Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000

BIDAIAK 2000

Jon Etxabe 2021/11/08 10:50
ESLOVENIA: GORENJSKA. Kranj, Raovljica, Bled, Bohinjlakua, Skofja, Loka. PRIMOSKA.

Maiatzaren 6a.  Larunbata.  5.a - Esv:3.a

 

J. Iriberri:

*“urdin koldarra eta beltz mugagilea”. Beltza bai bada mugagilea, baina zergatik koldarra    urdina?.

*“kalatxoriek ez ziotek / sekulan ere / hegalpeko lumak elkarri erakusten”. Gizakia saiatzen duk ba auzoarenak ikusten.

 

Goiz egin ditugu erosketak, itxi egiten baitituzte dendak larunbat arratsaldez eguerdian.

Hamaikak eta  erdietan atera gara, beraz, gaur, arropaz aldatu ondoren, uxatu egin baititu goizeko lainoak eguzkiak. 28 graduko hozberoa.

Argiak pizteko keinua bota digu gazte batek, sarri gertatzen zait argirik ez piztea; ohitura hartu artekoa.

 

Bada gazte jende bat patina darabilena batetik besterako. Txirrindua ez da erabiliegia.

 

 

GORENJSKA

 

Lurralde zabal-zabala, berde-berdea: mendi berde-berdez inguratutako lautada zabala. Belar ebakitze lanetan murgildua da nekazaria: hiru lekutan aurkitu dugu plastikoan bilduta belarra, langa sailetan eskegita belar ebaki-berria.

Teilatu iluna nabari zaie arbola artean gordetako herriei.

 

Kranj. Etxe handiko multzoak erakusten ditu urrutitik begiratuta. 12etan heldu gara, adar eta kanpai hotsez egin digu harrera, dena izan da kanpai eta turuta, tarte luze batez. Ordubete lasaia eman dugu hirian.

Tontor batean kokatua, gora egin behar da bertaratzeko. Alde zaharra: behe eta lehen solairuko etxez, antzinako etxe polit eta atseginek osatua. Herri luzea, luzetara egitaratua, tontor baten egia jarraiki. Hiru kale ditu batez ere hegiko alde zaharrak: erdikoa da xarmantena eta dotoreena, bere albo bakoitzean beste biak, txukuntzen eta berritzen ari dira bietako bata. Oso potxoloa da erdiguneko kalea, etxe argiak ditu, koloretsuak, pintatu berriak diruditenak. Hiribildua izana, dorre bakarra geratzen zaio, ertz batean, harkaitz gainean ingurura behatoki: borobil zabala da, erabat itxuraldatuta, ez genion dorrea den antzik hartuko gidaliburuagatik ez balitz. Harrizko ate borobilak dituzte etxe gehienek. Harri bolkaniko porotsua erabili zen zenbait eraikinetan. Brontzezko gizairudi erraldoia eliza nagusiko plazan, sozialismo garaiko jite petoa duen antzoki aurrean. Posta etxeko fatxadako gizairudi erraldoiak dira sozialismo garaiko oroigarri nagusiak, nabarmenenak, ia bakarrak.

Elizak: ez dago eliza faltan herri hau ere: Izurritekoa, XV. gizaldikoa omen. S.Cantiano: freskoz apaindua giltzarri landuko  sabai gotikoa, zutabe mehar leun ortogonalek eutsita, deigarria; korupeko arkuen hasieran, beraien eusgarri eta hasera, burutxo zizelatu xarmantak; bankuteria sendoa ohi denez. Ba omen da hezurtegia zorupean baina itxita dago berrikuntzak direla eta. Errosario: artelan askoren gordeleku omen, baina itxita dago.

 

Berrikuntza lanetan, aldamioz bilduta dago hiria; aldiz, eliza bakanak ikusi ditugu berrikuntza lanetan, ez da nonbait elizetarako sosik.

Giro aproposa arnasten da, jendea erruz dago kafetegi aurreko mahaitxoetan pivo edanez. Arrainak ere, pila: beheko erreka zabaleko haitz azpietan egon geldi-geldian, nabarmen eta deigarri.

Gorrarekin ikusi nauelako Lenin gogoratuz nostalgiko, agian nagusi ikusi nautelako, nork daki iragan garaien minez… ukabila altxatuz agurtu nau irribarretsu pivo-edale batek.

