BIDAIAK 2000. HUNGARIA
Maiatzaren 17a. Asteazkena 16.a-H1.a
Kukuak eman digu azken agurra kanpinean. Ez ote du oraindik bikotea aurkitu?. Edo utzi egin ote du bikoteak?. Munduko bakartia kuku hau ere.
Belar eguna gaurkoa ere, bero eguzkitsua: Hungaria dugu helburu. Azken begirada Ptuj-i, gaztelua, teilateria, ibaia, dorreak, ... etorri ginenean sortarazitako sentipen on berarekin egiten dugu alde. Heltzean misterioa zena gauza jakina zaigu orain, jakin-mina zena, ase den egarria. Gure jatorritik atzerrira bagindoazen sentipen berarekin abiatzen gara Hungariara, jarrita baikeunden Esloveniara. Norabait berrira abiatzerako orotan lez, abentura irrikak asaldatzen gaitu.
6. kilometroan egin dut lehen hanka-sartzea, amorrua piztuz, baina zuzendu gara, eta lasaitu. Etxatoiarekin ez da erraza bira emateko gune zabala bilatzea!.
Esloveniako azken irudiak: gizon heldu pare bat, amantal urdina soinean, sonbreirua buruan eta aitzurra eskuan; tomate sulfatatzailea etxeko baratzan: Jesusek bezala honek ere esanen du “etxeko” tomateak direla, osasungarriak, kutsatu gabeak; artajorratik bizikletan datozen emakumeak, nagusiak batez ere, aitzurra aldean pedalei emanez eguzkia berotzean etxeko gerizara edo jatordua gertatzera; eskuarez belar ebakia iraultzen batzuk zurezko hiruhortzekin; artajorran hiru-launako ilaretan; errepidean zapaldutako trikuak, gaur bi, lau orotara Esloveniako egunotan; bidaian ikusi dugun lehen istripua: kamioi baten muturrak auto baten alboaren aurka egin du talka bidegurutzeko errepide erdian; Jeruzalen-en ikusi dugun seatiloa, bidaiako 3.a, oraindik bizirik; txakur handia atarian, Eslovenian ikusi dugun banakakoa; helduleku luzeko segak eta makurtu gabeko bazterrak garbituzko segalaritza; zikoina hankaluzea belartza ebaki berrian hamarretako bila, edota zementuzko argindar tantai gaineko habian; polizi kontrola, Sakanerriko txapeloker ankerrak gogaraziz; bakandu gabeko baso trinkoak, erditik zeharkatu ditugunak; bi hilerri ehun metroren barruan herri berean, Kroaziakoen antzera hesirik gabea bata: agian fede ezberdinekoen azken bizitokia, heriotza ostean ere jainko ezberdinek banatuak; maiatzak mugatik gertuko herrietan, txankameheak, halakoak baitira basoetako zuhaitzak ere; azken eliza-dorrea mugatik bertan, pope txanoduna bera, ortodoxo jitekoa; gaztelua, agian jauregia, leiho ugariko etxe-koadro sendoa tontor batetan; Eslovenian ikusi dugun bidegurutzeko lehen borobilgunea muga aurretxoan bidaiaren azken kilometroan, lehena eta azkena; Mura ibaia, sendo, indartsu eta morokil kolore; ibai ertzean trenarena beste zubirik ez zegoeneko txanel edo urontzi zapal luze zabalak.
Hungariako lautadan gaude jadanik, mugaren hemendik oraindik, gaur ez dugu mendi-zuloko pasabiderik Kroaziara bezala; ehun metroren barruan daude aduana biak ere; zabal dager langez bestaldera gure bisita-herri berria. Kamioi ilara luzeak daude muga noiz pasa ahal izango zain.
H U N G A R I A
Mugako protokoloagatik ez balitz ez genioke igarri ere eginen herrialdez aldatu dugunik. Alde biak dira antzerakoak guretzat, biak ezezagun eta ulergaitz.
Ordenadorean sartu gaitu mugazainak, bekozko iluneko neska.
Mugan bertan ikusi ditugu aurtengo lehen enarak, mugazainen aterpe azpiko hagetan dituzte habiak.
Diru-paper piloa jaso dugu, geroak erakutsiko digu bere balioa.
Piztuta behar dute autoko argiek, Eslovenian edo Danimarkan lez. Eroso eta argi iragarrita daude herri-izenak, kilometro kopurua zein errepidearen zenbakia: lasaitua hartu dugu, etxean gaude, ez gara galduko. Argi iragarrita ikusi dugu kanpin bat, hala egonen da gurea ere. Erraz joanen zaigu Hungariako txangoa.
TRANSDANUBIA
Danubiotik haratagokoa, beraz, etimologiaz: Sortaldean bizi zirenak edo sortaldetik zetozen konkistatzaileek jarri zioten nonbait izena; guretzat Danubiotik honantz baitago. Lurralde zabal laua, ez da mendi bat bera ikusi ahal, ezta urrunean han behe-beheko ortzi-mugan ere, baina aldi berean gorabehera leuneko lurraldea. Goitikako ikuspegitik dakusagu tarteka lurraldea bere orokortasunean, zuhaitz artean baitoa errepidea kilometro luzeetan. Berde-berdea dager, baina ez da Esloveniako berde jori erakargarria. Urkia, urte askoko makal lerdenak, izei beltza, haritz tantai bakandua,... lur hezeotan ohi denez. Haizeak airean darabiltza arkazi loreak, eroritakoan ia zuritu egiten dute errepide beltza; lore zuriz apaintzen dituzte soroetako argindar tantai ipurdiak intxusek. Hegazti lepo-luzeak, paraje istingatsuetan, saldoan, lurrean zein hegan. Oholezko lauki handiak daude pilatuta errepide bazterretan, lurrak gorantz egiten duen gunetan: elurra eta izotza bisitari sarriak dituzte lurraldean.
Nekazari lurraldea, aberatsa dirudienez. Ordeka hezea, soro arteko ubide eta erreten sakonetan usten dira ur soberakinak. Bukaerarik gabeko basoa badirudi ere, zuhaitz multzoek eta soro ertzeko zuhaixkek sortarazitako irudi faltsua da: artatza eta galsoro, tarteka ekilore sailen bat, soro erabat zabala bakoitza, dira lurrok. Gereziondo, sagarrondo, madariondo, mertxikondo..., fruta-arbola sailak. Txoriak uxatzeko oholezko behatoki edo tantai gaineko txabolatxoak daude galsoroetan, denboraren eraginez belztuak edo ilunduak: estalki zapalez babestuak. Intxaurrondo sendoak errepide ertzean, etorbide itzaltsua bihurtuz errepidea. Badira mahasti batzuk, guti, muino goietan.
Gizon heldua, gizon gaztea eta gaztetxoa, hiru belaunaldi traktore berean sorotik bazkaltzera eguerdiz
Herriak, zainduagoak, pintatu berriak, deigarriak batzuk; ilunagoak, aspaldi pintatutako kolorgetuak, xume isilak, bestetzuk; argiak, zainduak, atseginak denak. Behe solairuko etxetxo banakakoez osatutako kaleak errepidea askotan, etxetxo bakoitza baratz edo lorategi den lursailez inguratua. Dorre-orratz zein dorre borobileko elizak, distiratsuak zenbaitzuk, pintura-eskualdia beharko luketenak asko. Uralitazko teilatu gris-argi asko, teila gorri zapala ere ez da falta. Ia herri orok du oinetan Amabirjina duen Kristoa, eliza-aurre edo inguruan, ez errepide ertzean zenbait Esloveniako herrialdetan ikusi izan dugun bezala. Ez dira ere “kagalastimas” aurpegiko irudiak, harrizko duinak baizik.
Landetxeak dirudite etxe gehienek, ur-putzua du bakoitzak, zurezko txabolatxo ilun batez estalia, eragiteko gurpil handiarekin bakar batzuk oraindik; etxe askok bere txabola du alboan, adreiluzkoa gehienetan, hiruzpalau txabola ere sarri, bakoitza zeregin ezberdinetarako, eraikin multzoa sortuz etxe-bueltan: ohol arteko zirrikitu zabaleko lastategi, tresna gordeleku, korta, ... artaburu biltegiak dira deigarrienak: oholezko txabolatxo estu garai ilunak. Izan da ezohizkoa, ia lekuz kanpokoa, egin zaigun etxetzar ederrik ere.
Errepidea, ezin esan txarra denik, ezta leuna denik ere: triki-traka bizian doa gure etxatoia. Auto guti-guti dabil; lasai gidatzen dute dabiltzan auo-gidariek, beraz bidaia lasaia eta atsegina gertatu zaigu. Ugaria da txirrindua herri askotan, ugaria ere aspaldiko autoa herritxoetan, lurretara joan-etorri eta garraio lanetarako nekazari lantresna bailitzan.
Trena gurutzatu dugu: hori-gorria, autoak bezala, mantso doa.
Lenti. Mugatik gertu, bainu-herri edo uda-herria dirudi, turista-herri petoa. Dendateria erreskadan, txirrindu asko, txirrinduentzako bide-gorri ugari, berdegune zabal zainduak, lorategi ugari, zabal, dotoretu eta zainduak: lurrezko pauma eta suge erraldoiak kolore ezberdineko loraz janzten ari dira, noiz loratuko zain daude biak bere edertasun oparoan. Eskultura ugari dager batez ere lorategian.
Nova. Eliza argi-argia.
Bizitokitzat aukeratzeko herriak eta etxeak, lasaiak, etxe inguruko lora eta baratza nanoa zainduz ordu lasaiak ematekoak.
Zalatarnok. Pintura-eskualdi bat behar du elizak. Bide ertzeko belar-gunetxoan suhiltzaile-auto antzinako bitxi-bitxia, bitxikeria, erakusgai; bazen saltzaile gazte bat ere, eskaintza osoa lurrean, zabal-zabal zuela.
Hilerriek ez dute hesirik.
Bak. Toccata eta fuga: lurra gora eta behera sinfonia berdea konposatuz.
Gizon bat bizikletan errepidez, sega bizkarrean duela.
Pacsa. Hesirik gabeko hilerria, bitxia gertatzen zaigu gorpuak hesi garai sendoetan gordetzen dituen kulturakooi.
Zut-zutik segan gizonezkoa: helduleku luzea behar du kirtenean Esloveniakoen antzera.
Zalaapati. Teila zapal-zapaleko teilatu gorriak; drainatzekoa dirudien ubidea: mapan beherago dagoen lakutxora bilduko dira urok.
Makal sendo tantaia, sekulako luzeak bidegurutzean.
Alsopahok. Amabirjina oinetan duen Kristoa, gutxienez bi metroko eskultura, harri berean zizelatuta.
Heviz. Bainu-herria, zaindua, dotorea. Ur sendakari beroko laku batengatik da famatua. Europako ur epeleko lakurik handiena omen: 34 gradutako 86 milioi ur litro ematen ditu eguneko, 38 metro zabalerako ur-azpiko ahotik. Parke apartak inguratzen du, Europa osoan izan omen zen ospetsua bere garaian, puri purian dago gaur egun ere. Bisita-gune ere bada: autobuskadak datoz, argazki oroigarria atera eta badoaz. Erreuma duen jende pila dator ur berotan eta ur azpiko lokatzetan hezurrak epeltzera. Garestia da lakura sarrera. Herri xeheak gainezka egiten duen uraren ubideetako zulogune eta putzuetan epeltzen du azala. Hotel eta etxe pila herri inguruan, saltzaileak kalean, jendea erruz, ... Bitxia da hezurrak berotzen eta oinak lokatzatan beratzen daudenen ikuskizuna: burutxo pila ur-gainean, lakuan barreiatuta, geldi-geldi, flotagailu txikietan sartuta.
Kanpina. Heviz herrian, zuhaitz tantaiez inguratuta; lakuko ur beroen hustubide zabalak zeharkatzen du erdi-erditik. Hesi berdez banatutako eremu zabala dugu bakoitzak Etxatoiz mukuru dago kanpina, ozta-ozta aurkitu dugu zulotxo bat, zuhaizpean; txori-kanta ez zaigu faltako. Zaharren egoitza dirudi, alemaniar adindun pila, eguzki berotan kiskaltzen, denak udakoloreko: txaletxo baten parafernalia osoarekin, telebista antena denek, luzarorako finkatuak dirudite.
Bizi azaldu zaigu kanpineko elkartasuna: lau adineko hurreratu zaizkigu, sasoiko, adoretsu eta adeitsu laurak, huskeri batetan jarri digute atoia gustuko genuen kokagunean.
Laguntzaileetariko bat Larrochelen egona da 6 urtez: patois soilik ikasi omen zuen, baina moldatzen da frantsesez. Beti ere solas egarri hurreratzen zaigu.
73 kilometro, Hungarian gara.
Isiltasunak bildu du kanpina arratsean, bakoitza bere habian gorde gara. Telebista distirak nabarmentzen dira etxatoi barruko iluntasunetan nabarmentzen diren telebisten bristadez; futbol partiduren bat jokatzen dela erakusten dute.
Gaueko soinu bereziez bilduta, oheratze aurreko ibilian, zuhaitz ostean gordetzear dago-doa ilargi ia betea. Gau zoragarria.
Maiatzaren 18a. Osteguna. 17.a-H:2.a
“Antologia”. Bandeira-Sarrio: “Baina zein zeruk ase dezake ba zure zeru ametsa?”. Ez dugu aurkitu oraindik gure ametseko herria.
S. Vila berak entzun ahal izan ote zuen alboko arboladitik hedatzen zaigun txori-kanta zoragarria!. Ia sinestezina da erregistro gama ezberdinen aberastasuna, soinu bitxi ezberdinen aniztasuna.
Ez ziguten eman eta gu geu ere ahaztu egin ginen eskatzeaz: Nortasun Agiririk gabe alde egin genuen aurreko kanpinetik. Atzoko bidea bera berregin behar izan dugu. Behartuta oraingoan, astunagoa zaigu bidea; ezaguna, berri-berriki, aspergarria agian ez, baina errepikakorra bilakatu zaigu azkenerako bidaia, kilometroz zamatzen joan garen heinean, agiria ahaztuaren amorrazioak barnean eragiten zigula: halaz ere ederra gertatu zaigu, atsegina, hain da berdea, hain dira txukunak eta atseginak herriok!.
Berriro ere sartu gaituzte, ateratzean eta itzuleran, bi aldiz gaur, ordenagailuan mugako poliziek, hiru aldiz bi egunetan, prozesu motel luze aspergarrian: automatizatu gabeko programaren bat dute nonbait. Horrez gain ikerketaren bat egin diete pasaporteei detektagailu edo auskalo ze aparailutan sartuz. Kezka, beldurra ere, sortarazten du poliziak zure paperotan arakatzen hasten denean, munduko aingerutxo zuriena bazara ere.
BALATON LAKUA
Finlandiako bat kenduz, Europako laku handiena da bera, 596 kilometro karratuko hedadura eta 197 kilometroko ertza ditu. Luzexka egitura. Hiriburutik nahiko gertu, Budapesten arnas eta ihesleku, igande-pasarako gune aukeratuena.
BALATON MENDEBALA
Arratsaldeko ibilbidea. Nortasun agiriok eskuratu eta kanpinera itzuli ondoren, gaintxo batetik izan dugu lakuaren lehen ikuspegia: ederra eta erakargarria bere luzera amaigabean. Zabala dager, baina batez ere luzea, ezin ahal zaio bukaera ikusi. Zikin kutsua dario urari. Padura, kanaberadi, belartza eta zuhaizti zabalak ditu ertzean, errepideak zeharkatzen duelarik pare bat lekutan padura. Nabari zaio bisita-lekua dela, erruz datorkiola kanpotarra: herri zainduek, zurezko eraikin dotoreek, eta errepide bazterreko kafetegi, hotel, jatetxe eta bestelako zurezko eraikinek turismo-gune petoaren itxura ematen diote. Erakargarria da ibilbidea, istinga eta padura erdian, baina ez da lakuaz gozatzeko bidea, ezin baita ikusi ber-bertan dagoen arren. Txaneltxo axalak eta meharrak, padurako ubideetan ibiltzeko, tarteka bainatu ahal daitekeela ikurra eta belartza zainduko ertz garbiek uretara egitea ahalbideratzen duten tarteak, gehiegi erakartzen ez badu ere inguruak; oinez nahiko aurrera egin duen bikotearen izterrek erakusten digute lakuaren ertzak ez direla zunda handikoak. Hotel, masaje-leku eta antzerako eraikinek bereganatu dituzte ertz garbiak, ordaindu egin behar da bertara sartzea. Zenbait herrik badu tutu mehez eginiko atrakaleku xumea.
Behe solairuko etxetxo pintatu berri argiek osatzen dituzte herri eta herritxoak; ez daude baina laku ertzean, hurrean soilik, laku ertza padurak osatzen du, herriok lakutik bertan egonik, ez daude laku ertzean. Padurako belartza luze eta kanaberadiek biltzen dituzte laku aldetik. Beste aldean berriz, Iparrean, ur ertzera arteko etxeteria amaiezina dira herriak, mendi magal leunetan.
Balatonbereny. Uda-herri jiteko herritxo txukun-txukuna.
Balatonszentgyorgi. 18 hizkiko izena, bada 19korik ere inguruan.
Kestthely. 25 mila biztanleko hiria. Zabala, atsegina, aspaldikoa, zaindua, dotorea nor dena. Bisitarientzako eratu dute erdigunea turista-herri petoaren itxura emanez, batez ere oinezkoentzako kale ederra, non dena den denda. Xarmant-xarmantak dira kale nagusiaren alboko kaleak, etxe txikitxo erakargarriak, ia inor ez dabil bertan, kale nagusia bertan arren: gehiengoa dabilen esparrura mugatzen du ibilia edo egona bisitari, ez du ikusminak kilikatzen eta alboko kaleetara bbultzatzen. Arbolapeko etorbide edo kale zabal-zabalak ditu. Eraikin eder eta apart ugari, pintatu berri argi-argiak. Hainbat museo: ardoarena bata. Herriko ertz batetan gaztelu edo jauregi dotorea lorategi zabalarekin. Eliza, zabalik baina era berean itxita, korupeko burdineriatik ikus daiteke soilik: iluna, kameraren objetiboaren bidez ikusi ahal izan ditugu fresko bikainak, pulpitu landua, itxurosoa dirudien aldarea.
Ikasketa bukaerako ikasleen koadroak daude ikusgai dendetako erakusleiho batetan, ikasle bakoitzaren argazkiz osatuta, inolako originaltasunik gabe.
334 kilometro, behartutakoak, azkenak ezik.
Ilunabar erakargarria, sorgindua zegoen ilargia zuhaitz ostean ostentzean.
“Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”. Koldo Izagirre.
* “Ez dago liburu on bat utzaraziko duen berri onik irakurlearentzat". Makinatxo bat bidaia-gautan berandutzen zait irakurtzen, nekatua arren.
Maiatzaren 19a. Ostirala. 18.a-H:3.a
“Antología”. Bandeira-Sarrio:
* “Gaur izartu naizenean, iluna zen oraindik / ... / Euria. / Etsipen euri tristea euri egin du. - Quando hoje acordei, ainde fazia escuro / ... / Chovia. / Chovia una triste chuva de sesigaçao”. Ez dugu galtzen jasoko duen itxaropenik.
Itsuek pertsonak ahotsetik lez, hasi naiz inguruko zenbait txori kantutik ezagutzen.
Ateri zen goizez.
BALATON IPARRA
Belarrez betetako gurditxoa, bi zaldik eramana, ijito petoko bi gizonezkok gidatua: galdutzat ematen genuen aspaldiko estanpa.
Hegoaldeko atzoko muturrari buruz esandakoa errepikatzen da. turista-gune peto-petoa lakuaren iparralde hau. Txalet dotorerik falta ez bada ere, turista-leku apal-apala da, xumea, herri-herrikoak behar dute izan hona datozen turista eta igandezaleak. Trenbidea doakio lakuari ertzetik, makina gorri eta bagoi urdineko trena, luzea, graffitiz itxuraldatuta hainbat bagoi: ez dakar bidaiari askorik gaur baina sarria da, budapestarrak garraiatzen ditu lakura inguruotako herritxootan utziz. Zabal eta erakargarria dager lakua agertzen zaigunean. Lakutik ez urruti, ia luzera osoan, mendixkak altxatzen dira: Basaltokoak dira Badacsony herriko ingurukoak, haitz bitxiko mendiak, harrizko tantai erraldoi zimurtuak, zuhaitz berdez bilduak. Mendixkoon hegal leunetan etxetxoak erne dira perretxikoak bailira, joztailuzko etxeria diruditelarik.
Herri txiki ugari, ia bata bestearen jarraian, etxe bakoitza bera dela, bakoitza bere ingurutxoarekin. Lastozko teilatuzko hainbat antzinako txabola; saltoki eta jatetxeak dira lastozko teilatudun eraikin berriak, ezberdinak eta dotoreak, eroslea erakartzeko. Sarriak dira kanpinak ere, pila, laku ertz-ertzeko kokagune paregabean zenbaitzuk.
Maiatz mengele batzuk, zinta zuriz apainduta: hemengo basoek ez dute bestetarako ematen. Zalditegi banaka batzuk. Surflariak lakuan. Ahuntz-taldea etxondoko itxitura batetan: ikusten ditugun lehen etxeko abereak. Hilerriak, garbiak, zainduak, loraz apainduak: batek, buru borobileko hilarriak ditu, Euskal Herriko hainbaten antzekoak. Eskolaume koadrilak aurkitzen ditugu herri gehienetan, eskolatik kanpoko eskola lanetan, izan da txirrinduz zihoan ikasle taldea ere. Ardi-larruarena da eskaintza ugaria saltokietan, denda aurrean zuri. Bertako gurdi txikitxo petoak nonahi agertzen dira, bai apaingarri eraikin aurretan, bai salgai antikuario dendetan.
Ugaria da mahastia: mahasti txikiak, etxe alboetan kokatuak, zenbaitzuetan etxe kontrako baratzetxoan, baina bada maldetan behera datorren mahastirik ere; mahatsondo txaparrak dira gehienak, giza garaierakorik bada ere.
Belauntzi bat ikusi dugu laku erdian, baina ba omen motordun ontzirik, ba omen hondakinak lakura botatzen duen lantegirik ere: hasiak dira beraz kutsatzen gure laku ederra. Bailandra pila laku erdian: bada lehiaketaren bat. Txanel txiki-txikiak, nano-nanoak, muturluze eta atzezapalak: padura zeharkatzekoak.
Kontuz eta lasai gidatzen da, antzinako auto ugari dabil oraindik errepidean. Bidegurutzeko borobilek zuzentzen dute zirkulazioa bidegurutze arriskutsuetan. Burdina harizko zein oholezko laukiak daude pilatuta errepide ertzean, errepideak gorantz egiten bakoitzean: elur edo izotz lekua da nonbait.
Ez dago langarik ez txirrinik trenbide-gurutzaketetan, trena datorrenean pizten diren argi gorriak soilik: auto gidaria gelditu, zain egoten da, eta kitto; seguru ez dagoela istripurik gidatzeko txukuntasuna ikusita.
Bidaia lasai eta atsegina da.
Zanka. Izenak badu halako euskal jitea.
Tihany. 3 bat kilometro luzeran, eta bat eta erdi zabaleran, dituen lurmuturtxo gaintxoan kokatutako behatoki aparta laku gainean, turista-gune peto-petoa, erabat kinkila-denda, baina ibilbide atseginez eta egonleku erakargarriz erabat atsegina. Pipertxo muturluze eta piper borobiltxo gorri-gorriz estalita daude denda aurreko hormak. Portutxoa du: bere parean, tarte estuena, lakua pasa daiteke bestaldera ontziz auto eta guzti.
Peskari piloa dago laku alboko bide-gorrian kanaberaren hariari so.
Monasterio beneditarra da herriko altxor paregabea: berrekuratze ahaleginean dabiltza. Eliza barroko pospolin xarmanta, sekulako irudiak ditu, tartean bat, pulpituan, gorputz biluzia kardinal kapelu handia buruan duelarik, zoragarria; organoa, aldare nagusia, ... ikustekoak eta aitatzekoak dira. Sakristia ederra omen baina ez dugu ikusi ahal izan, ezta gidaliburuak aitatzen dituen basalto harri zulatutako monjeen gelak ere. Errege bat ere ba omen elizan hilobiratua; kriptan aspaldiko harrien eta brontzezko eskultura modernoen erakusketa ikus daiteke.
Balatonfüred. Bainu-herria, zabala eta luzea, dena da etxetxoa arbola artean. ... Zahar asko omen dator: Hungariako Zestoa. Ondo zaindutako zuhaitz sendoko etorbide zabal batez du sarrera. Paseatzeko erabat egokitua du laku ertza. Era guztietako eskaintza piloa, kultura, kirol, ostatu, Rabindranath Tagore egon zen herri honetan bihotzeko gaitza senda asmoz, betikotu zuen bertako ezki bat poema batetan. Hemen hil zuten naziek Miklos Radnoti poeta: gerora, gorpua argiratu zutenean berarekin gorde zuen poema aurkitu zioten.
Szentkiralyszbadja, 19 hizkiko herri-izena, Hungariako herri-izen luzeena. Bidea egiten zitzaigun luzea guri eta ez gatzaio joan.
Iparraldeko lurraldera jo dugu: lautada. Lautada izanen da gaur eginen dugun zaigun ibilbide osoa ere.
Gerezi baso izugarri zabala. Gorantz batetan hariztia zeharkatu dugu.
Vezpren. Muino ezberdinetan eraikitako hiria, gora behera pikoan doa hiria, tontor-gune zein sakonunetako kaleetan. Eliza pila du, etxe eder asko ere bai, han-hemenka barreiatuta. Alde berria tontor batetan eraikia dago, etxe garai berriz osatua, plaza zabal bat osatuz erdian, dena da denda eta saltegi. Beste tontor batetan dago Alde Zaharra: ia kale bakarreko hiribildua, harkaitz amildegi labarren gainean: bera da hiriko altxor-gunea; berez kale lasaia behar zuena eskola bidaian dabilen umeteriak ikasgela bihurtu dituzte bai kalea bera bai monumentuak; etxe dotore asko, Hiritasunaren harrizko zutabe oparoa, Gotzainaren jauregia oparoa nora sartu behar den oinetakoen ordez babes zapatilak jantzita, kaperatxo prebisigotiko zoragarria, bost museo kale berean eta azkenik katedrala: telebista grabaketarako erabat argitua aurkitu dugunez zoragarriagoa, hemen koroatzen eta ehorzten zituzten Hungariako erreginak: ikusgarria, mosaiko laukitxoz koloretsua, distiratsua, bizia, mosaikoz eginiko irudi pilarekin horma guztiak edertuak; ezberdina eta bitxia.
Mugatuak dira egonaldiak aparkalekuetan: gu ez gara jabetu ere egin ulertezinak baizitzaizkigun oharrak, zaindaririk ere ez dugu ikusi baina han zegoen egon, jarri baitigu isuna, txukun jarri ere, plastiko zorrotxoan sartua euriak busti ez zezan.
Vezprenen ekin dio, ondoren bota ahalko zaparrada, ez zaigu atertu etxera arte.
