Ekimen ibiltaria
Afaldu genuen elkartean bertan gosaldu dugu: azal azalean dago sentiberatasuna. Etxarriko Benitarentzat goraintziak eman dizkit Parisen lanean urte luzeetan egondako emakume batek. Galdeanoren emaztea ere bertan zen, kikiltzen ez den hiztun argia. Eli Gallastegi - Gudari - Elkargoek "Independentzia" izenburuko 1. urtekaria oparitu digute.
Luzea dugu bidaia Amurrioraino. Eguzkia lagun, arinagoa. Martxa bukatzear dagoen sentipena bizi dut, etxera joateko gogoa eta pena: sentipen nahastuak. Egun batetik bestera txipa aldatu zait azken aurreko egunean sartzean.
Azkenez ekiten diogu atxikimenduak sailkatzeari ere. Lehenengo egunetatik, Nerek ardura guganatu zuenetik, atxikimenduen bulegoa bihurtu zaigu autobuseko lehen ilara: atxikimendu bitxi, berezi edo deigarririk bazegoen bereizteaz gain erakunde ofizial eta politiko, talde eta elkarte, sindikatu eta langile, irakaskuntzan ikasle eta irakasle, gizabanako, ... sailetan banatuz joan gara egunez egun eta herriz herri, gehienetan paisaiari begiratzeko astirik gabe, inguruaz gozatu ezinean, begiak paperotan inkaturik, Tomas, M. Luisa eta ni bulegari.
Erakargarriak agertzen zaizkigu Orduñako harkaitz eta amildegiak. Eguzki bizia gaurkoa, min egiten du begietan, agian urteko beherenean dagoelako.
Martzial desplazatuta gelditu zen pankartaren ertzetik ibiltari berriak sartzean, baina bere isilean ez du protestarik egin. Egin zen berriro betebeharren banaketa eta Martzial finkatu da bere zereginean. Garrantzitsuak dira halako xehetasunak, agian txikikeriak, talde baten funtzionatzean.
ARABA.
AIARA bailara.
AMURRIO. Badut apaiz garaiko egun batez bertara etorri behar izan nueneko istorio bitxia. Gogoratzen nuen baino zabalagoa eta handiagoa da; dena da berria, ez zaio ia zaharretik ezer gelditzen, berritu gabeko baserri peto zaindua bezalako etxe edo eraikin bakarren bat ez bada; ez du nortasun fisikorik, bestelakorik ez dut ezagutzen. Noraezean, ezerezean, hasi dugu bertakoa, nora nork bideratuko begira. Jendea gehitzen joan zaion hogeikote bat genuen zain plazan. Musika ozen entzuten da erdigune osoan, 19 egunez bildu gaituen musika tristagarria. Ez du harrokeriarik ekitaldiak, behar ere ez. Apala da atxikimenduen eskaintza, baina besteak bezain gogotsua. Oihu eta zantzo batzuk. Egonaldia egin dugu plazan, udaletxe aurrean. Ez dabil jendeketa handirik inguruan ere.
Aldika, herritar gehiago, gazteak batez ere, hurreratuz dator, atxikimenduak ekarriz; azkenean ugariak izan dira atxikimenduok. Egonaldi luze baten ondoren hamaiketakoa egin dugu. EA da nagusi herrian, ez gaituzte hartu ere nahi izan. Harritzekoa Ezkerraldeko portaeraren ondoren.
Tomas euskaraz, Bitxorik gazteleraz: taldetxo honek merezi du talde handiak haina.
Bakoitzaren uzkurtasuna, zitalkeria ala goitikako mezua?. Komuna behintzat eman digu udaletxeak!!!.
Euskarak ere hurbil behar ditu presoak!.
OKENDO. Ez gara taldea bertara joan, baina gutako bikotea, Josu-Bego, hartu ditu alkateak. EA.koa, alderdiaren aholkuari begiratuko dio. Telefonoz deitu behar zaio bere jarrera jakiteko.
Esan digute ez dagoela ez antolakuntza ez mugida handirik zonaldean: antolakuntza eta mugida, lotuta joan ohi dira biak. Nola sortu talde zabalak: ez du erraza izan behar hemen lan egitea.
Goros eta Bego ditugu gaur gidari, bailarakoak baitira izan, bertan bizi ez badira ere. Goros du gidaritza-lagun Patxik, bidaia-gida.
Baserri-koadro ederrak daude bailaran, mendia berriz dena da pinudi hemen ere.
LAUDIO. Eguerdiz. Berezko ertz naturala kenduz kareharrizko hesia jarri dioten ibai ertzetik heldu gara. Plazara jo dugu. Merkatu-txikia dago eta ertz batetan kokatu gara enkartelatuta herriko 10 preso eta errefuxiatuen argazkiak ere gurekin zirela. Dozena bat lagun bildu zaizkigu. Jendeak begiratu behintzat egiten digu. Ongietorri hitzak.
Ibiltari, argazkidun eta gainerakook ilaran jarrita itxura behintzat eman diogu manifari: kaleak zeharkatu ondoren merkatu-txikia ere erditik zeharkatu dugu orriak banatuz.
Atxikimendu eskaintza: asko landu dute atxikimenduena, Gestoko batek ere eman digu bere sinadura. Bada urtebete Presoen aldeko Plataforma lanean ari dela. Ordubatean bukatutzat jo dugu ekintza.
Zein da giltza, zein zerraila?. Ez dakit. Baina dagokion giltza aurkitu behar diogu sarrailari, eta askatasunaren atea zabaldu.
Laudion banatutako orriak euskaraz soilik zeuden: gaztelania zen nagusi plazan, herrian ere hala dela uste dut. Pozgarria da euskaraz izatea orria, baina testigantzaz harantzago zer balio du?, gehiengoa ez da enteratu ere egin orriek ziotenaz. Nik uste gazteleraz ere behar zutela egon orriok, euskarak diskriminazio positiboa behar badu ere.
Blanka ile-apaindegira joan zaigu, ba omen zuen eta ilea garbitu eta mozteko premia: panpoxa itzuli zaigu, ile mataza zuria motzago eta borobilduago.
URDUÑA. Irla bizkaitarra arabar lurretan, Arabako bigarren Trebiño. Urduñaren harkaizpean plaza sendoa, bi kanpai-hormadun harri argiko eliza bitxia, iturria erdian, plazaren alde osoa hartuz patio zabala duen garai batetako harrizko Aduana: plaza horretan genituen zain dozena erdiko taldetxoa heldu garenean, adoretsu eta alai; poteo erreibindikaria egin dugu kale estuetako tabernetan, pankartarik gabe oraingoan, baina bai slogana oihukatuz, kalexkaz kalexka, bazkaldu asmoz Mugalde Herrikora jo dugun arte.
Bazkaria. Berreskuratutako etxe ikusgarria da tabena, elkarte edo herrikoa, eskailera bitxi batekin, bera soilik ikustearren sartzekoa. Jantokia nolako, jakiak ere halako suertatu dira: sopa, garbantzuak, txipiroiak, okela gisatua, fruta edo gatzatua aukeran. Atleta behar dute zerbitzariak gora-behera ibiltzeko.
Bilera.
* Biharkoa zehaztu dugu: zer, non, nork.
* Gerora zer: ez dugu denborarik horretaz luzatzeko, gehiengoak uste du ezinezkoa dela talde bezala jarraitzea, Senideak-ekin jarraitu behar dugu, herrietatik hasi eta inguruan zabaltzen joan.
* Hitz onak eman dizkiguten pertsonei jarraipena egin behar diegu.
Azken erdian Blankak bereganatzen ditu atxikimenduak: honek ez du besoak aurrez altxatu beharrik, bere ilezuri eta gorpuzñoarekin kopina dirudi eta begiradak bereganatzen ditu.
Ekimena. Eguna agortzen ari dela egin dugu kale arteko ilara luzean plazara. 50 bat lagunek moltso polita egiten genuen. Aurreskua poxpolin batek. Lore sortaren oparia, azken hamarraldian bezala Blankak jaso du. Ongietorri hitzak. Txapliguak ere ikuskizuna izan da, ia jendartetik bota baititu oholtxoa erabiliz. Atxikimenduak. Ekitaldi xumea baina mina, sentikorra. Tomas eta Bitxori hizketan, egoki baina laburregi biak nire aburuz.
Ilara luzean mamitu da manifa antzinako jitea duten kaleetan zehar; arimarik ere ez zen ageri ez kaleetan ez gortina osteetan, kaniketan edo puxtarrian zebiltzan mutikoen ikusmina ere ez dugu esnarazi. "Eusko Gudariak" , "Gora Euskadi Askatuta" abesti eta sloganarekin bukatu zaigu ekitaldia.
Europako edo kanpoko edonor baletor, edo/eta edozein presoren gurasorekin egon, ikusiko luke zenbaterainoko gezurra den hemengo demokrazia.
Azken egunak; nahi gabe zuzentzen da begirada joan egunetara, baita aurrekoetara ere, pozik eta kezkatuta, gustura baina aldi berean ezkor:
* "Gora ETA" bakarrik falta zen bukaeran MLNVko ekintza zela adierazteko.
* Musikarik gabe, slogan bakarra, Martxakoa. Halaz ere uste dut beste ekitaldi-molde mota bat indartu behar dugula jendearengana heltzeko, oso azalean gelditzen direla manifak, egun bateko loreak direla.
* Hainbat herritan gehiengoak ez dauka argi Martxa hau Senideak-ena denik; uste dut ez garela ezberdindu beste manifeengandik. Jende asko ukitu dugu baina sinadura batetan soilik inplikatu da, hareago nola inplikatu hori da gure erronka, asmatu behar duguna. Herria nola inplikatu, hedabideak nola jarri gure mezuaren alde ...; bideak bilatu, jorratu, askotan bidea bera egin behar dugu. Gaur PNVren aurkako kontsignak ere bota dira: arrazoiak egon ba daude horretarako, zenbat!!!, baina nik nire militantzian indar asko galdu dut urte luzeetan horrelako oihuekin. Asko aldatu behar ditugu ohiturak, iritziak, zerbait zabalagora jo behar dugulako.
LAUDIO. Herrikon bildu gara. Kartel handietan bilduta dago herrian zehar atxikimendu denen zerrenda: ideia argia. Nereak bertan erosi duela ikusiz, "Ipuin berdeak" liburua erosi dut Herrikon, Ekimen Ibiltaria-ren oroimena gorde asmoz: ze oroigarri egokiagoa liburu ekologiko bat baino.
Plazan elkartu gara.
Manifa eginaz eman diogu hasera ekimenari. 40 mila biztanle, HB gehien bozkatutako erakunde politikoa, hainbat preso bertan eta inguruko herrietan, ... baina ezin izan ditugu argazki denak banaka atera, zenbaitzuk bina hartu behar izan baitituzte: bi ilara luzeak izan dira nolanahi, deigarriak, hunkigarriak, izugarriak.
Jardunaldia: txalapartaria falta da: preso dago, beste batek jo du bere ordez. Plataformako kide baten hitzak: hainbat talde eta elkartekoak daude bertan; EA eta IU salatu ditu. "Hator hator" trikitilariek abestuta: altuegi ibili zaigu bakarlaria. Langileen ordezkari bat. Krabelina banaren eskaintza. Mutil dantzari batek hiru dantza egin ditu, azkenik aurreskua. Lan asko egin duten sentipena dut.
Jon eta Josu hizlari. Josu gaur ere presoaren argazkia eskuan duela.
Giltzapean dituzuen presoen senideak ezagutuz, politikook espaloiko txakur zirinek baino gutxiago balio duzuen sentipena dut.
Baina, politikoen interes politiko bilakatu behar dugu beraiek bere legea betetzea.
Santik emaztearen bisita izan du. Begi irribarretsuko emakumea.
Afaria Herrikon, goiko solairuan, liburua erosi dudan berean. Porru-patatak, txitxarroa, odolosteak, fruta: zer baino zer gozoagoa, giroa ere aparta.
Enkarna, ohea eman diguna, ordu batera arte gelditu da Herrikon afariko ontziteria garbitu eta mahaia eta gainerakoa gosarirako gertatzen. Izugarria da hainbaten sua ez ezik barruko garra.
Ekimen ibiltaria
Goiz oheratzeak goiz esnatzea ekarri ohi du. Martxaren balantzea eginaz bete dut jaikitzerako ordura artekoa mantapeko epelean. Idatziz jarri dut hausnarketaren ondorioa:
Baikortasunerako:
* Pauso bat izan da gutxienez Martxa Senideak-en helburu, lehia eta borrokan.
* Sortu den elkarrekiko ezagutza, lotura, kidetasuna, konfiantza.
* Jarraitzeko erabakia, kalean egon behar dugula uste sendoa.
* Egoera eta pertsonen ezagutzak ematen duen indarra eta erabakia.
* Zonalde askotako ahultasuna ezagutu izana: errealista izan beharra.
* Gure helburuaren etorkizuna plataforma zabaletan dagoela uste sendoa.
* Presoekiko familiartekoen harrotasuna: idealista batzuk dira.
* Gure ekimenaren alde aurkitu dugun giroa, babesa eta indarra.
* Hainbat politikoen jarrera humanoa, baliagarria: ez dago dena galduta eta kutsatuta.
* Sortu diren hainbat plataforma.
* Heldu garen sektoreak.
* Senideonekiko solidaritatea, elkartasuna.
* Herri guztietan egin den ahalegin eta lan ikaragarria.
* Joera eta jarduera kaltekorren ezagutza bera ere baliabide positiboa bilakatzen da.
Ezkorrak:
*"Aurrerantzean, kalean jarraitzeko zer" hasieran jarri genuen helburuari jarraipenik eta irtenbiderik aurkitu ez izana.
* Senideak-ekin lotura duten arazo politikoak eztabaidatu ez izana, ez ezer erabakitzeko, bai gure heldutasuna eta lotura areagotzeko, elkarbizitza sakonago ikusteko.
* Jarraipenerako nolabaiteko gure arteko loturarik bilatu ez izana, zonaldeka edo beste nolabait, egunotako aberastasuna galdu ez dakigun.
* Agintariekiko mesfidantza: hitz hutsak nahiz onak, firmarik eza.
* Hainbat agintari, elizgizon eta sektore ukitu ez izana.
* Gure mezua zabaltzeko mugak gainditu ezin izana.
* Hainbat guraso eta senide oraindik mobidan ez daudela jabetzea, ez baitira agertu.
* Alde dagoen hainbat jende leihoetatik begiratzera mugatu izana, kalean elkartu gabe: ez dugu mugida behar adina herritartu.
* Herrietako antolaketan egin ditugun akatsak, manifa isilik eza, musika, tarte hutsak, ... batez ere ahul edo noraezean zeuden herrietan.
* Eusko Gudariak, zenbait pankarta eta slogan, ez ziren herritargo zabalagoa erakartzeko sinbologia zabalekoak.
* Elkartetxe bat bakarra izana aterpe, Batzoki bat bera ere ez.
* Zenbait herritan nabari zen presoen aldeko mugidaren ahultasuna, bai antolakuntza bai lan aldetik.
* Atxikimendu ugarien atzetik zer borondate konkretu dagoen ez jakitea, edo ahula delakoaren sospetxa.
* Hainbat herrietan ez dugu lortu manifa isila, Senideak-en musikaz edo martxako slogan bakarraz: zenbaitetan gu geu ez garelako aurreratu esplikatzera beraiek jarraitu diote herriko ohiturari.
Aurera begira
*Zonaldeka edo nolabait, baina egunotako esperientzia eta lortutako elkartasuna eta gogoa erabakigarria bilakatu behar da, zerbaitetan gauzatu behar da.
* Altxor bat pilatu dugu eta ezin dugu bertan behera baztertu edo galdu.
* Jarraipena behar du egunotan ikusitakoak, egin dugun herrietako ezagupenak.
* Elkarte, Talde, politiko eta pertsonak interesatu behar ditugu. Beraientzat, konkretuki, konpromiso guneak aurkitu behar ditugu.
* Herriak eta pertsonak indartu.
* Senideak-en gure konpromiso eraginkorra gauzatu behar dugu.
* Autobus-kideon nolabaiteko lotura lortu behar da zonaldeka besterik ez bada, denona ezinekoa denez, bortxatu gabe, inguru naturalari edo hurbiltasun psikologikoari begiratuz.
* Senideen bizipen zuzenak zuzenki hurreratu behar dizkiogu bai herriari bai politikoei; gu geu hurreratuz, urrun eta hotzegiak gelditzen baitira mikro eta idatziak. Gure bizipen garratzak denera helarazi behar ditugu.
* Baina ez eskean ez negarrez, errealitatea azalduz soilik.
* Zerbait konkretua pentsatu behar dugu, talde bezala edo Senideak bezala; zerbait ezberdina, orijinala eta deigarria. Ez da erraza. Gose greba eta baraua oso erabilita daude, asteburuko jardunaldi batetarako egokiak badira ere. Zaila da. Horregatik ezin izan dugu konkretatu baina zerbait asmatu beharko dugu. Funtsezkoa dugu.
Badugu lana!!!.
Taberna batetan gosaldu dugu.
