Bidaiez
EGURALDIAZ BLAI
“Beti oi du ekaitzak irripar-lorea”
* Astronomo edo metereologoaren begiak dira gauero bidaiariarenak, ia hurrengo goizean ze giro.
* Meteorologoa izan nahi luke bidaiariak, lainoei so eta eguraldi-parteari adi arratsero.
* “Aldaketarena, euri eguna” gerta ohi da tarteka; trumoi zaparrada bortitza izan bezpera gauean ingurua lorrinduz, zenbait eragozpen azken orduan, …
* Kalea, artea edo natura ditu berenez babes bidaiariak, halaz ere euria da maiz eliza, jatetxe, museo eta antzerako aterpeetara babes bila errenditzen dituena.
* Eguraldia, bidaiariaren ardura nagusietariko bat.
* Izugarri baldintzatzen du eguraldiak bidaia. Asko begiratu ohi du bidaiariak zerura, edo eguraldi parteari kasu egin.
* Badira bidaiak eguzkia eskatzen dutenak, badira euria behar dutenak, badira elurra dutenak helburu.
* Ez izar ez eguzki uzten gaituzte lainoek, urez blai, sarri; konformaerraza behar du izan bidaiariak eguraldiarekiko, datorrena hartu eta ibilia eguraldiari egokitzen ikasi beharra du.
* “Eguraldia beti eta berez da ederra, eta gisa berean beti eta berez da ederra planeta osoko paraje oro ere han inoiz ezer sentitu duen inor bizi deino”: hala izanik ere, euri-jasek eta ekaitzek erabat deserosoak bilaka izan dizkigu hainbat bidaia egun.
* "Euriaren musika maite zuen, tantaz tanta sabai gainean desegitean": maite du bidaiariak euriaren musika, urezko makilek atabal eta txalaparta bihurtzen dutenean etxatoaiaren sabaia.
* "Presetako urak erritmo bat dute, errekan errima da": euriak jartzen dio errima egunotako ibiliari.
* Fina da hemen haizea, bustia eguratsa, hotza da Maiatza Holandan aurten; ez dugu "barometrorik hatzaparrez panpatzeko", ezta "publimetrorik aztertzeko", baina eurizirina ari du eta zer eguraldi egingo asmatu nahian gaude ze jantzi jarri erabakitzeko; eguna lardaskatzeko beste euririk ez du egiten; euria ez da inola ere bukolikoa bidaiariarentzat, gogoa ere narrastu egiten baitu.
* Eguzki apur batek argitu eta epelduko luke gure egunotako ibilbide hotz eta bustia.
* “Argi iheskorrak noiz pitzatuko hodeien pisua”: atzoko trumoia deskribatzeko era egokia, hainbat egun astun ekaitsu eta gogor deskribatzeko ere.
* Ez da beti, ez denentzat ona den eguraldirik.
* Arratsalderako / gorritu egin zaizkio / sargori masailak, / hodei pinportez / lotsatuko balitz bezala”: zerura so arratsaldero bidaiaria, ia hurrengo goizean eguraldiak zer.
* Egun ilehoria maite du bidaiariak, baina sarri zapuztu ohi dio “trostan datorren” euriak.
* “Ez jo adarrik, euri, / juxtu oraintxe”, bidaiariaren aienea zeru ilunaren azpian, Euriak uzten du inolako babes-balkoirik gabe bidaiaria aterkirik handiena badarama ere.
* Ai egun ateria iragarriko baliote bidaiariari kanpalekuko zozo eta birigarroek!.
* Maite du eguzkia bidaiariak Iparrean; Hegoan, aldiz, basorik balego!.
* Lainoz lagundurik etorri ohi da sarri egunsentia, edo euriz bustia, bidaiaria goibelduz, ibilbidea lizunduz.
* Eguzkia eskatzen du bidaiariak lainoek berunaren astuna duten egunsentietan.
* Gaur ere lanbrotsu esnatzen zaio eguna sarri bidaiariari, atzo lez.
* Lainoak urratuko diren itxaropenez abitu ohi da bidaiaria eguneko ibilbidera, egun euritsuenean ere.
* Bidaiariak garela erakutsi digu gaur euriak, eguraldia eguraldi, kalean behar dugula.
* Izugarri baldintzatzen du eguraldiak bidaia; asko begiratu ohi du bidaiariak zerura, edo eguraldi partea entzun-irakurri.
* Konformaerraza behar du izan bidaiariak eguraldiarekiko, datorrena datorrenean hartu, ibilia eguraldiari egokitzen ikasi; ezin dugu eguraldia aldatu, denbora gelditu ezin dugun bezala.
* Bidaiariaren lehen eginkizuna da eguraldiaren nolakoa ezagutzea.
ADINAZ GAINDI
“Gorputzak hirurogei urte dituenean / hiru urte bailituen darabil gogoa”
“Zure barruan hari tipitan / Bizitza miragarria pipiltzen da / Amairik gabe”
“Gizonak / aspaldi ez du galderik ispiluarentzat”
“Adiskide / ipuina amaitu da. / Hau bizitza dugu”
Adina Vs bidaiatzea
“Egunak mailegutan letozke”
* Oroimenarekin batera orainmena bera ere galtzea da adinekoon tragedia, orainmena aktibatzea da bidaiatzea.
* “Okerrena zen igarotzen den denbora ez dela atzean gelditzen, alboetan baizik”: alboetan balitz!.
* “Paper zaharraren koloreko”: hala gara jubilatu bidaiariok, gizarte joriaren zurrunbiloan biraka.
* "edadeak orduan niretzat heriotza besterik ez zuen esan nahi": bidaiatzeko aukera esan nahi du adin helduak gaur egun, jubilatu egiten baita edadekoak.
* “denbora uhin gainetik labainka”, zelako lasterrean gainera behin gure adinera ezkero.
* Tarteka jabetzen naiz nire adinaren gabeziez, batez ere gauero erabat nekatuta bukatzen dudanean, gau-parrandetarako arnasarik gabe.
* Bizirik sentiarazteko gaitasun hori du bidaiatzeak, jubilatuon bizi-muina dira bidaiak: prestatu, gauzatu eta ondoren beraietaz idatzi, bizitza osatzen digun zikloa.
* Minak eta ajeak, kexak eta buruaskitasunak uxatzeko terapia paregabea da bidaiatzea.
* Nahasmena da adineko askoren burua, zaila da bertan ezer bilatzea, sare horretan barneratzea, non aurkitu ezer!, gure adineko ajeak; baina hori da geratzen zaiguna, besterik ez, esperantzarik ere, dugun apurra, bidaiatzeak salbatzen digun apurra.
* Eraman errazagoa egiten du zahartzaroa bidaiatzeak, agian bidaiatzeko grina duena oraindik ez da zaharra, urte askoduna soilik.
* Gauza pila kendu ondoren bizitzari, bidaiatzeko aukera eman ohi du gizarteak zahartzaroan, erretiroa medio.
* Zimurrak ezkutatze ahalegina ez ote adinekoon bidaiatzea?.
* Jubilatuak oraindik badu galdera bakarren bat ispiluarentzat, baina ez berari buruz; horregatik dabil munduan galdezka.
* Bidaiatzea bada modu txukunean zahartzeko era.
* Ez ginateke bidaia bat berera ere aterako atzerako ispiluan heriotzari begira bageunde, ez dago bizitzerik atzerako ispiluan heriotza noiz aurkituko begira.
* Zoriontasun gehitu pittin baten bila ibili dabilena da bidaiaria; zenbaitzuk, ostera, eseri ohi dira zoriontasun bila, egoneko lasaitasunean; alegazioak alegazio, adinak edo zahartzeak bideetara abiatzeko aukera ematen die jubilatuei.
* Egun berri bakoitza da marka pertsonal berri bat bizitzan, ibilbide bakoitza langa altuagoa bidaian, are gaindizailagoa senecta/us bihurtzean.
* Ezin igarri sarri bideetan zenbat urte dituen zenbait bidaiarik, bana hor dabiltza.
* Bidaiatuz, horrela gozatzen du bizitza bidaiari adinekoak, azken agurra esaten badio ere lurralde orori alde egitean.
* Adinaren marra ez da oztopo bidaiatzeko.
* Gauza pila kendu ondoren bizitzari, bidaiatzeko aukera eman ohi du gizarteak zahartzaroan, erretiroa medio.
* Etxatoia bizileku, mundua ibilbide, ikusmina akuilu, jakin-mina ilinti, gaztetako mapamundia zahartzaroko bide-sare, hori da jubilatu ibiltaria.
* Bidaia berri bati ekinen dio jubilatu askok udazkenean zein udaberrian, enarek lez.
* “Gizaki gehienek bezala, oroimena bortxatu beharra dauka berak ere zenbaitetan, oroitzapenak berriztatzeko”, adinean aurrera, batez ere.
* Lehengoak gara baina gaurkoan gabiltza adinekook; jubilatuok betetzen ditugu kanpalekuak eta hotelak negualdian; eta moldatzen gara.
* Eskura ditu jubilatu bidaiariak orain bizi nahi dituen urte hondarrak, geroan izanen ez dituen aukerak.
* Herioaren esperoan ez dagoen gizakia da adineko bidaiaria, edozein bidegurutzetan zain duela dakien arren.
* Izan nintzela adierazten didate bidaiek, baina aldi berean oraindik ere banaizela, jubilazio garaia ez da beranduegi bidaiatzea bizitzari eusteko tresna eragilea dela azaltzeko.
* Sarri esan ohi diot neure buruari errepidean, mundu bakar bakanak garela errepideko etxatoi bakoitza, bakoitza bere oporportu bila, jubilatuok, azken enbatari branka jarriz.
* Eskoziako goiotan gure buruari begiratuz ez dakit gazte ala adineko ala ume garen; 3 urteko da 60 urterekin ere 20 urterekin 3 urteko zena; gaztetan heldua zenari heldutasunak darraio harik eta burua txoratu arte, baina, agian, umearen gogoa behar da eduki 72 urterekin Eskoziako goi mutur honetara etortzeko.
Adina Vs bizipoza
“Munduko botika guztiek adina balio duela bizitzeko gogoak”
* Nora doan badaki bidaiari adinekoak, baina doan toki horretara itzuliko ez den susmoa du, itzuliko litzakeen arren, jadanik itzultzeko haina luzatuko ez zaiolako bizitza, eta loreak non bildu asko geratzen baitzaio oraindik.
* Ez omen dago bizian geroagoan heriotza ez dakarren meniarik, hala dio poetak; horregatik bizi nahi du orain jubilatu bidaiariak, bidaiatzearen bizipozez.
* Adinaren kurba normalaren azkenean gaude, halabeharrez, baina, bagabiltzak, kurba anormalki luze bukatuko zaigun itxaropenez.
* Bizitzaren ertz-ertzean, hirurogeita hamalau urte ditut, lepotik hartuta nauka bizitzak, bere menpe, eta zer, ez dut gehiago nahi, duintasun apur batez iraun, besterik ez; eta bidaiatu.
* “Apurrak baino ez esperatu, / ia banderarik gabe bizi, / ez esan, ez egin, ez sinetsi / eta isiltasunaren beharrei men egin / Heriotza aria delizioz bihur dadin”: aspaldi idatzi zuen Miltonek “Paradisu galdua”: etsipen-hari fina; apur gozoak dira bidaiak, paradisu txiki bat, goza ditzagun; bizipoza.
* “Eta zubiak, beti bestaldera igaroko den jendearekin” . Zubia ez da beti pasa-leku soila, sorreran pasa-leku izanik ere; Moldava ibai gaineko Pragako zubia, Rialto zubia Venezian edo Arno gainekoa Florentzian, ikuskizun eta egonleku dira; Porton bertan hainbat jende doa hiria zubi gainetik begiratzera edo garaieraren urdaileko ausikiaz zorabiatzera; mendia bailitzan, beheko gauzateriaren urruntasunaren xarma bizitzera ere igo ohi da jendea zenbait zubira: bidaiatzea da adinekoon bizitzari azken begirada emateko zubi-behatokia, aldi berean zubiaren edertasunaz gozatzea.
* “Zu ez zinen hil: alde egin zenuen. ... ”Bizitza bat eta bakarra da. Zureak iraun egiten du / Zeuk bizi izan zenuen bizitzan: hilkorrak gara forma honetan; baina, aldi berean, naturaren, kosmosaren, zati garenez, eternalak, natura barneko betiko eta betirako bidaiariak: zaharron betiraunerako bizipoza.
* Bidaiatzeko grina da bizipozaren neurtzaileetariko bat, bizipozak erakusten du bizitzaren adina.
* Nire zahartzaro garaiak dira hauek, ez gaztaro garaiak, egunotako ajeak lekuko; bidaietan tematzea, bizitzea da.
* Etxatoia bizileku, mundua ibilbide, ikusmina akuilu, jakin-mina ilinti, gaztetako mapamundia zahartzaroko bide-sare bihurtu zaio adineko ibiltariari.
* Etxatoia bizileku, mundua ibilbide, ikusmina akuilu, jakin-mina ilinti, gaztetako mapamundia zahartzaroko bide-sare bihurtu zaio adineko ibiltariari.
* Oso presente dago heriotza bidaietan, elizetako kapera hilobi hil-lauzak, plaza-parkeetako estatuak, kaleetako izendegia, pertsona ospetsuen izenak eta aipamenak, ... joandakoen presentzia; aldi berean, aldiz, etengabekoa da bizitzaren presentzia, gazteak edo bikoteak edonon maitasunaz ikasten edo gozatzen, bikote zaharkituok elkar babesten, familien asteburuak, ...
* “Benedikatua heriotza, mirakulu guzien amaiera dena”: bizitzaren, mirakulu nagusiaren, amaiera, bidaia nagusiaren amaiera, agian 100 urteko hilko gara baina hurretik bizi dugu “a Indesejada das gentes”, bidaia nagusiaren etena; bitartean, munduan gabiltza bidaiari.
* ”Ezdeusak baina bizirik: horixkak, ñimiñoak”: zenbat aldiz liluratu gaituzte baso eta bide bazterreko lora xumeok! ezdeusak eta nanoak gara gu biok ere, baina hemen gabiltza!
* “Adinak gauza txarra den gauza ona ekartzen digu, baretu egiten gaitu. ... tentazioak ... ez zaizkigu hain premiazkoak”. ez dakit ba!, bidaietan ikusten denaren arabera …
* Urruna desiratuz biziberritzen gara urtero udaberrirantz, bidaia bat amets.
* “zoragarria da / guardasolpean / itsaso pizti erdiragarriak irudikatzea / ... / zoragarria da hemen izatea / hiltzeko ere bai”: zoragarria munduan zehar ibili izana, guardasolpean euriari iheska, biserapean eguzkitik babestuz edo elurrean oinen grakadez gozatuz, zoragarria hor denean egon izana, zahartzaroko ahuldurak bere zantzu motelgarriak ematen dituenean ere hor egon izana.
* Adinean aurrera, seguru gaude ez garela itzuliko urutiko lurralde hautera, azken agurra ematen diegu herrialdeoi, bizitza ahituz doakigun sentipenez, baina etsipenik gabe, bizitza-zikloaren amaiera gozagarria dugulako kontent baizik.
Adina Vs bizibeharra
“Zoriontsu izateko aukerari eusten diot tinko gaur. Bihar agian indar gabe izanen naiz”
* Gure bidaiak bizinahiaren oihua besterik ez dira; etxean gordetzen garenean, gaixo izanen gara, hiltzear.
* Atzean utziko duguna dugu beti aurrean gizakiok, logikaz gutxi adinekook, adinekook beraz duguna bizi!.
* “Baina gu / heriotzaren kontra / jazarri egin gara”: zerbait antzerako da jubilatuen bidaiatzeko grina, heriotzaren aurkako borroka.
* “Heriotzaren definizio bat horixe izan daitekeela erabakirik: desioak betetzen ez diren lurraldeak”: heriotzari alde egitea da, definizio horren karian, bidaiatzea.
* Agian denbora gutxi geratzen zaigula susmatzen dugulako tematzen gara hainbeste zahar bidaiatzen, denbora gutxi geratzen zaigulako; lapurtu diguten denboraren azken hondarra eskaintzea besterik ez baita erretiroa.
* Botea dio hildurak bere sarea jubilatuari, harrapatua ere badu, amaraun horretatik atera nahia hori da jubilatuak bidaian darabilen lana eta ahalegina: ateratzea edo barnerago ez erortzea.
* Bidaiari bilakatu du jubilatua gaurko gizarteak, presaka bizi da jubilatua, atzetik bila datorkion heriotzarekin lehian dirudi, harrapa ez dezan, etxatoien olinpiada dirudite kanpalekuak, heriotza ia nork urrunagotu; agian bizitzaren azken zukuen dolare festa da.
* Bidaiotan denboraren kontra ote goazen otu izan zait aldizka, galduaren azken ahalegina ote den.
* Bidaiatzea zahartzaroko bizitzaren epeltasuna luzatzea da jubilatuentzat, bizitzari begien azken kliskak ematea, erantzunik espero gabe.
* Bidaiatzea uztea izanen da aguretu garen ezaugarria; barkamenik eskatzen ez duen augurioa, nahi edo ez, aditzen den naturaren ahotsa.
* Kendu “bihar”a eta akabo gizakia; bihar-ak eusten dio bizitzari, gaurkoaz, oraingoaz, gozatzen saiatzen bagara ere; “Bihar itxaropen, bihar”, “Ez dok hamairuren” frankismo garaiko kanta, “Bihar itxaropen”, adineko baten bidaia atarian ere.
* Mapan eguneko ibilia marrazten duen marra gorria da egunak badoazkiola erakusten diona adinekoari, bidaia orratza; joan doazkio egunak geldituta dagoen erlojuari ere, herdoildu egin baitaiteke baita bera ere; geldirik egotea ez da ez adinekoentzako bidea.
* Agian denbora gutxi geratzen zaiola susmatzen duelako tematzen da hainbeste adinekoa bidaiatzen, zinez denbora gutxi geratzen zaiolako, lapurtu digutenaren azken hondarra eskaintzea besterik ez baita jubilatzea.
* Bidaiatu zertarako, bidaiak zergatik, galdezka esertzen garenean jakinen dugu zahartu garela.
* Gai garen artean gabiltza bidaiatzen adinekook, noiz ez, baina laster izanen dela dakigula, gogoak, indarrak edo aukerak huts eginen diguten eguna.
* Bidaiatzeko gai izanen ez garenean, ezer gutxi ahal dezakete medikuek ez inork.
* Bizitza-irrikaren helduleku, bideetan zehar dabiltza jubilatu aunitz, euskaldun edadetu, ia zahar, asko: hori diote tartekako txioek.
* Bizinahi biziena etsipen sakonenarekin borrokan dager beti, hil ala bizikoan; jubilatuen bidaiatzeko grina betiko bidaiari sena gauzatzea da, aldi berean bizitzari heltzeko estatxa.
Ezpalak
“Eta pentsatu ere, ordena barik pentsatzen zuen, koma askorekin, esaldi etenekin, esaldi laburrenekin edo luzeegiekin”
* Bidaiatze eran nabari dira denboraren sailok eta gorakadok, gazteena eta gurea bi bidaia-bide arras ezberdinak baitira.
* Ondo gogoan ditut gazte nintzeneko bidaiak, erritmo ezberdina zuten bidaiek gaztaroan, helduaroak pausajera ezberdina ematen dio bidaiari, baina gaurkoak ez dio damurik gazte zenekoari: biak dira ederrak, bata oroitzapenetan, egunerokoan biak.
* Bidaiari adinekoaren arazoa ez da memoria zikina, memoria galtzea baizik. Horregatik idazten dut egunkaria, ateratzen argazkiak. Hoiek direlako bere memoriak. Alabastro arrakalatuak eta gainera zikinduak diruditen arren.
* Bidaia eta adin bakoitzak bere erritmoa du; bidaiari zaharrok bidaiakera ezberdina dugu, lasaiagoa, motelagoa, ..., baina iraunkorragoa agian, ez dugu betarik denbora alferrik galtzeko.
* Asko dira adinaren ajeak, baina bidaiatzeko grinak ez du adinik; ibilia ere abiadura motelez eginen du adineko bidaiariak, mantso eta etenekin, baina ordu jakinik ez dugunez denera heltzen gara goizago edo beranduago; hori da dugun bentaja; agian ez gara heldu ere eginen, agian ez dugu asmoan ditugun bidaia guztiak egiteko astirik izango, baina, tira, puntu eta koma guztiekin ere, bagabiltza, azken punturaino.
Bidaiez
GOMUTA ZIRRITUETAN II
Idazkiak
"Lurra dut kontakizun"
Bidaia da kontakizun
"Urak bezala esan, / sustraiak bezala / hitz egin"
* Bidaiariaren idatziak bizipen mugatuen kateatze desesperatu bat besterik ez dira, egunkari isila, bizitakoaren akta pertsonala; agur bat ordez, gero arte bat, ibiliko sentipenen luzapena.
* Hitzaren morroi aritu baino, ibilia luzatu nahi du ibiltariak, ibiliari jarraipena eman, hitza ibilbideko bizipenen morroi jarriz, hitzaren pausoa ikuskizunen pausora egokituz, ibiliko bizipenak hitzez kontatuz.
* Oharrak hartuz ibili behar duen gizakia da ibiltaria, oroitzapenak denboraren ganduan galdu nahi ez baditu.
* Bizipenak nolabait iraunaraztea besterik ez da bidaiariaren idatzi nahia; bidaiaria gehienetan ez da idazlea, baina idatzi egiten du, sentipenak luzatu beharrak eraginda.
* Herrialdetako mapa marrazten doan heinean idazten du bidaiariak, pausoek ametsak gauzatzen dituzten erritmora, ahaztu errazak diren sentipen eta irudiak hitz idatzietan iraunkor egin ahaleginean, mapa hutsik geratuko zaion beldur.
* Akaso, hitzok dira bidaiako iraunkor bakarrak disko gogorrean galduta.
* “Eta jaten du harrak, azkenean, hitza”: jaten du, bai, baina halaz ere idatzi egiten du bidaiariak
* Ona ez dela, salgai jarriko ez dela, dakien arren, idatzi egin behar du bidaiariak; asko edo gutxi, baina idatzi; beste inork ez dituelako bere sentipenak idatziko; gustuko duelako idatzi behar du, agian bizi arnasa bilakatu zaiolako, ezinbesteko arnasa.
* Zenbait lo-ordu kentzen dituen bidaian egunero egunkariak; baina ez da beste aukerarik.
* Idazteak argitu eta kokatu egiten ditu irudiak eta iritziak, barne disekzioa egitera ere behartzen du bidaiaria, bidaiako bidegurutze ezberdin bat bilakatzen zaio.
* Inork ez irakurtzeko idazten du gehienetan bidaiariak.
* Bidaiaria ez da idazlea, agian bakardadeko eta bakardaderako berriemailea, norberarentzat kazetaria, dena dela ere, inola ere ez frustratua.
* Badakit nire idatziok hemen disko gogorrean geldituko direla, nire denbora-pasa hutsa besterik ez direla, baina hor darrait egunero: bidaiako osagai gozagarria bihur daitezke irakurtzea eta idaztea.
* Baketsu eta bare bildu ohi gaitu gauak; eguneko kronika idatzi nahiaren urduritasunak egiten dit haginka, nekepean ere egunekoa idazteko erabakiak.
* Irakurlerik gabeko idatziak dira nire egunkariak, nire baitan soilik isilpeko helbidea, nire baitako egonezinak zizelkatuak.
* Zergatik idazten dut gure bidaiez inork irakurriko ez badit?. Idaztea atsegin zaidalako. Ez da arrazoi gutxi!.
* Nahiko laburra da bidaia-idaztien zerrenda literaturaren historian.
