Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000

BIDAIAK 2000

Jon Etxabe 2021/12/06 10:30
KROAZIA. Zagreb

Maiatzaren 16a. Asteartea. 15.a-Kr:1a

 

“Antologia”. Bandeira – Sarrio:

* “Honek bazekien bizitza larrialdi anker eta helbururik gabea dela /  Bizitza traizioa dela” – “Este sabia que a vida é una agitaçao ferozesem finalidade / Que a vida é traiçâo”. Batez ere traizio eguna gero eta bertarago, orain bai, dakusadanean. Edonola, hobe bizi, ez izatea baino.

* “Bizitzarantz jiratuta zeuden, Bizitzaz liluratuta /Bizitzaz fidatuak”. “Estavan todos voltados para a vida /Absortos na vida / Confiantes na vida”. Bidaia dugu bizitzaren piperminetariko bat, agian traizioari ihes egin nahi bat. Bizitzan murgiltzeko era bat

- “Zure barruan hari tipitan / Bizitza miragarria pipiltzen da / Amairik gabe” – “Dentro de ti em pequenas pevides / Palpita e vida prodigiosa / Infinitamente”.  Bizi garen bitartean goiari eutsi.

 

Kroazia dugu gaur helburu, batez ere Zagreb.

Belar eguna gaurkoa ere nekazarientzat, goiz gabiltza gu ere nekazariak lez.

Misterio zantzua du egunak, abentura ukitua, herri berri batera goazeneko urduritasun punttua, ohitura berriak, gizalege berriak, hizkuntza berria, iragarki ezberdinak, diru ezberdina, diruaren balio ezberdina...

Aurreko mendiei begiratzen diegu, han behar du muga. Mendiarte barrenetik, erreka kontrako bidetik, basoan edo mendi-zulo sarreran dago Esloveniako muga, kilometro batzuk geroago Kroaziakoa. Zehatz begiratu digute pasaportea, baita zigilua ezarri ere. Dirua aldatu dugu mugan bertan, muga bien arteko saltegi esparruan, milaka tolar utzi ditugu ehunka batzuk kuna jaso. Mendi-zuloan jarraitu dugu tunelez oraingoan mendi azpitik bidea laburtuz, zabal gunetan nekazal etxeak, ortuak, soroak... laugarren tunelaren ostean berehala ginen lautadan.

Norenak ote muga bien arteko mendiak, non ote arbolarte honetan muga, nola zaintzen ote?.

Muga naturalak erabiltzen ditu gizarteak muga artifizialak eta politikoak jartzeko, muga naturalak muga ezarriak bilakatzen ditu.

Auto joan-etorri bizia dago herri batetik bestera. Muga bien arteko errepidea eskasa da. Autoek piztuta daramatzate argiak. HR hizkiak dira Kroaziako ezaugarriak: beraz H-a gure K edo antzerako irakurri behar da.

 

 

KROAZIA

Eslovenia berdina da lehen ibilbide zatia. Agian eliza-dorreak ez dira hain zorrotz luzeak, ezta etxeetako teilatuak ere. Nekazari ibar txukunak: hemen ere belar-lanetan ari da nekazaria, ebakitzen, iraultzen, batzen... baita artajorra edo ortu lanetan ere; emakume nagusiak baratz lanetan hemen ere. Bada mahatsa, mahastiak dager mendi-muino magal goietan. Industria-guneren bat, bi tximinia ikusi dugu ketan.  Ez dago santutxorik, ez Kristorik. Ez dago maiatzik ere. Ebaki berriak daude errepide bazterreko belarrak.

 

Lautada zabal batera atera gara. Esloveniakoen jite berdinekoak dira mendiak, oso urruti, baina. Belarra eta garia, lurraren emaitza nagusia: ikaragarri zabalak dira belar-sailak, erabat loratuta, ebakiko ez balituzke lez; belar-meta batzuk, badirudi arta-kirtenak jartzen dizkietela aterpe edo babes gisa; ez da belar-esekitokirik, ez langadirik, ez txabola langadun irekirik; ordez, nekazal etxe orok du bere adreiluzko txabola hazia, handia. Artaburuak gordetzeko sarezko aterpe garai estua darabilte hainbatek, etxe alboan edo txabola ertzean.

Lurralde berdea, baina hau ere horiagoa egonen da uda inguruan. Mitxoletaz gorri daude galsoroak.

Mendi barrenean daude herriak, bata bestearen ia jarraian, elkarri lotuta bezala. Lautadan, ordez, ez da herririk, ezta mendi magaletan ere.

Hilerriak lirateke ezberdintasuna: muinotxo edo gainbeheran, harlauza zut tinkatuak, harrotu itxurako lurra, inolako hesirik gabe... deigarriak.

