BIDAIAK 2000. HUNGARIA
Maiatzaren 17a. Asteazkena 16.a-H1.a
Kukuak eman digu azken agurra kanpinean. Ez ote du oraindik bikotea aurkitu?. Edo utzi egin ote du bikoteak?. Munduko bakartia kuku hau ere.
Belar eguna gaurkoa ere, bero eguzkitsua: Hungaria dugu helburu. Azken begirada Ptuj-i, gaztelua, teilateria, ibaia, dorreak, ... etorri ginenean sortarazitako sentipen on berarekin egiten dugu alde. Heltzean misterioa zena gauza jakina zaigu orain, jakin-mina zena, ase den egarria. Gure jatorritik atzerrira bagindoazen sentipen berarekin abiatzen gara Hungariara, jarrita baikeunden Esloveniara. Norabait berrira abiatzerako orotan lez, abentura irrikak asaldatzen gaitu.
6. kilometroan egin dut lehen hanka-sartzea, amorrua piztuz, baina zuzendu gara, eta lasaitu. Etxatoiarekin ez da erraza bira emateko gune zabala bilatzea!.
Esloveniako azken irudiak: gizon heldu pare bat, amantal urdina soinean, sonbreirua buruan eta aitzurra eskuan; tomate sulfatatzailea etxeko baratzan: Jesusek bezala honek ere esanen du “etxeko” tomateak direla, osasungarriak, kutsatu gabeak; artajorratik bizikletan datozen emakumeak, nagusiak batez ere, aitzurra aldean pedalei emanez eguzkia berotzean etxeko gerizara edo jatordua gertatzera; eskuarez belar ebakia iraultzen batzuk zurezko hiruhortzekin; artajorran hiru-launako ilaretan; errepidean zapaldutako trikuak, gaur bi, lau orotara Esloveniako egunotan; bidaian ikusi dugun lehen istripua: kamioi baten muturrak auto baten alboaren aurka egin du talka bidegurutzeko errepide erdian; Jeruzalen-en ikusi dugun seatiloa, bidaiako 3.a, oraindik bizirik; txakur handia atarian, Eslovenian ikusi dugun banakakoa; helduleku luzeko segak eta makurtu gabeko bazterrak garbituzko segalaritza; zikoina hankaluzea belartza ebaki berrian hamarretako bila, edota zementuzko argindar tantai gaineko habian; polizi kontrola, Sakanerriko txapeloker ankerrak gogaraziz; bakandu gabeko baso trinkoak, erditik zeharkatu ditugunak; bi hilerri ehun metroren barruan herri berean, Kroaziakoen antzera hesirik gabea bata: agian fede ezberdinekoen azken bizitokia, heriotza ostean ere jainko ezberdinek banatuak; maiatzak mugatik gertuko herrietan, txankameheak, halakoak baitira basoetako zuhaitzak ere; azken eliza-dorrea mugatik bertan, pope txanoduna bera, ortodoxo jitekoa; gaztelua, agian jauregia, leiho ugariko etxe-koadro sendoa tontor batetan; Eslovenian ikusi dugun bidegurutzeko lehen borobilgunea muga aurretxoan bidaiaren azken kilometroan, lehena eta azkena; Mura ibaia, sendo, indartsu eta morokil kolore; ibai ertzean trenarena beste zubirik ez zegoeneko txanel edo urontzi zapal luze zabalak.
Hungariako lautadan gaude jadanik, mugaren hemendik oraindik, gaur ez dugu mendi-zuloko pasabiderik Kroaziara bezala; ehun metroren barruan daude aduana biak ere; zabal dager langez bestaldera gure bisita-herri berria. Kamioi ilara luzeak daude muga noiz pasa ahal izango zain.
H U N G A R I A
Mugako protokoloagatik ez balitz ez genioke igarri ere eginen herrialdez aldatu dugunik. Alde biak dira antzerakoak guretzat, biak ezezagun eta ulergaitz.
Ordenadorean sartu gaitu mugazainak, bekozko iluneko neska.
Mugan bertan ikusi ditugu aurtengo lehen enarak, mugazainen aterpe azpiko hagetan dituzte habiak.
Diru-paper piloa jaso dugu, geroak erakutsiko digu bere balioa.
