MIRACLE
BISITAK
ATARIKOA
Zenbait gogoeta
7 urteko ia era bateko isolamenduaren ondoren familiarekin, lagunekin, ezagunekin, jendearekin, bestelako ordura arteko ezezagunekin elkartzea, jende berria ezagutzea, lagun berriak egitea, hitz egitea, eztabaidatzea, iritzi ezberdinak, sarri kontrajarriak, alderatzea… ekarri zidan monasterioko urteak.
Emozionalki barne astindua eragiten zidan urtetan ikusi gabeko familiako eta lagunekin elkartzea. Ume edo gaztetxo utzi nituen ezagunen edo ingurukoen seme-alabak, ia ezezagun zitzaizkidan, berrin-berri ezagutzea bezala zen, zirraragarria zitzaidan.
Berriztutako giza harreman hauek izan ziren kartzela ondorengo monasterioko bisitek eskaini zidaten egoera berriko altxorrik eragileenetarikoak.
Eraginkorrak izan ziren bisitok politikoki nire burua egoerara egokitzeko.
Ez dut uste nire pertsonarekiko atxikimendua adierazten zutenik bisitok, soilik behintzat, nik uste presoendako errespetua eta miresmena zela bultzarazten zuena jendea Miracleraino etortzera: mitoa zen presoa, luzaroan izan den bezala, gaur egun ere askorentzat den bezala. Ez dakit egindako borrokak, ideologiak ala besterik gabe kartzelak berak sortzen duen presoarenganako begirunea: misterio kutsuak inguratzen du preso oro, kartzela bera ere. Presoekiko errespetuak, sarri miresmenak, bazuen eragina. Guzti horrek oratu zuen urte hartako Miraclera jende pilaren erromesaldia.
Zoologiko bateko animalia bitxia bezala nintzen ni zenbait bisitarientzat, baita monasterioko monjeentzat ere. Azken hauek denei aurkezten ninduten, denak agurtu behar nituen. Monasterioan zegoen ETAko preso bat nintzen. Bitxikeria bat segur aski askorentzat. Bazuen zerbait hain urrutira bisitan zetorrenak: euskal sena, edo nire apaizgintzaren kezka, edo apaiz-preso nahasketaren jakin-mina, sentiberatasuna, hurbiltasun afektiboa, egoera politikoa, ETAren mitoa...
Paiesak zein monjeak harrituta zeuden bisitek nabarmentzen zuten herri solidaritatearekin. Elkartasun hura ez zela nire pertsonarekikoa, euskal arazoarekikoa baizik, esaten nien.
Kontraesan bat ere banintzen askorentzat: apaiz bat, kristau bat ere, erakunde armatu bateko kide, armatuta ibilia, epaiketa gogoangarri bateko partaide epaitua... Ohiz kanpoko egoera.
Ez dut erori nahi apaltasun faltsuan. Pertsonalki ere estimatzen ninduen jende batek. Ez nintzen alferrik gizon publikoa izan 10 urtez, bi parrokietako arduradun. Banituen estimatzen ninduten hainbat kide, asko estimatua ere banintzen batzuentzat.
Ez naiz ni oso berbatsua, baina iritziak trukatzeko plataforma bat izan ziren Miracleko bisitak. Egoera politikoez hitz egiten genuen, eguneratu nintzen herriko egoeraz, harreman zuzenen bidez. Erabat helduagoa atera nintzen monasterioko egonalditik.
Pena dut hitz egin genuenaz, iritzi trukaketa haietaz, gehiago idatzi ez izana, ez egunkarian ez bestelako ahaleginean. Ez nuen ezer zehatzik idazten, eguneroko zertzeladatxoak ezik, ez nuen astirik, agian ezta adorerik ere nekearen ondorioz. Bestalde, uste nuen hain bizi, hain min, intentsuki, bizi izanik, betirako inkatuta geratzen zirela bizipen eta sentipen haiek, nahiko zela zedarri batzuk jartzea, gutxieneko euskarri batzuk, bizipen horien baso jori horretako bidezidorrak berribiltzeko. Tamalez, edo halabeharrez, denborak lausotu edo leundu ditu, ohi duenez, egun haietako zertzelada asko edo gehienak.
Opor egunetan -Aste Santua, uda, Gabonak- izan zen bisitarien uholdea. Batzuk zuzenean zetozen ni bisitatzera egun gutxi batzuetarako, egun bakarrerako ere zenbait, beste zenbaitek ni ikusi ahal izatea baliatzen zuten oporrak inguruko nonbaiten antolatzeko, baziren oporretara bidean desbideratzen zirenak une batez bederen ni agurtzeko.
Asteburua baliatzen zuten askok: nirekin ordu batzuk pasa ondoren itzultzen ziren. Baziren arratsalde beranduan, gauean ere, etorri ohi zirenak, hainbat orduko bidaia egin eta gero, hurrengo egunean nirekin ordu batzuk soilik egin ahal izateko. Goiz joan ohi zen igandean bisitaria, bidaia luzea zen, hurrengo goizean lanera joan behar zen.
Egonaldi luzeagoa egiten zuten opor, asteburu luze eta zubiez baliatzen zirenak.
Kopurua
Urruti zegoen Miracle Euskal Herritik. Lleidatik bertatik ere. Urruti ez ezik bide estu, biratsu eta alpapatsua zen Lleidatik bertarainokoa. Adierazgarriagoak egiten ditu horrek zenbakiak:
- 416 bisitari ezberdin izan nituen, batzuk bizpahiru eta gehiago aldiz etorri ziren.
- Maiatzaren 22a: 12 pertsona etorri zitzaizkidan egun honetan bisitan!.
- Abuztua 11: 7 izan ziren egun honetako bisitak.
- Abuztuaren 12a: 20 !!! izan ziren egun horretako bisitan etorritako pertsonak.
- Abuztuak 22: 13 izan dira gaur bisitak.
- 3, 4, 5 eta gehiago bisitariko igandeak asko eta asko izan ziren.
