Ekimen ibiltaria
Gosari ondorengo bilera. Gaur Giza Eskubideen Eguna omen: helduko diogu gaiari hitzaldietan. Goizeko bostetarako esnatu, egunkariak erosi, irakurri eta idatzi egin ohi duen Justok seiak arte lo egin omen du bart: Egunkari denak, ABC bera ere, irakurtzeko prest agertu zaigu gaur. Goiz joan zaigu etxera Dodaka: bis a bis-a du semearekin asteburuan. Gorosek Iruñean utzi gaitu zereginak baititu baina bueltatuko da. Josu ere hiri buruan joan zaigu epaiketa baitu, pare bat egun barru bilduko zaigu, joan aurretik egin du azken elkarrizketa irratitik telefonoz. Loli, Karmen, Pili eta Josepa ere badoazkigu hamar egun egin ondoren. Lekua utziko diote beste lauri: hutsunea geratuko zaio gaur familia ibiltari honi.
Justok berak egin digu gaur autobusean egunkarien laburpena, euforiko dago. Hitz zurrunbiloak astintzen du autobusa bera sartzen den bakoitzean, egunkariak irakurtzera-edo baretzen den arte.
Turismoa egin dugu Iruiñeatik Baztanera, Belate zeharkatuz. Itzuli behar dugu patxaranago, polita baita paisaia eta lurraldea. Zulatu ez ezik izugarrizko haginkada eman diote mendiari.
B A Z T A N
ORONOZ-MUGAIRE. Txapliguz egin digute harrera bidegurutzean. 11 kotxek osaturiko karabanan egin dugu aurrera. Lekaroz. Alborago dago Irurita, Tomas soldaduskan ingeniaritza lanetan errepide bat egiten egon zen herria; ingeniaritza lanak ez ezik eskulanak ere egiten zituen ezkutuan, aizkora kirtenekin parrandarako sos batzuk atereaz.
Galtzina deitzen diote karobiari; hiztegiak galtzina karearen sinonimotzat dakar.
Ibai eta erreka garbiak, etxe-koadro sendo zuriak harri gorrizko kantoiekin, harri gorrizko dorretxea: nortasuna du bailarak.
M. Asunek biziki, sutsu, hitz egiten du Frantziako kartzelatako egoera garratzaz, hurretik bizi baitu. Badu mitinera sena.
ELIZONDO. Nortasun propioa gorde duen herria. 15 herrik osatzen dute Baztan bailara. UPNk du indarra Elizondon, kontrabandoaren diruarekin egindako hainbat jende omen da bertan. Pikoletoak geneuzkan zain, autobusetik jaitsi garen toki berean hain zuzen. Suziriak, txalaparta, txalo zaparrada, jende multzo polita batez ere gazteak, heldu eta plaza zeharkatu dugunean beti ere bi pankartetan parapetatuta udaletxe aurrera. Bertsolaria da aurkezlea eta bertsoz ongietorria eman ez ezik bertsoz egin du aurkezle lana ere: "... gizarteari zartada", "gu ere zuen sendiak gara". Euripean izan da gaurko aurreskua ere: zuriz jantzita zegoen mutila, alkandora fin landuarekin. Atxikimenduak, ez hain ugariak baina bai selektiboak: udaletxeak, alkate-juradoek edo inguruko herrietako alkateek. Salto del Negrotik bidali du bere mezua Fernando Arburua herriko presoak; hamar bat preso dira zonaldean. Txakurrak hurreratu zaizkigu berriz ere: betiko probokatzaileak.
Tomas-M.Asun. hizlari
Martin eta Justo apaizarekin lehian.
Manifa herriko kaleetan, herri aberatsaren ezaugarri diren harri gorrizko etxe sendoen artean. Bertso batekin eman digute agurra, baina oraindik izan dugu udaletxeko arkupean salda hartzeko aukera.
Herri xumeak presentziaz eta atxikimenduz bere iritzia eman egiten du publikoki.
M. Luisak Egunkariaren berri eman ahal izan du bazkal ondoren.
Santi, Elias eta Bitxori bildu zaizkigu ibiltari berri: berehala jarri dira ilaran eta heldu diote pankartari.
Baztandarren Biltzarra elkartearen alboan hartu dugu autobusa: aterpedun eraikin herrikoi luze-zabala da, nahiko bitxia.
Bailara osoa da begien gozamena, neguko egun euritsuan ere. Bada, baina, bertara etorritako bizkaitarra Bilbora joateko irrikan dagoena hemengo bukolismoa utzita.
Errazu herritxo lasaia.