Csarda bat: ostatu edo jatetxeak dira: ikusi nahi genuen baina gainezka genuen euria eta autotik begiratuz aurrera egin diogu: harrizko oinarria du, baxua da, teilategalak ia lurreraino heltzen zaizkion lastozko gain pikoa. Zikoina bat ikusi dugu herrian.
Laku berdeak dirudite galsoro guriek lur zabal ilunean.
Herri zapal-zapalak, ia ez dira ikusi ere egiten herritxook, zuhaitz artean eta euripeko ganduan gordeta. Harri eta mortairu zarpeatutako etxeak dira, barruan zutik ozta-ozta ibili ahal izateko etxe apal antzinakoak. Elizak dira goranzko eraikin bakarrak: zuriak dira elizok, nahiz zuri kolorgetuak. Izan da herritxo zahartxo hondatu bat, bururik altxa ezinda bezala koitadua.
Nagyvazsoy. Gidaliburuaren aburuz zuri-zuria behar zuen eliza-dorreak, baina ez du inolako distirarik; gazteluko dorreak ostera bai: desitxuratu samarra azalez baina karratu lerden luze eta zabala egituraz, gailen, teilateria zapalaren gainetik erraldoi, herriko ugazaba garbia.
Lakura hurbilduz, mendiarteko bailaratxoetan egin dugu azken zatia, mendixka leun zapalen artean. Paisaia atsegina. Berdexka dager Balaton lakua euripean, gari-sail erraldoia dirudi, marra iluna besterik ez da lakuaren beste aldea, osterago lainoak biltzen du dena. Oso goibel daude teilatu iluntxo gorriak arbola artean, denak du itxura tristea, lakuak berak ere.
Lurrun betean daude gure herriko laku beroa eta kanpin erditik doan ubidea; kanpineko txoriak, isil.
183 kilometro, euripekoak arren atseginak.
Atertu du azkenik, urdindu ere bai, txorien sinfonia piztu da. Hezurrak ez ezik barrena ere berotzen du eguzkiak.
Garratz puntutxoa du ardo hungariarrak; edangarria.
“Agirre zaharraren gartzelaldi berriak”. Koldo Izagirre:
* “Beti zagok zer aurreratua izorramenduan”. Botila erdi betea, bidaiariak beharrezkoa duen baikortasuna.
BURUTAPENAK 6
Joanekoak
Betikoa eta betirakoa, bihar ez naiz gaurkoa izango.
Altxor bat da denbora kontzienteki galdua.
Antzua da biharko ongarri ez den gaurko denbora.
Betierekoa, orain infinitua; infinitua, betiereko oraina.
Denbora ez da existitzen, izakiak dira existitzen direnak: dialektikaren jolas atsegina.
Denbora gelditzea bezala da atzera jauzia.
Erlatiboa da denboraren iraupena, ezberdina baita une bakoitzaren abiadura norberaren aldartearen arabera.
Eskeletoa dantzan, bizi garen seinale; eskeletoa hauts, bizi berri baten ongarri.
Etekinak egiten du emankorra edo antzua denbora.
Eternitatea, etenik ez duen etena duten existentzia duen etenik gabeko existentzia.
Eternitatea, heriotza gainditzen duen balizko ustez errealitatea.
Ihes egiten digu batzuetan denborak, hurrengoan, aldiz, atxiki egiten gaitu.
Iragana, tarteka faltan botatzen dugun oraina.
Konortea galtzerainoko oinazea edo gozamena da infinitua.
Presaka, behin ere ez; bizkor, behar den guztietan.
“Oh tempora!”, berea du nostalgia iraganak.
Zimurrez harago, asko aldatzen du denborak.
Bitxiloreak
Edonondik jotzen duela ere, baretzen ez den haizea da bizitza.
Absurdoa da bizitzaren logika.
Arbolatik eroritako frutari begiratuz: ez digute baimenik eskatu jaiotzeko, eskatuko ere hiltzeko.
Betitik betirakoa den hilkorra da bizidun oro.
Bizitza, oroitzapena besterik ez da.
Bizitzako une oro da bidegurutzea, zeuk aukera duzuna da bide zuzena, gero okertuko arren.
Bizitzaren ardatza omen arima delakoa: animaliek eta landarek ba ote arimarik.
Erantzunik gabeko galdera da bizitza.
Gorputza eta arima, bi engranajeon haginak doitzean dago bizitzaren oreka.
Ikuspegi orokor bat behar dugu zatika bizi nahi ez badugu
Lausoa da bizitza atzera begiratuz, aurrera begiratuz, aldiz, misterioa.
Partxis jokoa da bizitza, dadoa botatzen ari gara etenik gabe ia ze zenbaki aterako.
Uneoro esnatzea da bizitzea.
Uneoro esnatzen jakitea, bizitza orekatu baterako ataka.
Zorien erritmora pausoa egokitzean datza bizitzaren zientzia.
Bizi-minak
Ez nazala inork heriotzatik salbatu.
Asko dira aurrez heriotzaz gozatzen dutenak, ikus besterik ez dago hainbat panteoi.
Berdinketan uzten gaitu denok heriotzak, bizitakoaren aberajean dago kontua.
Gorpuarekiko naturaren zikloa atzeratzea da hilerrietako panteoia.
Heriotzak salbatzen gaitu mundu honetatik.
Hilerriko loreak, maitasunaren lotura.
Hilko garela ziur arren hilezkor sentipenean bizi gara.
Izatea ematen du jaiotzak, izana heriotzak.
Jaiotzatik dugu txalupa zain Estigia ibaian.
Legeak hausteko dira: hil beharrarena da iskin egin ezin diezaiokeenetariko legeetariko bat.
Naturak gordetzen ditu gorpuzkinak, baina kontzientzia oro irensten du heriotzak.
Ze zurtz uzten dituen heriotzak hildakoaren hurbilekoak.
Maiteminduak
Bizitza argitzen duen egunsentia da amodioa.
Amodioa eta sexua, bikiak.
Amodio orok beti du Godot bat zain, edo Kleopatra bat.
Amodioa eta sexua, itsasaldi honetako ontziaren oihala eta aingura.
Amodioaren itzala aurkitzen duen bikotea da iraunkorra.
Barne musikaren oihartzuna izan behar du maitasunak.
Fereka goxoa da batzuetan maitasuna, ezten mingarria bestetan.
Edertasuna, errealitateari norberak ematen dion geruza gozagarria.
Erro sakonak bota ohi izan ditu bikotearengan maitaleak zein amoranteak.
Ezpainek, bakoitzarenak bere zaporea.
Gauza askotaz egin behar da beste maitasunak iraun dezan.
Gozoa da maitasun-itsasoan igeri egitea.
Harrapakina aukeratzera bultzatzen du piztia amodioak.
Hego-haizearen antzerakoa da amodioa, batzuetan leun, hurrengo zakar, euria edo ekaitza dakar baretzean.
Itsas handia bezalakoa da maitasuna, olatu handi batek irensten zaitu ustekabean.
Izartegiaren antzerakoa da amodioa, ze elkarren hur, ze urrun elkarrengandik aldi beran izarrok.
Airea da bizipoza, hegoez janzten du maitasunak.
Maitasuna, etenik gabeko birakarekin zorabiatzen gaituen haize-orratza.
Maitasuna ez da txantxa.
Maitasunean, begiek mintzo.
Maitea, zimeltzen den lorea.
Maiteminduarentzat urtaro oro udaberri.
Maitemintzeak oreka galarazten du, eta harmonia ere dakar.
Maitale erromantikoak balizkoa amets.
Norberarenaz harago, inor gutxiren barnea zirrararazten du maitasunak.
Olagarroak adina beso nahi lituzke maitaleak bikotearen azala ferekatzeko.
Sentipen eta oroipen gozoren bat utzi ez duen amodioa ez da izan amodioa.
Tranpolin jauzia bezalakoa da maitemintzea, amets-hegada uretan murgilduz irrikaz.
Ze goxoa den errotaren glakada errotarriari eragiteko ura dakarrenean amodioaren errekak.
Ze mozorro ezberdin, deigarriak edo txepelak, hartzen duen maitasunak.
Zorabio bizigarrian irensten gaitu maitemintzearen zurrunbiloak
Zedarriak
Legedia, irteerarik gabeko norabide bakarreko autopista.
Arrazoia entelekia da justiziarekiko.
Boterearen harresi eta gotorleku da legedia.
Kontuz ahala duen bakezalearekin, bortxa erabiliko baitu liskar edo gerra aitzakiaz.
Legea, ibilbidea ezarriz esklabutzen gaituen erraila.
Legea, mendekoentzat katea, ahaldunenentzat babesa.
Legedia, ahaldunen injustiziak zigorgabetzeko tresna.
Ona eta txarra, araua nork jarria, hor dago koska.
“Unibertsala” kontzeptu bat denez ez da garunetatik at existitzen, antzerakoa gertatzen zaio “eskubide” hitzari, ez da gauzatzen aldarrikapenetatik kanpo.
Jakin-minak
Dakigun guzti hori da zientzia, esperientziaz frogatua.
Absolutua eta erlatiboa, anaia bikiak.
Aitzinera begira ari da beti zientzia, gibelera begiratzen duenean ere; egunean-eguneko korapiloei erantzun bila dabil, aldiz, filosofia.
Denok egiten dugu gogoetaren bat bizi dugunari buruz: gizaki oro da filosofo.
Dugunari buruz egiten den gogoeta denez, oso eguneroko zehatza da kalekoon filosofia.
Filosofoa, garunetako kiribiletan bihurrituta dabilen gizakia.
Garenari eta inguratzen gaituenari buruzko bakoitzaren iritzia da filosofia, baldintzek kutsatua beti.
Hegan jartzen dute ideiek, lurrera itsasten gorputzak.
Hezkuntza, kulturaren misterioak argitzeko indusketa lanen esparrua.
Irakasle onak berak taxutzen du ikasgaiaren tenpusa, ikasgaiak, aldiz, irakaslearena.
Ironia, hitzen irribarrea.
Jakintza, jakin-minaren ondorioa.
Jokabidea da printzipioen bermea eta ziurtagiria.
Neurgailu bat da aritmetika, berak ematen baitu ikaslearen hainbat ahalen neurria.
Zer da zientzia, nor da jakintsu: definizioa eta definitua, izanak gainditzen du sarri esana.
Zer den garrantzitsuena, hori da edozein aukeraketa aurretik erabaki behar dena.
Zientzia zirrikitu iluneko labirintua.
Zientzialaria, labirintu ilunean dabilen itsua.
Zientziaren akatsak, arma hilgarriak gehienak.
Zientziaren gaiak soilik dira eboluzioaren aztarnak.
Banintz
Komenientzia eta asmoa, kontrajarrien hautua.
Ekintza beti da pentsamendu gauzatu bat.
Esnatzea, errealitatearen astindua.
Hotzak ere erre egiten du.
Komunikabideen erronka, zabortegi ez bihurtzea.
Neuronak zer diren badakigu, beraien eraginkortasunaz ezer gutxi.
Psikiatriaren bidezidor bat da neurologia, ala alderantziz.
Oinazea, menderatzen zaituen bizipena.
Ondo-gaizki: arauez harago beste zer askoren arabera dago jokabidearen zilegitasuna.
Ospitalea, gizaki matxuratuen tailer mekanikoa.
Psikologoa, apaizaren ifrentzu laikoa.
Zuzentasun ofiziala edo legala beti da interesatua.
Banu
Baneuka eta banengo, balitz-aren lehengusu.
Amets oparoak ditu gonazaleak, urria zaio, aldiz, uzta.
Eragin handiagoa du zorionean bakoitzaren jarrerak gertakizunak baino.
Erpina eta osina, utopiaren ifrentzuak biak.
Aurkia da esana, esanaren ifrentzua egina, gehienetan interesek baldintzatuak biak.
Fededuna osatzen du psikiatrak.
Jin eta joan, batzuetan eztia, garratza hurrengoan.
Gozamen dardaratiaz harago, frekuentzian dago orgasmoaren gakoa.
Gozamenaren zenbatekoan ez dago zorionaren funtsa, une bakoitzari berea ematean baizik.
Masturbazioa, bikotearen absentzia.
“organo” eta “orgasmo”, hitzak behintzat antzerakoak.
Pasakorra izanik plazera, iraunkorra egiten du bizitza.
Penen artean poza aurkitzea da zoriona.
Siesta edo biaoa, nekea eta nagitasunaren mugako aterpea.
Une laburrez eta dosi txikiez gozatzean ohi da zoriona.
Zoriona, baldintzak baldintza, norberak sortzen du, ez zaio inori zor.
Zoriontsua behar du izan matematikan poesia aurkitzen duena.
Malutak
Unibertsoa, sinfonia polifonikoa.
Animalien artean bezala, bortxakeriak eta nor gehiago lehia daude landareetan ere.
Belar ebakiaren lurrina, udaberriko usaimenaren tximeleta.
Eguna eta gaua, bata bestearen ifrentzu.
Elur zuria, eguzkipean zuriago.
Elurra mara-mara, bizitza zabuka.
Elurra, sentiberatasuna berotzen duen tapaki hotza.
Itzala eskaintzen du palmondoak, umeltasun urrienari ere ura xurgatzen dio kaktusak: basamortuko miraritxoak.
Neguan ikusi ahal da argien eta osoen baso barnea.
Neguko loreek ba ote errebindikaziorik udaberriari.
BURUTAPENAK 6
Izan nahiak
Arima, gizakiarekiko jokoetan komodin erabilienetarikoa.
Aingeru guardakoa, elizak jarri zigun bizkartzaina.
Alderdi politikoen paretsuak dira erlijioak, bereari begiratzen dio bakoitzak.
Bada karitatea egiteko aukera ematen digutelako pobreekin esker onekoak izan behar garela dioen kristau ondo-bizirik.
Betiera, betiko betikoen iruzurra.
Deabrua, elizak gizakiari jarritako borreroa.
Deabrua eta jainkoa, anaia bikiak.
Deabrua, kontaezin forma hartzen duen ahaldunen baliabide eragilea.
Ekaitzik gogorrenak baino gehiago ikaratzen du kristaua zerurik ezak, ala alderantziz?.
Erlijioa lo-belarra omen; eta zer, denok hartzen ditugu analgesikoak nahigaberen bat dugunean.
Fedea, ezinaren baliabidea.
Fededun adina titi dituen errapea da Eliza, baina pribilegiatuek soilik edoski ahal dute bertatik.
Fededun bakoitzak jartzen dio muga jainkoari.
Fededuna, irteera gabeko labirintoko ibiltaria.
Fededunek eta fedegabeek errealitate bera ikusten eta bizipen antzerakoak sentitzen dituzte, baina ezberdin izendatzen.
Fedegabeak oraina, fededunak zerua, lurrean biek zoriona.
Irla batean galduta urrunean ontzi bat amesten duen naufrago bat da fededuna.
Jainko bat duenak badu nolabaiteko bizitzeko oinarria.
Jainkoa, arazo guztietarako panazea edo saltsa guztietako perrexila.
Jainkoa, bakoitzak bere bizitzaren ardatz jartzen duen hori da jainkoa.
Jainkoa, beti zelatan dugun begi oroikuslea omen.
Jainkoa, erantzunik gabeko gutunen postontzia.
Jainkoa eta Zesar, bakoitza bere mailan, harrapariak.
Jainkoa ez da ipuin kontu bat, tragedia baizik askorentzat.
Jainkoa, giza ezinaren sorkuntza.
Jainkoa, izua eta paradisua, biak ditu ifrentzu.
Jainkoa, pozoitzen duen baltsamua.
Jainkoa, zernahi koloreko betaurrekoa.
Jainkoa, txar denak kenduta asmakizun ona.
Jainkoek eta Jainkoak ez dute ezer doan oparitzen.
Lotu egiten ditu pobreak jainkoak, ahaldunei aldiz gehiegikeria askorako ataka zabaltzen.
Lurrean zeru izpi bat ez aurkitzea da infernua.
Karitaterako aukera ematen omen pobreek: kristau faltsuek esana.
Komikotik asko du zenbait santujalek.
Sinesmena, neurria baikortasunak jartzen dion filosofia.
Sinesten ez dena edo ezin dena sinetsi beharra da fedearen arazoa.
Sinetsi beharrak egiten gaitu fededun.
Zenbat ateo fededun, eta zenbat fededun ateo.
Zer noiz eta nola dio erlijioak, besterik da aintzat hartzen dugun.
Teologiak gizakiaren logika du.
Ahalak eta ezinak
Pentsamendu atxilotuei presoaren mindura darie.
Akrata bihurtu zaizkigu demokratak: ez dute ez kontrolik ez kritikarik onartzen.
Askatasuna, eho gabeko bizipena.
Askatasuna kate-begi ezberdin askoko katea izan ohi da.
Ate orok du bere giltza, nork eta non daukan hor dago giltzarria.
Atomoaren egitura ikusita, hutsaren segida da materia deritzoguna.
Deserosoa denean, arazoari buruz hitz egiten jarraitzea izan ohi da arazo horri iskin egiteko amarrua.
Eraso ezak, eta erasoko haute.
Erreberentzia, soka ikusezin baten lotura.
Ez dakiena ere irakatsi behar izaten du irakasleak.
Ezinaren aitorpena, ahalaren ataka.
Geroak erakusten du erabakikortasunaren eraginkortasuna.
Gogoetarako gogorik ez duenak, mami gutxi.
Goizaldeko tabernako edalontzian ito ziren askoren iraultzak.
Interes ezberdinen arteko zurrunbiloan, ustekabean ia beti, gizaki oro dago sekta bati katigatuta.
Izarren geldiak erakusten digu biraka gabiltzala.
Jo ta ke, lorpenerako ezinbesteko baldintza.
Kale orok bere kale-kantoia.
Katearen luzaerak damai askatasunaren neurria
Katearen nolakotasuna, giza askatasunaren baldintza.
Konplikazio orok du irtenbidea, korapilatsuenak ere.
Kontzienteki edo ez, askatasuna da bai gizakiaren bai gizartearen ardatz nagusietariko bat.
Laino artean agertzen zaigun izar baten ñi-ñir iheskorra besterik ez da zoriona, bizitza argitzen diguna.
Lainoek kateatu egiten dute.
Milioika aurreko gurasoen seme-alaben azken kate-begia gara bakoitza, eta gu bakoitza ondorengoena, bakoitza bere erantzukizunarekin.
Natura V Gizakia, galtzaileen arteko gerra.
Norberaren oreka nola gorde da gizakiaren lehia nagusienetarikoa, sinfonia zailagoa baino lorzailagoa baita barne harmonia.
Ohean irakurri edo idaztea, gabeziaren baten ezaugarri.
Orokorra beti herren.
Pipermina buztanpean jartzen zaionean aztoratzen da astoa.
Sarri da barrea zerbaiten estaldura.
Tentagarri daude beti gaizkirako bidezidorrak.
Uko asko eskatzen du zintzotasunak.
Unekoa eta finitua bakoitza, eternoa eta infinitua da gaitza, betidanik, etenik gabea, itxuraz betikoak izan baitira gaitzok.
Zalantza, bizitza aldats goran.
Egia V Gezurra
Egia, gezurren arkanoa - Gezurra, egia usteldua.
Ardo mindua da gehienetan egia.
Behin ere ez dira neutroak ez baietza ez ezetza.
Edertasuna, errealitateari norberak ematen dion geruza gozagarria.
“Egia osoa”, gezur baten tapakia.
Egia eta errealitatea, gizakiaren betiko paradoxa.
Eraginkortasuna ez da beti gaitasunaren ezaugarria.
Ergelenarena, egia borobilena.
Eternorik ez dagoenez, betiko eta betirako egiarik ere ez.
Ez dago egia borobilik hitz zaparrada jariotsuenean ere.
Ezinbesteko orok ohi du ordezkariren bat.
Gezurrak baino beldur gehiago eragite du egiak.
Gezurraren ganduaz bilduta dago defenditu egin behar den egia.
Hankamotza omen gezurra, baina ibilera azkar eta luzekoa.
Hutsa bera ere errealitate bat da, existitzen den ezereza.
Jaki ekologikoak eta pertsona natural-naturalak, zalantza sortarazten dute biek.
Kazetari, harrapari.
Kolore ezberdina jartzen badiogu ere betaurrekoari, berean dirau bestaldeko errealitateak.
Kontuz kanpolarrosarekin, arantzak ditu.
Uste orok bere tolesa.
Zentzumenak izanik erruen iturri, ezer ba ote erreala denik?.
Esanak eta izanak
Ametsa, errealitatearen ifrentzua.
Akratak oinetako oro estu.
Arkimedes asko dugu mundua mugitu nahian, palanka gutxi baina.
Babeslea bera babesten du babesa ordaintzen duenak.
Beharkizunik ez dakarrenean da amore ematea ahultasuna.
Berea behar du izan zuhurtasuna ezbaiak
Biografia, argazkia, autobiografia: ispilua.
Bihotza koloreztatzen duten heinean dira udaberri banderak.
Doakotasunak eskuak lehor, bihotza heze.
Dohatsua arantzak ziztatuta ere arrazoiari erreparatzen dion gizakia.
Eragilea denean da balekoa ezadostasuna.
Eraginkortasuna ez da beti gaitasunaren ezaugarria.
Etika eta kosmetika, estakurua estaltzeko balizko estetika.
Ezerk ez du etekinik doan.
Gurasotasunaren udaberriak, loraldi motza.
Hartu beharreko oro beti dator berandu, eman beharrekoa goizegi.
Historia, geldiezinaz gain misterioa bat da, iritziak iritzi, esplika ezina delako.
Historia, hortz zorrotzeko zerra.
Historia idatzia, ispilu batean desitxuratutako iragana.
Hitza, ahalaren arma, interesaren morroi beti.
“Ikusi makusi”, okulistaren jolasa.
Ilargia, askoren iparrizarra.
Inork idatzitako oroitzapenak, hori da biografia.
Jasatea analgesiko bihurtzen denean langa jartzen zaio aurrerapenari.
Mesias oro, tentuz hartu beharreko pertsonaia.
Miresmen orok du konplexu ganduren bat.
Nonbait egoteak ez du esan nahi bertan zaudenik.
Norberarentzat ere bizi-lege direnean dira baliagarriak balioak.
Oinetako dotoreak ez du gozoagoa egiten ostikada.
Oztopo-lasterketa da zintzoaren ibilbidea.
Pasa edo kontrapasa, urtaro orotan tirokatzen dute usoa politiko eskopetariek.
Platerean zurt, jakien destinoa gastronomia loratuetan.
“Sentitzen dut” orok zerbait samingarria du beti berekin, erruduntasun bat ezkutatzen du gehienetan.
Sabana dirudite jatetxeek: animaliak jaki-ehizan; itsasoa agian: nork tenk eginen karnatari.
Sorgorra, doinu ezberdinen konpositorea.
Unibertsaltasuna, egunerokotasuna ehuntzen duen atxikiezin hori.
Ur gazia ez da gozagaia edateko, baina ze gozagarria itsas bainurako.
BURUTAPENAK 6
Bizibideak
Oilategirik ez duenarentzat da animalia ederra azeria.
Adiskidearen nahigabea eztitu ezinak norberaren minak baino gehiago mintzen du.
Adiskide minena bera ere beti da etsai posible bat.
Anonimatuak egiten du zigorgabea aberatsa.
Arnas guneak behar ditu solasaldiko jardunak.
Azunak azala lez, erretzen du zenbaitek elkarbizitza.
Begietan aurkitu nahi zuen fereka, baina besteak albora begiratu zuen.
Bestea norbera bezala tratatzean datza elkarbizitza.
Beti dago guk baino bizibide gutxiago duen norbait.
“Bisitarik ez” litzake ospitaleratutako gaixo askorentzat errezetarik egokiena.
Denborak baino elkarrenganako konfiantzak egiten du benazkoagoa adiskidetasuna.
Aurrekorik gabekoa da gaur egun, mobila belarrian, aurrez aurrekorik gabe bakarraren jarduna; burutik jotakoarena zen jardun hori duela ez asko.
Eskuz jaso behar da fruta, maka izan ohi dute arramei ereinez jasoak.
Esparru pribatura mugatzen dira gaur egun aldarrikapen publikoak.
Esperimentazio esparrua da gizartea kapitalarentzat.
Ezkontza, zer askoren trikimailua.
Iraganaren iragarle asko ohi da gizartean.
Irenduz ere ez da konpontzen genero arazoa.
Jainkoari jainkoarena, jainkoarena jainkoari: ez dute gauza bera esan nahi.
Karitate edo eskuzabaltasunarekin mozorrotzen dugu injustizia.
Korapilatuagoa egin du internetek jada zaila zen gizartea.
Liskar-gune bilakatzean bukatzen da elkarbizitza.
Matxinoa, gizartea mugiarazteko balizko palanka.
Medioak dira gaur egun adierazpen-askatasuna.
Norbait menderatzea, mendekatzailearen porrota besterik ez da.
Norbaiten benetako izaeraren aipamenak beti du oihartzun ezkorren bat.
Plagioa dirudite gaixotasunek lagunarteko kalaketako gaietan.
Sukaldari ospetsuen jantokiek ageriago uzten dute klaseen ezberdintasuna.
Taberna, logelaren ataria askorentzat.
Txikiagotuz infinituraino heldu omen gaitezke: baita hein berean besteengandik urrundu ere.
Zorionez ez gara denok berdinak, aberastu eta osatu egiten ditu bai gizakia bai gizartea asimetriak.
Sinesgabeak
Ahala jainkotu dute, horregatik gara ateo-politikoak.
Abiadura moteleko trena da osasuna zenbait politikarientzat.
Agintari orok du erlijioren bat, ze erlijio mota da kontua, interes bat baitarama beti berekin erlijioak.
Ai demokrazia zer den bageneki.
Arazoak eragin arazook ondoren konpontzeko: politikoen abilezietariko bat.
Berea du bortxa agintaritzak.
Burokrazia, luzapenen bulegoa.
Demokraziaren diktadura, ez da soilik hitzen arteko kontradikzioa.
Diplomatikoek, politikoak izaki, Gobernuaren gezurra estaltzen duen erdi-egiaren eta egia-erdiaren merkatariak dira.
Eskalatzailea da politikoa, goierak erabakitzen du bakoitzaren kota.
Gerra, indarkeria edo inposaketa da politikagintzarako arma nagusietariko bat; bakea, aldiz gerra horrekiko jarrera justifikatzeko entelekia.
Gizakia finitua eta ahalkea izateak eragiten du jainko infinitu eta ahalguztiduna.
Gizakia lozorrotzean esnatzen da jainkoa.
Hauteskundeak, promesa eta tati, kontraesanen paradigma.
Inpresionista da politikagintza, sentiberatasuna ukitu nahi du batez ere.
Jainkoari Jainkoarena, Zesar guztien printzipioa.
Politika artea dela esan duenik ere bada.
Politika, aseezinen aska.
Politika, herritarrak biziberritu beharko lukeen jardunbidea.
Politikak egin du sinesgogorra gaurko gizartea.
Politikan ez dena ere bada; dena, aldiz, ez.
Teologia, elizaren laborategietan gauzatutako produktua.
Zenbat eta itsuago sinesmena, antzuago kontsolamendua.
Tautologiaren adibideetako bat da politikoen diskurtsoa.
