Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIdaiak 2000. Eslovenia

BIdaiak 2000. Eslovenia

Jon Etxabe 2021/11/22 10:40
DOLENJSKA: Dolenjske Toplice, BELLA KRAJINA: Crnonelj, Metlika, DOLENJSKA: Novo Mesto, Sticna, ESTAJESKA: Putuj

Maiatzaren 10a. Asteazkena. 9.a – Esv:7.a

 

Bandeira - Sarrio:

*“Erreka negarrez”, “Ocórrego chora”.  Irribarrea darie Esloveniako errekei.

* “Ez da inor pasatzen kaletik /  ezta mozkor bat ere – Ninguén passa na estrada. / Nem un bebedo”. Bakardade berdintsua du kanpinak gauerdian zerbitzugunera bidean, ezer bizi denik ere ezin igarri, baina ilargiak lasaitasunez biltzen du zuhaitz artetik.

 

8 herrialdetan banatzen du Eslovenia gidaliburuak. Erosotasunera egokitu ditugu ibiliak guk.  Badira ezberdintasunak herrialdetik herrialdera, lehortegien ugaritasuna eta egitura, elizak eta eliza dorreen egitura, etxe inguruko txukuntasuna, bailaren zabalera... baina ez dira berezitasun oso nabarmenak. Ez diogu igartzen noiz aldatsen garen herrialdez.

Nabarmenagoak dira agian giza ezberdintasunak, bizimodua, pentsaera, bizi-filosofia, izaera, lanbideak... hor bai ez dugula inolako aldaketarik susmatu ahal, gehienez aurpegiera, gorputz jite ezberdina... azalegi gabiltza guk horrelakoez jabetzeko.

 

 

DOLENJSKA

 

Betiko orduan eta eguneroko eguzki ederrez argituta atera gara ibilira. Ez da asko behar Eslovenian beste nazio bateko mugekin topo egiteko: gaur Kroaziako muga ingururaino helduko gara.

20 kilometro!!! egin ditugu gaur  inork argia pizteko keinurik egin gabe.

Autobia luzapenetan ari dira Zagrebera bidean.

 

Visnja Gora. Tontortxo batean, Suitzako herrien jitea du, erakargarria, gorenean eliza. Kapritxoz eginiko herria.

 

Gaurko herri orok du hegoaldekoek ez zuten dotorezia edo erakargarritasun puntua. Osotasunean dira politak, hurreratuz, aldiz, arrunt samarrak bilakatzen zaizkigu. Bada bertatik ere erakargarria den herririk. Usu. Etxe berri ugari jaso da denetan.

 

Ez gara aspertzen bailara arteko ibiliarekin. Bailaraz bailara joango da gaur ere eguna, bailara ikusgarri ederretatik. Bailara berdeak ohi denez, nahiko zabalak dira gaurkoak. Nahiko sarriak herriak ere, errepide alboetan zein bailarako zabaleran barreiatuta. Honek ez dio inongo lurralderi inbidiarik, ez da ederrena baino gutxiago. Begirada batean Esloveniako denak dirudite antzerakoak, baina hauei ez darie atzoko herrien tristura. Eguzkiak eta ortzi urdinak izan dezake eraginik gaurko gure sentipen baikorragoan, gure begiak zein gure barneak daude agian aldatuak, eguzkiak gugan ere eragina duelako.

 

Muljava. Txikia. Lehortegi bikoitzak omen bailara honetan, baina guk bi soilik ikusi ditugu, herrian bertan biak, bat bera ere ez belartzetan. Geroagoko hainbat bailaratan bai ikusi ahal izanen ditugu.

 

Ispilua jartzen dute sarri errepideko bidegurutzetan bestaldetik datorrenaren berri izateko.

Gozatuz egiteko ibilbidea da gaurkoa, egun zoragarri honekin, inguru zoragarri honetan.

Ibaia daramagu auzo, ez baina begi-bistan. Agertzen zaigunean berde iluneko ur geldoa doa inguruko kolorea islatuz, zabal, itxuraz sakon. Errepide ertzetan jarritako kanoen alde zorrotzek iragartzen dute nondik den kanoaz ibiltzeko aukera.

Autobus-geltoki xarmant-xarmantak noizbehinka, herriko arotz edo artistaren baten fintasun, irudimen eta abileziaren arabera segur aski.