 

Herritxoz herritxo izan da gaurko ibilia. Nahastuxe ibili gara ibili ere jabetu garen arte urdinez iragarritako errepideak ez direla autobidea, berdez dagoela iragarritakoak baizik. Gu berriz errepide urdinei iheska ibili gatzaie erdi erotuta herri-bideetatik norabidea zuzendu ezinik!.

 

Ez da aldatu giza giroa gaurko herrialdean, ezta natura eta herri paisaia ere. Atzo ikusitako jite berak dirau. Baina beti dago zurezko balkoi polit bat, etxaurre txukun-txukun bat, etxe eder bat, kaperatxo bitxi bat,  langadi eta lehortegi ezberdin bat, eliza dorre zorrotz lerdenak mendi tontorrean, zuhaitz artean gordetako teilateri erakargarriren bat... bidaia erakargarriagoa egin eta monotonia uxatuz. Berenez eurek ez duten bizitasuna ematen die eliza eta dorre lerdenek herriei.

Goialdea zuri gorriz nabarmen eta ikuserraz pintatutako tximinia luzeko eraikuntza du inguruan hiri handi bakoitzak;  gas fabrika edo hiriko zerbitzuren baterako behar du izan, agian fabrika bat besterik gabe, hiriko hainbatentzako lanbidea.

Betiko topikoak aitatzen ditugu bion artean: lurralde berdea, bailara zoragarriak, baso erakargarriak... Topikoak, baina izan dira paraje ederrak.

Alpeak agertu zaizkigu une batez, kare-harrizko menditzarrak, handi eta argiak, elurra dager oraindik haitzarteko erreten eta toles-guneetan. Austria dago beste aldean.

 

Larunbat arratsaldez baliatzen da hainbat biztanle etxeko lantxoak burutzeko, balkoia konpondu eta antzerakoetarako. Langile pobreak ez du astirik astegunez, jaieguna bera ere  ez da jai berarentzat.

Eslovenian ere biziberritu egiten da jendea asteburuan: nabarmena da edozein herri, egun eta girotan, ibilian, irribarreetan, janzkeran...

 

Raovljica. Herri xumea, baina benetan xarmanta, txikitxo polita, bertan gustura bizi izatekoa. Etxetxo polit asko ditu, nahiz kolorgetuak, erdiko plazakoak edo plaza nagusikoak dira deigarri-deigarrienak, galduxeak daude fatxadak baina forma ezberdinekoak dira eta denek dituzte freskoak. Bi dolare antzinako erakusgai jatetxe baten aurrean; ederra da ikuspegia ere bertatik. Plazako eraikinen artean bada bat handia, argia, eta ederra; bertan omen Esloveniako erakusketarik iradokitzaileena: itxita zegoen ordea; ikusgai zegoen sarrerako argiaren inguruko erakusketa bat ikusi ahal izan dugu soilik. Eliza, fatxada ezberdina du, triangelu zabal garaia irudikatuz, xarma duten hiru sarrera gotiko xumeak baina aldi berean landuak. Barrura sarrera itxita du baina burdina-sareko atetik ganga pintatua, baita bakoitzak hiru makilatzarreko hiru zutoihalak ikus daitezke bankuteria sendoan kokatuak.

 

Lesce.  Nekazari herria, handia, etxe bakanez osatua. Gurdizko zaldi lasterketarako pista du.

 

25 gradutik gorako hozberoan gabiltza egun osoan.

 

Bled. Turista-herri kutsua du. Lakua du erakargarritasun nagusia. Sekulako bazterra: pasoko ordu gutirako, arratsalde-pasarako, zein egonaldi luzerako, aukerakoa; burua gandortu dezake Suitzako lakuen aurrean ere: ez da harritzekoa erruz izatea bisitariak. Laku ederra da, 6 kilometroko ingurua du, eta turismorako baliatuta dute ertz dena, inguru dena da turista-leku. Erdian uhartetxo arbolatsua eta arbola artean zut deigarri elizatxo dorre luzea. Zaindua, gustuz egokitua eta atsegina, ibilaldietarako aukerakoa da laku buelta osoa. Erruz dator jendea alboko hoteletara, autobusez, batez ere alemaniar eta austriarra, italiarra ere ugari dabil. Batelak, ahateak, zisneak, bada elizatxo polit bat ere. Gaztelu edo gotorlekua haitz biziko amildegi baten gainean, laku gain-gainean. Badu bide-gorri apaina. Luzera osoan doakio ere errepidea alde batetik.

