduri dago M. Luisa.

Txiste kontaketa izan dugu gazteok gauean Casa Grand-eko sotoan. Ordu bietan paseatzera irten dugu baina hara non azaltzen zaizkigun 15 txapeloker 3 landroberretan!!!!. Zalaparta itzela, sakabanaketa, zelataritza, zaintza... Ez zeuden niregatik guardia zibilok. Askatasunaren Ibilaldia, edo Marcha de la Libertad, entzute handiarekin Katalunian abian zebilen ekimena galaraztera etorriak ziren. Baina gure sustoa ez zen bertan beherakoa izan.

Bisitan etorri eta bertan bildu zen koadrila zabala ginen, gazte helduak gehienak. Begi aurrean dut oraindik hotel kantoira helduaz bat, behe laino trinkoan hotel aurrean txapelokerren silueten irudia. M. Luisak eta nik granjara jo genuen, egoera erabat okertuz ere beti nuen ezkuta-tokian gordetzea, alde egin beharren bat bazen bide ezberdinetarako abiapuntu egokia. Josean agertu zitzaigun txapelokerrak lasai zeudela edo alde egin zutela esanez.

Izugarrizko sustoz esnatu naiz: tiroak ziren lastategi inguruan, Mogrovejon inguratu eta harrapatu gintuztenean bezalatsu, oraingoan eskopeteroak ziren, zabaldua baita ehiza-debekualdia.

Soroetako lastategian koadrila osoak lo egin genueneko goiza izan zen. Besteek ez ziren arduratu, ni bai. Garbi dago urduri nenbilela.

Polizia sekretu edo salatari tankerako jendilajea dabil egunotan, baina baita Ibilaldia gertatzen ari direnak ere. Esames etengabea gaurkoa, atzo gaueko txakurrada hizpide. Garbi dago Ibilaldiagatik izan zela.

Inguruan zebilen egunotan Askatasunaren Ibilaldia. Arrakastatsua izan zen, herriz herri Katalunia osoan, polizia beti atzetik, gehienetan isilean agertuz herrietan, oinezkoa galarazita, bidea kotxez egin beharrean askotan. Agerikoa bilakatzen zena sekretupean eramanez. Poliziaren erasoak indartu egin zuen ekimena. Miracle zuen helmugetariko bat Ibilaldiak.

Kaleko jantzitako bi polizia izan ditugu egun osoan. Nahiko urduri nago.

Luis Mari etorri zait goizean. Hizketaldia egin dut berarekin.

Nire etorkizunaz kezkatura etorri zen Luis Mari. Zerbait behar banuen edo, alde egin... Fina.

Inguruan dabilzkigu eten gabe kale-jantziko guardia zibilak. Berdez jantzita, uniformez, kaboa agertu da beste batekin osteko ate aurrean: Ibilaldiaren bila dabiltza.

Monasterioan gordeko ote ziren ibilaldikoak, edo monasterioan ekintzaren bat antolatuko ote zen.

Goiz joan naiz monasteriora txakurren kezkaz. Hemen bertan lo egin dute Ibilaldikoek!!!. Txakurrak bertan baziren ere.

Klandestinoki Juanen tabernan pasa zuten gaua, nik granjako ezkutalekuan egin nuen gauekoa.

Hemen jarraitzen dute txapelokerrek, baina alde egin diete ibiltariek.

Egia da ekintza publikoa ezindu zutela, baina herriak bazekien ibili bazebilela Ibilaldia, bertan zela ere.

Solsonara heldu da Ibilaldia. Atxilotuak egon dira ekintza inguruan. Agertu dira berriz ere txapelokerrak. Elizan geratu direlakoan nago ibiltariok.

Ez nuen jakin oraingoan non egin zuten gaua ibiltariok. Tabernan egon ziren motxilak. Ez nuen ezer galdetzen, klandestinitatean ikasten duzu behar-beharrezkoa denik ez galdetzen eta jakiten.