Ederlanak
Barnera bidea egiten ez duen artea, estetika soila da.
Aldatu egin ohi ditu artistaren lanak aldarteak.
Artea ez da anarkikoa, baina ez du behar ez legerik ez araurik.
Artearen artekotasuna eta artelanen biziraupena bestelako interes eta baldintzetan datza.
Artelan itxura du sukaldaritza modernoko plater bakoitzak, miniaturako artelanak denak.
Artelan-min den heinean izanen aske herria.
Artelana ez da artistaren ispilu.
Ausart ez den sortzaileak ez du gailurreko arnasarik arnastuko.
Autorretratua, ispilukoaren mutantea.
Beldarra tximeleta bilakatu ahal ote, artista ororen ametsa.
Entzuleak egiten du ona edo ez musika bat, baina gehienetan aurrez medio eta abarrek moldatzen dute entzun-ikusleen iritzia.
Esaldi laburrak zein perpausa luzeek, denek behar dute bere erritmoa, bai hitzak korapilatzean bai esanahia mamitzean.
Harrotasun puntuak lausotzen du modernitatea.
Ikuslerik gabe, artelanik ez.
Kritika zintzoa da artearen pizgarri oparoena.
Kubismoak laukitu egiten du garunean begi borobila.
Marketina, artearen birus arriskutsua.
Post bat izan ohi du modernoak, retro bat ere.
Misterio kutsu bat du artelan orok.
Musika: bihotzeko, soineko zein gorputz-adarretako giharrei eragiten dien aire uhin dardaratia.
Norbaitek irekiko duen esperantzan bere altxor-kutxa plazara ateratzen duen sortzaile ausarta da artista.
Norberaren kritiko zorrotzena izatea da talentuaren ezaugarri eraginkorrena.
Norbere senik ez duenak ez du besteen artelanetan tximeletarik aurkituko.
Sormen ahalmen baten sentipena barneratu duen sortzailea da zerbait ganorazko sortzeko gai.
Zauri eta orbain asko izan ohi ditu sortzaileak.
word
Idazteak askeagoa egingo zaitu.
Aforismoa, izartegiko inarra.
Aforismoa, hitz urriko uzta oparoa.
Aforismoa, jarduera ttantta.
Aforista, balizko gerra bateko tiratzailea.
Berea du idazteak langa zailak gainditzea.
Daratulua bezalakoa da idaztea, zenbat eta gehiago eragin sakonago zaramatza.
Errefraua, herri aforismoa.
Frustrazioa eta satisfazioa, idaztearen aldi bereko bi osagai kontrajarriak.
Hausnartze ariketa da edozein irakurketa.
Hegoak aske dituen oro da poeta.
Hitzak usteldu egite dira orbelak antzo, gutxi batzuk diraute paperean edo laborategian.
Izan ohi da irakurgai jostagarririk komun publikoetako atosteetan.
Idatzi-akatsa, erizaina eskatzen zuen zauria.
Idatzi, beti gertatuko zaizu zerbait.
Idaztea, lana nahiz jobbya, dosi neurtuan betebeharreko zeregina.
Idazleak ordenagailua edo papera solaskide.
Kritika merezi duen liburuak badu zerbait onik.
Lehia da indartsuen arma nagusia, idazleengan ere.
Liburua, garunen kiribiletara sarrera.
Liburuak, bizitzari begiratzeko talaia.
Literatura, gogoetei jarritako tobogana.
Literatura mentala egiten dugu gogoeta bakoitzean.
Mamia trinkoa eta oskol bikaina, biak dituena da idazle klasikoa.
Maria gora - maria behera ibili ohi da idazlearen aldartea.
Poesia, bizitzako tximeleta.
Poesia, bizitzaren erritmo ezberdin bat.
Poesia, dakusagunak edo dagigunak eragiten digun zirrara.
Poesia, egunerokotasuna argitzen duen suziria.
Poesia, galderak eta ziztadak eragiten dituen tximeleta.
Poesia gaur, labirintua edo enigma.
Poesia, irudimenaren hegada.
Poesia, sarkorra behar du izan
Poesiari buruzko gogoetetan, zenbat xelebrekeria!.
Ze zaila garuna eta word-a sintonizatzea.
BURUTAPENAK 6
AITZINEAN
Burutapena:
Arrazoiaren eta egiaren hegoa.
Ate berri baterako giltza.
Barne basoko bidezidorra.
Daratulua bailitz zulatzen zaituen begirada zolia.
Erretzen duen ezpata goria.
Esamesen galbahea.
Galerna garaian begirada lasaigarria.
Garunen edabe bizigarria.
Iritsi-itsaskiko lemazaina.
Jorraketa premietarako delt tekla
Misterioen izartegira sunda.
Tximeleta koloretsua sentipenen lorategian.
Zingiretako apoak bereizteko talaia.
IZAN
Garena
Ni ez naiz ni, egin nautena baizik.
Ama eta amatasuna mitoak lotura handia du matxismoarekin.
Amets urratuen mosaikoa da gizakia, adabaki koloretuz loraturiko jantzi tarratatua.
Antropofagoa da gizakia.
Apala sutauts, harroa gar: biak suari zor.
Aseezina da gizakia, horrek egiten du eraginkor.
Baskoa-aitortza, askoren kalbarioa.
Betitik betirakoa den hilkorra da bizidun oro.
Bikote franko zapuztu du jarrera zurrunak.
Diziplina, garen gazteluaren hesia.
Garena, jaiotzatik bideratua.
Gaztetan ikasi ez duenak ez du zahartzaroan nor den aurkituko.
Geneak dira bakoitzaren rola azken arnasaraino markatzen duten gizakiaren osagai eraginkorrena.
Gizakia, askatasuna ezinezkoa zaion esklaboa.
Gizakiak ez dio sekula uzten ume izateari.
Hagin askoko piezez osaturiko makineria da izaki oro, engranajearen kontrola nork da gakoa.
Imitatzea balitz tximinoaren ezaugarria, tximino petoa litzake gizakia.
Ispiluko norberaren irudia, aljebrako X-a
Lotuago bizi gara gauzei pertsonei baino.
Kaltetuak eta kalteberak, zer besterik gara.
Kirola da askoren identitate nazionala.
Norberarenak, besteenak… mila sekreturen gordailu…, izaki bakartia da gizakia, lagunartean ere.
Nork bere lapikoan egositakoak izan ohi dira babarik egoskorrenak.
Parrarekin konforme gelditzen den eragiketa matematiko bat gara gizakiak.
Sinesgabeak gara, ez dugu federik gorputzaren ahalean.
Ukenduz estali arren, orbainez jositako azala da gizakiarena.
Uste baino zehatzago ezagutzen gaituzte besteek, baina uste duten baino toles bihurriagoa ezkutatzen dugu.
Umilagoak ginateke ezinak onartuz, lagunkorragoak ere.
Unibertsoko zati den heinean da hilezkorra gizakia.
Zaila da “norbait” izatera heltzea izatez denaren nortasuna kamustu gabe.
Zintzoa, aukerarik izan ez duen gizajoa, etorkizunik gabeko inozoa egin du gizarteak.
Urteen joanean
Ispiluak baino egunerokotasunak damaio gizakiari adinaren ziurtagiria.
Jolasa, umearen ahal nagusia eta ezinaren helduleku ezinbestekoa.
Tokatzen zaien mundu erreala da umeek behar dutena; balizkoa da, aldiz, ezarri nahi dieguna.
Umeek ez dute nostalgiarik sortarazten, oroitzapenak soilik.
Nerabezaroa, tranpolinaren ohol malguan jauzirako prestaketa aroa.
Nerabezaroak, zaharren nostalgia, aldi berean alegrantzia.
Adin handikoentzat urteen kontaketara mugatzen da matematika.
Bizi-min edo suhar, beti duzu herio-zepo arriskua; adin bat gero, aldiz, zepo barnean zaude ia zart noiz egingo.
Buruan datza batez ere zahartasuna, egunerokotasunari galga jartzen hasten den heinean.
Lausoa da zahartzaroa, aldi berean behatoki argia.
Sexuak arazo asko eta etekin guti damaie zaharrei.
Ahalak eta ezinak
Zutik munduko txotxongiloak!, moztu hariak eta ekin oinezkoari.
Adiskide ahulenak ere segurtasuna damaizu.
Ahulak beti dira galtzaile, irabazle direla dirudienean ere.
Ahulak dira indartsuen indarra.
Aberats izatea zer den, barneratu ez dugun kontzeptua.
Ametsak, ezinen eta gabezien ahala.
Askatasuna, gabezia askoren ifrentzua.
Asko dira mundu propioa eraiki eta bertan galtzen direnak.
Astiak bezala begiratzen diogu geroari, baina ez gara jabetzen txotxongiloak garela.
Babesleku bila gabiltza, beti negua balitz lez.
Bahearen araberakoa da biografia ororen egiaren norainokoa.
Banatzearen arazoa, berriro biltzea.
Banintz, eguzki aurreko ihintza.
Bere kaskarkeria onartzen dakienak eginen dio iskin inperfekzioari.
Besoak zabalik dituen zuhaitzak beti izanen du txori bat lagun.
Denok dugu bakoitzaren izartegian geure artizarra, egunsenti eta ilunabarretako iparra.
Egin nahi nuena, egin nahiko nukeena, egin ahal nuena eta egin nuena: biltzen gaituen laukia.
Egoa, bakoitzaren bizi-ardatza.
Egoa, gailen ustearen bestearen gutxiestea.
Egoa, norberari egiten diogun estatuatxoa.
Ekarri egin gintuzten, eta eroango, inorena da oraina ere.
Ez dago oinarri edo zutabe emakume sendo bat ez duen gizon handirik.
Ezina edo larritasuna erakusten du sarri barreak.
Ezinbestekoa du eredua gizakiak, hori, baina, ez da plagioa.
Gailen da garaiz isiltzen dakiena; galtzaile, hitzaren orduan isiltzen dena.
Geuk eraikitakoak dira harresi eraiszailenak.
Gizakia, inoren ortuko txorimaloa.
Handi egiten ditugu maiz arazo txikiak, eta beraietan itotzen gara.
Harea mugikorretan ez dakizu zein izango den hurrengo pausoa.
Harresien gainetik begiratzen dakiena hasten da harresiok eraisten.
Hegan dakienek beti aurkituko dute adarren bat pausatzeko.
Hezur zurrunak eta gihar malguak, engranaje ezkontezinak.
Hilik dago bizitzeko akuilagarriren bat behar ez duena.
Ikusmena dute itsuek ere, nahiz begiz ez izan.
Inprobisatzea da bakoitzaren rola mundu-antzerki honetan.
Itxuraz azaleko jarrera eta portaerak, barneko samin poz gaitz sakon baten ezaugarriak dira.
“koi”keria guztiak beti dira zerbaiten estaldura.
Jolas edo joko bihurtzen dugu zenbait egoera tragiko, bestelako itxuraz mozorrotzen badugu ere.
Klepsidra humanoak bere xarma du.
Lotsati gara paparra lorez edertzeko.
Lurra da gure itsasoa, bertan bukatzen dugu ur-tantak baikina.
Nebulosa batean bizi gara, izarrak eta planetak ez ezik, gizaki bakoitza ere.
Nihilista izanen da borrokatzen ez duen jasankorra.
Nirea zurea ez den bitartean, eta zurea nirea, bietako bat atoian doa.
Norberak aukeratzen ditu gordetzen garen zenbait lubaki, erantsitakoak dira beste denak.
Nor nork eskortara bildu, gizarteko lehia nagusietarikoa.
Orokortasuna, erantzukizunak margultzeko aitzakia perfektua.
Orubea, askoen hilerria.
Perfekziora heldu ezinak nabarmentzen du gizakiaren ahulezia.
Robot humanoideak ala humano robotizatuak ote gara; roboton kontrola beste robot batek izatean datza gako gehigarri bat.
Salbatuak izatera kondenatuak gaude, taldekoi izateaz harago ahula baita gizakia.
Santuen letanian azken jartzen dakienak izango du santu gehienen babesa.
Tarteka itsu, tarteka soraio, hutsal zaizkigu sarri arazo larriak.
Terapia, gaixoen kabia.
Zalantzarik ez duenak erabaki irmoagoak hartzen ditu.
Zeri heldu ez duena, korronteak eramango du.
Dakiguna
Bere burua ezjakin aitortzen duenak du jakintsu izateko aukera gehien.
Abstrakzioa, zera konkretuen gainetik hegaldatzeko ahalmena.
Aforismoa, gogoetarako hari muturra.
Bakarrik egoten dakienak lagunarte ona ere izanen du.
Bi mundu paralelo dira filosofoena eta kaletarrona, agian galderak paraleloak direlako dira paraleloak erantzunak ere.
Buruargiak ere linterna behar du une ilunetan.
Burumotzak arrazoibiderik ez.
Filosofoa ere bere izaeraren esklabo.
Filosofoa gara bakoitza, garenik ere jakin gabe, bizitza kontzientea daramagun heinean.
Filosofoa, hipotesien itsasoan igerilari.
Hezkuntzak eta buztingintzak langaia dute ezberdina.
Labirintua da barnera bidaia.
Mingain arinak, burua huts.
Nork jartzen du, non jartzen da, doilorraren eta onberaren arteko marra.
Sistemaren tresna bat bihurtu dute hezkuntza.
Terminologia eta esamolde exoterikoak dirudite zenbait aldizkarietako zenbait pentsalari eta akademikoen idazlanak.
Utopia asko ditu gizakiak, anarkismoarena bat, akrata kateatu bat baita.
“Zer gerta re”, zuhurrak.
Sentipenak eta bizipenak
Beti dago zainen bat udaberri baten zain ernetzeko.
Arrazoiaren eta sentimenduen arteko marra lausoa da abertzaletasunaren muga.
Artzaren besakadaz zauritzen dugu sarri geure burua.
Askoren ihesbidea da zoritxarra.
Asperdura, kontzientea bada, biziraupenerako zientzia.
Asperdura, ikasi egiten den zientzia.
Aspertzen dakienak bizitzen daki.
Asperdura ezarria, herioren itzala.
Ausartak ez dio pazientziari lekurik uzten.
“Auskalo zer”, etsipendunaren gogoeta.
Barruko askatasuna, gutxien aipatzen baina beraren gabezia minen pairatzen dugun gizalegea.
Beldurra eta gailenkeria errealitate beraren bi aurpegi.
Beldurrak beldur denaren interpretazio bakarra du.
Bertutea eta bizioa, gauzatzen gaituen osagai funtsezkoak biak.
Bidezidor bat besterik ez da nahimena, agian bide zuzenera eraman gaitzakeena.
Bizipoza et umore ona, beti eskutik eraman nahi genituzkeen bidelagunak.
Bizipozean du eragina irudimenak, aldiz liluratzen du, aldiz goibeltzen.
Ekaitzik bortitzenak ere ez du amaren arrastoa ezabatzen.
Eskukada lur edo lore bat hartu naturan iraungo dugula fedez: barnea baretzen du.
Etorri dator bakardadea, aurre egitea edo ihesa da geratzen zaigun aukera bakarra.
Ez dira berdinak fanatikoak eta burugogorrak.
Eziraunkorra izan ohi da erasoak ezinbestean sortarazitako batasuna.
Diruarena, gose aseezina.
Garunak ez dio eragiten bihotzari, heriotza-ordua ere ez omen dute partekatzen.
Garuneko isiltasuna, lasaitasun unea.
Gorrotoa gorbataz janzten denean, gorrotagarriagoa.
Gorrota ez da beti begiradan azaltzen
Grinen kudeaketan datza gizakion oreka.
Harrotasuna, zerbaiten estalgarri.
Hegazkinean dabilelakoz, hegaztia delakoan bizi da gizakia, egunerokoaren gaindi ahaleginean.
Igeri lasaiko itsasoa bihurtzen da tarteka emozioen jarioa, irensten gaituen zurrunbiloa bestetan.
Inkontzientean aurkitzen da gehienetan sentimenduen funtsa.
Itxaropena, bizipozaren oihalak hauspotzeen duen haizea.
Itxaropena, etsipenaren aingura jasotzen duen indarra.
Jasatea analgesiko bihurtzen denean, langa jartzen zaio aurrerapenari.
Itxaropena da etsienak ere utziko ez duen heldulekua.
Jarrera tematia, norberaren baitako bazkalekua.
Kanpolarrosa, etxean hala moduz, kalean dottore.
Kontzienteki gustura hiltzea behar du izan gizakiaren azken bizipena.
Malkoa, barne-mina leuntzen duen euri-tanta.
Mendekarien ontasun eta ustez garaipena izan ohi da mendekua.
Nartzisoak, ispilu fabrikako akziodunak.
Nortasuna eta kontzientzia, bata bestearen ifrentzua ala aurkaria?.
Oheratzeko ordua da gautxoriarentzat goizaldea.
Oreka, aldiz eragile, aldiz galga.
Sentiberatasuna, gutxitutako bertutea.
Onenean ere, inertziak iraunarazten du oroimena.
Sagar ederrenean lez, hor nonbaiteko barnealde batean gordetzen den harra da kontzientzia, edo esku ezezagun ezkutu batek ziztatzen gaituen akuilua.
Teknologiak errotik aldatu du bizipozaren sentipena.
Ukimena ala ikusmena, zein ote sentipen-iturri nagusia.
Xumeena ere izan daiteke fanatikoa.
Ziriari, irria.
BIDAIAK 2000
Maiatzaren 16a. Asteartea. 15.a-Kr:1a
“Antologia”. Bandeira – Sarrio:
* “Honek bazekien bizitza larrialdi anker eta helbururik gabea dela / Bizitza traizioa dela” – “Este sabia que a vida é una agitaçao ferozesem finalidade / Que a vida é traiçâo”. Batez ere traizio eguna gero eta bertarago, orain bai, dakusadanean. Edonola, hobe bizi, ez izatea baino.
* “Bizitzarantz jiratuta zeuden, Bizitzaz liluratuta /Bizitzaz fidatuak”. “Estavan todos voltados para a vida /Absortos na vida / Confiantes na vida”. Bidaia dugu bizitzaren piperminetariko bat, agian traizioari ihes egin nahi bat. Bizitzan murgiltzeko era bat
- “Zure barruan hari tipitan / Bizitza miragarria pipiltzen da / Amairik gabe” – “Dentro de ti em pequenas pevides / Palpita e vida prodigiosa / Infinitamente”. Bizi garen bitartean goiari eutsi.
Kroazia dugu gaur helburu, batez ere Zagreb.
Belar eguna gaurkoa ere nekazarientzat, goiz gabiltza gu ere nekazariak lez.
Misterio zantzua du egunak, abentura ukitua, herri berri batera goazeneko urduritasun punttua, ohitura berriak, gizalege berriak, hizkuntza berria, iragarki ezberdinak, diru ezberdina, diruaren balio ezberdina...
Aurreko mendiei begiratzen diegu, han behar du muga. Mendiarte barrenetik, erreka kontrako bidetik, basoan edo mendi-zulo sarreran dago Esloveniako muga, kilometro batzuk geroago Kroaziakoa. Zehatz begiratu digute pasaportea, baita zigilua ezarri ere. Dirua aldatu dugu mugan bertan, muga bien arteko saltegi esparruan, milaka tolar utzi ditugu ehunka batzuk kuna jaso. Mendi-zuloan jarraitu dugu tunelez oraingoan mendi azpitik bidea laburtuz, zabal gunetan nekazal etxeak, ortuak, soroak... laugarren tunelaren ostean berehala ginen lautadan.
Norenak ote muga bien arteko mendiak, non ote arbolarte honetan muga, nola zaintzen ote?.
Muga naturalak erabiltzen ditu gizarteak muga artifizialak eta politikoak jartzeko, muga naturalak muga ezarriak bilakatzen ditu.
Auto joan-etorri bizia dago herri batetik bestera. Muga bien arteko errepidea eskasa da. Autoek piztuta daramatzate argiak. HR hizkiak dira Kroaziako ezaugarriak: beraz H-a gure K edo antzerako irakurri behar da.
KROAZIA
Eslovenia berdina da lehen ibilbide zatia. Agian eliza-dorreak ez dira hain zorrotz luzeak, ezta etxeetako teilatuak ere. Nekazari ibar txukunak: hemen ere belar-lanetan ari da nekazaria, ebakitzen, iraultzen, batzen... baita artajorra edo ortu lanetan ere; emakume nagusiak baratz lanetan hemen ere. Bada mahatsa, mahastiak dager mendi-muino magal goietan. Industria-guneren bat, bi tximinia ikusi dugu ketan. Ez dago santutxorik, ez Kristorik. Ez dago maiatzik ere. Ebaki berriak daude errepide bazterreko belarrak.
Lautada zabal batera atera gara. Esloveniakoen jite berdinekoak dira mendiak, oso urruti, baina. Belarra eta garia, lurraren emaitza nagusia: ikaragarri zabalak dira belar-sailak, erabat loratuta, ebakiko ez balituzke lez; belar-meta batzuk, badirudi arta-kirtenak jartzen dizkietela aterpe edo babes gisa; ez da belar-esekitokirik, ez langadirik, ez txabola langadun irekirik; ordez, nekazal etxe orok du bere adreiluzko txabola hazia, handia. Artaburuak gordetzeko sarezko aterpe garai estua darabilte hainbatek, etxe alboan edo txabola ertzean.
Lurralde berdea, baina hau ere horiagoa egonen da uda inguruan. Mitxoletaz gorri daude galsoroak.
Mendi barrenean daude herriak, bata bestearen ia jarraian, elkarri lotuta bezala. Lautadan, ordez, ez da herririk, ezta mendi magaletan ere.
Hilerriak lirateke ezberdintasuna: muinotxo edo gainbeheran, harlauza zut tinkatuak, harrotu itxurako lurra, inolako hesirik gabe... deigarriak.
Eliza mendiaren hegi-hegian, ez du dorre luzerik. Ez dugu besterik ikusi horrela goietan. Errepikagailu bat bai, bat bakarra, gaur egungo dorre mezularia, aspaldian kanpai-dorreak lez.
Gutxienez 10 kideko familia osoa ilaran artajorran, makurtuta aitzurtuz eta bakanduz. Maringo irudiak ditut bizi-bizi.
Bada autobia, baina ez doakoa!. Autobideak ez du atsedenlekurik; gasolindegi bakarra, berria, Mendebalekoen osagai eta jite berekin.
Zagreb. Sava ibai zabala datorkio Hegotik, beste bat goialdetik, hazia hain hurrean jaioa izateko. Luze joan zaigu erdigunerakoa, kilometrotan eta ordutan. Izugarri zabala du aldiria edo ertzetako auzoteria, etxe handi zein txikiz osatua, kilometro luzeetan, ez dira Madrilek inguruan dituen auzo edo herritzar erraldoiak, zuhaitzez inguratutako etxadiak baizik; elkargune nasaian bizi dira aspaldiko etxetxoak eta gaur egungo etxebizitza berri garaiak. Ulertzekoa da Txetxeniako hiriburua bereganatzea hain zaila izatea errusiarrentzat, izugarri zaila izatea erdigunera heltzea, zaila baita honen antzerako herri eta hiriak kontrolatzea, zaila etxez etxe auzook eskuratzea.
Erdigunera hurreratu ahala, hasi dira tranbiak, harbidea... kale-arteko zurrunbiloan ginen ondoren. “Amabirjina agertu zaigu”: berehala, egoki eta eroso utzi ahal izan dugu autoa, erdiguneko marran bertan. Planoa erosi eta ekin diogu oinezko ibiliari.
Zati erabat ezberdinak bereizi daitezke errazki ibili hutsarekin: tontor batean hiri zaharra, hiribildua izanen zena, ondo-bizi eta jauntxoen etxe ederrekin. Honen parez pare, bigarren tontor bat: bertan katedrala, honen aurrean plaza, bertan izurritearen zutabea, gazteluren bateko dorretxo borobil konikoak, zenbait etxe. Tontor bien erdiguneko zuloan aspaldiko kale-sarea, etxetxo txiki baina politekoa, pobre eta zerbitzarien bizitokiak seguraski. Tontor bien oinetan plaza zabala, jendearen zein tranbien biltoki eta hitzordu-leku: plazak ez du eraikin apartekorik, baina bai zaldi gaineko enperadorearen estatutzarra. Plaza bizia eta alaia da. Plazatik beheranzkoa errege eta jauntxoen bizitokia izana da: kale zabalak, etxe eta eraikin antzinako klasikoak, dotoreak, sendoak, plaza eta parke luze zabalak, jauregi eder zuhaitz ederrez inguratuta, dena ondo zaindua. Hegorantz eraikin moderno garai asko, berdegunez inguratuta.
Jauntxo herria, batez ere izana, joan den gizaldiko ondo-bizien hiria. Bizipoz handiko hiria behar du izan, aurrera begiratzen duena: giro aparta du, izugarri bizia da, franko dabil jendea hiri osoan, kaledi orotan, baina erdigunea da batez bizitasunez gainezka dagoena: tranbiak, eten gabe, kolore guztietakoak, bere-beraien soinu orroez ingurua betez, plaza inguruko kaledi osoa da kafetegi eta mahaiteri, jendea eserita mahaiotan, jendea oinez... dena dago lepo. Baina ez da giro kosmopolita, ez da kanpotariko edo turista jenderik nabarmentzen, bakarren batzuk bagenbiltzan ere. Bertako jendea da nagusi hiriko jendetzan. Lepo dago autoz ere, auto modelo oroz gainezka. Bada eskale jendea ere, isilka batzuk eskupeko bila kale artean, gazte jendea batez ere, baina baita agiriko belaunikoan ere emakume nagusi bat.
Hile-hori, hile-beltz, begi-argi, begilun.... ez diegu antzik ematen ze herri ezberdineko jatorria duten, ze herri ezberdinen nahasketa dagoen. Baina arraza ezberdin ugariko jendea dirudi. Beraiek beraien artean badakite seguraski jite ezberdineko bakoitza ze jatorrikoa den, nor nor den eta non dagoen.
Katedrala. Mitzenti kardinalea da bertako erakargarritasun nagusia: koadro handi baten pintatuta dago bere irudi erraldoia berrikuntza lanetarako fatxadako aldamioetan; barruan presbiterio erdi-erdian dago, bere irudi etzana gainean duen hilobi dotore-dotore deigarri batean, kardinal jantziekin. Santu bati bezala otoitz egiten diote, debozio handiz, jendea etengabe doakio presbiterio bertaraino, jende multzoa du inguruan, kandela jartzen, otoitzean, zutik, belauniko zein eserita hausnarketan, ugaria da gazte jendea ere.
Gotiko berantiarra dirudi katedralak, berritze lanetan ari dira kanpotik: ikusgai daude zoruan goietatik konpontzeko jaitsitako iruditzarrak erabat janda, baita ordez sartu behar dituzten zati berriak ere. Aldare piloz gainezka dago barrutik, zur txertatuzko bankueria bikainak, pulpitu landua, zilar landuko aldare nagusi dotorea, gotzain-aulki sekulakoa... jauntxoen irudi eta bestelako bitxikeriarik ere ez da falta: merezi du sartu-irtenak.
