Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ekimen ibiltaria

Ekimen ibiltaria

Jon Etxabe 2017/08/25 09:25
13. eguna: Abenduaren 12a. Ostirala - Durango, Zornotza, Abadiño, Elorrio.

Jaikiaz bat izan dugu Oreretan  Caso PPko zinegotzia garbitu duten berria. Barne eragin sakona: latza da edozein heriotza bortitz.  Honek gainera zailtasunak ekar ditzake gure ibilian. Harritzen nau hortaz inork ez duela ia ezer aitatzen elkartzen joan garenean, adierazgarria da isiltasun hori, seguruenik aipatu dugu bakarkako aipamenetan: autobusera egiten geundelarik herriko bati entzun diot "le han metido dos baliums" irribarrez esaten: min eman dit, gaia gordinegia da eta hitzok arinegiak. Egunean zer gertatuko kezkatzen nau ni,  baina badirudi gehiengoa ez dela kezkati.

 

Iñaki Bizkaiko liberatua dugu laguntzaile Bizkaiko ibilian, beti ere aurretik doa, bidea prestatzen, fin.

 

Ez dugu gosaririk egin elkarrekin: autobusean egin dugu egunerako plana. Presoen trasladoei buruz: ematen diguten dena hartuko dugu baina hurbiltzearekin ez gara konformatuko, etxean nahi ditugu. Atentatua ere azaldu da: autobusa ez da inola eztabaidarako leku egokiena, ezta giroa ere. Bizpahiru elkartu gara egunean galdera edo zeresanik suertatzen bada jokabide bateratua erabakitzeko: funtsezko jarrera politikan ez garela sartzen, betikoari eustea da uste dugun jarrerarik zintzoena; aitatzen ez badigute gu ez gara gaiaz arituko, baina gaurko gertaeraren ondoren agian ez da nahiko, ez da behintzat erraza ihesbidez erantzutea; ez dugu irtenbide erraza; arazoa hor dago garratz, makatz; nolanahi guk ez dugu gai politikorik ukituko ez hitzaldietan ez elkarrizketetan; ekintzoi buruz erabaki edo ikuspuntuak bateratzeko ez gara gai, bakoitza baita bera eta bere iritzia du; baina arazo hauei buruz patxadako solasaldi bat oso egokia litzaiguke, une egokia aukeratu eta hartu beharko genuke, ez dakigu noiz, baina; ideia nagusia izan da atentatuak erakusten digula egoera bortitza eta gordina dela, konpondu behar dutela konpondu behar dutenek eta guk gure eskubideak exijituz konponbidea erraztu eta bultzatzen dugula. Nolanahi zaila gerta daiteke eguna.

 

DURANGO. Institutuan. Gazte pila geneukan zain ikastetxe aurreko espaloian. Ugariak ziren ikurrinak. Garai haietako megafono batez hitz egiten du neska mezulari eta aurkezleak: dena da beharrezkoa etengabeko kotxe joan-etorrian ahotsa gailentzeko. Andre Mariko arkuperaino izan da manifa, ozena, indartsua, pozgarria. Arkupean. Atxikimenduak franko,  lora eskaintza.

Jon: gustukoa izan zait, bildutakoen korru aurrean, gaztez bilduta, antzinako erara megafonoa eskuan aritzea.

Maribi irratira.

Martin-Justo Zornotzako komentura.

Blanka-Maribi irratira (?).

 

Zuhaitz zaharraren kimu berriak, gure ondorengoak, kaleko mugidetan zailduak, herri hau gorde eta indartuko dutenak. Horregatik die gazteei beldurra politikoek.

 

Pankarta galdu genuen, Iruñean edo. Egin digute ordezko bat.

Gorosi Eibarko telegrama ondoren berantiarraren fama erantsi diogu eta nahiko adarjotze pairatu behar du, txantxak irribarrez hartzen jakin badaki ere.

 

Bilera egiteko erabili dugu gelditu zaigun tartea. Herrikon. Gai ezberdin konkretuak hausnartu behar ditugu:

* Bihar sindikatuek deitutako manifan egon behar dugun ala ez konbita hartu dugun arren, aurrean joango baikinateke gure zapi ezaugarriekin ibiltariok, baina agian presoen 6oo argazkirik gabe:  + funtsezkoa da presoen argazkiak egotea, hori baita martxaren gakoa; + talde bezala goaz, inork inbitatuta, helburua eta planteamendua orokorra da, egunotakoak indarrik badu presoekin gu ere lotu behar gaituzte argazkirik egon ez arren; + zenbait bestelako iritzirik ere egon da baina bi hauek biltzen dute mamia; + gauean erabakiko dugu biharkoa.