Bilera: Gaurkoa egun bizia izanen da: Bilboko prentsaurrekora Josu eta Jonez gain Bego eta M-Luisa ere joango dira taldea borobiltzeko gutxienez. / Leioako Unibertsitatean hainbat ekimen dago, elkarrizketa eta hitzaldia batez ere / Erandion elkarrizketa pila. / Hitzak: Bitxori, Santi, Dodaka, azkenekoan Blanka.
Egunez goaz gaur atzo gauez egindako hainbat parajetan. Gatikan garbi ageri da aberaskumea dela nagusi Mungialdean, eraikuntzari begiratuta behintzat. PPkoak ere azaleratu omen dira, ugari, sagar ustelak bezala: ingurua kutsatu da, giroa bigundu.
Paskualek mila kontu interesgarri ditu haritik tira ezkero.
UNIBERTSITATEA. Josu txoferra ibili zaigu bere kamioneta, pankarta eta orokin errepide sarean galduta, Algortaraino joan omen zaigu. Ikasle piloa bildu zaigu sarreran, Lujanbio eta Enbeita neska bertsolariak tartean ikusi ditut; gu ere egon gara zain, luzaroan nahi eta ez; haizea fina dabil eta itxoina hotza da. Sarreran ere funtzionario izan nahi ez dutelako borroka luzean dirauten irakasle despedituekin egon gara, beraiek prestatutako hiru bertso kantatu ditugu han geunden denok:
Barrukoak maite ditugulako,
senide martxista maitagarriei kantatuak.
Martxan dabiltzalako
eskerrak emanez,
Kantatuko al dugu
lagunen omenez?
Lurraldekotasuna
lortzeko kemenez,
zapaldu dute euskal
lurraldea oinez.
Helburuen artean
jo dute Leioa,
nolatan ez eskaini
eupada beroa?
Gure besarkada bat
airean bihoa,
zabal dezaten laster
kartzela-leihoa.
Ikusi hutsak sortu
digu hotzikara,
baina barrukoenaz
ezin da konpara.
Eutsiz gero, geroa
ziur gurea da,
baurruan daudenekin
fidatzen baikara.
UPV/EHUko irakasle errepresaliatuek
Bertsolariak sarreran. Manifa egin da Kanpuseko eraikinen artean, 600 argazkiekin, goian zeuden ikasleek harridura aurpegiz begiratzen zuten.
"Klasean nahi ditugu" zioen pankarta batek.
Ikasgela batetan egin da elkarrizketa edo hitzaldia: Maialenek bertsoak bota ditu, neska batek esan du Unibertsitate barruan ez dagoela adierazpen askatasunik, ezta demokraziarik ere, Espainiako demokrazia bete egin behar dela, legeak bete egin behar direla, ...
Blanka eta Klari izan dira ibiltari hiztunak.
M. Luisa, Bego, Josu eta Jon dekanoekin egon gara, Manuel Tello izan da bat, Josuk beste gerra batzuetatik ezagutzen zuena, ez dakit denak dekanoak ziren ala eskalafoiko beste gradu batekoak: hitz onak jaso ditugu, presoen ikasketen alde ahalegintzen direla esan digute eta hala da nonbait, baziren erabat gurekin zeudenak, erretoretza edo zerbait horrelako bilera batetan mahairatuko dutela gaia esan digute. Irakasle bat arduratu da harremana ziurtatzekotan.
Ikasketak egiteko hurbileko tutoretza behar dute presoek, eta hori hurbil egonaz soilik lortu daiteke. Euskararekin ere hainbat oztopo eta luzapen dituzte Espainiako kartzelatan.
Martxa hau izan da gure Unibertsitatea. Denok ikasi dugu asko. Hainbeste astindu ditugu ideiok egunotan, ze bakoitza gara gai edozein mahai-inguru edo irratsaioko elkarrizketetarako, matazari tiratuz edonork jarraitzen dio hariari.
Jose izaera berokoa da, nortasun handikoa. Atzera gelditzen ez dena.
Prentsaurrekoa Bilbon. Kafe Antzokian. Lau martxistok eseri gara mahaian Ane, Senideak-eko liberatuarekin, ezustean aurkitu dugun aspaldiko ezaguna bera; atzean ehun bat presoen guraso eta senide talde trinkoa osatuz. Ez da kazetari eta kamara askorik etorri. EGIN, EGUNKARIA, ETB, eta besteren bat soilik. Anek egin du aurkezpena, nik irakurri dut prestatuta zegoen agiri edo deklarapen bat euskaraz, Josuk agiriko ideiak errepikatu ditu gazteleraz, pare bat galdera, eta bukatu da.
Balorapena positiboa da, alde baikorrak eta ezkorrak azaltzen dira: milaka herritarren elkartasuna jaso dugu, alderdi, sindikatu eta pertsona ezberdinen atxikimendua ere bai, baina oraindik gai honekin inplikatzeko hainbat jenderen beldurra sumatu dugu; aurrera egiteko borondatea erakusten dugu, ekimen hau hasera besterik ez da; eguneroko gertaerak gogorrak badira ere ezin gara gelditu, pausoak eman behar ditugu eta eguneroko gertaerek ezin gaituzte baldintzatu. Azkenez hilaren 20ean, Ekimen ibiltariaren amaiera dela-eta mobilizapen isiletarako deia egiten da.
Bildutako senideekin egon gara ondoren: martxaren berri eman diegu eta solasean aritu gara; hainbat senide ezagutzen genituen martxak zeharkatu duen herrietatik.
Tomas elkartu zaigu bertan. Salda tabernan, eta lagunen bila hasi gara bostok Erandion zehar, ni txofer eta Josu gidari Iñakik utzi digun kotxearekin: "Caminito de Erandio" abestu dugu bidean: Imanoli letra bidali zioten bere deklarapenei ekin zionean. Getxotik ere pasa gera: ezberdina da bertako paisaia urbanoa: txalet, jauregi eta eraiki dotoreak; hemen ere aldatu da egoera, jauntxoak Madrid edo hirietara joan baitira, bere etxebizitza dotoreak Banku eta antzerakoei salduz. Sopelan aurkitu ditugu lagunak ekimena bukatuz manifan zihoazela.
ERANDIO. 60 pertsona inguru bildu da, ikurrin askorekin. Atxikimenduak. Pleno aretoan egon dira ibiltari denak, jendez beteta zegoen: HB, EB, EA; EAkoak hitz egin du nagusiena zela irizpideagatik; ez dute plenorik egin alkateak agindu zien bezala; PNV, PSOE, PP deskolgatu egin dira atentatuarengatik; EBk kritikatu egin ditu ez kolaboratzeagatik agertu ez direnak, eta berak izenpetu du 5. puntua ezik; preso denak behar dutela Euskal Herrira dio; hiru partiduak ados daude aurrera egin behar dela, Estrasburgora joan, alegia: egiteko prest daude orain bertan.
Klarak eman die sufrimenduaren berri
Patxi-Balentin-Klara alkatearengana: honek beste ildo batetik sartu nahi izan du baina HBkoak bideratu du elkarrizketa; Klarak agertu dio egoera, bera ahaleginduko dela-eta geratu da alkatea.
Iñaki eta ? Cables y alambres empresara: Komitearen atxikimendua, ondoren nagusia etorri zaie loreak oparituz. Batek hitz egin du kartzelatik aterako dituztela esanez: "nirea ez dute aterako, hil egin baitute" bota die Iñakik.
Martin-Justo apaizarengana: ez da batere ondo joan elkarrizketa politikan sartu nahi izan baitu apaizak, baina firmatu du.
Agintariek ez dute ezer oparitzen, denon lana da presoak etxeratzea.
Hitzen gainetik, arropen dotoretasunaren gainetik ikusten da nortasuna eta dotorezia nork duen : dotore jantzitako zenbait alkate eta zinegotzi biluzik gelditzen ari zaizkigu, batzuetan mutu ere; hitzen oskol politaren barruan berehala aurkitzen baitugu edukiaren ustela edo fruiturik eza.
"Zer lortzeko ?. Ezer lortuko ote?, noiz?" galdetu du batek irakasle despedituen borrokari buruz. "Eta guk?. Baina hemen gabiltza" erantzun dio M. Luisak.
SOPELA. 3 pankarta (ikasleena bat). Txistua, txalaparta, dantza, bertsoak neska mutilek, atxikimenduak 7 neska irribarretsuk dantzan hurreratuz eskainiak, “ Hator hator” txistulariekin abestua, loreak, txalaparta. Manifa Mikeletxe Herrikoraino kaleetan zehar. Rifi-fafea egon da manifarekin haserre jarri den neska auto-gidari presatiarekin. Koadroa oparitu digu HBk, bere presentzia M. Asunek.
Blanka-Paule joan dira Getxoko alkate jeltzalearengana. Zorrotz egon da. Ados dago baina ez du firmatuko Senideak-engatik datorrena, baina orriak dion dena egingo du. Duen erantzukizuna aitatu zaio eta hitzetatik ekintzetara urratsa emateko eskatu.
Euririk edo hotzik ez denean, haizea.
Sopelako parrokoa zen nire Zamorako kartzela-lagun mina, kartzelako utzikeriak hil zuena. Nikola Telleria.
Maria Luisa katarroak jota dago, Martzialek trankazo izugarria du, Tomas eta Martin ukituta, beste askok ere hala daudela dirudite: banan-banan denok eroriko garela diote ezkorrek.
BARRIKA. Itsas gainean, leku paregabean, etxe solteak osatzen dute herria. Aukera gozoa jarri digute bazkaritan: indibabak sakramentu guztiekin, bakailaoa piperrekin edo saltsan, sagar pastela, flana, gazte pastela: pertsona ezberdinek egin dute jaki bakoitza, doan oparituz. Maria Asun izan dugu sukaldari, zerbitzari, mahaikide, lagun, ....
Negar egiten duenik ere bada herrietan: bizirik dago presoekiko sentipena.
Josuren aitaren ondoan bazkaldu dut. Gizon bizia, betiko borrokalaria. Harro dago semea alaba suhia "peleones" atera zaizkiolako.
BERANGO. Jende oparoa bildu gara Eroski Supermerkatuaren aurrean, gehienak enkartelatuak. Firma bilketarako mahaia ate aurrean. Baina ia jenderik ez da sartzen gauden atetik eta inork ez du paperik izenpetzen, baina saltoki barrutik ikusi ikusi gaituzte behintzat, enteratu ere enteratuko al ziren nortzuk ginen eta zertan genbiltzan. Atxikimenduak.
Paulen ilobek marraztutako globo batzuk oparitu dizkigute.
Santi izan da hitzen arduraduna.
Babes juridiko eta gainerako eginbideak eroso bete daitezen, epaiketa zuzena bermatzeko hemen behar ditugu pesoak.
Herrikoetan egoten garela esaten dute, baina zer egingo dugu beste partiduek hitza besterik eskaintzen ez badigute. Hitz soilek ez dute ez aterperik ez ogirik.
Santi mitinlaria da, tonueran, esakeran, bai erakusten duen patxaran; agian ez da oraindik plazagizona. Sentiberatasunak zapuzten omen du.
GETXO, ROMO, AREATZA. 50 bat inguruko taldea. Pankartekin egon gara, jende-pasa biziko plazan ozena dela Senideak-en musika. Atxikimendu batzuk, guti. Bertan ilundu zaigu. Ilaran joan gara gero denok Kultur Etxeko plazara, bertan egon gara 15 minutuz argipean, dabilen jendearen ikusmiran, ikurrin eta bertako presoen argazkiekin: enkartelada bat izan da, besterik gabe. "Branka" Elkarte edo Herrikora luzatu dugu ibilia bertan bukatuz ekintza.
Preso orori legeak eskaintzen dion astean bi aldiz bisita edukitzeko eskubideak nahitaezkoa egiten du presoa familiarengandik hurbil egotea.
Adin txikiko seme-alabak, adin handiko gurasoak, egun osoko bidaia arriskutsuetan!!!.
Hainbat herritan uste izan dute guk geuk jasotzen ditugula atxikimenduak ekitaldian: ze zaila den kontsignak eta plangintza ulertaraztea, elementalak izan arren. Gure lana nola egin ikasi behar dugu bizi ditugun baldintza eta zailtasun hauetatik, horrelakorik berriz gerta ez dakigun.
Begori hainbat lan eta buruhauste eman diote argazkiek. Berak erabaki ordez denokin kontatzen du. Aukeratzeko erakutsi, testua kopiatu, fotokopiatu, kartazalak egin, izenpetzeko gertatu, bidali, kobratu ... uste den baino zeregin luzeagoa.
ALGORTA. Zain dugu jende-taldea parke edo oinezkoentzako kale zabal batetan. Leiho batetik txaloak ere jo dizkigute. Musikak betetzen du aire zabala, elkartuon txalo zaparrada, aupadaka sloganak, pankarta ostean gordetako ibiltarion plazaratzea ikuskizuna ere izan da bonbillek argitutako gauean. Txistua. Argazki guztiekin manifa plazaraino kaleetan zehar. Giro ederra dago, giza giroa batez ere. Bi ilarako manifa luze zirraragarria. Herriko plazan sartzean “kalera kalera” abestu da txistulari taldearekin, eta argazkiz bete da plaza, ikuskizun paregabea bilakatuz. Txalaparta. Harrera hitzak. Bi bertsolarik ekin diote doinu hunkigarria erabiliz: "Batzuek eman behar dugu zerbait besteak dena ez emateko". Atxikimenduak: guti. Haritz orri bana oparitu digute ibiltarioi, baita zapi bana ere. Dantzariak: "Aldairak", Zuberoako dantza ederra, eskusoinua musika egile, giza soka luzea atera da dantzara plaza erdian borobila eginez, umetxoak tarteko, Iparraldean baikeunde.
Abesbatzak "Hator hator", eta, bukatzeko, denok abeslari "Eusko Gudariak".
Jon- Blankaren hitzak.
Alkateak, ez gaitu hartu nahi izan.
Agintariek arrazoia dugula aitortu behar izan digute.
Ez dira ez elkarte arruntak ez sukaldari arruntak, presoen arazoa bizi dutenak baizik, elkarteetan afari zein bazkariez arduratzen direnak.
Klariren alabari oparitu diot nire haritz orria: aitak ezin duenez sikiera aitaita batek. Tomasek bilatu du herriko neskato ezagun bat, nik ostera Felix aspaldi ikusten ez nuen maisu-kide elgoibartarra.
Afaria. Txoko Arrigunaga Elkartean. Laztan eta besarkada beroz eman digute ongietorri beroa. Jende heldua zen gehien bat bertakoa, gurekin parekatzeko edo. Herriko jendea ere ugaria zen afaltzen gurekin. Gu gutxiago ginen gaur afaltzeko etxera joan baita Ezkerraldeko jendea. Porrusalda gozoa bakailao puskekin, legatz frijitu aparta, mazedonia. Izugarrizko umorea eta mugimendua zuen bertako jendeak, bai gizonezko bai emakumezkoek.
Lagun artean sentitu gara. Bazen emakume soinujolea ere. Abestu, batzuk dantzatu, ... giro alaia eta lagunarte aparta eduki dugu.
Erabateko zirrara egin dit han zebilen emakume batek: 6 urte egin ditu kartzelan, bakarrik eduki dute, kartzelan ez ezik ziegan ere, hiru urtez!. Izugarria izan behar du; epailearen askatzeko erabakia kartzelara heldu arren barruan eduki zuten hiru egun gehiagoz!!! familia mugitu zen arte. Madarikatuak basatiok!.
Afaritan zen ere urtebete kartzelan egondako emakume bat, alarguna omen: semea du kartzelan baina lau seme zituen kartzelan bera ere barruan zegoenean: erabat hunkituta egon naiz.
Pankarta bat herri batetan: "Jarrai, HB, Senideak, Gestora": uste dut horrela markatu egiten gaituztela, Senideak zerbait zabalagoa izan behar du, eta da izan.
Iñakiri semea hil zioten.
Eli eta Imanolen etxean lo egin dugu: Helduak dira biak, nagusiak ere bai. Hunkigarria da horrelako jendearen etxean egotea: 6 urtez dute semea preso Frantzian. Sukaldeko horman dago argazki handia nabarmen, austero, ez koadro eta ez ezer, biluzik bezala, zuri-beltzean, absentziaren gordintasuna nabari; lo egin dugun mutilaren gelan hainbat argazki daude, bertan zebileneko ohizkoak: semea presente dago etxean, barru-barrutik eragiten du presentzia horrek edo semeak uzten duen etxea bete ezinak. Sufrimendua eta harrotasuna.
Ekimen ibiltaria
Pilak kargatuta dabilzkit, beste urte erdirako behintzat. Hainbat buelta ondoren Lezaman lotu gatzaizkie autobus-kideei.
Paskual dut Lezamara arte gertatutakoez berriemaile.
Ondarroan gosariko bilera: gaurko bikoteak, Klara/Dodoka, Maribi/Jose, Justo/Martin. Hitz egiteko ni naiz gaurko aukeratua.
TXORIERRI
SONDIKA. Bakar guti batzuk zeuden ibiltarion zain; 10 bat minutuz egon dira ekimenean. PNVkoa da alkatea, ados omen dago baina izenpetzeko paperik ez dute eraman, izenpetuko omen zuen bestela(?). Hamarretakoa: tortilla, txorizoa, antxoak, ...
