Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/07/03 17:00
Gomuta zirrikituetan II

GOMUTA ZIRRITUETAN  II

 

Idazkiak

"Lurra dut kontakizun"

 

 

Bidaia da kontakizun

 "Urak bezala esan, / sustraiak bezala  / hitz egin"

 

 

* Bidaiariaren idatziak bizipen mugatuen kateatze desesperatu bat besterik ez dira, egunkari isila, bizitakoaren akta pertsonala; agur bat ordez, gero arte bat, ibiliko sentipenen luzapena.

* Hitzaren morroi aritu baino, ibilia luzatu nahi du ibiltariak, ibiliari jarraipena eman, hitza ibilbideko bizipenen morroi jarriz, hitzaren pausoa ikuskizunen pausora egokituz, ibiliko bizipenak hitzez kontatuz.

* Oharrak hartuz ibili behar duen gizakia da ibiltaria, oroitzapenak denboraren ganduan galdu nahi ez baditu.

* Bizipenak nolabait iraunaraztea besterik ez da bidaiariaren idatzi nahia; bidaiaria gehienetan ez da idazlea, baina idatzi egiten du, sentipenak luzatu beharrak eraginda.

* Herrialdetako mapa marrazten doan heinean idazten du bidaiariak, pausoek ametsak gauzatzen dituzten erritmora, ahaztu errazak diren sentipen eta irudiak hitz idatzietan iraunkor egin ahaleginean, mapa hutsik geratuko zaion beldur.

* Akaso, hitzok dira  bidaiako iraunkor bakarrak disko gogorrean galduta.

* “Eta jaten du harrak, azkenean, hitza”: jaten du, bai, baina halaz ere idatzi egiten du bidaiariak

* Ona ez dela, salgai jarriko ez dela, dakien arren, idatzi egin behar du bidaiariak; asko edo gutxi, baina idatzi; beste inork ez dituelako bere sentipenak idatziko; gustuko duelako idatzi behar du, agian bizi arnasa bilakatu zaiolako, ezinbesteko arnasa.

* Zenbait lo-ordu kentzen dituen bidaian egunero egunkariak; baina ez da beste aukerarik.

* Idazteak argitu eta kokatu egiten ditu irudiak eta iritziak, barne disekzioa egitera ere behartzen du bidaiaria, bidaiako bidegurutze ezberdin bat bilakatzen zaio.

* Inork ez irakurtzeko idazten du gehienetan bidaiariak.

* Bidaiaria ez da idazlea, agian bakardadeko eta bakardaderako berriemailea, norberarentzat kazetaria, dena dela ere, inola ere ez frustratua.

* Badakit nire idatziok hemen disko gogorrean geldituko direla, nire denbora-pasa hutsa besterik ez direla, baina hor darrait egunero: bidaiako osagai gozagarria bihur daitezke irakurtzea eta idaztea.

* Baketsu eta bare bildu ohi gaitu gauak; eguneko kronika idatzi nahiaren urduritasunak egiten dit haginka, nekepean ere egunekoa idazteko erabakiak.

* Irakurlerik gabeko idatziak dira nire egunkariak, nire baitan soilik isilpeko helbidea, nire baitako egonezinak zizelkatuak.

* Zergatik idazten dut gure bidaiez inork irakurriko ez badit?. Idaztea atsegin zaidalako. Ez da arrazoi gutxi!.

* Nahiko laburra da bidaia-idaztien zerrenda literaturaren historian.

* “Bizitzaz gaindi aritzeko joera hori / eternitatearen merkealdia baizik ez da”: idaztea, egunkari hau idaztea ere, hori bera litzake, agian noizbait norbaitek irakurriko ote dituen irrika izpiaz.

* Idazten ez badut, akabo oroitzapenen bristada.

* Badaki bidaiariak aspergarria behintzat ba dela dioen guztia, horridum ere agian, inola ere ez saltzekoa, ez duela munduak zirkinik ere egiteko arriskurik idatzitakoagatik edo idatzitakoa ezabatzeagatik, baina  berea da,  ez inorena, eta idazten jarraitzen du.

* Zahar honi ez zaio inportik leitzeke gelditzen badira lerrook: horregatik idazten du.

* Bidaiari askok ez daki  idatzi gabe bidaiatzen, idazteari heltzen dio bidaia birbiziko badu.

* Inork ez dit irakurtzen bidaia-egunkaria, baina urrea balio dit.

* Irakurri eta idatzi, bi gogoko zeregin bidaietan, biak zailak.

