MIRACLE
Miraclen, Monasterioan, nintzen jada. Jendearekiko harreman ia normal baterako bidean, kartzelatik kanpoko inorekin harreman zuzenik gabe zazpi urtez bizi ondoren. Egokitu beharra nuen egoera berrira, jendartera. Egoera berri horrek baldintzatuta eman nituen pausoak, planifikatu gabe, zetozen egoera, arazo eta harreman berriei erantzunez, haiei egokituz.
Gozagarria izan zait, egunkaria irakurriz, egun haiek gogoratuz, begirada bat botatzea birgizarteratze prozesuari. Zazpi urteko isolamendutik gizartean murgiltzera jauzia.
ASKATASUNERA OHITZEN
Lehen sentipenak
Guardia zibilekin izan zen nire lehen komunikazioa kartzelatik kanpo: autobusean lehenengo, Miraclera heltzean gero, eta monasterioko sarreran azkenik. Hitz gutxiko harremana, uneko premiak behartutakoa. Baina nahiz eskuburdinez lotuta, jada ez nintzen preso sentitzen nire beraiekiko harreman hartan, ni neu sentitzen nintzen gailen. Ordu gutxi barru utzi beharko ninduten aske, gainera beraiek zeuden galduta, nora zoazen asmatu ezinik, bide luzeagatik amorraturik. Nik banekien nora noan, non utzi beharko ninduten. Guardia zibilei goitik behera hitz egiteko parada zen jada ia menpekotasunik gabe.
Cartagenara bidean, Josu, Alberto eta hirurok bokadiloz bazkaltzera geratu ginen une hura nuen gogoan lehen egunotan: Gaztelako lurralde zabalaz inguratutik, motatxo bat ginen lur landuko ozeano hartan, lau haizetara bukatzen ez zen lautadan. Ia biluz, zeri heldurik ez nuela, babesgabe bezala, sentitu nintzen une hartan. Hormek estututa bizi izan ginen kartzelan: horma garai bat edo eraikin garaiago bat hesi, patioko 20 metroak esparru zabalena gorputzaren mugikortasunarentzat, begientzat ere. Begien kartzela ere bazen Zamora, berrehun bat metrora zegoen tontortxoa zen hormez haragoko begien kokaleku bakarra; egun-argi luzeagoetan, ohera aurreko ordu erdian, aurpegiaren zabalera ozta-ozta hartzen zituen lotegiko leihatila nano bat baino zirrikitu bat besterik ez zen leihotxotik ikusi ahal zen urrunean zuhaitz garaiek Duero ibaiari horma berdea egiten zioten arteko lautadatxoa. Hodeiertzik gabeko lurraldea zen Zamorako kartzela. Ikuspegi fisikorik gabeko 7 urte izan ziren hangoak. Zerua zitzaigun mugarik gabeko ikuspegi biluzia, zeharkatzen zuten tartekako hegazkinak eta patioko txuarrak ziren han begien jolas-gailu bakarrak.
Preso ninderamaten baina ezin ninduten oraingoan lurraldeko ikuspegiaz gabetu. Autobuseko jarlekuetan zut, alde batera zein bestera so, nireganatuz joan nintzen herriak, soro landuak, ibaiak, zuhaitzak, mendi-tontorrak. Hasia nintzen inguruarekiko harremana berreskuratzen.
Berreskuratzen jarraitu nuen 7 urtez eteniko naturarekiko harreman hori monasterioko plaza zabala zeharkatu nuenean, eszenatoki berri bat zabaltzen ari zitzaidan non ekitaldi berri bateko aktore izanen nintzen oraindik eskuburdinez besoak lotuta, txapelokerren ilararen erdian arren. Aske izaten hasiko nintzen berriro aurreko eraikin hartan, gizartearekiko harremanak birlotzen.
Lehen urratsak
Bakarrik zeldan: egarri naiz, ura edan dut konketatik, freskatzen naiz eta garbitu.
Tenientea, txulo xamarra.