 

Bailaratxoa bailaratxoaren ostean, horrela doa arratsalde osoa. Zoragarria da. Ibai bazterrak, kanoak, raftinak... lautada belardi, mendi pikoa baso, elurra osteko menditzarretan goialdeko maldetan behera. Mendi-zintzurrak errekari zein bideari tartetxoa utziz haizpetan, urlasterrak mendi-zulo malkarretan, erreka barea, beti garbia, lur lauan.

 

Bohinj lakua. Luzea eta zabala, aurrekoa baino askoz handiagoa, baina ia bere-berean oraindik, gizarteratu gabea. Menditzar baten azpian, malda pendizetako basoa uretan islatuta, lakua bera ere baso bailitzan, errekasto garbi laster ozenak lakoa ur handi bihurtuz. Bide-gorria eta errepidea alde bateko luzera osoan. Leku aparta, geldia, atsegina, bertan gelditzeko irrika sortzen duen horietakoa.

Etxe ederrekoa da inguruko herri oro, bertako jiteko etxe apartak, bizileku aukeratu dute, antza, lurraldea ondo-biziek.

 

Atsegina izan zaigu etxeratzekoa ere, bailara gehiago, zein baino zein erakargarriagoen barrena, ametsetako bailarak, pelikuletakoak, ipuinetakoak;  iratxoak eta gnomoak agertzea falta izan zaigu.

 

Stara Fucina. Menditzarpean; eliza xarmanta du, S.Kristobal erraldoi bat du pintatuta kanpoko horman.

 

Usu aurkitzen da S.Kristobal irudia: laku alboko elizatxo bakarti bateko kanpoko horman bazen bat gaur bertan; beste bat atzo, erraldoia hau ere, elizako horman hau ere, ia ia kolore gorrikoa, erabat deigarri. Bidaiarien patroi izanik, ibilbide edo pasoko lurraldea del erakusten du. 

 

Studor. Langadi eta lehor-tokiak: inon izatekotan hemen dira, kontaezinak bailara osoan, perretxikoak bailitzan, etxe inguru zein belartzetan, ilungune grisak berdegune jorian.

 

Kukua entzun du lehenengoz Maria Luisak, baia ez zeraman dirurik. Nik ez du entzun oraindik.

 

Ederrak dira etxeak, zainduak, ez du aitzakiarik Suitzarekin ere. Banan-banako etxeak zenbait herritan, teilatu piko-pikokoak, arbel harri zapaleko teilatuak, zenbaitzuk zurezkoak.

Patxadan dager jendea herrietan eta laku inguruan. Ez dabil jendetzarik bazterretan.

 

Sredngavas

Ezin gara aspertu, mendi berdeko erdigunean goaz, belartza zabalaren erdi-erditik marra gris iluna den bidetik, txindurriak baikina, erabateko bakardadean. Simaurrez betetako gurditxoa daraman zalditxoa eta zalgurdietan lez eserita gidatzen duen nekazaria  izan dira ageriko bizidun bakarrak tarte luzez. Ez da granjarik, ez behirik larrean, ezta  kortarik ere ageri: etxepean egon behar du haziendak gure baserrietan bezala, zer egiten dute bestela hainbeste belarrekin?.

 

Boh Bristicatik aurrera utzi egin dugu ohizko errepidea eta pista antzeko bikeztatu gabeko bide batetik hartu dugu. Basorik baso. Aspergarria ere egin zaigu zuhaitz arteko joan etenik gabea. Baina ez zaigu damutu bide hori hartua, 1.200 metro inguruko goieran  gabiltzala, elurrarekin egin dugu topo goian, elur sailak geratzen baitira oraindik. Tontorretarako teleskiak eta  teleaulkiak. Beherakoan galipota agertu zaigu gurpilpeko. Zoragarria zen behean mendi-zuloko bailara berdea basotik ateratzean. Izugarri polita. Teilatu leun pikeko herritxoak bertan barreiatuta.

 

Sorica. Pintore famaturen bat da nonbait herriko seme: astotxo gainean jarri dute sarreran  herriko iragarkia, pintorea bera han dago brontze bihurtuta belartza erdian, zut, naturari begira pintatzeko joeran.