Belar-ebakitze eguna gaurkoa, eguraldi aproposak argitu baitu.

Dorre bikoitzeko eliza, bigarren bat ikusiko dugu etxerakoan.

Ez da teilatudun langadirik, bai ordea hormak langadi dituen zurezko aterpe zabala, lehortegi, biltegi  eta tresna-gordeleku. Ugari-ugariak dira, banan-banako apartak. Etxe bakoitzak du berea, batzuk dotore landuak dira, arkudun balkoi korritu eta sarrerarekin, bada arku bikoitzekorik ere, baita izugarri landutakorik ere.

 

Zuzemberk. Erakargarria: lehortegi zabal horietako bikainak, zurezko egitura ederrak, dorre bikoitzeko eliza tontor batean, zurezko egitura bikain bat kalean bertan; gaztelua ere badu, ibai gainean kokatua, harri argikoa,  txapar karratua, kantoietatik txapel konikoko gotorleku borobilek zaindua, behe aldetik deigarrien; hondatu samarra dago.

 

Ia turista bat bera ez dabil leku ezagunetatik at, turismo-gunetatik kanpo. Leku ezagunetara, ospetsuetara soilik, dator nonbait turista edo bisitaria.

 

Cromosnjce. Maiatza!: Soro eta belartza erdian zegoen, tontortxo batean, beste bat herrian bertan. Banaka gehiago ikusiko dugu aurrerago, baita Dolenjska Hegoaldeko herritxo batean ere.

 

Argazkia atereaz ari nintzela entzun dut lehenengoz kukua. Sosa nituen patrikan, salbu dut beraz diruz urtea.

 

Albo alboan daramagu orain ibaia, bistarago, bizitasuna ematen diote ahatek, bere gisa, bere habitata bertan, nork zer botako gizakiaren menpe egon gabe.

Hondatua dago errepide zorua.

Lur aberatseko eskualdea, atzo ezagutu genituen Hegoaldeko herriak baino aberatsagoak dirudite, joriagoak.

Santuxoek edo kaperek diraute, nahiz ez Gorenjskan bezain ugariak. Hemengoak bakoitza bera da, ezberdina, berria izan zein zaharra; kaperatxoak dira batzuk, beste zenbait zutabe batean gainean jarritako kuboa lau aldetarako zuloguneak dituztela  santu-irudi tailatu edo igeltsuzkoen gordeleku.

Mahastiak hasi dira, maldetan behera, Kroaziako muga osoan zehar izango ditugu geroago; sail txikia da bakoitza, baina ugariak dira sailok, bere teilatu pikoko txabolatxo txukuna du mahasti bakoitzak.

Hilerriek eliza bat adinako handia den kapera dute, dorre luzekoak behintzat bai badira, badirudi bertan ospatzen direla hiletak.

Ez dugu zapaldutako animaliarik aurkitzen errepidean, ez katu, ez txakur, ez kirikinorik. Bat bera ere ez.

Soteska ibaia zeharkatu dugu.

Plastikozko fardel berdeetan gordetzen dute belarra.

 

Doleniske Toplice. Toplice  hitzak bainua esan nahi du, beraz bainu-herria da: bihotzerako omen onak urok. Arbola artean gordetako herria, etxebizitza bakoitzak bere baratza eta zuhaitzak ditu etxe bueltan. Txikitxoa, etxe txikitxoko kaledi txikitxoa, zaindua, dotoretxoa. Eliza aurrean, plaza gainean, gerran hildakoen oroitarri beltzak, lurrean ilaran. Lau izarreko bi hotel dira herri barruan bertan, biak ederrak, antzinakoa bata, gaur-gaurkoa bestea; iragarrita dago kilometro batera hirugarren bainuetxe bat ere. Ur-hartzaileak dabiltza kalean, batzuk bainura bere txabusina jantzita, eserita eguzkitan egon aspertuan zenbait: pertsona xumeak dira, adinean oso aurreratuak.

 

Bainu-herri eta bainuetxe ugari da Eslovenian.

 

Arto-sailak, galsoroak, baratz ugari...

Egun aparta, 28 graduko hozberoa.

 

 

BELLA KRAJINA

 

Herrialde laburra zabaleran. Hegoan, Dolenjskaren behealdean, Kroaziako muga-mugan kokatua; muino eta mendixkak bata bestearen jarraian (rolling  hills); urkidiak iragartzen ditu gidaliburuak. Metlika eta Crnomelj dira bertako bi hiri nagusiak.

