Bidaiez
ERROAK II
Apaltasuna
“Ni naiz, diote, direlakoan”
* Bidaiari orok ezagutu behar ditu bere ahuleziak, errore sakonak egin nahi ez baditu edo bidaia zapuztu nahi ez badu.
* Bidaiaria soilik dela jakin behar du bidaiariak herritarrekiko harremanetan, baina aldi berean herritarron anaia eta kide izateko gogoa ere izan behar du.
* Apeza harro baino harroago agertu zitzaigun, gizon zuria izatea gauza ohoragarriena balitz bezala” : beltz eta indiar asko ikusi dugu Ingalaterran; izanen dute beraiek zerbait esateko gai honetaz. Horrez gain, bakoitza gaude harro gure herriko izatea delakoz gauzarik ohoragarriena; harro dira eskoziarrak, harro ingelesak, eta harro gara euskaldunok; denok dugu munduko ohoragarrienak izateko arrazoi sakonik, baina baita umilenak izateko ere.
* Euskal Herritik landara ere badaudela lur emankorragoak ikusten da bidaiatzean, badirela herritar jatorrak ere.
* Bidaiariaren azken helburua herriak ezagutzea da eta ezagutzaz gozatzea; ezinbestekoak dira aberriarekiko alderaketak, baina norberaren herria zilborrestea dela uste duenak ez du sekula herririk benetan ezagutuko,
* Bere mugak ezagutzen dituenak errazago ezagutuko du herrialde berria.
* Atzerrian garenean, herri pobrea bada, turista aberatsaren itxura eman ohi dugu, herri aberatsa denean, berriz, beraien bizimaila eta bizimoldera ezin egokitu ahal izateak arduratzen gaitu.
* Zakarkeriak sarri ahultasuna ezkutatzen duen antzera, bidaiariaren atzerriko harrokeriak bere herriko ezereza erakusten du soilik.
* Jantzien azpian gorputz biluziak besterik ez garela gogoan bagenu, errespetu gehiago genioke bidaiariak elkarri, bidaietako ustez herri txiroei ere.
* Aberats zara Marokon, zure herrian pobre zarena; bidaiariak badaki aberats jitea erabiltzen, xemaikoekin badabil ere; edo zeken jokatzen du bertakoekin, aberats parafernalian bilduta.
* Bidaiaria ez doa atzerrira ikertzaile, intelektual, doktore, irakasle, edo orojakile bezala; edonora umil joan, dena begi garbiz begiratu, herria biziki maitatzen saiatu eta harremanetako bizipenez aberasten dakien gizakia behar du izan bidaiaria.
* Bidaiari bakoitzak bere egia ikusten du, beste batenaren ezberdina, gizarte, paraje eta ikuskizun berdinean; subjektiboa da beti bidaia ondorengo bakoitzaren iritzia, ustez errealitate bera ikusi duela uste izan arren; apala, dudakorra ere, behar du izan bidaiariak, ez du bere egia egi absolututzat emanen, bere egia bezala kontatu behar du soilik ikusitakoa.
* Begi gardenez, begirada umilez, begiratzen ikasi behar du bidaiariak ibilbide eta ibilaldi xumeena ere gozagarri bihurtzeko, kaleetako hainbat ahots eta izpi entzun-ikusteko.
* Bidaiariari ez zaio eskatzen buruargia izatea, barne eta begirada garbikoa izatea soilik.
* Bidaia batetan pertsonaia bezala dabilena, joan aurrekoa baino pertsona kaskarragoa itzuliko da. Apala behar du bidaiariak, umila, irekia, ikasteko prest batez ere. Erakusteko ere, argibide bat eskatzen badiote. Inoiz ere ez ezer inposatzeko, inolako gailentasunik erakusteko.
* Aberrian oilo eta atzerrian oilar, zenbaitzuen aberrikeria.
* Errespetu handia behar dugu izan goazen herrietako gizakiez. Herriarekiko begirunea, bidaztiak beti erakutsi behar duen dohaina.
* Bidaiari orok uste du ez dela bere herria bezalakorik: Euskal Herrian izan dira palankari onenak.
* “Haiek konkistatzaileak ziren eta horretarako indar hutsa besterik ez duzu behar, harro egoteko munduko ezer ez hori baldin badaukazu, ze norberaren indarra besteren ahuleziatik datorren halabeharra baino ez baita”: herri pobreagoen ahuleziak aberats eta indartsu egiten du bidaiaria, horregatik apala behar du izan konkistatzaile ez izateko; aldi berean harrotasuna behar du, herri aberatsagoetan burua zut erabiltzeko.
