Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000

BIDAIAK 2000

Jon Etxabe 2021/11/15 10:20
ESLOVENIA: Juliotar Alpeak, GORENJSKA, Notranjska, PRIMOSKA, Hrastovlie, Koper, Izola, Piran, NOTRANJISKA, Postjnska Jana, Rakov, Sckcian, Cerknica.

JULIOTAR ALPEAK

 

Alpeetan sartu gara bete betan, Natu-gunea. Gora eta behera goaz.

 

Hara non Ternovo herria: Bulgarian ezagutu genuen Deliko Ternovo herri polita. Hau bailara berde-berde ikusgarri batean dago kokatua, menditzar erraldoiz bildua.

 

Ez da ia kaperatxorik, bakarren bat ageri bada ere, aspaldikoa bera.

Menditzarren oinetan kokatutako herritxoak, Soça ibai zoragarriaren alboan. Eskalada, rafting, kanoa, mendi-ibiliak... eta antzerako kirolak dira inguruko amu eta erakargarritasuna. Aukera ugari iragartzen da. Garbi dago zaletu asko datorrela: zabala da herri orotan ohe eta ostatu eskaintza.

 

Zaga, inguruko herri guztien antzerakoa: teilatu beltzeko herriak dira, berriak dira edo berrituta daude etxe gehienak: ondo-bizien udaleku dirudite.

 

Gero eta hurrago ditugu Alpe elurtuak.

Kanoak eta baltsa pneumatikoak datoz ibaian: alai, harro eta balentriatsu agurtzen gaituzte apar zuriko korrontetik.

 

Bovec. Etxe berri pila ari dira jasotzen, turismoa da hemen bizibidearen ardatza. Seguruenik espekulazioaren aukera ere.

 

Oso goian gabiltza jadanik.

Kable bat alderik alde noizbehinka, erreka gainetik zamak garraiatzeko, Ataunen lez. Aterabide antzerakoak asmatzen ditu gizakiak arazo antzerakoak dituenean.

Etxebizitza handiak dira goialdeko hauek, arruntak baina sendoak, behar ere hemen goian.

 

Soça. Dozena erdi etxe besterik ez da.

 

Ibai urdina daramagu gurekin uneoro, goialde honetan ere urdin, ez dakigu azpiko harriek ematen dioten urdintasun hori, ala bera datorren urdinxka.

 

 

GORENJSKA

 

Mendia esan nahi du gora hitzak.

 

Izugarrizko menditzarrak ditugu gain-gainean, ia 3.000 metroko garaierakoak; menditzarrez bil-bilduta, mendi-hormaz inguratuta goaz, mendi-zuloz mendi-zulo, erreka urdin laster ozena lagun. Errekatxo bat besterik ez da Soça ibaia goiotan. Harkaitz solte multzo batetik sortzen da izugarrizko errekatxo bat, harri zuri artean beherantz labainduz goragotik datorren ur lasterra gizenduz.

Antena parabolikoa dakusagu baso-basoan, besterik ez, agian bada etxeren bat ere:  zirraragarria da zibilizazioaren presentzia hori natu-gune honetan.

 

Erabat goranzkoari ekin diogu, urrutitik ikusiak ditugun tontor elurtuetatik gero eta gertuago, bihurgune pikeak bata bestearen ostean. Goranzko pikean.  Bihurgune  bakoitzean ematen digute garaiera, 20-30metro  igotzen ditugu batetik bestera bitartean. Mailaka bezala goaz, bihurgunez bihurgune, zuhaitz artean gehienbat, mendi-zulo eta malda bertikal arbolatsuen magalean, malda beldurgarriak zuhaitzez oparo. Ikuspegi zoragarria eskaintzen digute garbiguneek. Gerra garaiko gotorlekua 1600 metroko altueran: soldadu gizajoak aberaskume batzuen alde borrokan inguru gotor honetan abertzaletasun faltsu batez engainaturik.

 

Vrsic igarobidea, 1611 metroko garaieran.