Txapeloker bikotea izan dugu gaur ere goiz guztian, Ibilaldikoak berriz omen datozen zurrumurrua dabil. Gauez gu ibilitako lekuetako aztarrenak ikusi dituzte eta kezkati daude.

Iskanbila latzak daude Solsonan alkatesaren aurka Ibilaldiaren aurka izan duen jokabideagatik.

Propaganda zabaldu dute Ibilaldikoek eta Katedralean sartzea lortu dute.

Ibilaldikoek sakatu die txakurrei: egin, egin dute ibilaldia eta ihes egitea lortu gainera.

Danbok indultua eskatu du arrazoi larri batean oinarrituta.

Indultua eskatzearen aurka nengoen ni, baina ez nuen horri buruz ezer jaso egunkarian.

Iraila,10. Hildakoak Hondarribian: ez dut askatasun itxaropenik.

Felixek deitu dit. Ez nauenez etxean aurkitu neuk deitu diot gero: ez dago berririk, terrorismo aldetik ez dut arazorik. Lege berezien gaietan militarrek dute erabakia eta zortzi egunen barruan jakinen omen zer erabakitzen duten.

Epailearengana ere joan naiz: errekurtsoari ezetza eman diote, baina erantzuneko idazkian nire garaikoak ere ez diren bonbak aitatzen ditu, izan nuen prozesuan baino errudunago egiten naute.

 

Lasaitzen joan zen egoera, lasai bizi izan nintzen azken aldian.

 

 

GOARDIA ZIBILAK

Zibilek asko molestatzen dute. Hemen daude etxe aurrean.

Guardia Zibilek markatu zituzten ateko zaintzarekin lehenengo egunak.

Txapelokerrak dira gure elkarrizketa-gai.

Monjeak ere haserre zeuden, gehiago kanpotik etorritakoak, beraiek ere kontrolatu egiten baitzituzten, ez zekitelako txapelokerrek zeintzuk ziren monjeak eta zeintzuk ez, kaleko janzten baitziren.

Aspertuta eta urduri geunden poliziarekin. Hasi ziren ikusten monjek eta inguruko bizilagun eta paiesek, polizia zer den. Monasteriora, arrazoi ezberdinengatik bisitari zetozenek izugarrizko ezustea izaten zuten atean agiri eske zibilok aurkitzen zituztenean. Monasteriora beste zerbaitetara zetozenak ere identifikatu eta arakatu egiten baitzituzten.

Gaur ez dago txapelokerrik atean.

5 egun egin zituzten atean.

Goizean, terrazan nintzela, deitu egin didate: egongelako leihotik egiten didate eupada bat. Txapelokerren kaboa etorri da. Ni neu ez naiz berarekin egon, Monasterioko Nagusia soilik. Nire dokumentazioa nahi zuten. Baina ez dut inolako dokumentaziorik nagusiak duen kartzelako espedientea ez bada. Izen-deitura eta halako zertzeladak bidali dizkiet.

Kendu egin zidaten nortasun agiria harrapatu nindutenean: faltsua zen, nola ez. Ez dut gogoan neure-neurea ere aldean nuen atxilotu nindutenean.

Gogoan dut nortasun agiri faltsuarena: sasira jo nuenean ezin nuen nire benetako nortasun agiria erabili, beste bat behar nuen. Ez dakit norengandik izan nuen Ortuzarren berri. Gasteizko seminarioan elkarrekin egin genituen bi urte. Bere etxera jo nuen, Bilboko auzo batean zegoen. Argi azaldu nion nire egoera, zuzen eskatu nion bere nortasun agiriko datuak, zertarakoa eta arriskuak ezkutatu gabe. Inolako oztoporik gabe eman zizkidan. Txikerrak egin zidan nortasun agiri berria, Leioako etxean. Dotore geratu zen. Nortasun berria nuen. Legala, benetakoa, nahiz ni ez nintzen agirikoa, argazkia salbu. Poliziak asko estutu ninduen Ortuzar-i buruz, laguna nuela, lapurtu egin niola, berak ez zekiela ezer nire ibilbideaz... erantzuten nien, eta, sinetsi edo ez, bakean utzi zuten. Zamorako kartzelan elkartu ginen berriro, baina ez nire aferagatik, apaizek hain errime jaso zituzten isun batengatik baizik.

