Bidaiez
GOMUTA ZIRRITUETAN
"Erdiminez nahi nuke iratzarri / bi aldiz bi / bizirik egiteko"
I
Oroitzapenak
“Oroimena da izan zenaren eta ez denaren lekuko”
Zer diren
* "Isilik azaloreak bezala"
* Bidaiako bizipozak berpizteko ahalmena da oroimena.
* “Oroimena da izan zenaren eta ez denaren lekuko”: bidaiako bizipozak berpizteko ahalmena da oroimena.
* Isil baina luze eta tinko irauten dute azaloreak, negu gorrian ere, elkarri konpainia egiten; utziz gero, lora ere botatzen dute; isilak baina gogorrak dira azaloreak; lagungarriak gainera sukaldaritzarako, jangaien konpainiarako lagun bikainak; azalore isilak dira barnean irauten duten bidaietako oroitzapenak
* “Egunen zakarrontzira abiatzen dira / gure egunak / ez itzultzeko”: errealitatera itzularazi ahal ditugu nolabait oroitzapenetan bidaia egunak.
* Bidaiaria da batez ere bidaiaria, bidaiaz idaztea gogoko badu ere, bihotzean goxoki umatu zaiona izanen da arrasto iraunkorra, izkiriatuaz harago.
* Badira bidaietako zenbait leku eta gertakizun, bizipenak ere, oroimenean ez ezik bihotzean biziki ia betirako iltzatuak geratzen direnak; ez dira beti une gozoenak, latzak eta gordinak ere bai noizbehinka, denborak eramaten ez dituen oroimenak.
* Herrien historia, harri edertuen irudiak, eta gizartearen eguneroko zenbait taupada, horiek dira bidaiariak gordeta daramatzan altxorrak.
* Bengala gorria dakar piztuta bidaiariak bidaia bakoitzetik, egunerokoaren lanbroan herrien ederra kantu bideragarri dakion.
* Bidaietan ondutako bizipenak ohi dira oroitzapen minenak.
* “ Atzo izanen da bihar izan dena. Gure gaurko istorioek ez dute zertan orain gertatu beharrik”: sarri nahasten zaizkio bidaiariari atzoa eta gaurra, nahaspilatzen zaizkio herriak, hiriak, herrialdeak, artelanak, non zer ikusitakoa, non norekin egon zenekoa, ...; bidaia bakoitza istorio bat da, beste istorioekin gurutzatzen dena, berdin da atzo edo aspaldi gauzatu zen, edo bihar gertatuko dela espero duzun.
* Aitzin eguneko oroitzapenak, uneko bizipenak eta hurrengo egunerako ametsak nahasian eta zurrunbiloan ibili ohi ditu bidaiariak, mapa eskuan, edo ibilbidea irudimenean.
* Oroi-mina eta nostalgia, bidaia ororen arrastoa, zer litzake bidaia bat bi osagai horiek gabe?.
* Bidaiatzeak gorputz ematen die tabuak ziruditen ametsei, eta bidaiariak burmuinetan gordetzen ditu, oroimenetik berriro askatzean bizipoza birsortu dezaten.
* Zertarako, zergatik, galdera ...; bidaiari bakoitzak ditu bere bizipen propioak, iritzi bere-bereak, besteena ez den ikusmoldea; gidaliburuek, turismo bulegoko paperek, idazle ospetsuek, ez dute dena esan bidaiei buruz, edo herriei buruz, bidaiari bakoitzak du berea kontatzeko.
* Bidaietako oroitzapenek, iraganekoek hareago, geruza argitsu leun bare baten gisan biltzen dute bidaiaria, kulunkatuz nabigatzen ari den txaluparen antzo.
* Bidaia, urte osorako oroitzapen eztien uzta.
* Gustukoa du iragana oroitzea bidaiariak; bidaiaren zati dira bidaia ondoko egunak ere; besteak nolabait bidaiaren partaide egitea, hori ere bidaiaren zatia da.
* Oroimena litzake inoiz gutxitan garbira pasa ohi dugun borradore ximurra, idazkiak eta argazkiak garbira pasatako oroitzapenak.
Sentipen ainguratuak
* “Ezabatzen doa / Gorderik nuen lurraren / Perfil zorrotza, / ... Urrunak, / Ilunak, / Lizunak, / Gure bideko hautsak / hatsak astinduak, / Hatsak zutituak, / Hatsak suntsituak”
* Sentipen gozoa damaiote bidaia-oroitzapenek, kilika eztia bilakatzen diren oroitzapenak dira.
* Rhin, Donau, Moskova, ... hainbat ibaiekin maitemindu izan da bidaiaria; jadanik herriko uhartean, biziki gogoratzen ditu etxeko xalotasunetik.