 

Zoragarria da, ez gara aspertzen; tarte batzuetan mendi-magalez mendi-magal goaz belartzaz belartza, belartza erdian, mendi-gain eta malda arbolatsuei begira.

Sakoneran ginen ondoren, errekatxo biziaren kontra egin dugu errepide nagusira arteko bide luzea. Loratuta daude fruta-arbolak, bete-betean. Geriza-urte aurten.

 

Herritik herrirako kilometro kopuruarekin soilik jartzen dituzte kilometroak zenbatuzko letreroak,  ez dago kilometrotik kilometrorako neurketa iragarririk,  bidegurutze nagusietan soilik dakigu zenbat kilometro geratzen zaigun hurrengo herrira. Ez dira gehiegi arduratzen norabide seinaleekin ere.

Gogoratzen dugunez, zainduagoak ditu Austriak etxe inguruak, hemengo etxe-bueltak ez dira zikinak,  inondik ere, ez dago simaur edo hondakin edo botatako zatarkeriarik, txukun eta garbi dago dena, baina ez dago Austria bezain apaindua.

 

Zelezniki. Labe handi bat dago bera bakar bakarrik herri erdi erdian; erraldoia, luzea, zabala, karratua, oso bitxia, errauts usaia dario, badirudi oraindik erabili egiten dutela noizbehinka. Futbol partidua jokatzen ari dira, ikusle taldetxo lasaiaren begiradapean.

 

Autobus geltokiak kapritxokoak dira, zurezkoak, bakoitza bera, ezberdina, badirudi herri bakoitzak berea egiten duela bere erara.

 

Skofja Loka: errepidetik ikusi dugu, etorriko gatzaio bisitan. Etxetzar handi eta zatarrak ikusten zaizkio, badaa Donostiako S. Bartolome ikastetxea gogarazten digun eraikuntza handi bat ere goi batean.

 

Autoz josia dago herritik kanpoko elizatxo bakarti baten ingurua: ezkontza ospatzen da arratsalde beranduan.

 

7ak eta erdietan heldu gara etxera, berandu baina gustura.

 

193 kilometro, bailaraz bailara.

 

Bart gauerdirantz heldu zen bikote gazte txekiarra autoz denda txikitxo batekin, goizez alde egin dute: urrutirako bidaiaren bat edo herriz herri dabiltza lo-toki soilik zaielarik kanpina. Bigarren bikote gazte batek goiz alde egin du oinez motxilatzarra bizkarrean, dendatxoa zuten hauek ere. Bikote heldu bat heldu da gaur itsasontzi pneumatiko motorduna atoian zekartela... Bere bidaiatzeko era du bakoitzak.

Ilargia hasia da gorantz: gaugiro apartak izanen ditugu garbi egitera, sorginduak ohera aurreko komunetara joan-etorriak ere.

Izugarria kanpineko isiltasuna: ordulariaren hotsa bera ere ia gehiegizkoa bihurtzerainokoa.

 

 

Maiatzaren 7a. Igandea.  6.a - Esv:4.a

 

J. Iriberri.

* “Edalontzia eta zigarroa / euren euskarri bakarra”. Bidaiatzea ez zaigu zorionez euskarri nagusia. Hala bai?.

* “Zeru guztiak altuegi zeginaten hegan / ihesean kometa galduak bezala”. Altuegi izan genuen zoria lehen egunetan, baina badirudi eskuratu dugula kometa.

* “Txikitxoa izan naun betidanik; pentsa / honek laguntza handia ematen zidanan”.  Handi izan nahian datza gaur egungo zorionik eza.

* “”Laguntza gutxikoak bait dira niretzat / Asmatu izan diraden jaungoiko guztiak”. Laguntza handiak dira jaungoiko guztiak dirauten bitartean. Beti dugu izan, euskarri, jaungoikotxoren bat.

 

Txori-kantu ezberdinak bereizten egiten dut goizeko komunera ibilia. Gaur eliza-dorretako kanpai hotsek bildu dute ingurua bederatzietan txori kontzertuari soinu eta doinu berriak erantsiz.

Aldats pikoa igo ezinik doan kamioi zahar zamatuarena dirudi nire bizarra egiteko makina elektrikoaren durundiak, are burrunbatsuagoa kanpineko isiltasun baketsuan.