- Aste barruan etorri ohi zen Kataluniako jendea, bakarka, binaka, hirunaka…. Batzuk lagunak edo lagunen ezagunak edo nire berri izan eta ezagutu nahi nindutenak.
Bitxikeriak
- Pedro Zelaia eta bidaiari autobuskada. Hauek ez dituk kopuru osoan sartu.
- Jose Kerido eta Pirinioetara zihoan autobuskada. Hauek ere ez ditut kopuruan sartu.
Aipatzekoa da: ibilbidea aldatu eta erabat luzatu zuten nirekin egotegatik. Agurtu beste ezer gutxi egin ahal izan genuen, baina, etorri egin ziren.
Zertzeladak
Betikoak bakarrik gelditu gara.
Arnasa izaten zen sarri bisitarik gabeko eguna.
Abuztua, 16. Goiz joan da laukotea. Ni neu bakarrik!, hilabetean lehenengoz. Gela garbitu, egunkari hau osatu, albisteak entzun, monasterioan bazkaldu…
Ahul eta nekatuta bukatzen nuen eguna sarri, bakarrik eta lasai egoteko irrikaz.
Bikotearekin ari nintzela, lan eta hitz, Justi, priorea, etorri zait beste hiru dauzkadala zain esanez. Eulogi agertu da, lana utzi dut eta monasteriora igo dugu biok.
Bisitak bisita, granjako lanarekin jarraitzen nuen, hitza bete nahi nuen.
Etxea ikusi, paseatu...
Atsegina zitzaien bisitariei monasterioa ezagutzea, beste zeregin handirik ere ez zegoenez... inguruak erakusten nizkien, zenbaitzuei baita monasterioko zatiren bat ere.
FAMILIA
Etxekoak
Amarena izan nuen lehen bisita, lehen egunean bertan, jakinaz baninderamatela, Felix, apaiz-lagunak heldu nintzen egunean bertan ekarri zuen. Arratsalde beranduan heldu zen. Lehenengoz besarkatu ahal izan nuen zapi urte ondoren. Hunkigarria izan zen.
Egonaldi luzea egin dut amarekin, bakarka. Feliserekin ere bai. Hainbat gai ukitu ditugu.
Etxeko denak agertu zaizkit eguerdian, lehenengoz bederatzi urte ondoren bildu gara familia osoa.
Argazkietatik soilik ezagutzen nituen iloba biak. Ez zuten bisitara sartzerik Zamoran. Funtzionarioekin geratzen omen ziren beraien bulegoan, eta ondo pasatzen omen zuten.
Elgoibarkoak eta Errenderiakoak.
Oporretan eta zubi luzeetan etorriko ziren, sarriago etorri zen ama, norbaitek ekartzen zuen, lanean baitzeuden etxeko beste denak.
Abuztua, 16. Etxekoen zain nago. Afal aurretxoan etorri dira egun batzuk nirekin hemen egitera. Zeldetako etxebizitza alokatu dute hamabost egunerako. Etxea moldatu dugu, ondoren hotelean egin dugu afaria. Nahiko berandu heldu naiz monasteriora.
Goiz joan naiz monasteriora.
Etxekoekin egiten nituen jatordu gehienak beraien opor egunotan.
Elkarrekin egin dugu Gabon Zahar, hotelean, goizeko laurak artekoa izan da.
Bukaera eta hasera bikaina urteari.
Gau horretan ez nuen izan Gabon eguneko bakardade bizipenik.
Errenteriakoak
Apirila. 3. Errenteriako senideak etorri zaizkit, Josebarekin. Oso ondo bilatu ditut eta bilatu naute. Egonaldi luzea elkarrekin. Kontu asko. Bihar etorriko dira berriro. Ardo eta gazta ona ekarri didate.
Sarri etorri ziren Errenteriako familia. Mirenen aldekoak alegia. Ez ditut aipatzen Jon eta Itziar ilobak: erabat aldatuta egon behar zuten, hauek ere argazkietatik ezagutzen nituen. Gazta ekarri ohi zidan Mirenek, Idiazabalgo gazta, aparta, monasterioan jaten genuen. Mirenek postu bat zuen merkatu plazan.
Errenteriako familiarekin pasa dut goiza: hitz egin, etxea ikusi, argazkiak atera...
Euskara batuari buruzko beraiekin eztabaidak ditut batez ere gogoan, era bat batuaren aurka zeuden, batez ere “h”aren aurka. Eztabaida sutsuak ziren. Gaia erabat politizatua zegoen. Jeltzale biziak ziren.
Zaldibarkoak
Abenek bidali dizkit aldizkari mordo bat postaz.
Ama, osaba Patxo, Abene eta Roberto, izeba Karmen, Alexander, Andoni eta Mari Karmen, Jose Ramon, etorri dira.
Bazkal ondoren gaztigatu didate hemen direla Andoni-M.Karmen eta Ibon-Madalena. Hotelera joan natzaie kafea hartzera, bazkalondoren gurutzera joan gara, hitz eta hitz.
Andoni, emaztea eta hiru semeak etorri dira.
Sentimendu ukitu berezia zuten bisita hauek. Harreman handia izan nuen beti Zaldibarkoekin. Ama zen bertakoa. Uda guztietan egiten nuen aldi luze bat amandriaren etxean, apaiztu nintzen arte.
Beste osaba izebak
Izeba Pepita, Osaba Franzizko eta Esther etorri dira.
M. LUISA
Bereziak izan ziren Maria Luisarekin harremanak Miraclen. Bereziak izan ziren aurretiko harremanak ere. Berak sartu ninduen ETArekin harremanetan, ihes eginda ibili ginen batera, gordeleku batean banatu ginen bera exiliora ni ETAko liberatu bezala. Miraclen egin ginen nolabait bikote. Kontaketa askotan ageriko da baina hemen doaz berari buruz soilik diren zenbait pasarte.