Patxada
“...zoriontasunaren giltza lasaitasuna da”
* Orduetan, arauetan eta zertzelada orotan, orekatua eta zentzuduna izaten jakin behar du bidaiariak bidaia baliatu nahi badu, kontrakoa dator bestela, “ez huen, bahintz, balu, balitz” guztiez gain, “des” guztiak, desordu eta desegunetan ibiliko da.
* Oreka, bidaiariaren zutabea, patxada, zorionaren harroina, bidaietan ere.
* Bidaiariak ez du sekula bakerik; barne barea, ia beti.
* Oreka, bidaiaz gozatzearen giltza.
* Pazientea da bidaiaria, pazientea behar du izan, bidaiariaren arma baita pazientzia, garailearena, garaipena da-eta ere bidaia bera.
* Makalik, geldoen zamaz joan ohi da tarteka bidaiaria; hala doaz egunotan nire gorputz eta anima, trankazoaren pipiak jota: norbere gorputzarekin ere pazientea behar du izan bidaiaria.
* “Maiz baina aldiko gutxi”, horrelakoa behar du bidaiariaren programaketa: egunero zertxobait, arrapatakarik gabe, antsiarik gabe; egun osoan gelditu gabe ibiliz, egunero ikusi beharreko dena metatuz, … gogoa aspertu, pausoa nagitu, ikusitakoa irristakor bihurtu besterik ez da lortzen; janak bezala, ikusi-nahi gehiegiak oka dakar berarekin.
* “Al fin, tras mucho desatinar, llega a su destino: zenbat aldiz!.
* Errepideko bidegurutzetako nondik joko kinkan, urduritasunean, tentu handia behar dugu elkar ez mintzeko.
* “Geure buruari irri egiten ikasiko bagenu ...” ez nuke hainbeste amorratuko bide-sareetako hanka sartzeetan; ez da erraza une beltzean irri argia egitearen filosofia hori.
* Aspertzen egoteko ahalmena behar du bidaiariak edozein bidaian, dohain paregabea hori; aspertzeko asti askorekin bidaia antolatzen jakitea da bidaiari on baten ahalmena, bidaia bera ere kontsumismoaren erosgai bat egin baitugu; agian patxada eta asperdura bera ere kontsumorako eskaintzen digute; inbidia diet, arbola azpi batetan egon eta tertulia lasaian ikusten dituan marokoar hauei.
* Pausoz pauso garatzen da bidaiako ibilia, baina azkenean mapa gorrituta gelditzen da ibilbideko marrez; falta dena amestuz ipurterre, kezkati, dabilenak, gozamenaren bide erdia besterik ez du eginen.
"Kardabera batzuk jaten dituen mandarin letratuaren nagitasun gozoan": nagitasun gozo hori da bidaiariak behar duena ibilbide presatietan ere, bidaia bera gozo bihurtzeko.
* “Espaloian dago munduaren xilkoa, / zerrautsa eta odola garbituz gero; / ibiltarien presak itsutzen nau”: presak hutsik uzten du ibiltaria, ez dio espaloietan xilkoa aurkitzeko astirik uzten.
* “Akatsik txikienengatik galtzen dugula zorion handia”: bidaiari ipurlokak, sarri.
* Ateak itxita aurkitzeko beldur, dena ikusi nahian, norbaitekin edo erlojuarekin lehian balebil bezala, presaka ibili ohi da zenbait bidaiari, egun gutxitan asko ikusi beharrak eraginda; pauso lasaia behar da bidaian, nekatzen ez duen pausoa, ibili luzerakoa, hurrengo egunean ere jarraitzeko gai izanen den pausoera.
* Orduaren eta egutegiaren mende ez bizitzea da bidaiariak ikasi behar duen ikasgaietako bat, egutegi eta orduketa zehatz batek mugatzen badu ere; oreka gaitza, baina ikasi beharrekoa.
* Ibiltari sena eta altxorren zerrenda, ikusmina eta munduko edertasunak, ibiltariaren grina eta turista-guneen erakarri nahia: bada hor oreka zaila; bidaiariak independente izan behar du, aske ibiltzeko gai, inoren morroi izan gabe, besteen iritzia baliatuko badu ere.
* Ez da erraza bidaiariarentzat urrutirako eta bertarako begiraden oreka gordetzea; ederrak dira paisaiak, urbanoak zein naturakoak, baina ederrak dira ere distantzia motxeko bitxikeria eta altxorrak.
* Lasai, bare, bake ederrean bidea egitea da bidaiariaren legea. Bazterrak ikusteagatik munduko bazterren batetan galdu den presati bat izan nahi ez badu.
* Bakean behar da barnea bidaiatzeko, orekatuak behar dute izan sentimenduak, bestela ihesa bihurtzen da bidaia, ihesle bidaiaria.