Martzial aritu zaigu kamioilari egunak gogoratuz autobusari maniobretan laguntzen. Kamioilari izan zen Martzial. Indar handikoa, begi argiz kontatzen du nola behin zamatutako kartola handia jaso zuen bizkarrarekin beste batek zerbait mugi zezan.
ARIZKUN. Ester harrapatu zuten herria. Banan banako etxe apartak, balkonada eta sarrerako arku zabalekin: indiano franko bueltatu zen Ameriketan urte pila egin eta diruz kargatuta. Bazkaria Elkartasuna elkartean. Nolako erasoa jo diogun patea, porrusalda, eta saltsa sendoko oilaskoari; ekinaldi bizia jo diogun gazta zaharra eta frutari ere. Falta ziren argazki-gutunei jarri diegu sinadura.
Joan zaigu Josepa, ibili zaigun bezain bizi, adoretsu eta gogor. Azken egunotan Josu txoferraren txistadarik gabe bera zer gartsu jaikitzen zena denok altxaraziz: kezkatua, nekatua edo alde egiteko penaz, baina urduri xamar sumatu dut azken egunotan.
Justok komun portatila eskatzen du autobuserako denborarik ez galtzeko bazkal ondoren. Karmenek: Gabonak ez baletoz hobe, baina datozenez polita da estraren bat egitea.
Klima "behatza", klima epela adierazteko: Tomasek.
"Laguna sakratua da; besteak ezagunak dira", Joseparen azken esaldietako bat delakoan nago.
Bertiz bailarak bere antzinako berean dirau. Bada oraindik zurezko egitura erakusten duen eraikinik. Ardiek ikusgarriagoa egiten dute Baztan ibaia; ahatek larrean, ...; kiwia ere ugaria da.
MALDERREKA
Donestebe, Sunbila, ...
ARANTZA. Mendi malda batetan kale bihurriek osatzen duten herritxoa; zeramikazko letrero antzinakoek Aranaz jartzen dute: Arantza-k "Aran atzean" esan nahi omen du, Aranaz berriz erdarazko izena omen. Pikoletoak genituen zain bere patrolekin aparkalekuan. Ez zegoen beste inor guri itxaroten baina pankartekin joan gara manifan Ibonek panelak prest zeuzkan plazaraino, agian pikoletoak bertan zeudelako, Senideak-en soinu ezaguna ozena bihurtzen zen herritxo osoan, aire osoa hartuz. Justok hartu du Joseparen ondoren oihuen ofizioa. Barrutik ere bistara den harkaitz bizian eraikia dagoen elkarte batetara eraman gaituzte, non herriko gazteria batuz joan den, elkartasun solasean denok nahastuz; kafeak eta gailetek ere lagundu dute giroa berotzen.
Ekimena. Harrera hitzak. Martin eta Gaste Asanbladako kide batek Ekimen Ibiltariko ikurra den zapia jarri dute udaletxeko goiko balkonadan. Atxikimenduak; parrokoak bota du zigilua eliztarren izenean.
Tomasen hitzekin bukatu da xumea baina halako elkartasun samur giro epelean bildu gaituen ekitaldia.
Kareharrizko zuriak dira Arantzan etxe ertzak, ilunabarrean zuriago. Herriko ertz batetan, aparkaleku aurrean labaderoa edo garbitokia dago, emakumeen kuxkux tokia Tomasen hitzetan, tutu lodietan ur garbia zorrotadaka. Ilunabarra zen alde egin dugunean. Pikoletoak han genituen oraindik zelatan.
Alderdiaren morroi, etxean gelditu dira agintariak, zuek herritarrok hemen zaudete.
BORTZIRIAK
Igantzi (Yantzi) ere bertan dago, gaintxo batetan ia ilunak janda. Errekastoak zuri argitzen dira ilunabar arrean. Zulo-zuloko umelean agian errota den etxe bat.
"Erlastaina" da zonalde honetan gureetako erlaminoa, baita "liztorra" ere. Ala liztorra sorgin-orratzari deitzen diote?
EGUNKARIAko kazetari neska bat dabil egun osoan gurekin autobusean erreportaje baterako materiala jasoz.
Ba omen zen Arantza izeneko hainbat ofizioko soinujole bat "Hamalau ofizio, hamabost miseria" esan ohi zuena: Tomasen kontakizuna. Soinu oso musikala du bertako euskarak, Tomasenak bezala, ingurukoa baita berau ere jatorriz.
Igantziko Bentan hartu dugu Bidasoaren ertza.