Honenbestez, bakarrik geratu nintzen gelan. Monasterio bateko gela zen, zelda deitzen diotena. Zigor-ziega esan nahi zuen zelda hitzak Zamoran. Handia, antzinako gela, sabaia oso goian duten horietakoa zen monasterioko gela berri hau. Erabat austeroa. Lau hormak, ohea, gurutzea ohe gaineko horman, armairu handi bat, konketa eta komuna, zazpi urte ondoren neuretzako soilik zen komuna, hormaz bildua eta ateduna, ez dena denen bistan egin behar zen Zamorako komuna.
Leihoa zuen gelak!!!. Lehenengoz nuen leiho zabal bat, burdin-sarerik gabekoa, kristal gardenekoa, ez Konkordatuko leiho kristal lodiko opakoa, nik neuk eta nahi nuenean ireki ahal nuen. Aurrez aurre, aurreko etxetxoko leihoa: oraindik ez nekien makinatxo bat hitz-aspertu egingo nituela leihotik leihora hurrengo urtean zehar aurreko Mariarekin, sukaldekoa baitzen leiho hura.
Monjeak gelan bakarrik utzi ninduen unean gailendu zen naturarekiko eta gizartearekiko harremanak berreskuratzen nituela sentipen bizia. Leihoa irekitzea izan zen lehen bihozkada: izugarri ezohikoa, aldi berean zirraragarria, egin zitzaidan leihoa ireki eta ingurura begiratzea. Emozioz egin nuen. Eskuak jada aske, eskuburdinik gabe, leihoa zabaldu nuen; burua eta gorputz enborra ahalik kanporen atera, lurralde osoa nuen nire begien mende. Itsasontziak portura lez, arribadan nengoen, itzulia nintzen lurralde zabalera, nigan zegoen kartzelan amestu natura hura, neuk nekarren nire baitara begiez mundu hori, aldi berean begiek ninderamaten libre natura hartara. Fisikoki murgilduta egonen nintzen laster bertan, bertako osagaia izanen nintzen, irudikatuz ez ezik, fisikoki ere. Hasiera ematen hasia nintzen harreman berriei.
Oraindik galdu gabe nuen zaintzapeko sentimendua. Ateak ez zuen leihatilarik, ez zuen giltzarik, baina oraindik ez nintzen jabetzen inoren baimenik gabe gelatik atera nintzakeenik. Jakin banekien, baina ez nuen eskubide horren bizipenik. Hurrengo egunetan ikasi beharko nuen ahalbide guzti horiek naturaltasunez berreskuratzen. Ezohikoa zitzaidan leihora ateratzea bera ere. Bizitzako atal berri batera ari nintzen jartzen.
Ihes-aukeren burutapenak ere izanen nituen seguruenik. Ez dut gogoan. Hurrengo ordu eta egunek zer zekarkidaten zen nire uneko burutapen nagusia.
Nahiko luze joan zen gelako itxaronaldia. Han egon nintzen, bakarrik, zer egin ez nekiela, norbait azaldu zain. Halako batean atea erdizka ireki zen, gabardina berde argiz jantzitako gizakume bat agertu zen, sartu zuen burua, begiratu zidan une labur batez, nahiko zorrotz, atea itxi eta desagertu zen. Ez nintzen jabetu zein zen, ez nuen identifikatu guardia zibil bezala. Ez zen sarreran ezagutu eta gelara lagundu zidan monjea ere. Leihoan nengoen kanpora begira atea ireki zen horretan. Gero jakin nuen Solsonako kuarteleko burua zela, tenientea: izango nituen berarekin gorabehera batzuk. txulo zamarra idatzi nuen egunkarian, jauntxo itxura hartu nion nonbait. Seguruenik ze baldintzetan geratzen nintzen jabetzera etorri zen, edo ze tipo klase ote nintzen ikusminez, bere ardurapean banengo lez. Mateuk kontatu zidan beheko sotoan izanen zela gela ilunen bat uste zutela guardiok, bertan leiho eta ihesbiderik gabeko batean utziko nindutela, giltzapean; ia gela hartan eduki behar ninduten, galdetu omen zioten, “Leihotik ihes egin dezake” esan zion Solsonako tenienteak. Esan omen zioten ere mingain azkarrekoa nintzela eta kontuz ibiltzeko nirekin, ez fidatzeko.