Nire aurretik komunera doazen gutik ikasi dute eskuila erabiltzen urari eman ondoren.

 

 

GORENJSKA

 

Kilometro kontagailua 0 jarri eta atera gara goizeko 10etan Alpeak aldera egun ederraren itxaropenez, lagun izango dugulakoan eguzkia.

Asko dira lanean ari direnak baratzean, domeka arren: jaiegunak, langileen ordu estrak, sindikatuek aintzakotzat hartzen ez dituenak baina hainbat langileek beharrezkoak dituenak bizimodua arintzeko.

Sarri joan izan gara trenbidearekin bat, baina gutitan egin dugu topo trenarekin: gaur bide-kide izan dugu tarte batez aurreratu gaituen arte; luzea, azkarra eta itxura oneko urdinxka.

Banaka-banaka, bada industria-gunerik han-hemenka, hiri inguruetan batez ere.

Plastikozko fardeletan bildutako belarra, traktorez biltzen ari dira atzo ikusi genituenak, biltegietara edo kortara eramateko.

 

Skofja Loka. Atzo bidaia hondarrean ikusi genuen herria. Gaztelu karratu handia dorretxoarekin goian, eta eliza dorre lerdenarekin behean nabarmentzen dira bere teilatu ilunez teilateria gorriaren gainetik. Ozena, lasterra eta garbia doakio ibaia barrena inguratuz;  harrizko horma garaiz erabat hesi eta hezitako ibaia,  ibaiaz beldur balira bezala, berarengandik urrunduz eta babestuz. Plaza da herriko altxorra: etxe batzuk bikain-bikainak dira, egoki pintatuak denak, freskoz dotoretuak zenbait, burdinazko landu beltzak ate eta zoru gaineko leiho estalkiak; tunela dirudien pasabide luzea da etxe bateko sarrera, barrenean bi estaiko patioa harrizko arkuteriarekin: bikaina. Zutabea Amabirjina eta santu-irudiz osatua, izurritea gogoratuz, Txekian eta Eslovakian antzo. Eliza, lepo dago mezatan, igandea izaki; erabat inguratzen dute gurutzaduraren erdi-erdian kokatua dagoen aldarea meza-entzuleek. Gangetako freskoak, zutoihalak bankuterian... eta zintzilikatutako lanpara pila litzake elizako gehigarri ezberdina: itzalita dago, ordea, lanpara pila, ilun-iluna barrunbea. Ospitalea, behean, errepidea den kalean, erretaula bikain oparoa omen du kaperak, baina itxita aurkitu dugu. Iturria ospitalearen alboan, zurezko zutabe sendoa bat da, burdinazko kanil, eragingailu eta bestelako osagaiekin; alborago antzinako etxeria txaparro pintatu ajatuxeak: ez da irudimen biziegia behar goikoa plaza inguruko bizimoldearen bizimaila erabat ezberdina irudikatzeko: bizileku ezberdinak izan dituzte beti ondo-biziek eta behartsuek.

 

Autoko argiak piztea ahaztuta ere, beti da argi keinadaz piztu beharra gogaraziko dizun norbait. Gaur  motortxoan zihoan gizontxoa izan da esku keinuz gogarazi didana herritik irtetearekin bat.

 

Grahovo herria dago inguruan: Errumaniako Grabovo dut begien aurrean bezala, bizi-bizi oroimenean: hango zurezko ubide eta tutueria, hango lan mota guztietarako, baita irundegiko txirrikak eragiteko ere, uraz baliatze miresgarria. Bizkaian ere Oman bada holako ur bideratze bitxi bat.

 

Bailaraz bailara mendiartean doa gaur ere ibilia, ibili berdea, behean auzo eta goragotik ikuskizun ur garbiko  “reka” lasterra dugu beti gurekin. Zabaldu egiten da tarteka bailara berriro mendiartean estutzeko, mendi zintzurra izateraino noizbehinka, ozta-ozta tartea geratzen zaiela errepideari eta “reka”ri.

Jo eta ke ari dira belar ebaketan igandea arren. Nekazariak ez du jairik uzta garaietan.