* “Bizitzaz gaindi aritzeko joera hori / eternitatearen merkealdia baizik ez da”: idaztea, egunkari hau idaztea ere, hori bera litzake, agian noizbait norbaitek irakurriko ote dituen irrika izpiaz.
* Idazten ez badut, akabo oroitzapenen bristada.
* Badaki bidaiariak aspergarria behintzat ba dela dioen guztia, horridum ere agian, inola ere ez saltzekoa, ez duela munduak zirkinik ere egiteko arriskurik idatzitakoagatik edo idatzitakoa ezabatzeagatik, baina berea da, ez inorena, eta idazten jarraitzen du.
* Zahar honi ez zaio inportik leitzeke gelditzen badira lerrook: horregatik idazten du.
* Bidaiari askok ez daki idatzi gabe bidaiatzen, idazteari heltzen dio bidaia birbiziko badu.
* Inork ez dit irakurtzen bidaia-egunkaria, baina urrea balio dit.
* Irakurri eta idatzi, bi gogoko zeregin bidaietan, biak zailak.
* “Australiako tribu hartan ... gizon bat hartzen dute tribuko kontalaria izateko. Egun argitan ikusi edo pentsatzen duena kontatzen die iluntzean”. Banakoegiak edo bakartiegiak ohi gara taldean bidaiatzean ere; bidaia orok behar du bere kontalaria, bidaia-taldeak, bikote bidaiariak zein bidaiari bakarrak; kontalaritza kolektiboa, bakoitzaren bizipenak sozializatuz oroitzapenak aberasteko, norbanakoaren memoria memoria kolektiboan txertatuz: gehienetan huts egiten duen praktika; barnean zimeldu ez daitezen, taldeari, lagunei, bikoteari edo paper-ordenagailuari, bizipenak jalgi, bidaien osagaietako bat izan behar litzake.
* “...Oztopo aspergarri bat baino ez naizela izanen liburutegi batetan”. Inongo liburutegian inoren oztopo izango ez naizen konbentzimenduz idazten dut, baina jolasa zaidan bitartean eta garunei eragiten dien bitartean, bidaiatuz eta bidaietaz idazten jarraituko dut.
Zergatik edo zertarako
“Akaso / hitzok dira / hilezkor bakarrak / euripean bizi salatari”
* Zenbat aldiz “zergatik” galdetzen dion bere buruari bidaiariak, zergatik idazten duen gauero adarka egiten dion egunkaria; galdera, baina, “zertarako” da; oroimena gordetzeko, horregatik, ere, ez du izkiriaturik ordenagailutik ezabatzen.
* “Ez dakite bidaiariak / deskubritu gabeko paisaiak / aurkitzen dituztenak direla. / Horregatik idazten dituzte bidaia liburuak / oroitzapenak gorde nahian”: espero ez dituzun zoko, ikuspegi, bazter, giza zantzu, gizalege, edo ... gidaliburuak aitatzen ez dituen, gehienez susmarazten dituen, zehaztasun edo ezusteekin topo egitean du bizi-mina bidaiak: oroitzapen eta bizipenok gorde nahian idazten du, ez bestelako literatura edo filosofiakeria asmoz.
* Bidaia-lerrorik goxoenak idatzi nahi lituzke bidaiariak, bidaia-bizipenak itzal ezinezko bihur daitezen, sentipenok betirakoak bilakatzeko ametsez.
* Katedraletako hilobi, harrian tailatutako gizairudi, eta oroitarriak, geroko oroimenean gorde eta etorkizunarekin bakeak egin beharra besterik ez direla deritzot, iraun nahia, hilezkortasun egarria; idazlanen atzean ere ez ote horrelako zerbait?.
* Berak dirauen arteko betirauna eman nahi dielako bidaiako bizipenei, horregatik idazten du bidaiariak, bidaiako sentipenak ahanzturaren hatzaparretatik askatzeko, oroitzapenetara ate bat irekia uzteko.
* Gogoko du bidaiariak han-hemenka eskaintzen zaion koadernoan beste hainbatenen artean bere mezua uztea, Euskaraz, inolako irakurlek ulertuko ez badu ere; mezu idatziak, norberarentzako mezuak gehienetan, barrena hustu beharrak eraginda.
* Ez dute sentipenik gehitzen lerrook, baina bai oroitzapena errazten: zertarako ala zergatia da idazteren arrazoia?.
* Eginen du lo herdoilak laster gure oroimenen tolesetan, denbora irredimiblea da bidaiako oroitzapenetan ere; isil itzuliko gara bizi garen Arkadiara bidaiako Arkadia honetatik, isilik abiatuko gara laster harkadiara ere; ordenagailuko isilean lerrook izanen dira gure isilaren urraketa, gure Arkadiaren testigu isil baina ez mutu, hatsen batek deuseztatuko dituen arte.
* Ohituraz egin duenaz bakarrik gogoratzen da sarri bat, horregatik idazten dut bidaietaz, ikusitakoez eta bizipenez gogora ahal izateko, bidaiatzea ohitura etetzea baita.
* Besteekin konpartitu nahi nituzke ibilbideko bizipenak, horregatik idazten dut. Badakit beste inor gutxiri zaiola laket nik ikusitako ezer entzuterik, bakoitzak berea kontatzea du gogoko, ez besteena entzutea; horregatik nik paperarekin edo ordenagailuarekin konpartitzen dut, irakurlerik izateko esperantzarik gabe, norbaitek noizbait irakurri baledi ere, bidaiako atal bat delako niretzat, horregatik batez ere idazten dut.
Ezinak
* "Etorria ez da edozer gauzaz jardute hutsa, ez eta gutxiagorik ere"
* Etorria ez da bidaiaz kronika arrunta egitea; ikusitako eta bizitakoari ikuspuntu ezohizko, bakan, erakargarri eta aberasgarria eskaintzea baizik, "distira, ezpala eta irazkina ateratzea", Bitorianok dion bezala; gutxik duten dohaina.
* Bidaia-sentipenak azaleratzeko ezgaitasuna, ezina, da bidaiariak madarikatzen duen muga, ezin baitu zirriborroetatik harago joan.
* Zer asko ikusten du bidaiariak, bizipen asko barneratzen, baina barne-usta oparoan geratuko zaio kanporatzeko dohainik ez badu; ez da zekenkeria izanen barnean gordetzea, kanporatze-ezina baizik: bidaiako trantze larriak dira horiek.
* Magia apur batez oratu behar ditu bidaiariak ibiliko bizipenak, hitzek botere ezkutua izan dezaten, legamiarik gabeko ogiak antzo gera ez daitezen.
* Bidaiatzeak ez dit idazten irakatsi, izaten eta sentitzen bai.
* “Begiekin pentsatzen dudana / idatzi nahi nuke beti. / ... / Bideak hitz egiten duen hizkuntzan / hitz egin nahiko nuke / hurbil bezain urruti”: ze zaila!!!..
* “Ez dut adierazi gogo dudana esateko gaitasunik ukan, / ... Oso herrendun naiz mintzoz / Hautatu izan ditudan berbek ez dute kreole ilun bat baino erakutsi”: bidaiariaren mugak!.
* “Baso hurbilenari kantari / Barnetik atera ezin dudan aingerua, ...”: nire ahalmen urri eta abilezia eskasa gehitzen zaio nekeari arrats bakoitzean.
* Aileza bidaiariak ere nahi duena edo nahiko lukeena behar bezala adierazteko trebezia, baina bere ezinera mugatu behar du.
* “Hitz baten atzetik / bestea jarri amaiera heldu arte / eta / puntuaren bidez bukatu”: besterik ez balitz!.
* Hitz ahoskatuek eta hitz idatziek, bi hitz motek egiten dute huts sentipen biziak ditugun gehienetan, barrua bor-bor dugunean, ezinezkoa zaio bidaiariari bidaiako sentipen biziok adieraztea; ah, oh, zer da hau, ... eta antzerako hitz totelak, lagunari zuzenduak, edo norberari, zerbait berezia bizi duela adierazten duten hitz mutuok besterik ez zaizkio ateratzen.
* “A poesia e´o éter em que tudo mergulha e que tudo penetra”: bidaiariaren lehen arazoa bidaia poesia bezala bizitzea da, goitikako maila batetik ingurua begiratzea, bigarren arazoa da sentipen guzti horiek hizkiz azaltzeko gaitasuna.
* Beti du zertaz idatzi bidaiariak; noiz idatzi da bidaiako arazorik larriena: nekeak jota, eguneroko ibilbidearen osteko etxerakoan, zaila zaio bidaiariari behar haina denbora eta behar adinako patxada hartzea eguneko bizi-kizunak kontatzeko.
* "Burutazio oro dugu / kontrabando lana": kontrabandoan bezala, gauari edo egon lasaiari ostutako lanak dira bidaiako idazte lanak.
* “.../ islatzerik ez dudan ideia / burutik korrika dabilen piztia da / eta ezin dut kaiolaratu paperean / ehiztari desesperatuen gisan / tiroka nabil burmuineko itzalei / ...”. Hala gerta ohi zaio ibiltariari bere bidaiako bizipen eta irudiei hitzezko hezurdura eman nahi dionean, ezina, trebeziarik eza, nekea, ...
* Bidaiak taxuz azaltzen ez badakigu oroitzapenak ondo finkatu gabeak ditugulako da, ezabatuxeak, eta behar bezala ordenatu gabeak, multzoegian, azalpenaren dotoretasuna, “hitzak labaintzen zaizkigula edo sintaxiaren katarroa”, beste arazo ezberdin bat da.
* Goxo hasi ohi da ibiltaria hitzen bila, hizkietan eguna korapilatzera atxikita amodioak; baina sarriak dira desamodioak ere lo orduak ordenagailuko teklen zurrunbiloan harrapatzen duenean, orduan hitz egokiak eurak ere laban egiten diote.
* Ez da ezeren damu bidaiaria, ez du ezer isiltzen; ez du besterik esateko, gaitasun arazoa da berea, inguruaz jabetzeko eta jabetuaz mintzatzeko ezina, baina ez da idatzitako lerroez damu.
* Ez da erraza bidaietan idaztea, nekeari nekea ezarriz eta ordu laburrei tarteak kenduz, basarte, harkadia eta estrata malkorra bilakatzen da erraza bideetan ibilitakoak kontatzea.
* Nahiko hilda jaiotzen dira bidaiariaren berbak ordenagailuan sortzen dituenean, une akigarri eta etsigarria da askotan sentitzen eta bizi duena ezin gauzatuaren zurrunbiloa bidaiako.
* Beti du esatekorik bidaiariak; argi, zehatz, arin eta labur esatea, hor dago koska, batez ere, eguneko hondarrean, nekatutxe, egunkarian bizipenak marrazterakoan.
* Sarri sentitu ohi ditu bidaiariak bertsoak eztitzen dituen barneko korda isilak, sarri ditu sentitzen hunkitu duen edo miretsi duen hori letraz biltzeko ametsa eta ezinaren ezina.
Nolakoak
* Nork bere leloari itzuli inguruka hitz egin ohi dugu bakoitzak, besteena aintzat askorik hartu gabe, norberarena azpimarratzeko denean interesatzen zaigu besteena, bakoitza da bere erdigune, bidaiei buruzko kontakizunetan ere, norberarentzat zintzo idaztea behar du izan lehen komunikazioa.
* Zertarako, zergatik, ... bidaiari bakoitzak ditu bere bizipen propioak, iritzi bere-bereak, besteena ez den ikusmoldea, gidaliburuek, turismo bulegoko paperek, idazle ospetsuek, ez dute dena esan bidaiei buruz, edo herriei buruz; bidaiari bakoitzak du berea kontatzeko, bere zertarako eta zergatiak.
* Maite du hitza bidaiariak, landu nahi lituzke hitzak eta hitzen joskera, kontaketa dotoretu, bizikizunak erakargarri eta gozagarri bihurtu, baina hitzaren erritmoa laguntzaile eta lumaje dotoregarri bezala soilik, berea ez baita ariketa literarioa, bidaiako bizipenak nahi ditu bidaiako ardatz, agintari eta agindu.
* “Zertaz idatz zezakeen?. ... Mezua, idazteko arrazoi bitala. ... Zer zen beretzat idaztea?”: handiustea deritzot mezu idazteko arrazoi bitala izatea; apalagoak behar du izan bidaiariak; mezulari eta dogmatiko larregi izan da bidaiarien artean, juzkuak edo alderaketak egitean; bidaiariaren idaztea oroimena gordetzea behar du izan, oroimenari laguntzea, bizipenak errotzea, zerbait edo norbait norbere bizipenen partaide egitea, norbere baitarekin topo egitea; besterik ez, baina hori dena.
* Metaliteratura edo horrelako handikeria iritzirik gabe idatzi behar da, idazleak berak ere xumea, umila, izan behar du, metajakinduriarik gabe, handiustekeriarik gabe.
* Orekaz, faltsukeriarik gabe, dotore, errealitatea aldatu gabe fikzioa asmatzea, … hori da bidaiaz idatzi nahi duenaren erronka.
* Ikusitakoak bere buruan ordenatu, sailkatu, finkatu eta argitu nahian idazten ditu bidaiako sentipenak bidaiariak, baina, “Isiltasunak zoriontsuago egingo ez ote gaituen / ikararekin”.
* Sentitzen dituenak, sentitzen duen bezala, xume-xume, aztertzea, azaleratzea, behar du izan bidaiariaz idatzi nahi duen bidaiaren ahalegina; idazkera handiki eta ahots eternalak alboratuz, inork argitaratuko ez diola badaki ere.
* Idatzi, bere hizkuntza jatorrean idazten du bidaiariak, baina gai arrotzez eta iturri arrotzetatik edanez
* Edozer esakizun, zerbait adierazteko premiaz idatzitako edozer, ez da literatura; gramatikazko oinarri gutxieneko bat behar du literaturak; nik ez dut uste nire bidaia kontakizunok literatura direnik, zerbait adierazi nahiz idazten dudan arren, oinharri gramatikala ahula du, eta kontakera hankamotza eta jozkera molde handirik gabekoa. Literaturak zerbait oinarrizkoagoa eskatzen du, baina bidaiari xume bati ezin zaio hitzekin jolasteko abileziarik eskatu.
Egunkaria
“Zenbat balio du hitz batek?
Zer den
“Hitzik gabe idatzi nahi nuke”
* Liburuak bezala, egunkaria ere ez da ez itsu ez mutu, ikusitakoak ez ezik mila sentipen eta hausnarketa jasotzen eta helarazten baititu; bidaiariaren begiak da egunkaria, eta ahotsa, ikusitakoa adierazten baitu.
* Munduari ate zabala da atlasa, arruta-kaier kilikilaria gidaliburua, amets txinparta bidaia-liburua, oroitzapenari leiho irekia egunkaria, leiho ireki bat etxeko portuan.
* Bidaia eguneko arratsetan lasaitzeko baliabide eragilea ere bada egunkaria idaztea
* Bidaia osoa balio dute bidaiariaren egunkariko hitzek.
* Ez da ideologikoki bustita ez den bidaiaririk, horregatik ez da egia osoa duen bidaia-egunkaririk ere.
* "Poema pictura loquens, / pictura poema silens": pintura esanguratsu eta poema isila, biak nahi luke izan bidaiariaren egunkariak, baina ateratzen dena ateratzen da: ezer gutxi esaten duen luzea, eta xarmarik gabeko arrunta, gehienetan.
* Bentaja handia du bidaiako egunkariak: ez duzula inorentzat idazten, ez dela literatur ariketa ere.
* Beti du esatekorik bidaiariak; argi, zehatz, arin eta labur esan, hor dago koska, batez ere, eguneko hondarrean, nekatuxe, bizipenak hizkiz marrazterakoan.
* “ ... / irakurtzeko, laburra, / dut gogoko: idazteko, / berriz, labur-laburra”: bidaiako egunkaria luze badoa, gaueko amorrazioa; labur balioa, arratseko arnasa.
* Hainbat asperdura, ikusgai eder eta giza zirrikituk ez dute islarik nire koadernoan, nekadurak eta ahalmen ezak ezinezko bihurtzen dutelako hizki eta idatz moldean gauzatzea begiek ikusi, barnean sentitu eta garunek prozesatua
* Nekaduraz ahitua, hitzak gatibu arren, baina hitzen gatibu, ez diot huts egiten hitzokin dudan gaueroko hitzorduari.
* Bizipen kilikagarrien kutxa betetzen joan ohi zaio bidaiariari; bizipenon aparkaleku bilakatzen zaio egunkaria.
* Eguneko zenbait une bete eta leuntzen laguntzen dio bidaiariari egunkariak, oroimenaren flakezia ordezkatuz bidenabar; balizko oinordeko edo irakurleren bat izanen ote, ezin uka badela horrelako miztoaren ziztada.
* Egun luzeetako orri beteak dira bidaiariaren oroitzapenak, barnea kilikatu zion erbestea du gogarazten diote.
* Bidaiako egunkaria luze badoa, gaueko amorrazioa; laburra badoa, arratseko arnasa.
* “Eguna gogoratuz nabil / ilunabarrero egiten dudan legez / hondartza ezkutuan / irudiak bilatuz nabil “. Hala ibili ohi da bidaiaria ilunabarrero bareguneko behatoki ezkututik, eguneko oroitzapen eta irudiak hizki bilakatu nahiz, oroitzapenari oinarriak jarri asmoz iraganean lausotzen hasten direnerako.
Zertarako edo zergatik
“Nork du hitzek baino / soldata urriagorik”
* Kentzen dizkion orduengatik iruditzen zaio bidaiariari hitz gehiegi biltzen dituela egunkariak; zailtasunak erakusten dio ere zenbat balio duen hitz bakoitzak; poemak idazteko tentazioa datorkio, hitz gutxiago eskatzen baitu, baina agian zorroztasun handiagoa ere, gaitasun berezi bat batez ere; beraz egunkaria edo isildu, ez zaio beste aukerarik gelditzen.
* Bidaiaren hondarrean, ametsa iruditzen zaio bidaiariari marra gorriz mapan marraztutako ibilitakoaren bide-sarea, baina oroimenak damaio baieztapena eta egunkariak ziurtagiria.
* Idazle izateko ausardiarik gabe, bidaiako edozein zirtzileria idaztea denbora-pasa egin dugunok ere herren-ajeak jotzen gaitu, baina idazten jarraitzen dugu, bidaiari haragoko zerbait itsatsi asmoz.
* Laburra ohi da bidaiariaren egunkaria, baina horrek ez du, ez, handitasunaren indarrik bermatzen; burmuina eragin, ikusitakoa irudimenean berrikusi, oroimena indartu, ... hori da egunkaria idaztea, ezin zaio beste handitasunik eskatu ere.
* "Gogoramena eta ahazmena gauza bera dira": filosofiak filosofia, bi ahalmenok elkartzen dira bidaiako egunkarian, ahazmenari bidea oztopatuz gogoramenaren lagungarri izatea baita bere helburua.
* Egunkari batek bizitza luzatzen dio bidaiari.
* Ahaztu nahi ezak, agian ezin ahaztuak, bultzatzen du bidaia-egunkaria idaztera bidaiaria, nolanahi bizipen zirraragarriak eternoak bilakatu nahiak.
* Besterik ezin dudanean bidaia-oroitzapenoi itxura txukuna emanez azken egunak emanen ditudalakoan idazten ditut eguneroko ibilion zertzeladak, altzeimerrari hesi bat jartzen, jarriko diodala itxaropenean.
* Bidaien irudiak gordetzea da egunkariaren xede apal bakarra, garagardo batzuk edanez, ordenagailuaren aurrean, inolako errebindikaziorik gabe, oroitzapenen presentziaz asez.
* “-Non dago Lucas, Maria?. -Idazten. –Zertarako?. –Burua ez galtzeko”. Burua ez galtzeko ez ezik, buruan galdutakoak berreskuratu ahal izateko idazten dut, bidaiako oroipenak ez ezik, bizipenak ere indarberritzeko.
Euskarriak
“Itsu gara eta hitza besterik ez dugu / non gauden jakiteko”
* Aldi luzeak oroimenean egiten dituen zuloak nolabait bete ahaleginean aritzen da bidaiaria, argazkiei, mapei edo bidaiako zirriborroei begira.
* Bidaiariak iparrorratza, eta mapa, eta planoak, eta udaltzainak, eta turismo-bulegoak eta GPSa ditu non dagoen jakiteko. Bidaiariaren bidaiako amorante bilduma ohi dira baliabideok.
* "Asmakizun bilaua / kamara bera baino biziotsuagoa, kriminalagoa / izugarrikeria metalikoa": hori dena eta antzerako gehiago deitzen dio Audenek autoari, egia dio, baina autoari esker gaude Holanda ezagutzen.
* Paperean apunteak ordez, grabagailuan jasotzen ditu bidaiariak gaur egun uneko bizipenen oharrak.
* Oroimenak bezalaxe, argazkiak, idazkiak, ordenagailua, grabagailua,… dira bidaiako bizipenen kaia.
* Bidea egin ahal izatea soilik eskatzen du bidaiariak, bolbora umelak edo lehorrak bidaia-aldagaien arloan sartzen dira.
* Argazkiak eta egunkaria dira bidaiariaren draga zaharra, unatzen doazen oroitzapen harrotuak.
* Argazki batean gorde nahi du minutu hura bidaiariak, lagunekin kalakaldietan eskaintzeko, lanbroa bezain hezea nahi luke gorde oroitzapena, neguko eguzkiak berdetu eta loratu ditzan negutar nostalgian.
* Gordeak izan ohi ditu bidaiariak bidaiaz apunteak eta argazkiak ordenagailuaren barne misteriotsuetan, oroitzapenak ezabatzen doazenerako oroimenaren kiribiletan.
* Akaso, hitzok dira bidaiako iraunkor bakarrak disko gogorrean galduta.
* Zaila zaio bidaiariari izen ezezagun eta korapilatsuko hariez lotutako oroitzapenei oroimenean eustea, izenok ez baitira oroitzapenon euskarri, ezeri atxiki ezineko oroitzapenak baitira, oroimen biluziari lotuak ia, galerrazak beraz, airean dabilen tximeleta bailira inguru-miruka dabilzkio eta badoaz; hizki idatziz edo argazkiz lotuak nahi ditu, horregatik, oroitzapenok, kometak bezala, errazago erakar ahal izateko.
* Bidaiariaren oroimenak makuluak behar ditu; hortik datorkio irabazia argazki-dendari.
* Lausotzen joaten dira bidaiako oroitzapenak, argazkien makulua jarrita ere oroimenari.
Bidaiez
GOMUTA ZIRRITUETAN
"Erdiminez nahi nuke iratzarri / bi aldiz bi / bizirik egiteko"
I
Oroitzapenak
“Oroimena da izan zenaren eta ez denaren lekuko”
Zer diren
* "Isilik azaloreak bezala"
* Bidaiako bizipozak berpizteko ahalmena da oroimena.
* “Oroimena da izan zenaren eta ez denaren lekuko”: bidaiako bizipozak berpizteko ahalmena da oroimena.
* Isil baina luze eta tinko irauten dute azaloreak, negu gorrian ere, elkarri konpainia egiten; utziz gero, lora ere botatzen dute; isilak baina gogorrak dira azaloreak; lagungarriak gainera sukaldaritzarako, jangaien konpainiarako lagun bikainak; azalore isilak dira barnean irauten duten bidaietako oroitzapenak
* “Egunen zakarrontzira abiatzen dira / gure egunak / ez itzultzeko”: errealitatera itzularazi ahal ditugu nolabait oroitzapenetan bidaia egunak.
* Bidaiaria da batez ere bidaiaria, bidaiaz idaztea gogoko badu ere, bihotzean goxoki umatu zaiona izanen da arrasto iraunkorra, izkiriatuaz harago.