Mateu etorri zitzaidan. Kontu-kontari egon ginen. Monasterioan askatasun osoa nuela esan zidan. Beraren bitartez izan nuen etxekoen berri ere. Bidean omen ziren. Monasterioko gela ingurua erakutsi zidan.
Monjeen egongelara joan naiz, oso polita da eta ikuspegi izugarria du.
Bakarrik utzi ninduen Mateuk. Monjeak bakoitza bere zereginetan zebiltzan, bazirudien neu bakarrik nengoela monasterioan. Isiltasun osoa dut gogoan. Monasterioko berri ikasten hasi nintzen. Bakarrik, neure kasa eta patxadan, inolako zaintza, debeku, baldintza edo eragozpenik gabe bizitzen ikasten. Lehen solairuan klaustroa inguratuzko korridore lauki zabaletik hasi nintzen. Klaustrora jotzen zuten leiho zabalek erabat argia egiten zuten pasilloa. Monjeen gelak zeuden korridore horretan: ertz batean, ate nagusitik gertu, irteeratik hurren zegoen nire gela. Monjeen egongelara jo nuen. Erakutsia zidan jada Mateuk. Aukerakoa zen, alde bat osoki kristala zuen egongela. Gozagarri egokitu eta itxuratuta, atsegina. Aurreko bailarara jotzen zuen, ikuspegi ikusgarria, zabala, txundigarria, eskainiz. Lur landuko lautada, basoak, mendizerra bat urritiko ostean. Pinudiak alboetara, urrutitxo. Ikuskizun paregabea. Kartzelako hormetara ohitua, izugarrizko zirrara eragin zidan, erabat gustura sentitu nintzen.
Zaingoa jarri dute.
Bi txapeloker jarri zituztela sarrerako atean jakinarazi zidaten monjeek. Txapeloker lelo alaenak, monasterioak mila ate eta leiho baitzituen zein baino zein egokiagoak hanka egiteko. Agian bisitak kontrolatu nahi zituzten, norbaitek isilean sartu nahi balu beste sarbiderik ez balego bezala!. Polizia orok lepo beretik burua.
Etxekoak: lehenengoz, zazpi urtetan, sare eta burdinarik gabe, ikusi ditut, lehenengo besarkada zazpi urtetan.
Etxekoak heldu ziren. Izugarria izan zen. Zazpi urtez gero besarkatu ahal nuen ama!!!. Elgoibarko denak izan ziren egun horretan, baina ama gogoratzen dut batez ere. Sentimendu denak bor-bor. Seguru negar egin genuela.
Arakatu egin zituzten sarreran guardia zibilek familiarteko denak. Kartzelako nolabaiteko kutsuak zirauen.
Amorrua ematen zidan txapelokerrak han atean egotea, ez zutelako zergatik egon, baina ez nuen nahasterik nahi, nire etorkizuna nolakoa izanen zen ez nekien, garbi bainuen agian ihes egin beharko nuela. Lortuko zuten laster monjeek, kanpoko nire lagunen eta abokatuaren presioak ere, ateko zaintza hori kentzea.
Afaldu, telebista ikusi, egunkariak irakurri... berandu arte.
Etxekoek hotelera joan ziren afaldu eta lotara, monjeekin geratu nintzen ni monasterioan.
Monjeekin afaldu nuen jantokian, telebista ikusten egon nintzen beraiekin, egunkariak irakurri nituen gero. Jada ez zuten zentsurarik egunkariok, hau da, ez zituzten guraizez eginiko leiho edo zauririk. Euskal Herriko notiziak... berandu arte luzatu nintzen, ez nuen ordurik oherako, ez zidaten argirik itzaltzen gela kanpotik... Sekulako aurrera pausoa zen monasterioan libre, zaintzailerik gabe ibiltzea bera. Lehenengo esperientzia zazpi urtetan. Nik neuk neureenez gelako atea ireki, pasilloetan burdinazko sarerik gabe ibili, zaindariari pasilloko burdina-atea irekitzeko deiadar egin gabe mugitu, inoren kontrolik gabe, inor begira izan nezakeen kezkarik gabe, telebista nahi nuen ordura arte ikusi... Huskeriak itxuraz, baina dena zen niretzat ezberdina, bizimodu berri bat, sentipen berriak… persona berri bat sentitzen nintzen.