Teila zapaleko gorriak dira teilatuak hirietan, herritxoetan, ordez, arbel edo uralitazko ilunak, gehienez gris argiak. Ez da bizidunik ageri herrietan, ezta auto askorik ere errepidean: gidaritza lasaia da, aparta

Ez da adreiluzko zulodun lehortegirik lurralde honetan, bakarren bat salbuespen. Baina bada zurezko antzinako lehortegi eta belar eskegi toki ederrik, baita berririk ere. Zenbaitzuk zementuzko zutabeak dituzte, langak berriz beti zurezkoak dira. Beste zenbaitzuk berriak dira, zementuzkoak zein zurezkoak, sendoak, habetzar maisuki  eta dotore trabatutakoz ganoraz eginak, Etxarriko zenbait eraikin gogaraziz. Atzo ikusi genuen burdinazko hesoletan burdina-hariz eginiko esekitoki ziztrin bat, bakarra. Ikusi dugu bat, non plastikozko belarrak pilatu dituzten oroigarri edo apaingai: bi aro ezberdin, bi kultura, bi baliabide, praktikotasunak eraginda. Bada etxe-alboa lehortegia bailitzan autoaren aterpe aproposa egin duenik ere.

Zurezko zubi aterpeduna, alboko estalkia falta zaio Madison zubia izateko. Zintzilikatutako zubiak erreka gainean dilindan.

Zarratua dago baso azpia, bakandu gabe bezala. Pago zein izei gazteak,  mehexkak, baina luzerari dagokion sendoerakoak, ez txankamakilak, lerden hasiko diren itxura dute.

 

Ledinike. Herri koskortua, dotorea, kalea den errepidearen luzeran etxe ilaran soltez osatua. Dorre moskote bikoitzeko eliza du, kanpai-hotsez eman digu ongietorria 12etan.

 

Esloveniar asko moldatzen da ingelesez: argibide bila joan garen tabernako batek ingelesez erantzun dit, ulertarazi dit behar nuen informazioa.

 

Gure patua, baina, galtzea da. Gaur ere aldrebeseko bidetik egin dugu bidegurutzeren batean gure ustez iragarkiei ernai joan arren. Usaia hartzen genion errakuntzari, ezin zitekeela izan gure asmoetako errepidea. Asmoetakoaren ordez beste inguru bat ezagutu dugu.

Mendian gora egin behar izan dugu, baso basotik, zoru txarreko errepide estu eta pikoan elurrak pikardiak egiten dituelako galipotean edo aurrekontuek kontutan hartzen ez dutelako zoko hau. Gutxienez hirugarren mailako errepidea. Baina bere xarma izan du: gainbeheran balkoi korritu bihurtu zaigu errepidea, berdetasun zoragarria, ikuspegi paregabea; zulo zuloan herri bat zeini pikean goazkion. Egunero hainbat aldiz errepikatzen zaigun arren antzerako egoera eta ikuskizuna, ez gaitu aspertzen, harritu baizik bakoitzean.

 

 

PRIMORSKA.

 

 Mendebaldeko herrialdea: mendixkak, bailarak, karstat, itsaso-bazter murritza eta Istria penintsula.

 

Idrija. Zuloan dago. Bidegurutzetik bertan dugu baina ez gatzaio joan, bide luzea baitugu oraindik aurrean. Merkurio meategiak egin zuen ezagun, nolabait aberats eta erakargarri. Eliza jaso zuten lehen merkurio meazuloa aurkitu zuten tokian bertan; eliza hori geratu zaie meategia agortu ondoren; meategiak ere iraun dute, agortuak, ikusgai daude, non antz eman dakieken garaiko lan baldintza izugarri gogorrei; ohi denez,  aberastasunak hegan egin zuen ugazabekin batera.  Herri museoan rokoko freskoak, etnografia... ikus daitezke.

 

SP Irija. Arrunt sentipena damai bertatik han behean dottore ikusi dugun herriak, gatzik, bertakotasunik gabekoa, piperrik gabeko etxez hazitakoa.

 

Cerkno. Bide errakuntzarekin ikusi gabe gelditu zaigun herria. Dialekto berezi bat darabilte bertan. Ba omen dira herri honetan Mozorro museo bitxia, partisanoek erabili zuten Lehen Mundu-Gerrako ospitalea, mineral ezberdinen eraginez kolore bitxiak hartzen dituen kobazulo bitxia ere.

 

Idrija ibaiak ematen die izena bere alboko herri guztiei, ibai izena erabiliz konposatzen dute izen herri-izen osoa.