* Gordeta ditu beti bidaiariak azken bidaietako irudi, bizipen, oroitzapenak, toles-gune bilduenean, ibili den lurraldea gogoratzeko.
* Bideoa, argazkiak, idaztea, liburuak, egunkaria, ... horiek dira bidaiariaren ahanzmenaren aurkako baliabideak ahanzturaren aurkako borrokan, sarri ezgai bilakatzen diren arren.
* Bidaietan ondutako bizipenak ohi dira oroitzapen minenak.
* Alpeetan elurrak urtzen heinean, metatzen doaz ibiliko bizipenak, arribada ostean gailen daitezen bidaiaren oroitzapenak.
* Herrien historia, harri edertuen irudiak, eta gizartearen eguneroko zenbait taupada dira bidaiariak gordeta daramatzan altxorrak.
* Oroitzapen kilikagarri eta bizipen eztien gordeleku, beti du hirugarren toles bat bihotzean bidaiariak.
* Esperientziaren zuhaitzetik jan duelako eta eskarmentuaren iturritik edan, bereizten du bidaiariak atzokoa memorian, gaurkoa bizipenean, eta biharkoa itxaropenean.
* Mugen gaindi doaz bidaiariaren urratsak, ametsak egi bihurtuz, oroitzapen izanen direneino.
* Laburbiltze lanetan, bizitakoak nolabait barnean ainguratu nahian atzera begiratzen hastean, bizipenen gaindi herrira so, branka porturantz jarria du bidaiariak ontzia.
* Memoria zor diet bidaiei, edozein koloretako memoria, horregatik botatzen dut aingura oroitzapenen itsasoan.
Sentipen galkorrak
“Geroak izanari hartuko dio gain / Elurrak biltzen dira maitasunaren zain”
* “...bistan da gero eta hondar gehiago uzten duela pasatzen galbaheak, gero eta urriago dela atxikitzen duen legarra, handitu egiten dituela denborak bahearen zuloak”: oroitzapenen limurtasuna!, nahiz makuluak jarri oroimenari.
* Plegu pizgarri batean gorde nahi du minutu hura bidaiariak, lagunekin kalaketan eskaintzeko; lanbroa bezain hezea nahi luke gorde oroitzapen hura, eguzkiak berdetu eta loratu dezan negutar nostalgian.
* Bidaiariarentzat, zorionez, borobila da mapamundia, eta ez du toperik edozein norabidera abiatzen dela ere, beti itzuliko da; oroimenak gozamena bikoiztuko dio abiapuntura itzultzean.
* Gorputz ematen die bidaiatzeak tabuak ziruditen ametsei, eta bidaiariak burmuinetan gordetzen ditu oroimenetik berriro askatzean bizipoza birsortu dezaten.
* Iraganean bizirik geratzen zaizkit bidaiok, ez dira hausterre.
* Bidaiariaren atxikimendu asko desegin ohi du denboraren errotarriak, argazki, idazkiz eta bideoz oratzen baditu ere atxikimenduok, batez ere sentipenak dira kamusten dituena joanaren gurpilak.
* “No quiere olvidar lo que ha visto, ... pero sabe que irremediablemente apagarán estas, las confundirán, es el triste signo del que viaja”: ibiltariaren patua
Sentipen iraunkorrak
“Zerupe honetan hazten den oro / ez da betean lipar batez baizik”
* Errealitate bihurtutako ametsak bailira datoz bidaiok, eta ahanztura gozo bihurtuta doaz.
* "eta zu album bihurtzen zara / edo erretratuen artxibo": herrien album eta artxibo bihurtuz doa bidaiaria, ibiliz doan heinean.
* “Egunaren zakua / mukuru bete arte”: hala doa eguneko ibilaldi bakoitza.
* Mila pasadizo eta istorio harrigarri bidaietako mugetan; era guztietako mugetan; errealak batzuk, irudimenak eta urduritasunak eraldatuak besteak; kontatzekoak denak, gustukoa baitu bidaiariak bereak kontatzea.
* Nola liteke bidaiako oroitzapenak ezabatuz joatea baina sentipenek hor barnean irautea?.
* Gertatzen zaio bidaiariari halako zerbait: kate hautsiezin batez lotuta bezala sentitzen da halako herri edo gertakizunari, baina sentipen horren mataza harildu ahaleginean ezin du hari-muturrik aurkitu.
* Bidaia oro da osotasunean ederra, baina bidaia orok ditu ere bere une distiratsuenak, bidaiako egun bakoitzak du bere une gogoangarriena eta istant bizipozena; bidaia, bidaiako egun bakoitza, ihartuz, kolorgetuz doa bizitzako koadro osoan, baina une bereziok beti dute bere lekutxo xumea; denborak dena errenditzen du bere egiazko mailara.