Bikoitza da katedral aurreko plaza: merkatu-gunea da alde gordeena, bukatzear zegoen; egin diogu bisita merkatuari ere: ehunka saltoki edo postu, oholezko mahaiak olana gorrizka pean, nekazaria da saltzaile oro, bakoitza bere ortuariak eskaintzen, betiko eskaintza, oparoa. Piper zuria izan da guretzat barazki ezberdin ezezaguna.
Museo pila, batez ere tontorreko kaledi zaharrean, gutxienez bost. Kaledi bereko tontorrean teilakolore bizi-biziko teilatu dotoreko eliza bat, barrutik ikusi ezin ahal izan duguna berrikuntza lanen ondorioz.
Plaza eta parke orotan nabarmena da poliziaren presentzia, plaza nagusian batez ere, oinez eta furgonetan, pila, zelatan denean: hara non hasi diren hurbiltzen italiar gazteak, ugari, kolore txuri-urdineko bufanda eta kamisetekin, agian tifosiak dira, futbol lehiaketa dago eta txakurrak hiriko ordenua nahastu ez dezaten daude hor.
Ez dabil gizonaren laguna omen txakurrik kalean, ez solte ez uhaletik.
Papera zein metalezko garagardo poteak biltzeko edukiontzi bereziak daude.
Eskuz saltzen dituzte egunkariak sarrerako bidegurutze eta semaforoetan, baita kalean bertan ere.
Ordu atseginak hirian egin ditugunak, ibili luzea baina patxadakoa eta atsegina. Zaharretik sartu gara hirira, alde berritik atera: kilometrotako etorbideak, artezak, zabalak, garaiak arren itomenik sortarazten ez duten etxeak alboetan, arnas handiko etxeak dira eraikin erraldoiok ere.
Etxerakoan jadanik ez Zagreb-ek ez Kroaziak, ez dute goizean guretzat zuten misterio kutsurik. Kamustu egin zaigu ezagutzarekin ikusmina eta jakin-mina. Aberastuago goaz, ordez, etxera. Piperra eta gatza galdu du guretzat Zagreb-ek baina espero ez genuen adinako oroitzapen bizia utzi digu. Biharko egunak eta ondorengoek dute orain piperra eta abentura kutsua.
Errepideko poliziek jarri diote azken piper ukitua bidaiari. Behar nuen baino abiada biziagoan aurreratu nahi izan dut auto zahar bat bide bakarreko errepidera sartu aurretik. Geratu egin naute zelatan zauden poliziok. 150 kunako isuna jarri nahi zidala ulertu ahal izan diot soilik. Zuzenean kobratu nahi zuen ez isun-paper eta ez demontre. Xahutuak genituen kroaziar sosak. Luze joan da ulertezina, erretolika eta auto miaketa. Joaten utzi nau azkenean kontuz ibiltzeko keinua eginez.
Gure txanponaren balioaz jabetzeko betarik ez dugu izan egunez. Etxerakoan azken txanponak ohi dugunez muga zeharkatu aurretik xahutzeko ohiturari jarraiki geratu garenean ikasi dugu: guk hamar kuna uste genituenak, ze merke ardo botila!, hamar alemaniar marko ziren!, botilaren ordez kakahueteak! erosi ahal izan ditugu: Ze pentsa ote du saltzaile gazteak!. Alemaniar markotan soilik du balioa jarrita salgai orok muga inguruko dendetan.
182 kilometro, Kroaziara txangoa ahalbideratu digutenak.
“Agirre zaharraren ... K.Izagirre:
* “Presorik gabe ezinezkoa da mundua aldatzea”. Euskadi askatua ere.
* “Oraintxe ez dakit hurrengo kukua entzunen dudan”. Hurrengo kukua Ingalaterran entzungo dut lehenengoz hurrengo udaberrian.
BIDAIAK 2000. ESLOVENIA
PREMURJE
Oso herrialde laburra da. “Mura ibaitik bestaldera" esan nahi du. Esloveniako Ipar-Eki muturrenean dagoen lurraldea. Betidanik egon da isolatua, 1924. urtera arte tren-zubia zen ibaia zeharkatzen zuen zubi bakarra. Lur laua gehienbat Iparrenean mendi-muinorik bada ere. Ez da alde onik ez duen okerrik: musika, eraikuntza eta folklorea bere antzinako hartan gorde dituen herrialdea omen. Gutxiengo diren gizatalde zenbait ere bizi omen da. Zikoina ere ugaria omen.
Razkrizie
Kroaziako mugetan gabiltza, baina Hungariakoa ere bertan dugu, hemendik hartuko dugu bertara astebete barru.
Mura ibaia zeharkatu dugu, zabala eta lasterra, ez dirudi sakona.
Aurrekoaren antzerako herrialdea da, egituraz zein itxuraz. Lur lauak probintzia honetakoak ere. Dena da galsoro. Ez da aldatu paisaia, denak jarraitzen du berdintsua: lautada, herriak, etxeak, etxaurreak, maiatzak, zuhaitzak, baita dakusagun herritarra ere. Zubiak egin zirenetik “europartu” egin dira, gizatartu behintzat.
Dobrovnik. Zikoinak iragartzen dituzte errepide ertzean herriko sarreran.
Herri bakoitzak bere berezitasuna iragartzen du errepidean herrira sarreran zurezko karteletan. Oinezko eta txirrinduentzako ibilbideak dira herri orotan eskaintzen dituzten aukerak.
Bogojina. Gidaliburuaren iritziz herri xarmantenetakoa: kale-zoru eta etxeen artean bada belar zinglada zabala, beste herriek ez dutena, baina horrek ez dio edertasun handirik gehitzen herriari.
Etxeko tresna hondatuak ateratzeko eguna da nonbait, errepide ertzean eta etxe alboetan hainbat tresna zahar dago norbaitek eramateko pilatuta. Herri barruan bertan dago habia bat zikoina bikotearekin, etxaurre bateko argindar tantai puntan: iragarkiak iragarki, ez da beste zikoinarik.
Filovci eta Tesanovci. Buztinezko ontziteria beltza iragartzen dute baina ez dago ez dendarik erosteko, ez erakusleihorik begiratzeko. Ez dute geratzeko ez aukerarik ezta erakargarritasunik ere, ez dago muturrik non sartu ontzi beltz bila edo usaintzera.
Austriako muga-mugetan gabiltza. 3 nazioak biltzen duten herrialdea da hau. Kroazia, Hungaria eta Austria.
Moravske Toplice. Hotel handi bat, berdegune zabala aurrean, aparkaleku oraindik zabalagoa eta jende nagusi pila. 72 graduko hozberoan ateratzen omen ura, epeldu beharrean aurkitzen direla diote erabili ahal izateko.
Austriako ukitua dute hainbat etxek.
Murska Sobota. Herrialdeko hiriburua. Handia ikusten da kanpotik, etxe handi asko ageri zaio, biltegi, saltoki, industria-gune, zerbitzugune... baina erakargarritasunik gabe. Elizak du halako estalki berdeko dorre luze deigarria. Gida liburuak dionez ez du ezer tentagarririk, beraz paso egiten diogu.
3 muga iragartzen dira bidegurutzeko letreroan: A-HR-H. Alpeak eta Austria bertan daude egon baina laino beltzek hits bihurtzen dute ikuspegia.
Mantso, poliki joatea tokatzen zaigu tarteka, une horietan belar moztu berriaren usaiak hartzen gaitu.
Ez dago, Dolenjskan bezala, eliza handirik hilerrietan.
STAJERSKA
Hemen gara berriro, Mura ibaia alderantziz zeharkatu ondoren. Zikina dator ibaia.
Radenca.
Berotegi pila lautada osoa hartuz bere estalki argi berri itxurakoekin.
Sarria da Gurutziltzatua bide bazterretan, batez ere gaurko ibilbidean; Amabirjina du oin azpian; ama-semeak bakoitza bere aterpetxoarekin, busti ez daitezen den ala irudiok bustita hondatu ez daitezen ote: debozioa ala interesa dago aterpeen jokoan.
Txabolatxoak dituzte galsoroetan, zurezkoak, haga gainean eginak, aspaldikoak, denborak ilunduak, uzta garaian txoriak uxatzeko segur aski.
Ikaragarrizko ekaitzak harrapatu gaitu, ber-bertan lehertzen zitzaigun trumoia, tximista pizten; ur-jasak ibai bihurtu du errepidea, ikusmena itsutuz. Gasolindegian geratu gara, erregaia ere behar genuen eta: igeltseroa zebilen baldosa jartzen laguntzaileak guardasolez babesten zuelarik euritik.
152 kilometro, 3 mugen inguruan, herrialde txikienean.
Igerileku epela eta ur-zorrotada sakatzaileak ditugu eguneko masaje leungarri.
Bere bidearen laurdena eginda, gorantz behar du ilargiak hor goian, baina ezin diogu arrastorik atera laino azpitik. Atsegina ohi zaizkit ilgoratik aurrerako egunak; zerua garbitu zain egon beharko.
“Agirre zaharraren ...”. K. Izagirre:
*- “Mediku naziek ere bata zuria janzten zuten”. Ofizio ezberdinetako hainbestek janzten du bata zuria gaur egun!.
Maiatzaren 13a. Larunbata. 12.a – Esv:10.a
“Antologia”. Bandeira-Sarrio:
* Bizitza ez zitzaidan heltzen ez egunkari ez liburuetatik”: Hila izan ohi da horrela heltzen den bizitza. Antzerakoa dela denean bizitza erakusten digute bidaiek ere.
* “Han denak eternitate kutsua zuen”: Bidaia berriz, istant laburreko bizitza da.
Ahaztuxe bezala nituen orain arte Eslovenian ikusitakoak, herri orotik azaletik pasa bagina bezala. Baina mapa hartu eta berehala jabetu naiz ikusitako orotaz, oroitzapenak eta irudiak gogora ekarriz jabetzen naiz zein herri ederra den, ze paraje ederrez gozatu dugun.
Jarri dut jadanik bere onean autoko irratia, bere kode propioa sartuz.
Injineru abila da herria, pasabide estrategikoak zabaldu ditu hesian zerbitzugunera bide zuzenenetik zeharkatzeko.
Goizago atera gara gaur. Lainotsua dugu eguraldia, hozberoa berriz hotzerako bidean da.
Gizon adindua segan: segak badu ezberdintasunik, kirten erdiko heldulekua gako luze baten ertzean du, makurtu gabe, gerria behartu gabe belarra ebakitzeko asmatutako trikimailua. Gureetan kirtenean bertan dago heldulekua.
Erremolatxa sailak.
Oso mantso gidatzen da Eslovenian, herritarra oso lasaia da, gaindu eziniko abiadura dute edo kontu handikoak dira berenez. Ez dabil arrapatakako ipurtarin errerik errepideetan.
Loka. Zikoina habia argindar tantai puntan.
Miklavz. Lehenengoz ikusten dugu: ureztaketa automatikoa Drava ibaiaz baliatuz.
Italiar doinua du eslovenierak, irratia entzunez behintzat.
Austriako musika hartzen dugu irratian, muga gertu baitago, ia bertan.
Maribor. Esloveniako 2. hiririk handiena. Bisitara joan izana damutzen ez zaizun hiria, atsegina, erakargarria, goiz-pasa aukerakoa. Alde Berria, Alde Zaharraren luzapena, etxe handiez osatua, ederra ikusten da, kaledi zabal txukuna du, gainera erortzen ez zaizuna. Badu saltoki erraldoia zaharraren albotxoan, eskaini digu ere babespeko aparkalekua. Modernoa, txukuna, atsegina, erakargarria. Alde Zaharra aparta da, egituraz, osagaiz, giroz, larunbat goizez gutxienez: larunbat goizez etorri eta ibiltzeko hiria. Hainbat txosna dago mota guztietako salgaiak eskainiz, umeentzako ekintzak plazan, kale musikariak, jendez bor-bor hiri guztia. Plaza pila, plaza orok du bere zutabe, jauregi, eliza edo zerbait begiratzeko; tabernak ere pila dira, ardo herria izaki, milioika litro ardo darabiltzaten ardandegiak daude, bada 300 ardo mota ezberdin dastatzeko aukera eskaintzen duen ardo biltegia ibai ertzean. Ibaia du, nolabait hiriari lotuta; bere ertzean taberna pila, non giro bikaina sortuko den ordu egokietan. Hainbat eraikin azpimarragarri: antzokia, Unibertsitateko liburutegia, katedrala, Postetxea, ibai alboko dorrea, Sinagoga, hiriko sarrera, izurrite zutabea, Stara Trta ardandegia, Museo alboko etxe barrokoa, bertako harmailadi neoklasikoa... eta hainbat. Antzinako etxe polit pila, fatxada, ate, ate-estalki... Plazak, aukerakoak, ugariak, atseginak: Grajski, Slomskov, Glauvni... nabarmenenak. Elizak: Katedrala: triptiko aparta kapera batean, erliebe urre koloreko ederrak presbiterio zabalean, organo handia eta hara non pulpitu handiko ostetik berriro besoa, sotanaduna oraingoan, gurutze erraldoia erakutsiz. S. Frantzisko eliza: kofesategi izugarri handiak, bekatu larri-larriak barkatzen dira berton nonbait.
Eskolaume asko dabil hirian irakasleekin, ikasle koadrila handia sartu da antzokira sarrerak hartu ondoren emanaldiren batera eguerdi aldera.
Plaza nagusiko kale-kantoi batean santu-irudiaren ordez Bako izan daiteken gizairudia dago upel baten gainean eserita ardo edaten.
Lau tibetar lama sartu dira saltokian bere jantzi gorriekin, eta hara non hiritik alde egitean agertu zaizkigun zebrabidean laurak gandor hori harroak buruan, tilin kantaria joaz zaharrena, ehun bat jende zutela atzetik erreskada luzean ibai alderako bidean. Mendebaleko kultura ez ezik Sortaldekoa ere iritzi da hona, merkatu bila.
Eslovenian ere hiri handiek bere zerga ezartzen die ibilgailuei: ordu erdi egin dugu hiritik ateratzen kale-arte eta semaforoak medio.
KOROSKA
Esloveniako herrialde txikiena, Ipar-Iparrean, Austriako mugan, Alpeen babesean. Karintia esan nahi du, izen ezaguna guretzat historia eta latineko ikasketetatik. Zabala da berenez Karintia, Alpeen alde bietan hedatutako herria: Lehen Mundu-gerra ondoren aukera eman zitzaion esloveniar edo austriar izateko, bere etorkizuna Austriari lotzea erabaki zuen gehiengoak, 120 kilometroko mendikatetik bestaldera dagoen zatiak hain zuzen; 90 mila biztanle batu ziren Austriara; erreferendum berean, 400 mila italiarrek eta 5 mila hungariarrek ere uko egin zioten esloveniar izateari, beraz biztanleriaren heren bat galdu zuen Esloveniak. Koroska da esloveniar izaten jarraitzea erabaki zuen Karintiako zatia.
Maribor bertan hasten dira mendiak, garaiak dira. Mendiartean, bailara batean doa errepidea, Drava ibaia darama bere ondoan gidariak ia etenik gabe begi-bistan, zabal, indartsu; lur-kolorekoa dator gaur, agian atzoko ekaitzaren ondoren; noizbehinka burdinazko konportez eginiko presak, ibaia erabat kontrolatuz, argindarra sortzeko jarriak. Ibaiaren bestaldean, trenbidea. Alboko mendiak denak dira baso, izei ilun eta orriteri argiko basoak; hurritza da errepide alboko zuhaitza basoaren muga adieraziz lez: Euskal Herriko basoetan ere, gureetan behintzat, urkia ibili ohi zen mugarriaren ondoan basoen muga erakusteko, azal zurikoa izanik urrutitik ikusten baita non den. Basoak oso itxiak dira, trinkoak, zerratuak.
Herriek ez dute ezberdintasun handirik, ikusten dugun herritarraren jiteak ere ez. Ugariak dira herriok, noizbehinka etxebizitzarik gabeko tarte bakartiak egon badaude ere. Herri argiak dira, zenbaitzuk kolore bizi-biziz margotutako fatxadakoak, baina gris argiak eta/edo zuri kolorgetuak dira fatxada ugarienak, erakargarritasun handirik gabe. Bada etxe apartekorik ere. Noizbehinka etxe bakarti bat goietan, baso garbi gune batean, berdegune erdian, belartzaz inguratua. Herri orok du bere maiatza, bi maiatz dute zenbaitzuk, denak sendoak eta lerdenak, Esloveniako bandera jarri diote adar tortoaren gandor, makila bati lotura, zabal, zuhaitz gainean kulunkan; maiatz batek kolorezko zinta piloa du zintzilikatuta bai adarretan bai gerria bilduzko koroetan. Erregute edo errogatiben aldagai bat ote maiatza?.
Izan da fruta arbola sail zabal bat, mahastiak ere ikusi ditugu mendi magalean behera. Soro landu asko dago, garia eta batez ere artoa da ereindakoa; baratza ere ugari da, parra makilek erakusten digute leka asko jasotzen dela baratzetan. Bada lupulu sailik ere.
Zabalagoa da tarteka bailara, meharragoa hurrengo. Ez da belar-esekitokirik, ez lehortegirik, ez langa sailik. Behi taldetxo bat bazen larrean, baita asto bat ere, etzandakoa bera filosofatzeko jarrera erosoagoa zaiolako edo, agian nekatuegia zegoen gizajoa.
Zerbaiten erakustaldia zegon herri batean, jende ugaria dago belar-saila inguratuz, oholtza pikoak, langak, zubitxoak... txakurren trebezia frogatzeko ekitaldia dirudi.
Radlje ob Dravi. Herri luzea, zabala, itxurosoa, txukuna. Lupulu-sail izugarria dute ibai kontrako lautada osoa betez.
%14ko aldatsa gorantz alde batetik, beste horrenbestekoa beherantz bestaldetik, herria tontorrean, tontorra zeharkatzen du errepideak oinetik inguratu ordez.
Herriotan sarrera iragarkiak ez daude teilapeko langetan jarrita, Eslovenia osoan ohizkoa den bezala.
Muta. Bitxiak eta dotoreak ditu sarrerako herri-iragarkiak. % 18ko aldatsean gora eginez, tontorrean dago herriaren zati bat, hilerria ere bertan da: lepaka eraman behar bazituzten zerraldoak hilerrira anda eramaileak izanen ziren hilda heltzen zirenak. Behean dago herriaren beste zatia. Herri atsegina, errekatxo xarmantarekin. Beheko elizatxoa da herriko altxorra, txikitxo polit-polita, pospolina, erakargarria, borobila zurezko teilatu ilunarekin, aterpea buelta osoan ukitu berezia ezarriz.
“Kaxo” eta “agur” soilik egiten diogu herri askori, gidaliburuak erakargarri bezala aipatzen badu ere. Ezinekoa da denean geratzea.
Vucenica. Herrialdeko peto-petoa, berta-bertakoa, omen elizako ganga, baina itxita dago; kanpotik ere berezia da, ezberdina egiten dute sarrerako atearen aterpeak eta batez ere leiho ordez dituen lau zulo borobilek. Leiho eta azpiko pasabide deigarriek erakargarria egiten dute eliza-aurreko etxea. Zurezko teilatudun etxe bat ere bada goi batean, erabat hondatua tamalez.
Ezkontza: auto ilara izugarria izugarrizko tutu hotsez bildua.
Lupulu saila. Belar-langadia, teilaturik gabe.
Davogard. Etxe peto-petoz osatua, erabat jatorra du antzinako zatia. Bi altxor ditu erakusgai: S.Vito eliza, erromanikoa, irmotasun itxura du dorre karratu sendoarekin. Bestea Gestapok atxilotuak torturatzeko erabili zuen gela herriko dorrean, terrorearen erakusketa-areto bihurtuta gaur egun. Brigada baten omenez jasotako monolitoa baso ertzean herritik kanpo: basootan gordetzen ziren eta bertatik erasotzen zien nonbait partisanoek alemanei.
Dorre bikoitza duen eliza lerdena, baso-buru tontorrean, dorre luzez harroxko.
Hiru herri elkar jarraiki, zuriak izan gabe dorre argiak dituztenak, gris argiak, zementu pintatuzkoak dirudite: ez ote gerratean hondatuak eta zementuz berreraikiak?.
Bigarren ezkontza-segizioa: auto ilara luzea globo pilaz dotoretuta.
Bi kirikino, triku, aurkitu ditugu tarte motzean, zapalduta, errepidean, bata bestearen ondoren, bikotea ote?. Orain arteko bakarrak Eslovenian.
Gutxika, banaka, baina askenez hasi dira belar-lehortegiak agertzen, baita belar-langak ere, aterperik gabekoak, baina.
Mendi tontor batean dager maiatza pinu artean, pinu ororen gainetik, auskalo zeren gainean jarrita horrela gailentzeko.
Slovenj Grader. Herrialdeko hiriburua, zabala eta txukuna, berdegune ugarirekin, patxadakoa eta lasaia dirudi, antzinako erdiguneak dirau, langekin kontrolatzen dute autoen sarrera. Gaur irekita daude langok. Herri handi bat da: kale nagusi zabala, autobidea erdian, aparkalekua alboetan, eta oinezkoentzako espaloia etxe aurreetan. Badu bere industria-gunea.
Ugariak gerta zaizkigu aurrerantzean lupulu sailak.
Izan da eliza-dorre bat, erabat zurezko xaflaz estalia, dorrea bera osoki zurezko teilatu: bitxia.
Mislinja. Zurezko xaflez estaliak ditu bere estalki kiribil pope dorreak.
Mendi-zulo batean sartu gara, zulo-zuloan doa errepidea errekatxoari berari bidea erabat janez, mendi-zintzurra bihurtzen da zulogunea tarteka. Bi errekatxoren bilgunean, etxe multzotxoa. Hala jarraituko dugu behera arte, lautada zabalera heldu arte. Kobazuloak diruditen haitzulo pila dago erreka kontrako haitzetan.
STAJERSA
Velenje. Etxe handi askoko herria. Industria-gunea du. Sky jauzietarako irrista-lekua ere badu, piko-pikoa, ia perpendikularrak dirudite handienek. Bada gaztelu edo jauregia ere tontor batean.
Elkarrekin doaz nonbait industria-gunea eta etxe tzarrak. Herri honetan ere. Izan zen aldi bat noiz txabola antzerako nolabaiteko sator-zuloak egiten zizkienak langileei. Gaur egun etxetzarrok dira beraien bizileku: merkeenak. Badirudi langileak ez duela etxebizitza egoki baterako eskubiderik. Industria-guneak berekin dakar langileriaren masifikazioa, erlategietan bezala pilatzea. Elkar pilatzeaz baliatuko balira sikiera elkartu eta hasera emateko erreboltari.
Zabaltzen hasi da lurraldea, bailara politak agertzen dira orain, etxez josita magal berdeak. Eraikin ezberdinak tarteka: garaiak eta estuak, zementuzkoa dute behealdea, zurezkoa goialde dena.
Nahiko patxadakoak badira errepidean gidariak astegunez, barea baino motelagoak bihurtzen dira igandezaleok.
211 kilometro, Esloveniako herrialde txikinenetatik zehar.
Dottore janzten da arratsero alboko bikote alemaniarra, afaltzeko eta petankan jokatzeko.
Ez dit huts egin gaur ilargiak gaueko hitzorduan, zain neukan laurdenetik goranzko betebeharrean.
Oso zaila zaigu herrien izenak ahoskatzea, beraz zailago buruan gordetzea. Agian horregatik zaigu zailagoa ikusitako herri, lurralde eta xehetasunak gogoratzea, irudiak ez baitu hitzaren euskarririk, irudiek ez dute loturarik hitzekin.
Tipo bereziekin egiten dugu topo noizbehinka: erabat normalak ez direla diruditenak, aurpegiera esplika zailak, txaparrak, kolore-gorriak, arraroak, bereziak...
“Agirre zaharraren ...”. K. Izagirre:
* “Liburuetan bizi direnak ez dira gu (presoak) baino libreago. Liburuak oxtabenak bezalakoak dira, oxtabena txikiak”. Egia da harrapatu eta lotu egiten zaituela liburuak.
* “... badakizute zaharrok ez ditugula gure kopetako zimurrak ikusi nahi izaten”. Bidaia orok ateratzen dit zimurren bat matrailera.
Maiatzaren 14a.Igandea. 13.a - Esv:11.º
Bandeira – Sarrio:
* Enara” poematxoa. Ez dugu enararik ez ikusi ez sumatu Eslovenian.
* “Bizitza pasatu baitut noraez noraezean”. Nora zehatzean pasatu dut beti bizitza, nire kezka da merezi izan ote duten nire nora ziurrok, noraez noraezkoa izanen ez ote zen hobe, bilatze lana aberatsagoa izanen ez ote zen, aberasgarriagoa.
Titoren oroitzapenik ez da inon ageri, bere garaiko estatua batzuk plazaren batean, maki edo partisano hildakoen oroitarriren bat, gerran hildakoen oroimenez monumentuak... besterik ez. Agintari berriek ala herriak berak baztertu ditu monumentuok?. Agintariek orientabide berriari lehengo oroitzapenaren oztopoa edo nostalgia kendu asmoz, herriak esperientzia txar bat gainditu asmoz?. Bizimodua bera Mendebalekoa da edo izan nahi du, batez ere herri handietan,. Noraezean ibili ziren Titoren garaian horrela ahazteko, ala gaur egun dabiltza noraezean Mendebaleko lilurak eraginda.
Lixiba eguna. Gure banderak zabal eguzkitan utzirik atera gara eguerdi aldera ibili motz bat egin asmoz.
Hegoalderantz ESTAJERSKA herrialdean bertan.
Bide txikietatik, herri-bideetatik, errepide handietatik urrun. Bailaraz bailara: mehar eta motzak dira bailara gehienak. Ez dago aldaketarik ikuskizunean, herriak zein bazterrak orain artekoen antzerakoak dira. Baina ez gara aspertzen berdetasunez, belarraren berdeaz, arto-sailaren berdeaz, mendi zein muino leunetako baso kaskoen berdeaz. Faisaia izan dugu egon lasaian errepidean, zikoina belartzan dakusagu bazkari bila. Arkazia sailak daude tarteka, zuri-zuri lorean, intxusa ere errimea.
Belar ebakitzen dabil nekazaria igandea arren, edo ebakitakoa batzen. Ez dago belar esekitokirik, ez langadirik, ez aterpedun lehortegirik. Ikusi ditugunak gureetako antzerako belar metak izan dira, baita herri batean meta txiki meharrak ere elkarren jarrai estuan piloa. Belar-sail txikiak dira, landetxe bakoitzak beretzako haina jasotzen du nonbait, eta ez du askorik behar, gureetan baserri bakoitzak bere zatia duen bezala; ez dager granja edo belar-gune zabalik.
Amantal urdina darabilte gizonezko nagusiek: bizikleta eskuan zihoan bati ikusi diogu, belar ebakiari begira zegoen bigarren batek ere bazeraman eta eskuarez belarra batzen ziharduen hirugarren batek ere jantzia zuen.
Errepide ona eta zabala zena pista edo burdi-bide bihurtu zaigu bat batean hiruzpalau kilometrotan.