Nire kartzelatik kanpoko lehen bizipenak ziren haiek, nahiz kartzelako hainbat bizipen eta sentipenek zirauen oraindik niregan. Buruak esaten zidan bestelakoa zela egoera, Zamoran gelditu zirela kartzelako baldintzak.
Pausoka
Martxoa.29. Etxea ezagutzen; beheraino heldu naiz, elizaraino ere bai; ibilaldi ederra egin dut klaustroan biraka.
Definitu gabe zegoen nire statusa, ez nuen ez inolako debekurik ez baldintzarik ez mugarik monasteriokoen aldetik, baina zuhur jokatu behar nuen, inoren etxean sentitzen nintzen oraindik.
Hirugarren eguna nuen monasterioan, etxekoak joan eta bakarrik gelditu nintzen. Behera jaitsi eta harat hona ibili nintzen pasilloetan. Elizara bidea aurkitu nuen. Irria ateratzen zait, behera jaitsi eta elizara ere heldu nintzaneko abenturak gogoratzean: baina ez zen hain erraza pasillo haietako lehen ibilia, labirintoa zirudien, elizara bidea aurkitzea benetako deskubrimendua izan zen. Mundu berri bat aurkitzea bezala. Nire abentura, esplorazio eta aurkikuntzak. Heldu eta berehala hasi nintzen, beraz, monasterioko zoko eta bazterrak ikasi nahian, ikusmin adina gordeleku bila poliziarekin ataka larriren batean aurkituta ere, berriro kartzelaratzeko arriskua eta kezka ez baitzitzaidan sekula uxatu, ihes egin beharrarena ere.
Martxoa 31.- Etxea ezagutzen: Joanek eliza eta inguruko bazterrak erakutsi dizkit, baita monasterio zaharreko goiko terraza ere: terraza zoragarria.
Laugarren eguna nuen monasterioan. Joan ere han zen nonbait egun horietan. Ez dakit zergatik erakutsi zizkidan Monasterioko zaharreko bazterrok. Bera ere ihesean ibilia zenez, agian, premia izanez gero, gordeleku bat-edo asma nezan.
Sinestezina da Monasterio Zaharreko zokoen zenbaterainokoa. Labirintoa zen hura. Erabat utzia zegoen. Desatsegina zen erabat, hain baitzegoen deslaitua, iluna, higatua, dena hauts. Hara ez zen inor sartzen. Seguruenik neu izan nintzen ezkutaleku bila eta terrazara bidean hara sartu nintzen bakarrenetarikoa egon nintzen urte osoan. Pikasek ere eraman ninduen delako monasterio zaharra ezagutzera. Ez dakit monasterioko zirrikitu ezberdinak ezagutarazi asmoz, ala, agian Joanek bezala, susmatzen zuelako beharko izango nuela agian noizbait ezkutalekuren bat. Ordurako ibilia nintzen, neure kontu, zoko guzti haien miaketan.
Arakatu nuen erretaularen ostea, balizko gordeleku bila hasieran, ikusminez ondoren. Monasteriotik egiten zen bertara, ate batez, erretaulako garaieraren erdialde inguruko goieran. Txundigarria da erretaula baten atzealdea ezagutzea: hain dotorea, koloretsua eta erakargarria den artelanaren ostea taula eta egur-hesolen aldamio sare bat besterik ez da, egur-taketen baso bat; zurezko aldamio erraldoia zirudien, izan ere hala zen, erretaula osoari eusten zion egurdura. Erretaula ederraren ifrentzu arrunta, itxuraz ezgauza, baina artelan osoari eusteko funtsezkoa. Zirrara eragiten zidan. Leku apartak zeuden ere bertan gordetzeko, estura une baterako ezkutaleku bikaina izan zitekeen, egoera politikoa aldatu eta polizia bila etorri ezkero, kontutan hartzeko gordeleku bat. Ez zen preso baten obsesioa, egoera politikoak eskatzen zuen zuhurtasunaren ondorio bat baizik.
