Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/06/26 10:28
Herrien barna III

HERRIEN BARNA  III

 

Harremanak

 

“Eta ni haien artean, arrunt galdurik, xaraturik, liluraturik".

 

 

Hitza

“... cuánto se pierde por no hablar con las personas”

 

* Gizakien harremanetarako tresna da hitza: bidaiariak lehen bidaiako lehen pausotik ikasten duen lehen printzipioa.

* "Eta uste dut hori dela tertulia, hitz egitea eta presarik gabe egotea": herrikoekin tertulia, bidaia gehienei falta zaien osagaia

* Herrialde orotan bizi daiteke beste hizkuntzarik jakin gabe paseko txoria zarenean.

* “Menderatzen ez duzun hizkuntzan ez duzu beti nahi duzuna esaten, esaten dakizuna baizik”: eta, dakizuna bera ere moldatu egin behar duzu premiara edo keinuetara.

* “Hitzak haziak bezalakoak dira, harat eta honat zabal daitezkeenak eta bertzeen bihotzetan errotu, bertan bihi eta biribil daitezen”: zaila da bidaiariaren eta bidaiariari hitzak horrelakoak izatea, gehienetan ez baita harreman sakonik bidaietan.

* Norbaitekin luze eta lasai mintzatzeko gaitasuna duenak badu gozamen aukera handiago bat.

 

 

Komunikazioa

“... bata gaztelaniaz eta bestea arabieraz mintzatuz eraiki zutela gozogilearen txosna. Eta primeran ulertu zuten elkar”

 

* “ezinkomunikazioa”: bidaiariaren arantza nagusia.

* Artelanak ikustea baino dabilen herrialdeko giza arazoez behar luke jakin-min biziagoa bidaiariak, ikusminaz harago; artelanetara eta paisaiara, edo giza giro orokorrera moldatzen da gehienetan ibilbideko ikuspuntu nagusia; turismoaren negozioa horrela gauzatua dagoelako, herriak kanpotarrekiko giza harremanetarako prestatuta  ez daudelako; artea edo paisaia dira, ustez, duten  altxor nagusia, bestalde zaila da norberaren arazoez ezezagunekin aritzea, baita bidaiariak berak ere berak dituen antzerako kezkaz aritzea.

* Jendaurrean dabilen pertsona da bidaiaria, baina oso bizitza pribatua egiten du; bakarrik edo talde oso bilduan baitabil jendez inguratua arren, oso pertsona gutxira mugatzen da bere harremana.

* Modu ulertezinean, baina komunikatzea lortu ahal izaten du bidaiariak hizkuntza zaileneko herrialdeetan ere.

* Normalki hitz urri eginez pasa ohi ditu bidaiariak atzerriko egunak, lagunarte, lantoki  eta familiako kalaka ohikorik izan gabe; tarteka, azalekoak eta laburrak izan ohi dira izaten diren bidaiako pasoko lagun berriekin elkarrizketak; hizkuntza arazoak, gai antzerakorik eza, ... totelka hizkuntza arrotzean, arrunkeriez, ... azkenik aberrirako hozkirriak astintzen dio barrena, lagunarterako minak, mintzatzeko behar fisikoa bera.

* “Espaloirik gabeko bideetan, oinezkoak diosala zor dio pasean edo inguruan egokitzen zaion oinezkoari; gizalegeak hala agintzen du”: hala da gehienetan atzerriko ezezaguna izanik ere, nagusien artean batez ere, hiri handietako kale jendetsuetan ezik.

* Bidaiariak ez du ohikoa negar egitea dagoen herrikoekin, herritarrena da negar egitea, bertakoena, edo bertako izatera behartuta dauden etorkinena, ez bidean doan atzerritar ikuslearena.

* Zenbat aldiz komunikatu garen bi hizkuntza ezberdinetan: bidaietako esperientzia aberasgarria, etsigarria ere tarteka.