* Bertsolarien txapelketan guretako bi egoteko konbita jaso dugu, bertan kinke eta kartelekin egoteko, Amurizak bertso bat botako du. Ez dugu nola gauzak mamituko diren zehaztasunik baina Blanka-Martzial joango dira.

 

Ez gaitu atentatuak kikildu, martxa-kideok ausart eta tinko gaude aurrera egiteko.

Balentinek zehaztasun gordinak  kontatzen ditu Josebaren hiletez.

 

ZORNOTZA. Plazan elkartu gara. Luze egon gara bertan elkartu garen taldetxoa. 14 seme alaba  ditu herriak presondegian: 15 mila biztanlerako asko, milatik bat, izugarria. Slogana oihukatuz eta pankarta erakutsiz kaleko ibiltari ugarien ikusmina ginen udaletxe aurrean. Lora oparia egin digute eta guk Gogor-i oparitu dizkiogu lorok: Blanka eta Klara joan dira hilerrira bere hilobian jartzeko. Atxikimenduak: Martin-Justok karmeldar fraideen atxikimendua eta animoak ekarri dizkigute; Udaletxe jeltzaleak plenoan eztabaidatuko duten promesa eman digute, baiezkoa izango den baikor, ia segurtasunez. Patxi-Balentin Berrizera: kontra-mozioa bat aurkeztu behar dute 3 puntu hartuta.

 

Egoera bera da bortitza, gertakizunak ere bortitzak izan behar nahitaez. Eraso bortitza pairatzen du herriak, ez da harritzekoa ba ekintzak ere bortitzak gertatzea.

 

ELAK deskonbokatu egin du biharko manifa, justu erabakitasun, irmotasun eta ahalegin gehiago behar zen egoeran.

 

Tomas, Justo, Martin, Santiren  ardurak eta ahaleginak une ezberdinak izan dituzte Patxi txoferraren albotik pankarta hartzeko ohituretan.

 

Bazkaria. Larreako jatetxe batetan egin dugu gaur; eguneko menuta, baina dotorea zen: arrai zopa, entsalada, legatza eta okela gisatua aukeran, gozoki ezberdinak aukeran.

 

Mugarra dugu begi-aurrean, laino zirinek sorgindua. Bakarrik egoteko premia nuen taldean egindako 12 egun hauen ondoren; gozatu egin dut bazkal ondorengo ibilaldi bakartian zaharberritze lanetan dagoen fraideen eliza eta klaustroa bisitatuz, inguruko bideetan luzatuz pausoak arratsalde ilunean. Platanoa deitzen diegun komentu aurreko zuhaitzak orri eta guztiko kimu nano berriak botata daude. Tabernan mus, enbido, jaso, bota, eman, kendu, keinua, etorri, kontuz, ez, gezurra, ... hitzak zirimola burrunbatsuan zirakiten: Josu-Ibon Justo-Martin musean. Bazkaloste lasaia egin dugu denok, muslari zaratatsuek ere bai. Aspaldiko ezagun bat ezagutu dut: bere izenaz gogoratu naiz orduan baina orain idazterakoan ez: garunen kortozirkuituak dira horiek, behin adin batera ezkero ohikoak.

 

Txakur zuri iletsu bat izan dugu jostari gizateriak usten genuen garbiune biribilean Durangon, Zornotzan berriz oinen artetik ez da atera ere egin zakur beltz beldurtia.

 

Patxi da taldeko kamara. Aurrean, alboetan, … ez da gelditzen, gu baino hainbat bide luzeagoa egiten ari da kamara begi aurrean duela.