 

Harzola dute bestalderako goitik beherako bihurguneek; goranzkoa baino zabalxeagoa da ingurua, leunagoa, ez hain bortitza eta basatia. Bertan dugu hemen ere elurra mendi hormetan. Auto ugari da errepide bazterrean, jendea dabil nonbait erreketan.

Bi lakutxo izan dira barreneko ezustea, jatetxeak, jende ugari... Darien lasaitasunaz gozatuz, mendiei begira jan dugu eguerdiko fruta, gure bazkaria.

 

Kranjska Gora. Bata bestearen gainean dakusagu urrutitik herria: orban ilun bat, besterik ez da, etxe ilunak piloan;  bertatik ikusita ordea ba da kalerik herrian; eragin eta nortasun handiagoa izandako herri baten itxura dario. Mendira datorren jendeak jotzen du hona.

 

Italia eta Austria, ber-bertan daude nazio biak, hiru mugak elkartzen dira hemen.

 

Jesenice, mendi maldan graziarik gabeko etxe pila izugarria, mendi gerri-barnearen luzeran.  Etxeria arrunta.

Badu industria-gunea ere, baita zenbait labe garai ere. Usain higuingarria zabaltzen da labetatik, kiratsa.

 

Bled, planeagailu pila herritik gertu, aireportu antzerako zabalgune berdean.

 

Ostruka granja belardi batean.

 

Etxerantz goaz, baita ere hainbat mendiaren bestaldeko bere herrietara Austriako autoak, erreskada amaigabeetan, Eslovenian eguna merke bota ondoren.

Etxean ginen arratsaldeko bostetan.

 

274 kilometro, luzeak baina atseginak bailara zein mendi-gain elurtuetan.

 

Xume baina txukun eta dottore janzten dira esloveniarrak, eta austriarrak, badirudi berezkoa dutela dotoretasun ukitua, italiarrak berriz ez dutena erakutsi nahi itxura agertzen dute.

 

“Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”. Koldo Izagirre.

* “Algara-merke ikusi behar zaituzte”. Hitz gutitan hainbat barne hutsal deskribatzeko dohaina du Koldok.

* “Koilara bat eskuan ari denak lurra du tresna nagusia”. Zenbat buruhauste Zamorako zulogintzan.

 

 

Maiatzaren 8a.   Astelehena. 7.a-Esl:5.a

 

“Manuel Mandeira. Antologia”. Joseba Sarrionaindia:

* “A poesia e´o éter em que tudo mergulha e que tudo penetra”. Lehen arazoa poesian bizitza horrela bizitzea da, bigarren arazoa sentipen guzti horiek hizkiz azaltzeko gaitasuna.

 

Euritsua esnatu zaigu eguna. Atabala da etxatoia, euri mehea ere danbor-hots bihurtzen da sabaian erortzean.

Kostalderantz dugu gaur ibilia, tristeagoak irudi ohi zaizkigun arren kostaldeko herriak euri egunetan.

Aldatu dugu lehen egunean hondatu zitzaigun etxatoiaren gurpiltxoa: 940 ordaindu dugu Lubljankan Euskal Herrian 2.500 ordaindun genuena bera.

 

 

NOTRANJSKA

 

Hego eta hego-mendebaldera aldeko  herrialdea zeharkatu dugu, lehen egunean ekarri genuen bide bera, gaur alderantziz. Ahul garatua, basoa eta karst-ak dira bere ezaugarri. Postojna eta Cerknica dira hiri nagusiak.

Frantses bat eta alemaniar bat ditugu kanpinean, GeBoa errepidean, holandarrik ordea ez zaigu tokatu oraindik.

 

Zabala da Postojna ingurukoa lurraldea.

Ez dabil auto askorik, kamioirik ere ez asko, dabilena mantso, horri eskerrak nahiko txukun daramagu gaurko errepideko ibilia euri eta guzti, ez da itsugarria gurpiletatik goranzko ur-lainoa.