Hildakoak, istripuak, arriskua, gauez, luze, garestia, ... bidaien bortizkeria: senideoi jarritako kondena; kezka: presoei ezarritako kondena gehigarria.
Ibiltari berriek lehen unetik erakusten dute lanerako prestutasuna, zerbaiti heldu beharra, edozertarako gertu. Ikusten da borrokan zaildutako jendea dela, kartzelatako ateetan eta seme-alabak ikusteko kartzelariekin lehian gogortu egin direla. Harro daude seme-alabez. Urteak daramatzate seme-alabok defendatzen, berdin bere seme-alabak ikusteko eskubidea defendatzen. Sistemak eraso egin die senideei ere, gogor eraso ere, beraz defendatu behar izan dute, gogor defendatu ere. Horrek borrokalari bilakatu ditu beraiek ere.
Tomas elurrak blokeatuta dago etxean guregana heldu ezinik.
DERIO. Klara-Dodoka alkatearekin: hitz onak, ostegunean emanen du atxikimenduari buruzko erantzuna. Institutoa: 14 gazte eta 6 heldu bildu zaizkie; beldurti zeuden itxura hartu diete begira ikusi dituzten ikasleei, ez baitira hurreratu ere egin; ez omen mugidarik ikastetxean. Institutu alboan den eskolan irakasleek eraman egin dituzte barrura umeak, ez zuten nahi ikusi gintzaten ere: zeren edo zeinen beldur ote?. Egon dira atxikimendu pertsonalak.
M. Luisa eta ni egon gara ibiltarioz galdezka Institutuan, martxa-kideak egon ondoren gainera: ez zekiten ezer, ez omen dute entzun ez gentozenik, ez egon direnik: gurekin egon den neskak bazekien arratsaldez Larrabetzun egotekoak ginela, "zerbaitetarako balioko al du" erantsi digu.
Altxor izugarria dugu kartzelatan. Era guztietako krisialdi honetan ezin dugu altxor hori alferrik galdu. Presoak ekarri egin behar ditugu.
Txorierrik galdu du zuen xarma. Erabat industrializatu da.
Jose, tarte libreren bat bada han galduko zaigu txikitoren bat hartu asmoz, Iñaki duela bikote.
LEZAMA. Ez du etxe-moltso edo kaleek sortuzko etxadi bildurik. Oxangoiti elkarte edo Herrikon aurkitu ditugu lagunak. Gure poltsek abenturak bizi omen dituzte, Ondarroan ahanzturaz galduta kotxez Txorrierriraino bidaiatuz. Hegazkinak ditugu kalpar gainean. Kotxe-hotsa ere burrunbatsua da ekimen denboran errepide alboan baitaude udaletxea eta plaza. Hotz egiten du. 12 pertsona genituen zain. Giroa xumea da baina badu bere xarma. Harrera hitzak, atxikimenduak: PNVko alkateak ez du Senideakrekin inolako harremanik nahi.
Jon hizlari.
Manifa arraroa izan da gaurko hau: guztira ere guti ginen, taldetxoa, ilaran pankarta handiekin, etxe solte ez hain txikien artean sugearena eginez herriko bat buru genuela ibilbidea zuzentzen, bakarti, gortina atzean ere ez genuen inor ikusten, kalean arimarik ere ez, gure oihu etengabeak galdu edo indargetu egiten ziren, eliza ingurutik joan gara, errepidea zeharkatu dugu, errepideari jarraitu diogu alboko espaloitik, ... Azken pausoetan Farmazeutikoa atera zaigu farmaziatik Ekimeneko pankartatxoa eskuan astinduz: piztu gaituen goizeko aire epela izan da bera.
Presoek hitzik ez dutelako gu izan behar dugu beraien bozeramaile.
Autobusa irtetear, tartean sartu den gazte motordun batek kolpe gogorra hartu du kotxe baten kontra gure alboan.
Aho fineko bihurtu gara, agian ginen: izan da ez dakit ze eguneko legatza freskoa ala izoztua zen solasaldia, holakoetan ohi den dastamen finekoen hizkera adituan.
Paskual egun osoa nota hartzen aritzen da eta hala ibiltzen omen da herrian eta non-nahi baserriz baserri. Denez interesatzen da, denez du jakin mina, zehatzak hartzen ditu notak.
ZAMUDIO. Eliza berritzen ari dira eta dorre eder bat berristuta dute gune atsegina sortuz. Dozena bat lagun Herriko aurrean. Hotz egiten du.
Lora sorta. Gazte batek hitz egiten digu bi hitzez labur: "ongietorriak, hotz egiten du eta hobe barrura sartu".
Jon hizlari.
Agintariak berotu egin behar ditugu, gure txingarra ere gar bihurtu, herria bera sutan jarri, orduan ekarriko ditugu presoak etxera.
Bazkaria Herrikon: entsalada, babarrunak sakramentuekin, odolkiak / legatza aukeran.
Atxikimendu bat; atxikimenduaren ordez pastelak opari dizkigu irakasle batek. Errukituta bezala barrura sartzeko proposamena egin duen zerbitzaria gertatu zaigu: ze sustoa hartu behar izan duen gure errotak babak ehotzen ikusi dituenean.
Luze joan da bazkal ostea. Hitz zirimola zen mus-aldia. Goros eta ni orduketari buruzko gaizki-ulertze bategatik ia ordubete beranduago heldu gatzaie, ibilaldi bat egitera joan baikara: eta ez zaizkigu haserretu!!. Adarra jo diote nori eta Gorosi, errua nirea bazen ere, nik uste bainuen beranduago zela autobuserako ordua.
Egunkarien laburpena irakurtzeko proposamenak huts egin du: denok ere irakurtzen ditugu egunkariak, bestalde ez da tarte egokirik eguneko zurrunbiloan.
Klarak galdetu dit, barretxoa ezpainetan, agintariak berotze hori zer zen.
LARRABETZU. Jesus apaiz zegoeneko kartzelako kontakizunak gogarazten dizkit herriak. Euria eta hotza. Hogeikote bat zain guardasolpean plazan.
Atxikimenduak, loreak, zinegotzi baten hitzak.
Kartzelaratu berri baten aitak hitz egin du. Alkateak ez du gurekin hitz egin nahi, herriko presoen familiakoekin bai: pauso bat urrera omen.
Jon hizlari.
Nahitaezkoa da militantzia, konpromiso formala, presoen gaia aurrera ateratzeko. Lan serio, sakon, gogor eta iraunkorrak soilik aterako ditu gure presoak kartzelatik.
Kartzelaratu berriaren aitak ez daki euskaraz eta erdal azentu izugarria du; zirraragarria, norbaiti malkoak ateratzerainoko hunkigarria, izan da: PNVko jende euskaradunak ez gaitu hartu ere egin nahi eta kanpotik etorritako aita harro dago bere alaba herriari eta askatasunari eskaini diolako.
Herrikon komuneko atea panfleto eta kontsigna lekua da: "Palencia Euskadi da " dio batek.
Atxikimendu gutxiago Bizkaian, ia batere ez Txorierrin. Zerbait motel dabil.
Josuk ahots atseginkorra du, gustura entzuten zaio bere hitzaldietan.
MUNGIALDEA.
Elurra bertan dugu, beheraino zurituta daude pinudiak.
MUNGIA. Kale galduetan ibili gara, herriko jendea non ote; antolakuntza kaskarra edo jende guti; ez dugu nork lagundu edo nork zuzendu, hainbat aldiz galdetu behar izan dute Patxi eta Josu txoferrek nora eta nondik. Hainbat aldiz pasa gara leku beretik. Azkenik Mungian ilundu zaigu noraezeko egonean.
Handia eta zabala da Mungia. Gabonetako argiak piztuta daude. 5 graduko hotz-beroa: Justok, berak ere, jantzi egin du txamarra. Jende guti dago plazan azkenik bertara jo dugunean; 10 pertsona, erdiak Larrabetzukoak. Ez dira nonbait organizatu, bertakoa den arren kartzelan luzaroen dagoen presoetariko bat. Lora bana oparitu digute. Txapliguak. Harrizko abside zirkular sendoa plazara duen elizako kanpaiek mezetara deitzen zuten. Ez dute ezer antolatuta: bazen nonbait Gatikatik karabana egiteko asmoren bat baina bertan behera geratu da; gainerako ekintzak ere. Plazan elkartuko gara 8etan azken ekitaldirako.
Herrikon luzatu dugu epelean zortziak arteko ordubetea. Gure barneak ez dira berotzen: ekimenean zerbait motza eginen dela diote.
Txoriherri zonalde borrokalaria zen duela 20 urtetako garaian, borrokalarien haztegia, nortasuna eta bizitasuna zuen. Gero espekulazioa etorri zen, etxebizitza berriak, txaletak, industrializatzea, ... nortasuna galduz joan da, organizaziorik ezean murgilduz joan da, ez da mezua herrira heltzen, ez da mezua zabaltzen, alkateak egin dira gailen, ... Hori dena igarri egiten da.
Klasikoak bihurtu zaizkigu Nerearen lo-kuluxkak autobusean. Isiltasunez errespetatzen dute albokoek, maitekor; telefonoak ez ordea.
Plazan. Jende multzo polita elkartu gara azkenik.
Txalaparta. Koplariak gaurko gaiari lotuaz bere jarduna. Preso baten alabak eman du agurra. Medium (?)en arrebak irakurri du komunikatua. Presoak Etxera Plataformako Ezker Batuko partaidearen hitzak. Atxikimenduak. Ekimen polita gauzatu da.
Jon hizlari.
Bi ilaratakoa, -argazki denak kalean izango ez ziren arren- manifa itxurosoa izan da. "Eusko Gudariak" abestuz bukatu dugu: biziki maite dudan arren abesti hau, batez ere Burgosen epaile militarrei abestu genienetik epaiketa apurtuz, mugatzailea iruditzen zait ekimen honetan, hobe zen "kalera kalera" edo beste antzerakoren bat. Badira "Eusko Gudariak" abesteko eta ukabila altxatzeko aukera egokiagoak hainbat ekintzetan.
Plataforma zabalak edo herriak asmatuko duen zerbait zabala jaso behar da herrietan, hor etxeetan bizi den jendeteria, hemen ez dagoena, presoak etxeratzearekin inplikatu dadin.
Herriko eta elkarteen izenak erreparatuz gero, ikas daiteke izenak jartzeko herriaren irudimenaren aberatsa.
Jose Antonio Madari izan dugu gurekin azken ekitaldian; ez nuen ezagutzen. Nire kartzela-lagun Jose Mari Madari besarkatu ahal izan dut.
Afaria: porru-patatak, bakailaoa tomatearekin, polboroiak, almibarreko melokotoiak, intxaurrak, hurrak.
Bihar Bilbora behar dut Josurekin Ekimenaren balorapena eginezko prentsaurreko batetara.
Kontxi izeneko neskak eraman gaitu lotara bere ahizpa-koinatuaren etxera. Bizkorrak eta biziak bi ahizpak, isila eta jatorra mutila. Nola eskertu diegun berehala ohera joaten utzi izana, besterik gabe horrexegatik maitagarriak egin zaizkigu: koplarik gabeko lagunak!.
Ekimen ibiltaria
Herrikon egin dugu bilera gosari ostean: Manifak nola egin argitu dugu berriro ere, batez ere berriek jakin dezaten lehen hamar egunetan erabakitakoa; beste hainbat jokabide ere komentatu ditugu. Santurtziko neska batek azaldu digu nola lan egin duten ekintza gertatzen: saiatu egin behar da, denboraz eta aurrez hasi, jarraitu, ekin eta ekin, lehenengo porrotean inor ez galdutzat eman.
Martin-Justo, Dodaka-Balentin izanen dira gaur elkarrizketarakoak.
Ramon Labaien, PNVkoa, izan genuen publikoki Senideak-en alde Donostian, Andolin Eguzkiza EAkoa, Santurtzin. Baina bi alderdiek ez dute busti nahi: ez ote Martxarekiko alderdion betiko joko anbiguo, ahobikoa, maltzurki lausoa?.
Sei bat dira taldeko puru erretzaileak, baina Elias da kastadun erretzaile bakarra, purua berezkoa duena: eskaintzen ez badiote ere bazkal orduan beti darama bat patrikan; besteek ostera, dagoenean bon-bon. Bazkalondoko presakako batetan seiak sartu ziren autobusean puruari tira eta putz, dena ketu zuten arte. Gehiegi barkatu genien, “hurrengoan horrelakorik ez” aholkuan geratu zen protesta.
GERNIKA. Foruen Plazan izan da ekimena. Gazte pila. Enbeita bertsolaria ere jendartean dago. Alberto eta Begoña, lagun minak, ere bai. Goiz hotzean lurrun bihurtzen zaigu arnasa denoi, 12 graduek gutxiago dirudite hozkirri dardaratian. Errepidean bertan denez, zarata handiegia da ekimeneko jarduna garbi entzuteko; anbulantzia bat ere pasa zaigu sirena joz. Kaleko jantzitako 2 neska-mutilek egin dute ongietorriko aurreskua. Bi neska bertsolari. Atxikimenduak ez dira asko izan. Gazte artean beti bitsetan dagoen Justori gaur ez zaio ondo entzun bere arenga. Manifa: lortu dugu atzetik ere megafonia izatea, horrela denek dute musika, eta errazago lortzen da isiltasuna. Eskolaurreko neskakoskorrek jarri dute ukitu alaia eta goxoa eskutxoez agur eginaz. Ortuariz eta jendez gainezka eta pil-pilean dagoen Azoka alboan eman diogu bukaera, Ibonek bertara garraiatuta zituen panelen aurrean.
Gora gu ta gutarrak!!!.
Arazo handiak daude herri handietan herritarrei mezua eta kontsignak helarazteko, herri txikietan baino handiagoak, hedabiderik ez baitugu, telebistak eta egunkariek baztertu egiten baikaituzte. Bide berriak asmatu beharrean gaude.
Justok beti du erantzun argi bizigarria edo tamainakoa esaten zaion esaldi bakoitzari; bertsolari sena du, gustatu ere gustatzen zaizkio bertsolariak.
Herrikon hartu dugu kafe bana. Luze doa denbora eta zereginik gabeko orduak aspergarriak ez ezik denbora galdua ere iruditzen zaizkigu. Bada gaur muturra okertzen duenik gure artean ezerez honetan.
Enkartelada. Ikasleek bi orduko paroa dute gaur HBko Mahaikideen atxiloketa dela arrazoi. Enkartelatuta daude eta beraiekin jarri gara ordu erdiz gure pankarta zabalduta. Eguerdi eguzkitsua da, ez, baina, epela.
Ereñozar, aspaldiko laguna, gain zorrotz eta artez berde, ermita du txapel, malda barreneko erraietan Santi Mamineko koba gordetzen duelarik.
Gernikako moteltasunak jo egin gaitu geu ere, motel, isil, ia lo goaz autobusean.
Iñaki isila baina lagun ona eta atseginkorra.
BERMEO. Jende mordoxka dago zain portu alboan kaminertzean. Emakume nagusiak dira gehienak, batzuk negarrez, baina denak oihuka eta kementsu. Txapliguak ere bonbak ziren hemen. Lora eskaintza: "gizontxue" hunkitua esan dik krabelina eman didanak.
Manifari ekin diogu herri barrurantz. Gazte talde bat dugu zain bere pankartarekin, manifan elkartzen gara beraiekin. Kale zaharretan goaz ozen, andreak zirela batez ere eztarriak urratu arteko zaratatsuenak. "Ala gixonok, gogor hil arte!" entzun diot espaloiko emakume bati. Eliza eta Udaletxearen tartean dagoen plazan bukatu dugu.
Udaletxean. Udaletxera igo dugu ibiltari eta herritar gehienak, pankartak herriko zenbaiten eskuetan utzita. "Hator hator" kantatuz egon gatzaie zain alkate zinegotziei. Eskatzen dugunarekin bat egiteaz gain koadro batetan sartu du Udalbatzak bere erabakiaren agiria, agerikoa izan dadin. Alkatesaren hitzak. Blankak erantzun dio. Justo, motz eta egoki. Plataforma ireki eta zabala osatu dute, partidu orok firmatuta.
Alamedan bukatu du manifaren jarraipenak bazkaltzera goazen elkartearen aurrean.
Alkatesak: Une aproposa da abertzaleok elkartzeko, une gogorra da, orain da momentua zerbait egiteko.
Engranaje biribila osatu dugu: hutsarteak ere oihuekin betetzen ikasi dugu.
"Lanera etorri gara" entzun diot taldera bildu den berri bati. Denak datoz kementsu, erabakigarriak dira, zarta heltzen diote edozeri. Santik pankarta txikiari heldu zion lehen agerraldian. Pankarta txikia da aukeratuena.
Bazkaria. Horma artean maila askoko eskailera estuak garamatza gora. Txerriki egosiak, porru-patatak, legatza, poteko melokotoia karamelu bereziarekin.
Gurekin izan dugu Bermeoko talde ausart aparta Bermeotik abiatzerakoan ere, azken suziria izugarrizko danbarrada izan da.