Terraza
Zabaltza bakarti zoragarria da terraza. Monasterio Zaharreko osagaietako bat. Teilatuaren goiera du, bere atal bat bezala da. Pare bat metro izanen ditu luzeran, eta beste bat zabaleran, agian gehiago. Ez dakit garai bateko monjeen arnas-leku ala inguruaren zainketarako talaia. Behatoki aparta, inguruko lurraldea ikusi ahal zen bertatik, panorama zabala eskaintzen zuen ipar eta eki aldera, Bete betean jotzen zuen eguzkiak berandura arte. Etzanda edo eserita, ikusezina zinen edonondik begiratuta ere.
Terrazan eguzkia hartzen: bakarrik, talaia hartan, askatasun sentipen kilikagarria.
Eskailera kiribil estu batez igotzen zen, harrizko mailadi estu borobilez, bere baitan kiribilduz, triangelu egiturazko harri losaz egina, erdian geratzen diren triangeluko ertz puntazorrotzak bata bestearen ginean zutabearen betebeharra eginez, goranzko pikoan, luze eta garai itxura emanez, ia klaustrofobia sentipena sortaraziz, bitxikeria bat zen niretzat terrazara zeraman eskailera hori: barraskilo eskailera deritzan horietakoa, bitxia, misterio kutsua zuen bertatik igotzeak. Leku aparta ezik, erromantikoa ere bada terraza hura, bazter ezkutu bat denaren gainetik, denari begira.
Apirilak 1. Gaur ez dago txapelokerrik atean.
Haserre zen priorea guardia zibilen ateko presentzia jarraitu iraunkor harekin. Azaldu zuen nonbaiten eta norbaiti bere haserrea. Kanpoko lagunek ere salatu zuten. Ez zuen zentzurik zainketak, Solsonako txapeloker buruaren, edo bere goragokoen lelokeria zen, beldurra edo badaezpadako neurria besterik ez. Etorri zitzaion tenienteari bakean uzteko ordena, eta aldendu zituen bere txakur zaindariak.
Askeago sentitu nintzen. Asko aldatu zitzaidan, edo aldatu nuen, egoera eta bizi-moldea aurrerantzean. Kanpora ateratzeko debekurik ez nuen, monjeen inolako eragozpenik ere ez, ez nituen atean guardia zibilak, baina, zer gerta ere, nahiago nuen zuhur jokatu.
Zamorara idatzi diot kartzelako kaperauari: Monasterioko zuzenbidea zehazten diot, Solsona jartzeko eskatuz.
Oharra Lleidatik agentzia-etxera: kaxak han daudela, joateko bila. Zamorako kartzelakoak, agian apaiza, erne ibili dira, nik zuzenbidea bidali aurretik bidali dituzte nire gauzok.
Paketeak heldu dira.
Jantziago bezala sentitu nintzen nire trepetxu pertsonalekin, hezurdura berri batez sostengatuta bezala. Banuen nire-nirea zen zerbait.
Hasia naiz Zamorarekin ahazten.
Aurrerapen izugarria. Barne-mundu eta sentipenen iraultza!. Lasterrera bisitak izango ziren nire gizarteratzeko lagungarririk eragingarrienak.
Bazterrak ikasten: bada makinatxo bat zulo.
Zortzietan jaiki naiz, lehenengoz elkartu naiz monjeekin gosarian.
Gela argazkiekin dotoretzen ari naiz. Koltxoia ere aldatu dut, argia ere bai.
Terrazan eguzkia hartzen
Seigarren eguna zen, eta jada hasia nintzen terraza erabiltzen. Laster hasi nintzen monasteriora ohitzen, Zamoraz ahazten. Igo ohi nintzen terrazara narru-hutsik eguzkia hartzera. Begiradek ere ez ninduten lotzen, ez nintzen inoren soen preso ere. Kontrolik gabeko bizitza berri baten ikastaroko lehen urratsak.
Klaustrora jaitsi naiz. Bizikleta bat aurkitu dut arratsaldez klaustroko gela batean: ibili ederra egin dut berarekin klaustroko bidexketan itzulika, belodromoa bailitz.
