Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ekien ibiltaria

Ekien ibiltaria

Jon Etxabe 2017/09/01 13:04
15. eguna: Abenduaren 14a. Igandea - 14. Gallarta, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi.

Ez dugu izan Berriz, Ermua edo Zaldibar bezalako herri garrantzitsuetako ez atxikimendurik ez aipamenik. Ez gara bertatik igaro. Baina bai Nafarroan bai Gipuzkoan, zein Arratian edo Bilboko auzoetan, inguruko herritarren atxikimenduak ez ezik presentzia ere izan da ekitaldi zentralduetan. Motel dago Senideak-en bizipena, berandu ibili da Senideak, agian ez dugu behar bezala landu aurrez, agian nekearen oihartzuna nabari da, militantziak galdu egin du garra, ... Josuk zioen etxean egon den egun hauetan zenbait lekutan oraindik kartelak jarri ere egin gabe zeudela. Egia da ere Huelga, Manifa eta azken gertaerekin ardurak beste jopuntu bat zeukatela. Baina serio aztertu behar dugu militantzia, eguneroko ahalegina, nekeak edo nasaikeriak ukituta ote dagoen. Geroko borroketarako kontutan eduki beharrekoa.

 

Gradu batekoa da goizeko hotz-beroa, baina egun ederra dator.

Deustoko Herrikon hartu ditugu gosaria eta egunerako erabakiak.

 

EZKERRALDEA

 

GALLARTA. Bailarara begira, Serantes aurrean, ganduak lausotzen dituela inguruko tontorrak, bakarti dagoen udaletxe aurrean kokatu gara goiz freskoan. Taldetxoa ginen eguzkitan, inguru politean. Bata nagusia, hiru pospolinek egin digute aurreskua. Txalaparta. Aurkezlea euskaraz eta gazteleraz aritu da: atzo kartzelan egona zen senideren bat bisitatzen. Atxikimenduak. Txalaparta.

Josuk hitza, dotore, zehatz, argi, ordenatua.

Justo-Martin, apaizarekin, apaiza bera etorri da.

Aurkesleak: "... egoera ezaguna da, hitza hartu behar dutenak politikariak dira, hitza ez da nirea edo zuena", "aurrera egin behar dugu exijentzia lehian, hitzetatik ekintzetara pasa behar dute, hori da mezua", "gartzelako minutu bat gartzelako minutu bat da, egon denak daki zer den hori", "beraz etxera gaur, oraintxe bertan".

 

Ertzaintza etorri zaigu parafernalia osoarekin, furgona eta kotxez, ekimenean sartu zaigu lotsagabe, baimenik ez dagoela aitzakiarekin alkatearen baimena dugun arren. Eztabaida. Baten nortasun-agiria jaso dute, ondoren bideoz inguru guztietatik irudiak hartzen jarraituz: gizarte poliziako kontrolatu batetan bizi gara; askatasuna non.

Txoko-Ederra tabernan sartu gara kafe beroa hartuz ia Blanka eta Martzial ikusten ditugun Bertso Txapelketan. Bertso batzuk entzun bai baina gure bi kideok ez ditugu ikusi.

 

Pozgarria Gallartan euskaraz entzutea!.

 

Justok kalanbrea du gorputz osoan, egonezina. Goizaldean idatzitako bertsoa pasa dit :

                                 Hogei bat lagun senideak

                                 Hogei bat lagun senidekoak

                                 Geure autobus ta guzti

                                 Gu bezalako koadrila hoberik

                                 Sekula ez det ikusi.

                                 Euskal Herriko herri guztiak

                                 Nahi ditugu zeharkarazi

                                 Gure presoen egoeraz

                                 Zerbait adierazi

                                 Ea denon laguntzarekin

                                 Etxera hurbiltzen ditugun.

          Azken errimak huts egin dio baina mezua garbi utzi du.