* Badira bidaietako zenbait leku eta gertakizun, bizipenak ere, oroimenean ez ezik bihotzean biziki ia betirako iltzatuak geratzen direnak; ez dira beti une gozoenak, latzak eta gordinak ere bai noizbehinka, denborak eramaten ez dituen oroimenak.
* Herrien historia, harri edertuen irudiak, eta gizartearen eguneroko zenbait taupada, horiek dira bidaiariak gordeta daramatzan altxorrak.
* Bengala gorria dakar piztuta bidaiariak bidaia bakoitzetik, egunerokoaren lanbroan herrien ederra kantu bideragarri dakion.
* Bidaietan ondutako bizipenak ohi dira oroitzapen minenak.
* “ Atzo izanen da bihar izan dena. Gure gaurko istorioek ez dute zertan orain gertatu beharrik”: sarri nahasten zaizkio bidaiariari atzoa eta gaurra, nahaspilatzen zaizkio herriak, hiriak, herrialdeak, artelanak, non zer ikusitakoa, non norekin egon zenekoa, ...; bidaia bakoitza istorio bat da, beste istorioekin gurutzatzen dena, berdin da atzo edo aspaldi gauzatu zen, edo bihar gertatuko dela espero duzun.
* Aitzin eguneko oroitzapenak, uneko bizipenak eta hurrengo egunerako ametsak nahasian eta zurrunbiloan ibili ohi ditu bidaiariak, mapa eskuan, edo ibilbidea irudimenean.
* Oroi-mina eta nostalgia, bidaia ororen arrastoa, zer litzake bidaia bat bi osagai horiek gabe?.
* Bidaiatzeak gorputz ematen die tabuak ziruditen ametsei, eta bidaiariak burmuinetan gordetzen ditu, oroimenetik berriro askatzean bizipoza birsortu dezaten.
* Zertarako, zergatik, galdera ...; bidaiari bakoitzak ditu bere bizipen propioak, iritzi bere-bereak, besteena ez den ikusmoldea; gidaliburuek, turismo bulegoko paperek, idazle ospetsuek, ez dute dena esan bidaiei buruz, edo herriei buruz, bidaiari bakoitzak du berea kontatzeko.
* Bidaietako oroitzapenek, iraganekoek hareago, geruza argitsu leun bare baten gisan biltzen dute bidaiaria, kulunkatuz nabigatzen ari den txaluparen antzo.
* Bidaia, urte osorako oroitzapen eztien uzta.
* Gustukoa du iragana oroitzea bidaiariak; bidaiaren zati dira bidaia ondoko egunak ere; besteak nolabait bidaiaren partaide egitea, hori ere bidaiaren zatia da.
* Oroimena litzake inoiz gutxitan garbira pasa ohi dugun borradore ximurra, idazkiak eta argazkiak garbira pasatako oroitzapenak.
Sentipen ainguratuak
* “Ezabatzen doa / Gorderik nuen lurraren / Perfil zorrotza, / ... Urrunak, / Ilunak, / Lizunak, / Gure bideko hautsak / hatsak astinduak, / Hatsak zutituak, / Hatsak suntsituak”
* Sentipen gozoa damaiote bidaia-oroitzapenek, kilika eztia bilakatzen diren oroitzapenak dira.
* Rhin, Donau, Moskova, ... hainbat ibaiekin maitemindu izan da bidaiaria; jadanik herriko uhartean, biziki gogoratzen ditu etxeko xalotasunetik.
* Gordeta ditu beti bidaiariak azken bidaietako irudi, bizipen, oroitzapenak, toles-gune bilduenean, ibili den lurraldea gogoratzeko.
* Bideoa, argazkiak, idaztea, liburuak, egunkaria, ... horiek dira bidaiariaren ahanzmenaren aurkako baliabideak ahanzturaren aurkako borrokan, sarri ezgai bilakatzen diren arren.
* Bidaietan ondutako bizipenak ohi dira oroitzapen minenak.
* Alpeetan elurrak urtzen heinean, metatzen doaz ibiliko bizipenak, arribada ostean gailen daitezen bidaiaren oroitzapenak.
* Herrien historia, harri edertuen irudiak, eta gizartearen eguneroko zenbait taupada dira bidaiariak gordeta daramatzan altxorrak.
* Oroitzapen kilikagarri eta bizipen eztien gordeleku, beti du hirugarren toles bat bihotzean bidaiariak.
* Esperientziaren zuhaitzetik jan duelako eta eskarmentuaren iturritik edan, bereizten du bidaiariak atzokoa memorian, gaurkoa bizipenean, eta biharkoa itxaropenean.
* Mugen gaindi doaz bidaiariaren urratsak, ametsak egi bihurtuz, oroitzapen izanen direneino.
* Laburbiltze lanetan, bizitakoak nolabait barnean ainguratu nahian atzera begiratzen hastean, bizipenen gaindi herrira so, branka porturantz jarria du bidaiariak ontzia.
* Memoria zor diet bidaiei, edozein koloretako memoria, horregatik botatzen dut aingura oroitzapenen itsasoan.
Sentipen galkorrak
“Geroak izanari hartuko dio gain / Elurrak biltzen dira maitasunaren zain”
* “...bistan da gero eta hondar gehiago uzten duela pasatzen galbaheak, gero eta urriago dela atxikitzen duen legarra, handitu egiten dituela denborak bahearen zuloak”: oroitzapenen limurtasuna!, nahiz makuluak jarri oroimenari.
* Plegu pizgarri batean gorde nahi du minutu hura bidaiariak, lagunekin kalaketan eskaintzeko; lanbroa bezain hezea nahi luke gorde oroitzapen hura, eguzkiak berdetu eta loratu dezan negutar nostalgian.
* Bidaiariarentzat, zorionez, borobila da mapamundia, eta ez du toperik edozein norabidera abiatzen dela ere, beti itzuliko da; oroimenak gozamena bikoiztuko dio abiapuntura itzultzean.
* Gorputz ematen die bidaiatzeak tabuak ziruditen ametsei, eta bidaiariak burmuinetan gordetzen ditu oroimenetik berriro askatzean bizipoza birsortu dezaten.
* Iraganean bizirik geratzen zaizkit bidaiok, ez dira hausterre.
* Bidaiariaren atxikimendu asko desegin ohi du denboraren errotarriak, argazki, idazkiz eta bideoz oratzen baditu ere atxikimenduok, batez ere sentipenak dira kamusten dituena joanaren gurpilak.
* “No quiere olvidar lo que ha visto, ... pero sabe que irremediablemente apagarán estas, las confundirán, es el triste signo del que viaja”: ibiltariaren patua
Sentipen iraunkorrak
“Zerupe honetan hazten den oro / ez da betean lipar batez baizik”
* Errealitate bihurtutako ametsak bailira datoz bidaiok, eta ahanztura gozo bihurtuta doaz.
* "eta zu album bihurtzen zara / edo erretratuen artxibo": herrien album eta artxibo bihurtuz doa bidaiaria, ibiliz doan heinean.
* “Egunaren zakua / mukuru bete arte”: hala doa eguneko ibilaldi bakoitza.
* Mila pasadizo eta istorio harrigarri bidaietako mugetan; era guztietako mugetan; errealak batzuk, irudimenak eta urduritasunak eraldatuak besteak; kontatzekoak denak, gustukoa baitu bidaiariak bereak kontatzea.
* Nola liteke bidaiako oroitzapenak ezabatuz joatea baina sentipenek hor barnean irautea?.
* Gertatzen zaio bidaiariari halako zerbait: kate hautsiezin batez lotuta bezala sentitzen da halako herri edo gertakizunari, baina sentipen horren mataza harildu ahaleginean ezin du hari-muturrik aurkitu.
* Bidaia oro da osotasunean ederra, baina bidaia orok ditu ere bere une distiratsuenak, bidaiako egun bakoitzak du bere une gogoangarriena eta istant bizipozena; bidaia, bidaiako egun bakoitza, ihartuz, kolorgetuz doa bizitzako koadro osoan, baina une bereziok beti dute bere lekutxo xumea; denborak dena errenditzen du bere egiazko mailara.
* Ia inork ez du bidaiaria gogoratzen, bidaiaria da lurraldeak eta herriak gogoratzen dituena.
* Bidaiaria ez dago sekula egoera berdinean, beti baitu oroitzapenen motxila beteago.
* Lotura asko geratzen zaio bidaiariari egon herri eta herritarrekin: harreman jatorrak, ordu gozo asko, aurkitutako hainbat altxor, paisaia, artea, kale giroa, lasaitasuna, ... Laxatzen joaten dira korapilo estuenak ere, mehetzen soka gotorrenak ere, ahultzen oroitzapenak, indargetzen sentipenak, baina beti gelditzen da betirako iraungo duen hari mehea, zeta bezain fina, baina altzairua bezain etengaitza.
* Herri zein toki izen bakoitzaren ostean oroitzapen bat du gordea bidaiariak, pertsona, paisaia, gertakizun, bizipen, ... oroitzapenak, irudiak ezabatuz badoaz ere.
hori ere urratzen zaio bidaiariari, horregatik idazten du, horregatik argazkiak ateratzen, ... istant horiek nolabait betirako oroitzapenerako zizelatu nahian.
* Bengala gorri bat dakar piztuta bidaiariak bidaia bakoitzetik, egunerokoaren lanbroan herrien ederra kantu bideragarri dakion.
* Bidaia orok hor dirau beti, toles-gune batetan gordeta, behe-lainoak lausotzen badu ere.
* Une hunkigarri ugari eskaintzen ditu bidaiak, luzaroan irauten duten oroipen eta sentipenak uzten dituzten une zoragarriak, edo larriak; tokia eta eguna galduko dira garunetako zokoetan, sentipenak luzaroen iraunen dute.
* Idealizatu egiten ditugu gerora bidaiak, zorion zati bat izaten diraute, baita arruntak eta errepikagarriak edo antzerakoak ziren hiri eta artelanak ere.
Oroigarriak
“lurra airea baino azkarrago iluntzen baita”
“Hemen orain draga zaharra lotua dago / Oroitzapenetan harrotzen unatua”
* Gaitasunik ezak hitzez kontatzea zailtzen dizkion zenbat harreman estu, une bitxi, bizipen liluragarri, ... eho izan ditu bidaiariak oroigarrietan!.
* "Oroitzapena bera da garaipena", Oroitzapenak dirauen bitartean bidaiak dirau, egunkariak dirauen bitartean bidaiak dirau, ...; merezi du oroitzapenak luzarazteko ahaleginak.
* Tximista baten abiadaz joan ohi dira bidaiako egunak: horregatik behar ditu sustapenak oroitzapenak.
* Gaur egun hitzak baino gehiago darabiltza irudiak bidaiariak bidaia-egunak kontatzeko.
* Egon den lekuetan egon dela froga utzi nahi izaten du bidaiariak, bere buruarentzako oroigarri bezala batez ere, horregatik argazkiak, horregatik beretzako oroigarriak, horregatik lagunentzako opariak.
* Gordeak izan ohi ditu bidaiariak apunteak eta argazkiak ordenagailuaren barne misteriotsuetan, garunetako kiribiletan oroitzapenak ezabatzen doazenerako, argazkiak eta sentipen izkiriatuak baino lehenago lausotzen baitira oroitzapenak.
* Torloju handi bat jaso dut aurten Banff herritxoko portuan; oroitzapenen sustapen izaten dakite sarri harriek burdinek eta antzerakoek.
* Ohi du bidaiariak harriren bat etxera eramatea, non jaso zuen ahaztuko zaiola dakien arren; beti da harriren bat bidaiariaren etxeko apaletan, non jaso zuen ahaztu zaion, gogoan ez badu ere.
* “Argazkiak badira arima zati kaiolatu bat, hein batean”: bidaiako bizipen kaiolatuak dira argazkiak.
* Opariak, bidaiari eta bidaiariari ezinbestean lotutako ohitura gozoa, bihotz zartatuen porturatzearen lekuko.
* ”Itsasbehera bakoitzak oroitzapen biluzi bat lagatzen du / memoriaren hareatzan”: bidaia bakoitzak, horregatik jasotzen ditu bidaiariak oroigarriak.
* Bidaiariaren oroitzapenetan tokiak eta gauzak daude pertsonak baino gehiago.
* Opariak erostea bidaiako zeregina, gozamena aldiz, ardura gauzazaila bestetan.
* Opariak, bidaiari eta bidaiariari ezinbestean lotutako ohitura gozoa, bihotz zartatuen porturatzearen lekuko.
* Egon den lekuetan egon dela froga utzi nahi izaten du bidaiariak, bere buruarentzako oroigarri bezala batez ere, edo lagunei erakusteko; horregatik argazkiak, horregatik beretzako oroigarriak edo lagunentzako opariak erostea.
Bidaiez
HERRIEN BARNA III
Harremanak
“Eta ni haien artean, arrunt galdurik, xaraturik, liluraturik".
Hitza
“... cuánto se pierde por no hablar con las personas”
* Gizakien harremanetarako tresna da hitza: bidaiariak lehen bidaiako lehen pausotik ikasten duen lehen printzipioa.
* "Eta uste dut hori dela tertulia, hitz egitea eta presarik gabe egotea": herrikoekin tertulia, bidaia gehienei falta zaien osagaia
* Herrialde orotan bizi daiteke beste hizkuntzarik jakin gabe paseko txoria zarenean.
* “Menderatzen ez duzun hizkuntzan ez duzu beti nahi duzuna esaten, esaten dakizuna baizik”: eta, dakizuna bera ere moldatu egin behar duzu premiara edo keinuetara.
* “Hitzak haziak bezalakoak dira, harat eta honat zabal daitezkeenak eta bertzeen bihotzetan errotu, bertan bihi eta biribil daitezen”: zaila da bidaiariaren eta bidaiariari hitzak horrelakoak izatea, gehienetan ez baita harreman sakonik bidaietan.
* Norbaitekin luze eta lasai mintzatzeko gaitasuna duenak badu gozamen aukera handiago bat.
Komunikazioa
“... bata gaztelaniaz eta bestea arabieraz mintzatuz eraiki zutela gozogilearen txosna. Eta primeran ulertu zuten elkar”
* “ezinkomunikazioa”: bidaiariaren arantza nagusia.
* Artelanak ikustea baino dabilen herrialdeko giza arazoez behar luke jakin-min biziagoa bidaiariak, ikusminaz harago; artelanetara eta paisaiara, edo giza giro orokorrera moldatzen da gehienetan ibilbideko ikuspuntu nagusia; turismoaren negozioa horrela gauzatua dagoelako, herriak kanpotarrekiko giza harremanetarako prestatuta ez daudelako; artea edo paisaia dira, ustez, duten altxor nagusia, bestalde zaila da norberaren arazoez ezezagunekin aritzea, baita bidaiariak berak ere berak dituen antzerako kezkaz aritzea.
* Jendaurrean dabilen pertsona da bidaiaria, baina oso bizitza pribatua egiten du; bakarrik edo talde oso bilduan baitabil jendez inguratua arren, oso pertsona gutxira mugatzen da bere harremana.
* Modu ulertezinean, baina komunikatzea lortu ahal izaten du bidaiariak hizkuntza zaileneko herrialdeetan ere.
* Normalki hitz urri eginez pasa ohi ditu bidaiariak atzerriko egunak, lagunarte, lantoki eta familiako kalaka ohikorik izan gabe; tarteka, azalekoak eta laburrak izan ohi dira izaten diren bidaiako pasoko lagun berriekin elkarrizketak; hizkuntza arazoak, gai antzerakorik eza, ... totelka hizkuntza arrotzean, arrunkeriez, ... azkenik aberrirako hozkirriak astintzen dio barrena, lagunarterako minak, mintzatzeko behar fisikoa bera.
* “Espaloirik gabeko bideetan, oinezkoak diosala zor dio pasean edo inguruan egokitzen zaion oinezkoari; gizalegeak hala agintzen du”: hala da gehienetan atzerriko ezezaguna izanik ere, nagusien artean batez ere, hiri handietako kale jendetsuetan ezik.
* Bidaiariak ez du ohikoa negar egitea dagoen herrikoekin, herritarrena da negar egitea, bertakoena, edo bertako izatera behartuta dauden etorkinena, ez bidean doan atzerritar ikuslearena.
* Zenbat aldiz komunikatu garen bi hizkuntza ezberdinetan: bidaietako esperientzia aberasgarria, etsigarria ere tarteka.
* Bisitara doan herriaren, herritarren besarkada, gutxienez ongietorria, behar du ibiltariak herrialde berri batetara heltzean, irribarretxoa nahikoa du, .... seinaletxo bat, berdin dio mugako poliziarena, autobideko bidelapurrarena, lehenengo dendariarena, kanpalekuko harrerakoarena, norabidea galdetu diozunarena, ...
* "... ez dira batzen dituen gauza bakarraz hitz egiteko gai": oso hitz gutxi egiten da kanpalekuetan ikusitakoez eta bizitakoez bezeroen artean, elkarren ondoan egon arren, leku berdinetan ibili arren, ikuskizun berak ikusi arren, altxor berberen inguruan ikusmina ase arren.
* Arrotzak gara elkarrentzat denok kanpinean lehen egunean, arrotz bezala ematen diogu elkarri diosala, egun gutxira baina, ez gara hain arrotz, sortzen dira diosala begiradak eta barretxo konplizeak.
* Bidaiari guztiak ez dira berdinak, guztiak lakoak arren, Arretxeren jendearekin egoteko grina eta ahalmena miresten dut nik.
* Miresten dut zenbaiten harremanetarako gaitasuna, agian txirrinduz bidaiatzeak ere ahalbideratzen du harremanen aukera, bakardadea hautsi beharrak ere agian.
* “Haien portaera “susmagarriaren” azpian nirekin berba egiteko gogoa baino ez zen ezkutatzen. Herabearen traba gaindituta, mahai ingurua osatu dugu berehala denon artean, eta hiru bat ordu eman ditugu berriketan”, herri baten izaeran sakontzeko bidea.
* Artelanak ikusteaz baino jakin-min biziagoa behar luke bidaiariak dabilen herrialdeko giza arazoez; artelanetara eta paisaiara, edo giza giro orokorrera moldatzen da gehienetan ibilbideko ikuspuntu nagusia, turismoaren negozioa horrela gauzatua dagoelako, herriak kanpotarrekiko giza harremanetarako prestatuta ez daudelako, duten altxor nagusia artea edo paisaia delako; zaila da norberaren arazoez ezezagunei aritzea, aski du bidaiariak berak ere etxeko gorabeherekin; giza harremanak, bidaietan aurkitzen ez dakigun altxorra.
* Bertakoekin harremanak dira bidaiariaren zailtasunetako bat; ez soilik hizkuntza arazoengatik.
Komunikazioa isila
“Onena, isilik egotea isilik egon gabe”,
* Ederra litzateke begietara so komunikatzea, hitz-jario alferrikakoetan galdu gabe.
* ” hitzik gabeko hizkuntza, eta seinaleak”: horietaz baliatzen gara atzerrira bidaietan.
* “Isiltasunarekin zergatiak ulertzen zituela adieraztera eman nahiko balu bezala”: hala balitz, zenbat erraztuko litzaizkioken bidaiariari hainbat ulertezin korapilatsuak.
* “Gehiago hitz egiten zuen bastoiarekin ahoarekin baino": mimika eta hitz bakarrak dira sarri bidaiariaren komunikazio hizkuntza; keinuena, bidaiariak erbestean sarrien erabilitako eta maisukien landutako hizkuntza.
* "Ez elkarrizketa luzerik, baina usaiako bonjour! bonsoir idor horietatik haratago, comment ca va? eta holakoak, mundu hetsi eta hotz horretan, epeltasun pittat ekartzen dutenak": Nola eskertzen duen bidaiariak egon ohi diren une larrietan, noraezeko kinketan, edozein herritarren keinu adeitsu bat.
* “... eta zeinaren isilaldiak berak hitzaldi baten parekoak baitziren”: isilik egotea, bidaiariaren jakinduriaren ezaugarrietariko bat, zuhurtasunaren ondorio beharretarikoa.
* Garrasiak dira zenbait isiltasun, gehienetan garratzak, baina badira esanahi goxoko isiluneak; bidaietan hitzik gabe komunikatzen gara gehienetan, baita kanpin honetan ere, inguruko atzerritarrekin.
* “Gizakien arteko benetako kontaktua presentzia isilaren bitartez baizik ez dela lortzen dio Ciaranek, komunikaziorik ezaren itxurapean gauzatzen dela, barne errezoa dirudien truke misteriotsu eta hitzik gabekoaren bitartez”: bidaiarien artekoa ez da presentzia, elkarrekin suertatze iheskor bat soilik; han daude zerbait ederri begira, baina ez elkarrekin, elkarren ondoan baizik, zerbait eder berdinak erakarri baditu ere hara.
* "Zer plazera!. Eta jendea!. ... Sekulako jendezionea... Eta ni haien artean, arrunt galdurik, xaraturik, liluraturik": une kilikagarriak izan ohi dira bidaiariarentzat, jaialdi batetan, merkatu azoka batetan, kale-arte jendetsuan, dagoen herriko jendetzan murgiltzea, kalearte giroan galtzea, komunikazio isila.
* Keinuena, bidaiariak erbestean sarrien erabilitako eta maisukien landutako hizkuntza.
* Begiradena da kanpalekuko diosal ohikoena, kalearteko bidaiariaren harreman usuena ere; irribarrea da ere herritarren aldartea, jitea eta portaerari antz emateko bide bat ere.
* Irribarrea da gehienetan harreman bakarra.
* Keinuek erakusten digute hitzetatik ulertzen ez duguna. Keinuak dira bidaiariaren atzerriko hizkuntza erabiliena, keinuak direlako lengoaia unibertsalena.
* Irrifarra da maiz diosal bakarra atzerrira bidaietan.
Ezpalak
“Kanpotarrekiko abegi ona denaren gainetik, ohi legez”
* “Isilik baina jakintsu”: ezjakin berritsua da arriskutsua, jasangaitza, baita lagundu nahi dizunean ere, hizkuntza ulertezinean ari bazaizu ere.
* Komunikazioa lortu, herri berria maitatu, harremana sortzeko nahitaezkoa da zuk zu zeu nor zaren jakitea, zeure maila, besterik ez, erakustea
* Fidagarritasuna neurtzea, harremanen gakoa.
* Gaur egungo bidaiakerak erabat zailtzen du abegikortasuna gauzatzea.
* “where are you from? / galdetzen dit ...”. Bidaiariak entzuten duen esaldi sarriena.
* Lagunartean badoa, zein bidaia erosi batean, bidaiari bakartia ez denak ondo daki komunikazio gabezi eremuak daudela, eta ikasten du eremu horien mugetatik hanka puntetan pasatuz bizitzen.
* “Tabernan jendea ohean baino hobeto ezagutzen da” Parranda, artea, paisaia, kalekoa, … oreka zaila du bidaiariak herri ezagupenean; gehienetan hankamotz geratuko zaizkion harremanak baititu, parrandan dabilenean ere.
* Alkoholaren lurrinetan bilduriko ordu txikietan ohi dira solasaldi idealizatuenak, izpirituari zirrikituak zabaltzen zaizkion lurrun arteko uneak, bidaia-kideen artean ere, edo futbol partidu bat telebistan dagoenean: Coloniako kanpinean bezala
* “Antzerako zerbait gertatzen zaie nire egunkariko orrioi; ia hutsik daude, bidaiei egiazko interesa ematen dieten giza harremanen urritasunagatik”. Nik neuk ez nioke kanpotar ezezagun bati nire herriko balentriak kontatuko, are gutxiago miseriak, giza harremanak dira bidaiako zailtasun nagusia.