* “Australiako tribu hartan ... gizon bat hartzen dute tribuko kontalaria izateko. Egun argitan ikusi edo pentsatzen duena kontatzen die iluntzean”. Banakoegiak edo bakartiegiak ohi gara taldean bidaiatzean ere; bidaia orok behar du bere kontalaria, bidaia-taldeak, bikote bidaiariak zein bidaiari bakarrak; kontalaritza kolektiboa, bakoitzaren bizipenak sozializatuz oroitzapenak aberasteko,  norbanakoaren memoria memoria kolektiboan txertatuz: gehienetan huts egiten duen praktika; barnean zimeldu ez daitezen, taldeari,  lagunei,  bikoteari edo paper-ordenagailuari, bizipenak jalgi, bidaien osagaietako bat izan behar litzake.

* “...Oztopo aspergarri bat baino ez naizela izanen  liburutegi batetan”. Inongo liburutegian inoren oztopo izango ez naizen konbentzimenduz idazten dut, baina jolasa zaidan bitartean eta garunei eragiten dien bitartean, bidaiatuz eta bidaietaz  idazten jarraituko dut.

 

 

Zergatik edo zertarako

“Akaso / hitzok dira / hilezkor bakarrak / euripean bizi salatari”

 

* Zenbat aldiz “zergatik” galdetzen dion bere buruari bidaiariak, zergatik idazten duen gauero adarka egiten dion egunkaria; galdera, baina, “zertarako” da; oroimena gordetzeko, horregatik, ere, ez du izkiriaturik ordenagailutik ezabatzen.

* “Ez dakite bidaiariak / deskubritu gabeko paisaiak / aurkitzen dituztenak direla. / Horregatik idazten dituzte bidaia liburuak / oroitzapenak gorde nahian”: espero ez dituzun zoko, ikuspegi, bazter, giza zantzu, gizalege, edo ... gidaliburuak aitatzen ez dituen, gehienez susmarazten dituen, zehaztasun edo ezusteekin topo egitean du bizi-mina bidaiak: oroitzapen eta bizipenok gorde nahian idazten du, ez bestelako literatura  edo filosofiakeria asmoz.

* Bidaia-lerrorik goxoenak idatzi nahi lituzke bidaiariak, bidaia-bizipenak itzal ezinezko bihur daitezen, sentipenok betirakoak bilakatzeko ametsez.

* Katedraletako hilobi, harrian tailatutako gizairudi, eta oroitarriak, geroko oroimenean gorde  eta etorkizunarekin bakeak egin beharra besterik ez direla deritzot, iraun nahia, hilezkortasun egarria; idazlanen atzean ere ez ote horrelako zerbait?.

* Berak dirauen arteko betirauna eman nahi dielako bidaiako bizipenei, horregatik idazten du bidaiariak, bidaiako sentipenak ahanzturaren hatzaparretatik askatzeko, oroitzapenetara ate bat irekia uzteko.

* Gogoko du bidaiariak han-hemenka eskaintzen zaion koadernoan beste hainbatenen artean  bere mezua uztea, Euskaraz, inolako irakurlek ulertuko ez badu ere; mezu idatziak, norberarentzako mezuak gehienetan, barrena hustu beharrak eraginda.

* Ez dute sentipenik gehitzen lerrook, baina bai oroitzapena errazten: zertarako ala zergatia da idazteren arrazoia?.

* Eginen du lo herdoilak laster gure oroimenen tolesetan, denbora irredimiblea da bidaiako oroitzapenetan ere; isil itzuliko gara bizi garen Arkadiara  bidaiako Arkadia honetatik, isilik abiatuko gara laster harkadiara ere; ordenagailuko isilean lerrook izanen dira gure isilaren urraketa, gure Arkadiaren testigu isil baina ez mutu, hatsen batek deuseztatuko dituen arte.

* Ohituraz egin duenaz bakarrik gogoratzen da sarri bat, horregatik idazten dut bidaietaz, ikusitakoez eta bizipenez gogora ahal izateko, bidaiatzea ohitura etetzea baita.

* Besteekin konpartitu nahi nituzke ibilbideko bizipenak, horregatik idazten dut. Badakit beste inor gutxiri zaiola laket nik ikusitako ezer entzuterik, bakoitzak berea kontatzea du gogoko, ez besteena entzutea; horregatik nik paperarekin edo ordenagailuarekin konpartitzen dut, irakurlerik izateko esperantzarik gabe, norbaitek noizbait irakurri baledi ere, bidaiako atal bat delako niretzat, horregatik batez ere idazten dut.