Blankak kotxea du; hain txikia bera, bitxia izanen da bolante ostean ia ikusi ere egiten ez dela buru zuria. Berritu berria du gidabaimena; 2 urtetaraino luzatu diote oraingoan!. Orduko 140 ere ibili ohi da. Erosketak egiteko edo baratzera joateko erabiltzen du, troketan zehar.
Ze ezberdin ikusten diren gertaerak egunkarian irakurrita edo protagonistek beraiek kontatuta, batez ere protagonistok kide eta lagun-lagun egin zaizkizunean, martxako ahalegin berdinean.
Balentinek ez du uzten pankarta.
Bizkaiko kosta zoragarria, mila biratan bihurritu eta kiribildua.
LEKEITIO. Txapligu hotsak genituen ongietorriaren aitzindari. Ondoren txalaparta. Jende pila, gazteak nagusi. Manifa udaletxera arte, bertako harmailadi zabal luzean arraunlariek egin digute arkua arraun luzeekin. Ohizko panel eta pankartez gain herriko hiru presoen argazki handiak daude jarrita bakoitzaren historiarekin. Atxikimenduak jasotzeko mahaia. Luzeak baina egokiak eta biziak izan dira harrera hitzak. Asko dira atxikimenduak. Plataforma eratua da hemen ere.
Udaletxean. Udaletxera sartu gara pankarta eta guzti, lepo gelditu da Pleno Aretoa, txakur beltz handi batek ere partaide nahi izan du erdiko garbigunean paseatuz. Giro paregabea, areto ikusgarrian: aulkia bera da taila aparta, sabaia barroko dotorea estuko eta pinturaz edertua, 1588ko estandarte bordatua, koadroak, itsas motiboak, bertatik itsasora ikuspegi liluragarria, .... "terra marique potens Lequitio". Alkatearen aulkia eskaini digute: Blanka eseri da erdian, Dodaka eta Balentin jarri zaizkio alboetan, besteok zinegotzien aulkietan. Txalo zaparrada luze eta trinkoa, giroa areagotzeko. Atxikimenduak: Udaletxeko batzordea etorri da atxikimendua eskaintzera, alkatea buru, PNVkoa bera: "aulkia kendu dizut", "gusturago nago hemen hor eserita baino". Giroa berotuz doa, txalo zartak trinkoagoak; atxikimendu ezberdinak, ugariak. Ekitaldi polita eta zirraragarria izan da. Lekeitixo Lekeitxo da.
Blanka eta, nola ez arrantzale herrian, Justo hizlari.
Hildakoen memoriagatik bizirik eta osasuntsu nahi ditugu presoak.
Asanbladan erabaki da nondik egin manifa Josu megafoniako kamioirekin pasa ahal dadin. Kale arteko ibilian ilundu zaigu arratsa, portuan zehar. Gabon Zuhaitza ere piztuta dago. Udaletxe aurrean bukatu dugu: bi neska txalapartari, herritar eta ibiltarion argazkia harmailetan, non denok gaudenez txakurrak ere eskubidea zuen.
Aretokoaz gain, beste txakur bat pasa zaigu kaleetan pankarta azpitik. Sarriak ditugu txakurrak ibilaldi osoan.
Motel xamarrak argitzen garen egunetan haserretu egiten da Klari, ezer guti egiten dugula eta; ez ditu gustuko lora opariak, garestiak dira eta alferrik galtzen omen zaizkigu, gu hala gerta ez dadin ahalegintzen bagara ere. Dinamikoa eta austeroa dugu neska.
ONDARROA. Erruz bildu da jendea sarreran bertan. Suziriak, berbotsa, saltsa, giro bizia. 600 argazkiekin manifa jendetsu isila, kaleetan, Alamedatik, portu ingurutik udaletxe aurreko plazara: herri diziplinatua da ondarrutarra, fin gorde du isiltasun gordin sarkorra, pikoletoen kuartel aurrean ere. Argazkiek betetzen zuten esparru osoa: ongietorri hitzak, Kresala elkarteko hiru mutil eta bi nesken aurreskua, Ondarroako Senideak-en bertako presoen berri-ematea.
Paule Euskaraz, Blanki gazteleraz: hunkigarri egon da.
Bikote bat joan da Udaletxera Giza Eskubideen Batzordearekin elkarrizketatzera: alkatearen hitz politak besterik ez dute jaso, Paulek leun baina garratz errealitatearen latza baina batez ere politikoen erantzukizuna azaldu dion arren. Bigarren bikotea, Klara bietako bat, Kultur Etxera herriko talde ezberdinekin elkartzeko: luze eta jator joan da elkarrizketa, galdera franko eta giro aparta.
Agintari bakanak agertu zaizkigu agurtzera, zenbaitzuk atxikimendua eman digute, baina min ematen du nazionalista eta abertzale izenekoen sentimendurik eta adorerik ezak.
Pilek orekatzen dituztenez nire bihotz taupadak, pilon azterketa dut bihar goizean. Beraz arreba-koinatuaren etxera jo dugu afari-lotarako, bihar Donostiara egiteko. Tarteka izan ohi dira eskapadok: Josu txoferrak alde egin zigun igande gauean, Paulek ostiralekoan, Gorosek Bilbo ingurutik ginen egunetan, Nereak ere bai noizbehinka: norbere ohean epelago.
Blankak dio hobeto dabilela hasieran baino: kirolariak bezala gu ere zaildu egin gara, forma hartu dugu, egin egin gara martxara, jarri egin gara gure ibilira, koska hartu diogu eta errazago, jarriago, gabiltza denok, bakoitza bere zereginari egokituago.
Afaria: barazki zopa, kroketak, entsalada, arraina arrautzeztatuta, fruta eta flana. Giro izugarria gozatu zutela emakume alai zaratatsuei esker zioten denek biharamunean. Arrainarekin egon omen zen paneka edo perlita ote zen eztabaida: Justok eman zuen epaia: perlita.
Ekien ibiltaria
Ez dugu izan Berriz, Ermua edo Zaldibar bezalako herri garrantzitsuetako ez atxikimendurik ez aipamenik. Ez gara bertatik igaro. Baina bai Nafarroan bai Gipuzkoan, zein Arratian edo Bilboko auzoetan, inguruko herritarren atxikimenduak ez ezik presentzia ere izan da ekitaldi zentralduetan. Motel dago Senideak-en bizipena, berandu ibili da Senideak, agian ez dugu behar bezala landu aurrez, agian nekearen oihartzuna nabari da, militantziak galdu egin du garra, ... Josuk zioen etxean egon den egun hauetan zenbait lekutan oraindik kartelak jarri ere egin gabe zeudela. Egia da ere Huelga, Manifa eta azken gertaerekin ardurak beste jopuntu bat zeukatela. Baina serio aztertu behar dugu militantzia, eguneroko ahalegina, nekeak edo nasaikeriak ukituta ote dagoen. Geroko borroketarako kontutan eduki beharrekoa.
Gradu batekoa da goizeko hotz-beroa, baina egun ederra dator.
Deustoko Herrikon hartu ditugu gosaria eta egunerako erabakiak.
EZKERRALDEA
GALLARTA. Bailarara begira, Serantes aurrean, ganduak lausotzen dituela inguruko tontorrak, bakarti dagoen udaletxe aurrean kokatu gara goiz freskoan. Taldetxoa ginen eguzkitan, inguru politean. Bata nagusia, hiru pospolinek egin digute aurreskua. Txalaparta. Aurkezlea euskaraz eta gazteleraz aritu da: atzo kartzelan egona zen senideren bat bisitatzen. Atxikimenduak. Txalaparta.
Josuk hitza, dotore, zehatz, argi, ordenatua.
Justo-Martin, apaizarekin, apaiza bera etorri da.
Aurkesleak: "... egoera ezaguna da, hitza hartu behar dutenak politikariak dira, hitza ez da nirea edo zuena", "aurrera egin behar dugu exijentzia lehian, hitzetatik ekintzetara pasa behar dute, hori da mezua", "gartzelako minutu bat gartzelako minutu bat da, egon denak daki zer den hori", "beraz etxera gaur, oraintxe bertan".
Ertzaintza etorri zaigu parafernalia osoarekin, furgona eta kotxez, ekimenean sartu zaigu lotsagabe, baimenik ez dagoela aitzakiarekin alkatearen baimena dugun arren. Eztabaida. Baten nortasun-agiria jaso dute, ondoren bideoz inguru guztietatik irudiak hartzen jarraituz: gizarte poliziako kontrolatu batetan bizi gara; askatasuna non.
Txoko-Ederra tabernan sartu gara kafe beroa hartuz ia Blanka eta Martzial ikusten ditugun Bertso Txapelketan. Bertso batzuk entzun bai baina gure bi kideok ez ditugu ikusi.
Pozgarria Gallartan euskaraz entzutea!.
Justok kalanbrea du gorputz osoan, egonezina. Goizaldean idatzitako bertsoa pasa dit :
Hogei bat lagun senideak
Hogei bat lagun senidekoak
Geure autobus ta guzti
Gu bezalako koadrila hoberik
Sekula ez det ikusi.
Euskal Herriko herri guztiak
Nahi ditugu zeharkarazi
Gure presoen egoeraz
Zerbait adierazi
Ea denon laguntzarekin
Etxera hurbiltzen ditugun.
Azken errimak huts egin dio baina mezua garbi utzi du.
BARAKALDO. Neguko goiz eguzkitsuan ez da ikusten hain zatar. Sarrerako zabalgune batetan. Talde ederra. Ikurrinak. 12 preso dira herrian, errefuxiatu bat. Lore-sorta, harrera-hitzak, aurreskua hiru pospolin eta zuriz jantzitako hiru mutilek. Ongietorriko hitzak: "hemen garenok presoen alde borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu behar dugu".
Kalegira dultzaineroekin eta trikitixarekin, Martxaren slogana tartekatuz, luze etxetzarreko kaleak zeharkatuz, herri industrializatua zabala baita. Zelatan eduki ditugu tarteka ertzainak, bidea zabaltzen tarteka. Jende guti dabil kaleetan.
Parkean. Ibonek jarria du megafonia kioskoan. Bi neska bertsolari. Hamaiketakoa egiten genuen bitartean bi dantza dantzatu digute herriko dantzariek osatutako dantza talde batek: "Ikurrinari omenaldia" eta "arku-dantza". Arin-arina dantzatzen zuten bitartean egin dugu berriz bertakoen esku utzita genituen pankartetara. Atxikimenduak. Ezkerraldeko EAk firmatu du. Ibiltari, dantzari eta bildutakoen dantzaldia izan da gero korru zabal batetan.
Euskaraz ez dakit nork, gazteleraz Bitxorik hitz egin du: gartsu.
Martin-Justo, apaizarekin.
Ez da nahikoa egin duguna, ekintza gehiago behar da.
EAkide batekin suertatu naiz ekimen ondoren dantzan ordez hizketan: txiste bat da Orejak egin duen hurbilketa, ordua da pausoak emateko, Gipuzkoan giro nahastua dago elkartetxeetako erasoak direla eta, datorren urtean preso denak kanpoan egonen dira. Hala bedi.
Blankak nahiago du semea Tenerifen Malagan baino; laburragoa da irlara hegazkinez bidaia, Andaluziara kotxez ordu pilakoa baino, lasaiagoa ere bai, jota heltzen da bidaiatik etxera eta juxtu du berera etortzeko tartea berriz ere bidaiari ekiteko.
SESTAO. Eguzkia. Ertzaina gure geriza bailitzan. Jende moltsoa dugu etxe erraldoiz inguratutako plazan. Txalaparta. Preso baten arrebak egin du aurkezpena, gaztelaniaz. Aurreskua neska-mutil dantzariek. Atxikimenduak.
Matilde, manifestapen batetan kotxe batek hil zuen alabari lore-sorta eskaini dio Klarak. Opari batzuk egin dizkigute: saskitxo bana gozokiekin. Txalaparta eta agur.
Josu, euskaraz ere ausartu da!.
Gu ez gara inoren bitartekari, ezta egunotan hartu gaituzten politikoenik ere, guk ez diogu ETAri inoren errekadurik eramaten,.
Jose eta Iñaki, kide berriak, bildu zaizkigu. Sestaokoa da lehenengoa, Portukoa bestea.
Martzial eta Blanka berrelkartu zaizkigu Sestaon: oraindik jende guti zegoela egin da zerbait Bertso Txapelketan, Amurizaren bertso eta guzti, Txapelketa hasi aurretik, telebistarik ere ez zegoela nonbait. Ez zuen ekintzak bidaia hori merezi.
PORTUGALETE. Jende multzo ederra dugu zain espaloiko zabalgune batetan. Zabalgunetxo murritza da, baina "Gudarien plaza" hain zuzen. Erosketa-gurdian dute antolatuta beraien megafonia!: herri asmamena. Dantzari jantzitako neska-mutil laukoteak aurreskua dantzatu du. Txistulariekin "kalera kalera". Klabelina bana . Eusko Gudariak.
Manifa: musikarekin jaitsi gara kiosko bitxia duen ibai ertzeko plazara. Txalapartaren agurrak hartu gaitu han.
Beste norbaitek ere bai. Bertako irrati libre baterako egin dut elkarrizketa bat kalean bertan.
Bitxorik hitza.
Baketiarrek ez dute ezer egin, geuk hartu behar izan dugu arazoa eta kalera irten.
Josu gidaria ez dabil gaur gurekin, ordezkoa du kamioneta gidari. Hainbat zertzeladatan ezagun da bera ez dagoela. Bai Patxi bai Ibon ere egon ziren martxatik at egun batez, baina ez dago nire oharretan ze egunetan izan zen.
Dodakarentzako gorde egin du emakume batek krabelina: musu eman dio klabelinari "ondo gorde behar dut" esanaz!.
Kotxea sartu zaigu lotsagabe manifan gizakate eta megafoniako kamionetaren tartean, presaz nonbait; errespeturik gabeko jende txatxu hori kikilduta geratuko zen bazter batean zain jauntxoen manifa ofizial iragarritakoa izan balitz; baina gureetan edozer egin dezaketela uste dute, dakitelako nahasterik ez dugula nahi eta medioak alde izango lituzketela.
Sindikalista batekin egin dugu topo: haserre dago, hainbat lan eta itxaropen zapuztu omen dituelako azken hilketak, beraienak ere: interes eta eragin pertsonalak izaten dute zerikusia gure iritzi eta balorapenetan.
Bazkaria. Izar Gorria izeneko Herrikon: salda, patata txorizoarekin, txerri solomoa, flana. Tabernariak argazkia atera nahi izan digu denoi. Talde batek Zubi Esekian edo Zintzilikatuan egin dugu bestalderaino gero gasolinoan itzultzeko, Josuk zioen bezala Uribe Kostan lurrartu dugu; gasolinoan Justok protokolo guztiak beteaz solemneki egin du bidaia kapitainaren alboan; Zubiko leihatilako neskatxak euskara zaharrean hitz egin digu. Larena, Mudito, liberatu-kide izan nuenaren aita izan da urte luzeetan Zubiko arduraduna: Mudito ez zegoen hemen, bigarren seme bat bai. Herrikon gelditu direnak karta jokoan eman dute denbora, Maria Luisa, Iñaki eta Jose behintzat tutean aritu dira, Martzial berriz musean ari zen beste mahai batetan, Larreako hitz zurrunbilorik gabe.
Manifa. Arratsa zen Portutik atera garenean Santurtzirantz etxeteriak etenik ez duen herri bien arteko bidera. Egunaren azken hondarra Santurtziko mugan. Gudarien Plazatik atera gara pankarta denak generamatzala. Izarrak piztu zaizkigu ibilian, baita barrenak argitu ere, ikusgarria eta zirraragarria baitzen ilara bikoitza ibai gainetik bere ibili isilean musika soilik lagun: eroa edo xaxatzaile, probokatzaile, profesionala behar du izan manifarekin sartzeko.
Badira uneak, gaurko azken manifaren hasieran bezala, antolakuntza tinko garbirik ez bada, denok ekiten diogula aholkularitza eta agintaritzari, iritzi kontrajarriez gainera, bideratu ordez egoera nahastuz. Azkenez agertzen da arduradun bat eta honek bideratzen du manifa edo ekimena. Gu geu egon ohi gara eguneko nekea dela-eta urduritasunaren pipiak jota, presati etorkizunari aurrea hartu nahian.
Jose jenio bizikoa, nortasun handikoa, erabakiduna, lagun jatorra. Egoera politikoarekin berotu egiten da. Semea du Valdemoron.
SANTURTZI. Jende multzoa dago manifaren zain Santurtziko mugan ikurrinekin eta "Presoak Kalera" oihukatuz, pankartak, ... lan asko egin dute. Bi hankapalok "Dispertsioa" dioen pankartari eusten diote, gero pankarta puskatu dute dispertsioarekin bukatzea sinbolizatuz, batez ere Blankak puzkatu du besakada bat emanez. Kaleetan zehar luzatu dugu manifa; bidegurutze batetan Ertzaintzak debekua ezarri nahi izan du bere kuartel aurretik pasa ez gintezen; burumakur alde egin behar izan du buruzagi harroak baimen idatzia ikustean, berea ez zen baimena, beste bulego batetan emandakoa baitzen.