Hegira egitean, izugarrizko ezustea eman digu bestaldeko herrialdeak: lurralde erabat zabala eta laua, dena baso eta belartza, herri ugari belartzetan zein mendi magal oinetan, eta Kroaziako mendiak zerumugan. Ikuskizun aparta ikuspegi zabalak eskaintzen diguna hegi gainetik.

 

Mahasti zabalak mendi magaleko eguteran, lautada bertara arte. Hesola sendo-sendoek, tantai lodi garaiek, eusten die mahats adarrak kiribiltzen diren hesola eta burdin hariei. Ugariak dira gari-sail eta  arto-sailak, belarra ez da lurrari ateratzen zaion etekin bakarra, lurra ez dago belarrerako soilik erabilia. Adreilu gorriko etxeak, zarpeatu gabe kanpotik hainbat eta hainbat, ez dakigu bukatu gabe dauden ala horrela uzten dituzten; bizi, bizi dira bertan.

 

Crnohelj. Herrialdeko hiriburua. Zabala, ibaiaren alde bietara hedatua. Ibaia doakio, oso sakon, bitan bananduz herria: zubi gainetik ikuskizun, belar artean igeri eta alga gainetik saltoka, korroka bizian ari dira eguerdiko sapan igelak, -gure ugarixuak-, tamainaz handiak, korroka hotsa ere ozena; arrainak berriz egon geldoan daude siestan antzo. Ez dago gureetako kale-kalerik, etxeak elkarren inguruan soilik, non gu nahiko galduta edo lekuz kanpo aurkitu garen, 32 graduko beroa ere ez zen aproposena bisitarako. Handiagoak dira izan hemengo etxeak, 2-3 estaikoak. Badu kale bat  bata besteari itsatsitako etxeek osatua, etxe bakarkakoak dira besteak. Ez du ezertxo berezi edo erakargarririk, Espiritu Sainduaren eliza bera behera etorrita dago, S. Kristobalen fresko  handia du fatxadan, irudi zizelatua ia erabat ezabatua duen erromatarren hilobia eta hondakina omen den harria alboko horman.  Diraute gaztelu batena omen zenaren arkuak eta antzinako jiteko eraikin txaparrak. Gaintxoenean dago udaletxea, teilatuan herriari lau aldetara mezuak zabaltzeko bozgorailuteri borobilarekin, Sozialismo garaiko oroigarria.

 

Oraindik ume, mutikotxo bat ari zen aparkaleku inguruko belarra mozten sega mekaniko batez. Ez dakit bere gogoz, ala behartuta, umeen esplotazio adibide.

CR dira autoaren matrikulako hizkiak: jabetu gara herrialdeko hiriburuaren lehen hizkiez egiten dutela, zenbakiez gain, matrikularen bereizgarritasuna.

 

Traktoreak eragindako sega mekanikoz mozten ari dira errepide bazterreko belarra. Hasi dira sega baztertzen eta eskulana murrizten.

Belar metak, meheak, tenteak, lasto edo belar lehor multzo estuak, zut Nafarroako inauteriko zenbait pertsonaia irudi: pertsona trakets batzuk dirudite. Geroago ere agertuko zaizkigu antzerakoak zelaietan. Uste izan dugu belarra metatu egiten dutela hemen ere gureetan bezalatsu, baina belar ebaki berria edo berdexka dela eta barrutik hutsik dagoela ikusiz jabetu gara hesola edo makila baten gainean jartzen dutela belar ebaki berria lehor dadin, Iparreko langadien aldaera besterik ez,  beraz.

Jaso egin dute galipota errepideko gune hondatuetan, ertz biziko koskadun zuloguneak gelditu direlarik: zuloz betea dago beraz errepidea, ez iragarki bat ez ezer, gidarion urduritasun eta ustekaberako.

 

Vranovici. Maiatza, izugarrizko tantaia.

 

Arkua dute ateburu inguru honetako lehortegiek.

 

Grm. Nola demontre ahoskatzen ote herri izen hau?.

 

Meta meharrak hemen ere, ilaran belardi erdian.

Lehenengoetakoa behar duen gerra hegazkin handia dago baso baten ertzean, oso osorik, basotik aterako bailitzan.