* “Hasberriak bakarrik liluratzen dira pertsonekin”: eta haszaharrak, duinak direnean pertsonak.
* “... miran al viajero con curiosidad e ironía, ez una sensación extraña ser observado así”: ia herritxo guztietako sentipen kilikagarria.
* Ezer gutxi hurreratuko zaie herritarrei kaktus baten antzeko bihotzarekin doana, ahalik eta toles, zimur, arantza gutxien behar du bidaiariaren bihotzak beste herri eta herritarrengana hurbiltzean.
Bidaiez
HERRIEN BARNA II
Herrien ezagutza
Ezagutza
“Muino batetik ikusirik herri guztiak berdinak izaten dira”
* Galdera pilarekin goaz atzerrira eta galdera gehiagorekin itzultzen etxera
* Bidaia aroa gaur egungoa, atzerritarraren presentzia edonon, ezezagunaren beldurra galdu dugu: elkarrengandik urrundu eginen gaitu ala elkarrarazi?.
* Amorantez aldatuz doan gizakia da bidaiaria, doan herri berri bakoitzaz enamoratzen baita, beraz enamoratuko den esperantzaz baitoa bidaiako edozein herrira ere; herri berri hori hobeki ezagutzearren zenbait pena, estualdi eta neke pairatzeko prest.
* Lehen ezagutza izan ohi da sutsuena, kilikagarriena, ametsezkoa ia: ezagutza sakonetik etorri ohi dira zalantzak eta harremanen sigi-saga korapilatsuak; bidaiek epe mugatua dutenez, pozik dator etxera bidaiaria, bere herrialde berriarekiko harremanetik.
* “Edozer espero daiteke kaleko merkatuan zumezko hilkutxak salgai eta makuludunak bizikletan ikus daitezkeen hiri batean”: Harkaitzen liburuak New York ezagutzeko ikusmina sortarazten du, hiri baten irudia azaltzen du: hainbat bidaiariri huts egiten digun gaitasuna.
* “Herri honetan badakigu zergatik egiten den negar, baina ez zertarako”: Eskoziako lur galduotan asmatu uste izan dugu zenbait negarren zergatia, etorkinaren begiraden tristura, ume baten negarraren mina, atzerritarren barnean behar duen sufrimendua, ... Irlandar iheslaria ere ikusi dugu zenbait ilegorritan, ... : utopiaren ametsa.
* “Birena da munduaren sorrera: iragana ahantzi nahi lukeenarena eta gogoratzen saiatzen denarena”: herriak gogoratzen dituenean, herriok sortarazten ari da bidaiaria, bizitza berri bat ematen, eta orduan herrikide bilakatzen da
* Mundua ikusiz, munduaz ikasten da.
* Herrien iragana ikusi eta ikasten da gehienetan turismo-guneetan; gaurkoan murgildu beharko litzake gehiago ibiltaria.
* Beste mundu bat, bizipen berri bat, beste kultura bat, errealitate ezberdin bat, bizi du bidaiariak, arinki eta azaletik bada ere; pentsarazi beharko lioke ikusten duenak, etxera itzuleran ibiltari ipurterre baten ibilaldia soilik gerta ez dakion egindako txangoa.
* Mirets beza bidaiariak tokian tokiko ederra, paradisu dakion arte.
* Ezagunagoak egiten zaizkio bidaiariari hainbat zibilizazio eta zibilizazioko pertsonaia eta gertaera.
* Dakien guztia baino dakusan guztia dio bidaiariak, edo dakusana da dakiena herri batetaz; dioena inori erakargarria ote, hori da autuaren gakoa.
* Herrietako altxorrik preziatuenak ihes egiten dio gehienetan bidaiariari.
* “Con raras excepciones, los castillos se ven mejor desde fuera...”: hori bera gertatzen zaigu sarri herriekin ere, baina herrien altxorra herritarrengan dago.
* Atzerritarra izatea, herrian txertatuta ez egotea, erromes geldiezina izatea, da bidaiariaren eragozpen nagusia herri bat ezagutze ahaleginean.
* Bide eta kale norabideak ikasi dituzunerako, heldu zaizu alde egiteko garaia; nondik norakoak ikasi dituzu, baina herria ezagutzen hasi besterik ez duzu egin oraindik.
* “Baina inork ez dit ukatuko gizakiak direla norberarena ez den herri batean azter daiteken gauzarik interesgarriena”. Norberarena ez den herria aztertzeko luzaro egon behar da bertan, harreman zintzo eta sakonak izan behar dira herritarrekin; hala ez izatera oso azalekoak izan daitezke herritarroiekiko eritziak, edo gezurrezkoak beraiengandik jasotako aitormenak; agian horregatik bidaiaria ur irristakorra besterik ez da.
Herriak
“Utopia, hitzak dioen bezala, nehon ez dagoen lurraldea duk ...”
* Bizi izan dugunagatik liluratzen gaitu herri batek, bizi izango dugunagatik pizten digu jakin-nahia zain dugun herriak.
* Gabiltzan herriotaz, batez ere herritar hauetaz, ezer guti dakidala besterik ez dakit; eta ezin hau samina da niretzat.
* Amodioaren antzekoa da herri baten arima bidaiariarentzat, bere zurrumurrua entzun duzu, bere freskotasuna nabaritu duzu, baina atxikiezin joan zaizu.
* Bidaiariaren faroak bezala dira herriak, goxoki deitzen dioten sirenen kantuak bezalakoak.
* Moztutako zuhaitza da inolako itzalik ez duena. Bidaiariak aurkitzen du sarri kinka bizian dagoela dirudien herririk, baina dirau, haritxo bat besterik ez, baina itzala du.
* Badira berezkoa bezalako dotoreziaz erakartzen zaituzten herriak, lardaskeriaz uxatzen zaituztenak ere; ez da aberastasun eta apainduraren gorabehera soilik.
* “Bizitza, nonahi ere, beti da berdin, sufrimenduaren laiotza pozaren erraietan”: sufrimendua ezkutatzen ahalegintzen da gizartea, are gehiago bisitarien aurrean, eta bidaiaria bisitari da bidaiako edonon.
* Ameslariekin topo egiten duzu bidaiotan, Londresko manifarekin edo Newcastle-leko animalien aldeko taldekoekin adibidez, baina egia da ez dela utopia-lurralderik, gizakiak eta ekonomiak kolpatu edo menderatutako gizartea dugula soilik.
* “Libertatea lur bat duk, bai, baina egunoroz konkistatu eta irabazi beharra dagoena”: libertatea eta askatasuna lotzen ditugu sarri euskaldunok, lur konkretu batetan kokatzen ditugu askatasuna eta askatasunean bizi nahi dugun libertatea, eta egurtu egiten gaituzte inkisidore modernoek sorgin-ehiza itsuan; gabiltzan eta goazen herri orotan askatasuna lortzearren izaniko ahaleginen museo eta kontakizun franko aurkitzen dugu, harro herri bakoitza izan dituen gerra odoltsuengatik; guri ostera debekatu nahi digute Euskal Herria Burujabe Utopia: ametsa bera ere ukatzen digute.
* “Hildakoen artean izendatu ninduten”: herri oro jo izan dute noizbait hiltzat, baina hor diraute oraindik, bidaiariaren bizinahia harrotuz.
* Zenbait herritan eta zenbait herritako etxetan, zabalik uzten dituzte ateak, kaleko oinezkoak goza ahal ditzan barruko patioak; beste zenbait herrik aldiz, hilerria dirudi, herio bailebil airean, dena erabat itxita, isiltasuna herriaren jabe, eta arimaren baten begiak zuri begira gortina baten ostetik.
* Herriek ere bere autoestimua dute, kaleetan, egituran, ekimenetan, dotoretasunean, ... dute ezagun; erakarri egiten dute bisitaria, eroslea, dendaria edo inbertitzailea, beste zenbaitzuk aldiz ez dute bururik altxatzen dirutzak ekimenetan xahutu arren.
* Harrien zaharrez eta paisaiaz soilik ari ote den ezina nabari du sarri bidaiariak bidaietan: botaniko eta hargin; ihes egiten diola herriaren arimak.
* Egidazu bisita eta zure eginen nauzu, hori esan digute bidaietako hainbat hiri eta paisaiak, eta zenbait herritarrek, beraietaz maiteminduta utzi baikaituzte.
* Mundu bat da herri oro.
* “Hau ez da zuk nahiko zenukeen mundua, / baina munduak egiten gaitu, ez alderantziz”: herri oroko gizaki ororen patu txarra.
* Badira berezkoa bezalako dotoreziaz erakartzen zaituzten herriak, lardaskeriaz uxatzen zaituztenak ere; ez da aberastasunaren eta apainduraren gorabehera soilik.
* Herri oro jo izan dute noizbait hiltzat, baina hor diraute oraindik, bidaiariaren bizinahia harrotuz.
* Moztutako zuhaitza da inolako itzalik ez duena; badira hilik diruditen herriak, baina hor diraute, arnas hari bat besterik ez, baina itzala emanez.
* Pertsona eta herri orok du bere xarma. Atzeratuak deitutako herriek, heldu gabe samar iruditzen zaizkigunek, horiek dute agian xarma gehien, gutxien galdu dutelako oraindik berezkoa, jatorrizkoa. Halaz ere atzerriko akatzak edo gabeziak gehiegi azpimarratzea izan ohi da sarri bidaiariaren joera ezkorrenetariko bat.
* Tristuraren ederra dute herri eta paisaia askok, lurralde mortuenetan ere.
* “Zervda herria? / Denok ulertzen dugun / eta inork mugatu ezin duen zerbait”. Bidaietan inguratzen gaituen baina ezagutu ezin dugun gizatalde hori da herria, bere kulturaz bildua.
Herrien arima
"Amonek kontatu, aitonek sinetsi; / zahar sinesleen ahoetatik / entzundako kontuen magia: / galdua betirako"
* Guk bidaialdi honetan entzun entzuten dugu, asko gainera, baina ulertu?, piperrik ere ez, horregatik ez dugu holandarren bizia oso azaletik baino ezagutzen.
* “Itsasbelarrez zamatutako olatua / bezain astiro / doa gure begirada argitzen”: azkenez azaleko bristadaz baino ez gara jabetzen, ihes egiten digu herrien arimak.
* Mundu berri bat, ezezaguna, misteriotsua, herri orok gordetzen duen altxor eta gune magikoa: bidaietan topo egiten dugu sarri beraiekin, Altamira, Labeña, gaur ikusi ditugun eliza eta estelak, …
* Lebeñako eliza bisigodoaren erretaula barreneko harlauza erraldoian zizelatuta daude mundu ezberdin bateko sinesmenen sinboloak, lehenengo ukatu eta gero elizak berak bataiatutako ezaugarriak; eliza ondoko elizaren adineko hagina eta olibondoa ere sinboloak dira, sinboloak ere kapiteletako irudi zizelatuak: antzinako jainko jainkosen ezaugarriak, aro baten historia beste ikur molde batez idatzia: bidaiariak irakurtzen ikasi behar dituen molde ezberdinak.
* Hor dabiltza oraindik, izen propioa dute, Kantabriako lamia eta jainkosa guztiak, gure begiak lausotuegi badaude ere bazterrotan ikusteko, baina hor daude egon.
* Bidaiari presatiok gozatzen ez dakigun zenbat altxor; herrialdeaz maiteminduta egon behar da, nolabait sustraiak bertan bota, bertako magiaz jabetu eta mundu magiko horretan murgiltzeko.
* “Etxea familiaren sinboloa zen, zabal handikoa, luxozkoa garai hartarako, epela, abegi onekoa eta txuria. Bere tamainiak sendotasun irudipena ematen zuen”. Begiratzen diegu etxeoi, Berna inguruko zurezko jauregiak diruditen ETXE landuoi, begiratzen diegu goi-maldetako harrizko horma eta arbelezko etxe txikioi, begiratzen diegu herrixketako etxe fatxada luzeko zarpeatutako argioi, begiratzen diegu hirietako etxe-orratzoi, … usnatzen dugu kultura hori ehundu duen hainbat hariren muturra, baina sekretua mataza barruan gelditzen zaigu, ez dugu korapiloa ebakiko duen ezpatarik; familien nolakotasuna, hirien gauzatzea, historia oso bat gordetzen duten istorio ezkutu eraginkorrak.
* “ Susma zezakeen hiriaren bizia adreilu gorriko hormen atzean arnasa hartzen, Urbasa, Andiako erresuma txikia bailitzan”: bizia susmatzen du bidaiariak kaleen, kaletarren, lur landuen, basoen, artelanen, ... atzean; susmatu besterik ez baina.
* “... we shall find nothin there, but e cuple of words, short and plain, carved deep on de ground: the end”: gerta izan zaigu espero genuena ez aurkitzea, berbak soilik gidaren ezpainetan, ... baina ia beti argitzen zaizu begietan herrien eta kulturen ortzadarra.
* Harrien zaharrez eta paisaiaz soilik ari ote den ezina nabari du sarri bidaiariak bidaietan: botaniko eta hargin; ihes egiten diola herriaren arimak.
* Eraikinak, kaleak, dendak, elizak, museoak, monumentuak, iturriak, landak, mendiak, jatetxeak, ... ezagutzen ditu bidaiariak, herria sekula ere ez; herritarra behar du izan herria ezagutzeko, eta bidaiaria atzerritarra da.
* Herrien misterioa ezin harrapatu ahal izatea da bidaiariaren muga eta penetariko bat ; mila hesiz babestutako mila sekretu baititu herri orok.
* Antzinakoen espiritua, hori da bidaiariak atzematen ez duena, are gehiago herri hortako hizkuntza ez badaki.
* Bizitzaren taupadak aurkitu ahal dira irakurketetan, bidaiatik heltzen zaiguna, baina, bizitza biziagoa da; nolanahi, sakonean bizitza antzerakoa dela denean erakusten digute bidaiek.
* “Teilatua oholez estali zuen probisionalki, baina ..., oholtzak kendu eta arbela jarri zuen haien tokian. Teilatu hura gauza garrantzitsua eta sinbolikoa zen Richardentzat. Ibarreko jendearentzat arbelezko teilatua herrialdeko ikuskizun handiena zen. ... Beste ezerk baino gehiago, harexek bihurtu zuen Richard ibarreko biztanle nagusi”. Zenbat istorio, zenbat bizipen eta amets, zenbat izerdi, ... Suitzan hain bitxi zaizkigun arbelezko teilatu horiek estaltzen dituztenak; zenbat hausnarketarako gai, bidaia lasaiago, herriarengandik hurbilago egiten ikasiko balu bidaiariak, aurrean duena historian, kulturan eta giza baldintzetan kokatzen ahaleginduko balitz.
* “Zakur goseek jaten gaituztela hiri ezezagunetan”: behin ere ez dut bizi izan inon jango gaituzten usterik, hainbat herri ezezagunetan, baita herri gosetietan ere, herri txiroetan, egon garen arren; herria, - gizakia eta gizartea-, ona da, zintzoa, norbaitek edo zerbaitek, norbaitek eragindako zerbaitek, xaxatzen ez badu.
* Dabilen herrietako tradizio mundu hori da bidaiariak gutxien ezagutu ohi duen eta ezagutu ahal duena; ezagutu ahal dituen tradiziook erabat azaletik ezagutzen ditu gainera, folklorea, zenbait ohitura, abestiak, dantzak, eta gidaliburuak edo bisita-guneko kartelen batek dakarren kondairaren bat altuenez.
* Balioak balio, bidaiariak sekula ez ditu bere baliagarritasunean neurtuko dabilen herrialdeetako altxorrak.
* Abstrakzioa direlakoz, aurki-ezinak dira, baina libertatean, elkartasunean, anaiartean, maitasunean bizi diren pertsona aunitz aurkitzeko parada izaten dugu txangoetan, giza eta natur paisaia ezin ederragoak usu biltzen ditu gure atzerriko urratsak.
* Ze zaila bidaiariarentzat herri baten arnasak sumatzea, ze eguzki eta eurik indartzen duen bere bizitza jakitea.
* Bideari soilik begiratzeko arriskua dugu bidaiariak; herriaren arima beste zerbait da.
Ezagupenaren iturriak
"Eskuak dantzan, zeremonia erritualetan, / eskuak dantzan, ijitoen dantzan"
* Herrirekin harremana behar litzake izan herri baten ezagupenerako iturri nagusia: gutxien erabiltzen den iturria hain zuzen.
* Museo etnologikoak, kobazuloak, jaialdiak, ... herrien antzinako anima ezagutzeko bidea.
* "Eta ilun, / orografia interesgarri baten zokondoetan, / hidrografia-zain zartatuen ertzetan, / ozeanografia irekiz bildutako lurretan, / gizon txikia hemen-han". kitzikagarria arren, museo etnologikoak, liburutegiak, erakusketak, harremanak bilatzea, irakurketa, herritarrei adi bizitzea, historia, ... ez dira izan ohi bidaietako osagai nagusiak.
* "Nehoiz ez nuen nabaritu eliza honetan sartu nintzenean bezalako zirrara kitzikagarria": Elizak dira bisita-gune usoetarikoak bidaietan, eurak baitira artelan bikainak, artearen historia zizelatua, eta beraiek gordetzen dituztelako artelan ikusgarriak; zenbat aldiz utzi gaituzten harri eta zur, ahozabal, hezurretarainoko harridurak astintzen gaituela; bisita ondoren errezo garaietan baino lasaiago eta beteago ateratzen zara elizatik
* “Herri txikiotako baten benetako garrantzia ezagutu nahi baduzu begira egiozu elizari”: elizak, bidaiarien monumentu gutiziatuenak, nahiz ez elizkizunetan partaide izateko.
* Elizak bisitatu eta santu-irudiak begiratu da herri gehienetan bidaiariak egiten duen betekizun bat. Artelan bila begiratzen diet irudioi, artea gozatzeko aukera bat bezala.
* “Hitzen bidez nahi baikenuke mundua, -kanpokoa zein barrengoa- eskuetaratu, eta atzeman, ...”: zerbait horrelako errepikatzen digute aspaldion politikoek, “hitzen bidez”, baina azken herri-ibiliotako testigantza eta adierazgarri denek, eskulturan, arkitekturan, herrien egituran, elizetan, literaturan bertan, ... -Kanterbury lekuko-, hitzaren aurretik beti armak dantzatu izan direla erakusten digute.
* Ekologia, herri bat ezagutzeko ataka bat.
* Ikasia du bidaiariak gidaliburuak diona ezin daitekeela bere horretan sinetsi, are gutxiago hitzez hitz hartu esku-paperetako herriarekiko goraipamen oro.
* Garaile orok egiten du epikoa bere garaipena. Sarraski orok du poema epikoren bat. Irabazleak idatzia. Herri orok du poema epikoren bat, eta poema epikoaren oinarrian sarraskiren bat dago. Galtzaileak ere mitifikatuz eztitzen ditu sarri derrotaren zauriak. Garaipen orok egiten du putre sarraskijale garailea. Mitoak eta epikak, lurralde berria ezagutzeko labirintoa.
* “Etxeetako banaketa eta altzariak dira bai herrien bai gizabanakoen bereizgarri nagusia. Herri baten izaera bere jantziek eta altzariak islatzen dute, eta baita bere hazpegiek eta hizkuntzak ere”. Eta ohiturek, eta apaindurek, koloreek, irrifarreek, garbitasunak, altxorren ardurak, musikak, … Bidezidor askok hurreratzen zaitu herri baten animara.
* Globalizazioak ez du oraindik ezabatu herri bakoitzaren ogiarekiko atxikimendu ezberdina; ogia eta ogiaren kultura, herri baten izaera eta historiaren ispilu: bidaiariaren herri baten barnerako ataka.
Isilekoak
... el pasado de la tierras es más amplio que el camino hacia ellas”
* Bidaiaria ez da gehienetan normaltasuna zer den jabetzen; normaltzat jotzen du bere itxura eta jokabidea, inguruko denak kanpotarra dela igartzen badiote ere, eta berak normaltzat jotzen du inguruko dena, baita bertakoek anormaltzat dutena ere.
* “Hirietan pertsona guztiak antzekoak dira / Berdina da mundu guztia. Mundu guzia jende guzia da”: sozializazioaren alde tristeetariko bat, ezagutzarako zailtasunetariko bat.
* “Ulertzen ez dituzun pasarteak imajinatu beste erremediorik geratzen ez zaizunez, batzuetan istorioarekin zerikusirik ez duen zerbait imajinatzen duzu”: zenbat aldiz gertatzen zaion hori bidaiariari herri eta monumentuekin.
* Xalotasun kanporakoa dario marokoar askori, beste zenbaitzuk, ostera, bizibeharraren laztasuna daramate aurpegian; agian arraza aurpegiera ezberdinak besterik ez dira, beste kultura batekoon kanpotikako irudikeria besterik ez.
* Balioak balio, bidaiariak sekula ez ditu bere baliagarritasunean neurtuko dabilen herrialdeetako altxorrak.
* Ze zaila zaion bidaiariari herrietako, kaleetako, museotako, katedraletako, herri-herriko jende eta altxor ikusgarri horien atzean eta azpian zein bizipen, poz, beldur, min, itxaropen, amets, maitasun, ahalegin, ... bizi eta gordetzen den jabetzea.
* Bidaiariak ikusten ez dituen zenbat maratila behartu dabilen herrietako jendearen bizkarretan.
* Ezer gutxi dakigu bidaietako herriez, etorkizuna diren edo etorkizunik duten, asko ikasi genezake bidaietan geure etorkizunari buruz.
* Ba ote da hosto biko hirusta duen herririk, lauzpabost orri marduleko hirustak erakusten saiatzen bada ere bidaiariari; ezinok hor daude, agerikoak ez arren.
* “Inori ez zaio hegaz iristen hainbeste ondasun eta hain desberdinak”, bidaiariaren lehen gogoeta hainbat jauregi, gaztelu, katedral eta artelan, apaindura eta edergarri metatu aurkitzean; zenbat eta zenbaten izerdiz arpilatutako aberastasunak, miseria gordeen ezaugarri.
* Kaleetako soinujoleek, tokian-tokiko “La Farola” saltzaileek, eliz atarietan aurkitzen ez dituzun baina hor dauden eskaleek, ageriko etorkinek, ... frogatzen dio bidaiariari zein ankerra den demokrazia.
* Zenbat istorio, zenbat bizipen eta amets, zenbat izerdi, ... Suitzan hain bitxi zaizkigun arbelezko teilatu horiek estaltzen dituztenak; zenbat hausnarketarako gai, bidaia lasaiago, herriarengandik hurbilago, egiten ikasiko balu bidaiariak, aurrean duena historian, kulturan eta giza baldintzetan kokatzen ahaleginduko balitz.
* Begiratzen diegu etxeoi, Berna inguruko zurezko jauregiak diruditen landuoi, begiratzen diegu goi maldetako harrizko horma eta arbelezko etxe txikioi, begiratzen diegu herrixketako etxe fatxada luzeko zarpeatutako argioi, begiratzen diegu hirietako etxe-orratzoi, usnatzen dugu kultura hori ehundu duen hainbat hariren muturra, baina sekretua mataza barruan gelditzen zaigu, ez dugu korapiloa ebakiko duen ezpatarik; gaineko mintza besterik ez diogu harrotzen oskolari; familien nolakotasuna, hirien gauzatzea, historia oso bat gordetzen duten istorio ezkutu eraginkorrak; guzti horrek axolarik ere ez dio bidaiariari, sarri, oskolaren distira miretsi besterik ez du egiten.
* Nolakoa ote da itxuren edo azalekoaren azpian herriotan, jendeotan, dagoen errealitatea; beraien hitz eta sentipenekin neurtutako errealitatea, ez gure begiek irudikatzen dutena.