Eliza mendiaren hegi-hegian, ez du dorre luzerik. Ez dugu besterik ikusi horrela goietan. Errepikagailu bat bai, bat bakarra, gaur egungo dorre mezularia, aspaldian kanpai-dorreak lez.

Gutxienez 10 kideko familia osoa ilaran artajorran, makurtuta aitzurtuz eta bakanduz. Maringo irudiak ditut bizi-bizi.

Bada autobia, baina ez doakoa!. Autobideak ez du atsedenlekurik; gasolindegi bakarra, berria, Mendebalekoen osagai eta jite berekin.

 

Zagreb. Sava ibai zabala datorkio Hegotik, beste bat goialdetik, hazia hain hurrean jaioa izateko. Luze joan zaigu erdigunerakoa, kilometrotan eta ordutan. Izugarri zabala du aldiria edo ertzetako auzoteria, etxe handi zein txikiz osatua, kilometro luzeetan, ez dira Madrilek inguruan dituen auzo edo herritzar erraldoiak, zuhaitzez inguratutako etxadiak baizik; elkargune nasaian bizi dira aspaldiko etxetxoak eta gaur egungo etxebizitza berri garaiak. Ulertzekoa da Txetxeniako hiriburua bereganatzea hain zaila izatea errusiarrentzat, izugarri zaila izatea erdigunera heltzea, zaila baita honen antzerako herri eta hiriak kontrolatzea, zaila etxez etxe auzook eskuratzea.

Erdigunera hurreratu ahala, hasi dira tranbiak, harbidea... kale-arteko zurrunbiloan ginen ondoren. “Amabirjina agertu zaigu”: berehala, egoki eta eroso utzi ahal izan dugu autoa, erdiguneko marran  bertan. Planoa erosi eta ekin diogu oinezko ibiliari.

 

Zati erabat ezberdinak bereizi daitezke errazki ibili hutsarekin: tontor batean  hiri zaharra, hiribildua izanen zena, ondo-bizi eta jauntxoen etxe ederrekin. Honen parez pare, bigarren tontor bat: bertan katedrala, honen aurrean plaza, bertan izurritearen  zutabea, gazteluren bateko dorretxo borobil konikoak, zenbait etxe. Tontor bien erdiguneko zuloan aspaldiko kale-sarea, etxetxo txiki baina politekoa, pobre eta zerbitzarien bizitokiak seguraski. Tontor bien oinetan plaza zabala, jendearen zein tranbien biltoki eta hitzordu-leku: plazak ez du eraikin apartekorik, baina bai zaldi gaineko enperadorearen estatutzarra. Plaza bizia eta alaia da. Plazatik beheranzkoa errege eta jauntxoen bizitokia izana da: kale zabalak, etxe eta eraikin antzinako klasikoak, dotoreak, sendoak, plaza eta parke luze  zabalak, jauregi eder zuhaitz ederrez inguratuta, dena ondo zaindua.  Hegorantz eraikin moderno garai asko, berdegunez inguratuta.

Jauntxo herria, batez ere izana, joan den gizaldiko ondo-bizien hiria. Bizipoz handiko hiria behar du izan, aurrera begiratzen duena: giro aparta du, izugarri bizia da, franko dabil jendea hiri osoan, kaledi orotan, baina erdigunea da batez bizitasunez gainezka dagoena: tranbiak, eten gabe, kolore guztietakoak, bere-beraien soinu orroez ingurua betez, plaza inguruko kaledi osoa da kafetegi eta mahaiteri, jendea eserita mahaiotan, jendea oinez... dena dago lepo. Baina ez da giro kosmopolita, ez da kanpotariko edo turista jenderik nabarmentzen, bakarren batzuk bagenbiltzan ere. Bertako jendea da nagusi hiriko jendetzan. Lepo dago autoz ere, auto modelo oroz gainezka. Bada eskale jendea ere, isilka batzuk eskupeko bila kale artean, gazte jendea batez ere, baina baita agiriko belaunikoan ere emakume nagusi bat.

Hile-hori, hile-beltz, begi-argi, begilun.... ez diegu antzik ematen ze herri ezberdineko jatorria duten, ze herri ezberdinen nahasketa dagoen. Baina arraza ezberdin ugariko jendea dirudi. Beraiek beraien artean badakite seguraski jite ezberdineko bakoitza ze jatorrikoa den, nor nor den eta non dagoen.

 

Katedrala. Mitzenti kardinalea da bertako erakargarritasun nagusia: koadro handi baten pintatuta dago bere irudi erraldoia berrikuntza lanetarako fatxadako aldamioetan; barruan presbiterio erdi-erdian dago, bere irudi etzana gainean duen hilobi dotore-dotore deigarri batean, kardinal jantziekin. Santu bati bezala otoitz egiten diote, debozio handiz, jendea etengabe doakio presbiterio bertaraino, jende multzoa du inguruan, kandela jartzen, otoitzean, zutik, belauniko zein eserita hausnarketan, ugaria da gazte jendea ere.