 

BARAKALDO. Neguko goiz eguzkitsuan ez da ikusten hain zatar. Sarrerako zabalgune batetan. Talde ederra. Ikurrinak. 12 preso dira herrian, errefuxiatu bat. Lore-sorta, harrera-hitzak, aurreskua hiru pospolin eta zuriz jantzitako hiru mutilek. Ongietorriko hitzak: "hemen garenok presoen alde borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu behar dugu".

Kalegira dultzaineroekin eta trikitixarekin, Martxaren slogana tartekatuz,  luze etxetzarreko kaleak zeharkatuz, herri industrializatua zabala baita. Zelatan eduki ditugu tarteka ertzainak, bidea zabaltzen tarteka. Jende guti dabil kaleetan.

Parkean. Ibonek jarria du  megafonia kioskoan. Bi neska bertsolari. Hamaiketakoa egiten genuen bitartean bi dantza dantzatu digute herriko dantzariek osatutako dantza talde batek: "Ikurrinari omenaldia" eta "arku-dantza". Arin-arina dantzatzen zuten bitartean egin dugu berriz bertakoen esku utzita genituen pankartetara. Atxikimenduak. Ezkerraldeko EAk firmatu du.  Ibiltari, dantzari eta bildutakoen dantzaldia izan da gero korru zabal batetan.

Euskaraz ez dakit nork, gazteleraz Bitxorik hitz egin du: gartsu.

Martin-Justo, apaizarekin.

 

Ez da nahikoa egin duguna, ekintza gehiago behar da.

 

EAkide batekin suertatu naiz  ekimen ondoren dantzan ordez hizketan: txiste bat da Orejak egin duen hurbilketa, ordua da pausoak emateko, Gipuzkoan giro nahastua dago elkartetxeetako erasoak direla eta, datorren urtean preso denak kanpoan egonen dira. Hala bedi.

Blankak nahiago du semea Tenerifen Malagan baino; laburragoa da irlara hegazkinez bidaia, Andaluziara kotxez ordu pilakoa baino, lasaiagoa ere bai, jota heltzen da bidaiatik etxera eta juxtu du berera etortzeko tartea berriz ere bidaiari ekiteko.

 

SESTAO. Eguzkia. Ertzaina gure geriza bailitzan. Jende moltsoa dugu etxe erraldoiz inguratutako plazan. Txalaparta. Preso baten arrebak egin du aurkezpena, gaztelaniaz. Aurreskua neska-mutil dantzariek. Atxikimenduak.

Matilde, manifestapen batetan kotxe batek hil zuen alabari lore-sorta eskaini dio Klarak. Opari batzuk egin dizkigute: saskitxo bana gozokiekin. Txalaparta eta agur.

Josu, euskaraz ere ausartu da!.

 

Gu ez gara inoren bitartekari, ezta egunotan hartu gaituzten politikoenik ere, guk ez diogu ETAri inoren errekadurik eramaten,.

 

Jose eta Iñaki, kide berriak, bildu zaizkigu. Sestaokoa da lehenengoa, Portukoa bestea.

Martzial eta Blanka berrelkartu zaizkigu Sestaon: oraindik jende guti zegoela egin da zerbait Bertso Txapelketan, Amurizaren bertso eta guzti, Txapelketa hasi aurretik, telebistarik ere ez zegoela nonbait. Ez zuen ekintzak bidaia hori merezi.

 

PORTUGALETE. Jende multzo ederra dugu zain espaloiko zabalgune batetan. Zabalgunetxo murritza da, baina "Gudarien plaza" hain zuzen. Erosketa-gurdian dute antolatuta beraien megafonia!: herri asmamena. Dantzari jantzitako neska-mutil laukoteak aurreskua dantzatu du. Txistulariekin "kalera kalera". Klabelina bana . Eusko Gudariak.

Manifa: musikarekin jaitsi gara kiosko bitxia duen ibai ertzeko plazara. Txalapartaren agurrak hartu gaitu han.

Beste norbaitek ere bai. Bertako irrati libre baterako egin dut elkarrizketa bat kalean bertan.

