Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/06/09 08:53
Barne pleguetan

BARNE PLEGUETAN

 

 

 “Norberaren baitako paisaia mina”

 

 

Barnera bidaia

"Denbora segundo eta minutuetan neurtzean, gizakiak bere sentimenduen iraupena neurtzen baitu, musika neurtzen duen bezala"

 

 

Barne labirintuan

“Eso significa que viajo por dentro de sí mismo,  ...  fue, durante muchas semanas, una placa sensible que registró las impresiones, las voces, el murmullo infinito de un pueblo”.

 

* Norbere barnera bidaia, bidaia luzeena bezain luzea eta ederrena bezain ederra izan daiteke; ez da distantzia arazoa, begiak barnera begira jartzeko jakinduria baizik; distantzia jarri ohi dugu egunerokoari ihesi, baina egunerokoa barnean daramagu begirada aldatzen ikasi ez badugu.

* Gaueko egon ilunean, bakardade isilean, bidaiaria bera da barne autobusera igotzen dena, bere buruari galdera zailenak zein gozoenak egitera; gaua baita bidaiariaren hausnarketarako une lasaia, eguneko une irrikatua.

* Ibiliko pausoak norberaren eta herrien barne taupadekin sinkronizatzean datza bidaiatzea barealdi bihurtzeko sekretua,

* Barnera bidaiak ematen dio neurria, harriduretan, gozamenetan, bizipenetan, ezagupenetan, errepidez errepide, kalez kale, gure joan etorriei,

* “Kanpoan ezin aurkitu barrenean ez datzana”: barne bidaien zale izan behar du kanpo bidaietara doana,  agortu den iturburua izan nahi ez badu.

* Sarajevo lehentxeago, Kosovo eta Pristina gaur, ... baina ze guti hitz egiten dugun giza barne-gune setiatuei buruz.

* Denbora da bidaiariak administratu beharreko ondasun nagusietariko bat; denbora neurtuetan dabilen gizakia baita; gutxitan du denbora luzatzerik; azalean pauso motzak emanez barnera bidaiatu, edo azalean pausoa luzatuz barnera gutxi bildu, hori da bidaiariaren hautu erabakigarria denbora administratzerakoan.

* Barne barea barnetik sortzen da, ez kanpotik:  bare ateratzen ez dena, ez da bare itzuliko bidaiatik.

* Bidaiariak ez du sekula egoneko bakerik, barne bareak behar du izan bidaiaren pakea.

* Zenbait bidaia motz, norbere barnerakoa gehienetan, bidaia luzeena bezain luzea izan daiteke.

* “Batzuetan neu ere nor naizen ez dakidala otutzen zait”, nork daki norbera nor den. Geure nortasuna ezagutzen dugula uste dugun arren, sekretu bat da bakoitza norberarentzat ere. Bidaiatzeak laguntzen du segeretu horren isilekoren bat agerian jartzen.

* “Bidaiak nork bere burua aurkitzeko egiten direla diote batzuk. Garrantzitsuagoa omen da bidea eta bertan irabazi nahiz galtzen dena. Ihesa izan daiteke arrazoizko zioa bidaia batean murgiltzeko. Dena den, argi dago bidaia batetik itzultzean ez garela lehengo pertsonak berak”. Bidaiak lagundu dezake nork bere burua aurkitzen. Bidaia bizitzako gertakizun bat besterik ez da.   Bidaia eta bidaiari bakoitzak du bere zioa. Baina bidaia batetik itzultzean lehengo pertsona bera gara, eskarmentu handiagoarekin, baina bera. Itzultzean lehengo bera ez dena ez zen gauza asko joan aurretik ere.

* Barne isiltasuna apurtu nahian egiten duenak bidera, ez da behin ere bidaiaria izanen.

* Tarteka ihes  egin beharra du gizakiak, behar horrek bilakatzen du iheslaria bidaiari, barne isiltasunaren bila doanean.

* “egiaren xerkako bide amaiezina / urrats soil batez hasten da, ezinbestean / norberaren baitatik”: norbere baitara bidean bukatu behar du bidaia orok.

 

 

Distira

“... gizakien arteko benetako kontaktua presentzia isilaren bitartez, barne errezoa dirudien truke misteriotsu eta hitzik gabekoaren bitartez baizik ez dela lortzen jakitun baleude bezala”

 

* Dimentsio berri batez biltzen du ibiliak bidaiaria, barne pleguetan sartzeko zirrikitu berri bat irekitzen dionean.