Piztuta behar dute autoko argiek, Eslovenian edo Danimarkan lez. Eroso eta argi iragarrita daude herri-izenak, kilometro kopurua zein errepidearen zenbakia: lasaitua hartu dugu, etxean gaude, ez gara galduko. Argi iragarrita ikusi dugu kanpin bat, hala egonen da gurea ere. Erraz joanen zaigu Hungariako txangoa.
TRANSDANUBIA
Danubiotik haratagokoa, beraz, etimologiaz: Sortaldean bizi zirenak edo sortaldetik zetozen konkistatzaileek jarri zioten nonbait izena; guretzat Danubiotik honantz baitago. Lurralde zabal laua, ez da mendi bat bera ikusi ahal, ezta urrunean han behe-beheko ortzi-mugan ere, baina aldi berean gorabehera leuneko lurraldea. Goitikako ikuspegitik dakusagu tarteka lurraldea bere orokortasunean, zuhaitz artean baitoa errepidea kilometro luzeetan. Berde-berdea dager, baina ez da Esloveniako berde jori erakargarria. Urkia, urte askoko makal lerdenak, izei beltza, haritz tantai bakandua,... lur hezeotan ohi denez. Haizeak airean darabiltza arkazi loreak, eroritakoan ia zuritu egiten dute errepide beltza; lore zuriz apaintzen dituzte soroetako argindar tantai ipurdiak intxusek. Hegazti lepo-luzeak, paraje istingatsuetan, saldoan, lurrean zein hegan. Oholezko lauki handiak daude pilatuta errepide bazterretan, lurrak gorantz egiten duen gunetan: elurra eta izotza bisitari sarriak dituzte lurraldean.
Nekazari lurraldea, aberatsa dirudienez. Ordeka hezea, soro arteko ubide eta erreten sakonetan usten dira ur soberakinak. Bukaerarik gabeko basoa badirudi ere, zuhaitz multzoek eta soro ertzeko zuhaixkek sortarazitako irudi faltsua da: artatza eta galsoro, tarteka ekilore sailen bat, soro erabat zabala bakoitza, dira lurrok. Gereziondo, sagarrondo, madariondo, mertxikondo..., fruta-arbola sailak. Txoriak uxatzeko oholezko behatoki edo tantai gaineko txabolatxoak daude galsoroetan, denboraren eraginez belztuak edo ilunduak: estalki zapalez babestuak. Intxaurrondo sendoak errepide ertzean, etorbide itzaltsua bihurtuz errepidea. Badira mahasti batzuk, guti, muino goietan.
Gizon heldua, gizon gaztea eta gaztetxoa, hiru belaunaldi traktore berean sorotik bazkaltzera eguerdiz
Herriak, zainduagoak, pintatu berriak, deigarriak batzuk; ilunagoak, aspaldi pintatutako kolorgetuak, xume isilak, bestetzuk; argiak, zainduak, atseginak denak. Behe solairuko etxetxo banakakoez osatutako kaleak errepidea askotan, etxetxo bakoitza baratz edo lorategi den lursailez inguratua. Dorre-orratz zein dorre borobileko elizak, distiratsuak zenbaitzuk, pintura-eskualdia beharko luketenak asko. Uralitazko teilatu gris-argi asko, teila gorri zapala ere ez da falta. Ia herri orok du oinetan Amabirjina duen Kristoa, eliza-aurre edo inguruan, ez errepide ertzean zenbait Esloveniako herrialdetan ikusi izan dugun bezala. Ez dira ere “kagalastimas” aurpegiko irudiak, harrizko duinak baizik.
Landetxeak dirudite etxe gehienek, ur-putzua du bakoitzak, zurezko txabolatxo ilun batez estalia, eragiteko gurpil handiarekin bakar batzuk oraindik; etxe askok bere txabola du alboan, adreiluzkoa gehienetan, hiruzpalau txabola ere sarri, bakoitza zeregin ezberdinetarako, eraikin multzoa sortuz etxe-bueltan: ohol arteko zirrikitu zabaleko lastategi, tresna gordeleku, korta, ... artaburu biltegiak dira deigarrienak: oholezko txabolatxo estu garai ilunak. Izan da ezohizkoa, ia lekuz kanpokoa, egin zaigun etxetzar ederrik ere.