Begira nenbilen klaustro bueltako antzinako geletan non zer ote, umeak altxor bila bezala, eta bizikleta izan zen aurkitu nuen altxorra. Zer esanik ez txirrinduan ibiltzeko irrika sortu zitzaidala. Noiz ibilia ote nintzen azkenengoz txirrinduz!. Behin ere ez omen da ahazten bizikletan ibiltzea. Ez nuen galdu uste hori egia zen frogatzeko aukera. Esperientzia berri bat. Barne abentura. Askatasun izpi bat bezala, egoeraren aldaketaren ikuspegi berri bat. Oraindik kalera ateratzen ez nintzanez klaustroko harri txirteko bidexketan ekin nion esperientziari. Oso ondo moldatzen nintzen.
Gero jakin nuen Justiri fraide lagunek urtebetetze batean oparitutakoa zela. Guti ibiltzen zela bera, nahi nuenean hartzeko esan zidan.
Apirila 2.- Klaustroan bizikletan ari nintzela, bertako gela batera emakume bat sartu dela ikusi dut. Maionesa pote batekin atera da berehala. Emakume batekin bakarka!. Zazpi urtetan lehenengoz esperientzia hau ere. Txepelkeria zatekeen aukera galtzea, beraz bere ondoan gelditu naiz, sukaldaria zen galdetuz. Hala zen. Jatordua gainean zeukala eta presaka zebilen, bi hitzekin banatu gara ni bizikletara eta bera sukaldera. Ez dirudi beldurtia, lotsatia edo urduria denik. Hitz egiteko gogoz gelditu dela zirudien; niregatik balitz, jarraituko genuen. Ikusi dut aurreko egunotan emakume bat inguruan, nahiko sarri, bera da.
Harreman handia izanen nuen aurrerantzean Konxita sukaldariarekin.
Beraz egoera badoa bide dezente batetik zuzentzen.
Apirilaren 3a.
Egonaldia egin dut terrazan. Haize hotz samarra zebilen, aldatzen ari da eguraldia. Ia euririk datorren. Gimnasia egin dut, bizikletan ere ibili naiz, eliza aldetik ere egin dut ostera bat, mesede-oroigarriak, ”exbotoak” ikusten egon naiz batez ere: soldadutzara doazenak mesedeen txokoan bere argazkia uzteko ohitura dute nonbait, soldadutza on bat eskatuz Amabirjinari.
Pelikula ikusi dut monasterioko telebistan, 12etan oheratu naiz.
Neuk neurtzen nuen jada nire denbora.
Kristalezko ontziak eskatu dizkiot Kontxiri boligrafoak eta pipak gelako mahai gainean jartzeko.
Pipaz erretzen nuen, kartzela aurretik, kartzelan, eta kartzela ondoren ahotik operatu behar ninduten bezperaraino. Bestalde nire bizitza propioa antolatzen jarraitzen nuen, nire gela osagai gutxienekoz osatzen, kartzelako biluztasun erabateko hura estaltzen, kartzelako ezerezaren sentipena janzten.
Zertzelada txikiak, baina bizitza propio bat egituratzeko pausotxoak.
Hagineko minez egon naiz gauez. Solsonako dentista ekarri dit Mateuk. Bere lan-bulegora joan behar dut.
Arratsaldeko bostak eta erdietan atera naiz Mateurekin Solsonara. Autoz. Ez guardia, ez eskuburdinarik eta ez inolako demontrerik gabe.
Gauza mordo bat egin ditut gaur lehenengo aldiz zazpi urtean, esperientzia berriak:
-Lehenengoz aurkitu naiz, auto bila ateratzean, kalean zutik, eskuak lotu gabe, inolako mugarik gabeko lurralde zabala aurrean nuela. Sentipen estrainio bat eragin dit.
Oraindik gogoan dut sentipen hura, plaza zabalean zut, babesik gabe bezala, txiki, kili-kolo lez, galdua, zutik egotea bera ariketa berria bailitzan.