* Presentzia isil bat adierazten du hainbat bikotek kanpalekuetan, lasaitasunean, patxadan, egonean, bakoitza berean, bestearen presentziaz babesturik, seguru, lagunaren aterpean; inondik ere ez dirudi elkar aguantatzen dutenik; bidaiak ematen du horrelako bizipenen eta egoeren aukera; bidaiariak behar dituelako, bidaiak eskaintzen dituelako,  horrelako bakarraldi konpartituak.

* Amaiera ostertzak ematen dion basamortuetara goaz, sorterrian ez ditugun palmondoen bila,  agian herri honenganako ikusmina maitasun bihurtzen ari zaigulako, barrenean denok daramagun basamortuan oasi bat sortuko den itxaropenez.

* Jendartean, harrabotsean, bakar eta isilik ibiltzen jakin behar du ibiltariak, bideetan galdu ez dadin.

* “Norberaren baitako paisaia fina”: horrek baldintzatzen du begien aurreko paisaia; barruko paisaia islatzen da kanpokoan; nola izan, hala ikusi, ze sentipen halako ikuspen.

* Bidaiatzea ez da ezagututako leku eta pertsonen pilaketa bat egitea buruan, zeurekin aurkitzeko bide bat baizik, hausnarketarako katedra bat, ikastaro bat, “alaitasun eta lilura ahalmena” indartuz bizipoza sendotzeko.

* Paisaia berriak ezagutuz, barne paradisua aurkitzeak biziberritzen digu bidari fedea.

* Barne tolesetan tarteka biltzen ez den bidaiariak, edota oroimenaren xeran gordetzen ez denak,  ez du bidaiotako gozamen sakonik.

* Bidaia orok behar du eguneroko iluntzea, bizi izandakoa hausnartzeko, bestela kea bezala desegingo zaio eguna bidaiariari, olatuek hondartzan oin lorratzak bezala ezabatuko ditu hurrengo eguneko mariak aurreko egunaren arrastoak, oroimenik gabeko hondartza leuna utziz.

 

 

Bakardadea

“Begiratu dot, ta ixiltasunak / bakartasunez bildurik nauka”

 

Saria eta ordaina

“Elkarrekin mintzatuz, / Hitz bat bera ere esan gabe, ...”

 

* Bakardadea ez da norbera inor gabe egotea, bakardadea etetea ere ez da hotsez edo jendez inguratzea.

* Astuna da hutsa,  horixe bai dela!, horregatik du azalean geratzeko arriskua bidaiariak, barne bidaia hori hutsera pausotik hasten delako sarri.

* Hutsunea eta bakardadea, sentipen kontrajarriak bidaian: ahaztu nahi nuke Euskal Herria, ahaztu herriko arazo eta kezkak, bakardadeko egun batzuk ditut amets, baina aberriko guzti horren hutsunea bizi dut, “Hain urruti ta hain hurbil” abestian bezala.

* Bakardadea da bidaietan jendarteko sentipenez gozatzeko oinarri nahitaezkoa; tarteka norberagan biltzeko ahalmena da bakardadea, bidaiaz hausnartzeko unea, bakarrik edo lagunez.

* Bidaietako bakardade bihozbera, sarkor bare barne-baketzailea!.

* "Bakardadeko bideok / bakarrik ere badagoz": bakardadeko bideotan bakartzean datza bidaiatzearen sekretua eta misterioa, hor erakusten du bidaiariak bidaiatzearen sena, lorpen zaila, bakardadeko bideok jendartean baitaude gehienetan.

* Bidaia ez da inora ihesa, herriko eguneroko arazoetatik aske izatearen patxada badakar ere berarekin, distantzia da bidaiak bakardadean bakartzeko jartzen duen muga bakarra.

* Urratuz manipulatzen da isiltasuna bidaietan, une zoragarriak galdaraziz, zenbat bitxilore joaten zaizkigun eskuetatik! agian beste petalo bikoiti batzuk jasotzeko.

* Jendartean ibili ohi da bidaiaria, bakarrik gehienetan, baina ez bakardadean, bidaiaria, bakarrik ere, ez dago bakardadean, betea darama barnea asmoz, ametsez, ikusminez eta bizipozez.

