MIRACLE
8.- DRAK
Joanen txakurra zen Drak. Tabernako, telefonoko txakurra. Ez dakit babeserako ala bakardadea hausten laguntzeko zuten. Babesa eta konpainia, biak eskaintzen baitzizkien Joan eta Mikaelari, bakardadearen aringarria eta segurtasun bermea zitzaien. Bi osagai premiazkoak leku bakarti hartan. Bizitasun ukitua eskaintzen zien, segurtasun puntuaz harago, Joan eta Mikaela bikoteari. Estimu berebizikoan zuten.
Handia zen, garaia eta luzea, mutur sendokoa, beltza, bel-beltza. Errespetu handia sartzen zuen. Egoki zetorkion izena. Agian txikitatik zetorren horrelakoa, arrazak zemaion itxura, eta horregatik jarri zioten Drak, Dragoi, izena. Etxe, telefono eta tabernako osagai ezinbestekoa. Ikurra ere nolabait.
Lehen harremanak
Tarteka sarri egiten nuen sartu-irten bat tabernara, zurrut bat hartu baino Joanekin hitz aspertutxo bat egin asmoz. Aupada bat tabernako atetik besterik ez bazen ere. Bakoitza bere zereginetan zebiltzan monjeak, eta, nahiz sarriak izan beraiekin solasaldiak, beharrezkoa nuen giroa etetea. Solaskide ona baitzen Joan, abegikorra Mikaela. Bisitariak zetozkidanean ez nuen inolako beste komunikazio premiarik, baina bestelakoetan taberna zen egonalditxo baterako txoko erakargarria. Beraz, honengatik edo hargatik tabernako bezeroa nintzen, Joanen eta Mikaelaren laguna ere.
Drakek ez zituen izan hasieran gustuko nire tabernara sarrerok. Lehenengoetan agian ez, bezero bat gehiago izanen nintzen beretzat, baina bai nire sartu-irtenok errimeak izaten hasi zirenean. Zaunkaz hartzen ninduen. Are zaunkalariago bihurtu zen Joanen lagunago nintzen heinean. Jarrera haserrea erakusten zidan. Agian ugazaba defenditu nahi zuen soilik, besterik ez. Balizko arerio edo erasotzailetzat hartuko ninduen. Nork daki txakurren garunetan zer ehotzen den. Beldurra ere sartzen zidan hasieran. Isilarazten zuen Joanek.
Heldu zen une bat, jada zaunkarik egiten ez zidala. Jabetu zen nonbait nire presentzia onartu besterik ez zuela. Bazter batean gordeko zen, edo ugazabaren etxebizitzara sartuko. Geroagoko bizipenen ondoren, zeloak zituela ere uste izan dut, ugazabaren nireganako kidetasuna arrazoi, ez zuela nahi ugazabak beste inorekin partekatzea berarekiko hurbiltasuna.
Horrela joan ziren aldi batez nire Drakekioak. Alaba ezkondu zitzaien Bartzelonan. Telefonoan ordezkatuko nuen, egun batzuez tabernaren ardura hatuko nuen, eskatu zidan Joanek. Baietza eman nion. Gustura eginen nion ordezkaritza. Lagun ginen, aldi berean inguruko biztanleriarekin harreman zuzen eta estuagoak edukitzeko bidea ematen zidan.
Lagun
Uztailaren 1a zen, lehenengo aldiz taberna-telefonora joan nintzen eguna. Hiru hilabete ezer gutxi gehiago zen Monasteriora ekarri nindutela. Egun horretan izan zen Draken nireganako aldaketa. Handik aurrera lagun izanen nuen, ibilietara nirekin joatea borrokatuko zuen dema irabazi ere.