Ez da jenderik ageri kalean, bakar batzuk soilik kafetegi aurreko mahaitxoetan. Errepidean ez dabil auto uholderik baina banaka ugari atera da arratsalde pasa: han-hemenka aurkitu ditugu igandezaleok gu geu zerbaiten ikusminez geratu garen tokietan. Herritxo nano batean bazuten jaialdiren bat: koadrilatxoak ziharduen putzu antzerako baten inguruan, batzuk haga eskuetan zutelarik; ez gara ausartu gelditzen, errespetoz. Eliza-dorre zorrotzak, hemen ere deigarri.
Etxe bakoitzak du bere mahats parrapea alboan edo baratz inguruan; mendi maldetan ere eusgarria da mahatsondoa, bada mahasti sartu berririk: mahats-tokiak dira Kroazia inguruko lurrok. Kristoa, herri inguruko kamino bazter orotan dago, batzuk erabat xelebre naifak dira, auskalo nork eta noiz tailatuak. Santutxurik berriz ia ez dago. Maiatza, herri bakoitzak du berea, bakar batzuk zinta zuriak dituzte zintzilikatua, batek baita txanpan botila parea ere.
Rogalec. Esloveniako zaharrenetarikoa omen; zati zaharra kaletxo estu bat da, bertako jiteko etxetxo txaparrez osatua, errepidea gaur egun, lehen ere bidea seguruenik. Horrez gain etxe berri edo berritu asko ditu, etxaurre dotore zainduekin. Erakusketa zeru zabalean: antzinako etxeak, lastategiak, lanbide ezberdinen tresneria, putzua... nahiko ohizko gauzak hemen bertakoak arren. Sukaldeko suarekin etxe osoa nola berotu ohi zuten egin zaigu xehetasun deigarrienetarikoa: ahoa sukaldetik soilik badu ere sua zein laba alboko gela eta egongela barruraino luzatzen dira, beraz sukalde lanetan arituz gelak berotzen zituzten. Komuna ere bada, kanpoan kokatua, txabolatxo bat, zulodun taula da eserlekua, eta kakarentzat zulo sakona azpian. Bada kolore ezberdineko artaburuz eginiko gurutzea ere artaburuak lehortzeko fatxadako langadian.
Rogaska Slatina. Bainu-herria da, fabrika handi bat ere duen arren. Herri zabala, luzea, errepidearen inguruan bailara estu luzean. Hotel pila ditu, basoan ia ia denak, hotel klasikoak, hotel moderno berriak ere badira, ematen du nonbait urak. Betikoak parke eta abarrekin hotel inguruak, auto pila hotel inguruan, dendateria ere bai. Bezero asko dator hona.
“Partisanoen bidea”, pare bat hilerritan behintzat irakurri dugu kale-izen hori inguru honetan, bietan basorantz zihoan kalea izan da; mugaz bestaldeko ia bertako kroaziarra zen Tito eta lurralde eta mendi hauetan egin zuen gerra alemaniarren aurka.
Harrobi erraldoia: bertara heldu arte ikusten ez den zulo batean dagoenez ez die minik egiten begiei.
Poljçanen. Maiatz erraldoi sendoa dute auzo bateko plaza erdi-erdian.
Hirugarren trikua autoak zapaldua.
Hasi dira eliza handia duten hilerriak, herri-barru bertako edo alboko tontorenean beti.
Makole. Oholezkoa du zorua herrirako zubiak.
Hurrengo herria soilik iragartzen dute, ez bertan zauden herria, guti gorabehera doa gure ibilia.
Statenber. 170 biztanle omen, baina guk ez dugu ez herririk ez etxerik ikusi, tontorreko jauregia soilik, hondatuxea dago baina izugarria behar zuen izan: alde bakoitzak 70 metro inguruko patiotzarra du erdian, bere arkuteria, galeria... ez zen bertan beherakoa.
Muskerra, berde-berdea, gurutzatu zaigu errepidean, belartzatik belartzara, errepide galipoztatu lehorrean. Baina izan da bigarren bat galipot beroan hilik zegoena ere.
Majsper. Hasi samarra denez etxe garai asko du, gaur egungo etxe berri zatar gatzik gabekoak; arraroak dira, ezohizkoak, itxura zatarra dute. Agian biztanleok harro daude etxeotaz.
Ptujska Gora. “Ptuj mendiak” esan nahiko du herri izenak. Mendian dago, mendi ertzean, lautada gaineko muturrean, ordoki osoa dager zabal-zabal-zabal, zapal-zapal-zapal, eliza bueltatik ikuskizun. Debozio biziko Amabirjina eta Santutegia daude tontorrenean, mailadi luze baten gorenean: fatxada ezberdina du, triangelu antzerakoa, triangeluaren goiko angelu zorrotzean dorre hexagonala, ezohizkoa erabat lurralde hauetan. Berezia barrutik ere: gotikoa egituraz, aldare pilaz, aldare ilunez, josita dago, badu santu-irudi handiz osaturiko triptikoa bat ere; erretaulak purgatorioa edo Garbitokia irudikatzen du, jende biluzi pila Amabirjinak bere mantupean hartzen dituela. Jendez lepo dago, erromesaldiren bat nonbait, herri-herriko jende xume apala holakoetan ohi denez, frantziskotar fraide gazte dozenerdiren bat kanpoan, eta barruan meza ematen beste dozena erdiren bat: debotek ozen, gogoz, gartsu abesten dute, duoa ere eginez. Auto pila kanpoan holakoetan ohi denez ere, aparkalekurik ezean bakoitzak ahal duen lekuan autoa utzita, santutegitik ahalik hurren, hori bai. Beheragoko tontortxoan datza hilerria bere elizarekin.
115 kilometro, lixiba lehortu bitarteko atseginak.
Ilargia izan dut gaur ere gauerdiko komunera osteran.
Maiatzaren 15a. Astelehena. 14.a-Eslv:12.a
Bandeira - Sarrio:
* “Pasagardera noa – Vou-me emborra pra Paságarda”. Bidaiatzea da Pasagarda Etxarrin gaudenean, Etxarri da ostera gure Pasagarda bidaiatzen gaudenean.
* “Ze axola dio paisaiak, Gloriak, badiak, zeruertzak? / - kaleitxia da nik ikusten dudana” – “Que importa a paisagem, a Gloria, a baia, ai linha do horizonte? / - O que eu vejo e o beco”. Pasagardan bertan ere presoak eta politikoen utzikeria da dakusagun “kaleitxia”.
Ohitu gara hitz guti batzuekin moldatzen kanpinean, zein gabiltzan bazterretan. Sakanan bagenbiltza lez gabiltza ibili ere, Euskal Herrian bezain lasai norabideak igartzea zailagoa bazaigu ere.
Azken bidaia gaurkoa Eslovenian. Kanpina dugun herrialdean barrena. Nostalgia sentipenak hartuta goaz. Bihozmin uzten gaitu herri berde hau uzteak, baina ez gara etorri inon egotera, bazterren ikusminak eraginda baizik. Herritxoetan sartzeko irrikak ziztatzen gaitu, baina herriok ez dute ezer berezirik gerarazteko, herritarrekin ezin dugu harreman ganorazkorik sendotu, eta ahal izanda ere zer esan behar diete pasoko txori batzuei?. Ez gara hemengoak, ikusi beharrekoak ikusi ditugu eta bagoaz.
Mahasti leku Kroazia inguruko lurraldea, “ardoaren ibilbidea” deitzen diote: hori izan da gaurko ia bide erdia. Podsreda-tik Brestanica-ra artekoa mendi goietatik izan da: bospasei traktore gorri ari ziren lanean belar-mendi berdean belar ebakitzen. Brestanica-tik Celje-rakoa berriz Sava ibai zabalaren albotik lehenengo, Savinja jarraituz gero: zirraragarria, bidaia aparta.
Herri-bideetatik egin dugu gaurko ibiliaren lehen zatia, errepide nagusitik gero, autobide bizkorretik etxeratzekoa, azkenez. Bidaiak ez digu eskaini aldagairik baina izugarri atsegina gertatu zaigu, ez gara aspertzen, herri berde batetik bagatoz ere, herri berde honetan ia bi aste badaramagu ere: beregan bildu gaitu herri honen berdetasunak. Mendi-zulo estuetatik, errekatxoa lagun, bailara zabalagoetan nekazarien etxerako uztarako soilik lur landu artean, edo lautada zabaletan arto-sail eta belardi industrializatuen artean.
Podsreda. Partisanoei oroitarria. Bada Titori omenez Naturgunea baina ezin izan dugu aurkitu. Aukerakoak dira partisanoentzat mendiok, erabat baso trinko, mendi-muinoa mendi-muinoaren ondoren, aproposa bai bertan gordetzeko bai bertatik erasotzeko. Inguru honetan zuen Titok bere guda eremua alemaniar nazien aurka.
Helduleku luzeko hainbat sega ikusi dugu gaur, segalariak ere pila, han eta hemen bazterrak garbitzen edo egunerako aziendarentzat belarra egiten. Lupulua ere hiruzpalau lekutan aurkitu dugu, sail zabaletan.
Biostrica ob Solti, Lasko, ... Beti da lantegi handiren bat herri handien inguruan.
Bainuetxeak, sarriak dira, bere zereginak beteaz irauten dute; autoek eta inguruak erakusten digute erruz dabilela bezeroa bainu-herriotatik, baita ere bainuetxea errentagarria dela oraindik: kultura arazoa datza azpian.
Sulfatatzen ari zen nekazari bat, lorategia dirudien etxaurreko fruta-arbola guztiak hain zuzen: kutsaduraren pipiak bai jo duela fruta oro.
Sarriak izan dira gaur ere Santokristoak, azal zuri-zurikoak begi bizar ile betile beltz-beltzekin, “kagalastimas” aurpegikoak, ezin gizajoago koitaduak: herriko arotzak tailatutakoak seguraski.
Sola hitzak “kontuz” esan nahi zuela uste izan dugu, bide-gurutze eta antzerakoetan ikusten baitugu zoruan hizki zuri handiz idatzita. Gaur “auto sola” autoa ikusi dugu, beraz “eskola” esan nahi du. Pozor da arriskua iragartzeko darabilten hitza.
Bada ikusi nahi genuen monasterio bat baina ez dugu inguruan iragarrita ikusi eta utzi egin behar izan dugu bilaketa.
Gaurko maiatza batek zinta luze-luzeak zituen zintzilik.
Artaburuak langadietan zintzilikatuta, artaburuak sarezko biltegietan: artalekua da lurralde hau. Tabako orria lehortzen ikusi dugu noizbehinka.
Hogeitaka kamioiz zamatua zihoan merkantzia tren bat, edukiontzi erraldoia bailitzan kamioi bakoitza, errepidetan dabiltzan kamioiak, beraiek ere autoz zamatuak doaz. Agian trenez eramaten dituzte norabait, trena erosoagoa delako, gero handik aurrera errepidez egiteko.
600 autoa, beno, fiatilo italiarra, oraindik ibilian.
Oso adeitsua, jatorra eta erabakigarria da bertako herritarra zerbait galdetzera goazkionean.
Celje. Hiri handia, jendetsua batez ere. Oinezkoen kale sare zabala eta luzea du; orduagatik agian, jende pila zebilen bertan, lepo zegoen heldu gatzaionean, jende gaztez batez ere, agian ikastetxetik atera berriak zirelako: egon garen bi orduetan bizi-bizia egon da uneoro kalea. Kale zabal zabalekoa, patxadako hiria, ez du eraikuntza eta zerikusi harrigarri edo deigarririk, baina bai begiak nora zuzendu eta zertaz goza. Sarrerako bi ate, dorrea, antzokia, izurrite zutabea, erromatarren hondakinak, Erdi Aroko harresiak etxeen horma bilakatuak gaur egun, gaztelu txikia deritzona berrikuntza lanetan murgildua, museoak, elizak... Monasterioko elizan sartu gara: aterpedun hormaz inguratua kaledi barruan bertan: kapera dotorea, bataiarri modernoa, pulpitu oso landua, Ama Birjina bilduz arkua... aitatzekoak; aitatzekoa ere organoak bisitaldian eskaini digun organo emanaldia ere. Kaletik bertatik ikusgai dago gaztelua tontor batean: orain artekoen baino erabat ezberdina, Gaztelako gaztelua, harri argikoa, gotor-gune karratuduna. Dorre bikoitzeko eliza hegi batean eraikin bati lotua: horrek behar du izan gidaliburuak hiri inguruan aitatzen duen monasterioa: ez gatzaio joan. Babestua. Badu izozkia ere, hainbat gaztek hartzen du: grazia berezia du hiriak izozkia zurgatuz.
217 kilometro, Esloveniako azkenak.
Biharkoekin 3.524 kilometro orotara Eslovenian eginak.
Errimeak izan dira kanpai hotsak kanpin honetan ere, denekoa da kanpai hotsa Eslovenian. kanpai-hots ozena izan dugu hamabietan Celje-n ere. Tren-hotsa ere hemen izan dugu tarteka trenbidea urruti doan arren, isiltasunaren poderioz. Gaur arratsaldean traktore belar iraulkilearen motor-hotsak hautsi digu bakea.
Txuarrak lotsagabe inguratu izan zaizkigu infusioa hartu izan dugunean eguzkitan arratsaldez: janaririk ezaren gosea ala janari errazaren erosotasuna?.
Arratsero joan gara igerilekura, ur epeletan bildu eta giharrak urez igurztera. Gogoan izanen ditugu luzaro 36 graduko ura eta ur-turrusta indartsuak.
“Agirre zaharreren ...”. Koldo Izagirre:
* “Badakizu zakarkeria izaten dela askotan ahultasuna ezkutatzeko modua”. Hainbeste zaunka elkarri, ahul behar dute egon politikoak eta kazetariak Euskal Herriaz ari direnean.
Eslovenia oroimenean
Berdetasuna: herri berdea, baso ugariak, mendi-muino leunak, bailarak, lautada eta mendi-zulo berdeak.
Nekazari herria: belarra eta arto-sailak batez ere, baita galsoro eta baratzak ere. Arto-sailak eta galsoroak denean.
Belar lehortegiak: langadi-esegitokiak, txabolatzar-lehortegi-biltokiak-tresna gordelekuak: Esloveniako ezaugarria, herrialde orotan ugaritasun berdinez ageri ez badira ere. Gureetako 3 belar meta soilik ikusi dugu.
Oso behi guti larrean, bakan batzuk soilik, baina kortan egon behar dute, bestela zertarako hainbeste belar. Agian belarra ebaki eta batu ondoren botako dituzte behiok larrera.
Zaldi bakanak, norbaitek kapritxo bezala dituenak, etxe inguruan.
Laku zabal eta gardenak.
Mendi elurtuak oraindik Maiatzean.
Herrien egitura: etxe bakarrek, solteek, osatutako herriak, teila zapaleko teilatu pikeak, teila grisekoak herri txikietan. Herrien apaltasuna.
Herritarren adeitasuna zerbait galdetzean.
Nagusiak, adindunak soroetan lanean.
Nagusirik ez herriko plazetan eta kaleetan edo eliza aurretan.
Gustukoa du herriak taberna aurreko mahaitxoetan eseritako solasaldi luzea, herrietako kalean mahaitxoak jartzea kafetegi aurrean.
Arraza ezberdineko jendea: bosniar edo kroaziar antza hartzen diet zenbaitzuei, gureetara kirolari etorritakoena; baina ez diegu antzik ematen nor nongoa izan daiteken. Ezberdinak badira ere, berdinak agertzen dira bizimoduan.
Alemaniarra dabil kanpinetan, austriar batzuk eta holandar bakanak.
Lubljanako alde zahar lasaia, Mariborreko bizitasuna, Ptuj potxoloa, Celje herri-herria, itsasertz turista-gunea, Hratovlje-ko eliza pintatua, Kranj-ko herri giroa, Alpeetako bailara zoragarriak, Kroazia inguruko mahastiak.
Eliza-dorre puntazorrotzak, bakardadean, mendi tontorretan zein baso artean.
Santutxoak eta Kristoak herrietan, errepide bazterretan, egitura eta osagai ezberdinekoak, santu-irudi tailatu edo pintatutakoak, bakoitza bera.
Lantegi handiak tarteka, hiri handien inguruan batez ere.
Bainuetxeak oraindik osasuntsu.
Maiatza, herri bakoitzak berea.
Kobazuloak, bisitariak erakartzeko erabat gizarteratuak.
Autoteria: berria, ez da auto zaharrik. Renault-a nagusi.
Erregaia: garestiago.
Txakur guti, bai gizakiaren aurkako hankabikoak eta bakartien konpainiarako lau hankakoak. Baserrietan bada txakurrik, ate aurretan, gehienetan lotu gabe. Argazkia atera asmoz geratu nintzen batean hurreratu zitzaidan bat otzan, lagun etorri zitzaidan, ez zuen ez etsairik ez erasorik espero.
Elizkoitasuna: kanpai-hotsak goiz arratsetan, santutxoak, kristoak errepide eta bide bazterretan, meza entzuleen jarduna eta kantu-hots ozena.
Komunismoaren kontra sartu ziguten gezurra: Eliza, santutxo eta Kristoak hor egon dira beti.
Garagardoa edateko girorik eza: edan edaten da baina gureetan lez, ez dago Txekiako edateko kultura. Ez dira pivozaleak. Ez dago pitxar handirik mahaietan. Baso-Edalontzi-ipurdipekorik ere ez dago.
Ez dugu zaborra bereiztuta, birziklatzeko, zakarrontzi berezirik, aurkitu inon, are gutxiago kanpinetan.
Azeri-buztana aurkitu dugu hemen ere.
BIdaiak 2000. Eslovenia
Maiatzaren 10a. Asteazkena. 9.a – Esv:7.a
Bandeira - Sarrio:
*“Erreka negarrez”, “Ocórrego chora”. Irribarrea darie Esloveniako errekei.
* “Ez da inor pasatzen kaletik / ezta mozkor bat ere – Ninguén passa na estrada. / Nem un bebedo”. Bakardade berdintsua du kanpinak gauerdian zerbitzugunera bidean, ezer bizi denik ere ezin igarri, baina ilargiak lasaitasunez biltzen du zuhaitz artetik.
8 herrialdetan banatzen du Eslovenia gidaliburuak. Erosotasunera egokitu ditugu ibiliak guk. Badira ezberdintasunak herrialdetik herrialdera, lehortegien ugaritasuna eta egitura, elizak eta eliza dorreen egitura, etxe inguruko txukuntasuna, bailaren zabalera... baina ez dira berezitasun oso nabarmenak. Ez diogu igartzen noiz aldatsen garen herrialdez.
Nabarmenagoak dira agian giza ezberdintasunak, bizimodua, pentsaera, bizi-filosofia, izaera, lanbideak... hor bai ez dugula inolako aldaketarik susmatu ahal, gehienez aurpegiera, gorputz jite ezberdina... azalegi gabiltza guk horrelakoez jabetzeko.
DOLENJSKA
Betiko orduan eta eguneroko eguzki ederrez argituta atera gara ibilira. Ez da asko behar Eslovenian beste nazio bateko mugekin topo egiteko: gaur Kroaziako muga ingururaino helduko gara.
20 kilometro!!! egin ditugu gaur inork argia pizteko keinurik egin gabe.
Autobia luzapenetan ari dira Zagrebera bidean.
Visnja Gora. Tontortxo batean, Suitzako herrien jitea du, erakargarria, gorenean eliza. Kapritxoz eginiko herria.
Gaurko herri orok du hegoaldekoek ez zuten dotorezia edo erakargarritasun puntua. Osotasunean dira politak, hurreratuz, aldiz, arrunt samarrak bilakatzen zaizkigu. Bada bertatik ere erakargarria den herririk. Usu. Etxe berri ugari jaso da denetan.
Ez gara aspertzen bailara arteko ibiliarekin. Bailaraz bailara joango da gaur ere eguna, bailara ikusgarri ederretatik. Bailara berdeak ohi denez, nahiko zabalak dira gaurkoak. Nahiko sarriak herriak ere, errepide alboetan zein bailarako zabaleran barreiatuta. Honek ez dio inongo lurralderi inbidiarik, ez da ederrena baino gutxiago. Begirada batean Esloveniako denak dirudite antzerakoak, baina hauei ez darie atzoko herrien tristura. Eguzkiak eta ortzi urdinak izan dezake eraginik gaurko gure sentipen baikorragoan, gure begiak zein gure barneak daude agian aldatuak, eguzkiak gugan ere eragina duelako.
Muljava. Txikia. Lehortegi bikoitzak omen bailara honetan, baina guk bi soilik ikusi ditugu, herrian bertan biak, bat bera ere ez belartzetan. Geroagoko hainbat bailaratan bai ikusi ahal izanen ditugu.
Ispilua jartzen dute sarri errepideko bidegurutzetan bestaldetik datorrenaren berri izateko.
Gozatuz egiteko ibilbidea da gaurkoa, egun zoragarri honekin, inguru zoragarri honetan.
Ibaia daramagu auzo, ez baina begi-bistan. Agertzen zaigunean berde iluneko ur geldoa doa inguruko kolorea islatuz, zabal, itxuraz sakon. Errepide ertzetan jarritako kanoen alde zorrotzek iragartzen dute nondik den kanoaz ibiltzeko aukera.
Autobus-geltoki xarmant-xarmantak noizbehinka, herriko arotz edo artistaren baten fintasun, irudimen eta abileziaren arabera segur aski.
Belar-ebakitze eguna gaurkoa, eguraldi aproposak argitu baitu.
Dorre bikoitzeko eliza, bigarren bat ikusiko dugu etxerakoan.
Ez da teilatudun langadirik, bai ordea hormak langadi dituen zurezko aterpe zabala, lehortegi, biltegi eta tresna-gordeleku. Ugari-ugariak dira, banan-banako apartak. Etxe bakoitzak du berea, batzuk dotore landuak dira, arkudun balkoi korritu eta sarrerarekin, bada arku bikoitzekorik ere, baita izugarri landutakorik ere.
Zuzemberk. Erakargarria: lehortegi zabal horietako bikainak, zurezko egitura ederrak, dorre bikoitzeko eliza tontor batean, zurezko egitura bikain bat kalean bertan; gaztelua ere badu, ibai gainean kokatua, harri argikoa, txapar karratua, kantoietatik txapel konikoko gotorleku borobilek zaindua, behe aldetik deigarrien; hondatu samarra dago.
Ia turista bat bera ez dabil leku ezagunetatik at, turismo-gunetatik kanpo. Leku ezagunetara, ospetsuetara soilik, dator nonbait turista edo bisitaria.
Cromosnjce. Maiatza!: Soro eta belartza erdian zegoen, tontortxo batean, beste bat herrian bertan. Banaka gehiago ikusiko dugu aurrerago, baita Dolenjska Hegoaldeko herritxo batean ere.
Argazkia atereaz ari nintzela entzun dut lehenengoz kukua. Sosa nituen patrikan, salbu dut beraz diruz urtea.
Albo alboan daramagu orain ibaia, bistarago, bizitasuna ematen diote ahatek, bere gisa, bere habitata bertan, nork zer botako gizakiaren menpe egon gabe.
Hondatua dago errepide zorua.
Lur aberatseko eskualdea, atzo ezagutu genituen Hegoaldeko herriak baino aberatsagoak dirudite, joriagoak.
Santuxoek edo kaperek diraute, nahiz ez Gorenjskan bezain ugariak. Hemengoak bakoitza bera da, ezberdina, berria izan zein zaharra; kaperatxoak dira batzuk, beste zenbait zutabe batean gainean jarritako kuboa lau aldetarako zuloguneak dituztela santu-irudi tailatu edo igeltsuzkoen gordeleku.
Mahastiak hasi dira, maldetan behera, Kroaziako muga osoan zehar izango ditugu geroago; sail txikia da bakoitza, baina ugariak dira sailok, bere teilatu pikoko txabolatxo txukuna du mahasti bakoitzak.
Hilerriek eliza bat adinako handia den kapera dute, dorre luzekoak behintzat bai badira, badirudi bertan ospatzen direla hiletak.
Ez dugu zapaldutako animaliarik aurkitzen errepidean, ez katu, ez txakur, ez kirikinorik. Bat bera ere ez.
Soteska ibaia zeharkatu dugu.
Plastikozko fardel berdeetan gordetzen dute belarra.
Doleniske Toplice. Toplice hitzak bainua esan nahi du, beraz bainu-herria da: bihotzerako omen onak urok. Arbola artean gordetako herria, etxebizitza bakoitzak bere baratza eta zuhaitzak ditu etxe bueltan. Txikitxoa, etxe txikitxoko kaledi txikitxoa, zaindua, dotoretxoa. Eliza aurrean, plaza gainean, gerran hildakoen oroitarri beltzak, lurrean ilaran. Lau izarreko bi hotel dira herri barruan bertan, biak ederrak, antzinakoa bata, gaur-gaurkoa bestea; iragarrita dago kilometro batera hirugarren bainuetxe bat ere. Ur-hartzaileak dabiltza kalean, batzuk bainura bere txabusina jantzita, eserita eguzkitan egon aspertuan zenbait: pertsona xumeak dira, adinean oso aurreratuak.
Bainu-herri eta bainuetxe ugari da Eslovenian.
Arto-sailak, galsoroak, baratz ugari...
Egun aparta, 28 graduko hozberoa.
BELLA KRAJINA
Herrialde laburra zabaleran. Hegoan, Dolenjskaren behealdean, Kroaziako muga-mugan kokatua; muino eta mendixkak bata bestearen jarraian (rolling hills); urkidiak iragartzen ditu gidaliburuak. Metlika eta Crnomelj dira bertako bi hiri nagusiak.
Hegira egitean, izugarrizko ezustea eman digu bestaldeko herrialdeak: lurralde erabat zabala eta laua, dena baso eta belartza, herri ugari belartzetan zein mendi magal oinetan, eta Kroaziako mendiak zerumugan. Ikuskizun aparta ikuspegi zabalak eskaintzen diguna hegi gainetik.
Mahasti zabalak mendi magaleko eguteran, lautada bertara arte. Hesola sendo-sendoek, tantai lodi garaiek, eusten die mahats adarrak kiribiltzen diren hesola eta burdin hariei. Ugariak dira gari-sail eta arto-sailak, belarra ez da lurrari ateratzen zaion etekin bakarra, lurra ez dago belarrerako soilik erabilia. Adreilu gorriko etxeak, zarpeatu gabe kanpotik hainbat eta hainbat, ez dakigu bukatu gabe dauden ala horrela uzten dituzten; bizi, bizi dira bertan.
Crnohelj. Herrialdeko hiriburua. Zabala, ibaiaren alde bietara hedatua. Ibaia doakio, oso sakon, bitan bananduz herria: zubi gainetik ikuskizun, belar artean igeri eta alga gainetik saltoka, korroka bizian ari dira eguerdiko sapan igelak, -gure ugarixuak-, tamainaz handiak, korroka hotsa ere ozena; arrainak berriz egon geldoan daude siestan antzo. Ez dago gureetako kale-kalerik, etxeak elkarren inguruan soilik, non gu nahiko galduta edo lekuz kanpo aurkitu garen, 32 graduko beroa ere ez zen aproposena bisitarako. Handiagoak dira izan hemengo etxeak, 2-3 estaikoak. Badu kale bat bata besteari itsatsitako etxeek osatua, etxe bakarkakoak dira besteak. Ez du ezertxo berezi edo erakargarririk, Espiritu Sainduaren eliza bera behera etorrita dago, S. Kristobalen fresko handia du fatxadan, irudi zizelatua ia erabat ezabatua duen erromatarren hilobia eta hondakina omen den harria alboko horman. Diraute gaztelu batena omen zenaren arkuak eta antzinako jiteko eraikin txaparrak. Gaintxoenean dago udaletxea, teilatuan herriari lau aldetara mezuak zabaltzeko bozgorailuteri borobilarekin, Sozialismo garaiko oroigarria.