* Bisitara doan herriaren, herritarren besarkada, gutxienez ongietorria, behar du ibiltariak herrialde berri batetara heltzean, irribarretxoa nahikoa du, .... seinaletxo bat, berdin dio mugako poliziarena, autobideko bidelapurrarena, lehenengo dendariarena, kanpalekuko harrerakoarena, norabidea galdetu diozunarena, ...

* "... ez dira batzen dituen gauza bakarraz hitz egiteko gai": oso hitz gutxi egiten da kanpalekuetan ikusitakoez eta bizitakoez bezeroen artean, elkarren ondoan egon arren, leku berdinetan ibili arren, ikuskizun berak ikusi arren, altxor berberen inguruan ikusmina ase arren.

* Arrotzak gara elkarrentzat denok kanpinean lehen egunean, arrotz bezala ematen diogu elkarri diosala, egun gutxira baina, ez gara hain arrotz, sortzen dira diosala begiradak eta barretxo konplizeak.

* Bidaiari guztiak ez dira berdinak, guztiak lakoak arren, Arretxeren jendearekin egoteko grina eta ahalmena miresten dut nik.

* Miresten dut zenbaiten harremanetarako gaitasuna, agian txirrinduz bidaiatzeak ere ahalbideratzen du harremanen aukera, bakardadea hautsi beharrak ere agian.

* “Haien portaera “susmagarriaren” azpian nirekin berba egiteko gogoa baino ez zen ezkutatzen. Herabearen traba gaindituta,  mahai ingurua osatu dugu berehala denon artean, eta hiru bat ordu eman ditugu berriketan”, herri baten izaeran sakontzeko bidea.

* Artelanak ikusteaz baino jakin-min biziagoa behar luke bidaiariak dabilen herrialdeko giza arazoez; artelanetara eta paisaiara, edo giza giro orokorrera moldatzen da gehienetan ibilbideko ikuspuntu nagusia, turismoaren negozioa horrela gauzatua dagoelako, herriak kanpotarrekiko giza harremanetarako prestatuta  ez daudelako, duten  altxor nagusia artea edo paisaia delako; zaila da norberaren arazoez ezezagunei aritzea, aski du bidaiariak berak ere etxeko gorabeherekin; giza harremanak, bidaietan aurkitzen ez dakigun altxorra.

* Bertakoekin harremanak dira bidaiariaren zailtasunetako bat; ez soilik hizkuntza arazoengatik.

 

 

Komunikazioa isila

“Onena, isilik egotea isilik egon gabe”,

 

* Ederra litzateke begietara so komunikatzea, hitz-jario alferrikakoetan galdu gabe.

* ” hitzik gabeko hizkuntza, eta seinaleak”: horietaz baliatzen gara atzerrira bidaietan.

* “Isiltasunarekin zergatiak ulertzen zituela adieraztera eman nahiko balu bezala”: hala balitz, zenbat erraztuko litzaizkioken bidaiariari hainbat ulertezin korapilatsuak.

* “Gehiago hitz egiten zuen bastoiarekin ahoarekin baino": mimika eta hitz bakarrak dira sarri bidaiariaren komunikazio hizkuntza; keinuena, bidaiariak erbestean sarrien erabilitako eta maisukien landutako hizkuntza.

* "Ez elkarrizketa luzerik, baina usaiako bonjour! bonsoir idor horietatik haratago, comment ca va? eta holakoak, mundu hetsi eta hotz horretan, epeltasun pittat ekartzen dutenak": Nola eskertzen duen bidaiariak egon ohi diren une larrietan, noraezeko kinketan, edozein herritarren keinu adeitsu bat.

* “... eta zeinaren isilaldiak berak hitzaldi baten parekoak baitziren”: isilik egotea, bidaiariaren jakinduriaren ezaugarrietariko bat, zuhurtasunaren ondorio beharretarikoa.

* Garrasiak dira zenbait isiltasun, gehienetan garratzak, baina badira esanahi goxoko isiluneak; bidaietan hitzik gabe komunikatzen gara gehienetan,  baita kanpin honetan ere, inguruko atzerritarrekin.