 

 

 Ezinak

* "Etorria ez da edozer gauzaz jardute hutsa, ez eta gutxiagorik ere"

 

* Etorria ez da bidaiaz kronika arrunta egitea; ikusitako eta bizitakoari ikuspuntu ezohizko, bakan, erakargarri eta aberasgarria eskaintzea baizik, "distira, ezpala eta  irazkina ateratzea", Bitorianok dion bezala; gutxik duten dohaina.

* Bidaia-sentipenak azaleratzeko ezgaitasuna, ezina, da bidaiariak madarikatzen duen muga, ezin baitu zirriborroetatik harago joan.

* Zer asko ikusten du bidaiariak, bizipen asko barneratzen, baina barne-usta oparoan geratuko zaio kanporatzeko dohainik ez badu; ez da zekenkeria izanen barnean gordetzea, kanporatze-ezina baizik: bidaiako trantze larriak dira horiek.

* Magia apur batez oratu behar ditu bidaiariak ibiliko bizipenak, hitzek botere ezkutua izan dezaten, legamiarik gabeko ogiak antzo gera ez daitezen.

* Bidaiatzeak ez dit idazten irakatsi, izaten eta sentitzen bai.

* “Begiekin pentsatzen dudana / idatzi nahi nuke beti. / ... / Bideak hitz egiten duen hizkuntzan / hitz egin nahiko nuke / hurbil bezain urruti”: ze zaila!!!..

* “Ez dut adierazi gogo dudana esateko gaitasunik ukan, / ... Oso herrendun naiz mintzoz / Hautatu izan ditudan berbek ez dute kreole ilun bat baino erakutsi”: bidaiariaren mugak!.

* “Baso hurbilenari kantari / Barnetik atera ezin dudan aingerua, ...”: nire ahalmen urri eta abilezia eskasa gehitzen zaio nekeari arrats bakoitzean.

* Aileza bidaiariak ere nahi duena edo nahiko lukeena behar bezala adierazteko trebezia, baina bere ezinera mugatu behar du.

* “Hitz baten atzetik / bestea jarri amaiera heldu arte / eta / puntuaren bidez bukatu”: besterik ez balitz!.

* Hitz ahoskatuek eta hitz idatziek, bi hitz motek egiten dute huts sentipen biziak ditugun gehienetan, barrua bor-bor dugunean, ezinezkoa zaio bidaiariari bidaiako sentipen biziok adieraztea; ah, oh, zer da hau, ... eta antzerako hitz totelak, lagunari zuzenduak, edo norberari,  zerbait berezia bizi duela adierazten duten hitz mutuok besterik ez zaizkio ateratzen.

* “A poesia e´o éter em que tudo mergulha e que tudo penetra”: bidaiariaren lehen arazoa bidaia poesia bezala bizitzea da, goitikako maila batetik ingurua begiratzea,  bigarren arazoa da sentipen guzti horiek hizkiz azaltzeko gaitasuna.

* Beti du zertaz idatzi bidaiariak; noiz idatzi da bidaiako arazorik larriena: nekeak jota, eguneroko ibilbidearen osteko etxerakoan, zaila zaio bidaiariari behar haina denbora eta behar adinako patxada hartzea eguneko bizi-kizunak kontatzeko.

* "Burutazio oro dugu / kontrabando lana": kontrabandoan bezala, gauari edo egon lasaiari ostutako lanak dira bidaiako idazte lanak.

* “.../ islatzerik ez dudan ideia / burutik korrika dabilen piztia da / eta ezin dut kaiolaratu paperean / ehiztari desesperatuen gisan / tiroka nabil burmuineko itzalei / ...”. Hala gerta ohi zaio  ibiltariari bere bidaiako bizipen eta irudiei hitzezko hezurdura eman nahi dionean, ezina, trebeziarik eza, nekea, ...

* Bidaiak taxuz azaltzen ez badakigu oroitzapenak ondo finkatu gabeak ditugulako da, ezabatuxeak, eta behar bezala ordenatu gabeak, multzoegian, azalpenaren dotoretasuna, “hitzak labaintzen zaizkigula edo sintaxiaren katarroa”, beste arazo ezberdin bat da.

* Goxo hasi ohi da ibiltaria hitzen bila, hizkietan eguna korapilatzera atxikita amodioak; baina sarriak dira desamodioak ere lo orduak ordenagailuko teklen zurrunbiloan  harrapatzen duenean, orduan hitz egokiak eurak ere laban egiten diote.

