Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/07/07 09:41
Eguraldiaz blai // Adinaz gaindi

EGURALDIAZ BLAI

 

 

“Beti oi du ekaitzak irripar-lorea”

 

* Astronomo edo metereologoaren begiak dira gauero bidaiariarenak, ia hurrengo goizean ze giro.

* Meteorologoa izan nahi luke bidaiariak, lainoei so eta eguraldi-parteari adi arratsero.

* “Aldaketarena, euri eguna” gerta ohi da tarteka; trumoi zaparrada bortitza izan bezpera gauean  ingurua lorrinduz, zenbait eragozpen azken orduan, …

* Kalea, artea edo natura ditu berenez babes bidaiariak, halaz ere euria da maiz eliza, jatetxe, museo eta antzerako aterpeetara babes bila errenditzen dituena.

* Eguraldia, bidaiariaren ardura nagusietariko bat.

* Izugarri baldintzatzen du eguraldiak bidaia. Asko begiratu ohi du bidaiariak zerura, edo eguraldi parteari kasu egin.

* Badira bidaiak eguzkia eskatzen dutenak, badira euria behar dutenak, badira elurra dutenak helburu.

* Ez izar ez eguzki uzten gaituzte lainoek, urez blai, sarri; konformaerraza behar du izan bidaiariak eguraldiarekiko, datorrena hartu eta ibilia  eguraldiari egokitzen ikasi beharra du.

* “Eguraldia beti eta berez da ederra, eta gisa berean beti eta berez da ederra planeta osoko paraje oro ere han inoiz ezer sentitu duen inor bizi deino”: hala izanik ere, euri-jasek eta ekaitzek erabat deserosoak bilaka izan dizkigu hainbat bidaia egun.

* "Euriaren musika maite zuen, tantaz tanta sabai gainean desegitean": maite du bidaiariak euriaren musika, urezko makilek atabal eta txalaparta bihurtzen dutenean etxatoaiaren sabaia.

* "Presetako urak erritmo bat dute, errekan errima da": euriak jartzen dio errima egunotako ibiliari.

* Fina da hemen haizea, bustia eguratsa, hotza da Maiatza Holandan aurten; ez dugu "barometrorik hatzaparrez panpatzeko", ezta "publimetrorik aztertzeko", baina eurizirina ari du eta zer eguraldi egingo asmatu nahian gaude ze jantzi jarri erabakitzeko; eguna lardaskatzeko beste euririk ez du egiten; euria ez da inola ere bukolikoa bidaiariarentzat, gogoa ere narrastu egiten baitu.

* Eguzki apur batek argitu eta epelduko luke gure egunotako ibilbide hotz eta bustia.

* “Argi iheskorrak noiz pitzatuko hodeien pisua”: atzoko trumoia deskribatzeko era egokia, hainbat egun astun ekaitsu eta gogor deskribatzeko ere.

* Ez da beti, ez denentzat ona den eguraldirik.

* Arratsalderako / gorritu egin zaizkio / sargori masailak, / hodei pinportez / lotsatuko balitz bezala”: zerura so arratsaldero bidaiaria, ia hurrengo goizean eguraldiak zer.

* Egun ilehoria maite du bidaiariak, baina sarri zapuztu ohi dio “trostan datorren” euriak.

* “Ez jo adarrik, euri, / juxtu oraintxe”,  bidaiariaren aienea zeru ilunaren azpian, Euriak uzten du inolako babes-balkoirik gabe bidaiaria aterkirik handiena badarama ere.

* Ai egun ateria iragarriko baliote bidaiariari kanpalekuko zozo eta birigarroek!.

* Maite du eguzkia bidaiariak Iparrean; Hegoan, aldiz, basorik balego!.

* Lainoz lagundurik etorri ohi da sarri egunsentia, edo euriz bustia, bidaiaria goibelduz, ibilbidea lizunduz.

* Eguzkia eskatzen du bidaiariak lainoek berunaren astuna duten egunsentietan.

* Gaur ere lanbrotsu esnatzen zaio eguna sarri bidaiariari, atzo lez.

* Lainoak urratuko diren itxaropenez abitu ohi da bidaiaria eguneko ibilbidera, egun euritsuenean ere.

* Bidaiariak garela erakutsi digu gaur euriak, eguraldia eguraldi, kalean behar dugula.