 

Metlika. Herrialdeko 2. herri handiena da. Baina ez da ezer handia. Hiruzpalau solairuko etxe solte guti batzuk, garaiagoak eta berriagoak, saltoki handia... bazirudien herri koskortua behar zuela izan, baina bertan behera ezereztxoan bukatu zaigu herria. Zabalgune berde asko dago etxe artean.

 

Kilometro batera iragartzen dute Kroaziako muga.

 

Maiatza, 3 koroa ditu enborra inguratuz, arrama berdeko korda kiribiltzen zaio enborrean goraino, zuhaitza erabat dotoretuz. Maiatza gehiago aurrera goazen heinean. Alemanian eta Austrian uste izan genuen jaiak ospatzen zituzten herrietan jartzen zituztela maiatzok, agian hemen ere bai. Izanen da udaberriko erritoren bat lurraren emankortasunari lotuta, antzinatik datorrena, jaiei hertsia gaur egun.

Ez gaitu aspertzen berdetasunak. Tarteka ez dago ez etxerik ez herririk, inguru berdea soilik, zabal, dena bilduz, akazia lore zuria da berdea ez den bakarra, bere usaiak auto barrua lurrintzen digu.

 

 

DOLENJSKA

 

Novo Mesto. Zabala, behean du Alde Berria, modernoa, gaur egungoa, bizia, autoak eta jendea nahasian, bulego eta etxe handiak, jendea eta autoa ibili etengabean hara hona... Renault etxeak auto fabrika du hemen, hiritik bertan, alboan, ia ukitzen, fabrika-gune zabala, bera soilik bailitzan industria-gune osoa: horregatik dabil hainbeste renault auto Eslovenian eta horregatik dago izen bereko hainbat garaje.

Maiatza hiriko sarrerako etxe baxuko auzune batean.

Alde Zaharra,  erabat hautsi dizkigu eskemak:  kale eta kalexka motzak elkar gurutzatuz nahiko irregularki, berdegune franko tartean, aldatsean; ez dira etxe jarraikako kaleak, bakoitzak bere lur zatia du, landu zaindua etxe buelta aldapatsuan, herritxoetan antzera hiri handi honetan ere. Goialdeko berdegune batean oroigarritzat jarri dituzten pare bat kainoitxo hondatuxeek, ez dakigu aliatuak ala alemaniarrak, gogorazten dute azken mundu-gerran erabat suntsitu zutela, seguruenik bonba demokratek; ez zioten utzi aparteko eraikuntzarik.  Clauni plaza nagusiko arkuteria ere gatzik gabeko berria da, berri itxurakoa, plaza bera errepide, aparkalekua...: gehiago da errepide edo kale zabal bat hiriko bilgune edo arnas leku baino. Geratzen zaio arkupetxo xarmant estu bat, ezereztxoa arren lehengo jitekoa. Tontorrenean eliza, tontorrean arren ez du ikuspegirik bertatik; itxita aurkitu dugu. Beherago frantziskotarrena, ohizko osagaiekin: bankuteria sendoa, zutoihalak, palioa, ganga pintatuak...

Izozkia eman digu, baita etxepeko aparkaleku freskoagoa ere, 32 graduko hozberoan baikabiltza.

 

Opvos da hemen Alemaniako umleitung, izen ezberdinak, desbideratzea, baina,  antzerakoa: gaur tokatu zaigu.

Kapera txiki-txiki bat dorre berde luze-luzearekin: buru handiko ipotxa dirudi. Geroxeago ere izan dugu beste bat.

 

Sticna. Zistertar abatetxea. Izugarri handia. Hormatzarrez inguratua eraikuntzarik ez den aldean. Patio zabala ikusten zitzaion sarreretako batetik, gaur eliza soilik bisita daiteke gidaliburuak beste hainbat zoko ederren  aipamena egiten badu ere. Estukoz apaindua dago eliza-aurreko zabaldegi zabalerako arkupeko ganga: ikustekoa da azken judizioko iruditeria, deabruak ageri dira gizakiak daramatzatela eskorgan, lepoan edo motxilan...; hankartea  eskuz estaltzen dute zerura doazen gizonezkoek...xelebrea!. Eliza, luzea eta garaia, erabat argia, aldarez eta tailatu nahiz pintatutako santu-irudiz gainezka austeroa espero genuena, pintatutako armarri argiak dira gangetako giltzarriak, oso bitxia da sagrarioa, modernoa, berdin bataio-ontzia, oso polita da abataren meza entzuteko sare osteko balkonada, baita bere gaineko erloju zaharra ere; pulpitua, potxoloa: fraide baten eskua ateratzen da abituaren mauka zuritik gurutzetzarra erakutsiz, xelebrea.