* Ez da ezeren damu bidaiaria, ez du ezer isiltzen; ez du besterik esateko, gaitasun arazoa da berea, inguruaz jabetzeko eta jabetuaz mintzatzeko ezina, baina ez da idatzitako lerroez damu.

* Ez da erraza bidaietan idaztea, nekeari nekea ezarriz eta ordu laburrei tarteak kenduz, basarte, harkadia eta estrata malkorra bilakatzen da erraza bideetan ibilitakoak kontatzea.

* Nahiko hilda jaiotzen dira bidaiariaren berbak ordenagailuan sortzen dituenean, une akigarri eta etsigarria da askotan sentitzen eta bizi duena ezin gauzatuaren zurrunbiloa bidaiako.

* Beti du esatekorik bidaiariak; argi, zehatz, arin eta labur esatea, hor dago koska, batez ere, eguneko hondarrean, nekatutxe,  egunkarian bizipenak marrazterakoan.

* Sarri sentitu ohi ditu bidaiariak bertsoak eztitzen dituen barneko korda isilak, sarri ditu sentitzen hunkitu duen edo miretsi duen hori letraz biltzeko ametsa eta ezinaren ezina.

 

 Nolakoak

* Nork bere leloari itzuli inguruka hitz egin ohi dugu bakoitzak, besteena aintzat askorik hartu gabe, norberarena azpimarratzeko denean interesatzen zaigu besteena, bakoitza da bere erdigune, bidaiei buruzko kontakizunetan ere, norberarentzat zintzo idaztea behar du izan lehen komunikazioa.

* Zertarako, zergatik, ... bidaiari bakoitzak ditu bere bizipen propioak, iritzi bere-bereak, besteena ez den ikusmoldea, gidaliburuek, turismo bulegoko paperek, idazle ospetsuek, ez dute dena esan bidaiei buruz, edo herriei buruz; bidaiari bakoitzak du berea kontatzeko, bere zertarako eta zergatiak.

* Maite du hitza bidaiariak, landu nahi lituzke hitzak eta hitzen joskera, kontaketa dotoretu, bizikizunak erakargarri eta gozagarri bihurtu, baina hitzaren erritmoa laguntzaile eta lumaje dotoregarri bezala soilik, berea ez baita ariketa literarioa, bidaiako bizipenak nahi ditu bidaiako ardatz, agintari  eta agindu.

* “Zertaz idatz zezakeen?. ... Mezua, idazteko arrazoi bitala. ... Zer zen beretzat idaztea?”: handiustea deritzot mezu idazteko arrazoi bitala izatea; apalagoak behar du izan bidaiariak; mezulari eta dogmatiko larregi izan da bidaiarien artean, juzkuak edo alderaketak egitean; bidaiariaren idaztea oroimena gordetzea behar du izan,  oroimenari laguntzea, bizipenak errotzea, zerbait edo norbait  norbere bizipenen partaide egitea, norbere baitarekin topo egitea; besterik ez, baina hori dena.

* Metaliteratura edo horrelako handikeria iritzirik gabe idatzi behar da, idazleak berak ere xumea, umila, izan behar du, metajakinduriarik gabe, handiustekeriarik gabe.

* Orekaz, faltsukeriarik gabe, dotore, errealitatea aldatu gabe fikzioa asmatzea, … hori da bidaiaz idatzi nahi duenaren erronka.

* Ikusitakoak bere buruan ordenatu, sailkatu, finkatu eta argitu nahian idazten ditu bidaiako sentipenak bidaiariak, baina, “Isiltasunak zoriontsuago egingo ez ote gaituen / ikararekin”.

* Sentitzen dituenak, sentitzen duen bezala, xume-xume, aztertzea, azaleratzea, behar du izan bidaiariaz idatzi nahi duen bidaiaren ahalegina; idazkera handiki eta ahots eternalak alboratuz, inork argitaratuko ez diola badaki ere.

* Idatzi, bere hizkuntza jatorrean idazten du bidaiariak, baina gai arrotzez eta iturri arrotzetatik edanez

* Edozer esakizun, zerbait adierazteko premiaz idatzitako edozer, ez da literatura; gramatikazko oinarri gutxieneko bat behar du literaturak; nik ez dut uste nire bidaia kontakizunok literatura direnik, zerbait adierazi nahiz idazten dudan arren, oinharri gramatikala ahula du, eta kontakera hankamotza eta jozkera molde handirik gabekoa. Literaturak zerbait oinarrizkoagoa eskatzen du, baina bidaiari xume bati ezin zaio hitzekin jolasteko abileziarik eskatu.