Errepidea, ezin esan txarra denik, ezta leuna denik ere: triki-traka bizian doa gure etxatoia. Auto guti-guti dabil; lasai gidatzen dute dabiltzan auo-gidariek, beraz bidaia lasaia eta atsegina gertatu zaigu. Ugaria da txirrindua herri askotan, ugaria ere aspaldiko autoa herritxoetan, lurretara joan-etorri eta garraio lanetarako nekazari lantresna bailitzan.
Trena gurutzatu dugu: hori-gorria, autoak bezala, mantso doa.
Lenti. Mugatik gertu, bainu-herri edo uda-herria dirudi, turista-herri petoa. Dendateria erreskadan, txirrindu asko, txirrinduentzako bide-gorri ugari, berdegune zabal zainduak, lorategi ugari, zabal, dotoretu eta zainduak: lurrezko pauma eta suge erraldoiak kolore ezberdineko loraz janzten ari dira, noiz loratuko zain daude biak bere edertasun oparoan. Eskultura ugari dager batez ere lorategian.
Nova. Eliza argi-argia.
Bizitokitzat aukeratzeko herriak eta etxeak, lasaiak, etxe inguruko lora eta baratza nanoa zainduz ordu lasaiak ematekoak.
Zalatarnok. Pintura-eskualdi bat behar du elizak. Bide ertzeko belar-gunetxoan suhiltzaile-auto antzinako bitxi-bitxia, bitxikeria, erakusgai; bazen saltzaile gazte bat ere, eskaintza osoa lurrean, zabal-zabal zuela.
Hilerriek ez dute hesirik.
Bak. Toccata eta fuga: lurra gora eta behera sinfonia berdea konposatuz.
Gizon bat bizikletan errepidez, sega bizkarrean duela.
Pacsa. Hesirik gabeko hilerria, bitxia gertatzen zaigu gorpuak hesi garai sendoetan gordetzen dituen kulturakooi.
Zut-zutik segan gizonezkoa: helduleku luzea behar du kirtenean Esloveniakoen antzera.
Zalaapati. Teila zapal-zapaleko teilatu gorriak; drainatzekoa dirudien ubidea: mapan beherago dagoen lakutxora bilduko dira urok.
Makal sendo tantaia, sekulako luzeak bidegurutzean.
Alsopahok. Amabirjina oinetan duen Kristoa, gutxienez bi metroko eskultura, harri berean zizelatuta.
Heviz. Bainu-herria, zaindua, dotorea. Ur sendakari beroko laku batengatik da famatua. Europako ur epeleko lakurik handiena omen: 34 gradutako 86 milioi ur litro ematen ditu eguneko, 38 metro zabalerako ur-azpiko ahotik. Parke apartak inguratzen du, Europa osoan izan omen zen ospetsua bere garaian, puri purian dago gaur egun ere. Bisita-gune ere bada: autobuskadak datoz, argazki oroigarria atera eta badoaz. Erreuma duen jende pila dator ur berotan eta ur azpiko lokatzetan hezurrak epeltzera. Garestia da lakura sarrera. Herri xeheak gainezka egiten duen uraren ubideetako zulogune eta putzuetan epeltzen du azala. Hotel eta etxe pila herri inguruan, saltzaileak kalean, jendea erruz, ... Bitxia da hezurrak berotzen eta oinak lokatzatan beratzen daudenen ikuskizuna: burutxo pila ur-gainean, lakuan barreiatuta, geldi-geldi, flotagailu txikietan sartuta.
Kanpina. Heviz herrian, zuhaitz tantaiez inguratuta; lakuko ur beroen hustubide zabalak zeharkatzen du erdi-erditik. Hesi berdez banatutako eremu zabala dugu bakoitzak Etxatoiz mukuru dago kanpina, ozta-ozta aurkitu dugu zulotxo bat, zuhaizpean; txori-kanta ez zaigu faltako. Zaharren egoitza dirudi, alemaniar adindun pila, eguzki berotan kiskaltzen, denak udakoloreko: txaletxo baten parafernalia osoarekin, telebista antena denek, luzarorako finkatuak dirudite.
Bizi azaldu zaigu kanpineko elkartasuna: lau adineko hurreratu zaizkigu, sasoiko, adoretsu eta adeitsu laurak, huskeri batetan jarri digute atoia gustuko genuen kokagunean.
Laguntzaileetariko bat Larrochelen egona da 6 urtez: patois soilik ikasi omen zuen, baina moldatzen da frantsesez. Beti ere solas egarri hurreratzen zaigu.