 

Eskuarea eta sega lepoan, adarra sega-pote bihurtua gerrian, lastozko kapela buruan, betaurreko urre kolorekoak sudur gainean, ikusi dugu gizakume bat komentura bidean lehenengo, bertara sartzen gero: fraidea behar zuen izan duda izpirik gabe, nekazari lanetan baina nekazarien larririk gabe.

Lehenengo jo dugun atetik, sukalderakoa nonbait, beste batera bidali gaituen gizakumea monje siestatik jaiki berria zen: bi hitz bota digu frantsesez.

Bigarren ateko atezainak, komenturakoak, berriz, elizako atera bidali gaitu ingelesa nolabait erabiliz.

Komentu aurrean, errepide gaineko goranzko batean, gerran hildakoen oroimenez jasotako kontraste bitxia egiten du izar gorri handiko monolitoak.

Teilatutxoz babestutako horma garaiak mugatzen du lursaila: fraideena behar du izan.

 

Lehortegi aparta dago monasterio inguruan.

Simaurra zabaltzean, kiratsa inguruan.

 

Bero sapari ihesi etxeratu gara.

 

232 kilometro, herrialde hauetako azkenak.

 

“Agirre zaharraren ...”. K. Izagirre:

* “Geuk tregua eman eta zuek bakerik nahi ez. Irabazi diagu”. Jakingo al dugu irabazten.

 

 

Maiatzaren 11a. Osteguna.  10.a- Esv:8.a

 

 “Antologia”. Bandeira Sarrio: “Eror eror hadi globoa – Cai cai baläo”. Hala ibili ohí gara euskaldunok ere, besteen ona zama astun.

 

Aldaketa eguna.

Izugarri geldo doa errepideko ibilia, herrietako semaforoak, autobideko lanak... geldiune luzeak eta sarriak.

Ugaria da intxusa zuri loratuta, hurritzak, gereziondoak aletuta, intxaurrondoak, betiko izei beltza, pagadiak mendi-muinoetan, bestelako arbolateria arrunta erreten eta zulogunetan… berde mota ezberdina bakoitza berdegunean.

Baratze pila herrietan, etxe inguruan, txukun-txukun zainduak; txikia da ortu-sail bakoitza, txikia ere ortuari bakoitzeko saila; etxeko premietarakoa soilik, lan soberarik ez dute egin nahi, non saldu azokarik ere ez da nonbait inguruan, lanez eta izerdiz hartutakoa usteltzeak ez du inolako errentagarritasunik; betiko ortu gaiak baratzetan, oraindik erne gabe edo gaztetxoak; oso luzeak dira leka-parrak.

Hiri handietan bada saltegi erraldoirik, errotu da ere Mc Donald, Mendebalarenganako morrontzaren ikurra, Mendebaleko kulturaren ezaugarria.

Errepide bertako paisaia erabat aldatzen da herri bakoitzeko semaforoetan: aurrean jadanik ezagun, ia lagun, zenituen, kamioi zein auto, gidari eta bidaiariak ere, desagertu egiten zaizkizu errepidetik atera direlako, berriak sartzen dira aldi beran; aldakorra da errepidea.

Hor ditugu Alpeak elurtuta, hilabete eta erdi barru beste aldea ikusiko diegu Austriatik.

Oraindik ez gara ohitu izenak irakurtzen, hemengo J ez dela gurea bezala ahoskatzen, i edo antzerako zerbait baizik. Gure J ahoskatzen dugu guk oraindik.

Ipar-Eki aldera ere badira belar esekitoki bikoitzak. Badoaz belar ebaki berria langetan zintzilikatzen, egun ezberdinekoak bata bestearen jarraian daude  horitasun ezberdinak erakusten duenez.

Belar ebaketa eguna gaurkoa ere, eskuarearekin iraungitzen dute belarra, gure gaztaroan lez. Emakume nagusiak dira batez ere zeregin horretaz arduratzen direnak.