* Zubiak jasotzen ahalegindu behar du bidaiariak dagoen herriarekin lotzeko, baina bakardadea eta beldurra beti eramanen ditu berarekin, dosia ezberdinetan bada ere.

* Lazki ordaindu behar duen prezioa bilakatzen da tarteka bakardadea bidaiariarentzat.

* Bakartia izanen da beti bidaiaria, bakartia izan behar du; bakardadean izanen da, lagunartean arren; bere baitan beretzat soilik tarte eta uneak fierki gordetzen eta antolatzen ikasi beharko du, bidaiaz gozatu nahi badu, bidaiako une eta gai gozagarriak labain egitea nahi ez badu.

* Ez dago bidaiatzerik bakardadea onartu gabe; berea du bakardadea bidaiak; bakarrik ibiltzea da bidaiatzea, nahiz jendartean, nahiz bidaia-kidez inguratuta.

* “Isolamenduak barne-barnetik biluzten zaitu, eta inolako jantziren babesik gabe uzten”. Isolamendua, bidaiariak edonon eta beti ekidin behar duen arriskua.

* Gaueroko izarrei begiratuzko txolartea zaio bidariari arnas baretzaile, egunez ereikitako hainbat harresien poz suntsigarri.

* Jendartean bakarrik bizitzen ikasi behar du lehenbailehen bidaiariak.

* Barne oreka da isiltasuna,  bidaiariaren doain preziatua.

 

 

Astuna eta arina

"Bakardadea bilatua denean, ez bortxatua, aberasgarria da beti":

 

* Lotura ezberdinen esklabo bihurtu zintezke bidaiatzean,  txoria bezain libro zabiltzala iruditu arren; ibilbideetatik haratago jakin behar duzu zenbait espazio libre aurkitzen, naturan, hirian, lagunartean zein zeure baitan.

* “Non dago, azken batean, lasaitasunaren eta bakardadearen arteko muga”: lasaitasuna eta bakardadearen muga hori aurkitzen duen bidaiariak barnera bidaiaren erdia egina du.

* Sakonean, bakarkako lana bihurtzen da sarri bidaiatzea, taldean eta jendartean arren, besteekin ikuskizunak eta sentipenak konpartitzeak hausten du bakardade hori.

* Gaueko isiltasunak eragindako bakartasun sentipena da bakar naizenean oheratu aurreko izarpean.

* Egia da bakardadeak min gehiago ematen duela milaka bakardadez inguratuta bagaude, baina ez da mingarria gure bidaietako bakardadea, ez gara bakarrik sentitzen, gure ulertezin eta galdu itxuran ere.

* Tarteka isiltasuna deserosoa bihurtzen da, baina bihur daiteke ere egoera atsegina ez zik  bidaiariaren defentsa bakarra ere.

* Izan  ohi dira hitzik esan gabe zauden orduak bidaiotan, isiltasuna maite dugun orduak, baina bikotea alboan duzula jakinda, horrela isiltasuna ez da bakardade bihurtzen.

*  Bakardade aberasgarriak izan behar du bidaiaren osagaietako bat, zauden herriarekin solasaldian murgiltzeko, "hegalak lasai zabal ahal izateko", "begiak errazago zorrozteko".

* Toki eta ikusgai kilikagarrien bila, jendetsuak gertatzen zaizkio toki eta ikusgaiok gehienetan bidaiariari, bakarzalea izanik ere, ordaindu behar duen zerga edo bide-ordaina.

* Bada bidaiari bakartitik, baina ez bakardadean dagoenik, betea baitarama barnea asmoz, ametsez, ikusminez eta bizipozez; bestelakoa, ez litzake bidaiaria.

* “... gizakien arteko benetako kontaktua presentzia isilaren bitartez, barne errezoa dirudien truke misteriotsu eta hitzik gabekoaren bitartez baizik ez dela lortzen jakitun baleude bezala”: itxura bera adierazten dute hainbat bikotek kanpalekuetan, lasaitasunean, patxadan, egonean, bakoitza berean, bestearen presentziaz babesturik, seguru lagunaren aterpean; inondik ere ez dirudi elkar agoantatzen dutenik; bidaiak ematen du horrelako bizipenen eta egoeren aukera, bidaiariak behar dituelako, bidaiak eskaintzen dituelako,  horrelako bakarraldi konpartituak.