* “Rhineko gaztelu batek bere herriaren gainetik erakusten duen segurtasun berarekin, ..., Nagusitasuna eta kultura adierazten zituen, ezaugera eta jokamolde zuzena, ..., Harro zeuden etxeaz, dukerri bateko sailen maizterrak jauretxeaz harro dauden bezala”: mendekotasunaren historia dago gabiltzan kale eta haranetan; kodigoa deszifratzen jakinez gero, zantzu argiok irakurtzen, sufrimendu historia osoa kontatzen digute altxor preziatuenek ere.
* Ez da disidentziarik ageri Europako herrietan bidaiari eta bisitarien begientzat; ez da arropa zikinik kalera ateratzen.
* Pobreziarik ia inon ez du ikusten bidaiariak Europan, eskaleren bat elizako ataurrean, soinujoleren bat kale jendetsuan ez bada; ez dakit zein sistema darabilen botereak pobreak kaletik desagerrarazteko; erabili darabilelako; pobreak egon daudelako; bidaiariak ere ez du, egia esan, kontzientzia eztenkatuko dion pobreak ikusteko joerarik, erosoago dabil inguru oparoetan, etika ziztadarik gabe, nahitako itsu.
* Herri orok ditu hitz potoloak, iruzurraren estalki sarri, argitzea erraz ez den hieroglifikoa gehienetan.
* Herri orok sekretu asko eta sakonak ezkutatzen dizkigun bihozmina dugu bidaia ororen hondarrean.
* Bidaietan, zenbat desertu urik gabe, zenbat itsaso harearik gabe, zenbat harresi erraldoi, bidaiaria jabetu ere egiten ez den arren.
* Ilunpeko historiaz oratua dago herri ororen historia. Politiko eta ikasiek kontatzen dutenaz gain, historia erreala bestea da, ezezaguna, isilekoa, herri xeheak benetan bizitakoa. Herri apala, langilea, beti bizi izan da eta bizi da katakunbetan, herri baten aro loriatsuenetan ere. Kontatzen ez diren eguneroko miseria isil horiek dira herria mamitu duen orearen osagai nagusia. Bidaiarientzako sumaezina gehienetan.
* Kartzelako dialektika basatia da bidaiariak bisitatzen dituen herrietan susmatu ere egiten ez duen errealitatea.
Bortizkeria
“Rhineko gaztelu batek bere herriaren gainetik erakusten duen segurtasun berarekin, ..., Nagusitasuna eta kultura adierazten zituen, ezaguera eta jokamolde zuzena, ..., Harro zeuden etxeaz, dukerri bateko sailen maizterrak jauretxeaz harro dauden bezala”
* Basakeriez ehunduta dago herrien historia, bidaiaria lekuko.
* Gerraren goraipamena nabaria da herri orotan. zaldi gaineko brontzezko jeneralak, gerretan galdutako soldadu xumeen irudi tailatuak, galdutakoen zerrenda luzeak zizelatutako oroitarriak, ... gerraren goratzarrea besterik ez dira; udaberriko zeru urdin baketsua zeharkatzen duten gerra-hegazkinak, poliziaren gerriko pistolak, errepidean aurkitzen ditugun armadako kamioi konboiak, ofizialtzen dute aurkariaren odola isuri beharraren erritoa: politikoek ofizialdutako gerrak, eliza orok bedeinkatutakoak, herri xeheak halabeharrez jasan beharrekoak; bidaiariak herrialde orotan aurkitzen duen errealitate mikatza.
* Herri orori, aro orotan, gerraren errenta ezarri izan zaio, ezartzen zaio; ikus bestela, ez dago ia herri edo bailararik gaztelurik gabe, ezta gerraren edo gerrariren baten estatua edo oroitarririk gabe: bidaiari oro lekuko.
* Mila zantzutan dager bidaiariari zein garesti irten zaion gerra edozein herriri.
* “Armek gehiago egin omen dute berdintasunaren alde berbek baino”. “Omen” horren zalantza guztiak ezabatzen dizkio bidaiariari edozein herrialdera bisitak, herri orotan, beti dago gerra bat tartean, berdintasunaren eta askatasunaren lelopean, beti dago aginte gosearen interesa, horregatik dira bidaiariarentzat pozgarriak pintada bateko utopiaren zantzuak.
* Munduko gerra oro berpizten dizkiote bidaiariari bidaia bakoitzean monumentuek eta oroitarriek, gerra da jainkorik gurtuena eta zerbitzari gehien dituena, herri orotan.
* Boterearen menpekotasunaren historia dago gabiltzan kale eta haranetan; kodigoa deszifratzen jakinez gero, zantzu argiok irakurtzen, historia osoa kontatzen digute.
* Gerra eta presoak beti daude presente herri oroko historian; Espainiako eta Frantziako herrialde orotan dago euskaldunen bat kartzelan.
* Errepide-gurutze oroko edozein gezi jarraituz sakabanaturiko euskal preso baten ziega aurkituko duzu Espainiara bidaiatzen duzula, hainbeste dira!, denak barreiatuta!.
* Bidaiari etxera itzulia zor zaionez, bidaiari behartuek, -preso sakabanatuek-, etxera itxaropenean diraute.
Ezpalak
”Mina sakona da jendartean / justizi-aroa urrun / luzea borroka oraindik”
* Politikaren zoko ilunak, sasi-politika politika denekoa, politika sasi-politika bihurtzen denekoa, sasi-politikoen politika, politikoen sasi-politika, sasi-politikoen sasi-politika, ... inola ere ez politikoen politika: bidaietan gehienetan bidaiariak ekiditen dituen gaiak dira, herrien ezagupena murriztuz.
* Triste eta bakarti leudeke monumentuak bidaiariengatik ez balitz; tristeen eta bakartien daude plazetako pertsonaiak, harri edo brontze hutsak, herritarrez inguratuta arren; usoak soilik hurreratzen zaizkie, burutik kaka eginez.
* “Hosto biko hirusta / da, beharbada, / gure ezin herri hau, Hosto biko hirusta”: Bada bidaiariari lauzpabost orri marduleko hirustak erakusten saiatzen denik ere; ba ote hosto biko hirustarik ez duen herririk!; baina ezinok hor daude, agerikoak ez arren.
* “Apezgoak eman ohi dituen mailak eta mintzakerak, errespetua sortzen zuten bazterretan”: Szepessy Ignnazs (Estepinak) Hungarian, Mintzenti Eslovenian, kasu; oraindik bizi dira.
* "Hiriren bat ikusten dugularik aurrenekoz horizontean, begiz jo nahi izaten den lehen gauza katedrala da": berez, nahi gabe, jotzen du erlijioak bidaiaria: eliza dorrea Europan, edo minaretea Marokon, presente jainkoa denean.
* “Askatasuna oinazerik gabe?. Ez duk egia. Askatasuna garestia duk beti. Odolez ordaintzen duk beti, odolaz”: beti eta denean.
* Arinkeria iruditu izan zait beti neuk ere herriez eta biztanleez diodana.
* Oso presente dago heriotza bidaietan, elizako kapera-hilobi-hilausak, plaza-parkeetako estatuak, kaleetako izendegia, pertsona ospetsuen izenak eta aipamenak, ... joandakoen presentzia agerikoa.
* Zenbat aldiz urrutitiko irudi liluragarriek, izen erakarleek, historiako oroitzapenek, gidaliburuaren goraipamenek, bertakoren baten aholkuek, bultzatzen gaituzten norabait, huskeria bat aurkitzeko.
* “Euskaldun-fededun slogan intolerablea haizatu dugu eguzkiaren lau puntuetara”. Euskal Herriko lau puntuetara soilik, apaiz interesatuek zabaldutako slogana gainera; Europako edozein herritan, aldiz, aurkituko dugu Euskal Herrian baino eliza eta kristau monumentu askoz ugariago eta bikainagoak, katedralak ez ezik, plazetako izurrite eta erlijio inguruko zutabe eta iruditeriak, gurean baino ardura handiagoz zainduak. Euskaldunak ez du mamitu oroitarrietan fede handirik, fede apala baizik. Gainera, euskalduna, fededun ala beldurti?.
* Arbasoen mundua gainbehera dator gabiltzan herri orotan, zibilizazio berriak zahar dena irentzi du, harri zaharrak ere negozio bihurtuz: globalizazioa deitzen diote.
* “Kalean inork ez dio inori begietara so egiten, ... Hori hiri guztietan berdintsu dela esango nuke”: hala dirudit, Istanbuleko kaleetara ateratzea besterik ez dago; besterik da jai egunetako aisialdi giroan, bazarretako saldu beharrean, edo turista gunetan sos batzuk atera asmoz dabiltzanen begiradak; honek bai begiratzen dizute zorrotz, bigun edo eskari, baina beti zuzen eta begietara.
* “Hay ocasiones en que la lucidez lo oprime (bidaiaria): se ve a sí mismo desde fuera, criticándose, tú por aquí de viaje, y la vida tan dificil”: zenbat aldiz!, sarri ez gara ausartzen herri txiki pobre arruntetan sartzen, bertaratzeko irrikan arren, inoren miseria arakatzea ez ote den kezkaz; agian herrikook pozik lirateke kanpotarren ikuskizun ezohizkoaz.
* “Hemen bizi ez garelako da paradisua”: bidaiariok paradisu dakusaguna infernua ez ote sarri bertan bizi direnentzat, ala guk infernu dakusaguna paradisu ez ote bertakoentzat.
Bidaiez
HERRIEN BARNA
"Nik ikusi nuena / ez du bestek, / nik ikusi nuen era berean, / ikusiko”
“Osoa ez den ezaguera ezjakintasuna da”
"Mundua gero eta handiagoa da / denon historia kontatu ahal izateko".
I
Ezagutza
Jakin-min
“Cuando el viajero sale de las carreteras principales logra siempre grandes compensaciones”
* Mundua zabala da; gizartea, berriz, mosaiko harrigarria.
* “-Elkarren bila ibili gabe ibiltzen ginen, baina elkarrekin topo egiteko genbiltzala jakinik”: halatsu dira bidaiaria, bidaia eta herrien arteko lotura ere.
* Herriak maitatzen ikasten du bidaiariak, agian joan aurretik darama erneko den maitasunaren hazia; gutxitan gorrotatuko du bidaiariak herri bat, ezta gutxietsi ere, herriak bere orokorrean baloratzen dakiena baita, ezaxolati sekula geratzen ez dena.
* Mundua gero eta txikiagoa bihurtu da, elkar ezagutzea ahalbideratuz; puzzle bat osatzea bezalatsu da bidaia bat.
* Lekuan lekuko mitoak ezagutzea, beraietaz gozatzea, bidaien helburuetariko bat.
* Umeen eta gurasoen portaera eta izaera ikertzeko, beraietaz hausnartzeko, parada egokia dira bidaiak, erabat egoera ezohikoa baita bidaiakoa.
* Pertsona inportante askoren berri izaten da bidaietan; ikasturteetan, liburuetan, komunikabideetan, ezagututako pertsonaiak hurragotik ezagutzeko aukera ematen du bidaiatzeak: jaioterria dela, museo bat dela, edo artelan bat dela; horrek sakonera eta zabalera handiagoa ematen dio zenuen ezagupenari; zu zeuk eta zure ezagupenak ziurtasunean finkatzen ditu, munduan kokatzen, eta auto-konfiantzan sendotzen.
* Beti egiten zait izugarri erakargarri jendetza heterogeneo batetan murgiltzea, kultura berri baten aurrean jartzea, misterio baten barnean barrentzea baita, aldi berean antzinateko monumentuen inguruan bizi izan ziren gizakiak ezagutu edo irudikatzeko jakin-minak kilikatzen zaitu.
* Galdezka, erantzun bila, bidaiariak, giza polikromia amets.
* Ez dio bestearenari begiratzen gizakiak, bakoitzak berea bizi du soilik, eta beretzat, jokabide altruistenean ere; besteen begietan berea islatua ikusten ez duenean ezagutuko du herri bat bidaiariak
*Patxada behar du ezagutzak.
* “Isil pozez hartua zen / betiko lagunartera / berriz biltzean; / erantzunak urriago, galdekizun berak etsai”: isil pozez doa ibiltaria, beti ikusmin, erantzunak urriak badira ere.
Ikusmin
“Viajar deberia ser ... estar más y andar menos”
* Mundu zakur honen zaunken zantzuak han hemenka, mehe edo ozen, herrialde eta gizarte orotan aurkitzen ditugu, baina mundu zakur honetan liliak ere ernetzen dira: begi zolia ez ezik, iritzi argia behar du bidaiariak.
* Ilun behar du inguruak izartegiko argiok ikusteko; argitsu, aldiz, barneak, izarron mintzaira jasotzeko; garbi, berriz, barneak eta argi buruak, herrien misterioa ulertzeko.
* Kaxkada batean hurreratzen gaitu autobideak hainbat urrutiko bazterretara, baina herri-bideak eta bide-berriak behar ditu hartu bidaiariak bazterrak eta herriak ezagutu nahi baditu.
* Distantzia apur batekin begiratu behar dio bidaiariak dabilen herriari, maitemindu gabe, ez baita izango bestela era bat zuzena eta zehatza bere iritzia, ezta orekatua bere soa.
* Begiek dakusaten bildukiaren azpian biribilkatzen den mundu hori da bidaiariak ikusten jakin behar duena.
* Gabiltzan atzerriko herri eta herritarrei buruz bidegabeko juzkurik ez egiteko lehen araua norberak ere akatsa dituela ez ahanztea da.
* Kritikoa ez denak onentzat hartuko du atzerriko dena, denak liluratuko du, ahozabal bidaiatuko du, baina ez du egiarik jasoko.
* Begi zoliak eta barne barea behar ditu bidaiariak edonora abiatzean.
* “Pero aquello que el viajero no puede ver, lo imagina, que también para eso viaja”: ezagupenaren une goxoak!.
* Begiez baliatu, begiez ikasten eta ikusten ikasi isileko nahiz ageriko zantzuak: herriak ezagutzeko bidea.
* “Ez dut erabat ulertu baina gustatu zait”: hori bera esan ohi duzu zenbait bidaiako bizimolde, monumentu eta bazterri begira.
* Gizarte eta bazterren detaile eta ñabarduraz jabetzen ez den bidaiariari, dena irudituko zaio arrunt eta antzerako; zenbait zirrikitu eder, zenbat gertakizun bitxi, koloretasun berezia, ukitu xarmanta, hori dena aurkitzeak borobiltzen du ezagupena.
* Gezurrez beterik egonen dira bidaiariak ezagutzen dituen herri, pertsona, paisaia eta artelanen beste aldea ere, baina ederrak dira, merezi du ezagutzea, ez du merezi bidaiako eta bidaiaren gezurren bila hasterik.
* Herri baten arkanoan, misterioan, sartzea da bidaiatzea.
* Galdera sakonenak dira erantzunik gabe gelditzen direnak bidaietan.
* Autobusak dira sarri bidaiariaren salbamen eta garraio-lagun harat-honat zirkulazioko kaosetik ihesi. Atsegin ditut alboan eta inguruan ditudan bidaiakideak, nabilen herritarrez zerbait gehiago ezagutzeko bide bat dira.
* Bizitza ederra da edonon, atzerritarren biziera izan ohi da arraroa bertakoentxat.
* “Izpiluak bezalakoak dira bideak: bakoitzak gure irudi ezberdin bat oparituko digu”. Herrialde bakoitza da ispilu ezberdin bat. Bidaiabide eta bidaialdi bakoitza ere. Ohikotik ezberdinak diren bidaiabide eta irudiak eskaintzen dizkitzu. Antzua da aberasgarria ez den bidaia.
* Ezaguna zaizu, soinutik, hainbat hizkuntzaren jatorria, mintzatzen jakin ez arren. Kilikagarria bihurtzen da gune kosmopolitetan hizkuntzen nongoa den asmatze jokoa.
* Bizi guztia kanpoan egin duen pertsonaia da bidaiaria bisitara, bisitatzera, doan herriarekiko. Ez du beraz aldaketarik somatzen; aldaketak egon direla igartzen duen arren, ezin ditu aurrekoarekin alderatu.
Galderak eta ezinak
“Hitzik gabeko hizkuntza hau deszifratzen ikasten badut, mundua deszifratzea ere lortuko dut”
* Doan herri horrek ze zulo eginen dion galdera darama beti bidaiariak. Itzuleran, eginiko zuloaren sakonenean geratu ohi zaio herri hori.
* Galdezka doa beti bidaiaria, doan bazterrera doala, deiadarka begiekin. Jakin-min, ikusmin, bihozmin: hiru dimentsioko isiltasun hori behar du bidaiariak erantzuna jaso eta barneratzeko.
* Galdera sakonenak gelditzen zaizkigu erantzunik gabe gure ibilietan.
* Galderaz beteta doa bidaiaria ibilira, galdera gehiagoz itzultzen da; azaleko erantzun bakar batzuk dakartza, sakoneko galderak pilatu zaizkio ordea.
* Non aurkitu bidaiariak herriaren tamaina, paisaia urbanoz, naturaz eta arte altxorrez harago?.
* Non aurkitu bidaiariak herri baten tamaina, paisaia urbano zein naturakoz eta arte altxorrez harago?.
* “Orduak ispiluekin jolasean”. Bere eskuez izarrak hartu nahi duen haurra da beti bidaiaria, herrien arima atxiki nahi luke, baina bere bidetik segitu behar duenez, eta bidaiako egunak ere ihes egiten diotenez, izpi batzuez soilik betetzen ditu eskuko ahurrok.
* Naturarena behar du izan bidaiariarentzat semaforoaren herrietako agur berdea; autoko ispiluei begira ematen du gidariak bidaia-ordu asko, bere aurpegirik ere ikusi gabe atzetik datorkionari so.
* Begien aurrean duguna ez dugu ikusten sarri, labain egiten digute errealitate gordinenek ere, edo ez dakigu edertasun gozoenak bizitzen.
* Marokoko herri xehe honen minaz mintzatu?. Ezer gutxi ahal duzu egin: jendea ulertu eta ez ofenditzen, edo ez mintzen ahalegindu; baina min ematen du, bizimolde latz, zail hauek ikustea; ezten batek ziztatzen zaitu hor barrenean, karitatea egiten ote zabiltzan otua ere etortzen zaizu maiz, ze demontretara etorri zaren galdetzen diozu tarteka zeure buruari, baina mina bera ere herrien osagai bat da, ezikusiarena egitea, itxurakeria besterik ez da.
* Saja, Cabuerniga, Liebana, Besaya, ... Kantabriako oihanok zenbat jainko, jainkosa eta mitoren gordeleku arkanoa ez ote; bidaiari presatiok ez ezik bertakoek, presati beraiek ere, bizitzaren korronteak, bizibeharrak eramanak, galdu dugun antzinako mundua.
* “Arberen meriendaren eta guk Urrestilan jaten dugun txuletaren artean dagoen distantzia arazo politiko hutsa da, distantzia politiko bat da, historiak ezarri duen espazio galdu bat, ametsez, proiektuz, balaz, ezintasunaz, eta odolez betetako zulo beltza”: distantzia hori bera dago herrien artean, eta distantzia hori neurtzean datza ezagutzaren zailtasun nagusia.
* Herrien hizkuntzak uler ditzake bidaiariak, baina hieroglifiko gerta dakizkioke herriaren espresiobide isilekoak.
* Bidaiariak, arrotzak gara, bidaiari askok onartzen ez badu ere; eta arrotza kanpoan gelditzen da beti; horregatik ez dugu behin ere herri bat konprenituko, ahalegindu arren.
* Dabilen herriko arimaren atetila soilik ireki ahal du bidaiariak, itxita geratzen zaio beti ate nagusia. Ikusitakoarekin baino ikusi gabekoekin gauzatu behar du iritzia.
* Eskala txikian ikusi ohi du dena bidaiariak, oso zaila zaio ikuspegi zabal batetik ezer marraztea, nahiz ikusitako apurretik marrazki orokorra egiteko joera ere duen; datuak eman behar ditu soilik bidaiariak, beste norbaitek egin behar du giza mapa orokorra, bidaiari anitzen datu mugatuak erabiliz, ikuspegi zabal batez.
* Hoogstrat da Brujasko kale bat, Hoornstrat beste bat, Predikherenstreet, Peeerdenstrat, Rozenhoeekaai, ... kale-izen gehienak iruditzen zaizkio berdinak atzerrian bidaiariari, hizkiengatik edo korapilatsuagatik.
* Hizkuntzak jakin arren herriak ulertu gabe itzuli ohi da bidaiaria etxera.
* Herrialdearen ezagutza azalekoarekin itzuli ohi da bidaiaria etxera; sekretuen misterioan sartu dela uste duenean, itzulinguruan besterik ez dabil; lehen ezagutza izan ohi da sutsuena, kilikagarriena, ametsezkoa ia; ezagutza sakonetik etorri ohi dira zalantzak eta harremanen sigi-saga korapilatsuak.
* Ze bidaiari pila gabiltzan gauza bera ikusten, askotan jakin gabe zer den ikusten duguna, edo ustez ikusten duguna benetan ikusi nahi duguna den jakin gabe.
* Herrien hizkuntzak uler ditzake bidaiariak, baina hieroglifiko gerta dakizkioke herriaren espresa-bide isilekoak; gor eta itsu ibili ohi da sarri bidaiaria, mutu ere, herriaren oskol gainean irrista jolasean bezala.
* Zibilizazioen iragana, historia itzalia, ikusten du gehienetan bidaiariak; gaur egungo herri bakoitzaren bizitza, nahiak, eta distira berezitu eta aurkitzea zailagoa da, globalizazioaren ondoren denok moda, ekonomia, filosofia eta portamolde antzerakoen barne bizi baikara.
* Minegi ditugu hitzak eta irudimena herrien mezuak deszifratzen ez dakigulako.
* Irudi estereotipatuak izan ohi ditugu goazen herriari buruz mugak gainditzean, ondorioz mugaz bestaldean ez zaigu hain erraza benetako argazkia egitea.
* Dena da ikuskizun, baina gehiena ikustezin, bidaiaren gako nagusia, begi zoliek soilik zulatu ahal dute herri baten oskola, altxor ebastezina baita herri baten anima.
* Antzinatean murgildu eta gaurkoez ez jabetzea, bidaiariaren arriskuetariko bat.
Egia Vs ustea
“Es un viajero, un hombre que pasa, un hombre que, al pasar, miró, y en ese rápido pasar y mirar, que es superficie solo, tiene que encontrar luego recuerdos de las corrientes profundas”
* Erabat gauza mugatuak ikusi ohi ditu bidaiariak, aukeratuenak; horregatik nahiko ikuspegi faltsua eskaintzen dio kanpotarrari herri batek.
* Ondorio unibertsalegiak ateratzeko arriskua du bidaiariak, batena dena denena bailitzan, tokiko zera izan dena denekoa balitz bezala.
* “Así, es solo un viajero que pasa en día festivo ... en estos casos, se siente separado de la vida, por detrás de un cristal que, al tiempo de muestra, deforma”: bai!.
* “Lurralde mugakideak dira fikzioa eta errealitatea”: hor datza ezagutzarako bidaiariaren zailtasunetariko bat.
* “Noren ikuspegia, halako egia”: herrialdearen argazki propioa dakar bidaiari bakoitzak bidaiatik, bere egi partikularra.
* “Huts egiten ez duen navajoa da errealitatea”: errealitate birtualaren garai honetan sarri huts egin ohi du navajoaren begiak ere.
* Gezurra eta egia bidaietan ere oso presente daude, jokabideetan, artelanetan, …; egia eta gezurra bereizte jokoa bidaiako jokoetariko bat da.