 

Zelin. Lorezko koroez  apaindua du zubia

 

Cerkno galdu ordez, kilometrotako mendi-zintzur, mendi-zulo eta erreka kontrako kilometrotako ibilbide luze paregabea irabazi dugu. Aurrera heinean, elkar jotzen dute mendiek, bat egiten dira han azkenean, mendi-tontor berdeak albo bietan,  oinak elkartzen dira behean, urrutietarainoko luzera zuzenaren amaiera arte. Izugarria. Gu hor barren barrenean goaz, txindurriak baikina mamutzarraren altzoan. Azkenerako, aspertuxe, zabalgune bat eskatzen genuen. Peskariak errekan, erreka erdiraino sartuta  uretan: peskari asko behar du egon asko baitira erreka bazterreko autoak. Etxarrin perretxikotara bezala datoz hona arrantzara.

Igandea arren jo eta ke ari dira errepidean berrikuntza lanetan.

Hainbat eta hainbat kobazulo iragartzen da, bisita-gai.

Hemen ez da hayrack edo belar-esekitoki xumerik, aterpedun langadi soilik; aterpe zabaleko guneak dira hemengoak, langak lau aldetara horma ordez, belar esekitoki eta tresneria gordeleku betebehar biak elkartuz.

 

Mostna Soci. Herri txukuna. Presa egin diote nonbait Soça ibaiari, agian laku bihurtzen da: ur garbi eta argiak, urdinxka-urdinxkak, tindatuta baileude, deigarria bilakatzen da, bitxia, txundigarria.

 

Ibai hau izanen dugu lagun eta auzo zoragarria bere jaiotzeraino, iturburu  bertaraino, berak beherantz ekiten dion tokian bertan ekingo diogu guk bideari  gorantz 1611 metrora arte.

4 parapente mendi puntaren batetik jauzi eginda mendiartean han goi goietan.

Zabaldu zaigu lurraldea, bailara izugarri politak eskainiz: beste izen batez, baina hau Suitza da.

 

Tolmin. Txukuna. Handia izanik, ez da elkarri lotutako etxerik.

 

Berdegune absolutuan, marratxo ilun bat da errepidea, bertatik goaz gu erabateko bakardadean. Jan egin behar gaitu berdetasunak, irentsi berdeak, hain gaude natura berdez bilduta.

Txabolak dira belartzako eraikuntza bakarrak, metalezko xaflaz estalitako harrizko zein zurezko txabolak, pila, ez da belar-esekitokirik. Pare bat belar-meta  ikusi ditugu, garai bateko gureetakoen jitekoak.

 

Alpeak agertu zaizkigu jadanik aurrean, elurtuak.

 

Motorista ugari errepidean gaur: hainbat zegoen pizzeria baten aurrean. Agian italiarrak, pizagatik eta muga ere bertan dagoelako.

 

Kobarid. Txukuna, aratza. Italiako muga hurbil egonik, bisitari italiar ugari datorkio, gaur ere. Frontea izan zen mendiarte hau Lehen Mundu-gerran. Gerra museo du,  gerraren aurkakoa, argazki eta antzekoz egitaratua.

 

Ezinekoa da museo oro ikustea, herri orotan gelditzea ere;  aukera egin behar da ze herri ikusi, eta herri horretan ze museo bisitatu. Bizitza osoa da aukeraketa, askatasunaren zama eta pribilejioa, sarritan latza: hemen ze museo ikusi da aukeratu beharrekoa. Italiarren hezurtegia ikustea aukeratu dugu: mendiotan ehortziak zeuden soldaduen gorpuzkin denak jaso eta bildu zituen Musolinik; mendi magal batean daude arku piloa duen monumentu ikaragarri handi batetan 7.014 soldaduen hezurrak. Urrutitik dager, erraldoi, izugarria da bertatik ere. Izugarria baita ere bertatik ikuspegia: beheko bailara ezberdinak, Soça ibaia zabal luze eta urdin...

Italiarren lubakiak, babesguneak, gotorlekuak, behatokiak eta gainerako gerra-fronte osagaiak ere ikusgai daude. Izan daiteke mendiz ibilaldia egiteko aitzakia eta aukera ezberdin bat; bertaratzeko harrak zist egin dugu baina errepideari jarraitu diogu.

etiketak: Bidaiak 00
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.