BERA. Paskualen herria. Bazen oraindik argi izpi bat ortzian heldu garenean, baina erabat iluna zegoen errepidea den kale luzea. Ibonek megafonia handia jarri du. Taldetxoa zegoen zain ikurrin eta bertako presoen argazkiekin. Txalapartak badu misterio kutsua gaueko ilunean. Ongietorri hitzak. Berako aurreskua: erabat ezberdina, kalekoz jantzitaz aparte, luzeak dira hara-honaka dantzaren joan etorriak, hanka bihurritze gutirekin, austeroa, apainduriarik gabekoa, serioa. Bortzirietako alkateen hitzak: Parlamentura ere bidali dute atxikimendua. Preso baten amak Paskuali eman dio lore-sorta denoi izenean. Bada ulertzen ez dudan zerbaiten ohar bat ere nire koadernotxoan. "Bortzirietako Manifestoa" irakurri dute bi hizkuntzatan.
Tomas hizlari
Txistulariak aurrean ditugula egin dugu manifa, gorantz oraingoan, mugara errepidea behar duen kalean, nongo etxeen fatxadek alderik aldeko balkonadak dituzten bereizgarri ez dakit, deigarri behintzat bai. Txistulariak tarteka isildu egiten dira manifestariok Martxako slogana oihukatu dezagun.
Gobernuarentzat ETAren aurkako tresna edo arma dira presoak.
Pili, Loli eta Karmenek Beran utzi gaituzte.
Maribi eta Balentin bildu zaizkigu.
Maria Luisak eztarria erabat hartuta ez ezik eztula ere badu. Maria Asun hasi zen eta oraingoan M. Luisari tokatu zaio.
Deigarriak dira Senideen elkarrekiko ezagutza eta kidetasuna: hainbat kartzela ate eta kartzelatara daietan zabaldu eta sendotutakoa.
Erabat harrapatu gaitu ilunak Beran. Ilunpean geunden hurrengo herrian.
LESAKA. Zuraje bertikala da etxe ederretako fatxaden ezaugarria; Europako hainbat lurraldetan diren trabeskako zurajerik ere bada; teilategalak sakonak dira, bada harrizko fatxada bakanen bat ere. Erreka azaleratu eta kalepean gordez doa herrian zehar, berezia hau ere. Manifa egin dugu plazaraino zain genuen taldearekin. Plazan. Silbeira bertsolariak egiten digu ongietorria luze, hitz lau landuekin: gure helburua presoen eskubidea, herriaren nahia. Atxikimenduak erruz, zonalde osoan bezala, Udaletxeak ere atxikimenduak izenpetzeaz gain plazara hurreratu zaizkigu, Bortzirietako udaletxe denak tarteko. Atxikimenduekin lotuz hainbat pertsona eta talderen ekitaldia: bertsolari eskolako bi kide, neska-mutil gazteak: "ezin hasi nigarrez", "Borroka soila ez da zuena eta gu gaude zuekin"; LAB ere bertan dago, lantegi-gune handia baita Lesaka; Tantirumahiru dantza taldeko ilun jantzitako neskatxa baten aurreskua; dantzak; EA ere agertu da; txinga saioa, txingalariak bere atxikimendua eman du ondoren.
Tomasek bertako doinu eta euskalkiz agurtu ditu bortziriarrak,
M. Asunek Martintxu gogoratu,
Blankak berriz entzun-mina sortu.
Manifa: zirraragarriagoa bilakatzen da presoen ilara argazkiek brist egiten duten erdizka argitutako kalezkotan.
Presoekiko jokabidea gobernuaren bengantza bide bat besterik ez da.
Maribik hartu du Blankari laguntzeko ardura. Ama balitz bezala zainduko du. Ez du behin ere bakarrik utziko elkarrizketa batetarako ez bada, pankarta ostean, jatorduetan, lotara etxeratzean beti izango du hurko, lagun, ia alaba. Horrelako jarrerak sendotzen dute taldea, segurtasuna ematen dutelako. Nere eta Patxik umezurtz uzten gaituzte, ez buru ez etxe; beraien oheetatik gertu suertatu garenez etxera joan zaizkigu lotara.
Kale bihurrietan egin dugu jantokira bidea; herri sorgindua dirudi.
Afaria. Afal ondoren Silverio eta Olaetxeak adarra jo digute bertso politez.
Giro misteriotsua dago herrian lo eginen dugun barnetegira bidean. Gaizki ulertze batengatik gaur ere luzaro egon gara falta zirenen zain kale hotzean. Literetan da gaur loa, Patxi, Martin eta Santi ditut gelakide.