 

 

PRIMORSKA

Mendebaleko herrialdea, mendixka, ibar, karst eta Istria penintsula kokatzen den kostalde labur batez osatua. Nova Gorica eta Koper ditu hiri nagusiak.

Alpeak ingurukoak baino xumeagoak dira herriak hegoalde honetan, ilunagoak, hitsagoak ere bai.

Bihurgune bihurri bihurriko gainbehera luzea eta pikoa da azken zatian itsasoranzko errepidea. Eslovenia itsasmailatik nahiko goran dagoela esan nahi du. Ugariak dira mahastiak, ez dira sail handiak, bai ordea sarriak, zapalda zabaletan mendian behera. Iragarria dago mahastia mapan ere. Vino da ardoa italieraz nonbait, hala dago behintzat iragarrita etxaurreko iragarkietan. Amu atseginak dira etxe aurretan antzinako gurditxoetan dottore jarritako upeltxoak. Badirudi turistei begira jartzen dituztela, ez apaingarri soil.

Mapan ikus daiteke lurralde askotakoa dela mahastia, baina mahats-guneak beste herri batzuen inguruan daude beti, Italia, Kroazia...ko muga ingurumarietan.

 

Atzokoen tankerako bailara estu eta sakon batean sartu gara. Berde jori-joria, nola ez. Mendi magalean daude herriak, haitz tzarren pean kokatuak, triste dager gaur inurua, bizitasunik gabe, herri gris hits-hitsak, nabarmendu ere ia egiten ez direnak. Ez da hemen belar-esekitoki eta lehortegirik.

 

Hrastovlie. Orain artekoengandik herri erabat ezberdina. Txikia izateaz gain, kale nahiko nahasikoa, harrizko etxe multzotxoa bilgune bat osatuz. Hondatu samarra dago, guti zaindua lez. Munduan, hor bere bakardadean utzia bezala, usteltzen joango balitz lez, ahaztua dagoen herria, mundutik aparte, mendian galduta, bizi-ilusio handirik gabe, bai herria bera bai herritarrak. Jende nagusia ikusi dugu bertan, eliza arduraduna ere emakume nagusi tristea, xumeagoa ezin bere txabusina beltzez jantzita... Zirrarak eragin gaitu.

Autobuskada bisitari datozkio, gaintxo batean duen altxorra ikustera, baina ia inor ez da herrira sartzen, are gutxiago gelditzen.

Elizatxoa da herriko altxorra, izugarria bai egituraz bai barruko freskoengatik, bitxia kanpotik zein barrutik. Harri argiko horma garai karratuak biltzen du erabat. Txiki-txikia baina 3 nabekoa, harri gorrixkako zutabeekin; baxu-baxua, ganga borobileko horma-zulotxoa da presbiterioa, horma-zulotxo txikiago batzuk dira alboko aldareak. Eliza osoa dago erabat freskoz pintatuta, fresko gorriz batez ere. Bibliako gertakizun eta kontakizunez gehien bat. Eliza dena, erabat. Hor dager Herioren dantza edo katea ere, albo bateko horman batetik bestera: han doa, herioa soka-buru dela, eskeleto bakoitza beste bati eskua emanda, gizarteko pertsonaia mota oro, sehaskatik altxatzen den umetxoa da sokako azken kate-begia. Zirraragarria. Alpeak inguruan, Trentotik gertuxe ikusi genuena dut gogoan. Hura eliza kanpoko horman zegoen, handiak ziren hangoak irudiak, iruditegi hau, ordez, eliza barruan dago, irudi txikiz osatua.

 

Txirrinduentzako bide-gorria Koper aurrean, autobidearen lagun doa luzera berdinean. Kostaldearen eragina, turistak erakarri nahia, turistei bizimodua erraztu eta atseginagoa egin nahia.