M. Luisak deitu dit: guardia zibilak direla-eta kezkaz dago bihar etortzeko, bere egoera ez baita oraindik zeharo legala, Fragak pasaportea izenpetu zion arren. Etorriko da nolanahi, bihar bertan eta hemen ikusiko dugu zer egin.
Maiatzaren 3a. M. Luisa etorri da, gauean, berandu, hamarrak ondoren: hura poza, besarkadak eta musuak. Ez du oraindik legalizatu bere egoera Eibarren. Horregatik ez da zentzukoa hotelera joatea. Monasterioan gelditu da. Berandu zenez Justik monasterioko gela utzi dio gaur gaberako, biharko gaua sukaldeko geletan eginen du Kontxirekin. Baina nire gelan eta nire ohean egin dugu lo. Esperientzia itzela. Gau guztikoa bota dugu esna. Hitz eta pitz. Egunsentian egongela nagusira joan gara eguzkiaren irteera ikustera.
Oso luze joan zitzaidan esperoa. Lleidatik taxian etorri zen, haraino trenez.
Monasterioko nagusiaren jarrera ere aipagarria izan zen: araudiak ez du uzten emakume batek klausuran lo egiterik, berez ezta oinak jartzerik ere, baina egoera berezia zen. Nortasuna duenak soilik hartzen du horrelako erabakia.
Gau berezia hura. Goizean M. Luisaren gelako ohea zimurtzera joan ginen, ibilitakoaren itxura ematera. Baina monjeek ez ote zuten zerbait igarri?. Agian...
M. Luisa etorri da hamarrak aldean. Kontxitarekin gelditu da sukaldean. Justik zioen ez zuela merezi hotelean egotea garestia zela eta, sukalde inguruan leku asko zegoela, Kontxiri ere konpainia eginen ziola. Oso ondo zetorkion M. Luisari, gustura geratu zen.
Aukera zen bakoitzean etorriko zen urtean zehar. Ibilaldi luzeak egin genituen, ordu eder asko pasa genituen, bai monasterioko, bai hoteleko, bai inguruko beste denen oso lagun egin zen. Monasterioan eginen zuen lo sukalde inguruko geletan. Bazkaldu ere sarri Kontxirekin.
M. Luisa eta biok geratu gara bakarrik monasterioan, Mateu Kontxirekin joan da Manresara, Benet gorra denez ez du ezer entzuten... beraz, neu, presoa!!! nago etxezain.
Tabernako Joanekin egin dugu tope: bere etxea eskaini dio M. Luisari.
Ordu-bata arterako ibilaldia.
Gaueko ibilaldia egiten genuen sarri biok telebista ondoren.
Felix telefonoz. Bolo-bolo omen dabil hainbat kontu Eibartik: Maria Luisarekin ezkontzeko naizela, komunista naizela, LCRko kide naizela... baita ere esan dit erakundea ni kapitalizatu nahian dabilela... Badabil norbait azpilanean!.
Ez ziren harritzekoak esamesok.
APAIZAK
Gipuzkoarrak
Jazinto Argaia Gizpukoako gotzaina, Setien gotzaina, Aita Mauro Lazkaoko abata, Joxe, Xanpru, Bereikua, Azpeitia, Jose Juan, Antonio Beitia, D. Jesus, Eguren, Luismi, Belloso, Keleo, D. Pedro Arratekoa, Periko Zelaia bere erromesekin, Aldaregia, Pio, Manzi, Zapirain, Aldasoro, José Albisu, Kornelio, Martin Beltz, Salegi, Juan Jose Garmendia, Ansuategi, Felix, Aginaga, Carlos, Labaka, Otamendi, Elus, Alberdi, Joxe Txiki, Balentin Zamora, Eguren Jose Mari, Belloso, Sabino Aranburu, Arregi, Joxe, Lazkaoko monje bat, Jose Mari Landa, Luis Urbieta,
46 apaiz Gipuzkoatik.
Zenbait gogoeta
Bada aldea apaizengatik laikoetara; mintzakide erosoagoak dira laikoak, gaiez, berezkotasunez, zehaztasunez, argitasunez.
Jazinto etorri da. Betikoa. Ordaindu du hiru hilabetekoa. Gureari berak idatziko zion “dokumentoa”: betiko biguna. Nire zirikadei ihes egin die. Ordubete bakarrik egon da. Dirua, apaiz dirua edo amari ematen zaiona aitatu dit, baita Azitainera ni joatea ere.
Jazinto, On Jazinto Argaia zen, Donostiako gotzaina. Izenaz soilik aitatzen genuen gure artean kartzelan, horren oihartzuna da egunkarian izena soilik jartzea. Gogoan dut bisita hura, nire hainbat kontraesan agirian jarri zitzaizkidalako eta utzi zidan deserosotasunagatik. Ez nekien gotzaindegiak ezer ordaintzen zuenik ni komentuan egoteagatik, uste nuen Gobernuaren zeregina zela, eta segur aski Gobernuak ere ordaintzen zuen, baina guti. Ez nekien amari dirurik pasatzen zienik. Bestalde nire buruan ez zegoen apaiz jarraitzerik baina Obispoak nirekin kontatzen zuela itxura egiten zidan. Ez dakit zer esan nion baina Azitainera ez nindoala eta apaiz jarraitzeko asmorik ez nuela esan niola dudarik ez dut egiten. Guzti horretaz ez zuela hitz egin nahi ere gogoan dut. Orokorkeriez ibili ginen. Nire zirikadak kartzelari, eta nire egoerari buruzkoak ziren. “Dokumentu” horrenik ez dut ezer gogoan. “Betikoa” diodanean beti oso azaletik ibiltzen zelako da, ez zuen nahi izaten zuzen gai korapilatsuez hitz egitea. “Kontrabandista” deitzen zioten, izan ere muga inguruko herri batekoa zen, Etxalar-ekoa edo, baina batez ere zeharbideetatik ibili ohi zelako, arazoei zuzen eta sendo heldu gabe. Bihozbera zen, estimatzen ninduen, baita neuk ere bera, baina zaila zen harreman ganorazkorik berarekin edukitzea. Harritu ninduen etorri eta ordubetera bazihoala esaten hasi zenean, ezustekoa hartu nuen, gutxienez ordu batzuk elkarrekin pasako genituela uste bainuen behin haraino joan ezkero eta zer aztertu asko genuelako. Cartagenako moldaezinen kartzelan ere hori bera egin zidan: haraino joan, bisita soila egitera haraino etorri eta ez dut uste ordu erdirik ere egin zuenik: nire ustez apaizek bultza eginda, edo apaizei egon zela esateagatik etortzen zen. Arrateko festa egunean ikusi nuen gerora, pasioan zebilen beste apaiz batzuekin Arrateko zelai inguruan. Joan nintzaion agurtzera, gogoratzen naiz esan zuela “honek maite nau”.