 

ABADIÑO. Herritxo polita. Inor ez dugu zain. Pankarta zabaldu eta erdigunera egin dugu. Bakartxo batzuk bildu zaizkigu. Herriko jendea ateetara edo leihoetara ateratzen dira jakin-minez. Ez zekiten gentozenik, diotenez. Ez ulertzea edo ulertu nahieza ote den gelditu gara. Deskoordinatzea egon da, ez zuten uste hemendik izango ginenik eta ezustean harrapatu ditugu. Herriko bi neska eta mutil bat daude preso. Oihu batzuk eta gorde egin ditugu pankartak. Tabernako andrea nahiko minduta dago ezer egin ez dutelako, arren sartu eta nahi duguna hartzeko konbita egin digu, hartu ahala eskainiz, batzuk hala egin dute. Kalean ilundu digu, kontu-kontari.

 

Irtenbide bidezkoa bilatzea da bai politikoen bai denon zeregina; guk ibiltariok gure bidea jorratu besterik ez dugu egiten.

 

Bizkaiak ez du landu hainbesteraino Martxa; bertako atxikimenduak selektiboak dira, politikoenak batez ere, ez da ostera ia herri mailakorik. Agian giroak ere ez du laguntzen.

 

Koketa dabilkigu egunotan  Blanka, ile-apaindegi baten premia bizi du, bere ile zuri ederra garbitu eta apaindu nahiz.

 

ELORRIO. Jende asko, gaztedia gehiena, gaztetxoak gehien bat. Elizaure eta Udaletxe tarteko  Gabonetarako dotoretutako plaza argitsuan. Pankarta handia jarri dute Udaletxeko balkoipean, eta "Presoak Euskal Herrian behar ditugu" dioen beste bat balkoi dotore batetan udaletxe alboan, argipean brixt. Txalo zaparradapean  egin dugu autobusetik plazarainokoa. Kubatiren, eta Katxuren amak ere bertan daude. Neska-mutil bikoteak egin du aurreskua: ikuskizun ikusgarria gertatu da.  Erdi erdian, panel aurrean  jarrita Blankak jaso ditu atxikimenduak. Krabelin sorta ere opari diote.

Tomasek euskaraz

Goros estreinatu da gazteleraz.

 

 Ia 600 euskal preso politikoen argazkiak ateratzen ditugu gauero azken ekitaldian. Argazki eta kirtenek baso zirraragarria dirudite bonbillaz argitutako kaleko ilean: ikusgarria eta zirraragarria da egunoro.

 

Manifa. Bi ilaratan egin da, ez dut uste argazki denak atera direnik, bakoitzak bi hartu beharra izan da. Baina luzea eta polita gertatu da jauregi eta antzinakotasuna duten kaleetan; elizako dorrea deigarri argituta dago. Gestokoak daude  bilduta plazan beraien aurretik pasa garenean ilara bikote luzean; zer pasatzen ote da beraien burutik?: kabroi batzuk direla esatea sinplekeria da.

 

Goros-Paule Giza Eskubideen Taldera.

Blanka-Maribi gazteekin: Blanka gazteez enamoraturik dago beti eta gaur adur bitsetan atera da gazteekin topaketatik.

 

Berriketaldi guti egiten dugu gauean etxeetan, -gehixeago goizean-, nekatuta bukatzen baitugu eguna. Denek duten dena eskaini eta eman nahi digute, goizeko gosaria ere, nahiz denok elkarrekin gosaldu behar dugun.

Dodakari tarterik badago gustatzen zaio txikitoren bat hartzea, ez zaio lagunik falta, hamarretako zein hamaiketakoei ere begi ñir-ñirrez begiratzen die, besteok ere bai.

 

Afaria Lagun-Toki elkartean.  Porruak, pate, arrai-zopa, legatza saltsan, tarta.         

Bihar zer egin eztabaidatu dugu afal ondoren. Denok gaude gogor bihar arratsaldez Bilbon zerbait egin behar dugula-eta, manifarik egon ez arren; presoen argazkiak atera behar ditugula, kalean egon behar dugula, kalean jarraitzeko erabakia agertu behar dugula. Horrela azaldu diogu Ramoni afal ondoren etorri zaigunean.

 

Atzo edo gaur Dodakak utzi gaitu: asteburuan bis a bis-a dute semearekin eta emaztea eraman behar du.

Iñaki itxialdi batetara joan da; bere emaztea, amaren etxera: haurdun dagoenez zaindu beharra du umeak lehenbailehen ikusi nahi du bere herria eta: beraien ohea eta etxea utzi digute lo egiteko.

etiketak: Ekimen ibiltaria
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.