 

Koper. Izugarri zabala: etxe txiki edo txaletak amaigabeko zabalera-luzeran zuhaitz artean, etxetzar piloa; alde zaharra itsas gainean. Turismo usaia dario. Portua golkoaren altzoan, nasa luzeko portu handia, itsasontziak bertan, mota guztikoak eta ugari. Portuak girotzen du hiria: ez gatzaio hurreratu non ibili ez baitzaigu faltako gaur, baina badu non ibili hiriak itsasoari, urari eta ontziei so.  Alde zaharra, zaharkitua, nahiko bihurria, kale estuko sarea. Kalediak ez du piperrik, kolorgetuak eta utziak daude  etxebizitzak, zorua dute zaindua. Ez dirudi kaleok kanpotarren ibilgune direnik, ez dirudi bisita-leku denik, gaur behintzat, baina badu hainbat ukitu dottore, hainbat xehetasun eder. Bada arrantzaleena omen zen eta, moinonoa ez arren, auzo berezia dena, bada hainbat jauregi, bada etxe bitxi bat, ezberdina eta deigarria, kolore ezberdineko laukitxoz pintatua goiko erdia hagatzarrek eutsizko irtena duena. Joan, ibili, begiratu eta aurkitu. Titov plaza da hiriko altxorra, veneziar plaza peto-petoa, ezaugarri guztiekin: eliza, dorrea, bataiategia, jauregia mailadi eta balkoi korrituarekin, logia, burdineria, jauregiak, baita harrizko gaina duten bi putzu landu ere. Harri zurikoa dena, argia, denak zizel-lan bikainekin; denari dario, artelan zizelatuei ere, veneziar kutsua. Nasatik gertu, harri zuriko iturri antzerako moldaketa ezberdin bat; baita hiriko  ateetariko bat ere, dozena omen ziren ateetatik bat, iraun duen bakarra.

 

Ez da ezer bitxia baina ordubetez joan lasaian  kale-arteko ibilia egiteko aukera eskaintzen du, hartu planoa eta bitxikeriok bilatzen jolastu.

Zaparrada bota digu.

Aparkaleku ugari dago, kobratzailea dago denetan, ez aparailu automatikoa, pertsona bat baizik, sarreran aulki batean jarrita kontrolatzen du sartu-irtena, makinak erosi ordez lanpostuak sortu: txarteltxoa ematen dizute sarreran eta egonaldiaren arabera  jartzen dizute ordainsaria irteeran. Emakumea zen kobratzaileetariko bat, gureetan, OTAtik at, emakume guti da horrelako lanetan.

 

Itsas bazter-itsas bazter goaz, bestaldean Trieste ikusi ahalko genuke ganduagatik ez balitz.

Alemaniar batek etxatoiaz gain kanoa handi bat darama auto gainean.

Italiarren menpe egona aspaldietan eta aspaldietatik, italiar kutsua du denak, hiriko egituran ez ezik herrien kokagunean ere nabaria da italiartasuna: tontorretan zein hegietan daude herriak, elizak italiar kutsukoak dira, biztanleriako askok egiten du italieraz.

 

Izola. Arrantzale herria omen garai batean, turismo gunea da gaur egun. Portu luzea eta zabala du, guk autotik ikusi dugu batez ere, oso albotxotik ikusi baitugu. Baina ez dugu arrantzontzi askorik ikusi, guti eta txikiak ziren zeudenak. Ontzi-ola bat bai badu.

Bihurria da kale sarea, ia galdu ere egin gara labirintoan, sartu sartzen zara baina ez da erraza nondik irten asmatzea; ajatuxea badago ere, xarma dario. Elizak, jauregiak, dorreak, etxe ederrak, kale gaineko etxeak... bada zer aurkitu, zertaz gozatu. Zahartuxea dago zaharra, zaharkitu egin da zaharra edo zahartzen utzi zaio, garestia da orain berritzea; baina bada berrikuntza ahaleginik. Zurezkoak dira kontraleihoak, bakoitza eta banaka arruntak dira kontraleihook, denak, zurezkoak izatean dago berezitasuna. Hila dago Alde Zaharra, ez dago ez tabernarik ez ezer. Hondartza luzeak eta ugariak omen ditu, horrek erakartzen omen bisitaria.