Goiz joan nintzen telefonari zereginera. Alde egina zen jada Drak. Ez dakit noiz. Antz emana zuen nonbait zerbait ezohikoa gertatzen zela etxean. Tabernako mostradore ostean eman nuen eguna. Eserita, irakurtzen, tarteka aterako nintzen kalera haizea hartzera, belarria erne telefono txirrin-hotsik bazen ere. Ez nuen Draken berririk izan egun osoan. Ilunabarrean agertu zen. Berak ireki zuen atea, bai baitzekien aurreko manuekin eskulekuari eragin eta atea irekitzen, bai tabernatik ateratzeko, bai tabernara sartzeko. Ez zidan ez zaunkarik ez inolako imintziorik egin. Etorri zen mostradore ostera, etzan zen nire ondoan eta han egon zen zirkinik ere egin gabe. Lotaratu nintzen arte. Gauerako aterpe bila etorri zen?. Bazuen tabernako beste zoko batean etzatea, baita etxera sartzea ere, baina nire alboan etzan zen. Niri babesa ematen zegoen seguruenik, ez dudalako uste babes bila etorriko zenik, ohitua baitzegoen bere kasa inguruan ibiltzen, egunez ez ezik, gauez ere. Atera eta sartu ibiliko zen hurrengo nire tabernari eta telefonari aldietan, beti bere kasa atea zabaldu eta itxiz, baina egunero ilunabarrean han etzanen zen alboan guardia egiten bezala. Ez zaunkarik ez inolako haserre itxurarik. Etxekotzat hartua ninduen nonbait. Geroago etorriko zen laguntzat hartzea.
Gailen
Drak ez zen Miracleko txakur bakarra. Baziren beste bi txakur. Monasteriokoa bata, hotelekoa bestea.
Sukaldean bizi zen monasteriokoa. Skitx zuen izena. Arratoi-txakurra zen, marroixkara txikia, ile motz eta mutur zorrotzekoa. Sukalde inguruan egon ohi zen beti, Benet anaia arduratzen zen beraz, sukaldari eta laguntzaileek ezberdinek ere xeratsu tratatzen zuten. Arratoi-txakurra zenez bere zerbitzua betetzen zuen sukalde eta inguruetan. Ez zen sekula monjeen esparrura sartuko, sukaldea eta monasterioko ostea zen bere erreinua. Ate propioa zuen sukaldeak, atzealdetik kanpora jotzen zuena. Granjatik etxerakoan sukaldetik sartzen nintzenez, beti egiten nion kasu. Lagun egin ginen.
Hotelekoa zen hirugarren txakurra. Ez dut gogoan bere izena, bai bere irudia. Txuri deituko diot kontakizun honetan, ile zurikoa zelako. Ez zen inola ere Drak bezain garaia, ezta hain luzea ere, beste biekin alderatuz ertaina zela esanen nuke. Iletsua, mutur zabal bizartsua zuen, bizkarra ere zabala. Ez zen batere bizia, nahiko motela ibileran, ez zuen beldurrik sartuko, nahiz txakur sendoaren itxura eman. Hotelera asko joaten nintzenez, bera sarreran egon ohi zenez portaleko babesean edo eguzki epelean etzanda, sarri eginen nion bizkar edo buru gaineko igurtzi edo xeraren bat, izenez agurren bat ere, hotelera sar-irteeretan. Lagun baino, ezagun ginela esango nuke.
Egun bakoitzak zuen bere ukitu ezberdina niretzat. Inguruabarrak ezartzen zuen eguneko jardunaren nondik norakoa. Oso gustukoa nuen gauerdiko ibilaldia, batez ere ilargi beteko gauetan, baina banekien arratsaldez gelan eseriko jardunei ekin aurretik ibilalditxo batez gozatzea, edo inguruetako lurretan ibilia luzatzea.
Skitx lagun hasi nituen bazkalondoko osteratxoak. Laster jabetu nintzen, baina, berebiziko arretaz begiratzen gintuela bai Drakek bai Txurik taberna eta hotel aurrean pasatzean, zain bezala zeudela. Egun batez jarraika hasi zitzaigun Drak. Jiratzeko agindu nion keinuz eta ahotsez taberna aurrean bertan. Obeditu zidan. Lotsagabetzen joan zen baina, bide luzeagoan jarraitzen. Beti itzuli ohi zen nire agindura. Berdina gertatu zitzaidan Txurirekin. Bi txakurrok uxatzen eman ohi nion, beraz, hasiera ibiliari, txakurrokin deman.