Plazan. 600 presoen argazkiak plastikozko basoetan itsatsiak daude, basook kandelak dira eta Euskadiko mapa osatzen dute oholtza aurreko zoruan. Atxikimenduak jasotzeko mahaia. Arraunlari eta bestelako jende ezagunaren mezu grabatuak entzuten dira bozgorailuetatik. Txalaparta. Harrera hitzak euskaraz eta gazteleraz. Kaleko jantzitako gazte batek aurreskua oholtza gainean. Pili presa ohiak irakurri du ongietorria. Atxikimenduak: eskaini aurretik nahi zuenak hitz egiteko aukera zuen mikrofonotik; talde bateko kideak zoriondu du laguna urtebetetzea atzo izan zelako; EAko Antolin Eguzkitza; alkatea; Andaluziako Taldea, ...
Begok irakurri egin du gure orria euskaraz
Josuk gazteleraz hitz egin du manifan eraman duen presoaren kartel-argazkia eskuan zuela, beti bezain argi, zuzen eta atsegin.
Medioak egoera eta lehia ezkutatu nahian daude, politikoek presoen eskubideekin jolasten dute.
Euskara ikasteko ahalegina nabarmena da Ezkerraldean. Herri guztietan egin da euskaraz ekimenetan eta banaka asko ahalegintzen da euskaraz hitz egiten, gurekin bederen.
Iñaki, zuhurra, jatorra, isila, pankartari fina.
Paule noizbehinka erratzen da, ahaztu egiten zaio goizean norbaiti ezarri zaion ardura eta beste norbaiti aholkatzen dio elkarrizketa batetara joateko edo hitz egiteko, gehienetan inpase edo urduritasun unea delako, agian tokatzen zaiona behar den haina erabakidun ez delako bere zereginean. Badu norbait mintzeko arriskua baina bat-bateko erabakiak hartu beharra dago. Arazotxo konponerrazak dira barne errotako bakoitzaren isilean ehotzen ez badira.
Herrikon egin dugu afari ordurako tartea, atsedena hartuz. Bertan jakin dugu Egaña dugula txapeldun, baita azken bertsoak entzun ere. Elkartetxean afaldu dugu: salda, sarrerako platera hainbat jaki ezberdinekin, legatza eta bukatzeko flana natarekin. Antolin Eguzkitza izan dugu mahaikide bere emaztearekin, Justo jarrarazi dute bere alboan (Justok azkeneraino erabiliko du nork bultzatu zuen bera han jarraraztea, baina ez dut uste inork dakigunik, agian Kepak berak antz eman zion mahaikide atsegina izanen zela Andolinerentzat). Nahiko barre egin dute bai Andolinek bai emazteak: Justo sekulakoa egon da, diplomatikoa, askotan marra gorrian bertan baina neurritik pasa gabe. Giro paregabea sortu da, aspaldiko partez betiko kantu zahar gehienak kanta ditugu. EAkoak ere gustura ziruditen. Gozamena da Andolin, adin horretako gizona, sasoiko eta bizipoz horrekin ikustea; azken brindisean partidu denak desegin eta partidu bakarra sortzea proposatu du "Gu ta gutarrak".
Kepa EAko kide eta bere emazte Begoren etxean izan da loa. Hitz-aspertu interesgarria izan dugu nekatuta geunden arren. Bihozbera ere bai. Semea dute kartzelan; nik uste oraindik ez dutela gainditu. Ekitaldiari buruz uste dute ez HBk ez EAk ez dutela erantzun behar zuten bezala, jende ezagun asko falta zela manifan, zetozenek gizendu dutela jendeteria.
Ekimen ibiltaria
Alde egina dugu Tomas, bis a bis-a baitaukate semearekin asteburu honetan.
Herrikon gosaldu dugu, batzoki eta elkartetxerik ez badigute eskaintzen. Bilborago eta lainotsuago, eguna iluna dugu. Isilik goaz, Justo bera ere zalaparta batzuk ondoren baretu zaigu, Nerea kuluxkan, egunkariak irakurtzen batzuk,...
BILBO
Eguzkipean sartu gara, barrenak ere alaiago.
Epaitegia. Ertzaintza mozorrotua dugu zain, lekua gordetzeagatik omen, baina aurreraxeago aurrez-aurre geratu zaizkigu ekintza osoan, erasotzeko prest baileude, beti bezala. Zirkulazio trinkoko kale garbian gaude, espaloian, epaitegiaren aurreko bestaldean, gidariek harriduraz begiratzen digute. Hotz-beroa 8 gradu, gutxitxo aukeran geldi egoteko, goiz hitsa hamarretan, hozgiroa. Panelak epaitegiko sarreran jarri ditu Ibonek, bertako 9 presoen argazkiak barandari lotutako globoetatik zintzilikatuta kulunkatzen dira. Gehitzen joan den jende multzo ez handia hasieran talde bikaina bilakatu da bukatzerako, bada hainbat enkartelatu tartean; Josu txoferrak musika jarri du kamionetako megafoniatik. Ohi denez bertako presoen senitartekoak gure pankartaren atzean kokatu dira bere argazkiekin. Atxikimenduak.
Maribi-Goros Deia, Balendin, Klara El Correo, (El Mundo ?) egunkarietara joan dira atxikimendu bila: Mahoma mendira.
Bego-Santi Mediku Elkargora.
Ikaragarria da preso guztien argazkiak batera ikustea kalean: bisualki, plastikoki, begiratu bakarrez ikusten da zenbaterainokoa den kartzelan dugun preso kopurua. Beharrezkoak ditugu denon presentzia eta besoak gaueko ekitaldian.
Abokatuak, bidaiak, bisitak eta antzerakoak dira senitartekoen gai usuenak: hala behar ere, bere bizitza baita.
Martin: "Uste nuen etxea gurea zela, uste nuen semeak gureak zirela, baina etorri ziren txakurrak eta etxera sartu ziren, etorri ziren eta semeak eraman egin zizkiguten".
Indautxuko Plaza. Jende multzo ederra, lehen Epaitegian zeuden gehienak ere etorri baitira. Gureez gain bada pankarta gehiagorik. Aurkezlea euskaraz. Koru batek "Jeiki jeiki", "Txikiari", "Hator hator" abestu ditu; bi neska-mutil bertsolari bertsotan aritu dira, atxikimenduen zerrenda irakurri dute: apaiz mordoa dago zerrendan, bi zinegotzi, kazetaritzako irakasle pila, eta hainbat gehiago. Telebista kamara ugari dabil baina gero auskalo zer aterako den medioetan. Korua berriz ere, "Bizi bedi Euskal Herria". Indautxun garai batetan presoei buruz ateratako kartel bana oparitu digute. Atxikimenduen eskaintza. DEIAko zuzendariordea ados, erredakzioko gehiago ere izan omen daitezke.
Paulen hitzak: badaki ukitu beharrekoa egoki aitatzen. Cartajenako Laguntza Komitearen elkartasuna ere heldu zaigu.
Ondoren plaza barruko borobil osoa hartu dugu, giza hesi trinkoa eginez, bertan egon gara ordu laurden batez.
Harro ateratzen ditugu argazkiak, harro gaudelako gure seme-alabez.
Gure taldea talde berezia da, denok berdintsuak, denok xumeak izateak bildu gaitu agian. Ezagutu genuen Tolosan gizonezko bat, oso egoki hitz egiten zuen berak, taxuz, legezkoa zen zioena, juxtu behar zena, zorrotza gainera; horrelako bat ordea hondamena litzaiguke guri, galduak ginateke autobusean: bereganatu egiten baitzuen taldea, ez zuen jokorik banatzen, ez zuen taldea indartzen, bere inguruan jartzen baizik taldea.
Paskualek badu beste ekintzaren bat herriko festetan kartzelarekin sinbolizatuzkoa, zer den jakin ez dudana, galdetu ez baitut ia ezer galdetzen.
Gugengein. Ezberdina bada izan, ikusgarria ere bai, baina polita lorezko hartz erraldoia da polita. Jende korru luzea egin dugu gainaldeko laugunean, Artxanda alde batetik eta etxadia bestetik ditugula. Hamabiak ziren. Bi txalaparta. Pospolin batek aurreskua. Atxikimenduak: pila; Gotzon Garatek ekarri dizkigu Deustoko Unibertsitatekoak; Jose Ramon Eibarko santutxuarra eta Martin Errigoitiako bilbotarra ere han ziren, baita Arnaldo, Permach eta Jone ere.
Prentsaurrekoa. Leku berean egin da, komunikatu bat irakurriz, oraingoan euskaraz ere irakurri da, merezi izan du gaueko itzulpenerako ahaleginak: manifarik egonen ez denez egoeraren balorapena eta irtenbide zuzen baten eskabide aldarrikapena egiten da, borondate eta indar oro elkartuzkoa. Kazetari eta kamerak han ziren. Sekretatzat hartu ditugun bi tipo ere bai: egin dugu nobelatxoa gure artean autobusera gindoazela.
Guk ez dugu gure senitarteko presoen jokabide politikoa juzgatzen, jarduera armatuarekin zerikusia badu ere. Guk errespetatu egiten ditugu gure seme-alabak.
Hitz onak eman dizkiguten partidu politikoen bultzada soilik behar du herriko gehiengoak eskatzen dugunaren alde kalera ateratzeko. Baina aldi berean politikoek herriaren bultzada behar dute gure ekimena bultzatzeko.
"Las sopas de sarten son puercas pero saben bien", Blankarena da.
Santutxu. Bilboko auzo bakoitza hiri handi bat da, jendetza gordetzen duen etxadi erraldoia, baina bizia dute zementu eta adreilu bloke erraldoiek. Ordu bata jo berri zen heldu garenean. Jende pila zain plaza erdian: Santutxu, Otxarkoaga eta Boluetakoak elkartu dira hemen, ikusmiran ere hainbat, asteburuko eguerdiko epelera, lagun baitugu eguzkia. "Denok batera, presoak kalera" da bertako slogan ezberdina maiz oihukatua ekitaldian. Preso piloa dago auzoan, Tasio ere bertakoa da. Txalaparta. Lora eskaintza. 8 neska-mutil dantzariren aurreskua. Ongietorri hitzak. Argazkiekin manifa, eguerdia den arren. Jende asko dago kalean eguerdiko ibilian. Santutxun ez dute baloratu isiltasunaren indarra ezta ere ilaran joatearen inpaktu bisual plastikoa. Agian geure errua izan da aurrez ez garelako egon antolatzaileekin: moltsoan joan gara eta sloganak indarrez oihukatuz, bertako kotxea zela bozgorailuekin aurrean. Kartzelako plazan bukatu dugu: Ibonek megafonia muntatuta du. Txalaparta. Bertsolaria. Harrera hitzak. Atxikimendu irakurketa eta eskaintza txalapartaren soinuak biltzen zuela ahotsa: bertsolariak bertsotan eskaini du berea, ez dago politikoen atxikimendurik HBkoenak ezik.
Paulen hitz egokiak.
Harro gaude gure seme-alabek politikoek ez dutena dutelako: idealismoa, entrega, altruismoa, herriarengatik dena ematea, dohaintasuna eta duintasuna.
Ez da gaurko manifa hau beste hainbat manifa politiko batzuengatik berezitu. Ez da Senideak-en manifa izan, ez da izan ezberdina, "betikoak" ginen; zerbait irekia eta zabala egin nahi badugu, beste zerbait izan behar du; eta, manifa isila eta ilarakoa bai bada ezberdina, sakon eragiten duena gainera. Izan behar luke Senideak-en ezaugarria. Gaztedi izugarria zegoen eta agian gazteak beste era batera azaldu behar dute beraien indarra eta barne amorrua.
Felipe, lo txarrekoa omen, borrokan dabil egunotan zenbait buruko eta koltxoirekin. Besteok nekearen poderioz-edo, ez dugu lo arazorik. Lo gutiko eta arinekoa izanik sekula santan baino oso eta santuago egiten dut nik neuk lo egunotan.
Bazkaria. Jendez lepo dago Herriko, trikitixa eta guzti bazkaltzera joan garenean; txandaka arduratzen dira auzokoek tabernaz. Ohizko orduan ateak itxi eta guretzako mahaiak jarri dituzte, bazkaria etorri aurretik ardo guztia edan eta ogia ere janda geneukan: zer ote zioten gazteek gure entrama ikusita. Zopa, xerra, fruta. Gazteen lanari esker bazkaldu dugu!!!, beraiek eman digute jaten, franko ahalegindu behar izan dute, hunkigarria guretzat. Herri hau biziko da.
Atxikimenduak: Deia: Zuzendariordea ados dago, ahaleginduko da ia Zuzendaritzak erabakitzen duen egunkaria martxaren gaiaz aritzea. El Correo: ados dago Zuzendariordea, baina ez du atxikimendua firmatu; egunkariak gure Martxa eta helburuari gehiago laguntzeko eskatu diote baina Gugeggeinneko prentsaurrekoan ez da egon.
Mediku Elkargoa: kartzeletako egoera konkretuagoki azaldu diote, egoeraren berri eman; jakingura zuen eta harremanetan jarri nahi du kartzelatara doazen medikoekin; zenbait material gehiago bidaltzekotan gelditu dira.
Epaitegi aurretik igarotzean arratsalde beranduan hor diraute oraindik globoak presoen argazkiekin barandak airean eusten dietela.
"Me da lo mismo, lo mismo me da, Zaldibia edo bi zaldi", Justoren ateraldia Zaldibin ginenean.
DEUSTU ???. Nire oharretan ez dago aipamenik, baina nire garunetan pasiotarren komentu ingurura jo genueneko irudiak daude, lausotuta, baina daude. Errepidea den kale nagusitik egin genuen gizakatea espaloitik, kalea zeharkatu, goialdeko kalea ibili, berriz ere kale nagusira jaitsi eta kalegurutzean bukatu, ekitaldiren batekin gainera. Gauez lotarako eta goizean gosarirako bide berdina egin genuenez agian fantasia eta errealitatea nahasturik ditut.
Senideon artean politika eta bestelako iritziei buruz pentsaera ezberdinak daude.
Giza-inguru askotara heldu gara atxikimenduekin. Baina ekimenetan betiko gizataldeak bildu zaizkigu, betiko pertsonak agian, ekintzek ez dute betiko ingurua zabaldu. Begionez ikusi gaituen asko ere ez da kalera etorri, gehienez espaloitik edo leihotik begiratzea izan da bere partaidetza.
"Ze suerte umerik ez eukitea, bestela hala ibili behar" entzun diot gizon bati enkartelada gauzatzen ari zela: horrek ez du utopietan sinesten!.
Alde egin behar izan dutenak taldera bueltatzean izugarrizko harrera biziz hartzen ditugu: taldea elkartuta dago.
Plaza eliptikoa. Geldiriko enkartelada egitea erabaki da, plaza hau erdigune bizia da izan, aproposa. Ibiltari eta presoen senitartekoek betetzen genuen pankarta eta zuziekin Lopez Diaz de Haro estatuaren kontrako inguru borobila. Plaza bera osatzen duen espaloi borobila 600 argazkiek marrazten zuten lau kaleetara luzatuz. Musika, Senideak-en soinua ozen eta sarkor gaueko iluneko farolen argian kotxeen motor hotsen gainetik. Ordua ere halakoa denez espaloiak jendez gainezka Arenal, Gran Via edo Geltoki aurreko Gabon Azokara edo Azokatik. Milaka bilbotarrei agertu gatzaie.
Blankaren hitza kalean bertan.
Gure helburua ez da politikoa, politikarekin lotura estua badu ere. Gure jarduna ez da politikaz, politikoez bai.
Ez da izan agian hunkigarria, ezta ikaragarria ere agian, bai ordea ikustekoa, ederra gaurko azken ekitaldia. Denok gaude pozik, manifarik ezaren ondoren zerbait itxurazkoa egin dugulako.
"Frio eh, aittita?", bota dit abegikor pegatina zeraman bera ere heldua zen emakume batek. Aguretu naiz!.
Afaria. S.Mames inguruko Herrikon. Paseotxoa egin dugu Gran Viatik. Gaur partidua du Atletik-ek. Pure, urdai egosia, berduradun tortila, arrozesnea, txanpaina, bonboiak.
Telebistan ikusi dugu hilketaren aurkako Donostiako manifa, Kontxa bete egiten zuen, beraz handia izan da.
Mutil-laguna aurkeztu digu Nereak. Familiarteko ezagutza eta aurkezpenak eginak gelditu dira. Denok aurkezten dugu lagunarteari harro eta gustura gure familia.
Taberna gainezka, Atletikek irabazi egin du azken orduan eta ikuslegoa oraindik urduri dago ekipoaren balentria kontatzen.
Izaskunek eraman gaitu lotara Tomas, Justo, M. Luisa eta ni. Bere gurasoen etxea da, alaba dute Parisko espetxean eta ikustera joanak dira.