* Ia inork ez du bidaiaria gogoratzen, bidaiaria da lurraldeak eta herriak gogoratzen dituena.
* Bidaiaria ez dago sekula egoera berdinean, beti baitu oroitzapenen motxila beteago.
* Lotura asko geratzen zaio bidaiariari egon herri eta herritarrekin: harreman jatorrak, ordu gozo asko, aurkitutako hainbat altxor, paisaia, artea, kale giroa, lasaitasuna, ... Laxatzen joaten dira korapilo estuenak ere, mehetzen soka gotorrenak ere, ahultzen oroitzapenak, indargetzen sentipenak, baina beti gelditzen da betirako iraungo duen hari mehea, zeta bezain fina, baina altzairua bezain etengaitza.
* Herri zein toki izen bakoitzaren ostean oroitzapen bat du gordea bidaiariak, pertsona, paisaia, gertakizun, bizipen, ... oroitzapenak, irudiak ezabatuz badoaz ere.
hori ere urratzen zaio bidaiariari, horregatik idazten du, horregatik argazkiak ateratzen, ... istant horiek nolabait betirako oroitzapenerako zizelatu nahian.
* Bengala gorri bat dakar piztuta bidaiariak bidaia bakoitzetik, egunerokoaren lanbroan herrien ederra kantu bideragarri dakion.
* Bidaia orok hor dirau beti, toles-gune batetan gordeta, behe-lainoak lausotzen badu ere.
* Une hunkigarri ugari eskaintzen ditu bidaiak, luzaroan irauten duten oroipen eta sentipenak uzten dituzten une zoragarriak, edo larriak; tokia eta eguna galduko dira garunetako zokoetan, sentipenak luzaroen iraunen dute.
* Idealizatu egiten ditugu gerora bidaiak, zorion zati bat izaten diraute, baita arruntak eta errepikagarriak edo antzerakoak ziren hiri eta artelanak ere.
Oroigarriak
“lurra airea baino azkarrago iluntzen baita”
“Hemen orain draga zaharra lotua dago / Oroitzapenetan harrotzen unatua”
* Gaitasunik ezak hitzez kontatzea zailtzen dizkion zenbat harreman estu, une bitxi, bizipen liluragarri, ... eho izan ditu bidaiariak oroigarrietan!.
* "Oroitzapena bera da garaipena", Oroitzapenak dirauen bitartean bidaiak dirau, egunkariak dirauen bitartean bidaiak dirau, ...; merezi du oroitzapenak luzarazteko ahaleginak.
* Tximista baten abiadaz joan ohi dira bidaiako egunak: horregatik behar ditu sustapenak oroitzapenak.
* Gaur egun hitzak baino gehiago darabiltza irudiak bidaiariak bidaia-egunak kontatzeko.
* Egon den lekuetan egon dela froga utzi nahi izaten du bidaiariak, bere buruarentzako oroigarri bezala batez ere, horregatik argazkiak, horregatik beretzako oroigarriak, horregatik lagunentzako opariak.
* Gordeak izan ohi ditu bidaiariak apunteak eta argazkiak ordenagailuaren barne misteriotsuetan, garunetako kiribiletan oroitzapenak ezabatzen doazenerako, argazkiak eta sentipen izkiriatuak baino lehenago lausotzen baitira oroitzapenak.
* Torloju handi bat jaso dut aurten Banff herritxoko portuan; oroitzapenen sustapen izaten dakite sarri harriek burdinek eta antzerakoek.
* Ohi du bidaiariak harriren bat etxera eramatea, non jaso zuen ahaztuko zaiola dakien arren; beti da harriren bat bidaiariaren etxeko apaletan, non jaso zuen ahaztu zaion, gogoan ez badu ere.
* “Argazkiak badira arima zati kaiolatu bat, hein batean”: bidaiako bizipen kaiolatuak dira argazkiak.
* Opariak, bidaiari eta bidaiariari ezinbestean lotutako ohitura gozoa, bihotz zartatuen porturatzearen lekuko.
* ”Itsasbehera bakoitzak oroitzapen biluzi bat lagatzen du / memoriaren hareatzan”: bidaia bakoitzak, horregatik jasotzen ditu bidaiariak oroigarriak.
* Bidaiariaren oroitzapenetan tokiak eta gauzak daude pertsonak baino gehiago.
* Opariak erostea bidaiako zeregina, gozamena aldiz, ardura gauzazaila bestetan.
* Opariak, bidaiari eta bidaiariari ezinbestean lotutako ohitura gozoa, bihotz zartatuen porturatzearen lekuko.
* Egon den lekuetan egon dela froga utzi nahi izaten du bidaiariak, bere buruarentzako oroigarri bezala batez ere, edo lagunei erakusteko; horregatik argazkiak, horregatik beretzako oroigarriak edo lagunentzako opariak erostea.