-Autoan gidariaren alboan joan naiz, eskuburdinarik gabe, jagolerik gabe, alderdi guztietara begira. Askatasun sentipen berezi eta bitxi bat nabaritzen da.
Gogoan dut bidaia hura, nire denera begiratu beharra, dena ikusi eta ikasi nahia. Inguruaz gozatzea haina, ingurua ondo ikasi ere nahi nuen, oso azalean nuen ihes egin beharreko sentipena.
-Lehenengoz ikusi ditut kalean, zazpi urtean izan ez ditudan bezala, neskak eta emakumeak, neure ondoan.
Bizipen berriak.
-Lehenengoz neuk neureenez egin ditut erosketak, nire kontu, neuk neure diruz ordainduta. Mekanika denda batean lan-jantzi bat, mekaniko buzoa, urdina, erosi dut, Aita Eulogirekin granja lanetan aritzeko. Seiehun pezeta eta koska: oraindik ez dakit asko ala guti den, ez baitut bizi diruaren balorerik, neuk ez baitut diru hori irabazi behar eta behar dudanerako ez baitut diru faltarik.
Sobera nuen oso gutxirekin.
-Neskatila bat zegoen kobratze-kaxan: haren irribarreak badu diferentzia presozainen aurpegiarekin.
Ume bat bezala nintzen, dena ikusi eta ikasi behar nuen, baita neskatila baten irribarrea ere.
-Kaleetan ere ibili gara. Zerbait irreala iruditzen zitzaidan.
Denak zirudien irreala, Zamoratik irten genuenetik astebetera horrela ibili ahal izatea bera ere. Nire kondenarekin!. Zamora uztea bazen harrigarria, gaur horrela ibili ahal izatea zer ote!. Baina preso politikoen gomuta gori-gori bizi dut: amnistia lortu arte ez dago ez patxadarik ez atsedenik.
Sarri itzuliko nintzen Solsonara, neure kasa, bizikletaz ere. Sarriak dira Solsonarako joan-etorrien aipamenak egunkarian.
“Un dos tres...” programa telebistan.
Zamoran goiz eramaten gintuenez logelara, ezineko genuen horrelako programak ikustea. Ikusmina ase heinean muzin egiten joan nintzen programoi.
Urratsez urrats
Ekainaren 12a. 8etan atera gara Seo de Urgelera. Bidaia paregabea, paisaia berriak ikusiz. Garagardo eta bestelako edariak hartu ditugu bidean.
Nortasun Agiria ateratzera joan nintzen. Priorari eman zioten nire kartzelako dokumentazioan ez baitzegoen nire lehengo nortasun agiririk.
Seo ikusi dugu: Katedral aparta, Museoa, kaleak... postalak idatzi dizkiet Gurutze eta Beari.
Bizpahiru aldiz gehiago itzuliko nintzen Seo de Urgelera dokumentazioa zela eta. Postalak idaztea bera berrikuntza bat zen.
Zoragarria izan da eguzkiaren irteera telefonora nindoala.
Ez dut gelatik irten arratsaldez, irakurriz eman ditut orduak.
Ikasten egin dut arratsaldea, ezertarako irten gabe. Gauean gimnasia egin, eta ohera.
Alferkerian nabilen kezka dut.!!!.
Siesta bota dut, logale eta nekaturik nago. Aukeran etorri zait loa.
Leihoan egon naiz gauez: isiltasun zirraragarria!.
S. Gabrielera igo dut: zoragarria zen udazkeneko giro isila. Lehenengoz ikusi eta entzun dut kalandria bat.
Pasan ikusiak nituen kalandriak, geldian ez.
Uso bandoa ikusi dut La Cirosa-tik S. Jaume aldera. Tiro egin dio norbaitek.
Lardero Marinen, Sasikopotzu Altzolan: gaur da eguna.
Trumoia jo du gauean eta telebista itzali dugu tximisten beldur.
Trumoia gaur ere arratsaldez.
Hainbat egunetan jo zuen trumoiak arratsaldez. Trumoia eta euri jasa bertatik sentitu eta bizi, esperientzia berri bat. Nobedadea zen niretzat, leihotik, aterpean, plazan, ekaitza bizitzea.