* Beharrezkoak dira bidaiariarentzat bakardade tarte batzuk, jendez beteriko ibiliez gozatu nahi badu.

* Inor ate joka etorriko ez zaizula, hori zen bidaiaren liluretariko bat, baina, mugikorrak  hautsi du gaur egun xarma hori.

* “Bizitza jendez inguratuta igarotzen saiatzen gara”: bidaietan ere; jendea nora, Bixente hara; ezinbestekoa zaio jendartea bidaiariari, baina aldi berean nahitaezkoa  bakardadea, jendartean dabilenean ere.

* Ez da bakardade larria berea, baina nolabait bakarrik sentitzen da bidaiaria. Herri eta kultura ezberdin, ezezagun, batetan.  Bere kabuz aurre egin behar dizkien egoera zailetan sarri. Baina bidaiariak beti daki, eskarmentua du, aurkituko duela atakeren bat.

* Bakardadea eta isolamendua ez doaz elkarrekin; bakarrik sentitzea gustukoa  gerta daitekio bidaiariari, atsedenerako beharrezkoa sarri.

* Isiluneak, bidaietan ere, gogoa barneratu eta ibiliko uztaz  gozatzeko abagunea.

 

 

Barne ezagutza

“... bakoitza bere munduak bizi duela”,

 

* Mundua ikusiz, munduaz ez ezik norberaz ikasten da.

* Hustu egiten duen bidaia ez da bidaia; beste zerbait baizik; asegarria behar du izan bidaiak, gainezka egin arte asegarria, fisikoki nekagarria arren.

* Zahar berrituz egin behar du bidea bidaiariak.

* Duzun aurretikoa osatu besterik ez dute egiten herriek eta herritarrek; bidaia aurretik zena izaten jarraitzen du bidaiariak bidaia ostean, osatuagoa, gehienez.

* “Izan ere ardiek liburuek baino gehiago erakusten dute”: bidaiek ere.

* “... jasan dezakeguna jasotzeko baino ez baikara gauza”: behin ere ez dakizu, baina, zenbat jasotzeko gai zaren; bidaiak erakusten dizu uste baino gehiago jasotzeko gai zarela, uste baino gehiago jasotzen duzulako, bidaiak ezuste asko sortzen baititu.

* Herriek eman behar diote bizitza bidaiariari, emanen diotena ez da izanen bizitza berri bat, baina biziberritzeko aukera bai.

* Bidaia, norbera ezagutzeko ikastaro eragilea; hainbat aldiz ateratzen zaio bidaiariari barnean duen alde koldarra, baina une hori gainditzean datza bidaian aurrera jarraitzeko giltza.

* Aberasgarria da bidaiatzea, baina ezin da bidaiatzea totem edo zerbait magikoa bihurtu, bidaiarion artean ere denetikako jendea agertzen gara, ez dakit zenbateraino bidaiatzeak hobetuak.

* “... bakoitza bere munduak bizi duela”: paisaiak, -gizartearena, urbanoa edo naturarena-, sakon eragin ohi dio bidaiariari.

* Espero ez duzun gauza asko jartzen dizkizu aurrean bidaiak, jokabidez aldatzera eragiten zaituen pentsamoldeak eskaintzen dizkizu bidaiatzeak.

* ”Hots berdineko bala guztiek ez dute mintzo bera”: horixe bai ezetz!, bisita bakoitzak, irudi bakoitzak inpaktu ezberdina du bidaiariarengan, goxoa edo zartatekoa, bidaiariak berak jakin behar du begiratzen eta ikasten

* Kanpin osoa da  egunero eraldatzen dena, lehengoak joan eta berriak etorri, zurrunbilo batek harrapatuta dabil bidaiaria; berdin hirietan, edo sentipenen zurrunbiloan murgilduta; bidaiariaren jakinduria izan behar du zurrunbilo horretan erritmo egokia jartzea.

* Bidaia-aldiak badu gorputzik, bidaia aldiak badu bihotzik, eta bidaiariaren gorputza eta bihotza aldatzen ditu.

 

etiketak: Bidaiez
Serafin
Serafin dio:
2017/06/09 10:16
Bidaiari ala egonean beti barnera begira pentsakor. Ederrak dittuk pentsamenduok.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.