Gotiko berantiarra dirudi katedralak, berritze lanetan ari dira kanpotik: ikusgai daude zoruan goietatik konpontzeko jaitsitako iruditzarrak erabat janda, baita ordez sartu behar dituzten zati berriak ere. Aldare piloz gainezka dago barrutik, zur txertatuzko bankueria bikainak, pulpitu landua, zilar landuko aldare nagusi dotorea, gotzain-aulki sekulakoa... jauntxoen irudi eta bestelako bitxikeriarik ere ez da falta: merezi du sartu-irtenak.

Bikoitza da katedral aurreko plaza: merkatu-gunea da alde gordeena, bukatzear zegoen; egin diogu bisita merkatuari ere: ehunka saltoki edo postu, oholezko mahaiak olana gorrizka pean, nekazaria da saltzaile oro, bakoitza bere ortuariak eskaintzen, betiko eskaintza, oparoa. Piper zuria izan da guretzat barazki ezberdin ezezaguna.

Museo pila, batez ere tontorreko kaledi zaharrean, gutxienez bost. Kaledi bereko tontorrean teilakolore bizi-biziko teilatu dotoreko eliza bat, barrutik ikusi ezin ahal izan duguna berrikuntza lanen ondorioz.

Plaza eta parke orotan nabarmena da poliziaren presentzia, plaza nagusian batez ere, oinez eta furgonetan, pila, zelatan denean: hara non hasi diren hurbiltzen italiar gazteak, ugari, kolore txuri-urdineko bufanda eta kamisetekin, agian tifosiak dira, futbol lehiaketa dago eta txakurrak hiriko ordenua nahastu ez dezaten daude hor.

Ez dabil  gizonaren laguna omen txakurrik kalean, ez solte ez uhaletik.

Papera zein metalezko garagardo poteak biltzeko edukiontzi bereziak daude.

Eskuz saltzen dituzte egunkariak sarrerako bidegurutze eta semaforoetan, baita kalean bertan ere.

 

Ordu atseginak hirian egin ditugunak, ibili luzea baina patxadakoa eta atsegina. Zaharretik sartu gara hirira, alde berritik atera: kilometrotako etorbideak, artezak, zabalak, garaiak arren itomenik sortarazten ez duten etxeak alboetan, arnas handiko etxeak dira eraikin erraldoiok ere.

 

Etxerakoan jadanik ez Zagreb-ek ez Kroaziak, ez dute goizean guretzat zuten misterio kutsurik. Kamustu egin zaigu ezagutzarekin ikusmina eta jakin-mina. Aberastuago goaz, ordez, etxera. Piperra eta gatza galdu du guretzat Zagreb-ek baina espero ez genuen adinako oroitzapen bizia utzi digu. Biharko egunak eta ondorengoek dute orain piperra eta abentura kutsua.

 

Errepideko poliziek jarri diote azken piper ukitua bidaiari. Behar nuen baino abiada biziagoan aurreratu nahi izan dut auto zahar bat bide bakarreko errepidera sartu aurretik. Geratu egin naute zelatan zauden poliziok. 150 kunako isuna jarri nahi zidala ulertu ahal izan diot soilik. Zuzenean kobratu nahi zuen ez isun-paper eta ez demontre. Xahutuak genituen kroaziar sosak. Luze joan da ulertezina, erretolika eta auto miaketa. Joaten utzi nau azkenean kontuz ibiltzeko keinua eginez.

 

Gure txanponaren balioaz jabetzeko betarik ez dugu izan egunez. Etxerakoan azken txanponak ohi dugunez muga zeharkatu aurretik xahutzeko ohiturari jarraiki geratu garenean ikasi dugu: guk hamar kuna uste genituenak, ze merke ardo botila!, hamar alemaniar marko ziren!, botilaren ordez kakahueteak! erosi ahal izan ditugu: Ze pentsa ote du saltzaile gazteak!. Alemaniar markotan soilik du balioa jarrita salgai orok muga inguruko dendetan.

 

182 kilometro, Kroaziara txangoa ahalbideratu digutenak.

 

“Agirre zaharraren ... K.Izagirre:

* “Presorik gabe ezinezkoa da mundua aldatzea”. Euskadi askatua ere.

* “Oraintxe ez dakit hurrengo kukua entzunen dudan”. Hurrengo kukua Ingalaterran entzungo dut lehenengoz hurrengo udaberrian.

etiketak: Bidaiak 00
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.