* Izugarri baldintzatzen du eguraldiak bidaia; asko begiratu ohi du bidaiariak zerura, edo eguraldi partea entzun-irakurri.

* Konformaerraza behar du izan bidaiariak eguraldiarekiko, datorrena datorrenean hartu, ibilia  eguraldiari egokitzen ikasi; ezin dugu eguraldia aldatu, denbora gelditu ezin dugun bezala.

* Bidaiariaren lehen eginkizuna da eguraldiaren nolakoa ezagutzea.

 

ADINAZ GAINDI

 

 

“Gorputzak hirurogei urte dituenean / hiru urte bailituen  darabil gogoa”

 “Zure barruan hari tipitan / Bizitza miragarria pipiltzen da / Amairik gabe”

“Gizonak / aspaldi ez du galderik ispiluarentzat”

“Adiskide / ipuina amaitu da. / Hau bizitza dugu”

 

 

Adina Vs bidaiatzea

“Egunak mailegutan letozke”

 

* Oroimenarekin batera orainmena bera ere galtzea da adinekoon tragedia, orainmena aktibatzea da bidaiatzea.

* “Okerrena zen igarotzen den denbora ez dela atzean gelditzen, alboetan baizik”: alboetan balitz!.

* “Paper zaharraren koloreko”: hala gara jubilatu bidaiariok, gizarte joriaren zurrunbiloan biraka.

* "edadeak orduan niretzat heriotza besterik ez zuen esan nahi": bidaiatzeko aukera esan nahi du adin helduak gaur egun, jubilatu egiten baita edadekoak.

* “denbora uhin gainetik labainka”, zelako lasterrean gainera behin gure adinera ezkero.

* Tarteka jabetzen naiz nire adinaren gabeziez, batez ere gauero erabat nekatuta bukatzen dudanean, gau-parrandetarako arnasarik gabe.

* Bizirik sentiarazteko gaitasun hori du bidaiatzeak, jubilatuon bizi-muina dira bidaiak: prestatu, gauzatu eta ondoren beraietaz idatzi, bizitza osatzen digun zikloa.

* Minak eta ajeak, kexak eta buruaskitasunak uxatzeko terapia paregabea da bidaiatzea.

* Nahasmena da adineko askoren burua, zaila da bertan ezer bilatzea, sare horretan barneratzea, non aurkitu ezer!, gure adineko ajeak; baina hori da geratzen zaiguna, besterik ez, esperantzarik ere, dugun apurra, bidaiatzeak salbatzen digun apurra.

* Eraman errazagoa egiten du zahartzaroa bidaiatzeak, agian bidaiatzeko grina duena oraindik ez da zaharra, urte askoduna soilik.

* Gauza pila kendu ondoren bizitzari, bidaiatzeko aukera eman ohi du gizarteak   zahartzaroan, erretiroa medio.

* Zimurrak ezkutatze ahalegina ez ote adinekoon bidaiatzea?.

* Jubilatuak oraindik badu galdera bakarren bat ispiluarentzat, baina ez berari buruz; horregatik dabil munduan galdezka.

* Bidaiatzea bada modu txukunean zahartzeko era.

* Ez ginateke bidaia bat berera ere aterako atzerako ispiluan heriotzari begira bageunde, ez dago bizitzerik atzerako ispiluan heriotza noiz aurkituko begira.

* Zoriontasun gehitu pittin baten bila ibili dabilena da bidaiaria; zenbaitzuk, ostera,  eseri ohi dira zoriontasun bila, egoneko lasaitasunean; alegazioak alegazio, adinak edo zahartzeak bideetara abiatzeko aukera ematen die jubilatuei.

* Egun berri bakoitza da marka pertsonal berri bat bizitzan, ibilbide bakoitza langa altuagoa bidaian, are gaindizailagoa  senecta/us bihurtzean.

* Ezin igarri sarri bideetan zenbat urte dituen zenbait bidaiarik, bana hor dabiltza.

* Bidaiatuz, horrela gozatzen du bizitza bidaiari adinekoak, azken agurra esaten badio ere lurralde orori alde egitean.

* Adinaren marra ez da oztopo bidaiatzeko.

* Gauza pila kendu ondoren bizitzari, bidaiatzeko aukera eman ohi du gizarteak zahartzaroan, erretiroa medio.