Atsedena
“Neuri, aldiz, gorputza eri izan dudan bakoitzean edo zigortu izan dudan bakoitzean, erori izan zait anima, erori izan zait animoa”
* Biharamun asko argitzen dio loak bidaiariari.
* Atseden hartzeko artea, ezinbesteko zientzia bidaian.
* Tarteka amabirjina baten harri urdin bat aurkitu eta bertan pausatzen dakien bidaiariak badaki bidaiatzearen ederra zer den.
* Begi nekatuak ispiluan ikustean, hobe du atsedenera bildu bidaiariak; txinpartaz behar ditu begiak bidaiariak "usna luzean" jarraitzeko.
* Presaka, ur lasterra bezala doana ez da bidaiaria; baketsua, lasaia eta barea behar du izan bidaiariak; halakoa da; halaz ere ibilia beti da nekosoa, atsedenaldia behar du noizbehinka bidaiariak, inguru lasai batetan.
* Tarteka “aski” esan eta gelditzeko gai ez den bidaiaria, ibiliaren esklabo bihurtuko da.
* Bidaietan berehala ikasi ohi den lezioa: ondo tratatu behar dela gorputza, handik hona ibiltzera behartu behar badugu gero; jana eta atsedena, horren ondorioz datoz ibiltzeko kemena, ilusioa eta ahalmena, bestela pott egiten duzu eta etxera erretiratzen zara ia ezertaz gozatu gabe, jakin-minik ase gabe, ikusminik ere ez duelako gorputz flakoak.
* Nekatu egiten da bidaiaria, asko nekatu ere, nekadura fisikoaz zein psikikoaz; ahitu nahi ez badu atsedenak hartzeko jakinduria hartu behar du, bidaiako sentipen eta bizipenak kolorgetu ez dakizkion.
* Sarri datoz ezinak, pauso okerrak, norabidea galdu ondorengo haserre eta etsipenak: hor nonbait, barne zokoren batetan, eraikia behar du eduki bidaiariak gordeleku bat, portu ezkuturen bat, hurrengo pausoak ez mingotseko.
* Beti behar da bidaiatzeko zerbeza bat hozkailuan eta irrika bihotzean.
*. Denbora ez da beti ibiliaren neurri; jakin behar du bidaiariak noiz den ibilbideko eguerdia, atsedenerako abagunea eta ordua; horrek ematen dio bidaiari neurria.
* Unadurak oro egiten du bere, lainoa irudi”: galdetu bidaiariari arratsean.
* “Larri ere larri oheratzen naiz, / bideko nekeen atseden bila”: hala oheratzen gara bidaiariak gauero.
* Gaueko ordu bakartiak izan ohi dira nire babesleku bidaietan. Bidaiari bakoitzak ditu bere babes ordu eta leku bakartiak, denek, inkontzienteki bada ere.
* Bidaian, atsedenekoa ez da denbora galdua, hurrengo orduez baliatzeko denbora irabazia baizik.
* Pobreek goiz jaiki behar dute, langabetuei berriz lo-ordu larregi geratzen zaie, milaka pobrek ez du loa non hartu leku egokirik, ...; loa bera ere, naturaren zatia, naturaren legeen kontra banatua eta erabilia; aldi berean, loa da bidaiariaren baldintza eta baliabiderik nagusienetakoa, indarberritzeko atseden ordua.
* Gehienetan egiten du lo ondo bidaiariak, herrian ez bezala agian, nekatzen delako, kezkak uxatu zaizkiolako, ...
* Beharrezkoa du bidaiariak hausnarketarako tarte bat hartzea, erlojuaren kontra ibiltzeari eten bat egiteko besterik ez bada.
* Ase egin ginen Rouenen, hori gertatzen zaio bidaiariari erritmo egokia eta pausagune beharrezkoak hartzen ez baditu.
* Nekatu egiten da bidaiaria, asko nekatu ere, nekadura fisiko zein psikikoaz; atsedena hartzeko jakinduria izan behar du ahitu nahi ez badu, bidaiako sentipen eta bizipenak kolorgetzen ikustea nahi ez badu.
* Atsedena bilatzen du poema-liburuan ibiltari poema zaleak.
* Lotarako lasaitasuna, hurrengo eguneko ibilbiderako bizipoza dario bezperako zeru izartsuari; bidaiariaren ipurtargi pozgarriak dira gaueko argi motatxook.
* Nekea da bidaiariaren etsairik nagusienetarikoa, indarrak neurtu eta atseden hartzen dakien bidaiaria da urrutien edo luzaroen edo sendoen irauten duena, irudimena, oroimena eta gozamena kamuzten baititu nekeak.