Gaueko hamarretara eraman dute “Hawwai 05” telesailaren ordutegia. Gelara etorri naiz idaztera.
Solsonan egon naiz. Erosketa batzuk ere egin ditut, kafetegi batean makina txanponjale horietako batean jolastu ere bai.
Seguru biziki gozatu nuela makina horretan: zenbat aldiz jokatu nuen sasiko urtean, tabernetan, zitaren zain, sarri agertzen bai zen, arduragabekeria osoz, jendea belu hitzorduetara segurtasun neurriak arriskuan jarriz.
Maiatzaren 26a. Kotxea ere gidatu dut!!!: eroso moldatu naiz. Kotxea gidatu dut Vilasecaraino.
Amorratzen nengoan auto bat gidatzeko. Lau apaizen bisita izan nuen eta beraien autoa eraman nuen. errepidetik at, azpiko monasterio alboko bidetik. Errepidez ere erabiliko nuen geroago. Oso gutxitan. Ez nintzen ausartzen inori eskatzen, altxor preziatuegia baita autoa ohitura galdutako baten eskuetan jartzeko.
Bainatu egin naiz, igeri egin dut !!! azkenengoz egin nuenetik 7 urte eta erdira. Nahiko ondo moldatu naiz.
Igerileku txiki bat zegoen monasterio ostean, nobizioak zeudenean egina. Betea zegoen, lirdingaz betea. Igeri egiteko gogo bizia nuen. Belarrok kendu eta sartu nintzen. Ez zen inola ere gomendagarria eta zentzuzkoa ur geldi hartan sartzea. Ez nintzen gehiago bainatu han.
Itxita aurkitu ditut ate guztiak granjatik bueltan. Leiho batetik sartu naiz. Susto ederra jaso du Benitok.
Etxeko giltza agindu dit Justik.
Pauso handia izan zen, psikologikoki batez ere, nik neuk ere Monasterioko giltza edukitzea. Gauez edo egunez, nahi nuen orduan sartuko nintzen aurrerantzean monasterioan.
Solsonara joan naiz Mateurekin, prest dut dena gidabaimena berritu diezadaten, astelehenerako egonen ei da behin-behinekoa.
Eman didate gida-baimena, baina motoa eramateko baimena soilik. Bihar joan behar dut zergatia galdetzera.
Solsonara gidabaimenarena argitzera: errakuntza bat izan omen eta zuzenduko dutela.
Solsonara joan naiz: badut gidabaimena!.
Elurtuta argitu du.
Zamoran ezagutu genuen elurra patioan, baina sekulako gozamena izan zen mendiz elurtzan ibilaldia egitea.
80 txangokideko austobuskada: eskerrak granjara joan ez naizen eta Lourdes etorri den. Ordu beteko lana izan dugu.
Paquitarekin egin dut ordubete bat dendan, saltzaile lanetan.
Noizbehinka gertatu ohi zen erromes talderen bat ezustean agertzea beste inor ez eta neuk irekitzen nuen denda. Ibilaldi luzea mendiz.
Inguruko mendi eta lurretako ibilaldiak izan ziren askatasunaren bizipenik eraginkorrenak.
La Carraleko igerilekukoak izan zen askatasun sentipenen iturrietako bat.
Jueza ibili da nire bila edo nitaz galdezkoa. Jordik eta Eulogik esan diote ez dakitela non nagoen. Solsonara joan naiz berarengana Justirekin: amnistia paperak ditu niretzat, aurreko horretan eman zidaten bandidajeko amnistiarenak, oraingoan militarrek ofizialki bidalita.
Erakundeari erantzun diot. / Bisita egunerako materiala gertatzen: irakurri eta kritikatu./ Irakurri eta erakunderako idatzi.
Ez nuen izan harreman handirik alderdiarekin. Jada herrian lotuko nintzaion hertsiki.
Amak dio Abene ez ote datorren ni ikustera nire iritziekin erretxinduta edo minduta dagoelako. Hala balitz hasi zaizkit lehenengoak alde egiten.
Bizitzara eta gizartera lehen pausoek duten xarma.
https://www.argia.eus/[…]/jon-etxaberen-arrakastaz