 

 

Egunkaria

“Zenbat balio du hitz batek?

 

 Zer den

“Hitzik gabe idatzi nahi nuke”

 

* Liburuak bezala, egunkaria ere  ez da ez itsu ez mutu, ikusitakoak ez ezik mila sentipen eta hausnarketa jasotzen eta helarazten baititu; bidaiariaren begiak da egunkaria, eta ahotsa, ikusitakoa adierazten baitu.

* Munduari ate zabala da atlasa, arruta-kaier kilikilaria gidaliburua,  amets txinparta bidaia-liburua, oroitzapenari leiho irekia egunkaria, leiho ireki bat etxeko portuan.

* Bidaia eguneko arratsetan lasaitzeko baliabide eragilea ere bada egunkaria idaztea

* Bidaia osoa balio dute bidaiariaren egunkariko hitzek.

* Ez da ideologikoki bustita ez den bidaiaririk, horregatik ez da egia osoa duen bidaia-egunkaririk ere.

 * "Poema pictura loquens, / pictura poema silens": pintura esanguratsu eta poema isila, biak nahi luke izan bidaiariaren egunkariak, baina ateratzen dena ateratzen da: ezer gutxi esaten duen luzea, eta xarmarik gabeko arrunta, gehienetan.

* Bentaja handia du bidaiako egunkariak: ez duzula inorentzat idazten, ez dela literatur ariketa ere.

* Beti du esatekorik bidaiariak; argi, zehatz, arin eta labur esan, hor dago koska, batez ere, eguneko hondarrean, nekatuxe, bizipenak hizkiz marrazterakoan.

* “ ... / irakurtzeko, laburra, / dut gogoko: idazteko, / berriz, labur-laburra”: bidaiako egunkaria luze badoa, gaueko amorrazioa; labur balioa, arratseko arnasa.

* Hainbat asperdura, ikusgai eder eta giza zirrikituk ez dute islarik nire koadernoan, nekadurak eta ahalmen ezak ezinezko bihurtzen dutelako hizki eta idatz moldean gauzatzea begiek ikusi, barnean sentitu eta garunek prozesatua

* Nekaduraz ahitua, hitzak gatibu arren, baina hitzen gatibu,  ez diot huts egiten hitzokin dudan gaueroko hitzorduari.

* Bizipen kilikagarrien kutxa betetzen joan ohi zaio bidaiariari; bizipenon aparkaleku bilakatzen zaio egunkaria.

* Eguneko zenbait une bete eta leuntzen laguntzen dio  bidaiariari egunkariak, oroimenaren flakezia ordezkatuz bidenabar; balizko oinordeko edo irakurleren bat izanen ote, ezin uka badela horrelako  miztoaren ziztada.

*  Egun luzeetako orri beteak dira bidaiariaren oroitzapenak, barnea kilikatu zion erbestea du gogarazten diote.

* Bidaiako egunkaria luze badoa, gaueko amorrazioa; laburra badoa, arratseko arnasa.

* “Eguna gogoratuz nabil / ilunabarrero egiten dudan legez / hondartza ezkutuan / irudiak bilatuz nabil “. Hala ibili ohi da bidaiaria ilunabarrero bareguneko behatoki ezkututik, eguneko oroitzapen eta irudiak hizki bilakatu nahiz, oroitzapenari oinarriak jarri asmoz iraganean lausotzen hasten direnerako.

 

 

Zertarako edo zergatik

“Nork du hitzek baino / soldata urriagorik”

 

* Kentzen dizkion orduengatik iruditzen zaio bidaiariari hitz gehiegi biltzen dituela egunkariak; zailtasunak erakusten dio ere zenbat balio duen hitz bakoitzak; poemak  idazteko tentazioa datorkio, hitz gutxiago eskatzen baitu, baina agian zorroztasun handiagoa ere, gaitasun berezi bat batez ere; beraz egunkaria edo isildu, ez zaio beste aukerarik gelditzen.

* Bidaiaren hondarrean, ametsa iruditzen zaio bidaiariari marra gorriz mapan marraztutako ibilitakoaren bide-sarea, baina oroimenak damaio baieztapena eta egunkariak ziurtagiria.

* Idazle izateko ausardiarik gabe, bidaiako edozein  zirtzileria idaztea denbora-pasa egin dugunok ere herren-ajeak jotzen gaitu, baina idazten jarraitzen dugu, bidaiari haragoko zerbait itsatsi asmoz.