Bitxorik hitza.

 

Baketiarrek ez dute ezer egin, geuk hartu behar izan dugu arazoa eta kalera irten.

 

Josu gidaria ez dabil gaur gurekin, ordezkoa du kamioneta gidari. Hainbat zertzeladatan ezagun da bera ez dagoela. Bai Patxi bai Ibon ere egon ziren martxatik at egun batez, baina ez dago nire oharretan ze egunetan izan zen.

Dodakarentzako gorde egin du emakume batek krabelina: musu eman dio klabelinari "ondo gorde behar dut"  esanaz!.

 

Kotxea sartu zaigu lotsagabe manifan gizakate eta megafoniako kamionetaren tartean, presaz nonbait; errespeturik gabeko jende txatxu hori kikilduta geratuko zen bazter batean zain jauntxoen manifa ofizial iragarritakoa izan balitz; baina gureetan edozer egin dezaketela uste dute, dakitelako nahasterik ez dugula nahi eta medioak alde izango lituzketela.

 

Sindikalista batekin egin dugu topo: haserre dago, hainbat lan eta itxaropen zapuztu omen dituelako azken hilketak, beraienak ere: interes eta eragin pertsonalak izaten dute zerikusia gure iritzi eta balorapenetan.

 

Bazkaria. Izar Gorria izeneko Herrikon: salda, patata txorizoarekin, txerri solomoa, flana. Tabernariak argazkia atera nahi izan digu denoi. Talde batek Zubi Esekian edo Zintzilikatuan egin dugu bestalderaino gero gasolinoan itzultzeko, Josuk zioen bezala Uribe Kostan lurrartu dugu; gasolinoan Justok protokolo guztiak beteaz solemneki egin du bidaia kapitainaren alboan; Zubiko leihatilako neskatxak euskara zaharrean hitz egin digu. Larena, Mudito, liberatu-kide izan nuenaren aita izan da urte luzeetan Zubiko arduraduna: Mudito ez zegoen hemen, bigarren seme bat bai.  Herrikon gelditu direnak karta jokoan eman dute denbora, Maria Luisa, Iñaki eta Jose behintzat tutean aritu dira, Martzial berriz musean ari zen beste mahai batetan, Larreako hitz zurrunbilorik gabe.

 

Manifa. Arratsa zen Portutik atera garenean Santurtzirantz  etxeteriak etenik ez duen  herri bien arteko bidera. Egunaren azken hondarra Santurtziko mugan. Gudarien Plazatik atera gara pankarta denak generamatzala. Izarrak piztu zaizkigu ibilian, baita barrenak argitu ere, ikusgarria eta zirraragarria baitzen ilara bikoitza ibai gainetik bere ibili isilean musika soilik lagun: eroa edo xaxatzaile, probokatzaile,  profesionala behar du izan manifarekin sartzeko.

 

Badira uneak, gaurko azken manifaren hasieran bezala,  antolakuntza tinko garbirik ez bada, denok ekiten diogula aholkularitza eta agintaritzari, iritzi kontrajarriez gainera, bideratu ordez egoera nahastuz. Azkenez agertzen da arduradun bat eta honek bideratzen du manifa edo ekimena. Gu geu egon ohi gara eguneko nekea dela-eta urduritasunaren pipiak jota, presati etorkizunari aurrea hartu nahian.

 

Jose jenio bizikoa, nortasun handikoa, erabakiduna, lagun jatorra. Egoera politikoarekin berotu egiten da. Semea du Valdemoron.

 

SANTURTZI. Jende multzoa dago manifaren zain Santurtziko mugan ikurrinekin eta "Presoak Kalera" oihukatuz, pankartak, ... lan asko egin dute. Bi hankapalok "Dispertsioa" dioen pankartari eusten diote, gero  pankarta puskatu dute dispertsioarekin bukatzea sinbolizatuz, batez ere Blankak puzkatu du besakada bat emanez. Kaleetan zehar luzatu dugu manifa; bidegurutze batetan Ertzaintzak debekua ezarri nahi izan du bere kuartel aurretik pasa ez gintezen; burumakur alde egin behar izan du  buruzagi harroak baimen idatzia ikustean, berea ez zen baimena, beste bulego batetan emandakoa baitzen.