Ekimen ibiltaria
Jaikiaz bat izan dugu Oreretan Caso PPko zinegotzia garbitu duten berria. Barne eragin sakona: latza da edozein heriotza bortitz. Honek gainera zailtasunak ekar ditzake gure ibilian. Harritzen nau hortaz inork ez duela ia ezer aitatzen elkartzen joan garenean, adierazgarria da isiltasun hori, seguruenik aipatu dugu bakarkako aipamenetan: autobusera egiten geundelarik herriko bati entzun diot "le han metido dos baliums" irribarrez esaten: min eman dit, gaia gordinegia da eta hitzok arinegiak. Egunean zer gertatuko kezkatzen nau ni, baina badirudi gehiengoa ez dela kezkati.
Iñaki Bizkaiko liberatua dugu laguntzaile Bizkaiko ibilian, beti ere aurretik doa, bidea prestatzen, fin.
Ez dugu gosaririk egin elkarrekin: autobusean egin dugu egunerako plana. Presoen trasladoei buruz: ematen diguten dena hartuko dugu baina hurbiltzearekin ez gara konformatuko, etxean nahi ditugu. Atentatua ere azaldu da: autobusa ez da inola eztabaidarako leku egokiena, ezta giroa ere. Bizpahiru elkartu gara egunean galdera edo zeresanik suertatzen bada jokabide bateratua erabakitzeko: funtsezko jarrera politikan ez garela sartzen, betikoari eustea da uste dugun jarrerarik zintzoena; aitatzen ez badigute gu ez gara gaiaz arituko, baina gaurko gertaeraren ondoren agian ez da nahiko, ez da behintzat erraza ihesbidez erantzutea; ez dugu irtenbide erraza; arazoa hor dago garratz, makatz; nolanahi guk ez dugu gai politikorik ukituko ez hitzaldietan ez elkarrizketetan; ekintzoi buruz erabaki edo ikuspuntuak bateratzeko ez gara gai, bakoitza baita bera eta bere iritzia du; baina arazo hauei buruz patxadako solasaldi bat oso egokia litzaiguke, une egokia aukeratu eta hartu beharko genuke, ez dakigu noiz, baina; ideia nagusia izan da atentatuak erakusten digula egoera bortitza eta gordina dela, konpondu behar dutela konpondu behar dutenek eta guk gure eskubideak exijituz konponbidea erraztu eta bultzatzen dugula. Nolanahi zaila gerta daiteke eguna.
DURANGO. Institutuan. Gazte pila geneukan zain ikastetxe aurreko espaloian. Ugariak ziren ikurrinak. Garai haietako megafono batez hitz egiten du neska mezulari eta aurkezleak: dena da beharrezkoa etengabeko kotxe joan-etorrian ahotsa gailentzeko. Andre Mariko arkuperaino izan da manifa, ozena, indartsua, pozgarria. Arkupean. Atxikimenduak franko, lora eskaintza.
Jon: gustukoa izan zait, bildutakoen korru aurrean, gaztez bilduta, antzinako erara megafonoa eskuan aritzea.
Maribi irratira.
Martin-Justo Zornotzako komentura.
Blanka-Maribi irratira (?).
Zuhaitz zaharraren kimu berriak, gure ondorengoak, kaleko mugidetan zailduak, herri hau gorde eta indartuko dutenak. Horregatik die gazteei beldurra politikoek.
Pankarta galdu genuen, Iruñean edo. Egin digute ordezko bat.
Gorosi Eibarko telegrama ondoren berantiarraren fama erantsi diogu eta nahiko adarjotze pairatu behar du, txantxak irribarrez hartzen jakin badaki ere.
Bilera egiteko erabili dugu gelditu zaigun tartea. Herrikon. Gai ezberdin konkretuak hausnartu behar ditugu:
* Bihar sindikatuek deitutako manifan egon behar dugun ala ez konbita hartu dugun arren, aurrean joango baikinateke gure zapi ezaugarriekin ibiltariok, baina agian presoen 6oo argazkirik gabe: + funtsezkoa da presoen argazkiak egotea, hori baita martxaren gakoa; + talde bezala goaz, inork inbitatuta, helburua eta planteamendua orokorra da, egunotakoak indarrik badu presoekin gu ere lotu behar gaituzte argazkirik egon ez arren; + zenbait bestelako iritzirik ere egon da baina bi hauek biltzen dute mamia; + gauean erabakiko dugu biharkoa.
* Bertsolarien txapelketan guretako bi egoteko konbita jaso dugu, bertan kinke eta kartelekin egoteko, Amurizak bertso bat botako du. Ez dugu nola gauzak mamituko diren zehaztasunik baina Blanka-Martzial joango dira.
Ez gaitu atentatuak kikildu, martxa-kideok ausart eta tinko gaude aurrera egiteko.
Balentinek zehaztasun gordinak kontatzen ditu Josebaren hiletez.
ZORNOTZA. Plazan elkartu gara. Luze egon gara bertan elkartu garen taldetxoa. 14 seme alaba ditu herriak presondegian: 15 mila biztanlerako asko, milatik bat, izugarria. Slogana oihukatuz eta pankarta erakutsiz kaleko ibiltari ugarien ikusmina ginen udaletxe aurrean. Lora oparia egin digute eta guk Gogor-i oparitu dizkiogu lorok: Blanka eta Klara joan dira hilerrira bere hilobian jartzeko. Atxikimenduak: Martin-Justok karmeldar fraideen atxikimendua eta animoak ekarri dizkigute; Udaletxe jeltzaleak plenoan eztabaidatuko duten promesa eman digute, baiezkoa izango den baikor, ia segurtasunez. Patxi-Balentin Berrizera: kontra-mozioa bat aurkeztu behar dute 3 puntu hartuta.
Egoera bera da bortitza, gertakizunak ere bortitzak izan behar nahitaez. Eraso bortitza pairatzen du herriak, ez da harritzekoa ba ekintzak ere bortitzak gertatzea.
ELAK deskonbokatu egin du biharko manifa, justu erabakitasun, irmotasun eta ahalegin gehiago behar zen egoeran.
Tomas, Justo, Martin, Santiren ardurak eta ahaleginak une ezberdinak izan dituzte Patxi txoferraren albotik pankarta hartzeko ohituretan.
Bazkaria. Larreako jatetxe batetan egin dugu gaur; eguneko menuta, baina dotorea zen: arrai zopa, entsalada, legatza eta okela gisatua aukeran, gozoki ezberdinak aukeran.
Mugarra dugu begi-aurrean, laino zirinek sorgindua. Bakarrik egoteko premia nuen taldean egindako 12 egun hauen ondoren; gozatu egin dut bazkal ondorengo ibilaldi bakartian zaharberritze lanetan dagoen fraideen eliza eta klaustroa bisitatuz, inguruko bideetan luzatuz pausoak arratsalde ilunean. Platanoa deitzen diegun komentu aurreko zuhaitzak orri eta guztiko kimu nano berriak botata daude. Tabernan mus, enbido, jaso, bota, eman, kendu, keinua, etorri, kontuz, ez, gezurra, ... hitzak zirimola burrunbatsuan zirakiten: Josu-Ibon Justo-Martin musean. Bazkaloste lasaia egin dugu denok, muslari zaratatsuek ere bai. Aspaldiko ezagun bat ezagutu dut: bere izenaz gogoratu naiz orduan baina orain idazterakoan ez: garunen kortozirkuituak dira horiek, behin adin batera ezkero ohikoak.
Txakur zuri iletsu bat izan dugu jostari gizateriak usten genuen garbiune biribilean Durangon, Zornotzan berriz oinen artetik ez da atera ere egin zakur beltz beldurtia.
Patxi da taldeko kamara. Aurrean, alboetan, … ez da gelditzen, gu baino hainbat bide luzeagoa egiten ari da kamara begi aurrean duela.
ABADIÑO. Herritxo polita. Inor ez dugu zain. Pankarta zabaldu eta erdigunera egin dugu. Bakartxo batzuk bildu zaizkigu. Herriko jendea ateetara edo leihoetara ateratzen dira jakin-minez. Ez zekiten gentozenik, diotenez. Ez ulertzea edo ulertu nahieza ote den gelditu gara. Deskoordinatzea egon da, ez zuten uste hemendik izango ginenik eta ezustean harrapatu ditugu. Herriko bi neska eta mutil bat daude preso. Oihu batzuk eta gorde egin ditugu pankartak. Tabernako andrea nahiko minduta dago ezer egin ez dutelako, arren sartu eta nahi duguna hartzeko konbita egin digu, hartu ahala eskainiz, batzuk hala egin dute. Kalean ilundu digu, kontu-kontari.
Irtenbide bidezkoa bilatzea da bai politikoen bai denon zeregina; guk ibiltariok gure bidea jorratu besterik ez dugu egiten.
Bizkaiak ez du landu hainbesteraino Martxa; bertako atxikimenduak selektiboak dira, politikoenak batez ere, ez da ostera ia herri mailakorik. Agian giroak ere ez du laguntzen.
Koketa dabilkigu egunotan Blanka, ile-apaindegi baten premia bizi du, bere ile zuri ederra garbitu eta apaindu nahiz.
ELORRIO. Jende asko, gaztedia gehiena, gaztetxoak gehien bat. Elizaure eta Udaletxe tarteko Gabonetarako dotoretutako plaza argitsuan. Pankarta handia jarri dute Udaletxeko balkoipean, eta "Presoak Euskal Herrian behar ditugu" dioen beste bat balkoi dotore batetan udaletxe alboan, argipean brixt. Txalo zaparradapean egin dugu autobusetik plazarainokoa. Kubatiren, eta Katxuren amak ere bertan daude. Neska-mutil bikoteak egin du aurreskua: ikuskizun ikusgarria gertatu da. Erdi erdian, panel aurrean jarrita Blankak jaso ditu atxikimenduak. Krabelin sorta ere opari diote.
Tomasek euskaraz
Goros estreinatu da gazteleraz.
Ia 600 euskal preso politikoen argazkiak ateratzen ditugu gauero azken ekitaldian. Argazki eta kirtenek baso zirraragarria dirudite bonbillaz argitutako kaleko ilean: ikusgarria eta zirraragarria da egunoro.
Manifa. Bi ilaratan egin da, ez dut uste argazki denak atera direnik, bakoitzak bi hartu beharra izan da. Baina luzea eta polita gertatu da jauregi eta antzinakotasuna duten kaleetan; elizako dorrea deigarri argituta dago. Gestokoak daude bilduta plazan beraien aurretik pasa garenean ilara bikote luzean; zer pasatzen ote da beraien burutik?: kabroi batzuk direla esatea sinplekeria da.
Goros-Paule Giza Eskubideen Taldera.
Blanka-Maribi gazteekin: Blanka gazteez enamoraturik dago beti eta gaur adur bitsetan atera da gazteekin topaketatik.
Berriketaldi guti egiten dugu gauean etxeetan, -gehixeago goizean-, nekatuta bukatzen baitugu eguna. Denek duten dena eskaini eta eman nahi digute, goizeko gosaria ere, nahiz denok elkarrekin gosaldu behar dugun.
Dodakari tarterik badago gustatzen zaio txikitoren bat hartzea, ez zaio lagunik falta, hamarretako zein hamaiketakoei ere begi ñir-ñirrez begiratzen die, besteok ere bai.
Afaria Lagun-Toki elkartean. Porruak, pate, arrai-zopa, legatza saltsan, tarta.
Bihar zer egin eztabaidatu dugu afal ondoren. Denok gaude gogor bihar arratsaldez Bilbon zerbait egin behar dugula-eta, manifarik egon ez arren; presoen argazkiak atera behar ditugula, kalean egon behar dugula, kalean jarraitzeko erabakia agertu behar dugula. Horrela azaldu diogu Ramoni afal ondoren etorri zaigunean.
Atzo edo gaur Dodakak utzi gaitu: asteburuan bis a bis-a dute semearekin eta emaztea eraman behar du.
Iñaki itxialdi batetara joan da; bere emaztea, amaren etxera: haurdun dagoenez zaindu beharra du umeak lehenbailehen ikusi nahi du bere herria eta: beraien ohea eta etxea utzi digute lo egiteko.
Ekimen ibiltaria
Jiratxoa egin dut herritik eguneko lehen argira: txikiak, asko eta atseginak dira zubiak. Bada kareharrizko dorre sendo bat ere erreka alboan: Bidasoa ibaitik zehar ekarri omen zuten eraikitzeko harria.
Kalean argitu digu autobusaren zain. Zortzi eta erdietan atera gara, bidaia luzea dugu gaur.
Probisionalki eta espontaneoki Justok hartu bazuen ere Joseparen ordezkoa eupadak jotzerakoan, asanbladak Paskuali eman dio gaur ardura hori: ahots indartsua du, ozena. Justo oso diziplinatua da.
UGAO (Miravalles). Hamar eta erdiak ziren elizako erlojuan ekitaldiari ekin diogunean plazan. Ez da beti erraza izaten tokira heltzea, gaur ere ez. Taldetxoa eduki dugu zain, adarraren soinuz. 4 preso daude herrian.
Poxpolin batek dantzatu du aurreskua. Nabarmena zen jendearen poza atxikimendua ematerakoan: eliza eta udaletxeak, biek ematen digute babes fisikoa goiz hotzean baina apaizak bakarrik eman digu atxikimendua; alkate jeltzaleak entzun egin dio elkarrizketako bikoteari, baina ez du argitu bere sinadurarena; mozioa sarrerako leihatilan aurkeztu behar izan dute: ofizialtasunkeria nagusitzen denean ezer guti onik espera daiteke.
Jonek hitza
Adarraren soinu eta jendearen txaloetan bilduta utzi dugu plaza eta herria.
Guti gaude baina asko gara.
ARRATIA
Niretzat berria diren bide eta bailaratik egin dugu hurrengo urratsa, errepide nagusitik at, basoz baso; baserri eta landetxe ederrak daude Arratiako zonalde honetan ere. Zeberio, Arteaga, Areatza ezagunak ditut lehendik.
Santi. Gasteizen bizi den arrasatearra. Alaba du Caravanchelen, 2 urtez epaiketaren berririk gabe. Isila baina erabakiduna, solaskide ona. Edozertarako prest dagoena. Xaloa.
ZEANURI. Zuleibar, Elizaren Ikastetxean egin dugu geraldia. Atseden ordua da, goizeko etenaldia; pribatua eta elizarena denez diziplina militarra omen bertan, klaseren bati huts egiteagatik zigorra jasoko lukete gaur ere. Gazte pila dago, batzuk barrutik eta atzean dagoen sarreratik begiratzen digute, beraien buru-bihotzek zer ote dioten galdetzen diot nire buruari. Presentziaz gain, bere atxikimendu idatzia ere eskaini digute gazteek. Gustura sentitzen gara. Gaurkoa lorpen handitzat jotzen du bertako emakume batek.
Paulek hitza.
Gazteok itxaropena zarete.
Gazte denborako nekazarien Arratia idilikoa pinudiek eta lantegiek ilunduta dago, baina gordetzen dute bere Euskalkia ez ezik hizkeraren doinu propioa.
Bailara laua, ez da "nekosoa" Tomasek dioen bezala.
Gaur Martzial dugu bedeta EGINeko argazkian.
IGORRE. Institutuan genituen zain ikasle eta irakasleak; hainbat falta omen da azterketa batetan daudelako. Txalaparta. Atxikimenduak: ikasle zein irakasleenak, Joseba Martin HBko Mahaikideak ere bere agurra bidali digu, Bediako Udalak bertan eman digu berea eskura. Zonaldeko herrietako udaletxe denek eman dute atxikimendua herri handikoek ezik.
Gazteak, enbor zaharraren ezpalak: herri honek badu etorkizuna.
Auzia Estrasburgora jotzeak ez omen dakar ezer erabakigarririk, zerbait sinbolikoa eta propagandarakoa ei da soilik. Bada zerbait. Hitz hutsak baino gehiago behintzat.
Maribi, torturaz hil zuten Joseba Arregiren arreba. Tentea ez ezik tinkoa ere bai. Gogorra, aldi berean goxoa.
ARRIGORRIAGA. Herri erraldoian taldetxoa genuen zain, ia kalean bertan, garbigunetxo batetan: hain herri handiak ze plaza txikia. Ez da erraza izan behar zementuzko eremu honetan presoen aldeko biguntasuna bilatzea. Zer egin jakin gabe egon gara tarte luzean atxikimenduen eta arduradunaren zain. Lore-sorta Peli, gartzelak hil berri duen gaztearen gurasoei; oraindik negarra darie: Blanka saiatu da animoak ematen, berak ere baitaki semea galtzea zer den. Txapliguak. Elkarrizketa egin diote Blankari. Atxikimenduak
Martin-Justo apaizarengana, eman diete sinadura. Zaratamoko zinegotzi jeltzaileak ere bidali digu atxikimendua.
Min gehiago egiteko modua besterik ez da dispertsioa.
Presoen aldeko pankartak daude autobideko zubietan.
Inguruko PNV zein EAko hainbat zinegotzik eman dute sinadura: agian herri txikiagoak direlako, agian presoen gaia indarra hartzen doalako: botoak lortzeko interesgune bihurtzen denean izango dute interesa presoek politikoentzat.
Elias, zintzoa eta fina; egoera edo jokabide politiko zikinen aurrean errea, erraz zitaltzen dena. Ez du zalapartarik ateratzen baina behar den tokian dago beti.