 

 

ESTAJERSKA

 

Herrialde zabalena. Ekialdera Kroaziarekin mugatuz, mendiak, ibaiak, ibarrak,  mahastiak, eta antzinako hiriak iragartzen ditu gidaliburuak. Maribor eta Celje ditu hiri nagusiak. Erromatarren historiatik ezaguna zaidan Styria lurraldea da hau, agian latinezko irakurketa eta ariketetatik. Bi zatitan banatua omen bigarren mundu gerra ostean Jugoslaviari eman omen zitzaion esloveniarrak biztanle zituen zatia, Alpeetatik honanzkoa, alegia.

 

Artajorra, maiatzeko zeregina. Bakanduta eta jorratua dago artoa. Maringo neskek pozik entzuten zuten Arrosariora deitzen zuen kanpaia artajorra uzteagatik. Fabrikako langileek ere ez zuten gogoko artajorra, eguna luzea izaki, lantegitik etxera ostean aitzurra zuten zain etxean ilunkara arte. Bizi-bizi dut oraindik irudia, familia osoa erreskadan eguzkipean bakoitza bere arto ilaran, makurtuta. Lan nekosoa, makurtutakoa, gerria mintzekoa, egun osokoa gainera, aroak agintzen baitzuen. Ikusi izan nituen gazteak euria ametz, atseden hartzeko egun pare batez bederen.

Lupulu sailak, asko eta zabalak, tantai basoak, zutointzarrak elkarri eta lurrari soka-sare argiz lotuta.

Bainu-herriak iragartzen dira autobide irteera iragarkietan, marroizko hizkiz beltzen ordez, iturri baten ikurra alboan: bainuetxe asko dago, senda-ur asko sortzen da nonbait mendiotan.

Elizak tontorretan edo baso erdian, ñabardura emanez paisaiari, baita lurraldean elizak agindu izan duela ere aldarrikatuz.

Paisaia bera, baina, ez zaigu aldatu.

 

Celje, ba omen du alde zahar gozagarria baina orain arte ez bezalako etxe-orratz pila ditu agerian urrutitik ikusita, hiri moderno erraldoiaren irudia erakutsiz.

Maiatza, gero eta ugariagoak dira herrietan.

Slov-Bistricara hurreratuz hasi dira mahastiak, ugalduz doaz, azkenez muino magal oro hartzen dute. Sail txikia da mahasti bakoitza.

Mendiarteko bailaratxo erakargarria bil-bil berdea erakusten digu autobideak behatoki edo balkoi korritua den zubi erraldoitik; zubiaren ondoren  bailara zabal argi eta ederrera atera gaitu 750 metro luzerako tunelak.

Esloveniako bandera Maiatza batean, baina ez adarretatik zintzilik, gandor baizik, zuhaitza luzatuzko haga batean lotua.

Erabat aldatu zaigu paisaia Slov-Bistrikarako bidegurutzetik aurrera:  hagitz laua, Kroaziako mugan ia ikusi ere egiten ez diren mendietaraino zabala. Ez da jadanik belarrik, lur landua da dena, dena galsoro eta arto-sail.

Skoda autoa oso guti ikusten da jadanik.

Adreilu fabrikako bulego egoitza izan daiteken leiho askoko adreiluzko eraikuntza batean  hiru adreiluzko giza buru ditu leihoburu bakoitzak: bitxikeria.

Bi zikoina habia argindar tantai puntetan: etorri dira udaberri oroko bisitan, bizibeharrez uda guztirako horiek, ikusminez eta epe laburrerako gu.

Granja saila bere pentsu-biltegi biribil bertikal erraldoiak dutela alboan.

Traktore ugari dabil soroetan ez ezik errepidean ere tarteka.

Maiatza, ia herri bakoitzak du berea.

 

Ptuj TermeKanpina. Ur sendagarriko bainuetxe batean kokatua. Leku atsegina jendez betetzen ez den bitartean. Heskai berdez banatutako eremu borobilek osatzen dute esparrua, belar trinkoa du zoruak, aparta da; zerbitzugune eta ur sendagarri epelezko igerilekua du; ez dago ganorazko zuhaitzik, txolarre edo txuarrarena da txori-kantu ia bakarra: zabala, berdea, zaindua eta dotorea da kanpina.

Erretzeko beroa pairatzen dugu, 30 gradutik gorakoan gabiltza egun osoan.

 

 141 kilometro, herrialde berri baterakoak.

 

Kantari dabil kukua, oraindik bikoterik aurkitu ez duen bakartiren bat, isildu ezinik dihardu eguerdiko ordu luze beroetan, errenditu ezinik, kuku eta kuku.