* “Ze, halako juezak ez daki zer den guzur bat eta zer den ipuina. Gure aitak ipuinak kontaten ebazan, ez guzurrak": bidaiari-kontularia eta bidaiari-kronista ez dira berdinak.
* Gezurti fama du bidaiariak bere bidaiez aritzean, gezurti izateko arriskua du bidaiariak baita atzerrian bere herriari buruz aritzean ere.
* Gezur asko egon daiteke bidaia batetan, diotenetan, dakusagunean, gure kontakizunetan; itxuraldatu egiten baitugu errealitatea.
* Gizakiak, gizarteak, denok garela antzerako ideia argia-eragile hori behar du izan bidaiariak: gizarte eta gizaki orok ditu bere akatsak eta bertuteak, gureetan eta denean: hori dena biltzen du egiak.
* Oso ezberdinak dira bidaiari ezberdinen bizipen eta agerpenak gertakizun, ikuskizun, paisaia edo altxor berdinaren aurrean, ez dute gauza bera era berean ikusten, begieraz ez ezik ikuspuntu ezberdina du bakoitzak, begi ezberdinez ikusten du bidaiari bakoitzak errealitate bera, bidaiari bakoitzak bere egia ikusten du, paraje eta ikuskizun berdinean; subjektiboa da beti bidaia ondorengo bakoitzaren iritzia, errealitate bera ikusi duela uste izan arren; apala, dudakorra ere, behar du izan bidaiariak, ez du bere egia egi absolututzat emanen, bere egia soil bezala kontatu behar du ikusitakoa.
* Hiri bat ez da izanen ez ikusi duguna ez iruditu duguna, hori ere den arren.
* Bidaiariak ez du ikusten herrietako aurpegi txukunen ostean, lursail landu jorien azpian, ze errealitate bizi den, sarriegi mikatza eta gogorra.
* Pozik bizi direnen aldea ikusi ohi du gehienetan bidaiariak, agian alde hori ikusi nahi du, katedral bateko harriak mortairu saminez lotuak daudelako.
* Kanpalekuko txaletxook ez ote dute bizitzaren egia estaltzen, zenbaiten hutsunea eta gabezia mozorrotzen.
* Harrobiko bakardadea eta hoztasuna darie marmolezko santu-irudi ederrenei ere; ez dute zerurik islatzen, gizakion puzkeria eta zizelatzailearen abilitatea soilik.
* Bidaiaria ez da gehienetan normaltasuna zer denaz jabetzen; bere itxura eta jokabidea normaltzat jotzen du, inguruko denek kanpotarra dela igartzen badiote ere, eta berak normaltzat jotzen du inguruko dena, baita bertakoek anormaltzat dutena ere.
* Zenbat aldiz zenbait bidaiarik du bisitatzen duen herriaren epaile izateko arinkeria-tentazioa.
* Oso ezberdinak dira bidaiarien bizipen eta agerpenak jendarte, gertakizun, ikuskizun, paisaia edo altxor berdinaren aurrean.
Egia estaliak
“Otoi, jaitsi Atenasa eta ohar zaitez hondakinen artetik gizakiak dabiltzala”
* Ahaztu egiten ditu sarri bidaiariak, ikusi ere ez gehienetan, urrutietako miseria eta gabeziak.
* Zenbat bazter eder, zenbat jende, zenbat kolore geratzen zaizkion aurkitu-aztertu gabe bidaietan bidaiariari, mila sekretu, mila plazer, mila aukera, ... ihes egin digutenak.
* “Mutilak ez ahantzi ezen artelantxo horiei olagizonen izerdia dariela bazter orotatik, zeren batzuek infernua bizi behar izaten baitute, besteek zerua goza dezaten”: bidaiarena behar luken burutapen sarria bazterretako edertasun eta artelanen aurrean.
* Bizia susmatzen du bidaiariak kaleen, kaletarren, lur landuen, basoen, artelanen, ... atzean; susmatu besterik ez baina, ia antzik ere ez dio ematen bizitza horri, ezta sekulakoak kontatuko baditu ere ikusitakoei buruz; hori da bidaiariaren gabezia mingarria, bete ezin duen hutsunea; ageriko zertzelada batzuk ikasi ditu, atzean zer dagonez ezer gutxi.
* Bidaiariaren lehen gogoeta hainbat jauregi, gaztelu, katedral eta artelan, apaindura eta edergarri metatu aurkitzean: zenbat eta zenbaten izerdiz arpilatutako aberastasunak, gehiengoaren miserien ezaugarri.
* Herrien ahotsa, kulturen ahotsa, hori da batez ere bidaiariak jasotzen duen ahotsa; ahots hori ulertzea, ahots horrek eragitea, hunkitzea edo larritzea, … hizkuntza ulertzea baino zailagoa da; gaurko herrien gaurko ahotsa oso ahul heltzen da bidaiariarengana, gordeegia, ahulegia da ahots hori bidaiariaren ikusmen, entzumen eta ulermenerako; hori da jasotzen ez dugun, galtzen dugun herrietako altxorra, kontsumismoak, ekonomiaren legeek, kapitalaren irabazi beharrak erabat berdindu baitu herrien biziera eta portaera; globalizazioak irentzi du kosmopolitismoa; denek denean dakite ingelesa ere.
* Bidaiari gehiengoak saihestu egiten du gerra arriskua omen herrialdea. Bakean diruditen lurraldetara joan ohi da. Baina nork jakin ze pake mota den hori, nola ezagutu baretasun horren azpiko errealitate gordina?. Kapitalismoaren pakea, demokrazia omen, gerra bezain makurra baita. Herri eta gizaki askorentzat.
* Sarri du bidaiariak fosil bat ikusten ari den sentipena katedral baten aurrean, edo fatxada bat mirestean; dinosaurio bat bailitza begiratzen die, noizkoa kalkulatuz. Monumentook, hildakoak bezala, “in memorian” gelditzen dira, oroitzapenerako. Eraikin zoragarrion harriak lotzen dituen morteroa, aldiz, oroitzapenerako galdu diren hainbat bizitzen eta herri xehearen izerdi merkeaz oratua dago.
* Gutxi dioela dirudigun herri eta herrialde xumeenak asko dio, berak ere; entzuten irakurtzen itzultzen interpretatzen jakitean dago koska; herri oro da aberats, lauso ez diren bisitariaren begientzat.
* Herri baten ia mundu osoa da klandestinoa bidaiarentzat, oskola besterik ez baitu ikusi ahal, egia osotik urrun.
* Gehiegi begiratzen dugu bidaiariok kanpora, herrian eta gizartean bilatu behar dugula konturatu gabe; gauzak jartzen ditugu ikusmiran, artelanak, eraikinak, paisaiak, erakusleihoak, …, egileei, herriari, gizarteari erreparatu gabe.
* Erabat erlatibizatzen jakin behar du ikusi-entzuten duena bidaiariak, ikusten duena objektiboa baderitzo ere; ikusten duenaren atzean ikusezin geratu zaionak erabat aldatzen baitu ikusi uste duena; egiazale izan behar du bidaiariak, baina ikusten duena denaren izpi batzuk besterik ez da.
* Ahaztu egiten ditu sarri bidaiariak, ikusi ere ez gehienetan, urrutietako miseria eta gabeziak.
* Bidaiariak badaki erakusteen zaizkion herrietako altxor eta edertasunez harago, edo baitarago, badela beste errealitate gordin bat herrietan; baina etxe orotan saiatzen gara gure miseriak kanpotarrei ez erakusten, baita gure ederra biribiltzen ere.
* Herri orok du bere gezurra, eta bere egia; oso zaila zaio bidaiariari, ia ezinekoa, gezur hortaz jabetzea, herri baten egia eta gezurra bereiztea, herri oro hain apain jarri zaigun aro honetan; herritarra izan behar da horretarako, begi zoliko eta barne askeko herritarra gainera; halakorik ba ote?.
Galbahea
“Eta bizar zikina daukan informazioa informazio txarra izaten da”
* Gidaliburuak ongi daude, baina bidaiariak berak zihurtatu behar du egia denentz diotena.
* Bidaiariak badaki erakusten zaizkion herrietako altxor eta edertasunez harago, edo baitarago, badela beste errealitate gordin bat herrietan, baina etxe orotan saiatzen gara gure miseriak kanpotarrei ez erakusten, eta gure ederra biribiltzen.
* Benetakoak dira gida-paper, gidaliburu eta turismo publikazioetako argazkiak, baina errealitatean aurkituko ez dituzunak dira, poesia egiten baitute argazkiok ere, errealitatea beste ikuspegi batetik erakusten dizute; itxuraldatu egiten dute begiez dakusazun errealitatea, edertuz; sarri zure begiek egiten dute errealitatearen aldaketa, zure begiek ez dute errealitatea bere horretan jasotzen, zure sentimenduek itxuraldatu egiten dute, ederragorako edo itsusiagorako, begiek dakusatena. Dena da erlatiboa, bidaiari finenaren begietan ere.
* Dena da erlatiboa eta aldakorra: eskualde hauek erabat eraldatuta izanen dira beste urtaro batetan, herrialde ezberdin bat izanen da hau neguan, beste lurralde bat ikusiko dute udazkeneko begiek, horregatik bidaiariaren egia ere oso erlatiboa da..
* Bisitaria eta bezeroa erakartzea, horrek dirudi gaur eguneko herrietako absolutuaren ordua.
* Ezinbestean edertu eta zuritu beharra dauka errealitatea turismoak, bestela gizona bere bakardadean ikusiko bailuke bidaiariak, gizartea bere gordintasunean eta altxorrak bere utzikerian: erakutsi nahi diotena ikusi ahal du soilik bidaiariak.
* Kalean edo kaleko edonori entzundakoez ezin daiteke fida, hitz politak badira ere; datuz mamitu behar ditu bidaiariak informazioak; bidaiari asko itzuli ohi da herrira kaleko informazioak dotrina ziurtzat esplikatuz.
* Sufrimendua ezkutatzen ahalegintzen da gizartea; are gehiago bisitarien aurrean, bisitaria baita bidaiaria doan edonon.
* Gauza erabat mugatuak ikusi ohi ditu bidaiariak, aukeratuenak; ikuspegi faltsua eskaintzen dio turistari herri batek; bidaiariak ondorio unibertsalegiak ateratzeko arriskua du, batena dena denena bailitz, tokiko zera izan dena denekoa balitz bezala; arriskutsua da herri eta herritarrei buruzko juzguak egitea, bere esparru mugatura makurtu behar du bidaiariak bere kontakizunetan.
* Sarriegi gertatzen da gidaliburuko iritziekin eta turismo bulegoko eskaintzekin erdizkako egiak gertuago egon ohi direla gezurretik egiatik baino; egiaren erdia saltzen dute gehienetan, eta gezurra iruditzen zaio bidaiariari.
Bidaiez
Atzerria
“Dekoratu historiko honetako / gauzarik bitxiena geu gara, katutxuok. / Hauxe dugu gure etxea / eta haiek arrotzak dira / inoiz ez dute Erromaren handitasun / zaharra konprenituko. / ... / hauxe bait dugu gure etxea / eta turistak arrotzak dira”
Erbestea
“Turistentzako prestaturiko paradisuan “preso” geundela esan zitekeen”
* Bidaiari jendea betiko atzerrian bizi da, atzerriko ibilian han dabil, aberriko egona tarteka amestuz.
* "Hemen jaioz, lurreko / lurrean jaio gara, / ta lurraren edozein / alderdi maite dugu / lurra batasun eta / osotasun bakar / aitortzen dugulako,", edozein gizarte eta lurraldean sentitzen da eroso bidaiaria, ia bertako, esperientziak herriekiko eman dion hurbiltasun sentipenagatik, ez baita “Inongabeko errefuxiatu” bat.
* Batean gora, bestean behera, bizitzaren mareak eramaten du bidaiaria, patuak bailitzan, estatxa jaso, eta kaitik beti haratago, baina bidaiariak ez du atzerrian aingurarik botatzen, estatxa askaerraza du aingura baino nahiago.
* “Hiritar hirigabeak”: hiridun hiritarrak gara gu, atzerriko ibiltari, aldi baterako migratzaileak
* Ohituz doa bidaiaria atzerrira; une batez bere aberrian bezala sentitzen da herrialde berrian; aberria bera ere iruditzen zaio atzerria aberrira itzuliko aurrean.
* Atzerrian ez du bidaiariak etorkizunik, baina merezi du atzerrira itzulera.
* Berea den ohean lo egingo du lo atzerrian bidaiariak, berea den kikaran edanen kafea, berea den leihotik ikusiko berea ez den herria; berea ez den herri hori bere eginen duelako aldi batez, sorterrira itzuliko dela ziurtasunaren babesarekin.
* Aberri bekit bidaian nagoen edozein atzerri nire gorpua ehortzeko, anima tximeleta bihurtzean.
* Ia ezinezkoa zaio euskal bidaiariari nongoa den galdetzean nortzuk garen azaltzea, beste galasia bat baita gurea, oinarrizko eskubideez ari garen arren.
* Inor gutxi da arrotz gaur egun inon, mundua txiki geratu den ezkero. Biziberritze ekonomikoa dakarren presentzia da zenbait lurralderentzat kanpotarren presentzia.
* Atzerriko mentua dakargu aberrira itzuleran.
* Zenbat eta gehiago jakin herri batez, zenbat eta hurragotik eta sakonago ezagutu, gehiago maite duzu herri hori.
* “Muga ondoko herri batetan bizi gintezke / Eta elkar maitatzen ikasi / horrela ez ginateke atzerritar sentituko”: nolabait beti maite duzu bisitari zoazen herria, eta ez zara atzerritar sentitzen, bertakoa ez zarela jakinda ere.
Deserria
“Enarak ere bilatzen du neguan eskualde abegitsua”
* “Atzerritar batek atzerritar izaten jarraitzen du, bertakotzeko nortasunaren alde bat atzean utzi eta beste batez ordezkatzen duen arte”: edonon eta beti da atzerritar bidaiaria, bere nortasuna ordezkatzeko asmorik ez duelako, nortasun zati hori ordezkatzean, etorkin bilakatuko litzakeelako.
* “... matrikulagatik ez da gehiegi nabarituko atzerritarra naizela, SS letrak Sassariko direla uste izango dute askok, Pisan Nora eta bioi gertatu zitzaigun bezala”: Aostan gertatu zitzaigun, SS matrikula geneukanean; aguretxo nostalgikoa etorri zitzaigun Sassarikoak ote ginen; gero behin baino gehiagotan hartu gaituzte Italian napolitartzat gure NA dela eta.
* Deserrian dabil bidaiaria, baina ez da deserritua; pasokoak gara paisaiak pasaiak zaizkigu herriotan; pasaportea baztertu dute, baina merkantzia izaten jarraitzen dugu bidaiariok.
* Nora eta zertarako itzuli badaki bidaiariak, duen dena bereganatzea da itzultzea beretzat; emigranteena da izugarri latza, nora itzuli badute, zertara ez; errefuxiatu politikoek nora eta zertarako badute, baina ezin dute; norbere herrian arrotz, hori da inora itzultzerik eza; barne arroztasuna edo barne non gorderik eza, hori bai nora eta zertarako itzultzerik eza.
* Ez da berdina bidaiariaren edo errefuxiatu politikoaren zein etorkinaren atzerriratzea; bidaiaria ez da deserritua inongo atzerrian, atzerria aberri egiten duelako egun batzuez, bidaiaria ez delako diaspora, itzultzea delako bere muina, bidaiariak ez du izan gabeko izan beharrik behar, dena delako edonon, harro doalako gainera aurrera begira, inolako ahanzturari aurre egiteko premiarik gabe.
* “Panoan jartzen zuen: / ezkerrera Baiona, eskuinera Erbestea”; aukera horretan, bidaiaria iheslari bihurtzen da: atzerrira doa bidaiaria, ez erbestera.
* Nongokeriez harago, bidaiariari nongoa den baino non dagoen interesatzen zaio gehiago bidaialdian.
* Edonon eta beti da atzerritar bidaiaria, bere nortasunaren alde bat ordezkatzeko asmo asmoa ez badu behintzat, nortasun zati hori ordezkatzean, etorkin bilakatuko litzateke.
* Tristea da baina bidaiari askok nahiago du erbestea bere herria baino.
* Arrotzak gara bidaiariak, bidaiari askok onartzen ez badu ere; eta ez dugu behin ere herri bat konprenituko, ahalegindu arren; herritik at gelditzen da beti arrotza, kaleartean dabilenean ere.
* Deserrian bizi da beti bidaiaria bidaiatzerakoan, erabat internazionala zein aberrigabea uste duen bidaiaria ere; norbere herria deserri sentitzea da tragikoa.
*. Edozein turismogune da aparteid bat bidaiariarentzat. Turismogunetik at ere, jendartean zein kaleartean, turista beti izanen da atzerritarra bertakoentzak.
* Deserriago egiten zaigu deserria bidaia luzeegia denean, aberriaren hutsunea distantziaz ere ukizailago egiten zaigulako.
* “Baina badakizu, border crosser, pasaporte faltsurik gabe ez zaizula mugarik inon zabalduko”. Pasaporte eta nortasun agiri faltsuarekin bidaiatzen dugu euskaldunok.
* Sekula santan ez aberriratu egun apartak eskaini dizkizun atzerriko lurralde eta herriagatik gaizkiesaka.
Herrimina
* Etxatoiak ez du hormarik, agian horregatik dugu bidaiaria garela sentipena, leku finko bat ezaren sentipena alegia; hormadun bere etxera begira bizi da bidaiaria, ohar gabean bada ere.
* Norbere pausoak herriaren taupadekin berdindu, hori da herrimina.
* Herrian mundua ikusmin, atzerrian aldiz, herri-gose.
* Egunkaria aurkitzea, irratia harrapatzea, etxeko deia, ... atzerrian barneneko toles-gunean kosk egiten duten aberriko oihartzunak.
* Etxerako desioz bukatzen ditugu azkenik bidaiok, etxeko desterruaren egarriz, atera gineneko desamorioaren amorioz.
* Ezin bizi Euskal Herritik aparte, are gutxiago atzerrian.
* "Herriminak herritik aldentzen gaitu / inoiz ez delako erabateko egunsentirik": herrimin horrek berak eraman ohi du gehienetan bidaiaria berriro etxera, biziraupenak baina gehiago; egunsenti itxaropen bakarra bere herrian duelako.
* Urruti-minez bizi da bidaiaria bere herrian, baina bidaia orotan dator etxerakoak ziztatzen duen unea, hori da bidaiariak bere alde duena.
* Bakarti ibili ohi da bidaiaria lurralde berrietan, horregatik egiten dio hozka, tarteka biziki, herriminak, bai gorputzeko bai arimaren mina ere izan ohi da herrimina, “distantziak eta espazioak eragindako mina".
* Zurrunbiloaren begiak bezala tiratzen du aberriak atzerrian; ez dugu zergatia ulertzen baina herrirako irrika dugu lokarri, horrek egiten gaitu gatibu, aberrira jotzen dugu, ametsez, besterik ezean.
* Lasaitasuna dario bidaietako egunkaririk ezari, baina aurkitzean jakin-min biziz erosi ohi dugu.
* Beti da mingarria banaketa, horregatik dago uneoro tentsio-gune bat bidaiariaren baitan, nostalgiarena alegia.
* Bi aste barru itzuliko gara itsasoaz bestaldeko gure lurralde ttikira; atzerriak azaleratzen du herrimina, nabari dugu jadanik herriaren oihartzuna eta hariztien taupada.
* Herriko kontuez mintzatzeko gogoa erabat bizitzen da bidaiaren hondarrean, etxerako irrika.
* Etxea amets bidaiari orok, bidaia hondarrean.
* Herrian herri berriak ditu amets bidaiariak, bidaian, aldiz, aberria.
* Bidaiariak ez du irrika bere etxea erosotasunagatik soilik, bere sustraiak han dituelako baizik.
* Pozik dakusa itzulera bidaiariak bidaiariaren hondarrean, bizitza, bere anbiguotasunean, etxean duelako.
* “Benetan arraroa egin zitzaigun Euskalerria. Nik behintzat, ez nuen nostalgia apurrik. Gustura geratuko nintzakeen Sousan”. Gustura itzultzen da bidaiaria aberrira. Herriminez. Aldi berean berriro atzerrira alde egiteko irrikaz. Bidaiaminez.
* Leku apartak aurkitzen ditu bidaiariak, baina azkenez herriminak itzularazten du bere herrira. Leku hoberena da bere herria, baina leku berrien ikusmin eta jakin-minak bidaiatzera eramaten du. Seko lo arren etxatoian zein kanpadendan, etxeko oheak egiten dio dei barne tolesduran.
* Herrimina da, azken batean, bidaiaren bukaera erabakitzen duena.
* Herriko erreferentzia oro da bizipoz bidaiarentzat kanpotik denean.
* Bisitari izanik ere, bere herrian du beti bihotza, gogoa eta irrika bidaiariak, nahiz herrialde ederrenean , aberri korapiloatsua badu ere.
Munduko herritar
* Bururen buru zeharkatzen ditugu herriak, kaleak, lurraldeak, herrialdeak, ... naturaltasun osoz, baina mugak, era orotako mugak, hor diraute, luzarorako.
* Kanpaleku, hotel, ostatu bakoitza da muga gaur egun, ostalari bakoitza da mugazain, beraiengandik mugetan garai bateko datu berberak jasotzen baititu poliziak.
* Munduko bandera oroz egin nahi luke atorra bidaiariak.
* Bidaiariak beti du zarratzen ez den tabernaren bat, mapako edozein borobiltxo zaio itsasargi baten dir-dir deigarria, herri oro baita bidaiariaren maitale.
* “Gure herria planetako lehendabiziko herri humanizatua eta Europako azken herri indigena dela esan genezake”: esan, esan egin behar dugu hori; baina gainera bizi, eta biziz, frogatu.
* “Europa euskalduna da, jatorriz... Aitorpen horri esker bakarrik berpiztu dezakegu euskaldunok geure buruarenganako estimazioa eta Europak bere buruaren kontzientzia”: bidaiatzeak aberria maitatzen erakusten dizu, baita munduaren zatitxo ezdeusa zarela ere erakusten dizu, munduko biztanle eta herritar.
* Autobide, saltoki erraldoi eta osteko mendi hegiaren gainean, hementxe, Lisboako Monsanton, hementxe, zuhaitz artean, ageri da ilargia, gure herrian lez, ilargiak munduko hiritar egiten gaitu.
* Edonon gaudela atzerritar izango gara bi hilabetez, inola ere ez inontar”.
* Lurra nolabait bidaiariarena da.
* Munduaren zati sentitzen da bidaiaria, gaurko eta iraganeko gizartearen partaide, gaurko jendez bilduta aurreko kulturaz blai.
* “Simulakroaren itsasoan murgilduta nago; / errealitatearekin zerikusirik izan nahi ez duen / antzerki baten / ikusle / egin naute. / Eta, nahi gabe izan arren, baita aktore ere": turismoa versus Internazionalismoa.
* Beti daki nortarra den bidaiariak, jakin behar du behintzat; bidaia bakoitzean, baina, areago jabetzen da ez dela inontarra, edonongoa izan daitekela gizakia, tartasun horrek tirritarra larregi eragin eta eragiten duela.
* Bizitzako zirrikitu zenbaitetan bestaldera begira asmoz doa bidaiaria bere bidean, eta etxean balego bezala toki guztietan ibiltzen ikasia ohi da.
* Munduko bandera oroz nahi luke egin atorra bidaiariak.
* Munduaren zati sentitzen da bidaiaria, gaurko eta iraganeko gizartearen partaide, gaurko
* Gizarte oso baten zati, mundu bereko bizilagun garela denok, hori ere erakusten digu bidaiatzeak.