Uxatze jokoarekin aspertuta, hirurak banaka, egun ezberdinetan, eramatea erabaki nuen. Egun batean Skitxekin aterako nintzen, Drakekin hurrengoan eta Txurirekin azkenez. Zikloa errepikatuz. Ondo joan zen jokoa edo jolasa alditxo batean. Baina Drakek jarraitu egiten ninduen Skitx edo Txurirekin nindoanean. Txurik, ere, beste bietako batekin nindoanean. Tokatu zen inoiz hiru txakurrek ilaran jarraitzea, beti ere euren arteko tartea gordez. Nire bidelagun nor, hori zen nonbait beraien arteko norgehiagoka. Skitxek berak ez zidan arazorik sortzen sukaldetik beharrean ate nagusitik ateratzen nintzelako berarena ez zen egunetan. Drak zen lotsagabeena, urrutitik baina luze irauten zuen segika. Berriro ere sartua nintzen zegokien eguneko txakurrak uxatze-dinamikan.
Beraz, beraien artean erabaki zezatela auzia erabaki nuen.
Horrela joan zen historia:
Atera nintzen Skitxekin, lotu zitzaigun Draken konpainia taberna aurrean, hurreratzen joan zen, ez nion ez keinurik ez ahotsik luzatu, ikusi zuen nonbait debekurik ez zegoela. Zeharretik begiratzen nien nik biei zer gertatuko. Bertaratzen da Drak, sekulako harramaskada egiten dio Skitxi. Honek, izututa, alde egiten du korrika bizian. Drakekin jarraitu nuen ibilaldia egun horretan.
Hurrengo Skitxekin atera nintzenean, ikusi zuen Drak tabernako atean eta etxerako bidea hartu zuen besterik gabe. Ez nintzen gehiago joan bere bila. Aurrerantzean sukaldeko atean izanen nuen zain ibilaldiaren ondoren biziki agurtuz monasteriora sukaldeko atetik sartzen nintzenean. Tarteka monasteriotik behe alderako lurretan egiten nituen ibilaldietara eramango nuen nirekin.
Txurirekin errepikatu zen Txikirekin gertutakoa. Txuriri tokatzen zitzaion egun hartan, zain zegoen Drak taberna aurrean. Baina Txuri eta bion atzean agertu zen lasterrera. Gero eta hurragotik jarraiki. Begi-ertzetik begiratzen nien ikusmin eta zer gertatuko jakinguran. Gero eta hurrago, bertaratu eta eraso egin zion Drakek Txuriri. Txuri ez zen kikildu Skitx bezala. Borrokaldi luzea izan zuten. Drak gertatu zen garaile. Buztan makur itzuli zen hotelera Txuri.
Drak izan nuen handik aurrera lagun nire ibilaldietan. Txuri mugitzen bazen hotel atarian gu inguratzean, axut hotsak aterako zaizkion Drakek, Txurik alde eginen zuen edo bazterren batean gorde.
Ez zen hor bukatuko, baina, txakurrekiko afera.
Atzealdetik sartzen nintzen monasteriora ibilbidearen arabera erosoago gertatzen zitzaidanean. Kantoiraino soilik laguntzen zidan Drakek, Skitxen ataurreko territorioa errespetatuz. Han izaten bainuen nuen zain Skitx ate ondoan. Buztanari eragin eta jauzika egiten zidan ongietorria.
Drak, baina, bere jokora itzuli zen. Eta ohikoan bukatu zen, bukatu ere, jokoa. Kantoian aurrera jarraitzen hasi zen. Betiko jokoan nintzen berriro. Bidaltzen nuen hasieran baina, gogaitu eta utzi egin nion ia zer gertatuko. Gero eta gehiago hurreratzen joan zen Drak sukaldeko atera. Skitxek han jarraituko zuen atean, seguru bere barrutian. Ate bertaraino jarraitu zidan behin Drakek, Txikik bertan jarraitzen zuen. Arramaka jauzi bat egin, lepazurretik hozkadaz heldu eta airean astintzen hasi zen erabat bortizki. Akabatu behar zuen. Lepoko uhaletik heldu, garrasika eta ostikadaka lortu nuen halako batean aska zezan gure Skitx. Bizirik zegoen zorionez. Alde egin zuen burumakur Drakek.
Nolanahi Drakekin jarraitu nuen arratsaldeko ibilaldietara ateratzen. Jada ate bertaraino laguntzen zidan. Skitx etxe barnean gordetzen zen.