Aita Mauro etorri da, tabernara etorri zait.
Lazkaoko beneditarren Abata zen Aita Mauro, oso ezaguna. Egon zela, elkarrekin egon ginela... gogoan dut baina zertzelada nabarmenik ez. Tabernari eta telefonari lanetan nengoen egun horretan Joanen ordez. Nire ustez bera izan zen ahalbideratu zuena ni Miraclera ekartzea. Ez nuen eduki berarekin patxadan eta ganoraz egoteko abagunerik.
Setien gotzaina ere etorri zitzaidala bisitan, besterik ez dut gogoan.
Jose Juan, Antonio Beitia eta D. Jesus. Bazkal ondoren. Oso azaletik izan da gure elkarrizketa: artega, urduri, nago.
Eibarko apaiz lagunak ziren. Lagun mina nuen Jose Juan, elkarrekin konfesatzen ginen, elkarri kontatzen genizkion beste inori kontatzen ez genizkienak. Antonio ere kurtso-laguna nuen, mina hau ere. D. Jesus seminarioko irakaslea izandakoa lehen urteetan, ez nuen harreman berezirik berarekin. Gogoan dut nahi nuela hitz egin nire bilakaera, erabaki eta arazoez baina ihes egiten zioten ildo horri. Lagun bezala egon ginen elkarrekin, besterik gabe. Nik beste zerbait gehiago nahi nuen. Gero ere sentipen berdina izan dut, Miracleko bera gertatu zait Eibarren elkar tope egin dugunean.
Apaizekin egon naiz goizerditik aurrera; gai interesgarriak erabili ditugu: euskal arazoa, arazo nazionala, arazo soziala, apaizen jokabidea...
Joxeren galdera bat gogoratzen dut: ia bateragarriak iruditzen zitzaizkidan marxismoa eta fedea, zenbait puntutan behintzat. Nik elkartezinak uste nituen, orain ere bai, kontrajarriak direlako errotik, baina baten zein bestearen zenbait ekintza eta metodologia erabilgarriak izan daitezkeela bestearentzat uste dut. Helburu zehatz batzuetan elkar daitezke baina errotikako planeamendu eta ideologian ez. Batak mundutik kanpoko izaki bat du ardatz eta eragile, besteak mundua eta gizartea bera.
Zenbait apaizekin banuen gogoa nire jokabide politikoari eta uneko jarrerari buruz hitz egin eta eztabaidatzeko. Ez zen posible izan, desbideratu egiten zuten gaia, ez dakit zergatik, agian uste zutelako ez zela abagune egokia bisita egun bat, elkarrekin egotea zela zeregin nagusia, katramilatsua zelako gaia, aurka eginen niela beldurrez…
Bazkal ondoren xanpaina eta purua erabili ditugu: gai interesgarriak ere bai.
Apaiz asko, hurkoak izan nituenak batez ere, apaiz garaian horrela egiten genuelako, apaizak duen fama zati batean egia delako… nasaiagoak ziren afari-bazkarietan janari, edari eta gainerakoekin bisitari laikoak baino.
Eguren, Luismi, Jose Luis eta Keleo. Gutunak, panfletoak eta argazkiak ekarri dizkidate. Bapo eman dugu eguna: jan, edan, kontu ugari aipatu... Kotxea ere gidatu dut!!!: eroso moldatu naiz.
Apaiz-lagunak, beti izan genuen lagun-giroa.
Gai interesgarriak jorratu ditugu. Jose Luis eta Luismi oso langile eta giza arazoetan txertatuak agertu dira!!!. Zalantzak ditut nik. Fedearekin eta kristautasunarekin erabat arduratuta daude biak: orain 8 urte bezala. Baina egoera erabat aldatu da, jarrerak ere aldatu beharko lirateke, hein berean.
Zinera joan nahi zuten, goiz alde egin dute Solsonara. Hemen orain arte zinerako hori egin duten bakarrak. Nik uste kriston bizimodua daramatela. Ez dago zereginik apaiz munduan. Fedea logarri agertu zait, lo eragile eta lanerako lotura edo oztopoa. Hor konpon.
Ni bigunegi egon naiz beraiekin, nahiz gai asko garbi bota eta azaldu.
Ez nuen sentipen eta iritzi baikorrik atera bisitatik: beraien jarreragatik eta neurearengatik. Epelgarria zela fedea izan zen atera nuen ondorioa. Ni neu ere hertsiegia, teorikoegia, panfleto-keriatik hurbilekoa nintzen. Agian erretxindua ere banengoen, nire egoera bitxi eta ezohizko hartan.
Atzoko bisita hausnartzen egun osoan: gero eta garbiago ikusten dut.
Ba da orri artean hurrengo egunean idatzi nuen gutun bat, ez dakit bidali nien, hala nire hausnarketa soila izan zen.. Hala dio:
Laukote:
Zuek alde egin ondoren, goibel samar ere bai, baina batez ere kezkati edo pentsakor geratu naiz, zuekin eta beste apaiz batzuekin erabili ditudan gaiak, pentsaera eta jokabideak aztertuz.