73 kilometro, Hungarian gara.
Isiltasunak bildu du kanpina arratsean, bakoitza bere habian gorde gara. Telebista distirak nabarmentzen dira etxatoi barruko iluntasunetan nabarmentzen diren telebisten bristadez; futbol partiduren bat jokatzen dela erakusten dute.
Gaueko soinu bereziez bilduta, oheratze aurreko ibilian, zuhaitz ostean gordetzear dago-doa ilargi ia betea. Gau zoragarria.
Maiatzaren 18a. Osteguna. 17.a-H:2.a
“Antologia”. Bandeira-Sarrio: “Baina zein zeruk ase dezake ba zure zeru ametsa?”. Ez dugu aurkitu oraindik gure ametseko herria.
S. Vila berak entzun ahal izan ote zuen alboko arboladitik hedatzen zaigun txori-kanta zoragarria!. Ia sinestezina da erregistro gama ezberdinen aberastasuna, soinu bitxi ezberdinen aniztasuna.
Ez ziguten eman eta gu geu ere ahaztu egin ginen eskatzeaz: Nortasun Agiririk gabe alde egin genuen aurreko kanpinetik. Atzoko bidea bera berregin behar izan dugu. Behartuta oraingoan, astunagoa zaigu bidea; ezaguna, berri-berriki, aspergarria agian ez, baina errepikakorra bilakatu zaigu azkenerako bidaia, kilometroz zamatzen joan garen heinean, agiria ahaztuaren amorrazioak barnean eragiten zigula: halaz ere ederra gertatu zaigu, atsegina, hain da berdea, hain dira txukunak eta atseginak herriok!.
Berriro ere sartu gaituzte, ateratzean eta itzuleran, bi aldiz gaur, ordenagailuan mugako poliziek, hiru aldiz bi egunetan, prozesu motel luze aspergarrian: automatizatu gabeko programaren bat dute nonbait. Horrez gain ikerketaren bat egin diete pasaporteei detektagailu edo auskalo ze aparailutan sartuz. Kezka, beldurra ere, sortarazten du poliziak zure paperotan arakatzen hasten denean, munduko aingerutxo zuriena bazara ere.
BALATON LAKUA
Finlandiako bat kenduz, Europako laku handiena da bera, 596 kilometro karratuko hedadura eta 197 kilometroko ertza ditu. Luzexka egitura. Hiriburutik nahiko gertu, Budapesten arnas eta ihesleku, igande-pasarako gune aukeratuena.
BALATON MENDEBALA
Arratsaldeko ibilbidea. Nortasun agiriok eskuratu eta kanpinera itzuli ondoren, gaintxo batetik izan dugu lakuaren lehen ikuspegia: ederra eta erakargarria bere luzera amaigabean. Zabala dager, baina batez ere luzea, ezin ahal zaio bukaera ikusi. Zikin kutsua dario urari. Padura, kanaberadi, belartza eta zuhaizti zabalak ditu ertzean, errepideak zeharkatzen duelarik pare bat lekutan padura. Nabari zaio bisita-lekua dela, erruz datorkiola kanpotarra: herri zainduek, zurezko eraikin dotoreek, eta errepide bazterreko kafetegi, hotel, jatetxe eta bestelako zurezko eraikinek turismo-gune petoaren itxura ematen diote. Erakargarria da ibilbidea, istinga eta padura erdian, baina ez da lakuaz gozatzeko bidea, ezin baita ikusi ber-bertan dagoen arren. Txaneltxo axalak eta meharrak, padurako ubideetan ibiltzeko, tarteka bainatu ahal daitekeela ikurra eta belartza zainduko ertz garbiek uretara egitea ahalbideratzen duten tarteak, gehiegi erakartzen ez badu ere inguruak; oinez nahiko aurrera egin duen bikotearen izterrek erakusten digute lakuaren ertzak ez direla zunda handikoak. Hotel, masaje-leku eta antzerako eraikinek bereganatu dituzte ertz garbiak, ordaindu egin behar da bertara sartzea. Zenbait herrik badu tutu mehez eginiko atrakaleku xumea.
Behe solairuko etxetxo pintatu berri argiek osatzen dituzte herri eta herritxoak; ez daude baina laku ertzean, hurrean soilik, laku ertza padurak osatzen du, herriok lakutik bertan egonik, ez daude laku ertzean. Padurako belartza luze eta kanaberadiek biltzen dituzte laku aldetik. Beste aldean berriz, Iparrean, ur ertzera arteko etxeteria amaiezina dira herriak, mendi magal leunetan.