 

Alde bakoitzeko buru zapal-zapaleko pinu ilarek aterpe aparta sortarazten dute errepidean.

Gatzagak, zabalgune handian.

Piran gaintxoan bazkaldu dugu Adriatikoari so.

 

Piran. Kroazia parez pare badiaren bestaldean, bisitariak erruz erakartzen dituen herria da, lurmutur batean eraikia. Turista-herria, bisitariz oparo dago astelehen soilean ere. Sartu aurretik jaso behar duzu sarrera eskubidea: ez dago herrira sartzerik ordain-txartela jaso gabe, ezta irteterik ere ordaindu gabe, barruan bakoitza konpon bedi autoa uzteko, ez da erraza, aparkalekua zabala izanik ere. Portua, hazia du, baita Marina deitzen dioten  itsasadartxoa  edo portu gordea ere, kale-artean barna jauregi bertaraino. Alde Zaharra, kale estuko nahastua, bihurria; bitxikeria da, saltoki eta kafetegiz mukuru, beste mundu bat da gaur bertan ere, bizitasuna dario, pil-pilean egon behar du herri honek arratsaldez. Plaza, aitatu beharrekoa, logia ez arren veneziar-veneziarra hau ere lehoi eta guzti; banderak jartzeko bi masta handi ditu. Plazan ordez, tontorrean daude eliza eta bataiategi oktogonala, tontor berean ere dorre sendo garaia. Eliza da aitatu beharrekoa: hondatua, gaur egun berrikuntza lanetan erabat murgildua; garaia erabat, eta luzea; dena da handia elizan, San Jordi irudia ere erraldoia da, erraldoiagoa biltzen duen koadroa, koadro oro elizaren neurrira, handiak denak; organo dotorea, berritua edo ongi iraun duena, urre kolore eta kolore zuriz deigarria eliza ilunean. Maiatza 1.a plaza, italiarra da hau ere, irudi tailatu, mailadi eta bi putzu landuekin.  Juduen plaza, berezia, berezia ere inguruko kaledia. Ez dago eliza faltan herria: Frantzizko dohatsuarena  dotorea da, zaindua, garbia; Edurne Amabirjinarena, txikia eta erakargarria, fresko paregabeak ditu.

Ezer bitxirik ez, ezer nabarmen ikusgarririk ez, baina xarma du, badu erakargarria egiten duen zerbait. Han-hemenka hainbat ukitu eta xehetasun aurki daiteke, etxe edo pasabide delako arkupe diren kale-guneak... merezi izan du bisitak.

Postalak idatzi ditugu laguna eta iloba urtebetetzean zorionduz, plazan eserita, lasaitasunean. Ateri ez ezik, eguzki epelez bukatu dugu bisita

 

Portoroz. Uda-udako herria, badia ederra, itsas kontra aparkalekuak, etxe nahiko handiak, lorategiak, dotoretasuna... turismo aberatsaren jitea dario baina erruz etorriko zaio igandezale xehea ere.

 

Lucja. Aurrekoaren bikia, beraren etenik gabe jarraian fisikoki eta izaeraz.

 

Padura zabalak. Kroaziako mugaren luzeran egin dugu joanaldia: jakin ahal izan dugu badugula Kroaziara sartzea pasaporte soilarekin.

Auto zahar guti dabil errepidean, ugariagoa dira herrietan. Berriak, aldiz, asko eta marka zein  modelo guztietakoak: europarrak dira jadanik hemengo biztanleak.

Mendian behera herritxoz betea dago mendi-malda oro.

Lupulu sailak ikusi genituen Iparrean,  La Union izeneko garagardo fabrika aurkitu dugu Koper inguruan.

 

290 kilometro, luzeak, itsas baztertxoa ikusteko.

 

“Agirre zaharraren ...”, K. Izagirre:

* “Euskaldunon azken mendeko historian beti dago presoa present, herriko arimaren ezten eta akuilu. Askatasun garrasia, arimaren zalaparta”.