36 gradutan dator ura barneko igerilekuan; ur berokoa izateaz gain, luzea eta zabala da igerilekua; ur barruan, alboetatik zein azpitik, eutsi ere ezineko indarrez datozen ur-turrustak botatzen ditu; kanpoko igerilekua ez da hain beroa, baina uhin handiek zeharkatzen dute alde batean gorputza masajeatzeko.

Argiztatuta, brist, dago hiriko gaztelua gauez, gehiago dirudi antzinako etxetzar bat, gotorleku borobilek gehiago dirudite gaztelu erromantiko baten gordeleku kapritxokoa. Edozer da ederra eta erakargarria gauez egoki argiztatu ezkero; nola ez, erakargarria dager gaztelua, goian, argi-leherketa bailitz, misterio kutsua hedatuz.

Egonleku atsegina gertatu behar zaigu hau ere.

 

Makatz samarra da egunotan erosi dugun Esloveniako ardoa, txakolinaren garratz puntua du.

Ia egunero dugu arazoren bat: urik gabe geratu zitzaizkigun atzo konketako kanil eta komuna; bonbillek bazuten  argia gutxienez. Berez konpondu zaigu arazoa kanpin berrian: argindar tentsio biziegia zegoen nonbait bart, eta argindarra bere tentsioan egotean etorri da dena bere onera.

 

 

Maiatzaren 12a.   Ostirala     11.a - 9.a

 

“Agirre zaharraren ..”.  K. Izagirre:

* “Tatuaia egitea kondenatuaren trajea janztea da”. Tatuaiak absolutuaren jitea du, erdi absolutua da: betidanikoa ez, baina betirako da.

* “Laburrean du indar handitasunak”. Indar handirik ez du inola ere nire egunkari honek. Luzea da eguneroko lana, astuna ere egiten zait, baina nire burmuina eragiten du, negurako lan atsegina dakarkit, oroimena indartzen dit... ez diot beste handitasunik eskatzen ere.

 

Herri koskortu orok du bere gaztelua, ia gaztelu orok bere museoa.

Herri koskortu orok du bere museoa, sarri gazteluan.

 

Trena genuen gertu, tren hots sarria aurreko kanpinean, tren hotsa izan dugu gaur goizean kanpin honetan ere gosari orduan. Tren bakoitzak bere soinu propioa du, bere-berea, gertukoa denean soinutik dakizu ze tren mota den,  urrutiko tren-hotsa denean berriz tren-soinua besterik ez da: urrutiko tren orok soinu bera.

Garbi entzuten dugu erlojuaren hotsa etxatoi barruan, isiltasunaren ezaugarri.

Goiztiar hasi da kukua lagun bila.

Txuarrak dira kanpineko txori ia bakarrak; txori zaildua, lotsagabe dabiltza, ohi dutenez, apurren bila.

 

Bainuetxe  herrialdea da ekialdeko hau, garai batean hungariar aberats, jauntxo eta zerbait zela uste zuena, zerbait izatea nahi zuena edo zerbait sosa zuena etorri ohi zen hona. Zerbitzariak ziren zetozen pobreak, bere ugazabez arduratzeko etorri ohi zirenak. Gaur egun ahaldun jende mota horrek bere ospitale propioak ditu osasun arazoetarako, aisia-eremu bereziak ondo bizitzeko eta giza harremanetarako. Pobrea da hona gaur egun osasun arazoak konpontzera datorrena, pobreek eusten die gaur egun bainuetxeoi. Pobre jendea, langilea izana, zebilen aurreko bainuetxe herrietan, pobre jendea gabiltza bainuetxe honetan ere. Jende nagusia gainera, bizitzari ortzi muga hur ikusten diogunak, gorputza ahultzen nabari dugunak. Baina bada oraindik gu baino pobreago denik, hona etortzeko aukerarik ere ez duenik. Beti da norbera baino pobreagoren bat munduan.

 

Ptuj dugu lehen helburua gaur, Premurje herrialdera luzatuko dugu pausoa erabat liluratzen ez bagaitu.

 

Putuj. Handi eta handiki dator Drava ibaia, bizi-bizi zabal-zabalera osoan udaberriko Alpeetako elur urtuen urez. Bere alboan dago kokatua hiria, nolabait ibaiari lotua, errepideak banatzen du ere, egonleku eta ibilbide lasaia gertatu diote alboan, baita oinezkoentzako zubi erosoa ere, patxada bila norbaitek etorri nahi badu.