* Etxatoia bizileku, mundua ibilbide, ikusmina akuilu, jakin-mina ilinti, gaztetako mapamundia zahartzaroko bide-sare, hori da jubilatu ibiltaria.

* Bidaia berri bati ekinen dio jubilatu askok udazkenean zein udaberrian, enarek lez.

* “Gizaki gehienek bezala, oroimena bortxatu beharra dauka berak ere zenbaitetan, oroitzapenak berriztatzeko”, adinean aurrera, batez ere.

* Lehengoak gara baina gaurkoan gabiltza adinekook; jubilatuok betetzen ditugu kanpalekuak eta hotelak negualdian; eta moldatzen gara.

* Eskura ditu jubilatu bidaiariak orain bizi nahi dituen urte hondarrak, geroan izanen ez dituen aukerak.

* Herioaren esperoan ez dagoen gizakia da adineko bidaiaria, edozein bidegurutzetan zain duela dakien arren.

* Izan nintzela adierazten didate bidaiek, baina aldi berean oraindik ere banaizela, jubilazio garaia ez da beranduegi bidaiatzea bizitzari eusteko tresna eragilea dela azaltzeko.

* Sarri esan ohi diot neure buruari errepidean, mundu bakar bakanak garela errepideko etxatoi bakoitza, bakoitza bere oporportu bila, jubilatuok, azken enbatari branka jarriz.

* Eskoziako goiotan gure buruari begiratuz ez dakit gazte ala adineko ala ume garen;  3 urteko da 60 urterekin ere 20 urterekin 3 urteko zena; gaztetan heldua zenari heldutasunak darraio harik eta burua txoratu arte, baina, agian, umearen gogoa behar da eduki 72 urterekin Eskoziako goi mutur honetara etortzeko.

 

 

Adina Vs bizipoza

“Munduko botika guztiek adina balio duela bizitzeko gogoak”

 

* Nora doan badaki bidaiari adinekoak, baina doan toki horretara itzuliko ez den susmoa du, itzuliko litzakeen arren, jadanik itzultzeko haina luzatuko ez zaiolako bizitza, eta loreak non bildu asko geratzen baitzaio oraindik.

* Ez omen dago bizian geroagoan heriotza ez dakarren meniarik, hala dio poetak; horregatik bizi nahi du orain jubilatu bidaiariak, bidaiatzearen bizipozez.

* Adinaren kurba normalaren azkenean gaude, halabeharrez, baina, bagabiltzak, kurba anormalki luze bukatuko zaigun itxaropenez.

* Bizitzaren ertz-ertzean, hirurogeita hamalau urte ditut, lepotik hartuta nauka bizitzak, bere menpe, eta zer, ez dut gehiago nahi, duintasun apur batez iraun, besterik ez; eta bidaiatu.

* “Apurrak baino ez esperatu, / ia banderarik gabe bizi, / ez esan, ez egin, ez sinetsi / eta isiltasunaren beharrei men egin / Heriotza aria delizioz bihur dadin”: aspaldi idatzi zuen Miltonek “Paradisu galdua”: etsipen-hari fina; apur gozoak dira bidaiak, paradisu txiki bat, goza ditzagun; bizipoza.

* “Eta zubiak, beti bestaldera igaroko den jendearekin” . Zubia ez da beti pasa-leku soila, sorreran pasa-leku izanik ere; Moldava ibai gaineko Pragako zubia, Rialto zubia Venezian edo Arno gainekoa Florentzian,  ikuskizun eta egonleku dira; Porton bertan hainbat jende doa hiria zubi gainetik begiratzera edo garaieraren urdaileko ausikiaz zorabiatzera; mendia bailitzan,  beheko gauzateriaren urruntasunaren xarma bizitzera ere igo ohi da jendea zenbait zubira: bidaiatzea da adinekoon bizitzari azken begirada emateko zubi-behatokia, aldi berean zubiaren edertasunaz gozatzea.

* “Zu ez zinen hil: alde egin zenuen. ... ”Bizitza bat eta bakarra da. Zureak iraun egiten du / Zeuk bizi izan zenuen bizitzan: hilkorrak gara forma honetan; baina, aldi berean, naturaren, kosmosaren, zati garenez,  eternalak, natura barneko betiko eta betirako bidaiariak:  zaharron betiraunerako bizipoza.