Lehenengoz eta hasteko esaten dizuet oso ondo pasatu dudala zuekin, gustura egon naizela eta pozik ikusi zaituztela. Baita interesgarriak diren gaiez hitz egin ahal izan dugula lehenengo unetik. Hau ez da posible bisita denekin, zoritxarrez.
Nire iritzi eta sentipena da gaurko gure arteko eztabaida eta azalpenak duela zortzi urte generabilkien maila berekoak izan direla. Konpromisoa, fedea, eliza, lana... herriaren egoera eta errealitatea ezer aldatu ez balitz bezala. Laiko gehienekin ez zait horrelakorik gertatu. Kezkati bai bazaudete, baina duela zortzi urte ginen antzera. Pauso bat eman behar dela esanaz baina noiz nola edo nora jakin nahiaz oraindik, aurrerapausorik gabe. Laiko batzuk ere aurkitu ditut horrela, gehienak ordea eliza edo fede girokoak, fede kezkarekin dabiltzanak. Datu konkretua, aztertu beharrekoa da, ez teoria mailan soilik, posibilitate mailan baizik, errealitate mailan. Eztena ala frenoa da fedea erantzukizun mailan, orokorki hartuta. Aurrera pausoak eman dituenak aipatzean, nik “a pesar de” eman ditudala esaten nizuenean ezezkoan jarri zinaten. Utz dezagun teoria eta salbuespen bakanak. Salbuespenak araua egiaztatzen duela esaten genuen Seminarioko ikasketetan. Praktikan zer?. Orokorrean. Bakoitzak bereari begiratuta. Esan zenidaten sakonean apaiz izan nintzen urteei esker egin nuela nik aurrera, ni konturatu ez arren. Bizipenez eta kontzienteki ez, nire ustez, “apesar de” baizik. Areago, argudioa alderantziz jarriz, hipotesia eginez, agian apaiz izan ez banintz, laikoa, txikitatik tailer batetako zapalkuntza eta bizitza atera beharraren premiaz, “biharra” Luisek zion bezala, gaur agian egun erradikalagoa, finkatuagoa, eta borrokalariagoa izango nintzela, apaiz heziketak eman digun biguntasun eta zalantzarako joerarik gabe: praktikan, jokabidean, nahiz iritziak ehuntzean, teorizazioan, eta hitz aberastasunean hain hornitua ez nintzen egongo. Beraz, bakoitzak berea eta ezagutzen dituen kasu konkretuak aztertu behar ditu. Nire esperientziatik at, beste askorengan nik niri gertatu zaidana bera ikusi dut. “Apesar de” kasurik onenean. Konkretuki erantzutean, edo aztertzean, errealista, inpartzial, erantzun zintzo baten zale izan behar dugu, ikusmira partzialetik begiratzeko tentazioa gaindituz, bakoitzak bere jokabidea zuritzeko duen arriskua saihestuz, teoria kutsuz erantzuteko arriskua baitugu. Egin ahal izango ditugu teoria jator eta interesgarriak, baina geure jokabideak aldatzen ez ditugun bitartean ez dugu eginen ahal teoria sinesgarririk, antzuak baizik, onenean teoria horiek ez dira errealitate bilakatuko, gu geu aldatzen ez garen bitartean.
Honek erabili genuen beste gai batera narama:
Luismik zioen tailerrean lanean jartzea pauso bat atzera ematea dela. Bai eta ez. Konpromisoa eta borroka-bidea izan behar du lanean jartzea. Jakina. Benetan borroka batean sartuta egonez gero, erantzukizun serio batekin bizi bagara... ez dut ikusten lanean jartzeko beharrik, baina zenbat apaizek dute bizitza konprometitu hori?. Zenbat apaiz daude benetan konprometituta?. Benetan bizimodu gogorra daramazue duzuen lana eta konpromisoagatik?. Ba al dakigu apaizok lanetik bizitzea zer den?. Ez egun batean, egun mordo batean soilik, normalki baizik. Ba al dakigu lanak nekatuta egotea zer den?. Agian esnatuegingo ginateke lantegi batean, eta borroka-lan serio bat hasiko genuke, gure izaera gogortuko genuke eta benetako borroka bidea ikasiko. Apaiz askorentzat, gehiengoentzat esango nuke, beharrezkoa deritzot gaur lan egin beharrean aurkitu beharra edo behar horretan norbere egoera jartzea. Lana zer den, lan mundua eta lanaren gogortasuna ezagutzeko. Badakigula esaten dugu. Kanpotik ez dago inola ere hori zer den jakiterik. Lanean hastea ez litzateke pauso bat atzera izango. edo bestela benetan lan egingo genuke apaiz erantzukizunean. Aukera berehala hartu beharra dago. Bestela laurogei urterekin ere lanean hasi edo ez eztabaidatzen egongo gara eta.
Kotxea, lanerako tresna. Hala izan dadila, lanerako. Zalantza asko dut horrela den. Ezin dugu engainatu geure burua arrazoi teoriko batzuekin.
Oso arraroa egin zitzaidan zinera joateagatik bi ordu gehiago nirekin ez egon izana. Oso interesgarria zegoen une hartan solasaldia. Jose Luis eta Luismi ziren batez ere zinerako gogoa agertu zutenak. Donostiara futbolera joateko astia hartzen duzue, eta zinerako ez?. Gaur zenuten zinerako premia?. Aurrez esandako hainbat gauza erori zitzaidan une horretan. Sikiera egia esan zenuten, zinera joan nahi zenutela, ez da guti. Baina ziur nago erakunde bateko militanteek ez zutela hori egingo, horrelako egoera batean. Burges txiki batzuk gara, nahiz guk ukatu nahi.
Badut galdera konkretu bat egiteko: zenbatek irabazten dute 16 mila pezeta, batez ere bakarrik bizi direnek?. Gastatzen ote jendeak guk haina?. Guk bezain erraz irabazten ote? Honetaz ere ezin dugu geure burua engainatu. Oso erraza da geure buruak justifikatzea.