Balatonbereny. Uda-herri jiteko herritxo txukun-txukuna.
Balatonszentgyorgi. 18 hizkiko izena, bada 19korik ere inguruan.
Kestthely. 25 mila biztanleko hiria. Zabala, atsegina, aspaldikoa, zaindua, dotorea nor dena. Bisitarientzako eratu dute erdigunea turista-herri petoaren itxura emanez, batez ere oinezkoentzako kale ederra, non dena den denda. Xarmant-xarmantak dira kale nagusiaren alboko kaleak, etxe txikitxo erakargarriak, ia inor ez dabil bertan, kale nagusia bertan arren: gehiengoa dabilen esparrura mugatzen du ibilia edo egona bisitari, ez du ikusminak kilikatzen eta alboko kaleetara bbultzatzen. Arbolapeko etorbide edo kale zabal-zabalak ditu. Eraikin eder eta apart ugari, pintatu berri argi-argiak. Hainbat museo: ardoarena bata. Herriko ertz batetan gaztelu edo jauregi dotorea lorategi zabalarekin. Eliza, zabalik baina era berean itxita, korupeko burdineriatik ikus daiteke soilik: iluna, kameraren objetiboaren bidez ikusi ahal izan ditugu fresko bikainak, pulpitu landua, itxurosoa dirudien aldarea.
Ikasketa bukaerako ikasleen koadroak daude ikusgai dendetako erakusleiho batetan, ikasle bakoitzaren argazkiz osatuta, inolako originaltasunik gabe.
334 kilometro, behartutakoak, azkenak ezik.
Ilunabar erakargarria, sorgindua zegoen ilargia zuhaitz ostean ostentzean.
“Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”. Koldo Izagirre.
* “Ez dago liburu on bat utzaraziko duen berri onik irakurlearentzat". Makinatxo bat bidaia-gautan berandutzen zait irakurtzen, nekatua arren.
Maiatzaren 19a. Ostirala. 18.a-H:3.a
“Antología”. Bandeira-Sarrio:
* “Gaur izartu naizenean, iluna zen oraindik / ... / Euria. / Etsipen euri tristea euri egin du. - Quando hoje acordei, ainde fazia escuro / ... / Chovia. / Chovia una triste chuva de sesigaçao”. Ez dugu galtzen jasoko duen itxaropenik.
Itsuek pertsonak ahotsetik lez, hasi naiz inguruko zenbait txori kantutik ezagutzen.
Ateri zen goizez.
BALATON IPARRA
Belarrez betetako gurditxoa, bi zaldik eramana, ijito petoko bi gizonezkok gidatua: galdutzat ematen genuen aspaldiko estanpa.
Hegoaldeko atzoko muturrari buruz esandakoa errepikatzen da. turista-gune peto-petoa lakuaren iparralde hau. Txalet dotorerik falta ez bada ere, turista-leku apal-apala da, xumea, herri-herrikoak behar dute izan hona datozen turista eta igandezaleak. Trenbidea doakio lakuari ertzetik, makina gorri eta bagoi urdineko trena, luzea, graffitiz itxuraldatuta hainbat bagoi: ez dakar bidaiari askorik gaur baina sarria da, budapestarrak garraiatzen ditu lakura inguruotako herritxootan utziz. Zabal eta erakargarria dager lakua agertzen zaigunean. Lakutik ez urruti, ia luzera osoan, mendixkak altxatzen dira: Basaltokoak dira Badacsony herriko ingurukoak, haitz bitxiko mendiak, harrizko tantai erraldoi zimurtuak, zuhaitz berdez bilduak. Mendixkoon hegal leunetan etxetxoak erne dira perretxikoak bailira, joztailuzko etxeria diruditelarik.
Herri txiki ugari, ia bata bestearen jarraian, etxe bakoitza bera dela, bakoitza bere ingurutxoarekin. Lastozko teilatuzko hainbat antzinako txabola; saltoki eta jatetxeak dira lastozko teilatudun eraikin berriak, ezberdinak eta dotoreak, eroslea erakartzeko. Sarriak dira kanpinak ere, pila, laku ertz-ertzeko kokagune paregabean zenbaitzuk.