* “Gizakien arteko benetako kontaktua presentzia isilaren bitartez baizik ez dela lortzen dio Ciaranek, komunikaziorik ezaren itxurapean gauzatzen dela, barne errezoa dirudien truke misteriotsu eta hitzik gabekoaren bitartez”: bidaiarien artekoa ez da presentzia, elkarrekin suertatze iheskor bat soilik; han daude zerbait ederri begira, baina ez elkarrekin, elkarren ondoan baizik, zerbait eder berdinak erakarri baditu ere hara.

* "Zer plazera!. Eta jendea!. ... Sekulako jendezionea... Eta ni haien artean, arrunt galdurik, xaraturik, liluraturik": une kilikagarriak izan ohi dira bidaiariarentzat, jaialdi batetan, merkatu azoka batetan, kale-arte jendetsuan, dagoen herriko jendetzan murgiltzea, kalearte giroan galtzea, komunikazio isila.

* Keinuena, bidaiariak erbestean sarrien erabilitako eta maisukien landutako hizkuntza.

* Begiradena da kanpalekuko diosal ohikoena, kalearteko bidaiariaren harreman usuena ere; irribarrea da ere herritarren aldartea, jitea eta portaerari antz emateko bide bat ere.

* Irribarrea da gehienetan harreman bakarra.

* Keinuek erakusten digute hitzetatik ulertzen ez duguna. Keinuak dira bidaiariaren atzerriko hizkuntza erabiliena, keinuak direlako lengoaia unibertsalena.

* Irrifarra da maiz  diosal bakarra atzerrira bidaietan.

 

 

Ezpalak

“Kanpotarrekiko abegi ona denaren gainetik, ohi legez”

 

* “Isilik baina jakintsu”: ezjakin berritsua da arriskutsua, jasangaitza, baita lagundu nahi dizunean ere, hizkuntza ulertezinean ari bazaizu ere.

* Komunikazioa lortu, herri berria maitatu, harremana sortzeko nahitaezkoa da zuk zu zeu nor zaren jakitea, zeure maila, besterik ez, erakustea

* Fidagarritasuna neurtzea, harremanen gakoa.

* Gaur egungo  bidaiakerak erabat zailtzen du abegikortasuna gauzatzea.

* “where are you from? / galdetzen dit ...”. Bidaiariak entzuten duen esaldi sarriena.

* Lagunartean badoa, zein bidaia erosi batean, bidaiari bakartia ez denak ondo daki komunikazio gabezi eremuak daudela,  eta ikasten du eremu horien mugetatik hanka puntetan pasatuz bizitzen.

* “Tabernan jendea ohean baino hobeto ezagutzen da” Parranda, artea, paisaia, kalekoa, … oreka zaila du bidaiariak herri ezagupenean; gehienetan hankamotz geratuko zaizkion harremanak baititu, parrandan dabilenean ere.

* Alkoholaren lurrinetan bilduriko ordu txikietan ohi dira solasaldi idealizatuenak, izpirituari zirrikituak zabaltzen zaizkion lurrun arteko uneak, bidaia-kideen artean ere, edo futbol partidu bat telebistan dagoenean:  Coloniako kanpinean bezala

* “Antzerako zerbait gertatzen zaie nire egunkariko orrioi; ia hutsik daude, bidaiei egiazko interesa ematen dieten giza harremanen urritasunagatik”. Nik neuk ez nioke kanpotar ezezagun bati nire herriko balentriak kontatuko, are gutxiago miseriak, giza harremanak dira bidaiako zailtasun nagusia.

* “Hasberriak bakarrik liluratzen dira pertsonekin”: eta haszaharrak, duinak direnean pertsonak.

* “... miran al viajero con curiosidad e ironía, ez una sensación extraña ser observado así”: ia herritxo guztietako sentipen kilikagarria.

* Ezer gutxi hurreratuko zaie herritarrei kaktus baten antzeko bihotzarekin doana, ahalik eta toles, zimur, arantza gutxien behar du bidaiariaren bihotzak beste herri eta herritarrengana hurbiltzean.

etiketak: Bidaiez
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.