 

 

Maiatzaren 9a. – Asteartea.  8.a - Esv:6.a

 

Bandeira – Sarrio:  

* “Nik, hiltzen ari denaren antzera egiten ditut bertsoak”. Hala bizi dut erretiroa, baina ez etsipenez, bizitzako azken bidaialdi oparoa lez baizik.

* “Hirietan pertsona guztiak antzekoak dira / Berdina da mundu guztia. Mundu guzia jende guzia da”. Zerbait antzerako gertatzen zaigu herri guziekin.

* “... ondo igartzen da bakoitzak bere arima dakarrela”. Bidaiariak ez du herri bakoitzaren arimarik jasotzen. Gehienez arimaren mintza, herriari antzeman besterik ez. Arinkeria iruditu izan zait beti neuk ere herriez eta biztanleez diodana.

 

Poesia, goizero bizitzari leiho berri bat irekitzeko sekretua.

 

Bidaiaren 8rena egin dugu. Ze azkar doazen egunak, atzokoak diruditenak aspaldikoak dira jadanik, azal bizian dituzun gertaera eta bizipenak historia dira dagoeneko. Nostalgia ote, ala giza barnearen misterioa?.

 

NOTRANJISKA

 

10ak jo berri, 21 gradu, eguzki esperantza. Errepidean gara.

Errepidean sartu orduko dugu argiak pizteko keinua. Kulturaren eragina ote ala gidarien arteko solidaritatea poliziei beldurrak eragina?. Ez dugu trafiko-polizia bat bera  ikusi, bestelakoak ere ez asko Alpeetako mugan ezik.

Herrietara hurbildu asmoz, autobideri ihesi, doako errepide eta bide txikietatik egiten ahaleginduko gara gaur.

Berrikuntza-lan ugari dago, banaka banaka, herrietan, espaloi tuteria estolda...

 

Ez zaigu aldatu ez naturaren paisaia, ez urbanoa. Orain arte aitatutako orok balio du gaurko ibilirako ere, herriei, herritarrei edo inguruari buruz. Tristura sentipena sortarazten didate herri txikiok, hitsak dira, bizitzarekin eta bizitzearekin nahiko lan duen herri nekazari eta langilea da, soberakinik gabe bizi den jendea, harrokeriarik gabeko bizimoldea.

Semaforo, herri zeharkatze, atzerapen eta guzti, gidari gehiagok aukeratzen du Eslovenian ere doako errepidea ordainduzko autobide erosoa baino.

Bada jada burututako galsororik, metro erditik beherako lasto txaparrekoa.

Eliza argi kanpandorre zorrotzekoak dira deigarriak, baso ilunean biziki ikuserraz, zortzi zenbatu ditugu une batez han-hemenka barreiatuta, elizak edo kanpandorreak soilik,  basoan ikusi ezin ahal dugun herritxoaren inguruan bakoitza segurutik

Adin guztietako eskolaume taldeak ikusi ahal dira herri guztietan, irakasleak lagun, bisitaren bat kultu-gune batetara, kale-ikasgairen bat gauzatzen...

Elur lurraldea: erabat pikoak dira teilatuak. Harri-txirtaz betea zegoen kaxa handi bat bihurgune piko-piko batean: elurra eta izotza sarria denaren froga berri bat.

 

Vrhnika. Kaledi bildua, zaindua, beste herriak baino dotoreagoa, berrituagoa, herri itxurazkoaren taxua erakutsiz, ez du nekazari girorik, badu industria ere.

 

Herri hasi gehienek du aurrekoaren jite bera.

 

Logatec. Sky jauzietarako irrista-leku motz samarra ageri zaio basoan irekitako garbigune maldatsu luzean, teleaulkientzako kablea du alboan.

 

Sakanan baikenbiltza gabiltza jadanik herriotan. Lasaitasun osoz.

Ohitu gara ezer ez ulertzen, jendearekin hitzik ez egiten; esan beharrezko gutxiengo hori keinuz adierazten dugu eta kitto.