Inolako inprimaketarik gabeko nortasun txartel piloa geneukan erakundean, bete gabeko txartelak, norbaitek noizbait auskalo nola polizia-etxeren batean eskuratutakoak. Nahiko erraza zen, beraz, nortasun agiri faltsu berria sortzea; zigiluak zeukan arazo nagusia, baina pultsu onarekin egin ahal zen. Abila zen Txikerra lan horretan ere. Nortasun agiri legal piloa ere bageneukan, horretaz arduratzen zen komandoak autoetatik jasoak gehienak. Harrigarria zen zenbateraino hondatutako nortasun agiriak erabiltzen dituen jendeak, ia ulertu ezineraino hondatu desitxuratuak izen eta gainerakoak, baita argazkia bera ere. Horrek lasaitasuna ematen zuen zehatzegia ateratzen ez bazen ere zigilua. Nolanahi nirea ere maspildu eta zikindu genuen, erabilitako itxura emateko, berriegiaren itxurarik gabekoa.

Justi etorri zait txapelokerrekin egon ondoren. Gaur ere txakurrak ez daudela etxe aurrean, egon ere ez direla egongo, urrutiagotik, inguruetan, egingo dutela zainketa. Justiren esku uzten dute nonbait erantzukizuna.

Bi txapeloker motordun etorri dira hotel ingurura, laster joan dira.

Kostako zitzaien nire mendi ibilaldiak kontrolatzea!.

Txapelokerrak ibili zaizkigu egun osoan, ez etxe aurrean baina bai monasteriotik hurbil. Galdera asko egin diote Mateuri, denak niri buruz. Ez dakigu zergatik dauden. Kontuz ibili behar dut.

Miatzaren 1a. Txakurrak ibili dira egun guztian, kotxeei egin die batez ere kontrola. Euskaldunik badator telefonoz ohartarazteko ordenua utzi dute txakurrek hotelean. Kontrolatu beharra!.

Maiatzaren 2a. Bakean utzi gaituzte txakurrek, ez dira azaldu ere egin.

Zibilak egon dira bi orduz tabernan. Joanek dionez helburu berezirik gabe.

Bi guardia zibil etorri zaizkit goizean, Nortasun Agiria ateratzeko papera egin diezadaten datu eske. Itxurak gorde ditugu denok.

Neuk eskatu nuen nortasun agiria ateratzea, beti ere ihes gin beharra izanda ere premiazkoa nuelako agiri bat.

Txapelokerrak ia bihar zein ordutan goazen galdezka.

Nortasun Agirirako argazkiak ekarri dizkidate.

Solsonan egin nituen argazkiok.

Oso adeitsu eta bigun egon zaizkit poliziak Seon: 15 egunera joan behar dut berriz.

Txapelokerren kaboa etorri da monasteriora heldu garen jakitera, ondoren neuk deitu dut telefonoz koartelera.

Kaboa monasteriora etorri zenean ez geunden oraindik. Kezkatuta egon ziren: gero jakin izan genuen zelatariak bidali zituztela gure atzetik La Seora ateratzean, baina ez dakigu non eta zergatik galdu egin zuten gure arrastoa.

Ondoren Solsonara joan gara hotel bila, txapeloker kaboarekin egin dut tope.

Ez nuen gogoko Solsonan nenbilenean txapelokerrekin topo egitea. Nolanahi egoera xelebrea zen, 50 urteko kondenaduna kaleetan zehar guardia zibilen aurrean.

Goardia Zibil bat ibili omen zaigu gaur zelatan.

Begitazioak ere izaten ziren maiz, Joan tabernariaren zein beste inguruko norbaiten irudikeriak izan zitezkeen. Neuk baino ardura gehiago hartzen zuen zenbaitek.