PCkoa banintz, zuek animatzen saiatuko nintzateke. Baina ezin dut. Uste dudana azaldu behar dut.
Eta ez dut uste ezer ez duzuenik egiten, edo guti, edo... Ez. Uste dudana da pauso bat gehiago eman beharrean aurkitzen zaretela, eta emateko beldurrez zaudetela. Dakizuelako joan dela zuen gaurko aurre-pausorako aukera eta aurrerantzean okerrago aurkituko zaretela, zailago izanen zaizuela.
Dudak ditut bilerak, kristau bilerak, benetan, praktikan, errealitatean, hainbesterainoko, diozuen adinako, konpromiso-bide diren, kezkabide eta ezten.
PSUC-eko apaiz bat mitin batean egon dela kristau marxistak aitatuz: nire ustez kristautasuna eta marxista hitz kontraesankorrak dira. Baina tira. Asko da horrelako apaiz bat ikustea.
“Cristianos para el socialismo” ere aitatu zenuten: Felisek aitatzen dit herria eta klase aukera. Edo apaizok zuzentzen genituen bilerak asko aldatu dira edo partidu politikoak asko epeldu. Nire garaian ez ezik, orain bertan badago aldea apaiz batengandik militante politiko batera. Dudak ditut horrelako benetako aukera, zuen bizitza aldatuko duen aukera, egin ote duzuen: horrelako aukerak bizitza, biziera, jokabidea, harremanak, dena aldatu behar dizkit, eta aldatzen dizkik, zeharo aldatu ere.
Garbi dago apaizon bisitak erabat astindu ninduela. Eragin egin zidan bisitak, eman pausoak ere kezkatzen ninduten nonbait. Ez dakit bidali nien. Pentsarazi egin dit gutunak, nire hainbat kontraesan erakutsiz.
Periko Zelaia agertu da bere erromesekin: eibartar jende xehe jatorra. Elkar agurtu gara, meza eman du taldearentzat Santutegian, ni ez naiz agertu ere egin. Laster joan dira.
Uste dut elkarrekin meza emateko ametsa zekarrela Perikok. Nik gertatu nizkion meza-jantziak, beharrezko denak, aldarea… baina mezara atera zenean alde egin nuen, meza ondoren arte. Garbi utzi nahi nuen ez nintzela apaiz. Bere lilura kamustu nuelakoan nago, baina etxeratu ondoren behin ere ez zidan aipatu, sarri ikusi ginen arren; adeitsu ikusi ginen beti elkar.
D. Pedro, Arratekoa. Bazkal ondoren etorri zait, bi legatz ekarri dizkit opari bezala. Ekarri duen lagunari ez dio esan ni hemen nagoenik.
Bisita eta oparia, ez ziren konplitzeagatik, estimatzen ninduelako baizik, nirekin egon nahi zuen, nahiko harreman estua eduki baikenuen elkarrekin zenbait gaietan. Ikusi ninduen, eta joan zen. Berehala. Ez nuen laguna ikusi ere egin. Horrelakoa zen Don Pedro.
Bizkaitarrak
Julen Katzada, Alberto agebika, Josu, Patxi, Arrate, Imanol, Amiano, Mikel Larrauri, Jabier Ozerin, Zakarias, Juan Luis, Martin Orbe, Txomin Artetxe, Mikel, Bizkaiko bi apaiz.
15 apaiz Bizkaitik, kartzelari lotutakoak gehienak.
Julen agertu da afaltzen geundela!!!. Libre utzi dute!!!. Amnistiarekin atera da eta bere lehen zeregina niregana etortzea izan da. Anton koinatua eta Doroteo iloba datoz berarekin. Pozarren. Jaialdi itzela egin dugu gauean, abestu, dantza... giro aparta sortu da.
Izugarrizko ezustea izan zen. Elkarrekin afaldu genuen. Batetik eta bestetik bisitaz etorritako lagun ezberdinen koadrila handia ginen, 20 bat gutxienez.
Arabarrak
Bi apaiz Gasteizekoak.
Nafarrak,
3 apaiz nafar, jatorrak.
Katalanak
Apaiz talde bat etorri zait bisitan, Solsona ingurukoak. Solsonako bi apaiz. Inguko apaiz bat.
Inguruko bi apaiz. Solsonako Bikarioa. “Stella Maris” elkarteko kaperaua. Tarrasako apaiz bat. Behin-behineko askatasunean dagoen apaiz katalan bat. Solsonako bi apaiz. 3 apaiz ingurukoak.
10 apaiz.
Kanpokoak
Pako.
Kartzelakidea, jesuita, Madrilen bizi zena.
LAIKOAK
Azitaingoak
Maite, Dina, Fidel, Aitor, Maite eta lagun bat, Dolo, Bizente, Marga, Nieves, Maritxu, Fidel, Josetxo, Andres, Maribel bere senarrarekin, Mertxe, Angel, Maite, Felix Izkua bi ilobekin, Ilordoko hamarreko koadrila, Kandi, Geronima eta beste bat, Martzelino, Pedro Izkua, Petra eta alaba bat, Jose Ramon Ilordokoa, Karmelo, Patxi eta Karmeloren anaia, Aitor, Azitaingo gazte bat, emaztearekin, Azitaingo Narbaiza bertsolaria eta koinata.
28 denera
Eibarko kaletarrak
Isa, Olga, Begoña Agirre bere izeba Juli eta honen bi lagun, Markiña, Pedro Mari, M. Karmen, Lino, Linoren anaia, Iñaki Maiora, Iñaki, Rosi, M. Karmen Arzuaga, Mendikute emaztearekin, Arroita-Arrate eta bi seme-alabak, Jose Angel Agirre eta familia: 6 denera, Alberto Olabe, Jose Juan, Mari Petra, Jose Juanen arreba eta honen senarra, Klari, Mila, Arantxa, Jose Querido-Jose Luis Errenteriakoa eta autobuskada, Rosa.