* Laburra ohi da bidaiariaren egunkaria, baina horrek ez du, ez, handitasunaren indarrik bermatzen; burmuina eragin, ikusitakoa irudimenean berrikusi, oroimena indartu, ... hori da egunkaria idaztea, ezin zaio  beste handitasunik eskatu ere.

 * "Gogoramena eta ahazmena gauza bera dira": filosofiak filosofia, bi ahalmenok elkartzen dira bidaiako egunkarian, ahazmenari bidea oztopatuz gogoramenaren lagungarri izatea baita bere helburua.

* Egunkari batek bizitza luzatzen dio bidaiari.

* Ahaztu nahi ezak, agian ezin ahaztuak,  bultzatzen du bidaia-egunkaria idaztera bidaiaria, nolanahi bizipen zirraragarriak eternoak bilakatu nahiak.

* Besterik ezin dudanean bidaia-oroitzapenoi itxura txukuna emanez azken egunak emanen ditudalakoan idazten ditut eguneroko ibilion zertzeladak, altzeimerrari hesi bat jartzen, jarriko diodala itxaropenean.

* Bidaien irudiak gordetzea da egunkariaren xede apal bakarra, garagardo batzuk edanez, ordenagailuaren aurrean, inolako errebindikaziorik gabe, oroitzapenen  presentziaz asez.

* “-Non dago Lucas, Maria?. -Idazten. –Zertarako?. –Burua ez galtzeko”. Burua ez galtzeko ez ezik, buruan galdutakoak berreskuratu ahal izateko idazten dut, bidaiako oroipenak ez ezik, bizipenak ere indarberritzeko.

 

 

Euskarriak

“Itsu gara eta hitza besterik ez dugu / non gauden jakiteko”

 

* Aldi luzeak oroimenean egiten dituen zuloak nolabait bete ahaleginean aritzen da bidaiaria, argazkiei, mapei edo bidaiako zirriborroei begira.

* Bidaiariak iparrorratza, eta mapa, eta planoak, eta udaltzainak, eta turismo-bulegoak eta GPSa ditu non dagoen jakiteko. Bidaiariaren bidaiako amorante bilduma ohi dira baliabideok.

* "Asmakizun bilaua / kamara bera baino biziotsuagoa, kriminalagoa / izugarrikeria metalikoa": hori dena eta antzerako gehiago deitzen dio Audenek autoari, egia dio, baina autoari esker gaude Holanda ezagutzen.

* Paperean apunteak ordez, grabagailuan jasotzen ditu bidaiariak gaur egun uneko bizipenen oharrak.

* Oroimenak bezalaxe, argazkiak, idazkiak, ordenagailua, grabagailua,… dira bidaiako bizipenen kaia.

* Bidea egin ahal izatea soilik eskatzen du bidaiariak,  bolbora umelak edo lehorrak bidaia-aldagaien arloan sartzen dira.

* Argazkiak eta egunkaria dira bidaiariaren draga zaharra, unatzen doazen oroitzapen harrotuak.

* Argazki batean gorde nahi du minutu hura bidaiariak, lagunekin kalakaldietan eskaintzeko, lanbroa bezain hezea nahi luke gorde oroitzapena, neguko eguzkiak berdetu eta loratu ditzan negutar nostalgian.

* Gordeak izan ohi ditu bidaiariak bidaiaz apunteak eta argazkiak ordenagailuaren barne misteriotsuetan, oroitzapenak ezabatzen doazenerako oroimenaren kiribiletan.

* Akaso, hitzok dira  bidaiako iraunkor bakarrak disko gogorrean galduta.

* Zaila zaio bidaiariari izen ezezagun eta korapilatsuko hariez lotutako oroitzapenei oroimenean eustea, izenok ez baitira oroitzapenon euskarri, ezeri atxiki ezineko oroitzapenak baitira, oroimen biluziari lotuak ia, galerrazak beraz, airean dabilen tximeleta bailira inguru-miruka dabilzkio eta badoaz; hizki idatziz edo argazkiz lotuak nahi ditu, horregatik, oroitzapenok, kometak bezala, errazago erakar ahal izateko.

* Bidaiariaren oroimenak makuluak behar ditu; hortik datorkio irabazia argazki-dendari.

* Lausotzen joaten dira bidaiako oroitzapenak, argazkien makulua jarrita ere oroimenari.

etiketak: Bidaiez
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.