Edurne gogoratuz, bere alaba izan da espero ez nuen ezustea. Honek Igoa, Tomasen herria, ezagutzea izan da bigarren ezustea, mendi zeharkaldi batetan galduta bertara jo zutelako: mundua txikia dela zioen batek, mendiek ez baina pertsonek tope egiten dutela besteak.
Justok berbataiatu du Maribi: "Bi Mari".
IGORRE. Arantzazu. Emaro, ia ustekabean guretzat, baina ekitaldi berantiarrak bere bidea hartu du hotel aurrean. Astiro astiro gehitzen joan den multzotxoa elkartu gara. Atxikimendu piloa ekarri eta banan-banan eskaini dizkigute. Selektiboak, aukeratuak, gainera: han zen Agirre pilotaria, baita PNV eta EAkoak; Kepa Intxausti bertsolariak atxikimenduaz gain botatzea espero ez zuen bertsoa ere bota du.
Edozein politikarik baino gehiago balio du herri xumeak.
Presoak ahuldu nahi dituzte dispertsioarekin.
Balentin, Maribiren senarra, ez da atzean geratzekoa, edozertarako prest, ausarta.
Bazkaria. Hotelean izan da eta hotelaren oparia omen. Bertako jende ugariarekin elkartuta egin dugu bazkaria. Entsalada errusiarra, paella, haragia saltsan, flana / jelatua: oso bazkari fina. Bertsolariak.
Paulek hitza.
Legeak betetzen ez dituena da ahula, indarkeria badarabil ere.
Herrietako talde bizi eta kezkatuetara mugatzen gara, baina atxikimenduek erakusten digute herriko sail zabalak ere onartzen dituztela gure ekimena eta helburuak.
Bittori, gorputzez txikia baina bizia eta langilea. Atsegina izaten ahalegintzen da.
GALDAKAO. Jende multzo handia dugu zain. Bazen zerbait azpimarratzekoa baina ez dut oharra ulertzen. Txalapartaren soinuak ingurua betetzen zuela heldu gara. Zuriz jantzitako gizonezko dantzari bakarrak egin du aurreskua. Lore eskaintza: herriko presoen senitartekoei gureak oparitu beharrik ez dugu izan, beraiei ere eskaini dietelako. AEKkoek Korrikako testigua eskaini digute barne mezua poema bat zelarik: nik ez dut entzun poema irakurtzen lagun batekin hizketan ari ginelako; ez dakit zergatik nire eskura testigua etorri denean eta nik barruan poema ikusi mikrofonora atera eta berrirakurri dut: dabilenari gertatzen zaio baina ze lotsa pasa dudan irakurrita zegoela jakitean!. Zurezko lauburua ere oparitu digute: tailatxo polita. Elkarrizketa egin dugu ibiltari denok Udaletxean EA, IU eta EAko zinegotziekin. Kotxe karabana egin dugu Etxebarriraino.
Konpromisorik hartzen ez duen ministroa da ahula, tinkotasun itxurapean ere.
Eguraldi epela gaurkoa, hegoak jotzen du, geu ere animoso gabiltza; 17 graduko hozberoa kalean, bihotzetan beroagoa.
Klari bildu zaigu gaur. Santurtziarra. 15 urtez du kartzelan orain Puerton dagoen senarra. Asko maite behar du, iraungo du maitasun horrek. Alaba bat ere badu, aitak kartzelan daramatzan urteak ditu, hor nonbait.
ETXEBARRIA. Mozorrotutako ertzainak izan zaizkigu inguruan, aparkatzeko aitzakiaz lotsagabe hurbil. Autobuseko ate aurrekoek sekretak behar zuten: txakur orok bere hatsa. Jende ederra dago zain plazan, nagusiak, helduak dira hemen nagusi. Gabonetako koloretako argiek ñir-ñir egiten dute tarteka eta txandaka piztu eta itzaliz. "Amnistia" letra gorridun kamiseta banaren oparia, Kalera kalera abestu dugu.
Aurrera egiteko kemena bermatzen digu presoen irmotasunak.
Atxekimenduak izenpetu eta eskaintzea da errazena, eguneroko lanean ahalegintzea da zaila, hori lortzen daude arazoak; zientoka atxikimendu eskuratzen dugu baina nola mugiarazi borondate hori herri mailako ekintzetan?. Udaletxetan egon egon gara; eta orain zer?. Nola mugitu partiduen borondatea, nola sortarazi interes politikoa. Hori da Senideak-en eta beste elkarteen erronka. Komunikabideak funtsezkoak dira.
Paskuali, bere oharrak idaztea dela eta ahaztu ere egiten zaio aupaden ardura, besteoi eskatu badigu ere gogarazteko despistatzen bada, gogarazten dio noizbehinka Justok bera hasiz.
Ertzaintzaren furgoneta dugu aurrean Basaurira bidean. Ernegatzen ere hasiak ginen baina bidegurutze arriskutsu batetan zirkulatzea zuzendu digute aurrerabidea emanez!. Luzea da izan kotxe karabana, tutua joz, ozen; autobus aurrean gure Josuren kamioneta musikarekin herri orotan bezala. Hegoa baretzean ohi denez, euriak umeldu du egunaren hondarra, baina martxako giroa beroa da arratsalde epelean.
Justo marinelak iragarri bezala euriak ekin dio, zirimiria hasieran, oparoago gero, gordin azkenean.
BASAURI. Ondo gautu ondoren eta euripean heldu gara. Kale gurutze batetan egon gara luze pankarta erakutsiz eta musika soinuz presentzia aldarrikatuz, kotxez gainezka doan kaleko gidarien jakin-mina edo ezustea piztuz gutxienez. Gabon argiak piztuta daude kaleetan. Argazkilaririk ere ez zen falta. Jendea bilduz joan zaigu. Noizbehinka kotxe ilara, ikurrina kulunkan. Alkateak plaza ez digula utzi zurrumurrua zabaldu da baina nonbait gaiki-ulertzea besterik ez da izan: nahiago izan da egin den tokian egitea ekitaldia erdiguneagoa zelako. Euri-jasa izan da arazoa, atertu ez duen euri-jasa; kale-gorrian utzi gaitu inolako anparorik gabe. (Bada berriz ere ulertzen ez dudan ohar bat: oraingoan letra irakurtzen dut baina ez dakit zer esan nahi duen.) Ahal den moduan ibili gara euripean. Kale-gurutzetik manifa egin dugu kaleetan zehar; ezin izan ditugu 600 argazkiak atera. Niri Mitxel Sarasketarena tokatu zait hain zuzen, albokoari berriz Fidelena: bi eibartar etorri zaizkit eskura hainbesteren artean!. Bidean izan da txalapartari bat, euripean jotzen.
Ekitaldia. Etxarteko zabalgune estu batetan bukatu dugu, berez ere ez zabala, aterkiek erdira mugatzen dute. Gorosen emaztea da aurkezle: euskaraz. Euria dugu teilatu, horma eta auzo. Dantza: eskuetan zekarren ezkutuaren lurraldeko jantziz, ezkutua zeraman dantzari bakoitzak; 7 ezkutuak jarri dituzte panel batetan; ondoren Oskorri taldearen musikarekin dantzatu dute, koreografia ezberdinak erabiliz; seiek aurreskua egin dute gero, ondoren euskal janzkera tipikoekin ezohizkoa egiten zaigun runba erritmoa dantzatu dute ukabila altxatuta bukatuz. Bertsolariak, bi neska gaztetxo aterkia ere txandatuz txandaka: "... martxa ...", "pauso bakoitza baita amets baten laba".
Eskualdean eraildako bostei lora oparia.
Begok euskarazko orria irakurri du.
Blanka: ama baten hitz sentiberak.
Puñeta!!!.
Banaka banaka, apaiz askok eman digute atxikimendua.
Edurne etorri zaigu Arrigorriagatik besarkada bat ematera: bi seme erbestean baina kementsu, alai eta maitagarri.
Pauleren senarra ezagutu dugu, zintzoa eta atsegina dirudi.
Justori emazteak telefonoz esan dio irratiko elkarrizketan oso ondo egon dela: beretzat diploma bat haina.
Afaria Herrikon: porru-patatak, legatza frijituta edo saltsan, fruta. "Còmo os estais poniendo de comer" bota du guretako norbaiti bisitan etorri eta gero solaskide izan dugun txakur eta animaliei buruzko filosofoak.
Francoren garaietan argitaletxe lanetan aritua, Burgosko Epaiketan ibilia eta Madrileko mugidetan korritutako bikote baten etxean lo egin dugu, solasaldi luzea izan ondoren. Eugenio eta emaztearen etxean.
Ekimen ibiltaria
Gosari ondorengo bilera. Gaur Giza Eskubideen Eguna omen: helduko diogu gaiari hitzaldietan. Goizeko bostetarako esnatu, egunkariak erosi, irakurri eta idatzi egin ohi duen Justok seiak arte lo egin omen du bart: Egunkari denak, ABC bera ere, irakurtzeko prest agertu zaigu gaur. Goiz joan zaigu etxera Dodaka: bis a bis-a du semearekin asteburuan. Gorosek Iruñean utzi gaitu zereginak baititu baina bueltatuko da. Josu ere hiri buruan joan zaigu epaiketa baitu, pare bat egun barru bilduko zaigu, joan aurretik egin du azken elkarrizketa irratitik telefonoz. Loli, Karmen, Pili eta Josepa ere badoazkigu hamar egun egin ondoren. Lekua utziko diote beste lauri: hutsunea geratuko zaio gaur familia ibiltari honi.
Justok berak egin digu gaur autobusean egunkarien laburpena, euforiko dago. Hitz zurrunbiloak astintzen du autobusa bera sartzen den bakoitzean, egunkariak irakurtzera-edo baretzen den arte.
Turismoa egin dugu Iruiñeatik Baztanera, Belate zeharkatuz. Itzuli behar dugu patxaranago, polita baita paisaia eta lurraldea. Zulatu ez ezik izugarrizko haginkada eman diote mendiari.
B A Z T A N
ORONOZ-MUGAIRE. Txapliguz egin digute harrera bidegurutzean. 11 kotxek osaturiko karabanan egin dugu aurrera. Lekaroz. Alborago dago Irurita, Tomas soldaduskan ingeniaritza lanetan errepide bat egiten egon zen herria; ingeniaritza lanak ez ezik eskulanak ere egiten zituen ezkutuan, aizkora kirtenekin parrandarako sos batzuk atereaz.
Galtzina deitzen diote karobiari; hiztegiak galtzina karearen sinonimotzat dakar.
Ibai eta erreka garbiak, etxe-koadro sendo zuriak harri gorrizko kantoiekin, harri gorrizko dorretxea: nortasuna du bailarak.
M. Asunek biziki, sutsu, hitz egiten du Frantziako kartzelatako egoera garratzaz, hurretik bizi baitu. Badu mitinera sena.
ELIZONDO. Nortasun propioa gorde duen herria. 15 herrik osatzen dute Baztan bailara. UPNk du indarra Elizondon, kontrabandoaren diruarekin egindako hainbat jende omen da bertan. Pikoletoak geneuzkan zain, autobusetik jaitsi garen toki berean hain zuzen. Suziriak, txalaparta, txalo zaparrada, jende multzo polita batez ere gazteak, heldu eta plaza zeharkatu dugunean beti ere bi pankartetan parapetatuta udaletxe aurrera. Bertsolaria da aurkezlea eta bertsoz ongietorria eman ez ezik bertsoz egin du aurkezle lana ere: "... gizarteari zartada", "gu ere zuen sendiak gara". Euripean izan da gaurko aurreskua ere: zuriz jantzita zegoen mutila, alkandora fin landuarekin. Atxikimenduak, ez hain ugariak baina bai selektiboak: udaletxeak, alkate-juradoek edo inguruko herrietako alkateek. Salto del Negrotik bidali du bere mezua Fernando Arburua herriko presoak; hamar bat preso dira zonaldean. Txakurrak hurreratu zaizkigu berriz ere: betiko probokatzaileak.
Tomas-M.Asun. hizlari
Martin eta Justo apaizarekin lehian.
Manifa herriko kaleetan, herri aberatsaren ezaugarri diren harri gorrizko etxe sendoen artean. Bertso batekin eman digute agurra, baina oraindik izan dugu udaletxeko arkupean salda hartzeko aukera.
Herri xumeak presentziaz eta atxikimenduz bere iritzia eman egiten du publikoki.
M. Luisak Egunkariaren berri eman ahal izan du bazkal ondoren.
Santi, Elias eta Bitxori bildu zaizkigu ibiltari berri: berehala jarri dira ilaran eta heldu diote pankartari.
Baztandarren Biltzarra elkartearen alboan hartu dugu autobusa: aterpedun eraikin herrikoi luze-zabala da, nahiko bitxia.
Bailara osoa da begien gozamena, neguko egun euritsuan ere. Bada, baina, bertara etorritako bizkaitarra Bilbora joateko irrikan dagoena hemengo bukolismoa utzita.
Errazu herritxo lasaia.
Martzial aritu zaigu kamioilari egunak gogoratuz autobusari maniobretan laguntzen. Kamioilari izan zen Martzial. Indar handikoa, begi argiz kontatzen du nola behin zamatutako kartola handia jaso zuen bizkarrarekin beste batek zerbait mugi zezan.
ARIZKUN. Ester harrapatu zuten herria. Banan banako etxe apartak, balkonada eta sarrerako arku zabalekin: indiano franko bueltatu zen Ameriketan urte pila egin eta diruz kargatuta. Bazkaria Elkartasuna elkartean. Nolako erasoa jo diogun patea, porrusalda, eta saltsa sendoko oilaskoari; ekinaldi bizia jo diogun gazta zaharra eta frutari ere. Falta ziren argazki-gutunei jarri diegu sinadura.
Joan zaigu Josepa, ibili zaigun bezain bizi, adoretsu eta gogor. Azken egunotan Josu txoferraren txistadarik gabe bera zer gartsu jaikitzen zena denok altxaraziz: kezkatua, nekatua edo alde egiteko penaz, baina urduri xamar sumatu dut azken egunotan.
Justok komun portatila eskatzen du autobuserako denborarik ez galtzeko bazkal ondoren. Karmenek: Gabonak ez baletoz hobe, baina datozenez polita da estraren bat egitea.
Klima "behatza", klima epela adierazteko: Tomasek.
"Laguna sakratua da; besteak ezagunak dira", Joseparen azken esaldietako bat delakoan nago.
Bertiz bailarak bere antzinako berean dirau. Bada oraindik zurezko egitura erakusten duen eraikinik. Ardiek ikusgarriagoa egiten dute Baztan ibaia; ahatek larrean, ...; kiwia ere ugaria da.
MALDERREKA
Donestebe, Sunbila, ...
ARANTZA. Mendi malda batetan kale bihurriek osatzen duten herritxoa; zeramikazko letrero antzinakoek Aranaz jartzen dute: Arantza-k "Aran atzean" esan nahi omen du, Aranaz berriz erdarazko izena omen. Pikoletoak genituen zain bere patrolekin aparkalekuan. Ez zegoen beste inor guri itxaroten baina pankartekin joan gara manifan Ibonek panelak prest zeuzkan plazaraino, agian pikoletoak bertan zeudelako, Senideak-en soinu ezaguna ozena bihurtzen zen herritxo osoan, aire osoa hartuz. Justok hartu du Joseparen ondoren oihuen ofizioa. Barrutik ere bistara den harkaitz bizian eraikia dagoen elkarte batetara eraman gaituzte, non herriko gazteria batuz joan den, elkartasun solasean denok nahastuz; kafeak eta gailetek ere lagundu dute giroa berotzen.
Ekimena. Harrera hitzak. Martin eta Gaste Asanbladako kide batek Ekimen Ibiltariko ikurra den zapia jarri dute udaletxeko goiko balkonadan. Atxikimenduak; parrokoak bota du zigilua eliztarren izenean.
Tomasen hitzekin bukatu da xumea baina halako elkartasun samur giro epelean bildu gaituen ekitaldia.
Kareharrizko zuriak dira Arantzan etxe ertzak, ilunabarrean zuriago. Herriko ertz batetan, aparkaleku aurrean labaderoa edo garbitokia dago, emakumeen kuxkux tokia Tomasen hitzetan, tutu lodietan ur garbia zorrotadaka. Ilunabarra zen alde egin dugunean. Pikoletoak han genituen oraindik zelatan.
Alderdiaren morroi, etxean gelditu dira agintariak, zuek herritarrok hemen zaudete.
BORTZIRIAK
Igantzi (Yantzi) ere bertan dago, gaintxo batetan ia ilunak janda. Errekastoak zuri argitzen dira ilunabar arrean. Zulo-zuloko umelean agian errota den etxe bat.
"Erlastaina" da zonalde honetan gureetako erlaminoa, baita "liztorra" ere. Ala liztorra sorgin-orratzari deitzen diote?
EGUNKARIAko kazetari neska bat dabil egun osoan gurekin autobusean erreportaje baterako materiala jasoz.
Ba omen zen Arantza izeneko hainbat ofizioko soinujole bat "Hamalau ofizio, hamabost miseria" esan ohi zuena: Tomasen kontakizuna. Soinu oso musikala du bertako euskarak, Tomasenak bezala, ingurukoa baita berau ere jatorriz.