Ibilikoak
Ibilaldira bidean tabernan sartuko nintzen Draken bila atean ez bazegoen. Atea zabaltzearekin bat, etxean bazegoen, mostradore ostean, edo auskalo ze zokotan, berehala agertuko zen. Albo jarriko zitzaidan. Nire bernei lapa-lapa eginda. Joanekin solasa luzatzen zen heinean urduriago, egon ezinik, mugitzen, bernen kontra bultzaka hasiko zitzaidan. Zaunkaz ondoren. Hurrengo pausoa atera hurbilduz, bere aurreko manuekin irekiko zuen sarraila heldulekuari eraginez, gorputzarekin atea zabaldu, eta zaunkari ekinen zion ate irekian, deika. Mugitzen ez banintzen atzealdean jarriko zitzaidan, bi manuak bizkarrean jarri eta tiraka hasi. Zaunka batean jarraituz. Alferrik zen Joanek edo nik neuk isiltzeko agintzea. Une batez isilduko zen, baina bere demari ekinen zion berehala. Gehienetan solasaldia eten eta atera egin behar nuen, ez baitzen han bakerik bestela.
Bizikletaz ere ateratzen nintzen tarteka. Ibilaldi nahiko luzea egiten nuen bazkaloste horietan. Baso edo soro arteko bidezidor eta baso-bideetatik, lur-zoruko bideetatik. Abia lasaian egiten nuen. Inguruaz gozatuz. Baina noizbehinka zirikatu egiten nuen Drak. Azkartzen nuen pedal-emana, bizkortzen nuen abiadura, erabat bizkortu ere tarteka, bikeztatutako errepidea ere hartuko nuen. Ia Drakek zer. Ez zuen etsiko. Han saiatuko zen, gorputza luze bizkarra mehetu balitzaio bezala, muturra gorantz, buztana ez dakit nola, hankak eginahalean aurrera botaz, mingain gorria ia arra bete kanpoan, alboan ezin eta atzetik jarraika atzerago edo hurrago abiaduraren arabera. Baretuko nuen joana, jarriko zitzaidan alboan, arnasestuka, etorriko zen bere betikora eta elkarrekin parez-pare bukatuko genuen eguneko elkarrekiko ordua.
Bestelako bitxikeriarik ere izan genuen:
Ba zen sasiarte zabal trinko estu bat monasterio atzealdean. Etxerako batean katu bat agertu zen bide erdian. Haserre egin zion Drakek. Ondoren geldi geratu zitzaidan begira: zer egin jakin ez nik, eta ez dakit gaizto puntuz edo ikusminez, xaxa egin nion. “Ia Drak”, ez nion besterik esan. Abiadura amorratuan eraso zion. Katuak sasitzara egin zuen, erraz egin zuen bere gorputz txikiak barrurantz. Trumoia bezala sartu zen sasiartean Drak bera ere, bere gorputz tzarrarekin, ziztu batean, ez dakit nola egin zuen bidea. Ezkutatu zen berdetza arantzadun hartan. Zalaparta hotsa. Intziri batzuk. Isiltasuna. Agertu zen Drak sasitzatik eta nire alboan jarri. Garbitua izanen zuen katua. Zapore mikatza geratu zitzaidan. Estakuru bezala esanen dut inola ere ez nuela pentsatu sasitzan sartuko zenik Drak. hain zen trinkoa.
Zeloak
Atzerritik etxeratu ondoren, egonalditxoak egin zituen Maria Luisak Miraclen. Monasterioa ohi zuen ostatu.
Maria Luisarekin joaten nintzen ibiltzera egun horietan. Egokitzen nituen granjako lanak berarekin ibiltzeko, ordu batzuk biontzat edukitzeko. Inguruko baso, mendixka eta soro-arteak izan ohi ziren gure ibil-leku. Drak ere batzen zitzaigun, gurekin etortzen zen gehienetan. Izugarrizko beldurra eta fobia die txakurrei Maria Luisak gaur egun. Ez dakit orduan hala zen. Ez zen behintzat tentsiorik egon txakurra dela eta. Lasai joan ziren hiruon ibilaldiok.