* Bidaiatzeko grina da bizipozaren neurtzaileetariko bat, bizipozak erakusten du bizitzaren adina.

* Nire zahartzaro garaiak dira hauek, ez gaztaro garaiak, egunotako ajeak lekuko; bidaietan tematzea, bizitzea da.

* Etxatoia bizileku, mundua ibilbide, ikusmina akuilu, jakin-mina ilinti, gaztetako mapamundia zahartzaroko bide-sare bihurtu zaio adineko ibiltariari.

* Etxatoia bizileku, mundua ibilbide, ikusmina akuilu, jakin-mina ilinti, gaztetako mapamundia zahartzaroko bide-sare bihurtu zaio adineko ibiltariari.

* Oso presente dago heriotza bidaietan, elizetako kapera hilobi hil-lauzak, plaza-parkeetako estatuak, kaleetako izendegia, pertsona ospetsuen izenak eta aipamenak, ... joandakoen presentzia; aldi berean, aldiz, etengabekoa da bizitzaren presentzia, gazteak edo  bikoteak edonon maitasunaz ikasten edo gozatzen, bikote zaharkituok elkar babesten, familien asteburuak, ...

* “Benedikatua heriotza, mirakulu guzien amaiera dena”: bizitzaren, mirakulu nagusiaren, amaiera, bidaia nagusiaren amaiera, agian 100 urteko hilko gara baina hurretik bizi dugu “a Indesejada das gentes”, bidaia nagusiaren etena; bitartean, munduan gabiltza bidaiari.

* ”Ezdeusak baina bizirik: horixkak, ñimiñoak”: zenbat aldiz liluratu gaituzte baso eta bide bazterreko lora xumeok! ezdeusak eta nanoak gara gu biok ere, baina hemen gabiltza!

* “Adinak gauza txarra den gauza ona ekartzen digu, baretu egiten gaitu. ... tentazioak ... ez zaizkigu hain premiazkoak”. ez dakit ba!, bidaietan ikusten denaren arabera …

* Urruna desiratuz biziberritzen gara urtero udaberrirantz, bidaia bat amets.

* “zoragarria da / guardasolpean / itsaso pizti erdiragarriak irudikatzea / ... / zoragarria da hemen izatea / hiltzeko ere bai”: zoragarria munduan zehar ibili izana, guardasolpean euriari iheska, biserapean eguzkitik babestuz edo elurrean oinen grakadez gozatuz, zoragarria hor denean egon  izana, zahartzaroko ahuldurak bere zantzu motelgarriak ematen dituenean ere hor egon izana.

* Adinean aurrera, seguru gaude ez garela itzuliko urutiko lurralde hautera, azken agurra ematen diegu herrialdeoi, bizitza ahituz doakigun sentipenez, baina etsipenik gabe, bizitza-zikloaren amaiera gozagarria dugulako kontent baizik.

 

 

Adina Vs bizibeharra

“Zoriontsu izateko  aukerari eusten diot tinko gaur. Bihar agian indar gabe izanen naiz”

 

* Gure bidaiak bizinahiaren oihua besterik ez dira; etxean gordetzen garenean, gaixo izanen gara, hiltzear.

* Atzean utziko duguna dugu beti aurrean gizakiok, logikaz gutxi adinekook, adinekook beraz duguna bizi!.

* “Baina gu / heriotzaren kontra / jazarri egin gara”: zerbait antzerako da jubilatuen bidaiatzeko grina, heriotzaren aurkako borroka.

* “Heriotzaren definizio bat horixe izan daitekeela erabakirik: desioak betetzen ez diren lurraldeak”: heriotzari alde egitea da, definizio horren karian,  bidaiatzea.

* Agian denbora gutxi geratzen zaigula susmatzen dugulako tematzen gara hainbeste zahar bidaiatzen, denbora gutxi geratzen zaigulako; lapurtu diguten denboraren azken hondarra eskaintzea besterik ez baita erretiroa.

* Botea dio hildurak bere sarea jubilatuari, harrapatua ere badu, amaraun horretatik atera nahia hori da jubilatuak bidaian darabilen lana eta ahalegina: ateratzea edo barnerago ez erortzea.