Guardia Zibilak: nire argazkia nahi omen dute. Urrutira irten behar dugunean baimena eskatzeko esan omen dute. Beraz hurrera joateko ez dut inolako oztoporik.

Tabernan geundelarik agertu dira bertan txapelokerrak. Normaltzen doa egoera.

Gogoan dut tabernari eta telefonari egiten nengoela nola agertu zen tabernan beste behin kaboa numero batekin. Xelebrea ere bazen egoera: ez dakit zerbait atera nien edo edan zuten. Gogoan dut esan zidala ondo zegoela besteei laguntzea.

Kaboak dio ez dagoela eragozpenik urtegira joan nadin.

Ez dakit zer dela eta diodan hau. Nonbait pantanora joateko gogoz nengoen, baina nahiko urruti zegoen eta kotxea behar nuen horretarako. Agian igeri egiteko irrikaz nengoen.

Txapelokerrak etorri dira goizean monasteriora Mateuz galdezka: neuk ireki diet hain zuzen atea.

Kondenatua, poliziari atea irekitzen. Xelebrea. Nire gorabeheraren batengatik etorriko ziren.

Hoteleko bezeroen liburua eskatu dute txapelokerrek.

Bisitak kontrolatu nahi zituzten nonbait.

Solsonako brigadarekin egin dugu topo jatetxean!!!.

Nire atzetik ote zebilen?. Kanpora afaltzera atera ginen batean izanen zen.

Bizikletaz joan naiz Solsonara, bizikleta konpondu asmoz: txirrindu-denda aurrean nengoela ni neu konponketa lanetan hara non agertu zaidan txapelokerren brigada kalean zehar oinez!.

Elkarri agurrik ere egin gabe gurutzatu zitzaidan. Berriro ere egoera xelebrea.

Igerilekura joan naiz, non bi txapeloker aurkitu ditudan ere.

Brigada omen dabil han eta hemen gazte talde batekin nabilela esanez.

Kezkatua ibili naiz bi pertsonekin, txakur planta zerien.

Dentistarengan egon naiz Solsonan. Ile-apaindegira ere joan naiz, non txapelokerra aurkitu dudan.

Tabernan egon gara: hain zuzen txapelokerrak sartu dira han geundela.

Ez nuen inola ere gogoko txapelokerrekin topo egitea. Hobe beraiek nitaz ahalik berri gutxien jakitea.

Txapelokerren kaboak esan dio Mateuri hemendik aurrera kuartelean aditzen emateko kanpora ateratzen naizen bakoitzean. Ez dakit norengandik, nondik edo zergatik datorren arau berria. Haserre eta deseroso sentiarazi nau.

Txapelokerrak ditu anaia eta iloba bat zulatzaileetako batek.

Ur bila zebiltzan zulatzaileak ziren. Ezezagunekin zuhurra izaten erakutsi zidan senidetasun horretaz jabetze horrek, ez baitzen arraroa izanen nire egoeran guardia zibilez hitz egitea ere neronez, edo norbaitek zirikatuta.

Elkarrekin eman dugu eguna Julenek eta biok. Arratsaldez Cardonara joan gara, bidean txapelokerren kontrola aurkitu dugu, baina saihestu ahal izan dugu.

Bazterrak ezagunak nituenez, auskalo ze bidetatik alde egin genuen. Nahiago nuen kontrola saihestea.

 

Azken aldera nire egoera nahikoa normaldu zen; adi, baina lasaiago bizi izan nintzen.

Ni et guardia zibilak: ez da harritzekoa Tomasek adarra jotzeko txapeloker baten iruditxoa eta trikornioa oparitu izana Gabonetan. Geroztik ere beti izan ditut inguruan, eta aurez aurre erasokor, hainbat isun jarriz ere txapelokerrok, batez ere Etxarriko urteetan.

 

Egun batez aske atera nintzen!!!.

etiketak: Miracle
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.