Oraindik ume, mutikotxo bat ari zen aparkaleku inguruko belarra mozten sega mekaniko batez. Ez dakit bere gogoz, ala behartuta, umeen esplotazio adibide.
CR dira autoaren matrikulako hizkiak: jabetu gara herrialdeko hiriburuaren lehen hizkiez egiten dutela, zenbakiez gain, matrikularen bereizgarritasuna.
Traktoreak eragindako sega mekanikoz mozten ari dira errepide bazterreko belarra. Hasi dira sega baztertzen eta eskulana murrizten.
Belar metak, meheak, tenteak, lasto edo belar lehor multzo estuak, zut Nafarroako inauteriko zenbait pertsonaia irudi: pertsona trakets batzuk dirudite. Geroago ere agertuko zaizkigu antzerakoak zelaietan. Uste izan dugu belarra metatu egiten dutela hemen ere gureetan bezalatsu, baina belar ebaki berria edo berdexka dela eta barrutik hutsik dagoela ikusiz jabetu gara hesola edo makila baten gainean jartzen dutela belar ebaki berria lehor dadin, Iparreko langadien aldaera besterik ez, beraz.
Jaso egin dute galipota errepideko gune hondatuetan, ertz biziko koskadun zuloguneak gelditu direlarik: zuloz betea dago beraz errepidea, ez iragarki bat ez ezer, gidarion urduritasun eta ustekaberako.
Vranovici. Maiatza, izugarrizko tantaia.
Arkua dute ateburu inguru honetako lehortegiek.
Grm. Nola demontre ahoskatzen ote herri izen hau?.
Meta meharrak hemen ere, ilaran belardi erdian.
Lehenengoetakoa behar duen gerra hegazkin handia dago baso baten ertzean, oso osorik, basotik aterako bailitzan.
Metlika. Herrialdeko 2. herri handiena da. Baina ez da ezer handia. Hiruzpalau solairuko etxe solte guti batzuk, garaiagoak eta berriagoak, saltoki handia... bazirudien herri koskortua behar zuela izan, baina bertan behera ezereztxoan bukatu zaigu herria. Zabalgune berde asko dago etxe artean.
Kilometro batera iragartzen dute Kroaziako muga.
Maiatza, 3 koroa ditu enborra inguratuz, arrama berdeko korda kiribiltzen zaio enborrean goraino, zuhaitza erabat dotoretuz. Maiatza gehiago aurrera goazen heinean. Alemanian eta Austrian uste izan genuen jaiak ospatzen zituzten herrietan jartzen zituztela maiatzok, agian hemen ere bai. Izanen da udaberriko erritoren bat lurraren emankortasunari lotuta, antzinatik datorrena, jaiei hertsia gaur egun.
Ez gaitu aspertzen berdetasunak. Tarteka ez dago ez etxerik ez herririk, inguru berdea soilik, zabal, dena bilduz, akazia lore zuria da berdea ez den bakarra, bere usaiak auto barrua lurrintzen digu.
DOLENJSKA
Novo Mesto. Zabala, behean du Alde Berria, modernoa, gaur egungoa, bizia, autoak eta jendea nahasian, bulego eta etxe handiak, jendea eta autoa ibili etengabean hara hona... Renault etxeak auto fabrika du hemen, hiritik bertan, alboan, ia ukitzen, fabrika-gune zabala, bera soilik bailitzan industria-gune osoa: horregatik dabil hainbeste renault auto Eslovenian eta horregatik dago izen bereko hainbat garaje.
Maiatza hiriko sarrerako etxe baxuko auzune batean.
Alde Zaharra, erabat hautsi dizkigu eskemak: kale eta kalexka motzak elkar gurutzatuz nahiko irregularki, berdegune franko tartean, aldatsean; ez dira etxe jarraikako kaleak, bakoitzak bere lur zatia du, landu zaindua etxe buelta aldapatsuan, herritxoetan antzera hiri handi honetan ere. Goialdeko berdegune batean oroigarritzat jarri dituzten pare bat kainoitxo hondatuxeek, ez dakigu aliatuak ala alemaniarrak, gogorazten dute azken mundu-gerran erabat suntsitu zutela, seguruenik bonba demokratek; ez zioten utzi aparteko eraikuntzarik. Clauni plaza nagusiko arkuteria ere gatzik gabeko berria da, berri itxurakoa, plaza bera errepide, aparkalekua...: gehiago da errepide edo kale zabal bat hiriko bilgune edo arnas leku baino. Geratzen zaio arkupetxo xarmant estu bat, ezereztxoa arren lehengo jitekoa. Tontorrenean eliza, tontorrean arren ez du ikuspegirik bertatik; itxita aurkitu dugu. Beherago frantziskotarrena, ohizko osagaiekin: bankuteria sendoa, zutoihalak, palioa, ganga pintatuak...
Izozkia eman digu, baita etxepeko aparkaleku freskoagoa ere, 32 graduko hozberoan baikabiltza.
Opvos da hemen Alemaniako umleitung, izen ezberdinak, desbideratzea, baina, antzerakoa: gaur tokatu zaigu.
Kapera txiki-txiki bat dorre berde luze-luzearekin: buru handiko ipotxa dirudi. Geroxeago ere izan dugu beste bat.
Sticna. Zistertar abatetxea. Izugarri handia. Hormatzarrez inguratua eraikuntzarik ez den aldean. Patio zabala ikusten zitzaion sarreretako batetik, gaur eliza soilik bisita daiteke gidaliburuak beste hainbat zoko ederren aipamena egiten badu ere. Estukoz apaindua dago eliza-aurreko zabaldegi zabalerako arkupeko ganga: ikustekoa da azken judizioko iruditeria, deabruak ageri dira gizakiak daramatzatela eskorgan, lepoan edo motxilan...; hankartea eskuz estaltzen dute zerura doazen gizonezkoek...xelebrea!. Eliza, luzea eta garaia, erabat argia, aldarez eta tailatu nahiz pintatutako santu-irudiz gainezka austeroa espero genuena, pintatutako armarri argiak dira gangetako giltzarriak, oso bitxia da sagrarioa, modernoa, berdin bataio-ontzia, oso polita da abataren meza entzuteko sare osteko balkonada, baita bere gaineko erloju zaharra ere; pulpitua, potxoloa: fraide baten eskua ateratzen da abituaren mauka zuritik gurutzetzarra erakutsiz, xelebrea.
Eskuarea eta sega lepoan, adarra sega-pote bihurtua gerrian, lastozko kapela buruan, betaurreko urre kolorekoak sudur gainean, ikusi dugu gizakume bat komentura bidean lehenengo, bertara sartzen gero: fraidea behar zuen izan duda izpirik gabe, nekazari lanetan baina nekazarien larririk gabe.
Lehenengo jo dugun atetik, sukalderakoa nonbait, beste batera bidali gaituen gizakumea monje siestatik jaiki berria zen: bi hitz bota digu frantsesez.
Bigarren ateko atezainak, komenturakoak, berriz, elizako atera bidali gaitu ingelesa nolabait erabiliz.
Komentu aurrean, errepide gaineko goranzko batean, gerran hildakoen oroimenez jasotako kontraste bitxia egiten du izar gorri handiko monolitoak.
Teilatutxoz babestutako horma garaiak mugatzen du lursaila: fraideena behar du izan.
Lehortegi aparta dago monasterio inguruan.
Simaurra zabaltzean, kiratsa inguruan.
Bero sapari ihesi etxeratu gara.
232 kilometro, herrialde hauetako azkenak.
“Agirre zaharraren ...”. K. Izagirre:
* “Geuk tregua eman eta zuek bakerik nahi ez. Irabazi diagu”. Jakingo al dugu irabazten.
Maiatzaren 11a. Osteguna. 10.a- Esv:8.a
“Antologia”. Bandeira Sarrio: “Eror eror hadi globoa – Cai cai baläo”. Hala ibili ohí gara euskaldunok ere, besteen ona zama astun.
Aldaketa eguna.
Izugarri geldo doa errepideko ibilia, herrietako semaforoak, autobideko lanak... geldiune luzeak eta sarriak.
Ugaria da intxusa zuri loratuta, hurritzak, gereziondoak aletuta, intxaurrondoak, betiko izei beltza, pagadiak mendi-muinoetan, bestelako arbolateria arrunta erreten eta zulogunetan… berde mota ezberdina bakoitza berdegunean.
Baratze pila herrietan, etxe inguruan, txukun-txukun zainduak; txikia da ortu-sail bakoitza, txikia ere ortuari bakoitzeko saila; etxeko premietarakoa soilik, lan soberarik ez dute egin nahi, non saldu azokarik ere ez da nonbait inguruan, lanez eta izerdiz hartutakoa usteltzeak ez du inolako errentagarritasunik; betiko ortu gaiak baratzetan, oraindik erne gabe edo gaztetxoak; oso luzeak dira leka-parrak.
Hiri handietan bada saltegi erraldoirik, errotu da ere Mc Donald, Mendebalarenganako morrontzaren ikurra, Mendebaleko kulturaren ezaugarria.
Errepide bertako paisaia erabat aldatzen da herri bakoitzeko semaforoetan: aurrean jadanik ezagun, ia lagun, zenituen, kamioi zein auto, gidari eta bidaiariak ere, desagertu egiten zaizkizu errepidetik atera direlako, berriak sartzen dira aldi beran; aldakorra da errepidea.
Hor ditugu Alpeak elurtuta, hilabete eta erdi barru beste aldea ikusiko diegu Austriatik.
Oraindik ez gara ohitu izenak irakurtzen, hemengo J ez dela gurea bezala ahoskatzen, i edo antzerako zerbait baizik. Gure J ahoskatzen dugu guk oraindik.
Ipar-Eki aldera ere badira belar esekitoki bikoitzak. Badoaz belar ebaki berria langetan zintzilikatzen, egun ezberdinekoak bata bestearen jarraian daude horitasun ezberdinak erakusten duenez.
Belar ebaketa eguna gaurkoa ere, eskuarearekin iraungitzen dute belarra, gure gaztaroan lez. Emakume nagusiak dira batez ere zeregin horretaz arduratzen direnak.
ESTAJERSKA
Herrialde zabalena. Ekialdera Kroaziarekin mugatuz, mendiak, ibaiak, ibarrak, mahastiak, eta antzinako hiriak iragartzen ditu gidaliburuak. Maribor eta Celje ditu hiri nagusiak. Erromatarren historiatik ezaguna zaidan Styria lurraldea da hau, agian latinezko irakurketa eta ariketetatik. Bi zatitan banatua omen bigarren mundu gerra ostean Jugoslaviari eman omen zitzaion esloveniarrak biztanle zituen zatia, Alpeetatik honanzkoa, alegia.
Artajorra, maiatzeko zeregina. Bakanduta eta jorratua dago artoa. Maringo neskek pozik entzuten zuten Arrosariora deitzen zuen kanpaia artajorra uzteagatik. Fabrikako langileek ere ez zuten gogoko artajorra, eguna luzea izaki, lantegitik etxera ostean aitzurra zuten zain etxean ilunkara arte. Bizi-bizi dut oraindik irudia, familia osoa erreskadan eguzkipean bakoitza bere arto ilaran, makurtuta. Lan nekosoa, makurtutakoa, gerria mintzekoa, egun osokoa gainera, aroak agintzen baitzuen. Ikusi izan nituen gazteak euria ametz, atseden hartzeko egun pare batez bederen.
Lupulu sailak, asko eta zabalak, tantai basoak, zutointzarrak elkarri eta lurrari soka-sare argiz lotuta.
Bainu-herriak iragartzen dira autobide irteera iragarkietan, marroizko hizkiz beltzen ordez, iturri baten ikurra alboan: bainuetxe asko dago, senda-ur asko sortzen da nonbait mendiotan.
Elizak tontorretan edo baso erdian, ñabardura emanez paisaiari, baita lurraldean elizak agindu izan duela ere aldarrikatuz.
Paisaia bera, baina, ez zaigu aldatu.
Celje, ba omen du alde zahar gozagarria baina orain arte ez bezalako etxe-orratz pila ditu agerian urrutitik ikusita, hiri moderno erraldoiaren irudia erakutsiz.
Maiatza, gero eta ugariagoak dira herrietan.
Slov-Bistricara hurreratuz hasi dira mahastiak, ugalduz doaz, azkenez muino magal oro hartzen dute. Sail txikia da mahasti bakoitza.
Mendiarteko bailaratxo erakargarria bil-bil berdea erakusten digu autobideak behatoki edo balkoi korritua den zubi erraldoitik; zubiaren ondoren bailara zabal argi eta ederrera atera gaitu 750 metro luzerako tunelak.
Esloveniako bandera Maiatza batean, baina ez adarretatik zintzilik, gandor baizik, zuhaitza luzatuzko haga batean lotua.
Erabat aldatu zaigu paisaia Slov-Bistrikarako bidegurutzetik aurrera: hagitz laua, Kroaziako mugan ia ikusi ere egiten ez diren mendietaraino zabala. Ez da jadanik belarrik, lur landua da dena, dena galsoro eta arto-sail.
Skoda autoa oso guti ikusten da jadanik.
Adreilu fabrikako bulego egoitza izan daiteken leiho askoko adreiluzko eraikuntza batean hiru adreiluzko giza buru ditu leihoburu bakoitzak: bitxikeria.
Bi zikoina habia argindar tantai puntetan: etorri dira udaberri oroko bisitan, bizibeharrez uda guztirako horiek, ikusminez eta epe laburrerako gu.
Granja saila bere pentsu-biltegi biribil bertikal erraldoiak dutela alboan.
Traktore ugari dabil soroetan ez ezik errepidean ere tarteka.
Maiatza, ia herri bakoitzak du berea.
Ptuj Terme. Kanpina. Ur sendagarriko bainuetxe batean kokatua. Leku atsegina jendez betetzen ez den bitartean. Heskai berdez banatutako eremu borobilek osatzen dute esparrua, belar trinkoa du zoruak, aparta da; zerbitzugune eta ur sendagarri epelezko igerilekua du; ez dago ganorazko zuhaitzik, txolarre edo txuarrarena da txori-kantu ia bakarra: zabala, berdea, zaindua eta dotorea da kanpina.
Erretzeko beroa pairatzen dugu, 30 gradutik gorakoan gabiltza egun osoan.
141 kilometro, herrialde berri baterakoak.
Kantari dabil kukua, oraindik bikoterik aurkitu ez duen bakartiren bat, isildu ezinik dihardu eguerdiko ordu luze beroetan, errenditu ezinik, kuku eta kuku.
36 gradutan dator ura barneko igerilekuan; ur berokoa izateaz gain, luzea eta zabala da igerilekua; ur barruan, alboetatik zein azpitik, eutsi ere ezineko indarrez datozen ur-turrustak botatzen ditu; kanpoko igerilekua ez da hain beroa, baina uhin handiek zeharkatzen dute alde batean gorputza masajeatzeko.
Argiztatuta, brist, dago hiriko gaztelua gauez, gehiago dirudi antzinako etxetzar bat, gotorleku borobilek gehiago dirudite gaztelu erromantiko baten gordeleku kapritxokoa. Edozer da ederra eta erakargarria gauez egoki argiztatu ezkero; nola ez, erakargarria dager gaztelua, goian, argi-leherketa bailitz, misterio kutsua hedatuz.
Egonleku atsegina gertatu behar zaigu hau ere.
Makatz samarra da egunotan erosi dugun Esloveniako ardoa, txakolinaren garratz puntua du.
Ia egunero dugu arazoren bat: urik gabe geratu zitzaizkigun atzo konketako kanil eta komuna; bonbillek bazuten argia gutxienez. Berez konpondu zaigu arazoa kanpin berrian: argindar tentsio biziegia zegoen nonbait bart, eta argindarra bere tentsioan egotean etorri da dena bere onera.
Maiatzaren 12a. Ostirala 11.a - 9.a
“Agirre zaharraren ..”. K. Izagirre:
* “Tatuaia egitea kondenatuaren trajea janztea da”. Tatuaiak absolutuaren jitea du, erdi absolutua da: betidanikoa ez, baina betirako da.
* “Laburrean du indar handitasunak”. Indar handirik ez du inola ere nire egunkari honek. Luzea da eguneroko lana, astuna ere egiten zait, baina nire burmuina eragiten du, negurako lan atsegina dakarkit, oroimena indartzen dit... ez diot beste handitasunik eskatzen ere.
Herri koskortu orok du bere gaztelua, ia gaztelu orok bere museoa.
Herri koskortu orok du bere museoa, sarri gazteluan.
Trena genuen gertu, tren hots sarria aurreko kanpinean, tren hotsa izan dugu gaur goizean kanpin honetan ere gosari orduan. Tren bakoitzak bere soinu propioa du, bere-berea, gertukoa denean soinutik dakizu ze tren mota den, urrutiko tren-hotsa denean berriz tren-soinua besterik ez da: urrutiko tren orok soinu bera.
Garbi entzuten dugu erlojuaren hotsa etxatoi barruan, isiltasunaren ezaugarri.
Goiztiar hasi da kukua lagun bila.
Txuarrak dira kanpineko txori ia bakarrak; txori zaildua, lotsagabe dabiltza, ohi dutenez, apurren bila.
Bainuetxe herrialdea da ekialdeko hau, garai batean hungariar aberats, jauntxo eta zerbait zela uste zuena, zerbait izatea nahi zuena edo zerbait sosa zuena etorri ohi zen hona. Zerbitzariak ziren zetozen pobreak, bere ugazabez arduratzeko etorri ohi zirenak. Gaur egun ahaldun jende mota horrek bere ospitale propioak ditu osasun arazoetarako, aisia-eremu bereziak ondo bizitzeko eta giza harremanetarako. Pobrea da hona gaur egun osasun arazoak konpontzera datorrena, pobreek eusten die gaur egun bainuetxeoi. Pobre jendea, langilea izana, zebilen aurreko bainuetxe herrietan, pobre jendea gabiltza bainuetxe honetan ere. Jende nagusia gainera, bizitzari ortzi muga hur ikusten diogunak, gorputza ahultzen nabari dugunak. Baina bada oraindik gu baino pobreago denik, hona etortzeko aukerarik ere ez duenik. Beti da norbera baino pobreagoren bat munduan.
Ptuj dugu lehen helburua gaur, Premurje herrialdera luzatuko dugu pausoa erabat liluratzen ez bagaitu.
Putuj. Handi eta handiki dator Drava ibaia, bizi-bizi zabal-zabalera osoan udaberriko Alpeetako elur urtuen urez. Bere alboan dago kokatua hiria, nolabait ibaiari lotua, errepideak banatzen du ere, egonleku eta ibilbide lasaia gertatu diote alboan, baita oinezkoentzako zubi erosoa ere, patxada bila norbaitek etorri nahi badu.
Hiri txukuna, garbia, zaindua, argia, alaia. Bizi bizia, erruz dabil jendea kaleetan, merkatu eguna izaki gaur. Alde Zaharra, ez oso zabala, oinez erraz ibiltzekoa; koloreetako fatxada kolorgetuak ditu, harrizko ateak tarteka, batzuk ederrak; farola lorontzi koloretsu zabala lorez gainezka bakoitzetik zintzilikatuta. Dorrea, sendo lerden garaia, gandor harro eta erloju dotorearekin, nabarmen gailentzen da alde zaharreko erdi-erdian; sarrerako mailadian irudia ia ezabatu zaion harrizko lehoi burua; barnea argia, nahiz hormei itsatsita estilo ezberdineko aldare ilun pila dituen, beteegia aldare, santu-irudi eta bitxikeriez. Azoka, ez du ezer berezirik jite eta eskaintzaz; jendetsua eta oparoa, oparoa baita nekazarien eskaintza, ortu-gaiak dira bereziki eskaintzen dutena, baina baita edariak ere. Minorite Monasterioa: patioan bada gaur bertako eskulan eta edarien erakusketa eta salmenta, baita nolabaiteko txosnak ere, oso xumeak: gazta, lukainka, orujo edo zapakina, ardoa... dastatu, ordaindu eta gustukoa bada erosi; taberna aurreko mahaietan jende ugari biltzen da solasaldi lasaian. Gaztelua, tontor batean kokatua, bi dorretxo alboetan, gehiago dirudi jauregi erraldoia bere leiho ugari, horma zuri eta teilatu gorri biziarekin.
Zanpatzarrak, hemen ere badira, ez Iturenen soilik, Inauteriekin lotuta daude hemen ere, aurpegia mozorrotua erabili ohi dute Innsbruck-ekoek bezalatsu.
Eskolaumeak dabiltza bisitari, irakaslea artzain.
Arte-areto batean ere izan gara, kolore ezberdineko laukitxoz eginiko figura geometrikoak: koloretsuak eta lasaigarriak banaka begiratuta, baina errepikakorrak osoki hartuta.
Ez dago eguzki errerik, baina bai 31 graduko bero astuna.
Kutsadurarik ba ote begientzat hain atsegina den natura honetan?. Autoona behintzat bai.
Sarriak dira herriak: etxe txaparrak, lurrari itsatsiak, lautadan barreiatuta ikusten dira zirrinta argi luzea sortuz urrutian. Etxe-buelta dotore, landuak, nolabait bitxiak; lorategitxoaz gain ortutxoa ere badute askok.
Maiatza pila, herri bakoitzak berea. Garia eta artoaz gain patata-sailak dira ugariak; bada letxuga sailen bat ere, lupuluarena ere.
Gorinisca. Lastozko teilatu bat, garai batean halakoak izanen ziren denak.
Ugariak dira kapera eta santutxoak, handiak eta ondo zainduak.
Eguzki-panel banaka batzuk ageri dira han-hemenka.
Mihovci. Gaztelu zuri karratu handia, dorretxoa lau kantoietan. Gehiago dirudi jauregia honek ere.
Mendi-muino arteko bailara estuetan doa ibilia, Kroaziako mugetatik gertu lautadaren ertzean.
Betiko fardoak egiten ari dira belartza batean, lauki luzexka horietakoak. Plastikozko fardel berdeak dira jadanik sarri ikusi ditugunak.
Ardoaren ibilbidea deitzen diote daramagun bideari.
Ormoz, herri honetatik zenbait kilometrotara hasi dira mahastiak. Mahatsondoz estaliak daude mendi-muino leunen gain eta maldak.
Jeruzalem. Herritxo bat.
Fruta-arbola dirudien zuhaitz txiki zarratuen sailek hartzen dute zenbait muino tarteka. Belartza da orain bailara. Baina ez dago belar lehortegi edo esekitokirik, bat bera ere, inolako egiturakorik.
Ljutomer.
Lautada da berriro lurraldea, dena sail izugarriko galsoroa. Zuhaitzak ugariak dira.
BIDAIAK 2000
JULIOTAR ALPEAK
Alpeetan sartu gara bete betan, Natu-gunea. Gora eta behera goaz.
Hara non Ternovo herria: Bulgarian ezagutu genuen Deliko Ternovo herri polita. Hau bailara berde-berde ikusgarri batean dago kokatua, menditzar erraldoiz bildua.
Ez da ia kaperatxorik, bakarren bat ageri bada ere, aspaldikoa bera.
Menditzarren oinetan kokatutako herritxoak, Soça ibai zoragarriaren alboan. Eskalada, rafting, kanoa, mendi-ibiliak... eta antzerako kirolak dira inguruko amu eta erakargarritasuna. Aukera ugari iragartzen da. Garbi dago zaletu asko datorrela: zabala da herri orotan ohe eta ostatu eskaintza.
Zaga, inguruko herri guztien antzerakoa: teilatu beltzeko herriak dira, berriak dira edo berrituta daude etxe gehienak: ondo-bizien udaleku dirudite.
Gero eta hurrago ditugu Alpe elurtuak.
Kanoak eta baltsa pneumatikoak datoz ibaian: alai, harro eta balentriatsu agurtzen gaituzte apar zuriko korrontetik.
Bovec. Etxe berri pila ari dira jasotzen, turismoa da hemen bizibidearen ardatza. Seguruenik espekulazioaren aukera ere.
Oso goian gabiltza jadanik.
Kable bat alderik alde noizbehinka, erreka gainetik zamak garraiatzeko, Ataunen lez. Aterabide antzerakoak asmatzen ditu gizakiak arazo antzerakoak dituenean.
Etxebizitza handiak dira goialdeko hauek, arruntak baina sendoak, behar ere hemen goian.
Soça. Dozena erdi etxe besterik ez da.
Ibai urdina daramagu gurekin uneoro, goialde honetan ere urdin, ez dakigu azpiko harriek ematen dioten urdintasun hori, ala bera datorren urdinxka.
GORENJSKA
Mendia esan nahi du gora hitzak.
Izugarrizko menditzarrak ditugu gain-gainean, ia 3.000 metroko garaierakoak; menditzarrez bil-bilduta, mendi-hormaz inguratuta goaz, mendi-zuloz mendi-zulo, erreka urdin laster ozena lagun. Errekatxo bat besterik ez da Soça ibaia goiotan. Harkaitz solte multzo batetik sortzen da izugarrizko errekatxo bat, harri zuri artean beherantz labainduz goragotik datorren ur lasterra gizenduz.
Antena parabolikoa dakusagu baso-basoan, besterik ez, agian bada etxeren bat ere: zirraragarria da zibilizazioaren presentzia hori natu-gune honetan.
Erabat goranzkoari ekin diogu, urrutitik ikusiak ditugun tontor elurtuetatik gero eta gertuago, bihurgune pikeak bata bestearen ostean. Goranzko pikean. Bihurgune bakoitzean ematen digute garaiera, 20-30metro igotzen ditugu batetik bestera bitartean. Mailaka bezala goaz, bihurgunez bihurgune, zuhaitz artean gehienbat, mendi-zulo eta malda bertikal arbolatsuen magalean, malda beldurgarriak zuhaitzez oparo. Ikuspegi zoragarria eskaintzen digute garbiguneek. Gerra garaiko gotorlekua 1600 metroko altueran: soldadu gizajoak aberaskume batzuen alde borrokan inguru gotor honetan abertzaletasun faltsu batez engainaturik.
Vrsic igarobidea, 1611 metroko garaieran.
Harzola dute bestalderako goitik beherako bihurguneek; goranzkoa baino zabalxeagoa da ingurua, leunagoa, ez hain bortitza eta basatia. Bertan dugu hemen ere elurra mendi hormetan. Auto ugari da errepide bazterrean, jendea dabil nonbait erreketan.
Bi lakutxo izan dira barreneko ezustea, jatetxeak, jende ugari... Darien lasaitasunaz gozatuz, mendiei begira jan dugu eguerdiko fruta, gure bazkaria.
Kranjska Gora. Bata bestearen gainean dakusagu urrutitik herria: orban ilun bat, besterik ez da, etxe ilunak piloan; bertatik ikusita ordea ba da kalerik herrian; eragin eta nortasun handiagoa izandako herri baten itxura dario. Mendira datorren jendeak jotzen du hona.