* Bidaiari bilakatu du jubilatua gaurko gizarteak, presaka bizi da jubilatua, atzetik bila datorkion heriotzarekin lehian dirudi, harrapa ez dezan, etxatoien olinpiada dirudite kanpalekuak, heriotza ia nork urrunagotu; agian bizitzaren azken zukuen dolare festa da.

* Bidaiotan denboraren kontra ote goazen otu izan zait aldizka, galduaren azken ahalegina ote den.

* Bidaiatzea zahartzaroko bizitzaren epeltasuna luzatzea da jubilatuentzat, bizitzari begien azken kliskak ematea, erantzunik espero gabe.

* Bidaiatzea uztea izanen da aguretu garen ezaugarria; barkamenik eskatzen ez duen augurioa, nahi edo ez, aditzen den naturaren ahotsa.

* Kendu “bihar”a eta akabo gizakia; bihar-ak eusten dio bizitzari, gaurkoaz, oraingoaz, gozatzen saiatzen bagara ere; “Bihar itxaropen, bihar”, “Ez dok hamairuren” frankismo garaiko  kanta, “Bihar itxaropen”, adineko baten bidaia atarian ere.

* Mapan eguneko ibilia marrazten duen marra gorria da egunak badoazkiola erakusten diona adinekoari, bidaia orratza; joan doazkio egunak geldituta dagoen erlojuari ere, herdoildu egin baitaiteke baita bera ere; geldirik egotea ez da ez adinekoentzako bidea.

* Agian denbora gutxi geratzen zaiola susmatzen duelako tematzen da hainbeste adinekoa bidaiatzen, zinez denbora gutxi geratzen zaiolako, lapurtu digutenaren azken hondarra eskaintzea besterik ez baita jubilatzea.

* Bidaiatu zertarako, bidaiak zergatik, galdezka esertzen garenean jakinen dugu zahartu garela.

* Gai garen artean gabiltza bidaiatzen adinekook, noiz ez, baina laster izanen dela  dakigula, gogoak, indarrak edo aukerak huts eginen diguten eguna.

* Bidaiatzeko gai izanen ez garenean, ezer gutxi ahal dezakete medikuek ez inork.

* Bizitza-irrikaren helduleku, bideetan zehar dabiltza  jubilatu aunitz, euskaldun edadetu, ia zahar, asko: hori diote tartekako txioek.

* Bizinahi biziena etsipen sakonenarekin borrokan dager beti, hil ala bizikoan; jubilatuen bidaiatzeko grina betiko bidaiari sena gauzatzea da, aldi berean bizitzari heltzeko estatxa.

 

 

Ezpalak

 “Eta pentsatu ere, ordena barik pentsatzen zuen, koma askorekin, esaldi etenekin, esaldi laburrenekin edo luzeegiekin”

 

* Bidaiatze eran nabari dira denboraren sailok eta gorakadok, gazteena eta gurea bi bidaia-bide arras ezberdinak baitira.

* Ondo gogoan ditut gazte nintzeneko bidaiak, erritmo ezberdina zuten bidaiek gaztaroan, helduaroak pausajera ezberdina ematen dio bidaiari, baina gaurkoak ez dio damurik gazte zenekoari: biak dira ederrak, bata oroitzapenetan,  egunerokoan biak.

* Bidaiari adinekoaren arazoa ez da memoria zikina, memoria galtzea baizik. Horregatik idazten dut egunkaria, ateratzen argazkiak. Hoiek direlako bere memoriak. Alabastro arrakalatuak eta gainera zikinduak diruditen arren.

* Bidaia eta adin bakoitzak bere erritmoa du; bidaiari zaharrok bidaiakera ezberdina dugu, lasaiagoa, motelagoa, ..., baina iraunkorragoa agian, ez dugu betarik denbora alferrik galtzeko.

* Asko dira adinaren ajeak, baina bidaiatzeko grinak ez du adinik; ibilia ere abiadura motelez eginen du adineko bidaiariak, mantso eta etenekin, baina ordu jakinik ez dugunez denera heltzen gara goizago edo beranduago; hori da dugun bentaja; agian ez gara heldu ere eginen, agian ez dugu asmoan ditugun bidaia guztiak egiteko astirik izango, baina, tira, puntu eta koma guztiekin ere, bagabiltza, azken punturaino.

 

etiketak: Bidaiez
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.