 

Postojna. Txukuna, zaindua, garbia. Hasia eta zabala arren etxe bakaneko herria da; badu izan hiru etxe jarraian lotutako tarterik, baita eraikin handi bakan batzuk ere.

 

Postojnska Jana. “Postojnako kobak”: kobazuloa esan nahi du jana hitzak.

Kobazuloak dira Esloveniako erakarpen nagusietako bat. Hainbat eta hainbat daude, 160 koba omen bisitatzeko prestatuta daudenak. Inguru honetako mendi karstikoetakoak dira ospetsuenak. Hegorago dagoen Skocian kobazuloa ei da ederrena,  guk hemengo hau aukeratu dugu ikusteko.

Erabat ustiatuta dago kobazuloa, barruan zein kanpoan. Muntaia erraldoia: aparkaleku izugarri zabalak, hotelak, dendak, kafetegiak, komunak... dena dotore, txukun, garbi. Ingurua ere aparta, arduraz antolatuta eta zaindua, ibaiaren inguruan: zubi, belar-gune, arboladi... ibaia bera haitzuloko aho handian gordetzen da  mendia azpitik zeharkatuz. Bada beira-arasa batean erakusgai antigoaleko suhiltzaile auto bitxi-bitxia, begien jostailu eta argazki zaleen amu. Uholdeka dator bisitaria, autobuskadaka; ehunka ginen gure bisitaldiko txanda berean, hainbeste ziren aurrekoan eta beste horrenbeste ondorengoan. Italiar ikasle talde handi batekin egokitu zaigu bisita, berba-hots zurrunbilo umoretsuan murgilduta egin dugu ikustaldia. Hizkuntza ezberdineko taldeetan banatzen da ikuslegoa, ingelesa, alemanera, frantsesa...  gaztelera harro zapaltzaileak ez du hemen inolako agerpenik ez aipamenik. Aurreko orduan sartu den taldea dabil gure aurretik, urrutian ikusi ditugu estalaktita arteko bihurgune batean.

Trenez eramaten dute ehunkako bisitari koadrila barrura hainbat kilometrotan: tunel luze baxuan zoaz tarteka, baina gehienetan izugarrizko galeria eta haitzulo erraldoietan zehar, bikain argiztatutako galeriaz galeria,  estalaktita, estalagmita eta horma bitxiei so. Kilometro eta erdi egiten da oinez ondoren: Eibarko Toribio Etxeberria kalea jai egun batean dirudi, hura garai batean baino hobeto asfaltatuta eta argituta, eta hura bezain jendetsu. Pare bat metroko zabaleran berdindu eta leundu dute zorua, pikea da bide-gorria, gora eta behera, zuloz zulo, galeriaz galeria. Errusiar soldaduek jasotako zubia ere bada alde batetik bestera ebakidura bat zeharkatzeko, gero geu izango gara azpiko zulotik, zubipetik, egingo dugunak, berriro ibilbideari jarraituz, zulorik zulo ibili ondoren.

Ohizko ikuskizun zoragarria eskaintzen du barrutik kobak. Estalaktita eta estalagmita basoa, forma harrigarri eta bitxiak, estalaktita eta estalagmiten sinfonia zoragarria, katedral harrigarria,  katedral gotikoa apaindura bertikal zorrotz landuekin. Katedral txikitxoak batzuk, zulo ikaragarriak dira zenbait galeria. Irudimenaz jolasteko aukera paregabea: haitzen formei biki bat bilatu eta izena eman. Zenbaitzuk hartua dute izena, “espageti”, pila dira sakil itxurakoak, baina mila aukera eskaintzen du bakoitzaren jolaserako. Plazer bizia izan da ibilia eta ikuskizuna, taldearen atzean jarri, itomenik gabe begiratu, eta gozatu.