Italia eta Austria, ber-bertan daude nazio biak, hiru mugak elkartzen dira hemen.
Jesenice, mendi maldan graziarik gabeko etxe pila izugarria, mendi gerri-barnearen luzeran. Etxeria arrunta.
Badu industria-gunea ere, baita zenbait labe garai ere. Usain higuingarria zabaltzen da labetatik, kiratsa.
Bled, planeagailu pila herritik gertu, aireportu antzerako zabalgune berdean.
Ostruka granja belardi batean.
Etxerantz goaz, baita ere hainbat mendiaren bestaldeko bere herrietara Austriako autoak, erreskada amaigabeetan, Eslovenian eguna merke bota ondoren.
Etxean ginen arratsaldeko bostetan.
274 kilometro, luzeak baina atseginak bailara zein mendi-gain elurtuetan.
Xume baina txukun eta dottore janzten dira esloveniarrak, eta austriarrak, badirudi berezkoa dutela dotoretasun ukitua, italiarrak berriz ez dutena erakutsi nahi itxura agertzen dute.
“Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”. Koldo Izagirre.
* “Algara-merke ikusi behar zaituzte”. Hitz gutitan hainbat barne hutsal deskribatzeko dohaina du Koldok.
* “Koilara bat eskuan ari denak lurra du tresna nagusia”. Zenbat buruhauste Zamorako zulogintzan.
Maiatzaren 8a. Astelehena. 7.a-Esl:5.a
“Manuel Mandeira. Antologia”. Joseba Sarrionaindia:
* “A poesia e´o éter em que tudo mergulha e que tudo penetra”. Lehen arazoa poesian bizitza horrela bizitzea da, bigarren arazoa sentipen guzti horiek hizkiz azaltzeko gaitasuna.
Euritsua esnatu zaigu eguna. Atabala da etxatoia, euri mehea ere danbor-hots bihurtzen da sabaian erortzean.
Kostalderantz dugu gaur ibilia, tristeagoak irudi ohi zaizkigun arren kostaldeko herriak euri egunetan.
Aldatu dugu lehen egunean hondatu zitzaigun etxatoiaren gurpiltxoa: 940 ordaindu dugu Lubljankan Euskal Herrian 2.500 ordaindun genuena bera.
NOTRANJSKA
Hego eta hego-mendebaldera aldeko herrialdea zeharkatu dugu, lehen egunean ekarri genuen bide bera, gaur alderantziz. Ahul garatua, basoa eta karst-ak dira bere ezaugarri. Postojna eta Cerknica dira hiri nagusiak.
Frantses bat eta alemaniar bat ditugu kanpinean, GeBoa errepidean, holandarrik ordea ez zaigu tokatu oraindik.
Zabala da Postojna ingurukoa lurraldea.
Ez dabil auto askorik, kamioirik ere ez asko, dabilena mantso, horri eskerrak nahiko txukun daramagu gaurko errepideko ibilia euri eta guzti, ez da itsugarria gurpiletatik goranzko ur-lainoa.
PRIMORSKA
Mendebaleko herrialdea, mendixka, ibar, karst eta Istria penintsula kokatzen den kostalde labur batez osatua. Nova Gorica eta Koper ditu hiri nagusiak.
Alpeak ingurukoak baino xumeagoak dira herriak hegoalde honetan, ilunagoak, hitsagoak ere bai.
Bihurgune bihurri bihurriko gainbehera luzea eta pikoa da azken zatian itsasoranzko errepidea. Eslovenia itsasmailatik nahiko goran dagoela esan nahi du. Ugariak dira mahastiak, ez dira sail handiak, bai ordea sarriak, zapalda zabaletan mendian behera. Iragarria dago mahastia mapan ere. Vino da ardoa italieraz nonbait, hala dago behintzat iragarrita etxaurreko iragarkietan. Amu atseginak dira etxe aurretan antzinako gurditxoetan dottore jarritako upeltxoak. Badirudi turistei begira jartzen dituztela, ez apaingarri soil.
Mapan ikus daiteke lurralde askotakoa dela mahastia, baina mahats-guneak beste herri batzuen inguruan daude beti, Italia, Kroazia...ko muga ingurumarietan.
Atzokoen tankerako bailara estu eta sakon batean sartu gara. Berde jori-joria, nola ez. Mendi magalean daude herriak, haitz tzarren pean kokatuak, triste dager gaur inurua, bizitasunik gabe, herri gris hits-hitsak, nabarmendu ere ia egiten ez direnak. Ez da hemen belar-esekitoki eta lehortegirik.
Hrastovlie. Orain artekoengandik herri erabat ezberdina. Txikia izateaz gain, kale nahiko nahasikoa, harrizko etxe multzotxoa bilgune bat osatuz. Hondatu samarra dago, guti zaindua lez. Munduan, hor bere bakardadean utzia bezala, usteltzen joango balitz lez, ahaztua dagoen herria, mundutik aparte, mendian galduta, bizi-ilusio handirik gabe, bai herria bera bai herritarrak. Jende nagusia ikusi dugu bertan, eliza arduraduna ere emakume nagusi tristea, xumeagoa ezin bere txabusina beltzez jantzita... Zirrarak eragin gaitu.
Autobuskada bisitari datozkio, gaintxo batean duen altxorra ikustera, baina ia inor ez da herrira sartzen, are gutxiago gelditzen.
Elizatxoa da herriko altxorra, izugarria bai egituraz bai barruko freskoengatik, bitxia kanpotik zein barrutik. Harri argiko horma garai karratuak biltzen du erabat. Txiki-txikia baina 3 nabekoa, harri gorrixkako zutabeekin; baxu-baxua, ganga borobileko horma-zulotxoa da presbiterioa, horma-zulotxo txikiago batzuk dira alboko aldareak. Eliza osoa dago erabat freskoz pintatuta, fresko gorriz batez ere. Bibliako gertakizun eta kontakizunez gehien bat. Eliza dena, erabat. Hor dager Herioren dantza edo katea ere, albo bateko horman batetik bestera: han doa, herioa soka-buru dela, eskeleto bakoitza beste bati eskua emanda, gizarteko pertsonaia mota oro, sehaskatik altxatzen den umetxoa da sokako azken kate-begia. Zirraragarria. Alpeak inguruan, Trentotik gertuxe ikusi genuena dut gogoan. Hura eliza kanpoko horman zegoen, handiak ziren hangoak irudiak, iruditegi hau, ordez, eliza barruan dago, irudi txikiz osatua.
Txirrinduentzako bide-gorria Koper aurrean, autobidearen lagun doa luzera berdinean. Kostaldearen eragina, turistak erakarri nahia, turistei bizimodua erraztu eta atseginagoa egin nahia.
Koper. Izugarri zabala: etxe txiki edo txaletak amaigabeko zabalera-luzeran zuhaitz artean, etxetzar piloa; alde zaharra itsas gainean. Turismo usaia dario. Portua golkoaren altzoan, nasa luzeko portu handia, itsasontziak bertan, mota guztikoak eta ugari. Portuak girotzen du hiria: ez gatzaio hurreratu non ibili ez baitzaigu faltako gaur, baina badu non ibili hiriak itsasoari, urari eta ontziei so. Alde zaharra, zaharkitua, nahiko bihurria, kale estuko sarea. Kalediak ez du piperrik, kolorgetuak eta utziak daude etxebizitzak, zorua dute zaindua. Ez dirudi kaleok kanpotarren ibilgune direnik, ez dirudi bisita-leku denik, gaur behintzat, baina badu hainbat ukitu dottore, hainbat xehetasun eder. Bada arrantzaleena omen zen eta, moinonoa ez arren, auzo berezia dena, bada hainbat jauregi, bada etxe bitxi bat, ezberdina eta deigarria, kolore ezberdineko laukitxoz pintatua goiko erdia hagatzarrek eutsizko irtena duena. Joan, ibili, begiratu eta aurkitu. Titov plaza da hiriko altxorra, veneziar plaza peto-petoa, ezaugarri guztiekin: eliza, dorrea, bataiategia, jauregia mailadi eta balkoi korrituarekin, logia, burdineria, jauregiak, baita harrizko gaina duten bi putzu landu ere. Harri zurikoa dena, argia, denak zizel-lan bikainekin; denari dario, artelan zizelatuei ere, veneziar kutsua. Nasatik gertu, harri zuriko iturri antzerako moldaketa ezberdin bat; baita hiriko ateetariko bat ere, dozena omen ziren ateetatik bat, iraun duen bakarra.
Ez da ezer bitxia baina ordubetez joan lasaian kale-arteko ibilia egiteko aukera eskaintzen du, hartu planoa eta bitxikeriok bilatzen jolastu.
Zaparrada bota digu.
Aparkaleku ugari dago, kobratzailea dago denetan, ez aparailu automatikoa, pertsona bat baizik, sarreran aulki batean jarrita kontrolatzen du sartu-irtena, makinak erosi ordez lanpostuak sortu: txarteltxoa ematen dizute sarreran eta egonaldiaren arabera jartzen dizute ordainsaria irteeran. Emakumea zen kobratzaileetariko bat, gureetan, OTAtik at, emakume guti da horrelako lanetan.
Itsas bazter-itsas bazter goaz, bestaldean Trieste ikusi ahalko genuke ganduagatik ez balitz.
Alemaniar batek etxatoiaz gain kanoa handi bat darama auto gainean.
Italiarren menpe egona aspaldietan eta aspaldietatik, italiar kutsua du denak, hiriko egituran ez ezik herrien kokagunean ere nabaria da italiartasuna: tontorretan zein hegietan daude herriak, elizak italiar kutsukoak dira, biztanleriako askok egiten du italieraz.
Izola. Arrantzale herria omen garai batean, turismo gunea da gaur egun. Portu luzea eta zabala du, guk autotik ikusi dugu batez ere, oso albotxotik ikusi baitugu. Baina ez dugu arrantzontzi askorik ikusi, guti eta txikiak ziren zeudenak. Ontzi-ola bat bai badu.
Bihurria da kale sarea, ia galdu ere egin gara labirintoan, sartu sartzen zara baina ez da erraza nondik irten asmatzea; ajatuxea badago ere, xarma dario. Elizak, jauregiak, dorreak, etxe ederrak, kale gaineko etxeak... bada zer aurkitu, zertaz gozatu. Zahartuxea dago zaharra, zaharkitu egin da zaharra edo zahartzen utzi zaio, garestia da orain berritzea; baina bada berrikuntza ahaleginik. Zurezkoak dira kontraleihoak, bakoitza eta banaka arruntak dira kontraleihook, denak, zurezkoak izatean dago berezitasuna. Hila dago Alde Zaharra, ez dago ez tabernarik ez ezer. Hondartza luzeak eta ugariak omen ditu, horrek erakartzen omen bisitaria.
Alde bakoitzeko buru zapal-zapaleko pinu ilarek aterpe aparta sortarazten dute errepidean.
Gatzagak, zabalgune handian.
Piran gaintxoan bazkaldu dugu Adriatikoari so.
Piran. Kroazia parez pare badiaren bestaldean, bisitariak erruz erakartzen dituen herria da, lurmutur batean eraikia. Turista-herria, bisitariz oparo dago astelehen soilean ere. Sartu aurretik jaso behar duzu sarrera eskubidea: ez dago herrira sartzerik ordain-txartela jaso gabe, ezta irteterik ere ordaindu gabe, barruan bakoitza konpon bedi autoa uzteko, ez da erraza, aparkalekua zabala izanik ere. Portua, hazia du, baita Marina deitzen dioten itsasadartxoa edo portu gordea ere, kale-artean barna jauregi bertaraino. Alde Zaharra, kale estuko nahastua, bihurria; bitxikeria da, saltoki eta kafetegiz mukuru, beste mundu bat da gaur bertan ere, bizitasuna dario, pil-pilean egon behar du herri honek arratsaldez. Plaza, aitatu beharrekoa, logia ez arren veneziar-veneziarra hau ere lehoi eta guzti; banderak jartzeko bi masta handi ditu. Plazan ordez, tontorrean daude eliza eta bataiategi oktogonala, tontor berean ere dorre sendo garaia. Eliza da aitatu beharrekoa: hondatua, gaur egun berrikuntza lanetan erabat murgildua; garaia erabat, eta luzea; dena da handia elizan, San Jordi irudia ere erraldoia da, erraldoiagoa biltzen duen koadroa, koadro oro elizaren neurrira, handiak denak; organo dotorea, berritua edo ongi iraun duena, urre kolore eta kolore zuriz deigarria eliza ilunean. Maiatza 1.a plaza, italiarra da hau ere, irudi tailatu, mailadi eta bi putzu landuekin. Juduen plaza, berezia, berezia ere inguruko kaledia. Ez dago eliza faltan herria: Frantzizko dohatsuarena dotorea da, zaindua, garbia; Edurne Amabirjinarena, txikia eta erakargarria, fresko paregabeak ditu.
Ezer bitxirik ez, ezer nabarmen ikusgarririk ez, baina xarma du, badu erakargarria egiten duen zerbait. Han-hemenka hainbat ukitu eta xehetasun aurki daiteke, etxe edo pasabide delako arkupe diren kale-guneak... merezi izan du bisitak.
Postalak idatzi ditugu laguna eta iloba urtebetetzean zorionduz, plazan eserita, lasaitasunean. Ateri ez ezik, eguzki epelez bukatu dugu bisita
Portoroz. Uda-udako herria, badia ederra, itsas kontra aparkalekuak, etxe nahiko handiak, lorategiak, dotoretasuna... turismo aberatsaren jitea dario baina erruz etorriko zaio igandezale xehea ere.
Lucja. Aurrekoaren bikia, beraren etenik gabe jarraian fisikoki eta izaeraz.
Padura zabalak. Kroaziako mugaren luzeran egin dugu joanaldia: jakin ahal izan dugu badugula Kroaziara sartzea pasaporte soilarekin.
Auto zahar guti dabil errepidean, ugariagoa dira herrietan. Berriak, aldiz, asko eta marka zein modelo guztietakoak: europarrak dira jadanik hemengo biztanleak.
Mendian behera herritxoz betea dago mendi-malda oro.
Lupulu sailak ikusi genituen Iparrean, La Union izeneko garagardo fabrika aurkitu dugu Koper inguruan.
290 kilometro, luzeak, itsas baztertxoa ikusteko.
“Agirre zaharraren ...”, K. Izagirre:
* “Euskaldunon azken mendeko historian beti dago presoa present, herriko arimaren ezten eta akuilu. Askatasun garrasia, arimaren zalaparta”.
Maiatzaren 9a. – Asteartea. 8.a - Esv:6.a
Bandeira – Sarrio:
* “Nik, hiltzen ari denaren antzera egiten ditut bertsoak”. Hala bizi dut erretiroa, baina ez etsipenez, bizitzako azken bidaialdi oparoa lez baizik.
* “Hirietan pertsona guztiak antzekoak dira / Berdina da mundu guztia. Mundu guzia jende guzia da”. Zerbait antzerako gertatzen zaigu herri guziekin.
* “... ondo igartzen da bakoitzak bere arima dakarrela”. Bidaiariak ez du herri bakoitzaren arimarik jasotzen. Gehienez arimaren mintza, herriari antzeman besterik ez. Arinkeria iruditu izan zait beti neuk ere herriez eta biztanleez diodana.
Poesia, goizero bizitzari leiho berri bat irekitzeko sekretua.
Bidaiaren 8rena egin dugu. Ze azkar doazen egunak, atzokoak diruditenak aspaldikoak dira jadanik, azal bizian dituzun gertaera eta bizipenak historia dira dagoeneko. Nostalgia ote, ala giza barnearen misterioa?.
NOTRANJISKA
10ak jo berri, 21 gradu, eguzki esperantza. Errepidean gara.
Errepidean sartu orduko dugu argiak pizteko keinua. Kulturaren eragina ote ala gidarien arteko solidaritatea poliziei beldurrak eragina?. Ez dugu trafiko-polizia bat bera ikusi, bestelakoak ere ez asko Alpeetako mugan ezik.
Herrietara hurbildu asmoz, autobideri ihesi, doako errepide eta bide txikietatik egiten ahaleginduko gara gaur.
Berrikuntza-lan ugari dago, banaka banaka, herrietan, espaloi tuteria estolda...
Ez zaigu aldatu ez naturaren paisaia, ez urbanoa. Orain arte aitatutako orok balio du gaurko ibilirako ere, herriei, herritarrei edo inguruari buruz. Tristura sentipena sortarazten didate herri txikiok, hitsak dira, bizitzarekin eta bizitzearekin nahiko lan duen herri nekazari eta langilea da, soberakinik gabe bizi den jendea, harrokeriarik gabeko bizimoldea.
Semaforo, herri zeharkatze, atzerapen eta guzti, gidari gehiagok aukeratzen du Eslovenian ere doako errepidea ordainduzko autobide erosoa baino.
Bada jada burututako galsororik, metro erditik beherako lasto txaparrekoa.
Eliza argi kanpandorre zorrotzekoak dira deigarriak, baso ilunean biziki ikuserraz, zortzi zenbatu ditugu une batez han-hemenka barreiatuta, elizak edo kanpandorreak soilik, basoan ikusi ezin ahal dugun herritxoaren inguruan bakoitza segurutik
Adin guztietako eskolaume taldeak ikusi ahal dira herri guztietan, irakasleak lagun, bisitaren bat kultu-gune batetara, kale-ikasgairen bat gauzatzen...
Elur lurraldea: erabat pikoak dira teilatuak. Harri-txirtaz betea zegoen kaxa handi bat bihurgune piko-piko batean: elurra eta izotza sarria denaren froga berri bat.
Vrhnika. Kaledi bildua, zaindua, beste herriak baino dotoreagoa, berrituagoa, herri itxurazkoaren taxua erakutsiz, ez du nekazari girorik, badu industria ere.
Herri hasi gehienek du aurrekoaren jite bera.
Logatec. Sky jauzietarako irrista-leku motz samarra ageri zaio basoan irekitako garbigune maldatsu luzean, teleaulkientzako kablea du alboan.
Sakanan baikenbiltza gabiltza jadanik herriotan. Lasaitasun osoz.
Ohitu gara ezer ez ulertzen, jendearekin hitzik ez egiten; esan beharrezko gutxiengo hori keinuz adierazten dugu eta kitto.
Postojna. Txukuna, zaindua, garbia. Hasia eta zabala arren etxe bakaneko herria da; badu izan hiru etxe jarraian lotutako tarterik, baita eraikin handi bakan batzuk ere.
Postojnska Jana. “Postojnako kobak”: kobazuloa esan nahi du jana hitzak.
Kobazuloak dira Esloveniako erakarpen nagusietako bat. Hainbat eta hainbat daude, 160 koba omen bisitatzeko prestatuta daudenak. Inguru honetako mendi karstikoetakoak dira ospetsuenak. Hegorago dagoen Skocian kobazuloa ei da ederrena, guk hemengo hau aukeratu dugu ikusteko.
Erabat ustiatuta dago kobazuloa, barruan zein kanpoan. Muntaia erraldoia: aparkaleku izugarri zabalak, hotelak, dendak, kafetegiak, komunak... dena dotore, txukun, garbi. Ingurua ere aparta, arduraz antolatuta eta zaindua, ibaiaren inguruan: zubi, belar-gune, arboladi... ibaia bera haitzuloko aho handian gordetzen da mendia azpitik zeharkatuz. Bada beira-arasa batean erakusgai antigoaleko suhiltzaile auto bitxi-bitxia, begien jostailu eta argazki zaleen amu. Uholdeka dator bisitaria, autobuskadaka; ehunka ginen gure bisitaldiko txanda berean, hainbeste ziren aurrekoan eta beste horrenbeste ondorengoan. Italiar ikasle talde handi batekin egokitu zaigu bisita, berba-hots zurrunbilo umoretsuan murgilduta egin dugu ikustaldia. Hizkuntza ezberdineko taldeetan banatzen da ikuslegoa, ingelesa, alemanera, frantsesa... gaztelera harro zapaltzaileak ez du hemen inolako agerpenik ez aipamenik. Aurreko orduan sartu den taldea dabil gure aurretik, urrutian ikusi ditugu estalaktita arteko bihurgune batean.
Trenez eramaten dute ehunkako bisitari koadrila barrura hainbat kilometrotan: tunel luze baxuan zoaz tarteka, baina gehienetan izugarrizko galeria eta haitzulo erraldoietan zehar, bikain argiztatutako galeriaz galeria, estalaktita, estalagmita eta horma bitxiei so. Kilometro eta erdi egiten da oinez ondoren: Eibarko Toribio Etxeberria kalea jai egun batean dirudi, hura garai batean baino hobeto asfaltatuta eta argituta, eta hura bezain jendetsu. Pare bat metroko zabaleran berdindu eta leundu dute zorua, pikea da bide-gorria, gora eta behera, zuloz zulo, galeriaz galeria. Errusiar soldaduek jasotako zubia ere bada alde batetik bestera ebakidura bat zeharkatzeko, gero geu izango gara azpiko zulotik, zubipetik, egingo dugunak, berriro ibilbideari jarraituz, zulorik zulo ibili ondoren.
Ohizko ikuskizun zoragarria eskaintzen du barrutik kobak. Estalaktita eta estalagmita basoa, forma harrigarri eta bitxiak, estalaktita eta estalagmiten sinfonia zoragarria, katedral harrigarria, katedral gotikoa apaindura bertikal zorrotz landuekin. Katedral txikitxoak batzuk, zulo ikaragarriak dira zenbait galeria. Irudimenaz jolasteko aukera paregabea: haitzen formei biki bat bilatu eta izena eman. Zenbaitzuk hartua dute izena, “espageti”, pila dira sakil itxurakoak, baina mila aukera eskaintzen du bakoitzaren jolaserako. Plazer bizia izan da ibilia eta ikuskizuna, taldearen atzean jarri, itomenik gabe begiratu, eta gozatu.
Trenez da berriro kanporatzea. Metroko geltoki bat dirudi barruko geltokiak: denda, komuna, bidaiari pila zain nasa luzean... Galeria erraldoia den geltoki aurreko plazan jarri dituzte bitxikeria bezala erakusgai kobako berta-bertakoak diren animaliatxoak: luzeak, hanka motz zapalekoak, kolore argikoak, mutur bitxikoak, itsuak, itxuraz ere bitxi bitxiak.
Tokatu behar zitzaigun: gure bidea bikeztatzen ari direlako beste herri batera jo behar izan dugu, gure ibilbidea aldatuz.
Rakov Skocjan. Naturgunea. Harriek egituratutako ate, zulo eta pasabidez omen bitxia. Andia eta Urbasako forma bitxiak ditugu gogoan. Antzerakoak behar dute izan hauek. Oinez arratsalde-pasa egiteko ibilaldi aproposak daude, bide-gorri zabal zaindu-zainduak zeharkatzen du natu-gunea, autoz egin dugu barneko ikustaldia, atsegina izan da baso-basoko gidaritza.
Txakur guti ikusten da Eslovenian, bakardade gaitzak ez du nonbait oraindik jo herri hau.
Dolenja Vas. Herritxo polita, lakura doan errekatxo batek zeharkatzen du. Bi begiko zubitxo sendoa egin zaigu deigarri, sendoa, egituraz bitxia, arkugintzan abilezia handirik ez zuen herriko injineruren bat aritu zen nonbait; bi arku estuko zubitxoa egin zuen: begi bakarreko zubia egin ohi da horrelako ibi estuetan!.
Cerknica.
Lakua. Berezia dela diote: bete eta tarteka berenez hustu egiten omen da. Ikaragarri zabala da, amaigabeko kilometrotan inguratu dugu bide-gorri zabal batetik, tarteka baso barrutik, tarteka albo albotik, begi-bistan dugula. Padura dirudi gehiago lakua baino, berde-berdea, belartza bailitz alde batetik bestera, kanabera lehorrez horixka tarteka; ibai garbia eta hazia jaiotzen da lakutik bertatik, belar-gunetik. Bide-gorri batek zeharkatzen du erdi-erditik, herritxoa dago lakuko erdigunean. Paitak dabiltza uretan kanabera artean: autobuskada adineko, bakoitza bere tripode gaineko prismatiko handiz armatuta, zeuden ikusminez beraiei so.
Oinez zein txirrinduz nahi haina kilometro egiteko aukera ederra eskaintzen du lakuak. Berari begira bazkaldu dugu gure fruta harizpean.
Lurralde berri bat: Sva ibaiaren hegoan, lurralde ezberdinez osatua, mendi, bailara ezberdinez. Novo Mesto da hiri nagusia.
Bailara atsegin bat, herritxo pila zeharkatzen dugu. Lehortegi edo belar-esekitoki zabal handiak, ugari, etxe gehienek dute bakoitzak berea, baina ez dago teilapeko langadi soilik. Behiak larrean, ia ez dugu ikusi gaur arte: belartza guriak larrean, baina kortan preso egon behar belar lehorra janez, preso nekazarien interesengatik. Ortu zale asko dabil gaur baratzetan jorraketa lanetan, batez ere emakumea, emakume nagusia.
Zlebic. Jostailua dirudi elizatxoak, ia borobila, polit polita, dorrea alde batera eta aterpetxo batez estalia sarrera bestera: xarmanta.
Velije Vas. Dorre bikoitzeko eliza, oso guti dira horrelakoak.
Pijava Gorica. Kanpotik berritzen ari dira eliza: ezohizkoa hau ere.
208 kilometro, haitzulo, naturagune eta laku bila.
“Agirre zaharraren...”. K. Izagirre:
* “... pertsonak edozein detailetatik egin dezakeela ikur, eta ikurra bihurtzen dela bere bizitzari zentzua ematen diona”. Ikurrei helduta bizi gara denok, gizaki oro.
* “Ikasi egin behar duzue bizarra egiten, lepoa egin ez diezazueten”. Ez da erraz!.
BIDAIAK 2000
Maiatzaren 6a. Larunbata. 5.a - Esv:3.a
J. Iriberri:
*“urdin koldarra eta beltz mugagilea”. Beltza bai bada mugagilea, baina zergatik koldarra urdina?.
*“kalatxoriek ez ziotek / sekulan ere / hegalpeko lumak elkarri erakusten”. Gizakia saiatzen duk ba auzoarenak ikusten.
Goiz egin ditugu erosketak, itxi egiten baitituzte dendak larunbat arratsaldez eguerdian.
Hamaikak eta erdietan atera gara, beraz, gaur, arropaz aldatu ondoren, uxatu egin baititu goizeko lainoak eguzkiak. 28 graduko hozberoa.
Argiak pizteko keinua bota digu gazte batek, sarri gertatzen zait argirik ez piztea; ohitura hartu artekoa.
Bada gazte jende bat patina darabilena batetik besterako. Txirrindua ez da erabiliegia.
GORENJSKA
Lurralde zabal-zabala, berde-berdea: mendi berde-berdez inguratutako lautada zabala. Belar ebakitze lanetan murgildua da nekazaria: hiru lekutan aurkitu dugu plastikoan bilduta belarra, langa sailetan eskegita belar ebaki-berria.
Teilatu iluna nabari zaie arbola artean gordetako herriei.