* “mundua, bakarra bazen ere, errealitate anitzez beterik zegoela”. Eta horrela darrai, bidaiaria lekuko.
* Pozik abiatzen gara mundu berrietara eta pozik itzultzen gure betiko mundura. Nolanahi, ez gara gure mundutxotik ateratzen, atzerian ere.
* Kortozirkuitoak egiten zaizkit niri atzerriko zenbait kale edo bidegurutzetan.
* “Bidea luzea da, bai / nahiz han-hemen batean den jorratzen / auzia bidaiari izatean datza / osorik, bete betean / arnasarik galdu gabe zalantzaren osin beltzean / ..... / bidaia luze / laburra da / poz eta minez zeharkatua / eta joan, beti zoaz bakarrik”. Hala dira bidaiak, halakoa da bidaiatzea; bidaiaria, baina, ez doa bakarrik, aberri-kide sentitzen baita, behin betirakoa aberrian, behin behinekoa bisita herrialdean.
* “Tokian toki / unibertsal heinean bizi / munduaren mailan / tokiaren izariz”. Bidaiariaren lema.
* Heltzen zaigu bidaietan ez atzerritar ezezagun kanpotarra baizik gu gu geu garela bizipenak biltzen gaituen unea, bertako sentitzen hasten gareneko unea, une baikorra.
Bidaiez
HERRIETAN BARNA
“Atzerria duk bidaiariaren aberria”
I
Tokian tokiko
* “Rue des Basques bat / Portumundu guztietan / Rue des basques bat / Euskal Herri guztietan”
* Bidaiariak irabazi egin behar du dabilen atzerriko herritarren errespetua.
* Tokian tokiko, bera izan behar du bidaiariak, zaldi beltzak datozenean ere, lekuan lekura egokitzea da bidaiariaren aterpea.
* Herrialde eta egoera bakoitzari egokitzen ez dena, errari bihurtuko da, galduta, noraezean, denbora galduz.
* Bere herrian soilik bizitzera errenditu ezinak jalgitzen du mundura bidaiaria, baina ez da munduan alderik alde dabilen alderrai bat, bere herrian sustraituta baitago.
* Tokian tokiko, bere burua du bidaiariak babesleku, zaldi beltzak datozenean ere; lekuan lekura egokitzea da bidaiariaren aterpea.
* Aurpegi oro izanik estrainio bidaietan, denak zaizkigu kide, ezezagun arteko herrikide baitzara.
* Zerbait ematera joan behar du bidaiariak, aurrez ere maite behar baitu herri hori.
* "Nortzuk zarete?. Zein da zuen sorterria?": argi izan behar du bidaiariak galdera bioi erantzuna; badira galtzen direnak denean bertako izan nahi ahalegin faltsuan.
* Aberria buruan eta atzerria oinetan horrela bizi da bidaiaria; arima gazteko jendea bihurtzen du horrek, baina aldi berean ez dio uzten inon herriko izaten.
* Euskalduna ibiliko herrietan, euskalduna bere herrian: bidaiari euskaldunaren ibilikoa.
* “Guri begiratuz enamoratu eginen haiz” oihu egiten die bidaiariari zenbait zoko eta gizartek.
* Nongoa den baino non dagoen interesatzen zaio bidaialdian bidaiariari.
* Beti daki bidaiariak nortarra den, jakin behar du behintzat; nontarra den ere; bidaia bakoitzean; hareago, jabetzen da ez dela inontarra, edo edonongoa izan daitekeela gizakia, tartasun horrek tirritarra larregi eragin eta eragiten duela.
* “Portu bat dudala aberri esanen dut adibidez / Zerbait galdu nuela kairen batean / Niregandiko zerbait gelditu zela / Despedidarik gabeko abiatze batean”: bidaiariaren burutapenak atzerrian.
* Bidaiari euskaldunaren ibiliko portua, doan herri oro.
* “Abertzalea izan ez arren / abertzalea naiz. / Lurreko txoko honetatik / ilargia / nola ikusten den / gustuko izatea / abertzale izatea bada”, anitz herrialdeko abertzalea da, beraz, poetari jarraiki, ilargia ikustea gustukoa duen bidaiaria.
Aberria
Abia- moila
“Portu bat dudala aberri esanen dut adibidez / Zerbait galdu nuela kairen batean / Niregandiko zerbait gelditu zela / Despedidarik gabeko abiatze batean”
* Bitan banatzen du mundua bidaiariak, aberria eta atzerria.
* Bere aberriko seme da soilik bidaiaria, nonbaitekoa izatekotan, ez da beste inolako atzerriko seme, dabilen atzerri oroko umezurtz baino.
* Hizkuntza denak jakinda ere, ibili tristea du inondar den bidaiariak; aberrian erroak dituen zuhaitza behar du izan bidaiariak, atzerriko herrietan abarrak luzatzen dituen enborra.
* Gatibu ohi ditugu bidaiariok deserrian eskuak eta begiak, ez, baina, bihotza eta oroipena; telefonoa izan ohi da gure aberri bakarra bidaietan, tarteka, egunkaria ere,
* “Ni naiz” diogu denok atzerrian, xumeenek ere, nahiz huskeria, zeratxo bat behintzat garelakoan, izan ere izan garelakoz.
* Ardi galdua lez errari izanen da aberririk gabeko bidaiaria, bai atzerriko edonon, bai bere herrian.
* Tristea da, baina bidaiari zenbaitek nahiago du erbestea bere herria baino.
* “Pirata haiek ez zirela turkoak, euskaldunak zirela”. Nongoak galdetzen diote erbestean euskaldunari, autoaren matrikula begiluze begiratuz, euskaldunok ez baitugu maite Espainiaren E handia popan eraman behar hori: homologatu gabeko herria gara oraindik.
* “Sustraiak ez dira horren garrantzitsuak, gehienetan igual da nongoa zaren, batez ere jaioterritik kanpoan zarela”: kanpoan izanik, nongoa den ahazten duen bidaiaria, bere herrian ere atzerritar izanen da.
* Nongoak ote, edo, “espainolak?” entzutean, , espainolak ez garela erantzutean iruzurreko pertsonatzat hartzen gaituzte estranjerian, ze demontre ote garen euskaldunok, labelik gabeko herritarrak edo.
* Gabiltzan edozein herritakoak izan gintezkeen, baina milaka urteko erabakien azken kate-begia ez da txiripa.
* “Hortaz, / hemengoa izanik, / Chiapas, ... Kurdistangoa ere / banaiz”, baina euskalduna naiz, kate-begiren batetan Kurdistango anaiekin bat egiten badut ere.
* Garrantzitsuak dira sustraiak, kanpoan izanik ere; sekula ez du ahazten bidaiariak nongoa den, ahazten duena atzerritar izanen da bere herrian ere.
* Bidaiariak badaki maletan daramana baino askoz gehiago dela, iraganean duela sustraia, bere herrian.
* Bidaiaria ez da birlandutako landare bat; lurralde berrian egonik ere, han dago, bere herrian, han baitiraute sustraiek.
* “... leku batekoak garela sentitzeko beharra, batez ere leku hori famatua edo ederra denean, hala ere beti harro jaio garen lekuaz, munduko herri txikiena bada ere”: hala sentitzen da bidaiaria, dagoen leku ospetsuaren inbidiarik gabe.
* Nongoak galdetzen diote erbestean bidaiari euskaldunei, kotxearen matrikula begiluze begiratuz, euskaldunok ez baitugu maite E handia popan eraman behar hori. homologatu gabeko herria gara oraindik.
* Atzerrian, hainbat herrietako herritarrez bildurik, berehala ikasten du bidaiariak denak daudela harro bere aberriaz, ezberdinak baina denok garela antzerakoak, inor ez dela bestea baino gehiago, bere burua apaltzen eta besteak errespetatzen ikasten du berehala bidaiariak; denok dugula besteen beharra, ikasten du zein abegikorrak izan daitezken atzerritarrak, edonongoak direla, laguntza behar duzunean.
* Mira bereziak sentitu arren, bere herria du sakonean amets eta konparaketa erreferentzia nagusia bidaiariak.
* “… hantxe bertan baina munduaren bestaldean baleude bezain urrunak”, badugu tarteka bizipen larri hori bidaietan. Inon ez bageunde lez, edonondik urruti, hemen gaude baina ez gara hemengoak, herritarrez inguratuak arren gure baitara bilduak, begiak hemen bihotza aberrian.
* Bidaietan ez dut nire erroen kontzientziarik galtzen. Gutxiago kanpaleku bakoitzean nongoak garen galdetzen digutenean. “Español” eta erro faltsuak ematea tokatzen zaigun arren.
* Lekuz aldatua ibili ohi da bidaiaria, historiaren zangetan murgildua maiz, baina ez zuhaitz deserrotua bezala, bere herrian ere zuhaitz deserrotua ez bada behintzat.
* “Ohiko tokitik lekutzean / kanpokoa ezagutu-eta / berpreziatzen ohikoa”. Kanpokoak erakusten du norberaren herria birpreziatzen.
Arribada-estatxa
"Itzuli, berriz itzuli / bide argira / .../"
* Ekaitzean arribadarako porturik ez duena, portuan batelari beltzaranik ez duena, bihotza inorentzat zordun ez duena, ,… bidaiari tristea.
* “behin ere ez dira gai izan toki batean oso luzaro geratzeko. Etxe txatxuak altxa eta, luza gabe, Promisioko Herri berri batera abiatzen ziren”: badu horrelako antzik bidaiariak; baina sakonean patxadakoa da bidaiaria, badaki egon lasaian geratzen kafetegi bateko zabaltzan kaleari begira, moila bateko horman itsasoari so, mendi gaineko ikuspegia miretsiz, ... baina batez ere bidaiariak daki, edonon dagoela ere, bere etxea duela zain, horrek ematen dio segurtasuna.
* Bidaiaria ez da lurrez aldatutako landare bat; lurralde berri batean egonik ere, han dago, bere herrian, han baitiraute sustraiek
* Bidaiariak ez du irrika bere etxea erosotasunagatik, bere sustraiak han dituelako baizik, han dugulako maite dugunen presentzia.
*. Itzuli, itzuli egiten da beti bidaiaria, itzultzea da bidaiariaren funtsa: bidaian bada, herrira itzultzea, herrian izanik, bidaiara itzultzea; baina itzultzea ez da bere bizitzako filosofia, herriko egunerokoari kartsuki heltzeko atseden hartzea da bidaiatzea, indarberritzea; bizitzaren zentzua ez galtzeko itzultzen da bidaiatik herrira, bizitzari sen berrituz heltzeko.
* Polita da “nagoen herria nire aberria”, baina asmo eder bat erakusten duen esaldi bat besterik ez da; bidaiatzeko beharrezkoa da lastre handian oroitzapen eta sentipenen gabarra finkatu bat, nekaldian arribadarako portu bat.
* “Portu hau litzake nire aberria”, bidaiariaren tentazioetako bat, baina estatxa lotu duen moila atseginenean ere badaki, estatxak askatuko dituela, aingura astunena ere jasoko duela, bere herrira itzultzeko.
* Etxerako bidea ezagutzen ez duen bidaiaria noraezean ibilko da edonon, mapa eta plano guztiez orniturik ere.
* Errari bat izanen da aberririk gabeko bidaiaria; polita da “nagoen herria nire aberria”, baina asmo eder bat erakusten duen esaldi bat besterik ez da; bidaiatzeko beharrezkoa da lastre handian oroitzapen eta sentipenen gabarra finkatu bat, nekaldian arribadarako portu bat.
* Bidaiariak bidaia du amets etxean, bidaian etxea, estatxa tenkatuak lotzen ditu bidaiariaren etxea eta etxatoia, itsas handik dabilenean nahiz etxean dagoenean.
* Beti du uharte urrunera eramango duen ontziren bat zain bidaiariak, ez dio ezetzik esango, aberri bat duelako itzuleran porturatzeko.
* Herrian du gogoa bidaiariak bidaiaren hondarrean, bere pausoak herriaren taupadekin berdintzeko.
* “0so etxe zahar gutxi dago Mendebaldean. Lurra kolonizatu zuten amerikar artega haiek behin ere ez dira gai izan toki batean oso luzaro geratzeko. Etxe txatxuak altza eta, luza gabe, Promisioko Herri berri batera abiatzen ziren”: badu horrelako antzik bidaiariak, ez da leku berean luzaro geratzekoa. Baina sakonean patxarosoa da, badaki egon lasaian geratzen kafetegi bateko zabaltzan kaleari begira, moila bateko horman itsasoari so, mendi gaineko ikuspegia miretsiz, ... baina batez ere bidaiariak daki, edonon dagoela ere, bere etxea duela zain, horrek ematen dio segurtasuna, bere etxea da iraunkortasuna.
* Bidaiatzeaz amesten duen oro aldatuz joan ohi da bidean, baina bidaiara ateratzen garen bakoitzean gure herrian geratzen gara, hara itzuliko garela baitakigu.
Bidaiez
BARNE PLEGUETAN
“Norberaren baitako paisaia mina”
Barnera bidaia
"Denbora segundo eta minutuetan neurtzean, gizakiak bere sentimenduen iraupena neurtzen baitu, musika neurtzen duen bezala"
Barne labirintuan
“Eso significa que viajo por dentro de sí mismo, ... fue, durante muchas semanas, una placa sensible que registró las impresiones, las voces, el murmullo infinito de un pueblo”.
* Norbere barnera bidaia, bidaia luzeena bezain luzea eta ederrena bezain ederra izan daiteke; ez da distantzia arazoa, begiak barnera begira jartzeko jakinduria baizik; distantzia jarri ohi dugu egunerokoari ihesi, baina egunerokoa barnean daramagu begirada aldatzen ikasi ez badugu.
* Gaueko egon ilunean, bakardade isilean, bidaiaria bera da barne autobusera igotzen dena, bere buruari galdera zailenak zein gozoenak egitera; gaua baita bidaiariaren hausnarketarako une lasaia, eguneko une irrikatua.
* Ibiliko pausoak norberaren eta herrien barne taupadekin sinkronizatzean datza bidaiatzea barealdi bihurtzeko sekretua,
* Barnera bidaiak ematen dio neurria, harriduretan, gozamenetan, bizipenetan, ezagupenetan, errepidez errepide, kalez kale, gure joan etorriei,
* “Kanpoan ezin aurkitu barrenean ez datzana”: barne bidaien zale izan behar du kanpo bidaietara doana, agortu den iturburua izan nahi ez badu.
* Sarajevo lehentxeago, Kosovo eta Pristina gaur, ... baina ze guti hitz egiten dugun giza barne-gune setiatuei buruz.
* Denbora da bidaiariak administratu beharreko ondasun nagusietariko bat; denbora neurtuetan dabilen gizakia baita; gutxitan du denbora luzatzerik; azalean pauso motzak emanez barnera bidaiatu, edo azalean pausoa luzatuz barnera gutxi bildu, hori da bidaiariaren hautu erabakigarria denbora administratzerakoan.
* Barne barea barnetik sortzen da, ez kanpotik: bare ateratzen ez dena, ez da bare itzuliko bidaiatik.
* Bidaiariak ez du sekula egoneko bakerik, barne bareak behar du izan bidaiaren pakea.
* Zenbait bidaia motz, norbere barnerakoa gehienetan, bidaia luzeena bezain luzea izan daiteke.
* “Batzuetan neu ere nor naizen ez dakidala otutzen zait”, nork daki norbera nor den. Geure nortasuna ezagutzen dugula uste dugun arren, sekretu bat da bakoitza norberarentzat ere. Bidaiatzeak laguntzen du segeretu horren isilekoren bat agerian jartzen.
* “Bidaiak nork bere burua aurkitzeko egiten direla diote batzuk. Garrantzitsuagoa omen da bidea eta bertan irabazi nahiz galtzen dena. Ihesa izan daiteke arrazoizko zioa bidaia batean murgiltzeko. Dena den, argi dago bidaia batetik itzultzean ez garela lehengo pertsonak berak”. Bidaiak lagundu dezake nork bere burua aurkitzen. Bidaia bizitzako gertakizun bat besterik ez da. Bidaia eta bidaiari bakoitzak du bere zioa. Baina bidaia batetik itzultzean lehengo pertsona bera gara, eskarmentu handiagoarekin, baina bera. Itzultzean lehengo bera ez dena ez zen gauza asko joan aurretik ere.
* Barne isiltasuna apurtu nahian egiten duenak bidera, ez da behin ere bidaiaria izanen.
* Tarteka ihes egin beharra du gizakiak, behar horrek bilakatzen du iheslaria bidaiari, barne isiltasunaren bila doanean.
* “egiaren xerkako bide amaiezina / urrats soil batez hasten da, ezinbestean / norberaren baitatik”: norbere baitara bidean bukatu behar du bidaia orok.
Distira
“... gizakien arteko benetako kontaktua presentzia isilaren bitartez, barne errezoa dirudien truke misteriotsu eta hitzik gabekoaren bitartez baizik ez dela lortzen jakitun baleude bezala”
* Dimentsio berri batez biltzen du ibiliak bidaiaria, barne pleguetan sartzeko zirrikitu berri bat irekitzen dionean.
* Presentzia isil bat adierazten du hainbat bikotek kanpalekuetan, lasaitasunean, patxadan, egonean, bakoitza berean, bestearen presentziaz babesturik, seguru, lagunaren aterpean; inondik ere ez dirudi elkar aguantatzen dutenik; bidaiak ematen du horrelako bizipenen eta egoeren aukera; bidaiariak behar dituelako, bidaiak eskaintzen dituelako, horrelako bakarraldi konpartituak.
* Amaiera ostertzak ematen dion basamortuetara goaz, sorterrian ez ditugun palmondoen bila, agian herri honenganako ikusmina maitasun bihurtzen ari zaigulako, barrenean denok daramagun basamortuan oasi bat sortuko den itxaropenez.
* Jendartean, harrabotsean, bakar eta isilik ibiltzen jakin behar du ibiltariak, bideetan galdu ez dadin.
* “Norberaren baitako paisaia fina”: horrek baldintzatzen du begien aurreko paisaia; barruko paisaia islatzen da kanpokoan; nola izan, hala ikusi, ze sentipen halako ikuspen.
* Bidaiatzea ez da ezagututako leku eta pertsonen pilaketa bat egitea buruan, zeurekin aurkitzeko bide bat baizik, hausnarketarako katedra bat, ikastaro bat, “alaitasun eta lilura ahalmena” indartuz bizipoza sendotzeko.
* Paisaia berriak ezagutuz, barne paradisua aurkitzeak biziberritzen digu bidari fedea.
* Barne tolesetan tarteka biltzen ez den bidaiariak, edota oroimenaren xeran gordetzen ez denak, ez du bidaiotako gozamen sakonik.
* Bidaia orok behar du eguneroko iluntzea, bizi izandakoa hausnartzeko, bestela kea bezala desegingo zaio eguna bidaiariari, olatuek hondartzan oin lorratzak bezala ezabatuko ditu hurrengo eguneko mariak aurreko egunaren arrastoak, oroimenik gabeko hondartza leuna utziz.
Bakardadea
“Begiratu dot, ta ixiltasunak / bakartasunez bildurik nauka”
Saria eta ordaina
“Elkarrekin mintzatuz, / Hitz bat bera ere esan gabe, ...”
* Bakardadea ez da norbera inor gabe egotea, bakardadea etetea ere ez da hotsez edo jendez inguratzea.
* Astuna da hutsa, horixe bai dela!, horregatik du azalean geratzeko arriskua bidaiariak, barne bidaia hori hutsera pausotik hasten delako sarri.
* Hutsunea eta bakardadea, sentipen kontrajarriak bidaian: ahaztu nahi nuke Euskal Herria, ahaztu herriko arazo eta kezkak, bakardadeko egun batzuk ditut amets, baina aberriko guzti horren hutsunea bizi dut, “Hain urruti ta hain hurbil” abestian bezala.
* Bakardadea da bidaietan jendarteko sentipenez gozatzeko oinarri nahitaezkoa; tarteka norberagan biltzeko ahalmena da bakardadea, bidaiaz hausnartzeko unea, bakarrik edo lagunez.
* Bidaietako bakardade bihozbera, sarkor bare barne-baketzailea!.
* "Bakardadeko bideok / bakarrik ere badagoz": bakardadeko bideotan bakartzean datza bidaiatzearen sekretua eta misterioa, hor erakusten du bidaiariak bidaiatzearen sena, lorpen zaila, bakardadeko bideok jendartean baitaude gehienetan.
* Bidaia ez da inora ihesa, herriko eguneroko arazoetatik aske izatearen patxada badakar ere berarekin, distantzia da bidaiak bakardadean bakartzeko jartzen duen muga bakarra.
* Urratuz manipulatzen da isiltasuna bidaietan, une zoragarriak galdaraziz, zenbat bitxilore joaten zaizkigun eskuetatik! agian beste petalo bikoiti batzuk jasotzeko.
* Jendartean ibili ohi da bidaiaria, bakarrik gehienetan, baina ez bakardadean, bidaiaria, bakarrik ere, ez dago bakardadean, betea darama barnea asmoz, ametsez, ikusminez eta bizipozez.
* Zubiak jasotzen ahalegindu behar du bidaiariak dagoen herriarekin lotzeko, baina bakardadea eta beldurra beti eramanen ditu berarekin, dosia ezberdinetan bada ere.
* Lazki ordaindu behar duen prezioa bilakatzen da tarteka bakardadea bidaiariarentzat.
* Bakartia izanen da beti bidaiaria, bakartia izan behar du; bakardadean izanen da, lagunartean arren; bere baitan beretzat soilik tarte eta uneak fierki gordetzen eta antolatzen ikasi beharko du, bidaiaz gozatu nahi badu, bidaiako une eta gai gozagarriak labain egitea nahi ez badu.
* Ez dago bidaiatzerik bakardadea onartu gabe; berea du bakardadea bidaiak; bakarrik ibiltzea da bidaiatzea, nahiz jendartean, nahiz bidaia-kidez inguratuta.
* “Isolamenduak barne-barnetik biluzten zaitu, eta inolako jantziren babesik gabe uzten”. Isolamendua, bidaiariak edonon eta beti ekidin behar duen arriskua.
* Gaueroko izarrei begiratuzko txolartea zaio bidariari arnas baretzaile, egunez ereikitako hainbat harresien poz suntsigarri.
* Jendartean bakarrik bizitzen ikasi behar du lehenbailehen bidaiariak.
* Barne oreka da isiltasuna, bidaiariaren doain preziatua.
Astuna eta arina
"Bakardadea bilatua denean, ez bortxatua, aberasgarria da beti":
* Lotura ezberdinen esklabo bihurtu zintezke bidaiatzean, txoria bezain libro zabiltzala iruditu arren; ibilbideetatik haratago jakin behar duzu zenbait espazio libre aurkitzen, naturan, hirian, lagunartean zein zeure baitan.
* “Non dago, azken batean, lasaitasunaren eta bakardadearen arteko muga”: lasaitasuna eta bakardadearen muga hori aurkitzen duen bidaiariak barnera bidaiaren erdia egina du.
* Sakonean, bakarkako lana bihurtzen da sarri bidaiatzea, taldean eta jendartean arren, besteekin ikuskizunak eta sentipenak konpartitzeak hausten du bakardade hori.
* Gaueko isiltasunak eragindako bakartasun sentipena da bakar naizenean oheratu aurreko izarpean.
* Egia da bakardadeak min gehiago ematen duela milaka bakardadez inguratuta bagaude, baina ez da mingarria gure bidaietako bakardadea, ez gara bakarrik sentitzen, gure ulertezin eta galdu itxuran ere.
* Tarteka isiltasuna deserosoa bihurtzen da, baina bihur daiteke ere egoera atsegina ez zik bidaiariaren defentsa bakarra ere.