Hiri txukuna, garbia, zaindua, argia, alaia. Bizi bizia, erruz dabil jendea kaleetan, merkatu eguna izaki gaur. Alde Zaharra, ez oso zabala, oinez erraz ibiltzekoa; koloreetako fatxada kolorgetuak ditu, harrizko ateak tarteka, batzuk ederrak; farola lorontzi koloretsu zabala lorez gainezka bakoitzetik zintzilikatuta. Dorrea, sendo lerden garaia, gandor harro eta erloju dotorearekin, nabarmen gailentzen da alde zaharreko erdi-erdian; sarrerako mailadian irudia ia ezabatu zaion harrizko lehoi burua; barnea argia, nahiz hormei itsatsita estilo ezberdineko aldare ilun pila dituen,  beteegia aldare, santu-irudi eta bitxikeriez.  Azoka, ez du ezer berezirik jite eta eskaintzaz; jendetsua eta oparoa, oparoa baita nekazarien eskaintza, ortu-gaiak dira bereziki eskaintzen dutena, baina baita edariak ere. Minorite Monasterioa: patioan bada gaur bertako eskulan eta edarien erakusketa eta salmenta, baita nolabaiteko txosnak ere, oso xumeak: gazta, lukainka, orujo edo zapakina, ardoa... dastatu, ordaindu eta gustukoa bada erosi; taberna aurreko mahaietan jende ugari biltzen da solasaldi lasaian. Gaztelua, tontor batean kokatua, bi dorretxo alboetan, gehiago dirudi jauregi erraldoia bere leiho ugari, horma zuri eta teilatu gorri biziarekin.

 

Zanpatzarrak,  hemen ere badira, ez Iturenen soilik, Inauteriekin lotuta daude hemen ere, aurpegia mozorrotua erabili ohi dute Innsbruck-ekoek bezalatsu.

Eskolaumeak dabiltza bisitari, irakaslea artzain.

Arte-areto batean ere izan gara, kolore ezberdineko laukitxoz eginiko figura geometrikoak: koloretsuak eta lasaigarriak banaka begiratuta, baina errepikakorrak osoki hartuta.

 

Ez dago eguzki errerik, baina bai 31 graduko bero astuna.

Kutsadurarik ba ote begientzat hain atsegina den natura honetan?. Autoona behintzat bai.

Sarriak dira herriak: etxe txaparrak, lurrari itsatsiak, lautadan barreiatuta ikusten dira zirrinta argi luzea sortuz urrutian. Etxe-buelta dotore, landuak, nolabait bitxiak; lorategitxoaz gain ortutxoa ere badute askok.

Maiatza pila, herri bakoitzak berea. Garia eta artoaz gain patata-sailak dira ugariak; bada letxuga sailen bat ere, lupuluarena ere.

 

Gorinisca. Lastozko teilatu bat, garai batean halakoak izanen ziren denak.

 

Ugariak dira kapera eta santutxoak, handiak eta ondo zainduak.

Eguzki-panel banaka batzuk ageri dira han-hemenka.

 

Mihovci. Gaztelu zuri karratu handia, dorretxoa lau kantoietan. Gehiago dirudi jauregia honek ere.

 

Mendi-muino arteko bailara estuetan doa ibilia, Kroaziako mugetatik gertu lautadaren ertzean.

Betiko fardoak egiten ari dira belartza batean, lauki luzexka horietakoak. Plastikozko fardel berdeak dira jadanik sarri ikusi ditugunak.

 

Ardoaren ibilbidea deitzen diote daramagun bideari.

 

Ormoz, herri honetatik zenbait kilometrotara hasi dira mahastiak. Mahatsondoz estaliak daude mendi-muino leunen gain eta maldak.

 

Jeruzalem. Herritxo bat.

 

Fruta-arbola dirudien zuhaitz txiki zarratuen sailek hartzen dute zenbait muino tarteka. Belartza da orain bailara. Baina ez dago belar lehortegi edo esekitokirik, bat bera ere, inolako egiturakorik.

 

Ljutomer.

 

Lautada da berriro lurraldea, dena sail izugarriko galsoroa. Zuhaitzak ugariak dira.

etiketak: Bidaiak 00
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.