38 denera.
Altzolatarrak
Mari Tere Barrene, Donato, Arantxa, Esteban, Begoña, honen mutil-laguna, Maite: Pilarren alaba, Juanito Artajalei familiarekin, Matilde, Isabel, Arantxa eta M. Jose bi apaiz katalanekin, Begoña: Martin zenaren alaba, Felix Kontzeziokoa eta Manolita, Mari Trini eta gizona, Domingo Artajalei, Benita, Trini, M. Angeles, Mati, Triniren senarra, Katalin, eta Josu.
27 denera.
Hunkigarriak ziren altzolatarren bisitak, etxepekoak, txikia nintzanetik ezagunak batzuk, jada neska eta mutik eginak ezagutu ere egin ez nituen egin koskor utzi nituen zenbait.
Ezagunak - Lagunak
Pedro Karkizagokoa familiarekin, Kontxi Ciaran senarrarekin eta beste senar-emazte bat, Lleidan bizi den Elgoibarko emakumea bi lagunekin, Anton Julenen koinatua eta Doroteo iloba, Zaharra, Gurutze eta Bea bi lagunekin, “Katalan” bi lagunekin, Miren, Mikel, Ainhara eta Irati, Errenteriako Jose Mariren albokoak, emakume, Periko, Txaro eta Zarata, Pako, Karmen eta honen gizona, mutil bat euskalduna Mikelen lankidea, Arregi senar-emazte bikote batekin, Izeba Benita eta M. Karmen, Lekeitioko Seijo (?) senar-emazte bikote batekin, Jose Mari Garaikoa, M. Luisa, M. Isabel eta hauen senarrak, Juan Luis Bizkarra, emaztea eta neska bat beraien laguna, Apata eta Xabier, Felipe, Juan Angel, Luisita eta Gaztelu, Jose An, Rosa Mari eta bikote bat, Mari Ugartekoa eta senarra lagun batzuekin, Iñaki Ormazabal, Ziluaga emaztearekin, lau durangar, Mikel, Alberto, Libe, tia Maria, Seinoritia: Bego, Karmen: Lopategiren arreba, eta izeba Mariaren ahizpa, Xabier Apraiz emaztearekin, Felix Yudego, alaba eta Izkuako iloba, Atxaga eta bere emaztea, Jose Mariren Errenteriako senar emazteak hiru semerekin, Txomin, M. Angeles eta hiru seme-alaba, Rusoa eta Loyola, Justiren medikoaren laguna, Bizente gailegoa eta Angel bere laguna, Juanito Dorronsoro, emaztegaia eta senar-emazte bikote bat, Errenteriako Iriki (?), emaztea 2 neskatilarekin, Angel Bizkarra, emaztea eta bikote ezkondu bat, Aranburu eta mutil bat, Plaentziar bat, Juan Angel eta lagun bat, Erakundeko bikote bat, giputz gazte bat, “Drapaide”aren semearekin, Maria Rosa Ondarroakoa beste bost lagunekin, Maringo Migel Angel eta bi gazte, Markinar bat bere lagunarekin,
Abuztuak 13: 12 izan dira gaurko bisitariak.
148tik gora
Hamarretan ur-ponpara jaitsi naiz Pedro, Txaro eta Marirengana. Han egon gara laukotea kontu-kontari bazkal ordura arte. Aperitibo bat hartu dugu bazkaltzera aurretik. Beraiek Andorrara joan dira.
Ilunabarrean etorri da Andorratik hirukotea. Justirekin egon dira. Ni beraiekin joan naiz kanpin-dendara, beraiekin afaldu dut, denda barruan egon gara kontu-kontari goizeko ordu-biak arte whiskya edanez. Itzel. Gai asko ukitu dugu. Kotxez eraman naute monasterioraino. Herri, lagun edo askatasun minez, malenkoniaz, sartu naiz goizaldera etxean.
Dendarekin zetozen. Monasterio inguru guztian ez zegoen iturririk eta nahiz urruti eta leku aldrebes samarra izan ur-bonba zegoen tokira eraman nituen.
Zaharra etorri da bazkari denboran: oso jator dago.
Zaharra goitizenarekin ezagutzen genuen Zamoran. Bizkaikoen oso laguna zen. Kartzelan zegoen bera ere. Kartzelatik atera zenean zuzenean ni ikustera etortzea izan zen lehen gauza. Tarteka ikusi gara elkar harrezkero, beti adeitsu.
Hotel Nou-era joan gara afaltzera, aurretik Hotel Boixan afaldu nahi izan dugu baina ez dugu aurkitu. Jende asko zegoen, itxoin egin behar izan dugu gure satoari tragoak eginez, afaldu dugu noizbait. Etxeratzean Jumilla ardo botila bat edan dugu eta sabaira jo dugu lotara.
Julen Solsonara joan da lotara, besteok lastategira.
Koadrila handia ginen, 20 bat. Hotelean ez zegoen lekurik eta ez zuen merezi koadrila osoa Solsonara abiatzerik. Beraz lastategira eraman nituen lotara, Maria Luisa eta ni ere beraiekin ginen. Goizean Coloma agertu zen haserre lastategian, baina ni ikustean baretu zen, nire lagunak baziren ez zegoela arazorik. Kanpoko jendea monasterioko jabegoan lotara sartuko zitzaion kezkaz zebilen.
“Katalan” etorri zait beste bi lagunekin. Hemen gelditu da. Hitz asko egin dugu, elkarrizketa bat ere egin dit.
Gogoan dut bisita hura. Segur aski elkarrizketa egitera etorri zen, bere zeregina betetzera. Katalan hau Patxo izenaz egin zen gero ezagun. LCRkoa zen orduan, hitz-jario handikoa. Eragin handia zuen erakundean. Gordeta dut oraindik apalen batean elkarrizketa, BERRIAK aldizkarian egiten zuen lan. Erakundea utzi zuen, El Mundon goi arduretan egon zen, ondoren El Pais-en.