* Izan ohi dira hitzik esan gabe zauden orduak bidaiotan, isiltasuna maite dugun orduak, baina bikotea alboan duzula jakinda, horrela isiltasuna ez da bakardade bihurtzen.
* Bakardade aberasgarriak izan behar du bidaiaren osagaietako bat, zauden herriarekin solasaldian murgiltzeko, "hegalak lasai zabal ahal izateko", "begiak errazago zorrozteko".
* Toki eta ikusgai kilikagarrien bila, jendetsuak gertatzen zaizkio toki eta ikusgaiok gehienetan bidaiariari, bakarzalea izanik ere, ordaindu behar duen zerga edo bide-ordaina.
* Bada bidaiari bakartitik, baina ez bakardadean dagoenik, betea baitarama barnea asmoz, ametsez, ikusminez eta bizipozez; bestelakoa, ez litzake bidaiaria.
* “... gizakien arteko benetako kontaktua presentzia isilaren bitartez, barne errezoa dirudien truke misteriotsu eta hitzik gabekoaren bitartez baizik ez dela lortzen jakitun baleude bezala”: itxura bera adierazten dute hainbat bikotek kanpalekuetan, lasaitasunean, patxadan, egonean, bakoitza berean, bestearen presentziaz babesturik, seguru lagunaren aterpean; inondik ere ez dirudi elkar agoantatzen dutenik; bidaiak ematen du horrelako bizipenen eta egoeren aukera, bidaiariak behar dituelako, bidaiak eskaintzen dituelako, horrelako bakarraldi konpartituak.
* Beharrezkoak dira bidaiariarentzat bakardade tarte batzuk, jendez beteriko ibiliez gozatu nahi badu.
* Inor ate joka etorriko ez zaizula, hori zen bidaiaren liluretariko bat, baina, mugikorrak hautsi du gaur egun xarma hori.
* “Bizitza jendez inguratuta igarotzen saiatzen gara”: bidaietan ere; jendea nora, Bixente hara; ezinbestekoa zaio jendartea bidaiariari, baina aldi berean nahitaezkoa bakardadea, jendartean dabilenean ere.
* Ez da bakardade larria berea, baina nolabait bakarrik sentitzen da bidaiaria. Herri eta kultura ezberdin, ezezagun, batetan. Bere kabuz aurre egin behar dizkien egoera zailetan sarri. Baina bidaiariak beti daki, eskarmentua du, aurkituko duela atakeren bat.
* Bakardadea eta isolamendua ez doaz elkarrekin; bakarrik sentitzea gustukoa gerta daitekio bidaiariari, atsedenerako beharrezkoa sarri.
* Isiluneak, bidaietan ere, gogoa barneratu eta ibiliko uztaz gozatzeko abagunea.
Barne ezagutza
“... bakoitza bere munduak bizi duela”,
* Mundua ikusiz, munduaz ez ezik norberaz ikasten da.
* Hustu egiten duen bidaia ez da bidaia; beste zerbait baizik; asegarria behar du izan bidaiak, gainezka egin arte asegarria, fisikoki nekagarria arren.
* Zahar berrituz egin behar du bidea bidaiariak.
* Duzun aurretikoa osatu besterik ez dute egiten herriek eta herritarrek; bidaia aurretik zena izaten jarraitzen du bidaiariak bidaia ostean, osatuagoa, gehienez.
* “Izan ere ardiek liburuek baino gehiago erakusten dute”: bidaiek ere.
* “... jasan dezakeguna jasotzeko baino ez baikara gauza”: behin ere ez dakizu, baina, zenbat jasotzeko gai zaren; bidaiak erakusten dizu uste baino gehiago jasotzeko gai zarela, uste baino gehiago jasotzen duzulako, bidaiak ezuste asko sortzen baititu.
* Herriek eman behar diote bizitza bidaiariari, emanen diotena ez da izanen bizitza berri bat, baina biziberritzeko aukera bai.
* Bidaia, norbera ezagutzeko ikastaro eragilea; hainbat aldiz ateratzen zaio bidaiariari barnean duen alde koldarra, baina une hori gainditzean datza bidaian aurrera jarraitzeko giltza.
* Aberasgarria da bidaiatzea, baina ezin da bidaiatzea totem edo zerbait magikoa bihurtu, bidaiarion artean ere denetikako jendea agertzen gara, ez dakit zenbateraino bidaiatzeak hobetuak.
* “... bakoitza bere munduak bizi duela”: paisaiak, -gizartearena, urbanoa edo naturarena-, sakon eragin ohi dio bidaiariari.
* Espero ez duzun gauza asko jartzen dizkizu aurrean bidaiak, jokabidez aldatzera eragiten zaituen pentsamoldeak eskaintzen dizkizu bidaiatzeak.
* ”Hots berdineko bala guztiek ez dute mintzo bera”: horixe bai ezetz!, bisita bakoitzak, irudi bakoitzak inpaktu ezberdina du bidaiariarengan, goxoa edo zartatekoa, bidaiariak berak jakin behar du begiratzen eta ikasten
* Kanpin osoa da egunero eraldatzen dena, lehengoak joan eta berriak etorri, zurrunbilo batek harrapatuta dabil bidaiaria; berdin hirietan, edo sentipenen zurrunbiloan murgilduta; bidaiariaren jakinduria izan behar du zurrunbilo horretan erritmo egokia jartzea.
* Bidaia-aldiak badu gorputzik, bidaia aldiak badu bihotzik, eta bidaiariaren gorputza eta bihotza aldatzen ditu.
Bidaiez
ERROAK II
Apaltasuna
“Ni naiz, diote, direlakoan”
* Bidaiari orok ezagutu behar ditu bere ahuleziak, errore sakonak egin nahi ez baditu edo bidaia zapuztu nahi ez badu.
* Bidaiaria soilik dela jakin behar du bidaiariak herritarrekiko harremanetan, baina aldi berean herritarron anaia eta kide izateko gogoa ere izan behar du.
* Apeza harro baino harroago agertu zitzaigun, gizon zuria izatea gauza ohoragarriena balitz bezala” : beltz eta indiar asko ikusi dugu Ingalaterran; izanen dute beraiek zerbait esateko gai honetaz. Horrez gain, bakoitza gaude harro gure herriko izatea delakoz gauzarik ohoragarriena; harro dira eskoziarrak, harro ingelesak, eta harro gara euskaldunok; denok dugu munduko ohoragarrienak izateko arrazoi sakonik, baina baita umilenak izateko ere.
* Euskal Herritik landara ere badaudela lur emankorragoak ikusten da bidaiatzean, badirela herritar jatorrak ere.
* Bidaiariaren azken helburua herriak ezagutzea da eta ezagutzaz gozatzea; ezinbestekoak dira aberriarekiko alderaketak, baina norberaren herria zilborrestea dela uste duenak ez du sekula herririk benetan ezagutuko,
* Bere mugak ezagutzen dituenak errazago ezagutuko du herrialde berria.
* Atzerrian garenean, herri pobrea bada, turista aberatsaren itxura eman ohi dugu, herri aberatsa denean, berriz, beraien bizimaila eta bizimoldera ezin egokitu ahal izateak arduratzen gaitu.
* Zakarkeriak sarri ahultasuna ezkutatzen duen antzera, bidaiariaren atzerriko harrokeriak bere herriko ezereza erakusten du soilik.
* Jantzien azpian gorputz biluziak besterik ez garela gogoan bagenu, errespetu gehiago genioke bidaiariak elkarri, bidaietako ustez herri txiroei ere.
* Aberats zara Marokon, zure herrian pobre zarena; bidaiariak badaki aberats jitea erabiltzen, xemaikoekin badabil ere; edo zeken jokatzen du bertakoekin, aberats parafernalian bilduta.
* Bidaiaria ez doa atzerrira ikertzaile, intelektual, doktore, irakasle, edo orojakile bezala; edonora umil joan, dena begi garbiz begiratu, herria biziki maitatzen saiatu eta harremanetako bizipenez aberasten dakien gizakia behar du izan bidaiaria.
* Bidaiari bakoitzak bere egia ikusten du, beste batenaren ezberdina, gizarte, paraje eta ikuskizun berdinean; subjektiboa da beti bidaia ondorengo bakoitzaren iritzia, ustez errealitate bera ikusi duela uste izan arren; apala, dudakorra ere, behar du izan bidaiariak, ez du bere egia egi absolututzat emanen, bere egia bezala kontatu behar du soilik ikusitakoa.
* Begi gardenez, begirada umilez, begiratzen ikasi behar du bidaiariak ibilbide eta ibilaldi xumeena ere gozagarri bihurtzeko, kaleetako hainbat ahots eta izpi entzun-ikusteko.
* Bidaiariari ez zaio eskatzen buruargia izatea, barne eta begirada garbikoa izatea soilik.
* Bidaia batetan pertsonaia bezala dabilena, joan aurrekoa baino pertsona kaskarragoa itzuliko da. Apala behar du bidaiariak, umila, irekia, ikasteko prest batez ere. Erakusteko ere, argibide bat eskatzen badiote. Inoiz ere ez ezer inposatzeko, inolako gailentasunik erakusteko.
* Aberrian oilo eta atzerrian oilar, zenbaitzuen aberrikeria.
* Errespetu handia behar dugu izan goazen herrietako gizakiez. Herriarekiko begirunea, bidaztiak beti erakutsi behar duen dohaina.
* Bidaiari orok uste du ez dela bere herria bezalakorik: Euskal Herrian izan dira palankari onenak.
* “Haiek konkistatzaileak ziren eta horretarako indar hutsa besterik ez duzu behar, harro egoteko munduko ezer ez hori baldin badaukazu, ze norberaren indarra besteren ahuleziatik datorren halabeharra baino ez baita”: herri pobreagoen ahuleziak aberats eta indartsu egiten du bidaiaria, horregatik apala behar du izan konkistatzaile ez izateko; aldi berean harrotasuna behar du, herri aberatsagoetan burua zut erabiltzeko.
Patxada
“...zoriontasunaren giltza lasaitasuna da”
* Orduetan, arauetan eta zertzelada orotan, orekatua eta zentzuduna izaten jakin behar du bidaiariak bidaia baliatu nahi badu, kontrakoa dator bestela, “ez huen, bahintz, balu, balitz” guztiez gain, “des” guztiak, desordu eta desegunetan ibiliko da.
* Oreka, bidaiariaren zutabea, patxada, zorionaren harroina, bidaietan ere.
* Bidaiariak ez du sekula bakerik; barne barea, ia beti.
* Oreka, bidaiaz gozatzearen giltza.
* Pazientea da bidaiaria, pazientea behar du izan, bidaiariaren arma baita pazientzia, garailearena, garaipena da-eta ere bidaia bera.
* Makalik, geldoen zamaz joan ohi da tarteka bidaiaria; hala doaz egunotan nire gorputz eta anima, trankazoaren pipiak jota: norbere gorputzarekin ere pazientea behar du izan bidaiaria.
* “Maiz baina aldiko gutxi”, horrelakoa behar du bidaiariaren programaketa: egunero zertxobait, arrapatakarik gabe, antsiarik gabe; egun osoan gelditu gabe ibiliz, egunero ikusi beharreko dena metatuz, … gogoa aspertu, pausoa nagitu, ikusitakoa irristakor bihurtu besterik ez da lortzen; janak bezala, ikusi-nahi gehiegiak oka dakar berarekin.
* “Al fin, tras mucho desatinar, llega a su destino: zenbat aldiz!.
* Errepideko bidegurutzetako nondik joko kinkan, urduritasunean, tentu handia behar dugu elkar ez mintzeko.
* “Geure buruari irri egiten ikasiko bagenu ...” ez nuke hainbeste amorratuko bide-sareetako hanka sartzeetan; ez da erraza une beltzean irri argia egitearen filosofia hori.
* Aspertzen egoteko ahalmena behar du bidaiariak edozein bidaian, dohain paregabea hori; aspertzeko asti askorekin bidaia antolatzen jakitea da bidaiari on baten ahalmena, bidaia bera ere kontsumismoaren erosgai bat egin baitugu; agian patxada eta asperdura bera ere kontsumorako eskaintzen digute; inbidia diet, arbola azpi batetan egon eta tertulia lasaian ikusten dituan marokoar hauei.
* Pausoz pauso garatzen da bidaiako ibilia, baina azkenean mapa gorrituta gelditzen da ibilbideko marrez; falta dena amestuz ipurterre, kezkati, dabilenak, gozamenaren bide erdia besterik ez du eginen.
"Kardabera batzuk jaten dituen mandarin letratuaren nagitasun gozoan": nagitasun gozo hori da bidaiariak behar duena ibilbide presatietan ere, bidaia bera gozo bihurtzeko.
* “Espaloian dago munduaren xilkoa, / zerrautsa eta odola garbituz gero; / ibiltarien presak itsutzen nau”: presak hutsik uzten du ibiltaria, ez dio espaloietan xilkoa aurkitzeko astirik uzten.
* “Akatsik txikienengatik galtzen dugula zorion handia”: bidaiari ipurlokak, sarri.
* Ateak itxita aurkitzeko beldur, dena ikusi nahian, norbaitekin edo erlojuarekin lehian balebil bezala, presaka ibili ohi da zenbait bidaiari, egun gutxitan asko ikusi beharrak eraginda; pauso lasaia behar da bidaian, nekatzen ez duen pausoa, ibili luzerakoa, hurrengo egunean ere jarraitzeko gai izanen den pausoera.
* Orduaren eta egutegiaren mende ez bizitzea da bidaiariak ikasi behar duen ikasgaietako bat, egutegi eta orduketa zehatz batek mugatzen badu ere; oreka gaitza, baina ikasi beharrekoa.
* Ibiltari sena eta altxorren zerrenda, ikusmina eta munduko edertasunak, ibiltariaren grina eta turista-guneen erakarri nahia: bada hor oreka zaila; bidaiariak independente izan behar du, aske ibiltzeko gai, inoren morroi izan gabe, besteen iritzia baliatuko badu ere.
* Ez da erraza bidaiariarentzat urrutirako eta bertarako begiraden oreka gordetzea; ederrak dira paisaiak, urbanoak zein naturakoak, baina ederrak dira ere distantzia motxeko bitxikeria eta altxorrak.
* Lasai, bare, bake ederrean bidea egitea da bidaiariaren legea. Bazterrak ikusteagatik munduko bazterren batetan galdu den presati bat izan nahi ez badu.
* Bakean behar da barnea bidaiatzeko, orekatuak behar dute izan sentimenduak, bestela ihesa bihurtzen da bidaia, ihesle bidaiaria.
Atsedena
“Neuri, aldiz, gorputza eri izan dudan bakoitzean edo zigortu izan dudan bakoitzean, erori izan zait anima, erori izan zait animoa”
* Biharamun asko argitzen dio loak bidaiariari.
* Atseden hartzeko artea, ezinbesteko zientzia bidaian.
* Tarteka amabirjina baten harri urdin bat aurkitu eta bertan pausatzen dakien bidaiariak badaki bidaiatzearen ederra zer den.
* Begi nekatuak ispiluan ikustean, hobe du atsedenera bildu bidaiariak; txinpartaz behar ditu begiak bidaiariak "usna luzean" jarraitzeko.
* Presaka, ur lasterra bezala doana ez da bidaiaria; baketsua, lasaia eta barea behar du izan bidaiariak; halakoa da; halaz ere ibilia beti da nekosoa, atsedenaldia behar du noizbehinka bidaiariak, inguru lasai batetan.
* Tarteka “aski” esan eta gelditzeko gai ez den bidaiaria, ibiliaren esklabo bihurtuko da.
* Bidaietan berehala ikasi ohi den lezioa: ondo tratatu behar dela gorputza, handik hona ibiltzera behartu behar badugu gero; jana eta atsedena, horren ondorioz datoz ibiltzeko kemena, ilusioa eta ahalmena, bestela pott egiten duzu eta etxera erretiratzen zara ia ezertaz gozatu gabe, jakin-minik ase gabe, ikusminik ere ez duelako gorputz flakoak.
* Nekatu egiten da bidaiaria, asko nekatu ere, nekadura fisikoaz zein psikikoaz; ahitu nahi ez badu atsedenak hartzeko jakinduria hartu behar du, bidaiako sentipen eta bizipenak kolorgetu ez dakizkion.
* Sarri datoz ezinak, pauso okerrak, norabidea galdu ondorengo haserre eta etsipenak: hor nonbait, barne zokoren batetan, eraikia behar du eduki bidaiariak gordeleku bat, portu ezkuturen bat, hurrengo pausoak ez mingotseko.
* Beti behar da bidaiatzeko zerbeza bat hozkailuan eta irrika bihotzean.
*. Denbora ez da beti ibiliaren neurri; jakin behar du bidaiariak noiz den ibilbideko eguerdia, atsedenerako abagunea eta ordua; horrek ematen dio bidaiari neurria.
* Unadurak oro egiten du bere, lainoa irudi”: galdetu bidaiariari arratsean.
* “Larri ere larri oheratzen naiz, / bideko nekeen atseden bila”: hala oheratzen gara bidaiariak gauero.
* Gaueko ordu bakartiak izan ohi dira nire babesleku bidaietan. Bidaiari bakoitzak ditu bere babes ordu eta leku bakartiak, denek, inkontzienteki bada ere.
* Bidaian, atsedenekoa ez da denbora galdua, hurrengo orduez baliatzeko denbora irabazia baizik.
* Pobreek goiz jaiki behar dute, langabetuei berriz lo-ordu larregi geratzen zaie, milaka pobrek ez du loa non hartu leku egokirik, ...; loa bera ere, naturaren zatia, naturaren legeen kontra banatua eta erabilia; aldi berean, loa da bidaiariaren baldintza eta baliabiderik nagusienetakoa, indarberritzeko atseden ordua.
* Gehienetan egiten du lo ondo bidaiariak, herrian ez bezala agian, nekatzen delako, kezkak uxatu zaizkiolako, ...
* Beharrezkoa du bidaiariak hausnarketarako tarte bat hartzea, erlojuaren kontra ibiltzeari eten bat egiteko besterik ez bada.
* Ase egin ginen Rouenen, hori gertatzen zaio bidaiariari erritmo egokia eta pausagune beharrezkoak hartzen ez baditu.
* Nekatu egiten da bidaiaria, asko nekatu ere, nekadura fisiko zein psikikoaz; atsedena hartzeko jakinduria izan behar du ahitu nahi ez badu, bidaiako sentipen eta bizipenak kolorgetzen ikustea nahi ez badu.
* Atsedena bilatzen du poema-liburuan ibiltari poema zaleak.
* Lotarako lasaitasuna, hurrengo eguneko ibilbiderako bizipoza dario bezperako zeru izartsuari; bidaiariaren ipurtargi pozgarriak dira gaueko argi motatxook.
* Nekea da bidaiariaren etsairik nagusienetarikoa, indarrak neurtu eta atseden hartzen dakien bidaiaria da urrutien edo luzaroen edo sendoen irauten duena, irudimena, oroimena eta gozamena kamuzten baititu nekeak.
* Nekagarria da bidaia bere osotasunean. Badira uneak ez duzunik adorerik ez pentsatzeko ez idazteko, ezta artelan ederrenari begiratzeko ere, “nahiko” esan dizu gorputzak, erabakiak hartzeko ordua da.
* Gaua, eguneko oren gozagarrienetarikoa, ibilbideko atseden eta hausnarketa ordua
Ilbetea
“Bere aurpegi amarrugabea ilbetea bezain irribarretsua”
* Ilbete izan behar ginateke beti bidaiariok.
* Bidaiaria beti da baikorra, badaki badirela herrialde ederrak, bidaia bakoitzak duela ondoren beste bat, bidaiako egun bakoitzak izanen duela hurrengo egun eder bat, ez da itxaropen gabeko bidaiaririk.
*Botila erdi betea, bidaiariak beharrezkoa duen baikortasuna, baikortasun hori da bidaiari gozamen punttua gehitzen dion bertutea, poetaren ikuspegia, bidaia koloretsuagoa egiteko dohaina.
* Ezina zirudiena ahal dugu, beharra eta nahia biltzen ikasi dugu; gu gaindi dauden behar, ezin, ahal, eta nahien arazo ia filosofikoez ez gara arduratzen; eguneroko gure eskura ditugun eta bizi ditugun ahal, behar, nahi eta ezinetara mugatzen da bizitza, hori dugu ikasia eta bizipen horrekin ikasi dugu bidaiatzen.
* Bidaiaria errealista da, eta badaki egoera latzenean ere onik aterako dela, esperientziak damaio sentipen hori.
* Ahal-gabea sentitzen da bidaiaria bidaia hastean, arkano baten aurrean, zer gertatuko, zer ekarriko geroak, baina, aldi berean, goxotasunez biltzen dio barnea urratsak liluragarri onik joanen diren segurtasunak, ez zaizkio ordu ilunak falta bidaiariari, baina berak badaki egunero argitzen duela eguna eguzkiak, eta gehienetan distiratsu.
* Bidetan sarri galduta, erneguz, ulertezinik, dena ezezaguna, dena berria, hurrengo uneak zer ekarriko, aurkaria ez baina arrotza zaigun inguruan, ... ibili ohi gara, baina zoriontsu gabiltza; txikia, etxe baten osagai oro hain leku gutian sartuta dituena, … jostailuzko etxea da gure etxatoia, baina zoragarria deritzogu.
* Une latzak ere ohi ditu bidaiak, ez da dena goxoa, baina abegi ona nagusitzen zaio beti, bizipen baikor eta gozagarriak gogoratu ohi ditu bidaiariak, itzuleran kontatu ere; sentipen goxoaren mintzez biltzen ditu eta estaltzen bidaiako une zailak.
* Badakit txorakeriez, txikikeriez, pittinkeriez, txorikeriez, “baina”z, … beteta dagoela bidaia bat, baina zer egingo diogu, bidaiatzen jarraitu, txoriak bizitzen jarraitzen duten bezala.
* Beldurraren etxean ez dago txangorik.
* Isiltasunak inguratzen du hitza. Baita artea ere. Zaratek gozagaitz bilakatzen ditu gizarteko harremanak zein artegunetako edertasunak. edo kaleetako gozagaiak. Paisaia bera isiltasunean ederrago. Barne isiltasuna ere ezinbestekoa da bai hitzarentzat bai artearentzat.
* Barne ikuspegi propioak eta begi sentikorrak behar ditu bidaiariak; barne sentiberatasun eta dotorezia gabe, alferrik dira gida eta gidaliburu guztiak, alferrik altxorrik preziatuenak ikustea, alferrik paisaia liluragarrienaren aurrean jartzea, alferrik harremanetan inorekin jartzea; barne edertasunak egiten ditu ederrak bidaiako egunak.
* Inguruko poesiak eta edertasunak berak ere ez dio kentzen mingostasunik, edonor dela ere, bidaiari, bidaiariak barne oreka eta edertasunik ez badu, barren-leihoak irekitzen ez baditu; dohain horien ezak agian gizagabetasun eta gizabiderik eza utziko dio ageriago.
*“Habia oficio (elizan), miró y salió silenciosamente para no perturbar a quien allí estaba”: besteekiko errespetua!.
* Hitzen iturria baino, sentiberatasunaren kanila da bidaiariak ireki behar duena edozein oihanean aurkitzen delarik ere.
* Bada bereak ez diren edo berari ez dagozkion apainduraz edertzen den bidaiaririk; baina atezain xumeenak ere antz ematen dio barne dotoreziari, eskupekoaz gaindi, irribarretik harago.
* Edertasun izpientzat sentibera izatea da bidaiariaren dohain funtsezkoa, aparteko minutuen lilurak bizitza indartu diezaion urteko egunerokoaren kartzelaldian.