Trenez da berriro kanporatzea. Metroko geltoki bat dirudi barruko geltokiak: denda, komuna, bidaiari pila zain nasa luzean... Galeria erraldoia den geltoki aurreko plazan jarri dituzte bitxikeria bezala erakusgai kobako berta-bertakoak diren animaliatxoak: luzeak, hanka motz zapalekoak, kolore argikoak, mutur bitxikoak, itsuak, itxuraz ere bitxi bitxiak.

 

Tokatu behar zitzaigun: gure bidea bikeztatzen ari direlako beste herri batera jo behar izan dugu, gure ibilbidea aldatuz.

 

Rakov Skocjan. Naturgunea. Harriek egituratutako ate, zulo eta pasabidez omen bitxia. Andia eta Urbasako forma bitxiak ditugu gogoan. Antzerakoak behar dute izan hauek. Oinez arratsalde-pasa egiteko ibilaldi aproposak daude, bide-gorri zabal zaindu-zainduak zeharkatzen du natu-gunea, autoz egin dugu barneko ikustaldia, atsegina izan da baso-basoko gidaritza.

 

Txakur guti ikusten da Eslovenian, bakardade  gaitzak ez du nonbait oraindik jo herri hau.

 

Dolenja Vas. Herritxo polita, lakura doan errekatxo batek zeharkatzen du. Bi begiko zubitxo sendoa egin zaigu deigarri, sendoa, egituraz bitxia, arkugintzan abilezia handirik ez zuen herriko injineruren bat aritu zen nonbait; bi arku estuko zubitxoa egin zuen: begi bakarreko zubia egin ohi da horrelako ibi estuetan!.

 

Cerknica.

Lakua. Berezia dela diote: bete eta tarteka berenez hustu egiten omen da. Ikaragarri zabala da, amaigabeko kilometrotan inguratu dugu bide-gorri zabal batetik, tarteka baso barrutik, tarteka albo albotik, begi-bistan dugula. Padura dirudi gehiago lakua baino, berde-berdea, belartza bailitz alde batetik bestera, kanabera lehorrez horixka tarteka; ibai garbia eta hazia jaiotzen da lakutik bertatik, belar-gunetik. Bide-gorri batek zeharkatzen du erdi-erditik, herritxoa dago lakuko erdigunean. Paitak dabiltza uretan kanabera artean: autobuskada adineko, bakoitza bere tripode gaineko prismatiko handiz armatuta, zeuden ikusminez beraiei so.

Oinez zein txirrinduz nahi haina kilometro egiteko aukera ederra eskaintzen du lakuak. Berari begira bazkaldu dugu gure fruta harizpean.

 

Lurralde berri bat: Sva ibaiaren hegoan, lurralde ezberdinez osatua, mendi, bailara ezberdinez. Novo Mesto da hiri nagusia.

Bailara atsegin bat, herritxo pila zeharkatzen dugu. Lehortegi edo belar-esekitoki zabal handiak, ugari, etxe gehienek dute bakoitzak  berea, baina ez dago teilapeko  langadi soilik. Behiak larrean, ia ez dugu ikusi gaur arte: belartza guriak larrean, baina kortan preso egon behar belar lehorra janez, preso nekazarien interesengatik. Ortu zale asko dabil gaur baratzetan jorraketa lanetan, batez ere emakumea, emakume nagusia.

 

Zlebic. Jostailua dirudi elizatxoak, ia borobila, polit polita, dorrea alde batera eta aterpetxo batez estalia sarrera bestera: xarmanta.

Velije Vas. Dorre bikoitzeko eliza, oso guti dira horrelakoak.

Pijava Gorica.  Kanpotik berritzen ari dira eliza: ezohizkoa hau ere.

 

208 kilometro, haitzulo, naturagune eta laku bila.

 

“Agirre zaharraren...”. K. Izagirre:

* “... pertsonak edozein detailetatik egin dezakeela ikur, eta ikurra bihurtzen dela bere bizitzari zentzua ematen diona”. Ikurrei helduta bizi gara denok, gizaki oro.

* “Ikasi egin behar duzue bizarra egiten, lepoa egin ez diezazueten”. Ez da erraz!.

etiketak: Bidaiak 00
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.