Nolanahi, lehen ibilaldian bertan jarri behar izan nuen bere tokian Drak. Eserialdiak egiten genituen hitz-aspertu lasaian. Etzan ginen pinu orriz betetako zoruan, ikuspegi zabal ederra genuela aurrean. Alboan etzan zitzaigun Drak. Lastan batzuk eman eta xeratsu hasi ginenean, gainera etorri zitzaigun Drak. Bion artean muturra sartu, manuei eragin eta banatu nahi gintuen arnasestuka eginahal guztian. Haserre egin nion. Alderatu zen, eseri eta bakean utzi gintuen. Aurrerantzean ere.
Eraso bat zelakoan, ni defendatzeagatik izan ote zen pentsatu nuen.
Beste batean, eserita geundela basoan, hesteak libratu beharra izan nuen. Aldendu nintzen bazter batera. Niregana etorri zen Drak. Agindu nion Maria Luisarengana joateko baina nire albo hurrean etzan eta geratu zen, M. Luisa bakarrik utziz.
Nire bizkartzain izan nahi zuen, hala beretzako soilik nahi ninduen?.
Txiki eta Txuri lekuz kanpo uztea, tabernako ni paseatzera edo kanpora atera behar hura, Maria Luisarekiko nire karesak galarazi nahia… zeloen eraginez zelakoan nago. Beretzat soilik nahi ote nituen Drakek, ez ninduen nonbait ez beste txakurrekin, ez Maria Luisarekin, ezta Joan bere jabearekin ere konpartitu nahi.
Kidetza ituna
Nahiko denboraz aurrera izan zen. Jabetu nintzen nik pixa egiten nuenean berak ere egiten zuela. Arreta jarri nuen. Errepikatu egiten zen portaera bera. Nik pixa, berak ere bai. Harrituta nengoen. Jolas bezala hartu nuen, eta jolasari ekin nion. Berak bere kasa pisa egin bezain pronto egiten nuen nik pixa. Ia zer gertatuko. Berak ezin zuen pixagurarik eduki. Baina hanka jaso eta saiatuko zen tanta bat aterako zitzaion arte, edo ahaleginean geratuko zen. Pixa apur bat gorde eta berriro jarraian egiten nuen hurrengo. Eta bera saiatuko zen hanka jaso eta egiten. Jolas bat bihurtu zen.
Baina hara non aldagai bat etorri zen. Nik pisa egindako leku berean egin zuen behin berak ere. Nire pixaren gainean. Eta hala jarraitu zuen hurrengoetan. Harrituta nindukan.
Eta hara non egun batean ni pixa egiten ari nintzela, parean jarri eta nire zorrotada erortzen zen leku eta une berean bota zuen berea. Txundituta geratu nintzen. Ez dut gogoan beste inoiz gertatu zenik hori. Ez dakit ze esplikazio duen, eta badu ere, zein izan daiteken.
Egun haietan anekdota bat besterik ez ziren niretzat Draken portaera haiek, elkarrekin ordu haietako zertzeladak. Miracleko oroitzapenok garunetan irabiatzen eta hizkiz gorputza ematen hasi naizen honetan, misterio bat zait txakur haren portaera. Nire alboan joaten zen beti, pare parean. Ez zuen alde eginen pare bat metro ere nire ondotik. Orain ez dakit nire zaindari, nire konpainian ala agian nire bikote. Berea banintzen lez. Edo agian bera nirea. Beretzat nahi ninduen. Ia esklusiban. Erabateko misterioa zait Draken portaera. Pixaren azken gertakizuna beretzat itun bat sinatzea bezala izan zela uste dut.
Lirudike nire Drakekiko harreman haiek borobildu, eta irudimenez osatu ditudala. Nolabait fikzio bat egin dudala egiazko zerbaiten inguruan. Inola ere. Bizi izan nituen bezala azaldu ditut. Ez dut ezer ez aldatu ez gehitu.
Miracletik aske irten eta urtebete geroago bueltatu nintzen Miraclera. Bisitari oraingoan. Banuen Drakek ze harrera eginen ote jakin-mina. Ez zegoen. Hutsune bat bezala nabaritu nuen. Joanek esan zidanez egun batez atera zen, ohi zuenez, baina ez zen itzuli. Norbaitek, auskalo zergatik, tiro bat eman edo pozoitu zuela uste zuen.
Ulertzen dut txakurra lagungarri izatea.
.