Castelaoren “Cousas da vida” marrazki liburua oparitu zidan Bizentek.
Mila Emaldi Txikikoa: kartzelan egon da, izugarriak hartuta; fidantza ordaindu ondoren atera da, Gasteizen omen zen, baina orain ez: pozten naiz horrela konprometituta ikusteaz, erre egin ote?. M. Isabel: Garaikoan mutil bat gorde zuten bi urtez, gaur egun M. Isabelen senarra da. Maringo beste mila kontu konta dizkit Mirenek: denek galdetzen omen dute ni nola ote.
Maringoen bisitaren ondorengo gogoetak.
Mila erre egin ote zen beldurra: nik neuk nekien eta dakit zer den txakurren eskuetan egotea, inguruko presioa, erretzeko arriskua, beldurrak kikiltzekoa alegia. Elias bere anaiarekin egon nintzen ondoren ez dakit non eta noiz: oso kritiko zegoen, erabili egiten genituela gazteak eta abar salatzen zidan. Erabilpen salaketa hori gaztea gutxiestea dela pentsa izan dut beti, gaur egun ere. Hori bera da sarri atxilotutakoen guraso eta ingurukoen iritzia, borroka bide latza hartzen duenean gazte batek, armena edo ez: ia beti, gazteak badaki non eta zergatik sartzen den, herri arazoetan eskua sartzen duenean, edozein borroka mota hartzen duenean. Gehiago erabiltzen gaituzte erabiltzen ditugula salatzen gaituztenak. Mila behin ikusi dut ondoren, agian birritan, baina ez dut aukerarik izan gai hauetaz hitz egiteko; benetan gustura arituko nintzakeela.
Kanpokoak
Bisitak ez ziren izan familiako, lagun eta herrikoenak soilik, Inguruko eta Kataluniako askoren bisitak, laiko zein apaizenak izan nituen. Montserrateko monjeenak ere. Tipo berezia nintzen izan nonbait, ezagutu nahia zegoen, kuriositatea, batzuen hitz egin nahia ere. ETAko apaiza monastegian!.
Euskaldunak
Bizkaitarrak, Zumarragako neska bat eta andre gazte bat bere izebarekin, Arregi eta Etxezarreta apaizen arreba, Foruako Mojatxo bat, Foruakoa, Katalunian bizi den Bizkaiko emakume bat, dendarekin dagoen bizkaitar bikotea, lekeitiar bat, azpeitiar bat eta katalan bat, Madrileko kazetari bat,
16 bisita.
Katalanak
Olianako Eibartar medikua eta apaiza, Gloria, Montse, Andreu Vila lagun batekin, Gorka Knör-en anaia, ezkon bikote gazte bat, Tarragonako moja Eibartarra, Eduardo, Andreu eta beraien lagun bat, Txinan egondako neska bat lagun batzuekin, bikote bat, Solsonako moja, apaiz eta talde zabala, hiru moja eta neska bat, Eduardo eta emaztea, albaitaria, Katalunian bizi den Bizkaiko emakume bat apaiz baten arreba, berarekin Tarrasako apaiz eta moja bat, emakume bat, inguruko bi, bi Hermanita eta senar-emazte bikotea, Begoñaren izeba Juli eta honen bi lagun, bi neska, bi moja: Montserrat Eibarren Hermanitetako Nagusia izandakoa bat, LCRko bi gazte katalan, bi neska, Abadesa, Gurutze, Bea, Juanita eta laugarrena, goiz erdian Gurutze, Bea, Isabel, Esmeralda, eta Oriol, Katalunian irakasle dagoen zarauztar bat, Izeba Felisa moja Segurako moja batekin, Montserrat, Mikelen lehengusina Miren semearekin, bilbotar bat, Erakundeko bikote bat, Erakundeko gazte bat, bi ??, Erakunde kide bat bi lagunekin, Erakundeko katalan bat goizean goiz, bikote bat etorri omen da goizean, Basellako bi neska beraien mutilekin, neska bat ume batekin, Asumpta bere umearekin, Maite eta mutil bat, Manresako 13 ikasle, Tarragonako Montse, Erakundeko bikote bat, Bartzelonako neska-mutil bikotea.
90etik gora
Gurutze eta Beatriz bere laguna etorri dira arratsalde erdian. Hotelera joan naiz kafea hartzera. Gaueko hamabiak arte egon naiz beraiekin, paseatuz, logelan, egongelan, purua erre, edan... kontu-kontari batez ere.
Ezustekoa izan dut arratsaldez: Gurutze eta Bea bi lagunekin. Arratsalde atsegina izan da, hitz egin dugu, monasterioan ere egon gara... Salvera ere joan gara elizara: goiz joatekotan ziren baina erakargarria egiten zitzaien Salvea. Han egon gara, baita gogoz abestu ere denok Salve Regina, aspaldiko garaiak gogoratuz. Ondoren afaltzera geratzea erabaki dute. Botila bana ardo edan dugu, politxo jarri gara denok. Parranda giro berezia sortu zaigu, abestu dugu, barre ugari egin dugu, mila kontu esan... Gurutzek bihar epaiketa bat duelako hamabietan egin dute alde: laztan beroak eman dizkiogu denok elkarri agurtzean. Oso elkarmin geunden denok.
Burgosko epaiketetan izan genuen abokatuetako bat zen Gurutze. Lagunetako bat Eugiko nafarra, erizaina. Abentura bat zen beraien bisita bakoitza. Elizan harmoniuma ere jo zuen Gurutzek, exboto edo oroigarri baten apeta hartu zuen, estola more batena ere… bisita oso biziak izan ohi ziren hauenak. Astegunez etortzen ziren, denbora eta patxada eduki izan genuen.
Elkarrizketa aberatsak, afaloste zoragarriak, ibilaldi gozoak, pertsonengandik hur sentitzea… Gizartera ekarri ninduten bisitek.