* Nekagarria da bidaia bere osotasunean. Badira uneak ez duzunik adorerik ez pentsatzeko ez idazteko, ezta artelan ederrenari begiratzeko ere, “nahiko” esan dizu gorputzak, erabakiak hartzeko ordua da.
* Gaua, eguneko oren gozagarrienetarikoa, ibilbideko atseden eta hausnarketa ordua
Ilbetea
“Bere aurpegi amarrugabea ilbetea bezain irribarretsua”
* Ilbete izan behar ginateke beti bidaiariok.
* Bidaiaria beti da baikorra, badaki badirela herrialde ederrak, bidaia bakoitzak duela ondoren beste bat, bidaiako egun bakoitzak izanen duela hurrengo egun eder bat, ez da itxaropen gabeko bidaiaririk.
*Botila erdi betea, bidaiariak beharrezkoa duen baikortasuna, baikortasun hori da bidaiari gozamen punttua gehitzen dion bertutea, poetaren ikuspegia, bidaia koloretsuagoa egiteko dohaina.
* Ezina zirudiena ahal dugu, beharra eta nahia biltzen ikasi dugu; gu gaindi dauden behar, ezin, ahal, eta nahien arazo ia filosofikoez ez gara arduratzen; eguneroko gure eskura ditugun eta bizi ditugun ahal, behar, nahi eta ezinetara mugatzen da bizitza, hori dugu ikasia eta bizipen horrekin ikasi dugu bidaiatzen.
* Bidaiaria errealista da, eta badaki egoera latzenean ere onik aterako dela, esperientziak damaio sentipen hori.
* Ahal-gabea sentitzen da bidaiaria bidaia hastean, arkano baten aurrean, zer gertatuko, zer ekarriko geroak, baina, aldi berean, goxotasunez biltzen dio barnea urratsak liluragarri onik joanen diren segurtasunak, ez zaizkio ordu ilunak falta bidaiariari, baina berak badaki egunero argitzen duela eguna eguzkiak, eta gehienetan distiratsu.
* Bidetan sarri galduta, erneguz, ulertezinik, dena ezezaguna, dena berria, hurrengo uneak zer ekarriko, aurkaria ez baina arrotza zaigun inguruan, ... ibili ohi gara, baina zoriontsu gabiltza; txikia, etxe baten osagai oro hain leku gutian sartuta dituena, … jostailuzko etxea da gure etxatoia, baina zoragarria deritzogu.
* Une latzak ere ohi ditu bidaiak, ez da dena goxoa, baina abegi ona nagusitzen zaio beti, bizipen baikor eta gozagarriak gogoratu ohi ditu bidaiariak, itzuleran kontatu ere; sentipen goxoaren mintzez biltzen ditu eta estaltzen bidaiako une zailak.
* Badakit txorakeriez, txikikeriez, pittinkeriez, txorikeriez, “baina”z, … beteta dagoela bidaia bat, baina zer egingo diogu, bidaiatzen jarraitu, txoriak bizitzen jarraitzen duten bezala.
* Beldurraren etxean ez dago txangorik.
* Isiltasunak inguratzen du hitza. Baita artea ere. Zaratek gozagaitz bilakatzen ditu gizarteko harremanak zein artegunetako edertasunak. edo kaleetako gozagaiak. Paisaia bera isiltasunean ederrago. Barne isiltasuna ere ezinbestekoa da bai hitzarentzat bai artearentzat.
* Barne ikuspegi propioak eta begi sentikorrak behar ditu bidaiariak; barne sentiberatasun eta dotorezia gabe, alferrik dira gida eta gidaliburu guztiak, alferrik altxorrik preziatuenak ikustea, alferrik paisaia liluragarrienaren aurrean jartzea, alferrik harremanetan inorekin jartzea; barne edertasunak egiten ditu ederrak bidaiako egunak.
* Inguruko poesiak eta edertasunak berak ere ez dio kentzen mingostasunik, edonor dela ere, bidaiari, bidaiariak barne oreka eta edertasunik ez badu, barren-leihoak irekitzen ez baditu; dohain horien ezak agian gizagabetasun eta gizabiderik eza utziko dio ageriago.
*“Habia oficio (elizan), miró y salió silenciosamente para no perturbar a quien allí estaba”: besteekiko errespetua!.
* Hitzen iturria baino, sentiberatasunaren kanila da bidaiariak ireki behar duena edozein oihanean aurkitzen delarik ere.
* Bada bereak ez diren edo berari ez dagozkion apainduraz edertzen den bidaiaririk; baina atezain xumeenak ere antz ematen dio barne dotoreziari, eskupekoaz gaindi, irribarretik harago.
* Edertasun izpientzat sentibera izatea da bidaiariaren dohain funtsezkoa, aparteko minutuen lilurak bizitza indartu diezaion urteko egunerokoaren kartzelaldian.