Maiatz mengele batzuk, zinta zuriz apainduta: hemengo basoek ez dute bestetarako ematen. Zalditegi banaka batzuk. Surflariak lakuan. Ahuntz-taldea etxondoko itxitura batetan: ikusten ditugun lehen etxeko abereak. Hilerriak, garbiak, zainduak, loraz apainduak: batek, buru borobileko hilarriak ditu, Euskal Herriko hainbaten antzekoak. Eskolaume koadrilak aurkitzen ditugu herri gehienetan, eskolatik kanpoko eskola lanetan, izan da txirrinduz zihoan ikasle taldea ere. Ardi-larruarena da eskaintza ugaria saltokietan, denda aurrean zuri. Bertako gurdi txikitxo petoak nonahi agertzen dira, bai apaingarri eraikin aurretan, bai salgai antikuario dendetan.
Ugaria da mahastia: mahasti txikiak, etxe alboetan kokatuak, zenbaitzuetan etxe kontrako baratzetxoan, baina bada maldetan behera datorren mahastirik ere; mahatsondo txaparrak dira gehienak, giza garaierakorik bada ere.
Belauntzi bat ikusi dugu laku erdian, baina ba omen motordun ontzirik, ba omen hondakinak lakura botatzen duen lantegirik ere: hasiak dira beraz kutsatzen gure laku ederra. Bailandra pila laku erdian: bada lehiaketaren bat. Txanel txiki-txikiak, nano-nanoak, muturluze eta atzezapalak: padura zeharkatzekoak.
Kontuz eta lasai gidatzen da, antzinako auto ugari dabil oraindik errepidean. Bidegurutzeko borobilek zuzentzen dute zirkulazioa bidegurutze arriskutsuetan. Burdina harizko zein oholezko laukiak daude pilatuta errepide ertzean, errepideak gorantz egiten bakoitzean: elur edo izotz lekua da nonbait.
Ez dago langarik ez txirrinik trenbide-gurutzaketetan, trena datorrenean pizten diren argi gorriak soilik: auto gidaria gelditu, zain egoten da, eta kitto; seguru ez dagoela istripurik gidatzeko txukuntasuna ikusita.
Bidaia lasai eta atsegina da.
Zanka. Izenak badu halako euskal jitea.
Tihany. 3 bat kilometro luzeran, eta bat eta erdi zabaleran, dituen lurmuturtxo gaintxoan kokatutako behatoki aparta laku gainean, turista-gune peto-petoa, erabat kinkila-denda, baina ibilbide atseginez eta egonleku erakargarriz erabat atsegina. Pipertxo muturluze eta piper borobiltxo gorri-gorriz estalita daude denda aurreko hormak. Portutxoa du: bere parean, tarte estuena, lakua pasa daiteke bestaldera ontziz auto eta guzti.
Peskari piloa dago laku alboko bide-gorrian kanaberaren hariari so.
Monasterio beneditarra da herriko altxor paregabea: berrekuratze ahaleginean dabiltza. Eliza barroko pospolin xarmanta, sekulako irudiak ditu, tartean bat, pulpituan, gorputz biluzia kardinal kapelu handia buruan duelarik, zoragarria; organoa, aldare nagusia, ... ikustekoak eta aitatzekoak dira. Sakristia ederra omen baina ez dugu ikusi ahal izan, ezta gidaliburuak aitatzen dituen basalto harri zulatutako monjeen gelak ere. Errege bat ere ba omen elizan hilobiratua; kriptan aspaldiko harrien eta brontzezko eskultura modernoen erakusketa ikus daiteke.
Balatonfüred. Bainu-herria, zabala eta luzea, dena da etxetxoa arbola artean. ... Zahar asko omen dator: Hungariako Zestoa. Ondo zaindutako zuhaitz sendoko etorbide zabal batez du sarrera. Paseatzeko erabat egokitua du laku ertza. Era guztietako eskaintza piloa, kultura, kirol, ostatu, Rabindranath Tagore egon zen herri honetan bihotzeko gaitza senda asmoz, betikotu zuen bertako ezki bat poema batetan. Hemen hil zuten naziek Miklos Radnoti poeta: gerora, gorpua argiratu zutenean berarekin gorde zuen poema aurkitu zioten.
Szentkiralyszbadja, 19 hizkiko herri-izena, Hungariako herri-izen luzeena. Bidea egiten zitzaigun luzea guri eta ez gatzaio joan.