Kranj. Etxe handiko multzoak erakusten ditu urrutitik begiratuta. 12etan heldu gara, adar eta kanpai hotsez egin digu harrera, dena izan da kanpai eta turuta, tarte luze batez. Ordubete lasaia eman dugu hirian.
Tontor batean kokatua, gora egin behar da bertaratzeko. Alde zaharra: behe eta lehen solairuko etxez, antzinako etxe polit eta atseginek osatua. Herri luzea, luzetara egitaratua, tontor baten egia jarraiki. Hiru kale ditu batez ere hegiko alde zaharrak: erdikoa da xarmantena eta dotoreena, bere albo bakoitzean beste biak, txukuntzen eta berritzen ari dira bietako bata. Oso potxoloa da erdiguneko kalea, etxe argiak ditu, koloretsuak, pintatu berriak diruditenak. Hiribildua izana, dorre bakarra geratzen zaio, ertz batean, harkaitz gainean ingurura behatoki: borobil zabala da, erabat itxuraldatuta, ez genion dorrea den antzik hartuko gidaliburuagatik ez balitz. Harrizko ate borobilak dituzte etxe gehienek. Harri bolkaniko porotsua erabili zen zenbait eraikinetan. Brontzezko gizairudi erraldoia eliza nagusiko plazan, sozialismo garaiko jite petoa duen antzoki aurrean. Posta etxeko fatxadako gizairudi erraldoiak dira sozialismo garaiko oroigarri nagusiak, nabarmenenak, ia bakarrak.
Elizak: ez dago eliza faltan herri hau ere: Izurritekoa, XV. gizaldikoa omen. S.Cantiano: freskoz apaindua giltzarri landuko sabai gotikoa, zutabe mehar leun ortogonalek eutsita, deigarria; korupeko arkuen hasieran, beraien eusgarri eta hasera, burutxo zizelatu xarmantak; bankuteria sendoa ohi denez. Ba omen da hezurtegia zorupean baina itxita dago berrikuntzak direla eta. Errosario: artelan askoren gordeleku omen, baina itxita dago.
Berrikuntza lanetan, aldamioz bilduta dago hiria; aldiz, eliza bakanak ikusi ditugu berrikuntza lanetan, ez da nonbait elizetarako sosik.
Giro aproposa arnasten da, jendea erruz dago kafetegi aurreko mahaitxoetan pivo edanez. Arrainak ere, pila: beheko erreka zabaleko haitz azpietan egon geldi-geldian, nabarmen eta deigarri.
Gorrarekin ikusi nauelako Lenin gogoratuz nostalgiko, agian nagusi ikusi nautelako, nork daki iragan garaien minez… ukabila altxatuz agurtu nau irribarretsu pivo-edale batek.
Herritxoz herritxo izan da gaurko ibilia. Nahastuxe ibili gara ibili ere jabetu garen arte urdinez iragarritako errepideak ez direla autobidea, berdez dagoela iragarritakoak baizik. Gu berriz errepide urdinei iheska ibili gatzaie erdi erotuta herri-bideetatik norabidea zuzendu ezinik!.
Ez da aldatu giza giroa gaurko herrialdean, ezta natura eta herri paisaia ere. Atzo ikusitako jite berak dirau. Baina beti dago zurezko balkoi polit bat, etxaurre txukun-txukun bat, etxe eder bat, kaperatxo bitxi bat, langadi eta lehortegi ezberdin bat, eliza dorre zorrotz lerdenak mendi tontorrean, zuhaitz artean gordetako teilateri erakargarriren bat... bidaia erakargarriagoa egin eta monotonia uxatuz. Berenez eurek ez duten bizitasuna ematen die eliza eta dorre lerdenek herriei.
Goialdea zuri gorriz nabarmen eta ikuserraz pintatutako tximinia luzeko eraikuntza du inguruan hiri handi bakoitzak; gas fabrika edo hiriko zerbitzuren baterako behar du izan, agian fabrika bat besterik gabe, hiriko hainbatentzako lanbidea.
Betiko topikoak aitatzen ditugu bion artean: lurralde berdea, bailara zoragarriak, baso erakargarriak... Topikoak, baina izan dira paraje ederrak.
Alpeak agertu zaizkigu une batez, kare-harrizko menditzarrak, handi eta argiak, elurra dager oraindik haitzarteko erreten eta toles-guneetan. Austria dago beste aldean.
Larunbat arratsaldez baliatzen da hainbat biztanle etxeko lantxoak burutzeko, balkoia konpondu eta antzerakoetarako. Langile pobreak ez du astirik astegunez, jaieguna bera ere ez da jai berarentzat.
Eslovenian ere biziberritu egiten da jendea asteburuan: nabarmena da edozein herri, egun eta girotan, ibilian, irribarreetan, janzkeran...
Raovljica. Herri xumea, baina benetan xarmanta, txikitxo polita, bertan gustura bizi izatekoa. Etxetxo polit asko ditu, nahiz kolorgetuak, erdiko plazakoak edo plaza nagusikoak dira deigarri-deigarrienak, galduxeak daude fatxadak baina forma ezberdinekoak dira eta denek dituzte freskoak. Bi dolare antzinako erakusgai jatetxe baten aurrean; ederra da ikuspegia ere bertatik. Plazako eraikinen artean bada bat handia, argia, eta ederra; bertan omen Esloveniako erakusketarik iradokitzaileena: itxita zegoen ordea; ikusgai zegoen sarrerako argiaren inguruko erakusketa bat ikusi ahal izan dugu soilik. Eliza, fatxada ezberdina du, triangelu zabal garaia irudikatuz, xarma duten hiru sarrera gotiko xumeak baina aldi berean landuak. Barrura sarrera itxita du baina burdina-sareko atetik ganga pintatua, baita bakoitzak hiru makilatzarreko hiru zutoihalak ikus daitezke bankuteria sendoan kokatuak.
Lesce. Nekazari herria, handia, etxe bakanez osatua. Gurdizko zaldi lasterketarako pista du.
25 gradutik gorako hozberoan gabiltza egun osoan.
Bled. Turista-herri kutsua du. Lakua du erakargarritasun nagusia. Sekulako bazterra: pasoko ordu gutirako, arratsalde-pasarako, zein egonaldi luzerako, aukerakoa; burua gandortu dezake Suitzako lakuen aurrean ere: ez da harritzekoa erruz izatea bisitariak. Laku ederra da, 6 kilometroko ingurua du, eta turismorako baliatuta dute ertz dena, inguru dena da turista-leku. Erdian uhartetxo arbolatsua eta arbola artean zut deigarri elizatxo dorre luzea. Zaindua, gustuz egokitua eta atsegina, ibilaldietarako aukerakoa da laku buelta osoa. Erruz dator jendea alboko hoteletara, autobusez, batez ere alemaniar eta austriarra, italiarra ere ugari dabil. Batelak, ahateak, zisneak, bada elizatxo polit bat ere. Gaztelu edo gotorlekua haitz biziko amildegi baten gainean, laku gain-gainean. Badu bide-gorri apaina. Luzera osoan doakio ere errepidea alde batetik.
Bailaratxoa bailaratxoaren ostean, horrela doa arratsalde osoa. Zoragarria da. Ibai bazterrak, kanoak, raftinak... lautada belardi, mendi pikoa baso, elurra osteko menditzarretan goialdeko maldetan behera. Mendi-zintzurrak errekari zein bideari tartetxoa utziz haizpetan, urlasterrak mendi-zulo malkarretan, erreka barea, beti garbia, lur lauan.
Bohinj lakua. Luzea eta zabala, aurrekoa baino askoz handiagoa, baina ia bere-berean oraindik, gizarteratu gabea. Menditzar baten azpian, malda pendizetako basoa uretan islatuta, lakua bera ere baso bailitzan, errekasto garbi laster ozenak lakoa ur handi bihurtuz. Bide-gorria eta errepidea alde bateko luzera osoan. Leku aparta, geldia, atsegina, bertan gelditzeko irrika sortzen duen horietakoa.
Etxe ederrekoa da inguruko herri oro, bertako jiteko etxe apartak, bizileku aukeratu dute, antza, lurraldea ondo-biziek.
Atsegina izan zaigu etxeratzekoa ere, bailara gehiago, zein baino zein erakargarriagoen barrena, ametsetako bailarak, pelikuletakoak, ipuinetakoak; iratxoak eta gnomoak agertzea falta izan zaigu.
Stara Fucina. Menditzarpean; eliza xarmanta du, S.Kristobal erraldoi bat du pintatuta kanpoko horman.
Usu aurkitzen da S.Kristobal irudia: laku alboko elizatxo bakarti bateko kanpoko horman bazen bat gaur bertan; beste bat atzo, erraldoia hau ere, elizako horman hau ere, ia ia kolore gorrikoa, erabat deigarri. Bidaiarien patroi izanik, ibilbide edo pasoko lurraldea del erakusten du.
Studor. Langadi eta lehor-tokiak: inon izatekotan hemen dira, kontaezinak bailara osoan, perretxikoak bailitzan, etxe inguru zein belartzetan, ilungune grisak berdegune jorian.
Kukua entzun du lehenengoz Maria Luisak, baia ez zeraman dirurik. Nik ez du entzun oraindik.
Ederrak dira etxeak, zainduak, ez du aitzakiarik Suitzarekin ere. Banan-banako etxeak zenbait herritan, teilatu piko-pikokoak, arbel harri zapaleko teilatuak, zenbaitzuk zurezkoak.
Patxadan dager jendea herrietan eta laku inguruan. Ez dabil jendetzarik bazterretan.
Sredngavas
Ezin gara aspertu, mendi berdeko erdigunean goaz, belartza zabalaren erdi-erditik marra gris iluna den bidetik, txindurriak baikina, erabateko bakardadean. Simaurrez betetako gurditxoa daraman zalditxoa eta zalgurdietan lez eserita gidatzen duen nekazaria izan dira ageriko bizidun bakarrak tarte luzez. Ez da granjarik, ez behirik larrean, ezta kortarik ere ageri: etxepean egon behar du haziendak gure baserrietan bezala, zer egiten dute bestela hainbeste belarrekin?.
Boh Bristicatik aurrera utzi egin dugu ohizko errepidea eta pista antzeko bikeztatu gabeko bide batetik hartu dugu. Basorik baso. Aspergarria ere egin zaigu zuhaitz arteko joan etenik gabea. Baina ez zaigu damutu bide hori hartua, 1.200 metro inguruko goieran gabiltzala, elurrarekin egin dugu topo goian, elur sailak geratzen baitira oraindik. Tontorretarako teleskiak eta teleaulkiak. Beherakoan galipota agertu zaigu gurpilpeko. Zoragarria zen behean mendi-zuloko bailara berdea basotik ateratzean. Izugarri polita. Teilatu leun pikeko herritxoak bertan barreiatuta.
Sorica. Pintore famaturen bat da nonbait herriko seme: astotxo gainean jarri dute sarreran herriko iragarkia, pintorea bera han dago brontze bihurtuta belartza erdian, zut, naturari begira pintatzeko joeran.
Zoragarria da, ez gara aspertzen; tarte batzuetan mendi-magalez mendi-magal goaz belartzaz belartza, belartza erdian, mendi-gain eta malda arbolatsuei begira.
Sakoneran ginen ondoren, errekatxo biziaren kontra egin dugu errepide nagusira arteko bide luzea. Loratuta daude fruta-arbolak, bete-betean. Geriza-urte aurten.
Herritik herrirako kilometro kopuruarekin soilik jartzen dituzte kilometroak zenbatuzko letreroak, ez dago kilometrotik kilometrorako neurketa iragarririk, bidegurutze nagusietan soilik dakigu zenbat kilometro geratzen zaigun hurrengo herrira. Ez dira gehiegi arduratzen norabide seinaleekin ere.
Gogoratzen dugunez, zainduagoak ditu Austriak etxe inguruak, hemengo etxe-bueltak ez dira zikinak, inondik ere, ez dago simaur edo hondakin edo botatako zatarkeriarik, txukun eta garbi dago dena, baina ez dago Austria bezain apaindua.
Zelezniki. Labe handi bat dago bera bakar bakarrik herri erdi erdian; erraldoia, luzea, zabala, karratua, oso bitxia, errauts usaia dario, badirudi oraindik erabili egiten dutela noizbehinka. Futbol partidua jokatzen ari dira, ikusle taldetxo lasaiaren begiradapean.
Autobus geltokiak kapritxokoak dira, zurezkoak, bakoitza bera, ezberdina, badirudi herri bakoitzak berea egiten duela bere erara.
Skofja Loka: errepidetik ikusi dugu, etorriko gatzaio bisitan. Etxetzar handi eta zatarrak ikusten zaizkio, badaa Donostiako S. Bartolome ikastetxea gogarazten digun eraikuntza handi bat ere goi batean.
Autoz josia dago herritik kanpoko elizatxo bakarti baten ingurua: ezkontza ospatzen da arratsalde beranduan.
7ak eta erdietan heldu gara etxera, berandu baina gustura.
193 kilometro, bailaraz bailara.
Bart gauerdirantz heldu zen bikote gazte txekiarra autoz denda txikitxo batekin, goizez alde egin dute: urrutirako bidaiaren bat edo herriz herri dabiltza lo-toki soilik zaielarik kanpina. Bigarren bikote gazte batek goiz alde egin du oinez motxilatzarra bizkarrean, dendatxoa zuten hauek ere. Bikote heldu bat heldu da gaur itsasontzi pneumatiko motorduna atoian zekartela... Bere bidaiatzeko era du bakoitzak.
Ilargia hasia da gorantz: gaugiro apartak izanen ditugu garbi egitera, sorginduak ohera aurreko komunetara joan-etorriak ere.
Izugarria kanpineko isiltasuna: ordulariaren hotsa bera ere ia gehiegizkoa bihurtzerainokoa.
Maiatzaren 7a. Igandea. 6.a - Esv:4.a
J. Iriberri.
* “Edalontzia eta zigarroa / euren euskarri bakarra”. Bidaiatzea ez zaigu zorionez euskarri nagusia. Hala bai?.
* “Zeru guztiak altuegi zeginaten hegan / ihesean kometa galduak bezala”. Altuegi izan genuen zoria lehen egunetan, baina badirudi eskuratu dugula kometa.
* “Txikitxoa izan naun betidanik; pentsa / honek laguntza handia ematen zidanan”. Handi izan nahian datza gaur egungo zorionik eza.
* “”Laguntza gutxikoak bait dira niretzat / Asmatu izan diraden jaungoiko guztiak”. Laguntza handiak dira jaungoiko guztiak dirauten bitartean. Beti dugu izan, euskarri, jaungoikotxoren bat.
Txori-kantu ezberdinak bereizten egiten dut goizeko komunera ibilia. Gaur eliza-dorretako kanpai hotsek bildu dute ingurua bederatzietan txori kontzertuari soinu eta doinu berriak erantsiz.
Aldats pikoa igo ezinik doan kamioi zahar zamatuarena dirudi nire bizarra egiteko makina elektrikoaren durundiak, are burrunbatsuagoa kanpineko isiltasun baketsuan.
Nire aurretik komunera doazen gutik ikasi dute eskuila erabiltzen urari eman ondoren.
GORENJSKA
Kilometro kontagailua 0 jarri eta atera gara goizeko 10etan Alpeak aldera egun ederraren itxaropenez, lagun izango dugulakoan eguzkia.
Asko dira lanean ari direnak baratzean, domeka arren: jaiegunak, langileen ordu estrak, sindikatuek aintzakotzat hartzen ez dituenak baina hainbat langileek beharrezkoak dituenak bizimodua arintzeko.
Sarri joan izan gara trenbidearekin bat, baina gutitan egin dugu topo trenarekin: gaur bide-kide izan dugu tarte batez aurreratu gaituen arte; luzea, azkarra eta itxura oneko urdinxka.
Banaka-banaka, bada industria-gunerik han-hemenka, hiri inguruetan batez ere.
Plastikozko fardeletan bildutako belarra, traktorez biltzen ari dira atzo ikusi genituenak, biltegietara edo kortara eramateko.
Skofja Loka. Atzo bidaia hondarrean ikusi genuen herria. Gaztelu karratu handia dorretxoarekin goian, eta eliza dorre lerdenarekin behean nabarmentzen dira bere teilatu ilunez teilateria gorriaren gainetik. Ozena, lasterra eta garbia doakio ibaia barrena inguratuz; harrizko horma garaiz erabat hesi eta hezitako ibaia, ibaiaz beldur balira bezala, berarengandik urrunduz eta babestuz. Plaza da herriko altxorra: etxe batzuk bikain-bikainak dira, egoki pintatuak denak, freskoz dotoretuak zenbait, burdinazko landu beltzak ate eta zoru gaineko leiho estalkiak; tunela dirudien pasabide luzea da etxe bateko sarrera, barrenean bi estaiko patioa harrizko arkuteriarekin: bikaina. Zutabea Amabirjina eta santu-irudiz osatua, izurritea gogoratuz, Txekian eta Eslovakian antzo. Eliza, lepo dago mezatan, igandea izaki; erabat inguratzen dute gurutzaduraren erdi-erdian kokatua dagoen aldarea meza-entzuleek. Gangetako freskoak, zutoihalak bankuterian... eta zintzilikatutako lanpara pila litzake elizako gehigarri ezberdina: itzalita dago, ordea, lanpara pila, ilun-iluna barrunbea. Ospitalea, behean, errepidea den kalean, erretaula bikain oparoa omen du kaperak, baina itxita aurkitu dugu. Iturria ospitalearen alboan, zurezko zutabe sendoa bat da, burdinazko kanil, eragingailu eta bestelako osagaiekin; alborago antzinako etxeria txaparro pintatu ajatuxeak: ez da irudimen biziegia behar goikoa plaza inguruko bizimoldearen bizimaila erabat ezberdina irudikatzeko: bizileku ezberdinak izan dituzte beti ondo-biziek eta behartsuek.
Autoko argiak piztea ahaztuta ere, beti da argi keinadaz piztu beharra gogaraziko dizun norbait. Gaur motortxoan zihoan gizontxoa izan da esku keinuz gogarazi didana herritik irtetearekin bat.
Grahovo herria dago inguruan: Errumaniako Grabovo dut begien aurrean bezala, bizi-bizi oroimenean: hango zurezko ubide eta tutueria, hango lan mota guztietarako, baita irundegiko txirrikak eragiteko ere, uraz baliatze miresgarria. Bizkaian ere Oman bada holako ur bideratze bitxi bat.
Bailaraz bailara mendiartean doa gaur ere ibilia, ibili berdea, behean auzo eta goragotik ikuskizun ur garbiko “reka” lasterra dugu beti gurekin. Zabaldu egiten da tarteka bailara berriro mendiartean estutzeko, mendi zintzurra izateraino noizbehinka, ozta-ozta tartea geratzen zaiela errepideari eta “reka”ri.
Jo eta ke ari dira belar ebaketan igandea arren. Nekazariak ez du jairik uzta garaietan.
Teila zapaleko gorriak dira teilatuak hirietan, herritxoetan, ordez, arbel edo uralitazko ilunak, gehienez gris argiak. Ez da bizidunik ageri herrietan, ezta auto askorik ere errepidean: gidaritza lasaia da, aparta
Ez da adreiluzko zulodun lehortegirik lurralde honetan, bakarren bat salbuespen. Baina bada zurezko antzinako lehortegi eta belar eskegi toki ederrik, baita berririk ere. Zenbaitzuk zementuzko zutabeak dituzte, langak berriz beti zurezkoak dira. Beste zenbaitzuk berriak dira, zementuzkoak zein zurezkoak, sendoak, habetzar maisuki eta dotore trabatutakoz ganoraz eginak, Etxarriko zenbait eraikin gogaraziz. Atzo ikusi genuen burdinazko hesoletan burdina-hariz eginiko esekitoki ziztrin bat, bakarra. Ikusi dugu bat, non plastikozko belarrak pilatu dituzten oroigarri edo apaingai: bi aro ezberdin, bi kultura, bi baliabide, praktikotasunak eraginda. Bada etxe-alboa lehortegia bailitzan autoaren aterpe aproposa egin duenik ere.
Zurezko zubi aterpeduna, alboko estalkia falta zaio Madison zubia izateko. Zintzilikatutako zubiak erreka gainean dilindan.
Zarratua dago baso azpia, bakandu gabe bezala. Pago zein izei gazteak, mehexkak, baina luzerari dagokion sendoerakoak, ez txankamakilak, lerden hasiko diren itxura dute.
Ledinike. Herri koskortua, dotorea, kalea den errepidearen luzeran etxe ilaran soltez osatua. Dorre moskote bikoitzeko eliza du, kanpai-hotsez eman digu ongietorria 12etan.
Esloveniar asko moldatzen da ingelesez: argibide bila joan garen tabernako batek ingelesez erantzun dit, ulertarazi dit behar nuen informazioa.
Gure patua, baina, galtzea da. Gaur ere aldrebeseko bidetik egin dugu bidegurutzeren batean gure ustez iragarkiei ernai joan arren. Usaia hartzen genion errakuntzari, ezin zitekeela izan gure asmoetako errepidea. Asmoetakoaren ordez beste inguru bat ezagutu dugu.
Mendian gora egin behar izan dugu, baso basotik, zoru txarreko errepide estu eta pikoan elurrak pikardiak egiten dituelako galipotean edo aurrekontuek kontutan hartzen ez dutelako zoko hau. Gutxienez hirugarren mailako errepidea. Baina bere xarma izan du: gainbeheran balkoi korritu bihurtu zaigu errepidea, berdetasun zoragarria, ikuspegi paregabea; zulo zuloan herri bat zeini pikean goazkion. Egunero hainbat aldiz errepikatzen zaigun arren antzerako egoera eta ikuskizuna, ez gaitu aspertzen, harritu baizik bakoitzean.
PRIMORSKA.
Mendebaldeko herrialdea: mendixkak, bailarak, karstat, itsaso-bazter murritza eta Istria penintsula.
Idrija. Zuloan dago. Bidegurutzetik bertan dugu baina ez gatzaio joan, bide luzea baitugu oraindik aurrean. Merkurio meategiak egin zuen ezagun, nolabait aberats eta erakargarri. Eliza jaso zuten lehen merkurio meazuloa aurkitu zuten tokian bertan; eliza hori geratu zaie meategia agortu ondoren; meategiak ere iraun dute, agortuak, ikusgai daude, non antz eman dakieken garaiko lan baldintza izugarri gogorrei; ohi denez, aberastasunak hegan egin zuen ugazabekin batera. Herri museoan rokoko freskoak, etnografia... ikus daitezke.
SP Irija. Arrunt sentipena damai bertatik han behean dottore ikusi dugun herriak, gatzik, bertakotasunik gabekoa, piperrik gabeko etxez hazitakoa.
Cerkno. Bide errakuntzarekin ikusi gabe gelditu zaigun herria. Dialekto berezi bat darabilte bertan. Ba omen dira herri honetan Mozorro museo bitxia, partisanoek erabili zuten Lehen Mundu-Gerrako ospitalea, mineral ezberdinen eraginez kolore bitxiak hartzen dituen kobazulo bitxia ere.
Idrija ibaiak ematen die izena bere alboko herri guztiei, ibai izena erabiliz konposatzen dute izen herri-izen osoa.
Zelin. Lorezko koroez apaindua du zubia
Cerkno galdu ordez, kilometrotako mendi-zintzur, mendi-zulo eta erreka kontrako kilometrotako ibilbide luze paregabea irabazi dugu. Aurrera heinean, elkar jotzen dute mendiek, bat egiten dira han azkenean, mendi-tontor berdeak albo bietan, oinak elkartzen dira behean, urrutietarainoko luzera zuzenaren amaiera arte. Izugarria. Gu hor barren barrenean goaz, txindurriak baikina mamutzarraren altzoan. Azkenerako, aspertuxe, zabalgune bat eskatzen genuen. Peskariak errekan, erreka erdiraino sartuta uretan: peskari asko behar du egon asko baitira erreka bazterreko autoak. Etxarrin perretxikotara bezala datoz hona arrantzara.
Igandea arren jo eta ke ari dira errepidean berrikuntza lanetan.
Hainbat eta hainbat kobazulo iragartzen da, bisita-gai.
Hemen ez da hayrack edo belar-esekitoki xumerik, aterpedun langadi soilik; aterpe zabaleko guneak dira hemengoak, langak lau aldetara horma ordez, belar esekitoki eta tresneria gordeleku betebehar biak elkartuz.
Mostna Soci. Herri txukuna. Presa egin diote nonbait Soça ibaiari, agian laku bihurtzen da: ur garbi eta argiak, urdinxka-urdinxkak, tindatuta baileude, deigarria bilakatzen da, bitxia, txundigarria.
Ibai hau izanen dugu lagun eta auzo zoragarria bere jaiotzeraino, iturburu bertaraino, berak beherantz ekiten dion tokian bertan ekingo diogu guk bideari gorantz 1611 metrora arte.
4 parapente mendi puntaren batetik jauzi eginda mendiartean han goi goietan.
Zabaldu zaigu lurraldea, bailara izugarri politak eskainiz: beste izen batez, baina hau Suitza da.
Tolmin. Txukuna. Handia izanik, ez da elkarri lotutako etxerik.
Berdegune absolutuan, marratxo ilun bat da errepidea, bertatik goaz gu erabateko bakardadean. Jan egin behar gaitu berdetasunak, irentsi berdeak, hain gaude natura berdez bilduta.
Txabolak dira belartzako eraikuntza bakarrak, metalezko xaflaz estalitako harrizko zein zurezko txabolak, pila, ez da belar-esekitokirik. Pare bat belar-meta ikusi ditugu, garai bateko gureetakoen jitekoak.
Alpeak agertu zaizkigu jadanik aurrean, elurtuak.
Motorista ugari errepidean gaur: hainbat zegoen pizzeria baten aurrean. Agian italiarrak, pizagatik eta muga ere bertan dagoelako.
Kobarid. Txukuna, aratza. Italiako muga hurbil egonik, bisitari italiar ugari datorkio, gaur ere. Frontea izan zen mendiarte hau Lehen Mundu-gerran. Gerra museo du, gerraren aurkakoa, argazki eta antzekoz egitaratua.
Ezinekoa da museo oro ikustea, herri orotan gelditzea ere; aukera egin behar da ze herri ikusi, eta herri horretan ze museo bisitatu. Bizitza osoa da aukeraketa, askatasunaren zama eta pribilejioa, sarritan latza: hemen ze museo ikusi da aukeratu beharrekoa. Italiarren hezurtegia ikustea aukeratu dugu: mendiotan ehortziak zeuden soldaduen gorpuzkin denak jaso eta bildu zituen Musolinik; mendi magal batean daude arku piloa duen monumentu ikaragarri handi batetan 7.014 soldaduen hezurrak. Urrutitik dager, erraldoi, izugarria da bertatik ere. Izugarria baita ere bertatik ikuspegia: beheko bailara ezberdinak, Soça ibaia zabal luze eta urdin...
Italiarren lubakiak, babesguneak, gotorlekuak, behatokiak eta gainerako gerra-fronte osagaiak ere ikusgai daude. Izan daiteke mendiz ibilaldia egiteko aitzakia eta aukera ezberdin bat; bertaratzeko harrak zist egin dugu baina errepideari jarraitu diogu.