Igantziko Bentan hartu dugu Bidasoaren ertza.
BERA. Paskualen herria. Bazen oraindik argi izpi bat ortzian heldu garenean, baina erabat iluna zegoen errepidea den kale luzea. Ibonek megafonia handia jarri du. Taldetxoa zegoen zain ikurrin eta bertako presoen argazkiekin. Txalapartak badu misterio kutsua gaueko ilunean. Ongietorri hitzak. Berako aurreskua: erabat ezberdina, kalekoz jantzitaz aparte, luzeak dira hara-honaka dantzaren joan etorriak, hanka bihurritze gutirekin, austeroa, apainduriarik gabekoa, serioa. Bortzirietako alkateen hitzak: Parlamentura ere bidali dute atxikimendua. Preso baten amak Paskuali eman dio lore-sorta denoi izenean. Bada ulertzen ez dudan zerbaiten ohar bat ere nire koadernotxoan. "Bortzirietako Manifestoa" irakurri dute bi hizkuntzatan.
Tomas hizlari
Txistulariak aurrean ditugula egin dugu manifa, gorantz oraingoan, mugara errepidea behar duen kalean, nongo etxeen fatxadek alderik aldeko balkonadak dituzten bereizgarri ez dakit, deigarri behintzat bai. Txistulariak tarteka isildu egiten dira manifestariok Martxako slogana oihukatu dezagun.
Gobernuarentzat ETAren aurkako tresna edo arma dira presoak.
Pili, Loli eta Karmenek Beran utzi gaituzte.
Maribi eta Balentin bildu zaizkigu.
Maria Luisak eztarria erabat hartuta ez ezik eztula ere badu. Maria Asun hasi zen eta oraingoan M. Luisari tokatu zaio.
Deigarriak dira Senideen elkarrekiko ezagutza eta kidetasuna: hainbat kartzela ate eta kartzelatara daietan zabaldu eta sendotutakoa.
Erabat harrapatu gaitu ilunak Beran. Ilunpean geunden hurrengo herrian.
LESAKA. Zuraje bertikala da etxe ederretako fatxaden ezaugarria; Europako hainbat lurraldetan diren trabeskako zurajerik ere bada; teilategalak sakonak dira, bada harrizko fatxada bakanen bat ere. Erreka azaleratu eta kalepean gordez doa herrian zehar, berezia hau ere. Manifa egin dugu plazaraino zain genuen taldearekin. Plazan. Silbeira bertsolariak egiten digu ongietorria luze, hitz lau landuekin: gure helburua presoen eskubidea, herriaren nahia. Atxikimenduak erruz, zonalde osoan bezala, Udaletxeak ere atxikimenduak izenpetzeaz gain plazara hurreratu zaizkigu, Bortzirietako udaletxe denak tarteko. Atxikimenduekin lotuz hainbat pertsona eta talderen ekitaldia: bertsolari eskolako bi kide, neska-mutil gazteak: "ezin hasi nigarrez", "Borroka soila ez da zuena eta gu gaude zuekin"; LAB ere bertan dago, lantegi-gune handia baita Lesaka; Tantirumahiru dantza taldeko ilun jantzitako neskatxa baten aurreskua; dantzak; EA ere agertu da; txinga saioa, txingalariak bere atxikimendua eman du ondoren.
Tomasek bertako doinu eta euskalkiz agurtu ditu bortziriarrak,
M. Asunek Martintxu gogoratu,
Blankak berriz entzun-mina sortu.
Manifa: zirraragarriagoa bilakatzen da presoen ilara argazkiek brist egiten duten erdizka argitutako kalezkotan.
Presoekiko jokabidea gobernuaren bengantza bide bat besterik ez da.
Maribik hartu du Blankari laguntzeko ardura. Ama balitz bezala zainduko du. Ez du behin ere bakarrik utziko elkarrizketa batetarako ez bada, pankarta ostean, jatorduetan, lotara etxeratzean beti izango du hurko, lagun, ia alaba. Horrelako jarrerak sendotzen dute taldea, segurtasuna ematen dutelako. Nere eta Patxik umezurtz uzten gaituzte, ez buru ez etxe; beraien oheetatik gertu suertatu garenez etxera joan zaizkigu lotara.
Kale bihurrietan egin dugu jantokira bidea; herri sorgindua dirudi.
Afaria. Afal ondoren Silverio eta Olaetxeak adarra jo digute bertso politez.
Giro misteriotsua dago herrian lo eginen dugun barnetegira bidean. Gaizki ulertze batengatik gaur ere luzaro egon gara falta zirenen zain kale hotzean. Literetan da gaur loa, Patxi, Martin eta Santi ditut gelakide.
Ekimen ibiltaria
Iruñazarra tabernan egin dugu gosaria eta bilera. "Zenbait bileratan ardiak baino artzain gehiago izan gara": pazientziaz baliatu behar da Nire, denok ari baikara zerbait esan nahian eta askotan batera. Maria Asunek Frantziako kartzela batetan gose greban dagoen Fermin Sanchezen arazoa azaltzen du, ekitaldien bukaeran M. Asunek berak hortaz hitz egitea erabaki dugu.
Josu, Blanka, Josepa eta Patxi Nafarroako Parlamentura joan dira elkarrizketa batetara.
LIZARRA. Goizegi heldu gara!. 30eko taldetxoa dugu zain, denak gazteak. Goiza oso hotza da, plaza zabal nagusienean oso guti eta bakar gaude, baina asko garela jakin badakigu, atxikimendu ugariak dira herri zabalago baten ordezkari. Lora sorta eskaini digute. Giro erakargarria bilakatu da.
Dodakak hitz egin du
M. Asunek Fermin Sanchezen egoera azaldu, gartsu eta egoki azaldu ere.
Justo-Jon joan gara apaizarengana, hiru ziren apaizok eta udaletxean elkartu dira: elkarrizketa onez joan da eta firmatu dute. PSOEkoa den alkatearekin ere egon gara: erabat ados dator gure eskabidearekin, arrazoiekin eta eskubideekin, baina ez omen da ezer izenpetzeko momentua, alderdia zuzendaritzarik gabe dago-eta Nafarroan, asteburuan dute kongresua edo antzerako bileraren bat, berak zuzendaritzan egoteko aukerak ditu eta sinadurak arazoak sortuko dakizkioke, ezer guti behar omen delako Nafarroan eta partiduan inor larrutzeko: ez dakit egiazale zintzoa ala aurpegi gogorra den, politikoa behintzat bai, azkenean.
Ez gaituzte gezurrekin eta keinu inozoekin engainatuko politikook.
Elkarrizketak bukatu arte hitz aspertuan egon gara plazan, hamarretakoa jorratzen. Ez dira konponezinak hitza eta jana.
Senideak-entzat bideo-lan bat egin asmoz egun osoan ibiliko zaizkigu gaur bi morroi kamerarekin bata, elkarrizketak egiten bestea. Bizkaiko kostako egunean eta Bilbokoan ere gurekin izanen ditugu.
Elurtuta dago Moncayo; "Etzandako Gotzaia" deitzen omen diote Tomasen esanetan, nik horren antz handirik ateratzen ez badiot ere. Erne da gari goiztiarra; zuri bihurtu dira hemen lur gorriak, artaldeak ere lurrarekin bereiz ezinak baitira.
TUTERA. Ez da erraza izan plazara sartzea, bidea nondik nora ez genekiela, baina heldu gara: ederra da plaza, zezenketa eta inguruko herrietako ezkutuak irudikatuzko zeramikak dira deigarri hormetan. 20kote bat dugu zain; ez hain gazteak, ia helduak dira gehienak. Kadreitako Tasio dute preso Valladoliden. Soinua lagun “Hator hator” abestu dugu. Atxikimendu eskaintza xumea eta apala izan da, baina bihozbera. “Aupa gizona” ere abestu dugu. Bertako batek hitz egin du, euskaraz gainera: ordu txarra da, horregatik dago hain jende guti, baina talde asko dago lanean, presoen aldeko ekimenak bultzatzen. Udaletxeak ere hartuko gaitu eta hori pauso handia da; apaizarekin ere egongo gara.
Dodaka Salegi - M. Asun, norbaitekin elkarrizketatu ziren.
Blanka, Josepa, Patxi eta Josu joan dira Udaletxera: UPNkoak ez du hitzik egin, IUkoak ziri politikoa sartu nahi zain du, Batzarrek izenpetu du atxikimendua.
Justo-Jon Artzapezarengana: pertsonalki eman du bere sinadura, hurrengo bileran mahairatuko du gaia eta eskakizuna, non uste duen bizpahiru sinadura gehiago izanen dela.
Ordu bi eta erdiak arte luzatu gara plazan.
Dituzuen agintariak baino libreagoak zarete zuek.
Ez du erraza izan behar UPN nagusitu den lurraldean presoen eta familien eskubide eta egoeraren alde lan egitea, nafarrek baina kasta dute.
"Ez nekien jainkoa animalia zenik”, "Aqui naciò el siervo de Dios" jartzen du, eta "zierbo" oreina da". Justo behar zuen izan ohizko hitz-jokoetan: sokan etortzen zaizkio horrelakoak, bata bestearen atzetik.
Beterri Elkartean Bazkaria: Esparragoak, kogoilo edo kukuluak (gaur ikasi dut nola jaten duten bertakoek: txortenetik heldu hatzekin eta mauka-mauka, olioa bota ondoren jakina), berdura menestra, solomoa tomatearekin eta mazedonia. Gosez jan dugu denok jaki gozoa.
Sukaldari eta zerbitzari ibili den baten urteak ziren gaur: harro, ukabila gora, jarri zaigu "Zorionak zuri" abestu diogunean: ezkertiarrak erriberakook.
Denbora genuenez, bilera egin dugu bazkal ondoren:
* Egunekoaren ohizko azterketaz gain martxarena ere egin dugu, orokorragoa eta sakonagoa: ez nuen ohar idatzirik jaso eta ezin dut zehaztu esandakorik.
* Norbaitek arrazoi guztiz aitatu zuen goizean erabakitako nork-zer betebeharrak aldatu egiten direla, ni neu bidali naute apaizarengana goizean elkarrizketarako beste norbait izendatuta bazegoen ere: talde bizi baten azken orduan erabaki beharrezko arazoak izan ohi dira askotan, baina norbait baztertua izan den sentipena ekidin behar da; hobe zereginak kaskarxeago bete baina taldearen sendotasuna gorde.
* SER irrati-katearen irratsaioan parte hartu edo ez izan da eztabaida nagusia: baiezkotan geunden eta Dodaka zen hitz egitekoa, baina joko iluna eta zikina erabili du SERek, ez zaigu fidagarria iruditu eta azkenez elkarrizketan tarteko ez izatea erabaki dugu; Rubalcaba eta hainbat ezagun ziren irratsaioan tarteko, denak telefonoz.
* Gipuzkoan genbiltzala erabaki genuen familiartekoon preso bakoitzari argazkia bidaltzea. Bego arduratu zen horretaz: Bazkal ondoren hasi gara argazkioi sinadura jartzen.
* IU, EA eta CDS egon dira Nafarroako parlamentuko bileran: batez ere bi amek biziki azaldu die familiartekoen arazoa, Ekimenaren asmoa eta helburua. Alli pasilloren batetan gurutzatu zaie eta harrapatu dute hura ere. Astindu psikologiko bat behintzat hartu dute.
Paskualek zizelatu du presoentzako testua: irakurri genuen, eta onartu; poeta ere badugu Paskual:
"Kaixo Gure Zuhaitz landare maitea. Zer diok/dion?. Gu hemen gabiltzan/tzak eguna joan eta eguna etorri. Batzuetan herri handietan, besteetan txikietan. Amezketan geundela gure Txindoki maiteak zapel zuria jantzi zinan/zuken. Gure itsaso ertzetik pasatzean bildotsez beteta ikusi dinaun/diaguk. Eguraldea haserratuta zabilan/ak baina bere erasoak guretzat muxu eztitsuak ditun/uk. Attona-amona, Aita-Ama, neska-muttiko geure zain herriko plazetan; klabelinak, larrosak, muxuak, besarkadak, malkoak, algarak, zopa bero-beroa, gosaria, bazkaria, afaria, txarangak, txistuak, txalapartak, trikitixak, zortziko dantzak, aurreskuak edo azkeneko ohea eskeintzeko. Gainera eskerrak!, eskerrak!, ematen gaitizten. Milaka personek eta guk; etxean egottia nahi dinagu/guk. Orain arte hartu dinagunen/k eta ondorengo egunetan hartuko dinagunen/k "ohore" guztiek hiri bidaltzea pentsatu dinagun/guk eta gainera gure besarkadak, igurtziak eta musuak. Zaindu ezan/ak hire gorputza eta burua.
Agur gure "landare" maitea"
Polizia sekretua ibili zaigu egun osoan atzetik bai kotxez eta bai oinez.
Euskara asko entzuten dugu Erriberan, mugidako hainbatek behintzat euskaraz egin edo egiten saiatzen da: euskaldun-berriak; pozgarria euskarak zuztarrak birbotatzen hasi dela egiaztatzea, euskalduntasuna sortzen eta indartzen.
Nerek goizero erosten ditu egunkari guztietako bizpahiru ale.
TAFALLA. Herriko ertz batetan gelditu gara. Izan da bertan ahoratzeko zerbait.
Pankartekin kalezko ibilia plaza nagusira. Jende multzo ederra bildu da. Martxari ongietorria emanezko jota abestu du neska batek. Josefa euskaraz aritu da, Blanka gazteleraz, Maria Asun Martintxoren egoeraz. Ongietorri hitzak: gazteleraz, goxo, ezberdinki, dotore. Aurreskua. Dultzaineroekin "Kalera kalera" abestu dugu. Atxikimenduak. Manifa: alkateak azken ordura arte ez du nonbait baimenari buruzko erantzunik eman, azkenez Gobernadorearen esku uzteko gainera; denborarik egon ez denez baimenik gabe egin da. Jende ederra bildu da baina ez argazki denak banaka atera ahal izateko adinakoa: askok bina hartu behar izan du, baina zirraragarria izan da antzinako kale bihurri eta estuetako ilara luze ibiltaria; tarteka kamionetak sartzerik izan ez duen kaleartean ozenagoak ziren oihuak. Dultzaineroekin “Hator hator” abestuz eman diogu bukaera.
Justo-Jon apaizarengana.
Agintari gehienak ez dira kementsu edo alderditik aske sentitzen dutenaren arabera iritzia idatziz emateko gai.
Herriko apaizarekin ongi joan da elkarrizketa baina komentuko burua nahastu zaigu sasi intelektualkerietan: libreagoak omen dira presoak sakabanaketarekin, perspektiba ezberdinetatik ezberdin ikusten dela arazoa eta antzerakoak, baina nire haserrea piztu duena senideen sufrimendua hala ote den esatea izan da. Ezkiokoa da eta iloba du kartzelan!!!. Erantzun beharrekoa erantzun diogu. Azkenez atxikimendua izenpetu digu eskubideen aldeko dena apoiatzen duela eta!.
Oiloak bragekin omen dabiltza arrautzak gainbehera eror ez daitezen Pueyo zapaldetan eraikitako herri malkartsuan: Tomasek mila kontu daki.
Afaria. Zopa, menestra, oilaskoa erreta edo arkumea saltsan, helatua/flana. Anaia arteko giro sanoak bereganatu gaitu. Jotak ere abestu dizkigute. Hainbat abesti abestu dugu. Jatetxeak oparitu digu afaria!.
Ukitu berezia dute Erriberakoek, biziagoak, irekiagoak dira, agian kirtenagoak ere, baina sanoak. Berezko giza freskura, begirada ere bristadatsuagoa da beraiena.
Justok gurekin jarraituko du, bihar joatekoa bazen ere berez: jarraitzeko baimena eskatu dio taldeari goizean. Baina ez dago gure esku, ezta Nerearen esku ere, bulegoan erabakitzen baitute nor eta noiz arte. Guk geratzeko kontrakorik ez dugula azaldu besterik ezin dugu egin. Erantzunaren zain egon gara egun osoan denok, jabetzen baikinen Justo urduri zegoela. Baiezkoa etorri denean bromatxoa muntatu diogu denon firmekin idazkitxo bat emanez. "Azpian sinatzen dugunok erabakitzen dugu: Goizean goiz egunkariak behar ditugulako, Humorea behar dugulako, Bera maite dugulako, beste 10 egunez Justok gurekin jarraitzea". Nolako arnasa hartu duen. Hunkitu ere egin dela zirudien. Egun txarra pasa omen du guk zer erantzungo zain.
Jesusen eta Gazteluren etxean egin dugu lo, neskaren logelan, erabat borroka-kartelez girotuta, lo egin dugun gazteen logela gehienak bezala. Etxeko katuarekin izan ditugu arazoak: neskaren gelan lo egiten ohitua dago eta pasilloan egon zaigu atea noiz bainugelarako zabalduko zain, barrura sartzeko; M. Luisak hainbat komedia izan du berarekin, batak sartu nahi eta besteak sartzen utzi nahi ez: bidaiako zertzeladak hauek ere.