Plazan. 600 presoen argazkiak plastikozko basoetan itsatsiak daude, basook kandelak dira eta Euskadiko mapa osatzen dute oholtza aurreko zoruan. Atxikimenduak jasotzeko mahaia. Arraunlari eta bestelako jende ezagunaren mezu grabatuak entzuten dira bozgorailuetatik. Txalaparta. Harrera hitzak euskaraz eta gazteleraz. Kaleko jantzitako gazte batek aurreskua oholtza gainean. Pili presa ohiak irakurri du ongietorria. Atxikimenduak: eskaini aurretik nahi zuenak hitz egiteko aukera zuen mikrofonotik; talde bateko kideak zoriondu du laguna urtebetetzea atzo izan zelako;   EAko Antolin Eguzkitza; alkatea; Andaluziako Taldea, ...

Begok irakurri egin du gure orria euskaraz

Josuk gazteleraz hitz egin du manifan eraman duen presoaren kartel-argazkia eskuan zuela, beti bezain argi, zuzen eta atsegin.

 

Medioak egoera eta lehia ezkutatu  nahian daude, politikoek presoen eskubideekin jolasten dute.

 

Euskara ikasteko ahalegina nabarmena da Ezkerraldean. Herri guztietan egin da euskaraz ekimenetan eta banaka asko ahalegintzen da euskaraz hitz egiten, gurekin bederen.

 

Iñaki, zuhurra, jatorra, isila, pankartari fina. 

 

Paule noizbehinka erratzen da, ahaztu egiten zaio goizean norbaiti ezarri zaion ardura eta beste norbaiti aholkatzen dio elkarrizketa batetara joateko edo hitz egiteko, gehienetan inpase edo urduritasun unea delako, agian tokatzen zaiona behar den haina erabakidun ez delako bere zereginean. Badu norbait  mintzeko arriskua baina bat-bateko erabakiak hartu beharra dago. Arazotxo konponerrazak dira barne errotako bakoitzaren isilean ehotzen ez badira.

 

Herrikon egin dugu afari ordurako tartea, atsedena hartuz. Bertan jakin dugu Egaña dugula txapeldun, baita azken bertsoak entzun ere. Elkartetxean afaldu dugu: salda, sarrerako platera hainbat jaki ezberdinekin, legatza eta bukatzeko flana natarekin. Antolin Eguzkitza izan dugu mahaikide bere emaztearekin, Justo jarrarazi dute bere alboan (Justok azkeneraino erabiliko du nork bultzatu zuen bera han jarraraztea, baina ez dut uste inork dakigunik, agian Kepak berak antz eman zion mahaikide atsegina izanen zela Andolinerentzat). Nahiko barre egin dute bai Andolinek bai emazteak: Justo sekulakoa egon da, diplomatikoa, askotan marra gorrian bertan baina neurritik pasa gabe. Giro paregabea sortu da, aspaldiko partez betiko kantu zahar gehienak kanta ditugu. EAkoak ere gustura ziruditen. Gozamena da Andolin, adin horretako gizona, sasoiko eta bizipoz horrekin ikustea;  azken brindisean partidu denak desegin eta partidu bakarra sortzea proposatu du "Gu ta gutarrak".

 

Kepa EAko kide eta bere emazte Begoren etxean izan da loa. Hitz-aspertu interesgarria izan dugu nekatuta geunden arren. Bihozbera ere bai. Semea dute kartzelan; nik uste oraindik ez dutela gainditu. Ekitaldiari buruz uste dute ez HBk ez EAk ez dutela erantzun behar zuten bezala, jende ezagun asko falta zela manifan, zetozenek gizendu dutela jendeteria.

etiketak: Ekimen ibiltaria
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.