Iparraldeko lurraldera jo dugu: lautada. Lautada izanen da gaur eginen dugun zaigun ibilbide osoa ere.
Gerezi baso izugarri zabala. Gorantz batetan hariztia zeharkatu dugu.
Vezpren. Muino ezberdinetan eraikitako hiria, gora behera pikoan doa hiria, tontor-gune zein sakonunetako kaleetan. Eliza pila du, etxe eder asko ere bai, han-hemenka barreiatuta. Alde berria tontor batetan eraikia dago, etxe garai berriz osatua, plaza zabal bat osatuz erdian, dena da denda eta saltegi. Beste tontor batetan dago Alde Zaharra: ia kale bakarreko hiribildua, harkaitz amildegi labarren gainean: bera da hiriko altxor-gunea; berez kale lasaia behar zuena eskola bidaian dabilen umeteriak ikasgela bihurtu dituzte bai kalea bera bai monumentuak; etxe dotore asko, Hiritasunaren harrizko zutabe oparoa, Gotzainaren jauregia oparoa nora sartu behar den oinetakoen ordez babes zapatilak jantzita, kaperatxo prebisigotiko zoragarria, bost museo kale berean eta azkenik katedrala: telebista grabaketarako erabat argitua aurkitu dugunez zoragarriagoa, hemen koroatzen eta ehorzten zituzten Hungariako erreginak: ikusgarria, mosaiko laukitxoz koloretsua, distiratsua, bizia, mosaikoz eginiko irudi pilarekin horma guztiak edertuak; ezberdina eta bitxia.
Mugatuak dira egonaldiak aparkalekuetan: gu ez gara jabetu ere egin ulertezinak baizitzaizkigun oharrak, zaindaririk ere ez dugu ikusi baina han zegoen egon, jarri baitigu isuna, txukun jarri ere, plastiko zorrotxoan sartua euriak busti ez zezan.
Vezprenen ekin dio, ondoren bota ahalko zaparrada, ez zaigu atertu etxera arte.
Csarda bat: ostatu edo jatetxeak dira: ikusi nahi genuen baina gainezka genuen euria eta autotik begiratuz aurrera egin diogu: harrizko oinarria du, baxua da, teilategalak ia lurreraino heltzen zaizkion lastozko gain pikoa. Zikoina bat ikusi dugu herrian.
Laku berdeak dirudite galsoro guriek lur zabal ilunean.
Herri zapal-zapalak, ia ez dira ikusi ere egiten herritxook, zuhaitz artean eta euripeko ganduan gordeta. Harri eta mortairu zarpeatutako etxeak dira, barruan zutik ozta-ozta ibili ahal izateko etxe apal antzinakoak. Elizak dira goranzko eraikin bakarrak: zuriak dira elizok, nahiz zuri kolorgetuak. Izan da herritxo zahartxo hondatu bat, bururik altxa ezinda bezala koitadua.
Nagyvazsoy. Gidaliburuaren aburuz zuri-zuria behar zuen eliza-dorreak, baina ez du inolako distirarik; gazteluko dorreak ostera bai: desitxuratu samarra azalez baina karratu lerden luze eta zabala egituraz, gailen, teilateria zapalaren gainetik erraldoi, herriko ugazaba garbia.
Lakura hurbilduz, mendiarteko bailaratxoetan egin dugu azken zatia, mendixka leun zapalen artean. Paisaia atsegina. Berdexka dager Balaton lakua euripean, gari-sail erraldoia dirudi, marra iluna besterik ez da lakuaren beste aldea, osterago lainoak biltzen du dena. Oso goibel daude teilatu iluntxo gorriak arbola artean, denak du itxura tristea, lakuak berak ere.
Lurrun betean daude gure herriko laku beroa eta kanpin erditik doan ubidea; kanpineko txoriak, isil.
183 kilometro, euripekoak arren atseginak.
Atertu du azkenik, urdindu ere bai, txorien sinfonia piztu da. Hezurrak ez ezik barrena ere berotzen du eguzkiak.
Garratz puntutxoa du ardo hungariarrak; edangarria.
“Agirre zaharraren gartzelaldi berriak”. Koldo Izagirre:
* “Beti zagok zer aurreratua izorramenduan”. Botila erdi betea, bidaiariak beharrezkoa duen baikortasuna.